Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

17/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezartzen dituena 2005etik 2008ra bitarteko aurrekontu-ekitaldietarako

2004-12-03

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

17/2004 FORU LEGEA, abenduaren 3koa, toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezartzen dituena 2005etik 2008ra bitarteko aurrekontu-ekitaldietarako. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, TOKI OGASUNEK NAFARROAKO TRIBUTUETAN PARTE HARTZEKO FUNTSAREN ZENBATEKOA ETA BANATZEKO FORMULA EZARTZEN DITUENA 2005ETIK 2008RA BITARTEKO AURREKONTU-EKITALDIETARAKO.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 259. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako toki entitateek beren eskumenak erabili eta helburuak bete ditzaten, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaie, Toki ogasunei buruzko Foru Legeak arauturik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera Nafarroako toki eraentzari berez dagokion gaia baita. Horren bidez zehaztu besterik ez da egiten askitasun finantzarioaren printzipioa, Konstituzioaren 142. artikuluan biltzen dena, bertan jartzen baitu korporazioek behar adina baliabide izan beharko dutela legeak beren gain uzten dituen eginkizunak betetzeko, eta horretarako beren tributuez eta Estatukoetan nahiz autonomia erkidegoetakoetan parte hartuz hornituko direla.

Aurreko hori betetzeko xedez, Nafarroako toki administrazioari buruzko foru lege bereko 260. eta 261. artikuluetan ezartzen da toki ogasunek parte hartuko dutela Foru Komunitateko tributuetan.

Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 123. artikuluak zehazkiago arautzen du zenbatekoa den Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetako partaidetza, eta ezartzen du ezen udal agintaldi bakoitzaren bigarren urteko lehenbiziko seihilekoan Nafarroako Gobernuak Foru Parlamentuari arau-proiektu bat igorriko diola, Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena egin ondoren. Arau-proiektu horretan zehaztuko da, hurrengo lau aurrekontu-ekitaldietarako, toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren zenbatekoa eta, justizia eta proportzionaltasun irizpideetan oinarriturik, funts hori banatzeko formula ere bai.

Foru lege honen bidez betetzen da legez ezarritakoa, esandako epean, eta eragina du 2005, 2006, 2007 eta 2008ko aurrekontu-ekitaldien gainean, jarraian heldu baitira foru lege hau aldarrikatzen den udal agintaldiaren bigarren urtearen ondotik.

Foru lege honek ezartzen du, lehenengo eta behin, toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbateko orokorra, eta, ondoren, zenbateko hori handitzeko sistema, transferentzia arruntak eta bestelako laguntzak deritzen kontzeptuetan. Gehikuntza hori honakoa izanen da: kontsumoko prezioen indizeak Nafarroako Foru Komunitatean izan duen portzentaje-igoeraren parekoa, ekainetik ekainera neurtua, gehi ehuneko bi. Ekitaldi bakoitzari esleitutako partaidetzaren zenbatekoa hirutan banatzen da, Nafarroako toki ogasunei buruzko Foru Legeko 123. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, batetik transferentzia arruntak baitira, bestetik kapital transferentziak eta, azkenik, bestelako laguntzak.

Banatzeko formulak zuzentasun eta proportzionaltasun irizpideak kontuan hartu beharko ditu, aipatu printzipio nagusiak zehazten dituzten parametroetan oinarriturik.

Ildo horretan, foru lege honek proposatzen du transferentzia arrunten funtsaren banatze bat, zeinak, ekitate horizontalaren printzipioa aplikatuz, funts hori partitzen baitu zuzenean toki entitate bakoitzaren gastu beharren arabera eta alderantzizko proportzioan haren ahalmen fiskalarekin, eta horrela bermatzen du gehiago jasoko duela gastu behar handiagoa eta/edo bere baliabideak eskuratzeko ahalmen txikiagoa duenak.

Banatzeko sistema hiru mailatan egituratzen da. Lehenik, Iruñeko udalerriari kopuru bat esleitzen zaio, dituen biztanleen kopuruaren arabera, Nafarroako biztanleen kopuruarekin alderaturik. Bigarrenik, funtsaren gainerakoa banatzen da beste udalerrien artean; eta azkenik, kontzejuen partaidetza finkatzen da, bakoitzari dagokion udalerriari esleitutako kopuruaren gainean, kontzejuak dituen biztanleen kopuruaren arabera.

Bigarren mailako banatze sistemarako, udalerri bakoitzarentzat bi indize lortu behar dira, bata, gastu beharrena, eta bestea, ahalmen fiskalarena, eta horiek zehazteko bideak taxutu dira estatistikako prozeduretan oinarritu eta Nafarroako toki entitateen sektoreko kontabilitateari buruz dagoen informazioari aplikatuta.

Ahalmen fiskalaren ponderazioa 0,3386 da, hori baita, finantzatu beharreko gastu arrunten guztirakoaren gainean, indize horretan ordezkatzen diren toki baliabide ekonomikoen baturaren portzentajea. Baliabide horiek dira hirilurraren eta landalurraren gaineko kontribuzioak, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta herrilurraren katastroko balioa.

Hiru aldagai linealki konbinatuz lortzen da gastu beharren indizea, estatistikoki frogatu baita horiek direla eraginik handiena dutenak tokiko gastu arruntean, haietako bakoitzaren gastua esplikatzeko ahalmenaren bidez ponderaturik. Aldagai horiek dira entitate bakoitzeko biztanleria, hiri lurzoru garbiaren azalera eta 65 urte edo gehiago dituzten biztanleen kopurua.

Banaketako hirugarren mailak ezartzen du kontzejuen partaidetza, udalerriari esleitutako zuzkiduran oinarrituta. Partaidetza hori kalkulatzen da udalerriari esleitutakoa biderkatuz 100eko 30ekin eta kontzejuko biztanleen proportzioarekin, udalerriko biztanleriaren guztirakoarekin alderaturik. Parametro hori da kontzejuei dagokien gastuaren batez bestekoa, gaur egungo eskumenen banaketa kontuan izanik.

Banatze formula berri honek ez du erabateko hausturarik eragin nahi egun arte indarra zuen sistemarekin, eta horregatik kontsideratu da beharrezkoa dela ezartzea iragan aldirako prozedura bat, berme klausula duena.

Kapital transferentziei dagokienez, haien banaketa eginen da azpiegituren plana arautzen duen foru lege baten arabera. Funtsa banatzeko azkeneko kapitulua "Bestelako laguntzak" izenekoa da, zeinaren barrenean sartzen baita "Iruñearen hiriburutza agiria" kontzeptuagatik Iruñeko Udalari dagokion zuzkidura; gainerako toki entitateentzako zuzkidura bat, haien guztien artean banatzen dena formula orokorraren bidez, bai eta Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 72.2 artikuluan, interes komunak babestu eta sustatzeko osaturiko toki entitateen federazio edo elkarteentzako laguntza ekonomikoei buruz, ezarritakoa betetzeko zuzkidura ere.

Azkenik, funtsaren barrenean, "Beren eginkizun instituzionaletan aritzeagatik euren korporazioko kideei ordainsariak, bilkura-sariak edo egindako gastuen ondoriozko bestelako paguak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalentzako konpentsazioa" izeneko partea banatuko da foru lege honetan zehazten den bezala, indarrik gabe uzten baita apirilaren 4ko 23/2003 Foru Legea, gaur egun arte indarra zuena.

I. KAPITULUA

Zuzkidura orokorra eta eguneratzea

1. artikulua. Funtsaren zuzkidura.

Toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko funtsaren zuzkidura, 2005eko ekitaldi ekonomikorako, 202.426.852,55 euro izanen da, eta kopuru hori bera agertuko da Nafarroako aurrekontu orokorretan.

2. artikulua. Funtsaren banaketa.

Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsa, 2005eko ekitaldirako, honela banatuko da:

I._Transferentzia arruntak: 123.811.359,26 euro.

II._Kapital transferentziak: 52.161.428,00 euro.

III._Bestelako laguntzak:

A. Iruñeko Udalari "Hiriburutza agiria" delakoagatik: 15.653.012,51 euro.

B. Nafarroako gainerako udalerriei: 6.457.947,01 euro.

C. Nafarroako udalei, korporazioko kideei ordainketak egiteko: 4.071.336,91 euro.

D. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari: 271.768,86 euro.

3. artikulua. Aurrekontuan esleitutako diru kopurua.

1. Nafarroako 2005, 2006, 2007 eta 2008ko ekitaldiei dagozkien aurrekontu orokorretako bakoitzean, agertuko da zenbatekoa den toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko funtsa, zeina banatuko baita aurreko artikuluan aipatzen diren epigrafeetan.

2. Transferentzia arruntei eta bestelako laguntzei 2006, 2007 eta 2008 urteetan funtsean zer diru kopuru esleituko zaien zehazteko, oinarritzat hartuko da aurreko urtean ezarritakoa, eta gehituko zaio kontsumoko prezioen indizeak Nafarroako Foru Komunitatean izaten duen portzentaje-igoera, ekainetik ekainera hartuz, urte horietako bakoitzerako, eta beste bi puntu.

3. Funtsean kapital transferentzietarako bereizitako diru kopurua 54.773.428 euro izanen da 2006. urtean, 54.773.428 euro 2007. urtean eta 54.773.428 euro 2008. urtean, eta diru hori banatuko da 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Transferentzia arrunten esleipena

4. artikulua. Iruñeko udalerriarentzako esleipena.

1. Iruñeko udalerriari hasiera batez (2005. urtean) esleituko zaion kopurua zehazteko, 2. artikuluko I. idatz-zatian ezarritako zuzkidura hartuko da, eta horri aplikatuko zaio udalerri horretako biztanleen portzentajea, Nafarroa osokoarekin alderatzetik ateratzen dena.

2. 2006, 2007 eta 2008. urteetan jaso beharreko kopurua zehazteko, 2005. urtekoa hartuko da oinarritzat, eta ekitaldi bakoitzerako igoera bat erantsiko zaio, 3. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako irizpideari jarraikiz.

5. artikulua. Gainerako udalerrien artean banatu beharreko zenbatekoa.

1. 2005. urterako, 2. artikuluko I. idatz-zatian esleitutako guztirako kopurua, kenduta Iruñeko udalerriari ekitaldi horretarako egindako hasierako esleipena eta 2. artikuluko III. idatz-zatiaren B letran ezartzen den zuzkidura, banatuko da hasiera batez Nafarroako gainerako udalerrien artean, beren banatze indizearen araberako proportzioan.

2. 2006, 2007 eta 2008. urteetako ekitaldietarako, gainerako udalerrien artean hasiera batez banatuko den kopurua 2. artikuluko I. idatz-zatian eta III. idatz-zatiko B letran ezarritakoa izanen da, Iruñeko udalerriarentzako esleipena, I. idatz-zati horri dagokiona, kendu eta gero.

6. artikulua. Gainerako udalerrientzako banatze formula.

Gainerako udalerrientzako banatze formula lortzen da prozedura honi jarraikiz:

a) Lehenbiziko fase bat izanen da, zeinetan aterako baita gastu beharren indizea, linealki konbinatuz gastu beharra adierazten duten hiru aldagaiak, ponderaturik haietako bakoitzak gastu hori esplikatzeko duen ahalmenaren arabera, erreferentzia gisa 1998-2001 epea hartuz. Aldagaiak izanen dira entitate bakoitzaren biztanleria, hiri-lurzoruaren azalera garbia eta 65 urte edo gehiago dituzten biztanleen kopurua.

b) Bigarren fasean ahalmen fiskalaren indizea aterako da, linealki konbinatuz ahalmen fiskala eta ondare ahalmena adierazten dituzten bost aldagaiak, ponderaturik aldagai bakoitzaren eskubide likidatuen pisuaren arabera, erreferentziatzat hartuz 1998-2001 epeari dagokion bost dirusarrera- moten eskubide likidatuen guztirakoa. Aldagaiak izanen dira hirilurren nahiz landalurren gaineko kontribuzioak, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta herrilurraren katastroko balioa. c) Azkenik, gastu beharren indizeari kenduta 0,3386 faktoreak ponderatutako ahalmen fiskala, formula hau aterako da:

FTC = 0,8990 x PPOB + 0,2076 x PMA65 + 0,4053 x PURB - 0,2329 x PCTU - 0,0177 x PCTR - 0,0941 x PIAE - 0,0912 x PIVTM - 0,0760 x PVCC

Bertan:

_FTC da udalerri bakoitzaren banatze indizea.

_PPOB da udalerri bakoitzaren biztanleria adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoaren biztanleriarekin alderaturik, Iruña kenduta.

_PURB da udalerri bakoitzaren hiri azalera garbia adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoaren hiri azalera osoarekin alderaturik, Iruña kenduta. Hiri azalera garbia da planoaren araberako azaleraren (azalera grafikoa) eta lurzati batuketaren modura hartutako azaleraren (azalera alfanumerikoa) arteko aldea.

_PMA65 da udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleen portzentajea, Nafarroa osoan 65 urte edo gehiago dituzten biztanle guztien baturarekin alderaturik, Iruña kenduta.

_PCTU da udalerri bakoitzaren lurralde kontribuzioaren likidazio-oinarri doitua adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoari dagozkion tributu horren likidazio-oinarri doituen baturarekin alderaturik, Iruña kenduta. Oinarriak doitzen dira merkatu balioen arabera, bitartekoa izanik koefiziente zuzentzaile bat, zeinak balioak handitzen baititu merkatu balioekin alderaturik agertzen duten urruntasunaren arabera. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak finkatuko du koefiziente zuzentzaile hori etxebizitzentzat.

_PCTR da udalerri bakoitzaren lurralde kontribuzioaren landalurrarentzako likidazio-oinarria adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoari dagozkion landalurrarentzako likidazio-oinarri guztien baturarekin alderaturik, Iruña kenduta.

_PIAE da udalerri bakoitzaren jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri-kuota adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoari dagokion jarduera ekonomikoen gaineko zergaren baturarekin alderaturik, Iruña kenduta; betiere, oinarri-kuotatzat hartzen da nazio, lurralde nahiz udal esparruko kuoten batura, udal errekargua kenduta.

_PIVTM da udalerri bakoitzean Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak adierazten dituen portzentajea, Nafarroa osoari dagokion zerga honen eskubide likidatuen guztirakoarekin alderaturik, Iruña kenduta.

_PVCC da udalerri bakoitzean herrilurraren katastroko balioa adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoko udalerrietako balioen guztirakoarekin alderaturik, Iruña kenduta. Beren mugapean kontzejuak dituzten udalen kasuan, bakarrik hartzen da kontuan kontzejuetan kokaturik ez dagoen herrilurraren balioa.

7. artikulua. Gainerako udalerrientzako hasierako esleipena. 1. Udal mailako banatze indizea aterako da aurreko artikuluan aipatzen den formula udalerri bakoitzeko aldagaien balioei aplikatuz.

2. Edozein udalerrirentzat ateratzen den banaketa indizea negatiboa baldin bada, zero balioa emanen zaio, eta berriz kalkulatuko dira gainerako udalerrientzako banatze indizeak, haien guztien batuketaren emaitza 1 izan dadin.

3. Banatze indize hau aplikatuko da banatu beharreko kopuruaren gainean, hori 5. artikuluaren arabera kalkulatzen baita, udalerri bakoitzari hasieran dagokion esleipena lortzeko.

8. artikulua. Berme klausularen aplikazioa eta behin betiko esleipenaren kalkulua udal mailan.

1. Udalerri batek 2005eko ekitaldiarengatik eta aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioz jaso beharreko kopurua ez da inoiz txikiagoa izanen hark berak 2004ko ekitaldiko funtsa banatzean transferentzia arruntak eta Nafarroako udalerrientzako konpentsazio finantzarioa kontzeptuagatik (Nafarroako Foru Komunitatean kontsumoko prezioen indizeak -ekainetik ekainera harturik- izandako portzentaje-igoera gehiturik) jaso zuena baino. 2006, 2007 eta 2008ko ekitaldietarako bermea aurreko ekitaldikoa izanen da (irizpide berari jarraituz eguneratua), Iruñeko udalerriari dagokiona izan ezik.

2. Iruñeko udalerriari ere bermatzen zaio 2005eko ekitaldian, transferentzia arruntak kontzeptuagatik, parte hartzeko funtsetik jaso zuen kopurua, Nafarroako Foru Komunitatean kontsumoko prezioen indizeak _ekainetik ekainera harturik_ izandako igoera gehiturik.

3. 2005. urterako, baldin eta parte hartzeko funtsetik, transferentzia arruntak kontzeptuagatik, udalerri bati hasieran esleitutako kopurua iristen ez bada aurreko idatz-zatietan ezarritako bermera, behar diren kopuruak kenduko zaizkie, hasieran esleituak zituztenetatik, bermatutakotik goitiko kopuruak lortzen dituzten udalerriei, bakoitzari dagokion bermearekin alderaturik lortutako igoeraren araberako proportzioan.

4. 2006, 2007 eta 2008 urteetan aurreko idatz-zatia udalerri guztiei aplikatuko zaie, Iruñeari izan ezik.

9. artikulua. Kontzejuentzako hasierako esleipena.

Kontzejuak dituzten udalerrietan, udalerri horiei esleitutako partaidetzatik parte bat kenduko zaie, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, kontzejuen artean banatzeko. Entitate horien hasierako partaidetza kalkulatzeko, kasuan kasuko udalerriaren partaidetza bider 100eko 30 eginen da, eta hori berriz ere bider kontzejuko biztanleen proportzioa, udalerriaren biztanleria osoarekin alderaturik ateratakoa. Udalerriaren hasierako esleipena gelditzen den kopurua izanen da.

10. artikulua. Bermearen aplikazioa eta behin betiko esleipenaren kalkulua beren mugapean kontzejuak dituzten udalerrietan.

1. Kontzejuek eta dagokien udalerriak, transferentzia arruntak kontzeptuagatik, toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko funtsetik jaso beharreko kopurua, 2005, 2006, 2007 eta 2008ko ekitaldietarakoa, ez da inola ere izanen entitate horietako bakoitzak funtsaren 2004ko behin betiko banaketaren arabera jaso zuena baino txikiagoa. 2. Berme hori kontzejuentzat eta haien esparruko udalerriarentzat gauzatzeko, baldin eta banatze formularen aplikazioarekin hartara iristen ez badira, behar diren kopuruak kenduko zaizkie udalerri berekoak izanik bermetik goitiko kopuruak lortzen dituzten entitateei, 8. artikuluaren arabera haiei esleitutako kopuruetatik, bakoitzak dagokion bermetik izandako igoeraren proportzioan.

11. artikulua. Erabilitako aldagaiak.

1. Nafarroako udalerrien arteko banaketa kalkulatzeko behar diren aldagaien balioak foru lege honen eranskinean aipatzen diren iturrietatik lortuko dira. Aldagaien erreferentzia urtea, banaketa egiten den urteko maiatzaren 1ean eskura dauden Estatistikako Institutu Nazionalaren udalerrietako biztanleriaren inguruko azkeneko datu estatistiko ofizialena izanen da. Erreferentzia urte horretako daturik ez bada, hurbileneko urtekoak hartuko dira.

2. Aurreko idatz-zati horretan xedatutakoa ukatu gabe, Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergako datuak aterako dira azken ekitaldiko kontuen espedientetik, zeina Toki ogasunei buruzko Foru Legearen arabera aurkeztua beharko baitu Toki Administrazioko Departamentuan, edo, bestela, ekitaldi horretako bereko aurrekontuaren likidazio espedientetik, Toki ogasunei buruzko Foru Legeko 227.2 artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera. Aurreko hori hala ez bada, eskura dagoen azkeneko daturik berriena eguneratuko da, urteko 100eko 10eko igoera aplikatuz. Aurreko hiru ekitaldietako daturik ez bada, Nafarroako per capita daturik handienaren arabera kalkulatuko da, biztanleria aldagaia oinarritzat hartuz.

3. Kontzejuentzako banaketa kalkulatzeko, erreferentzia-urtetzat hartuko da, banaketa zein urtetan egiten den, urte horretako maiatzaren 1ean datu ofizialak eskura dauden urtea; datuak, betiere, hala Estatistikako Institutu Nazionalaren udalerrien biztanleria-estatistikakoak nola Nafarroako Estatistika Erakundearen kontzejuen biztanleria-estatistikakoak, bietan urte berari buruzkoak.

4. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa ukatu gabe, kontzejuen edo udalen mugapeetan aldaketak gertatzen badira eta, aldagaien balioek haien eragina jasaten dutelako, banaketan kontuan hartu behar badira, berriz ere kalkulatuko da aldagaien zenbatekoa, banaketa gertatzen den uneko egoera administratiboari egokitzeko, betiere egoera administratibo horri buruzko datu ofizialik ez badago.

12. artikulua. Ordainketa.

1. Toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko funtseko diru kopuruen ordainketa, transferentzia arruntak kontzeptuagatik esleitutakoari dagokiona, lau alditan eginen da ekitaldi bakoitzean, eta hiruhileko natural bakoitzaren lehen hamabostaldian ordainduko dira.

2. Lehenbiziko bi aldietako bakoitzean ordainduko da aurreko ekitaldian behin betikoz jasotako kopuruaren 100eko 25.

3. Hirugarren ordainketa egin aurretik, toki entitate bakoitzarentzako urteko behin betiko esleipena kalkulatuko da, eta une horretan ordainduko da aurreko biak osatuko dituen kopuru bat, esleipenaren 100eko 75era iritsi bitarte, eta laugarren hiruhilekorako utziko da falta den zatiaren ordainketa.

4. Udalerrien eta haien mugapeko kontzejuen artean sinatutako hitzarmenik badago, eta hartan hori aipatzen bada, hitzarmenean ezarritako moduan ordainduko zaie entitate horiei, deusetan ukatu gabe hasiera batean entitate bakoitzari dagokion ekarpenaren zenbatekoa banatze formula aplikatuz kalkulatzea.

III. KAPITULUA

Kapital-transferentzien esleipena

13. artikulua. Kapital transferentzien bidezko partaidetzaren banaketa.

Funtsetik Toki azpiegituren planerako izendatutako diru kopuruen banaketa egiteko, 2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko Foru Legean xedatzen denari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA

Bestelako laguntzen esleipena

14. artikulua. Bestelako laguntzen banaketa.

1. Funtseko diru kopuruetan, "Bestelako laguntzak" sailaren barrenean daudenetatik "Hiriburutza agiria" delakoagatik Iruñeko Udalari dagozkionak, araubide berezi hori ematen duen abenduaren 2ko 16/1997 Foru Legean xedatutakoaren arabera banatuko dira.

2. "Bestelako laguntzak" sail horren barrenean, Nafarroako gainerako udalerrientzat bereizitako ekarpena foru lege honetako II. kapituluan ezarritakoaren arabera banatu eta ordainduko da.

15. artikulua. Nafarroako udalentzako konpentsazioa, hautetsiei beren karguan aritzeagatik ordaindutakoaren aldera.

Beren kargu publiko hautatuan aritzeagatik euren korporazioko kideei ordainsariak, bilkura-sariak, kalte-ordainak edo eginkizun publikoetan parte hartzeko eskubide konstituzionalean aritzearen ondorioz sortutako gastuengatik heldu diren bestelako paguak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalentzako konpentsazioa, honela eginen da:

a) Baldin eta udalek alkate eta zinegotziei ordaintzen badiete, legeria orokorrari jarraikiz, beren karguan denbora osoan edo partzialean aritzeagatik, edo ematen badizkiete bilkura-sariak, kalte- ordainak edo bestelako paguak, kargu publikoan aritzearen ondorio zuzenak direnak, toki ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko funtsetik ekarpen bat jasoko dute, ordain horien kostua kitatzeko.

b) Udalek kontzeptu horregatik urtean jasotzen ahal duten gehienezko ekarpena, 2005. urterako, udala osatzen duten hautetsien kopuruaren arabera, hauteskundeetako legeria orokorrari jarraikiz, honako hau izanen da:

_Kontzeju irekien araubidea duten udalerriak (kontzejuburua): 3.300 euro.

_5 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 8.500 euro.

_7 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 12.500 euro.

_9 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 15.000 euro. _11 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 24.000 euro.

_13 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 41.500 euro.

_17 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 63.500 euro.

_21 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 91.000 euro.

_27 zinegotzi hautetsi dituzten udalerriak: 152.500 euro.

c) Ekarpen horiek beren xedeari lotuak egonen dira, bakar-bakarrik erabiliko baitira alkate nahiz zinegotziei aipatu diren kontzeptuengatik ordaintzeko, eta urtero eguneratuko dira, 3. artikuluko 2. zenbakian ezartzen den moduan.

d) Ordainketa aldi bakarrean eginen da, transferentzia arrunten funts orokorraren bigarren mailakoarekin batera, baina horretarako interesaturik dauden udalek aldez aurretik eskabidea aurkeztu beharko dute, bai eta ziurtagiri bat ere, 2006. urtetik aurrera, aurreko ekitaldian ekarpen hori (halakorik izan bazen) zenbatekoa izan zen eta zertarako erabili zen adieraziko duena, hori dena ekitaldi bakoitzeko lehenbiziko hilabetean. Baldin eta hautetsiei ekitaldian ordaindutako kopuruak guztira iristen ez badira artikulu honetan udal bakoitzarentzat ezarritako gehienezko kopurura, kontzeptu honengatik egiten den hurrengo ordainketan kenduko da kopuruen arteko alde hori.

e) Baldin eta soberakinik gertatzen bada xede hauetarako kontsignazioan, guztira likidatutako kopuruari dagokionez, soberakinak gehituko zaizkio transferentzia arrunten funts orokorrari, zeinari erantsiko baitzaizkio foru lege honetako 12. artikuluan aipatzen den urteko behin betiko esleipena kalkulatu aurretik.

16. artikulua. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntza.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzat funtsaren barrenean esleituriko kopurua ordainduko da transferentzia arruntentzat foru lege honetako 12. artikuluan aipatzen den modu berean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Iraungitzat deklaraturiko eskabideak, 2003an korporazioko kideentzako ordainsarien trukeko konpentsazioei dagozkienak

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari korporazioko kideentzako konpentsazioak ordaintzeko eskabideak tramitatu eta ebazteko, 2003ko ekitaldiari dagozkionak, zeinen gainean eskubidea iraungia zegoela deklaratu baitzen, apirilaren 4ko 23/2003 Foru Legearen arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kreditu sarrerak

Lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatutakoa finantzatzeko, "Nafarroako udalentzako konpentsazioa, beren korporazioetako kideei lansariak edo bilkura-sariak ordaintzeagatik" kontzepturako baliabideetatik, 2003ko ekitaldian erabili ez zirenak 2004ko ekitaldian kontzeptu bereko kontusailean sartuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen da apirilaren 4ko 23/2003 Foru Legea, karguan aritzeagatik euren kideei ordainsariak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalei konpentsazio ekonomikoak emateko sistema bat ezartzen duena.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarrean sartzea

Foru lege honek indar hartuko du 2005eko urtarrilaren 1ean, xedapen gehigarriak izan ezik, horiek indar hartuko baitute Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

ERANSKINA

Aldagaiak eta aplikazio iturriak banatze formulan

1. Udalerri bakoitzaren biztanleria. Estatistikako Institutu Nazionalak, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ari dagokiola, argitaratzen duen ofiziala.

2. Kontzeju bakoitzaren biztanleria. Nafarroako Estatistika Erakundeak, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ari dagokiola, argitaratzen duen ofiziala.

3. Udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleak. Estatistikako Institutu Nazionalak emana (urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa).

4. Hiri azalera garbia. Planoan ageri den azalera (azalera grafikoa) ken lurzatiek batuta duten azalera (azalera alfazenbakizkoa). Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emana. Erreferentzia urtea, udalerrietako populaziorako ematen den berbera.

5. Lurralde kontribuzio doituaren hirilurraren likidazio-oinarria. Hori da udalerri bakoitzeko lurraren gaineko kontribuzioko hirilurraren likidazio oinarria biderkatua merkatuko balioei doitzeko koefizientearekin. Bi horiek Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen ditu, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaletik datuak harturik, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia urte bererako.

6. Udalerri bakoitzeko Lurralde kontribuzioaren landalurraren likidazio-oinarria. Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ematen du, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaletik datuak harturik, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia urte bererako.

7. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri kuota. Nazio kuoten, lurralde kuoten, lokal finkorik gabekoen udal kuoten eta lokal finkoa dutenen udal kuoten batura da, azken horretan udal errekargua kenduta. Datu horiek Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emanen ditu Jarduera Ekonomikoen Erregistrotik, eta udalei jakinaraziko zaizkie, beharrezkoa bada daturen bat aldatzeko aukera izan dezaten, eta horretarako dagokien dokumentazioa Toki Administrazioko Departamentura igorri beharko dute banaketa egiten den ekitaldiko maiatzaren 1a baino lehen, haietaz baliatu ahal izateko, deusetan galarazi gabe aldaketaren tramitazioa aipatutako erregistroan.

Baldin eta Toki Administrazioko Departamentuan dagoen informazioa ikusita uste bada okerrik izan daitekeela erregistroko informazioan, aurreko lerroaldean aipatzen den jakinarazpenean Departamentuak informazioa gehitzeko eskatzen ahalko du, erregistroko datuaren zuzenketa egiaztatzeko.

Eskaera horri dagokion erantzunik ematen ez bazaio, erregistroko datua egiaztatzen ez bada, edo erregistroko daturik ez badago, datu horien ordez jarriko dira zerga honengatik likidaturiko eskubideak, zeinak lortuko baitira Toki Administrazioko Departamentuan, Toki ogasunei buruzko Foru Legearen arabera, azken ekitaldian aurkeztu den kontuen espedientetik, edo, bestela, ekitaldi horretako bereko aurrekontuaren likidazio espedientetik, Toki ogasunei buruzko Foru Legeko 227.2 artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera. Aurreko hori falta bada, foru lege honetako 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

8. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak. Udalek Toki Administrazioko Departamentuari igorritako kontuen lokidazioetatik aterea. Igortzen ez baditu, aplikatuko da zenbatespen bat, kalkulatuko dena foru lege honetako 11. artikuluko 2. puntuan ezarritako irizpidearekin.

9. Herrilurren katastroko balioa. Hori da, Nafarroako udalerri bakoitzarentzat, herri-ondasunen eta haietatik datozenen katastro-balioa, udalerrien biztanleriari dagokion erreferentzia urte bererako. Beren baitan kontzejuak hartzen dituzten udalerrien kasuan, ez da sartzen kontzejuen titulartasunarekin dauden herri-ondasunak. Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emana. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra