19/2002 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, helduen hezkuntza arautzen duena
2002-06-21Erakundea: Nafarroako Parlamentua
Argitalpena: NAO, 2002/6/21, 78. zk.
19/2002 FORU LEGEA, ekainaren 21ekoa, helduen hezkuntza arautzen duena. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:
FORU LEGEA, HELDUEN HEZKUNTZA ARAUTZEN DUENA.
ZIOEN AZALPENA
Unescok 2000ko apirilean Dakarren antolaturiko Hezkuntzari buruzko Mundu Foroak onetsi zuen testuak hauxe adierazten du: "Hezkuntza oinarrizko giza eskubidea da, Eta, horrenbestez, herri bakoitzean eta nazioartean garapen jasangarria, bakea eta oreka erdiesteko funtsezko elementu bat da; horrela, bada, ezinbesteko bitartekoa da mundializazio azkarraren eraginpeko XXI. mendeko sistema sozial eta ekonomikoetan parte hartzeko. Guztiontzako hezkuntza lortzea gehiago atzeratu beharko ez litzatekeen helburua da jadanik".
Bizitza guztian zeharreko hezkuntza XXI. mendeko giltzarrietako bat da. Biztanleria aktiboaren ondorioa da eta, aldi berean, gizartean parte-hartze erabatekoa izateko baldintza da. Haur, gazte eta helduen hezkuntzaren helburuak, hura bizitza guztia irauten duen prozesu gisa hartuta, hauexek dira: pertsona eta erkidegoen autonomia eta erantzukizunarekiko ardura garatzea; ekonomiak, kulturak eta, oro har, gizarteak jasandako eraldaketei aurre egiteko ahalmena indartzea; eta herritarrak euren erkidegoan elkarrekiko tolerantzian bizi daitezen eta bertan ohartuki eta sormenez parte har dezaten sustatzea. Azken batean, jendeari eta erkidegoei euren etorkizunaren eta gizartearen kontrola ematea, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko.
Jakintzaren gizarteetan helduen hezkuntza eta hezkuntza iraunkorra nahitaezko bihurtu dira, hala erkidegoaren baitan nola lantokian. Gizarteko eta laneko eskakizun berriek pertsona guztiak behartzen dituzte euren bizitza guztian zehar ezagutzak eta ahalmenak berriztatzen segitzera.
Ezagutzarako bideak erraztea, adin guztiei eta leku guztietan, garrantzitsua da, zenbait arrazoi direla-eta. Alde batetik, gero eta aldaketa azkarragoetara egokitu beharra dagoen mundu batean enplegu bat eskuratzen ahalbidetzen du. Gainera, bitarteko egokia da aitorpen ofiziala daukaten kualifikazioak lortzeko, trebeziak -baita sozialak ere- eskuratzeko eta errealizazio pertsonalerako. Eta, azkenik, beste kultura eta esparru batzuetara irekiagoa izatea ahalbidetzen du. Halaber, herritar aktibo gisa jarduteko prestakuntza ematen du.
Helduen hezkuntzatzat hartzen da ikasketa-prozesuen multzo bat -formalak nahiz ez-formalak-, gizarte-inguruneak heldutzat jotzen dituen pertsonei modua ematen diena euren ahalmenak garatzeko, euren ezagutzak aberasteko eta euren trebetasun tekniko edo profesionalak hobetu edo berbideratzeko, horrela euren eta gizartearen beharrizanei erantzun ahal izateko. Helduen hezkuntzak bere barnean hartzen ditu hezkuntza formala eta iraunkorra, hezkuntza ez-formala, eta kultura anitzeko hezkuntza-gizarte batean hezkuntza ez-formalerako eta noizbehinkako hezkuntzarako dauden aukeren multzo osoa. Botere publikoek ezinbesteko izaten segitzen dute herritar guztiek hezkuntzarako daukaten eskubidea bermatzeko, Espainiako 1978ko Konstituzioko 27. artikuluak ederki ezartzen duen bezala; bereziki, gizarteko talderik ahulenei dagokienez.
Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak 2. artikuluan xedatzen du hezkuntza iraunkorra hezkuntza sistemaren oinarrizko helburua izanen dela eta, horretarako, ikasleak euren kabuz ikas dezaten prestatuko dituela, eta helduei erraztu eginen diela ikasketa ezberdinetarako sarbidea.
Lege Organiko horretako hirugarren titulu osoa helduen hezkuntzari buruzkoa da. Bertan xedatzen da hezkuntza-administrazioak zainduko duela heldu guztiek oinarrizko hezkuntza erdietsi ahal izatea, euren baldintza eta beharrizanei egokituriko eskaintza bat dela medio. Baina, era berean, zehazten du hezkuntza sistemak bermatuko duela helduek euren ezagutzak eta gaitasunak eskuratu, gaurkotu, osatu edo hedatu ahal izatea, euren garapen pertsonal eta profesionalerako. Horretarako, hezkuntza-administrazioak lankidetzan arituko dira helduen hezkuntzaren arloan eskumenak dauzkaten beste administrazio publiko batzuekin eta, bereziki, lan-arloko administrazioarekin.
Oinarrizko hezkuntzako berariazko eskaintzaren araubidea ezarri dute Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautzen duen eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan horren irakaskuntzaren egitura eta curriculum zehatza ezartzen dituen uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitatean Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikasketak emanen dituzten ikastetxe publikoen sarea ezartzen duen uztailaren 6ko 256/1999 Foru Dekretuak.
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 47. artikuluan hauxe ezartzen du: "Nafarroak eskumen osoa du irakaskuntzaren arauketa eta administrazioan, bere zabalera, maila eta gradu, mota nahiz espezialitate guztietan, deusetan ukatu gabe gai honi buruzko manu konstituzionaletan ezarritakoa, ez horiek garatzen dituzten lege organikoak, ezta ikasketa nahiz lanbide tituluak eskuratu, eman eta baliokidetzeko, hala nola berauek bete eta bermatzeko Estatuak duen goi-ikuskaritzaren baldintzak arautzeari dagokionez Estatuak dituen eskumenak ere".
Lege-esparru bat ezarri behar da erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa garatzeko, pertsona helduek, euren garapen pertsonal eta profesionalari begira, euren ezagutzak eta gaitasunak eskuratu, gaurkotu, osatu edo zabaldu ahal izatea bermatzeko. Horregatik, foru lege hau behar da, hezkuntza iraunkorraren printzipioari eta Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko III. tituluan ezarritako printzipioei jarraikiz pertsona helduen hezkuntza indartu eta garatuko duena. Titulu horrek hezkuntza-administrazioaren eta bestelako administrazio eta entitate publiko eta pribatuen artean egon beharrekoa den koordinazioa errazten du, pertsona helduen hezkuntzak eskatzen duen jarduera-multzoa garatu eta sendotzeko xedez.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean pertsona helduen hezkuntza arautzea eta hura egituratu, garatu, koordinatu eta ebaluatzeko prozedurak eta bitartekoak ezartzea. Foru lege honen ondorioetarako, pertsona helduen hezkuntzatzat hartuko da jarduera-multzo bat, derrigorrezko eskolatzearen adina gainditu duten Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei, inolako bereizketarik egin gabe, prestakuntzako ondasun kulturalak eta hezkuntza-mailak eskaintzea xede duena, laneratu eta lanean gora egin ahal izateko baldintzak hobetzeko eta errealitate kultural, sozial eta ekonomikoa kritikoki epaitzeko eta bertan aktiboki parte hartzeko ahalmena handitzeko.
2. artikulua. Pertsona helduen hezkuntzak pertsonaren prestakuntza integrala erdiestea du xede, eta honako jarduera-eremu funtsezko hauek hartzen ditu bere barnean:
a) Oinarrizko prestakuntza. Halakotzat ulerturiko prestakuntzak gaur egungo gizartearen eskakizunen araberako ezagutzak lortu eta gaurkotzea ahalbidetuko du, eta lanaren munduan nahiz hezkuntza-sistemako mailetan sartzea ahalbidetuko duten titulazioak lortzea erraztuko du.
b) Lanaren mundurako prestakuntza. Halakotzat ulerturiko prestakuntza da lanaren munduan sartu ahal izateko hasierako ikasketa, eta ezagutzak nahiz trebetasunak gaurkotu, birziklatu eta hobetzea, lanbidean gizarte-garapenak eta produkzio-sistemaren etengabeko aldaketak ekarritako eskakizunen arabera jarduteko.
c) Garapen pertsonalerako eta parte-hartze sozial eta kulturalerako prestakuntza. Halakotzat ulerturiko prestakuntza helduen hezkuntzaren atal bat da, eta horren helburuak dira aisialdia prestakuntza-xedeetarako aprobetxatzea, sakonkiago murgiltzea gizalegearen balioetan, bizitza sozialean parte-hartze beteagoa lortzea eta Nafarroako errealitate sozial eta kulturalaren ezagutzan aurrera egitea.
3. artikulua. Pertsona guztiek daukaten hezkuntzarako eskubidea sendotzeko, haiek beren prestakuntzaren taxuketan parte har dezaten bultzatzeko eta gizarteko sektorerik behartsuenak lehentasunez kontuan hartzeko, honako helburu hauek ezarri dira:
1) Iritzi publikoa ohartarazi eta sentsibilizatzea bizitza osoan zehar hezi beharrari eta horren zentzuari dagokionez, eta pertsona helduengan kultura- nahiz hezkuntza-ondasunez gozatzeko interesa areagotzea.
2) Nafarroako Foru Komunitateko pertsona heldu guztiek daukaten hezkuntzarako eskubidea modu eraginkorrean hedatzea, eta ahalegina egitea herritar guztiek aukera izan dezaten gaur egungo gizarteak eskatzen duen oinarrizko prestakuntza lortzeko. Lehentasuna emanen zaie kolektiborik behartsuenei zuzenduriko jarduerei.
3) Gure ondasun natural, historiko eta kulturalari buruzko jakintza sustatzea, bai eta gure Komunitateko hizkuntza ofizialei buruzkoa ere.
4) Nafar herritarrak Europan guztiz integratuta egon daitezen erraztea, Europako ondasun kulturaletan parte hartzeko.
5) Bizitza sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalean txertatu eta parte hartzeko aukerak hobetzea, gizartean aktiboki esku hartzeko ahalmena handituz eta gizartearen baitako desberdintasunak gainditzen lagunduz. 6) Jarrera sexista, aurreiritzi eta estereotipo nagusiei buruzko analisiaren, gogoeta kritikoaren eta ekintza partikularren bitartez borrokatzea era guztietako bazterkeriaren aurka, eta, halatan, laguntza ematea pertsonek elkar ezagut dezaten, elkarrekin harremana izan dezaten eta euren burua onets dezaten, autoestimua eta duintasuna sustatuz.
7) Baliabide-sistema publiko bat ezartzea irakaskuntzako maila, gradu eta mota bakoitzera iritsi eta bertan parte hartu ahal izateko aukera bermatzeko, pertsona helduen ezaugarri, baldintza eta beharrizanei egokituriko curriculum eta berariazko prestakuntza-eskaintzen bitartez.
8) Erakundeen konpromisoa sustatu eta bultzatzea pertsona helduen hezkuntzarekin zerikusia daukaten jarduerak egiteko.
9) Pertsona helduen hezkuntza garatzen duten jarduera publiko eta pribatuak sendotu, koordinatu eta bultzatzea.
10) Pertsona helduak hezteko ekintzei eta hezkuntza horretan parte hartzen duten eragileei zuzenduriko prestakuntza-ekintzei buruzko ikerketa eta analisia ahalbidetzea. Ildo horretan, dinamizazio kultural, curriculum, metodologia, teknologia eta didaktikaren arloko berrikuntzei buruzko proiektuak prestatuko dira.
II. TITULUA
Jarduerak
4. artikulua. Pertsona helduen hezkuntzak foru lege honen helburuei erantzunen die 2. artikuluan adierazitako esparruetako bakoitza garatuko duten berariazko ekintzen bitartez.
Ekintza horiek irakaskuntza-modu ezberdinei jarraituz egin ahalko dira: bertaratzekoa nahiz urrunekoa, formala nahiz informala, instituzionala nahiz komunitarioa, toki- edo lurralde-esparruko programetako ezaugarrien, beharrizanen eta parte-hartzaileen aukeren arabera.
5. artikulua. Pertsona helduen hezkuntza honako prestakuntza-programa hauen bitartez egituratuko da:
a) Irakaskuntza-programak, oinarrizko hezkuntza lortu eta gaurkotzea ahalbidetzekoak. Programa horiek laneratzeko eta hezkuntza-maila bakoitzean sartzeko aukera ematen duten titulazioak lortzea erraztuko dute, pertsona helduen ikaskuntzaren ezaugarrietara egokituriko mota, antolamendu eta metodologien bitartez.
b) Lan-prestakuntzako programak, lanbidearen arloan orientatu, enplegua lortu, ezagutzak gaurkotu eta mailaz igotzen laguntzeko.
c) Nafarroako errealitatearen alderdi guztiei buruzko ezagutza sustatzeko programak; bereziki, bertako hizkuntzekin eta kulturarekin zerikusia daukan guztiari buruzkoa.
d) Espainiako Estatuko eta Europako Batasuneko errealitateari buruzko ezagutza sustatzeko programak; bereziki, bertako hizkuntzekin eta kulturarekin zerikusia daukan guztiari buruzkoa. e) Komunikazio-teknologia berrien erabilera hedatzeko programak; bereziki, landa-eskualde urrunen eskueran hezkuntza eta kulturaren arloetako zenbait eskaintza jartzeko bitarteko gisa.
f) Etorkinen eta gizarte-premiako egoeran dauden pertsonen integrazioa errazteko programak.
g) Ezgaitasun fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoak dauzkaten pertsonei gizarteratzen laguntzeko programak, horien prestakuntza eta trebetasun sozialen garapena eta kultura eta lana eskura izan dezaten sustatuko dutenak.
h) Parte-hartze soziokulturala, kulturarteko hezkuntza eta era guztietako bazterkerien gainditzea sustatzen duten programak.
i) Aisialdia modu sortzailean bizitzeko orientazioa eta prestakuntza ematen duten programak.
6. artikulua. Hezkuntza-administrazioari dagokio akademi titulazio ofizialak lortu ahal izateko hezkuntza-eskaintzak antolatu, ikuskatu eta ebaluatzea.
Zenbait jarduera egin eta ezagutza batzuk lortu izana frogatzeko diplomak eta ziurtagiriak sor ditzake Nafarroako Gobernuak.
III. TITULUA
Ikastetxeak, prestatzaileak eta parte-hartzaileak
7. artikulua. Lege honetako 5. artikuluak ezarritako pertsona helduen hezkuntza-programak baimendutako ikastetxe publiko edo pribatuetan irakatsi ahalko dira, eta hori ez da eragozpen izanen programa jakin batzuk erakunde publiko edo pribatuetan burutu ahal izateko, aipatu ikastetxeekin behar bezala koordinatuta.
8. artikulua. Pertsona helduentzako ikastetxe berariazkoak dira eginkizun bakar edo lehentasunezkotzat 5. artikuluak ezarritako prestakuntza-programak gauzatzea dutenak.
Pertsona helduentzako ikastetxe publiko berariazkoak dira Nafarroako Gobernuaren, toki entitateen eta beste erakunde publikoen titulartasunekoak. Zentro horiek euren inguruarekiko irekita egon beharko dute, eta euren jarduera-esparruan sorturiko ekintzak antolatzeko modua eskaini beharko dute.
Pertsona helduentzako ikastetxe pribatu berariazkoak dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuen titulartasunekoak.
9. artikulua. Helduen oinarrizko hezkuntza, I eta II. mailetan, eskuratu eta gaurkotzea bideratzen duten hezkuntza programak helduen hezkuntzarako ikastetxe berezietan eta jarduketa berezien bitartez irakatsiko dira.
Oinarrizko titulazioak eskuratzea errazten duten programak ikastetxe berezi eta arruntetan irakatsi ahal izanen dira, aldez aurretik Hezkuntza Administrazioak horretarako baimena emanda. Ikastetxe horiek baimena har dezakete batxilergoko eta lanbide heziketako ikasketak irakasteko. Helduen hezkuntzarako ikastetxe berezietan Hezkuntza Administrazioak baimendutako irakaskuntza ez-arautua ere eman ahal izanen dira.
10. artikulua. Pertsona Helduen Hezkuntzarako Departamentuarteko Batzordeak proposatuta, lege honetako 23. artikuluak ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak pertsona helduentzako ikastetxe publikoen sarearen plangintza onetsiko du eta ikastetxe horien antolaketa, funtzionamendua, koordinazioa eta ebaluazioa arautuko ditu.
Halaber, pertsona helduentzako ikastetxe pribatuak baimentzeko baldintza orokorrak arautuko ditu.
11. artikulua. Baimendutako pertsona helduen hezkuntzarako ikastetxe pribatuekin lankidetza- hitzarmen iraunkorrak sinatu ahalko dira, jarduketa-programak egiteko, baldin eta foru lege honetako 27. artikuluan ezarritako deialdi publikoetako baldintzak betetzen badira.
12. artikulua. Akademi titulu bat lortzea ez dakarten prestakuntza programak pertsona adituek eman ahalko dituzte, baldin eta, erregelamendu bidez ezartzen denari jarraikiz, horretarako behar bezalako gaitasuna dutela kreditatzen badute.
13. artikulua. Akademi edo lanbide titulu bat eskuratzeari begira Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan sarturiko ikasketak pertsona helduei irakasten dizkieten irakasleek ikasketa horiek irakatsi ahal izateko oro har ezarritako titulazioa izan beharko dute.
14. artikulua. Nafarroako Gobernuaren pertsona helduentzako ikastetxeek zehaztuko den plantilla izanen dute.
15. artikulua. Pertsona helduentzako ikastetxeetan ikastetxeko plantillakoak ez diren langileak egon ahalko dira, berariazko prestakuntza-programen irakaskuntzan laguntzeko. Figura hori erregelamendu bidez arautuko da.
16. artikulua. Pertsona helduen hezkuntzako irakasleek prestakuntza- eta hobekuntza-eskaintza bat izan beharko dute, zeina berariazkoa eta euren interesei eta antolaketari egokitua izanen baita. Hezkuntza-administrazioak irakasle horiei zuzenduriko prestakuntza eta hobekuntza planak ezartzen direla zainduko du. Plan horiek honakoak hartuko dituzte barnean:
a) Pertsona helduen beharrizanei erantzun ahal izateko prestakuntza didaktiko egokia.
b) Beste autonomia erkidego eta Europako herrialdeekin esperientziak trukatzea.
c) Prestakuntza-eskaintza honen arloko ikerketen emaitzak eta dokumentazioa eskuratu ahal izatea.
17. artikulua. Pertsona helduen hezkuntzaren eta unibertsitatearen arteko elkarreragina sustatuko da, honako hauetarako lankidetza-hitzarmenak sinatuz:
a) Ikerketa eta sakontze teorikoari bultzada emateko.
b) Estatistikako datuetan oinarrituriko azterlan soziologikoak prestatzeko. Azterlan horiek azalduko dituzte bai gizarte-aldaketak bai etorkizun hurbilean pertsona helduen hezkuntzari aurreikusten zaion bilakaera. c) Irakasleen hasierako prestakuntzarako eta hobekuntzarako planetan orientabideak eta laguntza emateko.
18. artikulua. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, bere egitura berekia eta irakasleei laguntzeko zentroen sarea baliatuta, foru lege honetan jasotako prestakuntza-programak irakasten dituzten irakasleen prestakuntza sustatu eta lagunduko du, eta pertsona helduentzako didaktikan dauden berrikuntzei buruzko ezagutzak dinamizatu eta sustatzeko material egokiak taxutuko ditu.
19. artikulua. Pertsona helduen hezkuntzarako programetan parte hartu ahalko dute egin nahi duten ikasketa-motan ikastetxe arruntetan aritu ahal izateko ezarritako gehieneko adina gainditu dutenek. Oro har, hemezortzi urteko adina gutxieneko adin gisa hartuko da.
Ikasketok egiten jarraitzeko modua eskainiko zaie hamasei urtetik gorako ikasleei ere, baldin eta duten lanarengatik nahiz beste inguruabar bereziengatik ezin badute ikastetxeetara araubide arruntean joan.
Prestakuntza-programetan parte hartzea erraztuko zaie oinarrizko prestakuntzan gabeziak dauzkaten pertsonei, etorkinei, laneratze-zailtasunak dauzkatenei, gizarte-bazterketako egoera pairatzen duten edo pairatzeko arriskuan dauden pertsonei eta landa-eskualde sakabanatuetan bizi direnei.
20. artikulua. Pertsona helduen hezkuntzarako programetan izena ematen duten pertsonek ikastetxeen antolaketan eta funtzionamenduan horretarako ezartzen diren prozeduren bidez parte hartzeko eskubidea izanen dute.
21. artikulua. Eskualde buruak diren herri guztiek izanen dute helduen hezkuntza iraunkorrerako eskualde mailako ikastetxe berariazkoa, eskualdeko helduentzako hezkuntza baliabideen ikastetxearen lana beteko duena, kurtsoak -arautuak, ez-arautuak, bertaratzekoak eta urrutitik hartzekoak- sustatu eta emateko.
Eskualdeko ikastetxe horiek alde horretan dauden eraikin publikoetan kokatu ahalko dira eta alde horretako helduen oinarrizko hezkuntzako irakasleak izanen dituzte atxikirik, horiek har dezaten alde bakoitzeko herrietako ikastetxeetan sortzen diren ikasgelen gaineko ardura, irakaskuntzan aritzeko eskolaren ohiko ordutegitik kanpora.
Teknologia berrien erabilera eta hizkuntzen irakaskuntza sustatuko dira, eta ikastetxeak internetera konektatuko dira, irakaskuntzari sostengua emateko, teknologia berrien ikaskuntza berariazkorako eta "Proiektu jagolea" izenekoaren ikasgela gisa aritzeko, bereziki landa eremuan.
Helduen hezkuntzarako eskualde mailako ikastetxe berariazkoak eskualde edo toki mailako departamentu arteko batzordeak osatuko dituzte eskualde bakoitzeko helduen hezkuntza iraunkorraren jarduketa guztiak koordinatzeko xedearekin.
IV. TITULUA
Programazioa eta koordinazioa
22. artikulua. Foru lege honetan jasotako pertsona helduen hezkuntzarako ekintzak sustatu eta koordinatzeko, Pertsona Helduen Hezkuntzarako Departamentuarteko Batzordea eratu da. Batzorde hori osatuko dute pertsona helduen hezkuntzaren arloko funtsezko jarduera-esparruekin zuzeneko zerikusia daukaten departamentuetako zuzendari nagusiek eta erregelamendu bidez izendatuko direnak. Hezkuntza eta Kultura, Industria eta Teknologia, Lan, Merkataritza eta Turismo eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri departamentuen ordezkaritza beharrezkoa izanen da.
23. artikulua. Pertsona Helduen Hezkuntzarako Departamentuarteko Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitatean Pertsona Helduen Hezkuntzarako Programa Orokorra taxutzea.
b) Entitate publikoek nahiz pribatuek eginiko pertsona helduen hezkuntzarako proiektuak sustatu eta koordinatzea.
c) Programa orokorraren betearazpenean lorturiko emaitzak ebaluatzea.
d) Administrazio publikoek bideratzen dituzten aurrekontu-baliabideak koordinatzea.
e) Nafarroako Gobernuak esleitzen dion beste edozein.
24. artikulua. Foru lege honetako 5. artikuluan jasotako prestakuntza-programei dagokienez administrazio-eskumenak dauzkaten departamentuek programen kudeaketaz eta jarraipenaz arduratuko den administrazio-unitatea zehaztuko dute.
Hezkuntza eta Kultura Departamentuan zuzendaritza-organo bat eratuko da, eta horri honako eskumen hauek esleituko zaizkio: foru lege honetako 7. artikuluan agertzen diren hezkuntza- sistemari loturiko prestakuntza-programak garatu, kudeatu, koordinatu eta horien jarraipena egitea, eta programa horiek ezarri eta garatzetik eratorritako jarduerak.
25. artikulua. Nafarroako Eskola Kontseiluak eta Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak pertsona helduen hezkuntzari buruzko programa orokorrari eta horren inguruan egiten diren plan berariazkoei nahi urtez urtekoei buruz informatuko dute. Halaber, ikasketa horiek garatu eta hobetzeko programak eta ekintzak proposatu ahalko dituzte.
Aipatu kontseiluek helduen hezkuntzari buruzko txostena eta azterketa osorik jasoko dute urteko txostenean.
V. TITULUA
Finantzaketa
26. artikulua. Pertsona helduen prestakuntzaren finantzaketa honako hauen bidez eginen da:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Aurrekontuei buruzko Legean ezarritako kontusailak.
b) Pertsona helduen hezkuntzako programen ardura daukaten entitate publikoen aurrekontuetan ezarritako kontusailak.
c) Estatutik, Europako Batasunetik edo nazioarteko organismoetatik pertsona helduen hezkuntzara bideraturiko funtsak. d) Jatorri pribatutik pertsona helduen hezkuntzara bideraturiko funtsak.
27. artikulua. Nafarroako Gobernuak, betiere, foru lege honetako helburuak lotzeko beharrezkoak diren funtsak jarriko ditu urtero Nafarroako Foru Komunitatearen aurrekontu orokorretan.
Pertsona helduen hezkuntzako ikastetxe publikoekiko lankidetza itun iraunkorrak finantzatzeko, urtero kasuan kasuko deialdi publikoak eginen dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Esku ematen zaie Nafarroako Gobernuari eta gaian eskumena daukaten kontseilariei foru lege hau garatzeko behar diren erregelamendu-arauak eman ditzaten.
Bigarrena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.