Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

20/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 7koa, Espainiako industriaren eta merkataritzaren sektorean ekonomia-lehiakortasuna bultzatzeko presako neurriena.

2018-12-07

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/08 296zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

16791    20/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 7koa, Espainiako industriaren eta

merkataritzaren sektorean ekonomia-lehiakortasuna bultzatzeko presako neurriena.

I

Sektore industriala sendoa eta lehiakorra izateak lagundu egiten du zikloen aurrean erresilienteagoa den ekonomia bat sortzen; gainera, enplegu iraunkorra eta kalitatekoa sortzen du, eta gizartearen kohesioa indartzen du, ongizatea bultzatzen du eta herrialdea egituratzen du. Sektore industriala gure ekonomiaren motor nagusietakoa da. Potentzial handia dauka soldata baxuek eta langabeziak sortzen dituzten gizarte-desberdintasunen aurka egiteko, eta ezinbesteko eragilea da garapen jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren bidetik aurrera egiteko.

Industria lehiakorra izatea funtsezkoa da hazkunde jasangarria eta integratzailea bermatzeko. Sektore industrialak BEGd-ren ehuneko 14,4 sortzen du (ehuneko 3,7 gehiago sektore energetikoa kontuan hartuz gero) eta bertan aritzen dira Espainiako landunen ehuneko 14,1. Nolanahi ere, sortzen dituen sinergiei eta ekonomiari ematen dion motor-bultzadari esker balio erlatiboetan are garrantzi handiagoa dauka. Ostera, mundua geroz eta globalizatuago eta digitalizatuago dagoenez gero, elementu askok narriatzen dute sektore honen lehiakortasuna, eta horregatik azkar eta enpresen beharrizanetara moldatuz jokatu behar da. Izan ere, 2018. urtean sektore industrialaren hazkundea Espainiako ekonomia osoa baino gehiago moteldu da, bai BPGd kontuan hartuz, bai enpleguan.

Espainiako herritarren artean geroago eta zabalduago dago eredu sozioekonomikoa aldatu behar delako ideia, hau da, lortu behar dugula jasangarritasuna faktore erabakigarria izatea arlo guztietan egiten diren jarduketa guztietan. Horregatik guztiagatik, gizartearen paradigma aldatuko bada, hots, ekonomiaren oinarrietan ekonomia zirkularra eta eredu energetiko jasangarria egongo badira, sektore industrialak eraldatzeko ahaleginak egin beharko ditu, lehiakortasuna mantentzeko eta hobetzeko.

Ildo horretatik, Gobernuaren España industriala 2030 esparru estrategikoan eta hura garatzen duten agenda industrialetan epe laburreko eta ertaineko neurriak ezartzen dira, arlo honetan hazkunde jasangarria, zuzena eta integratzailea lortzeko honako helburu hauekin: Espainiako industrien lehiakortasuna hobetzea, Industria Konektatua 4.0 ezartzen laguntzea, industriaren sektoreko ETEen hazkundea eta aurrerapena bultzatzea, eta talentua eta kalitateko lanpostuak sortzen jarraitzea. Horren bidez, Gobernuak argi eta garbi egin du industria ekonomiaren hazkundea eta gizarte-kohesioa sustatzen dituen sektorea izatearen alde.

Jarduketa hauei ahalik eta azkarren ekin behar zaie, ezinbestekoa baita Espainiako industriak lehiakortasunik ez galtzea; izan ere, galera hori gertatuko balitz, Espainiako industriak aukera gutxiago edukiko lituzke nazioarteko merkatuetan, bai eta Europar Batasuneko kideen aldean ere. Gainera, aurre egin behar zaie munduko ekonomian geroz azkarrago hazten ari diren bi erronkari: digitalizazioari eta globalizazioari.

Jarduketa bakoitzak bere aldia dauka gauzatzeko, baina batzuei berehala ekin behar die Gobernuak, etorkizuneko garapenak eragozpenik jasan ez dezan. Horregatik, errege lege-dekretu honek sektore industrialaren lehiakortasunean eragina duten geroratu ezinezko kontu batzuei heltzen die. Besteak beste, errelebo-kontratua arautzen du manufaktura-industriaren ezaugarri berezietara moldatzeko. Gainera, sektore industrialari laguntzeko neurriak ezartzen dira, batez ere enpresa elektrointentsiboei laguntzeko, eta, azkenik, industria-segurtasunaren inguruko xedapen batzuk ezartzen dira.

Industriaren lehiakortasuna bultzatzeko arauez gainera, horien osagarri neurri zehatzak ezartzen dira merkataritza-sektorearen lehiakortasunari eragiteko. Esaterako, galerarekin saltzeko mugak arautzen dira, Espainiako erregulazioa Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinara moldatuz, eta Frankizia-emaileen Erregistroa eta Urruneko Salmenten Erregistroa ezabatzen dira.

II

Manufaktura-industria Espainiako ekonomiaren hazkundearen eta ongizate-sorkuntzaren motorretako bat da. Gizartea geroz globalizatuago eta digitalizatuago dagoela, industria honen ekarpena ezinbestekoa da Espainiako ekonomia osoaren jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren erronkei aurre egiteko, gaitasun handia baitu teknologia berriak ezartzeko, lanpostu egonkorrak eta kalitatekoak sortzeko, eta lurraldea egituratzeko.

Gaur egun, manufaktura-industriak enpleguen ehuneko 14,1 sortzen du. Eraginkortasuna sustatzeko neurrien aplikazioari eta Espainia gure inguruan ekonomia produktiboetako bat daukan herrialdea izatearen alde egiteko erabakiari esker oinarri sendoak ezarri dira sektorea suspertzeko, bai lanpostuetan, bai gizarte-garapenari dagokionez.

Manufaktura-industriaren ezaugarri behinenetako bat lanpostuen kalitate handia da: kontratu finkoen ehunekoa oso altua da eta aukera asko daude lanbidean aurrera egiteko, lan-merkatua malguagoa izanik, Lanbide Heziketaren eta Lanbide Heziketa Dualaren bidez.

Industria globalean lehiarako abantaila jasangarriak edukiko badira, ezinbestekoa da enpresen etekinen oinarrien artean honako hauek izatea: produkzioan nagusi diren herrialdean aldean arrakasta lortzen lagunduko duten faktoreak. Produktibitatea eta malgutasuna izan dira azken urteetako industriaren garapenaren bi ardatz nagusiak. Lanpostuak sortzen eta lehiakorrak izaten jarraituko badugu, bi faktore horietan oinarritu behar dugu, elkarrizketa sozialaren esparruan eta sektoreari lehiatzeko baliabideak ematen dizkieten neurriak adostuz. Baliabide horietako bat dugu errelebo-kontratua; kontratu hau oso tresna baliagarria da batez ere gazteen artean hain handia den langabezia murrizteko.

Azken urteotan errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialaren arautegian egin diren aldaketek praktikan erretiro modalitate horri heltzeko eragozpenak gehitu dituzte. Ondorioz, azken urteetan errelebo-kontratua geroz eta gutxiago erabiltzen da, eta horrek erakusten digu errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialaren arautegian zenbait akats daudela. Gainera, kontratuen beherakadak hein batean zapuztu egin ditu erretiro partzialaren helburua, hau da, enpresen plantilletan gazteak sartzea, kontratu mugagabeak sustatzea eta enpresen produktibitatea gehitzea.

2018ko abenduaren 31n amaituko da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita laugarren xedapen iragankorraren aplikazio-aldia (testu bategin hura urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen), eta oraindik ez da zikloa osatu. Horrek arriskuan jartzen du fabrikazioko eta muntaketako lantegien etorkizuneko produktibitatea, epe ertainean eta luzean. Beraz, ezinbestekoa da aurrean aipatutako xedapen iragankorra aplikatzeko aldia luzatzea, iraungi ez dadin, eta luzatu ere presaz luzatu behar da.

Hori errege lege-dekretu honek egiten du 1. artikuluan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean aldaketa egokia eginez. Hain zuzen ere, Gizarte Segurantzaren sistemaren finantza-jasangarritasuna bermatu beharra kontuan hartuta, egokiena da errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialaren arautegiaren eraldaketa aldi baterakoa eta mugatua izatea, xedetzat batez ere industria-sektoreko profesionalak hartuta, eta horien artean esfortzu fisiko handiak egin behar dituzten langileak, adin jakin batera heldu direnak eta, gainera, gutxieneko antzinakotasuna eta kotizazioa dituztenak.

Neurri hau (hizpide dugun xedapen iragankorraren aplikazio-aldia luzatzea) ezartzeak industriaren lehiakortasuna bultzatuko du eta erraztasunak emango ditu gure industria-lantegietan inbertsioak egiteko, batez ere industria trantsizio ekologikoan eraldatzeko behar diren inbertsioak, hau da, ikatzik erabiltzen ez duen gizarteak behar dituen produktu jasangarriak eta soluzio berriak eskaintzeko, produkzio-prozesuetan lehengaiak eta energia hobeto aprobetxatzeko eta emisio kutsatzaileak murrizteko inbertsioak. Ezbairik gabe, neurri hau onuragarria izango da industriak trantsizio ekologikoa egiteko, jarduna eta lanpostuak mantenduta.

Beste alde batetik, industria-sektoreak trantsizio ekologikoari egiten dion ekarpena modu egokian monitorizatu behar da, bai administrazio publikoek, bai herritar guztiek horren inguruko informazioa eduki behar dute eta. Industria-enpresek lagundu egin behar dute berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko enpresa-politiken eta jardun-planen inguruko informazioa ematen; gainera, plan horien burutzapenaren berri eman behar dute eta lortutako helburuak azaldu behar dituzte. Nolanahi ere, informazio hori eman beharra ezin da izan administrazio-zama enpresa txiki eta ertainentzat.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, errege lege-dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian honako hau eskatzen zaie errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialari (1. artikulua) heldu dion langileren bat duten manufaktura-industriako enpresa handiei: kudeaketa-txostenetako informazio ez-finantzarioan sar dezatela enpresak ikatzik gabeko ekonomiarako trantsizioan aurrera egiteko ezartzen dituen neurriei buruzko informazioa. Horren xedea da manufaktura-industriari laguntzea egungo produkzioaren eta kontsumoaren eredutik klima-aldaketa modu egokian txertatuta daukan eredu jasangarri baterako trantsizioa modu orekatuan egiten.

III

Industria lehiakorra, jasangarria eta integratzailea izan dadin, administrazio publikoek beren gain hartu behar dituzte industria-segurtasunaren kontrola eta merkatuaren kalitatea eta zaintza, enpresen arteko lehia leiala bermatzeko eta, aldi berean, kontsumitzaileei eskaintzen zaizkien produktuak seguruagoak izateko, are ingurumenean duten eraginaren aldetik ere.

Horren ildotik, aspalditik sendotu egin da Europar Batasunaren politiken aginduz merkaturatzen diren produktuei zerbitzuan ipini aurretik eta ondoren aplikatzen zaien kontrol administratiboa, eta horregatik ezinbestekoa da industria-sektorean ahalik eta azkarren ezartzea egiten diren arau-hasteei zehapen proportzionatuak, eraginkorrak eta eguneratuak ezartzeko eta arauak hausteko asmoak uxatzeko aplika daitekeen zehapen-araubidea.

Industriaren uztailaren 16ko 21/1992 Legeak xedatzen du segurtasunaren arloko legezko eta arauzko baldintzak bete behar direla industria-sektoreko instalazioetan, ekipoetan, jardueretan eta produktuetan, eta horien erabilpenean eta funtzionamenduan. Eta, gainera, Europar Batasunak industria-segurtasunaren inguruan emandako araudiak bete behar dira, eta Espainiak harmonizazio teknikorako akordioren bat sinatuta daukan nazioz gaindiko nazioarteko erakundeek emandakoak ere bai, bai ibilgailuen produkzioaren arlokoak, bai beste industria-produktu batzuei buruzkoak.

Industria-produktuen diseinuaren, fabrikazioaren eta abiaraztearen adostasuna Europar Batasuneko merkatuaren barruko salgaien zirkulazio askearen oinarria da. Horrez gainera, enpresen lehiakortasunaren gakoa ere bada, berari esker gauza baitira beren produktuak nazioarteko beste merkatu batzuetan saltzeko, eta enpresen garapena eta berrikuntza teknologikoa bultzatzen ditu. Industriaren uztailaren 16ko 21/1992 Legea onartu zenetik Batasunaren arlo honetako lege-esparruak aurrerapen handia egin du. Izan ere, Batasunaren produktuen segurtasunaren arloko arautegiak hainbat eremu hartzen ditu kontuan. Arautegi horren barruan hainbat gidalerro eta araudi daude. Batasunaren arautegiaren arabera estatu kideek arautu egin behar dituzte Batasunaren produktuen segurtasunaren arloko arautegian ezartzen dena betetzen ez dutenei ezarri beharreko zehapenak. Gainera, ezartzen du zehapenak eraginkorrak, neurrikoak eta eragozleak izan behar direla.

Gure ordenamenduan produktuen segurtasunaren arloko arau-hausteak eta zehapenak uztailaren 16ko 21/1992 Legeak arautzen ditu, baina zehapenen zenbatekoak zaharkituta daude eta urrun daude Batasunaren arautegiak ezartzen dituen helburuetatik.

Horregatik, kontuan hartuz Batasunaren produktuen segurtasunaren arloko araudi guztiak indarrean daudela, presazkoa da, eta guztiz beharrezkoa, uztailaren 16ko 21/1992 Legean ezartzen diren zehapenen zenbatekoak aldatzea, Europar Batasunaren araudietan ezartzen diren helburuekin bat etor daitezen (eraginkortasuna, proportzionaltasuna eta hausteak eragoztea). Aldaketa arau honen 2. artikuluan ezartzen da.

  • IV

Otsailaren 4ko 138/2011 Errege Dekretuak hozkuntza-instalazioen segurtasunaren araudia eta horien jarraibide tekniko osagarriak onartu zituen. Araudi horretan ezartzen diren baldintza administratiboen ondorioz praktikan ez da bideragarria 2-L kategoriako hozkuntza-gasa erabiltzea, nahiz eta Batasunaren araudiarekin bat etorri eta atmosfera gutxiago berotu. Beraz, araudi horren erruz murriztu egiten da hozkuntza-gas horiek klima-aldaketaren kontrako borrokan egin dezaketen ekarpena.

Gobernuak badaki nolako eragozpena den hori, eta izapideak egiten hasi da otsailaren 4ko 138/2011 Errege Dekretuak 2-L kategoriako hozkuntza-gasa darabilten ekipoez ezartzen dituen baldintzak eguneratuko dituen errege dekretu berria onartzeko.

Arau-berrikuntza horretarako egin behar diren prozedura-izapideak direla eta dekretu berria ezin izango da onartu 2019ko erdi aldera arte. Beraz, beharrezkoa eta presazkoa da aldi baterako neurri bat aplikatzea ekipo horien stock-ak hauts ez daitezen; izan ere, gaur egun fabrikatzaileak 2019. urteko fabrikazioari ekitekotan dira, eta nahitaez behar dute segurtasun juridikoa, hau da, jakin behar dute ea Espainian onartuko diren 2-L kategoriako hozkuntza-gasak erabiltzen dituzten ekipoak eta egungo arautegiak ezartzen dituen izapide eta betekizun zorrotzak ezabatuko diren. Halaber, aparatuen segurtasuna bermatu behar da. Beharrezko eta presazko neurri hori errege lege-dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezartzen da.

  • V

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/72/EE Zuzentarauak, Batasuneko elektrizitatearen merkatuari buruzko arau orokorrak ezarri eta 2003/54/EE Zuzentaraua indargabetzen duenak, 28. artikuluan onartzen du bidezkoa dela sortzea «banaketa-sare itxiak», eta honela zehazten du zer den horrelako sarea: eremu urriko industriagune, merkataritzagune edo zerbitzugune bat energia elektrikoz hornitzen duen banaketa-sarea.

Energia elektrikoa banatzen duten sare itxiak banaketa-sare bereziak dira, eta Europar Batasuneko herrialde askotan ezarri dira kontuan hartuz industriagune batzuetan elkarrekin lotutako industriak egoten direla. Nazioarteko lehia gogorra eta kostuen egituran energiak daukan eragin handia direla eta Europar Batasunetik joateko arriskuaz jabetuta, honelako industriek energia elektrikoa banatzeko sare itxiak eratu ditzakete, eta horrela sareko kide guztiek onura ekonomikoak jaso.

2009/72/EE Zuzentarauak ez ditu behartzen Batasuneko estatu guztiak energia elektrikoa banatzeko sare itxiak arautzera, baina gure herrialdean arautuko balira, lurralde-esparru txikietan bildutako enpresa ertainei eta handiei energia elektrikoaren kontsumoak eragiten dizkien kostu ekonomikoak murriztu ahal izango lirateke; horretara beren lehiakortasuna hobetuko litzateke, eta hori funtsezkoa da gaur egun, ezinbestekoa baita dagoen industriari eustea eta industria eta jarduera industrial berriak ezartzea gure lurraldean. Beste alde batetik, sare horiek berme egokiekin konektatu behar dira sare publikoarekin, haien kontsumoek eta potentziek ezin baitute inolaz ere arriskuan jarri sareen segurtasuna.

Horren ildotik, errege lege-dekretu honek 3. artikuluan ezartzen du 2009/72/EE Zuzentarauaren 28. artikulua Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen dela. Hain zuzen ere, artikulu horretan ezartzen dira energia elektrikoa banatzeko sare itxiak eratzeko eta baimentzeko aintzat hartu beharko diren oinarrizko printzipioak, eta sei hileko epealdia finkatzen da Gobernuak energia elektrikoa banatzeko sare itxien arautegia presta dezan honako printzipio hauen arabera: sistemaren jasangarritasun ekonomikoa eta finantzarioa, efizientzia energetikoa eta trantsizioa bidezkoa izatea.

Gainera, babes berezia eman behar zaio industria elektrointentsiboari, estrategikoa baita aurreratutako herrialdeentzat. Energia elektrikoaren horniduraren kostua industria horien produkzio-kostuen ehuneko 50 izan daiteke. Industria hau merkatu globaletan lehiatzen da; horregatik, energia elektrikoaren hornidurak daukan kostu lokalak berebiziko eragina dauka industriak herrialdean daukan bideragarritasunean. Europako Batzordeak onartzen du industria honetan eragin handia daukatela elektrizitatearen prezio lokalek. Batzordeak bere gidalerroetan adierazten du energia elektrikoaren horniduraren kostua oso garrantzitsua dela industria elektrointentsiboan; horregatik, Europar Batasuneko herrialde gehienak lerratzen hasita daude elektrizitatearen hornidurak industria elektrointentsiboan daukan eragina kontuan hartzen duen eredu baterantz, eta horniduraren azken fakturako osagai guztietan lehiakortasuna babesten duten neurriak ezartzen ari dira.

Espainia ezin da geratu lehia global honetatik kanpo. Beraz, beharrezkoa da ahalik eta azkarren ezartzea energia elektrikoak kontsumitzaile elektrointentsibo horiei eragiten dien kostua optimizatzeko mekanismoak, haien nazioarteko lehiakortasuna hobetzeko. Kontsumitzaile horien kontsumoa nolakoa den ikusirik eta sistemaren kudeaketa teknikoa hobetzen laguntzeko gaitasun handia dutela kontuan harturik, tratamendu berezia eman behar zaie, beren ezaugarri bereizgarriak onartuta, lehiakortasuna hobetu ahal izateko, eta hori Batasuneko arautegiarekin bat etorriz egin behar da.

Horretarako, errege lege-dekretu honen 4. artikuluan kontsumitzaile elektrointentsiboaren figura arautzen da eta Gobernuari agintzen zaio lege-dekretua indarrean jartzen denetik sei hilabete pasatu baino lehen kontsumitzaile elektrointentsiboen estatutua prestatzeko eta onartzeko. Estatutu horretan kontsumitzaile elektrointentsiboak zein diren ezarri behar da eta elektrizitatearen horniduraren sistemari eta merkatuei dagokienez dituzten eskubideak eta betebeharrak zehaztu behar dira. Kontsumitzaile elektrointentsiboaren figura sortu eta onartuz gero kontsumitzaile horiek aldez aurretik eta ziurtasunarekin jakin ahal izango dute zenbatekoak izango diren beren kostu energetikoak, eta horri esker merkatu energetiko globalen berezko hegakortasuna murriztuko da eta inbertsio industrialak seguruagoak izango dira.

Adierazi den bezala, Europako industria-sektorea goitik behera eraldatzen ari da. Batasunak eta estatuek hainbat bitarteko baliagarri jarri arren, kezka larria dago industria-instalazio handiak ixteko erabakien aurrean, batzuk estrategikoak baitira balio-katearen barruan.

Arreta berezia eman behar zaie industria elektrointentsiboei, berak dira eta klimaren eta energiaren inguruko politiken ondoriozko kostu gehienak jasaten dituztenak.

Industria elektrointentsiboen lehiakortasuna babesteko eta kanpora joan daitezen eragozteko, hainbat neurria ezarri dira dagoeneko, zeharkako kostuen konpentsazioa, esaterako. Gainera, errege lege-dekretu honen ondoriozko araudia egiten denean neurri gehiago ezarri ahal izango dira kontsumitzaile horiei laguntzeko, Europar Batasunaren estatu-laguntzei buruzko arautegiarekin bat etorriz.

Konpentsazio-neurri horiek abiarazi zirenetik bildutako eskarmentuaren ondorioz esan dezakegu ezen, laguntzak benetan onuragarriak izango badira eta beren benetako helburua beteko badute, hau da, enpresak atzerrira ez joatea, ezinbestekoa dela onuradunei betebehar gehiago ezartzea, Europar Batasunak honako araudi honetan finkatutako ildoari jarraikiz (laguntzak emateko baldintzak ezartzea): Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Araudia, azpiegituretarako edo produkziorako inbertsioak egiteko laguntzak lortzea onuraduna dagoen tokian geratzeko konpromisoarekin lotzen duena.

Horren ildotik, errege lege-dekretu honek 5. artikuluan industria elektrointentsiboentzako laguntzen onuradunei honako betebehar hau ezartzen die:lhiru urtean mantentzea produkzio-jarduera, laguntza jasotzen den egunetik hasita, enpresa-krisialdietan izan ezik; onuradunak baldintza hori ez duela betetzen pentsatuko da honako bi gertaera hauetako bat jazotzen bada: produkzio-gaitasuna ehuneko 85 baino gehiago murrizten badu; kaleratze kolektibo baten ondorioz enpresaren langileen plantilla ehuneko 85 baino gehiago murrizten bada. Produkzio-gaitasuna edo plantilla ehuneko 85 baino gehiago murriztu arren, enpresa onuradunak ez du edukiko laguntza itzuli beharrik hau gertatuz gero: murrizketa aldi baterakoa izatea, inbertsiogile berriak bilatzen dituen bitartekoa, eta bilaketaren ondorioz berriz ere produkzio-jarduerari ekitea eta gutxienez murrizketaren aurreko produkzioaren eta enpleguen ehuneko 50 berreskuratzea.

Beste alde batetik, erregai berriztagarriak (gas naturala edo emisio gutxikoa) erabiltzen dituen efizientzia handiko kogenerazioa tresna egokia da industriaren efizientzia energetikoa hobetzeko eta emisioak murrizteko.

Gaur egun funtzionamenduan ari diren kogenerazio-instalazioetako askoren arau-bizitza laster amaituko denez gero, ezinbestekoa da azkar ezartzea bizitza hori luzatuko duen gaikuntza, kogenerazioan jarduten jarrai dezaten eta, aldi berean, baliabide ekonomiko ugari ez erabili behar izateko ordezko instalazioetan, kontuan harturik finantzabideak urrituko direla eta dauden baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabili behar direla herritar guztien onurarako. Hori errege lege-dekretu honen hirugarren xedapen iragankorrean arautzen da.

Industriak egungo kogenerazio-instalazioetan jarduten jarraitu behar du gutxieneko errentagarritasunarekin. Instalazio horiek itxiko balira, ikaragarri gehituko lirateke enpresen kostu energetikoak, sistema energetikoaren efizientzia murriztuko litzateke eta emisioak gehituko lirateke, zeren eta enpresek kanpoko elektrizitate gehiago kontsumitu beharko bailukete eta berokuntzako ekipoak instalatu beharko bailituzkete. Ahalik eta azkarren sortu behar da instalazio horien bizitza erabilgarria luzatzen duen arau-esparrua, sistemak efizientziarik gal ez dezan, ez eta eragileek beren errentagarritasuna ere. Izan ere, 2018an eta 2019an kogenerazio-instalazio askoren bizitza erabilgarria amaitu da; guztira, instalazio horien potentzia 248 MW ingurukoa da, eta horietatik 237 MW erregai berriztagarria edo gas naturala erabiltzen duten efizientzia handiko instalazioetan sortzen da.

Beraz, errege lege-dekretu honek gure industriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzen du eta energiaren kostuei dagokienez gure inguruko herrialdeekin parez pare lehiatzeko aukera emango dien mekanismoak ezartzen ditu. Gainera, aldi berean, bidezko trantsizioa bermatuko duten neurriak ezartzen dira, bai eta industriaren eta gizartearen arteko harreman sinalagmatikoak finkatzen dituzten neurriak ere, gizartearen ahaleginen trukean lanpostuak sortzen eta mantentzen direla eta jarduera ekonomikoa sortzen dela bermatzeko.

  • VI

Merkataritzaren sektoreari dagokionez, oraintsuko gertaera batzuen ondorioz txikizkako merkataritzaren arloko alderdi batzuen erregulazioa eraldatu behar da, eta horretarako ezinbestean aldatu behar dira Txikizkako merkataritza antolatzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legeak ezartzen dituen manu batzuk, eta hura garatzen duen araudia indargabetu behar da.

Lehenbizi, 2017ko urriaren 19an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak epaia eman zuen c-295/16 prozedura prejudizialean (Europamur Alimentacion SA kasua) eta adierazi zuen ez dela bateragarria Txikizkako merkataritza antolatzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legearen 14. artikulua, galerarekin saltzeaz ezartzen duena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko maiatzaren 11ko 2005/29/EE Zuzentarauarekin (Batasuneko merkatuko enpresek leialtasunik gabe jokatzea kontsumitzaileekin). Horren ondorioz, azkar aldatu behar da artikulu hori; izan ere, prozedura prejudizialetan ematen diren epaiak Batasuneko zuzenbidearen interpretazioak dira eta Batasuneko estatuek men egin behar die eta nahitaez bete behar dituzte.

Aipatutako epaiak honako hauek xedatzen ditu: ezin da ezarri debeku orokorrik produktuak galerarekin eskaintzeko ez saltzeko; debekuari ezin zaio salbuespenik ipini zuzentarauan agertzen ez diren irizpideak oinarritzat hartuz; Batasuneko estatuek ezin dituzte ezarri Batasunak berak ezarritakoak baino murriztaileagoak diren neurriak, ez eta kontsumitzaileen babesa bermatzeko ere; galerarekin saltzeak dakarren desleialtasuna kasuz kasu zehaztu behar da, Zuzentarauak ezartzen dituen irizpideak aplikatuz. Txikizkako merkataritza antolatzen duen Legeak 14. artikuluak, galerarekin saltzeaz ezartzen duenak, ez ditu betetzen eskakizun horiek.

Horrenbestez, artikulu horrek ezartzen duena azkar aldatu behar da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko, batetik, zehapen-prozedura ez irekitzeko Europar Batasuneko Zuzenbidea hausteagatik, bestetik, eta, azkenik, gaur egun Espainiako ekonomian hain garrantzitsua den merkataritza-banaketaren sektorean dagoen segurtasun juridikorik eza gainditzeko.

Errege lege-dekretu honen 6. artikuluan galerarekin saltzeaz ezartzen den erregulazio berria bat dator aurrean aipatutako epaiarekin, ez baitu ezartzen debeku orokorrik; gainera, ezartzen dituen murrizketak bat datoz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko maiatzaren 11ko Zuzentarauarekin (Batasuneko merkatuko enpresek leialtasunik gabe jokatzea kontsumitzaileekin). Halaber, zehapenen automatikotasuna ezabatzen da, eta froga-zama Administrazioari ezartzen zaio: zehapena ezarri ahal izateko, aurretik frogatu behar du galerarekin saltzea Zuzentarauan berariaz ezartzen diren arau-hausteetako bat dela, hau da, zehapena bat datorrela Europar Batasuneko Zuzenbidearekin.

Beste alde batetik, arau honek autonomia-erkidegoen eskumenak errespetatzen ditu, autonomia-erkidegoek beren kabuz eta beren interesen eta baliabideen arabera erabaki ahal izango baitute nola antolatzen dituzten merkataritzako edo kontsumoko ikuskapenak. Gainera, erregulazioan ez da aldatu galerarekin saltzearen definizioa, eta horri esker autonomia-erkidegoek errazago bete ahal izango dituzte ikuskapenen eta zehapenen arloetako egitekoak: dekretuak zehapen-zantzua argitzen du, baina hori ez da nahiko hura ezartzeko, salmenta galerarekin egin dela ez ezik saltzaileak legerian ezartzen denaren arabera desleialtasunarekin jokatu duela ere frogatu behar baita.

Bigarrenik, errege lege-dekretu honek merkataritzaren arloan ezartzen dituen neurrien artean aipatu behar da aldatu egin direla Txikizkako merkataritza antolatzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legearen 38. eta 62. artikuluak, Frankizia-emaileen Erregistroa eta Urruneko Salmentako Enpresen Erregistroa ezabatzeko, artikulu horietan arautzen baitira erregistro horiek.

Gaur egun, Frankizia-emaileen Erregistroa honako honek arautzen du: otsailaren 26ko 201/2010 Errege Dekretuak, merkataritzan frankizia-araubidean aritzea eta frankizia-emaileen erregistroari datuak ematea arautzen dituenak. Administrazio Publikoak Erreformatzeko Batzordeak hartutako erabakiak direla eta, 2016an Frankizia-emaileen Erregistro telematikoa ipini zen abian. Hala ere, horren oinarrian dauden aplikazio informatikoek akats asko dituzte. Zailak dira eta ez da erraz ikasten nora erabili behar diren. Sistema hori abiarazteak gaindituta zeuden eragozpenak eta beharrak eragin ditu atzera.

Beste alde batetik, erregistro honek egiaztatzen duen gauza bakarra da ea frankizia ematen duen enpresak markaren titulartasuna edo hura erabiltzeko eskubidea daukan, eta hori lehen ere egiten zuen Patente eta Marken Espainiako Bulegoak. Frankizia-emaileek ematen dituzten gainerako datuetatik bat bera ere ez dute egiaztatzen erregistroko langileek. Hala ere, datuak eta altaren berri eman beharra dago, urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean eta otsailaren 26ko 201/2010 Errege Dekretuan ezartzen denaren arabera, eta hori ez betetzea arau-hauste astuna da lege horren 65.1.r) artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

Urruneko Salmentako Enpresen Erregistroa otsailaren 24ko 225/2006 Errege Dekretuak arautzen du; dekretu hori Txikizkako merkataritza antolatzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legeak 38.2 artikuluan ezartzen duena garatzeko eman zen, eta, beraren bidez, urruneko salmentaren alderdi batzuk eta urruneko salmentako enpresen erregistroan inskribatzeko modua arautzen dira.

Txikizkako merkataritza antolatzen duen Legeak III. tituluan salmenta berezi gisa arautzen dituen kasu guztietatik (urruneko salmenta, kaleko salmenta edo egonean egiten ez dena, salmenta automatikoa eta enkante publikoan egiten den salmenta) erregistroan ezarri beharreko bakarra urruneko salmenta da, eta ez dago arrazoirik bereizketa horretarako.

Otsailaren 24ko 225/2006 Errege Dekretuak 5. artikuluan zehazten du urruneko salmentako zer teknika erregistratu behar diren, eta betebehar horretatik berariaz salbuesten ditu informazioaren gizarteko zerbitzuak egiten dituzten enpresak, internet bidez baino ez dihardutenak. Horrenbestez, nahitaez Urruneko Salmentako Enpresen Erregistroan alta eskatu behar duten enpresak merkataritza-jardueretan honako teknika hauetaz baliatzen direnak dira: katalogoa, inprimakia, gutun normalizatua, prentsako publizitatea eskaera-kupoiarekin, telefonoa, irratia, telebista, bisiofonoa, bideotestua eta faxa.

Frankizia-emaileen Erregistroan gertatzen den bezala, Urruneko Salmentako Enpresen Erregistroan ez dago beste informaziorik enpresek adierazten dutena baino; beraz, erregistroak ez du egiaztapenik egiten eta ez du eskatzen inolako frogagiririk aurkezteko.

Kontuan hartu dira Frankizia-emaileen Erregistroaren telematizazioak eduki dituen emaitza urriak, proiektu horren kostu handia, erregistroan inskribatu beharra dutenei ezarri dien zama, indarreko araudiak ezartzen dituen mugak eta erregistroak ematen duen informazioaren garrantzi txikia. Halaber, kontuan eduki behar da erregistratu beharreko urruneko salmentako metodoen garrantzi urria (nekez justifika lezake giza baliabideetan eta baliabide materialetan egin beharreko gastua), bai eta Urruneko Salmentako Enpresen Erregistroaren bertsio telematikoa jartzeko egin beharreko inbertsioa ere.

Aurrekoa ikusirik, sektoreko merkatuaren bilakaera, benetako beharrizanak eta bi erregistroen mugak (funtzionalak zein eskumenei dagozkienak) aztertu ondoren ondorio honetara heldu gara: erregistro horiek gaur egun ez dute betetzen kontsumitzaileak babesteko sortu ziren xedea, ezartzen duen legezko egitekoa: merkatuaren diziplina. Horregatik, enpresek jasaten dituzten eragozpenak ezabatzeko, jarduera ekonomikoa suspertzeko eta baliabideak arrazionalizatzeko, erregistro horiek ezabatzea erabaki da. Horregatik guztiagatik, eta aintzat hartuta datuak eman beharra ez betetzeak zehapen gogorrak dakartzala berekin, ahalik eta azkarren ezarri behar da behin betiko konponbidea, ukitutako guztiek berme hobeak eta segurtasun juridiko handiagoa eduki ditzaten.

Nazioartekotzeko ICEX Beken Programako bekez denaz bezainbatean, Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak azken xedapenetako hemezortzigarrenean ezartzen duenarekin bat etorriz, beka horiek, ordura erakunde publikoaren barruko arautegiaren bidez arautzen zirenak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak ezartzen duen bezala, lege horren menpean geratzen dira, denak, eta, ondorioz, beken arautegia legean ezartzen denarekin bat etorri behar da.

Hala ere, kontuan edukita zein zaila den Nazioartekotzeko ICEX Beken Programaren barruko arautegia moldatzea, bai kontzeptuen aldetik, bai prozeduraren aldetik, bai bideragarritasunaren aldetik, moldatzen ez den bitartean, 2019. urteko deialdia bermatzeko, ezinbestekoa da ahalik eta azkarren ezartzea errege lege-dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean deialdi horretan ez izatea beharrezkoa uztailaren 3ko 6/2018 Legeak azken xedapenetako hemezortzigarrenean ezartzen duena aplikatzea. Aurreko aparteko neurria nahitaez eta presaka ezarri behar da, zeren, bestela, ezin izango bailitzateke egin 2019ko ekitaldiko beken deialdia horrela, ezin izango lirateke-eta egin ICEXi agintzen zaizkion jarduerak eta egitekoak, eta ez dago datorren urtean jarduera hori bermatuko duen beste tresnarik.

Beraz, azaldutako guztia kontuan hartuta, errege lege-dekretu honek merkataritzaren arloan ezartzen dituen neurriak, orokorrean, apartekoak eta presazkoak dira beren ezaugarrien eta helburuen arabera, Espainiako Konstituzioak 86. artikuluan errege lege-dekretua onartzeko eskatzen duen bezala.

  • VII

Azkenik, dekretuaren azken xedapenetan honako bi lege hauek aldatzen dira: azken xedapenetako lehenengoak abuztuaren 2ko 12/2013 Legea, elikadura-katearen funtzionamendua hobetzen duena, aldatzen du, eta azken xedapenetako bigarrenak uztailaren 30eko 28/2015 Legea, elikagaien kalitatea babesten duena. Bi aldaketok beharrezkoak dira Estatuko ordenamendu juridikoa Konstituzio Auzitegiak gai honetaz eman dituen azken erabakietara egokitzeko.

Batetik, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 25eko 66/2017 Epaiak deuseztatu egin zituen abuztuaren 2ko 12/2013 Legeak, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia (hemendik aurrera AICA) arautzen duenak, lehen xedapen gehigarrian ezartzen dituen gauza batzuk, lege-testuaren anbiguotasunaren aurrean interpretatzen baitu legegilea autonomien eskumen batzuetan sartu zela. Hain zuen ere, Konstituzioaren aurkakotzat jotzen du xedapen iragankor horretako seigarren zenbakiaren e) letra, AICAri eskumena ematen baitio modu esklusiboan legean xedatzen dena betetzen denez egiaztatzeko egin beharreko kontrolaren araubidea ezartzeko eta garatzeko. Ondorioz, abuztuaren 2ko 12/2013 Legean berariaz zehaztu behar da AICAri esleitzen zaion kontrol-egitekoa aplikatzeko eremua Estatuaren Administrazio Orokorrarena bera baino ez dela. Horri guztiari esker erakunde horrek bere kontrolak planifikatu ahal izango ditu eta aldez aurretik jardun ahal izango du irregulartasunik gerta ez dadin, salaketa aurkezten denean soilik aritu beharrean.

Beste alde batetik, eta erabaki judizial batek utzitako arau-hutsunea bete beharrez, errege lege-dekretu honek doikuntza bat txertatzen dio uztailaren 30eko 28/2015 Legeari, botere publikoek elikagaien kalitatea kontrolaren arloan dituzten ahalmenak behar bezala antolatzeko; izan ere, hori ezinbestekoa da lehen aipatu den elikagai-katea ondo taxutzeko. Horrenbestez, Konstituzio Auzitegiak uztailaren 21eko 142/2016 Epaiaren bidez uztailaren 30eko 28/2015 Legearen atal bat deuseztatzen du, uste baitu tipifikatutako jokabideen tratamendua zehatzegia dela eta autonomia-erkidegoetako administrazioek arautegia gehiago garatu behar luketela beren eskumenez baliatuz. Erabaki judizial horren ondorioz, aipatutako legearen xedapen iragankor bakarraren zati bat deuseztatu zen, besteak beste, eta horregatik ezinbestekoa da ahalik eta azkarren ezartzea horrelako kasuetan aplikatuko den arau-hausteen eta zehapenen araubidea; horrez gainera, legearen menpean dauden eragileen eta botere publikoen segurtasun juridikoa bermatu behar da. Horrela, nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloko zehapen-sistemen arteko koordinazioa lortuko da. Horrek ez du aldatuko legean ezartzen den eskema orokorra; aitzitik, haren edukia osatuko du, legerian ezartzen diren neurri orokorren korrelatu sektorial logikoa baita.

Ez dago inolako eragozpenik arautegiko aldaketa horiek apartekotzat eta presazkotzat jotzeko, ezin baitira gerorako utzi ez luzatu. Izan ere, Konstituzio Auzitegiaren erabakien ondoriozko hutsune juridikoek hainbat kalte ekarriko lukete. Halaber, segurtasun juridikoa bermatuko bada, egoera hau azkar konpondu behar da eta nekazaritzako elikagaien sektoreari arautegi argi eta ulerterraza eman behar zaio, bai operadoreek bai erakunde publikoek arau-esparru baliozkoan dihardutelako uste osoa eduki dezaten eta, gainera, bermatuta eduki dezaten arautegia behar bezala egokituta dagoela beren egituraren beharrizan zehatzetara.

  • VIII

Aurreko zenbakietan banan-banan azaltzean adierazi den bezala, errege lege-dekretu honetan ezartzen diren neurriak apartekotzat eta presazkotzat har daitezke, bai izatez, bai xedez, eta, beraz, bat datoz Konstituzioak 86. artikuluan onartu ahal izateko eskatzen duenarekin.

Gogoan eduki behar da Konstituzio Auzitegiaren irailaren 11ko 142/2014 Epaia (FJ 5), honako hau adierazten baitu: «Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluaren ikuspegitik, garrantzitsua da energiaren sektoreko prozesuak antolatzea (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 170/2012, urriaren 4koa, FJ 6; 233/2012, abenduaren 13koa, FJ 2; 39/2013, otsailaren 14koa, FJ 8)». Horrenbestez, errege lege-dekretua ezartzeko egoera apartekoa eta presaz konpondu beharrekoa izan beharra dela-eta honako hau adierazten du Konstituzio Auzitegiak: «Energiaren sektorea hain da garrantzitsua jarduera ekonomiko orokorrerako, ezen haren antolamendua eraberritzea azpisektoreen jarduna hobetzeko ezinbestekoa gerta baitaiteke, eta hori baloratzeko eskumena Gobernuak dauka...».

Errege lege-dekretua presaka eta aparteko kasu modura onartu behar izateak badauzka beste oinarri batzuk ere: Espainiako industria-sektorearen lehiakortasunaren gaineko arriskuak; faktura elektrikoak industriei, batez ere industria elektrointentsiboei, eragiten dizkien kostu handiak; ibilgailuei eta produktu industrialei eskatzen zaizkien segurtasun-betekizunak eta ingurumen-betekizunak ez betetzea, ezinbestekoa baita horiek berehala indarrean jartzea, arautegiaren aldaketak lortu nahi diren ondorioak edukiko baditu. Hain zuzen ere, industria-segurtasunaren arloko zehapenak aldatzea dela eta, gogoan eduki behar da Konstituzio Auzitegiaren 3/1988 Epaia, herritarren segurtasuna babesteari buruzko urtarrilaren 26ko 3/1979 Errege Lege Dekretuari buruzkoa, zeinek 6. oinarri juridikoan ezartzen baitu lege-dekretu baten bidez arau-hauste edo zehapen administratiboak ezartzeak ez duela ukitzen Konstituzioaren 25. artikulua: «... lege-dekretuaz baliatzea zilegi ez diren jardunak eta horien zehapenak arautzeko ez legoke 25.1 artikuluak xedatzen duenaren kontra, zeren eta lege-dekretua, Konstituzioko 86.1 artikuluaren arabera, «lege-xedapena» da, eta ordenamendu juridikoan txertatzen denean (behin-behinean, baliozkotu arte; ondoren, behin betiko bihurtzen da) legearen indarra eta balioa dauzka (Konstituzio Auzitegiaren 29/1982 epaia, maiatzaren 31koa, 2. oinarri juridikoa)».

Merkataritzaren arloan ezartzen diren neurriak direla eta, lehenbizi, ezinbestekoa da gaur egun Txikizkako merkataritza antolatzen duen Legeak 14. artikuluan galerarekin saltzeaz ezartzen duena aldatzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi baitu ez datorrela bat Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko maiatzaren 11ko 2005/29/EE Zuzentarauarekin (Batasuneko merkatuko enpresek leialtasunik gabe jokatzea kontsumitzaileekin). Bigarrenik, urtarrilaren 15eko 7/1996 Legeak, txikizkako merkataritza antolatzen duenak, eta hura garatzen duten arauek erregistroez ezartzen dituzten betebeharrak ezabatu behar dira, egiaztatu baita ez dutela zentzu handirik: zamak dira enpresentzat eta, gainera, bete ezean zehapena jaso daiteke.

Beraz, azaldutako guztiaren ondorioz errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oin. jur.; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oin. jur.; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oin. jur.; 68/2007 epaia, 10. oin. jur.; 137/2011 epaia, 7. oin. jur.; 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oin. jur.) eta Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat diruz laguntzeko, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena —esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan—, batez ere kontuan hartuta prozeduraren ezarpena ez dagoela Gobernuaren esku.

Errege lege-dekretu honek, gainera, ez du eraginik sortuko Estatuaren oinarrizko erakundeei buruzko ordenamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubideetan, eginbeharretan eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek -oro har zein banan-banan hartuta-, beren izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dute Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

  • IX

Errege lege-dekretu hau Estatuak jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gainean dauzkan eskumenen itzalpean eman da, Espainiako Konstituzioak 149.1.13 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz; izan ere, industria-jarduera jarduera ekonomikoaren osagaia da, eta Estatuak denetariko industrien oinarriak eta koordinazioa arautzeko eskumena dauka. Orobat, errege lege-dekretu hau 149.1.7 eta 17 artikuluen arabera Estatuak lan-legeriaren eta oinarrizko legeriaren gainean eta Gizarte Segurantzaren arloko araubide ekonomikoaren gainean dauzkan eskumenekin bat etorriz eman da.

Beste alde batetik, errege lege-dekretua 149.1.25 artikuluan onartzen den eskumen-tituluan oinarritzen da (meatzaritzaren eta energiaren araubidea), eta bat dator Konstituzio Auzitegiak energiaren arloko oinarrizko arauez emandako doktrinarekin, hau da, errespetatu egin behar direla autonomia-erkidegoek beren autonomia-estatutuetan esleituta dauzkaten eskumenak.

Merkataritzaren arloko neurriak Konstituzioaren 149.1.6 eta 8 artikuluetan oinarritzen dira batik bat; artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari lehiaren merkataritza-zuzenbidea eta legeria zibila arautzeko. Halaber, neurri horiek honen itzalpean ere badaude: Estatuak Konstituzioaren 149.1.13 artikuluaren arabera jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gainean daukan eskumen-titulua.

  • X

Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezartzen diren erregulazio onaren printzipioak. Horren ildotik, dekretuak premiaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu; izan ere, ezartzen diren neurrien oinarrian herritar guztien interesa dago, eta errege lege-dekretua da hori lortzeko tresnarik egokiena. Errege lege-dekretua bat dator proportzionaltasun-printzipioarekin, aurrean aipatutako helburuak lortzeko behar-beharrezkoak diren arauak baizik ez baititu ezartzen. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin; arau-esparru egonkorra, integratua eta argia eratzen du. Azkenik, gardentasunaren printzipioari lotuta, errege lege-dekretuak argi eta garbi zehazten du zein den bere asmoa; Zioen Azalpenean ezartzen diren neurriak azaltzen dira, sektoreka xehatuta.

Horren guztiaren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak, Trantsizio Ekologikorako ministroak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroak proposatuta, eta Ministroen Kontseiluak 2018ko abenduaren 7ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

  • I. TITULUA

Industriaren arloko neurriak

  • I. KAPITULUA

Industriaren lehiakortasuna sustatzeko neurriak

  • 1. artikulua. Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzea.

Seigarren puntua gehitzen zaio urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren laugarren xedapen iragankorrari:

«6. 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen sortzen diren pentsioei aplikatuko zaie errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialaren arautegia, Gizarte Segurantzako Sistema Eguneratzeari, Egokitzeari eta Modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legea indarrean jarri aurretik indarrean egon dena, honako baldintza hauek betetzen direla frogatuz gero:

  • a)  Erretiro partziala eskatzen duen langilearen zuzeneko egitekoetan ezinbestekoa izan behar da esfortzu fisiko handia egitea edo arreta handia jartzea fabrikazio, elaborazio edo eraldakuntzako lanetan, bai eta manufaktura-industriako enpresetako makina eta ekipo industrialak muntatzeko, abian jartzeko, mantentzeko eta konpontzeko lan espezializatuetan ere.

  • b)  Erretiro partziala eskatzen duen langileak frogatu behar du enpresan gutxienez sei urtez lan egin duela erretiro partzialaren aurretik. Horretarako, baldin eta enpresa-ondorengotza gertatu bada, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak 44. artikuluan xedatzen duen bezala (testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen du), edo langilea talde bereko hainbat enpresatan egon bada, aurreko enpresan frogatutako antzinatasuna zenbatuko da.

  • c)  Erretiro partziala eragiten duena gertatzen denean lan-kontratu mugagabea duten langileak plantillako langileen guztirako kopuruaren ehuneko 70 baino gehiago izan behar dira.

  • d)  Erretiro partziala hartzen duenaren lanaldiaren murrizketa gutxienez ehuneko 25ekoa izan behar da eta gehienez ehuneko 67koa (edo ehuneko 80koa, txanda hartzen duen langileari lanaldi osoko kontratua egiten badiote kontratu mugagabe batekin). Adierazitako ehuneko horiek denbora osoko langile baten lanaldi bati dagozkio.

  • e)  Txanda hartzen duen langilearen eta erretiro partziala hartzen duenaren kotizazio-oinarriak bat etorri behar dira; hala, txanda hartzen duen langileari dagokiona ezin da izan txikiagoa erretiro partzialeko pentsioa arautzen duen oinarri-aldiaren azken sei hiletako kotizazio-oinarrien batez bestekoaren ehuneko 65 baino.

  • f)  Hogeita hamahiru urteko kotizazio-aldia frogatu behar da erretiro partziala eragiten duena gertatzen den egunean. Horretarako, ez da kontuan edukiko aparteko ordainketei dagokien aldia. Horretarako, ez beste ezertarako, nahitaezko soldadutzan edo ordezko gizarte-zerbitzuan emandako aldia baino ez da zenbatuko, gehienez urtebete.

Gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-gradua duten pertsonei hogeita bost urteko kotizazio-aldia eskatuko zaie.»

  • 2. artikulua. Industriaren uztailaren 16ko 21/1992 Legea aldatzea.

Uztailaren 16ko 21/1992 Legea honela aldatzen da:

Bat. 34. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«34. artikulua. Zehapenak.

  • 1.  Arau-hausteak honela zehatuko dira:

  • a)  Arau-hauste arinagatik 60.000 euroko isuna ezarriko da, gehienez.

  • b)  Arau-hauste astunagatik 6.000.000 euroko isuna ezarriko da, gehienez.

  • c)  Arau-hauste oso astunagatik 100.000.000 euroko isuna ezarriko da, gehienez.

Gobernuak, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren proposamenari jarraikiz, zehapenen zenbatekoak eguneratu egin ahal izango ditu, errege-dekretu bidez.

  • 2.  Kasuan kasuko zehapenaren zenbatekoa zehazteko honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

  • a)  Egindako kaltearen edo narriaduraren larritasuna.

  • b)  Parte-hartzearen maila eta lortutako etekina.

  • c)  Arau-hauslearen gaitasun ekonomikoa.

  • d)  Arau-haustea nahita egin denez.

  • e)  Aurretik besterik egin denez.

  • f)  Arau-haustea gertatu den merkatuko produktuen kopurua.

  • g)  Entitatearen fakturazioaren bolumena (atxikita dagoen taldearena barne).

  • 3. Arau-haustea astuna edo oso astuna bada, zehapena ezartzeko eskumena daukan agintaritzak aurrekoez gainera honako zigor hauek ere ezarri ahal izango ditu: administrazio publikoen dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea; administrazio publikoekin kontratuak egiteko debekua. Zigor horien iraupena bi urtera artekoa izango da arau-haustea astuna denean eta bost urtera artekoa oso astuna denean.

  • 4. Arau-hauste oso astunen zehapenak erregelamenduz ezartzen den bezala argitaratuko dira irmo bihurtu ondoren.

  • 5.  30.1 artikuluan xedatzen dena gorabehera, lege honetan tipifikatzen diren ekintzak edo ez-egiteak beste lege batzuetan ere tipifikatzen badira, zehapenik handiena ezartzen duen legearen arabera kalifikatuko dira.»

Bi. 35. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«35. artikulua. Hertsapen-isunak.

Aurreko artikuluetan arautzen diren isunak gorabehera, produktuak edo instalazioak arauetan xedatzen denera egokitzeko edo jarduera egiteko baimena lortzeko bidaltzen den errekerimenduan ezartzen diren epealdiak amaitutakoan organo zehatzaileek hertsapen-isunak ezarri ahal izango ditu, Administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 103. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

Halako isun bakoitzaren zenbatekoa ezin da izan egindako arau-hausteari ezarritako isunaren zenbatekoaren ehuneko hogei baino gehiago.

II. KAPITULUA

Industria elektrointentsiboaren bidezko trantsizioa sustatzeko neurriak

  • 3.  artikulua. Energia elektrikoa banatzeko sare itxiak.

  • 1.  Gobernuari ahalmena ematen zaio erregelamenduz garatzeko energia elektrikoa banatzeko sare itxiaren figura: segurtasunagatik, batez ere, lurralde-esparru txikietan biltzen diren jarduera industrialak elektrizitatez hornitzeko sarea.

  • 2.  Horretarako, Gobernuak errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik sei hilabete pasatu baino lehen erregelamendu bat prestatuko du, eta bertan energia elektrikoa banatzeko sare itxiak sortzeko beharko den administrazio-baimena lortzeko bete beharko diren baldintzak ezarriko ditu. Baldintza horien artean honako hauek ezarri beharko dira, gutxienez: sistema elektrikoa jasangarria izatea ekonomiaren eta finantzen aldetik; eragiketaren segurtasuna bermatzea; kontsumitzaileen hornidura-sareak ez zatikatzea eta erredundanteak ez izatea; antzeko kontsumitzaileen arteko bereizkeriarik ez gertatzea; sareek ahalik eta eraginik txikiena edukitzea ingurumenean. Ezartzen diren baldintzak betetzeari utziz gero, baimena ezeztatu ahal izango da.

Gainera, aipatutako errege-dekretuak honako hauek ere arautu ahal izango ditu: aktiboen jabetza, energia elektrikoa banatzeko sare itxietan sartzeko baldintzak, kontratu motak, eta sistema elektrikoarekiko betebehar ekonomikoak eta teknikoak.

  • 3.  Energia elektrikoa banatzeko sare itxiak sortzeko baimenak Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Energia Politikarako eta Meategietarako Zuzendaritza Nagusiak emango ditu, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak txosten batean 2. apartatuan adierazten diren baldintzak betetzen diren aztertu ondoren (batez ere sistema elektrikoaren jasangarritasuna ekonomiaren eta finantzen aldetik).

  • 4.  artikulua. Kontsumitzaile elektrointentsiboen estatutua.

  • 1.  Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik sei hilabete pasatu baino lehen Gobernuak kontsumitzaile elektrointentsiboen estatutua onartuko du errege-dekretu baten bidez. Estatutu horretan berezitasuna onartuko zaie elektrizitate asko erabiltzen duten kontsumitzaileei, elektrizitate-eskari urriko orduetan elektrizitate asko erabiltzen dutenei eta kontsumo-kurba egonkor eta aurrez iragartzeko modukoa dutenei.

  • 2.  Kontsumitzaile elektrointentsiboen estatutuan kontsumitzaile horiek zehaztuko dira eskatzen duten energia potentziaren eta bolumenaren arabera eta sistema elektrikoaren kudeaketa teknikoaren eta ekonomikoaren hobekuntzarako egiten duten ekarpenaren arabera.

  • 3.  Kontsumitzaile elektrointentsiboen estatutuan mekanismo egokiak ezarriko dira energiaren kostuak lehiakortasunean duen eragina murrizteko, Batasunaren arautegiarekin bat etorriz, eta kontsumitzaileek honako arlo hauetan edukiko dituzten betebeharrak eta konpromisoak finkatuko dira: efizientzia energetikoa, energia-iturri kutsatzaileak ordeztea, I+G+b inbertsioak, eta enplegua, besteak beste.

  • 5.  artikulua. Industria elektrointentsiboentzako laguntzen onuradunen betebeharrak.

  • 1.  Industria elektrointentsiboentzako laguntzak martxoaren 9ko 1/2005 Legeak, berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritzarako erregimena ezartzen duenak, arautzen ditu 4. artikuluan eta seigarren xedapen gehigarrian. Laguntza horien onuradunek hiru urtean mantendu behar dute beren produkzio-jarduera laguntza jasotzen dutenetik aurrera.

  • 2.  Onuradunak aurreko betebeharra (jarduera hiru urtean mantendu beharra) ez duela betetzen pentsatuko da, aldi horretan hauetako bat gertatuz gero:

  • a)  Produkzio-gaitasuna ehuneko 85 baino gehiago murrizten badu.

  • b)  Enpresak kaleratze kolektiboa erabaki duela adierazten badu, kaleratze kolektiborako eta kontratuak eteteko eta lansaioak murrizteko prozeduren erregelamenduak, urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuak onartzen duenak, 12.1 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, eta horren ondorioz plantilla ehuneko 85 baino gehiago murrizten bada.

Enpresa eraldatzen bada, beste batzuekin bat egiten badu, zatitzen bada edo bere aktibo eta pasibo guztiak lagatzen baditu, betebehar hau ez da joko ez-betetzat, baldin eta entitate eskuratzaileak jarduera mantentzen badu zenbaki honetan ezartzen den bezala. Halaber, honako kasu honetan ere betebeharra ez da ez-betetzat joko: ez-betetzea eragiten duena konkurtso-prozesu bateko (22/2003 Legea, uztailaren 9koa, konkurtsoena) likidazio-prozedura baten ondorioz gertatzen denean.

  • 3.  Laguntza ematen duen ebazpena ematen denetik zenbatu beharreko hiru urteko aldian jarduera mantendu beharra ez betetzeak berekin ekarriko du laguntza itzuli behar izatea; horretarako prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak arautzen du. II. tituluaren II. kapituluan.

  • 4.  Erregelamenduz ezartzen den kasuetan eta bertako baldintzak betez gero, produkzio-gaitasuna edo plantilla ehuneko 85 baino gehiago murriztu arren, enpresa onuradunak ez du edukiko laguntza itzuli beharrik honako hau gertatzen bada: murrizketa aldi baterakoa izatea, inbertsiogile berriak bilatzen dituen bitartekoa, eta bilaketaren ondorioz berriz ere produkzio-jarduerari ekitea eta gutxienez murrizketaren aurreko produkzioaren eta enpleguen ehuneko 50 berreskuratzea.

  • 5.  Laguntza hauek ezin dituzte jaso 2. apartatuan arautzen diren kasuetan dauden enpresek, ez eta konkurtso-prozesuan (22/2003 Legea, uztailaren 9koa, konkurtsoena) daudenek ere.

II. TITULUA

Txikizkako merkataritzako prezioei eta berariazko erregistroei buruzko neurriak

  • 6.  artikulua. Txikizkako merkataritza antolatzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legea aldatzea.

Txikizkako merkataritza antolatzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legea honela aldatzen da:

Bat. 14. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«14. artikulua. Galerarekin saltzea.

  • 1. Aurreko artikuluan xedatzen dena gorabehera, herritarrei ezin zaie saldu ezer galerarekin, baldin eta salmenta desleialtzat jotzen bada. Honako kasu hauetan salmenta desleialtzat joko da galerarekin saltzea:

  • a)  Kontsumitzaileei okerreko usteak sortarazten dizkienean establezimendu bereko beste produktu batzuen prezioez.

  • b)  Besteren produktu edo establezimendu baten ospea zapuzten duenean.

  • c)  Lehiakide bat edo lehiakide-talde bat merkatutik ateratzeko estrategia baten barruan egiten denean.

  • d)  Prezioaz edo hura finkatzeko moduaz, edo berariazko onura batez, okerreko informazioa ematen duen merkataritza-jardun baten barruan egiten denean, horren ondorioz ohiko kontsumitzailea nahasten bada eta bestela egingo ez lukeen erosketa bat egiten badu.

  • 2. Aurreko zenbakian adierazten diren ondorioetarako, honako kasu honetan gertatzen da salmenta galerarekin: produktu bati ezarritako prezioa eskuraketa-prezioa baino baxuagoa denean, fakturaren arabera, bertan ageri diren deskontuen zati proportzionala kenduta, edo produktua birjartzeko prezioa baino baxuagoa, hori baino baxuagoa izanez gero, edo produkzio-kostu efektiboa baino baxuagoa, produktua merkatariak berak fabrikatu badu, eragiketaren gaineko zeharkako zergen kuotak gehituta.

Faktura bat bidaltzen denetik 25 egun pasatutakoan ez bada jasotzen eragozpenen berririk, hartu duenak oso-osorik onartzen duela pentsatuko da. Hartzailea ez badago fakturarekin ados, aurrekoaren ondoren 10 eguneko epealdia egongo da zuzentzeko eta faktura zuzendua atzera bidaltzeko.»

Bi. 38. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«38. artikulua. Kontzeptua.

  • 1.  Urruneko salmenten kalifikaziorako, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren 92. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan; testu bategin hori azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

  • 2.  Urruneko salmentei aplikatuko zaie Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren bigarren liburuko III. tituluan xedatutakoa; testu bategin hori azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.»

Hiru. 62. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«62. artikulua. Frankizia-araubidea.

  • 1.  Merkataritza-jardueraren barruan hauxe da frankizia-araubidea: akordio edo kontratu baten bidez enpresa batek (frankizia-emailea) beste bati (frankiziaduna) lagatzea produktuak edo zerbitzuak merkaturatzeko sistema propioa.

  • 2.  Frankizia-kontratua edo frankizia-aurrekontratua sinatu edo frankiziaduna izango denak frankizia-emaileari ordainketa egin baino 20 egun lehenago, gutxienez, frankizia-emaileak frankiziaduna izango denari idatziz eman beharko dio askatasunarekin eta jakinaren gainean frankizia-sarean sartzea erabaki ahal izateko behar duen informazioa, batez ere honako datu hauek: frankizia-emailearen identifikazio-datu nagusiak, frankiziaren negozio-jardueraren sektorearen azalpena, frankiziaren eta beraren ustiapenaren nondik norakoak, sarearen egitura eta hedadura, eta frankizia-akordioaren funtsezko elementuak. Frankizia-lagapeneko jardueran aritzeko bete beharreko gainerako oinarrizko baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira.»

Lau. 65.1.a) artikulua honela geratzen da:

«a) Merkataritzako jarduera bat aginduzko baimena eduki gabe egitea edo ez helaraztea merkataritza-administrazioari indarreko arautegiaren arabera nahitaezkoak diren komunikazioak edo jakinarazpenak.»

Bost. 65.1.c) artikulua honela geratzen da:

«c) Galerarekin saltzea, salmenta 14.1 artikuluaren arabera desleiala dela.»

Lehenengo xedapen iragankorra. Hasitako laguntza-espedienteak.

5. artikuluan xedatzen dena laguntzak emateko izapidetzen ari diren prozedurei aplikatuko zaie, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean organo eskudunak ebatzi gabe daudenei, alegia.

Bigarren xedapen iragankorra. A2L taldeko hozgarriak dituzten instalazioak jartzeko baldintzak.

Harik eta errege-dekretu baten bidez hozkuntza-instalazioen segurtasunaren araudia eta horien jarraibide tekniko osagarriak onartu eta A2L motako hozgarriak (UNE-EN 378-1:2017 araua: toxikotasun baxuko eta sukoitasun arineko hozkuntza-gasak) erabiltzen dituzten instalazioetarako berariazko neurriak ezarri arte, honako hau aplikatuko da:

  • 1.  A2L motako hozgarria darabilten hozkuntza-sistema trinkoek (airea girotzeko sistema eramangarriak, hozkailuak, etxeko izozkailuak, eta abar) daukaten hozgarri-zama 1,5 x m1 [m1=LIIx4m3] biderketaren emaitza baino gutxiago bada, ez zaizkie aplikatuko xedapen honetan ezartzen diren baldintzak, ez eta 138/2011 Errege Dekretuaren oraingo testuaren arabera dagozkienak ere, zeren eta mota horretako hozgarriek sutea pizteko arrisku txikiagoa sortzen baitute, errekuntza-abiadura baxuagoa da eta.

M1 UNE-EN 378-1:2017 arauko C eranskineko C.2 taulako gehieneko faktoreetako bat da eta LII UNE-EN 378-1:2017 arauko E eranskineko E.1 taulako gutxieneko sukoitasuna, kg/m3-etan adierazia. 4 biderkatzailea honako zama hau oinarritzat hartuta ezarri da: 150 gr R-290 hozgarri.

  • 2.  A2L motako hozgarria darabilten hozkuntza-sistemek, trinkoek ez bestelakoek, daukaten hozgarri-zama 1,5 x m1 [m1=LIIx4m3] biderketaren emaitza baino gutxiago bada, honako hau baino ez zaie aplikatuko, mota horretako hozgarriek sutea pizteko arrisku txikiagoa sortzen baitute, errekuntza-abiadura baxuagoa da eta:

Instalazio hauek jartzeko, mantentzeko, konpontzeko, aldatzeko eta desmuntatzeko lanak otsailaren 4ko 138/2011 Errege Dekretuak, hozkuntza-instalazioen segurtasunaren araudia eta horien jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituenak, ezartzen dituen 1. mailako hozkuntza-enpresek egin behar dituzte, edo uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak, Eraikinetako Instalazio Termikoen Araudia onartzen duenak, ezartzen dituen enpresa instalatzaileek.

Sistema instalatzen duen enpresak honako dokumentazio hau eman behar dio sistemaren edo instalazioaren titularrari:

  • a)  Ziurtagiria, honako datu hauek adierazten dituena: enpresa instalatzailearen datuak, fabrikatzailea, modeloa, urtea, fabrikazio-zenbakia, zama, hozgarriaren izendazioa eta taldea, eta egindako jarduketak.

  • b)  Erabilera-eskuliburua.

  • 3.  A2L motako hozgarria darabilen instalazio baten hozgarri-zama ez bada UNE-EN 378-1:2017 arauaren C eranskineko C.1 eta C.2 tauletan ezartzen diren gehienekoak baino gehiago eta, UNE-EN 378-1:2017 arauan ezartzen den arrisku-analisiaren arabera, instalazioak ez badu behar babes-neurri berezirik, UNE-EN 378-1:2017 arauaren C eranskineko C.3 ataleko neurri gehigarriez bestelakorik, titularrak ez dauka zertan kontratatu erantzukizun zibileko asegurua instalazioaren arriskuak estaltzeko (500.000 € gutxienez).

  • 4.  A2L motako hozgarria darabilen instalazioak, baldin eta ez badaukate sistemarik batere konpresoreetan 30 kW-tik gorako potentzia elektrikoa instalatuta daukanik, edo dauzkaten sistema guztietako hozkuntza-konpresoreetan instalatutako potentzia elektrikoen guztirako batura 100 kW-tik gorakoa ez bada eta ez badute hozten atmosfera artifizialeko ganberarik, otsailaren 4ko 138/2011 Errege Dekretuak ezartzen dituen 1. mailako hozkuntza-enpresek egin ditzakete, eta uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak ezartzen dituen enpresa instalatzaileek ere bai.

  • 5. Instalazio baten hozgarri-zama 1,5 x m1 [m1=LIIx4m3] biderketaren emaitza edo gehiago bada, beraren ekipoek A2L motako hozgarriak erabiltzen badituzte, ez badauka sistemarik batere konpresoreetan 30 kW-tik gorako potentzia elektrikoa instalatuta duenik, edo dauzkan sistema guztietako hozkuntza-konpresoreetan instalatutako potentzia elektrikoen guztirako batura 100 kW-tik gorakoa ez bada, eta ez badu hozten atmosfera artifizialeko ganberarik, honako dokumentazio hau eman behar zaio autonomia-erkidegoari:

  • a)  Egindako instalazioaren memoria teknikoa, hozkuntza-instalatzaileak edo teknikari tituludun eskudunak sinatua; bertan ekipoen inguruko informazio zehatza eman behar zaio erabiltzaileari: fabrikatzailea, modeloa, hozgarria (mota eta zama) eta fabrikazio-urtea. Horrekin batera, instalazioak UNE-EN 378-1:2017 arauak lokalaren dimentsioez, ekipoaren muntaketa-altueraz (zorutik), gehieneko hozgarri-zamaz eta segurtasun-neurriez eskatzen duen guztia betetzen dela frogatzen duten kalkuluen agiria aurkeztu behar da. Agiri hori hozkuntza-enpresaren legezko ordezkariak edo teknikari tituludun eskudunak sinatu behar du, baldin eta ez hozgarri-zama ez bada UNE-EN 378-1:2017 arauaren C eranskinaren C.1 eta C.2 tauletako gehienekoak baino gehiago, edo teknikari tituludun eskudunak, hozgarri-zama gehienekoak baino handiagoa bada edo arriskuen analisia egin behar bada.

  • b)  Instalazioaren «arriskuen analisia», aurreko puntuan azaltzen diren irizpideak betetzen ez badira, hau da, hozgarri-zama UNE-EN 378-1:2017 arauan ezartzen den gehienekoa baino handiagoa bada. Instalazioaren eremua UNE-EN 60079-10-1 arauaren arabera urria bada, dokumentatu egin behar da; bestela, apirilaren 8ko 144/2016 Errege Dekretua, leherkorrak izan daitezkeen atmosferetan aplikatzen diren babeseko gailuen eta sistemen nahitaezko osasun eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena, aplikatu behar da. Horrelako instalazioak 2. mailako enpresa instalatzaileek egin behar dituzte.

  • c)  Hozkuntza-enpresaren ziurtagiria, legezko ordezkariak sinatua, honako hauek egiaztatzen dituena: enpresan badaudela langileak A2L motako gasak erabiltzen dituzten sistemak eta instalazioak instalatzeko eta erabiltzeko gauza direnak; langileok badakitela nolako baldintzak bete behar dituzten horrelako instalazioek mota horretako hozgarriei dagokienez eta jaso dutela horren inguruko trebakuntza; enpresak betetzen dituela instalazioak eta beraren osagaiek ekipoen fabrikatzaileak A2L motako hozgarriak erabiltzeko gomendatzen dituen baldintza bereziak.

  • d)  Instalazioaren ziurtagiria, hozkuntza-enpresak sinatua.

Aurreko c) eta d) letretan aipatzen diren ziurtagiriak informazio guztia biltzen duen agiri bakar batean egin daitezke.

  • e)  Instalazio elektrikoaren ziurtagiria, hozkuntza-instalazioa hartzen duena, behe tentsioko instalatzaile batek sinatua.

  • f)  Presioko ekipoak eta hodi-sistema behar bezala daudelako adierazpenak, uztailaren 24ko 709/2015 Errege Dekretuarekin bat etorriz; behar denean, segurtasuneko edo presioko osagarriena ere bai.

  • g)  Uztailaren 24ko 709/2015 Errege Dekretuaren arabera, instalazioa, oro har, Batasunak ezartzen duenarekin bat datorrelako adierazpena, ekipo trinkoa bada, eta gainerako instalazioen kasuan, presio-ekipo guztien hodiak bat datozelako adierazpena.

  • h)  Hozkuntza-enpresa instalatzaile batekin sinatutako mantentze-kontratua.

Hirugarren xedapen iragankorra. Erregai berriztagarria edo gas naturala erabiltzen duten kogenerazio-instalazioak, arauzko bizitza erabilgarria amaitu zaienak.

Erregai berriztagarria edo gas naturala erabiltzen duten efizientzia handiko kogenerazio-instalazioetatik 2018ko urtarrilaren 1az gero arauzko bizitza erabilgarria amaitzen zaienei instalazio motari dagokion eragiketa-ordainsaria emango zaie errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik sortzen duten energiagatik, bi urtean gehienez errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Teknologia hauek arautzen dituen erregelamendua sortuz gero, eragiketa-ordainsaria jasotzeko eskubidea azkenduko da.

Ordainsari hau jaso ahal izateko, xedapen hau aplikatzen zaien energia elektrikoa sortzeko kogenerazio-instalazioek efizientzia energetikoaren inguruko baldintzak eta aplikatu beharreko gainerako arautegian ezartzen diren gainerako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Laugarren xedapen iragankorra. Nazioartekotzeko ICEX Beken Programaren 2019ko deialdia.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak hogeita seigarren xedapen gehigarrian ezartzen duena ez da aplikatuko Nazioartekotzeko ICEX Beken Programaren 2019ko ekitaldiko deialdian. Ekitaldi horretan beka horien arautegia azaroaren 17ko 38/2003 Legeak xedatzen duenera moldatu beharko da, dirulaguntzen arautegia 2020ko deialdiko bekei aplikatu ahal izateko.

Lehenengo xedapen gehigarria. Errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialari heldu dion langileren bat duten enpresen informazio ez-finantzarioa.

Errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialari (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren laugarren xedapen iragankorraren 6. zenbakia; errege lege-dekretu honen 1. artikuluak finkatutako testua) heldu dion langileren bat duten enpresek kudeaketa-txosteneko (uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kapital-sozietateen Legearen testu bategina, 262.1 artikulua) informazio ez-finantzarioan enpresak ikatzik gabeko ekonomiarako trantsizioan aurrera egiteko ezartzen dituen neurriei buruzko informazioa sartu behar dute.

Bigarren xedapen gehigarria. Errege lege-dekretuan ezartzen diren neurrien ebaluazioa.

Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik bost urte pasatutakoan Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak bertan ezartzen diren neurrien ebaluazioa egingo du (behar izanez gero, ministerio-sail eskudunekin lankidetzan jardungo du egiteko horretan). Hain zuzen ere, ebaluazio horretan gutxienez honako irizpide hauek aplikatuko dira: martxoaren 24ko 286/2017 Errege Dekretuak, Estatuaren Administrazio Orokorraren Urteko Araugintza Plana eta Araugintza Ebaluazioaren Urteko Txostena arautzen dituenak eta Araugintza Planifikatzeko eta Ebaluatzeko Batzarra sortzen duenak, 3.2 artikuluan ezartzen dituen irizpideak aplikatuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

  • 1.  Berariaz indargabeturik geratzen dira honako arau hauek:

  • a)  Urtarrilaren 15eko 7/1996 Legea, txikizkako merkataritza antolatzen duena: 65.1.r) artikulua.

  • b)  Otsailaren 24ko 225/2006 Errege Dekretua, urruneko salmentaren alderdi batzuk eta urruneko salmentako enpresen erregistroan inskribatzeko modua arautzen dituena.

  • c)  Otsailaren 26ko 201/2010 Errege Dekretua, merkataritzan frankizia-araubidean aritzea eta frankizia-emaileen erregistroari datuak ematea arautzen dituena: III. kapitulua, lehenengo xedapen gehigarria, bigarren xedapen gehigarria, lehenengo xedapen iragankorra eta bigarren xedapen iragankorra.

  • 2.  Era berean, indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan ezartzen denaren aurka dauden maila bereko eta beheragoko mailako xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Elikadura-katearen funtzionamendua hobetzen duen abuztuaren 2ko 12/2013 Legea aldatzea.

Elikadura-katearen funtzionamendua hobetzen duen abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren 6. zenbakiaren e) letra aldatzen da eta honela geratzen da:

«e) Estatuaren Administrazio Orokorrak lege honen arabera dauzkan eskumenen esparruan, bertan xedatzen dena betetzen denez egiaztatzeko behar den kontrolaren araubidea ezartzea eta garatzea.»

Azken xedapenetako bigarrena. Elikagaien kalitatea babesten duen uztailaren 30eko 28/2015 Legea aldatzea.

Elikagaien kalitatea babesten duen uztailaren 30eko 28/2015 Legea aldatzen da eta honela geratzen da:

Bat. Xedapen iragankor bakarra ezabatzen da.

Bi. Beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, bosgarrena; hona testua:

«Bosgarren xedapen gehigarria. Arau-hausteak.

Elikagaien kalitatearen arloko arau-hausteen tipifikazioa autonomia-erkidego bakoitzak bere legerian ezartzen duena izango da

Azken xedapenetako hirugarrena. Europar Batasunaren Zuzenbidea txertatzea.

Arau honen bidez Espainiako Zuzenbidean txertatzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/72/EE Zuzentarauaren 28. artikulua (zuzentarau horrek Batasuneko elektrizitatearen merkatuari buruzko arau orokorrak ezarri eta 2003/54/EE Zuzentaraua indargabetzen du).

Azken xedapenetako laugarrena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.6, 7, 8, 13, 17 eta 25 artikuluen babesean ematen da. Artikulu horiek honako gai hauen gaineko eskumenak ematen dizkiote Estatuari, hurrenez hurren: merkataritzako legeria; lan-legeria; jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa; Gizarte Segurantzaren gaineko oinarrizko legeria eta araubide ekonomikoa; meatzaritzaren eta energiaren araubidea.

Azken xedapenetako bosgarrena. Garatzea eta betearaztea.

Gobernuari ahalmena ematen zaio errege lege-dekretu honetan arautzen dena garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak onartzeko.

Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean».

Madrilen, 2018ko abenduaren 7an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra