Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

9/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 16koa, kapital-sozietateen bategite eta zatitzeei buruzko informazio- eta dokumentazio-betebeharrak sinpletzeari buruzkoa

2012-03-16

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/3/17, 66. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3812

9/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 16koa, kapital-sozietateen bategite eta zatitzeei buruzko informazio- eta dokumentazio-betebeharrak sinpletzeari buruzkoa.

ZIOEN ADIERAZPENA I

Europako Erkidegoko zuzentarauen transposizioa epean egitea da gaur egun Europako Kontseiluak ezarritako helburu nagusietako bat; eta batez ere, barne‑merkatuari buruzko zuzentarauena. Europako Batzordeak aldizkako txostenak igortzen dizkio Lehiakortasun Kontseiluari, azter ditzan. Txosten horiei balio politiko handia ematen zaie, Estatu kideek barne‑merkatua martxan jartzerakoan duten eraginkortasuna eta sinesgarritasuna neurtzeko balio baitute. Helburu hori lortzeak, gaur egun, are lehentasun handiagoa du, Lisboako Tratatuak diseinatutako egoera berria dela‑eta. Tratatu horrek, Europar Batasuneko Tratatua eta Europako Erkidegoa eratzekoa aldatzen ditu, transposizioak epean ez betetzeari dagokionez; kasu horietan, Batzordeak zigor ekonomiko handiak jartzea eska diezaioke Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari, eta gainera, zigor horiek azkar jartzea (Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 260.3 artikulua).

Errege Lege Dekretua transposiziorako tresna moduan erabiltzeari dagokionez, esan beharra dago Konstituzio Auzitegiak urtarrilaren 21eko 23/1993 Epaian ezarritakoaren arabera, Lege Dekretua egoera ekonomiko zailei aurre egiteko legezko tresna dela, eta hala dagoela jasota Konstituzioan; horrez gain, urtarrilaren 13ko 1/2012 Epaiak dio, «transposizioan ageriko atzerapena» dagoenean eta, aldi berean, «Espainiako Erresumaren aurka ez‑betetze prozedurak» daudenean, Konstituzioaren 86.1 artikuluan adierazitako aparteko eta presazko beharrizanaren egoera betetzen dela bermatzen duela.

Bestalde, ez da tresna juridiko horretara jo behar den lehenengo aldia, Europar Batasuneko Zuzenbidea ez betetzeagatik zigor ekonomikoak jasotzeko benetako eta berehalako arriskua saihesteko. Horregatik, segurtasun pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legearen artikulu jakin batzuk aldatzen dituen irailaren 14ko 8/2007 Errege Lege Dekretua emateko arrazoia honakoa izan zen: «Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak aipaturiko aparteko eta presazko beharrizanaren aldez aurreko egoera betetzea, eta, hor, araua sortu beharra hain izaera berezikoa izango da, non ezingo baitzaio premiazko legegintza‑prozeduraz erantzun, eskatzen duen berehalakotasunagatik». Egoera hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/109/EE Zuzentarauan, 2009ko irailaren 16koan, Kontseiluaren 77/91/EEE, 78/855/EEE eta 82/891/EEE Zuzentarauak eta 2005/56/EE Zuzentaraua aldatzen dituenean, bategiteen eta zatitzeen kasuan informatzeko eta dokumentatzeko betebeharrei dagokienez, ere gertatzen da.

II

1.  Kapital‑sozietateei buruzko Europar Batasunaren zuzentarauak Espainiako Zuzenbidean txertatu izanak antolamendu juridikoko sektore hori etengabe erreformatzea eragin du. Sozietateei buruzko legeriak hainbat aldaketa izan ditu denbora gutxian:

merkataritza‑legeria hein batean aldatzen duen eta sozietateei buruzko Europako Ekonomia Erkidegoko Zuzentarauetara egokitzen duen uztailaren 25eko 19/1989 Legetik hasita –ordura arte onarturiko zuzentarauak barneko Zuzenbidera osorik ekarri zituenak–, Kapital Sozietateei buruzko Legea partzialki aldatzen duen eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 11ko 2007/36/EE Zuzentaraua, sozietate kotizatuetako akziodunen eskubideak baliatzeari buruzkoa, txertatzen duen abuztuaren 1eko 25/2011

Lege berriagora arte. Nahitaezko erkidego‑harmonizaziorako erreforma, eta sozietate‑mota horretako zuzenbidearen eraberritzea, aldi berean gertaturiko prozesuak izan dira. Sozietate Anonimoen Legeak eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateen Legeak eragindako dualtasuna gainditu ostean, adierazitako sozietateen araubide juridikoa Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bateginean dago bilduta orain; lege hori uztailaren 2ko 1/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez onartu zen.

Bategiteei eta zatitzeei dagokienez, Espainiako legegilearen lehen aukera sozietate anonimoen bategiteei buruzko 1978ko urriaren 9ko 77/855/EEE Zuzentarauaren eta sozietate horien zatitzeei buruzko 1982ko abenduaren 17ko 82/891/EEE Zuzentarauaren edukia sozietate anonimoak eta erantzukizun mugatuko sozietateak erregulatzeko lege berezietan biltzea izan zen (uztailaren 25eko 19/1989 Legearen 6. eta 13. artikuluak), baina ondoren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko urriaren 26ko 2005/56/EE Zuzentaraua –kapital‑sozietateen mugaz haraindiko bategiteei buruzkoa– barneko Zuzenbidean txertatu zenez, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko azaroaren 13ko 2007/63/EE Zuzentaraua ere –Hirugarren eta Seigarren Zuzentarauak aldatzen dituena–, merkataritza‑sozietateen egiturazko aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legea onartzearen alde egin zuen, merkataritza‑sozietateen 2002ko Kode Proposamenak aldezturiko soluzioari jarraiki. Adierazitako 3/2009 Legean, eredu gisa Zuzentarauen erregimena hartuta, sozietateen eraldatzea, bategitea eta zatitzea ez ezik, aktiboaren eta pasiboaren osoko lagatzea eta egoitza sozialaren nazioarteko lekualdatzea ere arautzen dira.

Kapital‑sozietateen erregimen juridikoaren modernizazio- eta hobekuntza‑prozesu horretan, ezinbestekoa izan da Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Merkataritza Zuzenbideko Atalaren ekarpena, eta horren barruan, Sozietateen Zuzenbideari buruzko Batzorde Txostengilearena, hari baitagokio, hein handi batean, sozietateei buruzko Espainiako Zuzenbideak kalitate nabarmena izatearen meritua.

2.  Azken urteotan Europar Batasunak kapital‑sozietateen zuzenbidea sinplifikatzeari ekin dio, kostuak murrizteko eta kargak errazteko bereziki. Orain arte, politika horren emaitza honako hau izan da: Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko irailaren 6ko 2006/68/EE Zuzentaraua, Kontseiluaren 77/91/EEE Zuzentaraua aldatu zuena, sozietate anonimoak eratzeari dagokionez, baita kapital sozialari eusteari eta hura aldatzeari dagokionez ere; haren edukia Espainiako Zuzenbidean txertatu da, apirilaren 3ko 3/2009 Legearen bitartez (azken xedapenetan lehena). Bestalde, Espainiako legeriak prozesu horri eutsi dio, Erkidegoko Zuzentarauek baimentzen dutenaren barruan; horren isla da arestian adierazitako abuztuaren 1eko 25/2011 Legea, besteak beste, batzar nagusiak deitzea, estatutuetan eginiko zenbait aldaketa prentsan argitaratzea, urteko kontuen gordailuaren eta kitatzearen erregimen juridikoaren tankerako gai garrantzitsuak jorratzen dituena.

Sinplifikatzeko helburu beraren ondorio dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/109/EE Zuzentaraua, 2009ko irailaren 16koa, Kontseiluaren 77/91/EEE, 78/855/EEE eta 82/891/EEE zuzentarauak eta 2005/56/EE Zuzentaraua aldatzen dituena, bategiteen eta zatiketen kasuan informatzeko eta dokumentatzeko betebeharrei dagokienez. 2009/109/EE Zuzentaraua Espainiako Zuzenbidean txertatzeko epea 2011ko ekainaren 30ean amaitu izanak justifikatzen du errege lege‑dekretuaren figurara jo behar izatea. Lehenik eta behin, Espainiako kapital‑sozietateek ez dutelako zertan Batasuneko gainerako estatuetako legerien mende dauden sozietateek baino legezko eregimen gogorragoa izan, eragin negatiboa izango bailuke, gainera, Batasuneko gainerako antolamendu juridikoekiko lehian; eta bigarrenik, Europar Batasunak transposizioa atzeratzekotan Espainiari jarriko liokeen isunak ondorio ekonomiko garestiak izango lituzkeelako. Hortaz, Konstituzioaren 86.1 artikuluan adierazita bezala, Gobernua errege lege-dekretu bidez lege-maila duten xedapenak hartzeko gaitzen duten aparteko eta presazko beharrak badaude, zalantzarik gabe.

3.  Espainiako Zuzenbidean 2009/109/EE Zuzentarauaren arauak bildu izanak zera eskatzen du: lehenik, Kapital Sozietateei buruzko Legea aldatzea, sozietate anonimoan diruzkoak ez diren ekarpenak balioesteko aditu independentearen txostenaren eskakizunari salbuespen berriak eransteko; eta, batez ere, merkataritza‑sozietateen egiturazko aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legearen zenbait artikulu aldatzea.

Hori guztia, bategiteen araubide juridikoko zenbait alderdi, mugaz haraindikoena barne, eta zatitzeen araubidea sinplifikatzeko helburuz, adierazitako zuzentarauan ezarritakoari jarraiki. Zatitzeen erregimena bategiteen eskakizunetara igorrita arautzen den heinean –apirilaren 3ko 3/2009 Legeko III. tituluko II. kapituluan bildutako salbuespenak alde batera utzita–, bategiteei buruzko arauak dira erreformaren ondorioak gehien jasan dituztenak.

III

1.  Bategiteei eta zatitzeei dagokienez, 2009/109/EE Zuzentarauak sinplifikatu egiten du, zenbait kasutan, sozietateko kideen eskura jarri beharreko dokumentu‑kopurua edo haien edukia, eta arindu egiten ditu sozietateekin loturiko eragiketa horiek, bategite‑akordioaren aurreko publizitatea kapital‑sozietateen web‑orrien bidez zabalduz, bategiteko eta zatitzeko proiektuak merkataritza‑erregistroan sartzearekiko alternatiba gisa. Ildo berean, sozietateak egin beharreko komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez egiteko aukera aurreikusten du, betiere, sozietateko kideak hala onartzen badu.

Errege Lege Dekretuak berrikuntza horiek biltzen ditu eta bereziki zaintzen du sinplifikatzeak ez eraginik izatea sozietateko hartzekodunen eta langileen behar bezalako babesean. Berrikuntzak Dekretuan txertatzerakoan aintzat hartu da 2009/109/EE Zuzentarauan bildutako berritasunen arau‑esparrua, apirilaren 3ko 3/2009 Lege zinez konplexua gauzatzeko erabilitako politikari eta legegintza‑teknikei buruzko printzipio orokorrekin alderatuta; eta horregatik sortu da apirilaren 3ko 3/2009 Legearen II. tituluko artikuluak berridazteko premia.

Aldi berean, merkataritza‑sozietateen funtzionamendua errazteko eta gero eta premiazkoago den kostuen aurreztea ahalbidetzeko, Errege Lege Dekretuak web‑orria eta komunikazio elektronikoak bultzatzen ditu, eta hori guztia Kapital Sozietateei buruzko Legearen II. kapituluan, web‑orrien erregimen juridiko orokorra bilduta eta sozietatearen eta kideen artean komunikazio elektroniko horiek aurreikusita egiten du. Adierazitako web‑orriaren erregimen juridiko orokorrari dagokionez –sozietate kotizatuentzako nahitaezkoa dena–, araututa dago hura sortzea, aldatzea, lekualdatzea eta ezabatzea; administratzaileek bertan txertatutakoaren gainean dituzten betebeharrak ezarri dira; eta sarbidea eteteari buruzko gaiak arautu dira.

2.  Hartzekodunek aurka agertzeko duten eskubideak Espainiako legerian duen konfigurazio tradizionala mantentzen du errege lege-dekretuak. Adierazitako legerian eskubide hori aitortzeko ez da baldintzatzat jartzen sozietate zordunaren finantza‑egoerak zaintza berezia behar izatea. Gai horri dagokionez, 78/855/EEE, 82/891/EEE, 2005/56/EE Zuzentarauen edukiek duten babes‑erregimen minimoko izaerak, eta orain txertatzen denak, gure zuzenbidean babestutako hartzekodunen zabaltze subjektiboari eusteko legitimotasuna ematen dute. Baina, Zuzentarauari jarraiki, aurkaratze legitimoaren kasuan sozietatearen kargurako betebeharrak urratzeak bategitearen edo zatitzearen eraginkortasunari eragitea saihesteaz gain, Errege Lege Dekretuak hartzekodunen jarduteko ahalmena zabaltzen du, legeak esanbidez debekatzen duen arren, bategitea edo zatitzea aurkariaren aldeko beharrezko bermeak eman gabe egiten den kasuetan.

Errege Lege Dekretuak dioenaren arabera, aurkaratze‑eskubidea behar den epean eta behar bezala gauzatu arren, bategitea sozietateak bermerik eman gabe gauzatu bada, hartzekodunak Merkataritza Erregistroari eska diezaioke inskripzioaren albo‑ohar baten bitartez eskubide hori baliatu dela agerraraztea, horrela, albo ohar hori egin den egunaren ondorengo sei hilabeteetan, Merkataritza Arloko Epaitegiaren aurrean sozietate xurgatzailearen aurkako edo sozietate berriaren aurkako demanda aurkezteko aukera izan dezan, kredituaren ordainketaren bermea eman dezala eskatuz.

IV Amaitzeko, Errege Lege Dekretuak aldatu egin du egiturazko aldaketen legean idatzitako arauen idazketa, honako bi kasu hauetan: mugaz haraindiko bategiteetan bazkideen banatzeko eskubidearen kasuan, eta egoitza soziala atzerrira lekualdatzearen kasuan. Lege horrek banatzeko eskubidea aitortzen dio bazkideari adierazitako bi kasuetan, baina «erantzukizun mugatuko sozietateentzat ezarritakoaren arabera» egiten bada bakarrik. Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina promulgatzearekin batera martxoaren 23ko 2/1995 Legea, erantzukizun mugatuko sozietateei buruzkoa, indargabetu zen, eta hark biltzen zuen banatze‑eskubidearen erregimena orokortu egin zen. Apirilaren 3ko 3/2009 Legeak indargabeturiko erregimen horri egiten dion erreferentzia, nahasgarria da, besterik ez bada; horregatik, eta oinarrizko segurtasun juridikoak hala eskatuta, ezinbestekoa da erreferentzia hori aldatzea, erregimena Kapital Sozietateei buruzko Legeko IX. tituluan ezarritakoa izan dadin, horren bidez arautzen baita eskubide hori baliatzeko aukera, legezko edo estatutupeko banatze‑kausa gertatzen denean.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimena baliatuz, Justizia ministroaren proposamenari jarraiki, eta Ministroen Kontseiluak 2012ko martxoaren 16ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATU DUT:

1. artikulua. Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina aldatzea, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua.

Bat. I. tituluko II. kapituluan atal berri bat txertatu da, 4.a hain zuzen ere; atal hori 11 bis (egungo idazketa aldatu egin da), 11 ter eta 11 quater artikuluek osatzen dute.

«4. atala.  Web‑orria 11. bis artikulua.  Sozietatearen web‑orria.

1.  Kapital‑sozietateek web‑orri korporatibo bat izan ahalko dute. Orri hori nahitaezkoa izango da sozietate kotizatuentzat.

2.  Web‑orri korporatibo bat sortzea, sozietatearen Batzar Nagusiak adostu beharko du. Batzarraren deialdian, berariaz emango da web‑orria sortzearen berri bileraren gai‑zerrendan. Estatutu‑xedapenetan kontrakoa adierazi ezean, sozietatearen web‑orria aldatzea, lekualdatzea edo ezabatzea administrazio‑organoaren eskumena izango da.

3.  Web‑orria sortzeko erabakia dagokion merkataritza‑erregistroan sozietateari irekitako orrian adieraziko da eta merkataritza-erregistroaren aldizkari ofizialean argitaratuko da.

Web‑orria aldatzeko, lekualdatzeko edo ezabatzeko erabakia dagokion merkataritza-erregistroan sozietateari irekitako orrian adierazi beharko da, eta merkataritza-erregistroaren aldizkari ofizialean argitaratuko da, baita aldatzea, lekualdatzea edo ezabatzea erabaki den web‑orrian bertan ere, erabakia hartu zen egunaren biharamunetik hogeita hamar eguneko epean.

Sozietatearen web‑orria doan argitaratuko da Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean.

Web‑orriari buruzko informazioa Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den arte, sozietateak web‑orrian sarturikoak ez du ondorio juridikorik izango.

Estatutu sozialek ezar dezakete erabaki horiek kide bakoitzari modu indibidualean jakinaraztea, Merkataritza Erregistroan sozietateari irekitako orrian adierazi baino lehen.

11 ter artikulua.  Web‑orriko argitalpenak.

1.  Sozietateak web‑orriaren segurtasuna eta bertan argitaratutako dokumentuen egiazkotasuna bermatuko ditu; halaber, bertan sartzeko aukera eta han txertatutakoa deskargatzekoa eta inprimatzekoa ere bermatuko ditu.

2.  Web‑orrian dokumentuak txertatu izanaren proba eta txertatze hori egin deneko data sozietateak kargatuko ditu.

3.  Administratzaileek web‑orrian txertatutakoa legeak eskatutako epean bertan izateko betebeharra dute, eta elkarri modu solidarioan erantzungo diote, baita sozietateari ere, kideen, hartzekodunen, langileen eta hirugarrenen aurrean, web‑orrirako sarbidea aldi baterako eteteak sorturiko kalteengatik, salbu eta etetea ezusteko batek edo ezinbesteko kausa batek eragin badu. Txertatutakoari legeak eskaturiko denboran eutsi zaiola egiaztatzeko, nahikoa izango da administrarien adierazpena. Adierazpen hori edozein interesdunek hutsaldu ahalko du Zuzenbidean onargarri den edozein frogaren bitartez.

4.  Web‑orrira sartzeko ezintasunak jarraiko bi egunetik gora edo txandakako lau egunetik gora irauten badu, ezingo da orri horretan txertaturiko dokumentuari buruz erabakitzeko deituriko batzar nagusirik egin, egiaz argitaratuta egon den guztizko egun‑kopurua legeak eskaturikoaren bera edo handiagoa izan ezean.

Legeak batzar nagusia egin ostean txertaturiko informazioari eustea eskatzen duen kasuetan eteterik gertatzen bada, denbora luzeagoan eduki beharko da txertatuta, alegia, sarbidea etenda egon den egun‑kopuru berean.

11. quater artikulua.  Bitarteko elektronikoen bidez eginiko komunikazioak.

Sozietatearen eta sozietateko kidearen arteko komunikazioak, dokumentuak eta informazioa bidaltzea barne, bitarteko elektronikoak erabilita egin ahalko dira, kideak esanbidez onartu duenean.

Bi.  Hiru idatz‑zati berri erantsi dira 69. artikuluaren amaieran; c), d) eta e) idatz‑zatiak hain zuzen. Honako hau diote:

«c)  Bategite edo zatitze bidez sozietate berri bat eratzean kanpoko aditu batek bategite edo zatitze proiektuari buruz txostena egin duenean.

d)  Kapital soziala sozietate xurgatuko edo zatituko kideei akzio edo partaidetza berriak entregatzeko helburuarekin handitu denean, eta kanpoko aditu batek bategiteko edo zatitzeko proiektuari buruz txostena egin duenean.

e)  Kapital soziala handitzearen helburua akzio berriak akzioak eskuratzeko eskaintza publikoaren xede den sozietateko akziodunei entregatzea denean.» 2. artikulua.  Merkataritza‑sozietateen egiturazko aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legea aldatzea.

Bat.  Honako hau da 32. artikuluaren testu berria:

«32. artikulua.  Publizitatea.

1.  Administratzaileak behartuta daude bategite-proiektua bategite horretan parte hartzen duten sozietateetako bakoitzaren web‑orrian jartzera. Bategiteproiektua web‑orrian txertatzeari buruzko informazioa doan argitaratuko da Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialean, eta bertan esanbidez adieraziko da hura zer web‑orritan dagoen eta noiz txertatu den.

Web‑orrian txertatzea eta gertakari hori Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bategitea erabakiko duen batzar nagusia egiteko aurreikusitako data baino hilabete lehenago egin beharko dira gutxienez. Bategiteproiektuari buruzko informazioa web‑orrian ikusgai egongo da hartzekodunek bategitearen aurka egiteko eskubidea baliatzeko epea amaitu arte.

2.  Bategitean parte hartzen duen sozietateetakoren batek web‑orririk ez badu, administratzaileak bategite proiektuaren ale bat hura erregistratuta dagoen merkataritza-erregistroan uztera behartuta daude. Proiektua erregistroan sartu ostean, erregistratzaileak merkataritza-erregistratzaile zentralari jakinaraziko dio informazio hori erregistroan sartu dela, eta zer egunetan sartu den, hark berehala eta doan argitara dezan Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialean.

3.  Bategitearen gaineko erabakia hartu behar duten sozietateko kideen batzarra deitzeko iragarkia ez da argitaratuko, ezta kideei iragarki horren berri indibidualki emango ere, informazioa txertatu izanaren berri eman aurretik, edo proiektua Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialean jarri aurretik.» Bi.  34. artikuluan 1. paragrafoko lehenengo lerrokada aldatu da, eta oraingo 4. eta 5. paragrafoak, 3. eta 4. paragrafoak izango dira aurrerantzean. Honako hau da testu berria:

«1.  Bategitean parte hartzen duen sozietateetakoren bat anonimoa edo akzio bidez komanditarioa denean, bat egiten duen sozietate bakoitzaren administratzaileek helbide sozialari dagokion merkataritza‑erregistratzaileari aditu independente bat edo batzuk izenda ditzan eskatu beharko diote, bakoitzak bere aldetik bategite-proiektuari buruzko txostena igor dezan.

Aurrekoa gorabehera, aurreko paragrafoan adierazitako bat egiten duten sozietate guztietako administratzaileek txosten bakar bat egingo duen aditu bat edo batzuk izendatzea eska diezaiokete merkataritzako erregistratzaileari. Sozietate xurgatzailearen egoitza sozialari dagokion merkataritzako erregistratzaileak izango du izendapena egiteko eskumena, edo bestela, bategite proiektuan sozietate berriaren egoitza gisa agertzen denari dagokionak.

2.  Izendatutako adituek, erabilgarritzat jotzen duten informazio eta dokumentazio guztia eskuratu ahalko dute, inolako mugarik gabe, bategitean parte hartzen duten sozietateengandik; eta halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten egiaztapen guztiak egin ahalko dituzte.

3.  Adituaren edo adituen txostenak bi zati izango ditu: lehenengoan, administratzaileek akzioen, partaidetzen edo desagertzen diren sozietateetako kideen kuoten truke‑mota ezartzeko erabilitako metodoak azaldu beharko dituzte, baita metodo horiek egokiak diren ala ez, zer baloretara bideratzen duten adierazita, eta halakorik balego, balioesteko zailtasun berezirik izan den, eta beren iritzia eman beharko dute truke‑motaren gainean, justifikatuta dagoen ala ez adierazteko; eta bigarrenean, desagertzera doazen sozietateek emandako ondarea, gutxienez, sozietate berriarenaren berdina den edo sozietate xurgatzailearen kapitala hazitako zenbatekoaren berdina den esan beharko dute.

4.  Honako kasu hauetan, bategite-proiektuari buruzko adituaren edo adituen txostenaren edukian bigarren zatia bakarrik bilduko da:

a)  Bategitean parte hartzen duten sozietate guztietan boto‑eskubidea duten kide guztiek hala erabakitzen dutenean, baita, Legearen edo estatutu sozialen arabera, eskubide horren jabe diren pertsona guztiek ere.

b)  Sozietate xurgatzailea, zuzenean edo zeharka, xurgatutako sozietatearen edo sozietateen kapital soziala zatitua dagoen akzio edo partaidetza guztien titularra denean.» Hiru.  3. paragrafoa erantsi zaio 36. artikuluari, eta honako hau dio:

«3.  Bategitean sozietate anonimo kotizatu batek edo batzuek parte hartzen badute –aintzat hartuta haien baloreak bigarren mailako merkatu ofizial batean edo egoitza Europar Batasunean duen merkatu arautu batean negoziatzeko onartuta daudela–, bategitearen balantzea balore‑merkatuari buruzko legeriak eskaturiko bakoitzaren seihileko finantza‑txostenagatik ordezkatu ahalko da; betiere, txosten hori itxita badago eta bategite proiektuaren dataren aurreko sei hilabeteetan argitaratu bada. Txostena akziodunen eskura jarriko da bategitearen balantzearentzat ezarritako modu berean.» Lau.  Honako hau da 39. artikuluaren testu berria:

«1.  Bategiteari buruzko erabakia hartu behar duten kideen batzarrak deitzeari buruzko iragarkia argitaratu baino lehen, edo kideei indibidualki deialdi horren berri eman baino lehen, administratzaileek sozietatearen web‑orrian jarraian zerrendatuko diren dokumentuak txertatu beharko dituzte, haiek deskargatzeko eta inprimatzeko aukerarekin. Sozietateak web‑orririk ez badu, administratzaileek adierazitako dokumentuak kideen, obligaziodunen, eskubide berezien titularren eta langileen ordezkarien esku jarri beharko dituzte, egoitza sozialean. Hona hemen dokumentuen zerrenda:

1. Bategite‑proiektua.

2.  Hala badagokio, bategite-proiektuari buruz sozietate bakoitzeko administratzaileek emandako txostenak.

3.  Hala badagokio, aditu independenteen txostenak.

4.  Azken hiru ekitaldietako urteko kontuak eta kudeaketa txostenak, baita kontu‑ikuskarien txostenak ere (legez eska daitezkeen sozietateetakoak).

5.  Sozietateetako bakoitzaren bategite‑balantzea, onarturiko azken urteko balantzearen desberdina bada; horrekin batera, eska badaiteke, ikuskaritza‑txostena, edo sozietate kotizatuen bategitearen kasuan, balantzea ordezkatu duen seihileko finantza‑txostena.

6.  Eskritura publikoan sarturiko indarreko estatutu sozialak eta, hala badagokio, dokumentu publikoan sartuko diren itun adierazgarriak.

7.  Sozietate berria eratzeko idazketa‑proiektua, edo xurgatze bat bada, sozietate xurgatzailearen estatutuen testu osoa, edo halakorik ez badago, hura zuzentzen duen eskritura, sartu beharreko aldaketak nabarmenduta.

8.  Bategitean parte hartzen duten sozietateetako administratzaileen izen‑abizenak, beren karguak betetzen hasi zireneko data eta, hala badagokio, bategitearen ondorioz administratzaile gisa proposaturikoen datu berak.

2.  Sozietateak ez badu web‑orririk, sozioek, obligaziodunek, eskubide berezien titularrek eta langileen ordezkariek, zuzenbidez onartutako edozein bidez hala eskatzen badute, aurreko paragrafoan adierazitako dokumentuen kopia osoa egoitza sozialean aztertzeko eskubidea izango dute, baita bakoitzaren ale bat doan jasotzekoa ere.

3.  Bat egiten duten sozietateetakoren bateko aktiboan edo pasiboan gertatutako aldaketa garrantzitsuak, bategite‑proiektua idazten den egunaren eta proiektua onartu behar duen bazkideen batzarraren bilera‑egunaren artean gertatzen direnean, bat egiten duten sozietate guztien batzarrari jakinarazi beharko zaizkio. Horretarako, aldaketak eduki dituen sozietateko administratzaileek, gainerako sozietateen administratzaileei eman beharko diete haien berri, bakoitzak bere batzarri jakinaraz diezazkion. Informazio hori ezin izango da eskatu, baldin eta bategitean parte hartzen duten sozietate guztietan boto‑eskubidea duten kide guztiek eta, hala badagokio, Legearen edo estatutuen arabera, eskubide horren jabe diren pertsona guztiek, hala erabakitzen badute.» Bost.  40. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egin da eta, hemendik aurrera, honako hau izango da:

«2.  Batzarraren deialdia argitaratzea edo deialdi horren berri kideei banan‑banan ematea, batzarra gauzatzeko aurreikusitako data baino gutxienez hilabete lehenago egin beharko da. Deialdiak legeak eskatzen dituen bategite‑proiektuaren gutxieneko aipamenak bildu beharko ditu, eta aurreko artikuluan adierazitako dokumentuak sozietatearen web‑orrian argitaratu zireneko dataren berri emango du; eta sozietateak web‑orririk ez badu, kideek, obligaziodunek, eskubide berezien titularrek eta langileen ordezkariek egoitza sozialean dokumentu horien kopiak aztertzeko eta dokumentu horiek doan eskuratzeko duten eskubidea aipatuko du.» Sei.  Hau da 42. artikuluaren testu berria:

«1.  Bategiteari buruzko erabakia legeak eskatzen dituen dokumentuak aldez aurretik argitaratu edo erregistroan utzi gabe, eta bategiteari buruzko administratzaileen txostenik gabe hartu ahal izango da, baldin eta, erabaki hori bategitean parte hartzen duen sozietate bakoitzean, batzar orokorrean eta boto eskubidea duten kide guztiek aho batez hartzen badute, eta hala badagokio, Legearen edo estatutuen arabera, eskubide horren jabe diren pertsona guztiek hala erabakitzen badute.

2.  Langileen ordezkariek bategiteari buruzko informazioa jasotzeko dituzten eskubideak, enpleguan izan dezakeen eragina barne, ez dira murriztuko, bategitea batzar orokorrean onartu izanagatik.» Zazpi.  44. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egin da eta 4. paragrafo berria erantsiko zaio, honako hau dioena:

«2.  Epe horretan, bat egiten duen sozietate bakoitzeko hartzekodunek bategitearen kontra egin ahalko dute, baldin eta sozietate horien kreditua bategite‑proiektua sozietatearen web‑orrian txertatu edo proiektu hori Merkataritza Erregistroan gorde baino lehen sortu bazen, eta une horretan ez bazegoen mugaeguneratuta. Aurka egiteko egoerak adierazitako kredituak bermatu arte iraungo du. Bategite‑proiektua ez bada sozietatearen web‑orrian txertatu, ezta dagokion Merkataritza Erregistroan sartu ere, kredituaren sortze‑datak bategitearen erabakiaren argitaratze‑dataren edo erabaki hori hartzekodunari indibidualki jakinarazteko dataren aurrekoa izan beharko du.

Obligaziodunek aurka egiteko eskubidea gainerako hartzekodunen baldintza beretan baliatu ahalko dute, salbu eta bategitea obligaziodunen batzarrean onartu bada.

Kredituak behar beste bermaturik dituzten hartzekodunek ez dute aurka egiteko eskubiderik izango.» «4.  Bategiteak aurrera egin badu, legezko hartzekodun batek aurka egiteko eskubidea garaiz eta behar bezala baliatu arren, aurreko paragrafoan ezarritakoa bete gabe, aurka egin duen hartzekodunak bategitea inskribatu den Merkataritza Erregistroari eskatu ahalko dio aurka egiteko eskubidea baliatu dela idatziz jasotzea, inskripzioan albo‑ohar bat eginez.

Erregistratzaileak albo‑ohar bat egingo du, eskatzaileak frogatzen badu aurka egiteko eskubidea garaiz eta behar bezala baliatu duela, hartzekodun den sozietateari eginiko komunikazio frogagarriaren bitartez. Albo‑oharra ofizioz ezereztuko da egin zenetik sei hilabete igarotakoan, salbu eta aurretik prebentziozko idatzohar baten bitartez jakinarazi bada sozietate xurgatzailearen aurka edo sozietate berriaren aurka demanda jarri dela merkataritza‑arloko epaitegian eta horren bitartez kredituaren ordainketaren bermea ematea eskatu dela, lege honetan ezarritakoari jarraiki.» Zortzi.  Hau da 45. artikuluaren 1. paragrafoaren testu berria:

«1.  Bat egiten duten sozietateek bategiteko erabakia eskritura publiko bihurtuko dute. Eskriturari sozietateen bategitearen balantzea erantsiko zaio, edo, sozietate kotizatuen bategiteen kasuetan, balantzea ordezkatzen duen sei hileko finantza‑txostena.» Bederatzi.  Hau da 50. artikuluaren 2. paragrafoaren testu berria:

«2.  Bategite‑proiektuan, akzioak edo sozietateen partaidetzak eskuratzeko ezarritako balioa agertuko da. Beren akzioak edo partaidetzak sozietate xurgatzaileari igortzeko nahia agertzen duten, baina haientzat proiektuan jasotako balioarekin ados ez dauden, kideek bi aukera izango dituzte, betiere beren akzioak edo partaidetzak besterendu nahi zituztela jakinarazi zuten egunetik zenbatzen hasita sei hilabeteko epean baliatzen badituzte aukerok. Batetik, sozietate xurgatzailearen egoitzari dagokion merkataritza‑erregistroari eskatu ahalko diote kontu‑ikuskari bat izendatzea, sozietatearen ikuskari bera izango ez dena, beren akzioen edo partaidetzen arrazoizko balioa eman dezan. Bestetik, sozietateak akzio horiek prozeduran ezarritako arrazoizko balioan eskuratu ahal izateko egoki diren akzio judizialak baliatu ahalko ditu.» Hamar.  Hau da 51. artikuluaren 1. paragrafoaren testu berria:

«1.  Sozietate xurgatzailea xurgatuko den sozietate anonimoaren edo sozietate anonimoen, edo erantzukizun mugatuko sozietateen kapital sozialaren ehuneko laurogeita hamarraren edo gehiagoren zuzeneko titularra denean, bategitea ez du sozietate xurgatzailearen kideek osaturiko batzarrak onartu beharko, betiere bategiteari buruzko irizpena eman behar duten sozietate xurgatuen batzarra edo batzarrak egin baino hilabete lehenago, gutxienez, edo partaidetza osoko sozietateen kasuan, xurgatzea gauzatzeko aurreikusitako data baino hilabete lehenago, eragiketan parte hartzen duen sozietate bakoitzak proiektua jakinarazi badu.

Jakinarazpen hori sozietatearen web‑orrian argitaraturiko iragarki baten bidez egin beharko du, eta web‑orririk ez badago, Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean, edo sozietateetako bakoitzak egoitza duen probintzian zabalkunde handia duen egunkari batean; bertan adieraziko da sozietate xurgatzailearen kideek eta bategitean parte hartzen duten sozietateetako hartzekodunek 39. artikuluko 1. paragrafoko 1, 3 eta 4. lerrokadetan, edo, hala badagokio, 2 eta 5. lerrokadetan adierazitako dokumentuak egoitza sozialean aztertzeko duten eskubidea, baita, web‑orrian argitaratu ez denean eta 32. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, haien testu osoa doan jasotzeko eskubidea ere.

Iragarkian zera adierazi beharko da, halaber, gutxienez kapitalaren ehuneko bata ordezkatzen duten kideek xurgatzea onartzeko sozietate xurgatzailearen batzarra egin dadin eskatzeko duten eskubidea, baita sozietate horretako hartzekodunek bategiteari kontra egiteko duten eskubidea ere, proiektua lege honetan ezarritako baldintzetan argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean.» Hamaika.  Honako hau da 62. artikuluaren testu berria:

«Mugaz haraindiko eta erkidego barruko bategite batean parte hartzen duten Espainiako sozietateetako kideak, emaitza gisa egoitza beste estatu kide batean egotea duen bategitearen aurka bozkatu dutenean, sozietatetik banandu ahalko dira, Kapital Sozietateei buruzko Legearen IX. tituluan ezarritakoari jarraiki.» Hamabi.  78 bis artikulu berria erantsi da. Honela egongo da idatzita:

«78 bis artikulua.  Baldintzak sinplifikatzea.

Sozietate berriak eratzeagatiko zatitzearen kasuan, sozietate berri bakoitzaren akzioak, partaidetzak edo kuotak, bereizten den sozietateko kideei esleitzen bazaizkie haren kapitalaren gainean zituzten eskubideen proportzio berean, ez da zatitze‑proiektuari buruzko administratzaileen txostenik beharko, ez aditu independenteen txostenik, ezta zatitze‑balantzerik ere.» Hamahiru.  Hau da 99. artikuluaren testu berria:

«Egoitza soziala atzerrira aldatzearen aurka bozkatu duten kideak sozietatetik bereizi ahalko dira, Kapital Sozietateei buruzko Legearen IX. tituluan ezarritakoari jarraiki.» Azken xedapenetan lehena.  Eskumen‑titulua.

Errege lege-dekretu hau, Konstituzioaren 149.1.6 artikuluak merkataritza‑legegintzaren arloan Estatuari bakarrik esleitzen dizkion eskumenen babesean onartu da.

Azken xedapenetan bigarrena.  Erkidegoko Zuzenbidea txertatzea.

Errege lege-dekretu honen bidez, honako hauek txertatuko dira Espainiako legedian: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/109/EE Zuzentaraua, 2009ko irailaren 16koa, Kontseiluaren 77/91/EEE, 78/855/EEE eta 82/891/EEE Zuzentarauak eta 2005/56/EE Zuzentaraua aldatzen dituena, bategiteen eta zatitzeen kasuan informatzeko eta dokumentatzeko betebeharrei dagokienez.

Azken xedapenetan hirugarrena.  Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2012ko martxoaren 16an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra