Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

34/2002 Foru Legea, abenduaren 10ekoa, pertsona zaharrak familian hartzeari buruzkoa

2002-12-10

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2002/12/13, 150. zk

34/2002 FORU LEGEA, abenduaren 10ekoa, pertsona zaharrak familian hartzeari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

PERTSONA ZAHARRAK FAMILIAN HARTZEARI BURUZKO FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuak pertsona zaharrei laguntzeari buruzko plangintza-tresna gisa onetsi zuen 1997-2000 eperako Nafarroako Plan Gerontologikoa, eta helburu zuen Nafarroako Foru Komunitatean pertsona zaharrentzako laguntzaren esparruan azterturiko edo aplikatzen hasitako neurri guztiak koordinatzea.

Plan horrek biltzen zituen 1993an Kontuen Ganbarak hirugarren adinari buruz egindako fiskalizazio txostenean egindako gomendioak, eta bizikidetasun-modu ezberdinei nahiz haien babes juridiko eta ekonomikoari buruzko aipamenak egiten zituen.

Nafarroako gaur egungo gizarteak elkarri laguntzeko harremanak barnean hartzen dituzten bizikidetasun-egoerak agertzen ditu; bereziki, pertsona zaharrei dagokienez. Horrela, haiek dauzkaten zailtasunak gainditzea bilatzen da.

Pertsona zaharrei elkartasuna eta sostengua emateko balore familiarrak oso erroturik daude gure gizartean eta beste modu batean heldu behar izan zaie emakumeak lan munduan kopuru nabarmenean sartzearen ondorioz. Horregatik ezinbestekoa zen errealitate hau kontuan hartu eta estatuan arautzea, eta hala eginda Langileen familia-bizitza eta lan-bizitza bateratzeari buruzko azaroaren 5eko 39/1999 Legearen bidez, eszedentziak edo lanaldi murriztuak aurreikusten baititu, familia osatzen duten pertsona guztiek, ez soilik emakumeek, aukera izan dezaten senide zaharrak zaintzeko.

Pertsona bati familian hartuz laguntzeko modua, ukiturikoek berek pentsio moduko egoeratzat hartzen dute. Horrelakoetan abusuak edo babes gabeziak gerta daitezke; hori dela-eta, normalki kanpoko bitartekotzarik gabe alderdiek iritsitako akordio baten bidez hasten den harreman hori arautzea beharrezkoa da.

Horrela, ikusi da egoki dela bizikidetasun-egoerak arautzea pertsona batzuk etxebizitza berean bizi direnean, familia bat osatu gabe, alboko lineatik urruneko ahaide izanik edo, soilik, adiskidetasun edo elkartasunagatik baturik, eta ahulenari laguntzeko eta bizikidetasuna iraunkorra izateko asmoa dutenean.

Zehazki, pertsona batek edo bikote batek beste pertsona bati edo batzuei, pertsona batzuen eta euren ondorengoen artean sortzen diren harremanen antzeko baldintzetan, etxean hartzeko eginiko eskaintzaren ondorioz sortzen den bizikidetasuna arautzen da. Bizitzaren luzapena eta jaiotza- tasaren beherakada direla-eta, biztanleria zahartzen doa pixkanaka, eta bizikidetasun-mota hori egituratuz arautuko duen lege babes-emaile bat soluzioa izan daiteke bizikidetasun-mota horren aldeko hautua egiten duten pertsona zaharren ongizate orokorrerako, haien zailtasun ekonomiko eta sozialak konpondu ditzake eta pertsona horiek instituzio geriatrikoetan sartzeaz bestelako aukera bat ekar dezake.

Foru lege honek bi kapitulu ditu ardatz: lehen zatia pertsona zaharrak hartzeko hitzarmena eratzeari buruzkoa da; bigarrenak pertsona zaharra hartzearen amaiera eta amaiera horren ondorioak aztertzen ditu. Xedapen gehigarri bat eta amaierako xedapen bat ere baditu.

Lehen edo bigarren mailako ahaidetasun gradukoak ez diren familiaren, pertsonen arteko harremanen, auzoen edo herrien esparruetan pertsona zaharrak aldi baterako edo modu iraunkorrean hartzea kuantifikatu gabeko baliabide soziala da, ez baitago daturik ez erregistrorik administrazio publikoetan, baina badago baliabide hori herrietan nola hirietan errealitate bat izateari buruzko estimazioa.

Horregatik, bidezkoa da arautzea norberarena ez den familia esparruetan familiako elkarbizitza egoerak arautzea hartzaileek dirua jasotzen dutenean hartutako pertsonengandik, nahiz eta elkarbizitza hori loturik egon adiskidetasunari, auzo hurbiltasunari edo zaharrari, ongizatea handiagoa izan dezan, familia tratua eman nahiari.

Lege honen xedea da norberaren familian ez den batean zaharrei emandako zaintza eta laguntzaz bestelako egoera hauek arautzeko oinarriak ezartzea, Foru Komunitatean erabilgarri dauden bizitokirako zerbitzu guztien artean adineko pertsonek libreki aukeratu dezaketen beste gizarte zerbitzu publiko bat, laguntza pertsonalizatua eta familiarra haien elkarbizitza ingurunetik urrundu gabe emateko helburua duen zerbitzu bat alegia.

I. KAPITULUA

Pertsona helduen harrera

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru lege hau aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan egiten diren familiako harrerei, pertsona zaharren eta familien, bikoteen edo bakarrik bizi diren pertsonen artekoei.

2. artikulua. Kontzeptua.

Familiako harrera da pertsona zaharrei familiako zainketa arrunt eta pertsonalizatuak ematea; horren bidez, haien bizi kalitatea hobetzen da eta modua ematen zaie bizitza independente bat izateko ohiko ingurune baten baitan. Familiako harreran ondoko irizpideei jarraituko zaie:

1. Pertsona hartzaileak eta hartutako pertsonak ohiko etxebizitza berean biziko dira, pertsona hartzaileena nahiz hartutako pertsonena izan, lehenbizikoek bigarrenak zaintzeko, jaten emateko, laguntza emateko, haien ongizate orokorraren alde egiteko eta gaixorik daudenean zaintzeko.

2. Pertsona hartzaileek eta hartutako pertsonek laguntza emanen diote elkarri, eta etxeko lanak hitzartutako moduan partekatuko dituzte, betiere alderdi bakoitzaren aukera errealen arabera.

3. Prestazio honetarako prezio bat ezarriko da, pertsona zaharrentzako zentro eta zerbitzuetan ezarritakoen esparruaren barnekoa, eta laguntzak emanen zaizkie osoki ordaindu ezin dutenei. 4. Pertsona hartzaileek tutoretza eta kuratela eratzea sustatu ahalko dute, baldin eta hartutako pertsonak haren menpe jartzeko egoeran badaude.

3. artikulua. Modalitateak.

1. Familiako harrera izan ahalko da aldi baterakoa edo iraunkorra, famili bizikidetasuneko modalitate hau aukeratzen duen pertsona zaharrak erabakitakoaren arabera, eta ikuskapenaren ardura daukaten gizarte-zerbitzuen txostena beharko da.

2. Iragankorra izanen da aldi baterako harrera, pertsonari zuzeneko bere ahaideak atsedena hartzen ari direnean edo gaixorik daudenean laguntza eman ahal izateko, edo erakunde batean sartu aurreko egokitzapen-fase gisa.

3. Behin betiko harrera gertatuko da pertsona zaharraren egoerak edo haren borondateak halakorik komenigarri egiten dutenean; eskualdeko gizarte zerbitzuek aurretiaz aldeko txostena eman beharko dute horretarako.

4. artikulua. Harrera-hitzarmena.

1. Harrera-hitzarmena da hirurogeita bost urte baino gehiagoko pertsona bat pertsona bati edo familia bati lotzea, ahaidetasun harremanen antzeko baldintzetan eta behar duten laguntza emateko betebeharrarekin.

2. Harrera-hitzarmenaren bitartez hartzaileak edo hartzaileek pertsona bat bakarra hartu ahal izanen dute, salbu eta behar bezala kreditatu beharko diren aparteko egoeretan.

3. Harrera-hitzarmenak ez dakar berekin ondasunen legezko administrazioa ez eta hartzaileak hartutako pertsonen legezko ordezkariak izatea ere.

4. Harrera-hitzarmen bat izenpetu nahi duten pertsona edo familia hartzaileek administrazioaren baimena lortu beharko dute. Baimenaren ebazpena ezinbesteko baldintza izanen da harrera- hitzarmena foru lege honen bitartez sorturiko erregistroan inskribatzeko.

5. Administrazioak aldizka hitzarmena egoki betetzen ote den begiratu beharko du, bai eta hartutako pertsonen baldintzak ere; bereziki, pertsona horien ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala.

6. Hartutako pertsonaren osasuna, segurtasuna eta ongizate psikikoa harrera-baldintzek mehatxaturik edo konprometiturik badaude, edo harrerarako eskaturiko baldintzak modu larrian urratzen badira, administrazioak egoki jotzen dituen kautelazko neurriak hartu ahal izanen ditu.

7. Harrera-hitzarmenak nahitaez jaso beharko duen edukia erregelamenduz ezarriko da.

5. artikulua. Harrera, gizarte-zerbitzu gisa.

Foru lege honek araututako pertsona zaharren harrera antolatzen da erantzukizun publikoko gizarte- zerbitzu gisa, erabiltzaileei familia- giroko laguntza pertsonalizatu egokia eta haien erkidego- ingurunean egotea bermatzeko.

6. artikulua. Foru lege hau garatu eta aplikatzeko eskudun den administrazioa. 1. Foru administrazioari dagokio, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren bitartez, foru lege hau garatu eta aplikatzea eta zerbitzuaren plangintza, kudeaketaren kontrola, erregistroa, ikuskaritza, prezioak zehaztea eta hartutako pertsona zaharren ongizate-baldintzak bermatzeko esku-hartze babeslearen eginkizunak.

2. Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez arautuko du zerbitzu hori ematea, xede gisa izanik zerbitzua hurbiltzea hura eskatzen duten herritar zaharrei; halaber, botere publikoen babes- ekintza ere arautuko du.

7. artikulua. Hartzaileen eta hartutakoen betekizunak eta hautaketa.

1. Harrerak eskatzen du hartzaileek eta hartutako pertsonek ez edukitzea haien artean bigarren gradu bitarteko ahaidetasunik, adindunak izatea eta jarduteko gaitasun osoa izatea, edo hartutako pertsonei dagokienez gaitasun hori haien legezko ordezkarien, haien kuratela duen pertsonaren edo testamentuz besteko tutoretza izendatzeko agirian hautaturiko pertsonen baimenaz ordeztea edo osatzea. Borondate ordeztu edo osatuaren kasuan, epailearen baimena beharko da, eta hartutako pertsonari edo pertsonei entzun beharko zaie, ezaguera nahikoa badute.

2. Pertsona zaharren adina ezin da hirurogei urte baino gutxiagokoa izan, eta pertsona hartzaileak edo hartzaileek osasun- egoera egokia izan behar du pertsona hartuak edo hartuek beharrezko dituzten zainketak edo/eta laguntzak eskaini ahal izateko.

3. Pertsona hartzaileak edo pertsona hartzaileek hartutako pertsonaren edo pertsonen onura bilatuz jardunen dute betiere, harrera-hitzarmenean ezarritako epean. Oro har, epe hori hiru urte baino gutxiagokoa ez da izanen, salbu eta aparteko egoeretan.

4. Pertsona hartzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitza baten titularrak izatea, jabetzapean nahiz alokairuan.

b) Zaintzaile nagusiak 25 eta 65 urte bitarteko adina izan beharko du, osasun ona izan beharko du eta etxeko lan arruntei aurre egitea galaraziko dioten eragozpenik ez du izan beharko.

Hala eta guztiz ere, hartzaile gisa jarduten jarraitu ahal izanen dute, administrazioak horretarako aurretiazko baimena emanda, 65 urte baino gehiago izan eta zerbitzua ematen jarraitzeko baldintzetan dauden pertsonek, betiere onuradunak hala nahi badu eta adina denean zerbitzua baldintza egokietan ematen jarraitzeko betetzen ez den baldintza bakarra.

Salbuespen horrek eragina galduko du hartzailea laguntza egokia emateko baldintzetan ez dagoela kreditatzen denean.

Adinaren salbuespena ezin izanen da aplikatu familiako beste kideren bat zerbitzua ematen jarraitzeko prest dagoenean, baldin eta harrerako titulartzat hartzea eskatzen badu.

c) Hartzaile nagusiak denbora, gaitasuna eta berezko joera izan beharko ditu harreran ezinbestekoak diren laguntzak emateko.

d) Familia bakoitzak ezin izanen ditu bi pertsona baino gehiago hartu, salbu eta behar bezala kreditaturiko aparteko egoeretan. e) Aurretik ez amaitu izana harrera-kontratu bat ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

5. Familiako harrera egiten den etxebizitza iristeko erraza den hiri edo herri ingurune batean egongo da, eta behar diren baldintza higieniko eta osasunezkoak, ur korrontea, argi elektrikoa eta komuna izanen ditu; ez du izanen pertsona helduaren ibilera zailduko duten arkitektura oztoporik ez eta trabarik ere.

8. artikulua. Espedienteen tramitazioa.

1. Espedienteen tramitazioa, bai pertsona zaharraren eskabidearena bai pertsona hartzaileena ere, oinarrizko gizarte zerbitzuek eginen dute, eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentura bidaliko dira, interesdunek haiek sinatu ondoren, behar diren txosten teknikoekin eta eska daitekeen gainerako dokumentazioarekin batera.

2. Oinarrizko gizarte zerbitzuek harrera eskatu duten pertsona zaharrak zaintzeko egokien jotzen dituzten familia hartzaileak hautatu eta proposatuko dizkiote Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari. Horretarako, laguntza-zerbitzu tekniko bat izanen dute.

3. Egokitasun-adierazpena eginen da familia hartzaileei buruz, pertsona zaharrei buruz eta kasuan kasuko harrera-hitzarmenari buruz, eta eginen da txosten teknikoak, hala psikologikoak nola sozialak, eman ondoren. Horretarako, oinarrizko gizarte-zerbitzuek Gizarte Ongizate Departamentuak eskainitako harrerari laguntzeko zerbitzu berariazko bat izanen dute.

4. Aipatutako txosten teknikoetatik ondorioztatuko balitz familia hartzaileak edo harrera eskatu duten pertsonak ez direla egokiak harrerarako, eskabide hori ezetsia geldituko litzateke.

Txosten teknikoetatik ondorioztatuko balitz egokitasunik eza kasu zehatzerako dela, baina beste harrera batzuk posible direla, eskabideak itxaron zerrendara pasako dira.

5. Harrerarako egokitzat deklaraturiko familia hartzaileen eta pertsona zaharren eskabideen zerrenda Nafarroako Gobernuko Ongizate Departamentuak zentralizatu eta gaurkotuko du.

9. artikulua. Eraketaren baldintza formalak.

1. Harrera-hitzarmena eskritura publiko bidez eratu behar da; eskritura hori behar den erregistroan inskribatu beharko da.

2. Eskritura publikoak adierazi behar ditu alderdi bakoitzari dagozkion eskubide eta betebeharrak.

II. KAPITULUA

Hartutakoaren eta hartzailearen arteko harremana amaitzea

10. artikulua. Harremana amaitzeko arrazoiak.

1. Harrera ondoko arrazoiengatik amaituko da:

a) Harrera-hitzarmenean ezarritako arrazoiengatik.

b) Hartzaileak eta hartutakoak ados jarri eta hala erabakitzen dutelako. c) Bi aldeek nahi dutelako; borondate hori idatziz adieraziko da. Harremanaren amaiera fede emateko moduan jakinaraziko zaio beste aldeari, hiru hilabete lehenagotik.

d) Alde batek nahi duelako, beste aldeak dagozkion betebeharrak ez baditu betetzen edo bizikidetasuna zailtzen duen arrazoiren bat egozten ahal bazaio. Halakoetan, harremanaren amaierari buruzko jakinarazpenean arrazoiak azaldu beharko dira eta berehalako eragina izanen du.

e) Hartutakoa edo hartutakoak hiltzean edo haren/haien heriotza deklaratzean.

f) Hartzailea edo hartzaile biak, baldin eta bikote hartzailea bada, hiltzean edo haren/haien heriotza deklaratzean. Haietako baten heriotzak orobat ekar dezake harrera-hitzarmenak ezarritako kontraprestazioa berrikustea eta harrera-hitzarmena amaitzea, baldin eta bizirik dirauenak onartutako betebeharrei aurre egiterik ez duela justifikatzen badu. Hala bada, hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio pertsona hartuari.

2. Harreraren amaitzeak ukituriko pertsona hartuak administrazioak beste harrera-hitzarmen bat eskaintzeko lehentasuna izanen du.

11. artikulua. Harrera amaitzearen ondorioak.

1. Harrera amaitzen den kasu guztietan, pertsona hartuak edo pertsona hartuek etxebizitza uzteko epe eta baldintzei dagokienez, aldeek harrera-hitzarmenean adierazitako borondateari begiratuko zaio.

2. Amaiera 10.1 artikuluko c) eta d) letretan adierazitako arrazoiengatik gertatzen bada, eta harrera egiteko baldintzak eta denbora direla medio aberaste bidegabea gertatu bada, bere burua kaltetutzat jotzen duen aldeak kalte-ordaina eskatu ahalko dio beste aldeari.

3. Harreraren amaiera foru lege honen bidez sortutako erregistroari jakinarazi beharko zaio.

12. artikulua. Plan gerontologikoa.

Nafarroako Gobernuak prestatuko duen plan gerontologikoan jasoko da pertsona zaharrak familian hartzearen modalitatea laguntza-formuletako bat gisa, zeinak, berezkoa duen kontratu askatasuna errespetatuz, bete behar duen helburu soziala aintzat hartzen duen beren buruaz baliatzeko zailtasunak dituzten adineko pertsonei baldintza batzuk, hau da, familian integratzea eta gizartearen parte izaten segitzea, eskaintzeari dagokionez.

13. artikulua. Onuradunen hautaketa, uko egitea eta finantzaketa.

1. Administrazioak ebatziko ditu interesatuen eskaerak, eta horretarako pertsona zaharren beharrak eta hartzailearen ezaugarriak bateratu beharko ditu, zenbait alderdi aintzat hartuta, hala nola, hartua den pertsona edo pertsonak eta hartzaileek batak bestearekiko onarpena ematea, gizarte zerbitzuen aldeko txostena, hartzaileen eta hartzea eskatzen duen pertsonaren txosten medikoak eta pertsona zaharra haren ohiko ingurunetik mugitzea desegokia izatea.

2. Eskaerei uko egiteko kausak hauexek dira: eskatzailearen adimeneko gaixotasuna, hartua den pertsonak bizi behar duen lojamenduaren desegokitasuna, familia hartzailearen osasuna eta eskatzailearen eta familia hartzailearen arteko bateraezintasuna. 3. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak laguntza zehatzak finkatuko ditu hartutako pertsonentzat, beste lojamendu mota batzuetarako ere ezarritakoen ildotik.

Xedapen gehigarri bakarra. Familietan hartutako pertsona zaharren erregistroa.

Nafarroako Gobernuak familietan hartutako pertsona zaharren erregistroa sortuko du, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren menpe. Bertan erregistratuko dira pertsona zaharrak beraienak ez diren familietan kontraprestazio ekonomikoarekin hartzeko Nafarroako Foru Komunitatean formalizaturiko itun edo akordioak, administrazio publiko eskudunak esku hartzen duenean horietan.

Erregistroan bilduko dira gainera hartzaileen eta hartutakoen bajak, bertan behera utzitako harrerak eta horren arrazoiak, bai eta egokitzat jotzen diren bestelako datu garrantzitsuak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hiru hilabetera hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra