150/2002 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 2koa. Onesten du Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina
2002-07-02Erakundea: Nafarroako Parlamentua
Argitalpena: NAO, 2002/8/9, 96. zk.
150/2002 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa. Onesten du Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina. Abenduaren 10eko 27/2001 Foru Legeko azken xedapenetako lehenak, zeinak abenduaren 15eko Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko 20/1997 Legea aldatzen duen, baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren babesean, gehienez urtebeteko epean eta legegintzako Foru Dekretu baten bidez modutu eta onetsi dezan Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruz indar duten lege xedapenen testu bategina.
Legeak ematen duen baimen hori baliatuz, bada, juzgatu da komeni dela Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina itxuratzea, bertan abenduaren 15eko 20/1997, abenduaren 29ko 20/2000 eta abenduaren 10eko 27/2001 Foru Legeetako xedapenak biltzeko.
Nafarroako Kontseiluak behar den txostena eman du, eta legegintzako Foru Dekretu hau han esandakoen araberakoa da.
Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko uztailaren bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.-Onesten da Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina, Legegintzako Foru Dekretu honen Eranskinean ageri dena.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Legegintzako Foru Dekretu hau Nafarroako Parlamentura bidaliko da, Ganbera horren erregelamenduko 158. artikuluak agintzen duena betetzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
1. Indargabetu egiten dira honako xedapen hauek:
a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko abenduaren 15eko 20/1997 Foru Legea.
b) Zenbait Zerga Aldatu eta Beste Zerga Neurri Batzuk Hartzeko abenduaren 29ko 20/2000 Foru Legeko 9. artikulua.
c) Abenduaren 10eko 27/2001 Foru Legea, zeinak Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko abenduaren 15eko 20/1997 Foru Legea aldatzen duen.
2. Indargabetzen ere dira Foru Lege honek agintzen duenari kontra egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.
AZKEN XEDAPENA Legegintzako Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.- Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.
ERANSKINA NAFARROAKO NEKAZARITZA USTIATEGIEN ERREGISTROARI BURUZKO FORU LEGEAREN TESTU BATEGINA
ATARIKO TITULUA
Xedapen Orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Foru Lege honen helburua hauxe da:
a) Nekazaritza Ustiategien Erregistroa sortzea, tresna publikoa izanen baita modu iraunkor, integratu eta gaurkotuan behar den informazio guztia eskuragai izateko Nafarroako nekazaritza egiturak modernizatu eta nekazaritzaren sektorea planifikatzeko politika bat behar bezala garatu ahal izateko, eta bai informazio estatistiko orokorra edukitzeko ere.
b) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien ezaugarriak zein diren zehaztea.
c) behar adina jakingai izatea finkatzeko zer baldintza bete behar dituzten nekazaritza ustiategiek laguntza publikoak lehentasunez hartzeko.
d) Nekazaritza arloko elkarteak sor daitezen bultzatzea, tamaina egokiko nekazaritza ustiategiak erdiesteko bidetzat.
e) nekazari gazteak bultzatzea ustiategi bideragarrien titular jarri daitezen.
f) Lurraren merkatuan mugimendua handitzea, dela jabetzan dela errentan.
g) Zerga hobari sail bat ezartzea nekazaritza ustiategi lehenetsiei aplikatzeko.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Foru Lege hau gehienik Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden nekazaritza ustiategiei aplikatuko zaie.
3. artikulua. Definizioak.
Foru Lege honek agintzen duenerako, honako definizioak hartzen dira aintzat:
1. Nekazaritza jarduera, nekazaritza, abeltzaintza eta baso-laneko produktuak eskuratzeko behar diren lanak. 2. Nekazaritza ustiategia, haien titularrak nekazaritza jardueran aritzeko enpresa moduan antolaturik daukan ondasun eta eskubide saila, gehienbat produktuak merkaturatzeko asmoarekin, eta bere buruz unitate tekniko ekonomikoa osatzen duena.
3. Ustiategiko osagaiak, modu iraunkorrean nekazaritzarako aprobetxatzen diren landa ondasun higiezinak eta modu iraunkorrean nekazaritzarako aprobetxatzen diren beste ondasun guztiak; familia bakarreko etxebizitza bakartua, titularraren ohiko eta segidoko bizileku izaten dena eta landa- eremuan dena, bere nekazaritza-eranskinekin batera; nekazaritzako eraikin eta instalazioak; azienda; eta behar den makina erregistroan inskribatutako nekazaritzako ibilgailu eta makinak. Ondasun horiek guztiek ustiategian integraturik beharko dute, eta hari atxikirik, eta titularrak jabetzan, errentan, erabilera eta gozamen eskubidean edo haien jabeak emandako baimenarekin eduki beharko ditu haien erabilera eta aprobetxamendua. Hauek ere ustiategiko osagaiak dira: titularrak izan ditzakeen eskubide eta eginbehar guztiak, baldin eta ustiategiari atxikita badaude, horren barne titularrari makinariatik heldu zaion kuota zatia baldin nekazaritzako makinak komunean erabiltzeko elkarte baten kide bada.
4. Ustiategiaren titularra, nekazaritza jardueran aritzen den pertsona fisiko nahiz juridikoa, ustiategiko ondasun-eskubideak enpresa irizpideen arabera antolatzen eta ustiategia kudeatzetik etortzen ahal diren arrisku eta erantzunbehar zibil, sozial eta fiskalak bere gain hartzen.
5. Jarduera nagusiko nekazaria, honako baldintza guztiak betetzen dituen pertsona fisikoa:
a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dagoen ustiategi baten titular izatea.
b) Urtero gutxienez bere errentaren 100eko 50 bere ustiategiko nekazaritza jardueratik eskuratzea, eta gutxienez erreferentziako errentaren 100eko 15.
Nekazaritzako errentatzat hartuko dira nekazaritza kooperatiba edo bestelako nekazaritza elkarteen nahitaezko eta borondatezko fondoei egindako aportazioen aldera jasotzen diren ordainsariak, betiere titularra elkartekide aktiboa bada.
c) Ustiategiarekin zuzenean lotutako jardueretan urtean emandako denbora gutxienez bere lan denbora osoaren erdia izatea.
d) Gizarte Segurantzako nekazaritza araubide berezian bere gaingo langile gisa alta emanda egotea, edo bere gaingo langileen edo autonomoen araubide berezian, bere nekazaritza jarduera zein den.
Hartarako, nekazaritza jardueratzat hartuko dira titularra, hauteskunde publiko batzuen ondorioz, ordezkaritzako instituzio publiko batean kide eta parte- hartzaile izatea, eta bai sindikatu, kooperatiba edo lanbideko ordezkari organoetan, betiere nekazaritza sektorekoak badira.
6. Nekazari gaztea, hemezortzi urte edo gehiago dituen baina berrogei egin ez dituen eta jarduera nagusiko nekazari gisa nekazaritzan aritzen den edo aritu nahi duen pertsona. Hartarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da ezkontzaren bidez edo guraso boterea eman izanaren bidez emantzipaturik egotea.
7. Denbora partzialeko nekazaria, nekazaritza ustiategi baten titularra izan eta bertako nekazaritza jardueretan bere lan denbora osoaren bostena edo gehiago baina erdia edo gutxiago ematen duena. 8. Nekazaritzako lan unitatea, nekazaritza jardueran denbora osoan aritzen den norbaitek urtebetean egiten duen lana.
9. Lan errenta unitarioa, nekazaritza ustiategian sortu eta lan unitate bati egozten zaion diru errendimendua. Honela kalkulatuko da: ustiategi horretako nekazaritzako lan unitateen kopurua, zati ustiatze marjina garbia edo soberakin garbia eta pagatu diren lansariak batzearen ondoriozko zifra.
10. Erreferentziako errenta, langile ez nekazarien urteko soldata gordin batez bestekoa.
LEHEN TITULUA
Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa
4. artikulua. Sorrera.
1. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa sortzen da, Foru Lege honetan ezartzen diren baldintza eta ondorioekin.
2. Nekazaritza Ustiategien Erregistroa administrazio zerbitzu dohainekoa izanen da, eta haren helburua da Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza ustiategiak inskribatzea, lehenetsiak ala ez lehenetsiak sailkatzea, eta ustiategi lehenetsiak zein diren zertifikatzea, Foru Lege honetan agintzen dena betetzeko.
3. Nekazaritza Ustiategien Erregistroa kudeatzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio.
4. Nekazaritza Ustiategien Erregistroaren datuak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak arautzen duenaren menpe egonen dira (Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko Lege Organikoa).
5. artikulua. Zein egintza diren inskribatzekoak.
1. Honakoak inskribatuko dira:
a) Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza ustiategiak, nor ere den haien titularra.
b) Ustiategian sortzen diren funtsezko aldaketak.
2. Inskripzioan honako datuak jasoko dira:
a) Ustiategiko titularra nor den edo nor diren, identifikazio pertsonala edo elkarte edo sozietatearen sorrerako frogagiria, titularra pertsona juridikoa bada.
b) Titularrak edo titularrek zer lanbide kualifikazio duten, ustiategia familiarra bada, eta sozioena elkarte gisako ustiategia bada.
c) Gizarte Segurantzan afiliaturik egotearen dokumentua, bai ustiategi familiarra bada eta bai elkarte gisako ustiategia bada, sozioena.
d) Ustiategiko ezaugarri orokorrak, haren kokalekua eta orientazio produktiboa. e) Zein lur atxikita dauden ustiategiari, zein ere den haien edukitza araubidea, katastroko identifikazioa, azalera, eta lehor-lur ala ureztalur, belarsoro, baso-lur, larre edo arboldegi diren.
f) Zein eraikin eta instalazio dituen nekazaritzarako, nahiz eta berak sortutako nekazaritza/abeltzaintzako produktuak eraldatzeko erabiltzen diren edo besteri erositakoak eraldatzeko, ustiatzeko asmoz.
g) Nekazaritzako eranskinak dituen etxebizitza.
3. Inskribatzerakoan, eta prozedura errazteko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan Nafarroako nekazaritza ustiategiei buruz dauden datuak erabiliko dira.
4. Erregistro kontuetarako, hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:
a) Nekazaritza jardueran baja hartzea.
b) Ustiategiko titularra aldatzea.
b) Ustiategiko osagaiak aldatzea.
d) Titulartasun mota aldatzea, edo ustiategiaren kokalekua eta mugak aldatzea.
e) Sozietateko kapitala aldatzea, edo erabakitze organoetako ordezkaritza edo elkarte gisako ustiategietan kudeaketaren eta administrazioaren erantzunbeharra aldatzea.
f) Ustiategiarekin lotutako langileak aldatzea.
g) Orientazio produktiboa aldatzea.
5. Erregistroaren jarduna eguneratzeaeta funtsezko aldaketen anotazioa errazteko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan Nekazaritza Ustiategien gainean dauden datuak erabiltzea.
6. artikulua. Hasierako inskripzioa.
1. Inskripzio prozedura hasteko, zilegi izanen da bi modalitate hauetako bat erabiltzea:
a) Ustiategiko titularrak edo haren ordezkariak eskatzea.
b) Ofizioz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berak eskatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dauden datuak oinarri. Ofiziozko inskripzio proposamenak interesatuari jakinaraziko zaizkio hark datuak berretsi edo hala bide denean, zuzendu ditzan.
2. Nekazaritza ustiategi bat inskribatu ondoren, nahitaezkoa izanen daustiategiko titularrak Erregistroari funtsezko aldaketak jakinaraztea, aurreko zenbakiko b) letran agintzen dena ezertan galarazi gabe.
7. artikulua. Nahitaezko inskripzioa. Aurreko artikuluko 1. atalean agindu denagatik ere, nahitaezkoa izanen da Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatzea edo bestela inskripzioa eskatua izatea, betiere behar den dokumentazioa osorik badago, Foru Lege honek ezartzen dituen hobariak eskuratzeko, eta bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako aurrekontu orokorren gain nekazaritza sektoreari laguntzeko ezartzen dituen laguntza guztiak ere eskuratzeko.
8. artikulua. Erregistroaren antolamendua.
1. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa behar adina fitxategirekin antolatuko da bere datuak ahalik eta hobekien atondurik egoteko, eta ustiategien artean zein diren lehenetsiak eta zein ez bereiziko du, eta Foru Lege honetako 5. artikuluan eskatzen diren datuak jasoko.
2. Nafarroako Gobernuak zuzenbidean onartzen diren informatika sistemak aplikatzea bultzatuko du erregistroa osatzen duten datuak zaluago betetzeko.
3. Erregistro mantentzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du nekazaritza eskumenak baliatzeko bere esku dituen datuak erabiltzea, eta bai gainerako Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan eta erakunde autonomoetan daudenak ere, datu pertsonalak babestearen gainean indar duten legeekin bat.
II.TITULUA
Ustiategi lehenetsiak
9. artikulua. Ustiategi lehenetsiak.
Nekazaritza ustiategi familiarrak eta elkarte gisakoak, kasuan kasu Foru Lege honetako 10, 11 eta 12. artikuluetako baldintzak betetzen badituzte, nekazaritza ustiategi lehenetsitzat hartuko dira erregistroan inskribatzerakoan, eta Foru Lege honek ezartzen dituen hobariak izanen dituzte.
10. artikulua. Ustiategi familiarrak edo titulartzat pertsona fisikoak dituztenak.
1. Ustiategi lehenetsitzat hartuko badira, ustiategi familiarrek edo titulartzat pertsona fisikoak dituztenek honako baldintzak izan eta urtez urte iraunarazi beharko dituzte:
a) Ustiategiak gutxienez nekazaritzako lan unitate baten okupaziorako bide ematea. Nekazaritzako lan unitate bat badela juzgatuko da eskuratzen diren lanaren errendimenduko dirusarrerak 3.000 euro baino gehiagokoak ez direnean.
b) Nekazaritza ustiategitik lortzen den lan errenta unitarioa gutxienez erreferentziako errentaren 100eko 35ekoa izatea.
c) Ustiategiko titularra jarduera nagusiko nekazaria izatea, Foru Lege honetako 3. artikuluko 6. zenbakiak agintzen duenaren arabera.
d) Gutxienez hemezortzi urte izatea baina hirurogeita bost bete gabeak izatea. Hartarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da ezkontzaren bidez edo guraso boterea eman izanaren bidez emantzipaturik egotea. e) Nafarroan izatea egoitza edo Komunitate Autonomo mugakideei buruzko lege autonomikoetan definitutako eskualde mugakideetan. Egoitza baldintza hori ez da bete beharko ezinbestezko edo premiazko arrazoiak tarteko izan eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ontzat ematen baditu.
2. Ustiategiko titulartasuna, senar-emazteen kasuan, bi ezkontideek bere badute, aski izanen da lehenetsitzat sailkatzeko, ustiategiak eta ezkontideetako batek betetzea artikulu honetan aipatzen diren baldintzak.
11. artikulua. Elkarte gisako nekazaritza ustiategiak.
Ustiategi lehenetsitzat kalifikatzeko, elkarte gisako nekazaritza ustiategiek honako baldintzak bete beharko dituzte eta urtez urte iraunarazi:
a) Sozietate zibilaren forma juridikoa izatea, hurrengo artikuluan ezartzen diren betebeharrekin, edo bestela eraldaketarako nekazaritza sozietatearena, lan sozietatearena, kooperatiba erregular kolektiboa, sozietate anonimoa, erantzunbehar mugatuko sozietatea edo bestelako merkataritza sozietatearena.
b) Beren titulartasuneko ustiategian nekazaritza jardueran aritzea beste helbururik ez izatea.
c) Gutxienez hiru mila euroko edo hori adinako pezeta kopuruko kapital aportatua edo sinatua izatea.
d) Anonimoak badira akzioak izendunak izan beharra mantentzea, eta sozietateko kapitalaren ehuneko 50 baino gehiago jarduera nagusiko nekazariak diren sozioena izan beharra.
e) Elkarte gisako nekazaritza ustiategiek bide ematea gutxienez nekazaritzako lan unitate bat okupatzeko, eta unitate bakoitzeko lan errenta unitarioa gutxienez erreferentziako errentaren ehuneko 35ekoa izatea.
f) Gutxienez sozioen 100eko 50 jarduera nagusiko nekazariak izatea.
g) Iraupen mugagabekoa izatea, eta eskritura publikoan jasotzen diren baldintzen artean gutxienez indibisioko itun bat egotea gutxienez sei urteko epe baterako, eta sozio guztiek espreski beren burua lotzea sozietateak iraun artean nekazaritza araudiek sozietatearen inguruko gaietarako ematen dituzten laguntzak eta hobariak beren izenean ez eskatzeko, non eta legeak agintzen dituen kasuetan elkartea desegin edo errenuntzia egiten ez den, eta salbu, halaber, gorabehera pertsonalengatik emandako laguntza indibidualen kasuan ere. Halaber, bi baino gehiago sozioko elkarteetan, itun bat jaso beharko da elkartekide bat hiltzen bada, sozietatea bizirik gelditu direnen artean iraunarazteko.
12. artikulua. Nekazaritza sozietate zibilak.
1. Eraldaketarako nekazaritza sozietateek duten berariazko araubidea ezertan galarazi gabe, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatu eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zein ere modalitatetan ematen edo onartzen dituen laguntzak eskuratu ahal izateko, eraldaketarako nekazaritza sozietatea ez beste sozietate zibil baten itxuran antolaturik dauden nekazaritza ustiategiek eskritura publikoaren bidez eratu beharko dute eta eskritura horretan gutxienez honako jakingaiok jasoko dira: a) Sozietatearen helburua, hau da, soilik kasuko ustiategian nahiz ustiategietan nekazaritza jardueran aritzea.
b) Sozioen izen-deiturak eta helbidea.
c) Sozietateak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean non daukan helbidea.
d) Sozietatearen izena; sozio guztien izenak aipatu beharko ditu, edo kapital gehien dutenena, eta ez da zilegi izanen kide ez diren pertsonen izenak agertzea izenean.
e) Sozietatea administratzeko eta haren ordezkari izateko ardura berezia du(t)en eta sozietatearen sinadura erabili eta sozietatea hirugarren batekin konprometitzeko ahalmena ematen zaion sozioaren edo sozioen izen-deiturak. Administratzaile hori nahitaez jarduera nagusiko nekazaria izanen da.
f) Sozio bakoitzak eskudirutan, kreditutan, efektu nahiz ondasun higiezin edo higigarrien itxuran aportatzen duen kapitala, horiei zenbateko balioa ematen zaien adierazirik, edo haien balorazioa zer oinarriren arabera egin behar den eta, hala bide denean, erregistroko eta katastroko datuak. Kapital hori ez da inoiz izanen hiru mila euro edo balio bereko pezeta kopurua baino gutxiago.
g) Sozietateak zenbat iraunen duen, Foru Lege honetako 11. artikuluko 1 atalean g) letran agintzen dena begiraturik. Sozietatearen operazioak ez dira hasiko eskritura eman aurreko data batean, salbu eta eraldatze kasuetan.
h) Sozietatea osatzen duten sozioen erantzunbehar araubidea, kudeatzaile izan ala ez, pertsonala eta solidarioa izanen da, beren ondasunak berme direla, sozietatearen izenean eta kontuan egiten diren operazioen ondorioz, sozietatearen sinadura pean eta sinadura hori erabiltzeko ahalmena duen batek eginda.
i) Sozio guztien konpromisoa ez egiteko beren buruz sozietatearen helburuarekin lotura duten negozio nahiz egintzak, kide diren sozietateaz landara.
j) Onurak eta galerak partitzeko arauak.
k) Sozietatea desegiteko arrazoiak; espreski aipatu beharko da sozioen alde bakarreko borondatea ez dela arrazoitzat onartzen, salbu eta motibo justua tarte badago, hala nola sozio batek bere eginbeharretan huts egitea, sozietateko negozioetarako debekua hartzea edo antzekoren bat. Sozioetako batek errenuntzia egiten badu, eskriturak aurreikusirik edukiko du gutxienez zenbat denbora lehenago eman behar zaien aditzera beste sozioei errenuntzia hori gauzatu baino lehen.
l) Sozioek on irizten dieten gainerako itun eta baldintzak, non eta legeek agintzen dutenari kontra egin edo zenbaki honetan ezarri dena ukatzen ez duten.
2. Sozietate zibilaren aldaketak ere eskritura publikoan tramitatu beharko dira.
13. artikulua. Nekazari gazteak.
1. Hauek hartuko dira ustiategi lehenetsitzat beren lehenbiziko urtean: a) Nekazari gazteen lehenbiziko instalazioa, instalazio horretarako laguntzak arautzen dituen araudiaren arabera, betiere nekazaria ustiategi lehenetsi horren gutxienez 100eko 50aren jabea bada.
b) Berrogeita hamabost urte baino gutxiagoko nekazarien lehenbiziko instalazioa, Gizarte Segurantzako bere gaingo nekazarien araubide berezian alta emanak, edo bere gaingo langileen edo autonomoen araubide berezian, bere nekazaritza jarduera zein den, baldin haien ustiategia Nafarroan badago eta gutxienez nekazaritza lan unitate bateko okupazioa izateko bide ematen badu.
2. Aurreko zenbakiak aipatzen duen lehenbiziko urte hori pasatuta, ustiategia lehenetsia izateko Foru Lege honetako 10.1 artikuluak ezartzen dituen baldintza orokorrak bete beharko ditu.
3. Halaber, Foru Lege honetako 15. artikuluko 1. ataleko d) letrak aipatzen duen kuoten edo produkzio- eskubideen asignazioan lehenetsiko dira beren lehen instalazioarekin ustiategi lehenetsi baten gutxienez 100 50aren titular edo kotitular diren gazteak.
14. artikulua. Inskripzioaren frogagiria.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, interesatuak hala eskatuta, ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dagoela frogatzeko agiria emanen du.
2. Frogagiri hori nahitaezkoa izanen da Foru Lege honetan aurreikusten diren onurak eskuratu ahal izateko eta bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako aurrekontu orokorren gain nekazaritza sektoreari laguntzeko ezartzen dituen laguntza guztiak ere eskuratzeko.
III. TITULUA
Onurak
15. artikulua. Lehenespen egoerak.
1. Ustiategi lehenetsien titularrek honako kasu hauetarako izanen dute lehentasuna:
a) Nafarroako aurrekontu orokorren kargu ezartzen den edozein laguntza.
b) Fondo publikoetatiko dirulaguntza duten nekazaritza aseguruak.
c) Nekazaritzako produkzioak ordenatzeko programetan edo lurralde eremu espezifikoko programetan sartuta dauden laguntzak, betiere programa horien helburuarekin bateragarria bada.
d) Kasuko merkatu erakunde komunei buruzko araudia aplikatu edo garatzeko kuotak edo eskubideak asignatzean, beti arau horietan hartarako ezarritako baldintzekin bat, asignatzen diren kuota edo eskubideak, osorik nahiz partez, Nafarroako aurrekontu orokorren kargu eskuratu badira eta haiek asignatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari badagokio.
e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarri dituen edo ezarriko dituen laguntzetan, 3. artikuluko c) letran zehazten diren helburuak iristeko, eta nekazaritzako azpiegiturak erreformatzeko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarriak aurreikusten duen lur fondoa eskuratzeko. 2. Orain arteko lehentasun egoera horien baldintza izanen da ustiategia oraindik ere lehenetsietakoa izatea aurreko idatz-zatian aipatu neurriak aplikatu direnean ere, eta neurri horien aplikatzearen ondorioz lehenetsietan sartzen diren ustiategietako titularrei ere zabalduko zaizkie.
16. artikulua. Maileguak.
Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko 1999ko apirilaren 26ko testu bateginaren 22. artikuluko 2. Idatz-zatiak aipatzen duen "Egintza juridiko dokumentatuak" delako kontzeptuagatik salbuetsi egiten dira, Balio Erantsiaren gaineko Zerga pean dauden mailegu hipotekarioen eraketa, aldaketa edo deuseztapena dokumentatzen duten eskritura publikoen lehenbiziko kopiak, mailegu horiek ematen bazaizkie hobekuntza planak egiteko lehenetsita dauden ustiategien titularrei, lehenetsiak izan gabe ere mailegu horien bidez erositakoekin lehenetsietan sartzen diren ustiategietako titularrei eta Nekazari gazteei nekazaritza ustiategi baten lehenbiziko instalazioan laguntzeko.
17. artikulua. Ustiategia osorik eskualdatzea.
1. Nekazaritzako ustiategi oso baten erabateko jabetza edo biziarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, betiere hori egiten bada lehentasunezkoa den edo eskurapenaren ondorioz izaera hori lortzen duen beste ustiategi bateko titularraren alde edo halako titular bat izanik egilea, orduan, eskualdatze edo eskuratze hori salbuetsirik egonen da ustiategiaren edo hori osatzen duten elementuen eskualdatze edo eskuratzearen gaineko zergatik, hori guztia, baldin eta, eskualdatzearen ondorioz, eskuratzailearen ustiategiak duen lehentasunezko izaera aldatzen ez bada.
Ustiategiaren eskualdaketa eskritura publiko bidez egin behar da.
Idatz-zati honetako lehen lerrokadan aipatu ondorioetarako, nekazaritzako ustiategi osoaren eskualdaketa egiten dela ulertuko da, baita etxebizitza kanpoan uzten denean ere.
2. Salbuespen hori zilegi izan dadin, eroste eskritura publikoan eta, eskualdatzen diren finkak bertan inskribaturik badaude, Jabetzaren Erregistroan aditzera emanen da ezen erositako finkak hurrengo bost urteetan besterendu, errentatu edo lagatzen badira, aurrez frogatu beharko dela egindako salbuespenaren ondorioz pagatuko ez zatekeen zerga pagatu dela, eta bai berandutzako interesak ere, non eta ezinbestea, hiltzea, elbarritzea, titularra adinagatik jubilatu eta jardueratik gelditzea edo erregelamendu bidez ezartzen den beste edozein arrazoi tarteko ez den.
18. artikulua. Ustiategi bat muga bakar baten pean osatzeko eskualdaketa.
1. Landa finka baten erabateko jabetza edo biziarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, muga bakar baten pean ustiategi lehenetsi bat izateko behar adina azalera lortzea helburua dela, hori salbuetsirik egonen da eskualdatze edo eskuratze hori kargatzen duen zergatik, baldin eta dokumentu publikoan jasotzen bada ondoriozko finka zatiezina izanen dela hurrengo bost urteetan, salbu eta aurreko artikuluko 2. atalean ezarri diren kasuetan.
2. Eskualdaketaren edo eskuratzearen gaineko zergari dagokion zerga oinarrian 100eko 50eko murrizketa aplikatuko da honako kasuan: nekazaritzako ustiategien titularrek lurren eskualdatzea edo eskuratzea egiten dutenean muga bakar baten barnean biltzeko ustiategi bateko azaleraren 100eko 50a gutxienez, betiere horri dagokion lan- unitatearen errenta foru lege honek ezarritako mugen barnean baldin badago, hori guztia, lehentasunezko ustiategietarako zerga onurak emateko. Murrizketa hori aplikatu ahal izateko, aurreko atalean aipatu diren zatiezintasuna eta dokumentu publikoa egiteko obligazioa bete beharko dira.
19. artikulua. Nekazaritza ustiategiak eta landa finkak partez eskualdatzea.
1. Landa finka baten edo nekazaritzako ustiategi bateko zati baten erabateko jabetza edo biziarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, betiere hori egiten bada eskurapenaren ondorioz lehentasun izaera galtzen ez duen edo lortzen duen lehentasunezko ustiategi bateko titularraren alde, orduan, salbuespena aplikatuko da eskualdatze edo eskuratzearen gaineko zergan.
2. Onura hori aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da eskualdaketa eskritura publikoan egitea, eta Foru Lege honetako 17. artikuluko 2. atalean ezartzen dena aplikatu beharko da.
3. 1. idatz-zatian aipatzen den eskualdaketan edo eskurapenean batera Europako Batasunaren Nekazaritza politikaren ondoriozko produkzio eskubide edo kuotak eskualdatu edo eskuratzen badira, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezartzen diren onura berak aplikatuko dira.
20. artikulua. Landa finkak trukatzea.
Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako "kostu bidezko ondare eskualdaketak" kontzeptutik edo Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita egonen dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimena eman dien landa finken borondatezko trukea, betiere trukatzaileetako bat gutxienez nekazaritza ustiategi lehenetsi baten titularra bada eta trukea, eskritura publikoaren bidez egin beharrekoa, helburu hauetako batekin egiten bada:
a) Barrendegi diren lurzatiak kentzea; barrendegi dira nekazaritza garatu eta erreformatzeko legeetan halakotzat hartzen direnak.
b) Bide zorrak kentzea.
c) Nekazaritza ustiategiak berregituratzea, kasu horretan alde anitzeko trukeak sarturik, lurzati berrantolamendu pribatua lortzeko egiten direnean.
d) Trukatzen diren finkak ustiategiko titularra bizi den etxea dagoen finkatik hurbilago egotea, etxearen mugakide batzuekin truke eginaz, edo ustiategiko azalera handiena osatzen duten finken mugakide direnetara hurbiltzea finkak.
21. artikulua. Erregistroan inskribatzea.
Jabari espedienteak, nabaritasun aktak eta jabetzaren Erregistroan ustiategi lehenetsi bateko edo sartuz gero hala izan daitekeen bateko finkak inmatrikulatzeko edo erregistro-segida etendua ber- hasteko beste edozein prozedura salbuetsirik egonen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako "kostu bidezko ondare eskualdaketak" kontzeptutik. 22. artikulua. Elkarte gisako ustiategi lehenetsientzako onura fiskal bereziak.
1. Amortizazio askatasuna izanen dute nekazaritzako jarduerei loturiko higiezin material eta inmaterialen elementuek, baldin eta lehentasunezko ustiategi izaera lortzen den egunaren ondoko lehen bost urteetan eskuratuak badira.
2. Ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legearen arabera bereziki babesturiko nekazaritza kooperatiba gisa eratuta dauden lehentasunezko ustiategi elkartuen kasuan, Sozietateen gaineko Zergaren barnean kuota osoaren hobaria, Zerga horren 28.2 artikuluan aurreikusia, 100eko 80koa izanen da.
3. Eraldaketarako Nekazaritza Sozietate diren elkarte gisako Ustiategi lehenetsientzat, Sozietateen gaineko zergan tributatzen badute, 100eko 50eko hobaria izanen da Sozietateen gaineko Zergaren kuota osoan.
23. artikulua. Nekazari gazteentzako zerga onura bereziak.
Foru Lege honen 16, 17 eta 19. artikuluetan aurreikusitako zerga onurez gain, nekazari gazteek beste hauek ere izanen dituzte:
1. Nekazaritzako ustiategi baten edo horren zati baten zein landa finka baten erabateko jabetza edo biziarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, betiere hori egiten bada lehentasunezko ustiategi bat lehen aldiz instalatzen duen nekazari gazte baten alde, orduan, salbuetsia egonen da eskualdatze edo eskuratzearen gaineko zergatik.
2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan jarduerako etekin garbia estimazio objektiboaren metodoa erabiliz zehazten duten nekazari gazteek, beren nekazaritza jarduerari dagokiona 100eko 50ean murriztu ahalko dute, lehentasunezko ustiategi bateko titular gisa lehen aldiz instalatu ondoko bost urteetan itxitako zerga-aldietan, baldin eta ustiategia hobetzeko plan bat egin izana egiaztatzen badute. Arestian aipatu instalazioa foru lege honen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egina izanen da.
Aurreko lerroaldeak aipatzen duen errendimendu garbiak, estimazio objektiboko araubidea erregulatzen duten arauak aplikatzea beste inolako jatorririk ez du izanen.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenbizikoa.-Foru Lege honetako 16.etik 23.era arteko artikuluetan aipatzen diren zerga onurak aplikatzeko, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoko 45. artikuluak aipatzen duen Hitzarmen Ekonomikoak ezartzen dituen irizpideak hartuko dira aintzat.
Bigarrena.-Nekazaritza ustiategiak modernizatzeko uztailaren 4ko 19/1995 Legeko 16. artikuluko 1. idatz- zatiak agintzen duenaren arabera, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko ustiategi lehenetsien katalogo orokorrean sartzeko, epez epe jakinaraziko zaio ministerio horri Nafarroako nekazaritza ustiategietatik zein sailkatu diren lehenetsitzat, eta bai haien aldaketak ere.
Hirugarrena.-Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 11.2 artikuluak a) eta b) letretan eta 21. artikuluak agintzen dutenaren arabera, zilegi izanen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bere fitxategietan datu pertsonalen gainean daukan informazioa interesatuaren baimena eskatu gabe ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, Estatuko Administrazio Publikoen eta Nafarroako Administrazio Publikoen beste organo batzuei lagatzea, gure lege sistemak esleitzen dizkien eginkizun publikoak burutu ahal izateko.
Hartarako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari egiten dioten eskaeran, hala eskatzen duten Administrazio Publikoek adieraziko dute zehazki zertarako erabili behar duten eskatutako informazioa.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak lagatako informazioa hartzen duten Administrazio Publikoek behar adina neurri hartuko dituzte informazio horren sekretua eta pertsona fisikoen ohore eskubidea, intimitate pertsonala eta familiarra eta beren eskubideak osorik erabili ahal izatea uneoro segurtatzeko, eta ez da zilegi izanen informazio hori besteri lagatzea, eta bestela jokatzen badute abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren ondoriozko erantzunbeharra sortuko zaie.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenbizikoa.-1998ko abenduaren 31ra arte, zilegi izanen da ustiategi lehenetsitzat jotzea ustiategi familiarrak, baldin haien lan errenta unitarioa erreferentziako errentaren ehuneko 30etik gorakoa baina ehuneko 120etik beherakoa bada, gutxienez nekazaritzako lan unitate baten erdia betetzeko gai badira eta Foru Lege honetako 10. artikuluan ezartzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.
Bigarrena.-1. 2002ko abenduaren 23ra arte agertzera ematen diren ondare gehitze garbiak, landa finkak eta nekazaritza ustiategiak eskualdatzearen ondoriozkoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren estimazio objektiboko metodoa aplikatzearen ondoriozko errendimendu garbian sartuko dira, erregelamendu bidez ezartzen den zenbatekoan eta betiere aktiboek subjektu pasiboaren ondarean iraun duten epea gutxienez bost urtekoa izan bada.
2. Aurreko lerroaldean ezarri dena aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da eskualdatutako landa finkak edo nekazaritza ustiategiak eskuratu dituenak ustiategi lehenetsiak eratu edo sendotzeko erabiltzea edo Administrazio Publikoek erostea lur bankuetan edo antzeko organoetan sartzeko, edo ingurumena babesteko.
3. Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez garatuko du zer baldintza bete behar dituzten bai eskualdatzaileek eta bai eskuratzaileek xedapen honetan ezartzen dena aplikatzeko.
Hirugarrena.-Foru Lege honetako 3. artikuluak jarduera nagusiko nekazaria eta nekazari gaztea izateko eskatzen dituen baldintza berriak 2001eko abenduaren 18tik aurrera aurkezten diren laguntza eskaera berri guztiei aplikatuko zaizkie, baldin laguntza horiek gobernatzen dituen araudian jarduera nagusiko nekazaria edo nekazari gaztea izateko baldintza eskatzen bada edo eskatu bada laguntzen hartzaile izateko.
Laugarrena.-1. 2001eko abenduaren 18tik aurrera ez da zilegi izanen lehenetsitzat jotzea kasuan kasuan 10, 11, eta, hala bide denean, 12. artikuluen testu berrituetako baldintzak betetzen ez dituzten nekazaritza ustiategi familiar edo elkarte gisakoetarako eskaerak. 2. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen sozietate batek 2002ko abenduaren 18 baino lehen 11 eta 12. artikuluetako baldintzak betetzen ez baditu, berehala galduko du lehenetsitasuna, eta beraz handik aurrera ezin hartuko du nekazaritzari buruzko araudiak ezarritako eta Nafarroako Foru Komunitateak partez nahiz osorik dirututako laguntza publikorik.
AZKEN XEDAPENA
Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio Foru Lege hau garatu eta gauzatzeko behar diren erregelamenduzko arau guztiak emateko.