16/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzkoa
2005-12-05Erakundea: Nafarroako Parlamentua
Argitalpena: NAO, 2005/12/14, 149. zk.
16/2005 FORU LEGEA, abenduaren 5ekoa, mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
FORU LEGEA, MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZA ARAUTZEARI BURUZKOA
ZIOEN AZALPENA
I
Nafarroako mahastizaintza eta ardogintzaren antolamendua batez ere jatorrizko deitura hauen bidez garatu da: "Nafarroa" jatorrizko deitura eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatua. Mahastizaintza eta ardogintza sektoreen eta deitura horiek gobernatzen dituzten kontseilu arau-emaileen lan zorrotz, profesional eta etengabeari eta deitura horiek zuzentzen dituzten administrazioei esker, Nafarroako ardoak Espainiako ardo botilaratuen merkatuko gorenera iritsi dira eta salmentak, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan, hazi dira.
Nafarroako jatorrizko deitura horiek nabarmenki egin dute aurrera, ekoizpena modernizatu eta ardoa egin eta merkaturatzeko prozesua hobetu baitute. Mahastizaintzaren eta ardogintzaren merkatuek egindako ahalegin itzelak saria jaso du, izan ere, gaur egun, bi deiturak kontsumitzailearentzako kalitate eta berme ikur bilakatu dira.
Mahastizaintza eta ardogintza abenduaren 2ko 25/1970 Legearen babesean garatu ziren, hau da, "Mahastiaren, ardoaren eta alkoholen Estatutua" izenekoaren eta hura garatzeko arauen babesean. Esparru horretan bi gertakizun aipagarri hauek eragin berezia izan zuten: 1978ko Konstituzioaren onespena, estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko eskumen banaketa ekarri baitzuen, eta Espainiaren sarrera Europar Batasunean, batasunaren nekazaritza arloko arauen aplikazioa bultzatu baitzuen, bereziki Europar Batasuneko mahastizaintza eta ardogintza merkatuaren antolakuntzari dagokionez.
Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoak ditu, oso zabalak, bere lurraldeko mahastizaintzaren zein ardogintzaren jarduerak antolatzeko.Esate baterako, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.25 artikuluak eskumena ematen dio jatorrizko deiturak eta publizitatea, estatuarekin lankidetzan, arautzeko. Halaber, lege organiko horren 50.1.a) artikuluak aitortzen dio foru araubideari esker nekazaritza gaietan zuen eskumen esklusiboa, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera. Eta 56.1.d) artikuluak kontsumitzailearen eta erabiltzailearen defentsarako eskumena esleitzen dio, jarduera ekonomiko orokorraren oinarriei eta antolamenduari jarraikiz.
Foru lege honek, Mahastiari eta ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearekin bat, xedea du, alde batetik, Nafarroan egiten diren ardoen kalitatea eta haien merkaturatzea sustatzeari begira hasitako bidetik segitzea eta, bestetik, kontsumitzaileei bermea ematea erosi eta dastatuko duten produktuak Espainiako zein Europako ardo onenen pareko eskakizun teknikoak betetzen dituela.
II Foru lege hau lau titulutan egituratu da: haren helburua eta aplikazio esparrua, mahastizaintza eta ardogintza, Nafarroako Foru Komunitatean egindako ardoak babesteko sistema eta, azkenik, kontsumitzaileen eskubideak babestu eta legeak betetzea. Horretaz gain, xedapen gehigarri bat, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu.
I. tituluan foru legearen helburua eta aplikazio esparrua ezartzen dira eta, halaber, definizio orokorrak biltzen dira.
II. tituluak mahastizaintza eta ardogintza arautzen ditu. Horretan, mahastien landaketari, mahats barietateei eta mahatsondoen landaketari buruzko xedapenak bildu dira eta, halaber, Mahasti Erregistroa ezarri da.
III. tituluan Nafarroan ekoitzitako ardoak babesteko mailak arautzen dira. Babespen sistema horren funtsezko osagaia mailakatzea da. Lehenengo maila "lurraldeko ardoa"k osatzen du. Goragoko maila batean, jatorrizko deiturak ditugu. Hortaz, "Cava" deituraz gain, foru erkidegoko ardoek erabili ahalko dituzten deitura bakarrak "Nafarroa" jatorrizko deitura eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatua izanen dira. Era berean, bide bat ezarri da "Nafarroa" jatorrizko deitura beste maila batera igo eta jatorrizko deitura kalifikatua lor dezan.
Foru lege honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar; izan ere, kontseilu arau-emaileak, orain arte administraziotik banatutako organoak zirenak, zuzenbide publikoko erakunde bilakatuko ditu. Aldaketa hori bat dator Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia berrienarekin eta, gainera, sektoreko ordezkariei garrantzia emateko bide bat da.
"Lur-eremuko ardoak" izeneko kontzeptuak jatorrizko deituretako produktuei kategoria berezia edo handiagoa ematen die. Izendapen hori eskuratu nahi dutenek egiaztatu beharko dute dagokien jatorrizko deituraren baldintzak betetzeaz gain, gainditu ere egiten dituztela beren ardoekin, kalitate handi eta preziatukoak baitira.
IV. tituluan kontsumitzaileak babestu eta legeak beteko direla bermatzeko sistema ezarri da. Horretarako, ekoizleen betebeharrak finkatu eta ikuskapen jarduerak hala nola arau-hausteak eta zehapenak arautu dira.
I. TITULUA
Helburua eta aplikazio esparrua
1. artikulua. Helburua.
Foru lege honek xedea du Nafarroako mahastien eta ardoen inguruko arauak ematea, Europar Batasuneko arauei eta gainerako arau aplikagarriei jarraikiz.
2. artikulua. Definizioak.
Foru lege honen ondorioetarako, definizio hauek ezarri dira:
a) «Landaketa»: mahats landareak, edo mahats landareen zatiak, txertatuak edo ez, behin betikoz landatzea, mahatsa ekoizteko edo txertaketarako mahatsondoak lantzeko. b) «Erauzketa»: mahasti bateko mahatsondoak erabat kentzea.
c) «Mahasti lurzatia»: lur azalera, sail bakar batean, katastroan identifikatua eta Mahasti Erregistroan horrela inskribatua.
d) «Ardoa»: soilik mahats freskoaren, zanpatuaren nahiz zanpatu gabekoaren, edo mahats muztioaren hartzidura alkoholikoaz, guztizkoaz nahiz partzialaz, lorturiko elikagai naturala.
3. artikulua. Ardoen ezaugarriei buruzko deiturak.
1. "Lurraldeko ardoa" aipamen tradizionala erabiltzeko eskubidea duten mahaiko ardoak honela sailkatu ahalko dira zahartze-mailen arabera: "noblea", "urtetsua" eta "zaharra".
2. Eskualde jakin batzuetako kalitateko ardo bareen berezko deiturak: «ondua», «erreserba», «erreserba handia».
4. artikulua. Sustapena.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak mahatsondoari, ardoari eta mahats-muztioei buruzko informazio, zabaltze eta sustapen kanpainak finantzatu ahalko ditu, indarra duten arauen arabera, betiere irizpide orientatzaile hauei jarraikiz:
a) Ardoa neurriz eta erantzukizunez kontsumitzeko gomendatzea.
b) Ardoa dieta mediterraneoko elikagaia denez, ardoa edatearen onuren gainean kontsumitzaileei informazioa ematea.
c) Mahastizaintzaren garapen iraunkorra sustatzea, ingurumenarekiko errespetua eta landa- inguruneko biztanlegoaren egonkortasuna bultzatuz.
d) Nafarroako ardoei buruzko ezagutza sustatu eta zabaltzea estatuko gainerako tokietan, Europar Batasuneko estatu kideetan eta bestelako herrialdeetan, merkatu horietan presentzia handiagoa lortzearren.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak mahastizaintza eta ardogintza sektoreei buruzko ikerkuntza eta garapenerako proiektu eta programak sustatzeko politika bultzatuko du.
3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak beste entitate publiko zein pribatuekin egin ahalko du lan, mahastien, ardoaren eta muztioen inguruko informazio, zabaltze eta sustapen kanpainak prestatzeko.
II. TITULUA
Mahastizaintza eta ardogintza
I. KAPITULUA
Mahastien landaketa, mahats barietateak eta mahatsondoen laborantza
5. artikulua. Landaketak eta birlandatzeko eskubideak. 1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak mahasti berriak landatu edo birlandatzeko baimenen araubidea erregulatuko du, Europar Batasuneko arauei eta gainerako arau aplikagarriei jarraikiz.
2. Landaketa berrietan edo birlandaketetan erabiltzen diren mahatsondoek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
6. artikulua. Birlandaketarako eskubideak eskualdatzea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak partikularren arteko birlandatzeko eskubideen eskualdaketa erregulatuko du, Europar Batasuneko arauei eta gainerako arau aplikagarriei jarraikiz.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak mahastiak landatzeko eskubide erreserbak sortu eta arautu ahalko ditu.
7. artikulua. Barietateak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak "vitis" espezieko mahatsondo barietateen sailkapena onetsiko du, mahatsa produzitzeko edo ugalketa begetatiborako landareak, Europar Batasuneko arauei eta gainerako arau aplikagarriei jarraikiz.
8. artikulua. Mahatsondoak erauztea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak mahastiak erauzteko espedienteak tramitatuko ditu, baldin eta foru lege honetan, Europar Batasuneko arauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa betetzen ez badute.
Foru erkidegoak sortutako landaketa eskubideen erreserban sartuko dira mahastien erauzketatik sortzen diren eskubideak, betiere lurra azken hiru kanpainatan landatu ez bada.
2. Espedientea amaitzeko ebazpenean finkatutako epea erauzketa osorik egin gabe igarotzen bada, administrazioak, eginkizun hori bete bitarte, neurri hauek guztiak edo hauetako batzuk hartu ahalko ditu:
a) Nekazaritzako jardueretarako laguntza eskaerak ukatzea edo emandako laguntzen ordainketa bertan behera uztea.
b) Landaketa berriak edo birlandaketak egiteko eskubideen baimenetarako eskaerak, bai eta birlandatzeko eskubideen eskualdaketei buruzkoak ere, ukatzea.
Aurreko neurriek ez dute ezertan galaraziko administrazioaren eskubidea hertsatzeko isunak jarri eta ordezko betearazpena gauzatzeko, foru lege honen 31. artikuluari jarraikiz.
9. artikulua. Mahatsondoen ureztaketa.
Erregelamenduz ezarriko dira mahatsondoen ureztaketa baimentzeko baldintzak, betiere Europar Batasuneko arauak kontuan hartuz eta eskualde jakin batean ekoitzitako kalitateko ardo bakoitzaren arau partikularrek ezarri ahal dituzten neurri zorrotzagoak galarazi gabe produkzio eremuan ureztaketa baimenduta egoteko moduari eta baldintzei dagokienez, bai eta aplikatzeko modalitateei dagokienez ere, betiere justifikatuta badago, bereziki plubiometria urteko batez bestekoa baino txikiagoa denean. Edonola ere, printzipio bat hartu beharko da kontuan, alegia, praktika horiek ahalmen begetatiboaren eta klima-lurzorua ekosistemaren arteko orekari eusteko balio izatea, kalitate handiko produktuak lortu ahal izateko.
II. KAPITULUA
Mahasti erregistroa eta aitorpenak
10. artikulua. Mahasti Erregistroa.
1. Foru erkidegoko administrazioak mahastien erregistro gaurkotu bat izanen du, non mahastien antolamendu egokirako beharrezko informazioa bilduko den.
2. Era berean, eskubideen erregistro gaurkotua ere mantenduko du, ondokoetan sailkatua: ekoizleei esleitutako landatze eta birlandatze eskubideak eta dago(z)kien erreserb(et)ako eskubideak.
3. Erregistro horiek erregelamendu bidez antolatuko dira, eta hala zehaztuko dira kasuan kasu mantentze eta gaurkotze lanetarako behar diren agiriak.
4. Erregistroa publikoa izanen da, datu pertsonalak babesteari buruzko legeetan ezarritakoa galarazi gabe.
11. artikulua. Uzta-aitorpena.
1. Mahatsa ekoizten duten pertsona fisikoak zein juridikoak nahiz pertsona-elkarteak dira uzta- aitorpena egitera behartuta daudenak, Europar Batasuneko 1282/2001 Erregelamenduko 2. artikuluan ezarritako salbuespenekin.
Aitorpen hori urtero aurkeztu beharko da, abenduaren 10a baino lehen, Nafarroako Gobernuko organo eskudunean, organo horrek ezarritako ereduekin bat etorriz; betiere, eredu horiek Europar Batasunaren 1282/2001 Erregelamenduaren araberakoak izanen dira. Eredu horiek administrazioak berak emanen ditu.
2. Hala ere, bikoizketak saihesteko, kalitateko ardoren baten erregistroan instalazioak inskribatuta izan eta aitorpenak aurkeztera behartuta daudenek beren betebeharrak bete ahal izanen dituzte kasuko kudeaketa organoak ezarritako uzta-aitorpenak osatuz, betiere organo horrek Nafarroako Gobernuan kreditatzen badu emandako ereduak eta jarraibideak bat datozela mahastizaintza eta ardogintzako produktuen nahitaezko aitorpenei aplikatzekoak zaizkien xedapenekin, Europar Batasuneko 1282/2001 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
Aitorpenak homologatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak berariazko ebazpena eman beharko du.
III. KAPITULUA
Ardogintza
12. artikulua. Berezko alkohol graduak era artifizialean gehitzea. 1. Debekatuta dago mahatsaren, muztioen eta ardoen graduazio alkoholiko naturala artifizialki gehitzea, berariaz baimentzen den kasuetan izan ezik.
2. Hala eta guztiz ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, baldintza meteorologiko txarrak daudenean, baimena eman ahalko du oraindik ere hartzidura prozesuan dauden mahatsaren, muztioen eta ardo berriaren graduazio alkoholikoa gehitzeko, estatuko oinarrizko arauetan mahatsen, muztioen eta ardoen alkohol graduazio naturala igotzea baimentzeko ezarritako oinarrizko baldintzen arabera. Horretarako, Europar Batasuneko arauetan ezarritako metodoak ezertan galarazi gabe, ahal dela muztio kontzentratua edo muztio kontzentratu zuzendua gehituko da.
3. Europar Batasuneko arau indardunari jarraikiz, debekatuta dago sakarosa nahiz ardogintzako mahatsetik heldu ez diren bestelako azukreak gehitzea muztioen eta ardoen alkohol graduazio naturala igotzeko.
III. TITULUA
Nafarroako Foru Komunitatean ekoitzitako ardoak babestea
13. artikulua. Sistemaren printzipio orokorrak.
Ardoen jatorria eta kalitatea babesteko sistema honako printzipio hauetan oinarrituko da:
a) Ardoen kalitatea ziurtatzea eta haien aniztasuna mantentzea.
b) Ardogileei lehia zintzoko baldintzak eskaintzea.
c) Kontsumitzaileen babesa eta etiketan jasotako informazioaren egiazkotasun eta frogagarritasunaren printzipio orokorra betetzen dela bermatzea.
d) Ardoak maila ezberdinetan antolatzen uztea, mailaren arabera gero eta betekizun gehiago betearazten duen sistema batean, halako moldez non maila bakoitzak betekizun gehiago ezarriko dituen zuzenean azpitik dagoenak baino.
e) Foru lege honetan jasotako kontrolerako sistema bat egotea, organismo publiko batek eginikoa.
I. KAPITULUA
Ardoen jatorria eta kalitatea babestea
14. artikulua. Babes mailak.
1. Nafarroan egindako ardoak babes maila hauen arabera sailkatu ahalko dira:
a) "Lurraldeko ardoa" aipamen tradizionala eskuratzeko eskubidea duten mahaiko ardoak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aitortuak.
b) Eskualde jakin batzuetan ekoitzitako kalitateko ardoak: b.1. "Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoak. Horiek, eskatuz gero, jatorrizko deitura kalifikatua eskuratu ahalko dute horretarako baldintzak betetzen badituzte.
b.2. "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuko ardoak.
b.3. Lur-eremuko ardoak.
2. "Cava" deitura jatorrizko deituratzat hartuko da ondorio guztietarako, Mahastiari eta ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearekin bat.
3. Gainerako ardoak mahaiko ardoak izan ahalko dira.
15. artikulua. Maila bakoitzerako arau berariazkoak.
Erregelamenduari jarraikiz, babes maila bakoitzean erregulazio orokorra ezarriko da, baina, edonola ere, foru lege honetatik, Europako arauetatik eta gainerako arau aplikagarrietatik sortutako betekizunak bilduko dira.
Halaber, lurraldeko ardo bat edo eskualde jakin batzuetan ekoitzitako kalitateko ardo bat babesteko erabilitako izen geografiko baten babesa aitortu ahal izateko, ardo horrek berariazko arau eraentzaile bat izan beharko du, kasu bakoitzean ezarritako betekizunen arabera.
16. artikulua. Babes-maila bakoitzaren ezaugarriak.
Babes-maila ezberdinetako ekoizpen, prestaketa eta zahartze eskualdeak argiro zedarrituta egon beharko dira, irizpide geografikoen eta, kasua bada, antropikoen arabera.
Halaber, babes-maila bakoitzak berari esleituriko mahasti-barietateak izan beharko ditu eta, kasua bada, zeinek bere gehieneko errendimenduak.
Era berean, maila bakoitzaren babesa daukaten ardoen ezaugarriak zehaztu beharko dira.
17. artikulua. Mailak gainjartzea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako aitortutako babes mailak geografikoki gainjarrita egon ahalko dira.
2. Mahasti bakar batek, Mahasti Erregistroak definituak, babes maila bateko edo gehiagoko ardoak egiteko mahatsak eman ahalko ditu, betiere, erabilitako mahatsak eta lortutako ardoak beren mailen baldintzak betetzen badituzte, mailei hektarea bakoitzeko egokitutako uztaren gehieneko etekinak barne. Mahasti batek ezin izanen ditu bere mahatsak erabili bi motatako lurraldeko ardoa egiteko.
3. Babes maila baterako ezarritako gehieneko etekinak gainditzen diren lurzatien kasuetan, gehieneko produkzio hori guztia erabiliko da mahasti horretan izandako mahats uzta baino handiagoa baimenduta dagoen beste babes maila bateko ardoa egiteko.
18. artikulua. Babestutako izen geografikoen titulartasuna, erabilera eta kudeaketa. Babes maila bati lotua egotearen ondorioz arau berariazkoen arabera babestuta dauden izen geografikoak jabari publikoko ondasunak dira, eta Nafarroako Foru Komunitateak dauka haien titulartasuna, baldin eta foru erkidegoko lurraldearen eremutik kanpo ez badaude.
19. artikulua. "Lurraldeko ardoa" deitura tradizionala erabili ahal duten mahaiko ardoak.
1. "Nafarroa" jatorrizko deitura osatzen duten udal mugapeetako mahastizaintzako lurretan, mahaiko ardo bakar batek izanen du eskubidea "lurraldeko ardoa" deitura tradizionala erabiltzeko.
2. Arestian adierazitakoa ezertan galarazi gabe, aurreko ataleko esparru geografikotik kanpo, beste ardo batzuk lurraldekotzat hartu ahalko dira.
3. Ardo horiek kudeatzeko organoak nortasun juridiko bakarra eta izaera pribatua izanen ditu eta ezin izanen du "batzorde arau-emailea" izena edo horren antzekorik erabili.
4. Erregelamenduaren bidez, "lurraldeko ardoa" aipamena erabili ahal duten ardoek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarriko dira, bai eta kudeaketa organoen egitura eta funtzionamendua eta erabakiak hartzeko modua ere.
20. artikulua. "Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoak.
1. "Nafarroa" jatorrizko deituraren muga geografikoetan sartuko dira soilik mahastizaintzarako baldintza egokiak biltzen dituzten lurrak.
2. Kontseilu arau-emaileak jatorrizko deitura kudeatzeko ardura izanen du. Halaber, ekoizleak eta merkaturatzaileak ordezkatuko ditu. Zuzenbide publikoko korporazio bat da, jatorrizko deitura kudeatzen duena eta berezko nortasun juridikoa duena. Gainera, autonomia ekonomikoa, gaitasun juridiko osoa eta bere eginkizunetan aritzeko gaitasun osoa du. Orobat, bere eraketari, antolakuntzari eta hauteskunde prozesuari dagokienez, zein eginkizun edo ahalmen publikoen erabilerarako, zuzenbide publikoaren menpe egonen da.
3. Bere xedea da merkatuak, sailkatutako ardoak eta jatorrizko deitura ordezkatu, babestu, bermatu, ikertu eta garatzea. Horretarako, behar diren eginkizunak bete eta erabakiak hartuko ditu, erregelamenduak agintzen dion moduan.
4. Beren erabakiak argitara emanen dira, interesdunek haien berri izanen dutela bermatzeari begira. Kontseilu arau-emailearen erabaki eta ebazpenek pertsona multzo zehaztugabe bat ukitzen badute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira; hori, halere, ez da eragozpena izanen interesdunei egin beharreko jakinarazpena egiteko. Kontseilu arau-emailearen egintzen kontra, administrazioko zuzenbidearen menpe baitaude, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua.
5. Kontseiluaren egitura eta funtzionamendua erregelamenduaren bidez finkatuko dira, parekotasuna mantenduz interes guztien ordezkapenean.
6. "Nafarroa" jatorrizko deituraren kontseilu arau-emaileak honako baliabide hauek izanen ditu:
a) Kontseiluan parte hartzeko kuotak eta zerbitzuak emateko eskubideak, arauetan ezarri ahalko direnak, foru erkidegoko administrazioak finkatutako baldintzen arabera edo tasen bidez. b) Administrazio publikoek ezarri ahal dituzten dirulaguntzak.
c) Bere ondarearen ondoriozko etekinak eta produktuak.
d) Eskuratu ahal duen beste edozein baliabide.
7. "Nafarroa" jatorrizko deituraren kontseilu arau-emaileak foru erkidegoko administrazioari bere aurrekontua aurkeztuko dio, onets dezan.
21. artikulua. Lur-eremuko ardoak.
1. Foru lege honi dagokionez, "lur-eremutzat" ulertuko da landa inguru edo toki bat, ezaugarri edafiko eta mikroklima berekiak dituena, bere aldameneko beste batzuetatik bereizten dutena, mahastigintzarekin tradiziozko eta ageriko lotura duen izenagatik ezaguna dena. Mahasti horietatik lortzen diren ardoek ezaugarri eta nolakotasun bereziak dituzte. Lur-eremuen gutxieneko eta gehieneko azalera erregelamendu bidez mugatuko da, eta ezin izanen da kokatuta dagoen udalerriko edo udalerrietako ezeinen adinakoa izan, ez eta handiagoa ere.
2. Jatorrizko deitura bakar bateko lurraldean egon beharko du lur-eremu osoak.
3. Jatorrizko deituraren kudeaketa organoak bere esparru geografikoko lur-eremu jakin horietako ardoei baimena eman ahalko die bere deitura geografikoa erabiltzeko.
4. Lur-eremu jakinetako ardoetarako mahatsa lur horietako mahastietatik jasoko da. Lurra bere produkzio eremuko jatorrizko deituraren erregistroetan inskribaturik ez badago, instalazioetan lur- eremuko ardoa baino ez du botilaratuko. Erregistro horietan sartuta egonez gero, berriz, ardandegian jatorrizko deituraren eta lur-eremukoaren babesean egin eta botilaratutako ardoak egon ahalko dira.
5. Lur-eremuko ardoetarako kudeaketa organo bat izan ahalko da, nortasun juridiko pribatua izanen duena. Organo berak lur-eremuko ardo bat baino gehiago kudeatu ahalko ditu.
6. Erregelamenduaren bidez, ardoek "lur-eremuko ardoa" deitura erabili ahal izateko bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezarriko dira, bai eta kudeaketa organoen egitura eta funtzionamendua eta erabakiak hartzeko modua ere.
7. Ardo bat lur-eremukotzat hartzeko ezinbesteko baldintza izanen da eskabidea egin aurreko hamar urteetan bere alderdiari edo landa-esparruari dagokion jatorrizko deituraren erregistroan inskribatuta egon izana. Inguruabar hori kontseilu arau-emailearen txostenaren bidez egiaztatu beharko da.
22. artikulua. Kontrola.
1. Foru lege honen babesean aitortuak diren lurraldeko ardoen, jatorrizko deiturako ardoen eta lur- eremuko ardoen kontrola eginen da kontrol-organo bakar baten bidez.
2. Kontrol-organoak hartuko duen izaera da zuzenbide publikoko erakundearena, organismo publikoarena edo sozietate publikoarena. Estatuaren eta Europar Batasunaren arauek elikagaien kontrol ofizialaren gainean ezarritako printzipioak bete beharko ditu. 3. Babes-maila ezberdinetako kudeaketa-organoek eta, kasua bada, ardogileek, ordainduko dituzte kontrol-zereginak egiteko beharrezkoak diren gastuak.
4. Erregelamendu bidez zehaztuko da nola beteko diren kontrol-zereginak.
II. KAPITULUA
Babes mailak ezartzeko prozedura
23. artikulua. Aitorpena jasotzeko eskaera eta dokumentazio osagarria.
1. Mahastizainek eta ardogileek, mahaiko ardoaren babes maila, "lurraldeko ardoa" eta "lur- eremukoa" aipamen tradizionalak erabiltzeko eskubidearekin, eskuratu nahi izanez gero, baldin eta beren lurralde esparrua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora hedatzen ez bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan eskatu beharko dute.
Babesaren xedeko ardoekin duten lotura profesionala, ekonomikoa edo lurraldekoa egiaztatu beharko dute, esparru geografiko horretan bai mahastizainak bai ardogileak direlako.
2. Eskabidearekin batera, alderdi hauek bilduko dituen azterlan bat aurkeztu beharko dute:
a) Deitura geografikoaren gaineko agiria, bai eta dagozkien erregistroetako agiriak, aurretik izen horrekiko eskubiderik ez zegoela frogatzeari begira.
b) Eskualdearen muga geografikoak, faktore naturaletan zein lurzoruaren eta klimaren ezaugarrietan oinarrituak.
c) Baimendutako mahatsondoen barietateak eta mahatsa produzitzeko labore teknikak. Ezarri ahal izanez gero, gehieneko etekinak ere aipatuko dira.
d) Ardoen ezaugarriak, motak, hala nola ardoak egiteko baldintzak eta metodoak.
e) Ardoak aurkeztu eta merkaturatzeko moduak.
f) Merkaturatu nahi den ardoaren gaineko merkatu-azterlana.
g) Berme eta trazabilitate sistema.
h) Kudeaketa organoaren estatutuak, baldin baditu.
i) Arauen gaineko proiektua, erregelamenduaren bidez zehaztuko diren alderdiak jasoko dituena.
3. "Nafarroa" jatorrizko deitura kalifikatua eskuratzeko, "Nafarroa" jatorrizko deituraren kontseilu arau-emaileak Mahastiari eta ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen 23. artikuluko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
24. artikulua. Tramitazioa.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak eskumena izanen du babes mailak aitortzeko. 2. Ebazpena eman aurretik, espedientea hilabete batez jendaurrean jarriko da.
3. "Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroa" erakunde autonomoak espedientearen gaineko txosten bat prestatuko du.
25. artikulua. Ebazpena.
1. Aitorpenaren ebazpena eta araua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.
2. Aitorpenerako edo haren baldintzak aldatzeko eskaera aurkeztu eta sei hilabeteren buruan ebazpenik jaso ez bada, ezetsitzat joko da.
3. Babes maila ezarri ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari agiri bat igorriko dio aitorpena emateko erabili dituen xedapenen gainean, ministerioak behar diren jarduketak egin ditzan nazio, Europar Batasun eta nazioarte mailako babesa lortzeko.
4. Eskualde jakin batzuetako kalitateko ardoen kalifikazioa eskuratu nahi duten ekoizleek beren mahastiak, ardandegiak eta gainerako instalazioak dagozkien kudeaketa-organoetan inskribatu beharko dituzte, foru lege honen 21.5 artikuluan agindutakoa galarazi gabe, eta edonola ere, beti kontrol sistema baten pean.
IV. TITULUA
Kontsumitzaileen eskubideak babestea eta legeak betearaztea
I. KAPITULUA
Ardogileen betekizunak eta ikuskatzaileen ahalmenak
26. artikulua. Ardogileen betekizunak.
1. Pertsona fisiko edo juridikoek, elkarte edo entitateek foru lege honetan eta mahastizaintza eta ardogintzaren gainean harekin bat datozen arauetan ezarritakoa bete beharko dute.Halaber, egiaztapenak egin ahal izateko, gutxienez lau urtez gorde beharko dituzte artikulu honetako 2. idatz- zatian ezarritako betekizunen gaineko agiriak.
2. Organo eskudunek edo ikuskatzaileek eskatuz gero, honako hau egin beharko dute:
a) Hala ustiategi edo instalazioen nola produktu, zerbitzu zein ekoizpen edo elaborazio sistemen gaineko informazioa ematea, eta are ikuskatzaileei bertatik bertara ikuskatzen uztea ere.
b) Egindako salerosketen eta produktuen mugimenduaren dokumentazioa erakustea, bai eta dokumentazio horretan jasotako beste edozein alderdi ere.
c) Dokumentazio horren kopia ematea edo kopia egiten uztea.
d) Mahastietatik eta egiten, banatzen edo merkaturatzen diren produktu edo salgaietatik laginak hartzen edo bestelako kontrolak edo saiakerak egiten uztea, bai eta erabiltzen diren lehengai, gehigarri edo materialetatik ere. e) Oro har, ikuskapenak egiten uztea eta horretan ahalik eta gehien laguntzea.
27. artikulua. Ikuskapena.
1. Administrazio publikoetako ikuskatzaileak, mahastizaintza eta ardogintza alorreko beren kontrol eginkizunetan ari direla, agintaritzaren agente izanen dira eta, hala direnez gero, beste edozein agintaritzaren laguntza eskatu ahalko dute, bai eta segurtasun-indar eta -kidegoena ere.
Foru lege honetako 22. artikuluan araututako kontrol-organoko gainbegiraleek, ikuskapen- eginkizunak betetzen dituztenek, administrazio publikoetako ikuskatzaileen eskurantza berberak izanen dituzte.
2. Aurreko puntuan aipatutako ikuskatzaileek, ikuskatze-eginkizunetan ari direla, ikuskatzen dituzten enpresen mahasti, ustiategi, lokal eta instalazioetara sartzea eta enpresaren merkataritza eta kontabilitateari buruzko agiriak eskuratzea izanen dute beharrezko irizten badiote. Beren jarduketa guztiak isilpean eduki beharrekoak izanen dira, beti. Ikuskatze-zerbitzuek informazioa eskatzen dietenean, administrazio publikoetako organoek, administrazio publikoen partizipazioa duten enpresek, erakunde ofizialek, lanbide-erakundeek eta kontsumitzaileen erakundeek eman egin beharko dute.
3. Ikuskatzaileek zorrotz bete beharko dute beren lanbideko jardunaren bidez jakiten duten oro isilpean gordetzeko betebeharra. Betebehar hori bete ezean, dagokion zehapena ezarriko zaie, dagokien diziplina-erregelamenduko arauei jarraikiz.
28. artikulua. Kautelazko neurriak.
1. Ikuskatzaileek kautelaz geldiarazi egin ditzakete salgaiak, produktuak, ontziak, etiketak eta abar, foru lege honetan ezarritako arau-hausteekin ustez zerikusia badute. Dagokion aktan, hartutako kautelazko neurri horren xede eta arrazoiak idatzi beharko dituzte.
2. Ikuskatzaileek hartutako kautelazko neurriak zehapen prozedura hasteko eskumena duen organoak berak berretsi, aldatu edo ezeztatu egin beharko ditu, gehienez ere 15 eguneko epean. Zehapen prozedura hasteko erabakian ezer adierazten ez bada kautelazko neurrien gainean, indarrik gabe geldituko dira.
3. Aurreko 1. idatz-zatiko kautelazko neurriak ezin izanen dira hartu baldin eta ezin berdintzeko moduko edo nekez berdintzeko moduko kalteak sortu ahal badizkiete interesdunei edo legeek babestutako eskubideak urratzen badituzte.
4. Dena den, badago artikulu honetan aipatutako kautelazko neurriak kentzea edo aldatzea, hala administrazioaren kabuz nola interesdunaren eskariz, instrukzio-egileak prozedura tramitatzen duen bitartean. Prozedurari bukaera emanen dion administrazio ebazpenak eragina izatearekin batera baliogabetuko dira neurri horiek.
5. Zehapen prozedurari hasiera ematerik ez badago ustezko erantzulearen gaineko gaitasunik ez dagoelako, eta organo eskudunak kautelazko neurri gisa gelditutako salgaien egoera aldatu ez badu, produktu horiek ezin izanen dira inola ere saldu. Ustezko erantzuleak, edo salgai horien gaineko eskubideak dituen beste edonork, aukeratu ahalko du jatorrizko abiapuntura eraman eta akatsak lehenbailehen konpontzea edo konfiskazioa eskatzea. Eragiketa horien guztien gastuak aukera egin duenaren esku izanen dira.
29. artikulua. Organo eskudunak.
Mahastizaintza eta ardogintzaren arloan, zehatzeko ahalmena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokio. Erregelamenduz ezartzen den erakunde publikoak erabiltzen ahalko du ahalmen hori.
II. KAPITULUA
Arau-hauste eta zehapenak
30. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Foru legean eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoa ez betetzea arau-hauste administratibotzat hartuko da. Hiru motatakoak izan daitezke: arinak, larriak edo oso larriak.
Arau-hausteen tipifikazioa, haien ondoriozko erantzukizuna, zehapenak eta mailaketa zehaztea, hala nola arau-hauste eta zehapenen preskripzioa ere, Mahastiari eta ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen III. tituluko II. kapituluan ezarritakoak izanen dira.
Mahastiari eta ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legean tipifikatutakoez gain, arau-hauste oso larria izanen da kontroleko eginkizunez arduratzen diren pertsonak hertsatzea, mehatxatzea, iraintzea, haiengan mendeku hartzea, haiei erasotzea edo beste edozein modutan behartzea, betiere delitu edo falta ez bada.
31. artikulua. Neurri osagarriak.
1. Zehatutako arau-haustearekin zerikusia duten salgai, produktu, ontzi, etiketa eta abarri kautelazko neurria ezarri zaien kasuetan, zehapen prozeduraren arduradunak erabakiko du haiekin zer egin. Suntsitzeko ere agin dezake, haiek erabiltzea edo kontsumitzea osasun publikorako arriskutsua bada. Edozein kasutan, ematen zaien erabilerak, suntsiketak edo konfiskazioak eragindako gastuak arau-hausleak ordainduko ditu, hartutako salgaien jabea arau-hauslea ez denean pagatu behar zaion kalte-ordaina barne.
2. Arau-hausleak betetzen ez badu 8. artikuluan ezarritako betebeharra mahastia erauzteari dagokionez, edo behintzat osorik egiten ez badu, edo zehapen osagarri gisa ezarritako betebeharra, osorik zein hein batean, betetzen ez badu, hertsatzeko isunak ezarri ahalko zaizkio, ezarritako betebehar edo zehapena osorik bete dezan.
3. Mahastien erauzketa betetzen ez bada, hertsatzeko isunak sei hilabetean behin ezarriko dira, erauzketa erabat burutu bitarte, eta haien zenbatekoa 3.000 euro hektarea bakoitzeko izanen da.
Arau-hausleak mahastia erauzteko betebeharra betetzen ez badu, agindu hori eman ahal dion administrazio organo eskudunak mahastia ordezko betearazpenez erauzi ahalko du.Erauzketa gastuak interesdunak ordaindu beharko ditu beti. 4. Zehapen osagarri gisa ezarritako betebeharra betetzen ez bada, hertsatzeko isunak hiru hilabetean behin ezarriko dira, zehapena erabat burutu bitarte, eta haien zenbatekoa gehienez 3.000 euro izanen da.
Hertsatzeko isunak independenteak izanen dira eta egindako arau-haustearen ondoriozko zehapenetik heldutako isunekin bateragarriak.
Xedapen gehigarri bakarra. Mahatsetik eta ardotik datozen produktuak.
Foru lege hau mahatsetik eta ardotik datozen produktuei ere ezarriko zaie, dagokien heinean, eta, bereziki, ardo-ozpinari, uxualari eta muztioari.
Lehenbiziko xedapen iragankorra. "Nafarroa" jatorrizko deituraren erregelamenduaren egokitzapena.
"Nafarroa" jatorrizko deituraren kontseilu arau-emaile berriak, eratzen denetik sei hilabeteko epean, bere erregelamendua foru lege honetako aginduetara egokituko du, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onets dezan.
Bigarren xedapen iragankorra. Zehatzeko ahalmena.
Erregelamendua garatzen ez den bitartean, "Nafarroa" jatorrizko deituraren kontseilu arau-emaileak zehatzeko ahalmena erabiltzen segituko du orain arte erabili duen moduan.
Hirugarren xedapen iragankorra. Kontrol eginkizunak.
Erregelamendu-garapena egin arte, kontrol eginkizunak lehengo organo berek eta modu berean eginen dituzte.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Foru lege honi kontra egiten dioten xedapen maila bereko edo apalagoko guztiak indargabetzen dira.
Azken xedapenetan lehena. Garapen ahalmena.
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emateko, hura indarrean sartu eta, gehienez ere, sei hileko epean.
Azken xedapenetan bigarrena. Indar hartzea.
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.