22/2003 Konkurtso Legea, uztailaren 9koa
2003-07-09Itzulpena nork: Aristondo, Aiora; Gaminde Egia, Eba; Lobera Revilla, Gotzon; Urrutia Badiola, Andrés
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2003/7/10, 164. zk
I
Lege honek Espainiako ondare-zuzenbidean aspalditik nabaritu den asmo bizia erdietsi nahi du: konkurtsolegeria eraldatzea.
Indarreko legeriari eginiko kritika zorrotz eta oinarridunek, orain arte, ez dute lege-irtenbiderik izan. Presazko kontua izan arren, eta prestatze-lanetan txalotzeko moduko ahaleginak egin badira ere, irtenbideok berandutu dira, indarreko legeriaren akatsak areagotuz, besteak beste: arkaismoa, egungo gizarte eta ekonomiaren errealitateari ez egokitzea, sistema harmonikorik ez izatea, interes berezi jakin batzuek lehentasuna izatea interes orokorrei eta hartzekodunen arteko berdintasun-printzipioari begira; aurreko horiek direla eta, irtenbide bidegabeak eman dira, sarritan gaitzustez gauzatutako azpijoko, abusu eta itxurakeriek eraginda, eta konkurtso-erakundeen arauek ezin izan dituzte horiek modu eragingarrian zigortu.
Gai honetan indarrean dauden arauen arkaismoa eta sakabanaketa XIX. mendeko Espainiako kodegintzaren ondoriozko akatsak dira; arean ere, kodegintza horren ariora, zuzenbide pribatuan bi kode bereizten ziren, zibila eta merkataritzakoa, eta arlo prozesala ere, arlo substantibotik bananduta arautzen zen, Prozedura Zibilaren Legean.
Horrez landara, konkurtso-prozeduren aniztasunak, akatsok areagotu ez ezik, sistemaren eraketa egokia ere oztopatu du; izatez, betiko porrotarekin eta hartzekodunen konkurtsoarekin batera, merkatari direnen eta merkatari ez direnen kaudimengabeziari aplikatzekoak hurrenez hurren, beste batzuk sartu dira, aurreneurrizkoak edo atarikoak, hala nola, ordainketa-etendura nahiz kitaeta itxaronaldi-prozedurak, eta horien baldintza objektiboak oso argiak ez direnez gero, zaila da guztien arteko mugak finkatzea.
Ordainketa-Etendurari buruzko 1922ko uztailaren 26ko Legea kasu zehatza konpontzeko behin-behineko lege moduan aldarrikatu bazen ere, gure konkurtso-zuzenbidearen oinarrizko atal bihurtu zen, arauketaren malgutasunari esker; lege horrek merkatarien ondare-krisiei aplikatzeko tratamendua bigundu zuen, baina, aldi berean, arauketaren koherentziarik eza areagotu zuen, sistema harmoniko batek izan beharreko printzipio orokorrak eta garapen sistematikoa falta zitzaizkiolako arauketa horri, eta, azkenik, gehiegikeria nabariak ahalbidetu zituelako.
Halaber, Espainiako konkurtso-zuzenbidearen egoera larriagotu egin da gertakari anakroniko batzuk direla medio, esaterako, lehenengo Merkataritza Kodearen zenbait artikulu indarrean egotea. Kode hori Fernando VII.ak aldarrikatu zuen 1829ko maiatzaren 30ean, eta horren artikulu batzuk indarrean daude, 1881eko otsailaren 3ko Prozedura Zibilaren Legeak, 1885eko abuztuaren 22ko Merkataritza Kodearen aurrekoak, aipatzen dituelako, eta gai honetan lege horri eutsi behar zaio Konkurtso Lege hau indarrean jarri arte, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen xedapen indargabetzaile bakarraren 1. paragrafoak dioenez.
Egundaino, legegile espainiarrak ez ditu konpondu gaitzok.
1897ko ekainaren 10eko Legeak 1885eko Merkataritza Kodean eragin zuen eraldaketa arina gorabehera, eta Ordainketa-Etendurari buruzko 1922ko legeak sortu zuen aldaketa esanguratsua alde batera utzita, lege-aldaketak zatikakoak eta gai zehatz batzuei buruzkoak izan dira. Modu horretan, konkurtso-sistema hobetu beharrean, korapilatu egin da: arau berezi eta salbuespenekoak gehiago sakabanatu dira, eta, maiz-sarri, hartzekodunen hurrenkeran beti zuzenak izan ez diren pribilegio eta aldaketak sartu dira.
Konkurtsoa eraldatzeko ibilbidean, alabaina, izan dira legearen aurreko lan goresgarriak ere.
Hor dago, berbarako, Kodegintzarako Batzorde Nagusiak 1926ko ekainaren 10eko Errege Aginduaren ondorioz egindako lana. Lan horri esker, Merkataritza Kodearen aurreproiektu bat egin zen, gai honi dagokionez 1929ko urriaren 15eko Madrilgo Gazetan argitaratu zena; horrek argiro bereizi zituen porrotaren eta ordainketa-etenduraren kasuak. Horrez landa, hurrengo lanak ere azpimarratu behar dira:
a) Ikaskuntza Politikoen Institutuko Justizia Sailak eginiko aurreproiektua, 1959. urtean amaitutakoa, baina modu ofizialean argitaratu ez zena. Horretan, lehenengo saiakera egin zen, konkurtso-erakundeen alde substantiboa eta prozesala batera arautzeko, merkatarientzat zein merkatari ez zirenentzat; hala ere, prozeduren bikoiztasunari eutsi zitzaion, baldintza objektiboen arabera, eta horrek ekarri zuen bi irtenbide izatea, hurrenez hurren: likidazioa eta hitzarmena.
b) 1978ko maiatzaren 17ko Ministerio-aginduetan xedatutakoaren ondorioz Kodegintzarako Batzorde Nagusiak egindako aurreproiektua, 1983ko ekainaren 27an Justizia Ministerioko Idazkaritza Nagusi Teknikoak testu artikuludun gisa argitaratutakoa. Aurreproiektu horren oinarriak ondokoak ziren: lege-batasuna -materiala eta formala-, diziplina-batasuna -merkatari diren eta merkatari ez diren zordunentzat- eta sistema-batasuna -prozedura bakarra, malgua, irtenbide desberdinekin: hitzarmena, likidazioa eta kontrolpeko kudeaketa-.
Gerogarrenean testu hori berrikusi zen, eta, jarraian, Oinarri Legearen beste aurreproiektu bat egin zen 1987an, Gobernuari eskuordetzeko hartzekodunen konkurtsoari buruz lege lerruneko arauak emateko ahala.
c) Kodegintzarako Batzorde Nagusian egin zen aurreproiektu-proposamena, 1994ko ekainaren 23an, Justizia eta Barne ministroak emandako oinarrizko irizpideen arabera. Proposamen hori 1995eko abenduaren 12an amaitu zen, eta Idazkaritza Nagusi Teknikoak 1996ko otsailaren 15ean argitaratu zuen. Bertan, lege-batasunaren eta diziplina-batasunaren printzipioei eutsi zaie, baina berriro ezarri da prozeduren bikoiztasuna, alegia, hartzekodunen konkurtsoa da ordainketa-etendura, arazoa kaudimengabezia edo likideziarik eza izatearen arabera. Azken prozedura hori zordun kaudimendun eta onustedunen mesederako erreserbatu da, betiere desjudizializazio maila handiarekin.
d) Konkurtsoaren Eraldaketarako Sail Bereziak egindako Konkurtso Legearen aurreproiektua. Sail hori aurreko legealdian sortu zen Kodegintzarako Batzorde Nagusiaren barne, Justizia Ministerioak 1996ko abenduaren 23an emandako Aginduaren bidez. 2000. urteko maiatzean amaitu zen aurreproiektu hori lege honen jatorrizko proiektuaren aurrekaria izan da. Horrela, Gobernuak Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeko azken xedapenetatik hemeretzigarrena betearazi du. Xedapen horren arabera, lege hori indarrean jarri eta hurrengo sei hilabeteetan, Gobernuak Konkurtso Legearen proiektua igorri behar zien Gorte Nagusiei.
Horrela jorratu da Espainiako konkurtso-zuzenbidean luzaroan itxaron dugun noraezeko eraldaketa osoa. Izan ere, gure antolamendu juridikoa modernizatzeko zereginean, hori berori zen gauzatzeke geratzen zen atazarik garrantzitsuena, duda-izpirik gabe.
Eraldaketak ez du esan nahi Espainiako konkurtsoaren tradizio luzea hautsiko denik, bai, ordea, indarreko zuzenbidea goitik behera aldatuko dela. Horretarako, aintzat hartu dira, lehenik, eremu nazionalean doktrinak egin dituen ekarpenak eta legearen aurreko lanak; hurrenik, legeria konparatuan izan diren zehaztapenik berrienak; eta, azkenik, gai honetan zuzenbidea bateratzeko asmatu diren nazioz gaindiko tresnak.
Kontuzko zeregin horren emaitza lege-testu bat izan da, aurreko zuzenbidearen hutsegiteak zuzentzeko asmoz sortu dena; testu horretan zenbait irtenbide proposatzen dira, konkurtso-sistema berria gure antolamenduan emekiemeki sartu ahal izateko. Lege honen amaieran jasotako xedapen gehigarrietan, iragankorretan, indargabetzailean eta azken xedapenetan ageri da kezka hori.
II
Legeak aukeratu dituen printzipioak dira lege-, diziplinaeta sistema-batasuna.
Konkurtsoaren alde materialak eta prozesukoak lege-testu bakarrean arautu dira, lege organikoaren lerruna behar zuten arauak kenduta. Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Lege berriak ekarri du politika legegilearen aukera hori, gai hau bere esparrutik kanpo utzi eta esanbidez Konkurtso Legera igortzean.
Dagoeneko ez daude bi konkurtso-erakunde, bata merkatarientzat, eta bestea, merkatari ez direnentzat. Egineginean ere, merkataritzako kaudimengabezia ez da zigortzailea, eta, gainera, prozedura erraztu nahi izan da. Hala ere, kontuan izan behar da euren estatutua duten enpresaburuen konkurtsoak badituela zenbait berezitasun (kontabilitatea nahitaez eramatea, Merkataritzako Erregistroan egindako inskripzioa) eta masa aktiboan ondasun eta zerbitzuen unitate ekoizleak daudela. Konkurtsoaren arauketak hori guztia aitortu du, eskaria aurkezten denetik, prozedura hitzarmenarekin edo likidazioarekin amaitzen den arte.
Konkurtso-prozeduraren batasuna ere lortu da, legeak prozedura horri ematen dion malgutasunari esker; izan ere, egoera nahiz irtenbide desberdinetara egokitu daiteke, eta, horien bitartez, hartzekodunei ordaindu ahal izango zaie, konkurtsoaren funtsezko xedea erdietsiz.
Are gehiago, garrantzi txikiko konkurtsoetarako erregela oso arinak ezarri dira.
Prozedura bakar hori izendatzeko, «konkurtso» hitza aukeratu da. Esamolde klasiko hori XVII. mendeko Espainiako tratatu-idazleek eman zuten, batez ere, Amador Rodríguezek (Tractatus de concursu, 1616) eta Francisco Salgado de Somozak (Labyrinthus creditorum concurrentium, 1646) eta Europako prozesu-hiztegian jaso zen; esamolde horrek, gainera, beste edozeinek baino hobeto azaltzen du hartzekodun anitz agertzen direla zordun beraren ondarearen aurka.
Hortaz, helburua ez da Espainiako terminologia juridikoan tradiziozkoa den hitza berreskuratzea bakarrik, ezpada hitz horren bitartez kaudimengabezia-prozedura desberdinak bateratzea, prozedura bakarra modu grafikoan identifikatzeko, beste legeria batzuetan gertatu den bezala.
Prozedura-batasunak dakar baldintza objektiboa ere bakarra izatea: kaudimengabezia; halakoa da, betebeharrak bete ezin dituen zordunaren ondare-egoera.
Hala ere, kontzeptu bateratzaile hori malgua da, eta desberdin aplikatzen da, konkurtsoa nahitaezkoa edo borondatezkoa den kontuan izanda.
Zordunaren konkurtsoa eskatzeko legitimazioa dutenek (hartzekodunek, eta pertsona juridikoaren kasuan, zorrak ordaintzeko erantzukizun pertsonala dutenek) oinarri gisa erabili behar dute legearen arabera kaudimengabezia adierazten duten ustezko egitateetatik bat: zehaztutako beste egitate batzuen artean, arrakastarik izan ez duen exekuzio berezia, edota largespen orokorra nahiz zatikakoa, betebehar guztiak edo legearen arabera zordunaren pasiboan eragin berezia dutenetarikoak betetzen ez direnean.
Nahitaezko konkurtsoa eskatzen duenak frogatu behar ditu bere eskariaren oinarri diren egitateak. Adierazpena, betiere, zordunaren prozesu-bermeak errespetatuz egin behar da, eta horrek, epatzea jasotzean, eskariaren aurka egin ahal izango du, hurrengoa adieraziz: eskariaren oinarri gisa aipatu egitatea ez dela gertatu edo kaudimengabeziarik ez dagoela; azken kasu horretan, zordunak bere kaudimena frogatu beharko du.
Zordunaren bermeak konkurtso-adierazpenari errekurtsoa jartzeko aukerarekin osatzen dira.
Konkurtsoa zordunak eskatu badu, bere zorpetzea eta kaudimengabezia justifikatu beharko ditu, eta egoera hori egungoa edo etorkizunekoa izan daiteke, «hur-hurreko» gisa jaso dena.
Zordunak konkurtso-adierazpena eskatu behar du, kaudimengabezian dagoela dakienean edo jakin beharko lukeenean; horrez gain, kaudimengabeziaren aurretik ere eskatu ahal izango du.
Horrela, lege-sistemak elkartu ditu, batetik, zordunaren bermeak eta, bestetik, konkurtso-adierazpena denboran aurreratzeko egokitasuna, ondare-egoerak txarrera egiten badu ezinezkoa edo zailagoa izango delako hartzekodunen interesak asetzea.
Bada, xede hori erdiesteko neurriak dira, besteak beste, borondatezko konkurtsoa eskatzeko pizgarriak ezartzea, zordunari zehapenak ezartzea, konkurtsoa eskatzeko eginbeharra ez betetzeagatik, eta eskaria aurkeztu duen hartzekodunaren kredituari pribilegio orokorra ematea, zenbateko osoaren laurdena arte.
Prozeduraren egiturak erakusten ditu horren batasuna eta malgutasuna: fase erkide bat dago, eta horren ostean hitzarmenedo likidazio-fasea dator.
Fase erkidea konkurtso-adierazpenarekin irekitzen da eta amaitzen da konkurtsoadministrazioaren txostena aurkeztu eta aurkaratze-epea igaro ondoren, edo inbentarioaren zein hartzekodun-zerrendaren aurka aurkeztutakoak ebatzi ondoren. Horrela, zehatz-mehatz jakin daiteke zein den zordunaren ondareegoera, konkurtsoaren masa aktiboa eta pasiboa zehaztutakoan.
Zenbait kasutan, gainera, prozedura laburtua erabil daiteke.
III
Prozeduraren malgutasuna konkurtso-adierazpenaren ondore-araubidean ere ikus daiteke.
Zordunari dagokionez, aurreko legerian ezarritakoak bigundu dira eta kaudimengabezia zapaltzeko izaera dutenak ezabatu egin dira.
«Desgaikuntza» konkurtsoa erruduntzat jo den kasuetan aplikatzen da bakarrik, eta, halakoetan, aldi baterako zehapen moduan zartzen zaie ukituei.
Konkurtsoa adierazitakoan, zordunaren ondare-ahalmenen gaineko esku-sartzea ezarriko da, edota ahalmenok etengo dira, horien ordez konkurtso-administrazioa ezarriz.
Izatez, lehenengo kasua borondatezko konkurtsoari dagokio, eta, bigarrena, aldiz, nahitaezko konkurtsoari; konkurtsoko epaileari alabaina, neurri horiek hartu edo aldatzeko ahalmen zabalak aitortu zaizkio.
Zordunak mugapen horiek hautsiz gauzatutako egintzen zehapena ere bigundu da: egintzok, deuseztagarriak izateaz gain, ezin izango dira erregistro publikoetan jaso.
Legeak konkurtso-adierazpenaren ondoreak mugatu ditu. Hain zuzen ere, ondoreok murriztu egin ditu, euren eginkizuna kontuan hartuta, prozeduraren izapideak modu egokian egiteko mesedegarriak direnak bakarrik utzita, eta, beharrezkoa den neurrian, epaileari horiek mailakatu eta kasu bakoitzaren inguruabar zehatzetara egokitzeko ahala emanda.
Horrez gain, zordunaren oinarrizko eskubideak ukitzen dituzten ondoreak, hala nola, askatasun-eskubidea, komunikazioak sekretuan izateko eskubidea eta lurralde nazionalean bizi edo bertan zirkulatzeko eskubidea arautu dira, Konkurtsoa Eraldatzeko Lege Organikoan.
Halaber, ondoko eginbehar positiboak ere ezarri dira: zordunak konkurtsoko organoekin lankidetzan jardutea; konkurtsoari begira interesgarria izan daitekeen informazioa ematea; masa aktiboa artatu eta administratzeko laguntza ematea; eta, konkurtso-administrazioaren esku uztea zordunaren lanbideedo enpresa-jarduerarekin zerikusia duten liburu eta agiriak.
Konkurtso-adierazpenak berak bakarrik ez du geldiarazten zordunaren lanbideedo enpresa-jarduera, horren ondare-ahalmenetan ondoreak dituen arren. Hala ere, konkurtsoko epaileak ahal zabalak ditu bulego, establezimendu edo ustiategien itxiera erabakitzeko, edota, enpresa-jardueraren kasuan, jarduera hori amaiarazteko zein eteteko, oso-osorik nahiz zati batez, behin zorduna eta langileen ordezkariak entzun eta gero.
Legeak arreta bereziarekin jorratu ditu, hala pertsona juridikoaren konkurtsoa, nola kasu horretan adierazpenak sortzen dituen ondoreak. Izan ere, gai horrek berebiziko garrantzia du, erakunde horiek, eta, batik bat, sozietateek eragin handia baitute trafiko modernoan.
Lege organikoak ahalbidetzen du zordunaren komunikazioekin eta bizilekuarekin zerikusia duten neurriak pertsona juridikoen administratzaile eta likidatzaileei ere zabaltzea, eta, gisa bertsuan, Konkurtso Legeak lankidetzaeta informazio-eginbeharrak ezarri dizkie administratzaile eta likidatzaile horiei, bai eta zordunaren ahaldun orokorrei ere.
Konkurtsoaren izapidetzan, zordun den pertsona juridikoaren organoei eusten zaie.
Konkurtsoko administratzaileek legitimazioa dute administratzaile, auditore eta likidatzaileen kontrako erantzukizun-akzioak egikaritzeko, eta, horretarako, ez da beharrezkoa bazkideen batzak edo biltzarrak aurretik inolako erabakirik hartzea.
Legeak ezarritako ondorerik gogorrena da administratzaile eta likidatzaileen ondasun eta eskubideak enbargatzea; epaileak halako erabakia har dezake, konkurtsoa erruduntzat jotzeko oinarridun arrazoiak daudenean, eta zor guztiak ordaintzeko beste masa aktiborik ez dagoela egiaztatzen denean.
Aurreko zuzenbideari begira modu berezian arautu dira, berebat, sozietatearen konkurtsoak dituen ondoreak sozietate-zorren gaineko erantzukizun subsidiarioa duten bazkideen gain. Bada, behin hitzarmena onetsi edo likidazioa ireki ondoren, konkurtso-administra zioak izango du kasuan kasuko akzioa egikaritzeko legitimazio esklusiboa.
Horrela, sozietate-zorren gaineko erantzukizuna izan arren, kaudimengabe izan daitezkeen pertsonei konkurtsoa modu automatikoan hedatzea saihestuko da, bai eta hartzekodunek bazkideen aurka banakako erreklamazioak egitea ere, halakoek kalte egiten baitiote konkurtsoaren ibilera onari.
Era berean, legeak funtzionaltasunirizpideen arabera arautu ditu konkurtso-adierazpenak hartzekodunen gain dituen ondoreak ere, eta hartzekodunek konkurtsopekoen ondarearen kontra eragindako banakako akzioak geldiaraztea agintzen du.
Geldiarazte hori hartzekodunak konkurtsoaren masa pasiboan sartzearen berezko ondorioa da, baina ez ditu ukituko arlo zibil edo lanarloko akzio adierazleak, horien izapideak gauzatzen ari direnean konkurtsoadierazpena egitean; halakoek aurrera egingo dute epaia irmoa izan arte. Geldiarazteak ez ditu ukituko, administrazioarekiko auzietakoak edo zigor-arlokoak izanda, zordunaren ondarearen gain eragina duten akzioak ere, nahiz eta akziook konkurtso-adierazpenaren ostean egikaritu; bai ukituko ditu, ordea, akzio betearazleak, administrazioedo tributu-premiamenduak barne, eta horiek izapidetza-prozesuan badaude eten egingo dira, konkurtso-adierazpenaren aurretik erabakitakoak izan ezik, eta ezin izango dira berriro hasi, konkurtsoa adierazi ostean.
Legean jasotako berrikuntzarik esanguratsuenetarikoa da, konkurtsopekoaren ondasunen gaineko berme errealak exekutatzeko akzioei emandako tratamendua.
Inoren gauzaren gaineko eskubide errealaren berezko izaera errespetatu da, arauketa desberdina ezarrita eskubide horientzat eta konkurtsoaren masa pasiboan bildutako kreditu-eskubideentzat. Aldi berean, alabaina, ahaleginak egin dira, bermeak bananduta exekutatzean konkurtso-prozeduraren garapen egokia ez eragozteko, eta zordunaren nahiz masa pasiboaren intereserako komenigarriak izan daitezkeen irtenbideak ez oztopatzeko.
Bi helburu horiek ahalbidetzeko, exekuzioak behinbehinean geldiarazten dira, hitzarmena adostu edo likidazioa irekitzen den bitartean, eta, gehienez, urtebeteko epean, konkurtso-adierazpenetik zenbatzen hasita.
Konkurtso-adierazpena egiteko unean enkantea iragarrita dagoenean salbu, aurretiaz hasitako exekuzio-jarduerak etengo dira, eta ez dira berriro hasiko; gainera, ezin izango dira beste batzuk hasi, ezarritako epeak igaro arte.
Berme errealen titularrek, beraz, nahitaez itxaron behar dute epealdi zehatz batean, baina konkurtsoan batzen diren interes oro kontuan hartuta, ulertzen da ondore hori zuzena dela, interesok sakrifikatu behar direlako, kaudimengabezia-egoerari behin betiko irtenbiderik mesedegarriena eman ahal izateko.
Jakina denez, berme erreala duten kredituek pribilegio berezia dute konkurtsoan, eta hitzarmenak halako kredituak ukituko ditu titularrak proposamena sinatzen duenean, proposamenaren aldeko botoa ematen duenean, edota proposamen horri nahiz hitzarmen onetsiari atxikitzen zaionean bakarrik.
Hitzarmenak ez baditu ukitzen pribilegio berezidun kredituak, bermea zein ondasun eta eskubideren gain eratu, eta horiekin ordainduko dira kredituok.
Exekuzioaren izapideak konkurtsoko epailearen aurrean gauzatuko dira.
Edozein kasutan ere, akzio horiek behin-behinean geldiarazita dauden bitartean, konkurtso-administrazioak masarekin ordaindu ahal izango ditu kredituok.
Ordainketa egin bada ere, epaileak berori baimendu ahal izango du zamari eutsiz eta eskuratzailea zordunaren betebeharrean subrogatuz; kasu horretan, betebeharra masa pasibotik kanpo geratuko da. Horrez gain, zuzeneko salmenta egin daiteke, eta prezioa erabiliko da, pribilegio berezia duen kreditua ordaintzeko.
Horrela, formula malguak eratu dira, berme-eskubide errealak egikaritzean alferreko kalterik ez eragiteko konkurtsoan ageri diren beste interesei.
Ondore horietarako, legeak berme errealak exekutatzeko akzioen tratamendua zabaldu die epera saldutako edo finantza-errentamenduen bidez lagatako ondasun higigarriak berreskuratzeko akzioei, baldin eta kasuan kasuko kontratu edo agiriak erregistro egokietan inskribatuta badaude. Halaber, tratamendu bera aplikatuko zaie ondasun higiezinen salmentak suntsiarazteko akzioei ere, prezio geroratua ordaintzen ez denetan.
Horrenbestez, azalpen errealistak eman nahi izan dira, eskubide horien izaerari kalterik egin gabe, eta, aldi berean, kredituaren merkatuari eragozpenik jarri gabe, merkatu horretan arreta bereziaz babesten baitira bermeak, zordunaren kaudimengabezia gertatzen denean: arean ere, azalpenok konkurtsoaren intereserako irtenbide onuragarriak eragotzi beharrean, horiek bultzatzen dituzte.
Berebat, formula malguak ezarri dira konkurtsoaren mesederako, eta, kontralderdiaren interesei kalterik egin gabe, formula horiei esker kreditu-kontratuak edo ondasunak prezio geroratuaren bidez eskuratzeko kontratuak birgai daitezke, edota konkurtsopeko zordunaren ez-betetzeengatik hiri-errentamenduetan gertatutako botatzeak ezerez daitezke.
Arreta berezia jarri da konkurtsoadierazpenak kontratuen gain izandako ondoreak arautzean. Aurreko zuzenbidean oso eskas jorratu zen gai hori, eta, ondorenez, lege berriak berritasun handia ekarri du.
Horren arabera, konkurtso-adierazpenak, funtsean, ez du ukituko alderdientzat elkarrekiko prestazioak ezartzen dituzten kontratuen indarraldia, prestaziook betetzear daudenean. Hala ere, konkurtsoaren intereserako, eta kontralderdiaren eskubideak bermatuta izateko, kontratua suntsiarazteari buruzko epai-adierazpena eman ahal izango da, edo hori ezereztu ahal izango da, ez-betetzearen ondoriozko suntsiarazpena agintzeko arrazoia dagoenean.
Konkurtsoa adierazten bada, ez dira onartuko suntsiarazpenedo azkentze-klausulak kontratuan, baina azkentzea agintzen duten lege-arauak aplika daitezke, baita alderdiei azkentzea ituntzeko edo kontratua salatzeko esanbidezko ahalmena ematen dieten arauak ere.
Gisa bertsuan, tentuz arautu da lankontratuen gaia ere, konkurtso-adierazpenaren aurrekoak izanda, konkurtsopekoa enplegatzailea denetan.
Konkurtsoa Eraldatzeko Lege Organikoak Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritako eraldaketaren babespean, konkurtsoko epaileari, izatez, lan-arloko epaitegi eta auzitegien eskumenekoak diren gaien gaineko jurisdikzioa eman zaio, gaiok ezin direlako bananduta ebatzi, eurek konkurtsopekoaren ondare-egoeran duten garrantzia eta prozeduraren batasuna aintzat hartuta.
Hala ere, hori guztia lan-arloko egungo legerian jasotzen den arauketa materialarekin bateratu behar da.
Konkurtso-adierazpenak zordunaren administrazio-kontratuen gain dituen ondoreei dagokienez, igorpena egiten da kontratu horiei buruzko legeria bereziak ezarritakora.
Legeak tratamendu berria eman dio gai zail bati: konkurtso-adierazpenak dituen ondoreak zordunak susmopeko epealdian gauzatutako egintzen gain, egintza horiek adierazpenari begira duten hurbiltasunagatik.
Konkurtsoaren atzeraeragineko sistema nahasgarriaren ordez, itzulketa-akzio bereziak ezarri dira, masa aktiboari begira kaltegarriak diren egintzak hutsal daitezen. Zenbait kasutan, kalte hori ustezkotzat joko du legeak, eta, beste batzuetan, konkurtso-administrazioak, edo, modu subsidiarioan, kasuan kasuko akzioa egikaritzeko legitimazioa duten hartzekodunek egiaztatu beharko dute berori.
Akzio horiek ukitutako ondasun edo eskubideak eskuratu dituzten hirugarrenek izango dute, hala denean, onusteak, erreibindikaezintasun-arauek edo erregistroak eratorritako babesa.
IV
Legeak konkurtsoaren egitura organikoa erraztu du.
Prozeduran beharrezkoak diren organoak epailea eta konkurtso-administrazioa dira bakarrik.
Hartzekodunen batza hitzarmen-fasean eratu beharko da, aurretiazko proposamena onetsi ez denean idatzizko atxikipenen bitartez.
Fiskaltzaren esku-hartzea alderdi moduan seigarren atalean gauzatzen da, konkurtsoa kalifikatzean, baldin eta bidezkoa bada fase hori irekitzea. Horrez gain, lege honetan ezarri ondarearen edo gizarteeta ekonomiaordenaren aurkako delituetan ere jardun ahal izango du Fiskaltzak.
Konkurtso-organoak murriztearen ondorioz, horiei eskumen zabal eta kontuzkoak eratxiki zaizkie.
Legearen ariora, epailea da prozeduraren organo artezkaria, eta, horregatik, aurreko zuzenbidean zituen ahalmenen eremua zabaldu da, bai eta ahalmenok egikaritzeko zuhurtzia ere, baina, betiere, ebazpen ziodunak eman beharko ditu.
Konkurtsoaren gaineko eskumena merkataritzako epaitegi berriei eratxiki zaie; lege honen ildotik, epaitegiok Konkurtsoa Eraldatzeko Lege Organikoan eratu dira, Botere Judizialaren Lege Organikoan aldaketa egokia eginda.
Lurralde-eskumenaren irizpideak finkatzeko abiaburutzat datu ekonomiko eta benetakoa hartu da kontuan: non dagoen zordunaren interes nagusien gunea; dagoeneko, datu hori nazioarteko erregeletan ere agertzen da, eta berorri eman zaio lehentasuna, batik bat juridikoa eta formala den egoitzaren datuaren gainetik.
Zernahi gisaz, zordunaren interes nagusien gunea eta egoitza bat ez badatoz, konkurtsoa eskatu duen hartzekodunak horietatik bat aukeratu ahal izango du, lurralde-eskumenaren ondoreetarako.
Pertsona juridikoen kasuan, toki biak bat datozela uste izango da, baina, ondore horietarako, konkurtsoa eskatu baino sei hilabete lehenago egindako egoitza-aldaketa eragingabekotzat joko da, eskumena gezurrezko irizpideen bidez zehaztu ez dadin.
Prozedura Zibilaren Lege berrian jasotako erregela orokorren arabera, deklinatoriaren bidez azaldutako eskumen-arazoa bakarrik onartu da, baina horrek ez du etengo konkurtso-prozedura, eta gauzatutako jardun guztia baliozkoa izango da, arazo horri oniritzia eman arren.
Botere Judizialaren Lege Organikoak, Konkurtsoa Eraldatzeko Lege Organikoak aldatu duenak, konkurtsoko epaileari jurisdikzio esklusibo eta besterentzailea eman dio zordunaren ondareari begira garrantzi berezia duten gaien inguruan, horiek lan-izaera badute edo exekuzio zein kautelen ingurukoak badira, eta zein organok eman dituen kontuan izan gabe.
Konkurtsoaren izaera unibertsala dela bide, gai horien guztien gaineko eskumena jurisdikzioorgano bakarrari eratxiki zaio, sakabanaketak kalte egiten diolako prozeduran barrena eta erabakiak hartzean egon beharreko batasunari.
Halaber, Konkurtso Legeak konkurtsoko epaileari zuhurtzia zabala eman dio bere eskumenak egikaritzeko. Horrela, prozeduraren malgutasuna erraztuko da, eta kasu bakoitzean gertatzen diren inguruabarretara egokitu ahal izango da prozedura hori.
Epailearen zuhurtzia-ahalmenak arazo garrantzitsuetan azaltzen dira, besteak beste, konkurtso-adierazpena eman edo konkurtso-administrazioa abian hasi aurretik kautela-neurriak hartzen direnean; konkurtso-adierazpenari eta hirugarrenen intereserako diren beste ebazpen batzuei eman beharreko publizitatea hedatzen denean; konkurtsoak metatzen direnean; konkurtsoko administratzaileak izendatu, edo kargutik banantzen direnean eta euren jardunbide-araubidea ezartzen denean; konkurtso-adierazpenak zordunaren, hartzekodunen eta kontratuen gain izandako ondoreak mailakatzen direnean; edota likidazioplana nahiz kredituak ordaintzeko araubidea onesten denean.
Konkurtso-administrazioa orain arte indarrean izan dugun ereduaz besteko baten arabera arautu da. Kide anitzeko organoa aukeratu da, eta, berori eratzeko, batu dira, batetik, konkurtsoan garrantzia duten gaiei buruzko profesionaltasuna -juridikoa nahiz ekonomikoa- eta, bestetik, hartzekodunek izan beharreko ordezkaritza, kreditu arruntaren edo bermatu gabeko pribilegio orokorreko kredituaren titularra agertzen baita bertan.
Organo hori eratzeko araubidearen salbuespen bakarrak sor daitezke konkurtsopekoak duen izaeraren ondorioz -burtsan kotizatutako baloreen erakunde jaulkitzaile, inbertsio-zerbitzuetarako enpresa, kreditu-erakunde edo erakunde-aseguratzailearen kasuan-, baita konkurtsoak duen garrantzi eskasaren ondorioz ere -halakoetan, epaileak administratzaile bakarra izenda dezake, profesionala dena-.
Konkurtso-administrazioari eginkizun zeharo esanguratsuak eman zaizkio, eta, horiek kidego-organo gisa burutu beharko dira, salbu eta epaileak kideetatik norbaiti banan-banango eginkizunak eratxiki dizkionean.
Prozeduraren konplexutasuna dela-bide beharrezkoa izanez gero, epaileak baimen dezake zenbait eginkizun laguntzaileei eskuordetzea.
Legeak ezarritakoaren arabera, konkurtsoko administratzaileen ordainsaria arantzelen bidez arautuko da, eta horretarako irizpideak izango dira aktibo zein pasiboaren zenbatekoa eta konkurtsoak izan dezakeen konplexutasuna.
Edozein kasutan ere, ordainsaria epaileak onetsi behar du.
Administratzaileek zordunari eta hartzekodunei begira duten erantzukizunen araubidea zehaztu da, bai eta arrazoi zuzenaren ondorioz administratzaileok kargutik banantzearena ere.
Organo horren funtsezko eginkizunak dira, hala zordunak bere ondareahalmenak egikaritzean gauzatutako egintzetan esku-sartzea, nola zorduna ordeztea, egikaritza hori eten denean. Halaber, organo horrek konkurtso-administrazioaren txostena idatzi behar du, eta, horretara bilduko dira, masa aktiboaren inbentarioa, hartzekodunen zerrenda, eta, hala denean, aurkeztutako hitzarmen-proposamenen ebaluazioa.
Legeak erregela zehatzak ezarri ditu agiri horiek egiteko.
Inbentarioan masa aktiboa osatzen duten ondasun eta eskubideak zerrendatu eta baloratuko dira.
Era berean, ezkontzako ondasunen tratamendua arautu da, ezkonduta dagoen zordunaren ezkontzako ondasun-eraentza aintzat hartuta, bai eta zordunaren esku dauden inoren jabetzapeko ondasunak banantzeko eskubidea ere.
Hartzekodunen zerrendan jasoko dira aitortutako eta baztertutako hartzekodunak. Gainera, bananduta dagoen beste zerrenda gehigarri bat ageri behar da, legearen arabera masaren kontrakoak diren kredituak aipatuz.
Konkurtso-administrazioak zehaztu behar du prozeduran agertutako kreditu guztiak barneratuko diren edo ez, bai legeak ezarritako epean eta moduan komunikatu direnak, bai zordunaren liburu eta agirietatik jasotakoak, bai eta beste edozein modutara konkurtsoan agerrarazi direnak ere.
Aitortutakoen zerrendan, kredituak legearen arabera sailkatuko dira, pribilegiatuen -pribilegio berezia edo orokorra dutenen-, arrunten eta mendekoen artean desberdinduta.
V
Legeak ekarri duen berrikuntzarik esanguratsuenetakoa izan da kredituen sailkapenari buruzko arauketa; izan ere, pribilegioak eta lehenespenak zorrotz murriztu dira konkurtsoaren ondoreetarako, baina horiek banakako exekuzioetan iraun dezakete, eskubide hobeko hirugarrengotzen ondorioz.
Ulertzen da hartzekodunen arteko berdintasun-printzipioa konkurtsoaren erregela orokorra izan behar dela, eta salbuespenak, gutxienak izateaz gain, justifikatuta egon behar direla.
Legeak onartzen dituen salbuespenak positiboak edo negatiboak dira, kreditu arruntei dagozkienez.
Lehenengoen barruan pribilegioak jasoko dira, bai bereziak, bai orokorrak, kredituen berme, arrazoi edo izaeraren arabera.
Hartzekodun pribilegiatuek hitzarmenaren ondorioak jasateko, euren adostasuna eman behar dute, eta likidazioa gertatzen bada, horiei ordainduko zaie hartzekodun arruntei baino lehenago.
Hala ere, pribilegioen kopurua murriztu da, eta, are gehiago, betidanik aitortutako batzuen zenbatekoa mugatu da, hala nola, tributu arlokoena eta Gizarte Segurantzako kuotena (ehuneko 50eraino gutxitu da bakoitzaren zenbatekoa).
Bestalde, konkurtso-adierazpenaren aurreko 30 lanegunetako alokairuak (lanbidearteko gutxieneko alokairuaren bikoitza gainditu gabe), konkurtsoadierazpenaren ostean sortutakoak eta lan-kontratua azkentzearen ondorioz epaileak erabakitako kalte-ordainari buruzkoak, masaren aurkako kreditutzat joko dira, eta lehenespenez ordainduko dira konkurtso-kredituei begira; Langileen Estatutuko 32.1 artikuluan jasotako alokairuak, aldiz, gainerako konkurtso-kredituak baino lehenago ordainduko dira; eta, testu bereko 32.3 artikuluan jasotakoek pribilegio orokorra izango dute, lan-istripuaren ondoriozko kalte-ordainek, eta konkurtso-adierazpena egin baino lehen lan-osasunaren arloan sortutako betebeharrak ez betetzearen ondoriozko prestazioen gainordainek bezala.
Modu horretan, konkurtsoa kreditu batzuen ordainketarekin agortzea saihestu nahi da, eta, kredituok ordaintzeagatik sortzen den interes orokorra baztertu gabe, masa pasibo osoaren interesarekin batu nahi da berori; aldi berean, langileek eta Herri Administrazioak onartutako hitzarmenirtenbideak sustatu dira, horien kredituek pribilegiorik ez duten zatian.
Salbuespen negatiboen multzoan mendeko kredituak ditugu; legeak kategoria berri hori sortu du, zenbait arrazoiren ondorioz arrunten ostean izan behar diren kredituak sailkatzeko, hain zuzen ere, berandu komunikatu direlako, horren inguruko kontratu-ituna dagoelako, osagarriak direlako (korrituak), zigortzaileak direlako (isunak), edota kredituon titularrak pertsona zehatzak direlako (konkurtsopekoarekin harreman bereziak dituzten pertsonak edo konkurtsoari begira kaltegarriak diren egintzetan gaitzustez jokatu duten pertsonak).
Ondore horietarako, on izango litzateke zehaztea mendeko kredituen kategorian sartzen direla kreditu publikoen ordainarazpenaren ondorioz sortutako korrituak eta ezarritako zehapenak, bai tributu-arlokoak, bai Gizarte Segurantzakoak.
Mendeko kreditu horien titularrek ez dute boto-eskubiderik hartzekodunen batzan, eta, likidazioa gertatuz gero, ezin izango zaie ordaindu kreditu arruntak oso-osorik ordaindu arte.
Konkurtsopekoarekin harreman pertsonal bereziak izateagatik sortutako mendekotasunaren arrazoia ez da bakarrik ahaidetasuna edo egitezko elkarbizitza; horrez gain, pertsona juridikoen kasuan, mendekotasun hori zabaldu zaie sozietate-zorren gaineko erantzukizuna edo sozietateko kapitalean partaidetza esanguratsua duten bazkideei, bai eta zuzenbideko edo egitezko administratzaileei, likidatzaileei eta talde bereko sozietateei ere.
Sailkapen horrek eragina izango du, berebat, konkurtsopekoarekin harreman bereziak dituztenen kredituen lagapen-hartzaile edo adjudikaziodunen gain, baldin eta eskuraketa konkurtso-adierazpenaren aurreko bi urteetan gauzatu bada.
VI
Legeak ezarritakoaren arabera, konkurtsoaren irtenbideak hitzarmena eta likidazioa dira, eta, bakoitzaren izapideak burutzeko, fase zehatzak eratu dira prozeduran.
Hitzarmena da konkurtsoaren berezko irtenbidea, eta zenbait neurriren bidez, legeak berori sustatzen du; neurri horien helburua da hartzekodunak asetzea, alderdien borondate-autonomia oso zabala duen negozio juridikoan jasotako hitzarmenaren bidez.
Konkurtsoaren irtenbide hori errazteko neurrien artean, azpimarratzeko modukoa da aurretiazko hitzarmen-proposamena onartu dela; zordunak halakoa aurkez dezake borondatezko konkurtsoeskariarekin batera, edota, nahitaezko konkurtsoaren kasuan, kredituak komunikatzeko epea igaro arte, baldin eta proposamenarekin batera hartzekodunen atxikipenak aurkezten badira, legeak ezarri ehunekoan.
Aurretiazko proposamen horren arauketak ahalbidetzen du epaileak konkurtsoaren fase erkidean onestea hitzarmena, egungo konkurtso-prozeduretan baino askoz denbora eta gastu gutxiago eraginez.
Bestela, aurretiazko proposamena onesten ez bada, eta konkurtsopekoak bere ondarearen likidazioa aukeratzen ez badu, hitzarmen-fasea irekiko da, behin inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko izapideak amaituta.
Legeak hitzarmen-proposamenen izapideak arindu nahi ditu.
Onetsia izateko beste atxikipen lortu ez dituen aurretiazko proposamenari eutsi ahal zaio hartzekodunen batzan.
Aurretiazko proposamena aurkeztu ez duen konkurtsopekoak edo likidazioa eskatu ez duenak, eta pasiboaren zati esanguratsua ordezkatzen duten hartzekodunek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, batza egiteko zehaztu data baino 40 egun lehenago.
Batza horretan parte hartuko dutenen zerrenda itxi arte, proposamenei egindako atxikipenak onar daitezke; horrela, botoen zenbaketa, eta, orokorrean, batzaren ibilera arinduko dira.
Gisa bertsuan, legea malgua da hitzarmen-proposamenen edukia arautzean, kitaedo itxaronaldi-proposamenak nahiz biak batera aurkeztu ahal direlako; hala ere, lehenengoen kasuan, kitak ezin izango ditu gainditu kreditu arrunt bakoitzak duen zenbatekoaren erdia, eta bigarrenek ezin izango dituzte gainditu bost urte, hitzarmena onetsi denetik zenbatzen hasita, betiere kalterik egin gabe ekonomiarentzat garrantzi berezia duten enpresen konkurtsoak izateari eta epaileak hala baimentzen duenean aurretiazko hitzarmen-proposamena aurretiazkoa aurkezteari.
Bestalde, proposamen alternatiboak onartzen dira, besteak beste, kreditua akzio, partaidetza, sozietate-kuota edota partaidetza-kreditu bihurtzeko eskaintzak.
Legeak ez du onartzen, aldiz, hitzarmenaren bidez berezkoa ez den irtenbidea estaltzea, dela ondasun zein eskubideak lagatuz, kredituen ordainean nahiz ordainketarako, dela konkurtsopekoaren ondarea osorik likidatzeko beste formula batzuk erabiliz.
Berezko irtenbidea ziurtatzeko eta bete ahal izateko, hitzarmen-proposamena ordainketa-planarekin batera aurkeztu behar da.
Konkurtsopekoak duen lanbideedo enpresa-jarduerari eusteko xedea hitzarmenaren bidez bete daiteke, eta proposamen horrekin batera bideragarritasun-plana aurkeztu behar da.
Konkurtsoaren helburua enpresak saneatzea ez bada ere, jarraipen-hitzarmena osoosorik edo zati batean bideragarriak direnak salbatzeko tresna izan daiteke, bai hartzekodunen mesederako, bai eta konkurtsopekoaren, langileen eta beste interes batzuen mesederako ere.
Konkurtso-administrazioaren manuzko txostena irtenbide horren beste berme bat da.
Hitzarmen-proposamenak onartzeko beharrezkoak diren gehiengoak arautzean, legeak lehentasuna eman die hartzekodunentzat sakrifiziorik txikiena eragiten dutenei, eta, eskatzen den gehiengoa da pasibo arruntaren gehiengo erlatiboa.
Hitzarmena epaileak onetsi behar du Legeak arautu ditu onespenaren aurkakotasuna, horretarako legitimazioa duten pertsonak eta aurkakotasun hori aurkezteko zioak, bai eta onartutako hitzarmenari epaileak ofizioz uko egitea ere.
Hitzarmena onetsi arren, ez da konkurtsoa amaitzen; horretarako, hitzarmena bete behar da.
VII
Legeak zordunari ahalmena eman dio, hitzarmenaren hautabide moduan konkurtsoaren likidazioa aukera dezan; hala ere, likidazioa eskatzeko eginbeharra ezartzen zaio, hitzarmena indarrean dagoen bitartean agindutako ordainketak edo onespenaren ondoren hartutako betebeharrak betetzeko ezintasunaren berri duenean.
Hitzarmena ofizioz edo hartzekodunak hala eskatuta ireki denean, likidazioa beti da irtenbide subsidiarioa, hitzarmena lortzen ez denean edo betetzen ez denean erabiltzen dena.
Prozeduraren batasun eta malgutasuna direla medio, kasu horietan arin eta erraz igaro ahal izango da likidazio-fasera.
Horixe da legeak ekarri duen berritasun nagusietakoa eta abantailarik gehien duena, lehengo prozedura aniztasunarekin alderatuz, eta, batez ere, ordainketa-etenduraren espedientean hitzarmenik lortu ez edo betetzen ez zenean porrot-adierazpena eskatzeko beharrari begira.
Zentzuzkoa denez, likidazioaren ondoreak gogorragoak dira.
Konkurtsopekoari bere ondarea administratu eta xedatzeko ahalmenen egikaritza etengo zaio, eta, beraren ordez, konkurtso-administrazioak jardungo du. Pertsona fisikoa izanez gero, konkurtsopekoak masaren konturako mantenu-eskubidea galduko du. Pertsona juridikoa izanez gero, horren desegitea adieraziko da, baldin eta oraindik erabaki barik badago; betiere administratzaile edo likidatzaileak kargutik kenduko dira.
Likidazio-fase horretarako, legeak ohiko konkurtso-ondoreak erreserbatu ditu: kreditu geroratuak aurretiaz mugaeguneratzea eta bestelako prestazioak diru bihurtzea.
Fase horretako arauen aginduzko izaera handiagoa den arren, legeak malgutasun egokia ere eman die, likidazioplanean islatzen den bezala. Plan hori konkurtso-administrazioak prestatu beharko du, eta konkurtsoko zordunak eta hartzekodunek oharrak nahiz proposamenak egin ahal izango dituzte, epaileak berori onetsi aurretik.
Onespenik ez badago, edota, hala denean, onetsitako planean jaso ez den zatian bakarrik aplikatuko dira konkurtsoko masa aktiboaren ondasun eta eskubideak diru bihurtzeari buruzko lege-erregelak, ordezko moduan.
Azken kasu horretan ere, legeak masaren barruko enpresei edo ondasun nahiz zerbitzuen ekoizpen-unitateei eutsi nahi die, halakoak batera besterenduz, salbu eta konkurtsoari begira komenigarriagoa denean horiek zatitzea edo osagai guztiak zein batzuk modu bananduan diru bihurtzea, betiere enpresaren jarraipena bermatzen duten irtenbideek lehentasuna izanez.
Legeak likidazio-eragiketen gehiegizko luzapena ekidin nahi du, eta, helburu horretarako, konkurtso-administrazioak hiru hilik behin horien inguruko informazioa emateko betebeharra izango du; horrez gain, urtebeteko epea du eragiketa horiek amaitzeko, eta, hori betetzen ez badu, administratzaileak euren karguetatik bananduko dira, eta ordainsaria jasotzeko eskubidea galduko dute.
Hartzekodunei ordaintzeko eragiketak likidazio-fasearen barruan arautzen dira.
Masaren aurkako kredituak aurretik kentzeko modukoak dira, hots, konkurtso-kredituak ordaindu baino lehen, masa aktibotik kendu behar dira pribilegio berezidun kredituei lotuta ez dauden ondasun eta eskubideak, baldin eta horiek beharrezkoak badira harakoak ordaintzeko, kasuan kasuko muga-egunean.
Konkurtso-adierazpenak berme errealeko kredituei begira dituen ondoreen inguruan azaldu bezala, legeak malgutasunez arautu du pribilegio berezidun kredituen ordainketa, batez ere, masaren intereserako, lotuta dauden ondasun edo eskubideak diru bihurtzea saihesteko, edota bihurketa hori baimentzeko, baina karga iraunarazita, edo zuzeneko salmenta eginda.
Lege-arauketak ezarri du pribilegio orokorra duten ordainketen, ordainketa arrunten eta mendekoen arteko hurrenkera; gainera, zenbait kasu berezi jaso dira, hala nola, aurretiazko ordainketak, zor solidarioak eta likidazioaren aurretik hitzarmenaren betepen-fasean egindako ordainketak.
VIII
Eraldaketak gehien ukitu dituen gaietako bat konkurtsoaren kalifikazioa izan da.
Legearen arabera, kalifikazioaren atala kasu zehatz batzuetan bakarrik era daiteke: kitaren zenbatekoa edo itxaronaldiaren iraupena kontuan hartuta, hartzekodunentzat bereziki kargakorra den hitzarmena onetsi denean, edo likidazioa ireki denean.
Halakoetan, konkurtsoa ezusteko edo errudun gisa kalifikatuko da.
Azken kalifikazioa utzi da zordunaren, horren legezko ordezkarien, administratzaileen nahiz likidatzaileen doloak zein erru astunak sortu edo areagotu duenerako kaudimengabezia-egoera.
Legeak konkurtsoa errudun gisa kalifikatzeko irizpide orokorra finkatu du, eta, jarraian, berezko izaeragatik beti kalifikazio hori dakarten zenbait kasu zerrendatu ditu, baita, kontrako frogarik izan ezean, konkurtsoari buruzko lege-betebehar jakinak ez betetzeagatik, doloaren edo erru astunaren presuntzioa dakarten beste hainbat kasu ere.
Konkurtso-administrazioaren manuzko txostena eta Fiskaltzaren irizpena bat badatoz konkurtsoa ezusteko moduan kalifikatzean, jarduna artxibatuko da bestelako izapiderik gabe.
Aitzitik, errudun gisa kalifikatzeko, aurkakotasunaren izapidea bete behar da, eta bertan parte-hartzaileak izango dira, Fiskaltza, konkurtso-administrazioa, zorduna eta kalifikazioaren ondorioz ukituak izan daitezkeen pertsona guztiak.
Aurkakotasun hori gauzatzeko, konkurtso-intzidentearen izapideak beteko dira.
Konkurtsoa errudun gisa kalifikatzen duen epaiak zehaztu beharko du zeintzuk diren pertsona ukituak, baita, hala denean, sopikuntzat jo direnak ere; halaber, ukitu guztiei inoren ondasunak administratu eta edozein pertsona ordezkatzeko desgaikuntza ezarriko zaie, baina zehapen hori aldi baterakoa izango da, eta bi urtetik 15 urte bitartean iraun dezake; era berean, pertsona horiek konkurtsoko edo masaren hartzekodun gisa izandako edozein eskubide galduko dute, eta zordunarengandik edo masa aktibotik bidegabe jaso dituzten ondasun eta eskubideak itzultzeko eta eragindako kalte-galerak ordaintzeko kondena ezarriko zaie.
Berrikuntza moduan prozedura bat ezarri da, konkurtsopekoak errudun direla adierazten duten epaien erregistro publikoa ziurtatzeko, bai eta legeak ezarri kasuetan konkurtsoko administratzaileak izendatu edo desgaitzeko erabakia jasotzen duten ebazpenena ere.
Kalifikazioaren ondoreak esparru zibilean bakarrik gauzatuko dira, alegia, ondoreok ez dute eraginik izango zigor-arloan, eta ez dira hartuko epaitu aurrekotasunaren baldintza gisa, delitu izan daitezkeen jokabideak pertsegitzeko.
Gai honetan, legeak ez-zilegi zibil eta penalen arteko banaketa garbiari eutsi dio.
IX
Legeak zehatz-mehatz arautu ditu konkurtsoa amaitzeko arrazoiak, eta horien izaera oso desberdina izan daiteke: irekiera ez izatea zuzenbidearen araberakoa (konkurtso-adierazpenaren autoa ezeztatzea), prozedurak bere helburua betetzea (hitzarmena bete delako, hartzekodun guztiei dena ordaindu zaielako), prozedurak huts egitea (hartzekodunei ordaintzeko adina ondasun eta eskubiderik ez izateagatik), alderdiek prozeduraren gain duten xedatzeeskubidea egikaritzea (aitortutako hartzekodun guztiek atzera egin edo uko egin dutelako eta zordunak horiekin transakzioa egin duelako; arrazoi horien ezaugarriak direla medio, prozeduraren fase erkidea amaitu ondoren bakarrik gauzatu ahal dira halakoak, eta epaileak horiek onartu edo homologatu beharko ditu, behin konkurtso-administrazioak txostena egin eta gero).
Amaiera gertatzen bada konkurtsopekoak edo erantzukizuna duten hirugarrenek hartzekodunei ordaintzeko adina ondasun eta eskubiderik ez izatearen ondorioz, hartzekodunek zordunaren erantzukizuna etorkizuneko ondasunen gain gauzatzeko eskubidea dutenez gero, legeak onartzen du konkurtsoa berriro irekitzea, bai zorduna pertsona fisikoa denean, bai eta pertsona juridikoa denean ere.
Azken kasu horretan, pertsona juridikoa azkendu denez ondare-aktiborik ez izatearen ondorioz, konkurtsoa berriro irekitzen bada gero ondasun eta eskubideak agertzeagatik, horiek likidatu besterik ez da egingo; zorduna pertsona fisikoa izanez gero, horren ondare-jardueraren jarraipena ikus daiteke aktibo nahiz pasibo berriak agertu direlako, eta hori kontuan izan beharko da inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda eguneratzean.
X
Konkurtso-prozedura osoak duen malgutasunarekin batera, arintasun eta sinpletasunaren ezaugarriak ageri dira.
Prozedura Zibilaren Legea Konkurtso Legearen ordezkoa da, azken horrek prozesuko arau bereziak jasotzen ez dituen heinean.
Helburua da konkurtsoaren konplexutasuna berbideratzea, izapideak arinago, modu eragingarriagoan eta gastu gutxiagorekin egitea ahalbidetzen duen prozedura lortuz, betiere, interesdun guztiek epailearen benetako babesa izateko bermeei kalterik egin gabe.
Lege berri honen prozesu-sistemaren oinarrizko atala konkurtso-intzidentea da; prozedura berezi horren bitartez, konkurtsoan sortu eta legean bestelako izapiderik ez duten arazoak ebatziko dira.
Intzidente hori bi prozesu-motatan eratzen da, gaia kontuan izanda: baten helburua da konkurtsoprozeduraren esparruan azaltzen diren lan-autuak ebaztea; bestean, berriz, konkurtso-arloko gaiak bakarrik landuko dira.
Bi intzidente-mota horiei esker, konkurtso-prozedura eragingarriagoa izatea erdietsi da.
Prozedura horren bizkortasuna errekurtso-sistema egoki batekin osatzen da; hasieran, probidentzien eta autoen kontrako birjartze-errekurtsoa edo zenbait epairen kontra gora jotzeko errekurtsoa baino ez dira onartuko, hain zuzen ere, hitzarmena bera, horren betepena edo betepenik eza nahiz konkurtsoaren amaiera onartzen duten edo onartzen ez duten epaien kontrakoa; azken errekurtso horretan, alabaina, berriro azter daitezke birjartze-errekurtsoaren bidez edo konkurtso-intzidenteetan ebatzitako arazoak, fase erkidean edo hitzarmen-fasean.
Likidazio-fasearen ostean edo bertan aurkeztutako intzidenteak ebatzi dituzten epaien aurka gora jotzeko errekurtsoa ere jarri ahal izango da.
Kasazio-errekurtsoa eta arau-hauste prozesalaren errekurtso berezia onartzen dira gora-jotzeari buruzko ebazpena ematen duten epaien aurka bakarrik, baldin eta hitzarmena onetsi edo baztertu behar bada, horren betetzea edo ez-betetzea adierazi behar bada, itzulketa-akzioei buruzko ebazpena eman behar bada, edo konkurtsoaren amaiera erabaki behar bada.
Edu berean, lan-legeriaren aplikazioa izaera horretako arazoen gain erabat eragingarria izan dadin, eta hain kontuzkoa den gaiaren inguruko doktrina bateratzeko, suplikazio-errekurtsoa sartzeaz gain, legean autonomiaerkidegoko merkataritzako epaitegiek lan-arloan emandako ebazpenen eta gai bereko konkurtso-intzidenteen ebazpenen aurka ezarritako gainerakoak ere onartu dira.
Modu horretan, Prozedura Zibilaren Lege berriaren ildoari jarraituz, tarteko gora jotzeko errekurtsoen ugaritasuna ezabatu da, hau da, zatikako errekurtsoak edo behin betikoak ez diren ebazpenei buruzkoak ezabatu dira, gaur egun halakoek konkurtso-prozeduren izapidetza zaildu eta luzatzen dutelako; prozesuko bermeei kalterik egin gabe, errekurtsoen sistema berri bat ezartzeko agindua eman da, eta sistema horretan, alderdiek euren desadostasun-zioak bildu eta zentzuz azaldu behar dituzte, ebazpena ematea errazagoa izan dadin, osotasunaren gaineko ikuspegi horri esker.
XI
Legeak arreta berezia jarri du atzerriko osagaia duten konkurtso-arazoen inguruan; arean ere, aurreko zuzenbideak ez du arauketa egokirik jaso autu horren inguruan, eta ekonomia globalizatuan gero eta maizago agertzen da.
Konkurtso Legeak nazioarteko zuzenbide pribatuari buruzko arauak jaso ditu gai honetan, eta, bidezko egokitzapenen bitartez, Kaudimengabeziari buruzko 1346/2000 Erregelamenduaren (EB) ereduari jarraitu zaio.
Horrenbestez, erkidegoaren barruan testu biak aplikatu ahal izango dira, eta eredu bera egokitu zaio eremu horretatik kanpoko harreman juridikoen arauketari.
Ildo horri ekinez, arauketa berriaren oinarria izan da Nazioarteko Merkataritza Zuzenbiderako Nazio Batuen Batzordearen (CNUDMI-UNCITRAL) Lege-eredua, Mugaz Gaindiko Kaudimengabeziari buruzkoa, Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Nagusiak gomendatu duena 1997ko abenduaren 15eko 52/158 ebazpenean.
Konkurtsoa adierazi eta horren izapideak egiteko behar den nazioarteko eskumena zehazten da, zordunak dituen interes nagusien gunea aintzat hartuta, eta oinarri horren gain adierazitako konkurtsoa «nagusi»tzat joko da; hala ere, zordunak bere establezimenduak zein estatutan izan, eta estatu horietan ere beste «lurralde»-konkurtso batzuk ireki daitezke.
Prozedura nagusiaren eta lurraldeprozeduraren arteko harremanak eta horien ondoreak arautu dira: Espainian aitortzen dira atzerrian irekitakoak eta bertako administratzaile edo ordezkariak. Helburua da euren arteko koordinaziorik onena ezartzea, segurtasun juridikoaren eta gai hauek jorratzean izan beharreko eragingarritasun ekonomikoaren mesederako; izan ere, gai horretan ikusten da inon baino hobeto, konkurtso-eraldaketak ekarri duen modernizazioa.
XII
Eraldaketaren sakontasuna xedapen gehigarrietan, iragankorretan, indargabetzailean eta legeari amaiera ematen dioten azken xedapenetan ikus daiteke inongorik ondoenean.
Arauketa berriak gure antolamendu juridikoaren sektore anitz ukitu ditu eta arau ugariren gain izan du eragina; eraldaketaren ondorioz, arauok batzuetan aldatuta geratu dira, eta, beste batzuetan, indargabetuta.
Horretara, indarreko zuzenbidea eta lege honek ezarritako eraldaketa bateratu nahi izan dira, eta, aldi berean, legeak konkurtsoa bakarrik arautu du.
Horrexegatik indargabetu dira, hain zuzen, Kode Zibilaren IV. liburuko XVII tituluan («Kredituen pilatzea eta hurrenkera» delakoan) jasotako xedapenetatik kita eta itxaronaldiaren eta konkurtsoaren prozedura kolektiboekin zerikusia dutenak, eta, exekuzio bereziko kasuetan, aldiz, kreditu-lehenespenaren inguruko xedapenei eutsi zaie.
Gisa bertsuan, halakoetan, merkataritzako «pribilegio» deitutakoak aintzatetsi dira, baina konkurtsoari dagokionez, legean esanbidez aitortutakoak bakarrik onartu dira.
Bestalde, ontzi eta hegazkinei buruzko pribilegioek arauketa zehatza izan dute: horien titularrei konkurtsoan banantze-eskubidea aintzatetsi zaie, eurek kredituok konkurtsotik kanpo exekuta ditzaten.
Lege honen berezko gaia modu egokian definitzeko, kredituen pilatze eta hurrenkeraren arloetan konkurtso-eremua eta konkurtsoz kanpokoa mugatu behar izan dira, baina praktikan mugatze horrek bat-etortze arazoak sor ditzake, hagitz desberdinak direlako lehengo zuzenbidearen arauketa eta konkurtso-eraldaketak ezarritakoa; hala ere, azken horrek ezin du konkurtsoz kanpoko kredituen lehenespen-sistema osoa berrikusi.
Hainbatez, berrikuspen hori beharrezkoa da, hala aztarna historikoez osatutako sistemaren arkaismoaren ondorioz (horregatik sistema horrek ez du gai honetan izan beharreko hurrenkera logikorik), nola sistema hori eta konkurtso-eraldaketa bateratzeko premiazko beharrizanaren ondorioz.
Hori dela bide, azken xedapenetatik hogeita hamaikagarrenaren arabera, lege hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epean, Gobernuak Gorte Nagusiei aurkeztu behar die Kode Zibila eta Merkataritzakoa eraldatzeko legeproiektua, exekuzio berezietako kredituen pilatze eta hurrenkeraren esparruan.
Legeak errespetatu du kreditu-erakundeei, aseguru-erakundeei eta baloreak nahiz finantza-instrumentu eratorriak ordaindu eta konpentsatzeko sistemen inguruko eragiketei aplikatzeko legeria berezia, neurri handi batean Europar Batasuneko zuzenbideak ezarri duena, eta konkurtsoaren zenbait alor ukitzen dituena.
Lege honetan gai horren inguruan jasotako erregelak aplikatuko dira, arau berezirik ez dagoenean eta sistema horiekin bat datozen heinean bakarrik.
Benetan kontuzko gaia da, bestalde, zuzenbide iragankorrarena. Legean atzeraeragin-printzipioari eustea aukeratu da, baina salbuespen batzuekin, eta horietatik bi nabarmendu behar dira: lehenengoa, prozeduraren izapideak egin bitartean konkurtsoa amaitzeari buruzko arauak aplikatu ahal izateko; bigarrena, prozedura horiei lege honek xedatu hitzarmen-proposamenaren eta atxikipenen araubide malguagoa aplikatu ahal izateko; horrela, aribidean dauden prozeduren izapideak egitea erraztuko da, eta, zenbait kasutan, geldiarazita daudenen amaiera ere erraztuko da.
Orobat, lehenengo auzialdiko epaitegien eskumena jaso da modu iragankorrean, merkataritzako epaitegiak jardunean hasi arte.
Lege-neurri hauen bidez, eta konstituzio-berme guztiekin, konkurtso-eraldaketa jaso da Espainiako antolamendu juridikoan, gure zuzenbidearen modernizazioan gaur arte gauzatzeke egon den atalik garrantzitsuenetakoa.
1. artikulua. Baldintza subjektiboa
1. Konkurtso-adierazpena eman ahal izango da edozein zorduni begira, hori pertsona fisikoa zein juridikoa izan.
2. Jarauntsiaren gaineko konkurtsoadierazpena eman ahal izango da, hori huts eta soilik onartu ez bada.
3. Konkurtso-adierazpena ezin izango da eman estatuaren lurralde-antolaketa osatzen duten erakundeei begira, ezta erakunde publikoei eta zuzenbide publikoko gainerako erakundeei begira ere.
2. artikulua. Baldintza objektiboa
1. Konkurtso-adierazpena emango da, zordun arrunta kaudimengabea denetan.
2. Kaudimengabezia gertatzen da zordunak ezin dituenean normaltasunez bete eskatzeko moduko betebeharrak.
3. Konkurtso-adierazpenaren eskaria zordunak aurkeztu badu, bere zorpetzea eta kaudimengabezia-egoera egiaztatu beharko ditu, eta egoera hori izan daiteke egungoa edo hur-hurrekoa.
Hur-hurreko kaudimengabeziaegoera gertatzen da zordunak aurreikusten duenean bere betebeharrak ezin izango dituela garaiz bete.
4. Konkurtso-adierazpenaren eskaria hartzekodun batek aurkeztu badu, eskari horren oinarria izan behar da, hala exekuzioa edo premiamendua agintzen duen titulua, baldin eta enbargoaren ostean ez badago ordainketa egiteko adina ondasun askerik, nola ondorengo inguruabarretatik bat:
1.) Zordunak bere betebeharren ordainketa arrunta largestea orokorrean.
2.) Gauzatzeke dauden exekuzioen ondoriozko enbargoak izatea, eta horiek zordunaren ondarea ukitzea orokorrean.
3.) Zordunak bere ondasunak ostentzea, edo arinegi nahiz modu galgarrian likidatzea
4.) Hurrengo betebehar-motaren bat ez betetzea orokorrean: konkurtso-eskariaren aurreko hiru hilabeteetako tributu-betebeharren ordainketa, epealdi berean Gizarte Segurantzako kuoten eta baterako beste zerga-bilketen ordainketa; azken hiru hilabeteetako alokairuen, kalte-ordainen eta lan-harremanen ondoriozko beste ordainsarien ordainketa.
3. artikulua. Legitimazioa
1. Konkurtso-adierazpena eskatzeko legitimazioa dute zordunak eta horren hartzekodunetatik edozeinek.
Zorduna pertsona juridikoa izanez gero, administrazioedo likidazio-organoari dagokio eskariaren gaineko erabakia hartzea.
2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren salbuespen moduan, hartzekodunak ez du legitimaziorik izango, baldin eta kreditu muga-eguneratua eskuratu badu inter vivos egintzen ondorioz eta banakako tituluen bidez, konkurtso-eskaria aurkeztu eta aurreko sei hilabeteetan.
3. Pertsona juridikoaren konkurtsoadierazpena eskatzeko legitimazioa dute, orobat, indarreko legeriaren arabera pertsona horren zorren ondoriozko erantzukizun pertsonala izan dezaketen bazkide, kide edo partaideek.
4. Hildako zordunaren hartzekodunek, jaraunsleek eta jarauntsiaren administratzaileak eska dezakete huts eta soilik onartu ez den jarauntsiaren konkurtso-adierazpena.
Jaraunsle batek egindako eskariak izango ditu jarauntsia inbentario onuraren arabera onartzearen ondoreak.
5. Hartzekodunak epaileari eska diezaioke bere zordun batzuen baterako konkurtsoa adieraztea, baldin eta horien ondareak bateratuta badaude, edota, zordunok pertsona juridikoak izanda, talde berekoak badira, oinarrian kide berdinak badituzte eta erabakiak ere batera hartzen badituzte.
4. artikulua. Fiskaltzaren esku-hartzea
Ondarearen eta gizarteeta ekonomia-ordenaren aurkako delituen ondoriozko jardunean antzematen denean kaudimengabezian egon daitekeela ustezko zigor-erantzukizuna duen norbait, eta hartzekodun anitz daudela, auziaren gaineko eskumena zein epailek izan eta Fiskaltzak epaile horri eskatuko dio egitateen berri ematea zordunaren konkurtsoari buruzko lurralde-eskumena duen merkataritzako epaileari, ondokoagatik: zordun horren gaineko konkurtso-prozeduraren izapideak gauzatzen ari badira, ondore egokiak gerta daitezen.
Era berean, Fiskaltzak auziaren gaineko eskumena duen epaileari eskatuko dio egitate horien berri ematea hartzekodunei, aribidean dagoen zigorjardunak ondorioztatzen badu horien nortasuna; horretara, hartzekodunok konkurtso-adierazpena eska dezakete edo kasuan kasuko akzioak egikari ditzakete, hala denean.
5. artikulua. Konkurtso-adierazpena eskatzeko eginbeharra
1. Zordunak konkurtso-adierazpena eskatu behar du bi hilabeteko epean, kaudimengabezia-egoeraren berri izan duenetik edo izan behar zuenetik zenbatzen hasita.
2. Aurkako frogarik izan ezean, uste izango da zordunak bere kaudimengabezia-egoeraren berri izan duela nahitaezko konkurtso-eskariaren oinarri izan daitezkeen egitateetatik bat gertatu denean, 2. artikuluko 4. paragrafoaren arabera; eta, 4. idatz-zatian ezarritakoetatik bat gertatuz gero, kasuan kasuko epea igaro denean.
6. artikulua. Zordunaren eskaria
1. Konkurtso-adierazpena eskatzeko idazkian, zordunak adieraziko du bere kaudimengabezia-egoera egungoa edo hur-hurrekoa den.
2. Eskariarekin batera hurrengo agiriak aurkeztuko dira:
1.) Konkurtsoa eskatzeko ahalorde berezia.
Agiri horren ordez, ahalordea apud acta eman daiteke.
2.) Oroitidazkia, ondokoa azalduta: zordunaren historia ekonomiko eta juridikoa, azken hiru urteetan gauzatutako jarduera edo jarduerak, eta beraren titulartasunpeko establezimendu, bulego nahiz ustiategiak, kaudimengabezia eragin duten arrazoiak eta ondare-bideragarritasunari buruzko balorazio eta proposamenak.
Zorduna pertsona ezkondua izanez gero, oroitidazkian ezkontidearen nortasuna aipatuko du, ezkontzako ondasun-eraentza ere adieraziz.
Zorduna pertsona juridikoa izanez gero, oroitidazkian hurrengoen nortasuna aipatuko du: ezagutzen dituen bazkide edo kideena, administratzaile edo likidatzaileena, eta, hala denean, kontu-auditorearena; halaber, pertsona juridiko hori enpresa-talde batean sartuta dagoen edo ez aipatuko du, talde horretako erakundeak zerrendatuz, eta bigarren mailako merkatu ofizialen batean horren baloreen kotizazioa onartzen den edo ez aipatuz.
Jarauntsiaren kasuan, oroitidazkian kausatzailearen datuak aipatuko dira.
3.) Ondasun eta eskubideen inbentarioa, eta bertan adieraziko da horien izaera, non dauden, erregistroko identifikazio-datuak, hala denean, eskuraketa-balioa, kasuan kasuko balorazio-zuzenketak eta egungo benetako balioaren balioespena.
Horrez landara, ondasun eta eskubide horien gain eragina duten karga, enbargo eta zamak adieraziko dira, horien izaera eta identifikazio-datuak aipatuta.
4.) Hartzekodunen zerrenda, hurrenkera alfabetikoaren arabera, bakoitzaren nortasuna adieraziz, bai eta kasuan kasuko kredituen zenbatekoa nahiz mugaeguna eta eratutako berme pertsonal edo errealak ere.
Hartzekodunetatik batek ordainketa erreklamatu badu epaiketa bidez, prozedura hori identifikatu ez ezik, jardunaren egoera ere aipatuko da.
3. Zordunak kontabilitatea eramateko lege-betebeharra badu, aurrekoarekin batera aurkeztuko ditu:
1.) Urteko kontuak, eta, hala denean, azken hiru ekitaldiei dagozkien kudeaketazein auditoretza-txostenak.
2.) Egin eta gordailututako urteko azken kontuen ostean ondarean egin diren aldaketa garrantzitsuen oroitidazkia, bai eta zenbait eragiketarena ere, euren izaera, objektua edo zenbatekoaren ondorioz zordunaren ohiko eragiketa-multzoa edo trafikoa gainditzen dituztenean.
3.) Aurkeztutako urteko azken kontuen ostean egin diren bitarteko finantza-laburpenak, baldin eta zordunak kontuok agintari gainbegiraleei komunikatu edo igorri behar badizkio.
4.) Zordunak enpresa-talde batean parte hartzen badu sozietate nagusi edo mendeko sozietate gisa, aurrekoarekin batera aurkeztuko ditu, orobat, sozietatearen azken hiru ekitaldietako urteko kontu bateratuak eta kudeaketa-txostena, kontu horien gaineko auditoretzatxostena, bai eta epealdi berean taldeko beste sozietate batzuekin egindako eragiketei buruzko oroitidazkia ere
4. 142.1.1 artikuluan ezarri kasuan, likidazio-planaren proposamena aurkeztu behar da.
5. Artikulu honetan aipatutako agirietatik bat aurkeztu ezean, edo agiriotan eskatutako betekizunen edo daturen bat jaso ezean, zordunak horren arrazoia azaldu behar du eskarian.
7. artikulua. Hartzekodunak eta gainerako legitimatuek egindako eskaria
1. Konkurtso-adierazpena eskatu duen hartzekodunak eskarian zehaztu behar du kredituaren jatorria, izaera, zenbatekoa, eskuraketa-data, muga-eguna eta egungo egoera, hori guztia egiaztatzeko agiriekin batera.
Gainerako legitimatuek eskarian adierazi behar dute zergatik aurkeztu duten berori, euren legitimazioa erakusteko agiria aurkeztuz edota legitimazio hori egiaztatzeko froga proposatuz.
2. Betiere, eskatzaileak eskarian adieraziko ditu horren oinarri diren egitateak egiaztatzeko erabiliko dituen edo erabili nahi dituen frogabideak.
Lekukoen froga ez da nahiko izango bera bakarrik.
8. artikulua. Konkurtsoko epailea
Konkurtsoaren gaineko eskumena merkataritzako epaileei dagokie.
Konkurtsoko epaileak duen jurisdikzioa esklusibo eta besterentzailea da, hurrengo gaietan:
1. Konkurtsopekoaren aurka zuzendutako akzio zibilak, ondarean eragina dutenean, salbu eta Prozedura Zibilaren Legeko IV. liburuaren I. tituluan aipatu gaitasun, seme-alabatasun, ezkontza eta adingabeei buruzkoak.
Merkataritzako epaileak eskumena izango du, orobat, lege honetako 17.1 artikuluan aipatu akzioaren gain.
2. Konkurtsopekoak enplegatzaile moduan eginiko lan-kontratuen azkentze, aldarazte edo etete kolektiboa eskatzeko lan-akzioak, bai eta goi-zuzendaritzako kontratuen etetea edo azkentzea eskatzekoa ere; hori gorabehera, halako neurrien ondorioz kontratu horiei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako baldintzak aldarazi behar direnean, langileen ordezkariei adostasuna eskatu behar zaie.
Gai horiek epaitzean, eta lege honetako arau zehatzak aplikatzeari kalterik egin gabe, aintzat hartu behar dira estatutu-arautegiaren eta lan-prozesuaren oinarri diren printzipioak.
3. Konkurtsopekoak dituen ondasunen eta ondare-izaerako eskubideen kontrako exekuzioa, hori agindu duen organoa edozein izanda ere.
4. Konkurtsopekoaren ondarearen gain eragina duen kautela-neurri oro, 1. paragrafoan epaile horren jurisdikziotik salbuetsita geratzen diren prozesu zibiletan hartutakoak izan ezik.
5. Konkurtso-prozeduran doako laguntza juridikoari dagokionez hartu behar dituenak, eta, batez ere, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak eratxikitzen dizkionak.
6. Sozietatearen administratzaile, auditore edota, hala denean, likidatzaileei erantzukizun zibila eskatzeko akzioak, prozeduran konkurtsopekoari kalteak eragiteagatik.
9. artikulua. Jurisdikzioaren norainokoa
Epailearen jurisdikzioa hedatzen da epaitu aurreko administrazioedo lanarazoetara, baldin eta horiek zuzeneko lotura badute konkurtsoarekin, edo beharrezkoa bada arazook ebaztea, konkurtso-prozedura ondo joan dadin.
10. artikulua. Nazioarteko eskumena eta lurralde-eskumena
1. Zordunak bere interes nagusien gunea zein lurraldetan izan eta bertako merkataritzako epaileari dagokio konkurtsoa adierazi eta horren izapideak egiteko eskumena.
Horrez gain, zordunak bere egoitza Espainian badu eta egoitza hori ez badator bat zordun horren interes nagusien gunearekin, gune hori zein lurraldetan izan eta bertako merkataritzako epailea ere eskuduna izango da; hartzekodun eskatzaileak aukeratuko du bien artean.
Zordunak bere interesak ohikotasunez eta hirugarrenek ikusteko moduan non administratu, eta toki hori interes nagusien gunea dela ulertuko da.
Zorduna pertsona juridikoa izanez gero, uste izango da bere interes nagusien gunea dela sozietatearen egoitza.
Ondore horietarako ez da eragingarria izango konkurtso-eskariaren aurreko sei hilabeteetan egindako egoitza-aldaketa.
Nazioarteko eremuan konkurtso hori «konkurtso nagusitzat» joko da, eta horren ondoreek norainoko orokorra izango dute, zordunaren ondasun guztiak hartuz, horiek Espainian zein Espainiatik kanpo izan.
Atzerriko estatu batean dauden ondasunen gain kaudimengabezia-prozedura irekitzen bada, aintzat hartuko dira lege honetako IX. tituluko III. kapituluan ezarri koordinazio-erregelak.
2. Konkurtso-adierazpenaren eskariak bi epaitegi eskudun edo gehiagori aurkeztu bazaizkie, lehenengo eskaria zeinetan aurkeztu eta epaitegi horrek izango du lehenespena.
3. Interes nagusien gunea ez badago Espainiako lurraldean, baina zordunak Espainian establezimenduren bat badu, establezimendu hori zein lurraldetan izan eta bertako merkataritzako epailea izango da eskuduna; establezimenduak bat baino gehiago izanez gero, eskatzaileak aukeratuko du toki horietako merkataritzako epaileen artean.
Zordunak giza baliabideen eta ondasunen bidez jarduera ekonomikoa modu ez-iragankorrean non gauzatu, eta eragiketa-toki hori joko da establezimendutzat.
Nazioarteko eremuan konkurtso hori «lurralde-konkurtsotzat» joko da, eta horren ondoreek ukituko dituzte zordunak Espainian dituen ondasunak bakarrik, horiek jarduerarekin lotuta izan zein ez.
Zordunak bere interes nagusien gunea zein estatutan izan eta estatu horretan kaudimengabezia-prozedura irekitzen bada, aintzat hartuko dira lege honetako IX. tituluko IV. kapituluan ezarri koordinazio-erregelak.
4. Zenbait zordunen baterako konkurtso-adierazpena eskatu bada, pasiborik handiena duen zordunak non izan bere interes nagusien gunea eta bertako epailea izango da eskuduna adierazpen hori egiteko, eta sozietate-taldeen kasuan, sozietate nagusia kokatzen den tokikoa.
Erregela bera aplikatuko da konkurtso metatuen izapideak egin behar dituen epaile eskuduna zehaztu ahal izateko.
5. Epaileak bere eskumena ofizioz aztertzeaz gain, zehaztuko du eskumen horren oinarria artikulu honetako 1. paragrafoan edo 3.ean ezarritakoa den.
11. artikulua. Jurisdikzioaren nazioarteko norainokoa
Nazioarteko eremuan, konkurtsoko epailearen jurisdikzioa hedatzen da konkurtso-legerian oinarritutako akzioetara bakarrik, akziook zuzeneko lotura badute konkurtsoarekin.
12. artikulua. Deklinatoria
1. Zordunak lurralde-eskumenaren arazoa aurkez dezake deklinatoriaren bidez, epatzea jaso eta hurrengo bost egunetan.
Arazo hori aurkeztu ahal izango dute, orobat, konkurtso-adierazpena eskatzeko legitimazioa duten gainerakoek, hamar eguneko epean, 23. artikuluaren 1. paragrafoan agindu azken argitalpenetik zenbatuta.
2. Deklinatoria jartzen duenak zehaztu behar du zein organok duen konkurtsoaren gaineko eskumena, baina ez da etengo konkurtso-prozedura.
Epaileak ez du ezer adieraziko konkurtsopekoaren aurkakotasunari buruz, aldez aurretik ez badu ebatzi eskumen-arazoa, Fiskaltzari entzun eta gero.
Eskumen-arazoari oniritzia ematen badio, eskumena utzi beharko du eskumena duen organoaren mesederako, alderdiak epatuz eta egindako jarduna igorriz.
3. Konkurtsoan egindako jardun osoa baliozkoa izango da, deklinatoriari oniritzia eman arren.
13. artikulua. Erabakia emateko epea
1. Egun berean, edo, hori ezinezkoa izanez gero, banaketa egin eta hurrengo egun baliodunean, epaileak aztertuko du konkurtso-eskaria, eta, osoa dela uste badu, erabakia emango du 14 edo 15. artikuluak aintzat hartuta.
Eskaria kreditu-erakundeari edo inbertsio-zerbitzuetarako enpresari buruzkoa bada, epaileak, horren gaineko erabakia hartzean, eskariaren berri emango die Espainiako Bankuari eta BaloreMerkatuko Nazio Batzordeari; horrez gain, erakunde ukitua zein ordainketa-sistematan eta baloreen edo finantza-instrumentu eratorrien likidaziosistematan izan, eta, sistema horien zerrenda ez ezik, kudeatzailearen izendazioa eta egoitza ere eskatuko ditu epaileak, aplikatu beharreko legeria berezian ezarritakoaren arabera.
Halaber, epaileak eskariaren berri emango dio Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari, baldin eta aseguru-erakundeari buruzkoa bada; Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioari, lan-istripu eta gaixotasun profesionalen mutualitateari buruzkoa bada, eta, Balore-Merkatuko Nazio Batzordeari, baldin eta bigarren mailako merkatuan negoziatutako baloreak edo finantza-instrumentuak jaulki dituen sozietateari buruzkoa bada.
2. Epailearen ustez eskariak edo horrekin batera aurkeztutako agiriek akatsen bat badute, eskatzaileari justifikazioedo ongitze-epea zehaztuko dio; epe hori bost egunekoa izango da gehienez.
Justifikazioa edo ongitzea garaiz egin ostean, epaileak erabakia emango du egun berean, edo, hori ezinezkoa izanez gero, hurrengo egun baliodunean, 14 edo 15. artikuluak aintzat hartuta.
Bestela, epaileak autoa emango du, eskaria ez dela onartu adieraziz.
Ebazpen horri birjartze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio.
14. artikulua. Zordunaren eskariaren gaineko erabakia ematea
1. Eskaria zordunak aurkeztu duenean, epaileak autoa emango du konkurtsoa adierazteko, baldin eta ekarritako agiriek, horiek guztiak batera kontuan izanda, ondorioztatzen badute 2. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako egitateetatik bat gertatu dela, edo zordunak alegatutako kaudimengabezia egiaztatzen duten beste batzuk gertatu direla.
2. Epaileak uste badu ekarritako agiriak ez direla behar bestekoak, eskatzaileari epe bat zehaztuko dio alegatutako kaudimengabeziaren egiaztapena osa dezan, baina epe hori ezin izan daiteke bost egunetik gorakoa.
3. Konkurtso-eskariari gaitziritzia ematen dion autoaren aurka, birjartzeerrekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da.
15. artikulua. Beste legitimatu baten eskariaren gaineko erabakia ematea eta eskariak metatzea
1. Eskaria zorduna ez den beste edozein legitimatuk aurkeztu duenean, eskariaren izapidetza onartzeko autoa ez ezik, zorduna epatzeko agindua ere emango du epaileak, 184. artikuluan ezarritakoaren arabera: zordunari eskaria helaraziko zaio, bost eguneko epean ager dadin; epe horretan, autoak azalduko zaizkio, eta zordunak aurkakotasuna aurkez dezake eskariari begira, horretarako erabiliko dituen frogabideak proposatuta.
2. Eskariaren izapidetza onartu eta gero aurkezten direnak metatuko dira lehenengo banatu den eskarian, autoetara bilduta; eskatzaile berriak agertu direla ulertuko da, jarduna atzera bota gabe.
16. artikulua. Lehenengo atala eratzea
Zordunak eskatutako konkurtsoa adierazi ondoren edo gainerako legitimatuetatik edozeinek aurkeztutako konkurtso-adierazpenari buruzko eskariaren izapidetza onartu ostean, epaileak lehenengo atala eratzeko agindua emango du, 183. artikulua aintzat hartuta, goiburuan eskaria jarrita.
17. artikulua. Konkurtso-adierazpenaren aurreko kautela-neurriak
1. Nahitaezko konkurtsoa eragiteko legitimazioa duenak hala eskatuz gero, epaileak, eskariaren izapidetza onartzean, bere iritziz beharrezkoak diren kautela-neurriak har ditzake zordunaren ondarearen osotasuna ziurtatzeko, Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoari helduta.
2. Epaileak eskatzaileari fidantza ematea eska diezaioke, azkenean konkurtso-adierazpenaren eskariari gaitziritzia emateagatik kautela-neurriek zordunari eragin ahal dizkioten kaltegalerak ordaintzeko.
3. Konkurtsoa adierazi edo eskariari gaitziritzia emandakoan, konkurtsoko epaileak kautela-neurrien eragingarritasunari buruzko adierazpena egingo du.
18. artikulua. Zordunak amore ematea edo aurkakotasuna aurkeztea
1. Eskariaren izapidetza onartzen denean, epatutako zordunak eskatzailearen uzian amore ematen badu edo aurkakotasuna ez badu garaiz aurkezten, epaileak autoa emango du hartzekodunen konkurtsoa adieraziz.
Ebazpen bera emango du zordunak bere konkurtsoa eskatu badu, legitimatuetatik edozeinek egindako eskariaren ostean baina epatzea jaso aurretik.
2. Zordunak aurkakotasunaren oinarri gisa azal dezake eskarian aipatu egitatea ez dela gauzatu, edo, gauzatu bada ere, ez dagoela kaudimengabeziarik.
Azken kasu horretan, zordunak bere kaudimenaren froga aurkeztu behar du, eta kontabilitatea eramateko lege-betebeharra badu, froga horren oinarria izango da zuzenbidearen arabera eramandako kontabilitatea.
Zordunak aurkakotasuna aurkeztu ondoren, epaileak, hurrengo egunean, ikustaldian agertzeko zitazioa egingo die alderdiei, ekitaldian frogabide guztiekin agertzeko ohartaraziz, eta zordunak kontabilitatea eramateko legebetebeharra badu, nahitaez eraman beharreko kontabilitate-liburuekin agertzea ohartaraziko dio horri ere.
19. artikulua. Ikustaldia
1. Ikustaldia egingo da epaileak presidente moduan jardunda, aurkakotasuna aurkeztu eta hurrengo hamar egunetan.
2. Zorduna ez bada agertu, epaileak autoa emango du konkurtsoa adieraziz.
Zorduna agertu bada, eta, hartzekodun eskatzailearen kreditua muga-eguneratuta badago, ikustaldian kreditu horren zenbatekoa epailearen zainpean utziko du, hartzekodunaren eskura, eta hori ikustaldiaren aurretik egin dela egiaztatuko du, edo, epailearen zainpean ez uzteko arrazoia azalduko du.
Zenbait hartzekodun bertaratu badira eta horien konkurtso-eskariak metatu badira, zordunak epailearen zainpean utzi beharko ditu horiekin guztiekin dituen zorren zenbatekoak, adierazitako baldintza berberetan.
3. Eskatzailea agertu ezean edo, agertu arren, eskaria berretsi ezean epaileak uste badu 2. artikuluaren arabera konkurtsoa adierazteko baldintza objektiboa betetzen dela, eta jardunak ondorioztatzen badu beste zenbait hartzekodun egon daitezkeela, eskaria ebatzi behar duen autoa eman aurretik hartzekodun horiei bost eguneko epea emango zaie, komenigarritzat jotako alegazioak aurkez ditzaten.
4. Zenbatekoak epailearen zainpean utzi ezean edo, utzita ere, hartzekodunak eskaria berretsiz gero, edota eskatzailearen kreditua ez badago mugaeguneratuta edo pertsona horrek ez badu hartzekodun-izaerarik, epaileak alderdiak eta horien abokatuak entzungo ditu konkurtso-adierazpena bidezkoa edo bidegabea izatearen inguruan, eta ekitaldi horretan proposatutako frogabideak egokiak diren edo ez erabakiko du; horrela, egun berean egin daitezkeenak egitea aginduko du, eta gainerakoentzat ahalik eta eperik laburrena ezarriko du, betiere, hogei egunetik beherakoa.
5. Epaileak zuzenean egin diezaieke galdeketa alderdi, aditu nahiz lekukoei, eta Prozedura Zibilaren Legean ezarri balorazio-erregelen arabera balioetsiko ditu egindako frogak.
20. artikulua. Eskariari buruzko ebazpena eta errekurtsoak
1. Egokitzat jotako frogak egin ondoren edo horretarako zehaztu epea igarotakoan, epaileak autoa emango du hurrengo hiru egunetan, konkurtsoa adieraziz edo eskariari gaitziritzia emanez.
Lehenengo kasuan, kostuak masaren aurkako kreditu gisa hartuko dira; bigarrenean, kostuok eskatzaileari ezarriko zaizkio, salbu eta epaileak uste duenean kasuak egitezko edo zuzenbideko benetako zalantzak sorrarazten dituela, eta horren inguruko arrazoiak azaltzen dituenean.
Konkurtsoaren eskariari gaitziritzia ematen bazaio, behin autoa irmoa izanda, konkurtso-eskariaren ondoriozko kalte-galerak zehaztuko dira, zordunak hala eskatuta eta Prozedura Zibilaren Legeko 712. artikuluan eta ondorengoetan jasotako izapideen bidez; horiek zehaztu ondoren, ordainketa egitea eskatuko zaio konkurtsoaren eskatzaileari, eta, berehala ordaintzen ez badu, derrigorreko ordainarazpena ezarriko zaio.
2. Konkurtso-eskariari oniritzia edo gaitziritzia ematen dion autoaren aurka, beti jarri ahal izango da gora jotzeko errekurtsoa, eta horrek ez du ondore etengarririk izango, epaileak kontrakoa erabakitzen duenean izan ezik; halakoetan, epaileak adierazi beharko du hartutako kautela-neurriei oso-osorik edo zati batez eusten zaien.
Konkurtsoa adierazteko autoan agertzen diren beste aipamenetatik bati bakarrik jarri nahi bazaio errekurtsoa, hartutako neurri zehatzen aurka jar daitezke alderdiak, birjartze-errekurtsoaren bidez.
3. Konkurtso-adierazpenaren autoari errekurtsoa jartzeko legitimazioa izango dute adierazpena eskatu ez duen zordunak eta zuzenbidearen araberako interesa egiaztatzen duten pertsonetatik edozeinek, nahiz eta ordu arte pertsona hori ez agertu prozedurara.
Eskariari gaitziritzia ematen dion autoaren kontrako errekurtsoa jartzeko legitimazioa izango du konkurtsoa eskatu duenak bakarrik.
4. Birjartze-errekurtsoa jartzeko eta gora jotzeko errekurtsoa prestatzeko epea zenbatzen hasiko da autoa jakinarazi denetik, agertu diren alderdiei begira, eta 23. artikuluaren 1. paragrafoko bigarren lerrokadan agindu argitalpenetatik azkena egin denetik, gainerako legitimatuei dagokienez.
5. Errekurtsoei gaitziritzia ematen bazaie, kostuak errekurtsogileari ezarriko zaizkio.
21. artikulua. Konkurtsoa adierazteko autoa
1. Konkurtsoa adierazteko autoak hurrengo aipamenak jasoko ditu:
1.) Konkurtsoa nahitaezkoa edo borondatezkoa den, zordunak likidazioa eskatu duela adieraziz, hala denean.
2.) Zordunak bere ondarearen gain dituen administratzeeta xedatze-ahalmenei buruzko ondoreak, bai eta konkurtsoko administratzaileen izendapena eta ahalmenak ere.
3.) Konkurtsoa nahitaezkoa denean, zordunari egindako agindeia, 6. artikuluan zenbatu agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean, autoa jakinarazi denetik zenbatzen hasita.
4.) Hala denean, epailearen ustez zordunaren ondarearen osotasuna, artapena eta administrazioa ziurtatu ahal izateko beharrezkoak diren kautelaneurriak, betiere konkurtsoko administratzaileek kargua onartu arte.
5.) Hartzekodunei egindako deia, konkurtso-administrazioari euren kredituen berri eman diezaioten hilabeteko epean, 23. artikuluko 1. paragrafoaren arabera derrigorrekoak diren argitalpenetatik azkena, autoan erabaki denetik zenbatzen hasita.
6.) Konkurtso-adierazpenari eman beharreko publizitatea.
7.) Hala denean, pieza banandua eratzeko erabakia, irabazpidezko sozietatea desegiteari buruz 77.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
8.) Hala denean, lege honen VIII. tituluko II. kapituluan aipatu prozedura labur berezia aplikatzeari buruzko erabakia.
2. Autoak berehala sortuko ditu ondoreak eta konkurtsoaren izapideak egiteko fase erkidea irekiko du, lege honen lehenengo lau tituluetan ezarritako jarduna jasota; auto hori betearazlea izango da, irmoa izan ez arren.
3. Konkurtsoa adierazi ondoren, bigarren, hirugarren eta laugarren atalak eratzeko agindua emango da.
Atal horietako bakoitzaren goiburuan autoa jarriko da, edo, hala denean, hori eratzea agindu duen epaia.
4. Atzerapenik gabe, konkurtso-administrazioak banakako komunikazioa egingo dio konkurtsoan bere nortasuna eta helbidea agerrarazi dituen hartzekodun bakoitzari, konkurtso-adierazpenaren eta kredituak 85. artikuluan ezarritako moduan komunikatzeko eginbeharraren berri emanez.
5. Autoa agertu diren alderdiei jakinaraziko zaie.
Zorduna agertu ez bada, 23. artikuluak aipatu ediktuen argitalpenak autoa jakinaraztearen ondoreak sortuko ditu.
Konkurtsopekoa kreditu-erakundea edo balore nahiz finantza-instrumentu eratorriak ordaindu eta likidatzeko sistema batean parte hartzen duen inbertsio-zerbitzuetarako enpresa bada, autoa ematen den egunean bertan jakinaraziko zaie Espainiako Bankuari, BaloreMerkatuko Nazio Batzordeari, eta erakunde ukitua zein sistematakoa izan eta horren kudeatzaileari, bigarren xedapen gehigarriak aipatu legeria berezian ezarritako baldintzetan.
Era berean, autoa Balore-Merkatuko Nazio Batzordeari jakinaraziko zaio, merkatu ofizial batean kotizatutako baloreak jaulki dituen sozietatea konkurtsopekoa denean.
Konkurtsopekoa aseguru-erakundea bada, autoa azkartasun berarekin jakinaraziko zaio Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari, eta lan-istripu nahiz lanbide-gaixotasunen mutualitatea bada, baldintza berberetan jakinaraziko zaio Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioari.
22. artikulua. Borondatezko konkurtsoa eta nahitaezko konkurtsoa
1. Hartzekodunen konkurtsoa borondatezkoa izango da, aurkeztutako lehenengo eskaria zordunak egin duenean.
Gainerakoetan, konkurtsoa nahitaezkotzat joko da.
2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren salbuespen moduan, hartzekodunen konkurtsoa nahitaezkotzat joko da, zordunak egindako eskariaren data baino hiru hilabete lehenago beste edozein legitimatuk eskaria aurkeztu eta horren izapidetza onartu denean, nahiz eta legitimatu horrek gero atzera egin, ez agertu, edo eskaria ez berretsi.
23. artikulua. Publizitatea
1. Konkurtso-adierazpenaren publizitatea, bai eta gainerako jakinarazpen, komunikazio eta prozedura-izapideena ere, bide telematiko, informatiko eta elektronikoen bidez egin daiteke, erregelamendu bidez zehaztu moduan, eta komunikazioen segurtasuna nahiz osotasuna bermatuz.
Aurrekoa gorabehera, konkurtsoadierazpena iragarriko da «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta zordunak bere interes nagusien gunea zein probintziatan izan eta bertan zabalkunde handia duen egunkari batean, bai eta beraren egoitza zein probintziatan egon eta bertan zabalkunde handia duen egunkarian ere.
Iragarki horietan behar besteko datuak jasoko dira, prozesua eta bertan bertaratzeko modua identifikatu ahal izateko
Ediktuaren ahalik arinen argitaratuko da «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean eta, hala denean, beste egunkari ofizialetan.
2. Konkurtso-adierazpenaren auto berean, edo ondoren emandako ebazpenean, epaileak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, erabaki dezake bere ustez egokia den edozein publizitate osagarri egitea, dela bide ofizialetan, dela pribatuetan.
3. Ofizioak ediktuekin batera konkurtsoko eskatzailearen prokuradoreari emango zaizkio, eta horrek berehala igorri beharko ditu horiek kasuan kasuko publizitate-bideetara.
Konkurtsoaren eskatzailea bada zerbitzu juridikoen bidez ordezkatuta eta babestuta dagoen Herri Administrazioa, epaitegiak zuzenean igorriko du ofizioa publizitate-bideetara.
4. Legearen arabera ediktuen bidez argitaratu behar diren gainerako ebazpenak argitaratuko dira, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 236. artikuluko 1. paragrafoaren 2. lerrokadan ezarritako moduan.
24. artikulua. Erregistro-publizitatea
1. Zorduna pertsona fisikoa bada, Erregistro Zibilean inskribatuko dira konkurtso-adierazpena, administrazioeta xedatze-ahalmenen gaineko eskusartzea, edo, hala denean, etendura, bai eta konkurtsoko administratzaileen izendapena ere.
2. Zorduna Merkataritzako Erregistroan inskribatu beharreko subjektua izanez gero, aurreko paragrafoan adierazitako inguruabar berberak inskribatuko dira bertan, baina aurretiaz subjektua bera inskribatu beharko da, inskribatu barik badago.
3. Merkataritzako Erregistroan inskribatu behar ez diren subjektuen kasuan, horiek beste erregistro publiko batean jaso badira, epaileak aginduko du erregistro horretan inguruabar berberak inskribatzea.
4. Zordunak ondasunak edo eskubideak baditu erregistro publikoetan inskribatuta, horietako bakoitzaren folioan aurreneurrizko idatzoharra jasoko da, administrazioeta xedatze-ahalmenen gaineko esku-sartzea, edo, hala denean, etetea adierazteko, horren data aipatuz, bai eta konkurtsoko administratzaileen izendapena adierazteko ere.
Aurreneurrizko idatzoharra egin ondoren, konkurtso-adierazpenaren osteko zenbait enbargo nahiz bahiketaren idatzoharrak bakarrik egin daitezke eskubide edo ondasun horiei begira, hain zuzen ere, konkurtsoko epaileak agindutakoak, lege honen 55. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritakoa izan ezik.
5. Epaileak erabakiko du beharrezko manamenduak egin eta konkurtsoko eskatzailearen prokuradoreari ematea, artikulu honetan ezarri erregistro-idazkunak berehala egin daitezen.
Irmoa ez den bitartean, konkurtso-adierazpenaren autoa aurreneurrizko idatzoharraren bidez jasoko da kasuan kasuko erregistroan.
Konkurtsoaren eskatzailea bada zerbitzu juridikoen bidez ordezkatuta eta babestuta dagoen Herri Administrazioa, epaitegiak zuzenean igorriko du ofizioa publizitate-bideetara.
25. artikulua. Konkurtsoak metatzea
1. Konkurtsoko zorduna pertsona juridikoa edo talde bateko sozietate nagusia bada, konkurtso-administrazioak idazki arrazoitu baten bidez epaileari eska diezaioke prozedura horretara metatzea pertsona juridikoaren edo talde bereko sozietate nagusiaren zorren gaineko erantzukizun pertsonala duten bazkide, kide edo partaideei begira adierazi diren konkurtsoak.
2. Metatu ahal izango dira, berebat, nortasun juridikorik ez duen erakunde bateko kideak edo partaideak izanik, trafikoan horren izenean hartutako zorren gain erantzukizun pertsonala dutenen konkurtsoak, horietako edozeinen konkurtso-administrazioak hala eskatuta.
3. Bi ezkontideen konkurtsoak adierazi ondoren, horietako edozeinen konkurtso-administrazioak idazki arrazoitu baten bidez epaileari eska diezaioke, prozedura horretara metatzea beste ezkontidearen konkurtsoa.
4. Artikulu honetan aipatu metatzea bidezkoa izango da, nahiz eta epaitegi desberdinek adierazi konkurtsoak, betiere 101. artikuluan ezarritakoaren arabera hitzarmenen arteko baldintzaharremanei kalterik egin gabe.
26. artikulua. Bigarren atala eratzea
Konkurtsoa aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera adierazi eta gero, epaileak bigarren atala eratzeko agindua emango du; atal horretan jasoko da konkurtso-administrazioren inguruko guztia, konkurtsoko administratzaileen izendapena eta estatutua, euren ahalmenen zehaztapena eta egikaritza, kontu-arrazoiak ematea, eta, hala denean, konkurtsoko administratzaileen erantzukizuna.
27. artikulua. Konkurtsoko administratzaileak izendatzeko baldintza subjektiboak
1. Konkurtso-administrazioa kide hauek osatuko dute:
1.) Jardunean gutxienez bost urteko lanbide-esperientzia duen abokatu batek.
2.) Jardunean gutxienez bost urteko lanbide-esperientzia duen kontu-hartzaile, ekonomialari edo merkataritzako tituludun elkargokide batek.
3.) Kreditu arruntaren edo bermatu gabeko pribilegio orokorreko kredituaren titularra den hartzekodun batek.
Epaileak izendapena egingo du, baldintza horiek biltzen dituzten hartzekodunak daudela egiaztatu bezain laster.
Konkurtsoko administratzaile izendatu den hartzekoduna pertsona juridikoa denetan, horrek, artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako prozedura aintzat hartuta, izendatuko du profesional bat, aurreko 2. idatz-zatian ezarri baldintzak betetzen dituena; profesional horri aplikatuko zaio konkurtso-administrazioan dauden gainerako kideen ezgaitasun, bateraezintasun eta debekuen araubidea.
Konkurtsoko administratzaile izendatutako hartzekoduna bada kontu-hartzaile, ekonomialari edo merkataritzako tituludun elkargokidearen baldintza betetzen ez duen pertsona fisikoa, horrek konkurtso-administrazioan parte hartu ahal izango du, edo aurreko 2. idatz-zatian ezarri baldintzak betetzen dituen profesionala izenda dezake, artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako prozedura beteta; modu horretan izendatutako profesionalari aplikatuko zaio administrazio-konkurtsoko gainerako kideen ezgaitasun, bateraezintasun, debeku eta ordainketaren araubidea.
2. 1. paragrafoan xedatutakoaren salbuespen gisa:
1.) Konkurtsopeko erakundeak jaulkitzen baditu bigarren mailako merkatu ofizial batean negoziatzen diren baloreak edo instrumentu eratorriak, balore edo instrumentu horien negoziazioa, konpentsazioa zein likidazioa zuzendu behar badu, edo erakunde hori inbertsio-zerbitzuetarako enpresa bada, ekonomialaria, auditorea edo merkataritzako tituluduna izendatu beharrean, konkurtsoko administratzaile izendatuko da Balore-Merkatuko Nazio Batzordean dagoen teknikariren bat, edo halakoak proposatutako beste pertsonaren bat, kualifikazio berberarekin; horretarako, Balore-Merkatuko Nazio Batzordeak haren nortasunaren berri emango dio epaileari.
Epaileak izendatuko ditu bai abokatua eta bai hartzekoduna ordezkatzen duen konkurtsoadministrazioko kidea ere, erakundea zein berme-funtsetara atxikita egon eta berme-funts horrek edo inbertitzaileen kalte-ordainerako sistemaren estaldura hartu duenak hala proposatuta.
2.) Konkurtsopeko erakundea kredituedo aseguru-erakundea bada, hartzekoduna izendatu beharrean, kasuan kasuko gordailuaren berme-funtsa edo Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoa izendatuko da, hurrenez hurren; horiek berehala komunikatu behar diote epaileari kargu horretan euren ordezkari izango den pertsona fisikoaren nortasuna.
Abokatu, auditore, ekonomialari edo merkataritzako tituludun diren administratzaileei dagokienez, epaileak izendatuko ditu, hurrenez hurren, Gordailuen Berme Funtsak eta Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoak proposatutakoen artean.
3.) 190 eta 191. artikuluetan ezarri prozedura laburtua aplikatzen denean, konkurtso-administrazioa kide bakarrarekin era daiteke, eta, kasu horretan, kide hori izan behar da 1. paragrafoko betekizunak dituen abokatua, kontuhartzailea, ekonomialaria edo merkataritzako tituluduna.
3. Konkurtsoko epaileak izendatuko ditu 1. paragrafoaren arabera konkurtso-administrazioa osatu behar duten profesionalak, hurrengoen artean: legebaldintzak beteta, kontu-auditoreen erregistro ofizialari kargua betetzeko prest daudela adierazi diotenen artean, edota, nahitaez elkargokide izan behar duten profesionalen kasuan, euren elkargoari halako adierazpena egin diotenen artean.
Ondore horretarako, aipatu erregistro eta elkargoek urte bakoitzeko abenduan epaitegi eskudunetako dekanotzan aurkeztuko dituzte prest dauden pertsonen zerrendak, hurrengo urteko lehenengo egunetik horiek erabilgarriak izan daitezen.
Elkargokide izateko betebeharrik ez duten profesionalek izena emango dute epaitegi eskudunen dekanotzan ondore horretarako egindako zerrendetan.
Profesionalak kasuan kasuko zerrendan sartzea doakoa izango da.
Parte hartzen duten profesionalek, betiere, egiaztatu behar dute euren burua konkurtso-gaiaren inguruan prestatzeko konpromisoa hartzen dutela.
4. Konkurtsoko administratzaile izendatutako hartzekoduna Herri Administrazioa edo horrekin lotuta zein horren mende dagoen zuzenbide publikoko erakundea denean, profesional gisa izendatu ahal izango da arlo ekonomiko nahiz juridikoetan lizentziatua den funtzionarioetatik edozein.
Profesional horien esku-hartzeagatik, ez da ordainketarik egingo konkurtsoko masaren kontura.
28. artikulua. Ezgaitasunak, bateraezintasunak eta debekuak
1. Konkurtsoko administratzaile gisa ezin izango dira izendatu sozietate anonimoen edo erantzukizun mugatuko sozietateen administratzaile izan ezin direnak, ezta zordunari edo azken hiru urteetan zordun horrekin harreman bereziak izan dituzten pertsonei edozein motatako lanbide-zerbitzuak eman dizkietenak ere, epe horretan lanbide-jarduera berean edo izaera desberdineko jardueran parte hartu dutenak barne.
Ezin izango dira konkurtsoko administratzaile izendatu, orobat, 27. artikuluaren 1. paragrafoan ezarri baldintza subjektiboak izanda, zordunari begira, horren zuzendari zein administratzaileei begira edota konkurtsoko masa pasiboaren ehuneko 10 baino gehiago ordezkatzen duen hartzekodunari begira Finantza-Sistema Eraldatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legearen 51. artikuluan aipatu inguruabarretatik batean aurkitzen direnak, horien egoera edo lanbidea edozein izanda ere.
2. Kasuan kasuko zerrendan prest dauden pertsonak behar bestekoak badira, ezin izango dira konkurtsoko administratzaile gisa izendatu abokatuak, auditoreak, ekonomialariak edo merkataritzako tituludunak, baldin eta horiek aurreko bi urteetan egindako hiru konkurtsotan parte hartu badute, epaitegi berak izendatuta.
Ondore horietarako, enpresa-talde bereko sozietateen konkurtsoetan egindako izendapenak bat bezala zenbatuko dira.
Konkurtsoko administratzaile gisa ezin izango dira izendatu, berebat, aurreko bi urteetan kargu horretatik banandu direnak, ezta 181. artikuluaren arabera desgaituak izan direnak, aurreko konkurtso baten kontuak gaitzesteko epai irmo baten ondorioz.
3. Hartzekoduna den konkurtso-administratzaile moduan ezin izango da izendatu zordunarekin harreman bereziak dituen pertsona, ezta zordunaren lehiakidea den hartzekoduna edo barnean erakunde lehiakideren bat duen enpresa-taldeko hartzekoduna ere.
4. Ezin izango dira konkurtsoko administratzaile gisa izendatu konkurtso berean modu pertsonalean edo lanbidez elkarri lotuta daudenak.
Lotura pertsonal hori antzemateko, 93. artikuluan ezarri erregelak aplikatuko dira.
Pertsona batzuen artean zerbitzu-, lankidetza-nahiz mendekotasun-harremanak badaude egitez edo zuzenbidez, ulertzen da pertsona horiek lanbidez lotuta daudela.
5. Artikulu honetan jasotako arauak aplikatuko zaizkie Balore-Merkatuko Nazio Batzorde, gordailuen bermefunts, Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergo eta edozein Herri Administrazio hartzekodunen ordezkariei; salbuespenez, ordezkari horiei ez zaizkie aplikatuko karguaren edo funtzio publikoaren ondoriozko debekuak, artikulu honen 4. paragrafoko bigarren lerrokadan eta 93. artikuluaren 2.2 paragrafoan aipatutakoak.
29. artikulua. Onarpena
1. Konkurtsoko administratzailearen izendapena biderik azkarrenetik komunikatuko zaio izendatuari.
Komunikazioa jaso eta hurrengo bost egunetan, izendatua epaitegira agertu behar da, enkargua onartzen duen edo ez adierazteko.
Hori ezesteko arrazoiren bat gertatzen bada, izendatuak halaxe adierazi beharko du.
Kargua onartu ondoren, epaileak aginduko du izendatuari konkurtsoko administratzailea dela egiaztatzen duen agiria ematea.
Egiaztagiri hori epaitegira itzuli beharko da, konkurtsoko administratzaileak kargua uzten duenean edozein arrazoiren ondorioz.
2. Izendatua agertzen ez bada edo horrek kargua onartzen ez badu, epaileak berehala egingo du beste izendapen bat.
Izendatua agertu ez bada edo horrek kargua onartu ez badu arrazoi zuzenik azaldu gabe, pertsona hori ezin izango da administratzaile izendatu epaitegi-barrutian hiru urtetan egin daitezkeen konkurtso-prozeduretan.
3. Kargua onartu eta gero, izendatuak karguari uko egin diezaioke arrazoi larriren bat gertatzearen ondorioz bakarrik.
4. Onarpena ez da beharrezkoa izango, 27. artikuluaren arabera izendatua denean Balore-Merkatuko Nazio Batzordeko teknikaria, gordailuen bermefuntsa edo Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoa.
30. artikulua. Pertsona juridiko administratzaileen ordezkaritza
1. Pertsona juridikoa izendatu denean konkurtsoko administratzaile gisa, horrek kargua onartzean adierazi beharko du nor izango den kargu hori betetzeko ordezkari moduan jardungo duen pertsona fisikoa.
2. Izendatutako pertsona juridikoei 28. artikuluko bateraezintasun eta debekuen araubide bera aplikatuko zaie.
Gisa bertsuan, pertsona fisikoa izendatu denean administratzaile, horrek epaitegiari adierazi beharko dio lanbide-izaerako pertsona juridikoren batean parte hartzen duen, gainerako kide edo laguntzaileei bateraezintasun-araubide bera aplikatzeko.
3. Konkurtsoko administratzaileentzat ezarri bateraezintasun, debeku, ezespen, erantzukizun eta banantzeari buruzko araubidea aplikatuko zaio izendatutako pertsona juridikoaren ordezkariari.
Ezin izango da ordezkari izendatu, epaitegi berean aurreko bi urteetan egindako hiru konkurtsotan konkurtsoko administratzaile edo horren ordezkari izan den pertsona, 28. artikuluan aipatu salbuespenak aintzat hartuta.
4. Pertsona juridikoa bere lanbideprestakuntzaren ondorioz izendatu denean, prestakuntza bera izan behar du ordezkari moduan izendatu den pertsona fisikoak ere.
31. artikulua. Onarpenaren berezitasunak
Konkurtsoko administratzailearen kargua onartzean, abokatu, auditore, ekonomialari edo merkataritzako tituludun izendatuak karguan aritzeko bulegoa zehaztu behar du, epaitegiaren lurralde-eskumenaren eremuko herriren batean.
32. artikulua. Laguntzaile eskuordeak
1. Konkurtsoaren konplexutasuna dela-eta beharrezkoa denean, konkurtso-administrazioak epaileari baimena eska diezaioke eginkizun zehatz batzuk proposatutako laguntzaileei eskuordetzeko, zordunaren jarduerei ekitekoak barne, horien ordainsaria zehazteko irizpideak adierazita.
2. Epaileak baimena ematen badu, laguntzaileak izendatuko ditu, eta horiei eskuordetutako eginkizunak nahiz ordainsaria zehaztuko ditu; ordainsaria konkurtsoko administratzaileek ordainduko dute, eta, besterik esanbidez erabaki ezean, ordainsari hori administratzaile bakoitzak jasoko duenaren araberakoa izango da.
Epaileak hartutako erabakiaren aurka ezin da errekurtsorik jarri, baina eskaria berriro egin ahal izango da, ukatze hori eragin zuten inguruabarrak aldatzen direnean.
3. Konkurtsoko administratzaile eta euren ordezkarientzat ezarri ezgaitasun, bateraezintasun, debeku, ezespen eta erantzukizunen araubidea aplikatuko zaie laguntzaile eskuordeei.
4. Laguntzaile eskuordeak izendatu arren, konkurtsoko administratzaileak elkarlanean aritu ahal izango dira euren zerbitzupean dauden langileekin edo zordunaren mendekoarekin.
33. artikulua. Ezespena
1. Konkurtso-adierazpena eskatzeko legitimazioa dutenetatik edozeinek ezets ditzake konkurtsoko administratzaileak.
2. Ezespen-arrazoiak dira 28. artikuluan aipatu ezgaitasun, bateraezintasun edo debekua sortzen duten inguruabarrak, bai eta prozesu-legeria zibilean adituak ezesteko ezarritakoak ere.
3. Ezesleak ezespenaren oinarri den arrazoiaren berri izan bezain pronto eragin beharko du berori.
4. Ezespenak ez du izango ondore etengarririk, eta konkurtso-intzidentearen bideetatik gauzatuko da.
Ezetsiak konkurtsoko administratzaile gisa jardungo du, emandako ebazpenak jardunaren baliozkotasunaren gain eraginik sortu gabe.
34. artikulua. Ordainsaria
1. Konkurtsoko administratzaileek ordainsaria masaren kontura jasotzeko eskubidea izango dute, salbu eta 27. artikuluko 2. paragrafoaren 1 eta 2. idatzzatietan aipatu erakundeen langileak direnean.
2. Konkurtso-administrazioaren ordainsaria arantzelaren bidez arautuko da, aktiboaren eta pasiboaren zenbatekoa eta konkurtsoak izan dezakeen konplexutasuna aintzat hartuta.
Konkurtsoko administratzaile izendatutako profesionalek partaidetza berbera izango dute ordainsari horretan, betiere hartzekoduna den administratzailearen bikoitza, baldin eta administratzaile hori pertsona fisikoa bada eta bere ordezkari moduan jardungo duen profesionalik izendatu ez badu, 27. artikuluko 1. paragrafoaren azken lerrokadan ezarritakoari helduta.
3. Aurretiaz konkurtso-administrazioak egindako txostena kontuan hartuta, epaileak auto bidez eta arantzelaren arabera zehaztuko du ordainsariaren zenbatekoa, bai eta hori ordaintzeko epeak ere.
4. Prozeduraren edozein unetan, epaileak, ofizioz edo zordunak nahiz edozein hartzekodunek hala eskatuta, zehaztutako ordainsaria alda dezake, baldin eta horretarako arrazoi zuzena badago, betiere, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatu arantzela aplikatuta
5. Konkurtsoko administratzaileen ordainsaria zehaztu edo aldatzeko autoaren aurka errekurtsoa jar dezakete horietatik edozeinek eta konkurtsoadierazpena eskatzeko legitimazioa dutenek.
35. artikulua. Karguan aritzea
1. Konkurtsoko administratzaileak eta laguntzaile eskuordeak euren karguan arituko dira administratzaile eratsuaren eta ordezkari leialaren arretaz.
2. Hiru kidek osatzen dutenean konkurtso-administrazioa, organo horren eginkizunak kidegoan beteko dira.
Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta, halakorik lortu ezean, epaileak ebatziko du.
Epaileak, ofizioz edo konkurtso-administrazioak hala eskatuta, eskumen zehatzak eratxiki ahal izango dizkio kideetatik edozeini,
3. Edozein inguruabarren ondorioz hiru kideetatik bi bakarrik ari badira karguan, egoera hori luzatzen den bitartean, konkurtsoko administratzaileen jarduna modu mankomunatuan gauzatu beharko da, epaileak banaka eratxikitako eskumenen kasuan izan ezik.
Desadostasuna gertatuz gero, epaileak ebatziko du.
4. Konkurtso-administrazioak banaka, modu mankomunatuan edo kidegoan hartutako erabakiak ez direnean izapide hutsak edo kudeaketa arruntekoak, eurak aktetan jasoko dira, eta epaitegiko idazkariak legeztatutako liburuan luzatu edo kopiatuko dira.
5. Epaileak artikulu honetako arazoak konpontzeko ebazpenak autoz emango ditu, eta horien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.
Halaber, ezin sor daiteke konkurtso-intzidenterik ebatzitako gaiari buruz.
6. Konkurtso-administrazioa konkurtsoko epaileak ikuskatuko du.
Edozein unetan, epaileak kide guztiei edo horietatik edozeini eskatu ahal izango dio konkurtso-fasearen egoerari buruzko informazio zehatza edo oroitidazkia.
36. artikulua. Erantzukizuna
1. Konkurtsoko administratzaileek eta laguntzaile eskuordeek erantzukizuna izango dute zordunari eta hartzekodunei begira, legearen aurka edo beharrezko arretarik gabe gauzatutako egite edo ez-egiteen ondorioz masari eragindako kalte-galerengatik.
2. Eskumenak modu mankomunatuan edo kidegoan egikaritzearen ondoriozko erantzukizuna solidarioa izango da; azken kasu horretan konkurtsoko administratzailea erantzukizunetik aske geratuko da, baldin eta frogatzen badu ez zuela parte izan erabaki kaltegarria hartu zenean, ez zekiela halakorik zegoenik, edo erabakia hartu zela jakin arren, kaltea saihesteko komenigarria zen guztia egin zuela, edo, gutxienez, erabaki horren aurka azaldu zela esanbidez.
3. Konkurtsoko administratzaileek eta laguntzaile eskuordeek erantzukizun solidarioa izango dute azken horiek gauzatutako egite eta ez-egite kaltegarrien ondorioz, salbu eta administratzaileek frogatzen dutenean kaltea eragotzi edo saihesteko arreta egokia jarri dutela.
4. Erantzukizun-akzioa gauzatuko da kasuan kasuko epaiketa adierazleko izapideen bidez, konkurtsoaren gaineko eskumena duen edo izan duen epailearen aurrean.
5. Erantzukizun-akzioa lau urte igaro ondoren preskribatuko da, auzi-jartzaileak erreklamatutako kalte edo galeraren berri izan duenetik zenbatuta, eta, edozein kasutan ere, konkurtsoko administratzaileek edo laguntzaile eskuordeek euren kargua utzi dutenetik.
6. Epaiak kalte-galerak ordaintzeko kondena ezarri badu, akzioa masaren mesederako erabili duen hartzekodunak egin dituen beharrezko gastuak berreskuratzeko eskubidea izango du, jasotako zenbatekoaren kontura.
7. Salbuetsita geratzen dira zordunari, hartzekodunei edo hirugarrenei dagozkien erantzukizun-akzioak, konkurtsoko administratzaileen eta laguntzaile eskuordeen egite edo ez-egiteek zuzeneko kaltea eragin dietenean euren interesei.
37. artikulua. Banantzea
1. Arrazoi zuzena dagoenean, epaileak, ofizioz edo konkurtso-adierazpena eskatzeko legitimazioa duten pertsonetatik edozeinek nahiz konkurtso-administrazioko gainerako kideetatik edozeinek hala eskatuta, kargutik banandu ahal izango ditu konkurtsoko administratzaileak, edota laguntzaile eskuordeen izendapena ezetsi ahal izango du.
2. Kargua utzi duena pertsona juridiko administratzailearen ordezkaria bada, epaileak eskatuko du administratzaile horren ordezkaritza izango duen pertsona fisikoaren nortasuna berari komunikatzea, salbu eta konkurtsoko administratzailea den pertsona juridikoak berak utzi behar duenean kargua, kasu horretan beste izendapen bat egingo baita.
3. Kargua uzteko agintzen duen epailearen ebazpena autoz emango da, eta auto horretan jasoko dira epaileak erabaki hori hartzeko izan dituen arrazoiak.
4. Aurreko paragrafoan aipatu autoaren edukiaren berri emango zaio 198. artikuluan ezarri erregistro publikoari.
38. artikulua. Beste izendapen bat egitea
1. Konkurtsoko administratzaile batek kargua utzi behar duenetan, epaileak berehala egingo du beste izendapen bat.
2. Kargua utzi duena pertsona juridiko administratzailearen ordezkaria bada, epaileak eskatuko du administratzaile horren ordezkaritza izango duen pertsona fisikoaren nortasuna berari komunikatzea.
3. Kargua uzteari eta izendapen berriari emango zaie konkurtsoko administratzaile ordeztuaren izendapenak izan duen publizitate bera.
4. Konkurtsoko administratzaileetatik edozeinek konkurtsoa amaitu baino lehen uzten badu kargua, epaileak administrazio horri banaka eratxiki dizkion eskumenetan egindako jardunaren kontu-arrazoiak eskatuko dizkio, hala denean.
Konkurtso-administrazioaren kide guztiek utzi dutenean kargua, epaileak administrazio horri eskatuko dio ordu arte kidegoan egindako jardun osoaren kontu-arrazoiak ematea, 36. artikuluko erregelen arabera administratzaile bakoitzari dagokion erantzukizunari kalterik egin gabe.
Administratzaileek hilabeteko epean aurkeztuko dituzte kontu-arrazoi horiek, epailearen agindua jakinarazi zaienetik zenbatzen hasita, eta 181. artikuluan kontu-arrazoiak konkurtso amaieran azaltzeko ezarri izapide, ebazpen eta ondore berberak aplikatuko dira.
39. artikulua. Ebazpenen irmotasuna
Ezin da errekurtsorik jarri konkurtsoko administratzaile eta laguntzaile eskuordeak izendatu, horiek kargua ezetsi edo uztearen inguruan emandako ebazpenen kontra.
40. artikulua. Zordunaren ondareahalmenak
1. Konkurtsoa borondatezkoa bada, zordunak bere ondarea administratu eta xedatzeko dituen ahalmenei ekingo die, baina ahalmen horien egikaritzan konkurtsoko administratzaileek esku hartuko dute, baimena edo adostasuna emanez.
2. Konkurtsoa nahitaezkoa bada, zordunak bere ondarea administratu eta xedatzeko dituen ahalmenen egikaritza eten egingo da, eta konkurtsoko administratzaileek jardungo dute zordunaren ordez.
3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, epaileak etetea erabaki dezake, konkurtsoa borondatezkoa izan arren, edo, esku-sartze soila, konkurtsoa nahitaezkoa denean.
Kasu bietan, erabakia arrazoitu beharko du, saihestu nahi diren arriskuak eta eskuratu nahi diren abantailak adieraziz.
4. Konkurtso-administrazioak hala eskatuta eta behin konkurtsopekoa entzunda, epaileak edozein unetan erabaki dezake zordunaren ondare-ahalmenen gaineko esku-sartzea edo etetea auto bidez aldatzea.
Esku-sartze edo etetearen aldaketari, eta, horren ondorioz, konkurtso-administrazioaren ahalmenek izandako aldarazpenari emango zaie 23 eta 24. artikuluen arabera konkurtso-adierazpenari emandako publizitate bera.
5. Jarauntsiaren konkurtsoa egiten denean, konkurtso-administrazioak egikarituko ditu jarauntsiko ondasunak administratu eta xedatzeko ondare-ahalmenak, eta egoera hori ezin alda daiteke.
6. Esku-sartzea eta etetea izango dira konkurtsoan bildu beharreko ondasun, eskubide eta betebeharren gaineko administraziozein xedatze-ahalmenei buruzkoak, bai eta, hala denean, ezkontzasozietate edo -erkidegoaren zordunari dagozkion ahalmenei buruzkoak ere.
Zordunak testamentua egiteko ahalmenari eutsiko dio, konkurtsoak jarauntsiaren gain izango dituen ondoreei kalterik egin gabe.
7. Zordunaren egintzek hausten badituzte artikulu honetan ezarri mugapenak, egintzok deuseztatu ahal izango dira konkurtso-administrazioak hala eskatuta, eta horrek egintzak baliozkotu edo baieztatu ez dituenean bakarrik.
Hartzekodunetatik edozeinek eta arauhaustearen ondorioz ukitutako kontratu-harremanetan alderdi izan denak konkurtso-administrazioari eskatu ahal izango diote adierazpena egin dezan, kasuan kasuko akzioari buruz edo egintza baliozkotu edota baieztatzeari buruz.
Deuseztapen-akzioaren izapideak egingo dira, hala denean, konkurtso-intzidenteen bideetatik, eta, agindeia egin bada, akzioa hilabeteko epean iraungiko da, agindeiaren datatik zenbatzen hasita.
Gainerakoetan, akzioa iraungiko da zordunak hitzarmena betetzen duenean, edo, likidazioaren kasuan, hori amaitzen denean.
Aipatu egintzak ezin izango dira erregistro publikoetan inskribatu baieztatu edo baliozkotzen ez diren bitartean, edo deuseztapen-akzioaren iraungitzea edo gaitziritzi irmoa egiaztatzen ez den bitartean.
41. artikulua. Zordunaren komunikazio, bizileku eta zirkulazio askearen gaineko ondoreak
Zordunak posta, bizileku eta zirkulazio askearen inguruan dituen oinarrizko eskubide eta askatasunetan, konkurtsoadierazpenak izango ditu Konkurtsoa Eraldatzeko Lege Organikoak ezarri ondoreak.
42. artikulua. Zordunaren lankidetza eta informazioa
1. Zorduna merkataritzako epaitegian eta konkurtso-administrazioan agertu behar da eskatzen zaion guztietan, eta laguntza nahiz informazioa eman beharko du konkurtsoaren intereserako beharrezkoa edo komenigarria denetan.
Zorduna pertsona juridikoa izanez gero, administratzaile eta likidatzaileek beteko dituzte eginbehar horiek, bai eta konkurtso-adierazpenaren aurreko bi urteetan kargu horiek bete dituztenek ere.
2. Zordunaren ahaldunek eta aipatu epealdian ahaldun izan direnek ere aurreko paragrafoan zehaztu eginbeharrak bete beharko dituzte.
43. artikulua. Masa aktiboa artatu eta administratzea
1. Masa aktiboa administratu eta xedatzeko ahalmenak egikaritzean, masa hori modurik komenigarrienean artatuko da, konkurtsoaren interesak kontuan izanda.
Helburu horretarako, konkurtsoko administratzaileek beharrezko deritzoten laguntza eska diezaiokete epaitegiari.
2. Epaileak hitzarmena onetsi arte edo likidazioa ireki arte, ezin izango da masa aktiboko ondasun eta eskubiderik besterendu ez kargatu, epailearen baimenik gabe.
3. Aurreko paragrafoan xedatutakotik salbuetsita geratzen dira zordunaren lanbideedo enpresa-jarduerari eusteko berezko xedatze-egintzak, hurrengo artikuluan ezarri baldintzetan.
44. artikulua. Lanbideedo enpresajarduerari ekitea
1. Konkurtso-adierazpenak ez du geldiaraziko zorduna gauzatzen ari den lanbideedo enpresa-jarduera.
2. Esku-sartzea gertatzen bada, eta zordunaren lanbideedo enpresa-jarduerak aurrera egitea errazteko, konkurtso-administrazioak zehaztu ahal izango du jarduera horren ohiko trafikoaren barruan zeintzuk diren orokorrean baimentzen diren egintza edo eragiketak, euren izaera edo zenbatekoa kontuan izanda.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, eta epaileak konkurtsoa adieraztean hartutako kautela-neurriei kalterik egin gabe, konkurtsoko administratzaileek euren kargua onartu arte zordunak bere jarduera-multzo edo trafikoko berezko egintzak gauza ditzake, baldin eta ezinbestekoak badira jarduerari ekiteko, eta merkatuaren baldintza arruntetara egokitzen badira.
3. Zordunaren administrazioeta xedatze-ahalmenak eteten badira, konkurtso-administrazioak hartuko ditu lanbideedo enpresa-jarduerari ekiteko beharrezkoak diren neurriak.
4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren salbuespen moduan, epaileak auto bidez erabaki ahal izango du, betiere konkurtso-administrazioak hala eskatuta eta aurretiaz zorduna eta enpresako langileen ordezkariak entzunda, zordunaren titulartasunpeko bulego, establezimendu edo ustiategi guztiak edo batzuk ixtea, eta enpresa-jardueraren kasuan, berori gauzatzeari uztea edo etetea, oso-osorik edo zati batez.
Neurri horien ondorioz lan-kontratuak batera azkendu, eten edo aldatzen badira, epaileak jardungo du 8. artikuluaren 2. paragrafoan eta 64. artikuluan ezarritakoaren arabera.
45. artikulua. Zordunaren liburu eta agiriak
1. Zordunak konkurtso-administrazioaren esku jarriko ditu nahitaez eraman beharreko liburuak, bai eta bere lanbideedo enpresa-jardueraren ondare-atalei lotutako beste edozein liburu, agiri edo erregistro ere.
2. Konkurtso-administrazioak hala eskatzen badu, epaileak beharrezko neurriak hartuko ditu, aurreko paragrafoan xedatutakoa eragingarria izan dadin.
46. artikulua. Zordunaren urteko kontuak
1. Konkurtsoa adierazi ondoren, urteko kontuak egiteko eta horien auditoretza gauzatzeko betebeharrek iraungo dute.
Hala ere, konkurtsopeko sozietatea auditoretza egiteko betebeharretik aske geratuko da, konkurtso-administrazioa jardunean ari den bitartean prestatutako lehenengo kontuen kasuan, salbu eta sozietate horren baloreen negoziazioa onartu denean bigarren mailako balore-merkatuetan, edota Espainiako Bankuak, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak nahiz BaloreMerkatuko Nazio Batzordeak sozietate horren ikuskatze publikoa egin behar duenean.
2. Esku-sartze kasuetan, zordunari dagokio urteko kontuak egitea konkurtsoaren izapideak gauzatu bitartean, betiere konkurtsoko administratzaileen ikuskapenaren mende; etete-kasuetan, azken horiei dagokie.
47. artikulua. Mantenu-eskubidea
1. Konkurtsoaren izapideak gauzatu bitartean, pertsona fisiko zordunak masa aktiboaren kontura mantenua jasotzeko eskubidea izango du, likidazio kasuetarako xedatutakoa salbu.
Esku-sartzea gertatzen bada, eskubide horrek konkurtso-administrazioak zenbatekoa eta aldizkotasuna erabakiko ditu; etete-kasuetan, epaileak baimenduko ditu, konkurtsopekoa eta konkurtso-administrazioa entzun ostean.
Azken kasu horretan, epaileak mantenuaren zenbatekoa eta aldizkakotasuna alda ditzake, konkurtsopekoa nahiz konkurtso-administrazioa entzunda, eta horietatik edozeinek hala eskatuta.
2. Prozedura Zibilaren Legeko IV. liburuaren I. tituluan aipatu gaitasun, seme-alabatasun, ezkontza edo adingabeei buruzko prozesuetatik edozeinetan epaileak emandako ebazpenaren ondorioz konkurtsopekoari mantenua emateko betebeharra ezartzen zaionean, betebehar hori masa aktiboaren kontura beteko da.
3. Aurreko paragrafoan ezarri kasuan konkurtsopekoak pertsona batzuei mantenua emateko lege-eginbeharra badu, pertsona horiek mantenua masaren kontura jaso dezakete, berori emateko lege-betebeharra duten beste pertsonengandik jaso ezin dutenean eta konkurtsoko epaileak horretarako baimena eman duenean bakarrik; epaileak auto bidez ebatziko du mantenua bidezkoa den eta zein izango den horren zenbatekoa.
48. artikulua. Pertsona juridiko zordunaren gaineko ondoreak
1. Konkurtsoaren izapideak gauzatu bitartean, pertsona juridiko zordunaren organoei eutsiko zaie, horien administrazioeta xedatze-ahalmenen eskusartze edo etetearen ondorioz jardunbidearen gain sortutako ondoreei kalterik egin gabe, eta likidazio-fasea irekitzeagatik administratzaile edo likidatzaileen kargu-uztea adierazten denean izan ezik.
Konkurtsoko administratzaileak kidego-organoen bileretara joan daitezke eta bertan botoa eman dezakete.
2. Beste lege batzuetan ezarritakoaren arabera pertsona juridiko zordunak bere administratzaile, auditore edo likidatzaileen aurka egikari ditzakeen erantzukizun-akzioei kalterik egin gabe, konkurtsoko administratzaileek ere akzio horiek egikaritzeko legitimazioa izango dute, eta ez da beharrezkoa bazkideen batzak edo biltzarrak aldez aurretik hori erabakitzea.
Konkurtsoko epaileak izango du aurreko paragrafoan aipatu akzioen gaineko eskumena.
Kalifikazioaren atala eratzeak ez du eraginik izango egikaritu diren erantzukizun-akzioen gain.
3. Pertsona juridikoaren konkurtsoadierazpena egiten denetik, konkurtsoko epaileak, ofizioz edo konkurtso-administrazioak arrazoiak azalduz hala eskatuta, agin dezake zuzenbideko edo egitezko administratzaile zein likidatzaileen ondasun eta eskubideak enbargatzea, bai eta adierazpenaren aurreko bi urteetan kargu hori izan dutenen ondasun eta eskubideak enbargatzea ere, baldin eta eginiko jardunak ondorioztatzen badu konkurtsoa erruduntzat kalifikatzeko oinarriak daudela eta masa aktiboa ez dela nahikoa, zor guztiak ordaintzeko.
Enbargoa erabakiko da epaileak behar bestekotzat jotako zenbatekoan, eta, interesdunak hala eskatuz gero, enbargoaren ordez kreditu-erakundeak emandako abala ezar daiteke.
4. Konkurtso-administrazioak bakarrik erreklama dezake sozietate-ekarpen geroratuen ordainketa, komenigarritzat jotako unean eta zenbatekoarekin, eskrituran edo estatutuetan ezarri epea edozein izanda ere, bai eta betetzeko dauden prestazio gehigarrien ordainketa ere.
5. Era berean, sozietate-konkurtsoaren izapideak gauzatu bitartean, konkurtso-administrazioari dagokio adierazpenaren aurreko sozietate-zorren gaineko erantzukizun subsidiarioa duen bazkidearen edo bazkideen kontrako akzioa; 54. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako kasuan, hartzekodunei dagokie akzio hori modu subsidiarioan, baina ezin izango dute berori egikaritu hitzarmena onetsi arte edo sozietateondarea likidatu arte.
Epaileak, ofizioz edo konkurtso-administrazioak hala eskatuta, aipatu bazkideen ondasun eta eskubideak behar bestekotzat jotako zenbatekoan enbargatzea agin dezake, eginiko jardunak ondorioztatzen duenean oinarriak daudela zor guztiak ordaintzeko masa aktiborik ez dagoela ulertzeko; interesdunak hala eskatuta, erabaki daiteke enbargoaren ordez kreditu-erakundearen abala ematea.
49. artikulua. Masa pasiboaren osaketa
Konkurtsoa adierazi ondoren, zordunaren hartzekodun guztiak, arruntak izan zein ez, eta horien naziotasuna edo egoitza edozein izanda ere, zuzenbidez sartuko dira konkurtsoaren masa pasiboan, legeetan ezarri salbuespenak bakarrik kontuan hartuta.
50. artikulua. Epaiketa adierazle berriak
1. Lege honetan ezarritakoaren arabera demanda baten gaineko eskumena konkurtsoko epaileari dagokionean eta demanda hori arlo zibil edo lan-arloko epaileen aurrean aurkeztu denean, epaileok ez dute horren gaineko eskumenik hartuko, eta alderdiei ohartaraziko diete, euren eskubidea konkurtsoko epailearen aurrean erabil dezaten.
Demanden izapidetza onartzen bada, jardun guztia artxibatzea aginduko da, eta jardun hori ez da baliozkoa izango.
2. Konkurtso-adierazpena egin ondoren, administrazioarekiko auzien arloko eta lanedo zigor-arloko epaile edo auzitegien aurrean zordunaren ondareari begira garrantzia izan dezaketen akzioak egikaritu badira, epaile edo auzitegiok konkurtso-administrazioa epatuko dute, eta hori bertaratzen bada, masaren defentsarako alderdi gisa hartuko dute.
51. artikulua. Egiteko dauden epaiketa adierazleei eustea eta horiek metatzea
1. Zorduna alderditzat duten epaiketa adierazleen izapideak gauzatzen ari badira konkurtsoa adierazteko unean, epaiketa horiei eutsiko zaie ebazpena irmoa izan arte.
Hala ere, epaiketak metatuko dira, 8. artikuluan ezarritakoaren arabera konkurtsoko epailearen eskumenekoa izanik, horien izapideak lehenengo auzialdian egiten ari direnean, eta konkurtsoko epailearen iritzirako ebazpenak funtsezko garrantzia duenean inbentarioa edo hartzekodunen zerrenda eratzeko.
Konkurtso-administrazioak eska dezake metatzea, txostena egin baino lehen, edota bertaratutako alderdietatik edozeinek, inbentarioa edo hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea amaitu baino lehen.
2. Zordunaren administrazioeta xedatze-ahalmenak eteten badira, konkurtso-administrazioak bere eskumenen eremuan zorduna ordeztuko du, prozedura judizialen izapideak egin bitartean; horretarako, konkurtso-administrazioa bertaratzen denetik bost eguneko epea izango du jardunean instruitzeko, baina konkurtsoko epailearen baimena beharko du, prozedura horretan atzera egiteko, erabat edo zati batez amore emateko edota auzien transakzioa egiteko.
Epaileak, betiere, zordunari helaraziko dio konkurtso-administrazioak aurkeztu eskaria, bai eta konkurtsoan agertu direnei ere, baldin eta, xedea kontuan hartuta, pertsona horiek entzutea bidezkoa bada, epailearen ustez.
Baimendutako amore emate edo atzera egitearen ondorioz ezarri kostuak konkurtso-kreditu gisa hartuko dira; transakzioa eginez gero, kostuen inguruan hitzartutakoa beteko da.
Hala ere, ordezpena gertatu arren, zordunak ordezkaritza eta defentsa banandua izan dezake, bere prokuradore eta abokatuaren bidez, baldin eta konkurtsoko epailearen aurrean behar beste bermatzen badu bere prozesu-jardunaren ondoriozko gastuak eta, hala denean, kostuei buruzko kondena ez direla gauzatuko konkurtsoko masaren gain; edozein kasutan ere, zordunak ezin izango du burutu aurreko paragrafoaren arabera konkurtso-administrazioak epailearen baimenarekin gauzatu beharreko prozesu-jarduna.
3. Esku-sartzea gertatzen bada, zordunak epaiketan jarduteko gaitasunari eutsiko dio, baina konkurtso-administrazioaren baimena beharko du atzera egiteko, erabat edo zati batez amore emateko zein auzien transakzioa egiteko, auzigaiak haren ondarea ukitu ahal duenean.
Kostuei dagokienez, aurreko paragrafoaren lehenengo lerrokadan xedatutakoa beteko da.
52. artikulua. Tartekaritza-prozedurak
1. Zorduna alderditzat duten tartekaritza-hitzarmenak balio eta ondorerik gabe geratuko dira konkurtsoaren izapideak gauzatu bitartean, nazioarteko itunetan xedatutakoari kalterik egin gabe.
2. Konkurtsoa adieraztean egiteko dauden tartekaritza-prozeduren izapideei eutsiko zaie laudoa irmoa izan arte, eta aurreko artikuluaren 2 eta 3. paragrafoetan ezarri arauak aplikatuko dira.
53. artikulua. Epai eta laudo irmoak
1. Konkurtso-adierazpenaren aurretik edo ostean emandako ebazpen eta laudo irmoek konkurtso horretako epailea lotzen dute, eta horrek kasuan kasuko konkurtso-tratamendua emango die ebazpenei.
2. Artikulu honetan xedatutakoa ulertzen da, iruzur-kasuetan konkurtsoadministrazioak tartekaritza-hitzarmen eta -prozedurak aurkaratzeko duen akzioari kalterik egin gabe.
54. artikulua. Konkurtsopekoaren akzioak egikaritzea
1. Zordunaren administrazioeta xedatze-ahalmenak eten badira, konkurtso-administrazioak izango du pertsonalak ez diren akzioak egikaritzeko legitimazioa.
Gainerako akzioen egikaritzari dagokionez, zorduna bera agertuko da epaiketan, baina konkurtsoko administratzaileen adostasuna beharko du demandak edo errekurtsoak jartzeko, amore emateko, auzien transakzioa egin edota horiei uko egiteko, auzigaiak ondarea uki dezakeenean.
2. Esku-sartze kasuetan, zordunak epaiketan jarduteko gaitasunari eutsiko dio, baina konkurtso-administrazioaren adostasuna beharko du, ondarearen gain eragina izan dezaketen demanda edo errekurtsoak jartzeko.
Konkurtso-administrazioaren ustez konkurtsoaren interesei begira komeni bada demanda jartzea eta zordunak horri uko egin badio, konkurtsoko epaileak baimena eman diezaioke konkurtso-administrazioari demanda hori aurkez dezan.
3. Zorduna bere aldetik bertaratu eta defenda daiteke, konkurtso-administrazioak sustatutako epaiketetan.
Horrela jardun duen zordunari ezarri kostuak ez dira izango masaren zorrak.
4. Hartzekodunek konkurtso-administrazioari idatziz eskatu diotenean konkurtsopekoaren ondare-akzioa egikaritzea, uzi zehatzak eta horien oinarri juridikoa zehaztuz, akzio hori egikaritzeko legitimazioa izango dute, baldin eta konkurtsopekoak, hala denean, edo konkurtso-administrazioak ez badute berori egikaritu, agindeia egin eta hurrengo bi hilabeteetan.
Akzio subsidiario hori egikaritzean, hartzekodunek euren kontura egingo dute auzia masaren intereserako.
Demandari oniritzia eman bazaio oso-osorik edo zati batean, hartzekodun horiek masa aktiboaren kontura jaso ditzakete sortutako gastu eta kostuak, betiere, ebazpena irmoa izan ondoren, eta horrek zehaztutako mugaraino.
Konkurtso-administrazioari jakinaraziko zaizkio aurreko paragrafoaren arabera egikaritutako akzioak.
55. artikulua. Exekuzio eta premiamenduak
1. Konkurtsoa adierazi eta gero ezin izango dira hasi exekuzio bereziak, horiek epaiketakoak nahiz epaiketatik kanpokoak izan, ezta zordunaren ondarearen aurkako administrazioedo tributu-premiamenduak gauzatu ere.
Konkurtso-adierazpenaren aurreko administrazio-prozedura exekutiboetan premiamendu-probidentzia eman denean eta lan-exekuzioetan konkurtsopekoaren ondasunak enbargatu direnean, prozedura zein exekuzio horiei eutsiko zaie, baldin eta enbargopeko ondasunak ez badira beharrezkoak zordunaren lanbideedo enpresa-jarduerak aurrera egin dezan.
2. Jardunaren izapideak egiten ari badira, horiek etengo dira konkurtsoadierazpenaren datatik, kasuan kasuko kredituei eman beharreko konkurtsotratamenduari kalterik egin gabe.
3. Aurreko 1 eta 2. paragrafoetan ezarritakoaren kontra egin den jarduna deuseza izango da zuzenbide osoz.
4. Aurreko paragrafoetan ezarri arauetatik salbuetsita geratzen da, lege honetan berme erreala duten hartzekodunei begira ezarritakoa.
56. artikulua. Berme errealen exekuzioa geldiaraztea
1. Konkurtsopekoaren lanbideedo enpresa-jarduerari lotutako ondasunen gaineko edota bere titulartasunpeko ekoizpen-unitateari lotutako ondasunen gaineko berme erreala duten hartzekodunek ezin izango dute hasi bermearen exekuzioa, ez derrigorreko diru-bihurketa, harik eta eskubide horren egikaritza ukitzen ez duen hitzarmena onetsi arte, edota konkurtsoa adierazi zenetik urtebete igaro arte, likidazioa ireki gabe.
Epealdi horretan ezin izango dira egikaritu, orobat, aurreko paragrafoan aipatu ondasunen kontrako akzioak, baldin eta horien helburua bada ondasun higigarrien erregistroan inskribatutako kontratuen bidez saldu diren ondasunak edota finantza-errentamenduetan lagatakoak berreskuratzea, errentamendu horiek egin direnean exekuzioa dakarren agirian edota aipatu erregistroan inskribatutako agirian; prezio geroratua ez ordaintzearen ondorioz, ondasun higigarrien salmenta suntsiarazteko akzioak ere ezin izango dira egikaritu epe horretan, Jabetza Erregistroan esanbidez inskribatutako baldintzen ondoriozkoak izan arren.
2. Aurreko lerrokadan aipatu akzioak egikaritzeko hasi den jarduna eten egingo da, kasuan kasuko prozeduran konkurtso-adierazpena jasotzen denetik; eta jardun hori berriro has daiteke lerrokada horretan ezarri baldintzetan.
Salbuespen gisa hartuko da hurrengo kasua: konkurtso-adierazpena egitean, lotutako ondasun edo eskubidearen enkante-iragarkiak jadanik argitaratuta daudenean eta exekuzioak ukitzen ez dituenean zordunaren lanbideedo enpresa-jarduerari eusteko beharrezkoak diren ondasun edo eskubideak.
3. Akzioak geldiarazi edo jarduna eteten den bitartean, eta konkurtso-izapideen egoera edozein izanda ere, 155. artikuluaren 2. paragrafoan ezarri aukera erabil dezake konkurtso-administrazioak.
4. Konkurtso-adierazpenak ez du eraginik izango bermearen exekuzioaren gain, berme horrek ukitutako ondasunaren hirugarren edukitzailea denean konkurtsopekoa.
57. artikulua. Berme errealen exekuzioak hastea edo horri berriro ekitea
1. Konkurtsoaren izapidetza gauzatu bitartean aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera hasi bada akzioen egikaritza edo berriro ekin bazaio egikaritza horri, egikaritza hori konkurtsoko epailearen jurisdikzioaren mende jarriko da; alderdiak hala eskatuta, epaile horrek erabakiko du akziook bidezkoak diren edo ez, eta, hala denean, aginduko du horien izapideak pieza bananduan egitea, jarduna kasuan kasuko epaiketa bidezko edo epaiketatik kanpoko prozedurari egokituz.
2. Jarduna hasi denean edo horri berriro ekin zaionean, gero ezin izango da eten konkurtsoaren berezko gorabeherak direla medio.
3. Likidazio-fasea ireki eta gero, harako akzioak konkurtso-adierazpenaren aurretik egikaritu ez dituzten hartzekodunek galduko dute akzio horiek prozedura bananduan egikaritzeko eskubidea.
Konkurtso-adierazpenaren ondorioz etenda geratu den jardunari berriro ekingo zaio, eta jardun hori exekuzio kolektiboaren prozeduran metatuko da, pieza banandu gisa.
58. artikulua. Konpentsazio-debekua
205. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, behin konkurtsoa adierazi eta gero ezin izango dira konpentsatu konkurtsopekoaren kredituak eta zorrak, baina konpentsazioa egiteko baldintzak bete badira adierazpenaren aurretik, konpentsazio horrek ondoreak sortuko ditu.
Arazoren bat badago gorabehera horren inguruan, hori konkurtso-intzidentearen bideetatik ebatziko da.
59. artikulua. Korrituen sortzapena etetea
1. Konkurtso-adierazpena egiten denetik etenda geratuko da korrituen sortzapena, horiek legezkoak zein hitzarmenezkoak izan, berme erreala duten kredituei dagozkienak izan ezik; halakoak bermearen mugaraino eska daitezke.
Aitortutako alokairu-kredituek korrituak sortuko dituzte Aurrekontuen Legean ezarri diruaren legezko korrituaren arabera.
Korrituen ondoriozko kredituak mendekotzat joko dira, lege honetako 92.3 artikuluan ezarri ondoreetarako.
2. Hala ere, kita ez dakarren hitzarmenezko konponbidea lortu denean konkurtsoan, hitzarmen horretan itun daiteke etendako korrituak erabat edo zati batez kobratzea, korrituok legezko tasaren arabera kalkulatuz, edo, hitzarmenezko tasaren arabera, hori txikiagoa izanez gero.
Likidazio-kasuetan, konkurtso-kreditu guztiak ordaindu eta gero gerakina badago, korrituak ordainduko dira, hitzarmenezko tasaren arabera.
60. artikulua. Preskripzioa geldiaraztea
1. Adierazpenaren aurreko kredituei dagokienez, zordunaren aurkako akzioen preskripzioa geldiarazita geratuko da, adierazpena egiten denetik konkurtsoa amaitu arte.
2. Bazkideen aurkako eta pertsona juridiko zordunaren administratzaile, likidatzaile eta auditoreen aurkako akzioen preskripzioa geldiarazita geratuko da, adierazpena egiten denetik konkurtsoa amaitu arte.
3. Aurreko paragrafoetan aipatu kasuetan, preskripzio-epearen zenbaketa berriro hasiko da, hala denean, konkurtsoa amaitzen den unean.
61. artikulua. Elkarrekiko betebeharrak dakartzaten kontratuei eustea
1. Zordunak egindako kontratuetan, konkurtsoa adieraztean alderdietako batek bere betebeharrak oso-osorik bete dituenean eta besteak berari dagozkion elkarrekikoak betetzeke baditu erabat edo zati batez, zordunaren kreditua edo zorra, konkurtsoaren masa aktiboan edo pasiboan sartuko da, kasuan-kasuan.
2. Konkurtso-adierazpenak berak bakarrik ez du ukituko kontratuen indarraldia, konkurtsopekoak edo beste alderdiak betetzeke dituztenean elkarrekiko betebeharrak.
Konkurtsopekoak bete beharreko prestazioak masaren kontura gauzatuko dira.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, konkurtso-administrazioak, etete kasuetan, edo konkurtsopekoak, esku-sartze kasuetan, kontratua suntsiaraztea eska dezakete, hori komenigarritzat jotzen badute konkurtsoaren intereserako.
Epaileak konkurtsoan agertzeko zitazioa egingo die konkurtsopekoari, konkurtso-administrazioari eta kontratuko beste alderdiari, eta adostasuna badago suntsiarazpenaren eta horren ondoreen inguruan, epaileak autoa emango du, adostutakoaren arabera kontratua suntsiarazi dela adieraziz.
Bestela, desadostasunak konkurtso-intzidentearen bitartez gauzatuko dira, eta epaileak erabakia hartuko du suntsiarazpenari buruz, bidezkoak diren ordezpenak eta masaren kontura ordaindu beharreko kalte-ordaina aginduta, hala denean.
3. Ulertuko da alderdietatik edozeinen konkurtso-adierazpenaren ondorioz kontratua suntsiarazi edo azkentzeko ahalmena ezartzen duten klausulak ez direla jarri.
62. artikulua. Ez-betetzearen ondoriozko suntsiarazpena
1. Konkurtso-adierazpenak ez du ukituko aurreko artikuluaren 2. paragrafoko kontratuak suntsiarazteko ahalmena, alderdietatik edozeinek ez dituenean horiek betetzen adierazpenaren ostean.
Segidako traktudun kontratuen kasuan, suntsiarazte-ahalmena egikari daiteke, ez-betetzea konkurtso-adierazpenaren aurrekoa izan arren.
2. Suntsiarazpen-akzioa konkurtsoko epailearen aurrean egikarituko da, eta konkurtso-intzidentearen izapideen bidez gauzatuko da.
3. Suntsiarazpen-arrazoia egon arren, epaileak, konkurtsoaren interesa kontuan izanda, kontratua betetzea erabaki dezake, eta kasu horretan, konkurtsopekoak egin beharreko prestazioak masaren kontura gauzatuko dira.
4. Kontratua suntsiarazteko erabakia hartu ondoren, muga-eguneratu gabeko betebeharrak azkenduta geratuko dira.
Muga-eguneratu direnei dagokienez, konkurtsoan sartuko da kontratu-betebeharrak bete dituen hartzekodunaren kreditua, baldin eta konkurtsopekoaren ez-betetzea konkurtsoa adierazi aurretik gertatu bada; adierazpenaren ostean gertatuz gero, betebeharra bete duen alderdiaren kreditua masaren kontura ordainduko da.
Edozein kasutan ere, kredituak bidezkoak diren kalte-galerak ere jasoko ditu.
63. artikulua. Kasu bereziak
1. Aurreko artikuluetan ezarritakoak ez du ukituko legearen arabera kontratua alde bakarrez salatzeko dagoen ahalmenaren egikaritza.
2. Horrek ez du ukituko, orobat, alderdietatik edozeinen konkurtso-egoeretan edo administrazio-likidazioetan, kontratuaren azkentzea xedatzen duten edo hori ituntzea esanbidez ahalbidetzen duten legeen aplikazioa.
64. artikulua. Lan-kontratuak
1. Lan-baldintzak funtsean aldatzeko espedienteen eta lan-harremanak modu kolektiboan eten edo azkentzeko espedienteen izapideak merkataritzako epailearen aurrean egingo dira artikulu honetan ezarritako erregelen bidez, behin konkurtso-adierazpenaren eskaria epaile horri aurkeztu ondoren.
2. Konkurtso-administrazioak, zordunak edo konkurtsopeko enpresaren langileek euren legezko ordezkarien bidez konkurtsoko epaileari eska diezaiokete lan-baldintzak funtsean aldatzea, bai eta konkurtsopekoa zein lan-kontratutan enplegatzailea izan eta kontratu horiek modu kolektiboan azkentzea edo etetea ere.
3. Aurreko paragrafoan ezarri neurriak konkurtsoko epaileari eskatu ahal izango zaizkio, behin lege honetako IV. tituluaren I. kapituluan aipatu txostena konkurtso-administrazioak egin ostean bakarrik, salbu eta aplikatu nahi diren neurri kolektiboen atzerapenak enpresaren bihar-etziko bideragarritasuna modu larrian oztopa dezakeela uste denean; halakoetan, inguruabar hori egiaztatu ondoren, eskaria prozesuko edozein unetan egin ahal izango zaio epaileari, konkurtso-adierazpenaren eskaria aurkezten denetik.
4. Eskariak azaldu eta egiaztatu beharko ditu, hala denean, aplikatu nahi diren neurri kolektiboak ezartzeko arrazoiak eta horien bidez eskuratu nahi diren helburuak, enpresa eta enpleguaren bihar-etziko bideragarritasuna ziurtatzeko; horrekin batera, aurrekoa egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira.
5. Eskaria jaso ondoren, epaileak langileen ordezkariei eta konkurtso-administrazioari dei egingo die kontsulten epealdira ager daitezen; epealdi hori, gehienez jota, egutegiko hogeita hamar egunekoa izango da, edota egutegiko hamabost egunekoa, berrogeita hamar langile baino gutxiago dituzten enpresen kasuan.
Neurri horrek berrogeita hamar langile baino gehiago dituzten enpresak ukitzen baditu, eskariarekin batera plan bat aurkeztu behar da, proposatutako lan-neurriek enpresaren eta enpleguaren bihar-etziko bideragarritasunaren gain izan dezaketen eragina azaltzeko.
Eskaria enpresaburuak edo konkurtso-administrazioak egin duenean, langileen legezko ordezkariei kontsulta-epealdia hasi dela adierazteko komunikazioan jaso behar da artikulu honen 4. paragrafoan ezarri eskariaren kopia, bai eta kasuan-kasuan aurkeztutako agirien kopia ere.
6. Kontsulta-epealdian, langileen ordezkariek eta konkurtso-administrazioak onustez negoziatu behar dute, akordioa erdiesteko.
Horretarako, ados egon behar dira enpresa-batzordeko edo -batzordeetako kideen gehiengoa, langileen eskuordeen gehiengoa, hala denean, edota sindikatu-ordezkaritzen gehiengoa, halakoa dagoenean, baldin eta sindikatuok langile gehienak ordezkatzen badituzte.
Ezarri epea igarotakoan edo akordioa erdietsitakoan, konkurtso-administrazioak eta langileen ordezkariek kontsulta-epealdiaren emaitza komunikatuko diote konkurtsoko epaileari.
Behin jakinarazpen hori jasota, konkurtsoko epaileak lan-agintariari eskatuko dio proposatutako neurriei edo lortutako akordioari buruzko txostena; lan-agintariak hamabost eguneko epean igorriko du txosten hori, eta aldez aurretik konkurtso-administrazioa zein langileen ordezkariak entzun ditzake.
Konkurtsoko epaileak txostena jaso ondoren edo behin igorpen-epea igaro eta gero, jardunak aurrera egingo du.
Txostena epez kanpo igorri arren, konkurtsoko epaileak kontuan hartu ahal izango du, kasuan kasuko ebazpena hartzean.
7. Aurreko ataletan agindutako izapideak bete ondoren, epaileak gehienez bost eguneko epean auto bidez emango du proposatutako neurriei buruzko ebazpena, eta lortutako akordioa onartuko du, halakoa badago, salbu eta ikusten duenean akordio hori lortzeko iruzurra, doloa, derrigortzea edo zuzenbide-abusua egon dela.
Kasu horretan, eta akordiorik lortu ez denean, epaileak bidezkoa dena zehaztuko du, lan-legeria aintzat hartuta.
Lan-kontratuen etete edo azkentze kolektiboa erabaki bada, lan-agintariak enplegua arautzeko espedientean emandako administrazio-ebazpenaren ondorio berberak izango ditu autoak, langileak legezko langabezia-egoeran sartzeari dagokionez.
8. Aurreko paragrafoan aipatu autoaren aurka suplikazio-errekurtsoa jarri ahal izango da, bai eta Lan Prozeduraren Legean ezarri gainerako errekurtsoak ere; errekurtsoon izapidetza eta ebazpenak lan-arloko jurisdikzio-organoen aurrean gauzatuko dira, eta errekurtso horiek ez dituzte etengo konkurtsoaren edo konkurtso-intzidenteen izapideak.
Autoaren aurka langileek egikari ditzaketen akzioak, betiere banakako harreman juridikoen gaineko arazoei dagozkienez bakarrik, konkurtso-intzidenteari buruzko prozeduraren bidez gauzatuko dira.
Emandako epaiaren aurka suplikazio-errekurtsoa jarri ahal izango da.
9. Langileen Estatutuko 41. artikuluan ezarri funtsezko aldaketa kolektiboa egiteko erabakia hartuz gero, konkurtsoaren izapideak egin bitartean etenda geratuko da kontratua kalte-ordainarekin hutsaltzeko eskubidea, estatutu horrek aitortzen duena; etete horrek gehienez urtebeteko epean iraun dezake, aldaketa hori baimendu zuen autoa eman zenetik zenbatuta.
Aurreko paragrafoan ezarri etetea aplikatuko da, orobat, mugikortasun geografikoa dakarren lekualdaketa kolektiboa erabakitzen denean, baldin eta jatorrizko lan-zentroa zein probintziatan egon eta probintzia berean, zentro horretatik 60 kilometro baino gutxiagora badago lan-zentro berria; betiere, ez da beharrezkoa izango baldintza horiek betetzea, joan-etorria egiteko, gutxienez, eguneko lansaioaren ehuneko hogeita bosta baino gehiago behar denean.
Kasu horretan eta lan-baldintzen funtsezko aldaketen gainerako kasuetan, ezin da egikaritu lan-harremanen aldaketa kolektiboaren ondoriozko hutsalketa-akzioa, baina ezintasun horrek gehienez hamabi hilabete iraun dezake, aldaketa baimendu zuen autoa eman zenetik zenbatzen hasita.
10. Langileen Estatutuko 50.1.b) artikuluan ezarritakoaren babespean jarri diren banakako akzioak azkentze kolektibotzat hartuko dira, horien izapideak artikulu honetan ezarri prozeduraren bidez konkurtsoko epailearen aurrean egin daitezen; horretarako, azkentzeak ukitu behar du hurrengo mugak gainditzen dituen langile-kopurua, konkurtsoa adierazi denetik:
Ehun langile edo gutxiago dituzten enpresen kasuan, hamar langile.
Edozein kasutan ere, ulertuko da kolektiboak direla enpresako langile guztiek egikaritutako akzioak.
Ehun eta hirurehun langile arteko enpresen kasuan, langileen ehuneko hamarra.
Hirurehun langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, langileen ehuneko hogeita bosta.
11. Artikulu honetan ezarri ez den guztian lan-legeria aplikatuko da, eta, bereziki, lege horrek eratxikitako eskumenei eutsiko diete langileen ordezkariek.
65. artikulua. Goi-zuzendaritzako langileen kontratuak
1. Konkurtsoaren izapideak egin bitartean, konkurtso-administrazioak azken edo eten ditzake goi-zuzendaritzak zordunarekin dituen kontratuak, bere ekimenez edo zordunak hala eskatuta.
2. Kontratua eten bada, goi-zuzendariaren borondatez azken daiteke, hilabete lehenago aurreabisua emanda, eta goi-zuzendari horrek kalte-ordaina jasotzeko eskubideari eutsiko dio, hurrengo paragrafoko baldintzetan.
3. Lan-kontratua azkendu bada, konkurtsoko epaileak goi-zuzendariari dagokion kalte-ordaina gutxitu ahal izango du; kasu horretan, ondorerik gabe geratuko da kontratuan hitzartu den kalte-ordaina, eta horren muga lan-legerian kaleratze kolektiborako ezarri kalte-ordainaren zenbatekoa izango da.
4. Konkurtso-administrazioak epaileari eska diezaioke kreditu horren ordainketa geroratzea, kalifikazio-epaia irmoa izan arte.
66. artikulua. Hitzarmen kolektiboak
Langileen Estatutuko III. tituluan arautu hitzarmenetako baldintzen aldaketa gai batzuetan izango da onargarria lan-legeriaren arabera, eta aldaketak gai horiek bakarrik ukituko ditu, baldin eta langileen ordezkariek emandako adostasuna lortzen bada.
67. artikulua. Herri administrazioekin egindako kontratuak
1. Zordunak herri administrazioekin egindako administrazio-kontratuen gain konkurtso-adierazpenak izango dituen ondoreei dagokienez, horien legeria berezian ezarritakoa izan behar da kontuan.
2. Zordunak herri administrazioekin egindako kontratu pribatuen gain konkurtso-adierazpenak izango dituen ondoreei dagokienez, lege honetan kontratu horien ondore eta azkentzearen inguruan ezarritakoa aplikatuko da.
68. artikulua. Kredituak birgaitzea
1. Konkurtso-administrazioak, bere ekimenez edo konkurtsopekoak hala eskatuta, mailegu-kontratuak eta konkurtsopekoaren mesederako egin diren beste kreditu-kontratuak birgai ditzake, baldin eta amortizazio-kuotak edo sortutako korrituak ez ordaintzearen ondorioz kontratuok aurretiaz muga-eguneratu badira, eta muga-eguneratze hori konkurtsoadierazpenaren aurreko hiru hilabeteetan gertatu bada; betiere, kredituak komunikatzeko epea amaitu baino lehen, konkurtso-administrazioak birgaitzea hartzekodunari jakinarazi behar dio, birgaitze hori egiteko unean zor diren zenbatekoak ordaindu edo epailearen zainpean utzi behar ditu, eta etorkizuneko ordainketak masaren kontura egingo ditu.
2. Ezin izango da birgaitzerik gauzatu, hartzekodunak bere aurkakotasuna azaldu eta, konkurtsoa ireki aurretik, ordainketa erreklamatzeko akzioak egikaritu baditu zordunaren aurka, zordunkide solidario baten aurka edota bermatzaileetatik edozeinen aurka.
69. artikulua. Ondasunak prezio geroratuaren bidez eskuratzeko kontratuak birgaitzea
1. Konkurtso-administrazioak, bere ekimenez edo konkurtsopekoak hala eskatuta, ondasun higigarri edo higiezinak kontraprestazio edo prezio geroratuaren bidez eskuratzeko kontratuak birgaitu ahal izango ditu, baldin eta horiek konkurtso-adierazpena egin baino hiru hilabete aurretik suntsiarazi badira; betiere, kredituak komunikatzeko epea amaitu baino lehen, konkurtsoadministrazioak birgaitzea jakinarazi behar dio eskualdatzaileari, birgaitze hori egiteko unean zor diren zenbatekoak ordaindu edo epailearen zainpean utzi behar ditu, eta etorkizuneko ordainketak masaren kontura egingo ditu.
Birgaitu den kontratua betetzen ez bada, hartzekodunak berori suntsiarazteko eskubidea izango du, eta ondoren ezin izango da berriro birgaitu.
2. Eskualdatzailea birgaitzearen aurka azaldu ahal izango da, baldin eta, konkurtso-adierazpena egin baino lehen, kontratua suntsiarazteko edo eskualdatutako ondasuna itzultzeko akzioak egikaritu baditu, edo, aurrerapen berberarekin, ondasunaren edukitza materiala bidezko bideetatik berreskuratu ostean, jasotako kontraprestazioaren zati egokia itzuli nahiz zainpean utzi badu, edota xedapen-egintzak gauzatu baditu ondasun horren gain hirugarrenaren mesederako; eskualdatzaileak hori guztia behar beste egiaztatu beharko du, konkurtso-administrazioak horren berri ez badu.
70. artikulua. Hiri-errentamenduetan botatzea ezereztea
Konkurtso-adierazpenaren aurretik zordunaren aurka egikaritu den botatze-akzioa ezereztu ahal izango du konkurtso-administrazioak, bai eta kontratuaren indarraldia birgaitu ere, maizter-botatzea egiteko unea iritsi arte.
Kasu horietan, masaren kontura ordaindu beharko dira ordaintzeke dauden errenta eta kontzeptu guztiak, bai eta ordu arte eragin diren prozesu-kostuak ere.
Halakoetan ez da aplikatuko Prozedura Zibilaren Legeko 22. artikuluaren azken lerrokadak ezarritako muga.
71. artikulua. Itzulketa-akzioak
1. Konkurtsoa adierazi ondoren, zordunak adierazpenaren aurreko bi urteetan masa aktiboari kalte eginez gauzatu dituen egintzak hutsal daitezke, iruzurrezko asmorik izan ez arren.
2. Ondare-kaltea dagoela uste da, aurkako frogarik onartu gabe, dohaineko xedatze-egintzak gauzatu direnean, usadioen araberako eskuzabaltasunak salbu, eta konkurtso-adierazpenaren ostean muga-eguneratu beharreko betebeharrak ordaindu edo azkendu direnean.
3. Aurkako frogarik izan ezean, ondare-kaltea dagoela uste izango da egintza hauek gauzatzen direnean:
1.) Konkurtsopekoarekin lotura berezia duten pertsonetatik edozeinen mesederako egindako kostu bidezko xedatze-egintzak.
2.) Aurreko betebeharren edo horien ordez hartu diren betebehar berrien mesederako berme errealak eratzeko egintzak.
4. Aurreko paragrafoan jasotako bi kasuetatik kanpo, hutsalketa-akzioa egikaritu duenak frogatu beharko du ondare-kaltea.
5. Ezin izango dira inoiz hutsaldu zordunak normaltasunez gauzatutako lanbideedo enpresa-jardueraren ohiko egintzak, ezta baloreak nahiz instrumentu eratorriak ordaindu, konpentsatu eta likidatzeko sistemak arautzen dituzten lege berezien esparruko egintzak ere.
6. Hutsalketa-akzioak egikaritu arren, zuzenbidearen arabera zordunaren egintzak aurkaratzeko erabil daitezkeen beste akzioak ere egikaritu ahal izango dira, konkurtsoko epailearen aurrean eta hurrengo artikuluan jasotako legitimazioeta prozedura-arauei helduta.
72. artikulua. Legitimazioa eta prozedura
1. Konkurtso-administrazioari dagokio hutsalketa-akzioak eta gainerako aurkarapen-akzioak egikaritzeko legitimazio aktiboa.
Hartzekodunek konkurtso-administrazioari idatziz eskatu badiote akzioren bat egikaritzea, hutsaldu edo aurkaratu nahi den egintza zehatza eta aurkarapen-oinarria adieraziz, eta administrazioak agindeia jaso eta hurrengo bi hilabeteetan ez badu akziorik egikaritu, hartzekodunok izango dute legitimazioa.
Kasu horretan, 54. artikuluaren 4. paragrafoan ezarri araua aplikatuko da, legitimazio subsidiarioa dutenen gastu eta kostuei dagokienez.
2. Hutsalketa-demandak zuzendu beharko dira zordunaren eta aurkaratutako egintzan alderdi izan direnen kontra.
Itzuli nahi den ondasuna hirugarren bati eskualdatu bazaio, demanda hirugarren horren aurka ere zuzenduko da, auzi-jartzaileak eskuratzailearen onuste-presuntzioa hautsi nahi duenean, edota horrek lortutako erreibindikaezintasunari nahiz erregistro-publizitatearen ondoriozko babesari eraso egin nahi dionean.
3. Hutsalketa-akzioen eta gainerako aurkarapen-akzioen izapideak konkurtso-intzidentearen bitartez egingo dira.
Legitimazio subsidiarioa dutenen demandak konkurtso-administrazioari jakinaraziko zaizkio.
73. artikulua. Hutsalketaren ondoreak
1. Akzioari oniritzia eman dion epaiak adieraziko du egintza eragingabea dela, eta egintza horren ondoriozko prestazioak itzultzeko kondena ezarriko du, fruitu eta korrituekin batera.
2. Zordunaren ondaretik ateratako ondasun eta eskubideak ezin badira masara itzuli, demandatua izan ez den hirugarren baten esku izateagatik, edo, epaiaren arabera, onustez jardun, erreibindikaezintasuna lortu edo erregistroko babesa duen hirugarrenarena izateagatik, ondasunok konkurtsopeko zordunaren ondaretik irtetean zuten balioa gehi legezko korritua emateko kondena ezarriko zaio hutsaldutako egintzan alderdi izan denari; epaiaren arabera konkurtsopekoarekin kontratua egin duenak gaitzustez jardun badu, masa aktiboari eragindako kalte-galera guztiak ordaintzeko kondena ezarriko zaio.
3. Hutsalketaren ondorioz demandatuetatik edozeinen mesederako sortu den prestazio-eskubidea masaren aurkako kreditutzat joko da, eta hori ordaindu beharko da egintza hutsalduak ukitutako ondasun eta eskubideak itzuli eta batera, salbu eta epaiaren arabera hartzekodunak gaitzustez jardun duenean; kasu horretan, mendeko konkurtso-kreditutzat joko da.
74. artikulua. Aurkezpen-epea
1. Konkurtsoko administratzaileen txostena aurkezteko epea bi hilabetekoa da, horietatik bik kargua onartzen dutenetik zenbatuta.
2. Epaileak epe hori beste hilabete gehiago luza dezake gehienez, baldin eta konkurtso-administrazioak hala eskatzen badu berori amaitu baino lehen, aparteko inguruabarrak aipatuz.
3. 36 eta 37. artikuluen arabera izan dezaketen banantze-arrazoi eta erantzukizunaz gain, txostena epean aurkeztu ez duten konkurtso-administratzaileek galduko dute konkurtsoko epaileak zehaztu ordainketa jasotzeko eskubidea, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte masara.
Zehapen hori ezartzen duen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.
75. artikulua. Txostenaren egitura
1. Konkurtso-administrazioak eginiko txostenean ondokoa jaso behar da:
1.) 6. artikuluko 2. paragrafoaren 2. zenbakiak aipatu oroitidazkian zordunaren inguruan adierazitako datu eta inguruabarren azterketa.
2.) Zordunaren kontabilitate-egoera, eta, hala denean, 6. artikuluaren 3. paragrafoan aipatu kontuei, finantzako egoera-orriei, txostenei eta oroitidazkiari buruzko iritzia.
Zordunak ez baditu aurkeztu konkurtso-adierazpenaren aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, konkurtso-administrazioak egingo ditu, zordunaren liburu eta agirietako datuak, horrek emandako informazioa eta hamabost egun baino gutxiagoko epean jasotako beste edozein informazio erabilita.
3.) Konkurtso-administrazioak hartutako erabaki eta jardun garrantzitsuenen oroitidazkia.
2. Agiri hauek bilduko dira txostenera:
1.) Masa aktiboaren inbentarioa.
2.) Hartzekodunen zerrenda.
3.) Hala denean, aurkeztutako hitzarmen-proposamenen ebaluazio-idazkia.
3. Txostenaren amaieran konkurtsoko administratzaileek azalpen zioduna emango dute, zordunaren ondare-egoerari eta ostean konkurtsoaren izapideak egiteko garrantzitsuak diren datu eta inguruabarrei buruz.
76. artikulua. Unibertsaltasun-printzipioa
1. Konkurtsoko masa aktiboa osatzen dute konkurtso-adierazpena egitean zordun horren ondarean dauden ondasun eta eskubideek, bai eta bertan berriro sartzen direnek edo prozedura amaitu bitartean eskuratzen direnek ere.
2. Aurreko paragrafoan xedatutakotik salbuetsi dira legez enbargatu ezin diren ondasun eta eskubideak, horiek ondare-izaera eduki arren.
3. Ontzi eta aireontzien gaineko pribilegioak dituzten kredituen titularrek ondasunok masa aktibotik banan ditzakete, kasuan kasuko legeria berezian aitortu akzioak egikaritzen badituzte prozedura egokiaren bidez.
Exekuzioaren ostean gerakina badago konkurtsopekoarentzat, hori masa aktiboan sartuko da.
77. artikulua. Ezkontzako ondasunak
1. Pertsona ezkonduaren konkurtsoa gertatu denean, masa aktiboan konkurtsopekoaren ondasun eta eskubide pribatiboak sartuko dira.
2. Ezkontzako ondasun-eraentza irabazpidezko sozietatea edo beste edozein ondasun-erkidego bada, aurrekoaz gain masan sartuko dira irabazpidezko ondasunak edo ondasun erkideak, horiekin egin behar zaienean aurre konkurtsopekoaren betebeharrei.
Kasu horretan, konkurtsopekoaren ezkontideak eska dezake ezkontza-sozietatea edo -erkidegoa desegitea, eta epaileak erabakiko du ondarea likidatu edo zatitzea; eragiketa hori modu koordinatuan egingo da, konkurtsoko hitzarmenak edo likidazioak ondorioztatzen duenaren arabera.
78. artikulua. Ezkontideen arteko dohaintzen presuntzioa eta bizipenari buruzko ituna.
Ezkontideen ohiko etxebizitza
1. Ondasunen banantze-eraentzapean ezkondutako pertsona baten konkurtsoa adierazi ondoren, masaren mesederako uste izango da, horren aurkako frogarik izan ezean, konkurtsopekoak ezkontideari dohaintzan eman ziola horrek ondasunak kostu bidez eskuratzeko ordaindutako kontraprestazioa, kontraprestazio hori konkurtsopekoaren ondaretik atera denean.
Ezin bada egiaztatu kontraprestazioaren jatorria, uste izango da, horren aurkako frogarik izan ezean, konkurtsopekoak kontraprestazio horren erdia eman ziola dohaintzan bere ezkontideari, baldin eta ondasunak konkurtso-adierazpenaren aurreko urtean eskuratu badira.
2. Artikulu honetan aipatu presuntzioak ez dira aplikatuko, ezkontideak epaiketa bidez edo egitez bananduta daudenean.
3. Ezkontide biek bizipeneko itunaren bidez eskuratutako ondasunak bataren zein bestearen konkurtsoan zatitzeko modukoak direla ulertuko da, eta konkurtsopekoari dagokion erdia horren masa aktiboan sartuko da.
Konkurtsopekoaren ezkontideak ondasun bakoitza oso-osorik eskuratzeko eskubidea izango du, masari horren balioaren erdia ordainduta.
Ezkontideen ohiko etxebizitzaren kasuan, horren balioa izango da eskuraketa-prezioa, kontsumorako prezioen indize zehatzaren arabera eguneratuta, baina merkatu-balioa gainditu gabe.
Gainerako kasuetan, balioa izango da konkurtsopekoaren ezkontideak eta konkurtso-administrazioak adostasunez erabakitzen dutena, eta, halakorik izan ezean, epaileak merkatu-balio gisa zehazten duena, behin alderdiak entzunda eta, bidezko deritzonean, adituaren aurretiazko txostena jasota.
4. Ezkontideen ohiko etxebizitza irabazpidezkoa edo ezkontzaerkidegoarena izanda, irabazpidezko sozietatea likidatu edo erkidegoa desegin behar denean, konkurtsopekoaren ezkontideak eskubidea izango du etxebizitza bere hartzekoan lehespenez sar dadin, hartzeko horrek duen balioraino, eta, hori gainditzen bada, gaindikina ordainduz.
79. artikulua. Kontu bereiztugabeak
1. Konkurtsopekoa titular bereiztugabe gisa agertzen denean kontuetan, kontu horietako saldo hartzekodunak masa aktiboan sartuko dira, konkurtsoadministrazioaren ustez horren aurkako froga nahikoa dagoenean izan ezik.
2. Hartutako erabakiaren aurka konkurtso-intzidentea azaldu ahal izango da.
80. artikulua. Banantzea
1. Konkurtsopekoaren esku inoren jabetzako ondasunak badaude eta konkurtsopekoak ez badu horien gaineko erabilera-, bermeedo atxikitze-eskubiderik, konkurtso-administrazioak ondasunok emango dizkie zuzenbidearen arabera euren titular direnei, horiek hala eskatuta.
2. Konkurtso-administrazioaren erabaki ukatzailearen aurka konkurtso-intzidentea azaldu ahal izango da.
81. artikulua. Banantzeko ezintasuna
1. Konkurtso-adierazpena eman baino lehen zordunak hirugarrenari besterendu badizkio banandu beharreko ondasun eta eskubideak, eta horiek ezin badira erreibindikatu, titular kaltedunak aukera dezake kontraprestazioa jasotzeko eskubidearen lagapena eskatzea, eskuratzaileak oraindik ez duenean berori ordaindu, edota, eskatzaileak nahi duenaren arabera, ondasun eta eskubideok besterentze-unean nahiz besterendu ostean duten balioaren araberako kreditua gehi legezko korritua komunikatzea konkurtso-administrazioari, konkurtsoan aitortua izan dadin.
2. Titular kaltedunaren mesederako sortzen den kreditua konkurtso-kreditu arrunta dela ulertuko da.
Kreditua modu egokian ez komunikatzearen ondoreak hasiko dira hilabeteko epea igaro ondoren, konkurtso-administrazioak hori onartu duenetik edo titular kaltedunaren eskubideak aitortu dituen ebazpena irmoa denetik.
82. artikulua. Inbentarioa eratzea
1. Konkurtso-administrazioak ahalik azkarren egin behar du inbentarioa, zordunak itxiera-datan masa aktiboan dituen ondasun eta eskubideak zerrendatu eta baloratuz; itxiera-data izango da txostena noiz igorri, eta aurreko eguna.
Irabazpidezko edo beste ondasunerkidegoko eraentzaren mende ezkondutako pertsonaren konkurtsoa gertatu denean, inbentarioan jasoko dira konkurtsopeko zordunaren ondasun eta eskubide pribatiboen zerrenda eta balorazioa, bai eta ondasun eta eskubide irabazpidezko edo erkideena ere, horien izaera esanbidez zehaztuz.
2. Inbentarioko zerrendan adieraziko dira jasotako ondasun eta eskubide bakoitzaren izaera, ezaugarriak, kokapena, eta, hala denean, erregistroko identifikazio-datuak.
Halaber, ondasun horien gaineko karga, traba eta zamak ere aipatuko dira, horien izaera eta identifikazio-datuak adierazita.
3. Ondasun eta eskubide bakoitzaren balorazioa egingo da merkatuko balioaren arabera, betiere ondasunon gainean dauden betiko, aldi baterako nahiz askatzeko moduko eskubide, karga eta zamak kontuan hartuta, baldin eta horiek eragina izan ahal badute balorazioan; halaber, kontuan hartuko dira masa pasiboan jaso ez diren zorrak bermatu edo ziurtatzeko berme erreal, traba eta enbargoak.
4. Inbentariora bilduko da edukiaren gain eragina izan dezaketen auzi guztien zerrenda, bai eta konkurtso-administrazioaren ustez horiek masa aktiboan berriro sartzeko sustatu beharreko akzio guztien zerrenda ere.
Zerrenda bietan informazioa emango da kasuan kasuko jardun judizialaren bideragarritasun, arrisku, kostu eta finantzaketaaukerei buruz.
83. artikulua. Aditu independenteen aholkularitza
1. Konkurtso-administrazioaren ustez beharrezkoa bada aditu independenteen aholkularitza ondasun eta eskubideen balioak edo aurreko artikuluan aipatu akzioen bideragarritasuna balioesteko, epaileari proposatuko dio, hala horien izendapena, nola enkargua betetzeko baldintzen zehaztapena.
Epaileak hartutako erabakiaren aurka ezin da errekurtsorik jarri.
2. Adituak igorritako txostenak eta masaren kontura sortutako zerbitzu-sarien zehaztapena inbentariora bilduko dira.
84. artikulua. Konkurtso-kredituak eta masaren aurkako kredituak
1. Masa pasiboa osatzen dute zordun arruntaren aurkako kredituek, baldin eta lege honen arabera kredituok masaren aurkako kreditutzat jo ez badira.
Irabazpidezko edo beste edozein ondasun-erkidegoko eraentzaren mende ezkondutako pertsonaren konkurtsoa gertatu denean, masa pasiboan ez dira sartuko konkurtsopekoaren ezkontidearen aurkako kredituak, nahiz eta kredituok ezkontza-sozietate edo -erkidegoaren kontura sortutako kredituak izan.
2. Masaren aurkako kreditutzat jotzen dira, eta 154. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko dira:
1.) Konkurtso-adierazpenaren aurreko azken hogeita hamar lan-egunetako alokairuen ondoriozko kredituak, lanbidearteko gutxieneko alokairuaren bikoitza gainditu gabe.
2.) Ondokoagatik sortutako gastu eta kostu judizialak: konkurtsoa eskatu eta adierazteagatik, kautela-neurriak hartzeagatik, lege honetan ezarri ebazpenak argitaratzeagatik, konkurtsopekoari zein konkurtso-administrazioari lagundu edo horiek ordezkatzeagatik, prozeduraren nahiz horren intzidenteen izapideak egin bitartean hitzarmena eragingarria izan arte, edo, bestela, konkurtsoa amaitu arte; ez dira halako kreditutzat hartzen, emandako ebazpenen kontrako errekurtsoen ondorioz sortutako gastuak, errekurtso horiei gaitziritzia eman zaienean erabat edo zati batez, eta kostuetarako kondena esanbidez ezarri denean.
3.) Lege honetan xedatutakoaren arabera, masaren intereserako epaiketan aurrera egin edo hori hasten duen zordunari, konkurtso-administrazioari zein hartzekodun legitimatuei laguntzeagatik nahiz horiek ordezkatzeagatik eragindako kostu eta gastu judizialak, atzera egin, amore eman, transakzioa egin edo zorduna bananduta defendatzearen inguruan ezarritakoa izan ezik, eta, hala denean, legeak ezarritako muga kuantitatiboak gainditu gabe.
4.) Zordunaren mantenu-kredituak, eta zordun horrek mantenua emateko lege-eginbeharra nori begira izan eta pertsona horien mantenu-kredituak, betiere lege honek halakoen jatorriari eta zenbatekoari buruz xedatutakoa aintzat hartuta; halaber, Prozedura Zibilaren Legearen IV. liburuko I. tituluan aipatu prozesuetatik batean, lehen auzialdiko epaileak konkurtso-adierazpenaren ostean emandako ebazpenean konkurtsopekoaren kontura utzi dituen mantenu-kredituak, ebazpen horretan zehaztu norainokoaren arabera.
5.) Konkurtso-adierazpenaren ostean zordunak lanbideedo enpresajarduera betetzearen ondorioz sortutako kredituak, lan-kredituak barne; azken horietan, kaleratzearen edo lankontratuak azkentzearen ondoriozko kalte-ordainak jasotzen dira, bai eta lan-osasunari buruzko betebeharrak ez betetzearen ondoriozko prestazioen gainordainek ere, epaileak lanbideedo enpresa-jarduera amaitzea erabaki arte, hitzarmena onetsi arte, edo, bestela, konkurtsoa amaitu dela adierazi arte.
Konkurtsoko epaileak lan-kontratuen azkentze kolektiboak aginduz gero, ulertuko da horien ondoriozko kalteordain-kredituak onespen-ebazpenean komunikatu eta aitortu direla, unea edozein izanda ere.
6.) Lege honen arabera, konkurtsopekoaren kontura sortutako prestazioen kredituak, baldin eta horiek elkarrekiko betebeharrak betetzear dituzten kontratuei buruzkoak badira eta konkurtso-adierazpena egin ondoren indarrean jarraitzen badute, bai eta kontratua nahita suntsiarazteagatik edo konkurtsopekoak betebeharra ez betetzeagatik sortutako itzultzezein kalteordain-betebeharren ondoriozko kredituak ere.
7.) Pribilegio berezia duten kredituak ordaintzen direnean ondasun eta eskubide ukituak diru bihurtu gabe, kontratuak birgaitzen direnean, botatzea ezerezten denean edo lege honetan ezarri beste kasuetan, zor diren zenbatekoei dagozkien kredituak, eta etorkizunean konkurtsopekoaren kontura eman beharreko zenbatekoei dagozkienak.
8.) Zordunak gauzatu egintzen konkurtso-hutsalketan horrek jasotako kontraprestazioak itzultzearen ondoriozko kredituak, salbu eta epaian kreditu honen titularrak gaitzustez jardun duela antzeman denean.
9.) Konkurtso-administrazioak prozeduran zehar baliozkotasunez hartutako betebeharren ondoriozko kredituak, edo administrazio horren esku-sartzearen mende dagoen konkurtsopekoak horren baimen edo adostasunarekin hartu dituen betebeharren ondoriozkoak.
10.) Legezko betebeharren ondoriozkoak edo konkurtso-adierazpenaren ostean, eta hitzarmena eragingarria izan arte, edo, hala denean, konkurtsoa amaitu arte, konkurtsopekoak duen kontratutik kanpoko erantzukizunaren ondoriozko kredituak.
11.) Lege honek esanbidez izaera hori zein kredituri eratxiki eta kreditu horiek.
85. artikulua. Kredituak komunikatzea
1. 21. artikuluko 1. paragrafoaren 5. zenbakian aipatu epean, konkurtsopekoaren hartzekodunek administrazioari komunikatuko dizkiote euren kredituak.
2. Komunikazioa idatziz egingo da, hartzekodunak, kredituan interesa duen beste edozein interesdunek edo horien behar besteko ordezkaritza egiaztatzen duenak sinatutako idazkiaren bidez, eta hori epaitegian aurkeztuko da.
3. Idazkian adieraziko dira hartzekodunaren izena, helbidea eta gainerako nortasun-datuak, bai eta kredituari buruzkoak ere: kontzeptua, zenbatekoa, eskuraketaren eta muga-egunaren datak, ezaugarriak eta kredituoi eman nahi zaien kalifikazioa.
Pribilegio berezia aipatu bada, aurrekoaz gain, ukitutako ondasun eta eskubideak aipatuko dira, bai eta, hala denean, erregistroko datuak ere.
4. Idazkiarekin batera, jatorrizko tituluak edo titulu horien zein kredituari buruzko agirien kopia kautoak aurkeztuko dira.
Aurkeztu diren titulu, agiri edo ahalorde-eskriturak itzultzea eskatzen bada, jardunean geratuko dira idazkariak baimendutako behar besteko lekukotzak.
Hala ere, jatorrizko titulu edo agiriak ekarri direnean edo horiek beste edozein prozedura judizial edo administrazio-prozeduratan jaso direnean, horien kopia kautotu gabeak aurkeztu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen bada lekukotza jasotzeko edo jatorrizkoak itzultzeko eskaria egin dela kasuan kasuko epaitegi zein erakundean.
5. Zordun solidarioen aldibereko konkurtsoei dagokienez, hartzekodunak edo interesdunak kredituen izatea komunikatu ahal izango dio konkurtso bakoitzeko konkurtso-administrazioari.
Konkurtso bakoitzean aurkeztutako idazkian adieraziko da gainerakoetan komunikazioa egin den edo egingo den, hala denean, aurkeztutako eta jasotako idazkiaren edo idazkien kopia bidalita.
86. artikulua. Kredituak aitortzea
1. Konkurtso-administrazioari dagokio prozeduran azaldu kredituak hartzekodunen zerrendan jasotzen diren edo ez zehaztea.
Erabaki hori hartuko da kreditu bakoitzari begira, bai esanbidez komunikatu direnen kasuan, bai zordunaren liburu eta agiriek ondorioztatu kredituen kasuan, bai eta beste edozein arrazoiren ondorioz konkurtsoan jaso direnen kasuan ere.
Kredituak aitortzean sortutako arazo guztien izapideak eta ebazpenak konkurtso-intzidentearen bitartez egingo dira.
2. Hartzekodunen zerrendan nahitaez jasoko dira laudo edo epai bidez aitortutako kredituak, horiek irmoak izan ez arren, indar betearazlea duen agirira bildutakoak, administrazio-ziurtagiriaren bidez aitortutakoak, erregistro publikoan inskribatutako berme errealarekin ziurtatuak, eta langileen kredituak, baldin eta zordunaren liburu eta agiriek ondorioztatzen badituzte horiek, edo beste edozein arrazoiren ondorioz jaso badira konkurtsoan.
Hala ere, iruzurra gertatuz gero, konkurtsoadministrazioak epaiketa arruntean eta bere txostena igortzeko epean aurkaratu ahal izango ditu tartekaritza-hitzarmen edo prozedurak, 53. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera; horrez gain, aurkaratu ahal izango ditu, orobat, titulu betearazlean agerrarazitako edo berme errealarekin ziurtatuko kredituen izatea nahiz baliozkotasuna, baita eta administrazio-egintzak ere, horretarako ezarri bideak erabilita.
3. Konkurtsopekoa irabazpidezko edo beste edozein ondasun-erkidegotako eraentzaren mende ezkondu denean, konkurtso-administrazioak zerrendako kreditu bakoitzari begira adieraziko du, berori ondare pribatiboarekin bakarrik aseko den, edo ondare erkidea ere erabiliko den horretarako.
87. artikulua. Aitorpen-kasu bereziak
1. Baldintza suntsiarazlearen mendeko kredituak baldintzapeko kreditutzat hartuko dira, eta euren zenbatekoari nahiz kalifikazioari dagozkien konkurtso-eskubideak izango dituzte, baldintza betetzen ez den bitartean.
Hori bete ondoren, baldintzapeko hartzekodunaren egintza, atxikipen edo botoa zein jardun edo erabakitan eragingarria izan eta hori deuseztatu ahal izango da, alderdiok hala eskatuta.
Gainerako jardun osoari eutsiko zaio, eta, ahal izanez gero, ez zaio kalterik egingo, hala denean, baldintzapeko hartzekodunak jaso zenbatekoak masara itzultzeko betebeharrari, ezta hartzekodun horrek masari edo hartzekodunei begira izan dezakeen erantzukizunari ere.
2. Herri Administrazioari eta bere erakunde publikoei dagozkien zuzenbide publikoko kredituen kontra errekurtsoa jarri bada administraziozein jurisdikzio-bidean, kredituoi aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie.
3. Baldintza etengarrien mendeko kredituak eta auzigaiak konkurtsoan hartuko dira berezko zenbateko gabeko eta kasuan kasuko kalifikazioa duten kreditu kontingente gisa, eta euren titularrak epaiketan legitimazioa duten hartzekoduntzat joko dira, eta aplikatuko zaien muga bakarra izango da atxikipen-, botoeta kobratze-eskubideen etetea.
Edozein kasutan ere, kreditu kontingentea epai irmoan edo behin-behinean exekuta daitekeen epaian baieztatu edo aitortu bada, kredituaren zenbateko nahiz kalifikazioaren araberako konkurtso-eskubide guztiak izango ditu titularrak.
4. Konkurtsoko epailearen ustez baldintza suntsiarazlea bete edo kreditu kontingentea baieztatu ahal bada, alderdiak hala eskatuta, epaileak kautelaneurri moduan ezarri ahal izango du, masaren kontura hornidurak eratzea, alderdiek fidantzak ematea, eta egoki deritzon beste edozer egitea.
5. Konkurtsopekoaren aurkako kredituak ezin badira ordaindu aurretiaz zordun nagusiaren ondarean eskusiorik egin gabe, horiek kreditu kontingentetzat joko dira, harik eta hartzekodunak konkurtso-administraziori behar bezala egiaztatu arte eskusioa agortu duela; kasu horretan, baieztatzen da konkurtsoan kreditua aitortu dela, geratzen den saldoaren zenbatekoarekin.
6. Hartzekodunak hirugarrenaren fidantza izanez gero, kreditua bere zenbatekoarekin aitortuko da, inolako mugarik gabe, eta fidatzaileak ordaintzen badu, kredituaren titularra ordeztuko da.
Halako kredituak kalifikatzean, beti aukeratuko da hartzekodunari eta fidatzaileari dagozkien kalifikazioen artean konkurtsoari kalterik gutxien eragiten diona.
7. Kredituaren zati bat konkurtsoko abal-emaile, fidatzaile edo zordun solidarioarengandik kobratu duen hartzekodunak hala eskatuta, hartzekodunen zerrendan beraren izenean sar daiteke, hala kobratu ez duen kreditu-zatia, nola zatikako ordainketa egin duenari diruitzulketaren edo solidaritate-kuotaren ondorioz dagokion kreditu osoa, nahiz eta ordaintzaile horrek bere kreditua ez komunikatu edo zorra barkatu badu ere.
88. artikulua. Kredituak dirutan zenbatzea
1. Pasiboa kalkulatzeko, kreditu guztiak dirutan zenbatuko dira eta legezko monetan adieraziko dira, baina horrek ez du esan nahi kredituok bihurtu edo aldatzen direnik.
2. Beste moneta batean adierazitako kredituak legezko monetan zenbatuko dira, konkurtso-adierazpenaren datan zegoen kanbio-tasa ofizialaren arabera.
3. Diruzkoak ez diren prestazioak edo dirua ez den beste ondasun bati lotutako diruzko prestazio zehatzak dakartzaten kredituak zenbatuko dira, konkurtso-adierazpenaren datan prestazio zein ondasun horrek zuen balioaren arabera.
4. Etorkizuneko diruzko prestazioak dakartzaten kredituak zenbatuko dira, konkurtso-adierazpena egitean horiek zuten balioaren arabera, eta gero eguneratuko dira, une horretan indarrean dagoen legezko korritua kontuan izanda.
89. artikulua. Kreditu-motak
1. Konkurtsoaren ondoreetarako, hartzekodunen zerrendan jasotako kredituak izan daitezke pribilegiatuak, arruntak eta mendekoak.
2. Kreditu pribilegiatuak, aldi berean, izan daitezke pribilegio berezia duten kredituak, baldin eta ondasun edo eskubide zehatzak ukitzen badituzte, eta pribilegio orokorra duten kredituak, baldin eta zordunaren ondare osoa ukitzen badute.
Konkurtsoan ez da onartuko lege honetan aitortu ez den pribilegio edo lehenespenik.
3. Ulertzen da kreditu arrunt gisa sailkatzen direla, lege honetan kreditu pribilegiatu edo mendeko kreditu gisa kalifikatu ez direnak.
90. artikulua. Pribilegio berezia duten kredituak
1. Pribilegio berezia duten kredituak dira:
1.) Borondatezko edo legezko hipotekarekin bermatutakoak, hipoteka hori ondasun higiezin nahiz higigarrien gainekoa izan, edota lekualdaketarik gabeko bahiarekin bermatutakoak, hipotekatu edo pignoratutako ondasunei dagozkienez.
2.) Antikresiarekin bermatutako kredituak, kargatutako ondasun higiezinaren fruituei dagozkienez.
3.) Errefakziozko kredituak, errefakziopeko ondasunei dagozkienez; talde honetan sartzen dira langileek duten pribilegioa, eurek egindako objektuen gain, horiek konkurtsopekoaren jabetzapean edo edukitzapean dauden bitartean.
4.) Finantza-errentamenduetako kuoten ziozko kredituak edota ondasun higigarriak zein higiezinak prezio geroratuaren bidez erostean sortutako epeen ziozkoak, errentari nahiz saltzailearen edo, hala denean, finantzatzaileen mesederako direnak, eta jabarierreserbarekin, xedatzeko debekuarekin edo ez-ordaintze kasuetan baldintza suntsiarazlearekin errentan emandako ondasunei dagozkienez.
5.) Kontuko idatzoharren bidez adierazitako baloreekin bermatutako kredituak, kargatutako baloreei dagozkienez.
6.) Agiri publikoan eratutako bahiarekin bermatu diren kredituak, hartzekodunaren zein hirugarrenaren edukitzapean dauden ondasun nahiz eskubide pignoratuei dagozkienez.
Kredituen bahia izanez gero, nahiko izango da hori agertzea data sinesgarria duen agirian, pribilegioa izateko kreditu pignoratuen gain.
2. Aurreko paragrafoko 1. zenbakitik 5.erakoetan aipatu kredituak pribilegio bereziarekin sailkatzeko, kasuan kasuko bermea eratzean kontuan izan behar dira kredituon legeria bereziak ezarritako betekizun eta formalitateak, horiek hirugarrenen aurka jartzeko modukoak izan daitezen, salbu eta legezko hipoteka isilbidezkoak edo langileen errefeakziozko kredituak direnean.
91. artikulua. Pribilegio orokorra duten kredituak
Pribilegio orokorra duten kredituak dira:
1.) Pribilegio berezirik ez duten alokairuen ondoriozko kredituak, lanbidearteko gutxieneko alokairuaren hirukoitza ordaintzeke dauden alokairu-egunengatik biderkatzean ateratzen den zenbatekoan; kontratuak azkentzearen ondoriozko kalte-ordainak, legeak zehaztutako gutxieneko zenbatekoan, zenbateko hori kalkulatu denean lanbidearteko gutxieneko alokairuaren hirukoitza gainditzen ez duen oinarriaren gain; lan-istripuaren eta lanbide-gaixotasunaren ondoriozko kalte-ordainak, eta lan-osasunaren arloko betebeharrak ez betetzearen ondoriozko prestazioen gainordainak, horiek konkurtso-adierazpenaren aurretik sortu direnean.
2.) Konkurtsopekoak legezko betebeharraren ondorioz zor dituen tributuatxikipenak eta Gizarte Segurantzakoak.
3.) Inoren mendekoa ez den lan pertsonalaren ondoriozko kredituak eta jabetza intelektualak babestutako lanaren ustiapen-eskubideak lagatzeagatik egileari dagozkionak, baldin eta horiek konkurtso-adierazpena egin baino sei hilabete lehenago sortu badira.
4.) Tributu-kredituak eta zuzenbide publikoko gainerakoak, bai eta 90. artikuluko 1. paragrafoaren araberako pribilegio berezia edo artikulu honetako 2. zenbakiko pribilegio orokorra ez duten Gizarte Segurantzako kredituak.
Pribilegio hau erabil daiteke, hurrenez hurren, Herri Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren kreditu guztiei begira, euren zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarreraino.
5.) Kontratutik kanpoko erantzukizun zibilaren ondoriozko kredituak.
Hala ere, aseguratu gabe dauden kalte pertsonalen izapideak egingo dira artikulu honetako 4. zenbakian jasotako kredituekin batera.
6.) Konkurtso-adierazpena eskatu duen hartzekodunaren titulartasunpeko kredituak, mendekoak ez badira, euren zenbatekoaren laurdeneraino.
92. artikulua. Mendeko kredituak
Mendeko kredituak dira:
1.) Berandu komunikatu arren, konkurtso-administrazioak hartzekodunen zerrendan jaso dituenak, edo behar bezala komunikatu ez arren, epaileak zerrendaren kontrako aurkarapena ebaztean zerrenda horretan jaso dituenak; kredituen izatea zordunaren agiriek ondorioztatu badute, konkurtsoan edo prozedura judizial batean kredituok beste modu batera ageri badira, edo horiek zehazteko herri administrazioen ikuskapen-jarduera behar bada, kredituok ez dira mendekoak izango, euren izaeraren araberakoak baizik.
2.) Kontratu-itunaren ondorioz, zordunaren aurkako beste kreditu guztiei begira mendeko izaera dutenak.
3.) Orotariko korrituen ondoriozko kredituak, berandutzakoak barne, berme erreala duten kredituei dagozkienak salbu, kasuan kasuko berme errealaren zenbatekoraino.
4.) Isunen eta beste diruzko zehapenen ondoriozko kredituak.
5.) Zordunarekin lotura berezia izateagatik hurrengo artikuluan aipatzen diren pertsonen kredituak, 91. artikuluaren 1. zenbakian jasotakoak izan ezik, konkurtsopekoa pertsona fisikoa bada.
6.) Epai batek adierazi duenean egintza aurkaratuan norbaitek gaitzustez jardun duela, konkurtso-hutsalketaren ondorioz horren mesederako diren kredituak.
93. artikulua. Konkurtsopekoarekin lotura berezia duten pertsonak
1. Ulertzen da pertsona fisikoa den konkurtsopekoarekin lotura berezia dutela pertsona hauek:
1.) Konkurtsopekoaren ezkontideak edo konkurtso-adierazpenaren aurreko bi urteetan ezkontide izan denak, edo antzeko maitasun-harremanetan bizi direnek edo konkurtso-adierazpenaren aurreko bi urteetan ohikotasunez berarekin bizi izan direnek.
2.) Konkurtsopekoaren nahiz aurreko zenbakian aipatu pertsonetatik edozeinen aurreko, ondorengo eta nebaarrebek.
3.) Konkurtsopekoaren aurreko, ondorengo eta neba-arreben ezkontideek.
2. Ulertzen da pertsona juridikoa den konkurtsopekoarekin lotura berezia dutela pertsona hauek:
1.) Legearen arabera sozietate-zorren gaineko erantzukizun pertsonal eta mugagabea duten bazkideek, bai eta, gutxienez, sozietate-kapitalaren ehuneko bostaren titular direnek ere, baldin eta konkurtso-adierazpena jaso duen sozietateak bigarren mailako merkatu ofizialean negoziatzeko baloreak baditu, edo ehuneko hamarraren titular direnek, halakorik ez badu.
2.) Zuzenbideko edo egitezko administratzaileek, pertsona juridikoa den konkurtsopekoaren likidatzaileek eta enpresaren ahalorde orokorrak dituzten ahaldunek, bai eta konkurtso-adierazpenaren aurreko bi urteetan halakoak izan direnek ere.
3.) Konkurtso-adierazpena jaso duen sozietatearen taldeko sozietateek eta horren bazkideek.
3. Aurkako frogarik izan ezean, uste izango da konkurtsopekoarekin lotura berezia dutela aurreko paragrafoetan aipatu pertsonetatik edozeinen kredituen lagapen-hartzaileek edo adjudikaziodunek, baldin eta kredituok konkurtso-adierazpenaren aurreko bi urteetan eskuratu badira.
94. artikulua. Egitura eta edukia
1. Konkurtso-administrazioaren txostenarekin batera aurkeztuko da hartzekodunen zerrenda, konkurtso-eskariaren data aipatuz; zerrenda horretan, onartutako eta baztertutako kredituak jasoko dira, alfabetoaren araberako hurrenkerarekin.
2. Onartutako hartzekodunen zerrendan aipatuko da horietako bakoitzaren izena, kredituaren arrazoia, printzipalaren eta korrituen zenbatekoa, aitortutako kredituen jatorri-data eta muga-eguna, berme pertsonalak edo errealak eta horien kalifikazio juridikoa; hala denean, adierazi behar da kredituok auzigaiak edo baldintzapekoak diren edota zordun nagusiaren ondarean aurretiaz eskusioa egitearen zain dauden.
Komunikatu eta aitortu diren kredituen artean desberdintasunak izanez gero, horiek esanbidez agerraraziko dira, baita komunikazio egokia ez egitearen ondorioak ere.
Konkurtsopekoa irabazpidezko edo beste edozein ondasun-erkidegotako eraentzaren mende ezkondu denean, bereiztuta zerrendatuko dira horren ondare pribatiboa bakarrik uki dezaketen kredituak, eta ondare erkidea ere uki dezaketenak.
3. Baztertutakoen zerrendan aipatuko dira bakoitzaren izena eta baztertzearen arrazoiak.
4. Zerrenda bananduan zehaztu eta zenbatuko dira masaren aurka sortu eta ordaindu behar diren kredituak.
95. artikulua. Txostenaren eta agiri osagarrien publizitatea
1. Txostena aurkeztu eta batera, konkurtso-administrazioak komunikazio pertsonala egingo die hurrengoei, jasotzea egiaztatzen duen edozein bide erabilita: baztertutako interesdun bakoitzari, aldez aurretik kreditua komunikatu ez arren zerrendan sartu direnei, kredituaren zenbateko txikiagoarekin sartu direnei, edota eskatutako kalifikazioaren bestekoarekin jaso direnei; halakoei inguruabar horiek adierazi behar zaizkie, eta komunikazioa jasotzen dutenetik hamar eguneko epea emango zaie, egoki deritzeten erreklamazioak egiteko.
2. Epaileari konkurtso-administrazioaren txostena eta agiri osagarriak aurkeztu zaizkiola komunikatuko da 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta epaitegiko iragarki-taulan argitaratuko da.
3. Epaileak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, erabaki ahal izango du berak egokitzat jotako edozein publizitate osagarri egitea, bide ofizialetan zein pribatuetan.
96. artikulua. Inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda aurkaratzea
1. Aurreko artikuluaren 2. paragrafoan aipatu komunikazioa egin eta hamar eguneko epean interesdunetatik edozeinek aurkara ditzake inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda; horretarako, kopia bat lortu ahal izango du bere kontura.
2. Inbentarioa aurkaratzean, eska daiteke ondasun zein eskubide batzuk sartzea edo baztertzea, edota onartutakoen balorazioa handitu nahiz txikitzea.
3. Hartzekodunen zerrenda aurkaratzean, eska daiteke kredituak onartu edo baztertzea, bai eta aitortutako zenbatekoa edo sailkapena aldatzea ere.
4. Aurkaratzeak konkurtso-intzidenteko izapideen bidez gauzatuko dira, eta epaileak ofizioz metatu ahal izango ditu aurkaratzeok, batera ebazteko.
Aurkaratzeak ebazten dituen azken epaia jakinarazi eta hurrengo bost egunetan, konkurtso-administrazioak kasuan-kasuan bidezkoak diren aldaketak sartuko ditu inbentarioan, hartzekodunen zerrendan, eta bere txostenaren azalpen ziodunean; halaber, epaileari aurkeztuko dizkio, hala behin betiko testu egokiak, nola masaren aurka sortu eta ordaintzeko dauden kredituen zerrenda eguneratua. Hori guztia agerian utziko da epaitegiko idazkaritzan.
97. artikulua. Ez aurkaratzearen ondorioak
1. Inbentarioa edo hartzekodunen zerrenda garaiz eta behar bezala aurkaratzen ez dutenek ezin izango dute eskatu agiri horien edukia aldatzea; hala ere, horiek errekurtsoa jar dezakete epaileak beste aurkaratze batzuk ebaztean egin dituen aldaketen aurka.
2. Hartzekodunen zerrendan zordunarekin lotura berezia duen hartzekodun gisa kalifikatu denak kalifikazio hori garaiz eta behar bezala aurkaratu ez badu, konkurtsoko epaileak, behin aurkaratze-epea agortuta, eta beste inolako izapiderik gabe, autoa emango du haren titulartasunpeko kredituei begira eratutako berme oro azkendutzat joz, eta, hala denean, edukitza itzultzea eta kasuan kasuko erregistro-idazkunak ezereztea aginduz.
Kasu horretatik salbuespen moduan hartzen dira 91. artikuluaren 1. zenbakian jasotako kredituak, betiere konkurtsopekoa pertsona fisikoa denean.
98. artikulua. Epailearen ebazpena
Inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea igaro ondoren inolako aurkaratzerik aurkeztu ez bada, edo, halakoa aurkeztu arren, agiri haien behin betiko testuak epaitegiko idazkaritzan jendaurrean azaldu ondoren, epaileak bidezkoa den ebazpena emango du, titulu honetan xedatutakoa kontuan izanda.
99. artikulua. Hitzarmen-proposamenaren betekizun formalak
1. Hitzarmen-proposamenak aukera desberdinak jaso ditzake, betiere, idatziz egin behar da, eta zordunak, edo, hala denean, hartzekodun proposamengile guztiek nahiz behar besteko ahalordea duten ordezkariek sinatuko dute.
Aurkeztutako proposamenak bertaratutako alderdiei helaraziko zaizkie.
Proposamenak hirugarrenen kontura egin beharreko ordainketa-konpromisoak jaso dituenean, bermeak edo finantzaketa eman, ordainketak egin edo beste edozein betebehar hartzeko, aurrekoez gain konpromiso-hartzaileek edo behar besteko ahalordea duten ordezkariek ere sinatu behar dute proposamena.
2. Proposamenaren sinadurak, eta, hala denean, ordezkaritza-izaeraren justifikazioa legitimatuta egon beharko dira.
100. artikulua. Hitzarmen-proposamenaren edukia
1. Hitzarmen-proposamenak kitaeta itxaronaldi-proposamenak jaso behar ditu, eta horiek meta daitezke.
Kreditu arruntei dagozkienez, kita-proposamenok ezin izan daitezke kreditu bakoitzaren erditik gorakoak, ezta itxaronaldiak bost urtetik gorakoak ere, hitzarmena onetsi duen ebazpena irmoa denetik zenbatuta.
Salbuespenez, konkurtsopeko enpresaren jarduerak eragin berezia izan dezakeenean ekonomian, konkurtsoko epaileak baimendu ahal du, alderdiak hala eskatuta, muga horiek gainditzea, horren arrazoiak azalduta, baldin eta aurkeztutako bideragarritasun-planak aukera hori jasotzen badu, eta horrekin batera Administrazio ekonomiko eskudunak eginiko txostena aurkezten bada.
2. Hitzarmen-proposamenean jaso ahal izango dira, orobat, hartzekodun guztientzako edo mota bat edo batzuentzako proposamen alternatiboak, kredituak akzio, partaidetza edo sozietate-kuota, nahiz partaidetza-kreditu bihurtzeko eskaintzak barne.
Hitzarmen-proposamenean jaso ahal izango dira, berebat, eskualdaketa-proposamenak, bai konkurtsopekoaren enpresaedo lanbide-jarduerari lotutako ondasun eta eskubide guztiak eskualdatzeko, bai pertsona fisiko edo juridiko zehatzaren ekoizpen-unitate jakin batzuk eskualdatzeko.
Proposamenetan nahitaez agertuko da eskuratzaileak aurrera egingo duela ukitutako ekoizpen-unitateei dagokien enpresaedo lanbide-jarduerarekin, eta hartzekodunen kredituak ordainduko dituela, hitzarmen-proposamenean adierazitakoaren arabera.
Halako kasuetan, langileen ordezkariak entzun behar dira.
3. Proposamena ezin daiteke inoiz izan hartzekodunei ondasun eta eskubideak ematea euren kredituen ordainean emateko edo horiek ordaintzeko, ezta konkurtsopekoaren ondarea osoosorik likidatzea bere zorrak ordaintzeko, legeak ezarritako kreditu-sailkapena aldatzea, edota prozeduran zehaztu kreditu-zenbatekoa aldatzea ere; zernahi gisaz, kitak itun daitezke, edo pertsona juridikoa den konkurtsopekoa bat egin zein zatitu ahal izango da; orobat, artikulu honen 5. paragrafoaren bigarren lerrokadan ezarritakoa izan behar da kontuan.
4. Proposamenekin batera ordainketa-plana aurkeztu behar da, hori betetzeko baliabideak zehaztuz; hala denean, konkurtsopekoaren ondasun eta eskubide zehatzak besterentzearen ondoriozkoak ere barneratuko dira.
5. Hitzarmena betetzeko, lanbideedo enpresa-jarduerari oso-osorik edo zati batez eustearen ondoriozko baliabideak kontuan hartzea pentsatu denean, proposamenarekin batera, gainera, bideragarritasun-plana aurkeztuko da; plan horretan, behar diren baliabideak zehaztuko dira, bai eta horiek lortzeko modua eta baldintzak ere, eta, hala denean, adieraziko da hirugarrenek hartu dutela horiek emateko konpromisoa.
Konkurtsopekoari bideragarritasunplana finantzatzeko eman zaizkion kredituak ordainduko dira hitzarmenean zehaztu baldintzetan.
101. artikulua. Baldintzapeko proposamenak
1. Proposamenak hitzarmenaren eragingarritasuna edozein motatako baldintzapean jartzen badu, ulertuko da hori ez dela aurkeztu.
2. Aurreko paragrafoaren salbuespen moduan, batera adierazi edo izapideak metatu dituzten konkurtsoen kasuan, konkurtsopekoetatik edozeinek aurkeztutako proposamenari baldintza moduan ezarri ahal zaio epaileak onestea bestearen edo besteen hitzarmena.
102. artikulua. Eduki alternatiboak dituzten proposamenak
1. Hitzarmen-proposamenak hartzekodun guztiei edo mota batekoak direnei eskaintzen badie zenbait alternatibaren artean bat aukeratzeko ahalmena, proposamen horrek zehaztu beharko du zein aplikatuko den, hautespen-ahalmena erabili ez denean.
2. Hartzekodun bakoitzak hautespen-ahalmena erabiliko du hitzarmena onartu behar duen hartzekodunen batzan edo horrek zehaztutako epean; epe hori ezin izan daiteke hamar egunetik gorakoa, epaileak hitzarmena onesteko eman duen ebazpena irmoa denetik zenbatuta.
103. artikulua. Hitzarmen-proposamenari egindako atxikipenak
1. Hartzekodunak edozein hitzarmen-proposameni atxiki ahal izango zaizkio, lege honetan ezarri epeetan eta ondoreekin.
2. Atxikipena huts edo soila izango da, inolako aldaketa edo baldintzarik sartu gabe.
Bestela, ulertuko da ez dagoela atxikipenik hartzekodunaren aldetik.
3. Atxikipenean adieraziko da hartzekodunaren titulartasunpeko kredituaren edo kredituen zenbatekoa, bai eta horiek zein motatakoak diren ere; atxikipen hori egiteko, konkurtsoaren izapideak zein epaitegitan egin eta hartzekoduna epaitegi horretako idazkariaren aurrean agertu behar da, edo, bestela, instrumentu publikoa erabili behar du.
4. Administrazioak eta erakunde publikoak halako hitzarmenei atxikitzeko, horiek arautzen dituzten arau eta erregelamendu bereziak errespetatu behar dira.
104. artikulua. Aurkezpen-epea
1. Borondatezko konkurtsoa eskatu edo nahitaezko konkurtsoa adierazten denetik, eta, kasu bietan, kredituak komunikatzeko epea azkendu arte, zordunak aurretiazko hitzarmen-proposamena aurkeztu ahal izango dio epaileari, baldin eta likidaziorik eskatu ez badu, eta hurrengo artikuluko debekurik ez badu.
2. Aurretiazko hitzarmen-proposamena aurkeztuz gero, 100. artikuluaren 5. zenbakian ezarri kasua gertatzen denean, epaileak baimen zioduna eman ahal izango du, zordunak hala eskatuta, hitzarmenerako lege honetan ezarri mugak gainditzeko; horretarako, bideragarritasun-planean esanbidez artikulu horretako 1. paragrafoan ezarri mugak gainditzen dituen kita edo itxaronaldia jaso behar da.
105. artikulua. Debekuak
1. Hurrengo kasuetatik edozeinetan dagoen konkurtsopekoak ezin izango du aurkeztu aurretiazko hitzarmen-proposamena:
1.) Ondarearen edo gizarte- eta ekonomia-ordenaren kontrako delituagatik, agiriak faltsutzeari buruzko delituagatik, Herri Ogasunaren, Gizarte Segurantzaren edo langileen eskubideen aurkako delituagatik epai irmoan kondenatua izan denak.
Zorduna pertsona juridikoa bada, debeku-arrazoi berbera gertatuko da, delitu horiengatik kondenatuak izan direnean horren administratzaile zein likidatzaileak, edota hitzarmen-proposamena aurkeztu baino hiru urte lehenago administratzaile nahiz likidatzaile izan direnak.
2.) Azken hiru ekitaldietatik edozeinetan urteko kontuak gordailutzeko betebeharra bete ez duenak.
3.) Nahitaez inskribatu beharreko pertsona edo erakundea izanda, Merkataritzako Erregistroan inskribatuta ez dagoenak.
4.) Beste hartzekodun-konkurtsopean egon denak, baldin eta, izapidetzapean dagoenaren eskaria aurkeztu zenean, artean hiru urte igaro ez baziren aurrekoa amaitu zenetik.
5.) Konkurtso-eskaria aurkeztu baino hiru urte lehenago, hurrengo egintzetatik edozein gauzatu duenak:
a) Ondasun edo eskubideak dohainik xedatzea, usadioen araberako eskuzabaltasunak gaindituz.
b) Ondasun edo eskubideak kostu bidez xedatzea hirugarren baten mesederako edo 93. artikuluaren arabera konkurtsopekoarekin lotura berezia duten pertsonetatik edozeinen mesederako, xedatze-egintza horien baldintzak ez direnean merkatu-baldintza arruntak, egintzok gauzatzen diren unea kontuan hartuta.
c) Muga-eguneratuta ez dauden betebeharrak ordaintzea.
d) Berme errealak eratzea edo zabaltzea, aurretiazko betebeharrak ziurtatzeko.
e) Epai batek adierazi bezala, hartzekodunei iruzurra egitea dakarten egintzak gauzatzea, epai hori irmoa izan ez arren.
6.) Konkurtso-adierazpena eskatzeko betebeharra ez betetzea, edo konkurtsoaren izapidetzari buruz lege honetan ezarritako zeregin edo betebeharretatik edozein haustea.
2. Aurretiazko hitzarmen-proposamenaren izapidetza onartu ondoren, konkurtsopekoa debeku-arrazoiren batean erori bada edo aurretiaz horietatik edozeinetan erori dela egiaztatzen bada, epaileak ofizioz, konkurtso-administrazioak nahiz alderdi interesdunak hala eskatuta, eta, betiere, zorduna entzun ondoren, adieraziko du proposamena ondorerik gabe geratzen dela, eta horren izapidetza amaituko du.
106. artikulua. Izapidetza onartzea
1. Izapidetza onartzeko, proposamenarekin batera aurkeztu beharko dira hartzekodun arrunten edo pribilegiatuen atxikipenak, lege honetan ezarri moduan emanda; hartzekodun horien kredituek gainditu behar dute zordunak aurkeztutako pasiboaren bostena.
2. Aurretiazko hitzarmen-proposamena aurkeztu denean borondatezko konkurtso-eskariarekin batera edo epaileak hori adierazi aurretik, epaile horrek konkurtsoa adierazteko autoan bertan ebatziko du proposamena onartzen duen edo ez.
Gainerako kasuetan, aurretiazko hitzarmen-proposamena aurkeztu eta hurrengo hiru egunetan, epaileak ziodun autoan ebatziko du proposamen horren izapidetza onartzen duen edo ez.
Epe berean, akatsen bat antzeman badu, epaileak horren jakinarazpena egingo dio konkurtsopekoari, jakinarazpena jaso eta hurrengo hiru egunetan hori ongitu dezan
3. Epaileak ez du izapidetzarik onartuko lege honetan ezarri moduan aurkeztutako atxikipenak beharrezko pasiboproportzioa baino txikiagoak direnean, hitzarmen-proposamenaren edukian lege-haustea antzematen duenean, edo, zorduna debekuren baten mende dagoenean.
4. Epaileak izapidetza onartzeko egin duen adierazpenaren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri.
107. artikulua. Konkurtso-administrazioaren txostena
1. Aurretiazko hitzarmen-proposamenaren izapidetza onartu ondoren, epaileak konkurtso-administrazioari helaraziko dio proposamena, hamar egun baino gutxiagoko epean, horren ebaluazioa egin dezan.
2. Konkurtso-administrazioak hitzarmen-proposamenaren edukia ebaluatuko du, berarekin batera aurkeztutako ordainketa-plana, eta, hala denean, bideragarritasun-plana aztertuz.
Ebaluazioa hitzarmen-proposamenaren aldekoa bada, hori konkurtso-administrazioaren txostenera bilduko da.
Bestalde, horren aurkakoa bada edo erreserbak jaso baditu, eperik laburrenean aurkeztuko zaio epaileari, eta horrek erabaki dezake ondorerik gabe uztea aurretiazko proposamenaren onespena edo horren izapideei eustea, azken kasu horretan ebaluazio-idazkia txostenera bilduta.
Gorabehera horiek ebazten dituen autoaren aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.
108. artikulua. Hartzekodunen atxikipenak
1. Aurretiazko hitzarmen-proposamenaren izapidetza onartzen denetik inbentarioa nahiz hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea azkendu arte, hartzekodunetatik edozeinek adierazi ahal izango du proposamenari atxiki zaiola, lege honetan ezarri betekizunekin eta bertan azaldu moduan.
2. Atxikipenean adierazi kreditumota edo -zenbatekoa aldatzen direnean hartzekodunen zerrenda behin betiko idaztean, hartzekodunak bere atxikipena ezeztatu ahal izango du zerrenda hori epaitegiko idazkaritzan agerian utzi eta hurrengo bost egunetan.
Bestelako kasuan ulertuko da proposamenari atxiki zaiola, zerrendako behin betiko idazketan jasotako baldintzen arabera.
109. artikulua. Epaileak hitzarmena onestea
1. Inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea amaitu eta hurrengo bost egunetan ez bada aurkaratzerik aurkeztu, edo, halakoa aurkeztu bada ere, atxikipenak ezeztatzeko epea amaitu eta hurrengo bost egunetan, epaileak egiaztatuko du aurkeztutako atxikipenek lortzen duten edo ez legez ezarritako gehiengoa.
Epaileak emaitza aldarrikatuko du, probidentzia bidez.
Bestelako kasuan, autoa emango du hitzarmenedo likidazio-fasea irekiz, kasuan-kasuan.
2. Gehiengoa erdietsi bada, 128. artikuluaren 1. paragrafoak hitzarmenaren onespen judizialaren aurka jartzeko ezarri epea muga-eguneratu eta hurrengo bost egunetan, epaileak onespenepaia emango du, salbu eta hitzarmenari begira aurkakotasuna aurkeztu denean edo epaileak hori ofizioz ukatu duenean, 128. artikulutik 131.erakoetan xedatutakoaren arabera.
Epaiak konkurtsoaren fase erkidea amaituko du, eta, hitzarmen-fasea ireki gabe, hitzarmena onetsi dela adieraziko du, 133. artikulutik 136.erakoetan ezarri ondoreekin.
Epaia konkurtsopekoari, konkurtso-administrazioari eta prozeduran bertaratutako alderdi guztiei jakinaraziko zaie, eta lege honetako 23 eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.
110. artikulua. Onetsi ez diren proposamenei eustea
1. Hitzarmena ez bada onetsi, epaileak zordunari berehala eskatuko dio hiru eguneko epean adieraztea, aurretiazko hitzarmen-proposamenari eusten dion, berori hartzekodunen batzaren mende egon dadin, edo likidazioa eskatu nahi duen,
2. Ulertuko da aurretiazko proposamenari atxikitako hartzekodunak batzara agertu direla quorumaren ondoreetarako, eta atxikipenak proposamenaren aldeko boto gisa zenbatuko dira, botazioaren emaitza zenbatzeko, salbu eta horiek hartzekodunen batzara joaten direnean, edo, hori egin aurretik, atxikipenen ezeztatzea autoetan agertzen denean.
111. artikulua. Irekiera-autoa eta hartzekodunen batzarako deialdia
1. Konkurtsopekoak ez duenean likidazioa eskatu eta aurretiazko hitzarmen-proposamenik onetsi ez denean edo horri eutsi ez zaionean aurreko atalean ezarritakoaren arabera, epaileak autoa emango du konkurtsoaren fase erkidea amaituz, hitzarmen-fasea irekiz eta bosgarren atala eratzeko agindua emanez, inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea azkendu eta hurrengo hamabost egunetan baldin eta aurkaratzerik aurkeztu ez bada, edo, halakoa aurkeztu bada, agiri haien behin betiko testuak epaitegiko idazkaritzan agerian jarri eta hurrengo hamabost egunetan.
2. Autoan hartzekodunen batzarako deialdia egiteko agindua emango da, 23. artikuluan ezarritakoaren arabera, bileraren tokia, eguna eta ordua zehaztuz.
Deialdiaren jakinarazpenean hartzekodunei adieraziko zaie hitzarmen-proposamenari atxiki ahal izango zaizkiola 115.3 artikuluko baldintzetan.
Aurreko artikuluan eta 113. artikuluaren 1. paragrafoan ezarri kasuetan, batzarako deialdia egin beharko da, berori bi hilabeteko epean egin dadin, autoaren datatik zenbatzen hasita.
Gainerako kasuetan, batza hirugarren hilabetean egingo da, data beretik zenbatuta.
Zordunak aurretiazko hitzarmen-proposamenari eutsi badio, epaileak autoa emango du hartzekodunen batzarako deialdia eginez, eta ez da behar proposamenaren gaineko beste ebazpenik, ezta administrazioaren txostenik ere.
3. Autoa jakinaraziko zaio konkurtsopekoari, konkurtso-administrazioari eta prozeduran bertaratutako alderdi guztiei, eta horren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri; baina hitzarmena onesten duen epaiaren kontra gora jotzeko errekurtsoan, aurkarapen-zioak aipa daitezke.
112. artikulua. Irekiera-autoaren ondoreak
Hitzarmen-fasearen irekiera adierazita eta horren izapidetza egin bitartean, aplikagarriak izango dira lege honetako III. tituluan konkurtsoko fase erkiderako ezarri arauak.
113. artikulua. Hitzarmen-proposamena aurkeztea
1. Kredituak komunikatzeko epea igaro ondoren eta inbentarioa nahiz hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea amaitu arte, ez bada aurkaratzerik aurkeztu, edo, halakoa aurkeztuta ere, agiri haien behin betiko testuak epaitegiko idazkaritzan agerian utzi arte, aurretiazko proposamenik aurkeztu ez eta likidaziorik eskatu ez duen konkurtsopekoak hitzarmen-proposamena aurkeztu ahal izango du konkurtsoaren izapideak egin dituen epaitegian.
Hori egin ahal izango dute, orobat, hartzekodunek, baldin eta konkurtsoan euren kredituak agerrarazi badira, eta kredituok batera zein banaka gainditzen badute hartzekodunen behin betiko zerrendak ondorioztatutako pasibo osoaren bostena, salbu eta konkurtsopekoak likidazioa eskatu duenean.
2. Hitzarmen-proposamenik aurkeztu ez denean aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, eta konkurtsopekoak likidaziorik eskatu ez duenean, horrek eta batera zein banaka behin betiko zerrendak ondorioztatutako pasibo osoaren bostena gainditzen duten kredituen titularrek hitzarmen-proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, batzarako deialdia egiten denetik hori egiteko zehaztu den data baino berrogei egun lehenago.
114. artikulua. Proposamenaren izapidetza onartzea
1. Hitzarmen-proposamenak aurkeztu eta hurrengo bost egunetan, epaileak horien izapidetza onartuko du, baldin eta lege honek epe, forma eta edukiaren inguruan ezarri baldintzak betetzen badituzte.
Akatsen bat antzemanez gero, epaileak epe berean jakinaraziko dio hori konkurtsopekoari, edo, hala denean, hartzekodunei, jakinarazpena egin eta hurrengo hiru egunetan akatsa ongi dezaten.
Konkurtsopekoak likidazioa eskatu badu, epaileak edozein proposamenen izapidetza ukatuko du.
2. Horien izapidetza onartu ondoren, ezin izango dira ezeztatu edo aldatu hitzarmen-proposamenak.
3. Aurreko artikuluak ezarri legezko epean ez bada hitzarmen-proposamenik aurkeztu, edo aurkeztutakoak ez badira onartu, epaileak ofizioz erabakiko du likidazio-fasea irekitzea, 143. artikuluan ezarri baldintzetan.
115. artikulua. Proposamenaren izapidetza egitea
1. Proposamenaren izapidetza onartzeko probidentzia berean, hitzarmenproposamena konkurtso-administrazioari helarazteko erabakia hartuko da, hamar eguneko epe luzaezinean, administrazioak edukiari buruzko ebaluazio-idazkia luza dezan, ordainketen planarekin batera, eta, hala denean, bideragarritasun-planarekin batera.
2. Konkurtso-administrazioaren txostena aurkeztu baino lehen luzatutako ebaluazio-idazkiak horri bilduko zaizkio, 75. artikuluko 2. paragrafoaren arabera, eta ondoren luzatutakoak epaitegiko idazkaritzan agerian jarriko dira, epaileari aurkezten zaizkion egunetik.
3. Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, epaitegiko idazkaritzan agerian uzten denetik kasuan kasuko ebaluazio-idazkia eta batzara agertu direnen zerrenda ixten den unea arte, hartzekodunek hitzarmenei egindako atxikipenak onartuko dira, lege honetan ezarri betekizunekin eta bertan jarri moduan.
Atxikipenak ezeztaezinak izango dira, 110. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako kasua izan ezik, baina ez dute lotuko atxikipenok egin eta batzara agertu direnen botoa.
116. artikulua. Batza eratzea
1. Batza bilduko da deialdian zehaztu tokian, egunean eta orduan.
Presidenteak erabaki dezake saioak ondoz ondoko egun baliodun batean edo gehiagotan luzatzea.
2. Batzako presidentea izango da epailea, edo, salbuespenez, horrek izendatutako konkurtso-administratzaileren bat.
3. Idazkari gisa jardungo du epaitegian halakoa denak.
4. Ulertuko da batza eratuta dagoela, bertara doazenean gutxienez konkurtsoaren pasibo arruntaren erdia osatzen duten kredituen hartzekodun titularrek.
117. artikulua. Agertzeko eginbeharra
1. Konkurtso-administrazioko kideek batzara agertzeko eginbeharra dute.
Hori betetzen ez badute, zehaztutako ordainsaria jasotzeko eskubidea galduko dute, eta masara itzuli beharko dituzte jasotako kopuruak.
Epaileak zehapen hori ezartzeko eman duen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da.
2. Konkurtsopekoa hartzekodunen batzara agertu behar da, zuzenean edo negoziatzeko nahiz hitzarmenak onartzeko ahalmenak dituen ahaldunak ordezkatuta.
Konkurtsopekoa edo horren ordezkaria eztabaidetan euren izenean parte hartuko duen abokatuarekin batera agertu ahal izango dira.
3. Edozein kasutan ere, konkurtsoadministrazioko kideak agertu ez arren batza ez da etengo, salbu eta epaileak horrela erabakitzen duenean; kasu horretan, batzari noiz ekingo zaion berriz zehaztu behar da.
118. artikulua. Agertzeko eskubidea
1. Zerrendaren behin betiko testuan onartuta agertzen diren hartzekodunek batzara agertzeko eskubidea dute.
2. Batzara agertzeko eskubidea duten hartzekodunak ahaldunaren bidez ordezka daitezke batzan, ahaldun hori hartzekoduna izan zein izan ez.
Onartzen da pertsona bakarrak ordezkatzea hainbat hartzekodun.
Ezin izango dira izan ahaldun, konkurtsopekoa eta horrekin lotura berezia duten pertsonak, horiek hartzekodunak izan arren.
Prokuradorea hartzekodun baten izenean agertu bada konkurtsora, berak hartzekodun hori ordezka dezake, konkurtso-prozeduretan hartzekodunen batzara agertzeko ahalmena esanbidez eman zaionean bakarrik.
Ahalordea epaitegiko idazkaritzan edo eskritura publikoaren bidez eman beharko da, eta ulertuko da batzara agertzeko ordezkaritza-ahalmenen barruan sartzen dela bertan esku hartzea eta botoa ematea orotariko hitzarmenetan.
3. Zenbait proposamen sinatu dituzten hartzekodunak eta proposamenetatik edozeini garaiz eta behar bezala atxiki zaizkionak batzara agertzen ez badira ere, ulertuko da bertan daudela, eraketa-quorumaren ondoreetarako.
4. Ulertuko da hartzekodun diren herri administrazioak, horien erakunde publikoak, Konstituzio Organoak, eta, hala denean, enpresa publikoak ordezkatuko dituztela, euren legeria bereziaren arabera prozedura judizialetan ordezkatu eta defendatu ahal dituztenek.
119. artikulua. Agertzaileen zerrenda
1. Batzara agertu direnen zerrenda eratuko da hartzekodunen zerrendaren behin betiko testua oinarri izanda, eta kasu bakoitzean zehaztu beharko da nor agertu den zuzenean eta nor ordezkariaren bidez, ordezkaritza emateko egintza identifikatuz, baita nortzuk jo diren agertutzat, 118. artikuluko 3. paragrafoaren arabera.
2. Agertzaileen zerrenda aktaren eranskin gisa jasoko da euskarri fisikoan nahiz informatikoan, eta, betiere idazkaria arduratuko da horiek eginbidearen bidez jasotzeaz.
120. artikulua. Informazio-eskubidea
Batzara agertu diren hartzekodunek edo horien ordezkariek argibideak eskatu ahal izango dituzte konkurtso-administrazioaren txostenari buruz eta horren jardunari buruz, bai eta hitzarmen-proposamenari eta luzatutako ebaluazio-idazkiei buruz ere.
121. artikulua. Eztabaida eta bozketa
1. Presidenteak saioa irekiko du, eztabaidak zuzenduko ditu, eta ahalordeen baliozkotasunari, agertzaileen akreditazioari eta nahasgarriak izan daitezkeen gainerako gorabeherei buruz erabakiko du.
Proposamenaren edo proposamenen izapidetza onartu ostean eztabaidapean daudenak azalduko ditu idazkariak saioaren hasieran, horien jatorria zehaztuz, baita, hala denean, proposamenok aurkeztu dituztenen titulartasunpeko kredituen zenbatekoa eta sailkapena ere.
2. Lehendabizi, konkurtsopekoak aurkeztutako proposamena eztabaidatu eta bozkatuko da; hori onartu ezean, gauza bera egingo da hartzekodunek aurkeztutakoekin, ondoz ondo eta sinatzaileen titulartasunpeko kreditu guztiak handienetik txikienera antolatuta.
3. Eztabaidapeko proposamenaren alde edo aurka ahoz esku hartzeko eskariak jasotakoan, presidenteak hitza emango die eskatzaileei, eta alde zein kontrako hiru esku-hartze alternatibo gertatu ondoren, uler dezake proposamena behar beste eztabaidatu dela.
4. Eztabaida amaitu ondoren, presidenteak bozketa izendatuaren mende jarriko du proposamena, boto-eskubidea duten hartzekodun agertzaileei dei eginda.
Agertu diren hartzekodunek botoa eman dezakete komenigarri deritzen moduan, proposamena sinatu arren edo horri atxiki bazaizkio ere.
Kasuan kasuko hitzarmen-proposamenaren aldeko boto gisa zenbatuko dira hartzekodun sinatzaileek emandakoak eta, batzara agertu ez arren, agertutzat jo diren atxikien botoak.
5. Proposamen bat onartu ondoren, ez dira eztabaidatuko gainerakoak.
122. artikulua. Boto-eskubiderik ez duten hartzekodunak
1. Batzan ez dute izango boto-eskubiderik:
1.) Mendeko kredituen titularrek.
2.) Kreditua konkurtso-adierazpenaren ostean bizidunen arteko egintzen ondorioz eskuratu dutenek, salbu eta eskuraketa titulu unibertsalaren bidez edo derrigorreko diru-bihurketaren ondorioz egin denean.
2. Aurreko paragrafoan jasotako hartzekodunek egikari dezakete beste kredituen titular gisa eurei dagokien botoeskubidea.
123. artikulua. Hartzekodun pribilegiatuak
1. Hartzekodun pribilegiatuak batzara joateak eta eztabaidetan eskuhartzeak ez du eraginik izango eraketaquorumaren zenbaketaren gain, eta ez dira jarriko onetsitako hitzarmenaren ondoreen mende.
2. Hartzekodun pribilegiatuak proposamenaren alde emandako botoak sortuko ditu hitzarmen-edukiaren araberako ondoreak kreditu eta pribilegioari begira, baldin eta batzak proposamen hori onartzen badu eta epaileak hitzarmena onetsi badu.
3. Hartzekoduna, aldi berean, kreditu pribilegiatu eta arrunten titularra bada, uste izango da horren botoa azken horien inguruan eman dela, eta boto horrek kreditu pribilegiatuak ukitzeko, hori esanbidez adierazi behar da botoa ematerakoan.
124. artikulua. Hitzarmen-proposamenak onartzeko beharrezko gehiengoak
Batzak hitzarmen-proposamena onartu duela ulertzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, konkurtsoaren pasibo arruntaren erdiak horren aldeko botoa ematea.
Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, proposamena bada kreditu arruntak oso-osorik ordaintzea hiru urte baino lehenago, edota kreditu arrunt muga-eguneratuak berehala ordaintzea, ehuneko hogeia baino gutxiagoko kitarekin, nahiko izango da horren aldeko botoa ematen duen pasibo arruntaren portzentajea kontrakoa eman duena baino handiagoa izatea.
Aurretiazko hitzarmen-proposamena onartutzat jotzeko, betiere, beharrezkoa izango da berori atxikitzea, gutxienez, konkurtsoko pasibo arruntaren erdia duten kredituen hartzekodun titularrak.
Bozketa bakoitzaren gehiengoak zenbatzeko, ulertuko da konkurtsoaren pasibo arruntean sartzen direla proposamenaren aldeko botoa eman duten hartzekodun pribilegiatuak.
125. artikulua. Erregela bereziak
1. Ezaugarri zehatz batzuk dituzten zenbait hartzekoduni edo hartzekoduntalde zehatz batzuei tratu berezia ematen dien hitzarmen-proposamena onartutzat jotzeko, beharrezkoa izango da, aurreko artikuluaren araberako gehiengoa erdiesteaz gain, tratu berezi horrek ukitzen ez duen pasiboaren aldeko botoa, betiere proportzio berean.
Ondore horietarako, ulertuko da ez dagoela tratu berezirik hitzarmen-proposamenean aldeko botoa eman duten hartzekodun pribilegiatuen mesederako pribilegio horren berezko abantailei eusten zaienean, baldin eta hartzekodun horiek kita, itxaronaldi edo bien mende geratzen badira, arruntak bezala.
2. Hitzarmen-proposamenak betebehar berriak badakartza hartzekodun batentzat edo batzuentzat, ezin izango da berori eztabaidatu aurretik hartzekodunok adostasuna eman ezean, proposamenak eduki alternatiboak izan arren edo betebehar berriak onartzen dituztenei tratu berezia eman arren.
126. artikulua. Batzaren akta
1. Idazkariak batzaren akta luzatuko du, eta horretan laburtuta azalduko du proposamen bakoitzaren eztabaidan gertatutakoa eta bozketen emaitzak adieraziko ditu, hartzekodun batzuen botoa zehaztuz, hala eskatzen badute.
Hartzekodunek eskatu ahal izango dute, orobat, euren esku-hartzeen testu idatzia biltzea aktara, jadanik autoetan jaso ez badira.
Saioen kopurua edozein izanda ere, batzaren akta bakarra idatziko da.
2. Behin idazkariak akta irakurri eta sinatuta, presidenteak saioa amaituko du.
3. Ekitaldia ikus-entzunezko euskarrian grabatuko da, Prozedura Zibilaren Legean ikustaldiak grabatzeko ezarritakoa aintzat hartuta.
4. Konkurtsopekoak, konkurtso-administrazioak eta hartzekodunetatik edozeinek eskubidea izango dute, aktaren lekukotza euren kontura eskuratzeko, hitzez-hitzekoa edo laburtua, osoa edota zatikakoa, eta epaitegiko idazkariak lekukotza hori luzatuko du, eskaria aurkeztu eta hurrengo hiru egunetan.
Era berean, egindako grabaketaren kopia eskuratu ahal izango dute.
5. Epaitegiko idazkariak fede emango du jardun horren agiriei buruz, Prozedura Zibilaren Legeko 146 eta 147. artikuluen arabera.
127. artikulua. Epailearen onespenaren mende jartzea
Batza amaitu eta egun berean edo hurrengo egun baliodunean, idazkariak epaileari helaraziko dio akta, eta, hala denean, epaile horren mende jarriko du onartuko hitzarmena onestea.
128. artikulua. Hitzarmena onestearen aurka jartzea
1. Epaileak hitzarmena onestearen kontrako aurkakotasuna eratu ahal izango da hamar eguneko epean; epe hori zenbatzen hasiko da epaileak egiaztatzen duenetik aurkeztutako atxikipenek hitzarmena onesteko legezko gehiengoak lortzen dituztela, aurretiazko proposamenaren kasuan, edo batza amaitu denetik, bertan onartzen bada hitzarmen-proposamena.
Aurkakotasuna aurkezteko legitimazio aktiboa izango dute, konkurtsoadministrazioak, batzara joan ez diren hartzekodunek, bertan botoa legearen kontra galdu dutenek, eta gehiengoak onartutako hitzarmen-proposamenaren aurkako bota eman dutenek, bai eta, aurretiazko hitzarmen-proposamenaren kasuan, horri atxiki ez zaizkion hartzekodunek ere.
Aurkakotasunaren oinarria bakarrik izan daiteke lege honetan hitzarmenaren edukiari, atxikipenaren forma eta edukiari, batzaren eraketari edo batza hori egiteko moduari buruz jasotako arauak haustea.
Ulertuko da aurreko lerrokadan aipatu lege-haustearen zioen artean sartzen dela kredituaren titular legitimoa ez den norbaitek ematea, nahiz aurretiazko hitzarmen-proposamena onesteko erabakigarria izan den edo erabakigarriak izan diren atxikipenak, nahiz, hala denean, batzan hitzarmena onartzeko erabakigarria izan den edo erabakigarriak izan diren botoak, edota halakoak lortzea hartzekodun arrunten arteko tratuberdintasuna ukitzen duten trikimailuen bidez.
2. Konkurtso-administrazioa eta aurreko paragrafoan aipatu hartzekodunak, bakarrik edo taldean gutxienez kreditu arrunten ehuneko bostaren titularrak badira, epaileak hitzarmena onestearen aurka jarri ahal izango dira, berori betetzea modu objektiboan bideraezina denean.
3. Epe berean, konkurtsopekoak ez badu egin batzak onartutako hitzarmen-proposamena edo ez badu horren gaineko adostasunik eman, hitzarmena onestearen aurka jarri ahal izango da, 1. paragrafoan ezarri arrazoietatik edozein aipatuz, edo likidazio-fasea irekitzea eskatu ahal izango du.
Bestelako kasuan, onetsitako hitzarmenaren mende geratuko da.
4. 1. paragrafoaren azken lerrokadan ezarri kasuan salbu, aurkakotasunaren oinarria ezin izan daiteke batzaren eraketari nahiz batza egiteko moduari buruzko lege-haustea, baldin eta berori aurkeztu duena batzara joan bada eta lege-haustea ez badu salatu egin den unean, edota, haustea batza eratu aurrekoa izanez gero, ez badu bera salatu, berori eratutzat jotzeko unean.
129. artikulua. Aurkakotasunaren izapidetza egitea
1. Aurkakotasuna konkurtso-intzidenteen bitartez gauzatuko da, eta onartutako hitzarmena onesten edo ukatzen duen epaiaren bidez ebatziko da; epaiak ezin du, inola ere, hitzarmena aldarazi, baina horren interpretazio egokia zehaztu ahal izango du, beharrezkoa denean eratutako aurkakotasunari buruzko ebazpena emateko.
Edozein kasutan ere, epaileak oker materialak edo kalkuluokerrak ongi ditzake.
2. Epaiak oniritzia eman badio batza eratu edo egitearen inguruko legehaustean oinarritutako aurkakotasunari, epaileak beste batza baterako deialdia egingo du, 111. artikuluaren 2. paragrafoan ezarri publizitateeta aurrerapenbaldintza berberekin; batza hori epaia eman eta hurrengo hilabetean egin beharko da.
Batza horretan, eztabaidapean jarriko da aurreko batzan gehiengoa lortu zuen hitzarmen-proposamena, eta horren gaineko bozketa egingo da; proposamen hori ukatzen bada, zein proposamenen izapidetza onartu eta horiek guztiok eztabaidatu eta bozkatuko dira, 121. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako hurrenkeraren arabera.
3. Epaiak oniritzia eman badio hitzarmen-edukiari buruzko lege-haustean edo hitzarmenaren betepenari buruzko ezintasun objektiboan oinarritutako aurkakotasunari, epaiak hitzarmena ukatu dela adieraziko du.
Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.
4. Epaileak, aurkakotasunaren izapideak onartzean eta gainerako alderdiak epatzean horiek erantzuna eman dezaten, beharrezkoak diren kautelaneurriak har ditzake, aurkakotasunaren izapidetzaren ondoriozko atzerapenak oztopa ez dezan onartutako hitzarmena etorkizunean betetzea, aurkakotasunari gaitziritzia eman bazaio.
Kautela-neurri horien artean, onartutako hitzarmena betetzen hastea erabaki dezake epaileak, zehaztutako behin-behineko baldintzen mende.
130. artikulua. Epailearen ebazpena, aurkakotasunik ez dagoenean
Aurkakotasun-epea halakorik gabe igaro ondoren, epaileak ebazpena emango du, batzak onartutako hitzarmena onetsiz, hurrengo artikuluan ezarritakoa izan ezik.
131. artikulua. Onartutako hitzarmena ofizioz ukatzea
1. Aurkakotasuna aurkeztu zein aurkeztu ez, epaileak ofizioz ukatuko du hartzekodunen behar besteko atxikipenak lortu duen hitzarmena, edo batzak onartutakoa, baldin eta antzeman badu lege honek hitzarmenaren edukiari, atxikipenen forma eta edukiari eta batza eratzeari edo egiteko moduari buruz ezarritako arauetatik edozein hautsi dela.
2. Antzemandako arau-hausteak zenbait atxikipenen forma eta edukia ukitzen baditu, epaileak, auto bidez, hilabeteko epea emango du atxikipenok egin daitezen legean ezarri betekizunekin eta bertan jarri moduan, eta, behin epe hori igarota, ebazpen egokia emango du.
3. Antzemandako arau-hausteak batzaren eraketa edo egitea ukitzen badu, epaileak autoa emango du beste batza baterako deialdia erabakiz, 129. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera.
132. artikulua. Onespen-epaiaren publizitatea
Hitzarmena onesten duen epaiari lege honetako 23 eta 24. artikuluetan ezarri publizitatea emango zaio.
133. artikulua. Hitzarmenaren eragingarritasunaren hasiera eta norainokoa
1. Hitzarmena erabat eragingarria izango da, hori onesten duen epaia ematen denetik, salbu eta, horren aurka errekurtsoa jarri ondoren, 197. artikuluaren 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera epaileak hartutako etete-erabakiaren ondorioek ukitzen dutenean hitzarmen hori.
2. Konkurtso-adierazpenaren ondoreak amaituko dira hitzarmena eragingarria denetik, eta, horien ordez, hitzarmenean bertan ezarritakoak jarriko dira, 42. artikuluan zordunarentzat ezarri eginbehar orokorrei kalterik egin gabe.
Taxu berean, konkurtsoko administratzaileek euren kargua utziko dute, hitzarmenak guztientzat edo batzuentzat ezarri ahal dituen eginkizunei eta VI. tituluko II. kapituluan ezarritakoari kalterik egin gabe, halakoak oso-osorik bete arte.
Kargua utzitakoan, konkurtso-administratzaileek euren jardunaren kontu-arrazoiak emango dizkiote konkurtsoko epaileari, horrek zehaztu epean.
3. Epaileak behin-behinean erabaki ahal izango du hitzarmenaren zatikako eragingarritasuna, 129.4 artikuluan zehaztutakoaren arabera; kasu horretan, ez da aplikatuko aurreko paragrafoa.
134. artikulua. Norainoko subjektiboa
1. Hitzarmenaren edukiak zorduna eta hartzekodun arruntak nahiz mendekoak lotuko ditu, konkurtso-adierazpenaren aurreko kredituei dagozkienez, nahiz eta kredituok aitortuak izan ez, edozein arrazoi dela bide.
Hitzarmenean hartzekodun arruntentzat ezarri kita eta itxaronaldi berberek ukituko dituzte mendeko hartzekodunak ere, baina itxaronaldi-epeak zenbatuko dira hitzarmena oso-osorik betetzen denetik, azken horiei begira.
Salbuetsita geratuko hartzekodunok duten ahalmena, ondokoa eskatzeko, 102. artikuluan ezarritakoaren arabera: kredituak akzio, partaidetza zein sozietate-kuotak edota partaidetza-kreditu bihurtzeko proposamen alternatiboak.
2. Hartzekodun pribilegiatuak hitzarmenaren edukiaren mende geratuko dira proposamenaren aldeko botoa ematen dutenean bakarrik edota euren sinadura nahiz proposamen-atxikipena aldeko boto moduan zenbatu denean.
Gainera, hartzekodunek jadanik onartutako edo epaileak onetsitako hitzarmenaren mende jarri ahal izango dira, horri atxikitzen bazaizkio hitzarmena betetzeko epai-adierazpenaren aurretik, eta kasu horretan, hitzarmenak ukituko ditu.
135. artikulua. Muga subjektiboak
1. Hitzarmenaren aldeko botoa eman ez duten hartzekodunak ez dira hitzarmen horren mende geratuko, hartzekodunok konkurtsopekoarekin dituzten betebehar solidarioei eta fidatzaileei edo abal-emaileei begira dituzten eskubideen iraupenari dagozkionez; horiek ezin izango dute aipatu hitzarmenaren onespena, ez horren ondorioak, haien kalterako.
2. Konkurtsopekoaren betebeharpeko solidario, fidatzaile edo abalemaileek hartzekodunen aurrean duten erantzukizuna arautuko da hartutako betebeharrari aplikatzeko moduko arauen bidez, edo horretarako eginiko hitzarmenen arabera, hartzekodun horiek hitzarmenaren aldeko botoa eman dutenean.
136. artikulua. Eragingarritasun nobatzailea
Hitzarmenaren aldeko botoa eman duten hartzekodun pribilegiatuen, hartzekodun arrunten eta mendekoen kredituak azkenduta geratuko dira kitak ukitutako zatian, horiek eskatzeko aukera geroratuko da itxaronaldiaren arabera, eta, orokorrean, hitzarmenaren edukiak eragina izango du euren gain.
137. artikulua. Hitzartutako konkurtsopekoaren ondare-ahalmenak
1. Hitzarmenean ezarri ahal izango dira zordunak dituen administrazioeta xedatze-ahalmenak egikaritzeko debekuedo muga-neurriak.
Horiek hausten badira, hitzarmenaren ez-betetzea sortuko da, eta hartzekodunetatik edozeinek eskatu ahal izango du epaileak hori adieraztea.
2. Debekueta muga-neurriak kasuan kasuko erregistro publikoan inskriba daitezke, eta, bereziki, neurri horiek ukitutako ondasun eta eskubideak zein erregistrotan inskribatuta egon eta halakoetan.
Inskripzioak ez du eragotziko aurkako egintzak erregistro publikoetara sartzea, baina, hala denean, ondasunen bat masara itzultzeko akzioa egikaritzen bada, horrek kalte egingo dio erregistroko edozein titularri.
138. artikulua. Informazioa
Sei hilik behin, hitzarmena onetsi duen epaiaren datatik zenbatuta, zordunak informazioa emango dio konkurtsoko epaileari, hitzarmenaren betepenari buruz.
139. artikulua. Betepena
1. Zordunak uste duenean hitzarmena oso-osorik bete duela, konkurtsoko epaileari kasuan kasuko txostena aurkeztuko dio justifikazio egokiarekin, eta betepenari buruzko epai-adierazpena eskatuko dio.
Epaileak erabakiko du txostena eta eskaria epaitegiko idazkaritzan agerian jartzea.
2. Agerian jartzen direnetik hamabost egun igarota, epailearen ustez hitzarmena bete bada, halaxe adieraziko du auto bidez, eta epaileak horri onespenaren publizitate bera emango dio.
140. artikulua. Ez-betetzea
1. Edozein hartzekodunek uste badu hitzarmena ez dela bete berari dagokion zatian, epaileari eska diezaioke ez-betetzearen adierazpena.
Akzioa egikari daiteke ez-betetzea gertatzen denetik, eta bi hilabeteko epean iraungiko da, aurreko artikuluan aipatu betepenautoaren azken argitalpenetik zenbatuta.
2. Epaileak eskariaren izapideak egingo ditu, konkurtso-intzidentearen bidetik.
3. Intzidentea ebazten duen epaiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da.
4. Hitzarmena ez betetzearen adierazpenak ekarriko du berori hutsaltzea eta kredituen gain 136. artikuluak aipatu ondoreak desagertzea.
141. artikulua. Konkurtsoa amaitzea hitzarmena betetzeagatik
Behin betepen-adierazpenaren autoa irmoa izanda, eta ez-betetzea adierazten duten akzioen iraungipen-epea igaro ondoren, edo, hala denean, egikaritu direnei epaileak emandako ebazpen irmoaren bidez uko egin ostean, epaileak konkurtsoa amaitzeko autoa emango du, eta horri emango zaio lege honetako 23 eta 24. artikuluetan ezarri publizitatea
142. artikulua. Likidazioa irekitzea, zordunak edo hartzekodunak hala eskatuta
1. Zordunak likidazioa eska dezake:
1.) Borondatezko konkurtsoa eskatzen duenean.
2.) Konkurtso-adierazpenaren autoa ematen denetik eta inbentarioa nahiz hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea azkendu arte, baldin eta aurkaratzerik aurkeztu ez bada, edo, halakoa aurkeztuz gero, agiri haien behin betiko testuak epaitegiko idazkaritzan agerian jarri arte, betiere eskaria egiteko unean zordunak hitzarmen-proposamenik aurkeztu ez badu, edota, aurretiazko proposamena aurkeztu arren, ez bada onartu horren izapidetza.
3.) Aurretiazko hitzarmen-proposamenari eusten ez dionean, 110. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.
4.) Hartzekodunek hitzarmen-proposamena 113. artikuluko 1. paragrafoaren arabera aurkeztu eta hurrengo bost egunetan, salbu eta zordunak berea aurkeztu duenean.
2. Inbentarioa nahiz hartzekodunen zerrenda aurkaratzeko epea azkendu eta hurrengo hamabost egunetan, baldin eta aurkaratzerik aurkeztu ez bada, edo, halakoa aurkeztuz gero, agiri haien behin betiko testuak epaitegiko idazkaritzan agerian jarri eta hurrengo hamabost egunetan, zordunak hala eskatu badu aurreko paragrafoa aintzat hartuta, epaileak autoa emango du konkurtsoaren fase erkidea amaituz, eta likidazio-fasea irekiz.
3. Zordunak likidazioa eskatu behar du, hitzarmena indarrean dagoen bitartean dakienean ezin izango direla bete konprometitutako ordainketak ezta hitzarmena onetsi ostean hartutako betebeharrak ere.
Eskaria aurkeztu ondoren, epaileak autoa emango du likidazio-fasea irekiz.
4. Zordunak ez badu eskatu likidazioa hitzarmena indarrean dagoen bitartean, hartzekodunetatik edozeinek eska dezake, lege honetako 2. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera konkurtso-adierazpena eskatzeko moduko egitateak daudela egiaztatuz.
Epaileak eskariaren izapideak egingo ditu, lege honetako 15 eta 19. artikuluetan ezarri moduan, eta auto bidez ebatziko du likidazioa irekitzea bidezkoa den edo ez.
143. artikulua. Likidazioa ofizioz irekitzea
1. Likidazio-fasea ofizioz irekiko da hurrengo kasuetan:
1.) 113. artikuluan aipatu hitzarmenproposamenetatik bat ere aurkeztu ez denean legeak ezarritako epean, edota onartu ez denean aurkeztu direnen izapideak egitea.
2.) Hartzekodunen batzan hitzarmenproposamenetatik bat ere onartu ez denean.
3.) Hartzekodunen batzan onartutako hitzarmena epailearen ebazpen irmoaren bidez ukatu denean, baldin eta ezinezkoa bada beste deialdi bat egitea.
4.) Epaileak onetsitako hitzarmenaren deuseztasuna ebazpen irmo baten bidez adierazi denean.
5.) Hitzarmenaren ez-betetzea epailearen ebazpen irmo baten bidez adierazi denean.
2. Aurreko paragrafoaren 1 eta 2 kasuetan, epaileak likidazio-fasea irekitzeko erabakia auto bidez hartuko du, beste inolako izapiderik gabe; auto hori konkurtsopekoari, konkurtso-administrazioari eta prozeduran bertaratutako alderdi guztiei jakinaraziko zaie.
Gainerako kasuetan, epaileak likidazio-fasea irekitzea erabakiko du, hori eragin duen ebazpenean.
144. artikulua. Likidazio-irekieraren publizitatea
Likidazio-fasearen irekiera adierazten duen ebazpenari lege honetako 23 eta 24. artikuluetan ezarri publizitatea emango zaio, irekiera hori zordunak zein hartzekodunak eskatuta edo ofizioz gertatuta ere.
145. artikulua. Konkurtsopekoaren gaineko ondoreak
1. Konkurtsopekoak likidazio-fasean etenda izango du ondarea administratu edo xedatzeko ahalmenen egikaritza, lege honetako III. tituluan horretarako ezarri ondore guztiekin.
Hitzarmenaren eragingarritasunaren ondorioz, eta 133. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoa kontuan izanda, konkurtsoko administratzaileek euren kargua utzi dutenean, epaileak, likidazioa irekitzeko erabakia hartuta, berriro ere euren karguetan jarriko ditu haiek, edo beste batzuk izendatuko ditu.
2. Konkurtsopekoa pertsona fisikoa bada, likidazioa irekitzeak ekarriko du mantenua masa aktiboaren kontura jasotzeko eskubidea azkentzea.
3. Konkurtsopekoa pertsona juridikoa bada, likidazio-fasea irekitzen duen ebazpenak desegite-adierazpena jasoko du, baldin eta hori ez badago erabakita, eta, edozein kasutan ere, administratzaileen edo likidatzaileen kargua uztea jasoko du; horien ordez konkurtso-administrazioa jarriko da, lege honetan ezarritakoaren arabera jarduteko.
146. artikulua. Konkurtso-kredituen gaineko ondoreak
1 Lege honetako III. tituluaren II. kapituluan ezarri ondoreez gain, likidazioaren irekierak ekarriko du konkurtso-kreditu geroratuon muga-eguna aurreratzea, bai eta beste prestazio batzuk diru bihurtzea ere.
147. artikulua. Ondore orokorrak. Barkamena
Likidazio-fasean lege honetako III. tituluan jasotako arauak aplikatuko dira, kapitulu honetako arau zehatzen kontrakoak ez diren neurrian.
148. artikulua. Likidazio-plana
1. Likidazio-fasea irekitzeko ebazpena konkurtso-administrazioari jakinarazi eta hurrengo hamabost egunetan, horrek plana aurkeztuko dio epaileari, konkurtsoko masa aktiboan jasotako ondasun eta eskubideak diru bihurtzeko; ahal izanez gero, plan horretan jaso behar da konkurtsopekoaren establezimendu, ustiategi edota ondasun zein zerbitzuen ekoizpen-unitate guztiak edo horietako batzuk batera eskualdatzea.
Konkurtsoaren konplexutasuna delamedio komenigarria izango balitz, epaileak, konkurtso-administrazioak hala eskatuta, epe hori luzatzeko erabakia hartu ahal izango luke, iraupen bera duen beste epealdi baterako.
Epaileak erabakiko du plana agerian jartzea epaitegiko idazkaritzan eta horretarako izendatu diren tokietan; epaileak bidezko deritzon moduan iragarriko da zeintzuk diren tokiok.
2. Likidazio-plana epaitegiko idazkaritzan agerian jarri eta hurrengo hamabost egunetan, zordunak eta konkurtsoko hartzekodunek oharrak nahiz aldaketa-proposamenak egin ditzakete.
Behin epe hori halakorik gabe igarota, epaileak, beste inolako izapiderik gabe, autoa emango du plana onetsiz, eta masa aktiboaren likidazio-eragiketek kontuan izan beharko dute plan hori.
Bestelako kasuan, konkurtso-administrazioak informazioa emango du, hamar eguneko epean, egindako ohar eta proposamenei buruz, eta, epaileak, konkurtsoaren interesei komeni zaiena kontuan hartuta, auto bidez ebatziko du plana onestea aurkeztu den bezala, proposamenen araberako aldaketak sartzea, edota likidazioa erabakitzea, ordezko lege-erregelen arabera.
Auto horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da.
3. Gisa berean, likidazio-plana langileen ordezkariek egindako txostenaren mende geratuko da, horiek ere oharrak eta aldaketa-proposamenak egin ditzaten, eta aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da, aipatu oharrak edo proposamenak egiten diren edo ez aintzat hartuta.
4. Likidazio-planean ezarri eragiketen ondorioz lan-kontratuak azkendu edo eteten badira, edo lan-baldintzak aldatzen badira, plana onetsi aurretik, lege honetako 64. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
149. artikulua. Ordezko lege-erregelak
1. Likidazio-plana ez bada onetsi, eta, hala denean, onespenak jaso ez duen zatiari dagokionez, likidazio-eragiketek hurrengo erregelak beteko dituzte:
1.) Zordunaren establezimendu edo ustiategien multzoa eta ondasun nahiz zerbitzuak ekoizteko beste unitate guztiak batera besterenduko dira, salbu eta, konkurtso-administrazioaren aurretiazko txostenaren arabera, epaileak uste duenean konkurtsoaren interesetarako komenigarriagoa dela horiek banatzea edota osagai guztiak zein batzuk bananduta diru bihurtzea.
Multzoa, edo, hala denean, ekoizpen-unitate bakoitza enkantearen bidez besterenduko da, eta hori ezerezean geratu bada, epaileak zuzeneko besterentzea egiteko erabakia hartu ahal izango du.
Epaileak halako ebazpenak emateko, aurretiaz langileen ordezkariak entzun behar ditu hamabost eguneko epean, eta 148. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoa bete behar du.
Ebazpenok autoak izango dira, eta horien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.
2.) Likidazio-eragiketen ondorioz lan-kontratuak azkendu edo eteten badira, edo lan-baldintzak aldatzen badira, lege honetako 64. artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.) 1. erregelan aipatu ondasunak eta konkurtsopekoaren gainerako ondasun eta eskubideak besterenduko dira, Prozedura Zibilaren Legean premiamendu-prozedurarako ezarri xedapenen arabera, ondasun eta eskubideon izaera kontuan izanda.
Pribilegio berezia duten kredituei lotutako ondasun eta eskubideen kasuan, 155. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoa beteko da.
Enpresa osoa edo horren ekoizpenunitate zehatz batzuk besterentzen badira, epe bat zehaztuko da enpresa erosteko eskaintzak aurkez daitezen, eta lehenespenez aitortuko dira enpresaren edo, hala denean, ekoizpen-unitateen eta lanpostuen jarraipena, eta hartzekodunen kredituen asetzerik onena bermatzen dituztenak ere.
Epaileak beti entzungo ditu langileen ordezkariak.
2. Aurreko paragrafoaren 1. erregelan aipatu besterentzearen ondorioz erakunde ekonomiko batek bere nortasunari eusten dionean, oinarrizko jarduera ekonomikoa edo jarduera ekonomiko osagarria gauzatzeko antolatzen diren baliabideen multzo gisa hartuta, lan-ondoreetarako ulertuko da enpresaren ondorengotza dagoela.
Kasu horretan, epaileak erabaki ahal izango du eskuratzailea ez subrogatzea Langileen Estatutuko 33. artikuluaren arabera Alokairuen Berme Funtsak hartutako besterentzea baino lehen ordaintzeko zeuden alokairu eta kalte-ordainen zenbatekoan.
Era berean, jardueraren etorkizuneko bideragarritasuna eta enpleguaren mantentzea ziurtatzeko, lagapen-hartzaileak eta langileen ordezkariek akordioak izenpetu ahal izango dituzte, lanaren baldintza kolektiboak aldatzeko.
150. artikulua. Ondasun eta eskubide auzigaiak
Ondasun eta eskubideen titulartasunari edo xedakortasunari begira auzia sustatu bada, ondasun zein eskubideok izaera horrekin besterendu ahal izango dira, eta eskuratzailea auziaren ondorioen mende geratuko da.
Konkurtso-administrazioak auziaren gaineko eskumena duen epaitegi edo auzitegiari komunikatuko dio besterentzea.
Komunikazio horrek prozesuko ondorengotza eragingo du zuzenbide osoz, baina kontrako alderdia ezin izango da horren aurka jarri, eta berdin da eskuratzailea bertaratzen ez bada ere.
151. artikulua. Masa aktiboko ondasun eta eskubideak eskuratzeko debekua
1. Konkurtsoko administratzaileek ezin izango dute eskuratu, ez zuzenean ez bitarteko pertsona baten bidez, masa aktiboa osatzen duten ondasun eta eskubideak, ezta enkante batean ere.
2. Eskuraketa-debekua hausten dutenak desgaituta geratuko dira euren karguan aritzeko, eta masara itzuli beharko dute, inolako kontraprestaziorik gabe, eskuratutako ondasun edo eskubidea; konkurtsoko administratzailea den hartzekodunak bere titulartasunpeko kreditua galduko du.
3. Aurreko paragrafoan aipatu desgaikuntza erabakitzeko autoak duen edukiaren berri emango zaio 198. artikuluan ezarri erregistro publikoari.
152. artikulua. Likidazioari buruzko txostenak
Likidazio-fasea irekitzen denetik hiru hilik behin, konkurtso-administrazioak eragiketen egoerari buruzko txostena aurkeztuko dio konkurtsoko epaileari epaitegiko idazkaritzan.
Betebehar horren ez-betetzeak ekar dezake lege honetako 36 eta 37. artikuluetan ezarri zehapenak aplikatzea.
153. artikulua. Konkurtsoko administratzaileak kargutik banantzea, likidazioa bidegabe luzatzeagatik
1. Urtebete igaro bada likidazio-fasea ireki zenetik hori amaitu gabe, interesdunetatik edozeinek konkurtsoko epaileari eska diezaioke konkurtsoko administratzaileak kargutik banandu eta beste berri batzuk izendatzea.
2. Konkurtsoko administratzaileak entzun ondoren, epaileak erabakiko du horiek kargutik kentzea, baldin eta ez badago atzerapena justifikatzen duen arrazoirik, eta horien ordezkoak izendatuko ditu.
3. Likidazioa bidegabe luzatzeagatik kargutik bananduak izan diren konkurtso-administratzaileek galduko dute sortutako ordainsariak jasotzeko eskubidea, eta masa aktibora itzuli beharko dituzte likidazio-fasea ireki zenetik ordainsari moduan jasotako zenbatekoak.
4. Aurreko paragrafoetan aipatu banantzea erabakitzeko autoak duen edukiaren berri emango zaio 198. artikuluan aipatu erregistro publikoari.
154. artikulua. Masaren aurkako kredituak ordaintzea
1. Konkurtso-kredituak ordaindu baino lehen, konkurtso-administrazioak masa aktibotik kenduko ditu masaren aurkako kredituak ordaintzeko behar diren ondasun eta eskubideak.
2. Masaren aurkako kredituak kasuan kasuko muga-egunean ordaindu behar dira euren izaera edozein izanda ere, eta konkurtsoaren egoera zein den kontuan hartu gabe.
84.2.1 artikuluko kredituak berehala ordainduko dira.
Kreditu horien kalifikazioaren edo ordainketaren inguruko akzioak konkurtsoko epailearen aurrean egikarituko dira konkurtso-intzidentearen izapideen bidez, baina horiek ordaintzeko exekuzioak ezin daitezke hasi hitzarmena onetsi arte, likidazioa ireki arte, edota konkurtso-adierazpenetik urtebete igaro arte, egintza horietatik bat ere ez denean gertatu.
3. Masaren aurkako kredituen ordainketa egiteko kenketak egin behar dira pribilegio berezidun kredituen ordainketari lotuta ez dauden ondasun eta eskubideen kontura.
Horiek ez badira behar bestekoak, lortutakoa masako hartzekodun guztien artean banatuko da, muga-egunen hurrenkeraren arabera.
155. artikulua. Pribilegio berezia duten kredituen ordainketa
1. Pribilegio berezia duten kredituen ordainketa egingo da lotutako ondasun eta eskubideen kontura, eta horiek bananduta zein taldeka exekuta daitezke.
2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, 56. artikuluaren 1. paragrafoan zehaztu epeak igarotzen ez diren bitartean, edo, artikulu beraren 2. paragrafoaren arabera, konkurtso-adierazpenaren aurretik hasitako exekuzioaren etendurak dirauen bitartean, konkurtso-administrazioak pribilegio berezia duten titular horiei komunikatu ahal die kredituok masaren kontura ordaintzea erabaki duela, ondasun eta eskubide ukituak diru bihurtu gabe.
Aukera hori komunikatu ondoren, konkurtso-administrazioak berehala ordaindu behar ditu muga-eguneratutako amortizazio-epeak eta korrituak, eta ondorengoak masaren aurkako kreditu gisa hartu beharko ditu.
Ez-betetze kasuetan, ondasun eta eskubide ukituak diru bihurtuko dira, pribilegio berezia duten kredituak ordaintzeko.
3. Konkurtsoaren barruan, baina likidazio-fasea baino lehen, pribilegio berezia duten kredituei lotutako ondasun eta eskubideak besterendu behar direnean, epaileak hori baimendu ahal izango du, konkurtso-administrazioak hala eskatuta eta aurretiaz interesdunak entzunda; halakoetan, kargak iraungo du, eskuratzailea subrogatuko da zordunaren betebeharrean, eta betebehar hori masa pasibotik kanpo geratuko da.
Besterentzea baimentzen ez bada baldintza horietan, lortutako prezioa erabiliko da pribilegio berezia duen kreditua ordaintzeko, eta, soberakina geratzen bada, gainerako kredituak ordainduko dira.
Ondasun edo eskubide berbera lotzen bazaie pribilegio berezia duen kreditu bati baino gehiagori, kontuan hartuko dira horien legeria berezian ezarri betekizun eta formalitateak kredituok hirugarrenen aurka jartzeko modukoak izan daitezen, eta betekizunok ondorioztatutako lehentasunaren arabera egingo dira ordainketak.
Legezko hipoteka isilbidezkoa duten kredituen ordainketa egiteko, hipoteka horren arauketak ezarritako lehentasuna aplikatuko da.
4. Konkurtsoaren edozein egoeratan pribilegio berezia duten kredituei lotutako ondasun eta eskubideak diru bihurtzeko, enkantea erabiliko da, salbu eta,
konkurtso-administrazioak hala eskatuta, eta konkurtsopekoa nahiz pribilegioaren hartzekodun titularra entzun ondoren, epaileak zuzeneko salmenta egiteko baimena ematen dionean itundutako gutxieneko prezioa baino handiagoko eskura ordaintzea eskaintzen duenari.
Epailearen baimena eta horren baldintzak iragartzeko, ondasun eta eskubide ukituaren enkanteari emandako publizitatea bera egingo da, eta, azken iragarkitik hamar eguneko epean eskaintzaile hobea agertzen bada, epaileak lizitazioa irekiko du eskaintzaile guztien artean eta horiek eman beharreko fidantza zehaztuko du.
156. artikulua. Pribilegio orokorra duten kredituen ordainketa
Masaren aurkako kredituak pribilegio bereziari lotu gabeko ondasunen kontura edo kredituok ordaindutakoan geratzen den soberakinaren kontura ordaintzeko ondasun eta eskubideak masa aktibotik kendu direnean, pribilegio orokorreko kredituak ordainduko dira, 91. artikuluan ezarri hurrenkerarekin, eta, hala denean, zenbaki bakoitzaren barruan lainean.
157. artikulua. Kreditu arruntak ordaintzea
1. Kreditu arruntak ordainduko dira masaren kontrako kredituak eta pribilegiatuak ordaindu ondoren, masa aktiboan geratzen diren ondasun eta eskubideen kontura.
Salbuespeneko kasuetan eta konkurtso-administrazioak hala eskatuta, epaileak arrazoiak azalduz baimen dezake kreditu arruntak aurretiaz ordaintzea, beraren ustez behar bezala ziurtatu bada masaren kontrako kredituen eta kreditu pribilegiatuen ordainketa.
2. Kreditu arruntak lainean ordainduko dira, pribilegio berezia duten kredituekin batera, horiek ondasun eta eskubide ukituen kontura ordaindu ez diren zatian.
3. Konkurtso-administrazioak kredituok ordainduko ditu masa aktiboaren likidezia aintzat hartuta, eta kreditu bakoitzaren balio izendatuaren ehuneko bosta baino txikiagoko zenbatekoa duten kuotak eman ahal izango ditu.
158. artikulua. Mendeko kredituak ordaintzea
1. Mendeko kredituak ez dira ordainduko, kreditu arruntak oso-osorik ordaindu arte.
2. Kreditu horien ordainketa 92. artikuluan ezarri hurrenkeraren arabera egingo da, eta, hala denean, zenbaki bakoitzaren barruan lainean.
159. artikulua. Aurretiazko ordainketa
Kreditua ordaintzen bada likidazioa irekitzean duen muga-eguna baino lehen, kasuan kasuko deskontua aplikatuko da, legezko korritu-tasaren arabera kalkulatuta.
160. artikulua. Hartzekodunak duen eskubidea, zordun solidarioaren kuotari begira
Hartzekodunak konkurtso-adierazpenaren aurretik kobratu badu bere kredituaren zati bat fidatzaile, abal-emaile edo zordun solidarioarengandik, zordunaren konkurtsoan jaso ditzake horiei dagozkien ordainketak, bere kredituaren ondorioz jasotakoarekin batera, horren zenbateko osoa estali arte.
161. artikulua. Zordun solidarioen konkurtso bi edo gehiagotan aitortutako kredituaren ordainketa
1. Kreditua aitortu bada zordun solidarioen bi konkurtsotan edo gehiagotan, konkurtso guztietan jasotakoaren baturak ezin gaindi dezake kredituaren zenbatekoa.
2. Konkurtso-administrazioak ordainketa atxiki dezake hartzekodunak gainerako zordun solidarioen konkurtsoetan jasotakoa egiaztatzeko ziurtagiria aurkeztu arte.
Behin ordainketa eginda, horren berri emango die gainerako konkurtsoetako administratzaileei.
3. Konkurtsopeko zordun solidarioak zatika ordaindu dionean hartzekodunari ezin dezake ordainketarik lortu zordunkideen konkurtsoetan, hartzekodun horri dena ordaindu arte.
162. artikulua. Hitzarmen-fasean aurretiaz eginiko ordainketak koordinatzea
1. Likidazioaren aurretik hitzarmena zati batean bete bada, uste izango da bertan egindako ordainketak legitimoak direla, salbu eta frogatzen denean iruzurra egon dela, hitzarmena hautsi dela edota hartzekodunei eman beharreko tratu-berdintasuna aldatu dela.
2. Zatikako ordainketak jaso dituztenek euren eskuetan atxiki ditzakete ordainketok, ezeztapen-epai irmoak horien legitimitate-presuntzioa hutsaltzen ez duen bitartean, baina ezin izango dute parte hartu likidazio-eragiketen ondoriozko kobrantzetan, sailkapen bereko gainerako hartzekodunek pareko ordainketak jaso arte.
163. artikulua. Konkurtsoa kalifikatu eta seigarren atala eratzea
1. Konkurtsoa kalifikatzeko atala eratu behar da:
1.) Epaileak hitzarmena onesten duenean, baldin eta hitzarmen horretan kredituen herenetik gorako kita edo hiru urtetik gorako itxaronaldia ezarri bada hartzekodun guztientzat edo mota batekoentzat nahiz batzuetakoentzat.
2.) Likidazio-fasea irekitzeko kasu guztietan.
2. Konkurtsoa ezusteko edo erruduntzat joko da.
Zigor-jurisdikzioko epaile eta auzitegiek, hala denean, zordunaren jarduna aztertzen dutenean hori delitu izan daitekeelako, kalifikazioak ez ditu epaile eta auzitegiak lotuko.
164. artikulua. Konkurtso erruduna
1. Konkurtsoa erruduntzat joko da, zordunak, edo, halakoak izanez gero, beraien legezko ordezkariek doloz edo erru larriz eragin edo areagotu dutenean kaudimengabezia, eta, pertsona juridikoen kasuan, horien zuzenbideko edo egitezko administratzaile edo likidatzaileek jardun dutenean horrela.
2. Edozein kasutan ere, konkurtsoa erruduntzat joko da hurrengo kasuetatik edozein gertatzen denean:
1.) Kontabilitatea eramateko legebetebeharra duen zordunak betebehar hori funtsean betetzen ez duenean, kontabilitate bikoitza daramanean edo bere ondareedo finantza-egoera ulertzeko irregulartasun garrantzitsua gauzatu duenean.
2.) Zordunak zehaztugabetasun larria egin duenean konkurtso-adierazpenaren eskariarekin batera aurkeztutako agirietatik edozeinetan edo prozeduraren izapideak egin bitartean aurkeztu direnetan, edo agiri faltsuak aurkeztu dituenean.
3.) Likidazioa irekitzea ofizioz erabaki denean, hitzarmena ez betetzeagatik konkurtsopekoari egotz dakiokeen arrazoiaren ondorioz.
4.) Zordunak bere ondasun guztiak edo batzuk ostendu dituenean hartzekodunen kalterako, edo edozein egintza gauzatu duenean, has daitekeen exekuzioan enbargoaren eragingarritasuna atzeratu, zaildu edo eragozteko.
5.) Konkurtso-adierazpenaren aurreko bi urteetan, zordunaren ondaretik ondasunak edo eskubideak atera direnean iruzurraren bidez.
6.) Konkurtso-adierazpena egin aurretik zordunak edozein egintza juridiko gauzatu duenean, gezurrezko ondare-egoera simulatzeko.
3. Konkurtsoa kalifikatzen duen epaiaren edukiaren berri emango zaio, 198. artikuluan aipatu erregistro publikoari.
165. artikulua. Doloaren edo erru larriaren presuntzioak
Aurkako frogarik izan ezean, uste izango da doloa edo erru larria dagoela, zordunak, edo, hala denean, bere legezko ordezkariek, administratzaileek edo likidatzaileek:
1.) Konkurtso-adierazpena eskatzeko eginbeharra bete ez dutenean.
2.) Konkurtsoko epailearekin eta konkurtso-administrazioarekin lankidetzan jarduteko eginbeharra bete ez dutenean, konkurtsoaren intereserako beharrezko informazioa edo informazio egokia eman ez dietenean edota hartzekodunen batzara joan ez direnean zuzenean edo ahaldunaren bidez.
3.) Kontabilitatea eramateko legebetebeharra duen zordunak urteko kontuak egin ez baditu, auditoretzapean jarri ez baditu, hori egiteko betebeharra izan arren, edo, behin kontuak onetsita, konkurtso-adierazpena egin baino lehenagoko azken hiru ekitaldietan Merkataritzako Erregistroan gordailutu ez baditu.
166. artikulua. Sopikunak
Sopikunak direla ulertuko da, zordunarekin, edo, halakoak izanez gero, beraren legezko ordezkariekin eta, pertsona juridikoaren kasuan, zuzenbideko edo egitezko administratzaile nahiz likidatzaileekin edota ahaldun orokorrekin lankidetzan aritu diren pertsonak, konkurtsoa erruduntzat kalifikatzeko oinarri izan den edozein egintza gauzatzeko.
167. artikulua. Epailearen ebazpena
1. 163. artikuluko 1. paragrafoaren 1. zenbakian ezarri edukia jasotzen duen hitzarmena onesteko, edo 163. artikuluko 1. paragrafoaren 2. zenbakian aipatu likidazioa erabakitzeko, epaileak eman duen ebazpenean aginduko da seigarren atala eratzea.
Atalaren goiburuan ebazpen horren lekukotza agertuko da, eta bertan lekukotzak jasoko dira konkurtso-adierazpenaren eskariari buruz, eta zordunak eskariarekin batera edo epailearen aginduz aurkeztutako agiriei eta konkurtsoadierazpenaren autoari buruz.
2. Kalifikazioaren atala eratu denean 163. artikuluko 1. paragrafoaren 1. zenbakian ezarri edukia duen hitzarmena onestearen ondorioz, eta, gero, hitzarmen hori ez denean betetzen, jarraian azaldu moduan jardungo da, ez-betetzearen arrazoiak eta sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko:
1.) Artxibatze-autoa edo kalifikazioepaia eman bada, epaileak hitzarmena ez betetzearen ondorioz likidazioa irekitzea erabakitzen duen ebazpenean aginduko du atala berriro irekitzea, eta bertan jasoko dira aurreko jarduna eta ebazpena.
2.) Bestelako kasuan, epailearen ebazpen horrek aginduko du pieza banandua eratzea, irekita dagoen kalifikazioaren atalean, horren izapideak modu autonomoan eta, ahal den neurrian, kapitulu honetan ezarri arauak aintzat hartuta egin daitezen.
168. artikulua. Interesdunak bertaratzea
1. Lege honetan ezarritakoaren arabera, epaileak hitzarmena onetsi, edo, hala denean, likidazioa irekitzeko eman duen ebazpenaren azken publizitatea agertu eta hurrengo hamar egunetan, hartzekodunetatik edo zuzenbidearen araberako interesa egiaztatzen dituen pertsonetatik edozein bertaratu ahal da atalera, idatziz alega dezan konkurtsoa erruduntzat kalifikatzeko garrantzitsu deritzona.
2. Aurreko artikuluaren 2. paragrafoan aipatu kasuetan, interesdunak epe berean bertaratu ahal izango dira atalera edo pieza banandura, epaileak likidazioa irekitzeko emandako ebazpenaren azken publizitatetik zenbatuta; hala ere, horren idazkiak bakarrik zehaztuko du konkurtsoa erruduntzat jo daitekeen edo ez, hitzarmena ez betetzeagatik konkurtsopekoari egotz dakiokeen arrazoiaren ondorioz.
169. artikulua. Konkurtso-administrazioaren txostena eta Fiskaltzaren irizpena
1. Interesdunak bertaratzeko epemuga amaitu eta hurrengo hamabost egunetan, konkurtso-administrazioak epaileari aurkeztuko dizkio konkurtsoa kalifikatzeko garrantzitsuak diren egitateei buruzko txosten arrazoitua eta agiriak, ebazpen-proposamenarekin batera.
Konkurtsoa erruduntzat kalifikatzeko proposatzen badu, txostenak zehaztuko du kalifikazioak ukituko dituen pertsonen eta sopikuntzat jotakoen nortasuna, horren arrazoia justifikatuz, bai eta pertsona horiek eragindako kalte-galerak ere.
2. Konkurtso-administrazioaren txostena bildu ondoren, seigarren atalaren edukia Fiskaltzari helaraziko zaio, horrek irizpena eman dezan hamar eguneko epean.
Inguruabarrak kontuan izanda, epaileak epe hori gehienez hamar egunetan luzatzea erabaki dezake.
Fiskaltzak irizpena ematen ez badu epe horretan, prozesuak aurrera egingo du, eta ulertuko da Fiskaltza ez dela jarri kalifikazio-proposamenaren aurka.
3. 167. artikuluaren 2. paragrafoan aipatu kasuetan, konkurtso-administrazioaren txostenak, eta, hala denean, Fiskaltzaren irizpenak ez-betetzearen arrazoiak bakarrik zehaztuko dituzte, bai eta konkurtsoa errunduntzat jo behar den ere.
170. artikulua. Atalaren izapideak egitea
1. Konkurtso-administrazioaren txostenak eta, hala denean, Fiskaltzak emandako irizpenak bat badatoz konkurtsoa ezustekotzat kalifikatzean, epaileak, beste inolako izapiderik gabe, jarduna artxibatzeko agindua emango du auto bidez, eta horren aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.
2. Bestelako kasuan, epaileak zorduna entzungo du hamar eguneko epean, eta egindako jardunaren ondorioz konkurtsoaren kalifikazioak uki ditzakeen pertsona guztiak eta sopikuntzat jo direnak epatzea aginduko du, atalera bost eguneko epean ager daitezen, aurretik agertu ez badira.
3. Epean agertzen direnentzat, atalaren edukia ikusgai jarriko da hurrengo hamar egunetan, euren eskubideari komeni zaiona alega dezaten.
Epea muga-eguneratu ostean agertzen badira, alderdi gisa hartuko dira, jardunean atzera egin gabe.
Ez badira agertzen, auzi-ihesean daudela adieraziko da, eta jardunak aurrera egingo du horiei zitazioa berriro egin gabe.
171. artikulua. Kalifikazioari begira eratutako aurkakotasuna
1. Zordunak edo agertu direnetatik edozeinek aurkakotasuna eratzen badu, epaileak konkurtso-intzidenteen izapideen bidez gauzatuko du aurkakotasun hori.
Zenbait aurkakotasun badaude, batera gauzatuko dira intzidente berean.
2. Aurkakotasunik eratu ez bada, epaileak epaia emango du bost eguneko epean.
172. artikulua. Kalifikazio-epaia
1. Epaiak konkurtsoa ezustekoa edo erruduna dela adieraziko du.
Erruduntzat jotzen badu, kalifikazio horren oinarri den arrazoia edo arrazoiak adieraziko ditu.
2. Konkurtsoa erruduntzat kalifikatzen duen epaiak, aurrekoez gain, aipamen hauek jasoko ditu:
1.) Kalifikazioak ukitutako pertsonen, bai eta, hala denean, sopikuntzat jotakoen zehaztapena.
Pertsonaren bat ukitu bada zordun den pertsona juridikoaren egitezko administratzaile edo likidatzaile moduan, epaiak arrazoitu behar du kalifikazio horren zergatia.
2.) Kalifikazioak ukitutako pertsonen desgaikuntza, bi urtetik hamabost urtera inoren ondasunak administratzeko edo epe berean edozein pertsona ordezkatu nahiz administratzeko; betiere, aintzat hartuko dira egitateen larritasuna eta kaltearen garrantzia.
3.) Kalifikazioak ukitutako pertsonek edo sopikuntzat jotakoek konkurtsoko edo masaren hartzekodun gisa duten eskubideren galera, eta zordunaren ondaretik edo masa aktibotik bidegabe jasotako ondasun edo eskubideak itzultzeko kondena, bai eta eragindako kalte-galerak ordaintzeko kondena ere.
3. Kalifikazioaren atala likidaziofasea irekitzearen ondorioz eratu edo berriro ireki bada, epaiak, gainera, erruduntzat jotako pertsona juridikoaren zuzenbideko edo egitezko administratzaile edo likidatzaileei eta konkurtsoadierazpena egin aurreko bi urteetan izaera hori izan dutenei kondena ezarri ahal die, konkurtsoko hartzekodunei masa aktiboaren likidazioan jasotzen ez dituzten kredituen zenbateko osoa edo zati bat ordaintzeko.
4. Kalifikazioaren atalean alderdi izan direnek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete epaiaren aurka.
173. artikulua. Desgaituak ordeztea
Konkurtsopeko pertsona juridikoaren administratzaile eta likidatzaile desgaituek euren kargua utziko dute.
Horren ondorioz, administrazioedo likidazioorganoaren jardunbidea oztopatzen bada, konkurtso-administrazioak bazkideen batza edo biltzarrerako deialdia egingo du, desgaituen lanpostu hutsak bete beharreko pertsonak izendatzeko.
174. artikulua. Kalifikazioaren atala eratzea
1. Erakunde bat desegin eta likidatzeko administrazio-neurriak hartu eta konkurtsoa adierazteko aukera baztertzen denean, neurriok hartzea erabaki duen agintari gainbegiraleak berehala komunikatuko dio ebazpena erakunde horren konkurtsoa adierazteko eskuduna den epaileari.
2. Komunikazioa jaso ondoren, eta administrazio-ebazpena irmoa izan ez arren, epaileak, ofizioz edo Fiskaltzak zein administrazio-agintariak hala eskatuta, autoa emango du kalifikazioaren atal autonomoa eratzea erabakiz, betiere aurretiaz konkurtso-adierazpenik egin gabe.
Autoari emango zaio lege honetan likidazioa irekitzeko ebazpenari begira ezarri publizitatea.
175. artikulua. Izapidetzaren berezitasunak
1. Atalaren goiburuan neurriak hartzea erabaki duen administrazio-ebazpena jarriko da.
2. Interesdunak agertzeko epea 15 egunekoa izango da, aurreko artikuluan ezarri azken publizitatetik zenbatuta.
3. Kalifikazioari buruzko txostena emango du esku-sartze neurria erabaki duen agintari gainbegiraleak.
176. artikulua. Konkurtsoa amaitzeko arrazoiak
1. Konkurtsoa amaituko da eta jarduna artxibatuko da hurrengo kasuetan:
1.) Probintziako Audientziak auto bidez ezeztatzen duenean konkurtsoa adierazteko autoaren kontrako gora-jotzea, eta auto hori irmo bihurtzen denean.
2.) Hitzarmenaren betepena adierazten duen autoa irmoa denean, eta, hala denean, ez-betetzea adierazten duten akzioak epai irmoaren bidez iraungi edo ukatzen direnean.
3.) Prozeduraren edozein egoeratan, aitortutako kreditu guztien ordainketa edo zainpean uztea gertatu edo egiaztatzen denean, edota hartzekodunei beste edozein bidetatik ordaintzen zaienean dena.
4.) Prozeduraren edozein egoeratan, egiaztatzen denean konkurtsopekoak edo erantzukizuna duten hirugarrenek ez dutela ondasun eta eskubide nahikorik hartzekodunei ordaintzeko.
5.) Prozeduraren edozein egoeratan, behin konkurtsoaren fase erkidea amaituta, aitortutako hartzekodun guztien atzera-egitea edo ukapena onartzen duen ebazpena irmoa denean.
2. Aurreko paragrafoaren azken hiru kasuetan, amaiera auto bidez eta konkurtso-administrazioaren aurretiazko txostenarekin erabakiko da, eta hori agerian jarriko dira 15 eguneko epean, bertaratutako alderdi guztiek ikus ditzaten.
3. Ezin daiteke amaiera-autorik eman ondasun eta eskubiderik ez izatearen ondorioz, kalifikazio-atalaren izapideak egin bitartean edo masa aktibora itzultzeko demandak zein hirugarrenei erantzukizuna eskatzeko demandak ebazteke dauden bitartean, salbu eta kasuan kasuko akzioak laga direnean.
4. Konkurtso-administrazioaren txostena konkurtsoa ondasun eta eskubiderik ez izatearen ondorioz amaitzearen aldekoa denean, txosten horrek baieztatu behar du, baita aitzakiarik gabe arrazoitu ere, ez dagoela bidezko akziorik, masa aktibora itzulketak egiteko, ez hirugarrenei erantzukizuna eskatzeko.
Bertaratutako gainerako alderdiek gorabehera horri buruzko adierazpena egingo dute entzunaldiaren izapidetzan, eta, epaileak, hori guztia begi-bistan izanda, bidezkoa den erabakia hartuko du.
5. Alderdiei emandako entzunaldiepean aurkakotasuna eratzen bada konkurtso-amaierari buruz, epaileak konkurtso-intzidentearen izapidetza emango dio.
177. artikulua. Errekurtsoak eta publizitatea
1. Konkurtso-amaiera erabakitzen duen autoaren aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.
2. Konkurtsoaren amaierari buruzko aurkakotasuna ebazten duen epaiaren aurka, lege honetan konkurtso-intzidenteetan emandako epaietarako ezarri errekurtsoak jarri ahal izango dira.
3. Konkurtsoaren amaiera erabakitzen duen ebazpen irmoa jakinaraziko da, jaso izana egiaztatzen duen komunikazio pertsonalaren bidez edo lege honetako 23.1 artikuluaren lehenengo paragrafoan aipatu bideetatik, eta manu horren bigarren paragrafoko eta 24. artikuluko publizitatea emango zaio ebazpen horri.
178. artikulua. Konkurtso-amaieraren ondoreak
1. Konkurtso-amaieraren kasu guztietan, zordunek dituzten administratzeeta xedatze-ahalmenei ezarritako mugak amaituko dira, kalifikazioaren epai irmoan jasotakoak izan ezik.
2. Konkurtsoa amaitu denean ondasun eta eskubiderik ez izatearen ondorioz, zordunak gainerako kredituak ordaintzeko erantzukizuna izango du.
Hartzekodunek exekuzio bereziak egin ahal izango dituzte, konkurtsoa berriro irekitzeko erabakia hartu edo konkurtso berria adierazten ez den bitartean.
3. Konkurtsoa amaitu denean pertsona juridiko zordunak ondasun edo eskubideak ez izatearen ondorioz, hori adierazten duen ebazpenak konkurtsoa azkentzea erabakiko du eta aginduko du inskripzio-orria ixtea kasuan kasuko erregistro publikoetan; horretarako, ebazpen irmoaren lekukotza jaso duen manamendua luzatuko da.
179. artikulua. Konkurtsoa berriro irekitzea
1. Pertsona fisikoa den zordunak ondasun eta eskubiderik ez izatearen ondorioz konkurtsoa amaitu eta hurrengo bost urteetan beste bat adierazi denean, ulertuko da hori berriro ireki dela.
Epaile eskudunak inguruabar horren berri duenetik erabakiko du gauzatzen ari den prozeduran sartzea aurretik egindako jardun osoa.
2. Pertsona juridiko zordunaren konkurtsoa amaitu denean ondasun eta eskubiderik ez izatearen ondorioz eta berriro irekitzen denean, haren gaineko eskumena izan zuen epaitegiak adieraziko du irekitze hori, horren izapideak prozedura berean egingo dira, eta gero agertutako ondasun eta eskubideen likidazio-fasea baino ez da egingo.
Berriro irekitze horri emango zaio 23 eta 24. artikuluetan jasotako publizitatea.
180. artikulua. Inbentarioa eta hartzekodunen zerrenda, konkurtsoa berriro irekitzen denean
1. Konkurtso-administrazioak eguneratu beharko ditu aurreko prozeduran eratutako inbentario eta hartzekodunen zerrendari buruzko behin betiko testuak bi hilabeteko epean, jardun hura konkurtso berrian jaso denetik zenbatuta.
Inbentarioari dagokionez, eguneratze horretan zerrendatik ezabatuko dira zordunaren ondaretik atera diren ondasun eta eskubideak, irauten dutenen balorazioa zuzenduko da, eta gero agertu direnak sartu eta baloratuko dira; hartzekodunen zerrendari begira, irauten duten kredituen egungo zenbatekoa eta geroratutako gainerako aldaketak aipatu ez ezik, geroko hartzekodunak ere zerrendan sartuko dira.
2. Eguneratze hori lege honetako IV. tituluaren II eta III. kapituluetan xedatutakoaren arabera egin eta onetsiko da.
Konkurtso-administrazioaren txosten berriaren eta eguneratutako agirien publizitatea eta horien aurkaratzea arautuko dira IV. tituluko IV. kapituluan xedatutakoaren arabera; hala ere, epaileak ofizioz eta ostean inolako errekurtsorik gabe ukatuko ditu eguneratzearen xede diren arazoak zehazki aipatzen ez dituzten uziak.
181. artikulua. Kontu-arrazoiak ematea
1. Emandako administrazio-ahalmenen erabilera behar bezala justifikatzeko, kontu-arrazoi osoa jasoko da konkurtsoa amaitzeko autoaren aurretik konkurtso-administrazioak emandako txosten guztietan.
Modu berean, eragiketen emaitzari eta azken saldoari buruzko informazioa emango da, eta eragiketok onestea eskatuko da.
2. Zordunak zein hartzekodunek kontuen onespenari begira aurkakotasun arrazoitua eratu ahal izango dute, 176. artikuluaren 2. paragrafoan aipatu 15 eguneko epean.
3. Aurkakotasunik eratzen ez bada, epaileak adieraziko du eragiketak onetsi direla konkurtsoa amaitzeko autoan.
Aurkakotasuna eratu bada, horren izapideak konkurtso-intzidentearen bidez egingo ditu, eta aurretiaz ebatziko du epaian; konkurtso-amaierari buruzko ebazpena ere emango du epai horretan.
Kontuen onespenari eta konkurtsoamaierari begira aurkakotasuna eratu bada, bi-biak gauzatuko dira intzidente berean eta epai berean ebatziko dira, horren lekukotza bigarren atalera eramateari kalterik egin gabe.
4. Kontuak onesteak edo gaitzesteak ez du aurretik epaitzen konkurtsoko administratzaileen erantzukizun-akzioa bidezkoa den edo ez, baina onesten ez badira, administratzaileok desgaituta geratuko dira epaileak epaian zehaztu epealdian beste konkurtso batzuetan administratzaile izateko, eta epealdi hori ezin izan daiteke sei hilabetetik beherakoa ez bi urtetik gorakoa ere.
182. artikulua. Konkurtsopekoaren heriotza
1. Konkurtsopekoaren heriotza edo heriotza-adierazpena ez da izango konkurtsoa amaitzeko arrazoia, eta horren izapidetza jarauntsiaren konkurtso gisa egingo da; halakoetan, konkurtso-administrazioari dagokio jarauntsiko ondasunen gaineko administratzeeta xedatze-ahalmenen egikaritza.
2. Zuzenbidearen arabera jarauntsiaren ordezkaritza noren ardura izan eta horrek ordezkatuko du jarauntsia prozeduran ere, edota, hala denean, jaraunsleek izendatutako pertsonak.
3. Jarauntsia ez da zatituko konkurtsoaren izapidetza egin bitartean.
183. artikulua. Atalak
Konkurtso-prozedurak hurrengo atalak izango ditu, eta bakoitzeko jarduna antolatuko da beharrezkoak edo komenigarriak diren pieza bananduetan:
1.) Lehenengo atalean jasoko da konkurtso-adierazpenarekin, kautelaneurriekin, fase erkidearen azken ebazpenarekin, konkurtsoaren amaierarekin, eta, hala denean, konkurtso hori berriro irekitzearekin zerikusia duen guztia.
2.) Bigarren atalean jasoko da konkurtsoaren konkurtso-administrazioarekin, konkurtsoko administratzaileen izendapen eta estatutuarekin, horien ahalmenen eta egikaritzaren zehaztapenarekin, kontu-arrazoiak ematearekin, eta, hala denean, konkurtsoko administratzaileen erantzukizunarekin zerikusia duen guztia.
3.) Hirugarren atalean jasoko da masa aktiboaren zehaztapenarekin, itzulketaeta urripen-akzioen erabaki eta exekuzioarekin, masa aktiboko ondasun eta eskubideak diru bihurtzearekin, hartzekodunei ordaintzearekin eta masako zorrekin zerikusia duena.
4.) Laugarren atalean jasoko da masa pasiboaren zehaztapenarekin eta kredituak komunikatu, aitortu, mailakatu eta sailkatzearekin zerikusia duena.
Atal honetan pieza bananduan jasoko dira, berebat, zordunaren aurkako epaiketa adierazleak, baldin eta konkurtsora pilatu badira, eta konkurtsopekoaren kontra hasi edo jarraitzen diren exekuzioak.
5.) Bosgarren atalean jasoko da hitzarmenarekin, edo, hala denean, likidazioarekin zerikusia duena.
6.) Seigarren atalean jasoko da konkurtsoaren kalifikazioarekin eta horren ondoreekin zerikusia duena.
184. artikulua. Prozesuko ordezkaritza eta defentsa.
Zorduna epatzea eta horren egoitza non dagoen ikertzea
1. Atal guztietan alderditzat joko dira zorduna eta konkurtsoko administratzaileak, behar bezala agertu ez arren.
Alokairuen Berme Funtsari zitazioa egin behar zaio alderdi gisa, prozesuaren ondorioz langileen alokairuak eta kalte-ordainak ordaintzeko erantzukizuna sortu ahal denean berarentzat.
Seigarren atalean, Fiskaltza ere alderdi izango da.
2. Betiere, prokuradoreak ordezkatuta eta abokatuak lagunduta jardungo du zordunak, artikulu honetako 6. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe.
3. Konkurtso-adierazpena eskatu, prozedurara agertu, errekurtsoak jarri, intzidenteak azaldu edo administrazioegintzak aurkaratzeko, hartzekodunek eta legitimazioa duten gainerakoek prokuradoreak ordezkatuta eta abokatuak lagunduta jardungo dute.
Behar bezala agertzeko beharrizanik izan gabe, hala denean, kredituak komunikatu eta alegazioak egin ahal izango dituzte, bai eta batzara agertu eta parte hartu ere.
4. Konkurtsoan interes legitimoa duen beste edozein agertu ahal izango da, baldin eta prokuradoreak ordezkatzen baditu eta abokatuak laguntzen badiete.
5. Konkurtsoko administratzaileak beti entzungo dira formazko agerraldia egiteko beharrizanik gabe, baina errekurtsoetan edo intzidenteetan parte hartzen dutenean, abokatuak lagundu beharko die.
Erregela orokor gisa, ulertuko da errekurtso horien zuzendaritza teknikoa konkurtso-administrazioko kide den abokatuaren eginkizunetan sartzen dela.
6. Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo langileak ordezkatu eta defendatzearen inguruan Lan Prozeduraren Legean ezarritakoari, gizarte-gradudunei eta sindikatuei eratxikitako ahalmenak barne, ezta herri administrazioak defendatzearen inguruan prozesu-arau berezietan ezarritakoari ere.
7. Zordunaren egoitza ezezaguna bada edo epatzearen emaitza negatiboa izan bada, epaileak, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, Prozedura Zibilaren Legeko 156. artikuluan ezarri ikerketak egin ahal izango ditu.
Zorduna pertsona fisikoa izanik hil egin bada, Prozedura Zibilaren Legean oinordetzari buruz ezarritako arauak aplikatuko dira.
Pertsona juridikoa izanik, bera non dagoen jakiterik ez badago, epailea erregistro publikoetara joan ahal izango da, erakundeko administratzaileak edo ahaldunak zeintzuk diren zehazteko, eta erakundea pertsona horien bidez epatzeko.
Epaileak zorduna epatzeko bide guztiak agortu dituenean, konkurtsoa onartzeko autoa eman dezake, hartzekodunek emandako agiri eta alegazioetan eta onarpen-fase horretan egindako ikerketetan oinarrituz.
185. artikulua. Autoak aztertzeko eskubidea
Behar bezala agertu ez diren hartzekodunek epaitegiari eskatu ahal diote euren kredituei buruzko autoetan jasotako agiri eta txostenak aztertzea, eta, horretarako, epaitegiko idazkaritzara joan daitezke, zuzenean edo abokatu nahiz prokuradorearen bidez; horiek ez dira bertaratu behar izapide hori egiteko.
186. artikulua. Ofizioz gauzatzea
1. Konkurtsoa adierazi ondoren, ofizioz ekingo zaio prozesuari.
2. Epaileak ebazpena emango du konkurtsoa eskatu duenaren atzera-egiteari edo ukapenari buruz, aurretik behin betiko zerrendan aitortutako gainerako hartzekodunak entzunda.
Prozeduraren izapidetza egin bitartean, intzidenteek ez dute izango etendura-izaerarik, salbu eta epaileak, salbuespenez hori zioz erabaki duenean.
3. Legeak epailearen ebazpena emateko eperik zehaztu ez duenean, hori atzerapenik gabe eman beharko da.
187. artikulua. Konkurtsoko epailearen ahalmenak hedatzea
1. Epaileak konkurtsoaren onurarako presakotzat jotzen dituen eginbideak gauzatzeko egunak eta orduak baliodun bihurtu ahal ditu.
2. Epaileak froga-jarduna gauza dezake bere lurralde-eskumenetik kanpo, baldin eta aurretiaz epaile eskudunari horren berri ematen badio, ez bazaio kalterik egiten kasuan kasuko epailearen eskumenari, eta prozesuko ekonomiaren arrazoiek justifikatzen badute jardun hori.
188. artikulua. Epailearen baimenak
1. Legearen arabera beharrezkoa bada epaile edo konkurtsoko administratzaileen baimena, eskari hori idatziz egingo da.
2. Aurkeztutako eskariaren berri emango zaie xedeari begira entzun behar diren alderdi guztiei, eta alegazioak egiteko hiru eta hamar egun bitarteko epea emango zaie, arazoaren konplexutasuna eta garrantzia kontuan izanda.
Epaileak eskaria auto bidez ebatziko du, bost eguneko epean, muga-egunetik zenbatuta.
3. Eskatutako baimena eman edo ezeztatzen duen autoaren aurka birjartze-errekurtsoa bakarrik jar daiteke, baina alderdiek konkurtso-intzidentearen bidez azal dezakete arazo hori
189. artikulua. Epai-aurrekotasuna zigor-arloan
1. Konkurtsoari lotutako prozedura kriminalak hasi arren, ez da horren izapidetza etengo.
2. Konkurtsoarekin zerikusia duten edo horren gain eragina duten egitateei buruz kereila nahiz salaketa kriminala azaldu eta horren izapidetza onartu bada, konkurtso horretako epaileak eskumena izango du, hartzekodun erruztatuei egin beharreko ordainketen atxikitze-neurriak edo konkurtsoko prozeduraren izapideekin aurrera egitea ahalbidetzen duten antzekoak hartzeko; neurriok ezin dute oztopatu zigor-kondenak ezarri ahal dituen ondare-aipamenak betetzea.
190. artikulua. Aplikazio-eremua
1. Epaileak prozedura bereziki laburtua aplikatu ahal izango du, merkataritzako legeriaren arabera, zorduna balantze laburtua aurkezteko baimena duen pertsona fisikoa edo juridikoa denean, eta, kasu bietan, pasiboaren hasierako balioespenak 1.000.000 euro gainditzen ez dituenean.
2. Konkurtso arruntaren izapideak egiteko edozein unetan agerian geratzen badira aurreko paragrafoko betekizunak, konkurtsoko epaileak, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, agin dezake prozedura hori prozedura laburtua bihurtzea, ordu arte egindako jarduna atzera ekarri gabe.
Horrez gain, baldintza eta ondore berberekin, agin dezake alderantzizko bihurketa egitea, agerian geratzen denean prozedura laburtuan ez dela betetzen eskatutako betekizunetatik edozein.
191. artikulua. Edukia
1. Orokorrean, behin prozedura laburtua erabakita, lege honetan ezarri epeak erdira laburtuko dira, gorantz biribilduz zenbaki osoa ez bada, salbu eta arrazoi bereziak direla medio, epaileak erabakitzen duenean ohiko epeei eustea, prozedura hobeto garatzeko.
Edozein kasutan ere, konkurtso-administrazioak hilabeteko epea izango du txostena aurkezteko, kargua onartzen denetik zenbatuta, eta konkurtsoko epaileak bakarrik baimendu ahal izango du luzapen bat, gehienez hamabost egunekoa.
2. Prozedura laburtuan 27. artikuluaren 2. paragrafoko 3. puntuan ezarri kideen artetik batek bakarrik osatuko du konkurtso-administrazioa, salbu eta epaileak esanbidez aurkakoa ebazten duenean, hori egiaztatzen duten zio bereziak aintzat hartuta.
192. artikulua. Konkurtso-intzidentearen eremua eta izaera
1. Konkurtsoan arazoak sortu badira eta horiek lege honetan ez badute zehaztuta beste izapidetzarik, konkurtso-intzidentearen bidetik gauzatuko dira.
50. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera epailearen aurrean egikaritu beharreko akzioen izapideak ere bide horretan egingo dira, bai eta 51. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera metatu diren epaiketak ere.
Azken kasu horretan, konkurtsoko epaileak epaiketak aurrera egiteko beharrezkoa dena xedatuko du, jarduna errepikatu gabe, eta, une horretatik aurrera, epaiketan konkurtsoko alderdi izan direnen parte-hartzea baimenduko du.
2. Konkurtso-intzidenteek ez dute etengo konkurtso-prozedura; hala ere, epaileak erabaki ahal izango du, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, emandako ebazpenak uki dezakeen jarduna etetea.
3. Intzidenteak ez dira onartuko euren helburua bada administrazio-egintzak eskatu edo aurkaratzea aukera-arrazoien ondorioz.
193. artikulua. Alderdiak intzidentean
1. Ulertuko da konkurtso-intzidentean alderdi demandatuak izan direla demanda zein pertsonaren aurka jarri eta pertsona horiek, baita auzi-jartzaileak eskatutakoaren aurkako jarrerari eusten diotenak ere.
2. Konkurtsoan behar bezala bertaratutako pertsonetatik edozeinek autonomia osoz esku hartu ahal izango du konkurtso-intzidentean, hori sustatu duen alderdiari edo aurkakoari lagunduz.
3. Intzidentean demandak metatzen badira eta horien eskariak bat ez badatoz, bertan esku hartzen duten alderdiak zein uziren aurka agertu eta horien demandak erantzun beharko dituzte, kasuan kasuko esku-hartzearen uneak hala ahalbidetzen duenean; erantzun horretan modu argi nahiz zehatzean adierazi beharko dute zer-nolako babesa eskatzen duten.
Hori egiten ez badute, epaileak erabat ukatuko du euren esku-hartzea, eta ebazpen horren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri.
194. artikulua. Intzidente-demanda eta horren izapidetza onartzea
1. Demanda Prozedura Zibilaren Legeko 399. artikuluan ezarri moduan aurkeztuko da.
2. Epailearen ustez azaldutako arazoa ez bada bidezkoa edo arazo horrek ez badu garrantzi nahikorik horren izapideak intzidente-bidetik egin daitezen, auto bidez ebatziko du hori ez onartzea, eta azaldutako arazoaren kasuan kasuko izapidetza egingo da.
Auto horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da 197. artikuluaren 1. paragrafoan ezarri baldintzetan.
3. Bestelako kasuan, epaileak probidentzia emango du intzidentearen izapidetza onartuz eta bertaratutako gainerako alderdiak epatuz, demandaren edo demanden kopiarekin batera, 10 eguneko epe erkidean erantzuna eman dezaten Prozedura Zibilaren Legeko 405. artikuluan ezarri moduan.
4. Demanda erantzun ondoren edo behin hori egiteko epea igarota, prozesuak aurrera egingo du Prozedura Zibilaren Legeko hitzezko epaiketaren izapideen arabera.
195. artikulua. Konkurtso-intzidentea lan-arloan
1. Lege honetako 64.8 artikuluan aipatu konkurtso-intzidentea azaldu bada, demanda Prozedura Zibilaren Legeko 437. artikuluan ezarritakoaren arabera idatziko da; epaileak, hala denean, kasuan kasuko alderdiari azalduko dizkio demanda idaztean egindako akatsak, aipamen-ezak edo zehaztugabetasunak, lau eguneko epean horiek ongi ditzan, eta ohartaraziko dio, hori egiten ez badu, demanda artxibatzea aginduko duela.
Intzidente honetan ezin izango da aplikatu aurreko artikuluaren 2. paragrafoa.
2. Demanda onartuz gero, epaileak hurrengo 10 egunetan zehaztuko ditu epaiketa-ekitaldia egiteko eguna eta ordua, demandatuei zitazioa egin eta demandaren eta gainerako agirien kopia emanez; betiere, gutxienez lau eguneko tartea egon behar da zitazioaren eta epaiketaren artean. Epaiketa-hasieran, ahaleginak egingo dira intzidente-gaiaren inguruan adiskidetzeko edo bat etortzeko.
Halakorik lortzen ez bada, auzi-jartzaileak demanda berretsiko du edo hori zabalduko du, uziak funtsean aldatu gabe; demandatuak ahoz erantzungo du, jarraian alderdiek frogak proposatuko dituzte adostu ez diren egitateen inguruan, eta prozedurak aurrera egingo du Prozedura Zibilaren Legeko hitzezko epaiketaren izapideen arabera; froga egin ondoren, alderdiei ondorioen izapideak egitea ahalbidetuko zaie.
196. artikulua. Epaia
1. Epaiketa amaitu ondoren, epaileak epaia emango du hamar eguneko epean, intzidentea ebatziz.
2. Kostuei dagokienez, 194. artikuluan aipatu intzidentean emandako epaia arautuko da Prozedura Zibilaren Legearen arabera, bai ezartzeari eta bai ordaintzeari begira; epaia irmoa denean, kostuak berehala eska daitezke, konkurtsoaren egoera edozein izanda ere.
3. Kostuei dagokienez, 195. artikuluan aipatu intzidentean emandako epaia arautuko da Lan Prozeduraren Legean xedatutakoaren arabera.
4. Irmo bihurtzen direnean, konkurtso-intzidenteak amaitzeko epaiek gauza epaituaren ondoreak sortuko dituzte.
197. artikulua. Bidezko errekurtsoak eta izapidetza
1. Konkurtsoan emandako ebazpenen aurkako errekurtsoak Prozedura Zibilaren Legean ezarri moduan gauzatuko dira, jarraian azaldutako aldaketekin eta lege honetako 64. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.
2. Konkurtsoko epaileak emandako probidentzia eta autoen aurka birjartzeerrekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da, salbu eta lege honetan errekurtso oro baztertu denean edo beste bat eman denean.
3. Birjartze-errekurtsoak ebazten dituzten autoen eta fase erkidean edota hitzarmeneko fasean sustatutako konkurtso-intzidenteetan ematen diren epaien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri; hala ere, alderdiek berriro azaldu ahal izango dute arazoa gora-jotzerik hurbilenean, baldin eta protesta azaldu badute bost eguneko epean.
4. Hitzarmena onetsi edo ostean nahiz likidazio-fasean azaldutako konkurtso-intzidenteak ebazten dituzten epaien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, eta horren izapidetza egingo da lehenespenez eta epaiketa arruntetako epaien gora-jotzea egiten den bezala.
5. Konkurtsoko epaileak gora jotzeko errekurtsoa onartzean, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta erabaki dezake ebazpenak ukitu ahal duen jarduna etetea, horren arrazoiak azalduz.
Erabaki hori probintziako audientziak berrikusi ahal izango du, alderdiak hala eskatzen badu erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa edo aurkakotasuna azaltzeko idazkian; kasu horretan, arazo hori ebatzi beharko du errekurtsoaren funtsari buruzko azterketa egin aurretik, eta auzitegiak autoak jaso eta hurrengo hamar egunetan, baina emandako autoaren aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.
6. Hitzarmena onetsi edo betetzearen inguruan edo konkurtsoa kalifikatu edo amaitzearen inguruan, edota hirugarren nahiz laugarren ataletako akzioak ebazteko, audientziek emandako epaien aurka kasazio-errekurtsoa eta arau-hauste prozesalaren ondoriozko errekurtso berezia jar daiteke, Prozedura Zibilaren Legean ezarri onarpen-irizpideen arabera.
7. Konkurtsoko epaileak aztertu beharreko sozietate-akzioen inguruko konkurtso-intzidenteak ebazten dituzten epaien aurka, suplikazio-errekurtsoa eta Lan Prozeduraren Legean ezarri gainerako errekurtsoak jarri ahal izango dira; errekurtsook ez dute ondore etengarririk sortuko konkurtsoaren izapidetzaren gain, ezta horren piezen gain ere.
198. artikulua. Erregistro publikoa
Erregelamendu bidez prozedura bat antolatuko da, Justizia Ministerioak ziurta dezan erregistro publikoan jasotzen direla konkurtsopekoak erruduntzat jotzeko eta konkurtsoko administratzaileen izendapena edo desgaikuntza erabakitzeko prozesuetan emandako ebazpenak, betiere lege honetan ezarri kasuetan.
199. artikulua. Antolamenduen arteko harremanak
Titulu honetako arauak aplikatuko dira 1346/2000 erregelamenduan kaudimengabezia-prozeduraren inguruan ezarritakoari eta gaiari buruzko gainerako erkidego-arauei nahiz hitzarmenezko arauei kalterik egin gabe.
Elkarrekikotasunik ez dagoenean edo atzerriko estatu bateko agintariek modu sistematikoan ukatzen dutenean lankidetza, ez dira aplikatuko titulu honetako III eta IV. kapituluak, estatu horretan garatutako prozedurei dagozkienez.
200. artikulua. Erregela orokorra
Hurrengo artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Espainiako legeak zehaztuko ditu Espainian adierazitako konkurtsoaren baldintza eta ondoreak, bai eta horren garapena eta amaiera ere.
201. artikulua. Eskubide errealak eta jabari-erreserbak
1. Hartzekodunek edo hirugarrenek eskubide errealak dituztenean zordunaren orotariko eskubide edo ondasunen gain, denboran zehar alda daitezkeen eta konkurtso-adierazpena egiteko unean beste estatu bateko lurraldean egon daitezkeen ondasun-multzoak barne, estatu horretako legeak bakarrik arautuko ditu konkurtsoak eskubide horien gain dituen ondoreak.
Erregela bera aplikatuko da saltzailearen eskubideen gain, konkurtsopekoari jabari-erreserbarekin saldutako ondasunei begira.
2. Ondasuna jabari-erreserbarekin saldu duenaren gain konkurtso-adierazpena eman izanak, berez, ez dakar salmentaren suntsiarazpena ez hutsalketa, eta erosleak jabetza eskuratu ahal izango du, nahiz eta ondasuna emanda egon, eta adierazpena egiteko unean beste estatu bateko lurraldean izan.
3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ulertuko da, bidezkoak diren itzulketa-akzioei kalterik egin gabe.
202. artikulua. Erregistratu beharreko zordun-eskubideak
Zordunak eskubideak dituenean erregistro publikoetan inskribatu beharreko ondasun higiezin, itsasontzi edo aireontzien gain, erregistroa zein estatutako agintaritzapean egin eta estatu horretako legean xedatutakoari egokituko zaizkio konkurtsoak eskubide horiei begira dituen ondoreak.
203. artikulua. Hirugarren eskuratzaileak
Zordunak xedatze-egintzak gauzatu dituenean kostu bidez erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasun higiezin, itsasontzi edo aireontzien gain konkurtso-adierazpenaren ostean, egintza horien baliozkotasuna arautuko da, ondasun higiezina zein estatutako lurraldean egon edo itsasontziak nahiz aireontziak zein estatutako agintaritzapean erregistratu eta estatu horretako legearen arabera, hurrenez hurren.
204. artikulua. Baloreei eta ordainketa-sistemari eta finantza-merkatuei buruzko eskubideak
Kontuko idatzoharren bidez ordezkatutako balore negoziagarrien gaineko eskubideetan konkurtsoak dituen ondoreak arautu dira, balore horien idatzoharrak zein estatutan erregistratuta egon eta estatu horretako legearen arabera.
Arau horretan sartzen da aitortutako baloreen erregistro oro, lege-ikuskapenaren mendeko finantza-erakundeek egindakoak barne.
201. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, ordainketaedo konpentsazio-sisteman edo finantza-merkatuan parte hartu dutenen eskubide eta betebeharrei buruzko konkurtso-ondoreak arautuko dira sistema edo merkatu horren gain aplikatu beharreko estatulegearen arabera bakarrik.
205. artikulua. Konpentsazioa
1. Konkurtso-adierazpenak ez du ukituko hartzekodunak kreditua konpentsatzeko duen eskubidea, konkurtsopekoaren elkarrekiko kreditua arautzen duen legeak kaudimengabezia-egoeran ahalbidetzen duenean halakoa.
2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa ulertzen da, bidezkoak diren itzulketaakzioei kalterik egin gabe.
206. artikulua. Ondasun higiezinen gaineko kontratuak
Ondasun higiezina erabili edo eskuratzeko eskubidea eratxikitzen duten kontratuen gaineko konkurtso-ondoreak arautuko dira, ondasuna zein estatutan egon eta bertako legearen bidez bakarrik.
207. artikulua. Lan-kontratuak
Lan-kontratuari eta lan-harremanei buruzko konkurtso-ondoreak arautuko dira, kontratuari aplikatu beharreko estatu-legearen bidez bakarrik.
208. artikulua. Itzulketa-akzioak
Itzulketa-akzioak ezin izango dira egikaritu lege honen babespean, masa aktiboari begira kaltegarria den egintzaren ondoriozko onurak jasotzen dituenak frogatzen duenean egintza hori aurkarapena baimentzen ez duen beste estatu baten legepean dagoela.
209. artikulua. Ebazteko dauden epaiketa adierazleak
Masako ondasun edo eskubide bati buruz ebazteko dauden epaiketa adierazleen gaineko konkurtso-ondoreak arautuko dira, epaiketa horiek zein estatutan egin eta bertako legearen arabera bakarrik.
210. artikulua. Erregela orokorra
Atal honetan ezarritakoa izan ezik, lurralde-konkurtsoa arautuko da konkurtso nagusiaren arauen arabera.
211. artikulua. Konkurtsoaren baldintzak
Atzerriko prozedura nagusiaren aitorpenak ahalbidetuko du Espainian lurralde-konkurtsoa irekitzea, zordunaren kaudimengabezia aztertzeko beharrizanik izan gabe.
212. artikulua. Legitimazioa
Lurralde-konkurtsoaren adierazpena eskatu ahal izango du:
1.) Lege honen arabera konkurtsoadierazpena eskatzeko legitimazioa duten pertsonetatik edozeinek.
2.) Atzerriko prozedura nagusiaren ordezkariak.
213. artikulua. Hartzekodunekin eginiko hitzarmenaren norainokoa
Lurralde-konkurtsoan onetsitako hitzarmenaren ondorioz hartzekodunen eskubideak mugatzen badira, besteak beste, kita eta itxaronaldiaren bidez, mugapen horiek eragingarriak izan daitezen zordunak konkurtso honetan dituen ondasunen gain, hartzekodun interesdun guztien adostasuna behar da.
214. artikulua. Hartzekodunei informazioa ematea atzerrian
1. Konkurtsoa adierazi ondoren, konkurtso-administrazioak informazioa emango die inolako atzerapenik gabe ohiko bizilekua edo egoitza atzerrian duten hartzekodun ezagunei, baldin eta hori ondorioztatzen badute zordunaren liburu eta agiriek, edota hala agerrarazi bada konkurtsoan, beste edozein arrazoi dela bide.
2. Informazioan jasoko dira prozeduraren identifikazioa, adierazpen-autoaren data, konkurtsoaren izaera nagusia edo lurralde-izaera, zordunaren inguruabar pertsonalak, ondarearen gaineko administrazioeta xedatze-ahalmenei buruz erabaki diren ondoreak, hartzekodunei egindako deialdia, eskubide errealarekin bermatutakoak barne, kredituak konkurtso-administrazioari komunikatzeko epea, eta epaitegiko helbide-postala.
3. Informazioa idatziz emango da eta banaka bidaliko da, salbu eta epaileak beste zerbait xedatzen duenean, bere ustez, kasuaren inguruabarretara hobeto egokitzeagatik.
215. artikulua. Publizitatea eta erregistroa atzerrian
1. Epaileak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, erabaki dezake konkurtsoa adierazteko autoaren funtsezko edukia atzerriko edozein estatutan argitaratzea, konkurtsoko interesak kontuan izanda, eta, betiere, estatu horretan kaudimengabezia-prozeduretarako ezarri argitalpen-moten arabera.
2. Konkurtso-administrazioak eska dezake adierazpen-autoaren eta prozedurako beste egintza batzuen erregistro-publizitatea atzerrian egitea, hori komenigarria izan daitekeenean konkurtsoaren interesei begira.
216. artikulua. Konkurtsopekoari ordaintzea atzerrian
1. Ohiko bizilekua edo egoitza atzerrian duen zordunak konkurtsopekoari atzerrian ordaintzen badio, ordainketa horrek, bakarrik, ondorio askatzaileak izango ditu zordunarentzat, baldin eta berak ez badaki Espainian konkurtsoa ireki dela.
2. Aurkako frogarik izan ezean, uste izango da ordainketa egin zuenak ez duela prozeduraren izatearen berri, konkurtso-irekierari aurreko artikuluaren 1. paragrafoan aipatu publizitatea eman aurretik.
217. artikulua. Kredituak komunikatzea
1. Ohiko bizilekua edo egoitza atzerrian duten hartzekodunek euren kredituak komunikatuko dizkiote konkurtso-administrazioari 85. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2. Hartzekodun orok bere kreditua komunikatu ahal izango du Espainian irekitako prozedura nagusian zein lurralde-prozeduran, atzerrian irekitako kaudimengabezia-prozeduran ere kreditu hori aurkeztu arren.
Erregela honetan sartzen dira, orobat, beste estatu batzuetako tributu-kredituak eta Gizarte Segurantzakoak, elkarrekikotasun baldintzapean; kasu horretan, kredituok kreditu arrunt gisa onartuko dira.
218. artikulua. Itzultzea eta egoztea
1. Espainian konkurtso nagusia ireki ondoren, hartzekodunak lortzen badu kreditu osoa edo zati bat kobratzea zordunak atzerrian dituen ondasunen kontura, edo ondasunok diru bihurtzea nahiz exekutatzea, masara itzuli beharko du eskuratutakoa, 201. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Ordainketa hori atzerrian irekitako kaudimengabezia-prozeduran lortu bada, 229. artikuluan ordainketak egozteari buruz ezarritako erregela aplikatuko da.
2. Ondasunak zein estatutan egon eta estatu horrek aitortzen ez duenean Espainian adierazitako konkurtsoa, edo ondasun horiek aurkitzeko nahiz diru bihurtzeko zailtasunek hala bidezkotzen dutenean, epaileak hartzekodunei baimena eman ahal izango die, atzerrian banakako exekuzioa egin dezaten, betiere, 229. artikuluko egozketa-erregela aplikatuz.
219. artikulua. Hizkuntzak
1. 214. artikuluan ezarri informazioa gaztelaniaz emango da, eta, hala denean, hizkuntza ofizialetatik edozeinetan, baina testuaren goiburuan ingelesez eta frantsesez agertuko dira «Kredituak aurkezteko deialdia. Aplikatu beharreko epeak» esamoldeak.
2. Ohiko bizilekua edo egoitza atzerrian duten hartzekodunek euren kredituen komunikazio-idazkia aurkeztuko dute gaztelaniaz edo konkurtsoko epaileak zein autonomia-erkidegotan egoitza izan eta bertako hizkuntza ofizialean.
Horiez besteko hizkuntza batean egiten badute, konkurtso-administrazioak eskatu ahal izango du gero gaztelaniara itzultzea.
220. artikulua. Irekiera-ebazpenaren aitorpena
1. Kaudimengabezia-prozeduraren irekiera adierazten duten atzerriko ebazpenak Espainian aitortuko dira Prozedura Zibilaren Legean araututako exequatur-prozeduraren bidez, baldin eta hurrengo betekizunak biltzen badira:
1.) Ebazpena izatea zordunaren kaudimengabezian oinarri duen prozedura kolektiboari buruzkoa, eta, horren bidez, bere ondasun eta jarduerak atzerriko auzitegi edo agintariaren kontrolpean edo ikuskapenpean geratzea, berrantolaketa edo likidazioaren ondoreetarako.
2.) Ebazpena behin betikoa izatea, irekiera gauzatu duen estatuko legearen arabera.
3.) Kaudimengabezia-prozedura ireki duen auzitegi edo agintariaren eskumenaren oinarria izatea lege honetako 10. artikuluan jaso irizpideetatik edozein edo antzeko izaera duen zentzuzko lotura.
4.) Ebazpena ez ematea zorduna auzi-ihesean egon denean, edo, bestela, aurretiaz epatze-zedula edo antzeko agiria eman nahiz jakinaraztea, behar bezala eta aurkakotasuna eratzeko behar besteko denborarekin.
5.) Ebazpena ez izatea Espainiako ordena publikoaren aurkakoa.
2. Atzerriko kaudimengabezia-prozedura aitortuko da:
1.) Atzerriko prozedura nagusi gisa, baldin eta zordunak bere interes nagusien gunea zein estatutan izan eta bertan egiten ari bada horren izapidetza.
2.) Atzerriko lurralde-prozedura gisa, baldin eta zordunak establezimendua zein estatutan izan eta bertan egiten ari bada izapidetza, edo antzeko lotura zentzuzkoa zein estatutako lurraldearekin izan eta estatu horretan gauzatzen badira izapideak; halako lotura izan daiteke jarduera ekonomiko bati lotutako ondasunak egotea bertan.
3. Atzerriko prozedura nagusia aitortu arren, Espainian ere lurralde-konkurtsoa ireki daiteke.
4. Exequaturraren izapidetza eten daiteke, kaudimengabezia-prozedura irekitzeko ebazpenaren aurka errekurtso arrunta jarri denean jatorrizko estatuan, edota hori jartzeko epea ez denean azkendu.
5. Artikulu honetan xedatutakoak ez du eragotziko aitorpena aldatzea edo ukatzea, baldin eta frogatu bada aitorpen hori emateko arrazoiak modu nabarian aldatu edo desagertu direla.
221. artikulua. Atzerriko administratzailea edo ordezkaria
1. Atzerriko prozeduran administratzaile edo ordezkari izango da, zordunaren ondasun edo jardueren berrantolaketa edo likidazioa administratu eta ikuskatzeko edo prozeduran ordezkari gisa jarduteko ahalmena duen pertsona edo organoa, nahiz eta hori behin-behinean izendatu.
2. Administratzailearen edo ordezkariaren izendapena egiaztatuko da izendapen-ebazpenaren kopia kautoaren bidez, edo auzitegi nahiz agintari eskudunak luzatutako ziurtagiriaren bidez, ziurtagiri horrek Espainian fede emateko betekizunak baditu.
3. Atzerriko prozedura nagusia aitortu ondoren, administratzaileak edo ordezkariak betebeharra izango du:
1.) Prozedurari lege honen 23. artikuluko antzeko publizitatea emateko, zordunak establezimendua Espainian duenean.
2.) Lege honetako 24. artikuluaren arabera bidezkoak diren inskripzioak eskatzeko, kasuan kasuko erregistro publikoei.
3.) Publizitateeta erregistro-neurrien ondoriozko gastuak administratzaileak edo ordezkariak ordainduko ditu, prozedura nagusiaren kontura.
4. Atzerriko prozedura nagusia aitortu ondoren, horren administratzaileak edo ordezkariak egikaritu ahal izango ditu irekiera gauzatu duen estatuko legearen araberako ahalmenak, salbu eta horiek bateraezinak direnean Espainian adierazitako lurralde-konkurtsoaren ondoreekin edo konkurtso-eskariaren ondorioz hartutako kautela-neurriekin, eta, edozein kasutan ere, horren edukia ordena publikoaren aurkakoa denean.
Ahalmenak egikaritzean, administratzaile edo ordezkariak Espainiako legea errespetatu behar du, bereziki, zordunaren ondasun eta eskubideak diru bihurtzeko aukera desberdinei dagokienez.
222. artikulua. Bestelako ebazpenen aitorpena
1. Irekiera-ebazpenaren exequaturra eskuratu ondoren, kaudimengabeziaprozedura horretan emandako beste edozein ebazpen, horren oinarria konkurtso-legerian izanda, Espainian aitortuko da inolako prozeduraren beharrik izan gabe, baldin eta 220. artikuluan ezarri betekizunak biltzen baditu.
Aurretiaz epatze-zedula edo antzeko agiria eman edo jakinaraztea eskatu ahal izango da, orobat, atzerriko kaudimengabezia-prozeduran demandatua izan den eta zorduna ez den beste edozein pertsonari begira, pertsona hori ukitzen duten ebazpenen kasuan.
2. Aitorpenaren aurka agertuz gero, interesa duten pertsonetatik edozeinek eska dezake Prozedura Zibilaren Legean araututako exequatur-prozedurak gai nagusi moduan adieraztea berori.
Atzerriko ebazpenaren aitorpena gauzatzen ari den prozesuaren intzidentearazo gisa eskatzen bada, arazo hori ebazteko eskumena izango du gai horren edukia azter dezakeen epaile edo auzitegiak.
223. artikulua. Aitorpenaren ondoreak
1. 201. artikulutik 209.erakoetan ezarri kasuetan izan ezik, aitortutako atzerriko ebazpenek sortuko dituzte prozedura ireki duen estatuko legeak eratxikitako ondoreak.
2. Atzerriko lurralde-prozeduraren ondoreek bakarrik ukituko dituzte adierazpena egiteko unean prozedura ireki duen estatuan kokatutako ondasun eta eskubideak.
3. Lurralde-konkurtsoaren adierazpena Espainian egin bada, atzerriko prozeduraren ondoreak arautuko dira titulu honetako IV. kapituluan xedatutakoaren arabera.
224. artikulua. Exekuzioa
Atzerriko ebazpenek izaera betearazlea badute, ebazpen horiek zein prozeduratan eman eta prozedura ireki duen estatuko legea aintzat hartuta, aurretiaz exequaturra beharko dute Espainian exekuta daitezen.
225. artikulua. Zordunaren alde betetzea
1. Beste estatu batean irekitako kaudimengabezia-prozeduraren mendeko zordunari Espainian ordaintzen bazaio prozedura horretan izendatutako administratzaile edo ordezkariaren bidez, ordainketa horrek ondorio askatzaileak izango ditu bakarrik ordaintzaileak ez duenean prozeduraren izatearen berri.
2. Aurkako frogarik izan ezean, uste izango da ordainketa egin zuenak ez duela prozeduraren izatearen berri, atzerriko kaudimengabezia-prozeduraren irekierari 221. artikuluaren 3. paragrafoan aipatu publizitatea eman aurretik.
226. artikulua. Kautela-neurriak
1. Atzerrian kaudimengabezia-prozedura nagusia irekitzeko eskumena duen auzitegiak kautela-neurriak hartu baditu prozedura ireki baino lehen, neurriok Espainian aitortu eta exekuta daitezke, aurretiaz exequatur egokia eginda.
2. Atzerriko kaudimengabezia-prozedura aitortu aurretik eta administratzaile edo ordezkariak hala eskatuta, Espainiako legearen araberako neurriak hartu ahal izango dira, honako hauek barne:
1.) Zordunaren ondasun eta eskubideak exekutatzeko neurrietatik edozein geldiaraztea.
2.) Atzerriko administratzaile zein ordezkariari edo neurria hartzean izendatutako pertsonari agintzea Espainian kokatutako ondasun eta eskubideak administratu edo diru bihurtzea, baldin eta horien izaeraren edo gertatutako inguruabarren ondorioz, ondasun edo eskubideok suntsitu ahal badira, narriadura larria jasan ahal badute, edota, euren balioa modu garrantzitsuan murriztu ahal bada.
3.) Zordunaren ondasun eta eskubideak xedatu, besterendu eta kargatzeko ahalmenen egikaritza etetea.
Kautela-neurrien eskaria kaudimengabezia-prozedura irekitzeko ebazpenaren aitorpen-eskaria baino lehen egin bada, neurriok hartzen dituen ebazpenak eurei eusteko baldintza moduan ezarriko du, azken eskari hori hogei eguneko epean aurkeztea.
227. artikulua. Lankidetza-betebeharrak
1. Prozedura bakoitzari aplikatu beharreko arauen betepenari kalterik egin gabe, Espainian adierazitako konkurtsoaren konkurtso-administrazioak eta zordun berari buruz Espainian aitortutako atzerriko kaudimengabezia-prozeduraren administratzaileak edo ordezkariak betebeharra dute euren eginkizunetan lankidetzan jarduteko, kasuan kasuko epaile, auzitegi edo agintari eskudunen ikuskapenaren mende.
Administratzaileak edo ordezkariak edo atzerriko auzitegiak nahiz agintariak lankidetzan jardun nahi ez badu, eginbehar horretatik aske geratuko dira Espainiako pareko organoak.
2. Lankidetza izan daiteke, bereziki:
1.) Beste prozeduran baliagarria izan daitekeen informazioa elkartrukatzea egokitzat jotako edozein bide erabilita, eta, betiere, informaziopeko datuen sekretua nahiz isil-gordea babesten dituzten arauak edo datuok aldez edo moldez babesten dituzten arauak errespetatuz.
Nolanahi ere, kasuan kasuko prozeduraren egoeran edozein aldaketa garrantzitsu gertatuz gero, horren gaineko informazioa eman behar da, administratzaile edo ordezkariaren izendapena barne, eta, beste estatu batean zordun berari begira kaudimengabezia-prozedura ireki bada, horren informazioa ere eman behar du.
2.) Administrazioa koordinatzea, eta zordunaren ondasun nahiz jarduerak kontrolatu eta ikuskatzea.
3.) Auzitegi eta agintari eskudunek prozeduren koordinazioarekin zerikusia duten erabakiak onetsi eta aplikatzea.
3. Espainian adierazitako lurraldekonkurtsoaren konkurtso-administrazioak atzerriko prozedura nagusiaren administratzaileari edo ordezkariari ahalbidetu behar dio garaiz aurkeztea hitzarmen-proposamenak, likidazioplanak edo masa aktiboko ondasun eta eskubideak diru bihurtzeko nahiz kredituak ordaintzeko beste edozein aukera.
Espainian adierazitako konkurtso nagusiaren konkurtsoaren konkurtso-administrazioak neurri berberak erreklamatuko ditu atzerrian irekitako beste edozein prozeduratan.
228. artikulua. Hartzekodunen eskubideak egikaritzea
1. Atzerriko kaudimengabezia-prozedurari aplikatu beharreko legeak ahalbidetzen duen heinean, prozedura horretako administratzaile edo ordezkariak bertan aitortutako kredituak komunika ditzake Espainian adierazitako konkurtsoan, eta lege honetan ezarritakoaren arabera.
Baldintza berberetan, administratzaile edo ordezkariak konkurtsoan parte hartu ahal izango du, komunikatu diren kredituen hartzekodunen izenean.
2. Espainian adierazitako konkurtso baten konkurtso-administratzaileak atzerriko kaudimengabezia-prozedura nagusian nahiz lurralde-prozeduran aurkez ditzake hartzekodunen behin betiko zerrendan aitortutako kredituak, baldin eta prozedura honi aplikatu beharreko legeak hori egitea ahalbidetzen badu.
Baldintza berberetan, konkurtso-administrazioak edo horrek izendatutako pertsonak prozedura hartan parte hartu ahal izango du, aurkeztutako kredituen hartzekodunen izenean.
229. artikulua. Ordainketa-erregela
Atzerriko kaudimengabezia-prozeduran bere kredituaren zatikako ordainketa jaso duen hartzekodunak ezin eska dezake ordainketa gehigarririk Espainian adierazitako konkurtsoan, mota eta maila bereko gainerako hartzekodunek ehunekoari begira baliobesteko zenbatekoa jaso arte.
230. artikulua. Lurralde-prozeduraren aktiboko soberakina
Elkarrekikotasunaren baldintzapean, lurralde-konkurtsoa edo -prozedura amaitzean geratzen den aktiboa Espainian aitortutako atzerriko prozedura nagusiaren administratzaile edo ordezkariaren esku jarriko da.
Espainian adierazitako konkurtso nagusiaren konkurtso-administratzaileak neurri bera erreklamatuko du, atzerrian irekitako beste prozeduretatik edozeinetan.
Lehenengoa. Aurretik indarrean egon diren konkurtso-prozedurei buruzko lege-aipamenak
Epaile eta auzitegiek interpretatu eta aplikatuko dituzte lege honek indargabetutako konkurtso-prozedurei buruzko lege-arauak, eta horiek lege honetako konkurtso-arauekin lotuko dituzte, batez ere, euren espiritua eta helburua kontuan izanda, bai eta, bereziki, hurrengo erregelak ere:
1.) Ulertuko da lege honek esanbidez aldarazi ez dituen lege-aginduetan jasotako ordainketa-etendurei edo kitaeta itxaronaldi-prozedurei buruzko aipamen guztiak konkurtsoaren ingurukoak direla, betiere, konkurtso horretan likidazio-fasea ireki ez denean.
2.) Ulertuko da lege honek esanbidez aldarazi ez dituen lege-aginduetan jasotako porrotari edo hartzekodunen konkurtsoari buruzko aipamen guztiak konkurtsoaren ingurukoak direla, betiere, konkurtso horretan likidazio-fasea ireki denean.
3.) Lege honek esanbidez aldarazi ez dituen lege-aginduek ezarri badituzte porrot eginen nahiz konkurtsopekoen ezgaitasun-adierazpenak edota zenbait kargu eta eginkizun betetzeko nahiz jarduera oro gauzatzeko debekuak, ulertuko da adierazpen eta debeku horiek direla konkurtso-prozeduraren mendeko pertsonei buruzkoak, betiere, konkurtso horretan likidazio-fasea ireki denean.
Bigarrena. Kreditu-erakunde, inbertsio-zerbitzuetarako enpresa eta aseguru-erakundeei aplikatu beharreko araubide berezia
1. Kreditu-erakunde edo legez horiekin berdinetsitako erakunde, inbertsio-zerbitzuetarako enpresa eta aseguru-erakundeen konkurtsoetan, bai eta balore-merkatu ofizialetako kide diren erakundeen eta baloreak konpentsatu eta likidatzeko sistemetan parte hartzen duten erakundeen konkurtsoetan ere, aplikatuko dira erakunde horien legeria bereziak konkurtso-egoeretarako ezarri berezitasunak, konkurtso-administrazioaren eraketari, izendapenari eta jardunbideari buruzkoak izan ezik.
2. 1. paragrafo hori aplikatzeko, ulertzen da hurrengo arauak sartzen direla legeria berezia horretan:
a) Hipoteka-Merkatua Arautzeari buruzko martxoaren 25eko 2/1981 Legea (14 eta 15. artikuluak, azken hori Ondasun Higiezinen gaineko InbertsioSozietate eta -Funtsen Araubideari eta Hipoteka-Titulizazio Funtsei buruzko uztailaren 7ko 19/1992 Legeak aldatua), bai eta beste balore eta instrumentu batzuei buruzkoak ere, baldin eta hipoteka-zedulei aplikatu beharreko kaudimen-araubide bera eratxiki badie legeak balore zein instrumentu horiei.
b) Aurrekontuen, Tributuen, Finantzaren eta Enpleguaren gaineko Presako Neurriei buruzko otsailaren 26ko 3/1993 Errege Dekretu-Legea (16. artikulua).
c) Balore-Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 2471988 Legea (bertan araututako konpentsazioeta likidaziosistemei aplikatu beharreko araubideari dagokionez, bai eta sistema horietan parte hartzen duten erakundeei dagokienez ere, bereziki, 44bis, 44ter, 58 eta 59. artikuluak).
d) Kreditu-Erakundeen Espainiako legeria Banku-Koordinaziorako Bigarren Zuzentarauari Egokitzeko 3/1994 Legea, apirilaren 14koa (bosgarren xedapen gehigarria).
e) Espainiako Bankuaren Autonomiari buruzko ekainaren 1eko 13/1994 Legea (Espainiako Bankuak, Europako Banku Zentralak edo Europar Batasuneko beste nazio-banku zentralek euren eginkizunak bete ditzaten eratutako bermeei aplikatu beharreko araubideari dagokionez).
f) Kapital-Arriskurako Erakundeak eta euren Sozietate Kudeatzaileak Arautzeko urtarrilaren 5eko 1/1999 Legea (hirugarren xedapen gehigarria).
g) Ordainketa-Sistema eta BaloreLikidazioari buruzko azaroaren 12ko 41/1999 Legea.
h) Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina, ekainaren 16ko Legegintzako Errege Dekretuak onetsitakoa (100. artikuluaren 5. paragrafoa).
i) Aseguru Pribatuen Antolamendu eta Ikuskapenari buruzko Legearen Testu Bategina, urriaren 29ko 6/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitakoa (26. artikulutik 37.erakoak, 39 eta 59. artikuluak), eta Aseguruak Konpentsatzeko Partzuergoaren Lege Estatutuaren Testu Bategina, urriaren 29ko 7/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitakoa.
j) Ekoizgarritasuna Bultzatu eta Kontratazio Publikoa Hobetzeko Presazko Eraldaketei buruzko 5/2005 Errege Dekretu-Legea, martxoaren 11koa.
k) Kreditu-Erakundeen Saneamendu eta Likidazioari buruzko apirilaren 22ko 6/2005 Legea.
3. Aurreko paragrafoan aipatu legearauak bertan ezarri norainoko subjektibo eta objektiboarekin aplikatuko zaizkie kasuan kasuko eragiketa edo kontratuei, eta, bereziki, baloreak ordaindu eta likidatu nahiz konpentsatzeko sistemekin zerikusia duten eragiketei, eragiketa bikoitzei, berriro erosteko ituna duten eragiketei edo instrumentu eratorrien gaineko finantza-eragiketei.
Hirugarrena. Sozietate Anonimoen eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateen Legeak eraldatzea
Gobernuak Diputatuen Kongresuari bidaliko dio Sozietate Anonimoen Legea, abenduaren 12ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina, aldatzeko lege-proiektua, bai eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko martxoaren 23ko 21/1995 Legea aldatzekoa ere, horiek lege honetara egoki daitezen.
Lehenengoa. Konkurtso-prozedurak, euren izapideak egiten ari direnean
Lege hau indarrean jartzean hartzekodunen konkurtsoaren, porrotaren, kita eta itxaronaldiaren, eta ordainketa-etenduren prozeduren izapidetza egiten ari bada, hori amaitu arte aurreko zuzenbidea aplikatuko da, eta hurrengo salbuespenak bakarrik hartuko dira kontuan:
1. Lege honetako 176. artikulutik 180.erakoetan xedatutakoa berehala aplikatuko da, 176. artikuluaren 1. paragrafoko 1 eta 2. tartekadurak izan ezik.
Ondore horietarako, ulertuko da: 176. artikuluaren 1.5 paragrafoko konkurtsoaren fase erkideari buruzko aipamena dela kredituak aitortzeko izapidearen edo horren parekoaren ingurukoa; agindu bereko 5. paragrafoko konkurtso-intzidentearen aipamena dela Prozedura Zibilaren Legeko 393. artikuluko prozedurari buruzkoa; konkurtsoa amaitzearen inguruko aurkakotasuna ebazten duen epaiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarriko dela; eta azken hori ebazten duen epaiaren aurka kasazioerrekurtsoa edo arau-hauste prozesalaren ingurukoa jar daitekeela, lege horretan ezarri baldintzetan.
2. Xedapen iragankor honetan aipatu konkurtso-prozeduretatik edozeinetan hitzarmena onetsi bada eta horren ezbetetzea adierazten duen ebazpena irmo bihurtu bada lege hau indarrean jarri ostean, zordunaren konkurtsoa ofizioz irekiko da, bertan araututako likidaziofasearen izapideak egiteko bakarrik.
Konkurtso horren gaineko eskumena izango du aurreko konkurtso-prozeduraren izapideak egin dituen epaitegiak.
3. Edozein motatako sozietateren porrotean ezin izango da inolako hitzarmen-proposamenik onetsi, kredituak aitortzearen izapidea amaitu arte
4. Xedapen iragankor honetan aipatu konkurtso-prozeduretatik edozeinetan hitzarmen-proposamenak egiten badira lege hau indarrean jarri eta gero, aipatu legearen 99 eta 100. artikuluetako betekizunak bete beharko dituzte proposamenok.
Kasuan kasuko prozeduran proposamen horien izapideak egin eta onestean, lege honetako 103. artikuluan, 118. artikuluko 3. paragrafoan eta 121. artikuluko 4. paragrafoaren bigarren idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko da, eta ulertu behar da idatzizko atxikipenak aurkezteko epea hasi dela hitzarmen-proposamena aurkeztu denean, eta amaitzen dela berori onesteko batzara joan direnen zerrenda egindakoan, salbu eta sozietateen ordainketaetendura nahiz porrot kasuak izanda, hitzarmena batza egin gabe onetsi behar denean; halakoetan, epea izango da kasuan kasuko prozeduran atxikipenak aurkezteko ezarri dena.
5. Lege hau indarrean jarri ostean emandako ebazpenen aurka errekurtsoak jarri ahal izango dira, 197. artikuluan ezarri berezitasunen arabera.
Bigarrena. Merkataritzako epaitegiak
Merkataritzako epaitegiak jardunbidean hasi arte, egungo lehenengo auzialdiko eta instrukzioko epaitegi eskudunek beteko dituzte haiei eratxikitako eginkizunak, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko Legearen arabera, eta, betiere, lege honen 10. artikuluak eta baterakoek ezarri eskumen-erregelak aplikatuta.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
1. Indarrik gabe geratuko da Ordainketa-Etenduraren Legea, 1922ko uztailaren 26koa.
2. Indarrik gabe geratuko dira, berebat, hurrengo legeak ere:
1.) 1869ko azaroaren 12ko Legea, trenbide-konpainien, ubide-emakidadunen eta antzeko herri-lanetarako konpainien porrotari buruzkoa.
2.) 1896ko irailaren 19ko Legea, trenbide-konpainiek eta euren hartzekodunek ordainketa-etendurara iritsi gabe eginiko hitzarmenei buruzkoa.
3.) 1904ko apirilaren 9ko Legea, ubidezein trenbide-sozietate eta -enpresek edo herri-lanen gainerako emakidadunek eginiko hitzarmenak onesteari buruzkoa.
4.) 1915eko urtarrilaren 2ko Legea, trenbide-konpainia eta -enpresen nahiz herri-zerbitzurako beste obra orokorren ordainketa-etendurari buruzkoa.
3. Indarrik gabe geratuko dira, orobat, agindu eta xedapen hauek:
1.) 1829ko Merkataritza Kodearen IV. Liburua.
2.) Kode Zibileko 1912. artikulutik 1920.erakoak eta 1924. artikuluaren 2. paragrafoko A) eta G) idatz-zatiak.
3.) 1885eko Merkataritza Kodearen 376. artikulua eta 870. artikulutik 941.erakoak.
4.) 1917ko martxoaren 2ko Legearen 1. artikuluko bosgarren oinarriaren L) paragrafoa, nazioko ekoizpena babestu eta sustatzeko Industria-krediturako Bankuaren eta estatuaren zordun diren erakundeen ordainketa-etendurari edo porrotari buruzkoa.
5.) 1949ko apirilaren 21eko Legearen bigarren kapitulua, bide estuko trenbideak zabaldu nahiz hobetzeari eta ments-ustiapena duten trenbideentzako laguntzak antolatzeari buruzkoa.
6.) Abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sozietate Anonimoen Legearen testu bategineko 281. artikulua.
7.) Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko martxoaren 23ko 2/1995 Legearen 124. artikulua.
8.) Kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 73. artikuluko 7. paragrafoa eta laugarren xedapen gehigarria.
9.) Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategineko 54. artikulua, gaiaren inguruko indarreko lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta egokitu zituena; testu bategin hori apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen.
10.) Itsas-Hipotekari buruzko 1893ko abuztuaren 21eko Legearen 51. artikulua.
11.) Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 568. artikulua.
12.) Langileen Estatutuaren 51. artikuluko 10. paragrafoa.
4. Halaber, lege honetan xedatutakoaren aurkakoak edo bateraezinak diren arau guztiak indarrik gabe geratuko dira.
Lehenengoa. Kode Zibila eraldatzea
Kode Zibilaren 1921. artikuluari bigarren lerrokada gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe izango da:
«Konkurtso-kasuetan, Konkurtsoari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko zaio kredituen sailkapen eta mailakatzeari».
Bigarrena. Merkataritza Kodea eraldatzea
Merkataritza Kodea honetara aldatu da:
1. 13. artikuluaren 2. idatz-zatiak idazkera hau izango du:
«2. Konkurtso Legearen arabera desgaitu diren pertsonak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian zehaztu desgaikuntzaepealdia amaitu ez den bitartean.»
2. 157. artikuluak idazkera hau izango du:
«Sozietate Anonimoen Legean ezarri desegite-arrazoiak gorabehera, sozietaea desegingo da bazkide kolektibo guztien heriotza, kargua uztea zein ezgaitasuna gertatzen bada edo konkurtsoan likidazio-fasea irekitzen bada, salbu eta sei hilabeteko epean eta estatutuak aldatuz, bazkide kolektiboren bat sartu denean sozietatean edo sozietate hori beste sozietate-mota batean transformatzea erabaki denean.»
3. 221. artikuluan ezarri 3. arrazoiak idazkera hau izango du:
«3. Konkurtso-adierazpena jaso duen konpainiaren likidazio-fasea irekitzea.»
4. 222. artikuluan ezarri 3. arrazoiak idazkera hau izango du:
«3. Likidazio-fasea irekitzea, bazkide kolektiboetatik edozeinen konkurtsoan.»
5. 227. artikuluak idazkera hau izango du:
«Sozietatearen hartzekoa likidatu eta zatitzean, konpainiaren eskrituran ezarri erregelak, eta, halakorik ez badago, hurrengo artikuluetan adierazitakoak.
Hala ere, sozietatea desegiten denean 221 eta 222. artikuluetan ezarri 3. arrazoiaren ondorioz, likidazioa egingo da Konkurtso Legearen V. tituluaren II. kapituluan ezarritakoa aintzat hartuta.»
6. 274. artikuluaren bigarren lerrokadak idazkera hau izango du:
«Aseguratzailearen konkurtso-adierazpena egin bada, komisio-hartzaileak aseguru-kontratu berria hitzartu beharko du, salbu eta komisio-emaileak beste zerbait ezarri duenean.»
7. 580. artikuluari beste lerrokada bat gehitu zaio amaieran, bigarren lerrokada moduan, eta horren idazkera hauxe da:
«Salbuespenez, konkurtsoan itsasontzia banantzeko eskubidea egikaritu ez bada Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera, kredituen sailkapena eta mailaketa bertan ezarritakoaren arabera arautuko da.»
Hirugarrena. Prozedura Zibilaren Legea eraldatzea
Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea honetara aldatu da:
1. 7. artikuluari 8. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«8. Konkurtsopean daudenen gaitasunari buruzko mugak eta horiek gainditzeko moduak arautuko dira Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera.»
2. 17. artikuluari 3. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«3. Konkurtso-prozeduretan zein ondasun eta eskubide auzigai besterendu eta besterentze horrek ondorioztatutako prozesu-ondorengotza arautuko da Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera.
Halakoetan, beste alderdiak konkurtsopean dagoenaren aurka zein eskubide eta salbuespen izan eta horiek modu eragingarrian aurka jar diezazkioke eskuratzaileari.»
3. 98. artikuluaren 1.2 paragrafoko bigarren lerrokadak idazkera hau izango du:
«Salbuespenez, zenbaki honetan aipatutako metaketa ez da aginduko, prozesuak betearazpenekoak badira eta horietan ondasun hipotekatuak edo bahituak soilik pertsegitzen badira. Horrez gain, ondasun horiek ez dira inoiz oinordetza-prozesuan barruratuko, betearazpena hasteko data edozein izanik ere.»
4. 463. artikuluaren 1. paragrafoak idazkera hau izango du:
«1. Gora jotzeko errekurtsoak jarri ondoren, eta, kasuan-kasuan, aurka jartzeedo aurkaratze-idazkiak aurkeztu ondoren, gora jo den ebazpena zein auzitegik eman eta horrek aginduko du auzi-paperak auzitegi eskudunari igortzea, azken horrek gora-jotzearen inguruan ebazpena eman dezan, alderdiak 30 egunez epatuz; baina, behin-behineko betearazpena eskatu bada, lehen auzialdiko auzitegian utziko da betearazpen horretarako beharrezko denari buruzko lekukotza.»
5. 472. artikuluak idazkera hau izango du:
«Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, jatorrizko auzi-paper guztiak igorriko zaizkio, hurrengo bost egunetan, 468. artikuluan aipatu salari, alderdiak 30 egunez bertan epatuz. Horrek ez dio kalterik egingo, auzi-paperak igorri behar izateari, errekurtsogile ez den auzilari batek edo batzuek kasazio-errekurtsoa prestatu badute epai horren aurka. Halakoetan, kasazio-errekurtsoaren gaineko ardura duen sala eskudunari igorriko zaio epaiaren eta kasazio-errekurtsogileak eskatu xehetasunen inguruko lekukotza; bertan, ohar baten bidez, arau-hauste prozesalaren ondoriozko errekurtso berezia prestatu dela adieraziko da, lege honen 488. artikuluan xedatu ondoreetarako.»
6. 482. artikuluaren 1. paragrafoak idazkera hau izango du:
«1. Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, hurrengo bost egunetan auzi-paper guztiak igorriko zaizkio kasazio-errekurtsoaren gaineko ardura duen auzitegi eskudunari, alderdiak 30 egunez hartara joateko epatuz.»
7. 568. artikuluak idazkera hau izango du:
«Auzitegiak betearazpena etengo du, hura dagoen moduan, alderdi exekutatua konkurtsoan dagoela auzitegiari jakinarazi bezain laster.
Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera egingo dira hipotekatu eta bahitutako ondasunen aurka soilik zuzendutako betearazpenaren hasiera eta jada hasitako prozeduren jarraipena.»
Laugarrena. Doako Laguntza Juridikoaren Legea eraldatzea
Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluaren d) paragrafoa aldatu da, eta horren idazkera hauxe da:
«d) Lan-jurisdikzioan, gainera, Gizarte Segurantzaren sistemako langile eta onuradunak, hala epaiketa-defentsari begira, nola konkurtso-prozeduretan lan-eskubideak eragingarriak izateko akzioak egikaritzeari begira.»
Bosgarrena. Ordezko prozesu-zuzenbidea
Lege honetan arautu ez den zatian, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoa aplikatuko da, bereziki bertan zehaztutako epe oro zenbatzeari dagokionez.
Konkurtso-prozesuen eremuan, Prozedura Zibilaren Legeak ezarri printzipioak aplikatuko dira, prozesuaren antolamendu formal eta materialari begira.
Seigarrena. Idazkari judizialen eginkizunak
Konkurtso-prozeduren antolamendu formala eta materiala egitean edota ebazpenak ematean idazkari judizialek izan beharreko esku-hartzea, bai eta gai honen inguruko arazoetan kasuan-kasuan egin behar den interpretazioa ere Botere Judizialaren Lege Organikoan eta Prozedura Zibilaren Legean xedatutakora egokituko dira.
Zazpigarrena. Hipoteka Legea eraldatzea
Hipoteka Legeari buruzko 1946ko otsailaren 8ko Legearen 127. artikuluko zazpigarren lerrokadak idazkera hau izango du:
«Prozeduraren gaineko eskumena izango du zordunari begira eskuduna den epaile edo auzitegiak.
Hurrengo inguruabarrek ez dute sekula geldiaraziko exekuzio-prozedura: hirugarrenaren erreklamazioak, baldin eta horren oinarria ez bada aurretiaz inskribatutako titulua, ezta zordunaren edo hirugarren edukitzailearen heriotzak ere.
Konkurtso-kasuetan, Konkurtso Legeak ezarritakoa aplikatuko da.»
Zortzigarrena. Ondasun Higigarrien Hipotekari eta Edukitzaren Lekualdaketarik gabeko Bahiari buruzko Legea eraldatzea
Ondasun Higigarrien Hipotekari eta Edukitzaren Lekualdaketarik gabeko Bahiari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legea honetara aldatu da:
1. 10. artikuluaren bigarren lerrokadak idazkera hau izango du:
«Konkurtso-kasuetan, Konkurtso Legean ezarritakoak arautuko ditu hipotekaedo pignorazio-hartzekodunaren lehenespena eta hurrenkera.»
1. 66. artikuluak idazkera hau izango du:
«10. artikuluaren lehenengo paragrafoan ezarritakoa gorabehera, pignorazio-kreditua baino lehen ordainduko dira:
1. Hazien ondoriozko eta uzta nahiz fruituen lugintzarako nahiz bilketarako gastuen ondoriozko kredituak, behar bezala justifikatu badira.
2. Ondasun pignoratuak zein finkatan sortu, biltegiratu edo gordailutu eta finka horren azken hamabi hilabeteetako aloger edo errenten kredituak.
Konkurtso-kasuetan, Konkurtso Legean xedatutakoa aplikatuko da.»
Bederatzigarrena. Itsas-Hipotekaren Legea eraldatzea
Itsas-Hipotekari buruzko 1893ko abuztuaren 21eko Legea honetara aldatu da:
1. 31. artikuluari beste lerrokada bat gehitu zaio amaieran, bigarren lerrokada moduan, eta horren idazkera hauxe da:
«Salbuespenez, konkurtsoan itsasontzia banantzeko eskubidea egikaritu ez bada Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera, kredituen sailkapena eta mailaketa bertan ezarritakoaren arabera arautuko da.»
2. 32. artikuluari beste lerrokada bat gehitu zaio amaieran, bigarren lerrokada moduan, eta horren idazkera hauxe da:
«Salbuespenez, konkurtsoan itsasontzia banantzeko eskubidea egikaritu ez bada Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera, kredituen sailkapena eta mailaketa bertan ezarritakoaren arabera arautuko da.»
Hamargarrena. Aurrekontu Orokorren Legea eraldatzea
Irailaren 23ko 1091/1988 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen testu bategina, eta horren 39. artikuluak idazkera hau izango du:
«1. Konkurtso-kasuetan izan ezik, ezin izango da transakziorik egin epaiketa bidez ez epaiketatik kanpo Herri Ogasunaren eskubideen gain, ezta tartekaritzapean jarri ere eskubide horien inguruan sor daitezkeen gatazkak; hori Ministroen Kontseiluan erabakitako errege dekretu baten bidez egin beharko da, aurretiaz Estatu-kontseiluaren osoko bilkura entzunda.
2. Herri Ogasunak konkurtso-prozeduren barruan hitzarmenak sinatu eta egiteko, Ogasun Ministerioaren baimena baino ez da behar, eta eskumen hori Tributu Administrazioko Estatu Agentziako organoei eskuordetu ahal zaie.
Hala ere, hitzarmen horiek sinatu eta egiteko nahiko izango da Tributu Administrazioko Estatu Agentziaren organo eskudunaren baimena, legearen edo hitzarmen baten arabera Agentzia horri dagokionean kredituen bilketa; eskumen hori hitzarmen bidez ezarri bada, hitzartutakoa bete behar da.
Alokairuen Berme Funtsaren kasuan, konkurtsoprozeduren barruan hitzarmenak sinatu eta egiteko, organo eskudunaren baimena beharko da, erakunde autonomoaren arauketak ezarritakoaren arabera.
3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatu ahal izango da Konkurtso Legean ezarri hitzarmenak sinatzeko, edo, hala denean, horiei atxikitzeko, bai eta, zordunaren adostasunarekin eta bidezko bermeak errespetatuz, ordainketabaldintza bereziak erabakitzeko ere, baldin eta baldintzok zordunarentzat ez badira hitzarmenean gainerako kredituetarako ezarritakoak baino mesedegarriagoak.
Gisa berean, paragrafo honetan aipatu kredituen konpentsazioa erabaki daiteke, tributu-legerian ezarri baldintzetan.»
Hamaikagarrena. Tributu Lege Orokorra eraldatzea
Tributuei buruzko abenduaren 28ko 230/1963 Lege Orokorra honetara aldatu da:
1. 71. artikuluak idazkera hau izango du:
«1. Herri Ogasunak lehentasuna izango du muga-eguneratuta baina ordaindu gabe dauden tributu-kredituak kobratzeko, baldin eta berarekin batera agertzen diren hartzekodunak ez badira jabari-, bahizein hipoteka-hartzekodunak, edo ez bada Erregistroan Herri Ogasunaren eskubidea agerrarazi baino lehen behar bezala inskribatu den beste eskubide erreal baten titularra, lege honen 73 eta 74. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe
2. Konkurtso-kasuetan, tributu-kredituak Konkurtso Legean ezarritakoaren mende geratuko dira.»
2. 72. artikuluari 3. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«3. Aurreko paragrafo bietan xedatutakoa ezin izango zaie aplikatu konkurtsopeko zordunaren establezimendu nahiz ustiategiak edo horren ondasun eta zerbitzuen ekoizpen-unitateak eskuratzen dituztenei, eskuraketa egin denean zordunaren eta hartzekodunen arteko hitzarmena exekutatzearen ondorioz edo masa aktiboa likidatzearen ondorioz.»
3. 129. artikuluaren 3 eta 4. paragrafoen idazkera hauxe izango da:
«3. Legeak kredituak kobratzeko ezarri hurrenkerari kalterik egin gabe, premiamendu-prozedura beste exekuzio-prozedura judizial edo administratiboarekin batera gertatu denean, enbargoa zeinetan egin lehenengo eta prozedura horrek izango du lehenespena.
4. Hartzekodunen konkurtsoa dagoenean, Konkurtso Legean, eta, hala denean, Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 39. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da; hori gorabehera, kasuan kasuko probidentzia eman daiteke eta premiamendu-gainordaina sor daiteke, baldin eta horretarako lege-baldintzak eman badira, konkurtso-adierazpenaren aurretik.»
Hamabigarrena. Ondare-Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Legea eraldatzea
Irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen OndareEskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategina, eta hori honetara aldatu da:
1. 45. artikuluaren 1. paragrafoko b) letrari beste zenbaki bat gehitu zaio, 19. zenbaki gisa, eta horren idazkera hauxe da:
«19. Konkurtsopeko pertsona juridikoak egindako kapital-gehikuntzak, horien helburua denean kredituak kapital bihurtzea, Konkurtso Legearen arabera epaileak onetsitako hitzarmena betetzeko.»
2. 46. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«5. Ulertuko da konkurtsoko epaileak bere ebazpenetan ondasun eta eskubide eskualdatuei emandako balioa dela euren benetako balioa; ondorenez, balioak ez dira egiaztatuko konkurtsoprozeduran gertatutako ondasun eta eskubideen eskualdaketetan, epaileak onetsitako hitzarmenean ezarri kreditulagapenak eta likidazio-faseko aktibobesterentzeak barne.»
Hamahirugarrena. Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legea eraldatzea
Ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen testu bategina, eta hori honetara aldatu da:
1. 20. artikuluaren «b» paragrafoak idazkera hau izango du:
«b) Konkurtso-adierazpena eskatzea, kaudimengabeak direla adieraztea edozein prozeduratan, konkurtso-adierazpena jasotzea, epailearen esku-sartzearen mende egotea, edo Konkurtso Legearen arabera desgaitua izanda, konkurtsoa kalifikatzeko epaian zehaztu desgaikuntza-epealdia amaitzear egotea.»
2. 111. artikuluaren «b» paragrafoak idazkera hau izango du:
«b) Konkurtso-adierazpena edo kaudimengabezia-adierazpena, beste edozein prozeduratan.»
3. 112. artikuluaren 2 eta 7. paragrafoek idazkera hau izango dute, hurrenez hurren:
«2. Edozein prozeduratan kaudimengabezia adierazteak eta konkurtsokasuetan likidazio-fasea irekitzeak beti ekarriko dute kontratua suntsiaraztea.
Kontratua suntsiarazteko beste kasuetan, suntsiarazpena egikaritzeko eskubidea hautazkoa izango da alderdiarentzat, suntsiarazpen hori eragin duen inguruabarra ezin zaionean berari egotzi, eta, betiere, 7. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe; gainera, 149. artikuluaren e) paragrafoan, 192. artikuluaren c) paragrafoan eta 214. artikuluaren c) paragrafoan ezarri aldaketak gertatu badira ehuneko 20an baino gehiago, Administrazioak eska dezake suntsiarazpena.»
«7. Konkurtso-adierazpena egin denean eta likidazio-fasea ireki ez den bitartean, Administrazioak kontratuari euts diezaioke, baldin eta bere ustez, kontratariak behar besteko bermeak eskaini baditu exekuzioa egiteko.»
Hamalaugarrena. Langileen Estatutua eraldatzea
Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina, eta hori honetara aldatu da:
1. 32. artikuluak idazkera hau izango du:
«1. Azken hogeita hamar lan-egunetako alokairu-kredituek lehenespena izango dute gainerako kredituei begira, nahiz eta kredituok bahi edo hipotekarekin bermatuta egon, baldin eta euren zenbatekoak ez badu gainditzen lanbidearteko gutxieneko alokairuaren bikoitza.
2. Alokairu-kredituek lehenespena izango dute langileek egindako edozein objekturen gain dauden kredituei begira, enpresaburuak objektuen gaineko jabetza edo edukitza izan bitartean.
3. Aurreko paragrafoetan babestu gabeko alokairu-kredituek pribilegio berezia izango dute. Pribilegio berezi horretara bilduko da lanbidearteko gutxieneko alokairuaren hirukoitza ordaintzeke dauden alokairu-egunekin biderkatu ondoren lortutako zenbatekoa. Kreditu horiek lehenespena izango dute beste edozein kredituri begira, legearen arabera lehentasuna duten eskubide errealek bermatutako kredituei begira izan ezik.
Kreditu pribilegiatuak izango dira, berebat, kaleratzeen ondoriozko kalte-ordainak, legeak ezarri gutxieneko zenbatekoan; zenbateko hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da lanbidearteko gutxienekoaren hirukoitza gainditu ez duen oinarria.
4. Alokairu-kredituaren lehenespeneskubideak egikaritzeko epea urtebetekoa da, alokairua jaso behar izan zenetik zenbatzen hasita; epe hori igarota, eskubide horiek preskribatu egingo dira.»
5. Aurreko paragrafoetan aitortutako lehenespenak aplikatuko dira, enpresaburua konkurtso-egoeran dagoela adierazi gabe kasuan kasuko kredituak enpresaburuaren ondasunei buruzko beste kreditu bat edo batzuekin pilatzen direnean.
Konkurtso-kasuetan, Konkurtso Legearen kreditu-sailkapenari, betearazpenei eta premiamenduei buruzko xedapenak aplikatuko dira.
2. I. tituluaren III. kapituluari beste atal bat gehitu zaio, 5. atal moduan, eta «Konkurtso-prozedura» izenburupean, hurrengo artikuluak osatzen du atal hori:
«57 bis. artikulua. Konkurtso-prozedura
Konkurtso-kasuetan, Konkurtso Legean ezarritako berezitasunak aplikatuko zaizkie lan-kontratuen eraldatze, etete eta azkentze kolektiboei, bai eta enpresa-ondorengotzei ere.»
Hamabosgarrena. Lan-Prozeduraren Legea eraldatzea
Apirilaren 7ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen LanProzedurari buruzko Legearen testu bategina, eta hori honetara aldatu da:
1. 2. artikuluaren «a» paragrafoak idazkera hau izango du:
«a) Enpresaburuen eta langileen artean, lan-kontratuen ondorioz, Konkurtso Legean xedatutakoa izan ezik.»
2. 3. artikuluaren 1. paragrafoari d) lerrokada gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«d) Uziak, Konkurtso Legeak modu esklusibo eta besterentzailean erreserbatu dizkionean horien gaineko eskumena eta erabakia konkurtsoko epailearen jurisdikzioari.»
3. 4. artikuluaren 1. paragrafoak idazkera hau izango du:
«1. Lan-arloko jurisdikzio-organoen eskumena hedatzen da arlo horri ez dagozkion aurretiazko arazoak eta epaitu aurreko arazoak aztertu eta erabakitzera, arazook zuzeneko lotura dutenean arlo horri eratxikitakoekin, artikulu honen 3. paragrafoan eta Konkurtso Legean ezarritakoa salbu.»
4. 6. artikuluak idazkera hau izango du :
«Lan-arloko epaitegiek lan-jurisdikzioari eratxikitako prozesu guztien gaineko eskumena izango dute, lege honetako 7 eta 8. artikuluetan eta Konkurtso Legean xedatutakoa izan ezik.»
5. 188. artikuluaren 1. paragrafoak idazkera hau izango du:
«Auzitegi Nagusiko Auzitegien lanarloko salek eskumena izango dute euren mugapeko lan-arloko epaitegiek emandako ebazpenen kontrako eta mugape horretako merkataritzako epaileek emandako auto eta epaien kontrako suplikazio-errekurtsoak aztertzeko, baldin eta ebazpen, auto nahiz epaiok lan-zuzenbidea ukitzen badute.»
6. 189. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«Merkataritzako epaitegiek konkurtso-prozeduran eman eta lan-izaerako arazoak ebazten dituzten auto eta epaiak.»
7. 235. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«5. Konkurtso-kasuetan, Konkurtso Legean ezarritakoa beteko da.»
8. 246. artikuluaren 3. paragrafoak idazkera hau izango du:
«3. Konkurtso-kasuetan, langileek zor zaizkien alokairuak kobratzeko egikari ditzaketen exekuzio-akzioak Konkurtso Legean ezarritakoaren mende geratzen dira.»
9. 274. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«5. Exekutatuaren kaudimengabezia-adierazpena "Merkataritzako Erregistroaren Aldizkari Ofizial"ean argitaratuko da.»
10. Zortzigarren xedapen gehigarria gehitu da, eta horren idazkera hauxe da:
«Zortzigarren xedapen gehigarria.
Lege honetako xedapenak ezin izango zaizkie aplikatu konkurtso-kasuetan sortutako lan-auziei, baldin eta Konkurtso Legearen arabera konkurtsoko epaileari badagokio horiek ebaztea, lege horretan jasotako esanbidezko salbuespenekin.»
Hamaseigarrena. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra eraldatzea
Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina, eta hori honetara aldatu da:
1. 22. artikuluak idazkera hau izango du:
«22. artikulua. Kredituen hurrenkera Gizarte Segurantzako kuoten eta batera biltzeko kontzeptuen ondoriozko kredituek, eta, hala denean, horien gainordain eta korrituek izango dute Kode Zibilaren 1924. artikuluko 1. paragrafoan aipatu kredituen lehenespena, horiei guztiei dagozkienez.
Gizarte Segurantzako gainerako kredituek izango dute aipatu aginduaren 2. paragrafoko E) idatzzatian ezarri lehenespena.
Konkurtso-kasuetan, Gizarte Segurantzako kuoten eta batera biltzeko kontzeptuen ondoriozko kredituak, eta, hala denean, horien gainordain eta korrituak, bai eta Gizarte Segurantzako gainerako kredituak ere, Konkurtso Legean ezarritakoaren mende geratuko dira.
Legeak kredituak kobratzeko ezarri hurrenkerari kalterik egin gabe, premiamendu-prozedura beste exekuzioprozedura judizial edo administratibo berezi batzuekin batera gertatu denean, enbargoa zeinetan egin lehenengo eta prozedura horrek izango du lehenespena.»
2. 24. artikuluak idazkera hau izango du:
«24. artikulua. Gizarte Segurantzaren eskubideei buruzko transakzioak
Ezin izango da transakziorik egin epaiketa bidez ez epaiketatik kanpo Gizarte Segurantzaren eskubideen gain, ezta tartekaritzapean jarri ere eskubide horien inguruan sor daitezkeen gatazkak; hori Ministroen Kontseiluan erabakitako errege dekretu baten bidez egin beharko da, aurretiaz Estatu-kontseilua entzunda.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Gizarte Segurantzaren zorduna hartzekodunen konkurtsopean badago, Gizarte Segurantzako Altxortegi Nagusiak Konkurtso Legean ezarri hitzarmenak edo erabakiak izenpetu ahal izango ditu edo horiei atxiki ahal izango zaie, eta zordunari begira horren kredituaren baldintzak ezin izan daitezke gainerako hartzekodunekin hitzartutakoak baino hobeak.»
3. 208. artikuluaren 1.1 paragrafoaren a) idatz-zatiak idazkera hau izango du:
«a) Enplegua erregulatzeko espedientearen edo konkurtso-prozeduran epaileak hartutako ebazpenaren ondorioz.»
4. 208. artikuluko 1. paragrafoaren 2. zenbakiaren idazkera hauxe da:
«2. Lan-harremanak eteten direnean, enplegua erregulatzeko espedientearen edo konkurtso-prozeduran epaileak emandako ebazpenaren ondorioz.»
Hamazazpigarrena. Kanbio-Letra eta Txekearen Legea eraldatzea
Kanbio-Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 50. artikuluak idazkera hau izango du:
«Letra muga-eguneratutakoan, ukandunak atzerabidezko akzioa egikari dezake endosatzaileen, igortzailearen eta gainerako betebeharpekoen kontra, ez bada ordainketarik egin.
Muga-eguna heldu aurretik ere akzio bera egikari daiteke, hurrengo kasuetan:
a) Onarpena erabat edo zati batean ukatu denean.
b) Igorpenduak, hori onartzailea izan zein ez, konkurtso-adierazpena jaso duenean, edota horren ondasunen enbargoak emaitzarik izan ez duenean.
c) Letra onarpenerako aurkeztea debekatu denean, eta letra horren igortzaileak konkurtso-adierazpena jaso duenean.
b) eta c) paragrafoen kasuan, demandatuek lor dezakete epaileak ordainketa-epea ematea, baina ezin izango da inoiz gainditu letraren muga-eguna.»
Hemezortzigarrena. Balore-Merkatuaren Legea eraldatzea
Balore-Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea honetara aldatu da:
1. 44bis artikuluaren 8 eta 9. paragrafoek idazkera hau izango dute:
«8. Sistema-sozietateak kudeatutako sistemetan parte hartu duen erakunde baten konkurtsoa adierazitakoan, sozietate horrek erabateko banantze-eskubidea izango du, berak kudeatutako sistemetan erakundeok zer-nolako bermeak eratu eta berme horien mendeko ondasun eta eskubideei begira.
Aurrekoari kalterik egin gabe, bermatutako eragiketak likidatu ostean geratzen den soberakina sartuko da parte-hartzailearen konkurtsoko masa aktiboan.
9. Artikulu honetan aipatu sistemetan parte hartu duen erakunde baten konkurtsoa adierazi eta gero, BaloreMerkatuko Nazio Batzordeak, berehala eta inbertitzailearentzat kosturik sorrarazi gabe, xedatu ahal izango du baloreen kontabilitate-erregistroak lekualdatzea jarduera hori garatzeko gaitu den beste erakunde batera, betiere, Espainiako Bankuaren eskumenei kalterik egin gabe.
Gisa bertsuan, baloreen titularrek eska dezakete horiek beste erakunde batera lekualdatzea.
Zehaztu erregistroen ardura hartzeko moduko erakunderik ez badago, sistema-sozietateak bereganatuko du behin-behinean jarduera hori, titularrek euren baloreen erregistroa lekualdatzea eskatu arte.
Ondore horietarako, bai konkurtsoko epaileak bai konkurtso-administrazioak baloreak jasoko dituen erakundeari erraztuko diote lekualdaketa egiteko agiriak eskuratzea, edota kontabilitatenahiz informatika-erregistroetara sartzea.
Konkurtso-prozedurak ez du eragotziko baloreen titularrei euren eskubide ekonomikoak egikaritu edo saltzearen ondoriozko dirua helaraztea.»
2. 58. artikuluari 6. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«6. Idatzoharretako Herri Zorraren Merkatua kudeatzen duen erakundearen konkurtsoa adierazitakoan, Espainiako Bankuak, berehala eta inbertitzailearentzat kosturik sorrarazi gabe, xedatu ahal izango du hirugarrenen izenean idatzohartutako baloreak beste erakunde kudeatzaile batzuetatik lekualdatzea.
Era berean, baloreen titularrek eska dezakete horiek beste erakunde kudeatzaile batera lekualdatzea.
Ondore horietarako, bai konkurtsoko epaileak bai konkurtso-administrazioak baloreak jasoko dituen erakundeari erraztuko diote lekualdaketa egiteko agiriak eskuratzea, edota kontabilitatenahiz informatika-erregistroetara sartzea; horretara, baloreen titularrek euren eskubideak egikaritu ahal dituztela ziurtatzen da.
Konkurtso-prozedurak ez du eragotziko baloreen titularrei euren eskubide ekonomikoak egikaritu edo saltzearen ondoriozko dirua helaraztea
3. 67. artikuluaren 2. paragrafoko g) idatz-zatiak idazkera hau izango du:
«g) Administrazio Kontseiluko kideak, zuzendari nagusiak edo horiekin berdinetsitakoak ez egotea desgaituta, Espainian edo atzerrian, konkurtso-prozeduraren ondorioz; auzipetuak ez izatea, edo, Prozedura Kriminalaren Legeko IV. liburuko III. tituluan aipatu prozeduraren kasuan, ahozko epaiketa irekitzeko autoa ez ematea; zigor-aurrekaririk ez izatea faltsutze-delituaren, Herri Ogasunaren aurkako delituaren, agirien jagoletzari begira izandako desleialtasun-delituaren, sekretuak hausteko delituaren, kapitalen zuritze-delituaren, funts publikoak bidegabe eralgitzearen ondoriozko delituaren, sekretuak aurkitu edo ezagutzera ematearen ondoriozko delituaren edo jabetzaren aurkako delituaren ondorioz; edo kargu publikoetan zein finantza-erakundeak administratu edo zuzentzeko karguetan aritzeko desgaituta ez egotea nahiz karguok etenda ez izatea, zigoredo administrazio-ebazpenaren ondorioz.»
4. 73. artikuluaren h) paragrafoak idazkera hau izango du:
«h) Inbertsio-zerbitzuetarako enpresa edo pertsona zein erakundea epaiketa bidez konkurtsopean dagoela adierazi bada.»
5. 76bis artikuluak idazkera hau izango du:
«Balore-Merkatuko Nazio Batzordeak legitimazioa izango du inbertsio-zerbitzuetarako enpresen konkurtso-adierazpena eskatzeko, baldin eta erakundeek bidalitako kontabilitate-egoerek edo batzordeko zerbitzuen egiaztapenek ondorioztatzen badute enpresok kaudimengabezian daudela, Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera.»
Hemeretzigarrena. Hipoteka-Merkatuaren Legea eta Finantza-Sistema Eraldatzeko Neurrien Legea eraldatzea
1. Hipoteka-Merkatua Arautzeari buruzko martxoaren 25eko 2/1981 Legearen 14. artikuluari beste bi lerrokada gehitu zaizkio bigarren paragrafo moduan, eta horren idazkera hauxe da:
«Konkurtso-kasuetan, hipoteka-zedula eta -bonoak dituztenek izango dute Konkurtso Legearen 90. artikuluko 1. paragrafoaren 1. zenbakian ezarri pribilegio berezia.
Aurrekoari kalterik egin gabe, Konkurtso Legearen 84. artikuluko 2. paragrafoaren 7. zenbakian ezarritakoaren arabera, konkurtsoan masaren aurkako kreditu gisa ordainduko dira konkurtsoa eskatu zenean jaulkita baina amortizatzeke zeuden zedula eta bonoen kapital nahiz korrituak, muga batekin: hipoteka-zedula eta -bono horiek bermatutako hipoteka-maileguetan konkurtsopekoak jasotako sarreren zenbatekoa.»
2. Finantza-Sistema Eraldatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/ 2002 Legearen 13. artikuluari zazpigarren paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«Zazpigarrena. Konkurtso-kasuetan, lurralde-zedulak dituztenek izango dute Konkurtso Legearen 90. artikuluko 1. paragrafoaren 1. zenbakian ezarri pribilegio berezia.
Aurrekoari kalterik egin gabe, Konkurtso Legearen 84. artikuluko 2. paragrafoaren 7. zenbakian ezarritakoaren arabera, konkurtsoan masaren aurkako kreditu gisa ordainduko dira konkurtsoa eskatu zenean jaulkita baina amortizatzeke zeuden lurralde-zedulen kapital nahiz korrituak, muga batekin: zedula horiek bermatutako maileguetan konkurtsopekoak jasotako sarreren zenbatekoa.»
Hogeigarrena. Sozietate Anonimoen Legea eraldatzea
Abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Sozietate Anonimoei buruzko Legearen testu bategina, eta hori honetara aldatu da:
1. 124. artikuluak idazkera hau izango du:
«124. artikulua. Debekuak
1. Ezin daitezke administratzaile izan emantzipatu gabeko adingabeak, epaiketa bidez ezgaitu direnak, Konkurtso Legearen arabera desgaitutako pertsonak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian zehaztu desgaikuntza-epealdia amaitu arte, ezta askatasunaren, ondarearen, gizarteeta ekonomia-ordenaren, segurtasun kolektiboaren nahiz Justizia Administrazioaren kontrako delituen edota beste edozein faltsutze-motaren aurkako delituen ondorioz kondenatuak izan direnak, ezta, euren karguaren arabera, merkataritzan aritu ezin direnak ere.
2. Ezin izango dira administratzaile izan, berebat, Herri Administrazioaren zerbitzupean lan egiten duten funtzionarioak, euren eginkizunak sozietatearen berezko jarduerekin lotzen badira, ezta epaile nahiz magistratuak, edota lege-bateraezintasunen batek ukitutako beste pertsonak ere.»
2. 260. artikuluaren 2. paragrafoak idazkera hau izango du:
«2. Konkurtso-adierazpena berez ez da izango desegite-arrazoia, baina prozeduran likidazio-fasea irekiz gero, sozietatea deseginda geratuko da modu automatikoan.
Azken kasu horretan, konkurtsoko epaileak desegite hori irekiera-ebazpenean agerraraziko du, eta sozietatea likidatuko da likidatzailerik izendatu gabe, Konkurtso Legearen V. tituluko II. kapituluan ezarritakoa kontuan izanda.»
3. 260. artikuluaren 1. paragrafoko 4. zenbakiak idazkera hau izango du:
«4. Ondarea sozietate-kapitalaren erdia baino txikiagoa den zenbatekora gutxitzen duten galerak izateagatik, salbu eta kapital hori behar beste gehitu edo urritzen denean, eta, betiere, Konkurtso Legearen arabera ez bada bidezkoa konkurtso-adierazpena eskatzea.»
4. 262. artikuluaren 2. paragrafoak orain idazkera hau izango du:
«2. Administratzaileek Batza Orokorrerako deialdia egin beharko dute bi hilabeteko epean, horrek desegitea erabaki dezan.
Era berean, ondarea sozietate-kapitalaren erdia baino txikiagoa den zenbatekora gutxitzen duten galeren ondoriozko konkurtso-adierazpena eska dezakete administratzaileek, salbu eta kapital hori behar beste gehitu edo urritzen denean, eta, betiere, urripenak sozietatearen kaudimengabezia ekarri badu, Konkurtso Legearen 2. artikuluan aipatu baldintzetan.
Akziodunetatik edozeinek eska diezaieke administratzaileei batzarako deialdia egitea, baldin eta beraren iritziz, zuzenbidearen araberako arrazoia badago, sozietatea desegiteko edo konkurtsoa hasteko.»
5. 262. artikuluaren 4. paragrafoak idazkera hau izango du:
«4. Administratzaileek sozietatearen desegite judiziala eskatu behar dute sozietatearen erabakia desegitearen aurkakoa denean edo ezin denean lortu halako erabakirik.
Eskaria bi hilabeteko epean egin beharko da, batza egiteko datatik zenbatuta, batza hori eratu ez denean, edo batzaren egunetik, erabakia desegitearen aurkakoa izan denean edo erabaki hori lortu ez denean.»
6. 262. artikuluaren 5. paragrafoak idazkera hau izango du:
«5. Hala denean, desegite-erabakia hartu behar duen batzarako deialdia bi hilabeteko epean egiteko betebeharra bete ez badute administratzaileek, erantzukizun solidarioa izango dute sozietate-betebeharren gain; erantzukizun berbera izango dute desegite judiziala edo, bidezkoa izanez gero, sozietatearen konkurtsoa bi hilabeteko epean eskatu ez duten administratzaileek, batza eratu ez den kasuan hori egiteko datatik zenbatzen hasita, eta erabakia desegitearen aurkakoa izan denean edo erabaki hori lortu ez denean, batzaren egunetik zenbatuta.»
Hogeita batgarrena. Erantzukizun Mugatuko Sozietateen Legea eraldatzea
Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko martxoaren 23ko 2/1995 Legea honetara aldatu da:
1. 58. artikuluaren 3. paragrafoak idazkera hau izango du:
«3. Ezin izango dira administratzaile izan emantzipatu gabeko adingabeak, epaiketa bidez ezgaitu direnak, Konkurtso Legearen arabera desgaitutako pertsonak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian zehaztu desgaikuntza-epealdia amaitu arte, ezta askatasunaren, ondarearen, gizarteeta ekonomia-ordenaren, segurtasun kolektiboaren nahiz Justizia Administrazioaren kontrako delituen edota beste edozein faltsutzemotaren aurkako delituen ondorioz kondenatuak izan direnak, ezta, euren karguaren arabera, merkataritzan aritu ezin direnak ere.
Ezin izango dira administratzaile izan, berebat, Herri Administrazioaren zerbitzupean lan egiten duten funtzionarioak, euren eginkizunak sozietatearen berezko jarduerekin lotzen badira, ezta epaile nahiz magistratuak, edota lege-bateraezintasunen batek ukitutako beste pertsonak ere.»
104. artikuluaren 1. paragrafoko e) idatz-zatiak idazkera hau izango du:
«e) Kontabilitate-ondarea sozietatekapitalaren erdia baino txikiagoa den zenbatekora gutxitzen duten galerak izateagatik, salbu eta kapital hori behar beste gehitu edo urritzen denean, eta, betiere, Konkurtso Legearen arabera ez bada bidezkoa konkurtso-adierazpena eskatzea.»
3. 104. artikuluaren 2. paragrafoak idazkera hau izango du:
«2. Konkurtso-adierazpena berez ez da izango desegite-arrazoia, baina, prozeduran likidazio-fasea irekiz gero, sozietatea deseginda geratuko da modu automatikoan.
Azken kasu horretan, konkurtsoko epaileak desegite hori irekiera-ebazpenean agerraraziko du, eta sozietatea likidatuko da likidatzailerik izendatu gabe, Konkurtso Legearen V. tituluko II. kapituluan ezarritakoa kontuan izanda.»
4. Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legearen 105. artikuluko 1 eta 5. paragrafoek idazkera hau izango dute:
«1. Aurreko artikuluaren 1. paragrafoko c). idatz-zatitik g).era ezarri kasuetan desegitea erabakitzeko edo konkurtsoa eskatzeko, 53. artikuluaren 1. paragrafoan aipatu gehiengoak hartutako erabakia behar da Batza Orokorrean.
Administratzaileek Batza Orokorrerako deialdia egin beharko dute bi hilabeteko epean, horrek desegitea erabaki edo konkurtsoa eska dezan.
Bazkideetatik edozeinek eska diezaieke administratzaileei batzarako deialdia egitea, baldin eta beraren iritziz, desegite-arrazoiren bat edo sozietatearen kaudimengabezia gertatu bada, Konkurtso Legearen 2. artikuluak aipatu baldintzetan.»
«5. Batza Orokorraren deialdia egin, desegite judiziala eskatu, edota, hala denean, hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko betebeharrak ez betetzearen ondorioz, administratzaileek erantzukizun solidarioa izango dute, sozietatezorren gain.»
5. 128. artikuluko 2. paragrafoak idazkera hau izango du:
«2. Bazkide bakarraren edo sozietatearen konkurtsoa dagoenean, masaren aurka ezin izango dira jarri aurreko paragrafoan jasotako kontratuak, baldin eta liburu-erregistroan kopiatu ez badira eta urteko oroitidazkian aipatu ez badira edo legearen arabera gordailutu ez den oroitidazkian aipatu badira.»
Hogeita bigarrena. Kooperatiben Legea eraldatzea
Kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 41. artikuluko d) paragrafoak idazkera hau izango du:
«d) Konkurtso Legearen arabera desgaitutako pertsonak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian zehaztu desgaikuntza-epealdia amaitu arte, enplegua edo kargu publikoa betetzeko ezinduta daudenak eta euren karguaren ondorioz irabazizko jarduera ekonomikoak gauzatu ezin dituztenak.»
Hogeita hirugarrena. Elkarrekiko Berme-Sozietateen Legea eraldatzea Elkarrekiko Berme-Sozietateei buruzko martxoaren 11ko 1/1994 Legea honetara aldatu da:
1. 43. artikuluko 2. paragrafoaren bigarren idatz-zatiak idazkera hau izango du:
«Merkataritzaeta lanbide-zintzotasuna izango dute, euren ibilbide pertsonalean merkataritzako legeei eta, oro har, jarduera ekonomikoa eta negozioen nondik norakoak arautzeko bestelako legeei, edota merkataritza-, finantzanahiz banku-eginera onei begirunea erakutsi dieten pertsonak.
Edozein kasutan ere, ulertzen da ez dutela halako zintzotasunik zigor-aurrekariak dituztenek ondokoagatik: osasun publikoaren kontrako delituekin lotutako kapital-zuritzea, faltsutze-delitua, Herri Ogasunaren aurkako delitua, agirien jagoletzari begira izandako desleialtasun-delitua, sekretuak hausteko delitua, funts publikoak bidegabe eralgitzearen ondoriozko delitua, sekretuak aurkitu edo ezagutzera emateko delitua edota jabetzaren aurkako delitua gauzatzeagatik; ez dute zintzotasunik, halaber, kargu publikoetan zein finantza-erakundeak administratu edo zuzentzeko karguetan aritzeko desgaituak izan direnek, edota Konkurtso Legearen arabera desgaituak izan direnek, konkurtsoa kalifikatzeko epaiak zehaztu desgaikuntza-epealdia amaitu arte.»
2. 59. artikuluaren g) paragrafoak idazkera hau izango du:
«g) Likidazio-fasea irekitzeagatik, sozietatea konkurtsopean dagoela adierazten denean.»
3. 59. artikuluari 3. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«3. Lehenengo paragrafoaren g) atalean ezarri kasuan, sozietatea deseginda geratuko da modu automatikoan, konkurtsoan likidazio-fasea irekiz gero.
Konkurtsoko epaileak desegite hori irekiera-ebazpenean agerraraziko du, eta sozietatea likidatuko da likidatzailerik izendatu gabe, Konkurtso Legearen V. tituluko II. kapituluan ezarritakoa kontuan izanda.»
Hogeita laugarrena. Kapital-Arriskurako Erakundeen Legea eraldatzea
Kapital-Arriskurako Erakundeak eta euren Sozietate Kudeatzaileak Arautzeari buruzko urtarrilaren 5eko 1/1999 Legea honetara aldatu da:
1. 8. artikuluaren 2. paragrafoko c) idatz-zatiak idazkera hau izango du:
«c) Administrazio Kontseiluko kideak, zuzendari nagusiak edo horiekin berdinetsitakoak ez egotea desgaituta, Espainian edo atzerrian, konkurtso-prozeduraren ondorioz; auzipetuak ez izatea, edo, Prozedura Kriminalaren Legeko IV. liburuko III. tituluan aipatu prozeduraren kasuan, ahozko epaiketa irekitzeko autoa ez ematea; zigor-aurrekaririk ez izatea faltsutze-delituaren, Herri Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituen, agirien jagoletzari begira izandako desleialtasun-delituaren, sekretuak hausteko delituaren, kapitalen zuritze-delituaren, errezibitzedelituaren eta horren antzeko beste jokabideen, funts publikoak bidegabe eralgitzearen ondoriozko delituaren edo jabetzaren aurkako delituaren ondorioz; edo kargu publikoetan zein finantza-erakundeak administratu edo zuzentzeko karguetan aritzeko desgaituta ez egotea nahiz karguok etenda ez izatea, zigoredo administrazio-ebazpenaren ondorioz.»
2. 13. artikuluaren b) paragrafoak idazkera hau izango du:
«b) Konkurtsopean dagoela adierazteagatik.»
3. 33. artikuluaren 2. paragrafoak idazkera hau izango du:
«2. Sozietate kudeatzailearen konkurtso-adierazpena dagoenean, konkurtso-administrazioak aldaketa eskatu beharko du, aurreko paragrafoan deskribatutako prozeduraren arabera.
Balore-Merkatuko Nazio Batzordeak ordezpena erabaki dezake konkurtsoadministrazioak halakorik eskatu ez duenean, eta berehala horren komunikazioa egingo dio konkurtsoko epaileari.»
Hogeita bosgarrena. Interes Ekonomikodun Elkartzeen Legea eraldatzea
Interes Ekonomikodun Elkartzeei buruzko apirilaren 29ko 12/19991 Legea honetara aldatu da:
1. 18. artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakiak idazkera hau izango du:
«3. Likidazio-fasea irekitzeagatik, elkartzea konkurtsopean dagoela adierazi denean.»
2. 18. artikuluari beste paragrafo bat gehitu zaio, bigarren paragrafo gisa, eta horren idazkera hauxe da:
«2. Aurreko paragrafoaren 3. zenbakian ezarri kasuan, elkartzea deseginda geratuko da modu automatikoan, konkurtsoan likidazio-fasea irekiz gero.
Konkurtsoko epaileak desegite hori irekiera-ebazpenean agerraraziko du, eta sozietatea likidatuko da likidatzailerik izendatu gabe, Konkurtso Legearen V. tituluko II. kapituluan ezarritakoa kontuan izanda.»
3. 18. artikuluaren 2. paragrafoa orain 3. paragrafoa izango da, eta horren idazkera hauxe da:
«3. 1. paragrafoaren 4 eta 5. zenbakietan ezarri kasuetan, desegiteak biltzarraren gehiengoak hartutako erabakia behar du.
Erabaki hori ez bada hartu hiru hilabeteko epean desegitearrazoia gertatu zenetik zenbatuta, bazkideetatik edozeinek eska dezake desegite hori epaiketa bidez adieraztea.»
4. 18. artikuluaren 3 eta 4. paragrafoak orain 4 eta 5. paragrafoak izango dira, hurrenez hurren, eta egungo idazkerari eutsiko diote.
Hogeita seigarrena. Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoaren Lege Estatutua eraldatzea Urriaren 29ko 7/2004 Legegintzako Errege Dekretuak indargabetua.
Hogeita zazpigarrena. Aseguru Pribatuen Antolamendu eta Ikuskapenaren Legea eraldatzea Urriaren 29ko 7/2004 Legegintzako Errege Dekretuak indargabetua.
Hogeita zortzigarrena. Aseguru-kontratuaren Legea eraldatzea
Aseguru-kontratuari buruzko urriaren 8ko 50/1980 Legearen 37. artikuluak idazkera hau izango du:
«34. artikulutik 36.erakoetan jasotako arauak aplikatuko dira aseguru-hartzailea edo aseguruduna hiltzen denean, eta horietako bat konkurtsopean dagoela adierazten denean, baldin eta likidazio-fasea ireki bada.»
Hogeita bederatzigarrena. AgentziaKontratuaren Legea eraldatzea
Agentzia-Kontratuari buruzko maiatzaren 27ko 12/1992 Legearen 26. artikuluko 1. paragrafoaren b) idatz-zatiak idazkera hau izango du:
«b) Beste alderdia konkurtsopean dagoela adierazi denean.»
Hogeita hamargarrena. Aire-Nabigazioaren Legea eraldatzea
Aire-Nabigazioa Arautzeari buruzko uztailaren 21eko 48/1960 Legearen 133. artikuluari beste bi paragrafo gehitu zaizkio amaieran, 3 eta 4. paragrafo gisa, eta horien idazkera hauxe da:
«Aurreko paragrafoetan ezarri pribilegioak eta hurrenkera aplikatuko dira exekuzio berezia egin behar den kasuetan bakarrik.
Konkurtso-kasuetan, Konkurtso Legean ezarri aireontziaren banantze-eskubidea aitortuko zaie lehenengo paragrafoko 1. zenbakitik 5.erakoetan jasotako kreditu pribilegiatuen titularrei.
Eskubide hori egikaritu ez bada, konkurtsoko kredituen sailkapena eta mailaketa arautuko da Lege honetan ezarritakoa aintzat hartuta.»
Hogeita hamaikagarrena. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Defendatzeko Legea eraldatzea
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Defendatzeari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Legearen 31. artikuluari 4. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:
«4. Ondorerik gabe geratuko dira hartzekodunen konkurtsoaren adierazpena jaso dutenek eginiko tartekaritzahitzarmenak eta eskaintza publikoak, kontsumo-tartekaritzapean jartzeko.
Xede horretarako, konkurtso-adierazpenaren autoa jakinaraziko zaio bai hitzarmena gauzatu duen organoari, bai eta Nazioko Tartekaritza Batzari ere; une horretatik aurrera, konkurtsopeko zorduna kontsumoko tartekaritza-sistematik kanpo geratuko da ondore guztietarako.»
Hogeita hamabigarrena. Eskumen-titulua
Lege hau eman da, Konstituzioaren 149. 1. 6 eta 8. artikuluen arabera Estatuari dagokion eskumenaren babespean, autonomia-erkidegoetako zuzenbide substantiboaren xehetasunen ondorioz beharrezkoak diren berezitasunei kalterik egin gabe.
Hogeita hamahirugarrena. Kredituen pilatzea eta hurrenkera arautzeko lege-proiektua
Lege hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epean, Gobernuak exekuzio berezietako kredituen pilatzea eta hurrenkera arautzeko lege-proiektua igorriko die Gorte Nagusiei.
Hogeita hamalaugarrena. Ordainsarien arantzela
Bederatzi hilabeteko epea igaro baino lehen, Gobernuak Errege Dekretuaren bidez onetsiko du konkurtso-administrazioari dagozkion ordainsarien arantzela.
Hogeita hamabosgarrena. Indarrean jartzea
Lege hau indarrean jarriko da 2004ko irailaren 1ean, azken xedapenetatik hirugarrenak Prozedura Zibilaren Legeko 463, 472 eta 482. artikuluetan egindako aldaketari eta azken xedapenetatik hogeita hamabigarrenean jasotako aginduari dagokienez izan ezik; horiek indarrean jarriko dira «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hurrengo egunean.»