Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

4/2018 Legea, ekainaren 11koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina aldatzen duena; azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori.

2018-06-11

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/06/12 142.zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7832    4/2018 Legea, ekainaren 11koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen

Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina aldatzen duena; azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Lege honen jatorria Nafarroako Parlamentuaren ekimen batean dago, zeina 2017ko urtarrilaren 19ko osoko bilkuran onartu baitzen Konstituzioaren 87.2 artikuluak jasotzen dituen aurreikuspenekin bat.

Lege honen bidez egiten den arau-aldaketaren helburua da ordenamendu juridikotik desagerraraztea aukera berdintasuna mugatzen duten eta edozein arrazoia dela-eta diskriminazioa sustatzen duten alderdiak, hain zuzen, negozio juridiko, prestazio edo zerbitzu batzuen eduki diskriminatzaileari dagokionez; kasu honetan, GIB/HIESa edukitzeagatik edo beste osasun-egoera batzuetan egoteagatik.

Mota horretako xedapen diskriminatzaileek estigma soziala eta pertsona seropositiboen diskriminazio legala areagotzen dute. Adibide moduan, gaixotasun hori dutenek, asegurua kontratatu nahi dutenean, gaixotasuna dutela aitortu behar dute gaur egungo legeek horretara behartzen dituztelako. Horrek aipatutako estigmatizazio fenomenoa areagotzen du. Bada, hala ere, adostasun sozial zabala klausula baztertzaile eta diskriminatzaile horien kontrakoa; gainera, klausula horiek eragozpen dira eraginpeko pertsonek bizitza normaltasunez gara dezaten.

Zuzenbide pribatuak borondatearen autonomia aitortzen die alderdiei itunak ezarri eta kontratuak egiteko; baina autonomia hori ezin da erabili pertsonak diskriminatzeko gaixotasun bat dutelako edo beste osasun-egoera batean daudelako. Beraz, lege bat eman behar da deuseztatu ahal izateko egoera horietan dauden pertsonak diskriminatzen edo baztertzen dituzten klausula, estipulazio, baldintza edo itunak. Eta lege honek justizia sozialeko behar bati erantzuten dio.

Modu errazean antolatu da legea. Artikulu bakarra du, bi apartatuz osatua. Lehenengo apartatuak mota horretako klausulak deuseztatzen dituen xedapen gehigarri bat sartzen du azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuan; legegintzako errege-dekretu horren bidez onartu zen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina. Bigarrenak, berriz, azkenengo xedapen bat sartzen du, laugarrena; horren arabera, Gobernuari urtebeteko epea ematen zaio lege-proiektu bat aurkez dezan, zeinetan xedatuko baitu lege honetan erabakitakoa beste gaixotasun batzuekin loturik ere aplikatu ahalko dela, baldin eta harreman juridikoetan ondore baztertzaile berberak sortzen badira.

Halaber, bi azken xedapen gehitzen dira. Lehenengoak Aseguru Kontratuaren urriaren 8ko 50/1980 Legea aldatzen du ezabatzeko GIB/HIESa edo beste osasun-egoera batzuk direla-eta aipatutako sektorean egiten den diskriminazioa. Azken xedapenetako bigarrenak legearen indarrean jartzea arautzen du.

Artikulu bakarra.

Honela geratzen da idatzita Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua:

Bat. Gehitu egiten da xedapen gehigarri bakarra, eta honela dio:

«Xedapen gehigarri bakarra. Klausula batzuk deuseztea.

  • 1.  Klausula, estipulazio, baldintza edo itun bat deuseza izango da alderdietako bat baztertzen badu GIB/HIESa edukitzeagatik edo beste osasun-egoera batean egoteagatik.

  • 2.  Era berean, xedapen honetan estipulatutakoari uko egitea deuseza izango da, baldin eta uko egin duena GIB/HIESa duen edo beste osasun-egoera baten eraginpean dagoen pertsona bada.»

Bi. Azken xedapen berri bat gehitzen da, eta honela dio:

«Azken xedapenetako laugarrena. Beste gaixotasun batzuetara zabaltzea.

Gobernuak urtebete izango du lege-proiektu bat aurkezteko. Proiektu horretan xedatuko du lege honen printzipioak beste gaixotasun batzuen kasuan ere aplikatu ahalko direla, gaixotasun horiek direla-eta harreman juridikoetan ondore baztertzaile berberak ematen direla irizten bazaio.»

Azken xedapenetako lehenengoa.

Aseguru Kontratuaren urriaren 8ko 50/1980 Legea aldatzea; hona hemen aldaketa:

Bosgarren xedapen gehigarria txertatzen da, eta honela dio:

«Bosgarren xedapen gehigarria. Diskriminaziorik ez egitea GIB/HIESa edo beste osasun-egoera batzuk direla-eta.

Ezingo da pertsonak diskriminatu GIB/HIESa edukitzeagatik edo beste osasun-egoera batean egoteagatik. Bereziki debekatzen da kontrataziorako irispidea ukatzea, aseguratzaileak erabiltzen ohi dituen kontratazio-prozeduratik desberdina den prozedura ezartzea eta baldintza astunagoak inposatzea GIB/HIESa duen edo beste osasun-egoera batean dagoen pertsonari, baldin eta horrela egiteko arrazoi justifikatuak, proportzionalak eta arrazoizkoak —aurretik era objetiboz dokumentatuak— ez badaude.»

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean, eta aplikatuko zaie izenpetzen diren edo, izenpetuta egonik, aplikagarri zaizkien klausulei, estipulazioei, baldintzei edo itunei

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko ekainaren 11n.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra