15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzkoa
2004-12-03Erakundea: Nafarroako Parlamentua
Argitalpena: NAO, 2004/12/15, 150. zk.
15/2004 FORU LEGEA, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOARI BURUZKO FORU LEGEA.
ZIOEN AZALPENA
1
Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 49.1 artikuluko c) eta e) letretan eskumen osoa esleitzen dio Foru Komunitateari, bere foru eraentza dela-eta, Nafarroako berezko zuzenbidearen espezialitateetatik edo berezko antolaketatik datozen prozedura administratiboko edo, kasua bada, ekonomiko-administratiboko arauak emateko eta, orobat, Foru Diputazioaren, bere administrazioaren eta bere menpe dauden entitate publikoen araubide juridikoa finkatzeko. Betiere, administrazio publikoetan herritar guztiak berdin tratatzeko eskubidea bermatu behar du.
Eskumen horren indarrez, Nafarroako Foru Komunitateak Foru Komunitateko gobernuari eta administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legea onetsi zuen. Lege horretan Nafarroako Gobernuaren araubide juridikoa ezartzeaz gainera, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren arautze soil bat ere egin zen.
Foru lege hura onetsi zenetik hogei urte baino gehiago igaro dira eta Foru Komunitateko administrazioa aldatu da, agintzen zaizkion eginbeharrak, giza baliabideak eta materialak gero eta gehiago baitira, eta horiek kudeatzeko lana gero eta zailagoa da. Bestalde, zerbitzuak ematen dituzten erakundeen testuinguruaren aldaketa eta gizartearen bilakaera ere ikusirik, behar- beharrezkoa da administrazioa berritzea. Herritarrei zerbitzua ematea da administrazioaren beraren existentzia justifikatzen duen oinarrizko printzipioa, haren jardueraren abiapuntu nagusia. Hortaz, araubide berri honen helburu nagusia administrazioaren funtzionamendu eragingarriagoa eta arinagoa lortzea da, herritarrendako zerbitzuak hobetzeko.
Bestalde, antolamendu juridikoan ere aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, administrazioaren antolaketan eta funtzionamenduan eragina izan dutenak.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Nafarroak Foru Komunitateko administrazioa arautzeko berezko arautegi bat edukitzea, Nafarroako Foru Komunitateko gobernuari eta administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legean egindako arauketa hura gainditu eta beste zorrotzago bat emateko eta lege haren ondotik agertu diren beharrizanei eta aplikagarria den oinarrizko legeriako arauei egokitzeko, betiere urteotan hartutako eskarmentua ahaztu gabe.
Hori helburu, eta herritarren arreta eta zerbitzuak hobetzeko eta administrazioaren jarduera eragingarriagoa izateko asmoz, ondoko foru lege hau onetsi da. Legearen helburua, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta menpean dituen erakunde publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzea da. Foru legeak 126 artikulu ditu, zortzi titulutan bilduak, hamar xedapen gehigarri, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, lau azken xedapen eta bi eranskin.
2
I. tituluan printzipio orokorrak agertzen dira, zehazki, foru legearen aplikazio eremua eta administrazioaren jarduketaren eta funtzionamenduaren irizpide nagusiak, eta dagozkion ahalmen eta prerrogatibak aipatzen dira.
Aplikazio eremuari dagokionez, foru lege honen I. titulutik VII.era bitartean Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren arauketa berariazkoa egiten da, administrazio hitzaren ohiko adieran, hots, administrazio instituzional edo instrumentaletik bereizia, hori erakunde publikoek osatzen baitute. Dena dela, erakunde publiko horiei ere aipatu tituluetan biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie, ahalmen administratiboak erabiltzen dituztenean, salbu eta, duten izaera dela kausa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarentzat berariaz ezarriak direnean.
Erakunde publikoak sortzeko modua, antolamendua eta berariazko araubide juridikoa foru lege honen VIII. tituluan ageri dira. Titulu horretan beste entitate batzuk ere aipatzen dira, zuzenbide pribatuaren babesean eratu eta arautuak izanik ere, administrazioak haietan duen parte-hartzea eta toki nagusia direla-eta _sozietateak kasu_, edo nork sortzen dituen dela-eta _fundazioak kasu_, publikotzat hartu behar direnak.
3
II. tituluak herritarrek Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak biltzen ditu. Arautzen dira, besteak beste, erantzun egokia hartzeko eskubidea, administrazio egokia izateko eskubidea (Europako Konstituzioaren proiektuan ezarrita dagoen antzeko eskubidearen bidetik), publikotasunaren printzipioa, bidezko konfiantzaren eskubidea eta informazioa jasotzeko eskubidea, horiek guztiak administrazioaren jardunbide egokirako lagungarri baitira. Jardunbide horretan herritarrentzako zerbitzua da administrazio publikoaren existentzia justifikatu eta haren jarduera guztiak gidatzen dituena. Herritar izena administrazioarekin harremanetan jartzen den pertsona izendatzeko erabiltzen da oro har, bere izenean jardun edo entitate baten ordez. Horren harian, izen hori aukeratu da administratu hitzaren kaltetan, azken horrek mendekotasun kutsua baitu.
4
III. tituluan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren antolaketa jorratzen da: antolaketako irizpide nagusiak adierazten dira eta haren egitura organikoa diseinatzen da.
Herritarrei zerbitzua emateko, administrazioaren egitura Gobernuak ezarritako helburuak lortzera bideratu behar da eta, administrazio-egituren tamaina diseinatzean, kudeaketa-prozesuko lanak ez bikoiztea eta arrazionaltasuna izan behar dira irizpide nagusiak.
Testuinguru horretan, foru lege honek departamentuetan oinarrituriko egitura batean arautzen du antolaketa administratiboa, indargabetu behar duen foru legeak egin zuen bezala. Baina, hartan ez bezala, oraingoan ez dira departamentuen kopurua eta izenak jaso. Izan ere, Nafarroako Gobernuko lehendakariari esleitzen dio haiek sortu, aldatu, elkartu edo kentzeko ahalmena. Hori dena foru dekretu bidez egin beharko du.
Era berean, gauza berria da departamentuak zuzendaritza nagusietan banatzea, orain arte zerbitzuetan banatzen baitziren, eta departamentu bakoitzean idazkaritza tekniko nagusi bat jartzea, orain arteko idazkaritza teknikoen ordez.
Lege honek indarra hartzen duenetik aurrera zuzendari nagusiek nork bere zuzendaritza nagusiari dagozkion administrazio-espedienteak izapidetu eta ebazteko eskumena izanen dute _lehenago kontseilariei zegokien eskumen hori_, salbu eta arau honen bidez edo ondoko foru legeen bidez berariaz beste organo batzuei esleitzen zaizkien eskumenak direnean.
Idazkaritza tekniko nagusiak administrazioaren departamentuko organo horizontal gisa eratzen dira. Arlo tekniko eta juridikoan, giza baliabideen arloan eta aurrekontuen kudeaketaren arloan, komunak diren gaien kudeaketa dagokie, erregelamenduz ezartzen denaren arabera. Era berean, aipatzekoa da esleitu zaien beste eginkizun bat, hots, bere departamentuan izapidetzen diren administrazio- errekurtsoak ebatzi aurretik, txosten juridikoak egitea.
Zerbitzuek, atalek eta bulegoek administrazio-unitate izaten segituko dute. Gainera, atalen azpitik beste unitate batzuk sortzeko aukera ematen da, administrazio-egitura malguagoa izateko.
Horrela, egitura egokiago eta malguagoa eratu da, administrazioak agintzen dituen helburuetara egokitu ahal izateko, kontuan harturik, betiere, helburu nagusia dela herritarrei zerbitzua eraginkortasunez eta eragimenez ematea, dauden aurrekontu-baliabideak aprobetxatuz, eta administrazioaren organoetan kudeaketa lana bikoiztu gabe.
III. tituluaren III. kapituluan kide anitzeko organoen arauketa zehatza egin da, beharrezkoa baitzen Konstituzio Auzitegiak azaroaren 26ko 30/1992 Legean bildutako agindu gehienak oinarrizkoak ez zirela deklaratu ondoren.
IV. kapituluan Foru Komunitateko administrazioan dauden administrazio-organoen eskumenak arautzen dira. Kasuan-kasuan ardura duten organoen eskumenen ohiko erabileraren inguruko arauak emateaz gainera _eskumenak utziezinak dira, printzipio gisa_, lege izaera eman nahi izan zaie administrazio-organoek dagozkien eskumenak modu eragingarriago batean baliatzeko eskura dituzten baliabide batzuei, hala nola eskumenak eskuordetzan ematea egitura organikoko beste bati edo erakunde publiko bati, deskontzentrazioa, izenpea eskuordetzan ematea, kudeatzeko gomendioa, goragokoak eskumenak bereganatzea, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak. Horietako batzuetan, berrikuntzak ageri dira. Eskumenen gaineko atalean, azkenik, organoko titularra ordezkatzeko kasuak eta, eskurantza norena den erabakitzeko, organoen artean sor daitezkeen auziak ebazteko moduak zehazten dira.
5
IV. tituluak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren jardunaz dihardu, eta bertan administrazio-prozedurari, administrazio-egintzei, errekurtsoei eta administrazio-egintzen berraztertzeari buruzko xedapenak biltzen dira. Administrazio-prozedurari buruzko xedapenetan, foru legeak prozeduren sinplifikazioaren eta arrazionalizazioaren alde jotzen du nabarmen. Hori lortzeko, baliabide informatikoak egoki erabili behar dira. Hortaz, helburua da administrazioak herritarrari zerbitzu arina eman ahal izatea, baina antolamendu juridikoan ezarritako bermeak gutxitu gabe.
Berria da ere administrazio-errekurtsoen inguruko arauketa. Helburua da, azken hogei urteotan lortutako eskarmentu luzea aintzat harturik, Nafarroako Gobernua _nagusiki organo politikoa baita_ administrazio-errekurtso guzti-guztiak ebazteko arduraz arintzea, orain arte horrela izan baita. Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak gora jotzeko errekurtsoak ebazteko zuen eskumena mugatzen da, izan ere, kontseilarietatik datozen egintzen kontrako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea egokituko zaio, ez besterik, foru lege batek kontrakoa xedatzen ez den bitartean. Gora jotzeko gainerako errekurtsoak beste organo batzuek ebatziko dituzte, batez ere kontseilariek eta zuzendari nagusiek, hierarkian dagokien tokiagatik eta ebazpenak emateko ahalmena, legez, kargu horiez gainera, idazkari tekniko nagusiek eta zerbitzuko zuzendariek izanen dutelako bakar-bakarrik; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen beste organo batzuk, eskuordetuta, ebazpenak eman ahal izan ditzaten. Administrazio-errekurtsoen atalaren bukaeran aukerako berraztertzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtso berezia arautzen dira, eta horien ordez erabil daitezkeen beste prozedura alternatibo batzuk aipatzen dira.
Era berean, foru lege honen IV. tituluak administrazio-xedapen eta -egintzak beste modu batean berraztertzeko moduak biltzen dira, ekintza deuseztagarriak kaltegarritzat deklaratzea eta egintzak errebokatu eta akatsak zuzentzea barne, baita lan auzibidera eta bide zibilera jo aurreko erreklamazioak ere, oinarrizko legeriarekin bat etorriz. Horietako jarduketa bakoitzean eskumena zein organori dagokion zehazteko arauak ematen ditu batez ere.
6
V. tituluan zehatzeko ahalmena jorratzen da. Ahalmen hori zein organok erabil dezakeen zehazten du eta zehapen prozedura komun bat finkatzen. Lege edo erregelamenduzko arau baten bidez onetsitako beste prozedura berariazkoago bat ez dagoen kasu guztietan aplikatuko da prozedura komun hori. Beraz, prozedura sektorialetan ager daitezkeen hutsuneei erantzun ahalko zaie prozedura horri esker, horrelakoetan orain arte estatuko legeriara jotzen baitzen.
Prozedura komunaren ordez prozedura laburra erabiltzeko aukera ere aurreikusten da, arau-haustea arintzat jotzeko aski elementu daudenean.
7
VI. tituluan ondare-erantzukizuna arautzen da. Prozeduraz arduratzeko eskumena duten organoak aipatzen dira, arlo horretan gaur egun dagoen eskumen-banaketaren arabera.
Era berean, erantzukizunik baden zehazteko prozedura arautzen da; orain arte, prozedura hori arautu gabe zegoen foru araudian eta, beraz, kasu guztietan, estatuko legeetan ezarritako prozedurara jo beharra zegoen. Oraingo arauketan prozedura orokor bat ezarri da eta, horrekin batera, prozedura laburtua. Azken hori alferreko izapideak saihesteko erabiliko da kaltearen eta zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren artean kausa-harremana begien bistakoa izan eta kaltearen balorazioa eta kalte-ordainaren zenbatekoa zalantzarik gabeko finkatu daitezkeenean. Ondare-erantzukizunaren arau-multzoen bukaeran, prozedura itun bidez amaitzeko aukera aurreikusten da eta kalte-ordainak ordaintzeko modua finkatzen, bidezkoak diren kasuetan, hori guztia zerbitzu publikoaren funtzionamendu desegokiaren ondorioz kaltea jaso duen herritarrari arreta hobea emateko asmoz.
Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko langile eta agintariei ondare- erantzukizuna eskatzeko prozedura bat finkatzen da, erantzukizun hori ofizioz eskatu behar zaien kasuetarako.
8
VII. tituluak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen arteko harremanak arautzen ditu. Administrazio publikoen arteko harremanetarako bide eta printzipio berriak biltzen ditu, hots, Foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Legean eta Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusi zirenak, eta beste administrazio publiko batzuekiko lankidetza bideak eta auzi bideak jorratzen ditu. Auzia dagoen kasuetan, foru legeak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Foru Komunitateko administrazioaren organo gorena baita, beste administrazio batzuei errekerimenduak egiteko eta berari bidali zaizkion errekerimenduez arduratzeko eskumena, besterik ez.
9
VIII. tituluak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpe dauden erakunde publiko eta entitateez dihardu.
Titulu horretan nortasun juridiko propio eta bereizia eta kudeatzeko autonomia duten erakunde publikoak sortu eta antolatzeko arauak biltzen dira eta haien araubide juridiko berariazkoa finkatzen. Batetik, erakunde autonomoak daude, betiere administrazio-zuzenbideari loturik jardun behar dutenak, eta bestetik, enpresa-entitate publikoak, oro har zuzenbide pribatuak gobernatzen dituenak, salbu eta foru lege honetan adierazitako kasuetan.
Aipatu beharra dago erakunde publikoak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez sortu behar direla. Sortzearekin batera, bakoitzaren hasierako jarduketa plana eta estatutuak onetsiko ditu. Estatutu horietan finkatuko da erakundeak bere egitura aldatzeko duen autonomia funtzionala norainokoa den. Dena dela, zilegi izanen da Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoa ez beste bat onartzea; erakunde autonomoek langileak hautatzeko orduan izanen duten autonomia mailari dagokionez, foru legeak dio kontu horiek langileriaren arloko eskurantzei buruzko berariazko dekretu batean ezarriko direla, baina funtzio publikoaren arloan eskumena duen administrazioko departamentuak giza baliabideei buruz ematen dituen jarraibideak aplikatu beharko direla. Neurri horiekin Foru Komunitateko sektore publikoko erakunde publiko guztientzat araubide bakarra izatea baztertzen da, erakundeak askotarikoak baitira.
Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko sozietate publikoak eta fundazioak arautzen dira, sektore publikoaren barrenean baitira. Funtsean, antolamendu juridiko pribatuaren pean egonen dira, foru legean zehazten diren zuzenbide publikoaren arloko salbuespen batzuk izan ezik.
10 Azkeneko zatian, foru legeak, bereziki, honako gai hauek arautzen ditu: ordezko legeria, zerga arloko prozeduren ezaugarriak, foru lege honek indarra hartu aurretik irekita dauden prozedurentzako araubide berezia eta prozedurak aldatzeko eta administrazioaren egiturak egokitzeko aldi baterako epe bat.
Azkenik, foru legeak Nafarroako administrazio-prozeduren alderdi batzuk oinarrizko legeriak ezartzen duenera egokitzen ditu, eta bi eranskinetan ageri dira, batean, eskaera ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetetik goitikoa duten prozeduren zerrenda eta, bestean, ezarrita dagoen epean espresuki ebatzi eta jakinarazi ezean eskaerak administrazioaren isiltasunez ezetsi direla ulertu beharreko prozeduren zerrenda.
I. TITULUA
Printzipio orokorrak
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Foru lege honek ondokoak arautzen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren antolaketa, funtzionamendua eta araubide juridikoa.
b) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko eta hari loturiko erakunde publikoen antolaketa eta araubide juridikoa; erakunde horiek, administrazio-ahalmenak erabiltzen dituztenean, foru administrazioarentzat ezarritakoaren arabera jardun beharko dute.
c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen menpeko edo haiei loturiko sozietate eta fundazio publikoen araubide juridikoaren berezitasunak, oro har antolamendu juridiko pribatuaren pean arituko badira ere.
2. artikulua. Nortasun juridikoa.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, hierarkikoki ordenatutako hainbat organoz osatua badago ere, bere helburuak betetze bidean nortasun juridiko bakarra izanen du, deusetan galarazi gabe erakunde publikoek eta menpean dituen beste entitate batzuek esleitua duten nortasun juridikoa.
3. artikulua. Jarduketa eta funtzionamendurako printzipio nagusiak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa, Nafarroako Gobernuaren zuzendaritzapean, interes orokorrei objektibotasunez erantzuten die, administrazio-izaerako eginkizun betearazleak gauzatuz, betiere Espainiako Konstituzioari, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoari, gainerako antolamendu juridikoari eta zuzenbideari men eginez.
2. Legezkotasun printzipioaz gainera, honako printzipio hauek gidatuko dute Foru Komunitateko administrazioaren jarduketa eta funtzionamendua:
a) Eraginkortasuna, bere helburuak betetze bidean. b) Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
c) Plangintza, kudeaketa objektiboa eta emaitzen kontrola.
d) Kudeaketa publikoarekiko ardura.
e) Fede ona eta bidezko konfiantza.
f) Arrazionalizazioa eta arintasuna administrazio-prozeduretan eta kudeaketa lanetan.
g) Zerbitzu eragingarria eskaintzea eta administrazioa herritarrengandik hurbil egotea.
h) Jarduketa administratibo gardena eta publikoa, antolamendu juridikoak herritarrei onartzen dizkien eskubideak benetan erabili ahal izateko berme gisa, legeak ezartzen dituen salbuespenetan izan ezik.
i) Subsidiariotasun eta proportzionaltasuna dagozkion eskumenak erabiltzean.
j) Administrazioaren organo eta erakunde publikoen arteko koordinazioa.
k) Erakundeekin eta gainerako administrazio publikoekin lankidetza eta erakundeekiko leialtasuna.
4. artikulua. Administrazioaren ahalmen eta prerrogatibak.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, bere eskumenak erabiltzen dituenean, antolamendu juridikoak Estatuko administrazio orokorrari aitortzen dizkion ahalmen eta prerrogatiba guztiak izanen ditu, eta betiere, honako hauek:
a) Barne antolaketa egiteko ahalmena.
b) Bere egintzen legezkotasunaren presuntzioa eta horiek betearazi beharra, eta, halaber, egintza horiek ofizioz berraztertzeko ahalmena.
c) Nahitaez betearazteko ahalmena.
d) Desjabetzeko ahalmena.
e) Zehatzeko ahalmena.
II. TITULUA
Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak
5. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Herritarrek, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan, foru lege honetan ezartzen diren eskubideak izanen dituzte, estatuaren oinarrizko legerian eta Europar Batasuneko legerian aitortzen zaizkien eskubideez gainera. 2. Foru Komunitateko administrazioak, bere jardunbidean, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu herritarrek eskubide horiek baliatu ahal izateko.
6. artikulua. Erantzun egokia hartzeko eskubidea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin harremanetan jartzen den herritar orok eskubidea du adeitasunez, arduraz eta konfidentzialtasunez arreta eman diezaioten, bereizkeriarik gabe jaiotza, sexu, arraza, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta.
2. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz.
7. artikulua. Administrazio egokia izateko eskubidea.
1. Herritar guztiek eskubidea dute Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organoek haren aferak inpartzialtasunez eta berdintasunez tratatzeko eta, gainera, arrazoizko epe batean.
2. Eskubide honen barrenean, ondoko alderdiak sartzen dira bereziki:
a) Iritzia emateko eskubidea, bere kontrako banakako neurri bat hartu baino lehen.
b) Dagokion espedientea aztertzeko eskubidea, baina legezko interesak, konfidentzialtasuna eta merkataritzako eta lanbideko sekretua errespetatuz.
c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere erabakiak arrazoibidez azaldu behar ditu.
d) Administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
8. artikulua. Fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioa.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak betiere babestuko du herritarrek hartan jarritako fede ona eta bidezko konfiantza, bai eta ordura arte erakutsitako ohiko jokabide zintzoa ere. Dena dela, printzipio hori aplikatzeak ezin du antolamendu juridikoaren kontrako ondoriorik ekarri.
9. artikulua. Idazkiak eta agiriak aurkezteko eskubidea.
1. Herritar guztiek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko erregistroetan idazkiak eta agiriak aurkezteko eskubidea dute, beren nortasuna egiaztatu ondoren, eta baita aurkezpen horren egiaztapena jasotzeko eskubidea ere.
2. Erregistroko arduradunek ezin izanen dute agiriak aurkezteko mugak edo debekuak jarri, ez formazko arrazoiengatik, ez idazkiaren edukiagatik. Aurkeztutako agiritik behar bezala izapidetzeko behar den gutxieneko informazioa ateratzerik ez badago, interesdunari jakinaraziko zaio eta, zuzentzen ez badu, agiria atzera bota dezakete. Horrelakoetan, kasuko agirian horren berri jaso beharko dute. 3. Okerreko bidetik, bere eskumenekoak ez diren herritarren eskabideak edo eskaerak jasotzen dituzten administrazio-organoek agiri horiez arduratzeko eskumena duen organoari edo unitateari igorriko dizkiote.
4. Herritarrek eskubidea dute kasuan kasuko prozedurari aplikatzekoak diren arauek ezartzen ez dituzten agiriak edo jadanik Foru Komunitateko administrazioaren esku daudenak ez aurkezteko. Horretarako, herritarrek agiria dagoen espedientea identifikatu ahal izanen dute, eta organo eskudunek ere eskatu ahal izanen diete interesdunei hori egin dezaten.
10. artikulua. Publikotasunaren printzipioa.
1. Herritarrek eskubidea dute Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak publikotasunaren printzipioa bete-betean errespetatuz jardun dezala eskatzeko, legeek herritarrei esleitzen dizkieten eskubideak bermatzeko.
2. Idazkaritza tekniko nagusiei dagokie zenbait agiriren hedapena eta ezagupena mugatua izan dadila agintzea, pertsonen intimitatea kaltetu dezaketelakoan, prozedura bakoitzak eskatzen duenaren arabera.
11. artikulua. Administrazio-espedienteak, artxiboak eta erregistroak aztertzeko eskubidea.
1. Herritar guztiek dute izapidetzen ari diren administrazio-espedienteak aztertzeko eskubidea, baldin eta haietan interesduntzat hartuak badira, eta administrazioaren artxibo eta erregistroak aztertzeko eskubidea ere bai, indarreko arauetan ezarritakoaren arabera.
2. Aztertzeko eskubideak agirien kopia eta ziurtapenak egiteko eskubidea dakar berarekin, betiere legez ezarrita dauden tasa edo prezioak ordainduz gero, horrelakorik baldin badago.
12. artikulua. Eskatzeko eskubidea.
Herritar guztiek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan eskatzeko eskubidea dute, Espainiako Konstituzioaren eta eskubide hori arautzen duen Lege Organikoaren arabera.
13. artikulua. Zerbitzu publikoak jasotzea.
1. Herritarrek eskubidea dute zerbitzu publikoak berdintasunez jasotzeko, bai eta tratu pertsonalizatua eta egokia izateko ere.
2. Herritarrek eskubidea dute zerbitzu publikoak behar adinako kalitate mailaz eman daitezen; horien etengabeko hobetzea eta kalitatearen ebaluazioa helburu, kudeaketa eredu berritzaileak ezarriko dira.
3. Herritar guztiek zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruzko iradokizunak, erreklamazioak eta kexak aurkezteko eskubidea dute. Nafarroako Gobernuak, erregelamendu bidez, horiei arreta eman edo erantzuteko prozedura berezia ezarriko du. Prozedurarik ez badago, iradokizunak, erreklamazioak eta kexak aurkezteko eskubidea arautzen duen oinarrizko legerian ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetuko dira.
14. artikulua. Informazioa jasotzeko eskubidea. 1. Herritarrek beren eskubideetan, legezko interesetan eta eginbeharretan eragina izan dezaketen jarduera administratiboei buruzko informazioa eskatu eta lortzeko eskubidea dute, baita ondasun eta zerbitzu publikoen erabilerari buruzkoa ere, betiere eskatzailearen nortasuna isilpean izanen dela bermatuz.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, kasuan kasuko aferaren arduradun edo eskudun denean, eskatutako informazioa helarazi beharko die herritarrei, argi eta garbi helarazi ere.
3. Izapidetze bidean dauden prozeduren edukiari edo egoerari buruzko informazioa eta prozeduraren izapidetzearen ardura duten agintari edo funtzionarioen identifikazio-datuak prozeduran interesdun gisa agertzen direnei edo horien legezko ordezkariei emanen zaizkie bakar-bakarrik.
4. Nafarroako Gobernuak eskubide hau erabiltzeko arautegia emanen du erregelamendu bidez.
15. artikulua. Informazio orokorra.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak betebehar hauek ditu:
a) Administrazioaren antolamenduari buruzko eta zerbitzu eta prestazio publiko nagusiei buruzko informazio eguneratua ematea etengabe, hala nola administrazio-unitateen identifikazio eta lokalizazioari buruzko informazioa.
b) Foru Komunitateko administrazioaren eskumenekoak diren prozedurei buruzko informazio orokorra ematea.
c) Herritarrek aurkatzeko eta erreklamatzeko dituzten baliabideei buruzko informazioa ematea.
2. Betebehar horiek gauzatzeko, inprimatutako agiri eta materialez gain, bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak ere erabili ahalko dira.
III. TITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren antolaketa
I. KAPITULUA
Printzipio nagusiak
16. artikulua. Antolaketa printzipioak.
Foru Komunitateko administrazio ondoko printzipio hauen arabera antolatuko da:
a) Organoen hierarkia.
b) Banaketa funtzionala.
c) Deskontzentrazio eta deszentralizazio funtzionala, beharrezkoa bada, kudeaketa edo exekuzio lanak egiteko orduan.
d) Ekonomia, eta baliabideak egoki esleitzea helburu instituzionalen arabera. e) Antolaketa sinplea eta argia.
f) Administrazio-organoen arteko koordinazioa, politika orokorrak egoki gauzatzeko.
II. KAPITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa
17. artikulua. Administrazio-organoak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, barne antolaketarako duen ahalmena baliatuz, bere eskumenak erabiltzeko beharrezkotzat jotzen dituen administrazio-organoak sortu ahalko ditu.
2. Unitate organiko bakoitzean esleiturik dituen eginkizunei loturiko lanpostuak eta burutza komun bat izanen dira.
3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organo gorenak Nafarroako Gobernua, lehendakaria, lehendakariordeak, horrelakorik baldin badago, eta kontseilariak dira. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren gainerako organoak organo goren baten zuzendaritzapean izanen dira.
4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organoak sortu, aldatu edo kentzeko, foru lege honetan eta Nafarroako Gobernua eta bere lehendakaria arautzen dituen foru legean ezarritakoa aplikatuko da.
5. Administrazio-organo bat sortzean, haren eginkizunak eta eskumenak mugatu beharko dira, organikoki eta eginkizunei dagokienez noren menpe egonen den zehaztu eta abian jartzeko eta lanean jarduteko behar dituen kredituak eman. Ezin sortu daitezke egituran diren beste organo batzuen bikoizketa diren organo administratiboak.
6. Foru Komunitateko administrazioaren antolaketa ezartzen duten arauetan dagozkion eskumenak egoki erabiltzeko ezinbestekotzat jotzen den egitura finkatuko da. Orobat, eskumen horiek organoen artean banatuko ditu, unitateak eta lanpostuak unean-unean esleitzen zaizkien helburuetara malgutasunez egokitu ahal izateko moduan.
7. Organoetako zuzendari eta buruek dute organo horren funtzionamendu zuzenaren erantzukizuna, bai eta organoari esleituriko eginkizunak behar bezala egitearen erantzukizuna ere; zuzendari eta buruek egokitasun hori helburu antolatu beharko dituzte organoaren giza eta gauza baliabideak.
8. Administrazio-organoei esleituriko eskumenak erabiltzeko behar diren egintzak, ondorio juridikoak dakartzatenak, kasuan kasuko titularrek sortzen dituzte; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen izenpea eskuordetzan emateko foru lege honetan ezarritakoaren arabera.
9. Zilegi izanen da eginkizunei dagokienez Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldetik kanpo arituko diren organoak sortzea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak dituen eskumenak erabiltzeko.
18. artikulua. Administrazio-egituren egokitzapena. 1. Administrazio-organoetako titularrek, nork bere eskumenen arabera, bere menpe dituzten administrazio-egiturak eta langileak Nafarroako Gobernuak finkatutako helburuetara hobeki moldatzeko behar diren egokitzapenak egin edo sustatzeko ardura dute.
2. Administrazioaren antolaketaren eta funtzio publikoaren gaineko eskumen berariazkoak dituzten organoek, hots, arlo horretan Nafarroako Foru Komunitateko administrazio osorako eginkizunak bere gain hartzen dituztenek, behar diren neurriak hartuko dituzte organoen antolaketa Nafarroako Gobernuak ezarritako irizpide eta helburuei egokitzeko, Aurrekontuei buruzko foru legeetan esleitzen diren baliabideen arabera.
19. artikulua. Foru Komunitateko administrazioaren egitura departamentuetan antolatua.
1. Banaketa funtzionalaren printzipioari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa departamentuetan egituratzen da. Departamentu bakoitzak Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko sektore bati edo _eginkizunei dagokienez homogeneoak badira_ batzuei dagokien jarduera administratiboa hartuko du bere gain.
2. Departamentuak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, hala nola departamentu bakoitza eskumeneko jarduera administratiboaren zein sektoretan arituko den finkatzea, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio eta foru dekretu bidez egin beharko du.
20. artikulua. Departamentuak.
1. Departamentu bakoitzean kontseilari bat izanen da buru eta haren menpe egonen dira departamentuari atxikirik edo haren barrenean diren organo guztiak.
2. Departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta Idazkaritza Tekniko Nagusi bat izanen dira. Azken hori kontseilariaren menpe dago zuzenean.
3. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean kasuko kontseilari titularraren menpe dauden beste organo batzuk ere egon ahalko dira departamentu guztietan.
21. artikulua. Zuzendaritza nagusiak.
1. Zuzendaritza nagusiei arlo baten edo _eginkizunei dagokienez homogeneoak badira_ arlo batzuen zuzendaritzaz, kudeaketaz eta koordinazioaz arduratzea dagokie.
2. Zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, hala nola bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea, Nafarroako Gobernuari dagokio. Foru dekretu bidez eginen du, departamentu bakoitzeko kontseilari titularrak proposaturik.
22. artikulua. Zuzendari nagusiak.
1. Zuzendaritza nagusi bakoitzean zuzendari nagusi bat izanen da, buru. Honako ahalmen hauek izanen ditu:
a) Atxikita dagoen departamentuko kontseilari titularrari bere zuzendaritza nagusiaren proiektu, plan eta programak proposatzea eta horien exekuzioa gidatu eta egoki betetzen direla kontrolatzea. b) Zuzendaritza nagusian sartutako zerbitzuak gidatu, kudeatu eta koordinatzea eta ongi aritzen direla begiratzea.
c) Menpean dituen baliabide finantzario eta materialak kudeatzea.
d) Bere departamentuaren eskumeneko gaietan, egitura organikoan zuzendaritza nagusiari esleituriko arloen inguruko ebazpenak ematea, betiere foru lege honen arabera eskumen hori beste organo bati esleitu ez bazaio.
e) Zuzendaritza nagusiaren xedeko arloetan hartu beharreko foru aginduen proposamenak igortzea kontseilariari.
f) Bere zuzendaritza nagusiaren xedeko arloetan onartu beharreko arauen proposamenak egitea.
g) Kontseilariak eskuordetzen edo deskontzentratzen dizkion eskumenak erabiltzea.
h) Kontseilariak eskuordetza emanez gero, departamentuaren ordezkaria izatea.
i) Legeek eta erregelamenduzko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako ahalmenak.
2. Zuzendari nagusiak Nafarroako Gobernuaren dekretu bidez izendatu eta kargutik kenduko dira, departamentuko kontseilari titularrak proposaturik. Kargutik kenduko dira, halaber, Nafarroako Gobernuko kideek kargua uzten dutenean, baina jardunean segituko dute arduradun berria izendatu arte.
3. Zuzendari nagusien administrazio-erabakiak ebazpen gisa emanen dira eta haiek beraiek sinatu beharko dituzte.
4. Zuzendari nagusiei txit prestuaren tratamendua dagokie.
5. Zuzendari nagusien ordainsariak Nafarroako Foru Komunitateko Aurrekontuetan finkatuko dira.
23. artikulua. Idazkaritza tekniko nagusiak.
1. Idazkaritza tekniko nagusiak departamentu guztietan dauden unitate organiko horizontalak dira eta beraiei dagozkie, erregelamenduz ezartzen denaren arabera, arlo tekniko eta juridikoan, giza baliabideen arloan eta aurrekontuen kudeaketaren arloan komunak diren gaiei buruzko eskumenak. Zuzenean, departamentuko kontseilari titularraren menpean egonen dira.
2. Idazkari tekniko nagusiek zerbitzuko zuzendarien maila bera izanen dute eta Nafarroako Gobernuaren foru dekretuaren bidez izendatu eta kargutik kenduko dira, departamentuko kontseilari titularrak proposaturik. Izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren funtzionario publikoak izanen dira.
3. Idazkaritza tekniko nagusiek departamentuan izapidetzen diren errekurtso administratiboen ebazpena eman aurreko txosten juridikoa prestatuko dute.
24. artikulua. Zuzendaritza nagusien eta idazkaritza tekniko nagusien egitura organikoa.
1. Zuzendaritza nagusiek ondoko unitate organikoak izan ditzakete azpian: a) Zerbitzuak.
b) Atalak.
c) Bulegoak eta ataletatik beherako beste unitate batzuk.
2. Idazkaritza tekniko nagusiek ondoko unitate organikoak izan ditzakete azpian:
a) Atalak.
b) Bulegoak eta ataletatik beherako beste unitate batzuk.
3. Zerbitzuak eta atalak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez sortu, aldatu eta kenduko dira, kasuan kasuko departamentuko kontseilari titularrak proposaturik.
4. Bulegoak eta ataletik beherako beste unitate organikoak, unitate horiek zein departamentutan sartu behar diren, hango kontseilari titularraren foru agindu bidez sortu, aldatu eta kenduko dira.
25. artikulua. Zerbitzuak.
1. Zerbitzuak departamentuetako zuzendaritza arloko unitate organikoak dira. Esleiturik dituzten eskumen berariazkoez gainera, menpean dituzten atal edo unitate organikoen plangintza, koordinazioa, zuzendaritza eta kontrol lana ere egin beharko dute.
2. Zerbitzuak zuzendaritza nagusi baten barrenean izan daitezke edo kontseilariaren menpe zuzenean.
3. Zerbitzu bakoitzean zuzendari bat izanen da, buru.
4. Zerbitzuen azpian atalak, bulegoak eta atala baino maila baxuagoko beste unitate batzuk sor daitezke.
26. artikulua. Zerbitzuko zuzendariak.
1. Zerbitzuko zuzendariak Nafarroako Gobernuak izendatu eta kargutik kenduko ditu, dekretu bidez, departamentuko kontseilari titularrak proposaturik. Zuzendariak Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioen artean izendatuko dira, izendapen askeko sistema erabiliz.
2. Zerbitzuko zuzendariek esleitzen zaizkion lanetan arintasunaren, arrazionalizazioaren eta sinplifikazioaren printzipioen aplikazioa bultzatu eta sustatu beharko dute.
3. Zerbitzuko zuzendariek, aurreko idatz-zatian aipatutako eginkizunez gain, kontseilariak edo zuzendari nagusiak eskumeneko dituzten gaietan eskuordetu edo deskontzentratu dizkietenak ere beteko dituzte.
27. artikulua. Atalak, bulegoak eta beste unitate batzuk.
1. Atalak zerbitzuen edo Idazkaritza tekniko nagusien menpeko unitate organikoak dira. Esleiturik dituzten eskumen arloei buruzko lanak betearaztea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea dagokie, hala nola bulegoek edo haien menpeko unitateek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea. Hori hala izanik ere, zuzenean kontseilari baten edo zuzendaritza nagusi baten menpe dauden atalak ere sortu ahalko dira.
2. Bulegoak eta atalez beherako beste unitate batzuk ere sortu ahalko dira, atalek esleiturik dituzten gaien inguruan izapidetze, inbentario, erregistro, artxibo eta antzeko lanak egiteko.
3. Ataletan, bulegoetan eta atalez beherako unitate guztietan buru bat izanen da, Foru Komunitateko funtzio publikoaren arloko legerian ezarritakoaren arabera izendatu eta kargutik kenduko dena.
III. KAPITULUA
Kide anitzeko organoak
28. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kide anitzeko organoak dira deliberazio, aholkularitza, proposamen, erabaki, segimendu edo kontrolaren inguruko administrazio-lanak egiteko administrazioaren barrenean sortzen direnak, hartan integraturik jarduten badute eta hiru kide edo gehiago baldin badituzte.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kide anitzeko organoen araubideari dagokionez, barne funtzionamendurako arauetan, kasuan kasuko organoa sortzeko xedapen edo hitzarmenetan, kapitulu honetan bildutako xedapenetan eta administrazio publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
3. Nafarroako Gobernua, berriz, Nafarroako Gobernua eta lehendakaria arautzen dituen foru legean eta horren garapenerako arauetan xedatzen denari jarraikiz arautuko da eta kapitulu honetan bildutako aginduak ez zaizkio aplikatuko.
29. artikulua. Sortzeko baldintzak.
1. Kide anitzeko organo bat eratzeko arauan edo hitzarmenean honako alderdi hauek jaso beharko dira:
a) Xedeak eta helburuak.
b) Ebazteko duen ahalmena, horrelakorik baldin badu.
c) Esleitu zaizkion eginkizunak.
d) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoan izanen duen tokia edo noren menpe izanen den organikoki.
e) Organoaren osaera eta kideak hautatzeko irizpideak, organoko burua barne.
f) Behar dituen aurrekontu-kredituak, lan egiteko horrelakorik behar baldin badu.
2. Erabakiak hartzeko, aginduzko txostenak emateko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren beste organo batzuei segimendu edo kontrol lana egiteko ardura duten kide anitzeko organoak sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez edo lege bidez.
30. artikulua. Osaera eta kideak.
1. Kide hauek ditu kide anitzeko organoak: organoko burua, buruorde bat edo gehiago _zenbakituak_, kide arruntak eta, hala erabakiz gero, idazkaria.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kide anitzeko organoetan beste administrazio publiko batzuetako eta interes sozialeko erakundeetako ordezkariek parte hartu ahalko dute, hala nola bere kasa aritzen diren banakako kideak. Kideek organoan parte hartzeko beharrezkoa izanen da kargua borondatez onartzea, administrazio edo erakunde horren arau batek parte hartu beharra agintzea edo hitzarmen batean ezarrita egotea.
3. Kide anitzeko organoa sortzeko arauan, esleitzen zaizkion eginkizunak ikusita, erabakiko da interes kolektiboen ordezkari diren erakundeek edo eskarmentu edo jakintza handia duten beste kide batzuek parte hartu behar ote duten.
31. artikulua. Organoko buruaren eginkizunak.
1. Kide anitzeko organo guztietan buru bat izanen da, honako eginkizun hauek izanen dituena:
a) Organoaren ordezkari izatea.
b) Bilkura arrunt eta berezien deialdia egitea eta eguneko gai-zerrenda finkatzea.
c) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, bilkurak bertan behera uztea.
d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.
e) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.
f) Organoko burua den aldetik, dagozkion gainerako eginkizunak.
2. Organoko burutza hutsik dagoenean, burua kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, buruaren ordez dagokion buruordea arituko da, edo, bestela, kideen artean Foru Komunitateko administrazioan edo beste administrazio publiko batean hierarkiarik, antzinatasunik edo adinik handiena duena. Hierarkia eta antzinatasuna organoari dagozkiola ulertuko da.
32. artikulua. Organoko kideen ahalmen eta eginkizunak.
1. Kide anitzeko organoa osatzen dutenei hauek dagozkie:
a) Bilkuretako eguneko gai-zerrenda garaiz hartzea.
b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea. c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Kide anitzeko organoetan Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko langile edo agintari gisa aritzen diren kideek ezin izanen dute bozketetan abstentzioa egin.
d) Galdera eta erreguak egitea.
e) Esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko behar den informazioa garaiz jasotzea, eguneko gai- zerrendaren ingurukoak barne.
f) Karguari dagozkion gainerako eginkizunak.
2. Kide anitzeko organoetako kide arrunt titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez, horrelakorik baldin badago.
33. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.
1. Kide anitzeko organoak idazkari bat izanen du. Kargu hori organoko kide batek edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko beste pertsona batek beteko du, kide anitzeko organoa sortzeko arauan zehazten dena hain zuzen.
2. Hona hemen kide anitzeko organoaren idazkariaren eginkizunak:
a) Bilkuretara joatea, boto eskubidea eta hizpidea dituela, organoko kidea bada, eta hizpidea bai baina boto eskubiderik gabe, bestela.
b) Bilkuretarako deia egitea, organoko buruak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.
c) Organoko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, ziurtagiriak edo hark ezagutu behar dituen beste idazki guztiak.
d) Arazoak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.
f) Kide anitzeko organoko kidea baldin bada, dagozkion eskubideak erabiltzea.
g) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.
3. Idazkari postua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, idazkariaren ordez kide anitzeko organoko beste kide bat arituko da, hots, Foru Komunitateko administrazioan edo beste administrazio publiko batean hierarkiarik, antzinatasunik edo adinik handiena duena, ordena horri segituz. Hierarkia eta antzinatasuna organoari dagozkiola ulertuko da.
34. artikulua. Aktak.
1. Kide anitzeko organoak egiten dituen bilkuren aktetan hartu diren erabakiak jasoko dira.
2. Organoko kideren batek eskatuz gero, aktan, halaber, hartu den erabakiaren kontrako botoa edo abstentzioa ere jasoko da, eta bai haren arrazoia ere, edo aldeko boto baten azalpena ere. 3. Edozein kidek zilegi izanen du, halaber, bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo organoko buruak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.
4. Gehiengoaren erabakiarekin bat etortzen ez diren kideek zilegi izanen dute boto partikularrak egitea idatziz, buruak ezartzen duen bidezko epe baten barrenean. Idazki hori onetsitako testuari erantsiko zaio.
5. Aktak bilkura berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, eta zilegi izanen da, hala ere, idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe. Horrelako ziurtagirietan egoera horren berri eman beharko da.
IV. KAPITULUA
Administrazio-organoen eskumenak
35. artikulua. Eskumenez baliatzeko bidea. Eskumenen ukaezintasuna.
1. Administrazio-eskumenez baliatzea eskurantza hori hartu duten Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organoei dagokie, ukaezinak baitira, artikulu hauetan xedatzen dena deusetan galarazi gabe.
2. Eskumen bat, oro har, Foru Komunitateko administrazioari esleitzen zaionean baina departamenturik aipatu gabe, arloaren arabera finkatuko da zeini dagokion. Ezinezkoa bada departamentu jakin bati esleitzea, Lehendakaritzako eskumena duen departamentuak hartuko du bere gain.
3. Eskumen bat, oro har, Foru Komunitateko departamentu bati esleitzen bazaio baina zein organok erabili behar duen aipatu gabe, departamentuaren barreneko egitura organikoaren zein unitateri dagokion finkatuko da. Organo jakin bati esleitzen ez bazaio, gaiaren eskumena duen zerbitzuburuari dagokiola ulertuko da.
4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren barreneko organo eta entitateen eskumena Nafarroako lurralde osoan erabiltzeko da, aplikatu beharreko arauetan kontrakoa adierazi ezean.
5. Administrazio-organoei esleitzen zaizkien eskumenen titulartasuna eta horiek erabiltzeko eskubidea hierarkian azpian dauden beste administrazio-organo batzuen esku utzi ahalko dira, deskontzentratze aldera, eskumenak esleitzeko arauetan ezartzen den moduan eta hango baldintzetan.
36. artikulua. Eskumenak organoen artean eskuordetzea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organoen berezko eskumenak maila bereko edo baxuagoko beste organo bati eman dakizkioke eskuordetzan, hierarkian haren menpe ez badaude ere, kontrakoa ezartzen ez bada.
2. Honako eskumen hauek ezin dira eskuordetzan eman: a) Nafarroako Gobernuaren onespena behar duten gaiak.
b) Izaera orokorreko xedapenak onestea.
c) Erakundeekiko edo beste administrazio publiko batzuekiko harremanei buruzko gaiak.
d) Egintza deusezak ofizioz berrikustea eta egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzeko deklarazioak egitea egintza horiek eman dituzten organoetan.
e) Kargak ezartzen dituzten egintzak edo kalterako diren egintzak errebokatzea.
f) Errekurtsoak ebaztea errekurritutako egintzak eman zituzten organoetan.
g) Foru lege maila duten arauek ezartzen dituzten gaiak.
3. Beste organo batek eskuordetutako eskumenak ezin dira eskuordetzan eman, legezko baimen berezia izan ezik. Ezin da eskuordetzan eman, halaber, espedienteak ebazteko eskumena, baldin eta aurretik organo aholku-emaileak espediente horren gainean aginduzko irizpena eman badu.
4. Eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetza egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira.
5. Kide anitzeko organo batek eskuordetzan eman nahi izanez gero esleiturik duen eskumen bat, eta eskumen hori ohiz erabiltzeko quorum berezi bat eskatzen bada, quorum hori bera beharko du.
6. Eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio-egintza eta -ebazpenetan egoera hori azaldu beharko da berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak bailiran hartuko dira.
37. artikulua. Eskumenak erakunde publikoei eskuordetzea.
1. Aurreko artikuluan adierazitako baldintzetan, Nafarroako Gobernuko kontseilariek zilegi izanen dute eskumen batzuk bere departamentuari atxikitako erakunde publikoetako organoei eskuordetzea, betiere eginkizun horiek erakundearen helburu eta xedeekin bat etortzen badira.
2. Eskuordetze hori baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da eskumenak hartu behar dituen erakundeak aurretik onartzea.
38. artikulua. Goragoko eskumenak bereganatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organoek noiznahi eskatu ahalko dute bere menpeko administrazio-organo batek, berez edo eskuordetze bidez, ebatzi beharreko gaiez arduratzea.
39. artikulua. Kudeatzeko gomendioa.
1. Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute bere eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuek egin ditzaten agintzeko, dela eragingarriagoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Agindu hori hurrengo idatz- zatietan xedatzen denari jarraikiz eman beharko da. 2. Kudeatzeko gomendioa departamentu bereko organo bati emateko, edo departamentuaren menpeko erakunde publiko bati, kasuko kontseilariaren baimena beharko da.
3. Kudeatzeko gomendioa departamentu berekoa ez den administrazio-organo bati emateko, edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati, bi kontseilari horien baimena beharko da.
4. Kudeatzeko gomendioa beste administrazio publiko bateko organo edo erakunde publiko bati emateko, eta beste administrazio publiko bateko organo edo erakunde batek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organo edo erakunde bati emateko, hitzarmen bat sinatu beharko da, aurrekontuetan horretarako behar beste kreditu daudela egiaztatu ondoren.
5. Kudeatzeko gomendioa egiteko baimenean edo, kasua bada, hitzarmenean, honako hauek aipatu beharko dira, zehatz-mehatz: aginduaren araubide juridikoa, xedeko jarduera edo jarduerak, iraupena, agindutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, azkenik, eginkizunak bere esku hartzen dituen entitatearen edo organoaren eginbeharrak eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak. Hori guztia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da, oso- osorik, eragingarriagoa izan dadin.
40. artikulua. Izenpea eskuordetzan ematea.
1. Kontseilariek ahalmena dute beren eskumeneko gaiei buruzko ebazpen eta administrazio- egintzen izenpea bere menpeko administrazio-organoen titularrari eskuordetzea, betiere foru lege honen 36. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako mugekin.
2. Beste organoetako titularrek ere zilegi izanen dute beren menpeko administrazio-unitate edo - organoei izenpea eskuordetzan ematea, gainean duten buruak baimenduz gero eta betiere aurreko idatz-zatian aipatutako baldintzetan.
3. Izenpea eskuordetzan emateko agindua ez da argitaratu behar.
41. artikulua. Ordezkapenak.
1. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren, lehendakariordeen eta kontseilarien ordezkapenak eta aldaketak egiteko, Nafarroako Gobernua eta lehendakaria arautzen dituen foru legean eta hori garatzeko arauetan xedatzen denari jarraikiko zaio.
2. Departamentu bakoitzeko titularrak foru agindu bidez finkatuko ditu zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusien eta zuzenean bere menpe dauden beste admininstrazio organo batzuetako titularren ordezkoak, kargua hutsik dagoenean edo titularrak kanpoan edo eri daudenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin dutenean, kargua aldi baterako bete dezaten.
3. Zerbitzuetako zuzendarien, atalburuen eta bulegoetako eta hortik beherako beste unitateetako buruen ordezkoak izendatzea, berariazko araurik ez dagoen kasuetan, haien gainean dagoen organoari dagokio.
4. Ordezkapenak arlo orokor baterako edo arlo espezifiko baterako egin daitezke, baita kasu jakin batzuetarako ere. 5. Titular bakar baten ordezko bat baino gehiago izan daitezke aldi berean. Kasu horretan, arlo espezifikorako ordezkoak lehentasuna izanen du arlo orokorrerako ordezkoaren gainetik, eta bien jarduna eten daiteke kasu jakin baterako ordezkapena egin baldin bada.
6. Ordezkoen izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da, kasu jakin batzuetarako izendatzen direnena izan ezik.
42. artikulua. Zerbitzuko agindu eta jarraibideak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organoek zerbitzu agindu eta jarraibideak eman ditzakete menpean dituzten unitateen jarduna zuzentzeko. Agindu eta jarraibide horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezke.
2. Zerbitzuko agindu eta jarraibideak ez betetzeak ez du ondoriorik, berez, administrazio-organoek emandako egintzen baliogarritasunari begira, deusetan galarazi gabe legokeen diziplinazko erantzukizuna.
43. artikulua. Eskurantzen banaketari buruzko auziak.
1. Foru Komunitateko administrazioaren departamentuen artean eskurantzen banaketari buruz sortzen diren auziak Nafarroako Gobernuko lehendakariak ebatziko ditu.
2. Hierarkikoki elkarren artean harremanik ez duten departamentu bereko organoen artean, eskuduntzak banatzeari dagokionez, sortzen diren auziak hierarkian gainean duten agintari komunak ebatziko ditu.
IV. TITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren jarduketa
I. KAPITULUA
Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak
44. artikulua. Prozeduren informatizazioa eta sinplifikazioa.
1. Administrazio-espedienteen izapidetzea baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen laguntzaz eginen da, antolamendu juridikoan kasuan kasurako eskatzen dena betez eta hartan aurreikusitako eskubideak errespetatuz.
2. Unitateen barne-funtzionamenduari eta unitateen arteko komunikazioari buruzko kudeaketa lana organo eskudunek ematen dituzten agindu eta jarraibideen arabera eginen da.
3. Departamentuek eta erakunde publikoek, aldian behin, prozedura administratiboen arrazionalizazioa eta eguneratzea eginen dute.
45. artikulua. Eskaerak eta agiriak aurkeztearen ondorioak.
Eskaerak eta agiriak aurkezteak, administrazio prozedurari erkideari buruzko oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera, herritarrentzat ondorioak izanen ditu epeak betetzeari begira. Dena dela, ebazpena emateko eta jakinarazteko epea kontatuko da eskaera edo agiria organo eskudunaren erregistroan izapidetzeko sartzen den egunetik aurrera. Epe hori zenbatzen hasi beharko da, betiere, eskaera edo agiria Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren erregistro ofizial batean sartu eta hamar egun baliodun baino lehen.
46. artikulua. Prozeduretan txostenak ematea.
Nafarroako Gobernuak, administrazio-prozedurak arautzean edo egitura organikoak ezartzean, zilegi izanen du, foru dekretu baten bidez, aginduzko txostenak eman beharra ezartzea.
47. artikulua. Prozeduren iraupena.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumeneko prozeduretan espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea kasuan kasuko prozedurari buruzko arautegian finkatzen dena izanen da, sei hilabetetik beherakoa betiere, non eta lege edo foru lege batek epe luzeagoa ezartzen ez duen edo Europako Batasunaren arauetan hala ezartzen ez den.
2. Prozedurari buruzko arauek ez badute eperik ezartzen espresuki ebatzi eta jakinarazpena egiteko, epea hiru hilabetekoa izanen da.
48. artikulua. Espedienteak izapidetu eta gordetzeko eskumena.
1. Prozedurak izapidetzea eta espedienteak gordetzea prozeduraren ardura duen organoari dagokio. Behar izanez gero, instruktore bat izenda dezake.
2. Prozedura izapidetzeko ardura duen organoak interesdunek administrazioan egiten dituzten jarduketak behar bezala jasoko ditu, bai, halaber, espedientea izapidetzeko lagungarriak izanik, administrazioak berak egiten dituenak.
II. KAPITULUA
Administrazio-egintzak
49. artikulua. Ebazpenak.
Zuzendari nagusien, idazkari tekniko nagusien, zerbitzuko zuzendarien eta kide anitzeko organoen administrazio-egintzak (kide anitzeko organoen kasuan, sortzeko arau edo aginduaren arabera ebazpenak emateko ahalmena badute) ebazpen bidez emanen dira. Beste organo batzuek eskuordetzearen bidez ematen dituzten administrazio-egintzak ere ebazpen gisakoak izanen dira.
50. artikulua. Erregelamenduak indargabetzeko ezintasun berekia.
Administrazio-ebazpen partikularrek ezin izanen dute administrazio-xedapen orokor batek ezarritakoaren kontra jo, ebazpen partikular horrek xedapen orokorrak onetsi zituzten organoen maila bereko edo goragoko organo batek emanak badira ere.
51. artikulua. Administrazio-egintzak betearaztea. 1. Erabaki eta ebazpenetan aurreikusten diren neurri betearazleak haiek eman zituen organo berak eman beharko ditu.
2. Nahitaezko betearazpenaren prozedura kasuan kasuko arloan eskumena duen organoak gauzatuko du, eta hori ezean, egintzaren xedea ikusita horretarako eskumena duen departamentuak, deusetan galarazi gabe administrazio publikoen araubide juridikoari eta guztientzako administrazio-prozedurari buruzko oinarrizko legerian xedatzen dena aplikatzea.
III. KAPITULUA
Egintzak administrazio-bidean berraztertzea.
52. artikulua. Egintza eta xedapenak deuseztea, berraztertzea eta errebokatzea.
Egintza eta xedapenak administrazio-bidean deuseztatu, berraztertu eta errebokatzea administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko oinarrizko arauek xedatzen dutenari jarraikiz eginen da, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren antolaketak dituen berezitasunak kontuan hartuta, foru lege honetan arautuak baitira.
1. ATALA
Administrazio-egintzak ofizioz berraztertzea
53. artikulua. Egintza eta xedapen deusezak berraztertzea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren egintza eta xedapen deusezak berraztertzeko prozedurak jarduketa deuseza egin zuen organoak hasiko ditu eta, organo hori zein departamentutan dagoen, hango kontseilari titularrak ebatziko ditu, salbu eta Nafarroako Gobernutik baldin badator, kasu horretan gobernuak berak ebatziko baitu.
2. Erakunde publikoetako zuzendaritza organoek ematen dituzten xedapen eta egintzak ofizioz berraztertzeko prozedurak ebazteko eskumena, erakunde horiek zein departamenturi atxikita dauden, hango kontseilariek izanen dute.
3. Egintza bat deuseza dela deklaratzeko Nafarroako Kontseiluaren adostasun irizpena beharko da.
54. artikulua. Egintza deusezgarrien kaltegarritasun aitorpena.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren egintza deusezgarrien kaltegarritasun aitorpena egiteko prozedurak egintzaren egilea izan den organoak hasiko ditu.
2. Egintza deusezgarrien kaltegarritasuna aitortzeko eskumena, egintza zein organok eman duen, hango departamentuko kontseilari titularrari dagokio, salbu eta Nafarroako Gobernuak eman badu, kasu horretan aitorpena egitea Gobernuari berari egokituko baitzaio.
3. Erakunde publikoetako zuzendaritza organoek emandako egintza deuseztagarrien aitorpena egitea, erakunde horiek zein departamenturi atxikita dauden, hango kontseilariei dagokie.
55. artikulua. Administrazio-egintzak errebokatzea eta akats material edo aritmetikoak zuzentzea. 1. Kargak ezartzen dituzten egintzak eta kalterako diren egintzak errebokatzea eta administrazio- egintza eta xedapenenetan egiten diren akats material, aritmetiko eta egitatezkoak zuzentzea egintza edo xedapena eman duen organoari egokituko zaio.
2. Akatsen zuzenketan, horrek dakartzan ondorio juridikoak zehaztu beharko dira, horrelakorik baldin badago. Jakinarazi edo argitaratu diren egintzak izanez gero, zuzenketak ere nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko dira.
3. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den testuan, jasotako testuarekin alderatuz, egiten diren akatsak Aldizkariaren ardura duen organoak zuzendu ahalko ditu, zuzendu beharreko egintza edo xedapena eman duen organoari aldez aurretik jakinarazita.
2. ATALA
Administrazio-errekurtsoak
56. artikulua. Administrazio-bidearen amaiera.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan, ondoko egintza eta ebazpen hauek amaituko dute administrazio-bidea:
a) Nafarroako Gobernuak eta bere lehendakariak emanak.
b) Kontseilariek emanak, legezko edo erregelamenduzko arau batek hala ezartzen duenean.
c) Administrazio-bideari bukaera ematen dion organo batek eskuordetuta aritzen diren organo, erakunde eta agintariek emanak.
d) Beste organo, erakunde eta agintari batzuek emanak, legezko edo erregelamenduzko arau batek hala ezartzen duenean.
e) Gora jotzeko errekurtso bat ebazteko egintzak, edozein delarik ebatzi duen organoa.
f) Foru lege honen 60. artikuluan aipatzen diren inpugnazio edo erreklamazio prozeduren ebazpenak.
g) Araubide juridikoaren oinarrizko arauetan ezarrita dauden prozedurei bukaera ematen dieten akordio, itun, hitzarmen edo kontratuak.
2. Errekurtsoen ondorioetarako, kide anitzeko organoek ematen dituzten egintza eta ebazpenak, Nafarroako Gobernuarenak izan ezik, organoko buruak emanak bailiran hartuko dira.
3. Erakunde publikoetako zuzendaritza organoen egintzek ez diote bukaera emanen administrazio- bideari, salbu eta foru lege batek edo kasuko erakundea sortzeko arauak kontrakoa ezartzen badu.
57. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa.
1. Administrazio-bidea amaitzen ez duten Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ebazpenen aurka, hala nola kasuko gaiaren funtsa zuzenean edo zeharka erabakitzen duten izapide-egintzen aurka, prozedura segitzerik ez dagoela zehazten dutenen aurka edo legezko eskubide edo interesetan defentsa-gabezia edo kalte konponezina sortzen dutenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da.
2. Gora jotzeko errekurtsoen ondorioetarako, goiko organotzat honako hauek hartuko dira:
a) Nafarroako Gobernua, kontseilarien egintzei dagokienez.
b) Kontseilariak, zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusien egintzei dagokienez, hala nola zuzenean haren menpe dauden departamentuko beste organoen egintzei dagokienez, salbu eta c) letran xedatutako kasuetan.
c) Funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularra, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kontseilarietatik beherako edozein organok edo haren erakunde publikoek arlo horren gainean emandako egintzei dagokienez.
d) Zuzendari nagusiak, haien menpe dauden unitate organikoen egintzei dagokienez.
e) Egitura organikoak finkatzen dituzten xedapenetan ezartzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren gainerako administrazio-organoei dagokienez.
3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko langileak hautatzeko mahai eta organoek ematen dituzten egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, mahaiburua izendatu duen agintariari edo organoari zuzendua, errekurtsoaren izapidearen ondorioetarako, hura izanen baita organo gorena.
4. Nafarroako Foru Komunitateko Admistrazioaren menpeko erakunde publikoetako zuzendaritza organoen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, zein departamenturi edo zuzendaritza nagusiri atxikita dauden, hango titularrari zuzendua, errekurtsoaren ondorioetarako hura izanen baita organo gorena, betiere administrazio-bidea amaituta ez badago. Artikulu honen 2. ataleko c) letran adierazia salbuespena da.
58. artikulua. Aukerako berraztertzeko errekurtsoa.
1. Administrazio-bideari bukaera ematen dioten egintza eta ebazpenen aurka zilegi izanen da berraztertzeko errekurtsoa jartzea egintza edo ebazpen hura eman zuen organoari zuzendua, artikulu honen hurrengo atalean aipatzen den kasuan izan ezik.
2. Berraztertzeko errekurtsoa ezin izanen da jarri, inolaz ere, gora jotzeko errekurtso baten edo berraztertzeko errekurtso baten ebazpenaren aurka.
59. artikulua. Berraztertzeko errekurtso berezia.
Administrazio-bidean irmoak diren Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren egintza eta ebazpenen aurka berraztertzeko errekurtso berezia jarri ahalko da, Estatuaren oinarrizko legerian adierazten diren inguruabarrak gertatzen direnean. Errekurtsoa errekurritzen den egintza edo ebazpena eman zuen administrazio-organoari zuzenduko zaio eta organo horixe izanen da ebazteko eskumena izanen duena.
60. artikulua. Administrazio-errekurtsoen ordezko bideak. 1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan gora jotzeko eta berraztertzeko errekurtsoen ordez inpugnazio, erreklamazio, adiskidetze, bitartekotza edo arbitrajerako beste prozedura batzuk erabil daitezke, jarraibide hierarkikoen menpe ez dauden kide anitzeko organoen edo batzorde berezien aurrean.
2. Ordezko bide hori foru lege bitartez baimenduriko kasuetan onartuko da bakar-bakarrik, kasu edo eremu sektorial jakin batzuetarako, gaia berezia izanik horrela jokatzea justifikatuta dagoenean.
3. Administrazio-errekurtsoak ordezkatzeko prozeduren ebazpenak bidea libre uzten du administrazioarekiko auzien jurisdikziora jotzeko.
IV. KAPITULUA
Akzio zibilak eta lan-akzioak erabili aurreko erreklamazioak
61. artikulua. Aurreko erreklamazio administratiboak.
1. Akzio zibilak eta lan akzioak erabili aurreko erreklamazioak administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko oinarrizko arauek xedatzen dutenari jarraikiz eginen dira, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren antolaketak dituen berezitasunak, foru lege honetan arautzen direnak, kontuan hartuta.
2. Auzibide zibilera jo aurreko administrazio-erreklamazioak kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duen kontseilariak ebatziko ditu.
3. Lan arloko auzibidera jo aurreko administrazio-erreklamazioak, erreklamazioaren xede den egintza zein organok eman duen, horren gainean dagoen departamentuko titularrak ebatziko ditu, salbu eta langileriaren arloko erreklamazioak, funtzio publikoaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak ebatziko baititu. Horrelako kasuetan, erreklamazioa zein lantokiri dagokion, horren gaineko ardura duen organoak txostena egin beharko du nahitaez.
V. TITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zehapen ahalmena
I. KAPITULUA
Eskumena
62. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko eskumena.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokionez, zehapen ahalmena erabiltzea legezko edo erregelamenduzko xedapenen bidez berariaz esleitua duten organoei dagokie. Berariazko eskurantzarik ez badago, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena kasuan kasuko gaian esku duen kontseilariari egokituko zaio.
2. Egintza bakar batek arau-hauste bat baino gehiago ekar baditzake, eta arau-hauste horiek bateragarriak badira eta bidezkoa bada zehapen bat baino gehiago jartzea, arau-hauste larriena zehatzeko eskumena duen organoari egokituko zaio denak zehatzeko eskumena, betiere kasuko gaiaren arabera arau-hauste txikia ere zigortzeko ahalmena badu. Horretarako ahalmenik ez badu, berriz, haren gainean dagoen agintari komunari egokituko zaio eskumena.
3. Zehatzeko eskumenak esleitzeko arauak deskontzentratzea aurreikusten ez bada, zilegi izanen da, izaera orokorreko administrazio-xedapen baten bitartez, zehatzeko eskumenak eta haien gaineko titulartasuna dekontzentratzea, eskumen hori duten organoen menpe dauden beste organo batzuei uzteko. Deskontzentratzeko araua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da. Deskontzentrazio baten bitartez eskurantzak jaso dituzten organoek ezin izanen dituzte gero beste baten esku deskontzentratu.
II. KAPITULUA
Zehatzeko administrazio-prozedura
63. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Zehatzeko administrazio-prozedura berariazko bat ezartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapenik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere eskumeneko gaietan zehapenak jartzeko orduan titulu honetan ezarrita dagoenari segituko zaio.
2. Titulu honetan aurreikusitako prozedura ordezkoa da prozedura berariazkoagorik ez dagoen kasuetarako.
3. Titulu honetako xedapenak ez dira aplikatuko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere zerbitzuko langileen gainean eta kontratu bidezko harreman baten bidez berarekin lotuta dauden pertsonen gainean duen diziplina ahalmena erabiliz, irekitzen diren prozeduretan.
64. artikulua. Aurretiazko jarduketak.
1. Zehatzeko prozedura hasi baino lehen, prozedura hasteko eskumena duen organoak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazio aldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren zer nolakoak ikertu eta prozedura hasi behar den ala ez den erabakitzeko.
2. Zilegi izanen da aurretiazko informazioaldi hori erreserbatua izatea, eta ez da hilabete batetik goiti luzatuko, non eta ez den espresuki erabakitzen hura luzatzea, beste epe jakin bat edo batzuk ezarriz.
3. Administrazioak ikuskapen edo kontrol lanak egiteak ez du ekarriko, berez, zehapen prozedura hasitzat jotzea, lan horiek jasotzeko agiri edo egintzak, azterketa edo analisiak egiaztatzeko lanak edo aurreko atalean aipatutako aurretiazko jarduketak eginagatik ere.
65. artikulua. Behin-behineko neurriak.
1. Prozedurak ebazteko eskumena duen organoak ahalmena izanen du noiznahi behin-behineko neurri batzuk ezartzeko, zertarako eta geroko ebazpena eragingarria izanen dela eta prozedura ongi bukatuko dela bermatzeko, interes orokorra defendatzeko, arau-haustearen ondorioak galarazteko eta, betiere, legeak betetzen direla bermatzeko. 2. Atzeraezinezko presako kasuetan, prozedura hasteko eskumena duen organoak ahalmena izanen du, arrazoibidezko erabaki baten bidez, beharrezkoak diren behin-behineko neurriak ezartzeko.
3. Behin-behineko neurri horietan finkatu ahalko da jarduerak erabat edo parte batean geldiaraztea, zentroak, zerbitzuak, establezimenduak edo instalazioak aldi baterako ixtea, fidantzak eskatzea, osasun, higiene edo segurtasun neurriak hartzea eta, horren ondorioz, produktuak kentzea edo zerbitzuak aldi baterako etetea eta arau berariazkoetan agertzen diren beste batzuk hartzea.
4. Behin-behineko neurriak kasuan-kasuan bermatu nahi diren beharren eta helburuen araberakoak izan beharko dira, hala intentsitateari dagokionez, nola proportzionaltasunari dagokionez.
5. Behin-behineko neurriak hartzeko ebazpena eman aurretik, interesdunen entzunaldia irekiko da, bost egun baliodunekoa gutxienez, salbu eta ezinbestekoa bada erabakia entzunaldia eman gabe hartzea. Ezinbestekotasun hori organo eskudunak adieraziko du arrazoibidez. Horrelakoetan, hartutako kautelazko neurria berretsi beharko da, interesdunaren entzunaldia bukatu eta gero. Epe hori neurria hartzen den egunetik aurrera kontatuko da eta lehen adierazitako iraupen bera izanen du.
66. artikulua. Zehapen prozeduraren hasiera.
1. Zehapen prozedurak, beti, ofizioz hasiko dira, organo eskudunaren erabakiaren bidez, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuen arrazoibidezko eskaeraren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.
2. Prozedura hasteko erabakian, gutxienez, honako hauek jasoko dira:
a) Ustez erantzule direnen identifikazioa.
b) Prozedurari hasiera emateko abiapuntu izan diren egintzak, labur azaldurik, haiei dagozkiekeen kalifikazioa eta zehapenak, ezertan ukatu gabe instrukziotik hel daitekeena.
c) Instruktorea eta, halakorik balitz, prozeduraren idazkaria, zehazki adieraziz haiek errefusatzeari buruzko arauak.
d) Espedientea ebazteko organo eskuduna eta horrelako eskumena ematen dion araua, adieraziz ustezko erantzuleak aukera baduela bere borondatez erantzukizuna aitortzeko, hori guztia 68. artikuluan adierazitako ondorioekin.
e) Zehapen prozedura hasteko eskumena duen organoak erabaki dituen behin-behineko neurriak, aurreko artikuluan adierazi denaren arabera prozedura bitartean beste batzuk hartu baldin badaitezke ere.
f) Alegazioak aurkezteko eta prozeduran entzunaldia izateko eskubidea dagoela aipatu beharko da, eta horretarako epeak.
g) Prozedura ebazteko gehieneko epea. 3. Hasiera emateko erabakia instruktoreari igorriko zaio, ordura arte egindako jarduketa guztiekin batera, eta jakinarazi eginen zaie salatzaileari, horrelakorik badago, eta interesdunei, alegia, ustezko arau-hausleei.
4. Jakinarazpenean ohartaraziko zaie interesdunei ezen, ez badute finkatutako epean prozeduraren hasieraren edukiaz alegaziorik aurkezten, ebazpen proposamentzat hartu ahalko dela hasiera hori baldin eta egotzitako erantzukizunaren gaineko erabaki zehatza badakar.
67. artikulua. Alegazioak.
1. Interesdunek hamabost eguneko epea izanen dute egoki iruditzen zaizkien alegazio, agiri eta informazioak aurkezteko eta, nahi izanez gero, probak proposatzeko, horretarako erabili behar dituzten baliabideak zehaztuz. Prozedurari hasiera emateko jakinarazpenean epe horren berri emanen zaie interesdunei.
2. Arestiko lerroaldean adierazten den jakinarazpena eginda, prozeduraren instruktoreak ofizioz eginen ditu egintzak aztertzeko beharrezko diren jarduketa guztiak, erantzukizun zehagarriak ote diren finkatzeko jakin behar diren datuak eta informazioak eskatuz.
3. Prozeduraren instrukzioaren ondorioz egintzen hasierako azalpena, kalifikazioa, ezartzen ahal ziren zehapenak edo zehagarri diren erantzukizunak aldatzen badira, hori guztia jakinaraziko zaio ebazpen proposamenean ustezko arau-hausle gisa agertzen denari.
68. artikulua. Erantzukizuna borondatez onartzea.
Ustezko arau-hausleak bere borondatez aitortzen badu erantzulea dela, instruktoreak zehapena jartzeko eskumena duen organoari igorriko dio espedientea, ebazpena eman dezan, ezertan galarazi gabe izapidetzen segitzea, iruzur zantzu arrazoizkorik badago edo beste pertsona edo entitate errudunen bat isilpean geratu den susmoa badago, edo prozedura hasteak sortu duen kontua ororen interesekoa bada.
69. artikulua. Frogak.
1. Alegazioak jasotakoan edo alegazioak aurkezteko epea bukatutakoan, instruktoreak frogetarako epe bat ireki dezake. Epe hori hamar egunetik goitikoa izanen da eta hogeita hamar egunetik beheitikoa.
2. Gertatutakoak edo erantzunbeharrak finkatzeko behar adina froga eginen dira ofizioz edo ustezko arau-hausleak eskatuta. Bidegabekotzat hartzen diren frogak soilik ukatzen ahal dira, hots, gertaerekin duten lotura ikusita, azkeneko ebazpena ustezko arau-hauslearen alde aldatu ezin dutenak.
3. Agintea aitortua duten funtzionarioek egiaztatutako egintzek, legeak eskatzen dituen betekizun guztiak eginda agiri publikoen bidez aurkezten badira, frogen balioa izanen dute; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen herritarrek beren eskubideen edo interesen alde frogak izendatzeko edo aurkezteko. 4. Froga teknikoek eta interesdunek proposatzen dituzten txosten kontraesankor nahiz ebazleek eten eginen dute prozedura ebazteko epearen kontaketa, eskatzen diren egunetik frogak/txostenak egin eta emaitzak espedienteari erantsi artean.
5. Egindako frogen balorazioa funtsezko oinarria bada prozeduran hartzen den erabakian, ebazpen proposamenean sartu beharko da, egintzen ebaluazioan ezinbesteko atala delako.
70. artikulua. Ebazpen proposamena eta entzunaldia.
1. Frogak bukatuta, prozedura izapidetzen ari den organoak ebazpen proposamena eginen du. Ebazpen proposamenean honako hauek azalduko dira, arrazoiak emanez: gertaerak; frogatutzat hartzen diren gertaerak eta horien kalifikazio juridiko zehatza; arau-haustea eta erantzuleak; proposatzen den zehapena eta prozedura hasteko edo ebazteko organoak hartu dituen behin- behineko neurriak edo, bestela, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoela adieraziko duen deklarazioa proposatuko da.
2. Ebazpen proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, espedientea ikusgai dutela adieraziz. Jakinarazpenarekin batera prozedura osatu duten dokumentuen zerrenda ere igorriko zaie, interesdunek egoki juzgatzen dituztenen kopiak egin ditzaten, eta hamabost eguneko epea emanen zaie alegazioak egiteko eta prozeduraren instruktoreari egoki juzgatzen dituzten agiriak eta informazioak aurkezteko.
3. Foru lege honetako 66.4. artikuluan azaldutakoa salbu, entzunaldiaren izapidea saihesten ahal da, prozeduran interesdunak egindako alegazioak edo aurkeztutako frogak bakarrik agertzen badira edo horiek bakarrik kontuan hartzen badira.
4. Ebazpen proposamena berehala igorriko zaio prozedura ebatzi behar duen organo eskudunari, prozeduran diren gainerako agiri, alegazio eta informazioekin batera.
71. artikulua. Jarduketa osagarriak.
1. Ebazpena eman aurretik, ebazteko eskumena duen organoak, arrazoibidezko erabaki baten bidez, prozedura ebazteko behar-beharrezkoak diren jarduketa osagarriak egitea erabaki ahalko du.
2. Jarduketa osagarriak egiteko erabakia interesdunei jakinaraziko zaie eta zazpi eguneko epea emanen zaie nahi dituzten alegazioak egiteko. Jarduketa osagarriak hamabost eguneko epean egin beharko dira, gehienez ere. Jarduketa osagarriak bukatu bitartean, prozedura ebazteko epea eten eginen da. Prozeduraren azken ebazpena eman aurre-aurreko txostenak ez dira jarduketa osagarritzat hartuko.
72. artikulua. Ebazpena.
1. Ebazpen proposamenetik edo, kasua bada, jarduketa osagarriak bukatzen direnetik hasita hamar eguneko epean organo eskudunak ebazpena emanen du.
2. Ebazpen hori arrazoitua izanen da eta interesdunek azaldutako kontu guztiak eta prozeduratik eratorriak ere erabakiko ditu. 3. Ebazpenean ezin izanen dira onartu prozeduraren instrukzioaldian adierazi ez ziren egintzak, aurreko artikuluan adierazitakoaren ondoriozkoak izan ezik. Zilegi izanen da, hala ere, haien balorazio juridikoa aldatzea. Dena dela, ebazteko eskumena duen organoak uste badu arau-haustea ebazpen proposamenean azaldutakoa baino larriagoa dela, ustezko arau-hausteari jakinaraziko zaio, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan. Horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
4. Zehapen prozeduren ebazpenek, oinarrizko arauetan zehaztutakoa biltzeaz gain, egindako frogen balorazioa bildu beharko dituzte, batez ere erabakiaren funtsezko oinarri direnak. Halaber, egintzak finkatuko dituzte eta, halakorik bada, erantzule diren pertsonak, egindako arau-hausteak eta ezartzen diren zehapenak, edo, bestela, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoela adieraziko dute.
5. Ebazpena betearazi ahal izanen da administrazio-bidean irmo bihurtzen denean.
6. Ebazpenean, hala erabakitzen bada, behar diren kautelazko neurriak hartuko dira betearazi artean ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko.
7. Zehapena jarrita ere, zehatuak dagozkion kalte-ordainak ordaindu beharko ditu, horrelakorik baldin badago.
73. artikulua. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.
1. Berariazko araurik ez badago, zehapen prozeduran espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, espedientea hasteko administrazio-ebazpena hartzen den egunetik kontatzen hasita.
2. Behar bezala justifikaturiko kasuetan, prozedura ebazteko eskumena duen organoak, ofizioz edo instruktoreak eskatuta, epe hori luzatzeko ahalmena izanen du, administrazio-ebazpen arrazoitu baten bitartez. Luzapena hasieran ezarritako epearen erdia izanen da, gehienez.
74. artikulua. Prozedura laburtua.
1. Zehapen ahalmena erabiltzeko orduan, prozedura hasteko eskumena duen organoak uste badu behar beste datu badirela arau-haustea arintzat jotzeko, artikulu honetan arautzen den prozedura laburtua izapidetuko da.
2. Organo eskudunaren erabakiaren bidez hasiko da. Erabaki horretan prozedura laburtua erabili behar dela zehaztuko da eta horren berri instruktoreari emanen zaio. Aldi berean, interesdunei ere jakinaraziko zaie.
3. Prozedura hasteko erabakiaren berri eman eta jakinarazten denetik hamar eguneko epean, instruktoreak eta interesdunek hasierako jarduketak eginen dituzte, egoki iruditzen zaizkien alegazio, agiri eta informazioak aurkeztuko dituzte eta, kasua bada, frogak proposatu eta eginen dira.
4. Epe hori bukatuta, instruktoreak ebazpen proposamena emanen du 70. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, edo bestela, egintzak arau-hauste larritzat edo oso larritzat har daitezkeela uste badu, prozedura orokorra 69. artikuluan xedatzen denari jarraikiz izapidetzea erabakiko du. Hori guztia interesdunei jakinaraziko zaie, bost eguneko epean, nahi izanez gero, frogak proposa ditzaten. 5. Gero, ebazteko eskumena duen organoari igorriko zaio prozedura, hiru eguneko epean ebazpena eman dezan. Prozedura hasi eta hilabeteko epean ebatzi beharko da.
75. artikulua. Zehapenen murriztapena.
Ezartzen den isunaren zenbatekoa 100eko 30 murriztu daiteke arau-hausleak isunaren gainerako zatia eta dagozkion kalte-ordainak hilabeteko epean ordaintzen baditu, zehapena jartzeko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta idatziz adierazten badu ezarritako zehapenarekin eta eskatzen zaion kalte-ordainarekin ados dagoela.
VI. TITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ondare-erantzukizuna
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
76. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta bere zerbitzuko agintari eta langileen ondare-erantzukizunari dagokionez, administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio- prozedura erkideari buruzko oinarrizko legeriak dioena eta foru lege honetan ezarritako prozedura aplikatuko da.
2. Foru lege honetako xedapenak aplikatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, bai zuzenbide publikoko harremanetan, bai zuzenbide pribatuko harremanetan, egiten dituen jarduketengatik dagokion ondare-erantzukizunaren arloan hasi, izapidetu eta ebazten dituen administrazio-prozeduretan.
77. artikulua. Xedea.
1. Foru lege honetan ezartzen den prozeduraren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak aitortu ahalko du partikularrek ondasun edo eskubideetan jasotzen dituzten kalteengatik ordainak jasotzeko eskubidea, betiere kaltea zerbitzu publikoen funtzionamendu egokiaren edo desegokiaren ondorioz izan baldin bada, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo, legeen arabera, partikularrek jasan behar dituzten kalteen kasuan.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ondare-erantzukizuna aitortzeko, foru lege honetan adierazitako prozedura aplikatuko da, orobat, zuzenbide pribatuko harrremanetan.
78. artikulua. Organo eskudunak.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan, ondare-erantzukizunaren prozedurak ebazteko eskumena ustezko erantzukizuna sortu duen jarduketa egin duen departamentuko kontseilari titularrari dagokio.
79. artikulua. Hasiera eta jarraipena. 1. Ondare-erantzukizunari buruzko prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta hasiko da. Erreklamazioa organo eskudunak onetsiz gero, prozedurari ofizioz emanen zaio jarraipena izapide guztietan.
2. Interesdunari prozeduraren hasieraren eta espedienteko instruktorearen izendapenaren berri emanen zaio.
II. KAPITULUA
Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak
80. artikulua. Ofiziozko hasiera.
1. Organo eskudunak uste badu partikularren ondasun edo eskubideetan kalteren bat egon dela, ustezko kalte hori sortu duen unitate organikoari txosten bat egin dezala eskatuko dio.
2. Txosten hori ikusita, organo eskudunak uste badu kalteren bat egin dela partikularren ondasun eta eskubideetan, ondare-erantzukizunari buruzko prozedura ofizioz hasiko du, behar den ebazpenaren bidez.
3. Prozedura hasteko ebazpena ustez kaltea jaso duten partikularrei jakinaraziko zaie. Hamar egun balioduneko epea emanen zaie dagokien eskubidea babesteko egoki iruditzen zaizkien alegazio, agiri edo informazioak aurkezteko eta horretarako frogak proposatzeko.
4. Hasten diren prozedura guztiak instruituko dira, ustezko kaltetuak ezarrita dagoen epean auzian agertzen ez badira ere.
5. Partikularren alegazioak jaso ondoren, hurrengo izapideetan, foru lege honetako 82. artikulutik 84.era bitartean xedatutakoari segituko zaio.
81. artikulua. Prozedura interesdunak eskatuta hastea.
1. Prozedura interesdunak eskatuta hasten denean, erreklamazioa organo eskudunari bidaliko zaio. Erreklamazioarekin batera, egoki iruditzen zaizkion alegazioak, agiriak eta informazioak aurkeztuko ditu, hala nola gertatutakoa eta eskatzen duena azaltzekoak.
2. Ondoko kasuren bat gertatuz gero, organo eskudunak prozeduraren hasiera ez onartzeko deklarazioa eginen du eta interesdunari jakinaraziko dio, ebazpen arrazoitu baten bidez:
a) Erreklamazio-egileak legitimaziorik ez duenean.
b) Erreklamazioaren edukia ikusita, ondorioztatzen denean Foru Komunitateko administrazioa ez dela auzia ebazteko eskuduna.
c) Erreklamatzeko eskubidea preskribitu denean, hots, urte bat igaro bada, oinarrizko legerian ezarrita dagoen bezala. d) Erreklamazioa argi eta garbi eduki edo funtsik gabekoa denean, ezer eskatzeko oinarrizko baldintzak betetzen ez dituelako eta, ondorioz, organo eskudunak ez badu beharrezkotzat hartzen erreklamazioaren edukiaren inguruan erabaki bat ematea.
e) Erreklamazioan argi eta garbi urratzen bada oinarrizko legean eskatzen den formazko betebeharren bat, eta hori konponezina baldin bada.
f) Organo eskudunak lehenago ezetsi baldin badu antzeko oinarriak zituen beste erreklamazioren bat. Ebazpenean aurretik emandako ebazpen ezesgarri horiek adieraziko dira.
3. Oinarrizko legerian eskatzen diren formazko betebeharrak zuzentzeko finkatzen den epean akats horiek zuzentzen ez badira, espedientea artxibatuko da.
82. artikulua. Prozedura orokorra.
1. Prozedura orokorrean izapide hauek eginen dira, hemen agertzen den ordena berean:
a) Bidezkotzat hartu diren frogak egitea.
b) Behar diren txostenak eskatzea. Instruktoreari ongi iruditzen bazaio, izapide hau aurrekoarekin batera egin daiteke.
c) Interesdunari entzunaldia ematea, hamar egun baliodunekoa, alegazio gehiago egiteko eta egoki iruditzen zaizkion agiri eta ziurtagiriak aurkezteko. Epe horretan, interesdunak zilegi izanen du prozedura itun bidez amaitzeko eskatzea organo eskudunari, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin sinatuko lukeen konpentsazio-akordioaren behin betiko oinarriak adieraziz.
d) Nafarroako Kontseiluaren irizpena, beharrezkoa baldin bada.
e) Instruktoreak ebazpen proposamena egitea eta espedientea ebazteko eskumena duen organoari bidaltzea.
f) Organo eskudunak behin betiko ebazpena ematea, eta jakinaraztea.
2. Prozedura honen ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Prozedura ebazteko eskumena duen organoak, ofizioz edo instruktoreak eskatuta, epe hori luzatzeko ahalmena izanen du, administrazio-ebazpen arrazoitu baten bitartez. Luzapena hiru hilabetekoa izanen da gehienez.
83. artikulua. Prozedura laburtua.
1. Prozedura orokorreko jarduketak, agiriak eta informazioak ikusita, instruktoreak uste badu kaltearen eta zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren artean kausa-harremana begien bistakoa dela eta kaltearen balorazioa eta kalte-ordainaren zenbatekoa zalantzarik gabe finkatu daitezkeela, organo eskudunari bidali ahalko dio prozedura orokorra eten eta prozedura laburtua hasteko ebazpena emateko proposamena. Ebazpen hori hartuz gero, ondoko idatz-zatietan adierazten denari jarraikiz izapidetuko da prozedura. 2. Prozedura laburtua hasteko erabakia interesdunei jakinaraztearekin batera, espedientean dauden agirien zerrenda bidaliko zaie. Horrelakoetan, bost egun balioduneko epea emanen zaie, gehienez, alegazioak egiteko eta egoki iruditzen zaizkion agiriak eta egiaztagiriak aurkezteko. Epe horretan, prozedura itun bidez bukatzeko akordioak adostu ahalko dira.
3. Entzunaldia bukatutakoan, instruktoreak proposatuko du Nafarroako Kontseiluari presako irizpena eskatzea, berariazko arauen arabera bidezkoa denean.
4. Irizpen hori jasotakoan edo hura emateko epea bukatutakoan, organo eskudunak prozedura ebatziko du edo interesdunaren eta eskumena duen administrazio-organoaren artean sinatu beharreko akordioaren proposamena aurkeztuko du. Aurreko idatz-zatian adierazitako irizpenaren eta ebazpen proposamenaren edo proposatutako itunaren artean desadostasunak baldin badaude, organo eskudunak erabakiko du prozedura orokorra eteteko agindua altxatzea.
5. Prozedura hasten denetik hogeita hamar egun baliodun igarotzen badira ebazpenik eman gabe, akordiorik lortu gabe edo prozedura orokorra eteteko agindua altxatu gabe, ulertuko da ebazpena partikularrari kalte-ordaina ematearen kontrakoa dela.
84. artikulua. Itun bidez bukatzea.
Organo eskudunak eta interesdunak noiznahi erabaki ahalko dute prozedura itun bidez bukatzea. Adostutako kalte-ordaina bi alderdiek sinatu beharreko agiri batean jasoko da.
85. artikulua. Ordainketa.
1. Behin betiko jakinarazpena eginda, kalte-ordaina ahalik eta lasterren ordainduko da, eta betiere jakinarazi eta hurrengo bi hilabeteetan.
2. Diruzko kalte-ordainaren partez gauzak ematea erabaki daiteke, edo diruaren ordainketa epeka egitea, kaltea konpontzeko egokiagoa den kasuetan eta interes publikoaren onerako denean, betiere organo eskudunaren eta interesdunaren artean hala adostu bada. Hori guztia administrazio publikoak eta interesdunak sinatu beharreko hitzarmen batean sinatuko da.
86. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko agintari eta langileei ondare-erantzukizuna eskatzeko prozedura.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko agintari eta langileei ondare- erantzukizuna eskatzeko kasuetan, organo eskudunak behar den prozedura hastea erabakiko du. Erabaki hori interesdunei jakinaraziko die, arrazoiak azalduz, eta hamabost eguneko epea emanen die egoki iruditzen zaizkien agiri, informazio eta frogak aurkezteko.
2. Kasu guztietan, kaltea jaso duen unitate organikoari txostena egitea eskatuko zaio.
3. Hamabost eguneko epean, onartzen diren froga guztiak egin beharko dira, baita organo eskudunak bidezkotzat jotzen dituen gainerakoak ere.
4. Prozedura instruiturik eta ebazpen proposamena idatzi aurre-aurretik, interesdunari jakinaraziko zaio, hamar eguneko epean bidezko alegazioak aurkez ditzan. 5. Entzunaldia bukatzen denetik bost eguneko epean ebazpen proposamena eman beharko da.
6. Organo eskudunak bost eguneko epean ebatziko du gehienez.
VII. TITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren harremanak gainerako administrazio publikoekin
I. KAPITULUA
Lankidetza harremanak beste administrazio publiko batzuekin
87. artikulua. Araubide orokorra.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen arteko harremanak, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoan eta foru lege honetan ezarritakoaz gainera, honako hauek ere arautuko dituzte:
a) Estatuaren oinarrizko araudia eta Europar Batasunaren araudia.
b) Toki araubidearen legeria, toki administrazioaren entitateekiko harremanetan.
2. Foru Komunitateko administrazioak legeetan ezarritako lankidetza, koordinazio eta kooperazio tresnak eta teknikak erabiliko ditu, erakundeen kooperazio eta leialtasun printzipioekin eta administrazio publikoen artean elkarlanean aritu beharrarekin bat eginez.
88. artikulua. Lankidetza hitzarmenak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak lankidetza hitzarmenak izenpetu ahalko ditu gainerako administrazio publikoekin, bere eskumenen esparruaren barrenean.
2. Interes komuneko aferetan administrazio publiko bakoitzaren jardunari buruzko orientazio jarraibideak ezarri edo guztien eskumeneko edo guztien intereseko esparru batean lankidetza garatzeko marko orokorra eta metodologia finkatu baizik egiten ez duten hitzarmenei protokolo orokorrak esanen zaie.
3. Hitzarmenek zaintza eta kontrol organoak ezartzen ahal dituzte, eta baita kudeaketako erakunde pertsonifikatuak ere.
4. Hitzarmenak gauzatzeko tresnetan, hala behar izanez gero, ondoko datu hauek bildu behar dira:
a) Hitzarmena sinatzen dute organoak eta alderdietako bakoitzak jarduteko duen gaitasun juridikoa.
b) Administrazio bakoitzak duen eskumena.
c) Finantzabideak.
d) Egin nahi diren jarduketak.
e) Kudeaketarako erakunde pertsonifikatua ezarri behar den ala ez. f) Indarraldia. Alderdiok nahi izanez gero luzatzeko aukera deusetan galarazi gabe.
g) Aurreko letran ezarritakoaz besteko arrazoia dela medio iraungitzeko kasuak. Halaber, iraungipenean nola jokatu behar den zehaztea.
5. Zaintza eta kontrolerako erakunde mistoa sortzen denean, horrek lankidetza hitzarmenetan izan daitezkeen interpretazio eta betetze auziak ebatzi beharko ditu. Izan daitezkeen liskarrak ohiko jurisdikzio organoetara eraman baino lehen, eraman behar baldin badira, aurretik, prozedurari jarraikiz, derrigorrez saiatu beharko da adiskidetzen organo misto horren baitan.
89. artikulua. Estatuarekiko eta autonomia erkidegoekiko lankidetza hitzarmen eta akordioak.
1. Interes komuneko lanak eta zerbitzuak kudeatu eta egiteko, Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza itunak sinatzen ahal ditu Estatuko administrazioarekin, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 65. artikuluan xedatzen denaren arabera.
2. Bere eskumenen barreneko zerbitzu berariazkoak kudeatu eta egiteko, Nafarroako Foru Komunitateak hitzarmenak sinatzen ahal ditu autonomia erkidegoekin, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan xedatzen denaren arabera.
3. Orobat, Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza itunak sinatzen ahal ditu autonomia erkidegoekin, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70. artikuluaren 3. idatz-zatian xedatzen denaren arabera.
90. artikulua. Hitzarmenak eta itunak sinatzea.
1. Estatuarekin, Autonomia Erkidegoekin eta bestelako administrazio publikoekin egiten diren lankidetza hitzarmenetan eta kooperazio hitzarmen eta itunetan, sinadura Nafarroako Gobernuko lehendakariari edo, gaia zein izan, horren gainean eskumena duen kontseilariari dagokio.
2. Beste estatuetako administrazio publikoekin prestatzen diren atzerriko garapenerako kooperazioari buruzko lankidetza edo kooperazio tresnetan eman behar den sinadura ere lehendakariari dagokio. Dena dela, ez da galarazten Gobernuko beste kide bati eskuordetzeko aukera.
91. artikulua. Nafarroako Gobernuak hitzarmenak eta itunak onestea.
Aurreko artikuluetan ezarritako hitzarmenen eta itunen onespena Nafarroako Gobernuari dagokio.
92. artikulua. Hitzarmenen eta itunen erregistroa.
1. Hitzarmenen eta itunen erregistroa sortu egiten da, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak sinatutako hitzarmenen eta itunen publizitate, gardentasun eta kontrolerako tresna izateko. 2. Hitzarmenen eta itunen erregistroan Foru Komunitateko administrazioak berak edo bere erakunde publikoek beste edozein administrazio edo entitate publikorekin sinatzen dituztenak, bederen, inskribatuko dira.
3. Hitzarmenen eta itunen erregistroaren araubide juridikoa, funtzionamendua eta atxikitze organikoa erregelamendu bidez zehaztuko dira.
93. artikulua. Elkarrekin jarduteko planak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta gainerako administrazio publikoek elkarrekin jarduteko planak prestatzen ahal dituzte administrazioaren sektoreren batean interes komunak daudenean.
2. Elkarrekin jarduteko planek, urteko programen bitartez, proposatutako helburuak lortze aldera administrazio bakoitzak bere esparruan egin beharrekoak finkatuko dituzte, bai eta konpromisoak eta konpromiso horiek eskatzen dituzten baliabideak ere.
3. Elkarrekin jarduteko planak, hitzartzen dituzten administrazioetako organo eskudunek onetsi ondotik, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.
4. Foru Komunitateko administrazioan, beste administrazioren batekin prestatutako elkarrekin jarduteko planak onesteko ahalmena Nafarroako Gobernuak izanen du, erabaki bidez, edo kideetako edozeinek.
94. artikulua. Kudeaketarako erakunde pertsonifikatuak.
Interes komuneko xedeetarako Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, beste administrazio publiko batzuekin batera kudeaketarako erakunde pertsonifikatuak sortzen ahal ditu, eta modu hauetako batera itxuratuko dira:
a) Partzuergoak.
b) Sozietate publiko bateratuak.
95. artikulua. Partzuergoak.
1. Nafarroako Gobernuak partzuergoak sortu ahal ditu edo Foru Komunitateko administrazioa partzuergoetan sartzen beste administrazio publiko batzuekin, betiere interes publikoko xedeak erdiesteko interes komunak baldin badira.
2. Sortzeko erabakia, partzuergoaren estatutuekin batera, edo sartzeko erabakia, dauden estatutuekiko atxikimendua barne, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira. Estatutuek partzuergoaren xedeak eta araubide organiko, funtzional eta finantzazkoaren xehetasunak bilduko dituzte.
3. Partzuergoen zuzendaritza organoetan bertan dauden entitate guztien ordezkariak izanen dira, estatutuetan ezartzen den proportzioan. Estatutuetan ordezkaritza zehazteko, Foru Komunitatearen finantza eta ondare-ekarpenak kontuan hartuko dira. 4. Finantza ekarpenetan Foru Komunitateko administrazioak gehiengoa duen partzuergoek, edo zuzendaritzako ordezkarietan erdiak baino gehiago dituen partzuergoek euren antolamenduan eta jardueran men eginen diote Nafarroako Foru Komunitateko ordenamendu juridiko berariazkoari.
96. artikulua. Sozietate publiko bateratuak.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta beste administrazio publiko batzuen interesak batera ukitzen dituzten funts ekonomikoko zerbitzuak emateko, agintaritza erabiltzea ekarri gabe, sozietate publiko bateratuak sortzen ahal dira eta haien kapitala izanen da osorik edo gehiena ukitutako entitateena, foru lege honen VIII. tituluan xedatzen denaren arabera.
II. KAPITULUA
Liskarrak beste administrazio publiko batzuekin
97. artikulua. Aldez aurreko errekerimenduak.
1. Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioak beste administrazio publiko baten kontra administrazioarekiko errekurtsoa jarri behar duenean eta aginduzkoa edo aukerakoa bada aurrez errekerimendua egitea, horretarako eskumena Nafarroako Gobernuarena izanen da, ukitutako departamentuak edo departamentuek proposaturik, salbu eta toki entitateen egintzak legezkotasun kontrolaren ondorioz aurkatzen direnean Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako moduan, kasu horretan eskumena foru lege horrek adierazten duen organoarena izanen baita.
2. Nafarroako Gobernua izanen da organo eskuduna beste administrazioek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari egiten dizkioten errekerimenduak bere gain hartzeko. Gai honen gaineko erabakiak Nafarroako Gobernuak hartuko ditu ukitutako departamentuak edo departamentuek aurretik proposaturik.
VIII. TITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren erakunde publikoak eta haren menpeko bestelako entitateak
I. KAPITULUA
Erakunde publikoak
1. ATALA
Xedapen orokorrak
98. artikulua. Definizioa.
Erakunde publikoak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere menpean edo berari lotuak sortutakoak dira, Foru Komunitateko administrazioaren eskumeneko administrazio, sustapen, zerbitzu edo ekonomiaren alorreko jarduerak, gauzatzekoak zein kudeatzekoak, egiteko, baldin eta erakundearen ezaugarriek dezentralizazio funtzionaleko araubidean antolatu eta garatzea justifikatzen badute.
99. artikulua. Nortasun juridikoa eta ahalmenak.
1. Erakunde publikoek nortasun juridiko berariazkoa daukate bai eta kudeatzeko autonomia ere, foru lege honetan ezarri bezala.
2. Beren eskumenen esparruan, xedeak erdiesteko behar dituzten ahalmen administratiboak dagozkie, estatutuetan ezarri bezala, desjabetzeko ahalmena izan ezik.
100. artikulua. Sailkapena eta atxikipena.
1. Erakunde publikoak honela sailkatzen dira:
a) Erakunde autonomoak.
b) Enpresa-entitate publikoak.
2. Erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkio.
3. Enpresa-entitate publikoak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati, edo haren erakunde autonomo bati atxikiko zaizkio.
101. artikulua. Araubide juridiko orokorra.
1. Nafarroako Foru Komunitateko erakunde publikoak instrumentalitate printzipioari lotuko zaizkio propio eman zaizkien xede eta helburuekiko.
2. Antolatu eta funtzionatzeko, erakunde publikoek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren foru lege honetan eta hori garatzeko arautegian ezarriko diren irizpideei men eginen diete, kapitulu honen 3. atalean enpresa arloko entitate publikoei ezarri zaizkien berezitasunak deusetan ukitu gabe.
102. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
1. Erakunde publikoek ondoko baliabideak izanen dituzte finantzabide:
a) Haien eskuetan utzitako ondasun eta eskubideak.
b) Ondasun eta eskubide horien produktu eta errentak.
c) Arautzen dituzten xedapenen arabera, baimendurik dituzten dirusarrerak, ohikoak eta bereziak.
d) Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorretan esleiturik dituzten transferentzia arruntak edo kapitalekoak.
e) Administrazioetatik edo entitate publikoetatik jasotzen dituzten dirulaguntzak, ohikoak edo kapitalekoak. f) Dohaintzak, legatuak eta entitate pribatuen eta partikularren bestelako ekarpenak.
g) Esleitzen zaion beste edozein baliabide.
2. Gainera, enpresa-entitate publikoek euren eragiketetatik ateratzen diren dirusarrerak izanen dituzte finantzabide.
103. artikulua. Sorrera.
1. Erakunde publikoak Nafarroako Gobernuak sortuko ditu, foru dekretu bidez. Bertan, ondoko datuak zehaztuko dira gutxienez:
a) Zer erakunde publiko mota sortu den eta haren xede nagusiak;
b) Foru Komunitateko administrazioaren zein departamenturi edo zuzendaritza nagusiri, edo zein erakunde autonomori atxikiko zaion.
c) Haren estatutuak; eta
d) hasierako jarduketa plana.
2. Erakundea zein departamenturi atxikiko zaion, departamentu horrek egin behar duen onespen proposamenak eta, halaber, agiri osagarriek funtzio publikoaz, antolaketa administratiboaz eta ekonomiaz arduratzen diren departamentuen txostena beharko dute.
104. artikulua. Estatutuak.
Erakunde publikoen estatutuek ondoko hauek arautuko dituzte:
a) Erakundearen eginkizunak eta eskumenak, eta baliatzen ahal dituen ahalmen administratibo orokorrak eta eskumenak nola partitzen diren bere organoen artean.
b) Erakundearen egitura organikoa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren foru lege honetan arautuaz bestelakoa izan daitekeena. Ebazteko gaitasuna duten organoak aipatu behar dira eta, baita ere, egitura hori aldatzeko eraman behar den prozedura.
c) Zuzendaritza organoak zein diren, kide bakarrekoak edo anitzekoak ote diren eta titularrak edo kideak nola izendatzen diren. Kasua bada, administrazio-bidea agortzen duten egintzak eta ebazpenak nork ematen dituen ere aipatuko da, 108.3 artikuluan ezarritakoa deusetan ukitu gabe.
d) Kide anitzeko organoak nola dauden osaturik eta parte hartzeko organoak, halakorik bada, zein diren.
e) Xedeak erdiesteko emanen zaizkien ondasun eta eskubideak eta erakundea finantzatuko duten baliabide ekonomikoak.
f) Giza baliabideen, ondarearen eta kontratazioaren gaineko arauak.
g) Aurrekontuen gaineko araubidea, ekonomia eta finantza arlokoa, kontu-hartzailetzakoa, finantza kontrolarena eta kontabilitatearena. h) Merkataritzako sozietateak osatzeko edo horietan parte hartzeko gaitasuna, horrek helburuak lortzen laguntzen badu.
i) Erakunde publikoaren funtzionamendu eta antolamendu egokirako beharrezkotzat jotzen den beste edozein kontu.
105. artikulua. Hasierako jarduketarako plana.
1. Erakunde publikoaren hasierako jarduketarako plana agiri bat da. Haren xedeak dira sortu nahi den erakundearen egitekoak zehaztea, orotariko helmugak eta haiek lortzeko behar diren helburuak ezartzea, baita haiek lortzeko egokiak diren jarduketa ildoak ere. Hasierako jarduketarako planak, gutxienez ere, erakunde publikoaren kontu hauek bilduko ditu:
a) Erakundearen egitekoen adierazpen espresua.
b) Sortzea komeni dela frogatzen duen memoria.
c) Plan estrategikoa.
d) Plan ekonomiko-finantzarioa.
e) Funtzionatzeko behar diren giza baliabideei buruzko aurreikuspenak.
f) Funtzionatzeko behar dituen informazioaren teknologiako baliabideei buruzko aurreikuspenak.
2. Jarduketa planak zein epetan egn nahi den aipatuko du, behin ere lau urtetik beheitikoa izanen ez dena.
3. Nafarroako Gobernuari dagokio, atxikirik dagoeneko departamentuko kontseilariak proposaturik, erakundearen hasierako jarduketarako plana onesteko erabakia hartzea.
106. artikulua. Estatutuen aldaketa.
Erakunde publikoen estatutuen aldaketa Nafarroako Gobernuaren dekretu bidez eginen da, erakunde publikoa atxikirik dagoen departamentuko titularrak proposaturik, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.
107. artikulua. Iraungipena eta likidazioa.
1. Erakunde publikoen iraungipena Nafarroako Gobernuaren foru dekretu baten bidez gertatuko da, atxikirik dagoeneko departamentuko kontseilariak proposaturik, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren eta betiere kasu hauetan:
a) Sortu zuen foru dekretuan aipatzen zen aldia iragateagatik.
b) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko zerbitzuek erakunde publikoaren helburu eta xede guztiak beren gain hartzeagatik. c) Helburu eta xedeak erabat lortu badira, alegia, erakunde publikoak irauteko arrazoirik ez egoteagatik.
2. Iraungitzeko foru dekretuak erakunde ukituko langileei dagozkien neurriak hartuko ditu, langile horiei buruzko legeen barruan. Halaber, xedatuko du erakundea likidatzeko prozesuaren ondorioz soberan dauden ondasun eta eskubideak Foru Komunitatearen ondarean sartzea, adieraziz Foru Komunitateko zer zerbitzuri egokituko zaizkion edo zer erakunde publikori atxikiko, Nafarroako Foru Komunitatearen ondarea arautzen duten xedapenekin bat.
108. artikulua. Erakunde publikoetako zuzendaritza organoak.
1. Hona hemen erakunde publikoetako zuzendaritza organoak: lehendakaria edo zuzendari kudeatzailea, Gobernu Kontseilua edo Administrazio Kontseilua eta sortzeko foru aginduan espresuki aipatzen diren guztiak.
2. Lehendakariak edo zuzendari kudeatzaileak erakundearen ordezkaritza nagusia dauka.
3. Nafarroako Gobernuari dagokio erakundeko lehendakaria edo zuzendari kudeatzailea foru dekretu baten bidez izendatu eta kargutik kentzea. Izendapena eta kargu uztea erakundea atxikirik dagoeneko departamentuko kontseilariak proposaturik eginen dira.
4. Erakunde publikoetako lehendakariak edo zuzendari kudeatzaileak eta behin-behineko beste langileek beren karguetan iraunen dute izendatu zituen agintariak berea uztean, espresuki kargugabetzen ez direino.
109. artikulua. Zuzendaritzako langileen lansariak.
1. Erakunde publikoetako zuzendaritzako langileen lansariek Nafarroako Aurrekontuei buruzko foru legeetan agertu beharko dute.
2. Erakunde publikoetako zuzendaritzako langileek ez dute inolako ordainik hartuko beren karguak uztean, legeek ezartzen dituztenak izan ezik. Horretarako, ezin itundu edo hartuko da kontratu bidezko klausularik, diru ordainak aitortzea xede duenik, edonolakorik edo edozein zenbatekotakorik.
110. artikulua. Araubide ekonomikoa eta aurrekontuei eta kontratazioei buruzkoa.
Erakunde publikoen ondareari, kontratuei, aurrekontuei, kontabilitate publikoari eta finantzen kontrolari buruzko araubideak arlo horiei buruzko berariazko legerian ezartzen direnak dira.
111. artikulua. Eraginkortasunaren eta eragimenaren kontrola.
Erakunde publikoak eraginkortasunaren eta eragimenaren kontrolaren menpean daude. Atxikirik daudeneko departamentuak, zuzendaritza nagusiak edo erakunde autonomoak eginen du kontrol hori, helburuen betetze maila eta esleituriko baliabideen erabileraren egokitasuna begiratzearren, Foru Komunitateko administrazioko beste erakunde batzuei dagokien kontrola deusetan galarazi gabe.
2. ATALA Erakunde autonomoak
112. artikulua. Definizioa eta araubide orokorra.
1. Erakunde autonomoak dira, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko departamentu baten jardueraren berariazko programak burutzeko, zerbitzu publikoak sustatu, eman edo kudeatzeko jarduerak esleiturik dauzkaten erakunde publikoak.
2. Erakunde autonomoak administrazioko zuzenbidearen arabera arautzen dira.
113. artikulua. Langileen araubidea.
1. Erakunde autonomoetako langileak funtzionarioak, estatutupekoak edo lan kontratudunak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko administraziorako ezarri bezal-bezala.
2. Funtzionarioen, estatutupeko langileen edo lan kontratudunen hautaketaren kudeaketa langileen arloko eskurantzei buruzko berariazko foru dekretu batean ezartzen denarekin bat eginen da.
3. Erakunde autonomoko giza baliabideen kudeaketaren arloko eskumenak eta langileen burutza kasuan kasuko estatutuetan ezartzen den zuzendaritza organoari dagozkio.
4. Erakunde autonomoa beharturik dago funtzio publikoaren arloan eskumenak dituen departamentuak giza baliabideei buruz ezartzen dituen jarrraibideak betetzera.
114. artikulua. Prozedurei buruzko arauak.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko erakunde autonomoen jarduketari Foru Komunitatearen esparruko prozedura administratiboa arautzen duen legeriako arauak aplikatuko zaizkio, bereziki foru lege honetako IV., V. eta V. tituluetan ezarririkoak.
115. artikulua. Erakunde autonomoen egintzen aurkako inpugnazioa eta erreklamazioa.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko erakunde autonomoetako organoek emaniko egintza administratiboak foru lege honetako IV. tituluan errekurtso administratiboei buruz ezarririko araubidearen menpe egonen dira.
2. Kasuan kasuko estatutuek besterik ezarri ezik, erakunde autonomoetako organoek emaniko egintza eta ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaituko eta beraz bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea atxikirik dauden departamentu edo zuzendaritza nagusiko titularraren aurrean. Administrazio-bidea amaituz gero, aukeran, berraztertze errekurtsoa jarri ahalko da egintza horien kontra.
3. Atxikirik daudeneko departamentuko kontseilariaren foru agindu baten bidez aztertuko dira ofizioz egintza baliogabeak, baliogabetu daitezkeen egintzen kaltegarritasuna adieraziko eta zigor edo kargaren bat dakartenak atzera eginen.
4. Lan arloko auzibidera eta auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioak, erakunde autonomoko kasuan kasuko estatutuetan ezartzen den organoak ebatziko ditu, salbu eta langileriaren arloko erreklamazioak, funtzio publikoaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilariak ebatziko baititu. Horrelako kasuetan, erreklamazioa zein lantokiri dagokion, horren gaineko ardura duen organoak txostena egin beharko du nahitaez.
116. artikulua. Ondare-erantzukizuna.
Ondarearen gaineko erantzukizuneko prozedurez ebazpena ematea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko kasuan kasuko erakunde autonomoak lehendakariari edo zuzendari kudeatzaileari dagokio.
3. ATALA
Enpresa arloko entitate publikoak
117. artikulua. Definizioa eta araubide orokorra.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren enpresa entitate publikoak erakunde publikoak dira, zeinen esku uzten baita prestazio jarduerak egitea, zerbitzuak kudeatzea edo kontraprestazioa izan dezaketen interes publikoko ondasunak sortzea.
2. Salbuespen gisa, sortzeko foru dekretu baten bidez, sustatze jarduketak esleitu ahalko dira, baldin eta entitateari dagozkion eginkizun eta eskumen nagusien osagarritzat jotzen badira.
3. Enpresa-entitate publikoak zuzenbide pribatuaren arabera antolatzen dira, salbu eta haien organoen borondatearen osaeran, esleiturik daukaten ahalmen administratiboen erabileran eta foru lege honen, aurrekontuei buruzko legeen eta, foru lege honetan xedaturikoari aurka egiten ez badiote, haien arauen bidez haietarako berariaz arauturiko kontuetan.
118. artikulua. Ahalmen administratiboen erabilera.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko enpresa-entitate publikoei esleituriko eskumen administratiboak estatutuen arabera eskumen hori espresuki atxikirik daukaten organoek bakarrik erabiltzen ahal dituzte.
119. artikulua. Langileen araubidea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko enpresa-entitate publikoetako langileak lan zuzenbidearen arabera antolatzen dira, artikulu honetan aipatzen diren zehaztapenekin eta enpresa- entitate publikoari atxikiriko Foru Komunitateko administrazioko funtzionario publikoei dagozkien salbuespenekin, Nafarroako Foru Komunitateko funtzio publikoari buruzko legeen arabera antolatuko baitira.
2. Entitate hauetako lan kontratupeko langileak arau hauei jarraituz hautatuko dira:
a) Zuzendaritzako langileak ikasketa, lanbide, teknika edo zientziaren aldetik behar diren betebeharrak dituztenen artetik izendatuko dira, kasuan kasuko estatutuetan xedatzen denarekin bat eginkizunak burutzeko behar direnak. Lehendakariaren edo zuzendari kudeatzailearen izendapena foru lege honetako 108.3 artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da. b) Beste langileak berdintasun, merezimendu eta gaitasun irizpideetan oinarrituriko deialdi publikoen bidez hautatuko dira, proba objektiboen bidez.
3. Enpresa-entitate publiko bakoitza sortzeko foru dekretuak Foru Komunitateko administrazioko eta, hala bada, beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioek entitateko destinoak betetzeko baldintzak zehaztu eta langile horien gainean entitateari dagozkion eskumenak ezarriko ditu, betiere erakunde autonomoek legez eskuordeturik dauzkatenak izanen direnak.
120. artikulua. Enpresa-entitate publikoen egintzen aurkako inpugnazioa eta erreklamazioa.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko enpresa-entitate publikoen egintza eta ebazpenak, ahalmen administratiboak erabiliz ematen direnak, foru lege honetako IV. Tituluan xedaturikoaren bat inpugnatu ahalko dira.
2. Enpresa-entitate publikoaren estatutuetan horretarako ezartzen den organoak emanen du ebazpena zibil eta lan arloetako auzibideak baino lehenagoko erreklamazioen gainean.
II. KAPITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko eta haren erakunde autonomoetako sozietate publikoak
121. artikulua. Kontzeptua eta orotariko araubidea.
1. Sozietate publikoak Nafarroako ondarea arautuko duen legean aipatuko direnak dira.
2. Lege pribatuen bidez antolatuko dira, aurrekontuei, kontabilitateari, ondareari, finantzen kontrolari eta kontratuei buruz aplikatzekoa den arautegi administratiboan ezarririko berezitasunak deusetan galarazi gabe.
3. Behin ere ez dute ahalmenik izanen agintaritza publikoa erabiltzea dakarrenik.
122. artikulua. Osaera eta bestelako gorabeherak.
Sozietate publikoak sortu eta gehiengoaren nagusigoa lortu edo galdu ahal izateko Nafarroako Gobernuaren erabakia beharrezkoa izanen da, interesa duen departamentuak proposaturik hartuko dena, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.
123. artikulua. Estatutuak.
Sozietate publikoetako estatutuak Nafarroako Gobernura igorriko dira, sozietatea sortzeko erabakiaren proposamenarekin batera. Aplikatzekoa den merkataritza arloko arautegiarekin bat eskumen hori eskuordeturik daukan organoari dagokio estatutuak onestea. Onetsi ondoren, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.
124. artikulua. Batzar Nagusiko kideak. Sozietate publikoetan Nafarroako Gobernuak du eskumena Batzar Nagusiko kideak izendatzeko, aplikatzekoa den arautegiaren arabera Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde autonomoek emaniko kapital sozialari dagozkionak.
III. KAPITULUA
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko eta haren erakunde autonomoetako fundazio publikoak
125. artikulua. Kontzeptua eta araubide orokorra.
1. Fundazio publikoak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde autonomoak beren esku dituzten helburuak egiteko sortzen dituztenak dira, Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumarekin bat. Entitate sortzailearen eskumen esparruari loturiko jarduerak egin ahalko dituzte bakarrik.
2. Sortzen direnean, fundazioaren ondarea gehienbat sortzailearen zuzeneko edo zeharkako diru- ekarpenek osatuko dute.
3. Lege pribatuen bidez antolatuko dira, kontratuei, aurrekontuei, kontabilitateari eta finantzen kontrolari buruz aplikatzekoa den arautegi administratiboan ezarririko berezitasunak deusetan galarazi gabe.
4. Behin ere ez dute ahalmenik izanen agintaritza publikoa erabiltzea dakarrenik.
126. artikulua. Osaera eta estatutuak.
1. Nafarroako Gobernuak sortuko ditu fundazio publikoak, erabaki baten bidez, interesa duen departamentuak proposaturik, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.
2. Erabaki horren bidez fundazio publikoa arautuko duten estatutuak onetsiko dira. Horiek, Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako kontuez gain, sortzaileari patronatuaren kaltean datxezkion ahalmenak eta bertan parte hartzeko modua adierazi beharko dituzte.
3. Partikularzki, fundazio publikoa aldatu eta iraungitzeko eskumenari atxiki beharko zaio sortzailea. Egintza horiek artikulu honetako 1. idatz-zatian zehaztu bezala onetsi beharko dira.
4. Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Antolamendu ekonomiko-finantzarioa
Foru lege honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen antolamendu ekonomiko-finantzarioa Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko foru legeriari jarraikiz arautuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA Zerga arloko administrazio-prozedurak
Zergen arloko prozedurak, zergen aplikazioa, zehapen ahalmena, arlo horretako prozedura eta zergei buruzko egintzen administrazio-bideko berrikuspena Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari jarraikiz arautuko dira, bertan ezarritako iturri-sistemarekin bat.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Administrazio-prozeduren inbentarioa
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eguneraturik izanen du bere eskumeneko administrazio-prozeduren inbentarioa, non gutxienez ondoko alderdi hauek azalduko baititu:
a) Ebazteko organo eskuduna.
b) Prozedura erregulatzeko arau zehatzak.
c) Ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak.
2. Inbentario hori, urtebeteko epean eginen dena, urtero argitaratuko da, behar bezala eguneratu ondoren.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kide anitzeko organoen inbentarioa
Foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak kide anitzeko organoen inbentario orokorra eginen du.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa Nafarroako Foru Komunitatearen xedapen orokorrak eta administrazio-egintzak, hala nola Foru Komunitatean argitaratu beharreko arauak argitaratzeko baliabide ofiziala da; gainera, berariazko arauetan ezarritakoa ere argitaratuko da. Indarra hartzeari dagokionez, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko eguna hartuko da kontuan.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Atalburuak, bulegoburuak eta ataletik beherako unitateetako buruak bitarte baterako izendatzea
1. Dagokion unitate organikoa zein departamenturi atxikirik dagoen, haren titularrak eginen du atalburu, bulegoburu eta ataletik beherako unitateetako buruen bitarte baterako izendapena, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak haren aldeko txostena eman ondoren.
2. Izendapena beste departamentu bateko langile bati egiten baldin bazaio, departamentu horretako titularraren adostasuna beharko da.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA Zuzendaritza karguetako funtzionarioen ordainsariak
Administrazio publikoetako funtzionarioak eta bestelako langile finkoak izendatzen badira Nafarroako Foru Komunitatearen organismo publikoetako zuzendari nagusi izateko edo bitarte baterako zuzendaritza kargu batean aritzeko, Nafarroako aurrekontu orokorretan haientzat finkatuta dauden urteko ordainsariak handituko dira, izendapenaren aurretik jasotzen zituzten ordainsarien zenbateko osoa, ordainsari aldakorren urteko batez bestekoa barne, berdindu arte.
ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Prozeduren gehieneko iraupena
Lege mailako beste edozein arautan ezarritakoa gorabehera, foru lege honetako I. eranskinean aipatzen diren administrazio-prozedurak espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea eranskin horretan prozedura bakoitzarentzat ezarritakoa izanen da.
BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.
Ezespen isiltasuna duten prozedurak
1. Foru lege honetako II. eranskinean aipatzen diren prozeduretan, eta espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko beharra gorabehera, interesdunek eskabideak administrazioaren isiltasunez ezetsitzat hartu ahalko dituzte.
2. Dirulaguntzen edo bestelako laguntzen eskabideak administrazioaren isiltasunez ezetsitzat hartu ahalko dira baldin eta, gehieneko epea bukatuta, ez badira espresuki ebatzi eta jakinarazi, eta hori guztia ezertan ukatu gabe ebazpena eman eta jakinarazteko betebeharra.
HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kredituak sortzea
Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak foru lege honetan ezarritakoa betetzeko behar diren kreditu ezabaketa, transferentzia edo sortzapenak eginen ditu.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Administrazio-prozedura eta -egituren aldaketa
1. Nafarroako Gobernuak indarra duten administrazio-prozedurak arrazionalizatu eta errazteko behar diren arau-aldaketa guztiak eginen ditu pixkanaka.
2. Foru lege honetan ezarri den antolaketarako egitura pixkana-pixkana ezarriko du Nafarroako Gobernuak, unean-unean dituen giza eta gauzazko baliabideen arabera.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Foru lege honek indarra hartu aurretik hasita zeuden prozedurak Foru lege honek indarra hartu aurretik hasitako prozedurei ez zaie legea aplikatuko eta aurreko arauei jarraikiz arautuko dira.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Sektore publikoa osatzen duten entitateak foru lege honetako aurreikuspenetara egokitzea
1. Gaur egun sektore publikoa osatzen duten erakunde autonomoek eta gainerako entitateek foru lege honek indarra hartzen duenean indarra duten arauei jarraikiz arautzen jarraituko dute, horiek egokitu arte.
2. Erakunde publikoen egokitzapena, beharrezkoa baldin bada, erakunde publikoa atxikirik dagoen departamentuko titularraren foru dekretuaren bidez eginen da, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.
3. Egokitzapen prozesu hori bukatzeko urtebeteko epea ezarri da gehienez, foru lege honek indarra hartzen duen egunetik hasita.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Harik eta Nafarroako ondareari buruzko Foru Legeak sozietate publikoen kontzeptua arautzen ez duen arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean horri buruz ezarritakoa aplikatuko da
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENENGOA
Foru lege honek indarra hartutakoan, aurreko foru araudian kontseilariei esleitzen zitzaizkien ebazpen-eskumenak zuzendari nagusiek izanen dituzte, 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat; ez dira zuzendari nagusien esku geldituko, hala ere, gehiengo osoko foru legeen bitartez edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen kontratuei buruzko foru legeriaren bitartez kontseilariei esleituriko eskumenak, ez eta zehapen ahalmena erabiltzeari dagozkionak ere, horiek lege edo erregelamendu mailako xedapen batean espresuki esleituak dituzten organoenak izanen baitira.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Langileriaren arloko eskumenak
Nafarroako Gobernuak langileriari buruzko foru dekretu bat onetsiko du, Nafarroako Komunitateko administrazio publikoaren eta haren erakunde autonomoen organoek giza baliabideen arloan bete behar dituzten eskumenak esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematea Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAN LAUGARRENA
Indarra hartzea
Foru lege honek 2005eko martxoaren 1ean hartuko du indarra.
1. ERANSKINA
Espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetetik gorakoa duten prozeduren zerrenda
Toki Administrazioko Departamentua
1._Udalerriak mugatzeari buruzko kontuak, Nafarroako udalen artean: 12 hilabete.
2._Udal mugapeak aldatzea: 12 hilabete.
3._Kontzejuak eratzea: 12 hilabete.
4._Kontzejuak aldatzea: 12 hilabete.
5._Kontzejuak ofizioz iraungitzea: 12 hilabete.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua
8._Interes kulturaleko ondasunen deklarazioa: 20 hilabete.
2. ERANSKINA
Ezarritako epean espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazi ezean interesdunek eskabideak administrazioaren isiltasunez ezetsita daudela ulertu dezaketen prozeduren zerrenda
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua
1._Lansarian ondorioren bat dakarten eskabideak.
2._Honako eskaera hauek, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren Montepioko funtzionarioek eginak: ezintasunaren ondoriozko jubilazioa, ezintasun iraunkor partzial eta ezintasunik ez dakarten lesio iraunkorrengatiko kalte-ordaina, edo ezintasun mailaren berrikuspena.
Ekonomia eta Ogasun Departamentua
Aseguru artekari lanetan aritzeko baimena.
Toki Administrazioko Departamentua
1._Udalerriak mugatzeari buruzko kontuak, Nafarroako udalen artean. 2._Udalerrien mugak aldatzeari buruzko kontuak, udalak adostasunera iritsi gabe.
3._Kontzejuen eratzea.
4._Kontzejuen aldatzea, ukitutakoak adostasunera iritsi gabe.
5._Batera emandako zerbitzuengatik, toki entitateek ordaindu gabe dituzten diru-kopuruen ordezko ordainketa.
6._Toki entitateen batasun bateko partaide diren udal eta kontzejuek bidegabeki ordaindu gabe utzi dituzten diru-ekarpenen ordezko ordainketa.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua
1._Babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa eta etxebizitzen zaharberritze babestua.
2._Etxebizitza babestuak aldez aurretik deskalifikatzea.
Hezkuntza Departamentua
1._Hezkuntza itunaren onespena.
2._Hezkuntza itunaren aldaketa eta iraungitzea.
3._Hezkuntza itunaren eskaera, ikastetxerako baimenaren ondoren.
4._Ikastetxe bat jartzeko baimena lortzeko aukerari buruzko aurretiko deklarazioa (instalazioen egokitasuna).
5._Ikastetxeak jartzeko baimena.
6._Ikastetxeak jartzeko baimenaren edo baimen berriaren aldaketa.
7._Ikastetxe izateko baimenaren iraungitzea.
8._Eskolako jantokia izateko baimena.
9._Diru publikoaren laguntza duten ikasleen onarpena.
10._Ikastetxeetan erosketak egiteko baimena.
11._Ikastetxeetan prezioak jartzeko baimena.
12._Oker kobratutako tarifen itzulera.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua
1._Erakunde publikoentzako baimena, irabazi asmorik gabeko bidaiak antolatu eta sustatzeko.
2._Indusketa eta hondalanetarako baimena lortzea. 3._Interes kulturaleko ondasunen deklarazioa.
4._Monumentu historiko eta artistikoetako obra-proiektuen onespena.
Osasun Departamentua
1._Osasun laguntza publikorako eskubidearen errekonozimendua, unibertsalizazio araubidearen ondorioz.
2._Lurreko osasun garraiorako baimena.
3._Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak sortzeko baimenak.
4._Nafarroan opiazeoekiko tratamendua egiten duten zentro eta zerbitzuen kreditazioa.
5._Drogaren menpekoentzako laguntza-zentroen kreditazioa.
6._Osaunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile fakultatiboen lanbide karreraren sistema.
7._Dedikazio esklusiboko araubidearen aldeko aukera.
8._Oinarrizko Osasun Laguntzako famili medikua eta pediatra hautatzea.
9._Botikak irekitzeko, eskualdatzeko eta titulartasuna aldatzeko baimena.
10._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren laguntza ortoprotesikoa, hauetarako: kanpoko protesiak, aulki gurpilduna, ortesi eta protesi bereziak.
11._Jaioberritan hipoakusia garaiz atzemateko programaren laguntza.
Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentua
1._Nazioarteko adopzioaren arloko entitate laguntzaileen kreditazioa.
2._Laguntza ekonomikoak, ikastetxeetako egonaldietarako.
3._Oinarrizko errenta ematea.
4._Alarguntza pentsioengatiko kenkariak aldez aurretik ordaintzea.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua
1._Nafarroako Gobernuari egindako eskaerak, udalek eta kontzejuek lagatako errepideak har ditzan.
2._Toki entitateen eskaerak, Nafarroako Errepideen Sareari dagozkion bideak konpontzeko lanak egin daitezen.
3._Toki entitateen eskaerak, Nafarroako Errepideen Sareko bideetan zebrabide goratuak (abiada moteltzekoak) jartzeko.
4._Baimen eskaerak, propio ikasleentzako herri arteko garraio erregularrak egiteko. 5._Baimen eskerak, bidaiarien herri arteko garraioa autoetan egiteko (taxia).