Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

20/2013 Legea, abenduaren 9koa, merkatu-batasuna bermatzeari buruzkoa

2013-12-09

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/12/10, 295. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

12888

20/2013 Legea, abenduaren 9koa, merkatu-batasuna bermatzeari buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA I

Merkatu-batasuna funtsezko ekonomia-printzipioa da Espainiako ekonomiaren lehiafuntzionamendurako. Merkatu-batasunaren printzipioak Konstituzioaren 139. artikuluan du isla; izan ere, artikulu horretan esanbidez adierazten da ezin izango dela Espainiako lurralde osoan pertsonen zirkulazio- eta kokatze-askatasuna eta ondasunen zirkulazioaskatasuna zuzenean edo zeharka oztopatzen duen neurririk hartu.

Merkatu-batasunaren printzipioa betetzeko, azken hamarkada hauetan ahalegin garrantzitsuak egin dira. Nolanahi ere, eta hartutako neurriak gorabehera, Espainiako merkatuan oraindik ere irauten du zatikatzeak, eta, horren ondorioz, kostua oso handia da eta kostu horrek izugarri eragozten du enpresen jarduera. Kostu hori ez ezik, erregulazioa areagotzeak eragindako oztopoak eta trabak ere ezabatzeko beharra izan da eragile ekonomikoek azken urteotan egin duten eskaera nagusietako bat.

Merkatu nazionalaren zatikatze horrek trabak jartzen dizkio lehia eraginkorrari, eta dimentsio handiagoko merkatu batean jarduteko aukera ematen duten eskalako ekonomiak aprobetxatzea eragozten du; horren ondorioz, inbertsiorako pizgarriak ezabatzen ditu, eta, azken batean, produktibitatea, lehiakortasuna, ekonomia-hazkundea eta enplegua murrizten ditu, herritarren oparotasunari, enpleguari eta ongizateari dagokienez horrek dakarren kostu ekonomiko handiarekin.

Egungo testuinguruan, Lege honen xedea merkatu-batasuna bermatuko duten printzipioak eta oinarrizko arauak ezartzea da, lehia eta inbertsioa nabarmen hobetuko dituen ingurunea eratu ahal izateko, betiere autonomia-erkidegoen eta tokiko erakundeen eskumenak erabat errespetatuta; era horretan, eragile ekonomikoek produktibitate handiagoa eta kostu txikiagoak izatea erraztuko litzateke, enplegua sortzearen eta hazkundearen alde, eta, azken onuradunak diren kontsumitzaileen eta erabiltzaileen mesedetan, horiek kalitatezko produktu eta zerbitzu gehiago lortzeko aukera izango baitute. Herri-administrazio guztiek kontuan hartuko dituzte Lege honetan bildutako printzipio guztiak, haien egintza eta xedapen guztietan eta jarduera ekonomiko guztietan, eta, bereziki, izaera estrategikoa dutelako (telekomunikazioak, energia, garraioak) edo ekonomia dinamizatzeko eta hazteko ahalmena dutelako (merkataritza-banaketa, turismoa, eraikuntza, sortze-industriak eta kultura-arloko industriak, elikadura, higiezinen sektorea, azpiegiturak) ekonomiarako garrantzi berezia duten jardueretan.

Lege hau egiteko, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauaren (barne-merkatuko zerbitzuei buruzkoa, «Zerbitzuen Zuzentaraua» ere deitzen zaiona) transposizioa egiteko prozesuan bildutako esperientzia hartu da kontuan. Prozesu horretan, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen bitartez, zirkulazioaskatasunerako zenbait oinarrizko printzipio txertatu ziren Espainiako antolamendu juridikoan, bereziki administrazioak esku hartzeko bitartekoen eraginkortasun nazionalaren printzipioa. Azaroaren 23ko 17/2009 Legeak aurrekaria ezarri du merkatu-batasunaren alorrean zerbitzu-sektorerako, eta jarduera ekonomiko guztietara hedatu behar dela deritzogu. Era horretan, Lege hori Zerbitzuen Zuzentarautik esanbidez kanpo utzitako sektoreei (esate baterako, komunikazio elektronikoak, garraioa, aldi baterako laneko enpresak, segurtasun pribatua, eta abar) eta produktuen zirkulazioari ere aplikatuko zaie.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia oparoa ere kontuan izan da Lege honetan ezarritako oinarrizko printzipioei dagokienez. Bereziki, premiaren eta proportzionaltasunaren printzipioari, eraginkortasun nazionalaren printzipioari eta ez baztertzeko printzipioari dagokienez.

Azken hogei urteetan garatu den Europar Batasunaren Barne Merkatua eraikitzeko prozesuan ez bezala, arau honetan Espainiako merkatu nazionalaren batasuna bermatu nahi da gure lurralde-arloko administrazio-antolamenduaren ondorioz sor daitezkeen aldaketak saihestuz edo txikiagotuz. Batasun hori lortzea Espainiako Konstituzioaren abiapuntuko oinarrizko premisa da dagoeneko. Horrek modu positiboan eragingo dio, zalantzarik gabe, barne-merkatua Europan eraikitzeari; izan ere, argi dago Espainiako merkatu bakarraren funtzionamendua zenbat eta hobea izan, orduan eta eragin positiboagoa izango duela Europar Batasuneko Barne Merkatuaren garapenean.

Bereziki, Estatuakbeste Estatu kide batzuetako eragileei dagokienez bere gain hartzen dituen beharrak, besteak beste, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarautik eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2005eko irailaren 7an emandako 2005/36/EE Zuzentarautik (lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa) eratorritakoak, guztiz betetzen dira Zuzentarau horien transposizioari buruzko araudi espezifikoa aplikatzearen ondorioz. Nolanahi ere, Europar Batasunaren araudia betetzeaz gain, Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako eragileek, Espainian ezarrita daudenek edo Espainian ezarri nahi dutenek, lagungarriagoa den araubide bati etekinak atera ahal izango dizkiote beste jarduera ekonomiko askotan Zerbitzuen Zuzendaritzaren eremutik haratago; aitzitik, beren zerbitzuak Espainian askatasunez ematen dituzten beste estatu kide batzuetako eragileek Zerbitzuen Zuzentarauak, azaroaren 23ko 17/2009 Legeak eta Batasunaren sektoreko araudiak ezarritako esparruaz baliatzen jarraituko dute beste estatu kide batzuetan legez ezartzen diren arte.

Estatuari, autonomia-erkidegoei edo toki-erakundeei kasu bakoitzean dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, Lege honen bitartez eraginkortasuna eman nahi zaie lurralde nazional osoan jatorrizko agintaritza eskudunak hartutako erabakiei, elkarrekiko konfiantza-irizpidean oinarrituta dauden erabakiei, hain zuzen ere; eta printzipio komunak aplikatuko dira, hala nola administrazio-jardunen eraginkortasun-printzipioa lurralde nazional osoan ekonomia-ekimen librean oinarrituta; horrek esan nahi du beste herriadministrazio batzuetako agintaritza eskudunen jardunak onartzen direla inplizituki. Lege honen helburua ez da ordenamendu juridikoak bateratzea, Konstituzio Auzitegiak askotan adierazi duenez, batasunak ez baitu berdintasuna esan nahi; izan ere, Espainiako estatuaren lurralde-konfigurazioak berak eta autonomia politikoa duten erakundeak izateak, autonomia-erkidegoak, esaterako, eragiten dute araubide juridiko asko izatea.

Aurreko printzipioen aplikazio uniformea lortzeko eta Lege horrekin lortu nahi diren helburuak betetzeko, Estatuaren, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen arteko lankidetza indartzeko eredu baten aldeko apustua egin da. Ildo horretatik, Lege honen elementu garrantzitsu bat da lehendik dauden lankidetza-egiturak aprobetxatzea prozesu osoa sustatzeko. Horrez gain, aurreikusten da Merkatu Batasunerako Kontseilu bat sortzea administrazio-lankidetzako organo gisa Lege honen aplikazioari jarraipena egiteko.

Orobat, produktuen eta zerbitzuen kalitate-mailei eusteko, Lege honetan agintaritza eskudunen arteko lankidetza- eta elkarlan-mekanismoak indartzen dira eragile ekonomikoak gainbegiratzeko, eta lankidetzan alerta-prozedurak ezarri dira ondasunak eta zerbitzuak ematen direla kontrolatzeko, pertsonen edo ingurumenaren osasunean edo segurtasunean kalterik ez eragiteko eta beharrezkoak diren neurriak hartzea ahalbidetzeko. Ildo horretatik, Lege honek jarraitzen du produktuen eta zerbitzuen kalitateeta segurtasun-mailak hobetzen laguntzen arau-eskakizunen gainetik; horretarako, kalitate-arauen erabilera boluntarioa bultzatzen da azken onuradunak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak izanik.

Beste alde batetik, Administrazioaren eta sektore pribatuaren arteko komunikaziokanalak ezartzen dira ekonomia-eragileei eta enpresei ahalbidetzeko merkatu nazionala zatikatzen duten egoera eta eragozpen jakin batzuen berri ematea herri-administrazioei, egoera eta eragozpen horiek arin konpondu ahal izateko.

Azkenik, Lege honek ekonomia-jardueretarako arau-esparru eraginkorra sustatzen jarraituko du, egun dagoen legeria erraztuko duen, beharrezkoak ez diren erregulazioak desagerraraziko dituen, prozedura bizkorragoak ezarriko dituen eta administrazio-kargak gutxiagotuko dituen arau-esparrua, alegia. Merkatu-batasunak dituen traba eta eragozpen gehienak ekonomia-erregulazio egokiko irizpideak hartuz desagerrarazten dira.

Garrantzitsua da erregulazioa etengabeko berrikuspen-prozesupean edukitzea, erregulazio egokiaren eta merkatu nazionalaren batasunean oinarrituta dagoen prozesupean, alegia.

Hortaz, Espainiako Konstituzioaren 38. artikulua oinarritzat hartuta, aldaketa hau ekonomia- eta arau-ingurunea, ekintzailetza, enpresa-hedapena, jarduera ekonomikoa eta inbertsioa ahalbidetuko dituen ingurune ekonomikoa eta arau-ingurua ezartzeko helburuaren funtsezko elementua da, betiere ondasunen eta zerbitzuen hartzaileen, eragile ekonomikoen eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen mesedetan. Aipatutako artikuluan enpresa-askatasuna aitortzen da merkatu-ekonomiaren eremuan, eta botere publikoek bermatu eta babestu beharko dituzte haren egikaritza eta produktibitatearen defentsa, ekonomia orokorraren eskakizunei kasu eginez.

Konstituzio Auzitegiak askotan ezarri izan du lurralde-egitura konplexua duten hainbat Estatutan (gurean, esaterako) ekonomia-arloko oinarrizko printzipioak batzuk izateko eta printzipio horiek berak eremu nazional osoan izateko eskakizuna batasun-printzipio orokorrenaren proiekzio zehatza dela. Beraz, Konstituzio Auzitegiak ezarri du jarduera ekonomikoaren funtzionamenduak eskatzen duela ekonomia-arloko oinarrizko printzipio batzuk edukitzea. Printzipio horiek modu bateratuan eta orokorrean aplikatu beharko zaizkio lurralde nazional osoari.

II Legeak hogeita zortzi artikulu ditu, zazpi kapitulutan, hamar xedapen gehigarritan, xedapen indargabetzaile batean, zazpi azken xedapenetan eta eranskin batean bildutakoak.

I.  kapituluak («Xedapen orokorrak») helburua eta aplikazio-esparrua arautzen dituzten xedapenak biltzen ditu. Zehazki, aplikazio-esparru zabala ezartzen da; eremu horretan ekonomia-jarduerarako sarbidea eta gauzatzea merkatu-baldintzen arabera erregulatuko dela biltzen da, eta, ondorioz, ekonomia-jardueretarako sarbideari eta gauzatzeari eragiten dioten herri-administrazioetako egintza eta xedapen guztiak bilduko dira.

II.  kapituluak («Kokatze-askatasuna eta zirkulazio-askatasuna bermatzeko printzipioak») merkatu-batasuna bermatzeko beharrezkoak diren printzipio orokorrak ezartzen ditu. Zehazki, diskriminaziorik ezaren printzipioa, lankidetzaren eta elkarrekiko konfiantzaren printzipioa, agintaritza eskudunen jardunen premia- eta proportzionaltasunprintzipioa, agintaritza eskudunen lurralde nazional osoko eraginkortasun-printzipioa, kargak sinplifikatzearen aldeko printzipioa, gardentasun-printzipioa eta printzipio hauek aplikatuz eragile ekonomikoen askatasunak bermatzeko printzipioa.

III.  kapituluak («Herri-administrazioen arteko lankidetza-bermea») Merkatu Batasunerako Kontseilua sortzen du. Idazkaritza tekniko batek emango dio laguntza, eta Legearen aplikazioa jarraitzeko eta bultzatzeko administrazio-lankidetzarako organo gisa jardungo du. Era berean, Kapitulu horretan sektoreko batzarren esparruko eta arauproiektua egiteko lankidetzari buruzko aginduak biltzen dira. Bestalde, agindu bat ezartzen da administrazioetako arauen etengabeko ebaluazioa egiteko.

IV.  kapituluan («Kokatze- eta zirkulazio-askatasunerako bermeak»), ekonomiaekimen askearen printzipiotik abiatuta, premiaren eta proportzionaltasunaren printzipioaren antolamendua arautzen da. Agintaritzek, babestu beharreko interes orokorraren arabera, aukeratu ahal izango dute betekizunen inguruko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena egitea edo baimena ematea, betiere jardueraren izaera ez ezik esku hartzeko bitartekoa jarduerara edo azpiegitura fisikora bideratuta dagoen ere kontuan hartuta. Baimena da jarduera ekonomikoa lortzea eta jarduera ekonomikoa gauzatzea gehien mugatzen duen esku hartzeko bitartekoa. Horregatik, eragile ekonomikoen ikuspegitik, honako hauek hartzen dira administrazio-baimena eskatzea ahalbidetzen duten arrazoitzat: jarduera egiten den leku zehatzean segurtasun publikoko,osasun publikoko eta ingurumena babesteko arrazoiak izatea, eta ordena publikoa; azken horren barruan, finantza-zuhurtasuna eta finantza-egonkortasunaren bermea sartzen dira, besteak beste. Baina arrazoi horietakoren bat baldin badago ere, kontuan izan beharko da beti erantzukizunpeko adierazpen bat edo jakinarazpen bat eskatzea ez dela nahikoa izango lortu nahi den helburua bermatzeko, proportzionaltasunaren printzipioaren arabera. Esate baterako, osasun publikoaren ondoriozko premiaren printzipioa aplikatuz, litekeena da osasun-plangintzaren esparruan merkatu-baldintzetan eskaintzen diren hainbat jarduera arautu behar izatea. Jarduera horietako batzuei baimena eskatuko zaie eta beste batzuei erantzukizunpeko adierazpen bat edo jakinarazpen bat, eskatutako baldintzak aurretik egiaztatu behar diren edo ez kontuan hartuta.

Bestalde, baimena tresna egokia izango da norgehiagoka bermatzeko hainbat arrazoi direla medio merkatuan eragile kopuruaren muga dagoen kasuetan. Aipatutako arrazoiak honako hauek dira: baliabide naturalen eskasia, jabari publikoaren erabilera, jarduera horren muga teknikoak edo tarifa arautuen eraginpeko zerbitzu publikoak ez ezik, jabari publikoa erabiltzea eskatzen duten zerbitzu publikoak ere betetzea edo zerbitzu horiek behar bezala ematea arriskuan jar ditzaketen zerbitzuak izatea; hori gertatzen da, esaterako, taxiak garatutako jarduerak gauzatzearekin eta gidaria duten ibilgailuen errentamenduarekin, jabari publikoko emakidekin edo Lege honetako 17.1 artikuluko aurreikuspenetan sartutzat hartzen diren farmazia-bulegoekin.

Garrantzitsua da nabarmentzea 17. artikulua lurralde nazional osoan eskumena duten agintaritzen jardunen eraginkortasun-printzipioa bazter utzi gabe ulertu behar dela. Izan ere, jarduera bat eskuratzeko eragileek baimena lortzen dutenean edo erantzukizunpeko adierazpena edo jakinarazpena aurkezten dutenean edo jarduera aurretiko izapiderik egin gabe eskuratzen badute, jarduera hori lurralde nazional osoan gauzatu ahal izango da eta ez da, esate baterako, beste baimenik eskatu beharko, erantzukizunpeko adierazpenik edo jakinarazpenik egin beharko, eraginkortasun nazionalaren printzipio hori mugatua den kasu jakin batzuetan izan ezik.

Kokatze- eta zirkulazio-askatasunak mugatzen dituzten jardunak ere zehazten dira; horretarako, agintaritza eskudunek bermatu beharko dute beren jardunen ondorioz merkatu-batasunean ez dela trabarik edo eragozpenik sortuko.

V.  kapituluan («Eraginkortasun-printzipioa lurralde nazional osoan») printzipio horri buruzko xedapenak garatzen dira; printzipio hori Lege honetako funtsezko elementuetako bat da. Elkarrenganako konfiantzan oinarrituta dagoen printzipio horren arabera, legez ezarritako edozein eragile edo legez produzitu eta zirkulazioan jarritako edozein ondasun ekonomia-jardueran aritu ahal izango da edo zirkulatu ahal izango da lurralde nazional osoan, eta printzipioz, beste agintaritza eskudun batzuek ezingo diote baimen berririk edo izapide gehigarririk eskatu. Zehaztasunez arautzen dira egiaztapenen, aitorpenen, kalifikazioen, ziurtagirien eta trebakuntzen kasuak eta gaitzeko egintzak; eta autonomiaedo toki-araudian esanbidez aurreikusten da lurraldeko beste toki batzuetan ezarritako operadoreei aplika dakiekeen araubidearen baliozkotasuna. Eraginkortasun-printzipio hau, ordea, ezin zaie hainbat jarduni aplikatu; jardun horiek instalazioekin, azpiegitura fisikoekin, jabari publikoa okupatzearekin edo beren izaera dela medio lurralde-esparru jakin batekin lotuta dauden tarifa arautuen eraginpeko zerbitzu publikoak betetzearekin (oraingo honetan ere taxiak garatutako jarduerak eta gidaria duten ibilgailuen errentamendua dira), jabari publikoko emakidekin edo farmazia-bulegoekin lotuta daude, eta Lege honetako 20.4 artikuluaren bigarren paragrafoaren aurreikuspenetan sartutzat hartzen dira.

VI.  kapituluak («Eragile ekonomikoak gainbegiratzea») jarduera ekonomikoa eskuratzea eta erabiltzea gainbegiratu eta kontrolatzeko agintaritza eskudunak arautzen ditu. Izendatutako agintaritzek gainbegiratzeko eta kontrolatzeko ekintza babesten da agintaritzen arteko komunikazioa eta informazio-trukea ezinbestekoa delako eta hori Kapitulu honetan arautzen da. Era berean, aurreikusten da erregistro sektorialetan dagoen informazioa txertatzea.

Azkenik, VII. kapituluak («Eragile ekonomikoak kokatze- eta zirkulazio-askatasunaren eremuaren babesteko mekanismoak»), eragile ekonomikoen interesak defendatzeko mekanismoak ezartzen eta arautzen ditu; horrez gain, eragile ekonomikoek merkatubatasunean atzemandako traba eta eragozpenei konponbide arina ematen die.

Horregatik, herritarren eskubideak bermatzeko eta Lege hau aplikatzeko beharrezkoa den arintasuna emateko, prozedura egokiak aurreikusi dira; interesdunak prozedura horietara jo dezake ohiko baliabide-sistemaren beste aukera bat delako.

Prozedura horiek ahalbidetuko dute, jardun publikoak merkatu-batasunak ordezkatzen duen interes orokorra urratu dezakeen kasuetan, interesdunak, egokia dela iritziz gero, baliabideen administrazio-sistema erabiltzea, baina, era berean, eratutako aukera berri honetara ere jo ahal izango du.

Bide horretan, Lege honen aplikazio-esparruan lortu nahi dena zera da, gatazkak behar den arintasunez konpontzea merkatu-batasunaren eta herritarren nahiz enpresen eskubideen benetako babesa ez kaltetzeko; era berean, ahalbidetuko da alderdi guztiek auzibidera jotzea gaur egun duen zabaltasun berarekin.

Xedapen gehigarriek Lege honetan ezarritakoa aplikatzeko eta bultzatzeko beharrezkoak diren alderdi gehigarriak arautzen dituzte.

Aurreikusten da, ordena publikoa dela medio, Europar Batasuneko erakundeen interpretazioaren arabera, ordena publikoaren barruan iruzurraren aurkako borroka eta finantza-egonkortasunaren bermea —banku-, finantza- eta aseguru-sektoreetan nahitaez esku hartzearen oinarri izango dena— bildu behar diren, esku hartzeko bitartekoa Estatuari dagokiola eta lurralde nazionaleko eraginkortasuna estatuko esku-hartzeak berak bermatuko duela, Halaber, 19.2 artikuluan ezarritakoari dagokionez salbuespen bat biltzen da araututako produktu jakin batzuen kasuan; Estatuaren Kontratazio Plataformaren izena aldatu egin da, orain Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma deituko baitzaio; horrez gain, lizitazio publikoen deialdiak eta horien emaitzak argitaratu beharko dira; herri-administrazioei aginduko zaie kalitate-arauen borondatezko erabilera sustatzea; herri-akzioa eta eske-eskubidea aurreikusten dira, Politika Publikoak eta Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Estatuko Agentziari eskatu zaio Legearen ezarpenari eta ondorioei buruzko aldizkako ebaluazioa egitea, aurreikusten da Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari lanerako eta jarraipenerako plan bat aurkeztea urtean behin, sektoreko batzarren lanerako plana bildu da eta informazioa igortzeko gehieneko epea ezarri da informazio hori sektoreko erregistroetan txertatzearren eta informazioa trukatzeko sistema elektronikoa abian jartzearren.

Xedapen indargabetzaileak ez ezik, azken xedapenetako lehenengoak eta bigarrenak ere, aldaketak eta indargabetzeak egiten dituzte arau hau indarrean jartzearen ondoriozko eraginak izango dituzten lege-mailako arauetan. Zehazki, uztailaren 13ko Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren 29/1998 Legea aldatu da, merkatubatasunaren inguruan egon daitezkeen urratzeak konpontzeko prozedura berriak arautzeko. Bestalde, gainerako azken xedapenetan merkataritza eta zerbitzu jakin batzuk askatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen aldaketa, eskumen-tituluarekin lotutako aurreikuspenak, lege-maila duten xedapenen egokitzapena, arau-antolaketa eta Legea indarrean jartzea biltzen dira.

Azkenik, eranskinean hainbat definizio biltzen dira Lege honen ondorioetarako.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149 1, 6, 13 eta 18 artikuluaren babesean eman da, non ezartzen den honako gai hauek estatuaren eskumen esklusibokoak direla:

konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzea, baita merkataritzaeta prozesu-legegintzari dagokionez ere jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehaztea eta horren koordinazio orokorra egitea, herri-administrazioen araubide juridikoaren oinarriak eta administrazio-kontratuei buruzko oinarrizko legeria ere.

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 1. artikulua. Xedea.

1.  Lege honen helburua merkatu-batasunaren printzipioa lurralde nazionalean gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak ezartzea da. Zehazki, ordena ekonomikoaren osotasuna bermatzea eta eskalako ekonomiak baliatzea eta merkatuaren irismena erraztea du helburu, lurralde nazional osoan jarduera ekonomikoetan aske sartuz, arituz eta horiek hedatuz, betiere behar bezala gainbegiratzen direla bermatuta, Konstituzioaren 139. artikuluko printzipioen arabera.

2.  Merkatu-batasunaren oinarriak eragile ekonomikoen zirkulazio- eta kokatzeaskatasuna dira, baita ondasunak eta zerbitzuak Espainiako lurralde osoan modu askean zirkulatzea, agintari bakar batek ere oztopoak jartzeko (zuzenean edo zeharka) aukerarik izan gabe eta jarduera ekonomikoa gauzatzeko oinarrizko baldintzen berdintasuna ere.

2. artikulua. Aplikazio-esparrua.

Lege hau merkatu-baldintzetan jarduera ekonomikoak lortzeari eta legez ezarritako eragileek jarduera hori lurralde nazionaleko edozein tokitan gauzatzeari aplikatuko zaie.

II. KAPITULUA Kokatze- eta zirkulazio-askatasuna bermatzeko printzipioak 3. artikulua.  Diskriminaziorik ezaren printzipioa.

1.  Eragile ekonomiko guztiek eskubide berak izango dituzte lurralde nazional osoan, eta agintaritza eskudun guztiei dagokienez, ez dira diskriminatuko bizilekua edo kokatzelekua direla medio.

2.  Jarduera ekonomikoak lortzeari edo gauzatzeari buruzko xedapen orokor, administrazio-jardun edo kalitate-arau bakar batek ere ezin izango du eduki baldintzarik edo betekizunik ondorio gisa (zuzena edo zeharkakoa) eragile ekonomikoaren kokatzea edo bizilekua dela medio diskriminazioa dakartenak.

4. artikulua.  Lankidetzaren eta elkarrenganako konfiantzaren printzipioa.

Kapitulu honetan bildutako printzipioen era bereko aplikazioa eta eragile ekonomikoen gainbegiratze egokia bermatzearren, agintaritza eskudunek lankidetzan jardungo dute Lege honetako III. kapituluan ezarritako tresnen esparruan.

Agintaritza eskudunek, beren harremanetan, elkarrenganako konfiantzaren printzipioaren arabera jardungo dute, beste agintaritza batzuek beren eskumenak legez gauzatzea errespetatuz, haien jardunak onartuz eta beren eskumenak betez, inplikatutako interes publiko guztiak ez ezik, eragile ekonomikoen zirkulazio- eta kokatzeaskatasunarekiko eta ondasunak eta zerbitzuak lurralde nazional osoan zirkulatzeko askatasunarekiko errespetua aztertuz.

5. artikulua.  Agintaritza eskudunen jardunen premia- eta proportzionaltasun-printzipioa.

1.  Agintaritza eskudunek, dagozkien eskumenak betez, mugak jartzen badituzte jarduera ekonomiko bat eskuratzeko edo erabiltzeko, Lege honetako 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, edo jarduera jakin bat garatzeko baldintzak betetzeko eskatzen badute, horren premia argudiatu beharko dute zerbitzu-jardueren eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3.11 artikuluan biltzen direnen artetik interes orokorreko ezinbesteko arrazoiren bat gordetzeko.

2.  Aurreko paragrafoaren arabera, ezarritako edozein muga edo baldintza oro argudiatutako interes orokorreko ezinbesteko arrazoiaren araberakoa izango da, eta halakoa izango da non ezin izango den neurri horiek baino maila gutxiagoko neurri murriztailerik edo aldatzailerik ezarri jarduera ekonomikoa gauzatzeko.

6. artikulua.  Lurralde nazional osoko agintaritza eskudunen jardunen eraginkortasunprintzipioa.

Agintaritza eskudunen ekintzak, xedapenak eta esku hartzeko bitartekoek —jarduera ekonomikoa eskuratzeko askatasunarekin eta hura gauzatzearekin zerikusia dutenek— eraginkortasuna izango dute lurralde nazional osoan, Lege honetako V. kapituluan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.  Kargak sinplifikatzearen aldeko printzipioa.

Hainbat agintaritza eskudunek esku-hartzeak bermatuko du ez dela gehiegizko erregulaziorik edo erregulazioen bikoiztasunik izango, eta prozedura batean agintaritza bat baino gehiago izateak ez dizkiola agintaritza bakar batek esku hartuko balu baino administrazio-karga gehiago eragingo eragileari.

8. artikulua. Gardentasun-printzipioa.

Agintari eskudun guztiek gardentasunez jardungo dute Lege hau behar bezala aplikatzeko eta merkatu-batasunari trabak goiz detektatzeko. Era berean, agintaritza eskudun bakoitzak ziurtatuko du Lege honetako 9.2 artikuluan bildutako xedapenak eta egintzak erraz lortzeko aukera dagoela, eta Gardentasunari, Jendaurreko Informazioa Lortzeari eta Ondo Gobernatzeari buruzko 19/2013 Legean ezarritakoa betetzen dutela.

9. artikulua.  Eragile ekonomikoen askatasunen bermea.

1.  Agintaritza eskudun guztiek, beren jardun-esparruan hartutako esku-hartze baliabideetan, administrazio-jardunetan eta xedapenetan, zainduko dute hainbat printzipio betetzen direla, hala nola diskriminaziorik ezarena, lankidetzarena eta elkarrenganako konfiantzarena, beren jardunen premiarena eta proportzionaltasunarena, jardun horiek lurralde nazional osoan eraginkorrak izatearena, kargak sinplifikatzearena eta gardentasunarena.

2.  Bereziki, bermatuko dute honako xedapen eta egintza hauek aurreko paragrafoan aipatutako printzipioak betetzen dituztela:

a)  Jarduera ekonomiko jakin bat arautzen duten edo jardun horretan eragiten duten xedapen orokorrak.

b)  Administrazio-arloko baimenak, lizentziak eta emakidak, baita haiek emateko betekizunak ere, jarduera ekonomikoak gauzatzeko, ondasunak produzitzeko edo banatzeko edo zerbitzuak emateko eta ekonomiaren arloan zehatzeko edo baimentzeko ahala gauzatzeari buruz diharduten gaiak gauzatzeko eska daitezkeenak.

c)  Kontratu publikoei buruzko dokumentazioa, kontratu publikoen klausulak eta agiriak barne.

d)  Aurreko letretan aipatutako xedapenak, betekizunak eta baldintzak aplikatuz emandako egintzak, baita ekintza horiekin lotutako prozedurak ere.

e)  Arau edo aholku arautzaileetatik eratorritako kalitate-estandarrak, baita kalitateestandar horiek betetzen direla egiaztatzen duten egintzak ere.

f)  Eragile ekonomikoei eragiten dieten bestelako egintzak, ebazpenak eta administrazio-prozedurak.

III. KAPITULUA Herri-administrazioen arteko lankidetza-bermea 10. artikulua.  Merkatu Batasunerako Kontseilua.

1.  Merkatu Batasunerako Kontseilu bat sortu da administrazio-lankidetzako organo gisa Lege honen edukia aplikatzen ote den jarraipena egiteko.

2.  Merkatu Batasunerako Kontseiluak Ogasun eta Herri Administrazioko ministroa izango du buru, eta honako hauek parte hartuko dute: Herri Administrazioen estatuidazkaria, Ekonomia eta Enpresak Babesteko estatu-idazkaria, Presidentetzako idazkariordea, eta autonomia-erkidegoetako kontseilariak, gaiaren arabera eskudun direnak, eta toki-administrazioetako ordezkariak.

3.  Merkatu Batasunerako Kontseiluak Idazkaritza bat izango du, Ekonomiako eta Enpresari Laguntzeko Estatuko Idazkaritzaren mende egongo dena.

4.  Merkatu Batasunerako Kontseilua gutxienez sei hilean behin bilduko da eta honako eginkizun hauek izango ditu:

a)  Agintaritza eskudun guztien araudia Lege honetako printzipioetara egokitzen ote den jarraipena egitea.

b)  Merkatu-batasunak dituen trabak kentzeko beharrezkoak diren arau-aldaketak bultzatzea dagozkion esparru juridikoetan.

c)  Lege honetan ezarritako lankidetza-mekanismoen jarraipena egitea, bereziki informazioa trukatzeko sistemarena, baita sektoreko erregistroetan benetan txertatu ote den ere.

d)  Merkatu-batasunaren alorrean sektoreko batzarrek garatutako jarduera koordinatzea.

e)  Eragile ekonomikoak babesteko Lege honetako VII. kapituluan aurreikusitako mekanismoen eta horien emaitzen jarraipena egitea.

f)  Lege honetako 11. artikuluaren f) letran aipatzen den txostena onartzea.

g)  Lankidetza-zereginak bultzatzea Lege honetako 14. artikuluan ezarritako arauproiektuak egiteko garaian.

h)  Lege honetako 15. artikuluan aipatzen den araudiaren aldizkako ebaluazioaren emaitzak bultzatzea eta gainbegiratzea.

11. artikulua.  Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritza.

Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritza Lege hau aplikatzeko agintaritza eskudunekin etengabeko lankidetzan eta koordinazioan jarduteko organo teknikoa da, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

a)  Lege hau aplikatzen dela eta agintaritza eskudun guztien araudia egokitzen dela jakiteko etengabe gainbegiratzea.

b)  Merkatu-batasunak lurralde nazionalean duen egoerari buruzko azterketa eta ebaluazioa egitea.

c)  Merkatu-batasunean eraginak dituzten jardunbide egokien eta txarren katalogoa egitea. Katalogo hori Merkatu Batasunerako Kontseiluak onartuko du.

d)  Merkatu-batasunari eta horren eragin ekonomikoari buruzko araudi-kalitatearen adierazleak egitea eta hedatzea.

e)  Eragile ekonomikoak merkatu-batasunaren esparruan babesteko mekanismoak kudeatzea, betiere Lege honen VII. kapituluan aurreikusitako esparruan.

f)  Aurreko letrei buruzko txosten bat egitea sei hilean behin, ondorioak azalduz eta, hala badagokio, esparru juridikoak berrikusteko edo aldatzeko gomendioak emanez.

g)  Lankidetza-ekintzak eta baterako jarduerak antolatzea agintari eskudunekin batera.

12. artikulua.  Lankidetza sektoreko batzarren esparruan.

1.  Lege honetan bildutako printzipioak betetzeko eta agintaritza eskudunen printzipio eta xedapenetara egokitutako arau-esparruak ezartzeko beharrezkoak diren araualdaketak aztertu eta proposatuko dituzte agintaritza eskudunek sektoreko batzarren bitartez. Sektoreko batzar horien lanak eragile ekonomikoen laguntza eduki ahal izango du, eta eragile ekonomikoek, beren ordezkaritza-erakundeei kontsulta egin ondoren, parte hartuko dute, hala badagokio, merkatu-unitatean sortzen diren itxuraldaketak eta indarreko araudia aztertzea eskatzen duten eremuak atzematen; hori guztia Lege honetan ezarritakoari jarraiki.

2.  Zehazki, sektoreko batzarrek jarduera ekonomikoa eskuratzeko eta erabiltzeko eskatzen diren baldintzak eta betekizunak aztertuko dituzte, baita produktuak banatzeari eta merkaturatzeari buruzkoak ere, eta arau-aldaketak eta erreformak bultzatuko dituzte.

Aldaketa eta erreforma horiek honako hauek izan daitezke, besteak beste:

a)  Egun dagoen araudia aldatzeko, indargabetzeko edo eraberritzeko proposamenak, atzemandako eragozpenak desagerrarazteko edo ondasunen eta zerbitzuen kokatze-askatasunean eta zirkulazio-askatasunean eragiten duten arauak Lege honekin bateragarriak egiteko.

b)  Autonomia-erkidegoko eta tokiko eskumenekoak diren gaietan, sektoreko erregulazioko estandarrak ezartzen dituzten erabakiak hartzea, Lege honetan ezarritako printzipioen arabera.

c)  Beste neurri batzuk hartzea, hala nola aztertutako gaiei buruz jarduten duten jarduera-planak, Lege honen printzipioen arabera identifikatutako eragozpenak desagerrarazteko.

3.  Lege honetan ezarritako gainerako eginkizunak alde batera utzi gabe, Merkatu Unitatearen Kontseiluak, bere idazkaritzaren bitartez, sektoreko batzarren idazkaritzekin elkarlanean jardungo du artikulu honetan ezarritakoa aplikatuz.

13. artikulua.  Informazioa ematea Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeari.

Ogasun eta Administrazio Ministerioak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak Lege honen garapenari eta aplikazioari buruzko informazioa ez ezik, Merkatu Batasunerako Kontseiluan egindako lanei eta sektoreko batzarrei buruzko informazioa ere emango diote Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari.

14. artikulua.  Arau-proiektuak egiten laguntzea.

1.  Agintaritza eskudunek merkatu-unitatean eragina izan dezaketen arau-proiektuei buruzko informazioa trukatuko dute, eta arau-proiektu horiek Lege honekiko koherentziarik ote duten balioetsiko dute bereziki.

2.  Merkatu-unitateari nabarmen eragiten dioten arauak egiteko prozeduretan, araua proposatzen duen agintaritza eskudunak gainerako agintaritzen esku jarriko du, behar adinako aurretiaz, arau-proiektuaren testua informazioa elektronikoki trukatzeko sistemaren bitartez (Lege honetako 23. artikuluan aurreikusitakoa); horrez gain, proiektua behar bezala aztertzea ahalbidetuko duten txostenak edo dokumentuak jarriko ditu haien esku, eta, hala badagokio, arau-eraginaren azterketaren memoria erantsiko du.

3.  Lege honetan bildutako aurreikuspenei dagokienez, hainbat agintaritza eskudunen eginkizunak edo jarduna arautzen duten legeek edo xedapen orokorrek kargak sinplifikatzearen aldeko printzipioa bermatuko dute.

4.  Arau-proiektuak esku-hartzeko baliabideak ezartzen edo aldatzen baditu, jarduera berari eragiten dioten beste neurri batzuk, beste agintaritza eskudun batzuek dagoeneko ezarrita dituztenak, ote dauden aztertuko da. Halaber, bermatuko da esku-hartzeko baliabideak ez zaizkiela alderdi berei egokitzen, baldin eta administrazio bat baino gehiago badago, eta sistema bat aurreikusiko du. Sistema horren bitartez, lortuko da prozedurak eragileari ez eragitea administrazio bakar baten esku-hartzeak eragingo lizkiokeen gastuak baino gastu gehiago.

5.  Arau-proiektuak jarduera ekonomiko bat lortzeko edo gauzatzeko betekizunak ezartzen edo aldatzen baditu, betekizun horiek gainerako agintaritza eskudunen gainerako araudiarekin alderatuta duten sendotasuna aztertuko da.

6.  Legeen eta arau xedapen orokorren entzunaldi publikoko prozeduretan, eragile ekonomikoek edo horiek ordezkatzen dituzten elkarteek iritzia eman ahal izango dute araudiak merkatu-batasunean duen eraginari buruz.

15. artikulua.  Araudiaren aldizkako ebaluazioa.

1.  Agintaritza eskudun guztiek aldizka-aldizka ebaluatuko dute beren araudia, araudi horrek merkatu-batasunean duen eragina balioesteko.

2.  Aurreko paragrafoan ezarritako ebaluazioa alde batera utzi gabe, sektoreko batzarrek aldizkako ebaluazioa bultzatuko dute beren eskumeneko gaietan; era berean, egin daitezkeen arau-aldaketak ere bultzatuko dituzte, betiere Lege honetako 12. artikuluan ezarritakoaren esparruan.

Horretarako, sektoreko batzarrek, urtean behin, dagokion aldirako lehentasunezkotzat hartzen den ebaluazio-programa zehaztuko dute.

3.  Orobat, Merkatu Batasunerako Kontseiluak sustatu ahal izango du sektore ekonomiko jakin batean indarrean dagoen esparru juridikoa ebaluatzea, merkatubatasunarekiko eragozpenak atzematen direnean, betiere Lege honetako 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA Kokatze- eta zirkulazio-askatasunerako bermeak 16. artikulua.  Ekimen ekonomiko askea.

Jarduera ekonomikoak eskuratzeko eta erabiltzeko askatasuna izango da lurralde nazional osoan, eta Lege honetan ezarritakoaren eta Europar Batasuneko araudian edo nazioarteko itunetan eta hitzarmenetan xedatutakoaren arabera soilik mugatu ahal izango da.

17. artikulua.  Premiatasun- eta proportzionaltasun-printzipioa gauzatzea.

1.  Baimen bat eskatzea ezarri ahal izango da, betiere premiatasun- eta proportzionaltasun-printzipioak badaude, baina printzipio horiek behar bezala argudiatu beharko dira araubide horrek ezartzen duen Legean. Baimen-araubidea erkidegoko arau bidez edo nazioarteko itun bidez eskatzen bada, baimenak Legea baino maila gutxiagoko arau batean aurreikusita egon daitezke. Ulertuko da premiatasun- eta proportzionaltasunprintzipioak daudela baimen bat eskatzeko:

a)  Eragile ekonomikoei dagokienez, jarduera gauzatzen den toki jakin horretan ordena publikoko, segurtasun publikoko, osasun publikoko edo ingurumena babesteko arrazoiak direla medio justifikatuta badago, eta arrazoi horiek ezin badira gorde erantzukizun-adierazpena edo jakinarazpena aurkeztuz.

b)  Jarduera ekonomikoak gauzatzeko beharrezkoak diren instalazio edo azpiegitura fisikoei dagokienez, ingurumenean eta hiri-ingurunean, segurtasun edo osasun publikoan eta ondare historiko/artistikoan kalteak eragin baditzakete, eta arrazoi horiek ezin badira gorde erantzukizunpeko adierazpena edo jakinarazpena aurkeztuz.

c)  Baliabide naturalen urritasunagatik, jabari publikoa erabiltzeagatik eta eragozpen tekniko garbiak egoteagatik edo araututako tarifen eraginpeko zerbitzu publikoak egotearen arabera, merkatuko eragile ekonomiko kopurua mugatua bada.

d)  Europar Batasuneko araudiak edo nazioarteko itunek edo hitzarmenek horrelakorik ezartzen badute, zuhurtzia-printzipioa aplikatzea, hala badagokio, barne.

Gaitzen duten erregistroetan inskribatzeak baimen-izaera izango du ondorio guztietarako.

2.  Jarduera ekonomiko bat lortzeko edo hura gauzatzeko, edo jarduera ekonomikoak egiteko instalazio edo azpiegitura fisikoetarako erantzukizunpeko adierazpena aurkez dadin eskatzeko premiatasun- eta proportzionaltasun-printzipioak daudela ulertuko da araudian eskatzen denean interes orokorreko ezinbesteko arrazoi batengatik justifikatutako betekizunak betetzea, betiere betekizun horiek neurrizkoak badira.

3.  Agintaritza eskudunek eskatu ahal izango dute jakinarazpen bat aurkeztea, interes orokorreko ezinbesteko arrazoiren bat dela medio, agintari horiek merkatuan zenbat eragile ekonomiko, instalazio edo azpiegitura fisiko dauden jakin behar badute.

4.  Agintaritza eskudunak arduratuko dira eragile ekonomikoek dituzten administrazio kargak gutxitzeaz; hortaz, aurreko paragrafoen arabera, premiatasun- eta proportzionaltasun-printzipioa aplikatu ondoren, esku hartzeko bitarteko bakarra aukeratuko dute, jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea izan daiteke edo baimen-eskaera egitea.

5.  Artikulu honetan ezarritakoa Lege honen V. kapituluan aurreikusitakoa bazter utzi gabe ulertuko da.

18. artikulua.  Kokatze- eta zirkulazio-askatasuna mugatzen duten jardunak.

1.  Agintaritza eskudun bakoitzak ziurtatuko du hartzen duen edo indarrean edukitzen duen neurri, muga edo betekizun orok ez diola merkatu-batasunari trabarik edo eragozpenik sortuko.

2.  Lege honetako II. kapituluan bildutako printzipioak ez betetzeagatik kokatze- eta zirkulazio-askatasuna mugatzen duten jarduntzat hartuko dira honako hauek dituzten edo aplikatzen dituzten agintaritza eskudunen ekintzak, xedapenak eta esku hartzeko bitartekoak:

a)  Jarduera ekonomiko bat lortzeko edo hura gauzatzeko, abantaila ekonomikoak lortzeko edo kontratu publikoak esleitzeko betekizun diskriminatzaileak, eragilearen bizilekuan edo kokatze-lekuan oinarrituta daudenak zuzenean edo zeharka. Betekizun horien artean, honako hauek daude bereziki:

1.  Establezimendua edo egoitza soziala agintaritza eskudunaren lurraldean egotea, edo establezimendu fisiko bat izatea agintaritza eskudunaren lurralde barruan.

2.  Eragilea denbora jakin batean aipatutako lurraldean bizi izana edo jardun izana.

3.  Eragilea lurralde horretako erregistroetan erregistratuta egon izana.

4.  Administrazioko, kontroleko edo gobernuko organoetako langileak, jabeak edo kideak aipatutako lurraldean bizitzea edo lurraldeko beste leku batzuetatik etorritako pertsonak zuzenean edo zeharka baztertzen dituzten baldintzak betetzea.

5.  Eragileak prestakuntza-ikastaro bat egin beharko du agintaritza eskudunaren lurralde barruan.

b)  Jatorrizko agintaritza eskuduna ez den beste agintaritza eskudun baten lurraldean jarduera gauzatzeko baimena, homologazioa, egiaztapena, kalifikazioa, ziurtagiria, trebakuntza lortzeko edo erantzukizunpeko adierazpena edo jakinarazpena aurkeztu delako aitorpena lortzeko edo erregistroren batean inskribatzeko betekizunak.

c)  Jatorrizko tokian edo eragileak lanbide-jarduera edo lanbidea lortu duen tokian eskatzen diren lanbide-prestakuntzez gain, beste lanbide-prestakuntza batzuk lortzeko betekizunak:

1.  Lanbide-prestakuntza jakin batzuk egiaztatzen dituzten tituluak edo ziurtagiriak, beste autonomia-erkidego batzuetako agintaritzek edo erakundeek emandakoak, homologatzeko, baliozkotzeko, egiaztatzeko, kalifikatzeko, ziurtatzeko, gaitzeko edo onartzeko premiak.

2.  Lanbide-zerbitzuak lurralde nazional osoan askatasunez gauzatzea eragozten duen beste edozein betekizun.

d)  Erantzukizun zibileko aseguruetarako edo betetzen duten helburuari eta aseguratutako arriskuari, aseguratutako kopuruari edo bermearen mugari gagozkiola eskaintzen duten estaldurari dagokienez funtsean baliokideak edo alderagarriak diren bermeetarako betekizunak, jatorrizko tokiari buruzko araudian ezarritako betekizunen gehigarriak, edo honako betebehar hau: finantza-bermeak agintaritza eskudunaren lurraldeko zerbitzu-emaile batekin edo erakunde batekin eratu edo gordailatu beharko dira eta aseguru bat ere era horretan izenpetu beharko da.

e)  Produktu bat legez zirkulatzeko edo produktua zerbitzu bat emateko erabiltzeko zehaztapen teknikoak, fabrikazio-lekuan ezarritakoak ez direnak.

f)  Abantaila ekonomikoak lortzeko, baimena, homologazioa, egiaztapena, kalifikazioa, ziurtagiria, trebakuntza, edo aitortza lortzeko, erantzukizunpeko adierazpena edo jakinarazpena aurkezteko edo erregistroren batean inskribatzeko betekizunak eskatuko dira, lurraldeko beste toki batean ezarritako eragileak betetzen dituen baldintzak eta abantaila ekonomiko horiek lortzeko eskatzen diren betekizunak baliokideak direla egiaztatzeko.

g)  Izaera ekonomikoko betekizunak edo baimenak emateko garaian lehiakideek zuzeneko edo zeharkako esku-hartzea izateko betekizunak, zerbitzu-jardueren eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 10. artikuluaren e) eta f) letretan ezarritakoaren arabera.

h)  Agintaritza eskudunaren lurraldean inbertsioak eginak izateko betebeharra biltzen duten betekizunak.

i)  Jarduera ekonomikoaren xedearekin edo jarduera ekonomikoa gauzatzearekin zuzeneko harremanik ez duen beste edozein betekizun.

V. KAPITULUA Eraginkortasun-printzipioa lurralde nazional osoan 19. artikulua.  Ekimen ekonomiko askea lurralde nazional osoan.

1.  Eragile ekonomiko jakin bat Espainiako lurraldeko toki batean legez ezartzen denetik aurrera, lurralde osoan gauzatu ahal izango du bere jarduera ekonomikoa, fisikoki ezarriz edo ezarri gabe, betiere jatorrizko tokiko jarduera eskuratzeko betekizunak betetzen baditu, baita jarduera ekonomikoa toki horretako betekizunen eraginpean ez badago ere.

2.  Espainiako lurraldeko toki bateko araudiaren babesean legez produzitutako produktu oro askatasunez zirkula eta eskaini daiteke Espainiako lurraldeko gainerako tokietan produktu hori merkatuan jartzen denetik aurrera.

3.  Helmugako tokiko araudiaren arabera, eragile ekonomikoei edo ondasunei betekizunak, kualifikazioa, aurretiko kontrolak edo bermeak —jatorrizko tokiko araudiaren babesean lortutakoak ez direnak— eskatzen bazaizkie, helmugako agintaritzak bere gain hartuko du azken horien erabateko baliozkotasuna, nahiz eta irismenari edo zenbatekoari dagokionez desberdinak izan. Halaber, askatasunez gauzatu ahal izango da jatorrizko tokiko araudian ezein betekizunik, kontrolik, kualifikaziorik edo bermerik eskatzen ez bada ere.

20. artikulua.  Administrazio-jardunen eraginkortasuna lurralde nazional osoan.

1.  Jarduera ekonomiko bat eskuratzea edo erabiltzea ahalbidetzen duten edo kalitate, kualifikazio edo inguruabar jakin batzuk betetzen direla egiaztatzen duten agintaritza eskudunek esku hartzeko bitarteko guztiek erabateko eraginkortasuna izango dute lurralde nazional osoan, eta eragile ekonomikoak ez du ezein izapide gehigarririk egiteko edo betekizun berriak betetzeko premiarik izango. Bereziki, erabateko eraginkortasuna izango dute lurralde nazional osoan, eta eragile ekonomikoari ezin izango zaio eskatu betekizun berriak betetzea edo beste izapide gehigarri batzuk gauzatzea:

a)  Jarduera jakin bat eskuratzeko edo erabiltzeko, ondasun, produktu edo zerbitzu jakin bat produzitzeko edo merkatuan jartzeko eskumena duen agintaritzak emandako baimenak, lizentziak, gaikuntzak eta lanbide-trebakuntzak.

b)  Jarduera ekonomikoa eskuratzeko edo erabiltzeko, agintaritza eskudunari aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak eta jakinarazpenak.

c)  Jarduera ekonomikoa eskuratzeko edo erabiltzeko beharrezkoak diren erregistroetako inskripzioak.

d)  Arauz ezarrita dauden eta jarduera ekonomikoa eskuratzea edo erabiltzea ahalbidetzen duen beste edozein betekizun.

2.  Ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko erakundeek eta lurralde nazionaleko edozein tokitan legez ezarrita dauden antzeko beste batzuek erabateko gaitasuna izango dute beren eginkizunak lurralde nazional osoan gauzatzeko.

Agintaritza eskudun baten edo hark onartu eta gaitutako mendeko erakunde baten aitorpenak edo egiaztapenak, kalifikazioak edo ziurtagiriak guztiz baliozkoak izango dira ondorio guztietarako lurralde nazional osoan, eta ezin izango da eskatu beste ezein izapide gehigarririk egitea edo betekizun berriak betetzea.

3.  Aurreko paragrafoan ezarritakoa kasu hauei baino ez zaie aplikatuko:

a)  Kalitate-ziurtagiriak, agintaritza eskudunen kontratazio-prozeduretan kalitatebermeko arauak betetzen direla egiaztatzeko, ondasunak eta zerbitzuak emateko inguruabar jakin batzuetan edo subjektu jakin batzuei, eta abantaila ekonomikoak (dirulaguntzak edo zerga-onurak) lortzeko.

b)  Ziurtagiri edo aitorpen ofizialak, ofizialki aitortutako eragile batekin kontratatzen duten pertsona fisikoek edo juridikoek lortzen dituzten eskubideen edo abantaila ekonomikoen ondorioetarako.

c)  Ziurtagiriak, aitorpenak eta egiaztapenak, jarduera ekonomiko jakin bat eskuratzeko edo erabiltzeko eskatzen den kalitate- edo profesionaltasun-maila jakin bat duela egiaztatzeko.

4.  Lurralde nazional osoko eraginkortasun-printzipioa ez da aplikatuko instalazio edo azpiegitura fisiko jakin bati lotutako baimenen, erantzukizunpeko adierazpenen eta jakinarazpenen kasuan. Nolanahi ere, eragilea legez ezarrita badago lurralde nazionaleko beste toki batean, baimenek edo erantzukizunpeko adierazpenek ez dute jasoko instalazioari edo egiturari espezifikoki lotuta ez dagoen betekizunik.

Estatu nazional osoko eraginkortasun-printzipioa ez zaie aplikatuko, halaber, jabari publiko jakin bat okupatzearekin lotutako administrazio-egintzei, edo lurraldeko toki bateko eragile ekonomikoen kopurua mugatua denean araututako tarifen eraginpeko zerbitzu publikoak izatearen arabera.

VI. KAPITULUA

Eragile ekonomikoak gainbegiratzea 21. artikulua.  Eragileen gainbegiraketan eskumena duen agintaria.

1.  Agintaritza eskudunek jarduera ekonomikoa gauzatzen ote den gainbegiratuko dute; horretarako, kokatze- eta zirkulazio-askatasunaz gain, Lege honetan bildutako printzipioak betetzen direla bermatuko dute.

2.  Gainbegiratzeko eta kontrolatzeko eskumena estatuarena ez denean:

a)  Jatorrizko agintaritzek izango dute eskumena eragileak gainbegiratzeko eta kontrolatzeko jarduera ekonomikoa eskuratzeko betekizunak betetzeari dagokionez.

b)  Helmugako agintaritzek izango dute eskumena jarduera ekonomikoa gauzatzen ote den gainbegiratzeko eta kontrolatzeko.

c)  Fabrikazioko tokiko agintaritzek izango dute eskumena produkzioarekin eta produktua erabiltzeko eta kontsumitzeko betekizunekin lotutako araudia betetzen ote den kontrolatzeko.

3.  Helmugako agintaritzak egindako kontrolaren ondorioz atzematen bada jarduera eskuratzeko betekizunak ez dituztela betetzen eragileek edo produktuaren produkzioarauak edo betekizunak betetzen ez direla, jatorrizko agintaritzari jakinaraziko zaio neurri egokiak (dagozkion neurri zehatzaileak barne) har ditzan.

22. artikulua.  Erregistro sektorialetan dagoen informazioa txertatzea.

1.  Zerbitzu-jardueren eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 18. artikuluan aipatzen den leihatila bakarrak datubase komun batean sartuko du eragile ekonomikoei, establezimenduei eta instalazioei buruz erregistroetan dagoen informazioa, gainbegiratzeari eta kontrolatzeari dagokionez agintaritza eskudunei esleitutako eskumenak —bereziki baimena emateko, erantzukizunpeko adierazpena edo jakinarazpena egiteko araubidearen eraginpeko jarduerei buruz emandakoak— gauzatzeko; hori guztia, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arauetan ezarritakoa bazter utzi gabe.

2.  Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-administrazioaren eta toki-administrazioaren erakundeek eta entitateek Ogasun eta Herri Administrazio Ministeriora paragrafo horretan bertan aipatzen den leihatila bakarra kudeatzeko ardura du) igorriko dituzte aipatutako erregistroetan dauden datuak.

3.  Baliabide elektronikoen bitartez bidaliko dira. Horretarako, agintaritza eskudunek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte eta dagokien eskumen-eremuan txertatuko dituzte sistemen elkarreragingarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren teknologiak, betiere Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalaren arabera.

4.  Dagokion informazioa leihatila bakarrean txertatzen denetik aurrera, agintaritza eskudunek, arauz ezartzen den aldizkakotasunez, emandako baimen berriei edo eragileek aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenei eta jakinarazpenei buruzko informazioa bidaliko dute Ogasun eta Herri Administrazio Ministeriora elektronikoki.

5.  Eragile, establezimendu edo instalazio jakin baten datuak leihatila bakarraren datu-basean sartzea ez da ezinbesteko betekizuna jarduerari ekin edo jardueran aritu ahal izateko. Datu horiek baliabide publikoak esleitzearekin eta erabiltzearekin lotutako eraginkortasun-printzipioaren arabera eta konfidentzialtasunari dagokionez, sektoreko araudiak ezar ditzakeen berezitasunak ez ezik, datuak babesteari buruzko araudia ere erabat errespetatuz txertatuko dira. Aipatutako printzipioa Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluan ezarrita dago.

6.  Leihatila bakarraren datu-basearen garapena eta funtzionamendua agintaritza eskudunek beren lurraldeetan eragileen, establezimenduen eta instalazioen erregistroak ezartzeko dituzten eskumenak bazter utzi gabe ulertuko dira.

23. artikulua.  Informazioa elektronikoki trukatzeko sistema.

1.  Informazioa Kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera trukatzeko, agintaritza eskudunek datuak elektronikoki trukatzeko sistema bat izango dute, baita izaera pertsonaleko datuak trukatzeko ere, eta datu mota hori babesteari buruzko arauetan ezarritakoa bazter utzi gabe.

Helburu horrekin, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, herri-administrazioen Estatuko Idazkaritzaren bitartez, datuak elektronikoki trukatzeko sistema bat ezarriko du eta sistema hori gai honetan eskumena duten agintaritzek erabili ahal izango dute.

Trukatzeko sistema hori azpiegitura eta zerbitzu komunen plataformen bitartez bideratuko da eta plataforma horiek aipatutako Estatuko Idazkaritzak mantenduko ditu.

2.  Agintaritza eskudunen artean ez bada komunikaziorako formatu komun bat adosten, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak erabakiko du Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluan ezarrita dagoen baliabide publikoak esleitzearekin eta erabiltzearekin lotutako eraginkortasunaren printzipioaren arabera.

24. artikulua.  Informazioa trukatzea gainbegiratze-eginkizunak gauzatu bitartean.

1.  Jatorrizko agintaritzak, jarduera ekonomikoa eskuratzeko betekizunak betetzeari dagokionez bere gainbegiratze-eginkizunak betez, helmugako agintaritzari eskatu ahal izango dio bere lurraldean dauden edo egon diren eragileei edo ondasunei buruzko egiaztapenak, ikuskapenak eta ikerketak egin ditzala.

Helmugako agintaritzak beste agintaritza eskudunek eskatutako egiaztapenak, gainbegiratzeak eta ikerketak egingo ditu agintaritzek adostutako epean, eta esanbidezko adostasunik ez badago, hamabost eguneko gehieneko epean, eta agintaritzei argudiatuz erantzungo die eta informazioa emango die emaitza horiei buruz.

2.  Helmugako agintaritzak, jarduera gauzatzeko betekizunak betetzeari dagokionez gainbegiratze-eginkizunak betez, honako hau egin ahal izango du:

a)  Eragilea legez ezarrita dagoela egiaztatzeko behar den informazio guztia eska diezaioke jatorrizko agintaritzari.

b)  Jatorrizko agintaritzari eska diezaioke bere lurraldean jarduten duten edo jardun duten eragileei buruzko egiaztapenak, ikuskapenak eta ikerketak egin ditzala.

Jatorrizko agintaritzak helmugako agintaritzak egindako eskaerei erantzuteko beharrezkoak diren jardun guztiak egingo ditu agintaritzek adosten dituzten epean, eta esanbidezko adostasunik ez badago, hamabost eguneko gehieneko epean, eta argudiatuz erantzungo du eta informazioa emango du emaitza horiei buruz.

25. artikulua.  Informazioa trukatzea interes orokorreko ezinbesteko arrazoiengatik.

1.  Agintaritza eskudunen lurraldean edo beste agintaritza eskudun batzuen lurraldean pertsonen osasunerako edo segurtasunerako edo ingurumenerako kalte larriak saihestearren, agintaritza eskudunek lankidetzan jardungo dute elkarrekin informazioa trukatuz, eta, hala badagokio, jarduteko eskabideak trukatuz, ahalik eta eperik laburrenean beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

2.  Agintaritza eskudunek, elkargo profesionalak barne, eragile ekonomikoei buruz hartu dituzten eta produzitutako ondasunekin eta emandako zerbitzuekin edo beren jarduera ekonomikoarekin lotura duten diziplinazko neurrien eta administrazio-zehazpenen berri emango diote argudiatuz eta indarreko legeriaren esparruan horrelakorik eskatu duen agintari eskudunari. Agintaritza eskudunak eragile ekonomikoari jakinaraziko dio informazio hori beste agintaritza eskudun bati eman zaiola.

VII. KAPITULUA

Eragile ekonomikoak kokatze- eta zirkulazio-askatasunaren esparruan babesteko mekanismoa 26. artikulua.  Agintaritza eskudunek eragile ekonomikoen eskubideak eta interesak defendatzeko prozedura.

1.  Lege honetan ezarritakoaren arabera, kokatze- edo zirkulazio-askatasunarekin bateraezina izan daitekeen xedapen orokorren, egintzaren, jardunen, jarduterik ezaren edo egitate-bideren bat dela medio, eragile ekonomikoak bere legezko interesak edo eskubideak urratu direla uste badu, Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzara igorri ahal izango du bere erreklamazioa hilabeteko epean; hori gauzatzeko, horretarako ezartzen den leihatila erabiliko du. Egitate-bidea eratzen duten jardunen kasuan, hogei eguneko epea izango da jardun horiek hasi ziren egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Zehazki, artikulu honetan araututako erreklamazioa bideratu ahal izango da, administrazio-bidea agortuta edo ez, ohiko administrazio-errekurtsoa jar dakiokeen jardun ororen aurka. Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen III. Tituluaren I. Kapituluan ezarritakoaren arabera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dakiekeen xedapen orokorren eta gainerako jardunen aurka ere jarri ahal izango da.

2.  Eragile ekonomikoak ordezkatzen dituzten erakundeek, Merkataritzako Ganbera Ofizialak eta lanbide-elkarteak barne, aurreko paragrafoan aurreikusitako prozedurara jo dezakete erakunde horiek ordezkatzen dituzten interes kolektiboak defendatzeko.

3.  Artikulu honetan aurreikusitako prozedura aukerakoa da. Prozedura horri heltzen ez bazaio, eragile ekonomikoak egokiak diren administrazio-errekurtsoak edo jurisdikzioerrekurtsoak jarri ahal izango ditu dagokion xedapenaren, egintzaren edo jardunaren aurka.

4.  Erreklamazio hori ebazteko, agintaritza eskudunek merkatu-batasunerako harremanetarako eta desadostasunak konpontzeko guneen sarearen bitartez jardun eta lagunduko dute; harremanetarako guneak honako hauek izango dira:

a)  Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritza.

b)  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala.

c)  Ministerioko sail bakoitza.

d)  Autonomia-erkidego bakoitzak edo Autonomia Estatutua duen Hiri bakoitzak izendatzen duen agintaritza.

5.  Idazkaritzak erreklamazioa aztertuko du kokatze- edo zirkulazio-askatasunarekin bateraezina izan daitekeen jarduna dela egiaztatzeko, eta ez onartzeko aukera izango du betekizun horiek betetzen ez badira. Erreklamazioa onartu ostean, dagokion harremanetarako gunera igorriko du eraginpeko agintaritza eskudunera. Horretarako, honako hau hartuko da agintaritza eskuduntzat:

a)  Xedapen orokorrak eta administrazio-bideari amaiera ematen dioten jardunak badira, erabaki hori hartu duen agintaritza.

b)  Administrazio-bideari amaiera ematen ez dioten jardunak badira, artikulu honetan aurreikusitako prozedura aplikatzen ez bada, erreklamazioaren xede den jardunaren aurkako errekurtsoaren berri izan duena. Kasu horietan, agintaritza horrek egintza gauzatu duen administrazio-organoari eskatuko dio administrazio-espedientea ez ezik, erreklamazioari buruzko txostena ere bidaltzea bost eguneko epean.

Halaber, erreklamazioa harremanetarako gune guztietan banatuko da, eta eraginpeko agintaritza eskudunari igorri ahal izango diote; horretarako, egokitzat hartzen dituzten ekarpenen berri emango diote Kontseiluaren Idazkaritzari bost eguneko epean.

Idazkaritzak jasotako erreklamazioari buruzko balioespen-txostena egin beharko du hamar eguneko epean, eta txosten hori kontuan izango du agintaritza eskudunak erabakia hartzeko garaian. Igorritako txotenak administrazio-espedienteari erantsiko zaizkio.

6.  Erreklamazioa aurkezten denetik hamabost egun igaro ostean, eraginpeko agintaritza eskudunari dagokion harremanetarako guneak agintaritza eskudunak emandako ebazpenaren berri emango die Kontseiluaren Idazkaritzari eta harremanetarako guneen sareari; erreklamazioari konponbidea emateko hartu diren neurriak adieraziko ditu.

Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ulertuko da erreklamazioa ez dela onartu ezezko administrazio-isiltasun bidez, eta, hortaz, agintaritza eskudunak bere irizpideari eusten diola erreklamazioaren xede den jardunari dagokionez.

7.  Hartutako ebazpenaren eta emandako gainerako txostenen berri emango dio Kontseiluaren Idazkaritzak eragileari ebazpena jaso eta hurrengo egun baliodunean.

Administrazio-bidea agortzen ez duten administrazio-jardunak badira, agintaritza eskudunaren ebazpenak, behar bezala jakinarazita, emango dio amaiera bide horri.

8.  Eragile ekonomikoak edo eragile ekonomikoak ordezkatzen dituzten erakundeak, Merkataritza Ganbera Ofizialak eta Profesionalen Elkarteak barne, agintaritza eskudunak hartutako erabakia ikusi ondoren, uste badute beren legezko interesak edo eskubideak ez direla betetzen, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalera bidal dezakete eskaera, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera bost eguneko epean.

9.  Kokatze- edo zirkulazio-askatasuna urratzea ez diren bestelako aurkaratzearrazoiak badaude, artikulu honetan araututako erreklamazioa aurkeztu duten eragileek arrazoi horiei balioa eman beharko diete, bereizita, egokitzat hartzen diren administrazioedo jurisdikzio-errekurtsoen bitartez dagokion xedapenaren edo jardunaren aurka.

Nolanahi ere, errekurtsoa jartzeko aukera agintaritza eskudunak erreklamazioa onartzen ez duenean edo behin-behineko gaitzespena ematen duenean hasiko da.

27. artikulua.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala legitimatzea.

1.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala legitimatuta dago administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aurkakotzat hartzen den xedapen orokor, egintza, jardun, jarduterik eza edo egitate-bide ororen aurka, Lege honetan aurreikusitako baldintzen arabera, baita agintaritza eskudun orotatik eratorritako kokatze- edo zirkulazioaskatasunaren aurka ere, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen V. Tituluaren IV. Kapituluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

2.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ofizioz edo eragile ekonomikoek eskatuta jardun dezake, eta eragile horiek Batzorde horretara administrazioarekiko auziprozedurari hasiera eman aurretik jo dezakete.

3.  Eskaera aurkeztu ostean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzak erreklamazioari buruz egindako txostena, hala badagokio, kontuan hartuta, bost eguneko epean balioetsiko du egokia ote den administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea eta hartutako erabakiaren berri emango dio eragileari.

4.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak jarritako errekurtsoen eta jasotako eskaeren eta salaketen berri emango die Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari eta Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzari.

5.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean eskaera aurkeztu duten eragileek ohiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea eten egingo da Batzorde horrek hartzen duen erabakia jakinarazten dien arte.

6.  Lege honetako bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako herri-akzioaren eta eske-eskubidearen kasuan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak soilik izango du legitimazioa administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 127 ter artikuluan arautzen den pertsonatzeko eskubidea bazter utzi gabe.

28. artikulua.  Eragile ekonomikoek, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek atzemandako eragozpenak edo trabak desagerrarazteko mekanismo gehigarriak.

1.  Lege honetako 26. artikuluan aurreikusitako kasuez kanpo, eragile ekonomikoek, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek ez ezik, horiek ordezkatzen dituzten erakundeek ere Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzari Lege honen aplikazioarekin lotutako edozein eragozpen edo trabaren berri eman ahal izango diote edozein unetan eta 26. artikuluan aipatzen den leihatilaren bitartez.

2.  Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritza harremanetarako guneei buruzko txostenak biltzen hasiko da 26. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera, eta txosten horietan jardun-proposamenak txertatu ahal izango ditu. Era berean, dagokion balioespen-txostena egingo du.

3.  Hamabost eguneko gehieneko epean, hartutako konponbidearen berri emango die Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzak eragile ekonomikoari, kontsumitzaileari edo erabiltzaileari edo haiek ordezkatzen dituen erakundeari.

4.  Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzak unean-unean emango die informazioa sektoreko batzarrei eta Merkatu Batasunerako Kontseiluari eragileek, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo haiek ordezkatzen dituzten erakundeek atzemandako eragozpenei eta trabei buruz, baita lortutako konponbideei eta emaitzei buruz ere, Lege honetako 10.4 eta 12.2 artikuluetan aurreikusitako sistemak sustatzeko.

5.  Horrez gain, Lege honetako 26. artikuluan aurreikusitako prozedura erabili gabe administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo duten eragileek txostena eskatu ahal izango dute Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzan.

Lehen xedapen gehigarria.  Estatuko jardunak.

Ordena publikoaren arrazoiak direla medio, iruzurraren aurkako borrokaz gain, Estatuari badagozkio kontratazio publikoa eta finantza-egonkortasuneko bermea, esku hartzeko bitartekoa, eta honen barne jarduera ekonomikoa eskuratzeko eta erabiltzeko erregulazioa, ikuskapena eta kontrola barne, lurralde nazionaleko eraginkortasuna estatuko esku-hartzeak bermatuko du; hortaz, Lege honetako V. kapituluan azaltzen diren xedapenek ez diete legeria espezifikoan ezarritako estatu-eskumenei eragingo.

Bigarren xedapen gehigarria.  Araututako produktuak.

Lege honetako 19.2 artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe, produktu estankoak, lehergailuak, gasolio profesionala eta salgai arriskutsuak merkatuan jartzeko aplika daitekeen estatuko araudian ezarritako salmenta-baldintzak errespetatu beharko dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma.

Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginaren 334. artikuluan araututako Estatuaren Kontratazio Plataformak aurrerantzean Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma izena hartuko du.

Plataforma horretan Sektore Publikoaren Kontratu-Legearen testu bateginaren 3. artikuluaren 1. paragrafoan bildutako erakunde guztien lizitazio-deialdiak eta horien emaitzak argitaratuko dira. Aukera dago kontratazio-organoek zuzenean argitaratzeko edo administrazioetako eta erakunde publikoetako informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko interkonexio bidez argitaratzeko.

Laugarren xedapen gehigarria.  Kalitate-arauak erabiltzea nahi izanez gero.

Ahal bada, eta, bereziki, zerbitzu-jardueren eskuragarritasun- eta erabileraaskatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3. artikuluaren 11. paragrafoaren arabera, interes orokorreko ezinbesteko arrazoia kontsumitzaileen eskubideak, segurtasuna eta osasuna babestea denean, agintaritza eskudunek sustatuko dute eragileek nahi badute kalitate-arauak —produktuen eta zerbitzuen kalitate-mailak eta segurtasuna hobetuko dutenak— erabiltzea.

Bosgarren xedapen gehigarria.  Herri-akzioa eta eske-eskubidea.

Agerikoa izango da Lege honetan eta hura garatzeko eta betearazteko ematen diren xedapenetan ezarritakoa betetzea administrazio-organoen aurrean, eta, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren bitartez, Auzitegiaren aurrean eskatzeko egintza, merkatu-batasuna defendatzearren.

Onartzen da, bereziki, eraginpeko korporazioen, elkarteen eta taldeen legitimazioa Lege honetako 27. artikuluan azaltzen den eske-eskubideaz baliatzeko, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen V. Tituluaren IV. Kapituluan arautzen den merkatu-batasunaren bermeprozeduran pertsonatzeko.

Seigarren xedapen gehigarria.  Politika Publikoak eta Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Estatuko Agentziaren urteko ebaluazioa.

Politika Publikoak eta Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Estatuko Agentziak ebaluazio bat egingo du urtero jardun publiko jakin batzuetako eremuetan Lege honetan azaltzen diren neurriak ezartzeari eta horrek eremu horietan sortzen dituen ondorio nagusiei buruz.

Ebaluazio hori Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordera eta Diputatuen Kongresuko eta Senatuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordeetara igorriko da, eta, ondoren, argitara emango da.

Zazpigarren xedapen gehigarria.  Lanerako eta jarraipenerako urteko plana.

Lege honetako 15. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, lanerako eta jarraipenerako Plan bat aurkeztuko da Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordean. Plan horretan urtero definituko dira gauzatzeko helburuak, lehentasunak eta epeak, eta jarduera ekonomikoei buruzko araudiaren etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo da Lege honetan ezarritako printzipioak eta mekanismoak kontuan hartuta.

Zortzigarren xedapen gehigarria.  Sektoreko batzarren lan-plana.

Sektoreko batzarren esparruan lankidetza bermatzeko, batzar horien deialdia hiru hilabeteko epean egingo da Lege hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, estatuko eta autonomia-erkidegoko, eta, hala badagokio, tokiko araudia —sektore ekonomikoak arautzen dituena— aztertzeko, eta Lege honetan biltzen diren printzipioak betetzeko arauen aldaketa-proposamena egiteko.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.  Informazioa eta informazioa trukatzeko sistema igortzeko gehieneko epeak.

Erregistroetako datuak igortzeko betebeharra —22. artikuluan ezarrita dagoena— Lege hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita sei hilabeteko gehieneko epean bete beharko da.

Lege honetako 23. artikuluan azaltzen den informazioa elektronikoki trukatzeko sistema agintaritza eskudunen esku jarriko du Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, Lege hau indarrean jartzen denetik hasita sei hilabeteko gehieneko epean.

Hamargarren xedapen gehigarria.  Jatorrizko agintaritza zehaztea.

Lege honen eranskinaren d) letran aurreikusitako definizioa aplikatuz, jatorrizko agintaritza nor den zehazteko arazoa badago, edo eragilea toki batean baino gehiagotan ezarri bada, eragilea ezarri den lekuetako bat aukeratuko du jatorrizko agintaritza gisa eta eraginpeko agintaritzei jakinaraziko die egindako hautaketa. Jakinarazpen horrek aurkeztu ondoren izango ditu ondorioak, baina ez die eragingo aurretik hasitako administrazioprozedurei.

Xedapen honetako lehenengo paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, eragile ekonomikoek egindako hautaketa jakinarazten ez duten bitartean, Lege honetako 20. eta 21.2 artikuluak indarrean jartzen direnetik aurrera, jatorrizko agintaritzatzat joko da eragile ekonomikoak bere jarduera ekonomikoaren benetako zuzendaritza gauzatzen duen, administrazio-kudeaketa zentralizatzen duen eta bere negozioen zuzendaritza gauzatzen duen tokikoa dela.

Eragile ekonomikoak jarduera ekonomiko hori bere jarduera ekonomikoaren benetako zuzendaritza gauzatzen duen, administrazio-kudeaketa zentralizatzen duen eta bere negozioen zuzendaritza gauzatzen duen tokian hasi ez badu, ulertuko da jatorrizko agintaritza jarduera ekonomiko hori burutzeko lehenengo aldiz ezarri zen tokikoa dela.

Xedapen indargabetzailea.

Lege hau indarrean jartzen denean, indargabeturik geratzen dira beronetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa.  Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea aldatzea.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea honela aldatu da: Bat.  11.1 artikulua aldatu da eta h) letra gehitu da honako hau adierazita:

«h.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak merkatu-batasuna defendatzeko jarritako errekurtsoak.» Bi.  Honela geratu da idatzita 110. artikuluaren 1. paragrafoa:

«1.  Herri-administrazioaren eta merkatu-batasunaren zerbitzuko langileei dagokienez, zerga-alorrean pertsona baten edo batzuen aldeko banakako egoera juridikoa onartu duen epai irmoaren ondorioak beste pertsona batzuengana hedatu ahal izango dira, epaia betez, honako inguruabar hauek daudenean:

a)  Interesdunak eta epaiak mesedetutakoak egoera juridiko berean egotea.

b)  Epaileak edo auzitegiko epai-emaileak ere eskumena izatea lurraldearengatik banakako egoera hori onartzeko asmoa zuela jakiteko.

c)  Epaiaren ondorioak prozesuan parte hartu zutenei urtebetez luzatzeko eskatzea, azken jakinarazpena egin zitzaienetik zenbatzen hasita. Legearen intereseko edo berrikusteko errekurtsoa jarri bada, epe hori errekurtsoari amaiera ematen dion ebazpenaren azken jakinarazpenetik aurrera zenbatuko da.» Hiru.  IV. kapitulu berri bat erantsi zaio V. tituluari. Honela egongo da idatzita:

«IV. KAPITULUA Merkatu-batasuna bermatzeko prozedura 127 bis artikulua.

1.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren iritziz, herri-administraziotik datorren xedapena, egintza, jarduna, jarduerarik eza edo egitate-bidea kokatzeedo zirkulazio-askatasunaren aurkakoa bada, Merkatu Batasuna Bermatzeari buruzko 19/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera, Kapitulu honetan araututako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du.

2.  Merkatu-batasuna bermatzeko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da 46. artikuluaren 1. paragrafotik 3. paragrafora arte aurreikusitakoaren arabera. Errekurtsoa eragile ekonomikoak eskatuta jartzen bada, bi hilabeteko epea eskaera Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean aurkezten denetik aurrera zenbatuko da.

127 ter artikulua.

1.  Merkatu-batasuna bermatzeko, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak errekurtsoa jartzen duen egunean bertan, edo hurrengo egunean, idazkari judizialak dagokion administrazio-organoari eskatuko dio premiaz, errekurtso-idazkiaren kopia bat aurkeztuz, errekerimendua jasotzen den egunetik zenbatzen hasita bost eguneko gehieneko epean espedientea igor dezala, baita errekurtsoan eskatzen diren txostenak eta datuak ere, 48. artikuluan ezartzen den oro kontuan hartuta.

2.  Administrazio-espedientea aurreko paragrafoan aurreikusitako epean bidaltzen ez bada, ez da autoaren ibilbidea etengo.

3.  Idazkari judizialak, hamar eguneko epe luzaezinean, agerian jarriko dizkio errekurtso-egileari espedientea eta gainerako jardunak, demanda formalizatzeko eta dokumentu egokiak aurkezteko. Administrazio-espedientea demanda formalizatu ostean jasotzen bada, alegazioen izapide gehigarria emango zaie alderdiei.

4.  Demanda formalizatutakoan, idazkari judizialak demandatutako alderdiei igorriko die demanda, espedientea aztertu ostean, erantzuna eman dezaten ohiko hamar eguneko epe luzaezinean, eta egokitzat hartzen dituzten dokumentuak aurkez ditzaten.

5.  Erantzuteko izapidea betetakoan, organo jurisdikzionalak hurrengo egunean erabakiko du frogaldia onartuko duen, Lege honetan ezarritako arau orokorren arabera, eta 57. artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe. Froga egitearen aldia ez da hogei egunetik gorakoa izango inoiz.

6.  Jardunak bukatzen direnean, organo jurisdikzionalak epaia emango du bost eguneko epean. Epaiak errekurtsoa baietsiko du, baldin eta xedapenak, jardunak edo egintzak ordenamendu juridikoaren arau-hausteren bat egin badu, eta arau-hauste horrek kokatze- edo zirkulazio-askatasunari eragiten badio, agintea desbideratzea barne.

71.  artikuluan ezarritakoaren arabera, errekurtsoa baiesten duen epaiak ekarriko du jokabide arau-hauslea zuzendu behar izatea, baita jokabide horrek eragin dituen kalte eta galeren ordaina eman behar izatea ere, lortu gabeko irabazia barne.

Geroko errekurtsorik jarri ezin den kasuak badira, organo jurisdikzionalak alderdiei deitu ahal izango die agerraldi batera, organoak bere epaia hitzez emateko; horretarako, ahoz azalduko ditu hartutako erabakiaren oinarri diren arrazoibideak, eta errekurtsoaren nahiz aurkakotzaren oinarri diren arrazoiak ebatziko ditu, eta epaitza emango du, 68. artikulutik 71. artikulura artekoetan ezarritakoaren arabera.

Alderdi guztiak edo batzuk ez bertaratzeak ez du eragotziko epaia hitzez ematea.

Agerraldia grabatzeari eta agerraldiko dokumentazioari dagokienez, 63. artikuluan biltzen diren xedapenak aplikatu ahal izango dira.

Epaia ahoz eman bada, idazkari judizialak ziurtagiria egingo du. Ziurtagiri horretan epaitzaren erabaki guztiak azalduko dira eta esanbidez adieraziko dira haren irmotasuna eta dagokion administrazio-jarduna. Ziurtagiri hori bost eguneko gehieneko epean egingo da, eta alderdiei jakinaraziko zaie.

Aurreko ziurtagiria erregistratuko da eta organo judizialaren Epaien Liburuan txertatuko da. Agerraldiaren euskarri bideografikoa prozedurari lotuko zaio.

7.  Prozeduraren izapideak egin bitartean, aurkaratutako egintza, jarduna edo xedapena baliogabetu nahi duen eta modu independentean errekurritu ez duen eragile ekonomiko orok haren esku-hartzea eskatu ahal izango du alderdi errekurtso-egile gisa.

Eragilearen eskaera auto bidez ebatziko da bost eguneko ohiko epean, betiere pertsonatutako alderdiak entzun ondoren.

Esku-hartzea onartu ondoren, jardunek ez dute atzera joko, parte-hartzailea alderditzat hartuko da prozesuan ondorio guztietarako eta azaldutako asmoak edo parte-hartzaileak berak adierazten dituen asmoak defendatu ahal izango ditu horretarako prozesu-aukera badu.

Parte-hartzaileak bidezkoak diren errekurtsoak erabili ahal izango ditu bere intereserako kaltegarritzat hartzen dituen ebazpenen aurka, nahiz eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak edo pertsonatutako gainerako alderdiek ebazpen horiek onartu.

8.  Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak erabakiko du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak sustatutako prozedurari edozein prozedura gehitzea, baldin eta prozedura hori eragile ekonomikoak organo jurisdikzional berean edo beste batean hasi badu, xedapen edo jardun beraren aurkakoa bada eta kokatze- edo zirkulazio-askatasuna urratzearekin elkartzen bada Lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

9.  Ondorio guztietarako, lehentasuna izango du errekurtso horiek izapidetzeak.

10.  Merkatu-batasunaren bermerako prozedura, Kapitulu honetan ezarrita ez dagoenari dagokionez, Lege honetako arau orokorren arabera arautuko da.

127 quater artikulua.

1.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak eskatu ahal izango du, bere errekurtso-idazkian, aurkaratutako xedapena, egintza edo ebazpena ez ezik, epaiaren eraginkortasuna bermatzen duen beste edozein kautelazko neurri ere etetea.

2.  Aurkaratutako xedapena, egintza edo ebazpena etetea eskatu ondoren, etete hori automatikoki egingo da, errekurtsoa onartu ondoren, eta ez da eskatuko sor daitezkeen edozein motatako kalteak bermatzea. Jarduna errekurritu zaion Administrazioak eskatu ahal izango du etetea kentzea, erabaki hori hartzen denetik hiru hilabeteko epean, betiere egiaztatzen badu etete horri eustearen ondorioz interes orokorretan edo hirugarrenaren interesetan nahasmendu larria sortzen dela; nolanahi ere, hori auzitegiak aztertuko du, inguruabarrak ezarriz.

Eskaera egin ondoren, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalera bidaliko da, gatazkan dauden interesei dagokienez eteteari eustearen edo kentzearen inguruan dagokiona alega dezan hamar eguneko epean.

Aurreko izapidea bete osteko hurrengo bost egunetan, auzitegiak auto bidez ebatziko du egokitzat jotzen duena.

3.  Kautelazko beste edozein neurriren eskaera VI. Tituluaren II. Kapituluan aurreikusi bezala izapidetuko da.» Azken xedapenetako bigarrena.  Azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzkoa, aldatu egin da.

Azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabileraaskatasunari buruzkoa, honela aldatu da: Bat.  5. artikuluaren b) letra honela geratuko da idatzita:

«b)  Premia: baimen-araubidea ordena publikoa, segurtasun publikoa, osasun publikoa eta ingurumenaren babesa direla medio justifikatuta egotea, edo baliabide naturalen eskasiak edo eragozpen tekniko nabariak izateak merkatuko eragile ekonomiko kopurua mugatzen badute.» Bi.  Honela geratuko da idatzita 7. artikuluaren 3. paragrafoa:

«3.  Jakinarazpen bat edo erantzukizunpeko adierazpen bat egiteak edo baimen bat emateak zerbitzu-emaileari aukera emango dio zerbitzu-jarduera eskuragarri izateko, eta erabiltzeko Espainiako lurralde osoan, baita sukurtsalak ezarriz ere.

Establezimendu fisikoei aplikatzen zaizkien esku hartzeko bitartekoek honako baldintza hauek errespetatuko dituzte:

a)  Establezimendu fisiko bakoitzeko baimen bat eskatu ahal izango da ingurumenean eta hiri-ingurunean, segurtasun edo osasun publikoan eta ondare historiko-artistikoan kalteak eragin baditzake; nolanahi ere, arrisku hori instalazioen ezaugarrien arabera ebaluatuko da.

b)  Establezimendu fisiko bakoitzeko erantzukizunpeko adierazpen bat eskatu ahal izango da, baldin eta araudian eskatzen bada interes orokorreko ezinbesteko arrazoi batengatik justifikatutako betekizunak betetzea.

c)  Jakinarazpen bat eskatu ahal izango da, interes orokorreko ezinbesteko arrazoiak direla medio, arrazoi horiek merkatuko instalazioen edo azpiegitura fisikoen kopuruari edo ezaugarriei buruzko kontrola egin behar badute.

Esku hartzeko bitartekoa neurrizkoa eta ez-baztertzailea izango da. Zerbitzuak ematen dituena jadanik Espainian jarrita badago eta legez badabil lanean, baimen edo erantzukizunpeko adierazpen horietan ez dira kontuan hartuko jarduera gauzatzeko oinarri gisa erabiliko duen establezimendu fisikoarekin espezifikoki lotuta ez dauden bestelako betekizunak.» Hiru.  Honela geratuko da idatzita 11. artikuluaren 2. paragrafoa:

«2.  Nolanahi ere, salbuespen gisa zerbitzu-jardueraren eskuragarritasuna edo haren erabilera aurreko paragrafo betekizun batzuk betetzearen mende egon daitezke, baldin eta betekizun horiek baztertzaileak ez badira, interes orokorreko ezinbesteko arrazoi batengatik justifikatuta badaude eta neurrizkoak badira.

Hala eta guztiz ere, baldintza horiek badaude, Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaio laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, eta behar bezala argudiatuta egongo da betekizun horiek ezartzen dituen araudian.» Lau.  25. artikuluaren bi paragrafoaren a) letra honela idatzita geldituko da:

«a)  Lanbide arautuak, lanbide bakoitzaren izaera espezifikoaren ondorioz dauden betekizun deontologikoak eta bateraezinak betetzen direla bermatzeko beharrezkoa diren neurrian, betiere betekizun horiek interes orokorreko ezinbesteko arrazoi batengatik justifikatuta badaude, eta, neurrizkoak izateaz gain, ez-baztertzaileak badira.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legea aldatzea.

Bat.  Legearen 2. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da; aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«2. artikulua. Aplikazio-esparrua.

1.  Lege honen I. tituluan jasotako xedapenak txikizkako merkataritza-jarduerei eta lege honen eranskinean aurreikusitako zerbitzu jakin batzuei aplikatuko zaizkie, baldin eta horiek Espainiako lurraldeko edozein tokitan kokatutako establezimendu iraunkorren bitartez egiten badira, eta erakusteko eta publikoari saltzeko duten azalera erabilgarria 750 metro koadro baino handiagoa ez bada.» Bi.  Azken xedapenetako hamargarrena aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«Azken xedapenetako hamargarrena.  Autonomia-erkidegoek azalera-atalasea, jarduera-katalogoaren atalasea eta lizentziak ez eskatzeko beste kasu batzuk zabalduko dituzte.

Autonomia-erkidegoek, beren eskumenen esparruan, Lege honen I. tituluan eta eranskinean aurreikusitako azalera-atalasea eta merkataritza-jardueren eta zerbitzuen katalogoa zabaltzeko aukera izango dute, baita lizentziak ez eskatzeko beste edozein kasu ezartzeko ere. Halaber, jarduera horiei buruzko erregulazioak –administrazioaren esku-hartze txikiagoa dutenak– ezarri ahal izango dituzte, kalterik ez egiteko adierazpena barne.

Azken xedapenetako laugarrena. Eskumen-titulua.

Estatuak –Konstituzioaren 149.1 artikuluko 1., 6., 13. eta 18. paragrafoetan xedatutakoaren arabera– eskumen esklusiboa du zenbait arlo arautzeko: oinarrizko baldintzak, zeinek, Konstituzioan ezarritako eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko orduan, espainiar guztien berdintasuna bermatuko baitute; legegintza prozesala; jarduera ekonomikoaren plangintza orokorreko oinarriak eta koordinazioa, eta Administrazio Publikoen araubide juridikoaren oinarriak eta administrazio-kontratuei buruzko oinarrizko legeria.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Indarrean dagoen araudia egokitzea.

Lege hau indarrean jarri eta ondorengo sei hilabeteko epean, indarrean dauden legeeta erregelamendu-mailako xedapenak Lege honetan ezarrita dagoenera egokituko dira.

Azken xedapenetako seigarrena.  Araudia garatzea.

Gobernuak beharrezko erregelamendu-arauak eman ditzake Lege honetan aurreikusitakoa garatzeko. Era berean, baimena ematen zaie Ogasun eta Herri Administrazioko zein Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroei, beren eskumenen esparruan Lege honetan aurreikusitakoa aplikatzeko eta garatzeko beharrezko xedapenak eman ditzaten.

Azken xedapenetako zazpigarrena.  Indarrean jartzea.

1.  Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

2.  Nolanahi ere, 20. artikulua, 21. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoak eta 26. artikulua Lege hau argitaratu eta ondorengo hiru hilabeteetan jarriko dira indarrean, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean araututako zerbitzuen kasuan izan ezik.

Horrenbestez, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madril, 2013ko abenduaren 9a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

ERANSKINA Definizioak Lege honetan, honako hitz hauek ondoren adierazten den bezala ulertuko dira:

a)  Egiaztapena: egiaztapen-erakunde batek deklaratzea, deklaratu ere, adostasuneko ebaluazio-erakunde batek arau bateratuen arabera ezarritako betekizunak, eta, hala badagokio, beste betekizun gehigarri batzuk –dagozkion sektoreko eskemetan ezarritakoak barne– betetzen dituela, adostasuna ebaluatzeko jarduera espezifikoak gauzatzeko.

b)  Jarduera ekonomikoa: ondasun edo zerbitzuen produkzioan edo zerbitzu horiek gauzatzen parte hartze aldera, produkzio-baliabideak, giza baliabideak –edo biak– norberak antolatzea dakarren enpresa-izaerako edo lanbide-izaerako jarduera oro.

c)  Agintaritza eskuduna: jarduera ekonomikoak arautzen, antolatzen edo kontrolatzen dituen, edo gauzatzen duen jardunak jarduera ekonomiko bat eskuratzeari edo gauzatzeari eragiten dion erakunde edo entitate oro, eta bereziki, estatuko, autonomia-erkidegoetako edo tokiko administrazio-agintaritzak eta profesionalen elkargoak, eta, hala badagokio, profesionalen elkargoetako kontseilu nagusiak eta autonomikoak.

d)  Jatorrizko agintaritza: eragilea jarduera ekonomiko jakin bat gauzatzeko legez ezarrita dagoen lurralde nazionaleko tokian eskumena duen agintaritza. Esango da eragile bat legez ezarrita dagoela lurralde batean, baldin eta toki horretan jarduera ekonomikoa eskuratzen bada eta gauzatzen bada.

e)  Helmugako agintaritza: lurralde nazionaleko beste toki batean legez ezarrita dagoen eragile batek jarduera ekonomikoa, kokatzea izanik edo gabe, gauzatzen duen lurralde nazionaleko tokiko agintaritza eskuduna.

f)  Baimena, lizentzia edo gaikuntza: agintaritza eskudunaren esanbidezko edo isilbidezko egintza oro, zeina, jarduera ekonomikoa eskuratzeko edo gauzatzeko, eragile ekonomikoari eskatuko zaion.

g)  Kokatzea: soldatapekoa ez den jarduera ekonomikoaren eskuragarritasuna, eta hura gauzatzea; baita enpresak eta, bereziki, sozietateak eratzea eta kudeatzea ere – Legerian ezarritako baldintzen arabera– iraupen mugagabean, bereziki azpiegitura egonkor baten bitartez.

h)  Eragile ekonomikoa: jarduera ekonomiko bat Espainian gauzatzen duen pertsona fisiko, juridiko edo erakunde oro.

i)  Kalitate-arauak: estatuan edo nazioartean aitortutako edo egiaztatutako erakunde batek onartutako xedapenak, zeinek jarduera ekonomikoen garapenera edo jarduera horien emaitzen kalitatera bideratutako arauak, jarraibideak edo ezaugarriak ematen dituzten.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra