Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

1/2002 Foru Legea, martxoaren 7koa, Nekazaritza Azpiegiturei buruzkoa

2002-03-07

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2002/3/15, 33. zk.

1/2002 FORU LEGEA, martxoaren 7koa, Nekazaritza Azpiegiturei buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, NEKAZARITZA AZPIEGITUREI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateak 1985ean nekazaritzaren erreforma eta garapenaren arloan eskumen esklusiboak bere egin zituenetik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 131/1982 Lege Organikoari jarraituz, bere araudia garatu du, nekazaritza azpiegituren gaineko ekintzak arautzen dituen legedia egokitzeko Nafarroako gizarte, nekazaritza eta ekonomiaren egoerara.

Nekazaritza azpiegituren erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legea lehenengoa izan zen. Lege horrek aurrerapen nabarmena ekarri zuen urtarrilaren 12ko 118/1973 Dekretuaren bidez onetsitako Nekazaritzaren erreforma eta garapenari buruzko Legearen aldean. Hala ere, lege hori arau ugariren testu bategina eta, beraz, bilduma gisakoa izatearen ondorioz, eta erabiliriko administrazio prozeduraren ondorioz ere (bilduma izaera hori eta aipaturiko administrazio prozedura onartu egin zituen, bere garaian, 18/1994 Foru Legeak), bizkortasun eta arintasun printzipioekin bat ez datozen prozedurak oraindik ere agertzen dira foru lege horretan, nahiz eta intereseko figura juridiko berriak sortu diren. Horregatik, segurtasun juridikoa ezertan galarazi gabe, prozedura horiek aldatu edo ordeztu behar dira foru lege honetan.

18/1994 Foru Legeak, nekazaritza azpiegituren arloko ekintzak egiteko, nahitaez egin beharrekoak diren interes orokorreko obrak finantzatzeko baldintzak ere jasotzen zituen. Obra horiek egin behar ziren lurzati berrantolamenduaren bidez edo prozedura ezarrien bidez, baina betiere, horretarako onetsitako Lurraldeko hobekuntza eta obretarako Planaren barruan. Nekazaritzaren Finantzaketari buruzko Legegintzako Foru Dekretuaren III. titulurako uzten zen lurzatietako instalazioen finantzaketa soilik, hau da, Lurraldeko obra eta hobekuntza Planekoak izanik nekazaritza interes pribatukotzat jotzen ziren obrena.

18/1994 Foru Legean kontzeptu berria sartu zen: "oinarrizko ustiatze azalera", alegia. Haren bidez, lurzati berrantolamenduko prozedura eta berrantolatu beharreko eremuan azalera behar adinakoa zuten ustiategiak eratzen ahal ziren, bideragarriak izateko moduan. Berria izan zen, halaber, ureztalur bihurtzeko ziren finken erregimena, zeren funts publikoen bidez ureztalur bihurtutako finka horiek saltzean sortzen zen plusbaliarekin espekulazioa egitea galarazteko, "eraldatu ondorengo finka ureztagarri" direlakoen erregimena ezartzen zen.

Azkenik, lurzati berrantolamenduko prozeduran egitura arrazionalagoa sartu zen, prozedura osatzen duten ekintzen denbora-hurrenkeraren araberakoa, eta berrikuntza handiak ezarri ziren, gai honen gaineko eskumenak erabilita izandako esperientziaren ondorioz.

18/1994 Foru Lege horrek zituen berrikuntza guztien ondorioz, bada, eta Nafarroako lurralde egitura bereziaren arabera moldatutako prozedura berriak sortzearen ondorioz, zalutasun handiagoa lortu da 1994tik, batez ere ureztalurrak modernizatzeari dagokionez, eta, bereziki, bide eman da horietako batzuetan pisu-bidezko ureztatze sistema kendu eta presio bidezkoa sartzeko, nahiz ez aintzat hartzeko moduko kopuruan.

Indarrean jarri den bigarren foru legeak, abenduaren 9ko 19/1994 Foru Legeak, zeinak apirilaren 4ko 133/1991 Foru Dekretu Legegintzakoaren III. titulua aldatzen zuen, nahiz eta nekazaritza azpiegiturei soilik aplikatzekoa izan ez, titulu bat bazuen, ureztalurretako ekintzei buruzkoa (orain, nekazaritzaren finantzabideari buruzko xedapen lege mailakoen testu bategineko III. titulua, otsailaren 16ko 54/1998 Foru Dekretu legegintzakoaren bidez onetsia), eta oso figura interesgarria sortzen zuen: oinarrizko ureztatze azalera, zeinak, oinarrizko ustiatze azalerarekin lotuta, bukaera eman baitzien lurzatiko instalazioetarako laguntza batzuei; hain zuzen, lagundu beharreko finken gutxieneko tamaina ordura arte oinarrizko hautapen-faktoretzat hartzen ez zuten laguntzei.

Ondoren, martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko ureztatze Planean sartutako ureztalurretan egindako ekintza eta obrei buruzkoak, aurrerantzeko araubidea eman zien ureztalurren modernizazio eta eraldatze ekintzei 2018. urtera arte. Ureztalurrak modernizatzea (18.908 ha.) eta ureztalur bihurtzea (61.736 ha.), Nafarroako Ubidearen 57.000 ha. baino gehiago barne, plan horren helburu nagusiak dira; ekintzek osotara duten bolumenagatik eta bereziki lurzati berrantolamendu eta eraldatze prozesuak Nafarroako Ubidearen eraikuntza erritmoaren arabera moldatu beharragatik, ezinbestekoa da hainbat kontzeptu eta jokabide berriz definitzea, garai batean baliagarriak baina gaur ekintzen berangarri izan litezkeenak eta ureztalurren gaietan Nafarroako Parlamentuak onetsi dituen helburuak galaraz litzaketenak.

Orobat, Batzordearen 2000ko irailaren 15eko Erabakiak Nekazaritza garatzeko Programa onetsi zuelarik Espainiako 1. helburuaz landarako eskualdeko produkzio egiturak hobetzeko, zeinean Nafarroarako "ur baliabideen kudeaketa" deitu neurrirako finantzaketa aurkitzen baita, ezinbestekoa da baliabide tekniko eta finantzarioak metatzea bertan ureztalurrak eraldatu eta modernitzatzeko gaietan aurreikusten diren jarduerak bururatzeko; horretarako, halaber, beharrezkoa da oraingo lege euskarria ere hobetzea, Nafarroak aukera izan dezan eskuragai dauden Europako funtsak bereganatzeko, gutxienez 2000-2006 aldian, geroago iraungo ote duten ez baita segur jakiten.

Ezin aipatu gabe utzi daiteke, bestalde, zer bilakaera izan den ingurumenari buruzko legeria kontuetan bai Europako Batasunean nola Nafarroan eta Espainian. Bilakaera hori ikusirik, bada, funtsean Kontseiluaren 1997ko martxoaren 3ko 97/11/EE Zuzentarauan bildua (aldatzen du 85/337/EEE Zuzentaraua, zenbait proiektu publiko eta pribatuk ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeari buruzkoa) eta bai ekainaren 21eko 237/1999 Foru Dekretuan (arautzen du ingurumenari buruzko ebaluazioa lurzati berrantolamenduko prozesuetan) eta urriaren 6ko 9/2000 Errege Dekretu Legean ere (aldatzen du ekainaren 28ko 1302/1986 Errege Dekretu legegintzakoa, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzkoa), beharrezko da aipatu 18/1994 foru lege hori aldatzea. Lege hark arrazoizko aurreikuspena egiten zuen Lurraldeko hobekuntza eta obretako Planen ingurumen-eraginen azterlanei buruz, baina hala ere aipatu den gaur egungo araudi horrek gainditu egin du eta gainera legeak orain agintzen du azpiegitura gaietako ekintzak etorkizunean Nafarroako Gobernuak erabakiko dituela, aurrez Ingurumenaren gaineko Eraginaren deklarazioa baldin badute.

Horrez gain, bai Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 60/2000 zuzentarauak, zeinak Europako Batasuneko herrientzat ur politikaren gaineko joka-barruti komuna ezartzen duen, eta bai Batzordearen "ur baliabideen tarifak eta erabilera jasangarria ezartzeko politika" deritzon dokumentuak, hainbat agindu (lehenbizikoak) eta hainbat iradokizun (bigarrenak) ematen dituzte ur baliabideak egoki kudeatzearen gainean, kostuak partez ala osorik berreskuratuz (kasuan kasuan), eta ureztalurretan, funtsezko neurri gisa, labore mota bakoitzeko erreferentziako ratioen araberako ur kontsumoaren kontrola ezarri beharraren gainean. Hori guztia gogoan, alderdi horiek gaurkotu eta hobetu behar dira eta bai proposamen berriak egin ere nekazaritza azpiegiturei buruzko ordenamendu juridiko berrian.

Oraingo errebisio honek, beraz, hainbat helburu orokor ditu:

Lehenbizikoa, esan bezala, Europako Batasunaren eta Estatuaren arauetan ingurumen eta ur gaietarako agintzen direnak Nafarroarako moldatzea da, Nafarroako legeetan nekazaritza azpiegiturak gai dituztenez landara.

Bigarrena, arau multzo bakarrean kodifikatu eta harmonizatzea, ahal den guztian, nekazaritza azpiegituretako gaietan egoki jokatzeko Estatuaren oinarrizko legerian dauden ordezgarrizko xedapenez gain behar diren xedapen barreiatu lege mailako guztiak, betiere Konstituzioak Nafarroa eta Estatuaren artean egin duen eskumen banaketa begiratuz.

Hirugarren helburuak arintasun eta eraginkortasun printzipioak erantsi nahi dizkie nekazaritza azpiegituren gaietako ekintzei, administrazio publikoko eta haren sozietateetako jardunaren helburu izan behar baitute. Hartarako, eginahalean erreformatu eta sinpletu egin dira zenbait prozedura, bai lurzati berrantolamendukoak bai ureztalurrak eraldatu eta modernizatzekoak.

Laugarren helburuak zenbait kasutan berdefinitu eta beste zenbaitetan sartu nahi ditu lurzati berrantolamenduko prozesuei laguntzeko zenbait kontzeptu tekniko eta juridiko, eta bai ureztalurrak eraldatu eta modernizatzeari laguntzekoak ere. Honakoak bereziki aipagarriak dira:

-Lehenbizikorik, ustiategi bideragarriak sustatzea, helburua dela bai lehor lurretan nola ureztalurretan tokian tokiko produkzio orientazioaren arabera ustiategi egokiak sortzea, hartarako lurrak erosteko dirulaguntzak emanaz.

-Bigarrenik, jarduera nagusiko nekazariek eramandako ureztalur eremuetan nekazaritza sozietateak bultzatzea; sozietate horiek titular bakartzat hartuko dira lurzati berrantolamenduko prozesuan eta dirulaguntzak emanen zaizkie beren lurrak haiei eransten dizkietenei, tokian tokian ezarri den tamaina, (oinarrizko ureztatze azalera delakoa) iristen ez duten lurjabeak izan nahiz balio hori iritsi eta are gainditurik ere Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan baja hartzen duten lurjabeak izan.

-Hirugarrenik, Lurren Funtsa delakoa sortzea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kudeatua, dela zuzenean dela bere sozietate publikoen bitartez. Bertan sartzen diren lurrak ustiategi bideragarriak egiteko erabiliko dira edo prestakuntzako nahiz ingurumenaren inguruko demostrazio helburuetarako. Funts hau osatzeko lurrak, gehienbat foru lege honetan jasotzen diren desjabetzapen prozesuetakoak, borondatezko ekarpenetakoak eta erosketetakoak izanen dira. -Laugarrenik, Nekazaritza azpiegiturak erreformatzeko Lege orain ordezten den hartan bezala, zenbait laboreren eskubideak eskualdatzeko arauak daude, eta zenbait irizpide ezartzen dira oihan laboreen tratamendurako lurzati berrantolamenduan titular aldaketa egiten denean.

Bosgarren helburua da nekazaritza azpiegituren gaietako ekintzak hainbat alderditan babestea:

a) Lehenik, oinarrizko laborantza unitateen araubide berria sortuz, Nekazaritza azpiegituren foru lege orain ordezten den hartan baino zehatzagoa eta zorrotzagoa, unitate horiek ureztatze unitateen tamainarekin eta lehor lurreko oinarrizko ureztatze azalerekin lotzen baitira, gero batean unitate horiek zatitzea ezintzeko.

b) Bigarrenik, hobetzen da eraldatu ondorengo finka ureztagarrien araubide juridikoa, Nafarroan lehenago indar zuen azpiegiturei buruzko legerian ezarrita zegoena, bermatzeko inbertsio publikoak sortzen duen plusbalia ez dadila izan partikularren mesedetako ureztalur bihurtu eta hamabost urte iragan arte.

c) Hirugarrenik, araubide berria eransten da, ureztatze unitateak sustatzekoa deitua, lurzatian ureztatzeko instalazioen diseinu arrazionala lortzea helburu, hartarako obligazioa ezarriz ureztatze unitateak zenbat ere jabe dituen, ureztatze sistema berarekin diseina dadin, arrazoi ekonomiko eta agronomiko soilak aintzat hartuta.

d) Laugarrenik, arrazionalizatzen dira laguntza hartzaile batek ureztalur bihur dezakeen azaleraren mugei buruzko eta lurzatian instalatzeko jaso ditzakeen dirulaguntzen mugei buruzko agindu guztiak, edozein pertsona fisiko eta juridikori kasu bakoitzean ematen zaion tratamendua eta foru lege honen babesean eratutako nekazaritza sozietateei eta ustiategi bideragarriei ematen zaiena bereiziz, beti azken horien alde, gai baitira eraldatzeko azalera handiagoa hartzeko edo lurzatian instalatzeko laguntza handiagoak lortzeko. Horrela, hasieran haiek eratzea ez ezik ondorengo ekipamendua ere laguntzen da.

-Seigarren helburua urei buruzko aipatu zuzentarauarekin lotzen da, eta uraren erabilera eraginkorra sustatzea da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Riegos de Navarra S.A.ren bidez ezartzen dituen kontsumoak erreferentziatzat hartuta. Hartarako, foru lege honek ura aurrezteko modu bat baino gehiago ezartzen ditu:

a) Lehenbizi, ureztatze unitateen tamaina egokiak finkatzen dira, diseinu eraginkorrak eta ura aurrezteko modukoak erabiltzeko aproposak.

b) Bigarrenik, behartzen dira ureztatzaile elkarteak beren elkartekideen ur kontsumoak zigortzera, baldin erreferentziakoak baino handiagoak badira, eta gehiegizko kontsumo horiek sor ditzaketen kalteak beren gain hartzera.

c) Hirugarrenik, funtsez aldatzen da ureztalurrak modernizatzeko finantzaketa. Horrela ureztatze sistema aldatuz modernizatzea sustatzen da, eusten baitio aurreko finantzaketari; eta ureztatze sistema aldatu gabe modernizatzea, berriz, zigortzen, ez baitu ura hain ongi kontrolatzeko biderik ematen.

d) Azkenik, ezartzen da ez dela zilegi izanen lurzatiko instalazioen finantzaketa (gehienez ere kostuaren ehuneko 55ekoak izan daitezkeen dirulaguntzen bidezkoa) bere goreneko mailan hartzea hartzaileak ez baditu betetzen etorkizuneko nekazaritza enpresaburuaren edo sustatu nahi diren nekazaritza sozietateen kondizio idealak; haren profila jarduera nagusiko nekazari gaztea da, oinarrizko prestakuntza teknikoa jaso duena ureztatze-ura egoki erabiltzearen eta fertirrigazioaren gaietan, eta horretan iritsi duen benetako gaitasuna ureztatze kanpaina kopuru jakin batean frogatu duena.

Zazpigarren helburua horizontalagoa da eta lehentasuna eman nahi die, foru lege honen barrenean izan daitezkeen laguntza eta lehentasunen barrenean, jarduera nagusiko nekazariei eta nekazari gazteei, eta bai ere haren babesean sortu nekazaritza sozietateei. Horretarako hainbat modu daude:

a) Lehenbizikorik, eraldaketa edo modernizazioa egiten ari deneko herrilurrak berrantolatu nahi direnean, toki entitatea beharturik dago, Nafarroako Gobernuak finantzaketa onetsi aurretik, ordenantza berriak onestera herrilurretako loteak adjudikatzerakoan lehentasuneko nekazaritza ustiategiei lehentasuna emateko, hain zuzen ere, nekazari gazteak zuzendari edo partaide dituztenei.

b) Bigarrenik, foru lege honen babesean ustiategi bideragarriak edo nekazaritza sozietateak eratu nahi direnean, ezinbestekoa da, ezarritako laguntzak jasoko badira, haien erabakitze organoak osatzen dituzten ordezkarien gehiengoa jarduera nagusiko nekazarien eskuetan egotea.

c) Hirugarrenik, Lurren Funtsak lehiaketak egiten dituenean, lehentasuna emanen zaie familiako nekazaritza ustiategi lehenetsiei, bereziki nekazari gazte bat zuzendari edo partaide dutenei.

d) Laugarrenik, eraldatzearen eta lurzatiko instalazioetarako laguntzen mugen araubidean ere zenbait irizpide ezartzen dira aipatu helburuaren alde egiteko. Horrela, laguntza hartzen duen gizabanako edo pertsona juridiko foru lege honetan sustatzen direnetan sartzen ez denak muga bat badu bere lurrak ureztalur bihurtzeko: ureztalurretan ustiatzeko oinarrizko azaleraren goiko muga halako bi alegia. Foru lege honen babesean eratu eta finantzatutako pertsona juridikoek, berriz, zilegi izanen dute beren kide bakoitzari aplikatzea aipatu muga hori.

Halaber, finantzatutako lurzati batean ekipatu beharreko gehienezko azalera, edozein eskatzailerentzat, eskualdeko ureztalur-ustiapenerako oinarrizko azaleraren goiko mugara artekoa izanen da, eta familiako nekazaritza ustiategi lehenetsientzat erreserbatzen da aurrekoa halako biko muga, eta baimena ematen ere zaie foru lege honek babesten dituen sozietateei beren osakide bakoitzari aurreko irizpideak aplikatzeko, haientzat hobeak badira.

Oinarrizko helburu horiek ezarririk, bada, foru legea sei titulutan egituratua dago.

Atariko tituluak foru legearen helburua eta xedeak ezartzen ditu, hau da, lurzoru urbanizaezinean arautzea nolakoak behar duten izan nekazaritza azpiegituretako ekintzek lurzati berrantolamendua eginaz, ureztalur bihurtuz eta oraingo ureztalurrak modernizatuz. Lurzati berrantolamenduko prozedura da ardatz nagusia, eta harez gain zenbait administrazio neurri lagungarri eransten dira, eta beste babesgarri batzuk ere bai, ekintzek irautea lagundu eta bermatzeko.

I. titulua nekazaritza azpiegituretako ekintzen prozeduraz ari da eta zehazten du zer formula dauden hura abiarazteko, abiatze horrek zer ondorio dituen gero bateko hartzaileentzat, eta oinarrizko proiektuaren kontzeptua ere sartzen du, zeinak bide ematen duen asmotan diren ekintzen azterketa tekniko, juridiko, sozioekonomiko eta ingurumenekoa egiteko. Bereziki, garatzen du zer prozesu segitu behar den ekintzen ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa lortzeko, zeinak, positiboa bada, kasuko eskualdeko nekazaritza azpiegituretako ekintzei buruzko foru dekretua ekarriko baitu ondorio, haren eduki gutxienekoa finkatuz eta bai haren ondorioak ere, eta prozedura normalaz gain beste bi sortuz. Prozedura laburtua, zeinerako, aplikatuko bada, beharrezkoa baita nekazaritza azpiegituretako ekintza lehenestekotzat deklaratuta egotea, Nafarroako Gobernua lotzen duten zenbait interes-arrazoi direla medio; eta prozedura berezia, gozamen eskubideen lurzati berrantolamenduari buruzkoa edo herrilurren edo eite berekotzat jotakoenari buruzkoa.

Prozedura normalari dagokionez, bistan da erraztu dela, oinarriak, erabakia eta birbanatze akta besterik ez baita geratu, inkestak kenduta eta lehenbiziko horien tramitazioa guztientzako administrazio prozedurari buruzko arauetan agintzen denaren arabera moldatuta, eta bai birbanatze akta ere legeetan horri buruz agintzen denaren arabera. Tratamendu berria ematen zaie korralizei, ez daitezen traba izan lurzati berrantolamendua egoki egiteko ez eta eragozpen ere eraldatu eta modernizatzeko ekintzetarako.

Lurzati berrantolamenduko prozedura laburtuan are gehiago sinpletzen dira aldi diferenteak; zenbait egintzari nahibadako izaera ematen zaie eta dokumentu bakarra eratzen da oinarriak eta erabakia bategiteko. Aurrera ateratzen diren helegiteak tratatzeko araubide bat ezartzen da, dela sobrante diren terrenoak adjudikatuz, prozedura normalean bezala, dela diruzko kalte-ordaina erabiliz, prozedura honen barrenean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen erabaki eta egintzen izaera exekutiboarekin bat.

Hobetzen dira, lehengo foru legekoen alderako, prozedura bereziak, bai lurzatiez gozatzeko eskubideak birbanatzekoa bai herri alorrei buruzkoa, zeinean loteen tamaina eta adjudikazio hartzaileen tipologia finkatzen baitira adjudikaziorako irizpidetzat, nekazari gazte bat zuzendari edo partaide duten familiako nekazaritza ustiategi lehenetsiei lehentasuna emateko.

II. titulua lagungarrizko neurri deitzen zaienen garabideaz ari da, zeina "ustiategi bideragarrien eraketa" deitzen denarekin hasten baita. Titulu honek hobetu egiten du garabide hori 18/1994 foru legekoaren aldean; ezartzen du, adibidez, jarduera nagusiko nekazariek gehiengoa duten erabakitze organoek kontrolatu behar dituztela elkarte eiteko ustiategi bideragarriak. Ezartzen ere du, bestalde, eratzen diren ustiategiak nahitaez inskribatu behar direla Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan eta, azkenik, laguntzak antolatzen ditu handiagoak izan daitezen horiek eratzearekin batera lurjabe horiek lurzati berrantolamenduko zerrendetan baja hartzen badute.

II. titulu honek beste lagungarrizko neurri bat ere badu: Lurren Funts bat sortzea, alegia, ureztalurrak eraldatu edo modernizatzeko eremuetan arituko dena, eta foru lege honetan haren alde aurreikusten diren desjabetzapen prozesuen bidez eratuko dena eta bai erospen, truke eta borondatezko aportazioez eta eraldatu ondorengo finka ureztagarrien araubidearen ondorioz Nafarroako Gobernuak lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko duen eskubidea erabiltzetik heldu diren lurrez ere. Funtsak horrela beretzen dituen lurrak gehienbat ustiategi bideragarriak eratzeko erabiliko dira, hartarako lehiaketak eginaz, zeinetan nekazaritza ustiategi lehenetsiei emanen baitzaie lehentasuna. Zilegi izanen ere da lurrok demostrazio, prestakuntza eta ingurumenaren gaineko helburuetan erabiltzea edo eskualde horri garabidean laguntzen dion beste edozertan.

Bereziki aipatzekoak dira Lurren Funtsaren alde egin daitezkeen desjabetzapenak ureztalur bihurtzea delarik kontua; prozedura arautua eratzen da ekintzarekin ados egon ez eta lehor lurra aski ez delako edo halako lurrik ez dagoelako lehor lurretan berrantolatu ezin diren titularren terrenoak desjabetzeko. Kasu horietan desjabetu diren lurrak Lurren Funtsera pasatuko dira hari esleitu zaizkion eginkizunetarako.

Beste berritasun handi bat da (ureztalur tradizionaletako lurzati berrantolamenduetan murriztapen indize handiak lortu beharrez sartua baina eraldatzeari ere aplikatzekoa) lagungarrizko beste neurri bat sortzea nekazaritza sozietateak bultzatu eta finantzatzeko, ustiategi bideragarriak eratzekoaz gain. Nekazaritza sozietate horien helburu nagusia nekazaritza jarduera izanen da eta oinarrizko ureztatze azalera baino txikiagoa duten lurjabeek aportatzen dituzten terrenoak elkarrekin ustiatzea, betiere dituzten guztiak aportatu badituzte eta bai, halaber, beren lurren tamaina zein ere den Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan baja hartzen duten lurjabeek aportatutakoak ere. Nolanahi ere, horrela eratzen diren sozietateak titular bakarra balira bezala tratatuko dira lurzati berrantolamenduko prozeduretan.

Eratzeko dirulaguntzak erantsitako azaleraren arabera finkatuko dira, azalera horren balioaren arabera eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan baja hartzen duen lurjabe kopuruaren arabera. Sozietateok eskritura publiko batean formalizatuko dira, 15 urte iraun beharko dute eta erabakitze organoetan jarduera nagusiko nekazariek izanen dute ordezkaritzaren gehiengoa.

II. tituluaren bukagarri, lurzati berrantolamenduaren aldeko beste neurri bat ezartzen da: labore iraunkorren eta landaketaren eskubideak aldatzekoa, zeinak funtsean 18/1994 Foru Legeko irizpide berei eusten baitie. Berririk, ordea, badu zerbait, beste lurjabe bati erauki behar zaizkion lurzatietan dauden oihan espezieei dagokienez, interesatuak adosten ez badira, posible izanen baita lurzorua desjabetu eta landatutakoa erauztea ere.

III. tituluak babes neurriei buruzko xedapenak dauzka, nekazaritza azpiegituretako ekintzek iraun dezaten segurtatu eta hortaz lortutakoa galtzea galarazteko. Horrela, ordezpen finkak zatikatzea galarazteko, gutxieneko laborantza unitateen araubidea ezartzen da. Ureztalur bihurtutako ordezgarrizko loteak eskualdatzea galarazteko, zeinen plusbalia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli behar baitzaio, eraldatu ondorengo finka ureztagarrien araubide bat ematen zaio foru legeari. Lurzatietako instalazioak irrazionalki zatikatzea galarazteko, zenbait diseinu arau ezartzen dira, ureztatze unitateen araubidean sartuak, eta azkenik, pertsona fisiko nahiz juridiko batek eralda dezakeen gehienezko ureztalur azalera eta bai lurzatietako instalazioen aldera jaso daitekeen gehienezko dirulaguntza mugatzeko, kontzeptu horiek arautzeko araubide bat ezartzen da.

Titulu honetan hauek dira, laburbildurik, aurreko legeriaren aldean dauden berritasunak: oinarrizko laborantza unitateen mugak igotzen direla eta oinarrizko ustiatze unitateekin lotzen direla, berritik arestian aipatu ureztatze unitateen araubidea sortzen dela, zeinak unitate horiei gutxieneko tamaina bat ezartzen dien, eta bai dirulaguntza publikoak jaso ahal izateko baldintza tekniko oinarrizkoak ere.

Bestalde, Nekazaritza azpiegituren erreformari buruzko 18/1994 Foru Legean zegoen bezalatsu eusten zaio eraldatu ondorengo finka ureztagarrien araubideari, nahiz eta oraingoak aukera berria ezartzen duen lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzen den finkak Lurren Funtsera pasatzeko. Bere hartantsu irauten du, halaber, eraldatzearen eta lurzatietako instalazioetarako laguntzen mugen araubideak, nahiz orain kapitulu berean sistematizatua dagoen, aipatu 18/1994 Foru Lege hartan ez bezala, araubide horrek aplikatu ahal izateko jartzen zituen baldintzak sakabanaturik baitzeuden.

IV. tituluari (Nekazaritza azpiegituretako ekintzen alderdi juridikoak) arindu zaio edukia aipatu 18/1994 Foru Legeko testuaren aldean, lege hark Estatuaren oinarrizko legeriakoen antzeko aginduak ematen baitzituen, eta horregatik haietako zenbait kendu baitira zorroztasun juridikorik galdu gabe. Titulu honetan Jabetza Birbanatzeko Akta gauzatzeko prozedura ezartzen da, zer karga ezarri behar diren eta bertan nola gauzatu behar diren. Ezartzen ere da nahitaezkoa dela Katastroaren eta Jabetzaren Erregistroaren artean koordinazioa egotea, eta titulu horretan sartzen da, halaber, ezezagunen finkei eta sobran dauden finkei zer tratamendu eman behar zaien, eta zer berme juridiko ezarri behar diren lurzati berrantolamenduko Oinarrietan hobeki aitortzeko eskubideak eta egoera juridikoak eta horiek ordezpen finketara aldatzeko.

V. tituluak zehapen araubidea dauka; gehiago eta zehatzago definitzen du arau-hausteen tipologia eta bai haien zenbatekoa goratzen ere 18/1994 Foru Legearen aldean; lehengo legeko testua arindu ere egiten du, zenbait agindu guztiendako administrazio prozedurari buruzko arauetan baitaude eta hortaz alferrik baita foru lege honetan errepikatzea.

Ekobaldintzaren klausula, ordea, berritasuna da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanda edo hari eskatuta dauden dirulaguntzak pixkanaka kenduz joatekoa, ingurumenaren arloko hutsegite larriak edo oso larriak egin direnean.

Bukatzeko, VI. titulua lurzati berrantolamenduko prozedura ardatz duen nekazaritza azpiegituren gauzatzeaz ari da, eta, alde batetik, obretarako behar diren terreno okupazioen eta zortasunen alderdi praktikoak jorratzen ditu, eta bestetik eraikuntza proiektuak idazteko behar diren arauak ematen, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioari dagokionez, eta azkenik obren onuradunek zer baldintza aurretiazko bete behar dituzten, zeinak funtsean bi baitira: onuradunei dagokien kostua aurrez pagatu beharra, batetik, eta, herrilurren kasuan, familiako nekazaritza ustiategi lehenetsientzako lote-adjudikazioari lehentasuna eman beharra, bestetik. Horiez gain beste bi baldintza badaude, garrantzi handikoak uraren kudeaketaren ikuspuntutik eta nekazaritza- industriako laboreen eta nekazaritza-energiaren gaineko informazioa kudeatzearen ikuspuntutik. Lehenbizikoak ezinbesteko egiten du ur kontsumoarekin lotura duten ureztatzaileei tarifak ezartzea, gehiegizko kontsumoa ere zehatuz, eta bigarrenak behartzen ditu ureztatzaile elkarteak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari edo haren sozietate publikoei dauden edo asmotan diren laboreen gaineko informazioa ematera, alde batetik, nekazaritza-industria eta nekazaritza-energia eta, bestetik, sortu edo modernizatu egiten diren ureztalurrak ongi loturik egon daitezen.

VI. titulua ureztaketa abiatzeko deklarazioa egiteko prozedurez, oro har obrak entregatzekoez eta ureztalur bihurtutako terrenoek duten babes araubideaz ere ari da; bukaeran xehero deskribatzen du nola sailkatzen diren nekazaritza azpiegituretako ekintzei eslei dakizkiekeen obrak, eta haien finantzaketa. Horiek dira interes orokorreko lanak, bai lurzati berrantolamendukoak bai ureztalurrak eraldatu eta modernizatzekoak eta bai nekazaritza interes pribatukoak, oraingo legean berritasuntzat sartzen baitira aipatu 18/1994 Foru Legearen aldean, hobetzen baitituzte ureztatzeko ura hobeki kudeatzera zuzenean nahiz zeharka daramaten obra motak finantzatzeko baldintzak eta bai finantzaketa gutxitzen ere pisu bidezko ureztatze sareak mantendu edo proiektatu egiten dituzten obrei. Foru lege honek xedapen gehigarri bat ere badu, zeinak Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriari buruz ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio berria egin beharra kentzen baitu, lehendik ere bai baitu ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazio behar dena, eta bai bi xedapen iragankor ere; lehenbizikoak finkatzen du nekazaritza azpiegituretako ekintzen eremuetatik zeini aplikatu behar zaion foru lege berria eta zeini lehengo araudia; bigarrenak esku ematen du Nekazaritza azpiegituren erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legeko lehenbiziko xedapen iragankorrak agintzen duena ezin erabili izan zuten inbertsioak berfinantzatzeko, behar diren baldintzak betetzen badira.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru legearen xedea.

Foru lege honek xede du nekazaritza azpiegituretako ekintzak eta beharrezkoak diren laguntza eta babeserako administrazio neurriak arautzea, Nafarroako nekazaritza ustiategiei azpiegitura egokiak eskaintzeko, produkzio eta ingurumeneko ikuspuntutik, horrela, lehiakortasuna areagotu eta nekazaritza arloko industrian haien sarrera bultzatzeko.

2. artikulua. Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzak.

1. Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzak gauzatuko dira lurzoru urbanizaezinean, honako baliabide hauen bidez:

a) Lurzati berrantolamendua. Haren bidez eskualdearen oinarrizko birbanaketa eginen da, eta, kasua bada, bestelako ekintzak eginen dira haren ondorioz. Lurzati berrantolamendua prozedura arruntaren bidez, laburtuaren bidez edo foru lege honetan aurreikusitako prozedura berezietakoren bat erabiliz egiten ahalko da.

b) Ureztalur bihurtzea, ura behar bezala kontrolatzeko, nekazaritzako produkzioan alderdi garrantzitsua baita. Aldaketa hori egiteko beharrezkoak diren obrak lurzati berrantolamendukoekin koordinatuko dira.

c) Egun dauden ureztalurrak modernizatzea, uraren erabilera zentzuzkoa egin ahal izateko, ureztatzeko teknika berriak erabiliz. Aipatu obrak lurzati berrantolamendukoekin koordinaturik eginen dira.

2. Lurzati berrantolamendua, ondorio hauetarako, azpiegituren arloko ekintzen oinarrizko osagaia da. Hura garatzen duen prozedura koordinatu beharko da, juridikoki eta denborari doakionez, ingurumenaren gaineko tramitazioarekin, bai eta bide eta saneamendu sareak aldatu, modernizatu eta eraikitzeko obrekin ere.

Haren xede nagusia izanen da ustiategiak eta, kasua bada, ureztatze unitateak sortzea; betiere, ingurumen, agronomia, ekonomia eta gizartearen ikuspegitik bideragarriak badira.

3. artikulua. Administrazio neurri lagungarriak. Foru lege honen 2. artikuluko nekazaritza azpiegituren arloko ekintzak garatzen dituzten baliabideak sendotzearren, administrazio neurri hauek ezarri dira:

a) Ustiategi bideragarriak eratzea, foru lege honetan definitutako "oinarrizko ustiatze azalerak" sustatuz.

b) Lurren Funtsa sortzea.

c) Nekazaritza sozietateak sortzea, ureztalurrak eraldatu edo modernizatuko diren eskualdeetan, interesatuek nagusiki elkarlanean ustiatzeko aurkeztutako lurrak abiapuntutzat harturik.

d) Eskubideak labore batzuetatik beste batzuetara aldatzeko bermeak eta laguntzak.

4. artikulua. Administrazioaren babes-neurriak.

Administrazioaren babes-neurri hauek ezarriko dira, inbertsio publikoak ongi eginen direla bermatzeko:

a) Gutxieneko laborantza unitateen gaineko araubidea sortzea; oinarrizko ustiatze azaleren arabera finkatuko da haien tamaina.

b) Eraldaketaren ondoriozko ureztalurrak berriak erregulatzeko araubide juridikoa sortzea. Horren bidez bermatu beharko da inbertsio publikoek eragindako plusbalia ez dela partikularren mesederako izanen ureztaketa abian jarri eta hamabost urte iragan arte.

c) Ureztatze unitateak sustatzeko araubidea sortzea, finkak elkartzearen bidez, lurzatietako instalazioen diseinu zentzuzko, eta ekonomikoki eta agronomikoki zuzena bideratzeko.

d) Lurzatietan instalatu eta ureztalur berriak paratzeko laguntzak mugatzeko araubidea sortzea. Horren bidez, bermatu beharko da inbertsio publikoen onuradunek eraldatu beharreko azalerek ez dituztela foru lege honetan ezarritako mugak gaindituko. Sobrante den lur azalera desjabetzen ahalko da eta Lurren Funtsera gehitu.

I. TITULUA

Nekazaritza azpiegituretan jarduteko prozedura

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Kontzeptua.

Foru lege honen ondorioetarako, nekazaritza azpiegituren arloko ekintzatzat joko da foru lege honen 2. artikuluan zerrendatutako baliabideen aplikazioa; horrek, esparru geografiko jakin batean, bide emanen baitu, gizarte, ekonomia eta ingurumenaren aldetik, bideragarritasuneko helburuak lortzeko.

6. artikulua. Hasiera ematea. 1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren foru agindu bat beharko da nekazaritza azpiegituretako ekintzak hasteko. Foru agindu horretan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko baita, adieraziko da eskualde horretan egin gogo den oinarrizko proiektuaren idazketa baimendu dela. Era berean, horrek ekarriko du interesatuek beren esku dituzten edo lurzatien egoera juridikoa eta lurren sailkapena zehazteko behar diren datuak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari igorri beharra.

2. Foru agindua administrazioaren ekimenez edo onuradun izan daitezkeenek egindako eskaera arrazoituaren ondorioz emanen da.

Administrazioaren ekimenez hasten ahalko da interes orokor edo presakoa bada, eta, bereziki, foru lege honen 13. artikuluko 3. idatz-zatiko 2gn. azpi-idatz-zatian aipatutako inguruabarretakoren bat edo gehiago gertatzen bada.

Eskaera arrazoitua eginez gero, erregelamenduaren arabera finkatutako arauei jarraikiz egin beharko da. Hori ebazteko, kontuan hartuko da, besteak beste, eskualde horretako nekazaritza ustiategien garrantzia. Eskaera aurkezten denetik sei hilabete pasatzen badira haren gaineko ebazpen espresurik jakinarazi gabe, eskaera ezetsitzat hartzen ahalko da.

3. Nekazaritza azpiegituren arloko ekintza hasteko foru agindua argitaratutakoan, landaketa berriak egin, labore iraunkorrak jarri, eraikin berriak egin edo bestelako ekintzetarako, beharrezkoa izanen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimen espresua, baldin eta ezarri nahi diren azpiegituretan eragina izan badezakete. Baimenik gabe egindako landaketak, obrak edo hobekuntzak ez dira kontuan hartuko lurzatien balorazioa edo sailkapena egitean. Halaber, behar den espedientea tramitatu ondoren, arau-hauslea zehatuko da, eta ekintza horiek geldiarazteko aurreneurriak hartu ahalko dira.

4. Nekazaritza azpiegituren arloko ekintza hasteko foru agindua argitaratzen denetik aitzina, jabeek eta nekazariek lurzatiak zaindu beharko dituzte, Nafarroako nekazaritza jardunbide onaren arabera. Horretaz gain, ezin izanen dute obrak hondatu, zuhaitzak eta zuhaixkak moztu, bota edo erre, ez eta landaketak edo labore iraunkorrak errotik atera edo kendu, lurra elkortu, edo lurzatien balioa murrizten ahal duen ekintzarik egin ere. Edozein gorabehera berezi dela medio beharrezkoa bada aurreko lerrokadako ekintzaren bat egitea, interesatuak, aldez aurretik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimena eskuratu beharko du.

5. Artikulu honetako 3 eta 4 zenbakietan eskatutako baimenerako ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean jakinarazi beharko da. Epe horretan jakinarazpena jasotzen ez bada, interesatuak ezetsitzat jotzen ahalko du eskaera, administrazioaren isiltasunagatik.

6. Foru lege honen 18. artikuluan definitutako batzorde aholku- emailea eratuko da nekazaritza azpiegituretako ekintzak hasteko foru agindua argitaratu ondoren. Izan ere, une horretan, hasten ahalko dira lurrak sailkatzeko lan teknikoak eta lurzatien egoera juridikoa zehaztekoak, hots, lurraren berrantolamendurako prozesuan bete beharrekoak. Horrela, oinarrizko proiektua prestatzen ahalko da informazio agronomiko eta sozial egokiaren laguntzaz, 25. artikuluan oinarriei dagokienez agindutako prozeduren arabera geroago zuzenketak egitea ezertan galarazi gabe.

7. artikulua. Oinarrizko proiektua. 1. Oinarrizko proiektuak zehaztuko ditu nekazaritza azpiegituren arloan egin beharreko ekintzak. Foru lege honen 9. artikuluan adierazitakoari jarraikiz eginen da proiektu hori, ekintza horien gaineko aginduzko azterketak posible egiteko; azterketa tekniko, juridiko, sozioekonomiko eta ingurumenari buruzkoak, alegia.

2. Ez da inola ere oinarrizko proiektuen xedea izanen nekazaritza azpiegituren kontserbatze hutsa, mantenimendua edo lehengoratze partziala.

3. Oinarrizko proiektuan sartzen ahalko dira obra jakin batzuk, bai hidraulikoak bai bestelakoak ere, zuzeneko ekintza eremukoak ez izan arren, ezinbestekoak badira nekazaritza azpiegituren garapen egokirako.

II. KAPITULUA

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa

8. artikulua. Ingurumenari dagozkion alderdiak nekazaritza azpiegituren arloko ekintzetan sartzea.

Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzetarako, lurren azalera edozein dela ere, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin beharko da, ingurumenaren gaineko eragina arautzen duen legediaren arabera, eta betiere, ekintza baimenduko duen foru dekretua onetsi aurretik, foru lege honen xedapen gehigarri bakarrean aipatutakoa galarazi gabe.

9. artikulua. Ingurumenari dagozkion alderdiak sartzeko agiriak.

1. Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako proiektua osatzen duen agiri teknikoa da oinarrizko proiektua, Europako Batasuneko araudiak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruz xedatutakoa betetzeko.

Oinarrizko proiektuak bilduko ditu Ingurumenaren gaineko Eraginaren ebaluaziorako zehazten ahal diren eta erabilgarri eta nahikoak diren alderdi adierazgarrienak, honako hauei dagokienez: eraikuntza, instalazio eta aurreikusitako obren lanak, inguruaren edo paisajearen gaineko esku- hartzeak, eta, halakorik badago, lurzoruaren baliabideak ustiatzeko esku-hartzeak.

Oinarrizko proiektuaren eskala eta zehaztasun mailak halakoa beharko du izan, non gauzatzen diren eraikuntza proiektu zehatzek ingurumenaren gaineko eraginari buruzko beste ebaluaziorik behar izanen ez baitute, nekazaritza azpiegituretako ekintza ingurumen aldetik bideragarri deklaratu ondotik.

2. Eraikuntza proiektua agiri tekniko bat da, eta egin beharreko obra unitateak adierazten ditu, kontratazio prozedurari eskatzen ahal zaion zehaztasun-mailaz, oinarrizko proiektua abiapuntutzat harturik. Era berean, betearazteko modua adierazten du, bai eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren deklarazioko zehaztapenak ere.

10. artikulua. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura oinarrizko proiektua bidaltzean hasiko da. Proiektu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak igorriko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, eta han ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa emanen da.

11. artikulua. Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioaren ondoko ekintzak.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hartutako konponbidearen araberako ekintzak eginen ditu eraikuntza proiektuari jarraikiz, foru lege honen 9.2 artikuluan ezarri moduan.

2. Ureztalurrak eraldatu eta modernizatzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ekintza horien onuradun diren ureztatzaile elkarteak sartuko ditu nekazaritzarako ur baliabideak behar bezala ustiatzeko Departamentuak egin beharreko ekintzetan, bai zuzenean, bai kapital publikoz hornituriko Riegos de Navarra, S.A. enpresaren bidez.

III. KAPITULUA

Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzen Foru Dekretua

12. artikulua. Ekintzaren onespena Nafarroako Gobernuaren aldetik.

1. Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzaren bat onetsi behar izanez gero, Nafarroako Gobernuak egin beharko du, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik. Foru dekretu baten bidez onetsiko da, eta dekretu hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Hori onesteko, edo kasua bada, ezesteko, kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: ekintzaren legezkotasuna, egokitasuna eta bideragarritasun teknikoa, alderdi sozioekonomikoak eta ingurumenari dagozkionak.

13. artikulua. Gutxieneko edukia.

Nekazaritza azpiegituretako ekintzak onesteko foru dekretuak, gutxienez, oinarrizko osagai hauek izanen ditu:

1. Egin beharreko ekintzaren azalpen orokorra. Bertan, aipatuko dira ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa eta oinarrizko proiektuak hartuko duen eremu geografikoa.

2. Kasuko eskualdeko nekazaritza azpiegituren arloko ekintzaren onura publiko eta presako exekuzioaren deklarazioa. Horrek helburu izanen du ondasun eta eskubideen desjabetzapena, aldi baterako edo behin betiko okupazioa, eta bidezko diren aldi baterako edo behin betiko zortasunen sorrera.

3. Lurraren berrantolamendurako erabili beharreko prozedura finkatzea, foru lege honek ezarritako hauetatik:

1go.) Arrunta.

2gn.) Laburtua.

Prozedura laburtua aukeratzeko, foru dekretuan bertan eman beharko zaio lehentasuna lurzati berrantolamenduari. Horretarako, kasu hauetakoren batek gertatu beharko du: a) Lurzatien berrantolamendua eta ureztaketa abiatzea edo ureztalurren modernizazioa arin egin behar direnean, horiek urez hornitzen dituen obra hidraulikoa bukatzearekin batera produzitzen hasteko.

b) Lurzatiak barreiatuak egotearen edo eskualde horretan azpiegiturarik ez egotearen ondoriozko gizarte eta ekonomia arrazoi larriek nekazaritza jardueraren geroa baldintzatzen badute.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean sarturiko ureztaketa ekintza eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legean eta hura garatzen duten xedapenetan aurreikusitako ekintzak eta obrak, onura publikoko eta interes orokorreko deklaratuak, egin behar direnean.

d) Nekazaritza azpiegituretako ekintza eremu horretan, lurzatien berrantolamenduko aurreko prozesuen ondorioz, bide eta saneamendu azpiegitura egokiak badaude; horrek bidea emanen baitu beste ekintza batzuk egiteko, orain artekoak aprobetxatuz, dauden moduan edo aldaketa txikien bidez.

e) Hiru jabek edo gehiagok aho batez erabakitzen badute mugakide diren edo elkarren hurbil dauden finketarako lurzatien berrantolamendua egitea, betiere, finka horiek zatitu edo barreiatzeko arriskuak ukitzen baditu, eta hori konpontzen ahal bada haien azaleraren trukaketaren bidez. Dena den, inola ere ez da izanen trukaketa hutsa, obrarik gabea.

3gn.) Berezia: gozamen eskubide edo herrilur eta horiei parekaturiko lurretako lurzatien berrantolamendua egin gogo denean.

4. Ekintzaren lur esparrua mugatzea:

a) Berrantolamenduko lurren perimetroa behin-behinekoz zehaztea. Muga hori aldatzen ahalko da, zabalpen edo murrizketen arabera, alboetako finkak sartzen direlako edo beste batzuk baztertu.

b) Kasua bada, ureztaketako eremuaren behin-behineko mugapena, eraldatzen ahal diren lurren ezaugarri edafologiko eta topografikoetan eta erabil daitezkeen ur baliabideetan oinarriturik.

5. Oinarrizko ustiatze azalerak, bai lehorrekoak bai ureztatzekoak, zehaztea, gehien eta gutxieneko mugak adieraziz, behar izanez gero, eta eskualdeko produkzio joerak kontuan harturik. Halaber, lehorreko lurrak ureztalur, eta alderantziz, bihurtzeko faktorea finkatzea. Horretaz gain, gutxieneko laborantza unitateen balioak ere ezarriko dira, lehorrerako zein ureztalurretarako, kasua bada. Ureztalurreko oinarrizko ustiatze azaleraren gutxieneko mugak izen hau hartuko du: oinarrizko ureztatze azalera.

14. artikulua. Foru Dekretuaren eraginak.

1. Foru dekretu bat argitaratuko da nekazaritza azpiegituren arloko ekintzaren onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzeko, eta, horrenbestez, ekintza ezinbestekoa izanen da honako hauendako: ukitutako finken jabe guztiendako eta haien gaineko eskubide errealen eta egoera juridikoen titularrendako. Era berean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari esleituko zaio mugarriak edo seinaleak jartzeko ahalmena.

2. Foru dekretuak ahalmena emanen du eraikuntza proiektuak egiteko, zeinak prozeduraren une egokian prestatu beharko baitira. 3. Lurzati bat berrantolamenduan sartzeak eraginen du, prozedurak iraun bitartean, muganteen atzera-eskuratzearen, nahitaezko truke eskubidearen eta legeek lurzatien gelditasun edo barreiatzea saihesteko ematen dituzten gainerako eroste eskubideen iraungitzea.

4. Lurzatien berrantolamenduko espedientean emandako ebazpenak ez dira etenik geratuko berrantolamenduak ukitzen dituen eskubideen gainean partikularren artean sor daitezkeen aferengatik.

IV. KAPITULUA

Prozedura arrunta

LEHEN ATALA

Xedapen komunak

15. artikulua. Printzipioak.

Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzak gauzatzeko prozedura arruntak, azkartasun irizpideari jarraikiz, lurzatien berrantolamendurako prozedura izanen du abiapuntu, eta administrazioaren ekimenez gauzatuko da. Prozedura hori zehaztuko da dagokion foru dekretuan. Bide eta saneamendu obrekin koordinatuko da, eta, beharrezkoa bada, ureztalurrak eraldatu edo modernizatzekoekin.

16. artikulua. Lurzatien berrantolamenduko aldiak.

Lurzatien berrantolamenduko prozesuan honako aldi hauek bereizten dira:

a) Berrantolamendurako oinarriak.

b) Berrantolamendurako erabakia.

c) Jabetza Birbanatzeko Akta

BIGARREN ATALA

Lurzatien berrantolamendurako oinarriak

17. artikulua. Oinarrien edukia.

Lurzatien berrantolamendua hastea erabaki ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, hurrengo artikuluan azalduko den batzorde aholku-emailearen laguntzaz, oinarriak prestatuko ditu. Hona hemen haien edukia:

a) Berrantolatzeko eremuaren perimetroa mugatzea, baztertu nahi diren lurzatien zerrenda, sar daitezkeen lurzati periferikoak, eta, kasua bada, perimetroa aldatzeko proposamena, erregelamenduaren arabera egina. Ondorio horietarako, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak txostena eman ondoren, perimetroaren behin betiko mugapenak ekintza hasteko Foru Dekretukoa aldatzen ahalko du. b) Lurraldeko natur balioen zerrenda; grafikoen bidez zehazturik, azpiegituretan egin beharreko ekintzen esparruan nahitaez kontserbatu eta babestu beharrekoak adieraziko dira, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioko zehaztapenei jarraikiz.

c) Lurren sailkapena, euren ekoizpenaren araberakoa, eta beharrezko suertatzen diren konpentsazioak egiteko oinarritzat hartuko diren koefizienteak finkatzea, oro har.

d) Lurzatien jabeen zerrenda, aurkeztutako agirien araberakoa. Agiririk ez badago, jabe edo edukitzailetzat agertzen dena sartuko da zerrendan. Berrantolamendurako baliagarriak diren datuak baino ez dira bilduko zerrendan.

Jabekidetasunak direnean, oinarrietan jasotzen ahalko da jabekide bakoitzak ordaindu beharreko kuota.

e) Jabe bakoitzak aurkeztutako lur azaleren zerrenda eta haien sailkapena.

f) Kargen, mahastiak eta beste labore enbordunak landatzeko eskubideen eta bestelako egoera juridikoen zerrenda. Horretarako ezarritako erregistro ofizialetan adierazi ez diren errentamenduak ez dira oinarrietan sartuko.

g) Kasua bada, korralizen gaineko eskubideen balioa, berrerosi ahal izateko, bai lur trukaketa bidez bai diru bidez, edo nahitaez desjabetzeko.

h) Kasua bada, egun dauden ur emakiden zerrenda, lurzatia eta jabe onuraduna adieraziz. Zerrenda hori ez da beharrezkoa izanen lurzatiak Ureztatzaile Elkarte batekoak badira, baldin eta elkarte hori dagokion Ur Konfederazioaren erregistro ofizialean sarturik badago edo hori tramitatzen ari bada.

i) Kasua bada, ureztalurretako ekintza eremua finkatzea, foru lege honen 69. artikuluan aipatutako aldaketa, ureztaketa abiatzeko deklarazioari buruzkoa, deusetan galarazi gabe.

j) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen guztiak.

18. artikulua. Batzorde aholku-emailea.

Lurzatien berrantolamendurako batzorde aholku-emailea organo kolegiatua da, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak izendatutako teknikariek, toki entitateen eta ureztatzaile elkarteen ordezkariek eta lurzatien berrantolamenduan parte hartuko dutenek osatuko dute. Departamentu horrekin lankidetzan aritzen da oinarrizko proiektua eta lurzatien berrantolamendurako oinarriak prestatzen, eta haiek onetsitakoan desegiten da. Haren eraketa eta funtzionamendua erregelamenduaren araberakoak izanen dira.

19. artikulua. Korralizak.

1. Lurzatien berrantolamenduko prozesuetako lurretan ezarritako belar eskubide eta antzekoekin, inguruabar partikularrak aztertu ondoren eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren iritziz, honela jokatu ahalko da: a) Ordezpen loteen barruan gordetzen ahalko dira, lurraren jabe berriari kargak ezarriz eta, aurretik halako kargarik ez zutenen kasuan, lur azalera handiago baten bidez berdinduz, foru lege honen 17.g) artikuluan ezarritako balioei jarraikiz.

b) Beste lur batzuekin trukatzea, foru lege honen 17.g) artikuluan finkatutako irizpideei jarraikiz.

c) Ureztalurretako ekintzen kasuan, Lurren Funtsean sartzeko desjabetzea, betiere belar eskubideak mantentzeak galarazten badu lurzatien berrantolamendua behar bezala egitea, edo ureztalur bihurtzea edo dagoena modernizatzea.

2. Berrerosi edo desjabetzeko, korralizak jabeari ematen dizkion etekinak izanen dira soilik, nekazaritza azpiegituretako ekintzak egin aurretik, finkek zuten izaera edo xedearen gainekoak, foru lege honetan aipatzen baitira. Ondorioz, ezin izanen dira sartu ekintza hori dela-eta sortuko diren etekinak edo espektatibak.

3. Lurzatien berrantolamenduko prozesuaren ondorioz, belar zortasunetik aske gelditzen diren lurjabeek bere ekarpena jasoko dute foru lege honen 22.3 artikuluan ezarritakoa aplikatutakoan gertatutako murriztapenekin.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bultzatuko du, aholkularitza tekniko eta juridikoaren bidez, ukitutakoen belarren gaineko eskubide diferenteak biltzen dituzten entitateen borondatezko elkarketa, aprobetxamendu komunerako, bakarra izanen baita ukitutako guztiendako. Era berean, pertsona horiek partaidetza izanen dute aipatu entitatean.

5. Dena den, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak korralizen perimetroak aldatzen ahalko ditu, azpiegituren diseinu egokia bermatzearren, eta antzeko kargak dituzten korralizen kasuan, jabeen aldaketak baimenduko ditu.

20. artikulua. Lurzatien egoera juridikoa zehaztea.

1. Berrantolamenduaren xede den eremuaren perimetroaren barneko lurzatien egoera juridikoa zehazteko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egin behar dituen lanak eta ikerkuntzak aurrera atera ahal izateko, lurzatien berrantolamenduan parte hartuko dutenek aurkeztu beharko dituzte beren eskubidea jasotzen duten titulu idatziak, baldin badaude, eta edozein kasutan ere, beren finkak edo eskubideak ukitzen dituzten kargak edo jabari egoerak aitortu, horien berri baldin badute.

2. Aurreko lerrokadan aipatutako lanen garapena dela-eta, parte-hartzaileei eskatuko zaie behar diren agiriak aurkezteko eta bidezko deklarazioak egiteko.

3. Foru lege honetan aurreikusitako lurzatien berrantolamendua egiteko ez da inolako oztopoa izanen berrantolamenduak ukitzen dituen lurzatien edukitzaileek behar den jabetza titulua ez izatea.

4. Ikertzealdian interesatuak bat ez badatoz, desadostasun hori oinarrietan jasoko da, nahiz eta lehentasuna emanen zaion titulu edo eskubide gehiago agertzen dituenari.

HIRUGARREN ATALA

Lurzatien berrantolamendurako erabakia 21. artikulua. Erabakiaren edukia.

Foru lege honen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, oinarriak administrazio bidean irmo bilakatutakoan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak lurzatien berrantolamendurako erabakia prestatuko du.

Erabaki horrek honakook islatzeko dokumentazio grafikoa izanen du: jabetzen banaketa berria; jabeen zerrenda, hasiera batean esleitu zaizkien finkekin batera; eta jabetzen birbanaketaren arabera, behar izanez gero, ezarri beharko diren lursailen zortasunen zerrenda. Halaber, kasua bada, ekintzak izanen diren ureztalurren eremua mugatuko da, foru lege honen 69. artikuluak ureztaketa abiatzeko deklarazioaren gainean ezarritakoa deusetan galarazi gabe, orduan finkatuko baita, behin betiko, eraldatutako finken zerrenda.

22. artikulua. Ekarpenen kenkariak.

1. Esleipenak doitzeko egiten diren parte-hartzaileen ekarpenen kenkariak ez dira inola ere izanen ekarritako balioaren % 4 baino gehiagokoak.

2. Ekarpenetatik kentzen ahalko da lurzatien berrantolamenduko eremuaren mesedetan egin beharreko obretarako behar diren lurren balioa, eta, kasua bada, ureztalurrak jarri edo daudenak modernizatzeko azpiegitura-obretarakoena. Kenkari horrek neurri berean eraginen dio parte-hartzaile guztiek berrantolaketan duten balioari, salbu eta kenkariak ingurumen balioaren edo balio estetiko edo funtzionalaren galera berekin dakarrenean.

3. Kenkari horietatik portzentaje bat kentzen ahalko da, korraliza bakoitzaren araberakoa, berrerosketarako beharko diren lurren balio bera izanen duena.

4. Artikulu honetako 1 eta 2 zenbakietako kenkarien batura ezin izanen da aurkeztutako lurzatien balioaren seirena baino gehiagokoa izan.

23. artikulua. Egoera juridikoak.

1. Herri ondasunak ez dira lurzatien berrantolamendutik baztertuko. Gainera, berrantolamendua egin ondotik, ordezpen finken izaera jatorrizko lurzatiena bera izanen da.

2. Berrantolamenduko lurzatien gaineko jabari eta gainerako eskubide errealak zein egoera juridikoak berdin berdin mantenduko dira finka berrietan.

3. Partzuer eta errentariek, foru lege honen II. tituluko I. kapituluan ustiategi bideragarrien eraketari buruz xedatutakoari heldu diotenek izan ezik, eskubidea izanen dute euren kontratuak amaitzeko kalte-ordainik pagatu gabe, baldin eta esleitu zaien ordezpen finka komeni ez bazaie. Eskubide hori ordezpen finkaren jabetza hartu aurretik bakarrik erabili ahalko dute

LAUGARREN ATALA

Oinarrien eta erabakiaren prestaketa

24. artikulua. Alderdi orokorrak. Oinarrien eta erabakiaren prestaketa lan tekniko eta juridikoa denez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aztertu beharko du, eta, kasua bada, onetsi. Izan ere, Departamentu horrek bermatu behar du atzematen diren desadostasunei edo kontraesanei eman beharreko tratamendua, bai eta interesatuen aukera jatorrizko lurzatien eskubide eta egoera juridikoak ordezpen finketara haien interesendako modurik egokienean igarotzeko eskatu ahal dezaten.

25. artikulua. Oinarrien onespena.

1. Oinarriak egin ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsiko ditu, emanen duen administrazio ebazpenaren bidez.

2. Oinarrien onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta iragarkia Nafarroako Foru Komunitatean argitaratutako bi egunkaritan jarriko da. Horretaz gain, oinarrien gaineko dokumentazioaren kopia bidaliko da dagokien toki entitateen egoitzetara, interesatuek errezago azter dezaten.

3. Lurzatien berrantolamenduan parte hartuko dutenei ekarpenen orria bidaliko zaie, informazioa emateko. Bertan, azalduko dira aurkeztutako lurzatiak, haien balioa, izan ditzaketen kargak eta berrantolamenduko espedienterako beharrezkoak izan daitezkeen bestelako inguruabarrak.

4. Oinarriak onesteko administrazio ebazpenaren kontra administrazioarekiko helegitea jartzen ahalko da, indarra duen legediari jarraikiz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

26. artikulua. Erabakiaren onespena.

1. Lurzatien berrantolamendurako erabakia osatzen duen dokumentazioa eta, bereziki, foru lege honen 21. artikuluan eskatzen dena aztertutakoan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsiko du administrazio ebazpen baten bidez.

2. Erabakiaren onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta Nafarroako Foru Komunitatean argitaratutako bi egunkaritan iragarriko da. Horretaz gain, erabakiaren gaineko dokumentazioaren kopia bidaliko da dagokien toki entitateen egoitzetara, interesatuek errezago azter dezaten.

3. Lurzatien berrantolamenduan parte hartuko dutenei ordezpen finken atribuzioen orria bidaliko zaie, informazioa emateko. Bertan, oinarrietan aitortu eta aurkeztutako lurzatien balio orokorra, eta, kontzeptu diferenteak direla-eta, aplikatu zaizkien kenkariak agertuko dira.

4. Erabakia onesteko administrazio ebazpenaren kontra administrazioarekiko helegitea jartzen ahalko da, indarra duen legediari jarraikiz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

27. artikulua. Administrazio bidean irmo bilakatzea.

Administrazioarekiko helegiterik jartzen ez bada, edo halakoak ebatzi badira, oinarriak eta erabakia irmo bilakatuko dira administrazio bidean.

BOSGARREN ATALA Erabakiaren ondorioak

28. artikulua. Edukitza hartzea.

1. Aurreko artikuluan ezarri bezala erabakia irmo bilakatutakoan, berrantolamenduan parte hartu dutenei ordezpen finken edukitza esleituko zaie, haien koordenatuen definizioaren bitartez. Finkak identifikatu eta lurrean jarritako mugarrien bidez mugatuko dira, salbu eta jadanik bide, saneamendu edo ur azpiegiturek, interes orokorrekoek nola nekazaritza interes pribatukoek, mugatzen badituzte, kasu horretan erabat beharrezkoak direnak baino ez baitira jarriko.

2. Dena den, erabakia irmoa izan baino lehen, ordezpen finken edukitza behin-behinekoz ematen ahalko da, betiere helegitegileen kopurua eskualdeko jabe guztien ehuneko bosta baino gehiagokoa ez bada, eta, gutxienez ere, berrantolamenduko azaleraren gaineko portzentaje bera osatzen badute. Gainera, horrek ez du galaraziko aurrera egiten duten helegiteen ondoriozko aldaketak egitea.

3. Interesatuek proposatzen ahalko dute, edukitza hartu eta hurrengo hiru hilabeteetan, ordezpen finken trukaketa. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsiko ditu, trukaketa horiek berrantolamenduari kalterik sorrarazten ez dioten bitartean.

29. artikulua. Erabakiaren betearazpena eta zehapen araubidea.

Lurzatien berrantolamendurako erabakia betearazten ahalko da, banakako ohartarazpen idatzia bidali ondotik, ordezpen finken edukitza hartzeari kontra egiten diotenak zuzenean behartuz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aldez aurretik iragarritako baldintzetan, guztiendako administrazio prozedurari buruzko legeek horren gainean ezartzen dituzten xedapenei jarraikiz, eta interesatuari foru lege honen V. tituluan aurreikusitako zehapen araubidea aplikatzea deusetan galarazi gabe.

30. artikulua. Helegiteak, azaleraren gaineko desadostasunengatik.

Ordezpen finkak parte-hartzaileen eskura jarri, haien edukitza hartzeko, eta ondoko hilabetean, interesatuek administrazioarekiko helegitea jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua. Helegiteari perituaren irizpena erantsiko zaio kasu guztietan. Agiri horretan ordezpen finken azaleraren eta berrantolamenduko espedientean agertzen denaren arteko diferentziak jasoko dira. Helegitea aintzat hartzen bada, zilegi izanen da, inguruabarren arabera, erabakia aldatzea, erreklamazio egilea sobran gelditzen diren lurren kargura konpentsatzea, edo, azken hori egiterik ez badago, kalte-ordaina eskudirutan ematea.

V. KAPITULUA

Prozedura laburtua

31. artikulua. Prozedura laburtuaren hautapena.

Nafarroako Gobernuak, foru lege honen 13. artikuluko 3. idatz-zatiko 2gn. azpi-idatz-zatian aurreikusitako inguruabar bereziak gertatzen direla uste duen kasuetan, zilegi izanen du lurzati berrantolamendu bat lehentasunezko deklaratzea, nekazaritza azpiegituren arloko ekintza onesteko Foru Dekretuan. 32. artikulua. Prozedura laburtuaren faseak.

1. Lurzati berrantolamendu bat lehentasunezko deklaratzeak ekarriko du berekin kapitulu honetan aurreikusitako prozedura laburtuaren aplikazioa. Hona hemen prozedura horren faseak:

a) Lurzati berrantolamenduko oinarriak eta erabakia administrazioaren ekimenez prestatu eta batera tramitatzea, dokumentu bakar batean.

b) Behin betikoz onestea dokumentu bakarra.

c) Ordezpen finken edukitza hartzea.

d) Jabetzak birbanatzeko akta.

2. Kapitulu honek aurreikusten ez dituen kasuetan, aurreko kapituluan prozedura arruntaren gainean xedatutakoari jarraituko zaio, ordezko gisa

33. artikulua. Administrazioaren egintzen eraginkortasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erabakiak eta egintzak, prozedura laburtuaren bidezkoak badira, berehala betearaztekoak izanen dira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik aitzina. Beraz, eraginkorrak izateko ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik administrazio bidean irmo bilakatzea, eta Nafarroako Gobernuari zuzendutako administrazio helegiteak jartzea ere ez da oztopo izanen haiek berehala betearaztekoak izateko.

34. artikulua. Aukerako egintzak.

Lurzatien berrantolamenduko prozedura laburtuan, nahi izanez gero, ondoko egintzak betearaziko dira:

a) Lurzatien berrantolamendurako batzorde aholku-emailearen eraketa, foru lege honen 18. artikuluan aurreikusi bezala.

b) Notarioak protokolizatu beharrean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko funtzionario baimendu batek horretarako luzatutako agiri publiko baten bidez egiten ahalko da. Dena den, Departamentuak, Jabetza Erregistroan idaztoharra edo inskripzioa egin ondoren, eskritura publikoan jarriko du Jabetzak birbanatzeko akta.

35. artikulua. Oinarrien eta erabakiaren onespena.

Lurzatien berrantolamenduko oinarrien eta erabakiaren dokumentu bakarra egindakoan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak administrazio ebazpen baten bidez onetsiko du, foru lege honen 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

36. artikulua. Ordezpen finken edukitza hartzea.

Lurzatien berrantolamenduko oinarrien eta erabakiaren dokumentu bakarra onetsitakoan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak parte-hartzaileei eman ahalko die ordezpen finken edukitza. 37. artikulua. Helegiteak.

Prozedura laburtuari jarraikiz jadanik egindako lurzatien berrantolamenduaren kontra bide egiten duten helegiteak, baldin eta berrantolamendua oso aurreraturik edo bukaturik egoteagatik ezin bada zuzendu, sobrante gelditutako lurren kargura sarituko dira, eta hori egiterik ez badago, eskudirutan pagatuko da kalte-ordaina.

VI. KAPITULUA

Prozedura bereziak

LEHEN ATALA

Lurzatien gaineko gozamen eskubideen berrantolamendua

38. artikulua. Kontzeptua.

1. Landalurren kasuan, erabiltzaileak edo onuradunak lurraren jabeak ez badira, eta lur hori komunitate, toki entitate edo jabe partikular batena bada, baina egiaztatzen badute lurzatien aprobetxamendurako eskubideak dituztela, partzialak edo produktu batzuen gainekoak badira ere, eta lurzati horietan eskubide horiek modu larri-larrian sakabanaturik badaude, zilegi izanen da eskubide horiek birbanatzea lurzati berrantolamenduko irizpideetan oin harturik.

2. Salbuespen gisa, zilegi izanen da lurzatiak erabiltzeko eskubideak birbanatzeko prozedura hori erabiltzea baldin direlako landa eremuen erabiltzaileak edo onuradunak jabe titularrak izan ez eta jabetza partikular batena bada, betiere Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak juzgatzen badu arrazoi sozial eta agronomikoengatik hala komeni dela.

3. Aurreko kasuetan, lurzatien gozamenerako eskubideak kapitulu honetan ezarritako prozeduraren bidez berrantolatzeak ez du inola ere ekarriko sortzen diren finken gaineko eskubide berriak eskuratzea erabiltzaile edo onuradunaren aldetik.

39. artikulua. Prozedura.

Lurzatien gozamena berrantolatuko da lurzatien berrantolamenduko prozedura arruntaren bidez, salbu eta Jabetzak birbanatzeko aktarako xedatutakoari dagokionez, eta honako berezitasun hauek izanen ditu:

a) Lurzatien jabearen baimena edo, kasua bada, titularrarena sartu behar da.

b) Batzorde aholku-emailean jabeen edo titularren komunitateko ordezkari batek hartuko du parte.

c) Berrantolamenduko erabakia irmo bilakatu ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egungo eskubideen berrantolamendurako akta luzatu eta baimenduko du. Akta horretan, sortuko diren finken gaineko eskubideak zerrendatu eta zehaztuko dira

BIGARREN ATALA

Herri alorren berrantolamendua 40. artikulua. Prozedura.

1. Toki entitate baten herri alorren berrantolamendua egiten ahalko da, herri ondareen hobekuntzaren barnean, ureztalur bilakatu edo dagoena modernizatzearren, baldin eta eskualde jakin bateko nekazaritza azpiegituretako geroko ekintzak oztopatzen ez badira edo egindakoak kaltetzen ez badira.

2. Horretarako, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak oinarrizko proiektua prestatuko du, non kasuan kasuko herrilurreko ureztalurrak eraldatu edo modernizatzeko egin beharreko obrak sartuko baitira.

3. Oinarrizko proiektuari buruz ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa eginen da, foru lege honen I. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraikiz. Ebaluazioa egindakoan, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa positiboa izanez gero, eraikuntza proiektua prestatuko da.

4. Berrantolamendua onesteko Foru Dekretua argitaratzean eraginik gabe geldituko dira ukitutako herrilurretako adjudikazioak. Hala ere, prekarioan landatzen ahalko dira, ureztalurrak eraldatu edo modernizatzeko obrak adjudikatu arte.

5. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berrantolamenduko eraikuntza proiektua onets dezan, toki entitateak honako baldintza hauek betetzeko konpromisoa hartu beharko du ezinbestez:

a) Gutxienez hamabost urtetan, ureztaketa abiatzeko deklaraziotik aitzina, loteek oinarrizko ureztatze azaleraren tamaina bera edo handiagoa izatea. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da.

b) Eraldaketa edo modernizazioaren ondoriozko loteen adjudikazioetarako hurrenkera bat finkatzea, ordenantza berrietan, lehentasun hauen arabera: lehenik eta behin, lehentasunezko nekazaritza ustiategiak, familia batenak eta nekazari gazte bat zuzendari edo gutxienez partaide dutenak; bigarrenik, lehentasunezko nekazaritza ustiategiak, jarduera nagusiko nekazariek osatuak; eta hirugarrenik, toki entitateek zuzenean ustiatuak. Azkenik, loteren bat sobrante geldituz gero, toki entitateak enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahalko du.

c) Ordenantza horiek onestea, foru lege honen VI. tituluaren arabera, obren finantzaketa dela-eta, toki entitateak pagatu behar duen partea eskatu aurretik.

II. TITULUA

Neurri osagarriak

I. KAPITULUA

Ustiategi bideragarrien eraketa

41. artikulua. Ezaugarriak.

Neurri osagarri honen helburua da nekazaritza ustiategiak eratzea, bai lehorrekoak bai ureztatzekoak, edo egitura mistokoak ere, bideragarritasuna ahalbidetzeko azalera nahikoa egonen dela bermatuz. Azalera hori osatzen ahalko dute jabetzako eta errentamenduko lurrek, edo partzuer- lurrek, landa errentamenduen gaineko legediari loturik. Honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

1. Ekintza eremu bakoitzean, proiektuaren xede diren ustiategien neurriak izanen dira foru lege honen 13. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutako gutxieneko eta gehieneko mugen artekoak.

2. Halaber, Nafarroako Gobernuak bultzatuko du nekazaritza ustiategiak bateratzea, eta kooperatibetan, eraldaketako nekazaritza sozietateetan edo bestelako taldeetan biltzea, lurrak modu bateratuan ustiatzearren. Horretarako, baldintza hauek bete behar dira:

a) Sozietatearen helburua nagusiki nekazaritzan aritzea izatea, nekazaritzako industriaren edo nekazaritzako energiaren inguruko jarduerekin osaturik, halakorik denean.

b) Azalera osoa hartuta, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako mugen barnean egonen den azalera osatzea.

c) Erabakitze organoetako ordezkarien gehiengoa jarduera nagusiz nekazari direnen esku egotea.

d) Ustiategiko bazkide batek edo gehiagok lan egitea zuzenean eta modu pertsonalean ustiategian.

e) Ustiategi-talde bateratuak, gutxienez eta ezinbestez, hamabost urte irautea.

f) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan izena ematea.

g) Sozietate helbidea Nafarroakoa izatea.

3. Ustiategi bideragarriak eratzeko dirulaguntzak emanen zaizkie euren finkak eskualdatzen dituzten jabeei eta eskuratzen dituzten onuradunei. Ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Ustiategia benetan sortzea, baldin eta foru dekretua eman ondoren eta lurzati berrantolamenduko oinarriak onetsi baino lehen egiten bada.

b) Konpromiso idatzia egotea, non adieraziko baita ustiategia modu horretan mantentzeko beharra, gutxienez ere, hamabost urtetan.

c) Ustiategi bideragarria eratzearen ondoriozko jabeen kopurua, lurzati berrantolamenduko zerrendetatik murriztuko dena.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, eskualdeko moduluen arabera, egiten duen balorazioa.

4. Erregelamendu bidez garatuko dira finkak eskualdatzen dituzten jabeendako eta hartzen dituzten onuradunendako laguntzak lortzeko baldintzak, eta, oro har, onuradunen betebeharrak.

II. KAPITULUA

Lurren Funtsa

42. artikulua. Eraketa eta ezaugarriak. 1. Lurren Funtsa eratu da. Funts horrek eragina izanen du Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean sarturiko ureztaketa ekintza eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legean eta hura garatzen duten xedapenetan finkatutako nekazaritza azpiegituretako ekintza eskualdeetan.

Lurren Funtsak, nahiz eta aurreko taldekoak ez izan, foru lege honen 12. artikuluan aurreikusitako foru dekretua duten beste eskualdeetan ere jardunen du, eta horietaz gain, ureztalur bihurtu edo dauden ureztalurrak modernizatzen diren eskualdeetan, aldaketa horiek partzialak direnean ere.

2. Finkek eta haiei atxikitako ondasunek osatuko dute Lurren Funtsa. Ondoko jatorria izanen dute:

a) Jabe publiko edo pribatuen borondatezko ekarpenak.

b) Ekintza-eskualdeetan eskuratutakoak.

c) Partikularrenak diren beste finka batzuekin trukatutakoak.

d) Egindako eskualdaketen gainean Nafarroako Gobernuak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko duen eskubidea gauzatzea, foru lege honetako III. tituluko II. kapituluari jarraikiz, eraldatu ondorengo finka ureztagarrien araubide juridikoa aplikatuz.

e) Lur sobranteak, foru lege honen 19. artikulua aplikatzearen ondorioz, korraliza bat edo gehiagoren jabeei egindako doiketengatik.

f) Ondasun eta eskubideen desjabetzapena, ureztalurretako ekintzetan, baldin eta horiek mantentzeak lurzati berrantolamendua behar bezala egitea eragozten badu, edo lurra ureztalur bihurtzea edo dagoena modernizatzea galarazten badu.

g) Ureztalur bihurtu ezin diren lurrak desjabetzea, foru lege honen III. tituluko IV. kapituluan ezarritakoaren babesean, kontzeptu horretarako finkatutako mugak gainditzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei.

h) Ureztalur bihurtu ez eta lehorreko laborantza gisa berrantolatzerik ez duten lurren jabeei lurra desjabetzea.

i) Jabe baten finkak desjabetzea, foru lege honen 43. artikuluko 2. idatz-zatiko c) letran ezarri bezala lehorreko lurrak ureztalur bihurtzeari ukorik egin ez dion arren, eskatzen zaionean ordaintzen ez badu.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kudeatuko du Lurren Funtsa, zuzenean edo Nafarroako Gobernuaren aginduz Riegos de Navarra, S. A. sozietate publikoa bitarteko.

4. Funtseko lurrak erabiliko dira ekintza eremuan oinarrizko ustiatze azalerak osatzeko, bai eta erakusgarri gisa, edo prestakuntzarako, ingurumenaren gaineko jardueretarako edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ustez eskualde horren garapenerako baliagarria izan daitekeen beste edozein helburutarako ere, erregelamenduak ezartzen dituen arauei jarraituz.

5. Publikotasun eta konkurrentzia irizpideak aplikatuko dira fun- tseko lurrak adjudikatzeko. Adjudikazio lehiaketetan lehentasuna izanen dute familiako nekazaritza ustiategi lehenetsiek, eta batez ere nekazari gazte bat zuzendari edo gutxienez partaide dutenek; eta elkarte eitekoek. Azken horien ezaugarriak foru lege honen 41, 44 eta 45. artikuluetan azaltzen dira. Dena den, edozein kasutan ere, parte hartu ahal izateko, interesatuek beren burua lotu beharko dute obretatik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ustez dagokien kostua pagatzera.

43. artikulua. Lurren Funtsaren aldeko desjabetzapenak.

1. Foru lege honen aurreko artikuluan aurreikusitako desjabetzapenak, Lurren Funtserako, presako prozeduraren bidez eginen dira. Horretarako, deklarazioa inplizituki ulertuko da eskualdeko nekazaritza azpiegituren arloko ekintzei buruzko foru dekretuan.

2. Foru lege honen 42. artikuluko 2. idatz-zatiko h) letran xedatutakoa betetzeko egin beharreko desjabetzapenetarako prozedura espezifikoari dagokionez, honako hau hartuko da kontuan:

a) Ureztalurrak jartzen diren lekuetan, lurzatien berrantolamenduko oinarriak onetsi ondoren, ukitutako jabeetakoren batek uko egiten badio foru lege honetan ezarritako konpromisoak onartzeari, eta, bereziki, oinarrizko proiektuak bildutako interes orokorreko obren kostuetatik pagatu behar duen zatiari, orduan, haren jabetzako lur horiek lehorrekoekin batera berrantolatuko dira, ureztalurretatik kanpo, edo, bestela, desjabetzen ahalko zaio lurrak aldaketa egin aurretik zuen balioaren arabera.

b) Oinarrizko proiektuak biltzen dituen interes orokorreko obren kostuetatik onuradunak pagatu behar duena, aurreko a) idatz-zatian aipatzen baita, aldentzen ahalko da aurrekontutik, gehienez ere, ehuneko hogeita hamabost. Aurrekontua iraganiko denboraren arabera gaurkotuko da, kontsumorako prezioen indizea kontuan harturik.

c) Haien finkak ureztalur bihurtzea nahi ez duten jabeak zehaztearren, ebazpen baten bidez, ureztalur bihurtzeak ukitutako titular bakoitzari hogeita hamar eguneko gehieneko epea emanen zaio, kontra dagoela adierazteko, nahi izanez gero, eta idatziz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan. Ebazpen horren kontra administrazioarekiko helegitea jartzen ahalko du, Nafarroako Gobernuari zuzendua.

3. Halaber, ureztalur berriek toki entitate baten ondasunak ukitzen badituzte, ureztalur bihurtzeari atxikiriko konpromisoak onartu beharko ditu entitateak eta, bereziki, obren kostutik dagokion zatia pagatuko du, bai interes orokorreko obrena, aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera kalkulatuta, bai herrilur loteetako lurzatiko instalazioena. Hori guztia onartu ezean, ez du eraldaketaren ondoriozko onurarik jasoko, eta, ahal izanez gero, ondasun horiek ureztaketako eremutik kanpo kokatuko dira. Horretaz gain, inola ere ez zaio aplikatuko aurreko idatz-zatiko desjabetzapen irizpidea.

III. KAPITULUA

Nekazaritza sozietateak

44. artikulua. Oinarrizko baldintzak.

1. Nekazaritza azpiegituretako ekintzak egiten diren lekuetan, lurrak ureztalur bihurtu edo daudenak modernizatzeko, Nafarroako Gobernuak nekazaritza sozietateen eraketa sustatuko du edo, kasua bada, eskatuko du. Hauen helburua nagusia izanen da gutxienez oinarrizko ureztatze azalera osatzen duten lurrak elkarlanean ustiatzea. Haien jabeak honakook izanen dira: a) Oinarrizko ureztatze azalera, osotara eta ekintza eremu horretan, biltzen ez dutenak, betiere, jabe bakar baten finka guztiak sozietatean sartzen badira.

b) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan hartutako bajaren bidez egiaztatzen dutenek ez dutela nekazaritza jardueran jarraitu behar zuzenean eta pertsonalki, ekintza eremu horretan, haien finken neurria edozein dela ere.

2. Modu horretan eratutako sozietateak jabe bakar gisa hartuko du parte lurzatien berrantolamenduan.

3. Sozietatea foru dekretua eman ondoren, eta lurzatien berrantolamendurako oinarriak onetsi aurretik eratu beharko da.

4. Bazkide bakoitzak berarentzat erreserbatu ahalko du nekazaritzan jarduteko, baina ez merkataritzarako, beharrezkoa den azalera bat, gehienez ere bederatziehun metro koadrokoa.

5. Sozietate horiek eratzeko laguntzen erregimena erregelamendu bidez ezarriko da. Horretarako, kontuan hartuko dira: eratutako sozietatearen ondoriozko lurren azalera, guztira; haren balioa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko moduluen araberakoa; eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan baja hartu duten jabeen kopurua.

Edozein kasutan ere, hauta daitekeen tamainari dagokionez, eskualdean ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azaleraren goiko mugaren bikoitzari dagokion balioa izanen da laguntzen muga.

45. artikulua. Baldintzak.

Nekazaritza sozietateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Haien xede nagusia nekazaritza jarduera izatea, nekazaritzako industriaren edo nekazaritzako energiaren inguruko jarduerekin osaturik, halakorik denean.

b) Oinarrizko ureztatze azalera izatea gutxienez.

c) Hiru bazkide edo gehiago izatea eta haietako batek edo batzuek zuzenean eta pertsonalki lan egitea sozietaterako.

d) Erabakitze organoetako ordezkari gehienak jarduera nagusiko nekazarienak izatea.

e) Bere burua idatziz lotzea sozietatea gutxienez hamabost urtez mantentzera.

f) Eskritura publiko bidez formalizatzea.

g) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan eta aginduzkoak diren guztietan izena ematea.

h) Sozietatearen helbidea Nafarroan izatea.

IV. KAPITULUA

Landatzeko eskubideen eta labore iraunkorren lekualdaketa 46. artikulua. Eskubideen lekualdaketa.

1. Landatzeko eskubideak, indarra duen legediari jarraikiz aitortuak, lurzati berrantolamendura aurkeztutako lurzatien gainekoak, mahastienak, edo, kasua bada, bestelako labore iraunkorrenak, dagozkien ordezpen finketara lekualdatuko dira hala eskatuz gero. Horretarako, erabakia jendaurrean jarri aurretik, titularrek eskatzen ahalko dute beren eskubideak jabetza berrian bueltatzeko eta lekualdaketari buruz egoki iruditzen zaizkien iradokizunak aurkeztuko dituzte, idatziz, egiaztagiriekin batera. Lote berri horietan titularrak labore iraunkorrarenaren pareko produkziorik ez badu, horretarako ezarriko diren kalte-ordainak eskatzen ahalko ditu.

2. Lurzatien berrantolamendua dela-eta, beste jabe bati esleitu behar zaizkion lurzatietako oihan espezieek honako tratamendu hau izanen dute:

-Titular berriaren jabetzakoak izanen dira, horrek aurrekoari pagatzen badio bien artean adostutako kopurua, edo, adostu ezean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak finkatzen duena.

-Erabakirik ez badago, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak jatorrizko jabeari aginduko dio espezie horiek bota eta lurzatia laborantzarako prest uzteko. Jabeak uko egiten badio hori egiteari, lurgaina nahitaez desjabetuko da eta landareak errotik aterako dira.

3. Erregelamendu bidez garatuko dira onuradunek kalte-ordainak eskuratzeko bete beharreko baldintzak eta laguntzen zenbatekoa. Horiek kalkulatuko dira kalte-ordaina jasotzen ahal duten azaleren urteko produkzio gordinaren portzentaje bat oinarritzat harturik, hiru urteko gehieneko epean, eta bateraezinak izanen dira kasuan kasuko merkatuaren antolamendu komunak ematen dituenekin

III. TITULUA

Babesteko neurriak

I. KAPITULUA

Gutxieneko laborantza unitateen araubidea

47. artikulua. Kontzeptua.

Gutxieneko laborantza unitatetzat hartuko da, lurzoru urbanizaezinetan, oinarrizko laboreek emaitza egokiak lortu ahal izateko azalera nahikoa, produkziorako baliabide arruntak erabiliz eta eskualde bakoitzeko nekazaritzaren ezaugarri sozioekonomikoak kontuan hartuz.

48. artikulua. Erreferentzia balioak eta bermeak.

Nafarroako Foru Komunitate osoan aplikatuko dira gutxieneko laborantza unitate hauek:

a) Lehorreko lurretan, hamar hektareakoa. Lurzati berrantolamendua egin den edo egin behar den eskualde guztietan, definitu diren edo gero batean definituko diren oinarrizko ustiatze azaleretan, gutxieneko laborantza unitatea bat etorriko da lehorreko oinarrizko ustiatze azaleraren beheitiko mugarekin. b) Ureztalurretan: ureztalur tradizionaletan eta ureztalur modernizatuetan, pisu bidezko ureztatze sistema tradizionala erabiltzen badute, gutxieneko laborantza unitatea hektarea batekoa izanen da.

Presio bidezko ureztatze sistema erabiltzen den kasuetan, berriz, gutxieneko laborantza unitatea bat etorriko da ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azaleraren edo oinarrizko ureztatze azaleraren beheitiko mugarekin. Halakorik ez badago, gutxieneko laborantza unitatetzat hartuko da bost hektareako azalera.

c) Aipatutakoa baino azalera gutxiagoko finkak zatituko ez direla segurtatzeko, jabetza birbanatzeko aktan gutxieneko laborantza unitatearen balioa agertuko da, eta erreferentzia izanen da, landalurreko finka bat zatitu edo banatzerakoan, lurzati berrien azalera gutxieneko neurri hori baino handiagoa edo txikiagoa den zehazteko.

d) Salbuespenei dagokienez, gai horri buruz legediak xedatutakoa beteko da, eta, betiere, zatiketa baimendu ahalko da, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioko neurriak betetzeko beharrezkoa bada

II. KAPITULUA

Eraldatu ondorengo finka ureztagarrien araubidea

49. artikulua. Xedea.

Eraldaketa eginen den eremuetan "eraldatu ondorengo finka ureztagarrien" araubidea ezarri da. Haren xedea da ordezpen lote eraldatuak hamabost urtetan mantentzera behartzea.

50. artikulua. Oinarrizko ezaugarriak.

1. Eraldatu ondorengo finka ureztagarrien araubidea benetan eraldatu eta lurzatien zerrendan sartu diren finkei baino ez zaie aplikatuko, eta beharrezko izanen dute ureztaketa abiatzeko deklarazioa, foru lege honen 69. artikuluaren arabera egina.

2. Finkak kapitulu honetako araubideak gobernatuko ditu hamabost urtetan, ureztaketa abiatzeko deklarazioa ematen denetik aitzina, eta horrela inskribatuko dira jabetzaren erregistroan.

3. Araubide honek mugatu eginen du finka horiek eskualdatzeko eskubidea, salbu eta jabeak administrazioari ordaintzen badio finkan ureztaketako laborantza jartzeko egin den inbertsio publikoaren zenbatekoa. Eskualdaketa egiten ahalko da soilik lehorreko balioan, zeina Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zehaztuko baitu, eta horri gehituko zaio interes orokorreko obrek eta lurzatiko instalazio finkoak onuradunari ekarritako kostuaren balioa. Eskualdaketa horietan Nafarroako Gobernuak lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideak izanen ditu. Hala ere, "mortis causa" motako eskualdaketetan eta gurasoengandik seme-alabei dohainik egindakoetan ez da aplikatuko.

4. Artikulu honetan aurreikusitako lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideek lehentasuna izanen dute indarreko legediak, eskuratzeari dagokionez, ezarritako beste edozein eskubideren aldean. Lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideak baliatuz Lurren Funtsari gehituriko finkak bertan ezarritako helburuetarako erabiliko dira. 5. Eraldatu ondorengo finka ureztagarriek beren izaera galduko dute honako kasuotan bakarrik:

a) Lurraren erabilera aldatzen bada hirigintzako planengatik, betiere Nafarroako Gobernuaren onespena badute. Foru Komunitateko Administrazioari pagatu beharko zaizkio foru lege honen 71. artikuluko 2. idatz-zatiko 1go.a), b) eta c) azpi-idatz-zatietan azaldutako kostuetatik berak pagatutakoak.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren egintza espresuaren bidez, jabeak eskaturik. Era berean, Foru Komunitateko Administrazioari pagatu beharko dio aurreko idatz-zatian azaldutakoa.

c) Hamabost urte baino gehiago pasatu badira ureztaketa abiatzeko deklarazioa eman zenetik.

6. Eskualdaketak egiteko prozeduren zehaztapenak erregelamendu bidez garatuko dira.

III. KAPITULUA

Ureztatze unitateen araubidea

51. artikulua. Kontzeptua.

1. Ureztatze unitatea lurzatika antolaturik dauden ureztatzeko instalazioen diseinu zuzena ahalbidetzen duen azalera da, eta ekintza eremuko ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azaleraren beheitiko muga baino balio handiagoa edo berbera du. Halaber, inbertsioaren eraginkortasun orokorra bermatzen du eta ustiategien emaitza ekonomikoak errentagarri egiten ditu.

2. Instalazio horietarako laguntza publikoak eskuratzeko, ezin izanen dira ureztatze unitateak baino azalera txikiagokoak izan.

52. artikulua. Ezaugarri nagusiak.

1. Ureztatze unitateen azalera ez da izanen ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azaleraren edo oinarrizko ureztatze azaleraren beheitiko muga baino txikiagoa, eremu hartako nekazaritza azpiegituretako ekintzei buruzko foru dekretuarekin bat.

2. Ureztatze unitateetako banakako finkei dagokienez, mugak izanen dituzte lurzatikako instalazioen diseinua egiterakoan, diseinu orokorraren gaineko baldintza tekniko batzuei lotu beharko baitzaizkie, elkarketa honen bidez sortutako ustiategien iraunkortasuna bermatzearren.

3. Ureztatze unitateak finka bakar batek zein elkarren ondoan edo nahiko hurbil dauden batzuek osatuko dituzte, jabe batenak edo gehiagorenak izan. Dena den, ureztatze sistemaren diseinuari begira, unitate bakarra behar dute osatu, eta aipatu diseinua norberaren jabetzak kontuan hartu behar izan gabe eginen da, irizpide ekonomiko eta agronomikoen arabera. Irizpide hori ez da aplikatuko ureztaketarako ezarritako azalera oinarrizkoaren neurria lortzerik ez duten finketan, bai topografi edo isolamendu arazoengatik bai ezintasun tekniko garbiengatik.

4. Ureztatze unitate berean ura lurzatian aplikatzeko sistema bakarra erabiltzen ahalko da. Aukeratutako sistema prestatuko da laboreetarako hobekien den moduan, arrazoi agronomikoak eta kostua kontuan harturik. 5. Hala eta guztiz ere, ureztalur berrien onuradunek nahi dituzten instalazioak egiten ahalko dituzte lurzatietan, baldin eta banaketa-sarearen eta ura bultzatzeko osagaien funtzionamenduko baldintza orokorrak aldatzen ez badituzte. Dena den, ez dute inolako dirulaguntzarik jasoko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak horretarako dituen funtsetatik.

IV. KAPITULUA

Lurzatietan eraldaketak egitea eta instalazioak jartzeko laguntzak mugatzeko araubidea

53. artikulua. Kontzeptua.

Araubide honek helburua du lurrak ureztalur bihurtzearen onuradunentzat jarraian adierazten diren mugak ezartzea. Onuradunak pertsona fisikoak zein juridikoak izan daitezke:

a) Foru lege honen 73. artikuluan zehaztutako interes orokorreko obrek hartzen ahal duten gehieneko azalera, guztira, ureztalur bihurtzeko.

b) Lurzatian bertan ekipatu beharreko gehieneko azalera, guztira, foru lege honen 74. artikuluan ezarritako nekazaritza interes pribatuko obren finantzaketarekin.

54. artikulua. Eraldatzeko gehieneko azalera.

1. Foru lege honen 41, 44 eta 45. artikuluetan zehaztutakoak ez diren banakako onuradunek edo pertsona juridikoek lur bat ureztalur bihurtu nahi izanez gero, haren azalera, gehienez ere, ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azaleraren goiko muga halako bikoa izanen da. Ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azalera dagokion foru dekretuan definitu da, ekintza eremu bakoitzerako.

Pertsona juridikoei dagokienez, foru lege honen 41, 44 eta 45. artikuluetan definitzen baitira, ureztalur berria jartzeko gehieneko azalera izanen da banakako onuradunendako ezarritako muga eta ekintza eremuko kideek aurkeztu dituzten lurren batuketa.

2. Eskatzaile fisiko zein juridiko baten azalerak, eraldatu beharreko perimetroan, aurreko puntuko irizpideen arabera finkatutako azalera gainditzen badu, desjabetzen ahalko da, lehorreko balioan edo aldatuko ez den lehorreko lurzatien berrantolamendukoan. Lehenengo kasuan, desjabetu ondoren, Lurren Funtsean sartuko da, foru lege honen 43. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraikiz.

3. Artikulu honetako mugatik salbuetsiko dira Nafarroako toki entitateen ondasunak, bai eta Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako instituzioenak ere.

55. artikulua. Finantzaketa bidez ekipatu beharreko gehieneko azalera.

1. Foru lege honen 41, 44 eta 45. artikuluetan zehaztutakoak ez diren banakako onuradunek edo pertsona juridikoek laguntzak eskuratzen ahalko dituzte foru lege honetan ezarritako lurzatietako instalazioak paratzeko, baldin eta:

a) Eskualde horretarako zehaztu den ureztatze unitatearen tamaina baino txikiagorik ez badute. b) Eskualdeko ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azaleren goitiko muga gainditzen ez badute. Hala ere, familiako nekazaritza ustiategi lehenetsiek jasotzen ahalko dute eskualdeko ureztatuz ustiatzeko oinarrizko azaleraren goitiko muga halako biri dagokion laguntza.

2. Elkartutako nekazaritza ustiategiek eta foru lege honen 41, 44 eta 45. artikuluetan zehaztutako sozietate juridikoen bestelako ereduek laguntzak eskuratzen ahalko dituzte lurzatietako instalazioak paratzeko, baldin eta:

a) Eskualde horretarako zehaztu den ureztatze unitatearen tamaina baino txikiagorik ez badute.

b) Laguntza jasotzen ahal duen azaleraren balioa, guztira, osagaietako bakoitzaren azalera partzialen batura baino handiagoa ez bada, artikulu honetako 1.b) ataleko baldintzei jarraikiz.

IV. TITULUA

Nekazaritza azpiegituren arloko ekintzaren alderdi juridikoak

I. KAPITULUA

Ordezpen finkak birbanatu eta inskribatzeko akta

56. artikulua. Jabetza birbanatzeko akta.

1. Lurzati berrantolamenduko erabakia irmo bilakatu ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak jabetza birbanatzeko akta luzatu eta baimenduko du. Bertan, berrantolamenduaren ondoriozko finkak edo ordezpen finkak zerrendatu eta zehaztuko dira, bai eta horiek jabetzaren erregistroan sartzeko bete behar diren inguruabarrak ere. Horretaz gain, eta bereziki, ondokoak zehaztuko dira: foru lege honen babesean ustiategi bideragarriak osatu dituzten finkak, eta, ureztatu beharreko laboreak jarri badira, eraldatu ondorengo finka ureztagarri horien izaera, eskualdatzeko mugak; lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko Nafarroako Gobernuaren eskubideak; eta foru lege honetan ezarritako beste berme batzuk.

2. Dokumentu horretan azalduko ere dira lehengo edo jatorrizko lurzatien gaineko jabariz bestelako eskubideak, haien edukitza badakarte, eta eskubide horiek zein ordezpen finkaren gainekoak izanen diren, interesatuek, edo bestela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zehaztua. Zerrendatuko dira, halaber, lurzatien egoera juridikoa ezartzeko aldian lortutako gainerako eskubide errealak eta egoera juridikoak, eta zein ordezpen finkaren gainekoak izan behar duten zehaztuko da; halaber, foru lege honen xedapenetatik sortutako karga juridikoak zehaztuko dira; bereziki, gutxieneko laborantza unitateari dagokion balioa.

3. Jabetza birbanatzeko akta Notarioen Elkargoak izendatzen duen notarioak protokolizatuko du. Horrek ematen dituen kopia partzialek jabari-titulu gisa balioko dute berrantolamenduko parte- hartzaileentzat, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren eginkizuna izanen da titulu horiek Jabetza Erregistroan inskribatzea bultzatzea. Protokolizazioa egiteko, notarioari bidaliko zaio, aktarekin batera, berrantolamenduko eskualdeko planoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimendua.

57. artikulua. Katastroaren eta Jabetza Erregistroaren arteko koordinazioa. Lurzati berrantolamenduaren ondoriozko antolamendu berria eta haren ondorengo aldaketak, nahitaez islatu behar dira Landalurren Katastroan, eta Jabetzaren Erregistroarekin koordinatuta, gainera. Hartarako, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimendutako berrantolamendu-planoen kopiak eta behar diren beste datu osagarriak bidaliko zaizkie Erregistroari eta Foru Komunitateko lurralde aberastasunaren gaietan eskudun den organoari, eta hortaz dokumentu horiek erakunde publiko horietan jasoko dira. Landalurren Katastroak egoera berriaren arabera moldatuko du bere dokumentazioa eta kasuko Jabetzaren Erregistroari bidaliko dio.

58. artikulua. Ezezagunen finkak.

1. Ikerketa aldi normalean jaberik aurkitzen ez zaien lurzatiak ordezten dituzten finkak ere sartuko dira birbanatze aktan, bertan hala izan dela jasoko, eta hala bide denean kontsignatu eginen dira dauden edukitza egoerak. Finka horiek, haatik, ez dira Jabetzaren Erregistroan inskribatuko jabea azaldu ez edo Foru Berriko 304. Legeak agintzen duenaren arabera Nafarroako Foru Komunitatearen izenean inskribatzea tokatzen ez den artean.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ahalmena izanen du, birbanatze akta protokolizatu ondoko bost urteetan, finka horien jabaria behar adina frogatzen duenari aitortu eta, hartara, agintzeko protokoliza daitezela bertako jabetza birbanatzeko akta osagarriak, zeinen kopia notarioak emanen baitu, Jabetzaren Erregistroan inskribatzeko, Aktaren araubide beraren menpe.

3. Zilegi izanen ere du toki entitateari edo ureztatzaile elkarteei, ureztatze sindikatuari edo kasuko beste elkarte bati jabe ezagunik gabeko finken laborantza prekarioan lagatzea.

59. artikulua. Finka sobranteak.

1. Zilegi izanen da lur sobranteak, birbanatze akta protokolizatu eta hiru urteko epean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bidezko irizten dien helburuetarako erabiltzea.

2. Epe hori iragan delarik, herrilurtzat adjudikatuko zaizkio kasuko toki entitateari, interes orokorreko diren obrak zaintzeko konpromisoa hartuta, hala nola bideak, saneamendu sareak eta ingurumenari buruzko neurriak, lurzati berrantolamendua dela eta eginak.

3. Aurreko lerrokadan agindu denagatik ere, ureztalur bihurtzea edo dagoena modernizatzea delarik kontua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du sobrante diren eta eraldatutako eremuan dauden lurrak ureztatzaile elkarteei esleitzea, ureztatze sindikatuei edo hartan legez eratutako beste elkarteei, aurrez beren burua lotzen badute bertan dauden interes orokorreko obra guztiak mantentzera.

4. Hiru urteak iraganik, Jabetzaren Birbanatze Aktaren akta osagarri batean jasoko da finka horien adjudikazioa, eta Jabetzaren Erregistroan jabe berriaren izenean inskribatuko dira. Hiru urte horietan Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du sobrante diren lur horien laborantza prekarioan lagatzea kasuko toki entitate, ureztatzaile elkarte, ureztatze sindikatu edo bestelako elkarte bati.

60. artikulua. Notario eta erregistratzaileen eskubideak. 1. Berrantolamendua egiteko edo haren ondoriozko lanengatik eta ordezpen finkak titulatu eta inskribatzeagatik sortzen diren notario eta erregistratzaile eskubideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak pagatuko ditu.

2. Ondorengo egintza edo kontratuengatik sortzen diren lansari horiek berak xedapen indardunen arabera dagokion partikular interesatuak pagatuko ditu, non eta lurzati berrantolamenduko prozesuaren ondoriozko zuzenketetatik heldu ez diren. Batzuk zein besteak, berrantolatu beharreko eremuen arantzel bereziaren arabera aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

Bermeak

61. artikulua. Eskubideak eta egoera juridikoak aldatzea.

1. Oinarrietan beren titular legitimoari esleitu ez zaizkion eskubideek eta egoera juridikoek ez dute kalterik hartuko berrantolamendu espedienteko ebazpenengatik, nahiz ebazpen irmoak izan, baina bide judizial arrunta beste biderik ez da izanen berrantolamenduaren aurretik oinarrietan eskubide eta egoera juridiko horien objektu ziren lurzatietako titulartzat ageri zenari adjudikatutako ordezpen finken gainean haiek gauzatzeko.

2. Eskubideok, jatorrizko lurzatien ezaugarri bertsuko eta balio proportzionaleko ordezpen finken gainean edo haiengandik bereizitako finka pusken gainean gauzatuko dira. Ordezgarrizko lotean dauden eite bereko finkak erregistroko fede publikoaren babesa duen hirugarren bati eskualdatu bazaizkio, artikulu honek aipatzen dituen eskubide eta egoeren titularrak kalte-ordain justua hartzeko bestetarako eskubiderik ez du izanen.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak finkatuko du zein ordezpen finkari edo finka puskari atxikiko zaizkion eskubide edo egoera horiek; honela:

a) Kasuko demandaren idaztohar aurreneurrizkoa egiteko epaileak ematen duen agindua ikusirik, agindu hori finka jakin bati zuzentzeko;

b) Idaztoharra egiteko agindurik ematen ez bada, epaia betearazteko tramitean eginen da.

V. TITULUA

Zehapen araubidea

62. artikulua. Arau-hauste motak eta definizioak.

1. Arau-hauste dira eta administrazioaren aurreko erantzunbeharra sortuko dute foru lege honetan agintzen dena hausten duten egintzak edo egintza ezak, sor daitezkeen erantzunbehar penal, zibil edo bestelakoak ezertan galarazi gabe.

2. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lurzatien laborantzan Nafarroan ohi den nekazaritza jardunbide ona ez begiratzea, nekazaritza azpiegituretako ekintza abiarazteko foru agindua argitaratu ondoren. b) Ikertze eta sailkatze lanak nekeztea.

3. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Lurzatiak zedarriztatzea galarazi edo trabatzea edo mugarriak eta zedarriak jarri ondoren kentzea.

b) Finken balioa gutxitu dezaketen egintzak egitea.

c) Nekazaritza azpiegituretako ekintza abiarazteko Foru Agindua argitaratu ondoren labore iraunkorrak landatzea, behar den baimena eduki gabe.

d) Teknikariei lurzati edo finketara iristea galaraztea, beren lana egin ez dezaten.

e) Eraikuntza proiektuetako interes orokorreko edozein obra hondatu edo gaizki erabiltzea.

f) Nekazaritza azpiegituretako ekintza abiarazteko foru agindua argitaratu ondoren finketan eraikinak edo hobekuntzak egitea, hartarako behar den baimenik gabe.

g) Nekazaritza azpiegituretako ekintza abiarazteko foru agindua argitaratu ondoren obrak hondatu, zuhaitzak edo zuhaixkak moztu, bota edo erre, landaketak edo labore iraunkorrak errotik atera edo kendu, lurra elkortu, edo lurzatien balioa murrizten ahal duten ekintzak egitea.

4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Finka berrien edukitza hartzea galarazi edo trabatzea.

b) Eremurako onetsi den eraikuntza proiektuko obrak egitea galarazi edo trabatzea.

c) Foru lege honetako 17. artikuluko b) idatz-zatian ezartzen diren lurralde-balio naturalak aldatu edo suntsitzea.

d) Eraldatu ondorengo finka ureztagarriak eskualdatzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari egin beharreko jakinarazpena egin gabe edo eskualdaketa akasduna edo osagabea bada, frogatu gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ebazpen espresua eman duela edo ustezko egintza ziurtatu dela eros-lehentasuneko eskubidea erabiltzearen gainean edo jakinarazi ez bezalako baldintzetan.

e) Eraldatu ondorengo finka ureztagarri bat eskuratzen duenak ondorengo jakinarazpenik ez egitea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

63. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hausteek honako zehapenak izanen dituzte:

a) Arau-hauste arinak, 150,25etik 601,01 eurora arteko isuna.

b) Arau-hauste larriak 601.02etik 3005,06 eurora arteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriak, aurreko artikuluko 4.a), b) eta c) idatz-zatietakoak, 3005,07tik 18.030,36 eurora arteko isuna. Aurreko artikuluko 4. idatz-zatiko d) eta e) letretako arau-hauste oso larriek, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak finkatzen duen ureztalurren balioaren ehuneko batetik bostera arteko isunarekin.

2. Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bat emanda, zilegi izanen du aurreko lerroaldean ezartzen diren zehapenak gaurkotzea kontsumoko prezioen indizea nola aldatu den aintzat hartuta.

3. Zein ere zehapen mota ezartzen den, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak zilegi izanen du, ingurumenaren babesari buruzko arau-hauste larri edo oso larrien kasuan, hurrenez hurren 100eko 50 edo 100 kentzea arau-hausleak nekazaritza-azpiegituretarako, belar-laboreetarako edo nekazaritza-ingurumenekoetarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanda edo hari eskatuta dauzkan laguntza mota guztietatik.

4. Zehapenak ezartzean behar den oreka mantenduko da arau-haustea osatzen duen gertaeraren benetako larritasunaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Aplikatu beharreko zehapena graduatzeko, bereziki honako irizpideak hartuko dira aintzat:

a) Arau-haustea nahita egina den edo behin baino gehiagotan egina den.

b) Egindako kalteak nolakoak diren.

c) Arau-haustea berriz egina den, hau da, ea urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin diren, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratu duenean.

d) Portaera berean arau-hauste bat baino gehiago egotea.

5. Gertaera bakar batek bi administrazio arau-hauste edo gehiago osatzen baditu, larrienari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo gehieneko graduan.

6. Foru lege honek agintzen duenaren kontrako administrazio arau-hausteek honako preskripzio epea izanen dute: oso larriek hiru urte, larriek bi urte eta arinek sei hilabete.

7. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunean hasiko da kontatzen. Preskripzioa eten eginen du zehapen prozedura hasteak, interesatua jakinean dela, eta preskripzio epea berriz hasiko da kontatzen baldin eta zehapen espedientea, ustezko erantzuleari ezin egozteko moduko arrazoiak direla medio, hilabete baino gehiagoan geldirik egoten bada.

8. Edozein ekintza judizial nahiz administratibok eten eginen du preskripzio epea.

64. artikulua. Administrazioko zehapen prozedura.

Foru lege honetan agintzen diren zehapenak ezartzeko, honako administrazio prozedura segituko da:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ofizioz hasiko du prozedura, dela berak hala erabakita, dela goitik hala aginduta, edo beste organo batek arrazoien gainean hala eskatuta edo salaketa dela medio.

Berak erabakitakotzat hartuko da lurzati berrantolamenduko teknikarien txostenetan jakiten denak ondorio dakarren ekintza. b) Prozedura hasteko ebazpenak instruktore bat izendatuko du, zuzenbidean lizentziatua.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du, egintza arrazoitua eginaz, behar diren neurri behin-behinekoak hartzea eman litekeen ebazpena eraginkorra izan, prozedura ongi burutu, arau-haustearen ondorioek irautea galarazi, eta interes orokorrak eskatzen duena gauzatzeko.

d) Instruktore horrek ebazpen proposamena egin eta espedientean ageri diren dokumentu, alegazio eta informazioekin batera bidalita, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bidezko den ebazpena emanen du hori dena jaso eta hilabeteko epean.

e) Ebazpenean, behar diren zuhurtasun neurriak hartuko dira, kasua bada, ebazpena exekutiboa ez den artean eraginkorra izatea bermatzeko.

VI. TITULUA

Nekazaritza azpiegituren exekuzioa

I. KAPITULUA

Alderdi orokorrak

65. artikulua. Koordinazioa.

Nekazaritza azpiegituren gauzatze materiala lurzati berrantolamenduko prozedurarekin koordinatuko da.

Zilegi izanen da obren exekuzioa prozeduraren edozein unetan egitea, baina eginahalean bateratuko dira administrazio faseak obren exekuzioarekin, hartzaileek ahalik eta kalte txikiena izateko, zeinek ez baitute horren aldera inolako kalte-ordainik hartzeko eskubiderik izanen.

66. artikulua. Okupazioa eta zorrak.

Nekazaritza azpiegituretako ekintzari buruzko foru dekretua onesteak ahalmena emanen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari behin-behinekoz eta obren jasoera egin artean, eraikuntza proiektua aurrera eramateko behar den edozein terreno okupatzeko eta bai nekazaritza azpiegituretarako behar diren zor iraunkorrak sortzeko ere. Ekintzaren hartzaileak beharturik daude obretarako eta erantsitako instalazioetarako behar diren terrenoak libre uztera, kalte-ordainik hartu gabe.

67. artikulua. Eraikuntza proiektua nola prestatu.

Nekazaritza azpiegituretako ekintzari buruzko foru dekretua onetsi ondoren, eta lurzati berrantolamenduaren bilakaera zertan den ikusirik, eraikuntza proiektuak prestatuko dira, foru lege honetako 9.2 artikuluak zehazten duenari jarraikiz.

68. artikulua. Obren exekuzioa. 1. Obrak eginen dituzte Administrazioak berak edo bere sozietate publikoek. Sozietate horiek kontratazioa eginen dute eta proiektu eta obren zuzendaritza teknikoa beren gain hartuko dute.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aditzera eman beharko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ingurumenaren gaineko eraginaren Deklarazioa Begiratzeko Plana noraino betetzen den.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak edo bere sozietate publikoen bidez obrak egin ahal izateko, hainbat baldintza aurretiazko ezarriko dira, hartzaileek bete beharrekoak eta erregelamendu bidez garatzekoak, honako oinarri hauetan oin hartuta:

a) Dagokien finantzaketa zatia eta hala bide denean egiten diren likidazioak aurrez aportatzea.

b) Kasuko toki entitateak modu fede-emailean onetsirik edukitzea labore lote komunalen aprobetxamenduari buruzko ordenantza bat, foru lege honetako 40. artikuluko 5. idatz-zatiko b) letran agintzen den moduan; ez da zilegi izanen lote horien tamaina oinarrizko ureztatze azalera baino txikiagoa izatea, eta hamabost urtez eutsi beharko diote tamaina horri, ureztaketa abiatzeari buruzko deklaraziotik.

c) Ureztatzaile elkarteen ordenantza eta erregelamenduetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak finantzatu aurretik, ureztatzeko uraren kontzesiodunek ur kontsumoa kontrolatzeko neurriak sartzea; Departamentu horrek kanpaina bakoitzean Riegos de Navarra S.A. sozietate publikoaren bidez ezartzen dituen ur kontsumorako erreferentziez gorako kontsumoagatik zehapenak jarriko dira.

d) Ureztatzaile elkarteei eta toki entitate laguntza hartzaileei dokumentu bat eskatuko zaie instalazioak desegoki erabiltzeagatik eta, bereziki, eremu horretarako eta ohiko laboreetarako erreferentziatzat jarritakoa baino gehiagoko ur kopuruak aplikatzeagatik sor litezkeen kalteen erantzunbeharretik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua libratzeko.

e) Bere burua lotzea kanpainaz kanpaina ureztalur horietan ezarri diren edo ezartzeko diren laboreei buruzko datuak ematera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari edo haren sozietate publikoei, estatistikak itxuratzeari begira eta nekazaritzako elikagaien eta nekazaritzako energiaren industrientzako informazio bideak hobetzeko.

69. artikulua. Ureztaketa abiatzearen deklarazioa eta babes araubidea.

1. Nekazaritza azpiegituretako ekintzak berekin ekartzen badu ureztalur bihurtzea, eta interes orokorreko obren jasoera egin ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ureztaketa abiatzearen deklarazioa eginen du benetan ureztalur bihurtu eta behin betiko eremu ureztagarria osatzen duten finketarako.

2. Terrenoen babes araubidea, ureztaketa abiatzearen deklarazioa egin ondoren, nekazaritza produkzio handiko kategoriari dagokiona izanen da, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 32. artikuluak agintzen duenaren arabera, martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Plana osatzen duten ekintza eta obren eranskineko eta lege horren garabideko xedapenetako obretarako agintzen dutena ezertan galarazi gabe. 70. artikulua. Obren entrega.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak entregatuko dizkie interes orokorreko obrak beren hartzaileei, behin obren jasoera egin ondoren. Eraldaketen kasuan, ureztaketaren abiatzeak deklaratuta beharko du gainera.

2. Obrak entregatzeko egintza berehala betearaztekoa izanen da eta entregaren ondoriozko betebehar guztiak sortuko ditu.

II. KAPITULUA

Obra motak

71. artikulua. Sailkapena.

1. Nekazaritza azpiegituretako ekintzen eremuetan egin beharreko obrak bitarikoak dira: interes orokorrekoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nahitaez egin beharrekoak, eta nekazaritza interes pribatuko obrak, interesatuek berek egin beharrekoak.

2. Interes orokorreko obra Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nahitaez egin beharreko horiek eremu osoari on eginen diote, ustiategiez landarako azpiegitura ekintzak izanen dira eta honako mota hauek izanen dituzte:

1go. Lurzati berrantolamendu guztietan ohi diren obrak, honakoak:

a) Ustiategiei berrantolatu ondoren zerbitzu emateko behar diren landa bideak eta beharrezko irizten zaien saneamendu eta hustubideak.

b) Ingurumenaren gaineko eraginaren Deklarazioan aipatzen diren neurri zuzentzaileen ondoriozkoak.

c) Aurreko lerrokadan sartu ez baina nekazaritza azpiegituretako ekintzen xede den eskualdearen ingurunea hobetzeko komenigarri irizten zaien obrak.

2gn. Ureztalurrak eraldatu edo modernizatzeko obrak. Honakoak:

a) Sektoreko azpiegitura hidraulikoa: lurzati berrantolamenduko eremu jakin batetik gainez egin eta ureztatze sektore jakin baten oinarrizko azpiegitura osatzen dutenak, haren azpiko hainbat eremu hornitzeko modukoa. Haren barnean daude kaptazioen, bultzatze zentroen, erregulazio obren eta eremuko hodien obrak.

b) Eremuko azpiegitura hidraulikoa: sektoreko oinarrizko azpiegituratik elikatzen diren azpiegitura hidraulikoko obrak. Haren barnean daude kaptazioak, bultzatze zentroak, erregulazio obrak eta eremuko hodi nagusiak, betiere baldin aldi berean banaketakoak ez badira.

c) Banaketako azpiegitura hidraulikoa: eremuko oinarrizko azpiegiturak jatorri harturik ureztatze unitateen hartuneetaraino ere joaten diren obrak, esleitu zaien ur-emaria banatzeko. d) Herrilurretako barne banaketa: aurreko letran sartzen ez diren azpiegitura hidraulikorako obrak, lursailen barneko banaketarakoak, instalazioetarako proiektu global batean sarturik egon eta toki entitateen ondasunen gainean edo Nafarroako toki administrazioari buruzko foru legeko hamargarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen instituzioen ondasunen gainean eginak.

e) Lurren sistematizazioa: azaleraren sistematizazioa ureztalurren lurzati berrantolamenduko obretan, betiere baldin gainerako obrekin batera eta aldi berean egiten bada.

3. Nekazaritza interes pribatuko eta interesatuek berek zuzenean egin beharreko obratzat hartuko dira presiopeko ura lurzatian banatzekoak.

III. KAPITULUA

Finantzaketa

72. artikulua. Lurzati berrantolamenduko interes orokorreko obrak.

Lurzati berrantolamendua egiteak sortzen dituen gastuak eta bai foru lege honetako 71.2.1go. artikuluak a), b) eta c) letretan aipatzen dituen interes orokorreko obrek sortzen dutena ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontu egonen dira oso-osorik.

73. artikulua. Eraldatu eta modernizatzeko interes orokorreko obrak.

1. Foru lege honetako 71.2.2gn. artikuluak a) letran aipatzen dituen obrak, sektoreko azpiegitura hidraulikoari buruzkoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzatuko ditu osorik.

2. Foru lege honetako 71.2.2gn. artikuluak b) letran aipatzen dituen obrak, eremuko azpiegitura hidraulikoari buruzkoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzatuko ditu osorik, baldin presiopeko ureztalur bihurtzekoak badira, eta bai presiopeko ureztaketa sistema sartzeko modernizatzekoak badira.

Hala ere, obra horiek pisu bidezko sareen bidez proiektatzen badira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ehuneko 85ean batean finantzatuko ditu, eta interesatuek ehuneko 15ean.

3. Foru lege honetako 71.2.2gn. artikuluak c) letran aipatzen dituen obrak, banaketako azpiegitura hidraulikoari buruzkoak, honela finatzatuko dira presiopeko ureztaketa sistemak sartzeko eraldaketa eta modernizazioetan: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ehuneko 85 finantzatuko du eta hartzaileek gainerako ehuneko 15. Pisu bidezko ureztaketa sartzeko eraldaketa eta modernizazioetan, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ehuneko 70 finantzatuko du eta hartzaileek gainerako ehuneko 30.

4. Foru lege honetako 71.2.2gn. artikuluak d) letran aipatzen dituen obrak, herrilurretako barne banaketari buruzkoak, finantzatzeko baldintza ezinbestekoa izanen da barne banaketa hori presiopeko sareen bidez egitea, eta hartara, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gehienez ehuneko 75 finantzatuko du, eta kasuko toki entitateak edo eite berekoak gainerakoa, gainerako hori teknikaren egoera ikusita finkatzen ahal diren erreferentziako kostuen gainean kalkulatuta. Horrez gain, toki entitateak hamabost urtez eutsi beharko dio bere hartan loteen tamainari; ez da zilegi izanen tamaina hori oinarrizko ureztatze azalera baino txikiagoa izatea, eta adjudikaziorako baldintzak foru lege honetako 42.5 artikuluan esaten denaren araberakoak izanen dira. ehuneko 75eko gehienezko dirulaguntza hartzeko baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira.

5. Foru lege honetako 71.2.2gn. artikuluak e) letran aipatzen dituen obrak, lurren sistematizazioari buruzkoak, honela finantzatuko dira pisu bidezko eraldatze eta modernizazioetan: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ehuneko 70 eta hartzaileek gainerako ehuneko 30.

74. artikulua. Nekazaritza interes pribatuko obrak.

1. 71.3 artikuluan aipatzen diren eta eraldatzeko laguntzaren hartzaileak berak bere ustiategian ura lurzatian presiopeko sareen bidez banatzeko zuzenean egiten dituen obretarako, zilegi izanen da dirulaguntza bat hartzea, baina inoiz ez da izanen kostuaren ehuneko 55 baino gehiagokoa eremu behartsuen kasuan, eta ehuneko 45 baino gehiagokoa gainerako eremuetan.

2. Osotarako dirulaguntza-portzentajea finkatzeko irizpideei dagokienez -erregelamendu bidez zehaztuko baitira-, garrantzitsuenak hauek izanen dira: jarduera nagusiko nekazaria izatea, nekazari gaztea izatea, prestakuntza teknikoaren maila, eremu eta laboreen araberako ur kontsumoen kontrola, eta foru lege honetan definitzen diren nekazaritza sozietateen kide izatea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ingurumenaren gaineko eraginaren Deklarazioa berriz egin beharretik salbuetsirik egonen dira Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriak eraldatzeko udalez gaindiko eraginari buruzko proiektu sektorialean sartzen diren nekazaritza azpiegituretako ekintzak (proiektu hori Nafarroako Gobernuak 1999ko ekainaren 7an hartutako erabakiaren bidez onetsi zuen), ekintza horiei Ingurumen Ministerioak egin baitzien ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa 1999ko maiatzaren 17an, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak 1999ko apirilaren 29an.

Udalez gaindiko proiektu sektorial horretan aipatzen diren ekintzetarako ez da beharrezkoa izanen foru lege honetako 9. eta 10. artikuluetan eskatzen den dokumentazioa prestatu eta tramiteak egitea; zuzenean eginen da foru lege honetako 12. eta hurrengo artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Hala ere, foru lege honetako 67. artikuluak agintzen duenaren arabera egindako nekazaritza azpiegituretako ekintzak garatzeko behar diren eraikuntza proiektuei buruz Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak txosten bat egin beharko du, egiaztatzeko haien edukiak ingurumenaren gaineko eraginaren Deklarazio horretan ezarri diren baldintzak betetzen dituen ala ez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Foru lege honek indar hartu baino lehen foru dekretu baten bidez onetsi diren lurzati berrantolamenduak eta bestelako nekazaritza azpiegituretako ekintzak, oinarriak onetsita badituzte, lehengo araudiaren arabera gobernatuko dira aurrerakoan ere. Nekazaritza azpiegituren erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen 127. artikuluan ezarritako prozeduren arabera hasi direnetan, aukera emanen da edo aurreko arauen arabera tramitatzeko -soilik azpiegiturak finantzatzeko alderdiei dagokienez; horretarako, aipatu foru legeko 19. artikuluan ezarritakoari begiratu beharko zaio-, edo foru lege honen arabera tramitatzeko -halakoetan, lehentasuna emanen zaie Administrazioaren arioz.

Bigarrena.-Zilegi izanen da, Nekazaritza azpiegituren erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legeko lehenbiziko xedapen iragankorrak esku ematen duen bezala, lege horretan aipatzen diren onurak oraindik beretu ez dituzten espedienteak bertako irizpideen arabera eta bera garatu eta aplikatzeko arauen arabera tramitatzen segitzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetzen dira Nekazaritza azpiegituren erreformari buruzko 18/1994 abenduaren 9ko Foru Legea eta foru lege honek agintzen duenari kontra egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren erregelamendu-xedapen guztiak emateko.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra