30/2003 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen testu bategineko 35. eta 43. artikuluak aldatzekoa, zeina urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi baitzuen
2003-04-04Erakundea: Nafarroako Parlamentua
30/2003 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen testu bategineko 35. eta 43. artikuluak aldatzekoa, zeina urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi baitzuen. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
NAFARROAKO POLIZIA KIDEGOEI BURUZKO FORU LEGEAREN TESTU BATEGINEKO 35. ETA 43. ARTIKULUAK ALDATZEKO FORU LEGEA, ZEINA URRIAREN 14KO 213/2002 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUAK ONETSI BAITZUEN
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen sustapena objektibotasun, antzinatasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz egin behar da. Lanpostuan etekinik gehiena edo hoberena ematen duenak igo behar izatearen ideia egokia eta are desiragarria ere iruditzen zaigu; kontua da polizia kidegoetan hori nola gauzatu.
Egungo legeriaren arabera, kaporal eta inspektoreorde lanpostu hutsak betetzeko prozesuetan, polizia kidegoko funtzionario bakoitzak bere lanpostuan duen errendimenduaren balorazioak, ustez objektiboak, lehiaketetako baremoetan ezarritako puntuazioaren ehuneko 50 egin beharko luke igoera prozeduretan.
Gure ustez, orain arte ez da aurkitu formularik polizia kidegoko funtzionario bakoitzak bere lanpostuan duen errendimenduaren balioespen objektiboa egiteko.
Horrenbestez, Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen testu bategineko 35. eta 43. artikuluak aldatu nahi dira, zeina urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi baitzuen.
1. artikulua. Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen testu bategineko 35. artikulua aldatu eta honela geldituko da:
"35. artikulua
1. Polizia kidegoetako lanpostu hutsak polizia kidegoetan sartzeko hautaketa probak eginez beteko dira. Sartzeko prozeduran honako proba baztertzaile hauek eginen dira:
a) Egoera fisikoaren probak.
b) Kultura orokorreko probak, eskatutako ikasketa mailarekin bat heldu direnak.
c) Proba psiko-teknikoak, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoari egokitzen zaizkion neurtzeko.
d) Proba medikoak. e) Prestakuntza ikastaroa.
Nafarroako Gobernuak udaltzaingoen kidegoetan sartzeko deialdia onartu eta hautapen prozedura eginen du, haien borondatez hala eskatzen dioten toki entitateen kasuan.
2. Kaporal eta inspektoreordearen lanpostu hutsak barne igoeraren bidez beteko dira, beheragoko lanpostutik eta oposizio-lehiaketa bidez. Oposizio-lehiaketa horretan, hauek gainditu beharko dira: merezimenduen balorazioa, jakintza probak, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesionaletarako egokiak diren neurtzeko proba psikoteknikoak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak lanpostura gaitzeko emanen duen ikastaro bat. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, lanpostu zuzenki beheragokoan gutxienez ere bi urteko antzinatasuna izatea eskatuko da.
3. Sarjentu eta inspektore lanpostu hutsak barne igoeraren bidez beteko dira, beheragoko lanpostutik eta oposizio-lehiaketa bidez. Oposizio-lehiaketa horretan, hauek gainditu beharko dira: merezimenduen balorazioa, jakintza probak, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesionaletarako egokiak diren neurtzeko proba psikoteknikoak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak lanpostura gaitzeko emanen duen ikastaro bat gainditu beharko dira. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, lanpostu zuzenki beheragokoan bi urteko antzinatasuna, gutxienez, eta lanpostuari dagokion titulu akademikoa izatea eskatuko da. Titulu akademikoa ez edukitzea lanpostu zuzenki beheragokoan bost urteko antzinatasuna izatearekin bete ahalko da.
4. Arestiko bi idatz-zatietan aipatzen diren lanpostuak betetzeko deialdietan polizia kidego bereko kideentzako barne igoerako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat deialdiko gainontzeko lanpostuekin, Nafarroako polizia kidego guztietako kideei irekia, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Txanda ireki horretan betetzen ez diren lanpostuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati honetan ezarritako portzentajea aplikatzeko, hiru lanpostu hutsetatik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoera txandakoak izanen dira eta bigarrena txanda irekikoa."
2. artikulua. Aipatu testu bategineko 43. artikulua aldatu eta honela geldituko da:
"43. artikulua.
Polizia kidegoetako destinoak kasuan kasuko erregelamendu organikoan ezarritakoari jarraikiz beteko dira."