17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzkoa
2005-12-22Erakundea: Nafarroako Parlamentua
Argitalpena: NAO, 2005/12/28, 155. zk.
17/2005 FORU LEGEA, abenduaren 22koa, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela.
NAFARROAKO EHIZARI ETA ARRANTZARI BURUZKO FORU LEGEA
ZIOEN AZALPENA I
Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 50.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, eskumen osoa du ehizaren, ibai eta aintziretako arrantzaren eta akuikulturaren gainean.
Eskumen horiek eta Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.c) artikuluak esleitzen dizkionak erabiliz, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea onetsi zuen, orain arte Nafarroako basa faunaren aprobetxamenduak arautu dituena, batez ere ehizari eta arrantzari dagokienez. Eta eremu zabalean egin du, basa fauna oro har, haren habitatak eta faunaren zati baten aprobetxamendua arautu baititu. Horretan guztian estatuko araudiak eta, bereziki, Naturguneak eta basa flora eta fauna zaintzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legeak baliabidearen aurretiko antolamenduan oinarritutako aprobetxamendu teknikei buruz ezartzen dituzten oinarrizko printzipioak eta printzipio orokorrak errespetatu eta zaindu dira, ehiza edo arrantzaren bidez aprobetxatu ezin den gainerako basa fauna babestuko dela bermatuta.
Hala ere, azken 10 urteetan basa fauna eta haren habitatak babesteari buruzko araudiak aparteko indarra hartu du. Europa mailan, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta basa flora eta fauna kontserbatzeari buruzkoak, eta Natura 2000 sarea osatuko duten batasunaren intereseko lekuen adierazpenak gomendatzen dute basa faunako zenbait espezieren aprobetxamenduak eta fauna osoak Nafarroan hartzen dituen habitatak babestu, zaindu edo berreskuratzeari buruzko neurriak bereiz arautzea. Aipatu zuzentarauaren garapenean, neurri horiek hobeki egokitzen dira kontserbatu behar diren naturgune, espezie eta habitaten erregulazioari loturik.
Bestalde, ehizaren bidez aprobetxatu ezin den basa faunarekin burutu beharreko ekintzak eta aprobetxa daitekeen faunarekin burutu beharrekoak nahiko ezberdinak dira. Horrek esan nahi du ehiza eta arrantza baliabideen zentzuzko antolamendu iraunkorrak faunaren elkarreragin partzialak aurreikusi beharko dituela, behar ez diren interferentziak saihesteko asmoz. Hala ere, horrek ez dakar arau berean bi espezie motendako esparru juridikoa ezarri beharrik.
Horregatik guztiagatik, foru lege honek alde batetik basa faunaren zati baten aprobetxamendua arautuko duen araudi esparru propioa ezarri nahi du, eta bestaldetik, 2/1993 Foru Legea aplikatu den hamar urtean metatutako esperientzia erantsi, agertu diren beharrizan guztiei erantzuteko asmoz.
II Foru lege honek ehiza eta arrantza baliabideen aprobetxamenduak Nafarroan izan duen izaera sozial nabaria errespetatzen du.
Ehizaren ohiko kudeaketa eredua teknikoki zuzena bazen ere, foru erkidegoko administrazioaren esku-hartze nabarmena zekarren. Horrek kudeaketa motelagoa eragiten zuen, eta toki entitateei erabakiak hartzeko gaitasuna kentzen zien beren ehiza baliabideak administratzeko orduan. Horregatik guztiagatik, foru lege honek kudeaketa partekatua onartzeko aukera ematen die toki entitateei, ehiza aprobetxamenduak erabiltzeko aukerak emanda. Horrela, baliabide horren aprobetxamenduaren izaera soziala azpimarratzeko ala tokiko garapen sozio-ekonomikorako bide gisa erabiltzeko erabakia udal eremuan geratuko litzateke, toki entitateak hori nahi izanez gero.
Eremu horretan, foru lege honetan ehiza antolatzeko plana ehiza kudeatzeko oinarrizko antolamendurako agiri nagusi gisa finkatzen da, beste kontrol elementu batzuk, hala nola, ehiza barrutien auditoriak edo zaintza sistema ezarri beharra, ahaztu gabe.
Bestalde, azken urteetan nabarmen gehitu dira ehiza-espezieak harrapatzeak eragindako zirkulazio istripuak, benetako arazo sozial bihurtu direla. Gaur egun, istripu mota horren erantzukizuna harrapatutako animaliaren jatorria den ehiza aprobetxamenduaren titularrari egozten zaio, erantzukizun objektiboko sistema baten bidez. Hala ere, ezin da ahaztu gertaera horietan nahastutako agenteak asko direla: administrazioa, gidaria, eta ehiza barrutiko eta ustiategietako titularrak, bakoitzak bere partaidetza eta zirkunstantziak dituela. Gaur egungo egoera gertaeren errealitatera egokitzeko, erregulazio honetan araudi eta jurisprudentziako gaur egungo ildoekin bat datorren erru edo zabarkeriazko erantzukizun sistema ezartzen da.
III
Foru lege honek egitura hau du: atariko titulu bat, ondo bereizita dauden lau titulu, sei xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.
Atariko tituluak foru erkidegoko ehiza eta arrantza baliabideen aprobetxamendu antolatua azpimarratzen du, iraunkortasun irizpideen arabera egiten baita, eta arlo horri eragiten dioten erabakiak hartzeko gizartearen partaidetza bermatuta.
Ehizari buruzko I. tituluak ondokoak arautzen ditu: ehizan aritzea; ehiza-espezieak; ehiza lizentziak; ehiza barrutiak, barrutien titularren eta ehiza aprobetxamenduen titularren betebeharren erregulazio zehatza nabarmentzen dela, barrutiaren kudeaketa gauzatzen duten ala ez kontuan hartuta; ehizan aritzeko muga eta debeku bereziak, eta salbuespenezko baimenak; ehizaren antolamendua, ehiza antolatzeko planek ehizaren kudeaketa burutzean duten garrantzia azpimarratuta; segurtasuna ehizan, eta barrutian zaintza sistema ezarri beharra; eta azkenik, aurreikusten diren sustapen neurriak.
II. tituluak arrantza arautzen du aurreko tituluaren sistematikari jarraikiz, eta arrantzaren kudeaketa arrantza antolatzeko plan zuzentzaileen, arrantza antolatzeko arroko planen eta arrantza kudeatzeko plan teknikoen bidez planifikatzea azpimarratzen du.
III. tituluan ehizarako faunako espezieek trafiko istripuetan eragindako kalteengatik ezarri den erantzukizun mekanismoa nabarmentzen da. Azkenik, IV. tituluak zehapen araubidea arautzen du ehiza eta arrantza arloan. Ezarri beharreko zehapenak egokitzen ditu eta eragindako kaltea konpontzea errazten du, ordezko ingurumen zerbitzua arautuz.
ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Foru lege honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko ehiza eta arrantza baliabideen aprobetxamendua iraunkortasun irizpideen arabera babestu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea da.
2. artikulua. Aprobetxamendu antolatua.
1. Ehizan aritzea zilegi izanen da, soil-soilik, ehiza antolatzeko plan indarduna duten ehiza barrutietan edo ehiza kontrolatuko eremuetan, foru lege honetako xedapenei eta hura garatzen duten gainerako arauei jarraituz.
Lege hau onetsi eta bi urteko epean, Nafarroako Gobernuak ehiza antolatzeko eskualde-planak eginen ditu, non eskualdeetako ehiza barrutiek bete beharreko kudeaketa-ildo oinarrizkoak ezarriko baitira.
2. Arrantzan aritzea zilegi izanen da, soil-soilik, foru lege honetako xedapenei eta ibai tarte bakoitzerako erregelamendu bidez beraiaz ezar daitezkeen arauei jarraituz.
3. artikulua. Baliabideen iraunkortasuna.
1. Ehiza eta arrantza baliabideen aprobetxamendua lehentasunez animali populazio naturaletan oinarrituko da. Iraunkortasun irizpideen arabera eginen da; beraz, biodibertsitatearen iraupenarekin bateragarria izan beharko du, aniztasun genetikoa kontserbatzeko, populazio aloktonoen sarrera galarazteko eta ehiza eta arrantza lurralde-garapenean txerta daitezen sustatzeko.
2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak espezie edo populazio aloktonoak deuseztatzeko neurriak hartu ahalko ditu, baliabide naturalen iraunkortasuna bermatzeko xedearekin.
3. Ehizaren antolamendua dela bide, espezieen bideragarritasunari eusteko behar adinako kudeaketa unitateak eratuko dira eta barrutien titulartasunen erantzukizunpeko autonomia sustatuko da.
4. Arrantzaren antolamenduak, berriz, harrapatzen diren aleak beren ingurune naturalera itzultzeko aukera ematen duten arrantza modalitateak sustatuko ditu.
5. Ehiza-jarduera orok habitaten, espezieen, biodibertsitatearen eta paisaiaren kalitatea zaindu beharko ditu, eta, era berean, baliabide naturalen erabilera eta aprobetxamendu ordenatua ziurtatu beharko ditu, bai eta garapen ekonomiko iraunkorra eta gizarte-, kultura- eta kirol-helburuak ahalbidetu ere. 4. artikulua. Gizartearen parte-hartzea.
Ehiza eta arrantza aprobetxamenduen gaineko erabakiak hartu behar direnean, gizartearen parte- hartzea ahalik zabalena izanen da. Lehendik dauden organoak izanen dira parte-hartze horretarako bitartekoak, hala nola, Ehiza eta Arrantzarako Batzorde Aholku-emailea edo Nafarroako Ingurumen Kontseilua, eta organo berriak ere sortu ahalko dira. Hartara ahalik adostasun handiena bilatuko da eta parte hartzeko bideak ezarriko dira, erabakiak non aplikatu behar diren, hango gizartearen errealitatearen isla izan daitezen.
I. TITULUA
Ehiza
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
5. artikulua. Ehiza zer den.
Ehizatzat honakoa joko da: armak, animaliak, ehiza tresnak edo bestelako baliabideak erabiliz ehiza gai diren animaliak bilatu, erakarri, jazarri edo inguratzea, haiek hiltzeko, harrapatzeko, uxatzeko edo hirugarrenei haien harrapaketa errazteko asmoarekin, eta horretarako behar diren zuzeneko prestakuntza lanak egitea.
6. artikulua. Ehizan aritzeko eskubidea.
1. Nafarroan ehizan aritu ahalko dira 14 urtetik gorakoak, behar den gaitasun eta ezagutza frogatu ondoren lizentzia eskuratzen badute, epai judizialaren edo administrazio ebazpen irmoaren bidez ehizarako ezgaiturik ez badaude, behar diren baimenak badituzte eta arauzko gainerako baldintzak betetzen badituzte. Adingabeek, jarduera horretan aritu ahal izateko, adin nagusiko ehiztariren bat lagun izan beharko dute uneoro, eta hark haien erantzukizuna izanen du.
2. Baimen berezia behar duten baliabideak edo armak erabili ahal izateko, kasuan kasuko baimena eduki beharko da. Gainera, armak erabiltzen dituzten ehiztari guztiek erantzukizun zibileko aseguru kontratua egin beharko dute, ehizan ari direnean eragin ditzaketen kalteen ordaina emateko betebeharra estaliko duena.
7. artikulua. Ehizan aritzea.
Nafarroan honela egin beharko da ehiza:
a) Berariaz mugatutako eremuetan edo ehiza kontrolatuko eremuetan.
b) Ehizarako aprobetxamendu-gai deklaratutako espezieen gain.
c) Indarra duen araudian erabiltzeko edo edukitzeko debekurik ez duten harrapaketa metodoak eta baliabideak erabiliz.
d) Debekualdiei buruzko xedapen orokorrari eta ehiza antolatzeko planari jarraituz. e) Lizentzia, asegurua, arma baimena, armaren arauzko dokumentazioa, eta barrutiko baimena izanik.
II. KAPITULUA
Ehiza-espezieak
8. artikulua. Ehiza-espezieak.
1. Debekualdiei buruzko urteroko xedapen orokorrean ehiza-espezie izendatutako basa animalien espezieak, subespezieak eta populazioak izanen dira ehizarako gai. Etxeko animalia basati bihurtuak ere harrapatu ahalko dira.
2. Kanpo geldituko dira katalogatutako espezieak edo babes araubidea dutenak, etxeko animaliak eta basa animalia etxekotuak.
9. artikulua. Ehizakien jabetza.
1. Ehiza foru lege honetako preskripzioen arabera egiten denean, ehiztaria ehizakien jabe eginen da haiek hartuta. Ehizakia hartutzat joko da hil edo harrapatuz gero. Hil edo harrapatu arte, ehizakia "res nullius" izanen da.
2. Ehizakien jabetzaren inguruko zalantzak sortzen direnean tokian tokiko ohitura eta usadioak aplikatuko dira. Beste araurik ezean, ehizakiaren gaineko jabetza eskubidea lehen zauria egin duen ehiztariarena izanen da, ehiza larriko animalia bada, edo hil duen ehiztariarena, gainerako espezieetakoa bada. Hegaztia denean, bota duen ehiztariarena izanen da jabetza eskubidea.
3. Ehiztari batek ehizan aritzea zilegi duen tokitik animalia bat zauritzen badu, hura hartzeko eskubidea izanen du besteren titulartasuneko ehiza eremuan sartuta ere, baldin eta mugatik animalia bistan badu. Arma irekita edo hustuta eta zakurra lotuta dituela sartu beharko du ehizakiaren bila. Mugatik ehizakia ikusterik ez badu, ehiztariak besteren ehiza eremuan ehizakiaren bila sartu aurretik titularraren baimena beharko du. Titularrak baimena ukatzen badio, zauritu edo hildako animalia eman beharko dio, aurkitu edo harrapatuz gero.
III. KAPITULUA
Lizentziak, gaitasun probak eta baimenak.
10. artikulua. Ehiza lizentzia.
1. Nafarroako Foru Komunitateko ehiza lizentzia agiri pertsonala, besterenduezina eta nahitaezkoa da, foru erkidegoan ehizan aritzeko gaitzen duena. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ematen du.
2. Lehenbiziko ehiza lizentzia eskuratzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 14 urte izatea eta ehiztarien azterketa gainditzea.
3. Adingabeek lizentzia eskuratzeko, legez ordezkatzen duen pertsonaren baimen idatzia beharko dute. 4. Lizentziek urtebeteko indarraldia izanen dute eta urtebeteko aldietarako berritu ahalko dira.
5. Salbuespenez, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo bizi diren herritarrei aldi baterako ehiza baimena eman ahalko zaie.
11. artikulua. Lizentzia eskuratu ezin izateko arrazoiak.
Honako hauek ezin izanen dute ehiza lizentziarik eskuratu, ez eta berritu ere:
a) Lizentzia eskuratzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenek.
b) Epai irmoaren bidez lizentzia eskuratzeko ezgaituta daudenek.
c) Foru lege honen kontrako arau-haustea egin dutenek, zehapen espedientean emandako ebazpen irmoaren bidez ezgaituta badaude.
d) Foru lege honen edo hura garatzeko arauen kontrako arau-haustea egin dutenek, zehapen espedientean ebazpen irmoaren bidez ezarritako zehapenak eta gainerako betebeharrak agiriz bete izana frogatzen ez badute.
12. artikulua. Lizentziaren etendura.
Baldin eta, zehapen espedientean emandako ebazpen irmoaren ondorioz, ehiza lizentzia aldi baterako eteten bada, titularrak lizentziaren agiria Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren edo agintaritzaren agenteen esku jarri beharko du, hala eskatzen badiote.
13. artikulua. Ehiztarien azterketa.
1. Nafarroako Foru Komunitatean ehiza lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko, aurretik gaitasun probak eta ehizaren inguruko gaiei buruzko azterketak gainditu beharko dira.
2. Nafarroako Foru Komunitatean ehiza lizentzia eskuratzeko baliozkoak izanen dira beste edozein autonomia erkidegotan emandako gaitasun agiriak eta ehiztari atzerritarrei beste herrialde batzuetan emandako agiri baliokideak; betiere, baldin eta horiek lortzeko gaitasun eta ezagutza probak pasa behar badira.
3. Ehiztari atzerritarren kasuan, erregelamenduz ezarriko da zer agiri behar dituzten ehiza lizentzia lortzeko.
14. artikulua. Baimenak.
1. Barrutietan eta ehiza kontrolatuko eremuetan ehizan aritu ahal izateko beharrezkoa izanen da barrutiko aprobetxamenduaren titularraren baimen idatzia eta behar den lizentzia edo salbuespenezko baimena izatea.
2. Ehiza baimena agiri pertsonala eta besterenduezina da, eta titularrari ahalmena ematen dio barrutian ehizan aritzeko, baimenean bertan ezarritako baldintzak betez.
IV. KAPITULUA Ehiza barrutiak
1. ATALA
Xedapen orokorrak
15. artikulua. Ehiza barrutiak.
1. Ehiza barrutitzat ondoko hau joko da: mugak seinalatuta dituen eremu jarraitua, ehizarako baliatu ahal dena eta ehiza barruti deklaratua izan dena. Ehiza barrutiaren deklarazioak titularrarentzat erreserbatzen du ehizan aritzeko eskubidea. Hala ere, ehizan aritu ahal izateko ezinbestekoa izanen da ehiza antolatzeko plana onetsita egotea.
2. Aurreko zenbakian adierazitakoari dagokionez, ehiza barruti bilaka daitezkeen eremuetan ibaiak, errekak, erabilera publikoko bideak, trenbideak, ubideak edo antzeko eraikuntzak badaude ere eremu horiek jarraitutzat joko dira.
3. Salbuespen gisa, lurralde etena duten udalerriek barruti bakarra eratu ahalko dute.
16. artikulua. Ehiza barrutien sailkapena.
1. Ehiza barrutiak honela sailkatzen dira:
a) Tokiko barrutiak, toki entitateek sustatu eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak deklaratuak.
b) Nafarroako Gobernuaren barrutiak, Nafarroako Gobernuak sustatu eta deklaratuak.
c) Barruti pribatuak, partikularrek sustatu eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak deklaratuak.
2. Aprobetxamendu intentsiboko barrutiak eratzeko baimena eman ahalko da faunaren aldetik balio handirik ez duten eremuetan. Ehiza etxaldeetatik datozen animaliak sartuko dira barruti horietan. Kasu horietan, berdin beharrezkoa izanen da ehiza antolatzeko plana aurkeztea, baimena eman aurretik.
17. artikulua. Ehiza barrutien kudeaketa.
1. Toki entitateek edo, toki entitateekin ados jarrita, aprobetxamenduaren titularrek kudeatuko dituzte tokiko barrutiak. Betiere, ehiza aprobetxamenduaren titularrak bat baino gehiago direnean, toki entitateak kudeatuko du barrutia.
2. Nafarroako Gobernuaren barrutiak eta ehiza kontrolatuko eremuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kudeatuko ditu.
3. Titularrek kudeatuko dituzte barruti pribatuak.
18. artikulua. Azalera.
1. Ehiza barrutiek 2.000 hektareako azalera izanen dute gutxienez. 2. Salbuespen gisa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena emanez gero, 2.000 hektarea baino gutxiago dituzten tokiko barrutiak sortu ahalko dira, herrian 15 hektareatik beherako azalera badago herriko ehiztari bakoitzeko.
19. artikulua. Indarraldia.
Ehiza barrutiak eratu eta 10 urtera iraungiko dira, horretarako berariazko adierazpenik egin beharrik izan gabe.
20. artikulua. Barrutiaren titularraren betebeharrak.
1. Betiere barrutiaren titularrak betebehar hauek izanen ditu:
a) Basa faunaren babesari buruzko araudia betetzen laguntzea.
b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskatzen dituen datu estatistikoak ematea.
c) Titulartasun pribatuko barrutietarako ezarritako tasak edo dagozkien legeetan ezartzen direnak ordaintzea.
d) Barrutiaren aprobetxamendutik ateratako dirusarreren 100eko 25 animalien populazioak eta habitatak hobetzeko inbertitzea.
e) Epizootia izan litekeen gaitzen bat agertuz gero Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua jakinaren gainean jartzea, bai eta barrutietan pozoitzerik izan bada edo debekatutako tresnarik erabili bada.
f) Ehiza aprobetxamenduaren titularren eta nekazarien arteko koordinaziorako mekanismoak ezartzea, nekazaritzari ahalik kalte gutxien eragiteko.
2. Barrutiaren titularra kudeaketaren arduraduna izanez gero, aurrekoez gainera betebehar hauek izanen ditu:
a) Barrutian egiten diren ehiza jardueren antolaketaz eta nondik norakoaz erantzutea, eta ehiza jarduera antolatuak direnean, segurtasunaz ere bai.
b) Ehiza antolatzeko plana egin eta finantzatzea.
c) Barrutia behar bezala garbitu eta seinalatzea.
d) Ehiza-espezieen populazio nagusiei urtero kontrolak egitea haien bilakaera aztertzeko.
e) Barrutian ehiza babesteko behar adinako zaintza jartzea, ehiza antolatzeko planari jarraituz.
f) Barrutiko ehiza-espezie guztien aprobetxamendua kudeatzea, ehiza antolatzeko planean eta foru lege honetan ezarritako mugen barnean.
g) Urteroko kudeaketa planak aurkeztea. h) Barrutiaren kudeaketari buruzko ikuskapenak onartzea.
i) Kalteak ekiditeko behar diren neurriak hartzea.
21. artikulua. Aprobetxamenduaren titularraren betebeharrak.
1. Betiere aprobetxamenduaren titularrak betebehar hauek izanen ditu:
a) Barrutiko ehiza antolatzeko planaren edukia onartzea.
b) Aurreko artikuluko lehen idatz-zatiko a), b) eta e) letretan eta artikulu bereko bigarren idatz-zatiko a), c) eta h) letretan xedatutakoa betetzea, aprobetxamenduaren adjudikazioan ezartzen diren arau eta baldintzen arabera.
2. Gainera, barrutiaren kudeaketaren arduradun izanez gero, aprobetxamenduaren titularrak aurreko artikuluko bigarren idatz-zatian azaltzen diren betebeharrak ere izanen ditu.
22. artikulua. Kontrol neurriak.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, interesatuari entzun ondoren, neurri hauek hartu ahalko ditu:
a) Ehiza aldi baterako edo epe mugarik gabe galaraztea, barrutien kudeaketaren arduradunak ehiza antolatzeko planeko zehaztapenak betetzen ez baditu, urteroko kudeaketa planak aurkezten ez badira edo barrutiaren titulartasunari lotutako betebehar ekonomikoak betetzen ez badira.
b) Barrutiaren zati batean ehiza debekatzea, edo espezie jakin baten aprobetxamendua debekatzea, edo ehiza garaia murriztea, basa fauna babesteko baldintza bereziak direla-eta beharrezkotzat jotzen bada.
c) Epizootiak edo pertsonei, etxeko abereei nahiz basa animaliei kutsatu ahal zaizkien gaitzak dauden tokietan ehiza jarduerak debekatzea.
23. artikulua. Segurtasun eremuak barrutietan.
1. Armekin ehizan aritzea debekaturik dago barrutietako segurtasun eremuetan.
2. Barrutien barneko segurtasun eremuak dira pertsonen edo ondasunen babes egokia bermatzeko prebentzio neurri bereziak hartu behar diren alderdiak, eta betiere honako hauek:
a) Errepide eta bide publikoak, altxonbideak eta abelbideak.
b) Trenbideak.
c) Ibaiak, ibaibideak eta ibai-bazterrak.
d) Hiriak eta herriak.
e) Jendea bizi den tokiak. f) Bere ezaugarriak kontuan izanik segurtasun eremu deklaratzen den beste edozein toki.
2. ATALA
Tokiko barrutiak
24. artikulua. Eraketa.
1. Toki entitateek beren mugapeetan tokiko barrutiak eratu ahalko dituzte, gune populatuak eta mugatutako beste eremu batzuk kanpo utzita, eta ukitutako lurren jabetza publikoa ala pribatua den kontuan hartu gabe.
2. Toki entitateak elkartu ahalko dira, elkarteko toki entitateen lurrak barnean hartuko dituen tokiko barrutia eratzeko. Horretarako, udalerri mugakideak dituzten udal eta kontzejuen arteko mankomunitateak eratu ahalko dira ere. Toki entitateei esleitzen zaizkien eginkizun eta eskumenak hartuko dituzte mankomunitate horiek".
3. Barnean jabetza pribatuko lurrak dituen tokiko barrutia eratzeko, toki entitateak jabeen baimena beharko du.
25. artikulua. Ehiza aprobetxamendua tokiko barrutietan.
1. Ehiza antolatzeko plan onetsian zenbat ehiza aprobetxamendu zehazten diren, hainbat izan ahalko dituzte tokiko barrutiek, eta aprobetxamenduek titular bana izan ahalko dute.
2. Betiere, ehiza antolatzeko planek aprobetxamendu independenteak ezarri ahalko dituzte baldin eta aprobetxamenduen arteko mugak garbiak badira eta aprobetxamenduak bateragarriak badira.
26. artikulua. Aprobetxamendua adjudikatzea.
1. Tokiko barrutietako aprobetxamenduak honela adjudikatu ahalko dira:
a) Zuzenean adjudikatzea legez eraturiko tokian tokiko ehiztari elkarteari.
b) Toki entitateak berak kudeatu ahalko ditu.
c) Enkantean edo lehiaketa publikoaren bidez adjudikatu ahalko dira.
2. Enkantean edo lehiaketa publikoan adjudikatzekotan, baldintza teknikoen plegua onetsi beharko da. Pleguaren gutxieneko edukia erregelamendu bidez zehaztuko da, eta administrazio espedientea izapidetuko da, toki araubideari buruzko legeria indardunari jarraituz.
3. Toki entitateak aprobetxamendu guztiak barrutiaren kudeaketa bere gain hartuko duen titular bakarrari zuzenean adjudikatzeko asmoa badu, ehiza antolatzeko planaren aurretik egin ahalko du adjudikazioa. Hala ere, adjudikazioa baliozkoa izan dadin ehiza antolatzeko plana onetsi beharko da, aprobetxamenduak adjudikatzerakoan itundutako moduan.
4. Barrutiaren titularra den toki entitateak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aprobetxamenduen behin betiko adjudikazioaren agiriaren kopia bat bidaliko dio, adjudikazioa egin eta hilabeteko epean. 5. Aprobetxamenduen titularrek debekaturik izanen dute barrutietako ehiza aprobetxamenduak inori errentan ematea edo kostubidez nahiz doan lagatzea.
6. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak behar diren tresnak jarriko ditu barrutirik ez duten ehiztariek ehizan aritu ahal izan daitezen.
3. ATALA
Nafarroako Gobernuaren barrutiak
27. artikulua. Eraketa.
Nafarroako Gobernuak bere titulartasuneko barruti deklaratu ahal izanen ditu bere ondareko lurrak, edozein udalerritan, betiere kanpo utzita gune populatuak eta mugatutako beste eremu batzuk.
28. artikulua. Ehiza aprobetxamendua Nafarroako Gobernuaren barrutietan.
Nafarroako Gobernuak bere barrutietako aprobetxamenduak nori adjudikatu erabakiko du baliabideen iraunkortasuna, biodibertsitatearen kontserbazioa eta gizartearentzako onura kontuan izanik.
4. ATALA
Barruti pribatuak
29. artikulua. Eraketa.
Partikularrek barruti pribatuak eratu ahalko dituzte beren lurretan edo titularrek baimendutako lurretan, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lur horiek barruti pribatu deklaratuko ditu.
30. artikulua. Ehiza aprobetxamendua barruti pribatuetan.
Barruti pribatuetan ehizan aritzeko ezinbesteko baldintza izanen da aurrez ehiza antolatzeko plana onestea. Plan horretan aprobetxamenduen proposamena jasoko da.
5. ATALA
Ehiza kontrolatuko eremuak
31. artikulua. Ehiza kontrolatuko eremuak.
1. Edozein arrazoirengatik ehiza barrutietatik kanpo gelditu diren eremu jarraituetan ehiza aprobetxamenduei eustea komeni bada, biodibertsitatea edo nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategiak arriskuetatik babestu beharrez, inguru horiek ehiza kontrolatuko eremu deklaratu ahal izanen dira.
2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio ehiza kontrolatuko eremuetako aprobetxamenduak kudeatzea. Zuzenean egin ahalko du lan hori, edo lehiaketaren bidez adjudikatu, edo Nafarroako Ehiza Federazioari laga ahalko dio ehiza txapelketak kudeatzeko ardura.
3. Ehiza kontrolatuko eremuen indarraldia amaituko da haien deklarazioa eragin zuten inguruabarrak desagertzen direnean, edo, betiere, lurren jabeek aprobetxamendurako irtenbide bideragarria aurkezten dutenean, mugatutako eremu batean sartuta.
6. ATALA
Eremu babestuetako ehiza
32. artikulua. Eremu babestuetako ehiza aprobetxamendua
1. Eremu babestuetan, ehiza-espezieen aprobetxamendua kasuan kasuko kudeaketa planaren edukiari lotuko zaio.
2. Aurrekoa ezertan ukatu gabe, kudeaketa planean ehiza debekatzen denean, eremu babestua ehiza barrutian sartu ahalko da, azalera kontatzearen ondorioetarako, eta barrutiko ehiza erreserbei erantsiko zaie.
V. KAPITULUA
Antolamendua eta kudeaketa
1. ATALA
Antolamendu orokorra
33. artikulua. Debekualdiei buruzko xedapen orokorrak
1. Ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendu-gai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen aginduko du.
2. Debekualdiei buruzko xedapen orokorretan berariaz aipatuko dira arrantzarako eremuak, garaiak, egunak eta epeak, espeziearen edo modalitatearen arabera, eta aprobetxamendu-gai diren espezieak babesteko muga orokorrak, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurriak ere.
3. Aldizka, ehiza-espezieen populazioen jarraipena eginen da. Datu horien arabera ezarriko dira debekualdiak eta populazioen aprobetxamendu iraunkorra bermatzeko behar diren mugak.
2. ATALA
Ehiza antolatzeko planak
34. artikulua. Kontzeptua eta edukia.
1. Ehiza antolatzeko planak animalien populazioen eta habitaten egoera aztertuko du eta haien aprobetxamendurako baldintzak ezarriko; kontserbazioaren inguruko helburuak jarriko ditu eta ehiza baliabideen iraunkortasuna ahalbidetuko du, mugatutako eremuko biodibertsitatearen kontserbazioari lotuta.
2. Ehiza antolatzeko planetan honakoak jasoko dira, gutxienez ere: barrutiaren eta populazioen hasierako egoerari buruzko datuak; ehiztarien gehieneko kopurua, barrutiaren azaleraren edo oparotasunaren araberakoa; kontrol eta jarraipenerako erabili beharreko metodoak; ehiza-espezieen populazioak eta habitatak hobetzeko programa; ustiapen programa; finantza programa; barrutiko basa fauna babesteko neurriak; erabilera jakinetarako aldeen mugaketa, eta aprobetxamendu plana.
Gainera, ehiza antolatzeko planetan erreserbak ezarriko dira, balio ekologiko bereziko eremuek iraun dezaten edo espezie guztiek non babestu eta garatu izan dezaten. Erreserba horietan ezin izanen da ehizan ibili, ez eta animaliei traba egin diezaiekeen beste inolako jarduerarik egin, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako ohiko jarduerak izan ezik.
3. Ehiza antolatzeko plana onesterakoan ehizan aritzeko mugak ezarri ahalko dira, kontuan izanik barruti bakoitzaren berezitasunak, ehiza-espezieetako populazioen egoera, barrutiko natur ondasunak edo babestu beharrekotzat jotzen diren gainerako elementuak. Halaber, prezintoak erabili beharra ezarri ahalko da, ehizatzen diren espezieak kontrolatzeko.
35. artikulua. Plana egin eta izapidetzea.
1. Ehiza antolatzeko plana, gai horretan titulua duen teknikariak prestatua, barrutia kudeatzeko ardura duenak egin eta izapidetuko du foru lege honen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpena emanen du ehiza antolatzeko plana onesteko, onespena ukatzeko edo baldintza lotesleen pean onesteko. Plana ezetsitzat joko da baldin eta espediente osoa aurkezten denetik sei hilabeteko epean ez bazaio ebazpenik jakinarazten barrutia kudeatzeko ardura duenari.
36. artikulua. Indarraldia.
Ehiza antolatzeko planek gehienez ere bost urte iraunen dute indarrean, edo barrutiaren nahiz ehiza kontrolatuko eremuaren indarraldia amaitu arte, lehenago amaitzen bada. Ehiza antolatzeko plana iraungitzen denean barrutia iraungitzeko bi urte edo gutxiago falta bada, planaren indarraldia barrutia iraungi arte luzatu ahal izanen da.
Aurkezturiko ehiza antolatzeko plana onetsi ezean, 35. artikuluko 2. idatz-zatiari jarraituz, aurreko planaren indarraldia automatikoki luzatutzat joko da, gehienez ere urtebeteko eperako.
37. artikulua. Aldaketa.
1. Ehiza antolatzeko plana aldatu beharko da barrutiko edo ehiza kontrolatuko eremuko mugak aldatu nahi direnean, ehizarako espezieen nahiz espezie babestuen populazioetan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direnean edo barrutiaren barneko egiturari eraginen dioten aldaketak egin nahi direnean.
2. Ehiza antolatzeko plana aldatzeko prozedura onespen prozedura bera izanen da. 3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ehiza-espezieetako populazioen tamaina kontrolatuko du. Gehiegi ustiatzen ari direla edo ehiza antolatzeko planean ezarritako ugaritasun indizeekiko desbideraketa handiak izan direla ikusten badu, plana aldatu ahal izanen du. Komunitate naturalak kontserbatzeko helburuarekin ere plana aldatu ahal izanen du.
3. ATALA
Ehiza barrutien kudeaketa
38. artikulua. Urteko kudeaketa planak.
Barrutiaren kudeaketaren arduradunak urtero kudeaketa plana aurkeztu beharko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari. Kudeaketa plana bat etorriko da ehiza antolatzeko planeko zehaztapenekin, eta ondokoak bilduko ditu, gutxienez:
a) Urteko kontrola, populazioetan urtetik urterako gorabehera handiak izaten dituzten ehiza xeheko espezie sedentarioen gainean.
b) Ehiza xehearen egutegia eta ehiza larriaren kupoa barrutian.
c) Aurreko kanpainako aprobetxamenduak iraun duen aldian egindako harrapaketen kopuruak.
d) Istripuen, zuzenean edo beste erakunde nahiz entitate batzuen bidez jasotako kexen, ordaindutako kalteen eta haien egoeraren zerrenda.
VI. KAPITULUA
Ehizan aritzeko arau berariazkoak
1. ATALA
Mugak eta debekuak
39. artikulua. Baliabide debekatuak.
Debekaturik dago animaliak harrapatzeko metodo eta tresna hauek edukitzea eta ehizarako erabiltzea baimenik gabe:
1. Lakioak edo amuak eta mota guztietako tranpa eta zepoak, saihets edo zepo txikiak, sareak, zuloak, nasak eta eper-sareak barne.
2. Arbolatxoa, hagaxkak, lika-adarrak, barraka edo parany delakoa eta likarekin erabiltzen diren tresna edo metodo guztiak.
3. Babestutako espezieetako animalia biziak edo bezatuak erabiltzea apeu gisa, edo bestelako animaliak, hilik nahiz bizirik, itsuturik edo elbarriturik, eta mota guztietako apeu elektriko edo mekanikoak, grabazioak barne, usategietako ehiza tradizionalean erabiltzen diren uso biziak izan ezik.
4. Animaliak elektrokutatu edo moteltzeko aparatuak. 5. Faroak, ispiluak eta bestelako argi artifizial edo itsugarriak.
6. Sare mota guztiak edo sareen bidez funtzionatzen duten tramankuluak, hala nola, sare eraisgarriak, laino-sare edo sare bertikalak eta kanoi-sareak, bai eta sare japoniarrak eta txalupa italiarra ere.
7. Karnata mota guztiak, keak, gasak edo arrastoa uzten duten substantziak, pozoiak, substantzia moteltzaileak, sorgorgarriak, erakargarriak edo uxagarriak, bai eta lehergaiak ere.
8. Kargadorean bi kartutxo edo gehiago eduki ditzaketen arma erdiautomatiko edo automatikoak, aire konprimatuko armak, eraztun-perkusioa duten 22 kalibreko errifleak, isilgailua edo gauez tiro egiteko bisorea duten armak, substantzia moteltzaileak injektatzeko jaurtigaiak jaurtitzen dituzten armak eta baleztak.
9. Hudoak.
10. Mota guztietako aireontzi eta uretako ontzietatik edo lurreko ibilgailu motordunetatik tiro egitea.
11. Balinak, postak edo lehertzen diren balak, eta jaurtigaia manipulaturik duten mota guztietako balak. Kartutxoetan sartzen diren jaurtigaiak postatzat hartuko dira 2,5 gramo edo gehiagoko pisua badute.
12. Ahate-kanoiak.
13. Hezeguneetan berunezko perdigoiak erabiltzea ehizarako, araudi aplikagarriaren arabera.
40. artikulua. Beste muga eta debeku batzuk.
1. Oro har, salbuespenezko baimenik izan ezean, debekaturik dago:
a) Debekualdiei buruzko xedapen orokorrean ezartzen diren debeku garaietan ehizan aritzea.
b) Ehiza-espezieen zulo eta habiak hondatzea, eta kumeak edo arrautzak harrapatzea zirkulazio eta salerosketarako.
c) Ehizan aritzea abantaila-egun deituetan, hau da, sute, epizootia, uholde, lehorte, izotzaldi edo bestelako ezbeharren ondorioz animaliek ohiko defentsak ahuldurik dituztenean edo toki jakinetara jo beharra dutenean.
d) Elur egunetan ehizan aritzea, lurra elurrez estalita dagoelarik edo elurraren ondorioz animaliek defentsarako aukerak murriztuta dituztelarik, usoa eta birigarroa tiro-postuetatik ehizatzeko modalitatean izan ezik.
e) Lainoa, elur erauntsiak, kea edo bestelako arrazoiak direla-eta gaizki ikusi eta pertsona edo ondasunei kalte egiteko arriskua dagoenean ehizan aritzea. Betiere ehiza debekaturik dago 250 metrora dagoena ikusterik ez dagoenean.
f) Eguzkia atera baino ordubete lehenagotik sartu ondoko ordubete geroagoko tartetik kanpo ehizan aritzea, erregelamendu bidez beste epe bat ezartzen zaien ehiza modalitateetan izan ezik. g) Animalien araldian, ugaltze eta hazkuntza sasoian ehizan aritzea. Hala ere, apodunak ehizatzeko baimen baldintzatua eman daiteke araldian.
h) Eperra apeu bidez harrapatzea.
i) Atzeko lerrotik ehizan aritzea.
j) Abere, gurdi, atoi edo bestelako ibilgailuen atzean ezkutaturik ehizan aritzea.
k) Mendian ehizarako armak zorrotik kanpo edo erabiltzeko prest eramatea debeku garaian, horretarako behar den administrazio baimena izan gabe.
l) Ehiza erakarri edo uxatzeko iruzurrezko jokabide guztiak.
m) Barruti bakoitzeko ehiza antolatzeko planean ezarritako baldintzak bete gabe ehizan aritzea.
n) Ehizarako itxiturak jartzea.
2. Ehizarako ez diren zakurrak edozein ehiza eremutan eta edozein garaitan ibiltzen direnean, eta ehiza zakurrak debekualdietan ibiltzen direnean, jabeari edo zaintzaileari agindu ahal izanen zaio zakurra kontrola dezala eta ehizarako animaliei edo haien kume eta arrautzei kalte edo traba egin eta segika ibiltzea galaraz diezaiola.
41. artikulua. Toki edo aldi jakinetarako debekuak.
Ehiza-espezie bati edo gehiagori han edo hemen eragiten dieten gorabehera klimatologiko edo biologiko bereziak gertatzen direnean, ehizarako debekuak ezarri ahalko dira toki edo aldi jakinetarako.
2. ATALA
Merkaturatzea eta garraioa
42. artikulua. Merkaturatzea.
1. Ehiza-espezie deklaratutakoak bakarrik merkaturatu ahal izanen dira, debekualdiei buruzko xedapen orokorrean urtero ezartzen diren ehiza garaietan. Betiere osasun eta kontsumo arloko araudia beteko da.
2. Hala ere, legez eratutako industri ustiategietatik edo ehiza etxaldeetatik datozen aleak urte osoan merkaturatu ahal izanen dira. Betiere haien jatorria frogatu beharko da, eta merkaturatzeko behar diren beste baimen guztiak eskuratu.
3. Animalia biziak eta arrautzak merkaturatu ahal izanen dira baldin eta legez eratutako industri ustiategietatik edo ehiza etxaldeetatik badatoz.
4. Animaliak harrapatzeko metodo eta tresna hauek baimenik gabe merkaturatzea debekaturik dago:
a) Lakioak eta era guztietako arte eta zepoak, txorientzako saihets, sare edo zepo txikiak, zuloak, nasak eta eper-sareak barne. b) Arbolatxoa, hagaxkak, lika-adarrak, barraka edo parany delakoa eta likarekin erabiltzen diren tresna edo metodo guztiak.
c) Espezie babestuetako animalia biziak edo bezatuak, eta bestelako animaliak, bizirik, itsuturik edo mutilaturik, apeu gisa erabiltzeko, bai eta mota guztietako apeu elektriko edo mekanikoak, grabazioak barne.
d) Animaliak elektrokutatu edo moteltzeko aparatuak.
e) Sare mota guztiak edo sareen bidez funtzionatzen duten tramankuluak, hala nola, sare eraisgarriak, laino-sare edo sare bertikalak eta kanoi-sareak, bai eta sare japoniarrak eta txalupa italiarra ere.
f) Postak eta lehertzen diren balak.
g) Ahate-kanoiak.
43. artikulua. Garraioa.
1. Animalien osasunari buruzko araudian ezarritako baimenak eduki behar dira ehiza-espezieetako animalia biziak garraiatu ahal izateko.
2. Ehiza garaian, ehizaki hilen garraioa erregelamendu bidez zehazten diren baldintzak eta betekizunak betez eginen da.
3. Debeku garaian debekaturik dago ehizaki hilak garraiatu eta merkaturatzea, legez eratutako industri ustiategi edo ehiza etxaldeetatik datozenak izan ezik; hauek beren jatorria egiaztatzeko prezinto edo etiketak eduki behar dituzte.
4. Artikulu honetan eta aurrekoan ezarritakoa bete ezean, garraiolariak, erosleak eta saltzaileak erantzukizun solidarioa izanen dute.
3. ATALA
Salbuespenezko baimenak
44. artikulua. Salbuespenezko baimenak.
1. Kapitulu honetan ezarritako debekuak indarrik gabe utzi ahalko dira, aurrez administrazio baimena emanda, ondoko inguruabarretako baten bat gertatzen denean:
a) Behar bezala egiaztatzen denean pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari edo basa faunako espezieei kalte egiteko arriskua dagoela.
b) Zientzia ikerketari, hezkuntzari edo kulturari lotutako arrazoiak daudela egiaztatzen denean, edo xedea basa faunako espezieen birpopulatzea, sarrera, lehengoratzea edo haztegiko hazkuntza erraztu edo laguntzea denean. Horrelakoetan, zientziari edo ikerketari lotutako xedeetarako laginak hartzeko baimena emanen zaie unibertsitateek, erakunde ofizial edo izaera zientifiko, pedagogiko nahiz kultural ezaguneko elkarteek behar bezala kreditaturiko pertsonei soilik. 2. Baimen hori berezia izanen da eta denbora-muga izanen du. Eskatzaileak aurrez frogatu beharko du egin nahi duen harrapaketa hautakorrak ez dituela arriskuan jarriko populazio maila, banaketa geografikoa edo espeziea Nafarroa osoan ugaltzeko ahaleginak. Harrapaketa lanak uneoro administrazioaren kontrolpean eginen dira.
3. Artikulu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren baimen guztietan baldintzak eta bitartekoak ezarriko dira animaliak harrapatzeko eta, behar izanez gero, deuseztatzeko, eta baimenaren itzalpean egin beharreko lanen jarraipen eta kontrolerako bitartekoak ere ezarriko dira.
4. Administrazio baimenen ordez, animaliak harrapatu eta deuseztatzeko baldintzak eta bitartekoak arautzen dituzten xedapen orokorrak eman ahalko dira.
4. ATALA
Ehiza modalitateei buruzko arau berariazkoak
45. artikulua. Ehiza larriko modalitateak.
1. Monteria esaten zaion ehiza larriko modalitatean ehiztariak zakurren laguntzaz aritzen dira. Postuetan paratutako ehiztariek aldez aurretik inguratu duten mendi eremua arakatu egiten da. Betiere ehiztariak 40 baino gehiago dira eta zakurrak 25 baino gehiago. Monteriak egitea kasuan kasuko ehiza antolatzeko planean aurreikusita eduki behar da. Planean zehaztuko dira monteria bakoitzerako ehiza eremuen mugak eta ehiza kanpaina osoan eginen diren monterien kopurua. Halako ehiza saioak egin baino 15 egun lehenago, gutxienez, jakitun jarri behar da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.
2. Ehizaldiak egitea, monteriaren antzekoa den ehiza larriko modalitate gisa, 4 eta 40 bitarteko ehiztari taldeak eta gehienez 25 zakurrek parte hartzen badute, kasuan kasuko ehiza antolatzeko planean aurreikusi behar da.
3. Gaueko zelatan basurdea ehizatzea baimenduta dago, pertsonek istripuak izateko arriskuak gutxituko dituzten neurriak ezarriko direla bermatuz gero, erregelamendu bitartez ezarriko diren baldintzen eta prozeduraren arabera.
46. artikulua. Arkuzko ehiza eta ehiza-hegaztien bidezko ehiza.
1. Arkuz ehizatzea eta hegazti harraparien bidez ehizatzea baimenduta dago, pertsonentzako eta espezieen kontserbaziorako arriskuak ahalik eta gehien murrizten dituzten neurriak ezartzea bermatuz gero, erregelamenduz zehazten diren baldintzen pean.
2. Ehiza-hegaztiak edukitzeko baimen berezia behar da. Baimen hori eskuratzeko behar bezala frogatu behar da hegaztiaren jatorria legezkoa dela, agiri ofizialaren bitartez.
3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua arduratuko da ehiza- hegaztiak erabiltzearen ondorioz populazio naturalak urritu ez daitezen, kutsadura genetikorik gerta ez dadin eta ingurune naturalean espezie berririk sar ez dadin.
47. artikulua. Espezie migratzaileen ehiza. 1. Urtero ezarriko dira udazkeneko migrazioan datozen uso eta birigarroei hegaldian tiro egiteko ehiza postuek bete beharreko baldintzak.
2. Ehiza antolatzeko planen bitartez usoaren ehizarako legez ezarritako etxola tradizionaletan, udazkeneko migrazioaren garaian baimena eman ahalko da apeuko uso biziak erabiltzeko, itsutu edo elbarritu gabekoak. Etxola horietan debekaturik dago usoei hegaldian tiro egitea.
48. artikulua. Kirol txapelketak.
Nafarroako Ehiza Federazioak soilik antolatu ahalko ditu ehizako kirol txapelketak.
49. artikulua. Ehizari lotutako beste ekitaldi batzuk.
Baimena eman ahalko da ehizari lotutako bestelako ekitaldiak antola ditzaten horretarako legezko ahalmena duten entitateek.
VII. KAPITULUA
Segurtasuna ehizan, eta zaintza
50. artikulua. Segurtasuna ehizan.
Erregelamendu bidez ezarriko dira taldean eginiko ehiza larriko ehizaldiek bete behar dituzten segurtasun-neurriak, ehiztarien arteko istripurik izan ez dadin eta mendian dabilen jendeari traba edo arriskurik sor ez dakion".
51. artikulua. Zaintza.
Barrutien kudeaketaren arduradunak bermatu eginen du barrutia zaintzeko sistema egokia egonen dela, ehiza-espezieen aprobetxamendu bidezkoa eta nahitaezko kontrol eta jarraipen neurriak behar adina ziurtatuko dituena.
VIII. KAPITULUA
Sustapena
52. artikulua. Ehiza sustatzeko neurriak.
1. Laguntza ekonomikoak ezarri ahalko dira xede hauetarako:
a) Zaintza sistema ezartzeko.
b) Ehiza antolatzeko planak egiteko eta haietan ezarritako neurriak garatzeko.
c) Ehiza-espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak hartzeko.
d) Barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzat, ehiza-espezieek nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako ustiategietan egiten dituzten kalteengatiko erantzukizun ekonomikoa estaltzeko. e) Barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzat, erantzukizunaren asegurua ordain dezaten, foru lege honen 86. artikuluarekin bat.
2. Eskualde mailako ingurumen-aholkularitza tekniko bat egonen da, ehiza gaietan laguntza teknikoa emanen diena barrutien titularrei, aprobetxamenduen titularrei eta beste administrazio publiko batzuei.
3. Ehiza jarduera alternatiboak sustatu ahalko dira, ehiza jokoa, ariketaren zailtasuna eta gutxiegi ustiatzen ari diren espezieen aprobetxamendua lehenetsiz. Halaber ehiztarien kolektiboaren eraketa sustatu ahalko da zuzeneko jardueren bitartez edo ehiztari elkarteekin eta Nafarroako Ehiza Federazioarekin lankidetzan.
II. TITULUA
Arrantza
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
53. artikulua. Arrantza zer den.
Arrantzatzat honakoa joko da: arrantza tresnak edo bestelako baliabideak erabiliz, arrantza-gai deklaratutako animaliak bilatu, erakarri, jazarri edo inguratzea, haiek hiltzeko, harrapatzeko edo hirugarrenei haien harrapaketa errazteko asmoarekin, eta horretarako behar diren zuzeneko prestakuntza lanak egitea.
54. artikulua. Arrantzan aritzeko eskubidea.
Arrantzan egiteko eskubidea edozein pertsonari dagokio, eta administrazioaren erantzukizuna da eskubide horren erabilerarako arauak, baldintzak eta guneak ezartzea. Arrantzan aritu ahal izateko, beharrezkoa izanen da horretarako lizentzia edukitzea, kasuan kasuko baimenak lortzea eta lege zein erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintzak betetzea.
55. artikulua. Arrantza baliabideen kudeaketa.
1. Arrantza baliabideen kudeaketa iraunkorra eta haien aprobetxamenduaren antolaketa foru erkidegoko administrazioari dagozkio. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bitartez erabiliko ditu eskumen horiek.
2. Foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoari jarraituz, foru erkidegoko administrazioak eginkizun horietako batzuk gizarte izaerako eta irabazteko xederik gabeko entitate publiko edo pribatuen esku utzi ahalko ditu.
II. KAPITULUA
Espezieak
56. artikulua. Arrantzarako espezieak. 1. Ingurumen, Lurraldearen antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak debekualdiei buruzko xedapen orokorren gainean urtero emanen duen foru aginduaren bitartez, zeina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko baita, arrantzarako espezie izendatutako basa faunako espezie, subespezie eta populazio urtarrak izanen dira arrantzarako gai.
2. Espezie mehatxatuen katalogoan dauden espezie, subespezie eta populazioak ezin izanen dira arrantzarako gai deklaratu.
3. Nafarroako Foru Komunitatean arrantzaren kudeaketak espezie autoktonoen garapena sustatuko du.
57. artikulua. Arrantzaren jabetza.
Arrantza jarduera foru lege honetako eta hura garatzeko arauetako preskripzioen arabera egiten denean, arrantzalea arrainen jabe eginen da haiek hartuta. Arraina hartutzat joko da hura hil edo harrapatzen den unetik aurrera.
III. KAPITULUA
Arrantzalea
58. artikulua. Arrantza lizentzia.
1. Nafarroako Foru Komunitateko arrantza lizentzia agiri pertsonala, besterenduezina eta nahitaezkoa da, foru erkidegoan arrantzan aritzeko gaitzen duena. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ematen du.
2. Arrantza lizentzia lehen aldiz eskuratzeko gaitasun probak ezarri ahalko dira.
3. Arrantza lizentziak urtebeteko indarraldia izanen du eta urtebeteko aldietarako berriztatu ahal izanen da.
4. Salbuespenez, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo bizi diren herritarrei aldi baterako arrantza baimena eman ahalko zaie.
59. artikulua. Lizentzia eskuratu ezin izateko arrazoiak.
Honako hauek ezin izanen dute arrantza lizentziarik eskuratu, ez eta berritu ere:
a) Lizentzia eskuratzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenek.
b) Epai irmoaren bidez lizentzia eskuratzeko ezgaituta daudenek.
c) Foru lege honen edo hura garatzeko arauen kontrako arau-haustea eginda, zehapen espedientean emandako ebazpen irmoaren bidez ezgaituta daudenek.
d) Foru lege honen edo garatzen duten arauen kontrako arau-haustea egin dutenek, baldin eta zehapen espedientean ebazpen irmoaren bidez ezarritako zehapenak eta gainerako betebeharrak ez badituzte bete. 60. artikulua. Lizentziaren etendura.
Baldin eta, zehapen espedientean emandako ebazpen irmoaren ondorioz, arrantza lizentzia aldi baterako eteten bada, titularrak lizentziaren agiria Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren edo agintaritzaren agenteen esku jarri beharko du, hala eskatzen badiote.
IV. KAPITULUA
Urak
61. artikulua. Uren sailkapena arrantzari dagokionez.
Arrantzari dagokionez eta espezieen banaketaren arabera, Nafarroako ibai tarte eta ur masak eremu hauetan sailkatuta daude:
a) Salmonidoen eremua: salmonidoak bizi ohi diren ibai tarte eta bestelako ur masa guztiak.
b) Ziprinidoen eremua: gainerako ibai tarte eta ur masak, salmonidoen eremuan sartuta ez daudenak.
62. artikulua. Uren sailkapena aprobetxamenduari dagokionez.
Arrantzaren kudeaketa eta aprobetxamendu motaren arabera, urak honela sailkatzen dira:
a) Araubide bereziko urak.
b) Arrantza pribaturako urak.
c) Arrantzarako ur libreak.
63. artikulua. Araubide bereziko urak.
1. Araubide bereziko urak jabari publikokoak dira. Haietan debekaturik dago arrantzan aritzea, edo arrantza kudeatzeko kasuan kasuko plan teknikoaren arabera egin behar da jarduera hori.
2. Araubide bereziko urak honela sailkatzen dira:
a) Erreserba genetikoak: nahasketa genetikorik gabeko populazioak dituzten ibai tarte edo ur masak dira; potentzial genetikoa eta biodibertsitatea iraunarazteko beharrezkoa da populazio horiek babestea. Toki hauetan arrantzan egin daiteke, betiere populazioak berez irauteko duen ahalmena arriskuan jarri gabe.
b) Arrantzarako debeku lekuak: antolamenduari eta kudeaketari lotutako arrazoiengatik arrantza aldi baterako edo behin betiko debekaturik dagoen ibai tarte eta ur masak dira.
c) Hil gabeko arrantza tarteak: ibai tarte edo ur masa hauetan harrapatzen diren arrain guztiak berehala uretara itzuli behar dira, nahiz eta harrapaketaren ondorioz hilda egon, eta beita artifizialak baino ezin dira erabili. d) Arrantza barruti naturalak: ibai tarte edo ur masa hauetan arrantzan aritu ahal izateko, arrantza lizentziaz gain baimen berezia behar da.
e) Arrantza eskolak: ibai tarte edo ur masa hauek berariaz erabiltzen dira arrantzaren irakaskuntza eta hobekuntzarako eta jarduera horren balioen zabalkunderako.
f) Kirol arrantzaren agertokiak: ibai tarte edo ur masa hauetan arrantzaleen arrantza tresnei buruzko erakustaldiak edo arrantza txapelketak egiten dira, Nafarroako Arrantza Federazioaren babespean.
g) Arrantza tarte intentsiboak: ibai tarte edo ur masa hauetan aldiro-aldiro arrain populazioak indartu egiten dira, arrantzarako legezko neurriak dituzten aleak botaz.
3. Araubide bereziko ibai tarte edo ur masa bat mota batean edo gehiagotan sailkatuta egon daiteke. Halako kasuetan, arrantza kudeatzeko plan tekniko bakar batek arautuko ditu tarte osoa kudeatu eta ustiatzeko neurriak.
4. Araubide berezia duten tarte guztiak behar bezala seinalatuko dira goiko eta beheko muturretan eta sarbide naturaletan.
64. artikulua. Arrantza pribaturako urak.
1. Arrantza pribaturako urak dira urei buruzko araudian hala sailkatuta daudenak, bai eta, titulartasun publikokoak izanik ere, legezko titulu egokiak direla bide arrantza pribatua dutenak ere. Ur horietan arrantzarako eskubidea titulartasun pribatukoa da eta bere araudi propioari lotuta dago, foru lege honetan ezarritakoarekin bat.
2. Arrantza pribaturako uretako arrainak ustiatu ahal izateko nahitaez eratu behar da arrantza barruti pribatua. Barrutia eratzeko baimena eman aurretik kudeaketa eta aprobetxamendurako plan teknikoa onetsi behar da.
3. Arrantza pribaturako tarteak eta ur masak behar bezala seinalatuko dira beren sarbide natural guztietan.
65. artikulua. Ur libreak.
Arrantzarako ur libreak dira araubide bereziko edo arrantza pribaturako eremu gisa sailkatuta ez daudenak, baldin eta foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritako mugak baino ez badituzte arrantzan aritzeko.
V. KAPITULUA
Arrantzaren antolamendua
66. artikulua. Arrantza antolatu eta kudeatzeko tresnak.
Arrantza baliabideen iraunkortasuna bermatzeko, haien aprobetxamendua ondoko tresna hauen bitartez antolatuko da:
a) Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak. b) Arrantza antolatzeko arroko planak.
c) Arrantza kudeatzeko plan teknikoak.
67. artikulua. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak.
1. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak eginen dira Nafarroako Foru Komunitateko uretako baliabideak antolatzeko. Ondoko xedeak izanen dituzte: beren aplikazio-esparrua definitzea, espezieen aprobetxamendu iraunkorra bermatzea, neurri egokiak ezartzea aprobetxamendua ingurunearen ekoizpen ahalmenari egokitzeko, eta arrantzaren gozamena gizarte osoaren eskura jartzea.
2. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileek ondokoak ezarriko dituzte gutxienez:
a) Planaren aplikazio-esparruko ibai tarteen mugak.
b) Arrantza baliabideen jarraipenari, kontrolari eta aprobetxamendu iraunkorrari buruzko gidalerroak eta arau orokorrak.
3. Nafarroako Gobernuak onetsiko ditu arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta.
68. artikulua. Arrantza antolatzeko arroko planak.
1. Arrantza antolatzeko arroko planek zehaztasunez garatuko dituzte arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak.
2. Hauek dira arrantza antolatzeko arroko planen helburuak:
a) Arrantza populazioen hasierako egoera zehaztea.
b) Ibai tarte bakoitzaren harrera ahalmena eta ekoizpen ahalmena zehaztea.
c) Espezie eta populazioen aprobetxamendurako plana definitzea.
d) Arroa eremutan banatzea, aprobetxamendu helburuen arabera.
e) Populazioak kontrolatzeko, haien jarraipena egiteko eta, behar denean, haiek indartzeko programak zehaztea.
3. Arrantza antolatzeko arroko planek arrantza jardueraren esparrua ezarriko dute zeinek bere arroan. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egin eta onetsiko ditu.
69. artikulua. Arrantza kudeatzeko plan teknikoak.
1. Arrantza kudeatzeko plan teknikoen xedea da araubide bereziko arrantzarako tarteetan aprobetxamendu eta kudeaketarako berariazko baldintzak ezartzea. 2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egin eta onetsiko ditu arrantza kudeatzeko plan teknikoak. Gutxienez ondokoak bilduko dituzte:
a) Araubide bereziko tarte edo ur masaren deskripzioa, haren mugak, sarbideak eta aparkalekuak, behar izanez gero.
b) Uraren eta bertako biozenosiaren ezaugarriak.
c) Tarte bat baino gehiago izanez gero, bakoitzaren sailkapena, uraren kudeaketa eta aprobetxamendu moten arabera.
d) Tartea seinalatzeko plana, erabiliko diren seinale motak eta haien esanahia.
e) Harrapatu ahal diren espezieak, gehieneko ale kopuruak, arrantza kupoak eta arrainen legezko neurriak.
f) Arrantzarako garai, egun eta orduak.
g) Arrantza garaiko egun bakoitzeko gehienez zenbat arrantzale aritu ahalko diren.
70. artikulua. Arrantzarako debekualdiei buruzko xedapen orokorrak.
1. Arrantza aprobetxamendua antolatzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendu-gai izan daitezkeen espezieak harrapatzeko debekuei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen aginduko du.
2. Debekualdiei buruzko xedapen orokorretan berariaz aipatuko dira arrantzarako eremuak, garaiak, egunak eta epeak, espeziearen edo modalitatearen arabera, eta aprobetxamendu-gai diren espezieak babesteko muga orokorrak, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurriak ere.
3. Aldizka, arrantzarako espezieen populazioen jarraipena eginen da. Datu horien arabera ezarriko dira debekualdiak eta populazioen aprobetxamendu iraunkorra bermatzeko behar diren mugak.
4. Salmonidoen kasuan, baliabideen aprobetxamendu iraunkorrerako irizpideak populazioen egoeraren aldian-aldiko eta etengabeko kontrolean oinarrituko dira.
71. artikulua. Arrantza baliabideen osasun egoera.
1. Foru erkidegoko administrazioaren eginkizuna da Nafarroako uretako arrantza baliabideen osasun egoera zaintzea.
2. Horretarako, akuikulturako instalazioen eta Nafarroako Foru Komunitateko arrantza baliabideen osasun egoera arriskuan jar dezaketen gainerako jardueren kontrolerako eta osasun zaintzarako programak eginen dira.
3. Osasuna zaindu eta kontrolatzeko programetan arriskurik antzemanez gero, arrantzarako espezie jakinen aprobetxamendua debekatu ahal izanen da, aldi baterako, osorik edo zati batean.
VI. KAPITULUA Arrantza barrutiak
72. artikulua. Arrantza barruti publikoak.
1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio arrantza barruti publikoen deklarazioa egitea. Arrantza barruti publikoak behar bezala seinalatu eta mugatu behar dira. Haien eraketa ofizioz edo entitate publiko nahiz pribatuek eskaturik sustatu ahal izanen da. Eskatzaileek barrutia eratzea zergatik komeni den eta zein helburu lortu nahi diren azaldu beharko dute.
2. Arrantza barruti publikoak aprobetxatu ahal izateko, aurretik arrantza kudeatzeko plan teknikoa onetsi beharko da, kasuan kasukoa. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zuzenean kudeatu ahalko ditu barruti publikoak, edo irabazteko xederik ez duten eta beren eskubide osoak erabiltzeko moduan dauden entitate publiko nahiz pribatuei adjudikatu ahal izanen die kudeaketa, lehiaketa bidez.
3. Aprobetxamendua adjudikatzeko orduan aintzat hartuko dira, lehentasunez, izaera soziala eta arrantza tokiaren hurbiltasuna.
4. Arrantza barrutietako aprobetxamenduen adjudikazioa dutenek ezin izanen dituzte errentan eman, ezta kostubidez nahiz doan laga ere.
73. artikulua. Arrantza barruti pribatuak.
1. Ur pribatuen edo arrantza eskubide pribatuen titularrek eskatuz gero, arrantza barruti pribatuak sortzeko baimena eman ahalko da.
2. Barruti pribatua sortu baino lehen arrantza kudeatzeko plan teknikoa egin beharko du titularrak, eta aurkeztu beharko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, hark onets dezan, eta behar diren baimenak eskuratu.
74. artikulua. Arrantza baimenak.
1. Barrutietan arrantzan aritu ahal izateko beharrezkoa izanen da barrutiko aprobetxamenduaren titularraren baimen idatzia eta behar den lizentzia edo salbuespenezko baimena izatea.
2. Arrantza baimena pertsonala eta besterenduezina da, eta titularrari ahalmena ematen dio barrutian arrantzan aritzeko, baimenean bertan ezarritako baldintzak betez.
75. artikulua. Arrantza barrutietako aprobetxamenduen titularren betebeharrak.
Arrantza barrutietako aprobetxamenduen titularrek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Arrantzarako animalien babesari buruzko araudia betetzen laguntzea.
b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskatzen dituen datu estatistikoak ematea.
c) Barrutian egiten diren jardueren antolaketaz eta nondik norakoaz erantzutea. d) Barrutia behar bezala garbitu eta seinalatzea.
e) Legerian ezarrita dauden edo ezartzen diren tasak ordaintzea.
f) Barrutian arrantza babesteko zaintza egokia jartzea, arrantza kudeatzeko plan teknikoari jarraituz.
g) Barrutiaren kudeaketari buruzko ikuskapenak onartzea.
76. artikulua. Kontrol neurriak.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, interesatuari entzun ondoren, neurri hauek hartu ahalko ditu:
a) Barrutiaren zati batean arrantza debekatzea, edo espezie jakin baten aprobetxamendua debekatzea, edo arrantza garaia murriztea, basa fauna babesteko baldintza bereziak direla-eta beharrezkotzat jotzen bada.
b) Epizootiak edo pertsonei, etxeko abereei nahiz basa animaliei kutsatu ahal zaizkien gaitzak dauden tokietan arrantza jarduerak debekatzea.
VII. KAPITULUA
Berariazko neurriak
77. artikulua. Muga orokorrak.
1. Debekaturik dago animaliak harrapatzeko metodo eta baliabide hauek edukitzea eta arrantzarako erabiltzea horretarako behar den administrazio baimena eduki gabe:
a) Beren taxu edo neurriengatik 8 zentimetro edo gutxiagoko arrainei pasatzen uzten ez dien edozein sare edo tramankulu, baita errekaren zabaleraren erdia baino gehiago hartzen dutenak ere. Berariaz debekaturik daude tresmaileko sareak.
b) Tresna elektrokutatzaile edo motelarazleak, argi-iturri artifizialak, lehergailuak eta arrastoa uzten duten substantziak, pozoiak, substantzia motelgarriak, sorgorgarriak, erakargarriak eta uxagarriak.
c) Atzaparrak, burni-kakoak, hiru-hortzekoak, garroak, granpinak, fitorak, arpoiak, garlitoak, zetabeak, pertolak, esparbelak, esku-sareak, tretzak, zalabardak, kordelak, egoneko amu-hariak edo gisako tresnak.
d) Beitarako arrain biziak erabiltzea, eta ibaia beitaz ereitea arrantzatu aitzin edo arrantzatu bitartean, ziprinidoen arrantza lehiaketetan eta horietarako entrenamenduetan izan ezik, halakoetan beita eta substantzia erakargarriak erabili ahal izanen baitira. Lehiaketa horietan harrapatzen diren arrain guztiak arrainontzi handietan edukiko dira proba egin bitartean, eta, behin kontrolaturik, berriz botako dira uretara kalterik egin gabe.
e) Arrantza errazteko, harri, egur edo bestelako materialez eginiko oztopo edo barrerak paratzea dakarren edozein prozedura, baita urak desbideratzen dituztenak ere.
f) Suzko armak arrantzarako erabiltzea. g) Ur emaria nahierara murriztea, ibaibideak aldatzea edo uretako eta ertzetako landaredia hondatzea.
h) Eskuz arrantzatzea.
i) Urpeko arrantzarako metodo eta tresnak erabiltzea.
2. Espezie eta ur masa bakoitzerako baimendutako beita motak baino ezin izanen dira erabili.
3. Berariazko baimena izan ezean, debekaturik dago tresmaileko sareak, arrantzarako pozoiak, atzaparrak, burni-kakoak, pertolak, esku-sareak, egoneko amu-hariak eta gisako arrantza tresnak merkaturatzea.
78. artikulua. administrazio baimena behar duten jarduerak.
Aniztasun genetikoa kontserbatu eta habitaten eta oreka ekologikoen aldaketa eragozteko, hurrengo jarduerak egin aurretik beharrezkoa izanen da administrazio baimena eskuratzea:
a) Arrantzarako espezie edo subespezie aloktonoak eta haien azpiproduktuak foru erkidegoan sartu, hazi eta lekuz aldatzea.
b) Espezie edo subespezie autoktonoak berriz sartzea, haztea, lekuz aldatzea eta uretara botatzea.
c) Harrapatutako aleak bizirik edukitzea, karramarro seinaleduna eta paduretako karramarroa izan ezik, eta hauek harrapatu diren tokitik kontsumo tokira eramaten diren bitartean soilik.
79. artikulua. Arrantzarako espezieak merkaturatzea.
1. Arrantzarako espezie deklaratutakoak baino ezin izanen dira merkaturatu, debekualdiei buruzko xedapen orokorrean urtero ezartzen diren arrantza garaietan. Betiere osasun eta kontsumo arloko araudia beteko da.
2. Hala ere, arrantzarako espezieen hazkuntzarako legez eratutako industri ustiategietatik datozen aleak urte osoan merkaturatu ahal izanen dira. Betiere haien jatorria frogatu beharko da, eta merkaturatzeko behar diren beste baimen guztiak eskuratu.
80. artikulua. Arrantzarako espezieen garraioa.
1. Arrantzarako espezieetako aleak, karramarroak izan ezik, hilik garraiatu behar dira. Behar diren baimenak eskuratu beharko dira arrantzarako espezieetako ale biziak garraiatzeko.
2. Debeku garaian ezin izanen da arrantzarako espezieetako ale hilik garraiatu, legez eratutako industri ustiategietatik datozenak izan ezik; hauek beren jatorria egiaztatzeko dokumentazioa eduki behar dute.
3. Artikulu honetan eta aurrekoan ezarritakoa bete ezean, garraiolariak, erosleak eta saltzaileak erantzukizun solidarioa izanen dute.
81. artikulua. Distantziak. Arrainak ibaian zehar oztoporik gabe ibil daitezen, arrantzaleek elkarri traba egin ez diezaioten eta baliabideen antolamendua bermatuta egon dadin, erregelamendu bidez gehieneko distantziak ezarri ahalko dira arrantzalearen eta bere tresnen artean, edo gutxieneko distantziak arrantzaleen artean, arrantza-tresnen artean edo beiten artean, bai eta ibai-ertz, presa, dike, pasabide, mailadi eta bestelako erreferentzia natural nahiz artifizialetarainoko distantziak ere.
82. artikulua. Neurriak.
1. Debekaturik dago gutxieneko neurriak ez dituzten aleak eduki, erabili eta merkaturatzea, akuikultura zentro baimenduetatik datozenak izan ezik; hauen jatorria behar bezala frogatu beharko da.
2. Ezarritako gutxieneko neurriak ez dituzten aleak harrapatu eta berehala itzuliko dira uretara.
3. Arrainen luzera buruaren aurreko muturretik isats-hegatsaren atzealdeko erdiko punturaino neurtu behar da, eta karramarroen luzera begien pareko erdiko puntutik isatsaren muturreraino.
83. artikulua. Populazioak indartzea.
1. Nafarroako uretan populazio naturalak indartu edo lehengoratzeko birpopulazioak egitea eta arrantzatu ahal diren aleak botatzea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eginkizunak dira. Urtero birpopulazio plana eginen da. Bertan zehaztuko dira birpopulatu beharreko ibai tarte edo ur masak, espezieak eta toki bakoitzean bota beharreko aleen kopurua.
2. Betiere, populazio naturalak indartu edo lehengoratzen direnean aintzat hartuko dira espezieen banaketaren araberako irizpide ekologikoak, eta ale autoktonoak erabiliko dira.
84. artikulua. Espezie autoktonoen hazkuntza.
Foru erkidegoko administrazioak uretako espezieen hazkuntza, saiakuntza eta ekoizpena sustatu ahalko ditu, Nafarroako ingurune naturalean ur publikoak birpopulatzeko edo populazio naturalak hobetzeko xedearekin.
III. TITULUA
Kalteak eta erantzukizuna
85. artikulua. Ehizarako eta arrantzarako animaliei kalte egitea.
1. Lege zibilen arabera erantzule direnek ordainduko dituzte ehizarako eta arrantzarako animaliei egindako kalteak.
2. Kalte-ordainen zenbatekoa erregelamendu bidez ezarri eta eguneratuko da.
86. artikulua. Ehizarako animaliek kalteak eragitea. 1. Ehiza espezieak harrapatzearen ondorioz gertaturiko istripuen kasuan, ehizaren arloan eskumena duen departamentuak dagokion espediente administratiboa tramitatuko du gerta litezkeen erantzukizunak zehaztu ahal izateko; honelakoak izan daitezke:
a) Animalia harrapatu duen gidaria, istripua ekiditeko behar adinako neurriak hartu ez baditu edo zirkulazioari buruzko arauak urratzea egotzi ahal bazaio.
b) Ehiza aprobetxamenduaren titularra edo, bidezkoa denean, eremu mugatuaren titularra, baldin eta istripua ehiza barrutia axolarik gabe kudeatzearen ondorioz edo ehiztarien ekintzen ondorioz gertatzen bada.
c) Ehizaren arloan eskumena duen administrazioa, ehiza aprobetxamendua antolatzeko xedapenen ondorioz gertatzen bada istripua.
d) Istripua gertatu den bide publikoa ustiatzen duen titularra, istripua animaliek bidea hartzearen aurkako babes neurriak ez kontserbatzearen ondorioz gertatzen baldin bada, betiere haien mantentzea bidea ustiatzen duen titularraren erantzukizuna denean, edo, bestela, istripua ehizarako faunaren iragatea iragarriko duten seinale egokiak ez egotearen ondorioz gertatzen bada.
2. Lege zibilen arabera erantzule direnek ordainduko dituzte ehizarako edo arrantzarako basa animaliek eragindako gainerako kalteak.
3. Ehizarako animaliek bide-istripuetan kalterik eragiten dutenerako, dirulaguntza arautuko da aseguru-mekanismoa ezartzen laguntzeko. Aseguru horrek Nafarroako ehiza aprobetxamenduen titularren erantzukizuna estaliko du.
IV. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
I. KAPITULUA
Ehiza eta arrantzaren arloko arau-hausteak
1. ATALA
Ehizaren arloko arau-hausteak
87. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honakoak dira arau-hauste arinak:
1. Behar den dokumentazioa aldean eraman gabe ehizan aritzea.
2. Ehiza babestu edo sustatzeko instalazioak suntsitu edo hondatzea.
3. Segurtasun eremuetako ehizari buruzko arauak ez betetzea. 4. Ehiztariek ehiza antolatzeko planean eta debekualdiei buruzko xedapen orokorretan dauden mugak ez betetzea, foru lege honek jokabide hori arau-hauste larriagotzat jotzen duen kasuetan izan ezik.
5. Ontzietatik ehizan aritzea.
6. Ehizakiei eraztuna edo marka jartzea baimenik gabe, edo ezarritako ereduekin bat ez datozen eraztun edo markak erabiltzea.
7. Zientzia helburuetarako ezarri zaizkien eraztunak edo markak dituzten animaliak harrapatzen direnean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari horren berri ez ematea.
8. Ehiza-zakurrak erabiltzea debekatutako tokian edo garaian edo debekatutako espezieetako animaliak ehizatzeko.
9. Foru lege honetan zakurren kontrol eta zaintzari buruz xedatutakoa ez betetzea.
10. Espezieen prezintoak eta arauzko markak aldatzea.
11. Edozein garraiobidetan armak eramatea zorrotik kanpo eta erabiltzeko prest, kargaturik ez egon arren.
12. Barruti baten titulartasuna bidegabeki bereganatzea.
13. Barrutietako seinaleei buruzko arauak ez betetzea, ehiza lurrak markatzen dituzten kartel eta seinaleak kendu edo aldatzea, nahasteko bidea ematearren, eta barrutia behar bezain garbi ez edukitzea.
14. Barrutia ezartzeko baldintzak ez betetzea eta barrutiaren mugak edo azalera faltsutzea.
15. Barrutietan ehiza galaraztea bidegabeki, edo galarazten saiatzea.
16. Ebazpen irmo baten bidez ezgaitua egonik lizentzia eskatzea ebazpenaren aplikazio aldian.
17. Foru lege honetan debekaturiko baliabideak edukitzea, baimenik gabe, ehizan aritzeko edo merkaturatzeko.
18. Foru lege honen 20. eta 21. artikuluetan barrutien titularrei eta ehiza aprobetxamenduaren titularrei ezarritako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste hori larriagotzat jotzen ez den kasuetan.
88. artikulua. Arau-hauste larriak.
Honakoak dira arau-hauste larriak:
1. Agintaritzaren agenteei, ehizaren inguruko eginkizunetan ari direlarik, ikuskapenak edo zaintza lanak egiteko trabak edo eragozpenak jartzea.
2. Foru lege honetan debekaturiko baliabideak erabiltzea ehizarako, administrazio baimenik izan gabe. 3. Ehizarako animalia biziak edo ehizarako hegaztien arrautzak inportatu, esportatu, garraiatu edo askatzea baimenik gabe, edo kasu bakoitzean ematen diren arauak bete gabe.
4. Sareak, sare eraisgarriak, laino-sare edo sare bertikalak eta kanoi-sareak osagai dituzten tresna edo tramankuluekin ehizan aritzea baimenik gabe edo baimenaren baldintzak bete gabe.
5. Monteriak eta ehizaldiak egitea foru lege honen 45. artikuluan ezarritako baldintzak bete gabe.
6. Ehizan aritzea lizentziaren edo barrutiko baimenaren titularra izan gabe edo ehizarako ezgaitua egonik.
7. Ehiza lizentziaren eskabidean gezurrezko datuak jartzea.
8. Apeuko animalia biziak, hilak edo bezatuak erabiltzea berariazko baimenik izan gabe, edo baimenean ezarritako baldintzak bete gabe.
9. Debeku garaian ehizaki hilak edukitzea haien jatorria behar bezala frogatzeko modurik izan gabe.
10. Animalia edo ibilgailuen atzean ezkutaturik ehizatzea.
11. Ehizan aritzea abantaila-egun deituetan, hau da, sute, elurte, epizootia, uholde, lehorte edo bestelako ezbeharren ondorioz animaliek ohiko defentsak ahuldurik dituztenean edo toki jakinetara jo beharra dutenean.
12. Eperra apeu bidez harrapatzea.
13. Debeku garaian ehizan aritzea.
14. Kargadorean bi kartutxo edo gehiago eduki ditzaketen arma erdiautomatiko edo automatikoak, isilgailua edo gauez tiro egiteko bisorea duten armak eta substantzia moteltzaileak injektatzeko jaurtigaiak jaurtitzen dituzten armak baimenik gabe eduki edo erabiltzea.
15. Ehiza kontrolatuaren araubidea duten eremuetan uxaka ehizatzea edo bi ehiztari talde edo gehiago batera aritzea, edo animaliak nekatu eta akitzeko baliabideak erabiltzea.
16. Legez baimendutako adina edo sexua ez duten animaliak ehizatu, merkaturatu, eduki edo garraiatzea, hilik nahiz bizirik, animaliaren adina edo sexua nabarmenak diren kasuetan.
17. Edozein garraiobide erabiliz ehizan aritzea.
18. Barrutietako ehiza erreserbetan edo babeslekuetan ehizan aritzea horretarako behar den baimena izan gabe, nahiz eta ehizakirik ez harrapatu.
19. Eremu librean ehizan aritzea.
20. Baimenik gabeko usategietan ehizan aritzea.
21. Oilagorra zelatan ehizatzea, hotz boladetan oilagorra ehizatzea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak horretarako debekua ezarria duelarik, eta usategietatik oilagorra ehizatzea. 22. Ehiza aprobetxamendurako eskubidearen titularrak ez betetzea ehiza antolatzeko planean ezarritako baldintzak.
23. Nahitaezko asegurua kontrataturik eta indarrean izan gabe ehizan aritzea.
89. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Honakoak dira arau-hauste oso larriak:
1. Orkatza, oreina, adarzabala eta ehiza larriko beste espezie batzuk araldian ehizatzea, ehizarako baimenean ezarritako modalitateak eta baldintzak bete gabe.
2. Ehizan aritzea inoren bizitza edo integritate fisikoa arriskuan jartzen delarik.
2. ATALA
Arrantzaren arloko arau-hausteak
90. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honakoak dira arau-hauste arinak:
1. Behar den dokumentazioa aldean eraman gabe arrantzan aritzea.
2. Izokin ibaitzat jotzen ez diren amuarrain ibaietan kanaberaz arrantzan aritzea, arrantzalea edo beita arrainentzako pasabide edo mailadietako sarreratik edo irteeratik 10 metro baino gutxiagora dagoela.
3. Aldi berean bi kanabera baino gehiago erabiltzea, edo izokinaren eta amuarrainaren arrantzan kanabera bat baino gehiago erabiltzea.
4. Arrantzarako legezko eskubidea lehendik erabiltzen ari den beste arrantzale bati traba egitea, arrantzaleen arteko 25 metroko gutxieneko distantzia errespetatu gabe.
5. Izokinaren arrantzan 20 minutu baino gehiago irautea postu batean alerik harrapatu gabe, beste arrantzale bat postua hartzeko zain dagoelarik.
6. Ibaiaren inguruetan sare edo tramankulu debekatuak edukitzea, horretarako administrazio baimenik izan gabe eta tresna horiek beste xede baterako direla behar bezala frogatzeko modurik izan gabe.
7. Ura makilaz jotzea edo harriak botatzea, arrainak uxatu eta sarean harrapatzeko asmoarekin.
8. Arrantzarako debekualdiei buruzko xedapen orokorren eta arrantza antolatzeko bitartekoen kontrako arau-hausteak egitea, foru lege honetan larriagotzat jotzen diren kasuetan izan ezik.
9. Beitarako arrain biziak erabiltzea edo ibaia beitaz ereitea arrantzan aritzeko, horretarako baimenik ez dagoen toki edo modalitateetan. 10. Beren taxu edo neurriengatik 8 zentimetro edo gutxiagoko arrainei pasatzen uzten ez dien edozein sare edo tramankulu erabiltzea, baita errekaren zabaleraren erdia baino gehiago hartzen dutenak ere.
11. Amuarrain ur eta ibaietan gazta, gantz solidoak, haragi oreak, arrabak eta "haragi-harra" edo "asticot" izenekoa beitarako erabiltzea.
12. Ebazpen irmo baten bidez ezgaitua egonik arrantza lizentzia eskatzea ebazpenaren aplikazio aldian.
13. Arrantza barruti baten titulartasuna bidegabeki bereganatzea.
14. Arrantzarako baliabide debekatuak baimenik gabe eduki edo merkaturatzea.
15. Arrantza barrutietako aprobetxamenduen titularrei 75. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste hori larriagotzat jotzen den kasuetan izan ezik.
91. artikulua. Arau-hauste larriak.
Honakoak dira arau-hauste larriak:
1. Erreten, ureztatze-kanal edo banaketa-ubideetan sarez arrantzan aritzea.
2. Izokinak edo arrain babestuak eduki, garraiatu edo merkaturatzea horretarako behar den baimena izan gabe.
3. Harrapatzen diren izokinkumeak, bizirik harrapatu nahiz hilik egon, berehala uretara ez itzultzea.
4. Ofizialki salmonidoen eremu deklaratutako uretan sarez arrantzatzea edo sarez arrantzatzen saiatzea.
5. Arauzko neurriak izatera iritsi ez diren arrain edo karramarroak merkaturatzea edo merkaturatzen saiatzea.
6. Arrantzan aritzea horretarako ezgaituta egonik.
7. Arrantzan aritzea barrutiko baimenaren titularra edo arrantza lizentziaren titularra izan gabe.
8. Edozein presa edo banaketa-uhatetatik 50 metro baino gutxiagora sarez arrantzatzea.
9. Ikuskatu gabe edo prezintaturik dauden sareak erabiltzea.
10. Izokin ibaietan, presapetik edo izokinentzako mailadi sarreratik 50 metro baino gutxiagora kanaberaz arrantzan aritzea.
11. Debeku garaian arrantzan aritzea.
12. Arauzko neurriak izatera iritsi ez diren arrain edo karramarroak uretara ez itzultzea, edo halakoak edukitzea. 13. Agintaritzaren agenteei, arrantzaren inguruko eginkizunetan ari direlarik, ikuskapenak edo zaintza lanak egiteko trabak edo eragozpenak jartzea.
14. Ibaiaren zabaleraren erdia baino gehiago hartzen duten sareekin arrantzatzea, edo arrantzalea dagoen tokitik 25 metro gorago eta 25 metro beheragoko tartean 10 metro edo gutxiagoko zabalera duten ur-lasterretan sare horiek erabiltzea.
15. Kanal, erreten eta banaketa-ubideetan ibaiko faunaren aberastasuna kontserbatzeko instalatutako saretak ez jartzea edo egoera onean ez mantentzea, ezarri zaizkien prezinto ofizialak kenduz edo manipulatuz.
16. Administrazioaren aginduz kontzesiodunek egindako obrak kontserbazio egoera onean ez mantentzea, obra horiek interes hidraulikoak eta arrantzaleen interesak uztartzeko helburuarekin eginak direnean.
17. Arrainentzako mailadi edo pasabideetan arrantzan aritzea.
18. Suzko armekin edo aire konprimatuko armekin arrantzatzea, edo urpeko arrantzarako tresnekin.
19. Arrantza barrutietan eta debeku lekuetan jarritako seinaleak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jarritako beste seinale batzuk bota, hondatu edo lekuz aldatzea.
20. Urpeko arrantzan aritzea edo modalitate horretako tresnak arrantzarako erabiltzea.
21. Debeku lekuetan edo arrantza espresuki debekaturik dagoen tokietan arrantzan aritzea.
22. Foru lege honetan debekatutako baliabideak arrantzarako erabiltzea behar den baimena izan gabe, arau-hauste hori larriagotzat jotzen ez den kasuetan.
23. Eskuz arrantzatzea.
24. Espezie autoktonoak ibai batetik bestera eramatea.
92. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Honakoak dira arau-hauste oso larriak:
1. Aparatu elektrikoak arrantzarako erabiltzea.
2. Aparatu elektrokutatzaile edo moteltzaileak, lehergaiak eta pozoi moteltzaileak, substantzia erakargarriak edo uxagarriak arrantzarako erabiltzea.
3. Ibaietan espezie aloktonoak sartzea.
3. ATALA
Xedapen orokorrak
93. artikulua. Arau-hausteetan parte hartzea. 1. Arau-haustea batera egin duten pertsonetako bakoitzak zenbateraino parte hartu duen zehazterik ez dagoenean, erantzukizun solidarioa egotziko zaie, ezertan ukatu gabe erantzukizuna beren gain hartu dutenek gainerako parte-hartzaileekin banatzeko duten eskubidea.
2. Pertsona juridikoak haien organo edo agenteek egiten dituzten arau-hausteengatik zehatuko dira. Hortaz, hautsitako ordena konpontzeko neurrien kostua beren gain hartuko dute.
3. Guraso-agintearen edo babespearen titularrak beren zaintzapeko adingabeek edo ezgaituek sortutako kalte-galeren erantzuleak izanen dira.
94. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.
Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Zehapen prozedura hasteak, interesatua jakinaren gainean dela, preskripzioa etenen du.
95. artikulua. Tresnen eta harrapatutako aleen dekomisoa.
1. Arau-hauste administratiboa egiten den guztietan, harrapatutako alea dekomisatuko da bizirik edo hilik, bai eta arau-haustea egiteko erabili diren tresnak, baliabide materialak eta animalia biziak edo bezatuak ere. Dekomisoan kontuan hartu beharko dira debekualdiei buruzko xedapen orokorretan ezarritako harrapaketa kupoak.
2. Animalia bizia dekomisatzen denean, agente salatzaileak aske utziko du animalia, bizirik iraun dezakeela uste badu, edo berariaz izendatutako tokira eramanen du. Azken kasu horretan administrazioa animaliaren jabe bihurtuko da. Aukeran, zientzia erakunde edo animaliak babesteko erakunde bati lagako dio, jatorriko herrialdera itzuliko du, lehengoratzeko zentro batera eramanen du edo, animalia autoktonoa bada, ingurune naturalean askatuko du, suspertu eta gero.
3. Animalia hila dekomisatzen denean, administrazioak adierazitako tokira eramanen da eta jaso izanaren agiria hartuko da.
96. artikulua. Arau-hausteak egiteko erabilitako tresnak kentzea.
1. Ustezko arau-haustea egiteko erabili diren tresna edo baliabideak soilik atzemanen ditu agente salatzaileak, eta jaso izanaren agiria emanen du. Bertan haien mota, marka eta zenbakia jarri behar dira eta nora eraman diren adierazi behar da.
2. Ustezko arau-hausleak ez baditu eman nahi arma edo tresnak, salaketa jarriko zaio epaitegian, lege penaletan aurreikusitako ondorioetarako, eta zehapen prozedura administratiboan ukoa inguruabar astungarritzat joko da.
3. Atzemandako tresnak eta baliabide materialak, armak izan ezik, salatuaren esku utzi ahalko dira edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egoitzetara eraman. Berreskuratzen ez badira, besterendu edo suntsitu eginen dira.
4. Atzemandako armak edo baliabideak, foru lege honen arabera legez eduki badaitezke, itzuli eginen dira ondoko kasu hauetan: a) Dohainik, espedientean absoluzio ebazpena ematen bada edo espedientea largesten bada, edo, arau-hauste arina eginda, espedientearen instrukzioan berariaz hala xedatzen bada.
b) Ezarritako zenbatekoa duen erreskatearen ondoren, ezarritako zehapena eta kalte-ordaina ordaindutakoan. Hala ere, espedientearen instruktoreak, behin zehapen proposamena emanda, arma itzultzea erabaki ahalko du, ustezko arau-hausleak banku abala aurkezten badu proposaturiko zehapenaren eta kalte-ordainaren zenbateko osoa bermatzeko.
5. Dekomisatutako armak berreskuratzen ez badira, suntsitu edo besterendu eginen dira eta ez da kalte-ordainerako eskubiderik sortuko.
97. artikulua. Egoitza estatu espainiarretik kanpo dutenek egindako arau-hausteak.
1. Arau-hausleak ohiko egoitza estatu espainiarrean duela frogatu ezean, agente salatzaileak behin- behinean ezarri ahal izanen du isunaren zenbatekoa, eta isuna ordaintzen ez bada edo Zuzenbidean onartutako bideetako edozein erabiliz ordainketa bermatzen ez bada, arau-haustea egiteko erabilitako ibilgailua ibilgetuko du edo arau-haustea egiteko erabilitako tresnak dekomisatuko ditu.
2. Arau-hausleak isunaren zenbateko osoa ordaindu edo bermatu beharko du. Betiere, zehapen espedientea amaitutakoan zenbatekoaren murrizketa lortu ahal izanen du, bidezkoa bada.
98. artikulua. Ekintza publikoa.
1. Administrazio publikoari foru lege honetan eta hura garatu eta aplikatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoa bete dezala eskatzeko ekintza publikoa izanen da.
2. Herritarrek baliatutako ekintza publikoa izapidetu ahal dadin, herritarrek behar bezala frogatu beharko dituzte ustez arau-hauste diren gertaerak. Administrazioak behar adinako frogarik ez dagoela irizten badio, espedientea artxibatu eginen da, administrazioak berak behar diren ikerketak egin eta gero.
99. artikulua. Arau-hausleen Erregistroa.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, ofizioz, Arau-hausleen Erregistroan inskribatuko ditu foru lege honen aplikazioaren ondorioz egindako espedienteetan ebazpen irmoen bidez zehapena jasotzen dutenak.
II. KAPITULUA
Zehapenak eta zehapen prozedura
1. ATALA
Zehapenak
100. artikulua. Zehapenak.
Ehiza eta arrantzaren arloko arau-hausteek zehapen hauek izanen dituzte: a) Arau-hauste arinek 50 eurotik 500 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia etetea gutxienez hilabeterako eta gehienez urtebeterako.
b) Arau-hauste larriek 501 eurotik 2.000 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia etetea eta ezgaitzea gutxienez urtebeterako eta gehienez hiru urterako.
c) Arau-hauste oso larriek 2.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia kentzea eta berriz eskuratzeko ezgaitzea gutxienez hiru urterako eta gehienez bost urterako.
d) Barrutiaren titularrak edo ehiza aprobetxamenduaren titularrak egindako arau-haustea izanez gero, zehapen gisa barrutiko ehiza jarduera aldi baterako eten ahalko da, arau-haustea arina edo larria denean, edo behin betiko, arau-haustea oso larria denean.
101. artikulua. Zehapen osagarriak.
1. Zehapen osagarri hauek ezarri ahalko dira: arau-haustea egiteko erabilitako baliabideak suntsitzea edo kentzea, eta bidegabeki harrapatutako aleak kentzea.
2. Berariaz emandako baimen baten baldintzak betetzen ez direnean, baimen hori indarrik gabe utzi ahalko da arau-hauslea zehatzeko.
102. artikulua. Zehapenak preskribatzea.
Ehizaren eta arrantzaren arloko arau-hausteengatik ezartzen diren administrazio zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute arau-haustea oso larria bada, bi urteren buruan, arau-haustea larria bada, eta urtebeteren buruan, arina bada. Zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik kontatuko da preskripzio epea.
103. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.
1. Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egintzaren larritasun benetakoaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:
a) Arau-haustea egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.
b) Eragindako kaltea.
c) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
d) Arau-hausleak zer kargu edo eginkizun duen, edo zenbateko jakitatea bere lanbide edo ikasketengatik.
e) Arau-hausleak administrazioari lagundu dion ala ez gertaerak argitzen eta babespeko ondasuna lehengoratzen.
f) Portaera berean arau-hausteak pilatu diren. 2. Ekintza berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste larrienari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.
104. artikulua. Zehapenen pilatzea.
1. Arau-haustearen erantzuleak bat baino gehiago direnean, zehapen bana ezarriko zaie.
2. Bi arau-hauste edo gehiagoren erantzuleari zehapen bat ezarriko zaio arau-hauste bakoitzeko.
105. artikulua. Adingabeei isuna ezartzea.
Adingabeei isuna ezartzen zaienean, guraso-boterea dutenek ordainduko dute, eta isuna kobratu ordez dekomisatu ahalko zaie arau-haustea egiteko erabilitako arma edo tresna, edo, bestela, adingabeak ezarriko den ordezko ingurumen prestazioa eginen du.
106. artikulua. Hertsatzeko isunak.
Administrazio prozedurari buruzko legeek ezarritako kasuetan eta moduan, aurrez ohartarazpena eginda, isun hertsatzaileak ezarri ahalko dira aldiro, hamabost egun baliodunean behin. Isun hertsatzaile bakoitza ez da izanen isun nagusiaren 100eko 20 baino gehiago, eta gehienez ere 3.000 eurokoa izanen da.
107. artikulua. Ordezko ingurumen prestazioa.
1. Nahi izanez gero, isuna ordaindu ordez ingurumen prestazioa egin ahalko da, zehapena ezarri duen organoak berak adierazten duen eran. Ingurumen prestazioa ezartzerakoan, zehapenak ematen dituen organoak baloratu beharko du ezarri beharreko prestazioaren eta ordeztutako isunaren arteko baliokidetasuna, bai eta hura egiteko epeak ezarri ere.
2. Prestazioa esandako epeetan egiten ez bada, isuna berriz ezarriko da, berandutza interesak barne direla.
3. Nolanahi ere, isuna ordaindu ordez ingurumen prestazioa egiteak ez ditu hartu ahal berandutza interesak, halako interesik sortzen bada.
2. ATALA
Zehatzeko eskumena eta zehapen prozedura
108. artikulua. Zehatzeko eskumena.
Honakoei dagokie zehatzeko ahalmena erabiltzea:
a) Ingurumen zuzendari nagusiari, arau-hauste arin zein larriak direnean.
b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, arau-hauste oso larriak direnean.
109. artikulua. Aurretiazko jarduketak. 1. Zehapen espedientea hasi baino lehen, hura abiarazteko eskumena duen organoak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazio aldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren zer nolakoak ikertu eta prozedura abiarazi behar den ala ez den erabakitzeko.
2. Zilegi izanen da aurretiazko informazio hori erreserbatua izatea, eta ez da hilabete batetik goiti luzatuko, non eta espresuki erabakitzen ez den beste epe jakin baterako edo batzuetarako luzatzea.
3. Ikuskapen eta kontrol jarduketek, horiek jasorik uzteko egintza edo agiriek, administrazioak egindako analisi edo kontrolek eta lehenbiziko idatz-zatian aipatutako aurretiazko jarduketek ez diote hasiera emanen zehapen prozedurari.
110. artikulua. Zehapen prozedura.
1. Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteak direla-eta espedienteak izapidetu eta zehapenak ezartzeko, administrazio prozedura hau beteko da:
a) Organo eskudunak emanen dio hasiera, ofizioz edo salaketaren ondorioz egindako jarduketak direla bide. Ebazpenean instruktorea izendatuko da. Zuzenbideko lizentziatua izanen da.
b) Instruktoreak karguen plegua idatziko du, zehapena ezartzeko proposamena barne dela, eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean bere eskubideen aldeko alegazioak aurkez ditzan.
c) Alegazioetarako epea iraganik, beharrezkotzat jotzen dituen eginbideak egin ondoren, instruktoreak espedientea igorriko dio ebazteko eskumena duen organoari eta honek hilabeteko epean emanen du ebazpena.
2. Aurreko zenbakian aipatutako karguen pleguak, zehapena ezartzeko proposamena barnean duenak, gutxienez ondokoak bilduko ditu:
a) Ustezko arau-hauslearen identifikazioa eta jakinarazpenetarako helbidea.
b) Gertaera egiaztatuak, arau-haustea tipifikatzeko eta zehapena mailakatzeko garrantzizkoak direnak azpimarraturik.
c) Ustezko arau-haustea, hautsitako araua zein den zehazturik.
d) Zehapena ezartzeko eta haren maila eta zenbatekoa zehazteko proposamena.
e) Bidezkoa denean, kalte eta galerengatik eman beharreko ordaina.
f) Zehapen osagarriak, bidezkoak direnean.
g) Atzeman edo dekomisatu diren arma, tresna eta aleen xedea.
h) Ebazteko eskumena duen organoa.
111. artikulua. Egiazkotasunaren presuntzioa. Administrazioko kideek egiten dituzten ikuskapen-aktetan edo salaketetan azaltzen diren gertaerak egiazkotzat hartuko dira, kontrako frogarik ezean.
112. artikulua. Prozedura iraungitzea.
1. Zehapen prozeduran ebazpena eman eta jakinarazteko epea urtebetekoa izanen da, espedientea abiarazteko administrazio ebazpena ematen den egunetik hasita.
2. Ebazpena emateko eskumena duen organoak, administrazio ebazpen arrazoitua emanda eta bidezko arrazoiengatik, ebazteko epea luzatu ahal izanen du, hasierako epearen erdia gainditzen ez duen denborarako.
113. artikulua. Isuna murriztea.
Ezarritako isuna 100eko 30 gutxituko da ondoko baldintzak betetzen direnean:
a) Arau-hausleak idazki bidez adieraztea ezarri zaion zehapenarekin eta, hala denean, eskatu zaion kalte-ordainarekin ados dagoela.
b) Arau-hausleak isunaren gainerakoa ordaintzea, eta egotzi zaizkion kalte eta galeren ordaina ematea, bidezkoa denean, eta tresna, arma edo animalien erreskatea ordaintzea, hilabeteko epean, zehapena ezartzeko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
III. KAPITULUA
Kaltea konpontzea
114. artikulua. Kaltea konpontzea.
Kasu bakoitzean bidezko izan daitezkeen zehapen penal edo administratiboak batere ukatu gabe, arau-hausleak egindako kaltea zuzendu beharko du. Zuzenketaren xedea da ingurunea erasoa gertatu aurretik zegoen egoerara itzultzea, ahal den neurrian. Era berean, administrazio eskudunak berak gauzatu ahalko du kaltearen konponketa, subsidiarioki, arau-hauslearen kontura.
115. artikulua. Kalte-ordainak.
1. Kalte eta galeren erantzuleek bidezkotzat jotzen diren kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte, exekuzioz finkatutakoak, ezartzen zaien epean.
2. Aurreko zenbakian aipatutako kalte-ordainaren zenbatekoa finkatzerakoan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak animali espezieen baloraziorako ezartzen duen baremoa erabiliko da.
Lehen xedapen gehigarria. Azalerari buruzko baldintzaren salbuespenak barruti pribatuetan.
1. Foru lege honek indarra hartu baino lehen sortutako ehiza barruti pribatuak eta haien ehiza aprobetxamendua mantendu ahal izanen dira nahiz eta 2.000 hektarea baino gutxiagokoak izan, baldin eta 500 hektareatik 2.000 hektarea bitarteko azalera badute eta gainerakoan foru lege honetako xedapenak betetzen badituzte. 2. Salbuespenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena eman ahalko du 2.000 hektareatik beherako barruti pribatuak eratu daitezen Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak indarra hartu baino lehen sortutako barruti pribatu zaharretan, baldin eta honako foru lege honek indarra hartzerakoan barruti horietan ehizarako animaliek eragindako kalterik badago, eta lurraldea egoki kudeatuz ingurumenaren balioak eta populazio naturalak kontserbatuko direla egiaztatzen bada.
Bigarren xedapen gehigarria. 500 hektareatik beherako barrutiak.
Foru lege honek indarra hartzen duenean 500 hektarea baino gutxiago dituzten barrutiak mantendu ahal izanen dira, udazkeneko migrazioetan postuetatik usoa hegaldian ehizatzeko erabiltzen badira.
Hirugarren xedapen gehigarria. Usoaren ohiko ehiza Etxalarren.
Ehizarako debekualdiei buruzko xedapen orokorretan zehazten diren garaietan eta ezartzen diren baldintzak betez gero, zilegi izanen da Etxalar aldean usoa ohiko moduan sareekin harrapatzea.
Laugarren xedapen gehigarria. Arrantzarako espezie, subespezie eta populazio aloktonoak.
Foru lege honek indarra hartu eta gero Nafarroako Foru Komunitatera ekartzen diren edo berez sartzen diren espezie, subespezie edo populazio aloktono berriak ezin izanen dira arrantza-gai deklaratu.
Bosgarren xedapen gehigarria. Agintaritzaren agenteak.
Ingurumenzainak, mendi zaindariak nahiz zaindariordeak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko teknikariak, foru lege hau betearazteko ikuskapen eta kontrol lanetan ari diren bitartean, beren eginkizunetan ari diren agintaritzaren agentetzat hartu behar dira, baldin eta agiri bidez beren izaera frogatzen badute.
Seigarren xedapen gehigarria. Ehizarako itxiturak
Foru lege honek indarra hartu baino lehen baimendutako ehizarako itxituretan ezin izanen da sendotze, handitze edo zaharberritze lanik egin. Halako itxituretan mantentze lanak baino ezin izanen dira egin.
Lehen xedapen iragankorra. Aldi baterako araubidea.
Foru lege honek indarra hartu baino lehen hasitako prozedurei ez zaie honako hau aplikatuko, lehengo araudia baizik.
Bigarren xedapen iragankorra. Ehiza-espezieek errepideetan eragindako istripuak.
Ehiza-espezieek errepideetan eragindako istripuetan kalteak izaten direnean, foru lege honen 86. artikuluan aurreikusitako aseguru modua ezarri bitartean, ordaina jaso behar duen kalte osoaren adinakoak izanen dira laguntzak, non ez den kaltea sortu ehizaren kudeaketan zabarkeriaz jokatzeagatik. Hori dela eta, erreklamazio administratiboen prozedura arautuko da. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eta epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazi ezean erreklamazioa ezetsitzat joko da. Hirugarren xedapen iragankorra. Ehizarako faunaren iragatea iragartzen duten seinaleak.
86.1.d) artikuluan aurreikusitako seinaleak ezartzearen ondorioetarako, foru lege honek indarra hartu eta sei hileko epean, ehizaren arloan eskumena daukan departamentuak eskura daukan informazio guztia emanen dio errepideen arloan eskumena duen departamentuari ehizarako espezieek maiz zeharkatzen dituzten Nafarroako errepideen sareko lekuei buruz.
Ehizarako faunak maiz zeharkatzen dituen lekuak identifikatzeari dagokionez, errepideen arloan eskumena daukan departamentuak errepideen sareko funtzionaltasuna aztertu eta adostasun txostena eman ondoren, ehizarako faunaren iragatea iragarriko duten seinaleak ezarri beharreko errepide tarteak zehaztuko dira. Aurrekoa garatzeko, errepideen arloan eskumena daukan departamentuak gehienez ere hamabi hileko epean jarriko ditu, kasua bada, ehizarako faunaren iragateari buruzko seinaleak.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako xedapenak.
Indarrik gabe geldituko dira foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko xedapen hauek:
_31. artikulua, 4. idatz-zatia:
_III. titulua ("Basa faunaren eta haren habitaten aprobetxamenduaren antolamendua").
_IV. tituluko ("Arau-hausteak eta zehapenak") III. kapitulua ("Ehizaren eta arrantzaren arloko arau- hausteak eta zehapenak").
Azken xedapenetan lehena. Erregelamendu bidezko garapenerako gaikuntza.
Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.