16/1989 Legea, uztailaren 17koa, Lehia Babestekoa
1989-07-17Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)
Erakundea: Grazia eta Justizia Ministerioa
Argitalpena: EAO, 1989/7/18, 170. zk.
Indargabetua: 2007-09-01
ZIOEN ADIERAZPENA:
Lehia merkatu-ekonomia oro eraentzen duen printzipioa da, eta, hala denez geroztik, gure gizartearen antolaketa ekonomikoaren ereduan ere, osagai funtsezkoa da. Gainera, norbanakoaren askatasunen artean, bera da enpresa-askatasuna gauzatzeko moduetan lehena eta garrantzitsuena. Hortaz, botere publikoen betebeharra da lehia defendatzea, eta zuzen-zuzenean dago lotuta Espainiako Konstituzioaren hirugarren kapituluarekin; lehia babesteko betebehar hori ekonomia erabatekoaren eskakizunekin eta, hala balegokio, planifikazioarenekin bat etorriz bete behar da.
Lege honen helburua ere horixe da: behar besteko lehia izan dadila ziurtatzea, eta lehia hori herritarren interesaren aurkako eraso orotarik babestea. Eta, eginkizun horretan, merkatua arautzen duten gainerako legeekin bateragarria izatea, arlo publikoari edo pribatuari dagozkion beste betebehar juridiko edo ekonomiko batzuengatik emandakoekin, alegia.
Esperientzia du oinarri lege honek; oinarri sendoa, inondik ere. Alde batetik, lehiaren inguruko politikari buruz Europako Erkidegoak emandako arauak ditu eredu; izan ere, arau horiek baitezpadako eginkizuna bete dute merkatu bateratuaren sorreran eta funtzionamenduan. Eta, beste alde batetik, Lehia Murrizten duten Jarduerak Jazartzeko Legea (110/1963 Legea, uztailaren 20koa) bete-betean aplikatzea eragotzi zuten akatsak gainditzea du xede, eta indargabetu ere egiten du lege hori.
Legearen lehenbiziko tituluan, Lehia askea izenekoan (I. TITULUA. LEHIA ASKEA.), Estatuko merkatuko lehia murrizten duten hitzarmenak kontrolatzeko sistema bat arautzen da; sistema hori malgua da, eta debekatu egiten ditu botere ekonomikoa gehiegikeriaz erabiltzea eta bitarteko desleialen bidez lehia nabarmenki faltsutzen duten jokabide alde bakarrekoak. Bigarren kapituluan (“Kontzentrazio ekonomikoak” izenekoa, II. KAPITULUA. KONTZENTRAZIO EKONOMIKOAK.) , bestalde, kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzeko araubide bat ezartzen da, hain zuzen ere, beren garrantziarengatik eta ondorioengatik, Estatuko merkatuaren egitura herritarren interesaren aurka aldaraz dezaketen kontzentrazioak kontrolatzeko araubide bat. Eta, ondoren, hirugarren kapituluan (“Diru-laguntzak" izenekoa, III. KAPITULUA. DIRU-LAGUNTZA PUBLIKOAK), diru-laguntzak lehiaren araberako irizpideekin aztertzeko eta, behar izanez gero, interes orokorrerako eragiten dituzten ondorio gaiztoak saihesteko sistema bat ezartzen da.
Bestalde, hirugarren kapitulu horretan bertan, legearen aplikazioa administrazio-organoen esku uzten da; izan ere, konstituzioak merkatu-ekonomiaren sektorerako ezarritako antolamendu ekonomikoa ziurtatzea baita helburua, betiere herritarren interesak defendatze aldera. Lehia Babesteko Auzitegia eta Lehia Babesteko Zerbitzua dira legea aplikatzeko eginkizuna izango dutenak: lehenak ebazteko eta, hala balegokio, proposamenak egiteko eginkizunak izango ditu, eta bigarrena dosierrak instruitzeaz arduratuko da.
Dosierrak bereziak dira; izan ere, gaia bera ere zaila da, eta, gainera, sistemak beregain izan behar du jarduten ari den Administraziotik, beti ere epaileek egintza horiek kontrolatzeko duten ahalmenari kalterik eragin gabe.
Dosier horietan aplikatu beharreko prozedurak (III. tituluan dago jasota, TITULUA III. PROZEDURA.) printzipio hauek biltzen ditu: ekonomia, lastertasuna eta eraginkortasuna, bai eta herritarren defentsaren bermea ere. Bestalde, izapide berezi batzuk ere biltzen ditu, bere izaerak eskatuta, eta, kasu batzuetan, autonomia-erkidegoek eta Kontsumitzaileen Elkarteen Kontseiluak esku hartzea aurreikusten da.
Azkenik, zigor-araubide bat ezartzen da, legea (bai formaren aldetik bai edukiaren aldetik) beteko dela bermatzeko.
I. TITULUA. LEHIA ASKEA.
I. KAPITULUA. LEHIA MURRIZTEN DUTEN HITZARMENAK ETA JARDUNBIDEAK, EDO GEHIEGIKERIAZKOAK
I. ATALA. JOKABIDE DEBEKATUAK ETA BAIMENDUAK.
1. artikulua.- Jokabide debekatuak.
1. Debekatu egiten dira Estatuko merkatu osoan edo haren zati batean lehia eragozten, murrizten edo faltsutzen duten hitzarmenak, erabakiak, gomendio kolektiboak, itundutako jardunbideak edo jakinaren gainean paraleloki gauzatzen diren jardunbideak; baita ondorio horiek eragin ditzaketenak ere, edo xede horiek dituztenak. Bereziki honako hauek debekatzen dira:
Prezioak edo salerosketari edo zerbitzuari dagozkion beste baldintza batzuk ezartzea, zuzenean nahiz zeharka.
Produkzioa, banaketa, garapen teknikoa edo inbertsioak mugatzea edo kontrolatzea.
Merkatua edo hornidura-iturriak partitzea.
Salerosketan edo zerbitzu ematean, pareko prestazioei baldintza ezberdinak aplikatzea, eta, hori eginez, lehiatzaile batzuk besteak baino egoera okerragoan jartzea.
Kontratuak egiteko baldintzatzat, berez edo merkataritzako jardunbideen arabera kontratu horien xedearekin zerikusirik ez duten prestazio gehigarriak onartu beharra ezartzea.
2. Erabat deusezak dira aurreko 1. zenbaki horretan debekatzen diren hitzarmen, erabaki eta gomendioak, baldin eta Lege honetan aurreikusitako salbuespenen artean aipatzen ez badira.
3. Lege honetan aurreikusitako prozedurak ez hastea edo bertan behera uztea erabaki dezakete lehia babesteko organoek, baldin eta dena delako jokabidea garrantzi gutxikoa bada eta ezin badio lehiari nabarmenki eragin.
2. artikulua.- Legearen arabera zilegi diren jokabideak.
1. Lehenbiziko artikulu horretako debekuak ez zaizkie aplikatuko lege baten aplikazioaren ondorio diren hitzarmen, erabaki, gomendio eta jardunbideei; hori ez da eragozpen izango, ordea, lehia babestearen arloan Europako Erkidegoak emandako xedapenak aplikatzeko, baldin eta aplikatu behar badira.
Alabaina, beste administrazio-ahal batzuen erabileraren ondorioz gertatzen diren lehia-murrizketei aplikatu egingo zaizkie, edo botere publikoek edo enpresa publikoek legearen babes hori gabe eragindakoei.
2. Lehia Babesteko Auzitegiak, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren bitartez, proposamen arrazoitua egin ahal izango dio Gobernuari, legezko arauen arabera ezarritako lehia murriztuko egoerak alda ditzan edo bertan behera utz ditzan, edo, hala balegokio, eskumena duen herri-agintaritzari hala egiteko eska diezaion.
3. artikulua.- Noiz eman daitekeen baimena.
1. Baimendu egin daitezke lehenengo artikuluak aipatzen dituen hitzarmenak, erabakiak, gomendioak eta jardunbideak, edo horien guztien zenbait mota, baldin eta ondasunen eta zerbitzuen produkzioa edo merkaturatzea hobetzen laguntzen badute, edo aurrerapen teknikoa edo ekonomikoa sustatzen laguntzen badute. Betiere, honako baldintza hauek bete behar dira:
Kontsumitzaileek edo erabiltzaileek aukera izan behar dute abantailez era egokian gozatzeko.
Interesa duten enpresei, helburu horiek lortzeko ezinbestekoak diren murriztapenak besterik ez zaie ezarriko.
Parte hartzen duten enpresei ez zaie aukerarik eman behar produktu edo zerbitzu horien zati handi bati dagokion lehia ezabatzeko.
2. Era berean, egoera ekonomiko erabatekoa eta herritarren interesa dela-eta bidezkoa den heinean, baimendu egin daitezke lehenengo artikulu horretan aipatzen diren hitzarmenak, erabakiak, gomendioak eta jardunbideak, edo horien zenbait mota, baldin eta:
xedea esportazioak babestu eta sustatzea bada, eta barne-merkatuko lehiari eragiten ez badiote eta Espainiak berretsita dituen nazioarteko hitzarmenek ezarritako betebeharrekin bateraezinak ez badira, edo
Eskualde edo sektore atzeratuetako gizarte- eta ekonomia-maila behar adina jasotzen badute, edo
Ez badiote lehiari nabarmenki eragiten, garrantzi gutxikoak izateagatik.
4. artikulua.- Auzitegiak kasu berezietarako baimena ematea.
1. Lehia Babesteko Auzitegiak baimena eman dezake lehenengo artikuluan aipatzen diren hitzarmen, erabaki, gomendio eta jardunbideetarako, hirugarren artikuluan aipatzen diren kasuetan (3. artikulua.- Noiz eman daitekeen baimena eta artikulua horretan bertan aipatzen diren baldintzak betez.
2. Auzitegiak zehaztu egin beharko du baimenak zein egunetatik aurrera izango duen indarra; egun hori ezingo da izan, ordea, baimena eskatu zen eguna baino lehenagokoa. Halaber, zein epetarako ematen den zehaztuko du; gainera, aldaketak, baldintzak edo betebeharrak ere ezarri ahal izango ditu, aldez aurretik interesdunei eta lehia babesteko zerbitzuari hamar eguneko epea emanez esateko zer duten entzuteko.
3. Interesdunek baimena berritzea eska dezakete, eta berritu egingo da, baldin eta Auzitegiak irizten badio lehen aldiz emateko arrazoiek beren horretan dirautela.
Baimena emateko kontuan hartu zen egoeraren inguruabarretan funtsezko aldaketa bat gertatuz gero, Auzitegiak aldatu egin dezake baimena, edo ezeztatu.
Halaber, onuradunek ez badituzte betetzen Auzitegiak ezarritako baldintzak edo betebeharrak, edo baimena interesdunek era osagabean edo oker emandako datu garrantzitsuetan oinarritu bazen, Auzitegiak ezeztatu egin dezake baimena.
Kasu horietan guztietan, nahitaezkoa izango da interesdunei eta Lehia Babesteko Zerbitzuari entzutea.
4. Baimena eskatu eta hiru hilabeteko epean Auzitegiak ez badu ebazpenik jakinarazten, enpresa interesdunak hasi egin daitezke dena delako hitzarmen, erabaki, gomendio edo jardunbide horiek gauzatzen; behin-behineko balioa baizik ez du izango, ordea, gauzatze horrek. Auzitegiak ukatu egiten badu baimena, gauzatze hori zein egunetatik aurrera eten behar den zehaztuko du ebazpenean. Ebazpen horrek ez du, ordea, atzerako eraginik izango behin-behineko gauzatzeak iraun duen aldiari buruz.
5. artikulua.- Moten araberako salbuespenak.
1. Gobernuak, zenbait kasutan, baimendu egin ditzake 3.1 artikuluan (3. artikulua.- Noiz eman daitekeen baimena.) aipatutako hitzarmenen, erabakien, gomendioen, jardunbide itunduen edo jakinaren gainean paraleloki egiten diren jardunbideen zenbait mota. Salbuespenak zehazteko erregelamenduen bitartez egingo du hori, eta ezinbestekoa izango da erregelamendu hori egiteko orduan Lehia Babesteko Auzitegiak bere iritzia ematea. Hona hemen kasuok:
Bi enpresak edo gehiagok parte hartzen dutenean eta zenbait ondasun edo zerbitzuren banaketarako eta/edo hornidurarako murriztapenak ezartzen dituztenean ondasun edo zerbitzu horiek saltzeko edo birsaltzeko; edo industria jabetzako edo jabetza intelektualeko eskubideak eskuratzeko edo erabiltzeko murriztapenak ezartzen dituztenean; edo industriako edo merkataritzako isilpeko ezagupenak eskuratzeko edo erabiltzeko murriztapenak ezartzen dituztenean; edo…
Xede bakarra arauak eta zerga-motak berdin egin eta ezartzea dutenean, edo produktu jakin batzuk fabrikatzen espezializatzea, edo elkarrekin ikertzea eta garatzea, edo...
Xedea edo ondorioa enpresen arrazoizkotasuna eta lehiakortasuna areagotzea dutenean, batez ere enpresa txiki eta ertainena.
2. Gobernuak, zenbait kasutan, baimena eman dezake 3.2 artikuluan (2. Era berean, egoera ekonomiko erabatekoa) aipatutako hitzarmenen, erabakien, gomendioen, jardunbide itunduen edo jakinaren gainean paraleloki egiten diren jardunbideen zenbait motatarako. Salbuespenak zehazteko erregelamenduen bitartez egingo du hori, eta erregelamendu hori egiteko orduan ezinbestekoa izango da Lehia Babesteko Auzitegiak bere iritzia ematea.
6. artikulua.- Nagusitasunaz gehiegi baliatzea.
1. Debekaturik dago enpresa batzuk honako hauetaz gehiegi baliatzea:
Estatuko merkatu osoan edo haren zati batean duten nagusitasunaz gehiegi baliatzea.
Beren bezero edo hornitzaile diren enpresen mendekotasun ekonomikoaz gehiegi baliatzea, bezero edo hornitzaile horiek beren jardueran jarraitzeko beste aukera parekorik ez dutenean. Egoera halakoxea dela joko da hornitzaile batek, betiko deskontuez gain eta ohikotasunez, beste abantaila gehigarri batzuk eman behar dizkionean bezeroari, antzeko erosleei ematen ez dizkienak.
2. Gehiegikeriaz baliatze hori, zehatz esanda, izan daiteke:
Prezio bidegabeak edo salerosketari edo zerbitzuari dagozkion beste baldintza bidegabe batzuk ezartzea, zuzenean nahiz zeharka.
Produkzioa, banaketa edo garapen teknikoa mugatzea, enpresei edo kontsumitzaileei bidegabeki kalte eraginez.
Produktuak erosteko edo zerbitzuak emateko eskariei ezezkoa ematea arrazoirik gabe.
Salerosketan edo zerbitzu ematean, pareko prestazioei baldintza ezberdinak aplikatzea, eta, hori eginez, lehiatzaile batzuk besteak baino egoera okerragoan jartzea.
Kontratuak egiteko baldintzatzat, berez edo merkataritzako ohituren arabera kontratu horien xedearekin zerikusirik ez duten prestazio gehigarriak onartu beharra ezartzea.
Merkataritza-harreman bat haustea (harremanaren zati bat bada ere), gutxienez sei hilabete lehenagotik idatziz eta zehazki ohartarazi gabe; harremana hausteko arrazoia baldintza hitzartuak ez betetzea bada, eta ez betetze hori larria bada, ez da gehiegikeriatzat joko, eta ezinbesteagatik hausten bada ere ez.
Merkataritza-harremanak hausteko mehatxuarekin, hitzartutako salmenta-baldintza orokorretan jaso direnez besteko prezioak, ordainketa-baldintzak, salmenta-moduak, karga gehigarriak eta merkataritzako beste lankidetza-baldintza batzuk lortzea edo lortzen saiatzea.
3. Enpresa batek edo batzuek merkatuan duten nagusitasuna legez ezarria izan denean ere balioko du debekuak.
7. artikulua.- Lehia askea egintza desleialen bitartez faltsutzea.
1. Lehia Babesteko Auzitegiak epaituko ditu lehia desleialeko egintzak (eta lege honek jokabide debekatuetarako ezarritako eran epaituko ditu), baldin eta:
Lehia desleialeko egintza horrek merkatuko lehia-baldintzak era larrian desorekatzen baditu.
Desorekatze larri horrek herritarren interesei eragiten badie.
2. Baldin eta, Lehia Babesteko Zerbitzuaren ustez, baldintza horiek ez badira betetzen, artxibatu egin beharko dira jarduketak.
8. artikulua.- Nagusitasunezko eragina duten enpresa kontrolatzaileen erantzunkidetasuna.
Enpresa baten jokabideak, lege honetan aipatzen direnak, enpresa hori kontrolatzen duen enpresari ere egotzi ahal zaizkio, baldin eta enpresa kontrolatuaren jokabide ekonomikoa enpresa kontrolatzaileak erabakitzen badu.
II. ATALA ZIGORRAK
9. artikulua.- Auzitegiaren ohartarazpenak.
Lehia Babesteko Auzitegiak dei egin diezaieke jokabide debekatuetan ari direnei, nagusitasunaz gehiegi baliatzen direnei eta lehia askea egintza desleialen bidez faltsutzen dutenei (lege honetako 1. artikuluan, 6. artikuluan eta 7. artikuluan deskribatzen diren egintzak egiten dituztenei, alegia) jokabide eta egintza horiek utz ditzaten; orobat galda diezaieke eragin dituzten ondorioak zuzen ditzatela.
10. artikulua.- Zigortzeko isunak.
1. Auzitegiak isuna ezarri ahal die nahita edo arduragabekeriaz 1. artikuluan, 6. artikuluan eta 7. artikuluan xedatutakoa urratzen duten eragile ekonomikoei, enpresei, elkarteei, edo enpresa-elkarte edo -taldeei, edo 4. artikuluan ezarritako baldintza edo betebeharren bat betetzen ez dutenei; isunak 150.000.000 pta artekoak izan daitezke, eta zenbateko hori gehitu ere egin daiteke, Auzitegiak ebazpena eman duen ekonomia-ekitaldiaren aurrekoan izandako salmenta- zifraren %10 arte.
2. Isunen zenbatekoa arau-haustearen garrantziaren arabera ezarriko da, eta, horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan:
Zer motakoa den eta zenbaterainokoa den eragindako lehiaren murrizketa.
Dena delako egintza horren eragina jasan duen merkatuaren neurria.
Dena delako enpresaren merkatu-kuota.
Lehiaren murrizketa horrek zer eragin izan duen lehiatzaileengan edo lehiatzaile izan daitezkeenengan, ekonomia-prozesuko beste alderdi batzuengan eta kontsumitzaileengan eta erabiltzaileengan.
Lehiaren murrizketa horrek zenbat iraun duen.
Jokabide debekatuak behin eta berriz egin direnetz.
3. Arau-hauslea pertsona juridikoa bada, arau-hausleei eurei dagokien zigorraz gain, pertsona juridikoaren legezko ordezkariei edo dena delako hitzarmen edo erabaki horretan parte hartu duten zuzendaritza-organoak osatzen dituzten pertsonei ere 5.000.000 pta arteko isuna ezarri ahal izango zaie.
Kide anitzeko administrazio-organoetan parte hartzen duten pertsonei ez zaie zigor hori ezarriko, baldin eta bileretara joan ez badira, edo erabakiaren kontrako botoa eman badute edo erabaki horretatik kanpo geratu badira.
4. Baldin eta laugarren artikuluan aurreikusitako baimena eskatzen bada, eta baimena eskatzen denetik ebazpena ematen den arte eskaeran aipatzen diren jokabideak gauzatzen badira, ez da isunik ezarriko lehenengo artikulua urratzeagatik. Baldin eta Auzitegiak, eskaeraren behin-behineko azterketa egin ondoren, eskaeraren xede diren egintzak gauzatzearen aurkako erabakia hartzen badu, ez da aplikatuko aurreko paragrafoan xedatutako hori.
6. Artikulu honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, Lehia Babesteko Auzitegiak uste badu lehia babesteko organoen aurrean jardun den aldeetakoren bat asmo txarrez edo zuhurgabekeria larriz aritu dela, isuna ezarri ahal izango dio, gehienez 5.000.000 pta-koa edo 30.050,61 eurokoa.
11. artikulua.- Isun hertsagarriak.
1. Lehia Babesteko Auzitegiak, zigortzeko isunez gain, isun hertsagarriak ere ezarri ahal izango dizkie enpresei, elkarteei, enpresa-elkarteei edo –taldeei eta, oro har, eragile ekonomikoei; isunok egunean 10.000 eta 500.000 pta. artekoak izango dira, edo 60, 10 eta 3.005,06 euro artekoak, eta aipatutako eragile horiek honako hauetara behartzeko ezarriko dira:
Legean xedatutakoaren arabera debekatutzat jotako ekintza bat bertan behera utz dezaten.
Arau-hauste batek lehiaren baldintzetan eragindako desoreka ken dezaten.
Prozedura bat hitzarmen bidez amaitu denean, nork bere gain hartu dituen betebeharrak bete ditzan.
Lege honetako 46. artikuluan (46. artikulua) ezarritakoa bete dezaten.
12. artikulua. Arau-hausteen eta zigorren preskripzioa.
1. Honela gertatzen da arau-hausteen eta zigorren preskripzioa:
Legean aurreikusitako arau-hausteen preskripzioa lau urtera gertatzen da. Arau-haustea egin denetik hasten da zenbatzen preskripzio-aldia.
Zigorren preskripzioa lau urtera gertatzen da.
2. Preskripzioa eten egiten da Lehia Babesteko Auzitegiak edo Zerbitzuak arau-haustea ikertzeko, instruitzeko edo jazartzeko edozein egintza egiten badu; interesdunak jakin egin behar du egintza horren berri, behar den eran.
3. Interesdunek zigor-erabakia ziurtatzeko, betetzeko edo gauzatzeko egindako egintzek ere eten egiten dute preskripzioa.
13. artikulua. Beste erantzukizun batzuk eta kalte-galeren ordaina ematea
1. Lege honek aipatzen dituen zigorrek ez dute eragozten beste erantzukizun batzuk ere egon ahal izatea.
2. Kalte-galeren ordaina eskatzeko akzioa –lege honek debekatzen dituen egintzen legez kontrakotasuna du oinarri– beren burua kaltetutzat dutenek erabili ahal izango dute; administrazio-bidean emandako ebazpena –eta, hala balegokio, auzi-bidean emandakoa– irmoa denetik erabili ahal izango da. Kalte-galeren ordaina eskatzeko akzioaren prozesuaren eta edukiaren araubidea lege zibiletan aurreikusitakoa izango da.
3. Lehia Babesteko Auzitegiak, eskumena duen organo judizialak hala eskatzen badio, txosten bat egin dezake ordaindu beharreko kalte-ordainen bidezkotasunaren eta zenbatekoaren gainean; 1. artikuluan, 6. artikuluan eta 7. artikuluan aurreikusitako arau-hausteak egin dituztenek arau-hauste horien kaltea jasan duten salatzaileei eta hirugarrenei ordaindu behar dizkieten kalte-ordainen bidezkotasunaren eta zenbatekoaren gainean, alegia.
II. KAPITULUA. KONTZENTRAZIO EKONOMIKOAK.
14. artikulua.- Aplikazio-eremua.
1. Enpresak era batera edo bestera kontzentratzeko egitasmo edo eragiketaren bat dagoenean, parte hartzen duten enpresetako batek edo batzuek jakinarazi egin beharko diote egitasmo edo eragiketa hori Lehia Babesteko Zerbitzuari, baldin eta:
Eragiketaren ondorioz, Estatuko merkatuaren %25eko kuota edo handiagoa eskuratzen bada; edo kuota hori Estatuko merkatuaren barruan muga zehatzak dituen beste merkatu batean eskuratzen bada, edo produktu edo zerbitzu jakin baten merkatuan. Edo
Egitasmo edo eragiketa horretan parte hartzen duten enpresek, denek batera, azken kontabilitate-ekitaldian Espainian ortu duten salmenta-zifra, orotara, 40.000 milioi pta. baino handiagoa izan bada; eta, beti ere, parte hartzaileetako bik gutxienez, bakoitzak bere aldetik, Espainian 10.000 milioi pta baino salmenta-zifra handiagoa lortzen badute.
Jakinarazteko betebehar hau ez dagokie Kontseiluaren 4064/89 (EE) Erregelamenduaren [1310/97 (EE) Erregelamenduak aldatu zuen] aplikazio-eremuaren barruan sartzen diren eragiketei.
2. Kontzentrazio ekonomikotzat joko dira parte hartzen duten enpresen kontrol-egituran aldaketa iraunkor bat eragiten duten eragiketak, hala nola:
Lehen beregainak ziren bi enpresaren edo gehiagoren bateratzea.
Enpresa baten edo batzuen kontrola eskuratzea, erabat edo hein batean, edozein bitarteko edo negozio juridiko erabiliz.
Enpresa bat sortzea elkarrekin, bai eta, oro har, enpresa baten gaineko kontrola elkarrekin hartzea; alabaina, enpresa horrek iraunkortasunez bete behar ditu erakunde ekonomiko beregain baten eginkizunak, eta ezin du xedetzat izan beregainak izaten jarraitzen duten enpresen jokabide lehiakorra koordinatzea.
15. artikulua.- Kontzentrazio-eragiketak jakinaraztea.
1. Aurreko 14. artikuluan zehazten den aplikazio-eremuaren barruan sartzen diren kontzentrazio-eragiketen jakinarazpena Lehia Babesteko Zerbitzuari aurkeztu beharko zaio, eragiketok gauzatu aurretik.
2. Kontzentrazio-eragiketa gauzatzeko, beharrezkoa da, aldez aurretik, kontzentrazio-eragiketa egiteko asmoa jakinaraztea eta Administrazioak, berariaz edo esan gabe, kontra ez dagoela adieraztea; bestalde, Administrazioak baldintza batzuk jar ditzake kontra ez agertzeko, 17. artikuluko 1. paragrafoko b) hizkian adierazitako eran.
Kontzentrazio-eragiketa akzioak erosteko eskaintza publiko baten bitartez gauzatzen bada –balio-burtsa batean negoziatzeko onartutako akzioak izan behar dute–, behin Balioen Merkatuaren Estatuko Batzordeak eskaintza onartu eta gero, eskaintza horri dagozkion iragarkiak ez dira argitaratuko, eta eskaintza onartzeko epea ez da hasiko Administrazioak baimen adierazia edo adierazi gabea eman arte. Bestalde, eragiketa gerarazteko erabakia ez bada bertan behera uzten hurrengo paragrafoan ezarritako eran, 37. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Ekonomia Ministroak, dosierra Lehia Babesteko Auzitegiari igortzeko ebazpenean, bertan behera utz dezake eragiketa gerarazteko erabakia; horretarako, Lehia Babesteko Zerbitzuak proposamena egin beharko du, eta jakinarazpena egin duenak egingo du eskaera; eskaerarekin batera jakinarazpena aurkeztu beharko da. Ebazpena eman aurretik, eragiketa hori gerarazteak zer kalte ekar dezakeen neurtu behar da, bai eta eragiketa gauzatzen utzita lehiatzaileei edo lehia askeari zer kalte eragin dakizkiekeen. Ebazpenak zenbait baldintza ezar diezazkioke jakinarazpena egin duenari, eragiketa gerarazteko erabakia bertan behera utziko bada bete beharko dituen baldintzak, alegia. Nolanahi ere, Balioak Eskuratzeko Eskaintza Publikoen Araubidea ezartzen duen Errege Dekretuan (1197/1991 Errege Dekretua, uztailaren 26koa) xedatutakoaren pean egongo da eragiketa hori.
Baldin eta eragiketa paragrafo honetan ezarritakoaren kontra gauzatzen bada, 18. artikuluan aipatzen den isuna ezarriko da, eta ez da aplikatzekoa izango 15. artikuluan eta 17. artikuluan aurreikusitako baimen esan gabekoa. Lehia Babesteko Zerbitzuak instruituko du dosierra, eta Ekonomia Ministroak ezarriko zigorra.
3. Jakinarazpena jendaurrean egingo da.
4. Jakinarazpenaren forma eta edukia erregelamendu bidez ezarriko da; alta, eragiketaren izaera eta ondorioak hautemateko behar diren datu guztiak agertu beharko dira bertan.
5. Jakinarazpena aurkeztu aurretik, kontsulta egin dakioke Lehia Babesteko Zerbitzuari, ea eragiketa jakin batek jakinarazpena nahitaez egin beharra eragiten duten gutxieneko ezaugarriak (14. artikuluaren 1. paragrafoan daude zehaztuta) ote dituen jakiteko.
6. Balio-burtsa batean negoziatzeko onartuta dauden akzioak erosteko eragiketak jakinarazi behar badira, eta Balioen Merkatuaren Legearen 60. artikuluaren arabera (24/1998 Legea, uztailaren 28koa) nahitaezkoa bada akzioak erosteko eskaintza publikoa egitea, jakinarazpena erregelamenduz zehaztutako prozedura berezi baten bidez egingo da.
15 bis artikulua.- Dosierrak Auzitegiari igortzea eta baimen adierazi gabea.
1. Ekonomia Ministroak uste badu interesdunek jakinarazitako kontzentrazio-eragiketa edo -egitasmo jakin batzuek oztopatu egin dezaketela merkatuak behar duen egiazko lehia, Lehia Babesteko Auzitegiari igorriko dizkio, Lehia Babesteko Zerbitzuak proposatuta, kontzentrazio-eragiketa edo -egitasmo horien dosierrak; Auzitegiak, interesdunei entzun ostean (hala behar balitz), irizpena emango du.
2. Lehia Babesteko Zerbitzuari eragiketaren jakinarazpena egin eta hilabeteko epean ez bazaio dosierra Auzitegiari igortzen, Administrazioa ez dagoela aurka joko da.
3. Lehia Babesteko Zerbitzuak interesdunei jakinaraziko die zein egunetan igorri zitzaizkien jarduketak Lehia Babesteko Auzitegiari.
4. Enpresen kontzentrazio-egitasmo edo -eragiketa batek 14. 1 artikuluan ezarritako ezaugarriak baditu eta ez bazaio Lehia Babesteko Zerbitzuari eragiketa edo egitasmo horren jakinarazpenik egiten, Zerbitzuak bere kabuz eskatu ahal izango die enpresa horiei jakinarazpena egin dezaten, berak igorritako eskaera jaso eta gehienez ere hogei eguneko epean. Epe horretan ez bada jakinarazpenik aurkezten, Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariak, alderdiei entzun ostean, lege honen 18. artikuluan aurreikusitako zigorra ezarri ahal izango die enpresa horiei, eta, gainera, kontzentrazio-dosierra hastea erabaki dezake.
Zerbitzuak eskatuta jakinarazitako eragiketek ez dute izango baimen adierazi gaberako aukerarik.
5. Hala behar balitz, dena delako kontzentrazio-eragiketa horren barruan zenbait lehia-murriztapen gehigarri sartzen direla joko da, eragiketarekin zuzen-zuzenean lotuta daudenak eta bera gauzatzeko ezinbestekoak direnak.
6. Dena delako kontzentrazio-eragiketa hori aztertu ondoren ikusten bada ez dituela biltzen lege honen 14. 1 artikuluko ezaugarriak, Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariak enpresen arteko hitzarmen baten eran hartu behar ote den ebatziko du –3. artikuluan aipatzen diren hitzarmenetako baten eran, alegia–, eta, ea, hortaz, 38. artikuluko prozedura ote dagokion. Hala badagokio, eragiketa horrek ez du izango baimen adierazi gaberako aukerarik.
15 ter artikulua. Kontzentrazio-dosierrak itun bidez amaitzea.
1. Kontzentrazio-eragiketa batek ez baldin badu sortzen edo indartzen merkatuko lehia eragozten duen nagusitasun-egoera bat, eta lehiarako eragiten dituen oztopoak erraz konpondu ahal badira, Ekonomia eta Ogasun Ministroak, Lehiaren Babeserako Zerbitzuak txostena egin ondoren, zenbait konpromiso har ditzatela edo eragiketan zenbait aldaketa egin eta aurkez ditzatela eska diezaieke aldeei; eragiketa horrek ez du izango baimen adierazi gaberako aukerarik. Aldeek hilabeteko epea dute erantzuteko, konpromiso horiek edo eragiketan egin beharreko aldaketa horiek aurkezteko eskatzen zaienetik kontatzen hasita.
2. Aldeek aurkeztutako konpromisoak ikusita, eta Lehia Babesteko Zerbitzuak txostena eman ondoren, Ekonomia eta Ogasun Ministroak honako hau ebatz dezake:
Eragiketa baimentzea, baldin eta aurkeztutako konpromisoei aski irizten badie.
Edo, bestela, dosierra Auzitegiari igortzea.
16. artikulua. Lehia Babesteko Auzitegiaren txostena.
1. Dosierra Lehia Babesteko Auzitegiari igorri ondoren, bi hilabete baino lehen eman beharko du Auzitegiak eragiketari buruzko irizpena. Kontzentrazio-egitasmo edo -eragiketa batek merkatuan benetako lehia izatea eragotz ote dezakeen irizteko, lehiari zer murriztapen ekarri dizkion edo ekar diezazkiokeen aztertu behar da, batez ere honako datu hauek aztertuz:
Dena delako merkatu horren neurria.
Merkatu horren egitura.
Hornitzaileak, banatzaileak eta kontsumitzaileak edo erabiltzaileak hautatzeko aukerak.
Enpresek ekonomiaren edo finantzaren aldetik zer botere duten.
Eskaintzaren eta eskariaren bilakaera.
Kanpotik datorren lehia.
Auzitegiak, halaber, honako hauek ere hartu ahal izango ditu kontuan: kontzentrazio horrek zer onura ekar diezaiekeen produkzio- eta merkaturatze-sistemei, aurrerapen teknikoari edo ekonomikoari, Estatuko industriaren nazioarteko lehiakortasunari edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesei, eta, orobat, kontzentrazio horrek dakartzan onurak nahikoa ote diren lehian eragingo dituen murrizketak konpentsatzeko.
2. Kontzentrazioa enpresa batek beste baten akzioak erosiz egitekoa bada, bi enpresa horiek merkatu berean edo goragoko, beheragoko edo gertuko merkatuetan aritzeak lehiari zer murriztapen ekar diezazkiokeen aztertuko da bereziki.
3. Ekonomia Ministroak txostena jasotakoan eta, hala balegokio, txosten horren edukian isilean gorde beharrekoak diren alderdiei buruz ebatzi ondoren, une honetan argitaratuko du Auzitegiak txostena.
17. artikulua.- Gobernuaren eskumena.
1. Lehia Babesteko Auzitegiak Ekonomia Ministroari igorriko dio irizpena, hark Gobernuari aurkez diezaion; Gobernuak, gero, hilabete izango du kontzentrazio-eragiketa edo -egitasmoari buruz honako erabaki hauetako bat hartzeko:
Kontzentrazio-eragiketa edo -egitasmoaren aurka ez agertzea.
(Gaztelaniazko jatorrizkoa honako helbide honetan idatzita dagoen eran: Ley 9/2001, de 4 de junio, por la que se modifica la disposición transitoria sexta de la Ley 54/1997, de 27 de noviembre, del Sector Eléctrico, determinados artículos de la Ley 16/1989, de 17 de julio, de Defensa de la Competencia, y determinados artículos de la Ley 46/1998, de 17 de diciembre, sobre introducción del euro.) Kontzentrazioa onartzeko baldintza batzuk bete beharra ezartzea, kontzentrazioak aurrerapen teknikoari eta sozialari ekarriko dien onura lehiari eragingo dion murriztapena berdintzeko bestekoa izan dadin. Baldintza horiek izan daitezke, besteak beste, negozio edo aktibo batzuk eskualdatu behar izatea, edo eragiketari murriztapenak ezartzea. Baldin eta arlo jakin bateko legeriak mugaren bat ezartzen badu, gobernuak, Ministro Kontseiluaren Akordioaren bitartez, baimena eman dezake kontzentrazio-eragiketa edo -egitasmoa aldatzeko; kontzentrazioa gauzatu bitartean egin beharko da aldaketa, eta akordioan ezarritako baldintzen arabera.
Kontzentrazioa ez dela bidezkoa adieraztea; hori adierazten duelarik, ahalmena izango du:
Kontzentrazioa ez dadila egin agintzeko, baldin eta artean hasi gabe badago.
Lehia egiazkoa izateko behar diren neurriak ezar daitezela agintzeko, baita deskontzentrazioa ere.
Auzitegiaren irizpena jasotzen denetik edo hark irizpena emateko epea amaitzen denetik hilabete igaro eta Ministro Kontseiluak ez badu artean erabakirik eman, baimen adierazi gabea izango du dena delako eragiketa horrek.
18. artikulua. Ez betetzearen isuna.
1. Jakinarazteko betebeharra ez betetzegatik, 5.000.000 pta. arteko isuna ezarriko du Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariak.
2. Baldin eta lehia Babesteko Zerbitzuak, lege honetako 15. artikuluaren 4. paragrafoaren arabera, jakinarazpena egitea eskatu badu, Zerbitzuaren zuzendariak, aurreko paragrafo horretan aurreikusitakoa gorabehera, 2.000.000 pta. arteko zigorra ezarriko du betebehar horretan atzeratutako egun bakoitzarengatik.
3. Ministroen Kontseiluak lege honetako 17. artikulua aplikatuz onartutako akordioak gauzatu eta betetzen direla zainduko du Lehia Babesteko Zerbitzuak; horretarako, akordioa gauzatzeko betebeharretan atzeratutako egun bakoitzarengatik, 2.000.000 pta arteko (12.020 eurora arteko) isun hertsagarria jartzea proposatu ahal dio Gobernuari, eta hori ez da eragozpen izango legedian egintzak nahitaez betearazteko aurreikusitako beste neurri batzuk ere hartzeko.
4. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa gorabehera, 17. 1 artikuluan agindutakoa ez betetzeagatik isuna ezarri ahal izango dio Gobernuak parte hartzen duten enpresetako bakoitzari; kontzentrazio-eragiketa gauzatu den ekitaldian Espainian lortu duen salmenta-zifraren %10 artekoa izan daiteke isuna.
III. KAPITULUA. DIRU-LAGUNTZA PUBLIKOAK.
19. artikulua. Diru-laguntza publikoak.
1. Artikulu honetan ezarritakoak ez dio ezertan eragiten Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. artikuluari 87. artikulua (lehengo 92. artikulua) Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren Itunaren 4. artikuluaren c) hizkiari eta Kontseiluaren martxoaren 22ko 659/1999 (EE) Erregelamenduari.
2. Honako hau joko da, lege honen ondorioetarako, diru-laguntza publikotzat: eragile ekonomikoei eta enpresa publiko edo pribatuei diru publikoen kontura baliabideak ematea, edota baliabideok produkzio jakin batzuetarako ematea; edo, orobat, botere edo erakunde publikoek esleitutako beste edozein onura, eragile ekonomikoek merkatuko baldintzetan jasan beharko lituzketen kargen murriztea dakarrena edo merkatuko baldintzen arabera kontraprestazio bat eman beharra ez dakarrena. Laguntza publikotzat joko da, orobat, aurreko horien pareko ondorioak eragiten dituen eta lehia askea desorekatzen duen beste edozein neurri.
3. Lehia Babesteko Auzitegiak, bere kabuz edo Ekonomia eta Ogasun Ministroak eskatuta, diru-laguntza publikoak esleitzeko irizpideak aztertuko ditu, diru-laguntzek lehiaren baldintzetan eragiten dituzten ondorioei begiratuz; ondoren, txosten bat egingo du, eta Ministroen Kontseiluari igorriko dio. Txosten hori argitaratu egingo da. Ministroen Kontseiluak, Lehia Babesteko Auzitegiak egindako txostena aztertu ondoren, irizpide horiek ezabatzea edo aldatzea proposatuko die botere publikoei; bai eta, hala balegokio, lehia iraunarazteko edo berrezartzeko behar diren gainerako neurriak ezartzea ere. Hori guztia, Europako Batzordeak gai honetan dituen eskumenei kalterik eragin gabe.
III. TITULUA. LEHIA BABESTEKO ORGANOAK.
I. KAPITULUA. LEHIA BABESTEKO AUZITEGIA.
I. SEKZIOA. AUZITEGIAREN ANTOLAMENDUA.
20. artikulua. Izaera juridikoa eta erabateko helburuak.
1. Lehia Babesteko Auzitegia erakunde autonomoa da; berezko nortasun juridiko publikoa eta kudeaketarako autonomia ditu, Estatuko Administrazio Orokorraren Funtzionamenduaren eta Antolaketaren Legean ezarritakoaren arabera (6/1997 Legea, apirilaren 14koa; Ley 6/1997, de 14 de abril, de Organización y Funcionamiento de la Administración General del Estado); beregaintasun osoz betetzen ditu bere eginkizunak, ordenamendu juridikoaren menpe.
2. Merkatuen lehia bidezko funtzionamendua zaintzea eta lehia hori benetakoa izan dadila bermatzea da bere helburua; lege honek berariaz esleitzen dizkion eginkizunak betez, hots, ebazpenak emanez eta txostenak eta proposamenak eginez, babestuko du lehia hori.
3. Auzitegiak Estatuko hiriburuan du egoitza, eta Espainiako Estatuaren lurralde osoan du eskumena, betiere Estatuak eta autonomia-erkidegoek arlo honetan dituzten eskumenak koordinatzeko arauekin bat etorriz.
4. Helburu hauek betetzeko, Lehia Babesteko Auzitegiak honako baliabide hauek izango ditu:
Bere ondarea osatzen duten ondasunak eta baloreak, eta ondare horren emaitzak eta errentak.
Zilegi dituen diru-sarrerak.
Estatuaren Erabateko Aurrekontuen bitartez esleitzen zaizkion diru-kopuruak.
5. Lehia Babesteko Auzitegiak aurrekonturako aurregitasmo bat egingo du urtero Ogasun Ministerioak zehaztutako egituraren arabera; aurregitasmo hori Ogasun Ministerioari berari igorriko dio, eta Ministerioak Gobernuari aurkeztuko dio, onartu eta Gorte Nagusietara igor dezan Estatuaren Erabateko Aurrekontuen osagai gisa.
Auzitegiaren aurrekontu-, finantza- eta kontabilitate-araubidea eta kontu-hartze eta kontrolerako araubidea Aurrekontuen Lege Orokorraren Testu Bateratuan ezarritakoa izango da (1091/1988 Legea, irailaren 23koa; Ley General Presupuestaria; 1005eko urtarrilaren 1era arte egon zen indarrean), Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Legean ezarritakoarekin bat etorriz (6/1997 Legea, apirilaren 14koa; artículo 50 de la Ley 6/1997.).
Lehia Babesteko Auzitegiaren barne-kontrola Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Orokorrak erakunde autonomo horretan izango duen ordezkaritza batek egingo du, Kontuen Auzitegiari dagozkion eginkizunen kalterik gabe.
6. Lehia Babesteko Auzitegia Ekonomia Ministerioari atxikita egongo da, eta Ministerio horrek berak kontrolatuko du haren jarduna eraginkorra denetz; Auzitegiaren araubidea, bestalde, Lege honetan eta lege hau garatzeko emango den araudian xedatutakoak eta Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Legean xedatutakoak eratuko dute.
7. Lehia Babesteko Auzitegiaren zerbitzuko langileak funtzionarioak edo lan-kontratudunak izango dira, Estatuko Administrazio Orokorrerako ezarritako baldintza berekin. Auzitegiak, bestalde, herri-administrazioen kontratuetarako arau orokorren arabera egingo ditu egin beharreko kontratuak.
21. artikulua. Osaera.
1. Lehia Babesteko Auzitegia Osokoak zuzenduko du; presidente batek eta zortzi kidek osatuko dute osokoa, eta legelari, ekonomista eta ospedun profesionalen artetik hautatuta izendatuko dira Errege Dekretu bidez, Ekonomia Ministroak proposatuta.
2. Presidentea eta kideak bost urterako izendatuko dira, eta beste behin baino ezingo dira berriz izendatu. Hala ere, Auzitegiko kideen eta presidentearen karguei dagokien aldia amaitutakoan, nork bere karguan jarraituko du kide berriek edo presidente berriak kargua hartu artean.
Baldin eta Auzitegiko kideak dagokion aldia amaitu baino lehenago uzten badu kargua, haren ondoren sartzen denak aldi hori berori amaitzean utzi beharko du kargua.
Eta ondoren sartu den horren kargu-uztea izendatua izan eta urtebete igaro baino lehen gertatzen bada, ez da aplikatuko paragrafo honen lehenbiziko lerroaldean aipatutako muga hori, eta beste bi aldiz berritu ahal izango du kargua.
3. Auzitegiko kideak goi-karguduntzat joko dira. Bestalde, herri-administrazioen zerbitzura eta jardunean dauden pertsonak izendatzen badira, zerbitzu berezien egoerara edo pareko batera igaroko dira.
4. Auzitegiak, kideen artean, presidenteorde bat hautatuko du. Hautagaien artean berdinketa gertatzen bada, karguan urte gehien daraman hautagaia hautatuko da, eta karguan daramaten urte-kopuruetan ere berdin geratzen badira, adin handiena duena. Presidenteordeak ordezkatuko du presidentea, baldin eta kargua hutsik geratzen bada, edo presidentea kanpoan edo gaixorik bada.
5. Presidenteordea hautatu arte, edo presidentea eta presidenteordea biak kanpoan badaude, karguan urterik gehien daraman kideak beteko ditu Presidentearen eginkizunak, eta karguan urterik gehien daramatenak urte-kopuruetan berdin geratzen badira, adin handiena duenak.
6. Auzitegiak idazkari bat izango du laguntzeko.
22. artikulua. Auzitegiko kideei eragiten dieten bateraezintasunak.
1. Lehia Babesteko Auzitegiko presidenteak eta kideek denbora osoa eskainiko diete beren karguei, eta Estatuko Administrazioko goi-kargudunentzat oro har ezarritako bateraezintasunek eragingo diete berei ere.
2. Alabaina, ez zaie aurreko hori aplikatuko Espainiako gobernua ordezkatuz edo hark aginduta eta ordainsaririk jaso gabe (erregelamenduaren arabera dagozkien kalte-ordain eta bidaia-sariak izan ezik) nazioarteko erakundeetan aldi batez karguak edo eginkizunak betetzen dituztenei.
23. artikulua. Kargua behin betiko uzteko eta aldi baterako utzarazteko arrazoiak.
1. Presidenteak, presidenteordeak eta Lehia Babesteko Auzitegiko kideek honako arrazoi hauengatik utziko dituzte karguak:
Uko egitea.
Kargu-aldia amaitzea.
Izendatu ondoren sortutako bateraezintasuna.
Dolozko delituagatik kondenatua izatea.
Ezintasun iraunkorra.
Auzitegiko kideen hiru laurdenak proposatuta kargugabetzea, karguari dagozkion betebeharretan huts larria egiteagatik.
2. Presidenteak, presidenteordeak eta Lehia Babesteko Auzitegiko kideek honako kasu hauetan utziko dituzte karguak:
Auzitegiak horiek espetxeratzeko autoa edo dolozko delituagatik auziperatzeko autoa ematen duenean.
Diziplina-dosierrean edo aldi bateko ezintasuna ezagutzeko dosierrean hala erabakitzen denean.
Kondena-epai irmoak kargugabetzea ezartzen duenean zigor nagusitzat edo osagarritzat.
II. ATALA AUZITEGIAREN EGINKIZUNAK ETA AHALMENAK.
24. artikulua.- Auzitegiaren funtzionamendua.
1. Lehia Babesteko Auzitegiaren Osokoa behar bezala eratzeko, presidentea edo presidenteordea eta beste bost kide bildu beharko dira.
2. Erabakiak hartzeko, bildutakoen botoen erabateko gehiengoa beharko da. Berdinketa gertatuz gero, presidentearen botoak erabakiko du.
3. Auzitegiak barne-araudi bat egin dezake bere barne-antolamendua eta funtzionamendua arautzeko. Barne-araudi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
25. artikulua.- Eskumena.
Lehia Babesteko Auzitegiaren eskumena da:
Legeak esleitu dizkion gaiei buruz ebaztea eta irizpena ematea.
Lehia Babesteko Auzitegiak baimena eman dezake lehenengo artikuluan aipatzen diren hitzarmen, erabaki, gomendio eta jardunbideetarako, betiere hirugarren artikuluan aipatzen diren kasuetan (3. artikulua.- Noiz eman daitekeen baimena) eta artikulua horretan bertan aipatzen diren baldintzak betez.
(Gaztelaniazko jatorrizkoa honako helbide honetan idatzita dagoen eran: Ley 62/2003, de 30 de diciembre, de medidas fiscales, administrativas y del orden social.) Europako Ekonomia Erkidegoa eratzeko Itunaren 81. eta 82. artikuluetako (http://w81. artikulua (lehengo 85. artikulua) debeku eta bateraezintasunak aplikatzea Espainian, bai eta Zuzenbide eratorriak ezarritakoak ere, jurisdikzio zibilean dagozkion eskumenei kalterik eragin gabe.
Ekonomia Erkidegoaren mailako kontzentrazio ekonomikoko eragiketei buruzko txostenak egitea; kontzentrazioak kontrolatzeko arauak aplikatuz Europako Batzordeak igorritako kontzentrazio-eragiketen dosierrei buruzko txostenak, alegia.
Saltoki handiak irekitzeko proiektuei buruzko irizpenak ematea, Xehekako Merkataritza Antolatzeko Legean ezarritakoaren arabera (7/1996 Legea, urtarrilaren 15ekoa; Ley 7/1996, de 15 de enero, de Ordenación del Comercio Minorista).
Lehia Babesteko Zerbitzuari dosierrak instruitu ditzan eskatzea.
Legeak bere gain utzitako arbitraia-eginkizunak betetzea, bai ekitatezko arbitraiari bai zuzenbidezkoari dagozkionak, eta, bereziki, Kirol Lehiaketa eta Ekitaldien Emankizunak arautzen dituen Legearen 7. artikuluak aipatzen dituenak (21/1997 Legea, uztailaren 3koa; artículo 7 de la Ley 21/1997, de 3 de julio, reguladora de las emisiones y retransmisiones de competiciones y acontecimientos deportivos).
Kalte eta galerak ordaindu beharra gertatuz gero, kalte-ordain horiei buruz Lege honetako 13. artikuluak aurreikusten duen txostena egitea.
Diru-laguntzei buruz Lege honetako 19. artikuluak aurreikusten duen txostena egitea.
26. artikulua.- Aholku emateko eginkizunak.
1. Legegintza-biltzarrek, Gobernuak, Ministerioetako Sailek, Autonomia Erkidegoek, Toki Korporazioek, Merkataritza Ganberek eta enpresarien, sindikatuen edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeek aholku eska diezaiokete Lehia Babesteko Auzitegiari lehiari buruzko gaien inguruan.
2. Auzitegiak lehiaren inguruko azterlanak eta ikerlanak sustatu eta egingo ditu.
3. Lege hau erabat edo hein batean aldatzen edo indargabetzen duten lege-egitasmo edo -proposamenen gaineko txostenak egingo ditu, bai eta legea garatzeko erregelamendu-egitasmoen gainekoak ere.
27. artikulua.- Osokoaren eginkizunak.
Lehia Babesteko Auzitegiaren Osokoaren eskumena da:
Bere barne-araudia egitea; bertan egongo da ezarrita bere administrazio-jarduna eta bere zerbitzuen antolamendua.
Presidenteordea hautatzea kideen artetik.
Errefusatzeen, bateraezintasunen eta diziplinazko zentzarazpenen gainean ebaztea, eta Presidenteak, presidenteordeak eta kideek beren eginkizunetan huts egite larririk egin ote duten edo ezgaitasunik erakusten ote duten iriztea.
Idazkaria izendatzea eta kargutik kentzea.
Auzitegiaren zerbitzuko lanpostuen zerrenda proposatzea edo, hala balegokio, zerrenda horren gaineko txostena egitea.
Auzitegiaren gastuen aurrekontu orokorraren aurre-egitasmoa prestatzea.
Urteko memoria egitea.
Antzeko beste erakunde batzuekin harremanak edukitzea.
28. artikulua.- Osoko Bilkuraren eginkizunak.
1. Lehia Babesteko Auzitegiko Presidentearen eginkizunak dira:
Osokoaren bilkurarako deia egitea, bere kabuz edo gutxienez hiru kidek eskatuta, eta bilera horretan mahaiburu izatea.
Auziak aretoen eta atalen artean banatzeko irizpidea ezartzea.
Auzitegia zuzentzea eta ondo antolatuta edukitzea.
Auzitegian hutsik geratzen diren lanpostuen berri ematea.
Auzitegiko Osokoaren eskumeneko ez diren auziak ebaztea.
Auzitegia ordezkatzea beste erakunde publiko batzuekiko harremanetan.
Auzitegiko langileen zuzendari izatea.
Auzitegiaren gastuak agintzea.
2. Presidenteak presidenteordearen esku utzi ahal izango ditu egoki deritzen ahalmenak.
29. artikulua. Datuak emateko betebeharra ez betetzeagatik ezarriko diren zigorrak.
1. Pertsona guztiek, fisiko nahiz juridikoek, izango dute Lehia Babesteko Auzitegiari laguntzeko betebeharra, eta, berak eskatutakoan, Lege hau aplikatzeko beharrezkoak diren datuak eta informazioak eman beharko dizkiote.
2. Lehia Babesteko Auzitegiak 1.000.0000 pezeta arteko isuna ezarriko die datuak edo informazioa ematen ez dizkioten pertsona fisikoei eta juridikoei, edo datu edo informazio horiek osorik ematen ez dizkiotenei edo oker ematen dizkiotenei.
II. KAPITULUA. LEHIA BABESTEKO ZERBITZUA.
I. ATALA. ZERBITZUA ZEIN ERAKUNDERI ATXIKITA EGONGO DEN ETA ZER EGINKIZUN DAGOZKION
30. artikulua. Zerbitzua zein organori atxikita egongo den.
Lehia Babesteko Zerbitzua lehiaren gaineko eskumena duen Ministerioari atxikita egongo da.
31. artikulua. Lehia Babesteko Auzitegiaren eginkizunak.
Honako eginkizun hauek izango ditu Lehia Babesteko Zerbitzuak:
Lege honetan aipatzen diren jokabideengatik instruitu beharreko dosierrak instruitzea.
Lege hau aplikatzeko onartzen diren ebazpenak gauzatzen eta betetzen direnetz zaintzea, eta, hala balegokio, lege honetako hamabigarren artikuluan aurreikusten diren zigorrak ezar eta gauza daitezen eskatzeko akzioa preskribitutzat jotzea.
Lehia Babesteko Erregistroaz arduratzea.
Sektore ekonomikoak aztertu eta ikertzea, eta haietako bakoitzean lehiakortasuna zer-nolakoa den eta lehia murrizteko jokamolderik edo jardunbiderik baden analizatzea. Azterlanak eta ikerlanak egin ondoren, lehia murrizten duten oztopoak kentzeko neurriak hartzea proposa dezake.
Honako gai hauei buruz txostenak egitea, aholku ematea eta proposamenak egitea: lehia murrizten duten hitzarmenak eta jardunbideak; enpresen kontzentrazioa eta elkartzea; barne-merkatuan eta kanpo-merkatuan zenbaterainokoa den lehia (betiere Estatuko merkatuarekin alderatuta), eta lehia defendatzearekin zerikusia duten gainerako kontuak.
Atzerriko eta nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea lehiari dagozkion gaietan.
Espainian lehiari buruzko Europako Erkidegoko arauak aplikatze aldera, Espainiako administrazioaren eta Europako Batzordearen arteko lankidetzari dagozkion eginkizunak betetzea. Herri-administrazioetan arlo honen gaineko eskumena duten sail batzuen eta besteen arteko koordinazioz gauzatuko dira eginkizun horiek guztiak.
Lege honetako 15. artikuluak eta 15 bis artikuluak kontzentrazioak kontrolatzearen gaian esleitzen dizkioten eskumenak erabiltzea.
Lege honek debekatzen dituen jokabideengatik hasitako prozeduretan hitzarmen bidezko amaiera sustatzea eta erabakitzea.
Lehiari eragiten dioten arauen aurre-egitasmoen gaineko txostenak egitea.
Lehia babesteko gaien inguruko txostenak eta/edo gomendioak zuzentzea ministerio, autonomia-erkidego edo toki-korporazioetako edozeini edo merkataritza-ganberetako eta enpresen, sindikatuen edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeetako edozeini.
Lehia Babesteko Legearen aldaketarako egoki diren proposamenak aztertzea eta gobernuari aurkeztea, Estatuko eta Europako Ekonomia Erkidegoko zuzenbideen aplikazioan esperientziak irakatsitakoari jarraituz.
Artículo 31 bis. Honako eginkizun hauek izango ditu Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariak:
1. Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariari dagokio:
Lehia babesteko politikaren jarraibideak proposatzea Ekonomia eta Ogasun Ministerioari –hain zuzen ere, Ministerio horrek bere politika ekonomikoaren barruan aplikatu beharrekoak–, ondoren, hala balegokio, Ministro Kontseiluari aurkez diezazkion.
Lege honetako hirugarren artikuluan aipatzen diren hitzarmen, erabaki, gomendio eta jardunbideen kategoriei buruz Lege honetako bosgarren artikuluan aurreikusten diren salbuespen-erregelamenduak onartzeko proposamena egitea gobernuari.
Lehia-arauen aplikazioaren ondorioak ebaluatzeko urteko programa bat onartzea, era horretan bitartekoak, doktrinaren bilakaera eta konponbideak norantz bideratu ikusteko.
Lehia Babesteko Zerbitzua ordezkatzea.
Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea Lege honetako bosgarren artikuluko salbuespen-erregelamenduak.
Kontzentrazioak Kontrolatzeko Europako Ekonomia Erkidegoaren Erregelamenduaren 22. artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitakoa aplika dadin eskatzea komeni ote den erabakitzea.
Lege honetako 15. artikuluak eta 15 bis artikuluak esleitzen dizkioten eskumenak erabiltzea.
2. Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendaria bera da zerbitzuaren buru, eta Lege honek Zerbitzuari esleitzen dizkion eskumen guztiak erabili ahal izango ditu.
II. ATALA ADMINISTRAZIOAREN LANKIDETZA ETA LEHIA BABESTEKO ZERBITZUAREN AHALMENAK.
32. artikulua. Lankidetzan aritzeko eta informazioa emateko betebeharra.
1. Pertsona guztiek, fisiko nahiz juridikoek, izango dute Lehia Babesteko Zerbitzuari laguntzeko betebeharra, eta, berak eskatutakoan, Lege hau aplikatzeko beharrezkoak diren datuak eta informazioak eman beharko dizkiote, hamar eguneko epean.
Nolanahi ere, Lehia Babesteko Zerbitzuak luzatu egin dezake epe hori, bere kabuz edo eskaria egin zaion pertsonak eskatuta, baldin eta eskatutako datuak eta informazioa eskuratzeko zailtasuna aski arrazoi bada.
2. Aurreko paragrafo horretan ezarritako betebeharra huts eginez gero, Zerbitzuaren zuzendariak 60,10 eta 3.005,06 euro arteko isunak ezarri ahal izango ditu datu eta informazio horiek emateko betebehar horretan epez kanpo atzeratutako egun bakoitzeko.
3. Zerga-kontuei dagozkien datuak eta aurrekariak eman behar direnean, Zerga Lege Orokorraren 113. artikulua aplikatuko da (artículo 113 de la Ley General Tributaria.
33. artikulua. Ikertzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.
1. Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariak behar bezala baimendutako funtzionarioek Lege hau behar bezala aplikatzeko beharrezkoak diren ikerketak egin ditzakete.
Funtzionarioek, beren ikuskatze-lanetan, kopiak azter eta eskura ditzakete, edo liburuen eta agirien laburpenak edo aipamenak egin (baita kontabilitate-agirienak ere), edozein dela ere liburu eta agiri horien euskarria; eta, hala behar balitz, hartu ere har ditzakete, gehienez ere 10 eguneko epe batez edukitzeko. Funtzionarioek, ikuskatzeak egin bitartean, hitzezko azalpenak ere eska ditzakete.
3. Ikuskatzeak egitera, dena delako gai horretako adituak eraman ditzakete laguntzaile.
4. Ikuskatze-lana oztopatzen duenari, isuna ezarri ahal izango dio Zerbitzuaren zuzendariak, aurreko ekitaldi ekonomikoan lortutako salmenta-zifraren %1era artekoa, hain zuzen.
34. artikulua. Etxez etxeko ikerketa.
1. Lokaletara sartzeko, bertan daudenen baimena edo epailearen agindua beharko da.
2. Lokalean bertan daudenek baimena emanez gero, eginkizun horretarako izendatutako funtzionarioak agiri bat erakutsi beharko du, ondoren aipatzen diren hauekin: Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariak bera izendatzeko emandako erabakia; ikerketa nori edo nortzuei egin behar zaien; zein datu, agiri eta eragiketa ikertu behar diren; zein egunetan egin behar den ikerketa; eta ikerketaren hedadura. Erakutsi ez ezik, agiri horren kopia bat ere eman beharko du.
3. Lokaletara sartzea eragotziz gero, edo sartzea eragozteko arriskua izanez gero, Lehia Babesteko Zerbitzuaren zuzendariak Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiari eskatuko dio etxebizitzan sartzeko baimena; epaitegiari bidalitako eskarian, lehengo paragrafo horretan aipatutako datuak adieraziko dira, bai eta lokal horiek zeintzuk diren zehatz jakiteko behar diren datuak ere.
Eskumena duen epaitegiak berrogeita zortzi ordu izango ditu, gehienez, ebazpena emateko.
4. Lokal batera sartzen den eta lokal bat ikuskatzen den bakoitzean akta egingo da, funtzionario baimenduak eta lokalean zegoenetako batek sinatuta; akta horri, hala balegokio, funtzionarioak aldi batez bere esku edukitako agirien zerrenda erantsiko zaio.
5. Funtzionarioak aktaren kopia bat egingo du lokalera sartzeko baimena eman duen pertsonarentzat. Lokalera sartzea edo ikuskatzea epailearen baimenarekin egin bada, aktaren jatorrizkoa eta aldi baterako hartutako agiriak dagokion epaitegiari emango zaizkio, eta epaitegi horretako idazkariak kopia bat egingo du ikuskapena egin duen funtzionarioarentzat eta beste bat ikerketa egin bitartean bertan izan den pertsonarentzat. Hala balegokio, aldi baterako hartutako agiriak ere emango zaizkio funtzionarioari.
6. Eskuratutako datuak eta informazioak Lege honetan aurreikusitakoetarako baino ezingo dira erabili.
III. ATALA. LEHIA BABESTEKO ERREGISTROA.
35. artikulua. Erregistroaren izaera publikoa eta inskriba daitezkeen egintzak.
Lehia Babesteko Erregistroa publikoa izango da, eta, bertan, Auzitegiak baimendutako hitzarmenak, erabakiak, gomendioak eta jardunbideak inskribatuko dira, bai eta erabat edo hein batean debekatu dituenak ere. Orobat inskribatuko dira enpresen kontzentrazio-eragiketak edo enpresen kontrola eskuratzekoak, Lege honetako 14. artikuluan eta 15. eta 15. bis artikuluetan aipatzen direnak.
Horretarako guztirako, Auzitegiak bere ebazpenak jakinaraziko dizkio Zerbitzuari.
TITULUA III. PROZEDURA.
I. KAPITULUA. HITZARMEN ETA JARDUNBIDE DEBEKATU ETA BAIMENDUETARAKO PROZEDURA.
I. ATALA. LEHIA BABESTEKO ZERBITZUKO PROZEDURA.
36. artikulua. Prozedura hastea.
1. Lehia Babesteko Zerbitzuak hasiko du prozedura, bere kabuz edo interesdunak eskatuta.
Lege honek debekatutako jokabidea edonork sala dezake; edonork aurkez dezake salaketa Zerbitzuan, eta Zerbitzuak dosierra hasiko du jokabide horiek izan direlako zantzu arrazoizkorik ikusten badu.
2. Salaketa erregelamenduak ezarritako eran egin beharko da, eta erregelamenduak ezarritako edukia beharko du. Honako hauek eduki beharko ditu, gutxienez:
Salatzailearen izena (sozietatea bada, sozietatearena) eta helbidea, eta, ordezkari bitartez jarduten bada, ordezkaritza horren egiaztapena eta jakinarazpenetarako helbidea.
Salatutakoaren izena (sozietatea bada, sozietatearena) eta helbidea, eta, hainbat badira, salatutako bakoitzarena.
Arau-haustea zer egitatek eragin duten, eta, beharrezkoa izanez gero, egitate horien frogak.
Has litekeen zigor-dosierrean interesdun gisa onartua izateko salatzaileak zer interes bidezko duen, Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 31. artikuluak ezarritakoaren arabera (30/1992 Legea, azaroaren 26koa).
3. Arau-hauste baten berria iristen zaionean, Zerbitzuak isilpeko ikerketa bat has dezake zigor-dosierra hasi aurretik; ikerketa horretan, arau-haustean zerikusia duten enpresak eurak ere iker ditzake, enpresen lokaletara berorietara joaz. Zerbitzuak uste badu ez dagoela Lehia Babesteko Legea urratu izanaren zantzurik, prozedura ez hastea eta jarduketak artxibatzea erabaki dezake.
4. Dosierra hastea erabakitzeko probidentzian, instruktore bat izendatuko da, eta, hala balegokio, baita idazkari bat ere, eta jakinarazi egingo zaie interesdunei.
5. Behin dosierra hasitakoan, ohar labur bat eman ahal izango da argitara haren funtsezko alderdiei buruz, nahi duenak informazio baliagarria eman ahal izan dezan; horretarako, hamabost eguneko epea izango da, gehienez ere.
Ohar hori Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ahal izango da, eta, hala balegokio, baita behar besteko hedapena bermatuko duen beste hedabideren batean ere.
6. Zerbitzuak, bere kabuz edo interesdunek eskatuta, dosierrak pilatzea eska dezake, dosierren artean zuzeneko lotura dagoenean.
7. Zerbitzuak salaketen berri emango dio Lehia Babesteko Auzitegiari; orobat, jarduketak artxibatzen diren kasuen, prozedurak hitzarmenez amaitzen diren kasuen eta dosierrak hasteko ematen diren probidentzien berri emango dio, hala Zerbitzuak bere kabuz hasten dituenean nola alderdi interesdunak eskatuta hasten dituenean.
36 bis artikulua.- Salaketa ezestea eta prozedura hitzarmenez amaitzea.
1. Lehia Babesteko Zerbitzuak erabaki dezake:
Lege honetako 1. artikuluan eta 6. artikuluan debekatzen diren jokabideei dagozkien prozedurak ez hastea, garrantzi gabeak izateagatik lehiaren baldintzei eragiten ez dietenean.
Lege honetako zazpigarren artikuluan aipatzen diren jokabideei dagozkien prozedurak ez hastea, baldin eta uste badu Legearen zazpigarren artikuluan aipatzen diren baldintzak ez direla betetzen.
Lege honetako 1. artikulua, 6. artikulua edo 7. artikulua urratzeagatik Zerbitzuak berak edo alderdi interesdunak eskatuta hasitako ikerketa bat hitzarmen bidez amai dadila erabakitzea, beti ere hitzarmena ez bada Legean xedatutakoaren aurkakoa eta Administrazioaren jarduketak amaitzeko xedearekin egiten bada.
2. Hitzarmenez amaitzen diren prozeduretan, Zerbitzuak erabakiko du zeintzuk har daitezkeen interesduntzat, prozeduran zehar entzunaldia eman dakien.
Prozedura hitzarmenez amaitzea ordenamendu juridikoaren aurkakoa bada eta hirugarrenentzat kaltegarria bada, ezingo da halakorik erabaki. Eta behin egitateak zehazteko orria jakinarazi ostean ere ezingo da halakorik erabaki.
Ikerketa bat hitzarmenez amaitzeko erabakiak honako hauek zehaztu beharko ditu, gutxienez: parte hartzen duten aldeen nortasuna; ikerketak nori eragingo dion, zein lurralde-eremu hartzen duen eta zenbat iraungo duen; eta konpromisoen edukia eta hedadura. Erabaki horiek Zerbitzuaren zuzendariak eta interesatuek hartu beharko dituzte.
Bidezko interesa edukirik prozedura hitzarmenez amaitzeko erabakietan parte hartu ez dutenek Lege honetako 47. artikuluan aipatzen den errekurtsoa jar dezakete erabaki horien aurka Lehia Babesteko Auzitegian.
37. artikulua. Zigor dosierra instruitzea.
1. Lehia Babesteko Zerbitzuak egitateak argitzeko eta erantzukizuna nori dagokion zehazteko behar diren instrukzio-eginbide guztiak egingo ditu.
Egitateak zehazteko orri batean jasoko dira arau-haustetzat jo daitezkeenak, eta orri hori ustezko arau-hausleei helaraziko zaie, eta hamabost egun izango dute erantzuteko, eta, hala balegokio, egoki deritzen frogak proposatzeko; behin froga-aldia amaitutakoan, hamar egun izango dira frogak haztatzeko.
Ustezko arau-hausleek proposatutako frogak Zerbitzuak egingo duen txostenean jasoko dira, eta bertan adieraziko da ea froga horiek prozeduran praktikatzea onartzen den edo ez.
2. Interesdunek alegazioak aurkez ditzakete prozeduraren edozein unetan, eta Zerbitzuak aintzat hartuko ditu hurrengo paragrafoan aipatzen den txostena idazteko orduan.
3. Zerbitzuak, instrukzioa amaitutakoan, Lehia Babesteko Auzitegiari igorriko dio dosierra; dosierrarekin batera txosten bat igorriko dio, eta, bertan, hautemandako jokabideak, aurrekariak, egileak, merkatuari eragindako ondorioak, egitateen kalifikazioa eta egileei dagozkien erantzukizunak egongo dira zehaztuta.
4. Zerbitzuak uste badu, beharrezko instrukzioa egin ondoren, ez dela egiaztatu debekatutako jokamolderik izan denik, artxiboratzeko proposamena idatziko du, eta interesdunei jakinaraziko die, hamar eguneko epean egoki deritzen alegazioak egin ditzaten. Ondoren, dosierra eta jarduketak artxibatzea erabaki dezake. Erabaki horren aurka, errekurtsoa jar daiteke Lege honetako 47. artikuluan eta 48. artikuluan xedatutakoaren arabera.
38. artikulua. Baimena emateko dosierra instruitzea.
1. Lege honetako hirugarren artikuluan aipatzen diren hitzarmen, erabaki, gomendio eta jardunbideak baimentzeko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da.
2. Baimen-eskaeran nahitaez agertu beharko dira dena delako jokabide horren izaera eta ondorioak hautemateko behar diren datu guztiak, eta, batez ere, parte hartzen duten aldeen nortasuna jakiteko datuak, eskaeraren xedea eta jokabide horren eragina jasango duten merkatuen gaineko informazioa.
3. Behin lege honetako 1. artikuluan debekatutako hitzarmen, erabaki, gomendio edo jardunbideak izan direnetz egiaztatzeko dosierra hasitakoan, interesdunek Lege honetako 3. artikuluan ezarritakoaren arabera baimen daitezela eska dezakete.
4. Baimenak tramitatzeko prozeduran, Lehia Babesteko Zerbitzuak Lege honetako 36. artikuluan aipatzen den ohar laburra emango du argitara; beharrezkoak diren galdeketak egin, interesdunei entzun, eta, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, Auzitegiari igorriko dio dosierra, bere iritziz dagokion kalifikazioarekin.
5. Zerbitzuak uste badu emandako informazioa ez dela inondik inora aski eskaera kalifikatzeko, beharrezkoak diren datuak eta informazioa aurkez ditzala galdatuko dio eskatzaileari; eskatzaileak hamar eguneko epea izango du horretarako, gehienez ere, eta, galdatutakoa bete artean, eten egingo da hogeita hamar eguneko epea.
6. Lege honetako 3. artikuluan aipatzen diren kasuetan, aginduzkoa da Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kontseiluari txostena eskatzea.
II. ATALA. LEHIA BABESTEKO AUZITEGIKO PROZEDURA.
39. artikulua. Dosierra onartzea.
Auzitegiak, dosierra jasotakoan, onartu edo ez ebatziko du bost eguneko epean; horretarako, beharrezkoak diren aurrekariak aurkeztu direnetz hartuko du kontuan. Aurkeztu ez badira, dagozkion eginbideak egin ditzan eskatuko dio Lehia Babesteko Zerbitzuari; eginbide horiek Zerbitzuak egoki deritzen beste batzuekin osa daitezke.
40. artikulua. Froga-aldia.
1. Baldin eta Auzitegiak dosierra onartzen badu, interesdunei jakinaraziko die, hamabost eguneko epean; epe horren barruan, interesdunek auzitegiaren aurreko saioa egitea eska dezakete, bai eta beharrezko iruditzen zaizkien frogak proposatu ere. Auzitegiak bost eguneko epean erabakiko du froga horien egokitasunari buruz.
2. Auzitegiak egoki deritzen froga guztiak egiaztatzea erabaki dezake, beti ere lehenago Lehia Babesteko Zerbitzuan egiaztatu ez badira; bestalde, saio horretan interesdunek esku har dezaten utziko du.
3. Frogak egiaztatzeko saioaren emaitzak erakutsi egingo zaizkie interesdunei, eta hamar eguneko epea izango dute emaitza horien garrantziaz edo indarraz egoki deritzena aldezteko.
4. Auzitegiak frogei buruz hartutako erabakien aurka ez da errekurtsorik onartuko administrazio-bidean.
41. artikulua. Ondorioei buruzko idazkia edo ondorioei buruz epailearen aurrean egin beharreko saioa.
1. Auzitegiak beharrezko irizten dionean erabakiko du auzitegiaren aurreko saioa egitea. Beharrezko irizten ez badio, hamabost eguneko epea emango die interesdunei ondorioak adieraz ditzaten.
2. Auzitegiaren aurreko saioa isilpekoa izango da, eta aldeek batak bestearen frogak ezeztatzeko aukera izango dute; saio horretan, aldeek, haien ordezkariek eta Lehia Babesteko Zerbitzuak hartuko dute parte. Auzitegiak erabaki dezake berak beharrezko irizten dien beste pertsona batzuek ere auzitegiaren aurreko saioan parte har dezatela, baldin eta beharrezko irizten badio.
42. artikulua. Hobeto erabakitzeko zuzemenak.
1. Auzitegiaren aurreko saioa egin ondoren edo ondorioak aurkezteko epea amaitu ondoren, Auzitegiak, ebazpena eman aurretik, edozein froga-eginbide egitea erabaki dezake, are interesdunek deklaratzea eta Auzitegiak berak azterketa egitea ere; gainera, txosten berriak eska diezazkioke Lehia Babesteko Zerbitzuari edo beste edozein erakunde publiko edo pribaturi eta agintariei edo banakoei, nahi duen gaiei buruz.
2. Froga-eginbide horiek egitea erabakitzeko probidentzian, ahal dela zein epetan egin behar diren zehaztuko da, bai eta interesdunek nola parte hartuko duten ere.
3. Hobeto erabakitzeko zuzemen gisa egin beharreko froga guztiak Auzitegiaren aurrean edo horretarako izendatutako Auzitegiko kidearen aurrean egingo dira.
43. artikulua. Instruktoreari entzutea eta dosierrari buruz ebaztea.
1. Auzitegiak, hala komeni dela deritzonean, instruktoreari deitzea erabaki dezake, dosierreko zenbait alderdiren gainean azalpenak eman diezazkion.
Nolanahi ere, Auzitegiak uste badu, ebazpena ematerakoan, auziari beste kalifikazio bat eman ahal zaiola, eta beharbada Lehia Babesteko Zerbitzuak ez duela kalifikazioa behar bezala hauteman, entzun egin beharko zaio instruktoreari, beti.
Kalifikazio berri hori interesdunei jakinaraziko zaie egoki deritzeten alegazioak aurkez ditzaten; hamabost eguneko epea izango dute horretarako, eta ebazteko epea eten egingo da bitartean.
2. Auzitegiak, eginbideak burututakoan, ebazpena emango du; gehienez ere hogei egun izango ditu horretarako.
3. Auzitegiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari.
44. artikulua. Europako Ekonomia Erkidegoko organoetan ere prozedura hasita egotea.
1. Auzitegiak, alde batek eskatuta, atzeratu egin dezake ebazpena, baldin eta agiri bidez egiaztatzen bada Europako Ekonomia Erkidegoetako organoetan prozedura ari dela gauzatzen egitate berengatik. Ebazpena emateko epea berriz hasiko da Europako Ekonomia Erkidegoetako organoek ebazpen irmoa ematen dutenean. Salbuespena alegatu duen aldeak Auzitegiari jakinarazi beharko dio hartutako erabakia; hilabete izango du horretarako, organo horien erabakia jakiten denetik hasita.
2. Europako Ekonomia Erkidegoetako organoek zigorra ezarri badute, Auzitegiak kontuan hartu beharko du Lege honen arabera dagokiokeen zigorra doitzeko orduan, eta konpentsatu ere egin dezake zigorra; nolanahi ere, hori ez da eragozpen izango dena delako egitatea arau-haustetzat jotzeko.
III. ATALA. ZUHURTASUNEZKO NEURRIAK.
45. artikulua. Neurri motak eta neurri horiek hartzeko prozedura.
1. Lehia Babesteko Zerbitzuak, behin dosierra hasi ondoren edozein unetan, ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren zuhurtasunezko neurriak har ditzan proposa diezaioke Lehia Babesteko Auzitegiari; bere kabuz edo interesdunek eskatuta egingo dio proposamen hori, eta, bereziki, honako neurri hauek hartzeko:
Dosierrak aipatzen dituen jokabideak bertan behera uzteko agintzeko, edo kaltea saihestearren baldintza jakin batzuk ezartzeko.
Edozein eratako fidantza ezartzeko, pertsonala izan ezik, kalteak eta galerak gertatzen badira-ere.
Interesdunek zuhurtasunezko neurriak onartzea eskatzen badute, Auzitegiak fidantza ezar dezatela eska diezaieke.
2. Interesdunei kalte konponezinak eragiten dizkieten edo funtsezko eskubideak urratzen dituzten neurriak ezingo dira onartu.
3. Bost egun izango dute interesdunek egoki deritzetena alegatzeko; Auzitegiak, haiei entzun ondoren, hiru eguneko epean ebatziko du zuhurtasunezko neurrien egokitasunari buruz.
4. Auzitegiak, bere kabuz edo Lehia Babesteko Zerbitzuak proposatuta, isun hertsagarriak ezar ditzake zuhurtasunezko neurriak bete daitezela ziurtatzearren; isun horiek Lege honetako 11. artikuluan ezarritako bermeekin ezarriko dira, eta artikulu horretan aipatzen diren zenbatekoak izango dituzte.
5. Baldin eta neurriak hartu ondoren inguruabar berriak agertzen badira edo neurriak hartu zirenean ezagutzen ez ziren inguabarrak ezagutzen badira, Lehia Defendatzeko Zerbitzuak, bere kabuz edo aldeetako edozeinek eskatuta, zuhurtasunezko neurriak bertan behera uzteko, aldatzeko edo kentzeko proposa diezaioke Auzitegiari; prozeduraren edozein unetan egin diezaioke proposamen hori.
6. Zuhurtasunezko neurriek ezingo dute iraun sei hilabete baino gehiago, inoiz ere ez; eta Auzitegiak ebazpena betearazitakoan, indarrik gabe geratuko dira.
IV. ATALA. AUZITEGIAREN EBAZPENAK.
46. artikulua. Ebazpenaren edukia, edukia argitzea eta ebazpena argitaratzea.
1. Auzitegiaren ebazpenek honako kontu hauek adieraz ditzakete:
Debekatutako jardunbideak edo hitzarmenak izan direla.
Nagusitasun-egoeraz gehiegikeriaz baliatzeko jokabideak izan direla.
Ez dela egiaztatu debekatutako jardunbiderik izan dela.
Salbuespen gisako hitzarmenak eta jardunbideak baimentzen direla.
2. Auzitegiaren ebazpenek honako eduki hauek izan ditzakete:
Debekatutako jardunbideak aldi batez eteteko agindua eman dezakete.
Jardunbide horietarako baldintza edo betebehar jakin batzuk ezar ditzakete.
Herritarren interesen aurkako jardunbide debekatuen ondorioak ezabatzeko agindua eman dezakete.
Isunak ezar ditzakete.
Jardunbidea baimendutzat jo dezakete.
Eta Lege honek baimentzen duen beste zeinahi neurri ezar dezakete.
3. Baimena ukatzen duen ebazpenean, jokabide debekatu hori bertan behera utz dezaten eskatuko zaie eskaera egin dutenei eta jardunbide debekatuetan parte hartu duten gainerakoei, (dosierrean parte hartu dutenei, alegia); eta ohartaraziko zaie ezen, ez badiote ebazpena eskakizun horri jaramon egiten, Lege honetako 10. artikuluan aipatzen diren zigor hertsagarriak ezarriko zaizkiela.
4. Auzitegiak, bere kabuz edo aldeetako edozeinek eskatuta, kontzeptu ilunak argitu ditzake edo ebazpenak izan ditzakeen hutsegiteak konpon ditzake.
Ebazpenaren kontzeptu ilunak argitzeko edo ebazpenari zerbait gehitzeko, bost egun baliodun izango dira jakinarazpena egiten denetik, edo, hala balegokio, zerbait argitzeko edo gehitzeko eskatzen denetik; bestalde, zerbait argitzeko edo gehitzeko eskaera aurkezteko, hiru egun izango dira, ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita; epe hori ezingo da luzatu.
Huts egite materialak eta aritmetikakoak edozein unetan zuzendu ahal dira.
5. Auzitegiaren zigor-ebazpenak, behin interesdunei jakinarazitakoan, Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, bai eta, Auzitegiak egoki deritzon eran, Estatu osoko egunkari batean edo hainbatetan ere, eta orobat pertsona edo enpresa zigortuek egoitza duten probintziako edo dena delako jarduerok egiten dituzten probintzietako egunkari batean edo hainbatetan. Ebazpenen iragarkiak argitaratzeko kostua zigortutako pertsonaren edo enpresaren kontura izango da.
Era berean, zigortzeko ez diren ebazpenak argitaratzea ere (aurreko paragrafo horretan adierazitako eran) erabaki dezake Auzitegiak.
6. Auzitegiaren eskakizunei ez obeditzeak zigor-kodearen araberako zigorra ezartzea ekarriko du.
V. ATALA. ERREKURTSOAK.
47. artikulua. Lehia Babesteko Zerbitzuak emandako egintzen kontrako errekurtsoa.
Lehia Babesteko Zerbitzuaren egintzen kontra errekurtsoa jarri ahal izango da Lehia Babesteko Auzitegian, baldin eta egintza horiek zeharka nahiz zuzenean auziaren funtsari buruz erabakitzen badute, prozedura bat ezin jarraitzea eragiten badute, babesgabetasuna eragiten badute edo legezko eskubide edo interesei kalte konponezina badakarkie; hamar eguneko epea izango da horretarako.
Ez da babesgabetasunik izango interesdunak frogak praktikatzeko egindako eskariari ezezkoa eman izanagatik, baldin eta ezezkoa emateko erabaki hori behar bezala arrazoitutako ebazpenaren bidez ematen bada eta eskatutako frogak nabarmenki ezegokiak edo alferrekoak badira; ez da babesgabetasunik izango, orobat, proba horiek Auzitegiaren aurrean praktika badaitezke.
Kasu horietan, eta errekurtsoa nabarmenki funtsik gabe aurkezten den guztietan, Auzitegiak onartezintzat jo dezake errekurtsoa behar bezala arrazoitutako ebazpenaren bidez.
48. artikulua. Izapideak eta ebazpena.
1. Errekurtsoa Lehia Babesteko Auzitegiari aurkeztuko zaio, eta Auzitegiak dosierra eta dosierrari buruz egindako txostena helarazteko aginduko dio Lehia Babesteko Zerbitzuari, eta bost eguneko epea emango dio horretarako.
2. Auzitegiaren iritziz errekurtsoa epez kanpo aurkeztu bada, ezetsi egingo du beste izapiderik gabe.
3. Behin dosierra jasotakoan, interesdunei erakutsiko die, egoki deritzeten agiri eta arrazoibideak aurkez ditzaten; hamabost eguneko epea izango dute horretarako.
4. Aurreko paragrafoko urrats hori egin ondoren, Auzitegiak ebazpena emango du; hamar egun izango ditu horretarako, eta errekurtsoa aurkezten denetik ebazpena eman eta jakinarazi artean ezingo dira igaro hiru hilabete baino gehiago. Errekurtsoa Lehia Babesteko Zerbitzuaren artxibatze-erabaki baten aurka aurkeztu denean, ebazpena emateko epea, gehienez, hamabi hilabetekoa izango da, errekurtsoa aurkezten denetik kontatzen hasita.
49. artikulua. Auzitegiaren ebazpenen aurkako errekurtsoak.
Lehia Babesteko Auzitegiak onartutako zuhurtasunezko neurrien kontra eta behin betiko ebazpenen kontra ezingo da inolako errekurtsorik jarri administrazio-bidean; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baizik ezingo da jarri.
II. KAPITULUA. PROZEDURA BIETARAKO XEDAPENAK.
50. artikulua. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea aplikatuko da osagarri.
Lehiaren arloko administrazio-prozedurek beren araudi berezia izango dute, eta, osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.
51. artikulua. Herri-administrazioen lankidetza.
1. Herri-administrazio guztiek dute informazioa edo eskatzen zaizkien txostenak emateko betebeharra.
2. Lehia Babesteko Auzitegiak eta Lehia Babesteko Zerbitzuak, prozeduraren edozein unetan, lankidetza eskatu diezaiekete autonomia-erkidegoei. Horretarako, eskatutako laguntza hori behar bezala emate aldera garrantzitsuak diren eta dosierra osatzen duten jarduketen berri emango zaie.
3. Autonomia-erkidegoek ere eman ditzakete egoki deritzeten informazioak, bai eta egoki deritzeten oharrak egin ere.
51 bis artikulua. Beste herri-administrazio batzuekiko harremanak.
1. Lege honetan aurreikusitako organoek izango dute lege honetan bertan arautzen diren prozedurak instruitu eta ebazteko eskumena, ez beste inork. Baldin eta herri-administrazioek, beren eginkizunetan ari direla, Lege honetan xedatutakoen kontrakotzat dituzten egitateak ezagutzen badituzte, egitate horiek Lehia Babesteko Zerbitzuari jakinarazi eta egitate horiei buruz esku artean dituzten agiriak helarazi besterik ez dute egingo, Zerbitzuak, hala badagokio, dagozkion dosierrak has ditzan.
2. Lehia Babesteko Zerbitzuak, bere eginkizunak betetzeko beharrezkoa badu, lankidetza eskatu ahal izango die autonomia-erkidegoetako organo eskudunei. Helburu horrexekin, autonomia-erkidegoetako zerbitzu eskudunek txostenak egin ditzakete lege honen kontrakotzat dituzten jardunbide, hitzarmen eta jokabideen inguruan, eta Lehia Babesteko Zerbitzuari igor diezazkiokete, artikulu honetan aurreikusten direnetarako.
52. artikulua. Dosierretako egitateak isilean edukitzeko betebeharra.
1. Lege honetan aurreikusitako dosierren prozeduretan parte hartzen duten guztiek, edo dosier horiek lanbidearen edo karguaren bitartez ezagutzen dituztenek, dosier horien bidez jakin dituzten egitateak isilean edukitzeko betebeharra dute.
2. Egitateak isilean edukitzeko betebeharra ez betetzea diziplina-hutsegite larritzat joko da beti, zigor-arloko erantzukizunak eta zibilak gorabehera.
53. artikulua. Isilpeko informazioa erabiltzea.
Lehia Babesteko Zerbitzuak eta Lehia Babesteko Auzitegiak prozeduraren edozein unetan agin dezakete, beren kabuz edo interesdunak eskatuta, zenbait datu edo agiri isilean eduki daitezen eta horiekin aparteko txatal bat egin dadin.
54. artikulua. Zigorrak.
1. Lege honek aipatzen dituen zigorrek ez dute eragozten beste erantzukizun batzuk ere egon ahal izatea.
2. Isunak betearazte-bidean ordainarazteko, Diru-bilketako Araudi Orokorraren Erregelamenduan ezarritakoari jarraituko zaio (1684/1990 Errege Dekretua, abenduaren 20koa; Reglamento General de Recaudación
3. Lege honetan aurreikusitako isunen diru-kopurua Herri Altxorrean sartuko da.
55. artikulua. Zigor-arloko prozesua aldez aurretik ebatzi beharra.
Auzitegietan egitate jakin batzuengatik zigor-prozesua ari bada instruitzen, gerarazi egingo da egitate beroriengatik hasitako administrazio-dosierraren ebazpena.
56. artikulua. Prozedurak gehienez iraun dezakeen denbora.
1. Lehia Babesteko Zerbitzuko zigor-prozedurak gehienez ere hamabi hilabete iraungo du, prozedura dagokion eran hasten denetik kontatzen hasi eta dosierra Lehia Babesteko Auzitegiari igortzen zaion arte, edo beste edozein eratan Zerbitzuan gauzatutako prozedurari amaiera ematen dion erabakia jakinarazi arte.
Baldin eta Lehia Babesteko Auzitegiak, artxibatze-agindu baten aurkako errekurtso bat onartu izanagatik edo Lege honetako 39. artikuluan aurreikusten diren eginbideak egin daitezen, itzuli egiten badu dosier bat, Lehia Babesteko Zerbitzuak gehienez sei hilabete izango ditu egitateak argitzeko eta erantzukizunak zehazteko beharrezkoa den instrukzio osagarria egiteko, Auzitegiak ebazpena jakinarazten dionetik kontatzen hasita.
Paragrafo honetan xedatutakoak ez du deuseztatzen Lege honetako 42. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan ezarritakoaren arabera epea luzatzeko aukera.
Nolanahi ere, paragrafo honetan aipatzen den epe hori eten egingo da, Lege honetako 47. artikuluan aipatzen den administrazio-errekurtsoa aurkezten bada, edo Lege beronetako 42. 5. artikuluan aipatzen diren aldez aurretik ebatzi beharreko gorabeherak agertzen badira; baita Europar Batasunarekiko koordinazioa edo beste herrialde batzuetako agintari eskudunekiko lankidetza beharrezkoa denean ere. Horrelakoetan, Zerbitzuak jakinarazi egin beharko die interesdunei epea eteteko ebazpen horren berri.
Baldin eta, paragrafo honetan aurreikusitako epea eta, hala balegokio, epe luzatua ere igaro eta Lehia Babesteko Zerbitzuak ez badio artean dosierra Lehia Babesteko Auzitegiari igorri, edo dosierra artxibatzea erabaki badu, Auzitegiak iraungitzat joko du, berak bere kabuz edo interesdunetako edozeinek eskatuta.
2. Lehia Babesteko Auzitegiak ebazpena emango du, eta jakinarazi ere bai, dosierra hastea onartu zenetik gehienez ere hamabi hilabeteko epean. Epe hori eten egingo da honako kasu hauetan: aldez aurretik ebatzi beharreko kontuak agertzen badira eta Legeak kasu horietarako epea etetea aurreikusten badu; errekurtsoak aurkezten badira eta eskumena duen jurisdikzio-organoak epea etetea erabakitzen badu; Lehia Babesteko Auzitegiak hobeto erabakitzeko zuzemenak egin behar direla erabakitzen badu; Lege honetako 43. artikuluak ezarritako eran auziaren kalifikazioa aldatu behar bada; Europako Ekonomia Erkidegoetako organoetan egitate berengatik beste prozedura bat gauzatzen aritzeagatik, edo egitate horiengatik zigor-arloko prozedura bat gauzatzen aritzeagatik, epea etetea erabakitzen bada; edo Europako Erkidegoetako Auzitegian aldez aurretik ebatzi beharreko auzi bat aurkezteko. Alabaina, kasu honetan ere, Lege honetako 42. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Aurreko epe hori amaitzen denetik hogeita hamar egun igaro eta Auzitegiak ez badu artean ebazpenik eman, Auzitegiak, bere kabuz edo interesdunetako edozeinek eskatuta, iraungitzat joko du prozedura.
57. artikulua. Kontzentrazio-eragiketen analisia eta azterketa egiteagatik eskatuko den ariela.
1. Kontzentrazio-eragiketen analisia eta azterlana egitearen ariela sortzen da lege honen bidez, eta ariel horren araubidea Lege honetan xedatutakoak eta Arielen eta Prezio Publikoen Legearen (8/1989 Legea, apirilaren 13koa; artículo 9 de la Ley 8/1989, de 13 de abril, de Tasas y Precios Públicos) 9. artikuluak arieletarako ezartzen dituen gainerako arau-iturriek xedatutakoak osatuko dute.
2. Arielaren oinarri zergagarria da Lege honetako 14. artikuluaren arabera gauzatzen diren enpresen kontzentrazio-egitasmo edo -eragiketa ororen analisia eta azterketa egitea.
3. Ez da arielik ezarriko Lege honetako 15. artikuluaren 5. paragrafoan aurreikusitako aldez aurreko kontsultarengatik.
4. Arielaren subjektu pasiboak kontzentrazio-eragiketaren berri emateko betebeharra duten erakundeak izango dira.
5. Ariela ordaintzeko betebeharra sortuko da subjektu pasiboak Lege honetako 15. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena (administrazio-jarduera edo -dosierra abiarazten duen jakinarazpena) aurkezten duenean.
6. Hemen arautzen den ariel honen zenbatekoa honako hau izango da:
3.005 euro, kontzentrazio-hitzarmenean parte hartzen duten guztiek Espainian egindako salmenten orotarako zifra 40.000 milioi pezetakoa edo 240.404.841,75 eurokoa edo txikiagoa bada.
6.010 euro, parte hartzen duten enpresek Espainian egindako salmenten orotarako zifra 40.000 milioi pezeta edo 240.404.841,75 euro baino handiagoa eta 480.800.000 eurokoa edo txikiagoa bada.
12.020 euro, parte hartzen duten enpresek Espainian egindako salmenten orotarako zifra 480.800.000 euro baino .handiagoa eta 3.000.000.000 eurokoa edo txikiagoa bada.
24.000 eurokoa, parte hartzen duten enpresek Espainian lortzen dituzten salmenten zifra 3.000.000.000 euro baino handiagoa bada, eta beste 6.000 euro salmenta-zifra horretatik gorako 3.000.000.000 euro bakoitzeko, gehienez ere 60.000 eurora arte.
7. Ariela esku-dirutan ordainduko da, diru-bilketaren arloan indarrean dagoen araudiak ezarritako eran.
8. Lehia Babesteko Zerbitzuak kudeatuko du ariela, Lege hau garatzeko emandako erregelamendu-xedapenek ezartzen duten eran; erregelamendu-xedapen horiek arielaren likidazioa subjektu pasiboek eurek egin dezatela ezar dezake.
9. Ariel honen bidez bildutakoaren %50 Lehia Babesteko Auzitegiaren berezko diru-sarrerei atxikiko zaie.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.
Kontseiluaren 1/2003 (EE) Erregelamendua egokitzea, (2002ko abenduaren 16koa, Itunaren 81. eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitako arauen aplikazioaren gainekoa).
Kontseiluaren 1/2003 (EE) Erregelamenduaren 15. artikulua betetze aldera (2002ko abenduaren 16ko Erregelamendua, Europako Erkidegoa eratzeko Itunaren 81. artikuluan eta 82. artikuluan 81. artikulua (lehengo 85. artikulua) lehiari buruz aurreikusitako arauen aplikazioari buruzkoa), auzitegiek eta epaitegiek Lehia Babesteko Zerbitzuari igorriko dizkiote Ituneko artikulu horiek aplikatzeko auzi-prozedura zibiletan emandako epaien kopia, epai horiek alderdiei jakinaraztearekin batera (auzi-prozedura zibil horiek Itunaren 86. artikuluan 86. artikulua (lehengo 90. artikulua) aipatzen dira).
LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA.
1. Baliteke Lege hau indarrean sartu aurretik lehenbiziko artikuluan aipatzen diren erako hitzarmen, erabaki, gomendio eta jardunbideak izatea, eta horietarako 4. artikuluak aipatzen duen baimena lortu nahi izatea; horretarako, interesdunek Lehia Babesteko Zerbitzuari eman beharko diete hitzarmen, erabaki, gomendio eta jardunbide horien berri, Lege honetako 38. artikuluan ezarritakoetarako; sei hilabete izango dute horretarako, Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita.
2. Salbuetsi egingo dira aurreko paragrafo horretan ezarritako betebehar horretatik Lehia Babesteko Auzitegiak uztailaren 20ko 110/1963 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera baimendutako hitzarmen eta erabakiak.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Lehen aipatutako 110/1963 Lege horrek sortutako Erregistroan (Lehia Murrizten duten Jardueren Erregistroa) egindako idazpenak Lege honetako 35. artikuluak aipatzen duen Erregistroko idazpen bihurtuko dira.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Lege hau indarrean sartu aurretik hasita zeuden dosierrak orain arte indarrean egondako xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Lehia Babesteko Auzitegiko kideen lehenbiziko berritzea zozketaz egingo da Lege hau indarrean sartzean..
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Dagokion lege-xedapena onartu artean, Lehia Babesteko Auzitegiaren ebazpenen aurka Audientzia Nazionalaren administrazioarekiko auzietarako Salan jo ahal izango da zuzen-zuzenean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen da 110/1963 Legea, uztailaren 20koa, Lehia murrizten duten Jarduerak Jazartzekoa, bai eta honako arau hauek guztiak, Lege honen kontra doazen neurrian: 538/1965 Dekretua, martxoaren 4koa, Lehia Babesteko Auzitegiaren Erregelamendua onartzen duena; 422/1970 Dekretua, otsailaren 5ekoa, Lehia Babesteko Zerbitzuaren Erregelamendu Organiko, Funtzional eta Prozedurakoa onartzen duena; 3564/1972 Dekretua, abenduaren 23koa, Lehia Babesteko Zerbitzuaren Erregelamenduaren zenbait artikulu aldatu eta bateratzen dituena; 1973ko irailaren 28ko Agindua, Lehia Babesteko Auzitegiaren Erregelamenduaren 9. artikulua garatzen duena; Neurri Ekonomikoei buruzko urriaren 8ko 18/1976 Errege Lege Dekretuaren 4. artikulua; 2574/1982 Errege Dekretua, irailaren 24koa, Lehia Babesteko Auzitegiaren Erregelamenduaren zenbait artikulu aldatzen dituena eta 1936/1985 Errege Dekretua, urriaren 9koa, Lehia Babesteko Auzitegiko kideen Estatutua eguneratzen duena.
AZKEN XEDAPENA
Baimena ematen zaio Gobernuari lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.
Era berean, baimena ematen zaio Gobernuari Lege honetako 14. artikuluan ezarritako kopuru-mugak Errege Dekretu bidez alda ditzan.