Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

15/2007 Legea, uztailaren 3koa, Lehia Defendatzekoa

2007-07-03

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2007/7/4, 159. zk.

15/2007 LEGEA, uztailaren 3koa, Lehia Defendatzekoa.

EAO, uztailaren 4koa

JUAN CARLOS I.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusi eta aditzen duten guztiei.

Jakizue

Gorte Nagusiek honako lege hau onartu dutela, eta nik, hemen, sendetsi egiten dudala.

ATARIKOA

I.-

Konstituzioaren 38. artikuluan enpresa-askatasuna aitortzen da, beti ere merkatuko arauen ekonomia baten baitan; eta aginte publikoek askatasun hori babestuko dutela esaten da, ekonomiak orokorrean dituen eskakizunekin eta, hala behar duenean, planifikazioaren eskakizunekin bat.

Merkatu-ekonomiaren ezaugarri bereizgarrietako bat enpresen arteko benetako lehia egotea da, horri esker enpresen jarduera zorroztu eta produkzio-baliabideak operadore edo teknika eraginkorrenen eskuetan geratzen direlako.

Produkzioaren eraginkortasun horri esker, kontsumitzaileak gutxiago ordaindu beharko du, edo produktu gehiago, askotarikoagoak eta kalitate hobekoak eskuratuko ditu, eta ondorioz, gizarte osoaren ongizateak gora egingo du.

Testuinguru horretan, orokorrean onartzen den kontua da lehia defendatzeak gero eta garrantzi handiagoa daukala, gaur egungo politika ekonomikoaren osagai pisuzkoenetako bat bihurtu baita lehia hori.

Eskaintzaren arloko politiketan, lehia defendatzea jarduera ekonomikoa arautzearekin zerikusia duten beste ekintza batzuen osagarria da, eta lehen mailako tresna bat da faktoreen produktibitatea eta ekonomiaren lehiakortasun orokorra sustatzeko.

Hori dela eta, sistema bat garatu beharra dago, enpresek erabakiak askatasunez hartzeko duten eskubidean beharrezkoa ez denean esku hartu gabe, tresna egokiak izateko, merkatuko prozesuek ondo funtzionatzen dutela bermatzeko.

Helburu hori zuen uztailaren 17ko 16/1989 Legeak, Lehia Defendatzekoak, eta lege hori oinarri hartuta, beste sistema bat gauzatu da, estatuan lehiaren aurkako praktiken kontra borroka egiteko eta kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzeko dauden bi erakunde administratibo espezializatuak oinarri hartuta: Lehia Defendatzeko Zerbitzua eta Lehia Defendatzeko Epaitegia.

Lege hori indarrean sartu zenetik, aldaketak izan dira (horietako batzuk sakonak), eta legea garatzeko hainbat arau ere argitaratu dira.

Horrekin batera, Estatuaren eta Autonomia-erkidegoen Artean Lehia Babesteko Eskumenak Koordinatzeko otsailaren 21eko 1/2002 Legea ere onartu zen.

Bukatzeko, azken urteotan Europako Batasunean ere aldaketa garrantzitsuak izan dira lehia defendatzearen arloan, eta horren ondorioz, Kontseiluak beste erregelamendu bat argitaratu zuen, 2004ko urtarrilaren 20ko 139/2004 (CE) Erregelamendua, Enpresen Arteko Kontzentrazioak Kontrolatzeari buruzkoa; baina batez ere lehia mugatzen duten jardueren aurkako borroka modernizatzea da aipatzekoa. Horri buruz 2002ko abenduaren 16ko 1/2003 (CE) Erregelamendua aipatu behar da, Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitako arauak aplikatzeari buruzkoa baita.

Testuinguru horretan, lege honen helburua lehia defendatzeko espainiar sistema eraldatzea da, dagoeneko badiren tresnak indartzeko eta tresna eta egitura instituzional onenak eskueran jartzeko, merkatuetan lehia benetakoa izan dadin. Hori guztia Europako Batasuneko arau-sistema berria eta autonomia-erkidegoen eskumenak kontuan izanda egin beharko da, eta azken arlo horretan otsailaren 21eko 1/2002 Legean xedatutakoa bete beharko da, lehia defendatzearen arloan Estatuak eta autonomia-erkidegoek dituzten eskumenak koordinatzekoa baita.

Horretarako, azken hamabost urteotan lortutako esperientzia du abiaburu legeak, estatuko eta Europako Batasuneko arauak aplikatu beharra egon baita lehiaren esparruan, eta bost printzipio argi jarraitzen ditu:

operadore ekonomikoen segurtasun juridikoa bermatzea, erabakiak hartzeko independentzia izatea, legea betearazteko ardura duten administrazio-organoek gizartearen aurrean gardentasunez eta erantzukizunez jardutea, lehia murrizten duten jardueren aurkako borrokan eraginkortasunez aritzea, eta sistema osoak koherentzia izaten saiatzea, bereziki, arlo honetan diharduten administrazio-maila guztiak elkarrekiko ondo lotuta egotea.

II

Legea bost titulutan dago egituratuta, eta hurrenez hurren, ondorengoak arautzen dituzte: gai sustantiboak, kontu instituzionalak, Lehiaren Batzorde Nazionala, prozedurazko gaiak eta zehatzeko araubidea.

Lehen tituluan politika honek dituen hiru tresna mota nagusien arlo garrantzitsuak jasotzen dira:

lehia murrizten duten jarduerei ezarriko zaien araubidea, kontzentrazioak kontrolatzeko printzipioak eta laguntza publikoen arloko jarraipen nahiz proposamenen sistema.

Lehen kapituluari dagokionez (lehia murrizten duten jokaerei buruzkoa da), legeak hiru ildotan sartu ditu aldaketak, batez ere.

Hasteko, argitu eta sinpletu egin dira zehapen-motak.

Bigarren lekuan, debekatutako akordioak egoera berezietan baimentzen dituen erregimen batetik lege-salbuespeneko sistema batera igaro da, Batasuneko ereduaz bat.

Hirugarren lekuan, lege-salbuespenaren ondorioak eta “de minimis” jokaeren tratamendua argitu dira.

Arau-hauste motei dagokienez, debekatuta jarraituko du enpresen arteko akordioetara iristeak edo nagusitasun posizioaz gehiegikeriak egiteak, eta baita egintza desleialen bidez lehia askea faltsutzeak ere; azken arau-hauste hori zertan den argiago azaldu da.

Hala ere, menpekotasun ekonomikoaren gehiegikeriari ez zaio erreferentzia zehatzik egiten, kontu hori 3/1991 Legean, Lehia Desleialari buruzkoan, jasota baitago, eta ondorioz, egintza desleialen bidez lehia askea faltsutzearen baitan sar daitekeelako.

Lege-salbuespenaren sisteman sartzeari dagokionez, legeak ez ditu debekatu baldintza jakin batzuk betetzen dituzten akordioak, Batasuneko arauetan aurreikusitako neurrien bidetik jota.

Labur esanda, debekua ez zaie betearaziko lehia murrizten duten egintza jakin batzuei, baldin eta baliabideak banatzerakoan eraginkortasunez jardun eta lortzen diren onurak proportzionalak badira, eta ondorioz, gizarte osoaren ongizateari eragiten badiote.

Sistema aldatzerakoan beste pauso bat ere eman da, lehiaren arloko agintaritzak ez baitu aurrerantzean baimen berezirik emango, eta, beraz, enpresek berek ebaluatu beharko dute hartzen dituzten akordioak legeak dioenaren barruan sartzen diren edo ez.

Segurtasun juridikoa indartzeko asmoz, eta nahiz eta Espainian lehia defendatzeko orduan berezkoa den Batasuneko arauak bete beharra eskatzea ere, legeak berariaz aipatzen ditu Europar Batasuneko erregelamenduak, kategorien araberako salbuespenez ari dela, hain zuzen ere estatuan legezko salbuespen berria aplikatzerakoan.

Era berean, gobernuak era horretako salbuespenak onartzeko aukera ere gorde da, estatu kideen arteko merkataritzari eragiten ez dioten akordioen kasuetarako.

Bestetik, Batasuneko sistemaren ildo beretik doan sistema bat aurreikusi da, jokaera jakin bati debekuak ezin zaizkiola jarri adierazten den kasuetarako.

Bukatzeko, kapitulu honetan aurreikusitako arau-hauste mota guztietara hedatu da lege mailako arau baten aplikazioaren ondoriozkoak diren jokaeren salbuespena, eta baita “de minimis” deituriko jokaeren salbuespena ere; azken horiek ondorengoak izango dira: garrantzi gutxiago izateagatik, lehiari modu nabarmenean eragiteko indarrik ez duten jokaerak (zein ezaugarri dituzten, lege hau garatuko duten erregelamenduetan zehaztuko da).

Bigarren kapitulua kontzentrazio ekonomikoen kontrolaren inguruko gai garrantzitsuei dagokie, eta legeak hiru esparru nagusitan ditu berrikuntzak.

Hasteko, argitu eta hedatu egin du kontzentrazioa kontzeptua, kontrolari begira, eta prozedura “sinpletua” zehaztu du lehiari eragiteko aukera gutxiago dituztela uste den operazioen kasuetarako.

Bigarrenik, malgutu egin du suspentsioa eragin dezakeen derrigorrezko jakinarazpenen erregimena, administrazioaren aldeko ebazpena ematen ez den artean.

Bukatzeko, sendotu egin du Lehiaren Batzorde Nazionalak kontzentrazioak kontrolatzeko orduan duen eginkizuna, mugatu egin du gobernuak horretan duen egitekoa, eta zehaztu egin ditu bi organo horiek erabakiak hartzerakoan jarraitu beharko dituzten balorazio-irizpide garrantzizkoak.

Kontzentrazioa kontzeptuari dagokionez, legeak definizioa ematerakoan, enpresa baten kontrol-egituran “de iure” edo “de facto” aldaketa egonkor bat egon izanari ematen dio lehentasuna, eta definizio horretan, “funtzio guztiekin” parte hartzen duten enpresa denak sartzen dira; eta, beraz, kontzentratiboak eta kooperatiboak diren enpresa guztien tratamendua bateratu egin da.

Merkatu-kuotaren atalase-maila berrikusi eta gorago jartzeaz gainera, negozio-bolumena eguneratzeko mekanismo bat ere aurreikusi da, eta horrekin batera, jakinarazpenen sistema “sinplifikatu” bat ere zehaztu da, merkatuetan benetako lehia mantentzeari oztopoak jartzeko aukera gutxiago duten operazioen kasurako, tasa murritzagoa dutelako.

Prozedura malgutzeari dagokionez, legeak bere horretan utzi du derrigorrez jakinarazteko erregimena, bertan behera uzteko ondorioa duena, baina kontzentrazioa betearaztea bertan behera uzteko betebeharra indarrik gabe uzteko aukera aurreikusten du, eta hori prozeduraren edozein unetan gainera.

Horrekin batera, akzioak erosteko eskaintza publikoen tratamendua Batasuneko tratamenduaren ildo berean jarri da, eta, beraz, suspentsioaren betebeharrak tituluei dagozkien boto-eskubideak gauzatzeari eragingo die, eta ez eskaintza egiteko aukerari, baldin eta legean jakinarazpena egiteko jarritako epeak bete badira.

Balorazio sustantiboa egiteko irizpideei dagokienez, legeak argi eta garbi bereizten ditu Lehiaren Batzorde Nazionalak erabakiak hartzeko jarraitu beharko dituen irizpideak (horiek merkatuetan benetako lehia mantentzearen alde egin beharko dute) eta Gobernuak jarraitzekoak izango direnak (kasu horretan gizartearen interes orokorra defendatzearekin izango dute zer ikusia).

Hori hala izanik, batetik, argitu egin dira Lehiaren Batzorde Nazionak zein gai baloratuko dituen, eta sistematizatu egin dira, beste batzuen artean, gaur egunera arte Lehiaren Defentsarako Zerbitzuak eta Epaitegiak beren txostenetan kontuan hartu izan dituztenak; eta horrekin batera, zehaztu egin dira enpresen eraginkortasuna nola aztertuko den, eta mantendu egin da lankidetza eskaintzearen eta lehiari mugak jartzearen balorazioa (kontzentrazioen osagarri izango dena).

Bestetik, Ministroen Kontseiluak Lehiaren Batzorde Nazionalarena ez bezalako erabaki bat hartu behar badu, hori zein irizpide garrantzitsuren arabera egingo den ere zehaztu da, eta zerrenda batean jaso dira irizpide zehatzok, nahiz eta zerrenda ez den oso-osoa.

Hirugarren kapitulua laguntza publikoei buruzkoa da.

Arlo honetan, Lehiaren Batzorde Nazionalak dituen eskumenak osatu dira, eta, beraz, laguntzak emateko irizpideak lehiaren ikuspegitik aztertzeko aukera izango du, eta horren ondorioz, txostenak idatzi eta gomendioak eman ahal izango dizkie aginte publikoei.

Horretarako, Lehiaren Batzorde Nazionalari zenbait informazio eman beharra egongo da, eta autonomia-erkidegoetako organo eskumendunek ere parte hartzeko aukera izango dute, berariaz jasotzen baita aukera hori, zenbait txosten igortzearen bidez, hau da, beren eskumeneko autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako administrazioek emandako laguntzei buruzko txostenen bidez.

Hori guztia hala izanik ere, jakina, Europar Batzordeak ere bere kontrol-sistema izango du, Batasuneko araubidean aurreikusita dagoenez.

Bigarren titulua eskema instituzionalari buruzkoa da.

Lehenengo kapituluan, lege hau ezartzeko eskumena izango duten administrazio-organoak zein diren zehazten da, eta hor berrikuntza nagusi bat dago, estaturako erakunde bakar bat sortu baita, Gobernuarengandik independentea izango dena, hau da, Lehiaren Batzorde Nazionala, eta bere baitan hartuko ditu gaur egun dauden bi erakundeak, Lehiaren Defentsarako Zerbitzua eta Epaitegia, desagertu egingo baitira.

Lehiaren Batzorde Nazionalak piramide itxurako egitura du, eta bere baitan bi organo bereizi izango ditu, hau da, Ikerketen Zuzendaritza eta Kontseilua, eta bakoitzak bestearekiko independentziaz eramango ditu aurrera eginkizunak, lehenak instrukzioaren arloan eta bigarrenak ebazpenenean, lehendakariak gainbegiratu eta koordinaturik, eta zerbitzu komun batzuen lankidetza izango du.

Bigarren kapituluan, legea betearazteko orduan parte hartzen duten administrazioko organo guztiak koordinatzeko bideak aurreikusten dira, eta baita sektoreetako erregulatzaileekin koordinatzeko bideak ere, hain zuzen ere lehiaren arloko politikak koherentziadunak izatea lortzeko, baliabide publikoak eraginkortasunez banatzeko, eta operadore ekonomikoek segurtasun juridikoarekin jarduteko modua izateko.

Bukaeran, jarraibide batzuk zehaztu dira organo guztien arteko harremanak nola bideratu jakiteko, baina, jakina, beste bide informal osagarri batzuk ere adosteko modua egongo da, bakoitzak bere esparruaren baitan dituen eskumenak era egokian koordinatzea lortzeko.

Esandakoaren osagarri, jurisdikzio-organoekin elkarlanean aritzeko bideak zehaztu dira, lehia-arauak betearazteko prozesuei begira.

Hirugarren titulua Lehiaren Batzorde Nazionalari buruzkoa da; organo horren eginkizuna lege hau betearaztea eta estatu osoan produkzio-sektore guztietako benetako lehia sustatu eta babestea izango da.

Gai honi dagokionez, legeak bi kapitulu ditu:

lehenengoak Lehiaren Batzorde Nazionalaren inguruko kontu orokorrak arautzen ditu, eta bigarrenak batzordearen zuzendaritza-organoak.

Kontu orokorrei dagokienez, lehenengo kapituluan aipatzen baitira, legeak Lehiaren Batzorde Nazionalaren izaera juridikoa eta jarduteko erregimena zehazten ditu lehenik, eta nola osatzen den eta zein baliabide ekonomiko dituen azaltzen du.

Bigarren lekuan, Lehiaren Batzorde Nazionalaren eginkizunak jasotzen dira, bai instrukzioa egin, ebazpena eman edo arbitrajearen arloan dituenak, bai merkatuetako lehia defendatzearen inguruan aholkua eman, sustatu eta armonizatzearen inguruan dituenak ere.

Bukatzeko, sekzio batean, Lehiaren batzorde Nazionalak gardentasunarekin eta gizarte-erantzukizunarekin duen lotura aipatzen da, eta batzorde horren jarduera guztiak publikoak izatea eta bere jardunak gizartearekiko duen erantzukizun berezia azpimarratzen dira.

Bigarren kapituluari dagokionez, hau da, Lehiaren Batzorde Nazionalaren zuzendaritza-organoei dagokienez, diseinua bi printzipio nagusiren araberakoa da:

erakunde honek Gobernuarekiko izango duen irizpide-independentzia, eta instrukzio-aldia eta ebazpena bereiztea.

Printzipio horiek kontuan izan behar dute instrukzioa egin eta ebazpena emateko ardura duten organoen jarduerak behar bezala koordinatu beharra dagoela, eta lehiaren arloko politika eraginkorra izan dadila bermatu beharra dagoela, politika ekonomikoaren tresnetako bat den neurrian.

Hori dela eta, Lehiaren Batzorde Nazionalaren zuzendaritza-organoak izendatu eta kargutik kentzeko erregimena zehazten du legeak, eta horren helburua erabakiak hartzerakoan independentea izatea eta, aldi berean, erabakiongatik gizartearekiko dagoen erantzukizuna bermatzea dira.

Bestetik, legeak ezartzen du independenteak izango direla Lehiaren Batzorde Nazionalaren baitako Ikerketen Zuzendaritza eta Kontseilua, instrukzioa egin, proposamenak egin eta ebazpenak emateko orduan.

Dena den, zerbitzu eta organo guztien jarduerak bateratuak eta koordinatuak izango direla bermatzen du, Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariaren zuzendaritzapean jardungo baitute; lehendakariak hainbat eginkizun izango ditu, langile guztien burua izango baita, ikuskaritzako urte anitzeko planen ardura izango baitu eta Lehia Babesteko Kontseiluaren lehendakaria ere izango delako.

Kontseiluak ebazpenak emateko duen eginkizunak Ikerketen Zuzendaritzak egindako proposamenak izango ditu oinarrian, hain zuzen ere zehapen-espedienteetan edo kontzentrazioak kontrolatzeko espedienteetan esaten dena oinarri harturik.

Lehia murrizten duten jokaeren kasuan, Kontseiluak eskumen hauek izango ditu: jarduerak artxibatzea edo largestea erabakitzea, eta, beraz, amaiera konbentzionala izatea erabakitzea, edo debekatzea erabakitzea, kasuan kasuko zehapena jarrita, eta kautelazko neurriak har daitezela agintzea.

Bestalde, Ikerketen Zuzendaritzak aurrera eraman beharreko instrukzio-lanaren baitan, ondorengoak sartzen dira: espedienteekin hasi eta izapidetzea, Lehiaren Batzorde Nazionalaren baitako Kontseiluan proposamenak aurkeztea, txostenak idaztea eta beste organo batzuekin espedienteak esleitzea.

Laugarren tituluak dauden prozedurak arautzen ditu, dela debekatutako jokaerengatik, dela kontzentrazioak kontrolatzeagatik.

Esparru honetan, erreformak oreka aurkitu nahi du segurtasun juridikoaren printzipioaren eta administrazioaren eraginkortasunaren printzipioaren artean.

Hori horrela izanik, prozedurak nabarmen sinpletu dira, eta garbi bereiztu dira instrukzioa eta ebazpena, eta horri esker jarduerak bikoizteko arriskua saihestu da, eta baita prozedura amaitzen duten egintzen kontrako administrazio-errekurtsoak jartzeko arriskua ere.

Lehen kapituluan, jokaera murriztaileekin, kautelazko neurriekin eta kontzentrazioen kontrolarekin erabiliko diren prozeduretan komunak diren xedapenak jasotzen dira.

Zehazki esanda, zenbait arau xeheki agertzen dira, hala nola lege honetan aurreikusitako prozedura bereziei dagozkien ebazpenak emateko gehienezko epeak zeintzuk diren, edo Lehiaren Batzorde Nazionalak zer nolako eskumenak dituen informazioa eskuratzeko, ikuskapenak egiteko nahiz legearen ondoriozko betebeharrak betetzen diren edo ez zaintzeko; kasuan-kasuan jar daitezkeen errekurtsoak ere zehazten dira.

Bigarren kapituluan, jokaera murriztaileengatik egongo den zehatzeko prozedura arautzen da; instrukzio-aldi bat egongo da, Ikerketen Zuzendaritzak aurrera eramango duena, eta instrukzio horren bidez, gertatutakoa argitzeko eman beharreko pauso guztiak emango dira, eta salatutakoek kontra egiteko aukera izatea eta beren buruak defendatzeko duten eskubidea bermatuko dira.

Kasuan kasuko txosten edo proposamena aurkeztutakoan, Kontseiluak ebatzi egingo du, instrukzioa osatzeko egoki iritzitako jarduera osagarriak egin ostean, indarrean dagoen araudiak zehazten dituen kontsultak egin ondoren eta, beharrezkoa irudituz gero, bista izan eta gero.

Europar Batasuneko araudiarekin bat, legeak aukera eskaintzen du ebazpen horretan egiturazko baldintzak jartzeko.

Arlo horretan, aipatu beharrekoa da itundutako amaieraren erregimena malgutu egin dela, eta ondorengoetan zentratzen dela: ustezko arau-hausleak proposatu beharreko konpromisoetan, Ikerketen Zuzendaritzarekiko negoziazioan, eta Kontseiluari aurkeztu beharreko ebazpen-proposamenean; ebazpen-proposamena beti proposamen-txostena baino lehen aurkeztu beharko da, eta espedientean interesatuak diren gainontzekoen adostasunik gabe ere onartzeko aukera egongo da.

Kautelazko neurriei dagokienez, legeak malgutu eta azkartu egin du horiei buruzko akordioa hartzeko sistema, eta prozeduraren edozein unetan hartzeko modua egongo da, eta ez dute gehienezko iraupen-eperik izango.

Hirugarren kapitulua kontzentrazioak kontrolatzeko prozedurari buruzkoa da.

Arlo honetan, legeak prozeduraren bi aldiak mantentzen jarraitzen du, eta baita sistemak Espainian duen ezaugarrietako bat, alegia, epeak laburrak izatea, baina prozeduraren instrukzioa egin eta ebazpena emateko eskumena Lehiaren Batzorde Nazionalaren eskuetan utzi du.

Lehen faseak gehienez ere hilabete iraungo du, eta lehiaren inguruko arazorik sortzen ez duten operazioak aztertu eta onartuko dira.

Bigarren fasean, operazioa zehatzago aztertuko da, hirugarren interesatuek ere parte hartzen dutela, Lehiaren Batzorde Nazionaleko Kontseiluak azken ebazpena har dezan.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren aurreko prozeduran, baldintzak jartzeaz gainera, beste neurri batzuk hartzea ere aurreikusten da, hala nola notifikatzaileek konpromisoak aurkeztu beharra izatea kontzentrazioaren ondorioz lehian sor litezkeen arazoak konpontzeko, edo gaiaren inguruan hirugarrenei kontsultak egiteko aukera izatea.

Kontseiluak hartutako ebazpenak debekatu egiten badu edo konpromiso nahiz baldintza batzuk bete beharra eskatzen badu, Ekonomia eta Ogasun ministroak hamabost eguneko epea izango du kontzentrazioa Ministroen Kontseiluan aurkeztu eta kontseilu horrek esku hartzeko.

Ministroen Kontseiluaren azken erabakia behar bezala arrazoitutakoa izango da, eta kontzentrazioa baimentzeko aukera izango du, baldintzak jarrita edo jarri gabe. Erabaki hori hartzeko gehienez ere hilabeteko epea egongo da espedientea jaso zutenetik, eta Lehiaren Batzorde Nazionalari txostena eskatzeko aukera izango dute.

Azkenik, bosgarren tituluan, zehapen-erregimena jasotzen da.

Esparru honetan legeak aurrerapauso handia eman du segurtasun juridikoari dagokionez, legean bertan aurreikusten diren arau-hausteak mailakatu egin dituelako, eta bakoitzari dagokion gehienezko zehapena ere zehaztu duelako. Zehapen horiek arau-hausleek guztira duten salmenta-bolumenaren ehuneko jakin baten araberakoak izango dira.

Horrekin batera, kasu bakoitzean isuna jartzeko irizpideak zeintzuk izango diren ere zehaztu da, gaur egun Europan diren joeren ildo beretik.

Gainera, legea betearaztearen ondorioz jarriko diren zehapen guztien berri emango zaio gizarteari, eta horrek hartuko diren ebazpenek arau-hausleei atzera eragiteko duten indarra areagotuko du.

Barkaberatasun-prozedura bat ere gehitu da, Europar Batasunean indarrean dagoenaren antzekoa, eta horren arabera, enpresa batzuek ez dute isuna ordaindu beharrik izango, baldin eta kartel bateko kide izanik ere, kartel hori badela salatzen badute eta ikertzeko froga garrantzitsuak eskaintzen baldin badituzte, beti ere araua hausten duen jarduera bertan behera utziz gero eta berak izan ez badira debekatutako akordioan gainerako kideei sartzeko proposamena egin dietenak.

Era berean, isunaren zenbatekoa murriztu egingo zaio zenbait enpresari, lankidetza eskaini baina isun osotik salbuesteko aukera ez baldin badago.

Legeak, bukatzeko, hamaika xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, indargabetzeko xedapen bat eta hiru azken xedapen ditu.

Zehazki esanda, xedapen gehigarrien bidez aldaketak sartu dira arau jurisdikzional eta prozesal batzuetan, hain zuzen ere merkataritzaren arloko organoek lehiari buruzko arauen aplikazio pribatua behar bezala bideratzeko, hori baita lege honen ekarpen garrantzitsuenetako bat.

Hori horrela izanik, lehen xedapen gehigarrian, Aginte Judizialaren Lege Organikoa betez, ezartzen da merkataritza arloko epaileek izango dutela eskumena lehiaren arloan, hain zuzen ere Lehiaren Defentsarako Legearen 1. eta 2. artikuluetan esaten dena betez, eta hori guztia Europar Batasuneko araudian Europar Batasunaren Hitzarmenaren 81. eta 82. artikuluez aurreikusten denaz bat.

Bestalde, bigarren xedapen gehigarriak Prozedura Zibilaren Legea aldatu du, berariaz aurreikusita egon dadin lehiaren arloko estatuko eta Europar Batasuneko organoek “amicus curiae” gisa parte hartu ahal izatea, lehiaren arloko araudia ezartzeko prozeduretan. Horrekin batera, informazioa helarazteko hainbat bide zehaztu dira, administrazio-organoek organo judizialekin lankidetza egokian aritzeko bidea izan dezaten.

Bukatzeko, zenbait egoeratan prozedura judizialak eteteko aukera aurreikusi da, hain justu ere eskumena duen epaileak ikusten baldin badu beharrezkoa dela administrazioaren iritziaren berri izatea behin betiko epaia emateko, estatuko eta Europar Batasuneko lehiaren arloko arauak kontuan izanda.

Azkenik, zazpigarren xedapen gehigarriak uztailaren 13ko 29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena, aldatu du, estatuko eta autonomia-erkidegoetako organoek hartutako erabakien kontrako errekurtsoen erregimena zein den argitzeko, eta lege hau betez ikuskapen bat egin nahi eta horren aurkako jarrera badago, baimen judiziala lortzeko prozedura zein den argitzeko.

I. TITULUA

Lehia defendatzea

1. KAPITULUA

Debekatutako jokaerak

1. artikulua. Kolusiozko jarrerak.

Debekatuta dago taldeko akordio, erabaki edo gomendio oro, edo hitzartutako praktika edo nahita paraleloa den jarduera oro, horien helburua ondorengoa bada edo izan badaiteke: merkatu nazional osoan edo zati batean lehia eragotzi, murriztu edo faltsutzea; bereziki ondorengo akordio edo erabaki-motak egongo dira debekatuta:

a) Salneurriak edo beste merkataritza- edo zerbitzu-baldintza batzuk zuzenean edo zeharka finkatzea.

b) Produkzioa, banaketa, garapen teknikoa edo inbertsioak mugatu edo kontrolatzea.

c) Merkatua edo hornigaien iturriak banatzea.

d) Merkataritza- edo zerbitzu-harremanetan, baldintza ezberdinak ezartzea baliokideak diren prestazioentzat, eta horrek lehiatzaile batzuei desabantailak eragitea beste batzuen aurrean.

e) Kontratuak hitzartu ahal izateko beste prestazio osagarri batzuk eskaintzeko baldintza jartzea, baldin eta prestazio horien ezaugarriengatik edo merkataritzako ohiturengatik hori eskatzeak ez badu zer ikusirik kontratuen helburuarekin.

Erabat deusezak izango dira 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera debekatuta dauden akordio, erabaki eta gomendioak izanik, lege honetako salbuespenen artean ageri ez direnak.

1. paragrafoko debekua ez dute bete beharko akordio, erabaki, gomendio eta praktika batzuek, baldin eta horien bidez ondasun eta zerbitzuen produkzio, merkaturatze eta banaketa hobetzen laguntzen bada, edo aurrerabide tekniko edo ekonomikoari laguntzen badiote; horretarako ez da aldez aurretiko erabakirik behar izango, ondorengo kasuetan:

a) Kontsumitzaile edo erabiltzaileei lortzen diren onuretan bidezko modu batean parte hartzen uztea.

b) Interesa duten enpresei helburuak lortzeko ezinbestekoak ez diren mugak ez jartzea, eta

c) Aurreikusten diren produktu edo zerbitzuen zati handi baten inguruan lehia desagerrarazten ez uztea, parte hartzen duten enpresei.

1. paragrafoko debekua ez dute bete beharko akordio, erabaki edo gomendio orokor jakin batzuek, edo hitzartutako praktika nahiz nahita paraleloak diren praktika batzuek, baldin eta Europar Batasuneko erregelamenduetan zehaztutako xedapen jakin batzuk betetzen badituzte, hain zuzen ere Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81. artikuluko 3. paragrafoa akordio, enpresa-elkarteen inguruko erabaki edo hitzartutako praktika jakin batzuei ezartzeari buruzkoak. Eta hori guztia baita jokaera horiek Europar Batasuneko estatu kideen arteko merkataritzari eragiten ez diotenean ere.

Era berean, Gobernuak, errege-dekretu bidez, artikulu honetako 3. paragrafoa jokaera jakin batzuei ezartzea erabakitzeko aukera izango du, aldez aurretik Lehia Defendatzeko Kontseiluaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren txostena jaso ostean.

2. artikulua.- Nagusitasunezko posizioaren abusua.

Debekaturik geratu da enpresa batek edo batzuek duten nagusitasunezko posizioa gehiegikeriaz ustiatzea merkatu nazional osoan edo horren zati batean.

Gehiegikeria, zehazki, ondorengoak izango dira:

a) Zuzenean edo zeharka, bidezkoak ez diren salneurriak edo beste merkataritza- edo zerbitzu-baldintza batzuk inposatzea.

b) Produkzioa, banaketa edo garapen teknikoa mugatzea, enpresei edo kontsumitzaileei zuritzerik ez dagoen kaltea eraginda.

c) Produktuak erosteko edo zerbitzuak eskaintzeko eskariari ezetz esatea, horretarako arrazoirik eman gabe.

d) Merkataritza- edo zerbitzu-harremanetan, baldintza ezberdinak ezartzea baliokideak diren prestazioentzat, eta horrek lehiatzaile batzuei desabantailak eragitea beste batzuen aurrean.

e) Kontratuak hitzartu ahal izateko beste prestazio osagarri batzuk eskaintzeko baldintza jartzea, baldin eta prestazio horien ezaugarriengatik edo merkataritzako ohiturengatik hori eskatzeak ez badu zer ikusirik kontratuen helburuarekin.

Artikulu honetan aurreikusten den debekua ezartzeko, enpresa batek edo batzuek merkatuan nagusitasun-posizioa dutela legezko xedapen baten bidez erabakita egon beharko da.

3. artikulua. Lehia askea egintza desleialen bidez faltsutzea.

Lehiaren Batzorde Nazionala edo autonomia-erkidegoetan eskumena duten organoak izango dira, debekatutako jokaeratzat lege honetan ezarritako mugen barruan, lehia desleialeko egintzak aztertuko dituztenak, hain zuzen ere lehia askea faltsutzeagatik interes publikoari kalte egiten diotenak.

4. artikulua. Legeak salbuetsitako jokaerak.

Lehiaren defentsaren arloko xedapen komunitarioen behin-behineko aplikazioaren kalterik gabe, kapitulu honetako debekuak ez zaizkio aplikatuko lege baten aplikazioaren ondorio diren jokaerei.

Kapitulu honetan aipatzen diren debekuak lehia murrizten duten egoera jakin batzuei ezarriko zaizkie, hau da, administrazioaren beste ahalmen batzuk gauzatzearen ondoriozkoak direnei, edo aginte publikoen edo enpresa publikoen jardueraren ondoriozkoak direnei, eta lege-babesik gabe burutzen badira.

5. artikulua. Garrantzi gutxiagoko jokaerak.

Lege honetako 1. artikulutik 3.era artekoan aipatzen diren debekuak ez zaizkie ezarriko garrantzi gutxi izateagatik lehiari modu nabarmenean eragiteko gauza ez diren jokaerei.

Erregelamendu bidez zehaztuko da zein diren garrantzi gutxiagoko jokaerak zehazteko irizpideak, eta beste batzuen artean, merkatu-kuota zein den hartuko da kontuan.

6. artikulua. Aplikaezintasuna adieraztea.

Interes publikoak hala eskatzen duenean, Lehiaren Batzorde Nazionalak, ofizioz hartutako erabakiaren bidez, eta aldez aurretik Lehia Defendatzeko Kontseiluaren txostena izanda, 1. artikulua akordio, erabaki edo praktika jakin bati ez zaiola aplikatuko erabakitzeko aukera izango du, bai 1. paragrafoan eskatzen diren baldintzak betetzen ez direlako, bai artikulu bereko 3. paragrafoan aipatzen diren baldintzak betetzen direlako.

Aplikaezintasunaren adierazpena lege honen 2. artikuluan esaten direnekiko ere egin ahal izango da.

II. KAPITULUA

Kontzentrazio ekonomikoak

7. artikulua. Kontzentrazio ekonomikoaren definizioa.

Lege honetan aipatzen direnei dagokienez, kontzentrazio ekonomiko bat izan dela ulertuko da enpresa baten edo hainbat enpresaren kontrol osoa edo kontrolaren zati bat aldatu egiten denean modu egonkorrean, ondoren zehazten den arrazoiren batengatik:

a) Lehen independenteak ziren bi enpresa edo gehiagok bat egin dutelako, edo

b) Enpresa batek beste enpresa baten edo batzuen osotasunaren edo zati baten kontrola eskuratu duelako.

c) Partaidetza bidezko enpresa bat sortzen denean, eta orokorrean hitz eginda, enpresa batekiko edo batzuekiko kontrola eskuratzen denean, baldin eta horiek etengabe erakunde ekonomiko autonomo baten eginkizunak betetzen badituzte.

Aurreko puntuari dagokionez, kontrola eskuratu dela ulertuko da, kontratu, eskubide edo beste edozein bide erabilita, izatezko eta eskubidezko egoera kontuan izanda, enpresa batean eragin erabakigarria izateko aukera lortu bada, bereziki ondorengoen bidez:

a) Enpresa baten aktibo guztien edo aktiboen zati baten jabetza-eskubidea edo erabiltzeko eskubidea lortzea.

b) Enpresako organoen eraketa, eztabaida edo erabakietan modu erabakigarrian eragiteko aukera eskaintzen duten kontratu, eskubide edo beste edozein bide lortzea.

Kasu guztietan, kontrola eskuratu dela ulertuko da Balore-Merkatuei buruzkoa den uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako egoeretakoren bat gertatzen denean.

3. Ez dira kontzentraziotzat joko:

a) Talde baten baitakoak diren enpresen artean balore edo aktiboak birbanatzea.

b) Enpresa batean erositako partizipazioak aldi baterako edukitzea, baina kreditu-erakunde baten bidez edo beste finantza-erakunde baten bidez nahiz aseguru-etxe baten bidez berriro saltzeko (aseguru- etxe horren jarduera arrunten artean norbere kontura edo hirugarrenen kontura tituluen transakzioa egitea eta negoziatzea sartzen denean), baina baldintza hauetan: partizipazio horiei dagokien boto-eskubidea dena delako enpresaren lehia-arloko jokaera zehazteko asmoarekin erabiltzen ez bada, edo enpresa osoa edo enpresaren zati bat edo aktibo guztiak edo zati bat saldu ahal izatea prestatzeko baino ez badira erabiltzen partizipazio horiek, eta salmenta hori partizipazioak erosi zirenetik urtebeteko epean gertatzen bada.

Salbuespenetan, Lehiaren Batzorde Nazionalak epe hori luzatzeko aukera izango du, aldez aurretik hala egiteko eskatzen baldin bazaio, baldin eta erakunde edo sozietate horiek zuritzen baldin badute arrazoizko modu batean ezin izan dutela zehaztutako epearen barruan egin diru-bihurtzea.

c) Parte hartze finantzarioko sozietateek 1978ko uztailaren 25eko 78/660/CEE laugarren zuzentarauaren 5. artikuluko 3. paragrafoan zehaztutako bidetik egindako eragiketak, hau da, aldi batez beste enpresa batzuen partizipazioak erosten badituzte, baina partizipazioei dagokien boto-eskubidea inbertsio horien balio osoa mantentzeko erabiltzen bada, eta ez enpresa horien lehia-jokaera baldintzatzeko.

d) Pertsona batek kontrola eskuratzea, baina aginte publiko batek emandako agintearen bidez, lehiaren arloko araudiaz bat.

8. artikulua. Aplikazio-eremua.

Lege honetan aipatzen den kontrol-prozedura ondoren zehazten diren bi egoeretakoren bat gertatzen denean aplikatuko zaie kontzentrazioei:

a) Kontzentrazioaren ondorioz dena delako produktu edo zerbitzuak estatuan edo estatuaren barruko merkatu geografiko zehatz baten barruan duen merkatu adierazkorraren % 30eko edo goragoko kuota eskuratzea.

b) Parte hartzen dutenen negozio-bolumen orokorra azken ekitaldi kontablean 240 milioi eurotik gorakoa izatea Espainian, baina baldin eta taldean parte hartzen dutenetako bik behintzat bakoitzak bere aldetik 60 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena baldin badute Espainian.

Lege honetan aurreikusten diren obligazioek ez diete eragingo dimentsio komunitarioa duten kontzentrazioei, kontzentrazio horiek Kontseiluaren urtarrilaren 20ko 139/2004 Erregelamenduan (CE) jasotako definizioaren arabera kontuan izanda (enpresen arteko kontzentrazioak kontrolatzeari buruzko erregelamendua da), non eta Europar Batzordeak dena delako kontzentrazioari buruzko erabakia Espainiara igortzea erabaki ez duen, gorago aipatutako erregelamendu horretan esaten denaz bat.

9. artikulua. Jakinarazteko betebeharra eta gauzatzea bertan behera uztea.

Aurreko artikuluaren ezarpen-eremuaren barruan sartzen diren kontzentrazio ekonomikoak Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinarazi beharko zaizkio, gauzatu baino lehen.

Kontzentrazio ekonomikoa ezin izango da gauzatu administrazioak berariaz edo isilbidez horretarako baimena eman eta baimen hori betearaztekoa ez den artean, hain zuzen ere 38. artikuluan zehazten den moduan, salbu eta suspentsioa bertan behera uzten den kasuetan.

Aurreko paragrafoetan esandakoak ez du galaraziko akzioak erosteko eskaintza publikoa egiteko modua izatea, akzio horiek Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak baimendutako balore-burtsa batean onartu badituzte negoziatzeko, eroste hori kontrolpean dagoen kontzentrazio ekonomikoa baldin bada, lege honetan aurreikusitakoaren bat; baina baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontzentrazioaren berri Lehiaren Batzorde Nazionalari eman beharko zaio, Merkatuko Baloreen Batzorde Nazionalari eskaintzarentzako baimena eskatzen zaionetik bost egun igaro baino lehen, lehenago jakinarazi ez bada; eta

b) Erosleak ez du aipagai diren balore horien ondoriozko boto-eskubidea gauzatuko, eta eskubide hori erabiltzekotan, egin duen inbertsioaren balore osoa babesteko baino ez du erabiliko,Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako dispentsa bati esker.

Jakinarazteko betebeharra izango dute:

a) Bat egite batean, partizipazio bidezko enpresa baten sorreran edo enpresa baten nahiz batzuen osotasunaren edo zati baten kontrola erosten parte hartzen duten aldeek, denek.

b) Banan-banan, enpresa baten edo batzuen osotasuna edo zati bat bere kabuz kontrolatzeko eskubidea erosten duen aldeak.

Lege honetan aurreikusitakoaren arabera kontrolatu beharrekoa den kontzentrazio baten berri ez baldin bazaio Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinarazten, Batzordeak, bere kabuz, jakinarazi beharra duten aldeei hala egiteko eskatuko die, eta horretarako gehienez ere hogei eguneko epea emango die, hori egiteko errekerimendua jasotzen dutenetik zenbatzen hasita.

Ez dute 38. artikuluan aipatzen den isiltasun positiboaren onuraz baliatzeko aukerarik izango, kontzentrazioaren berri Lehiaren Batzorde Nazionalak horretarako errekerimendua egin eta gero jakinarazi duten kontzentrazioek.

Jakinarazteko epea igaro eta jakinarazpenik egin ez bada, Ikerketen Zuzendaritzak, bere kabuz, kontzentrazioak kontrolatzeko espedientea abiarazteko aukera izango du, eta 61. artikulutik 70.era artekoetan aurreikusten diren zehapen eta hertsatzeko isunak jartzeko modua egongo da.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak artikulu honen 2. paragrafoan aipatzen den suspentsioa, kontzentrazioa gauzatzeko suspentsioa, indarrik gabe uzteko aukera izango du, Ikerketen Zuzendaritzak hala proposatzen badu, arrazoituriko eskaria egin ostean.

Ebazpena erabakitzeko, beste batzuen artean, neurtu egin beharko da kontzentrazioan parte hartzen duten enpresei zer nolako kaltea eragingo dien kontzentrazioa gauzatzea bertan behera uzteak, eta zer nolako kaltea eragingo liokeen kontzentrazioa gauzatzeak lehia askeari.

Kontzentrazioa gauzatzea bertan behera utzi duen erabakia indarrik gabe uzteko, baldintza eta betebehar batzuk eskatzea egongo da, azkenean hartuko den erabakia eraginkorra izango dela bermatzeko.

10. artikulua.- Baloratzeko irizpide garrantzitsuak.

Lehiaren Batzorde Nazionalak kontzentrazio ekonomikoak baloratzeko orduan, kontuan izango du merkatu nazional osoan edo merkatuaren zati batean benetako lehia izateari zer nolako oztopoak jartzen zaizkion.

Zehazki esanda, Lehiaren Batzorde Nazionalak erabakia hartzerakoan, beste batzuen artean ondorengoak izango ditu kontuan:

a) merkatu esanguratsu guztiek zer nolako egitura duten,

b) egoerak eragiten dien enpresek zein leku duten merkatuetan, zer nolako indar ekonomiko eta finantzieroa duten,

c) Estatuaren barruan edo kanpoan dauden beste enpresa batzuek benetan nolako lehia egiten dieten edo egin diezaieketen,

d) hornitzaileek eta bezeroek hautatzeko zer nolako aukerak dituzten, eta hornigaietara edo merkatuetara iristeko duten modua,

e) merkatu horietara iristeko oztoporik dagoen edo ez,

f) dena delako produktu edo zerbitzuen eskaintza eta eskariak zer nolako bilakaera izan duen,

g) eskaintzak edo eskaerak negoziatzeko zenbaterainoko aukerak dituzten, eta gaiak eragiten dien enpresek merkatuan duten posizioa konpentsatzeko zer nolako modua duten,

h) kontzentratzeko eragiketatik zer nolako eraginkortasun ekonomikoak lortu diren, eta bereziki, kontzentrazioa dela eta zer nolako ekarpenak egin dakizkiekeen produkzio- eta merkaturatze-sistemei eta enpresen arteko lehiari, eta eraginkortasun horiek zein neurritan iristen diren tarteko eta amaierako kontsumitzaileengana; azken hori, zehazki, eskaintza zabalago edo hobearen bidez, prezio merkeagoekin.

Kontzentrazioen kontrolpean dagoen partizipazioaren bidezko enpresa bat sortu eta horren helburua independente izaten jarraituko duten enpresen lehiazko jarrera kontrolatzea baldin bada, koordinazio hori baloratzeko orduan, lege honetako 1. eta 2. artikuluetan ezarritakoa hartu beharko da kontuan.

Hala behar duten kasuetan, kontzentrazio ekonomiko baten balorazioa egiteko orduan, lehiarekiko muga osagarri batzuk egongo direla ulertu beharko da, operazioarekin zuzen-zuzenean loturik dauden mugak eta eragiketa aurrera eramateko beharrezkoak direnak.

Ministroen Kontseiluak, lege honen 60. artikuluan aurreikusitakoei dagokienez, kontzentrazio ekonomikoen balorazioa egiteko orduan, interes orokorreko beste interes batzuk ere izan ahal izango ditu kontuan, hau da, lehia defendatzearekin zerikusirik ez duten beste interes batzuk.

Zehazki esanda, ondorengoak sartuko dira interes horien barruan:

a) estatuaren defentsa eta segurtasuna,

b) herritarren segurtasuna edo osasuna babestea,

c) estatuaren lurraldearen barruan ondasunek eta zerbitzuek libreki zirkulatzeko aukera izatea,

d) ingurumena babestea,

e) ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzea,

f) erregulazio sektorialaren helburuak behar bezala mantenduko direla bermatzea.

III. KAPITULUA

Laguntza publikoak

11. artikulua.- Laguntza publikoak.

Lehiaren Batzorde Nazionalak, bere kabuz edo administrazio publikoek eskatuta, laguntza publikoak emateko erabiltzen diren irizpideak aztertzeko aukera izango du, merkatuan benetako lehia mantentzeari begira zer nolako ondorioak dituzten jakiteko, eta helburu hau izango du kontu horiek aztertzean:

a) Txostenak idaztea laguntzen erregimenen inguruan eta banan-banako laguntzen inguruan.

b) Administrazio publikoei proposamenak bidaltzea, lehia mantentzeari begira.

Horiek hala izanik ere, Lehiaren Batzorde Nazionalak urtero txostena egin beharko du Espainian emandako dirulaguntza publikoei buruz, publikoa izango da, eta lege honen 27.3.b) artikuluan aurreikusitako ezaugarriak eduki beharko ditu.

Artikulu honen 1. eta 2. paragrafoan aurreikusten diren txostenak eta proposamenak egiteko, Europar Batzordeari jakinarazteko erantzukizuna duen organoak ondorengoak jakinarazi beharko dizkio Lehiaren Batzorde Nazionalari:

a) Europako Erkidegoaren Tratatuaren 87 eta 88. artikuluen ezarpen-eremuaren baitan sartzen diren laguntza publikoen proiektuen berri, Europar Batzordeari jakinarazi behar zaion unean.

b) Salbuespenei buruzko Batasuneko erregelamenduen babespean emandako laguntza publikoen berri, eta baita 1999ko martxoaren 22ko 659/1999 CE Kontseiluaren erregelamenduaren 21. artikuluan aipatzen diren urteroko txostenen berri, Europar Batzordeari jakinarazi behar zaion unean.

Lehiaren Batzorde Nazionalak informazio eta komunikaziorako beharrezkoak diren bideak jarriko ditu, eskuratzen den informazioa autonomia-erkidegoetan lehia defendatu behar duten organoen eskuetara ere irits dadin.

Aurrekoa hala izanik ere, Lehiaren Batzorde Nazionalak administrazio publikoen proiektuei eta emandako dirulaguntzei buruzko edozein informazio eskatzeko aukera izango du, eta zehazki, aurreko puntuko a) eta b) paragrafoetan aurreikusitakoak ez bezalako edonolako dirulaguntzak ematea aurreikusten duten xedapenei buruzko informazioa.

Autonomia-erkidegoetan lehia defendatzeaz arduratzen diren organoek ere autonomia-erkidegoko edo tokiko administrazioek beren eremuaren barruan emandako dirulaguntza publikoei buruzko txostenak idazteko aukera izango dute, artikulu honen 1. paragrafoan aurreikusitakoetarako.

Txosten horiek Lehiaren Batzorde Nazionalera bidali beharko dituzte, urteroko txostenarekin batera jaso ditzaten.

Aurrekoa hala izanik ere, Lehiaren Batzorde Nazionalak, esparru horretan, dagozkion eskumenak izango ditu.

Artikulu honetan ezarritakoa hala izanik ere, kontuan izan behar dira Europako Erkidegoaren Tratatuaren 87.etik 89.era arteko artikuluak, eta Kontseiluaren 1999ko martxoaren 22ko 659/1999 CE erregelamendua; horiekin batera, baita Europar Batzordearen eskumenak eta Batasuneko eta estatuko organo jurisdikzionalen eskumenak ere, laguntza publikoak kontrolatzeari dagokionez.

II. TITULUA

Lege hau ezartzeko eskema instituzionala

I. KAPITULUA

Lege hau ezartzeko eskumena duten organoak

12. artikulua. Lehiaren Batzorde Nazionala.

Lehiaren Batzorde Nazionala sortu da, apirilaren 14ko 6/1997 Legearen baitan (Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzkoan) hamargarren xedapen gehigarrian aurreikusitako erakunde publiko gisa, eta estatuko merkatuetan benetako lehia egotea zaintzea, bermatzea eta sustatzea izango da bere ardura, eta baita lege honetan jasotzen dena modu koherentean betearaztea ere, lege honek haren eskuetan uzten dituen eginkizunak gauzatuta.

2.- Lege honetan eta otsailaren 21eko 1/2002 Legean, Lehia Defendatzeko Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko Eskumenak Koordinatzeari buruzkoan, ezarritakoaz bat, Lehiaren Batzorde Nazionalak bere eginkizunak espainiar lurralde osoan beteko ditu.

Horrekin batera, bere eginkizunak merkatu guztietan edo ekonomiaren produkzio-sektore guztietan eramango ditu aurrera.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionalak legitimitatea izango du eskumena duen jurisdikzioan administrazio-zuzenbideari loturik dauden administrazio publikoen ekintzak edo legea baino beheragoko xedapen orokorrak aurkatzeko, horien bidez merkatuko benetako lehiari oztopoak jartzen baldin bazaizkio.

13. artikulua. Autonomia-erkidegoetako organo eskumendunak.

Autonomia-erkidegoetan lege hau ezartzeko eskumena duten organoek beren lurraldearen baitan lege honen 1., 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako jokaerak aztertzea helburu duten prozeduren betearazpen-eskumenak gauzatuko dituzte, beti ere lege horretan bertan eta otsailaren 21eko 1/2002 Legean, Lehia Defendatzeko Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko Eskumenak Koordinatzeari buruzkoan, aurreikusitakoaz bat.

2.- Lehiaren Batzorde Nazionalak dituen eskumenak dena delakoak izanik ere, autonomia-erkidegoetan eskumena duten organoek legitimitatea izango dute eskumena duten jurisdikzioan administrazio-zuzenbideari loturik dauden administrazio publikoen ekintzak edo legea baino beheragoko xedapen orokorrak aurkatzeko, horien bidez merkatuko benetako lehiari oztopoak jartzen baldin bazaizkio.

14. artikulua.- Ministroen Kontseilua.

Ministroen Kontseiluak kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzeko prozeduretan esku hartzeko eskumena izango du, lege honen 60. artikuluan aurreikusitakoaz bat.

II. KAPITULUA

Lankidetza eta kooperazioko prozedurak

15. artikulua. Lehiaren Batzorde Nazionala autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin koordinatzea.

Lehiaren Batzorde Nazionala autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin koordinatzeko orduan, otsailaren 21eko 1/2002 Legean, Lehia Defendatzeko Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko Eskumenak Koordinatzeari buruzkoan, xedatutakoa bete beharko da.

2.- Organo jurisdikzionalekiko lankidetza eta organo arautzaileekiko koordinazioa errazteko, Lehiaren Batzorde Nazionak eta autonomia-erkidegoetan lehia defendatzeko eskumena duten organoek elkarri jardueren, eskaeren eta txostenen berri emateko bideak zehaztuko dituzte (lege honen 16 eta 17. artikuluetan aurreikusitakoak), hain zuzen ere otsailaren 21eko 1/2002 Legean, Lehia Defendatzeko Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko Eskumenak Koordinatzeari buruzkoan, aurreikusitakoaz bat hasiera eman zaien prozeduren kasuan.

16. artikulua. Organo jurisdikzionalekiko lankidetza.

Lehiaren Batzorde Nazionalak, bere kabuz, informazioa eman edo oharrak aurkeztu ahal izango dizkie organo jurisdikzionalei, Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak ezartzeari buruz, edo lege honen 1. eta 2. artikuluei buruz, Prozedura Zibileko Legean aurreikusitako moduan.

Autonomia-erkidegoetako organo eskumendunek, beren eskumenen esparruan, eta beren ekimenez, lege honen 1. eta 2. artikuluak betetzeari buruzko informazioa edo oharrak bidali ahal izango dizkiete organo jurisdikzionalei, Prozedura Zibileko Legean aurreikusitako moduan.

3.- Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak edo Lehia Defendatzeko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzeari buruz izandako demandak izapidetu daitezela onartzen duten autoak eta epaiak Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinarazi beharko zaizkio, Prozedura Zibileko Legean aurreikusitako moduan.

Lehiaren Batzorde Nazionalak informazioa bideratzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, epai horiek autonomia-erkidegoetako organoei jakinarazteko.

4.- Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak ezartzeari buruz ematen diren epaien testuaren kopia bat igorri beharko du Lehiaren Batzorde Nazionalak Europar Batasunera.

17. artikulua. Erregulatzaile sektorialekiko koordinazioa.

Lehiaren Batzorde Nazionalak eta erregulatzaile sektorialek elkarlanean jardungo dute beren eginkizunak aurrera eramateko orduan, guztien interesekoak diren kontuetan.

2.- Aurreko paragrafoan aurreikusitakoetarako, bakoitzak bere kabuz edo kasuan kasuko organoak eskatuta, aurrera eramandako jardueren eta lotesleak ez diren irizpenen berri emango diote elkarri, erregulazio sektorialean eta lege honetan esaten direnak aplikatzeko prozeduren baitan.

Beti:

a) Erregulatzaile sektorialek beren eginkizunak aurrera eramaten ari direla, lege honetan esaten denaren aurkakoak izan litezkeen egintza, akordio, praktika edo jokaeraren baten zantzurik baldin badute, horren berri eman beharko diote Lehiaren Batzorde Nazionalari, eta horretarako, eskuartean dituzten izatezko osagai guztiak aipatuko dituzte, eta kasuan kasuko irizpenari erantsi.

b) Era berean, erregulatzaile sektorialek txostena eskatuko diote Lehiaren batzorde Nazionalari, kasuan kasuko araudi sektoriala aplikatzea dela-eta zirkular, jarraibide edo erabaki orokorrak hartu baino lehen, horiek merkatuetako lehia-baldintzetan nabarmen eragiteko aukera baldin badago.

c) Lehiaren Batzorde Nazionalak erregulatzaile sektorialei loteslea izango ez den kasuan kasuko txostena eskatuko die, beren eskumeneko arloan diharduten enpresen kontzentrazioa kontrolatzeko espedienteen baitan.

d) Lehiaren Batzorde Nazionalak edo autonomia-erkidegoetako organo eskumendunek erregulatzaile sektorialei loteslea izango ez den kasuan kasuko txostena eskatuko diete, lege honen 1.tik 3.era arteko artikuluak ezartzea dela eta, lehia murrizten duten jokaerak dauden edo ez aztertzeko hasitako espedienteen baitan.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionaleko lehendakaria eta kasuan kasuko organo erregulatzaileetako lehendakariak gutxienez urtean behin bilduko dira, beren ardurapeko organoen jarduna bideratuko duten jarraibide orokorrak aztertzeko eta, beharrezkoa bada, jarduera horiek koordinatzeko bide formalak eta informalak zehazteko.

18. artikulua. Lehiaren Batzorde Nazionalaren eta beste estatu kide batzuetako lehiaren arloko agintaritzen eta Europako Batzordearen arteko elkarlana.

Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak ezartzeko, Lehiaren Batzorde Nazionalak Europako Batzordearekin eta beste estatu kide batzuetan lehiaren arloko eskumenak dituzten agintaritza nazionalekin izatezko edo zuzenbidezko nahi beste osagai (baita isilpeko informazioa ere) elkartrukatzeko aukera izango du, eta baita horiek froga gisa erabiltzeko aukera ere, Batasuneko araudian zehaztutako moduan.

III. TITULUA

Lehiaren Batzorde Nazionala

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. SEKZIOA. LEHIAREN BATZORDE NAZIONALAREN IZAERA JURIDIKOA ETA FUNTZIONAMENDU ERREGIMENA

19. artikulua.- Izaera eta araubide juridikoa.

Lehiaren Batzorde Nazionala zuzenbide publikoko erakunde bat da, nortasun juridiko propioa duena eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa; Ekonomia eta Ogasun Ministerioari atxikita dago, eta hark kontrolatuko du egiten dituen lanen eraginkortasuna.

Lehiaren Batzorde Nazionalak, bere jarduera aurrera eramaterakoan eta dituen helburuak betetzerakoan, autonomia organiko eta funtzionala izango du, administrazio publikoekiko erabateko independentzia, eta lege honek eta ordenamendu juridikoak diotena bete beharko ditu.

Lege honetan eta lege hau garatuko duten arauetan xedatutakoa ezartzerik ez bada, Lehiaren Batzorde Nazionalak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean esaten dena eta Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legean esaten direnak bete beharko ditu, lege honen hamargarren xedapen gehigarrian eta Batzordearen estatutuetan bertan esaten denaz bat.

20. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren osaera.

Lehiaren Batzorde Nazionalak organook izango ditu:

a) Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakaria; batzordea zuzendu eta horren ordezkaria izango da, eta Kontseiluko burua ere bai.

b) Lehiaren Batzorde Nazionaleko Kontseilua; kide anitzeko organoa izango da, ebazpenak hartzeko eskumenduna, eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariak eta sei kontseilarik osatuko dute. Horietako bat lehendakariordea izango da.

c) Ikerketen Zuzendaritza; espedienteak izapidetzea izango du eginkizun, eta baita Lehiaren Batzorde Nazionalaren txostenak prestatzeko ikerketa eta azterlana eta txostenak prestatzea ere.

21. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionaleko langileak.

Lehiaren Batzorde Nazionaleko langileak funtzionarioak edo lan-legepekoak izango dira, estatuko administrazio orokorrerako zehaztutako baldintzetan, eta Batzordearen estatutuetan esandakoaz bat.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren estatutuetan zuzendaritza-postuak zein diren zehaztuko da, lanpostu horien erantzukizun berezia, gaitasun teknikoa eta eginkizunen garrantzia kontuan izanda.

Zuzendaritza-postuetako langileak nagusiki funtzionarioak izango dira, nahiz eta postu horietako batzuk lan-legepekoek betetzeko aukera ere egongo den, goi-zuzendaritzako kontratuen bidez, baina baldin eta lanpostu horiek ahalmen publikoez baliatu beharrik ez badute, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuarena den apirilaren 12ko 7/2007 legearen 9.2. artikuluan xedatutakoaz bat.

3.- Lege honetan lanpostuak betetzeko aurreikusitako prozeduren bidez Lehiaren Batzorde Nazionalean lanean hasten diren langileek funtzionario edo lan-legepeko izaten jarraituko dute, ezartzekoa den legerian esaten denaren arabera.

Karrerako funtzionarioak zerbitzu aktiboan egongo dira, non eta ez dagokien zerbitzu berezietan egotea.

4.- Estatutuetan jasota egongo den moduan, Lehiaren Batzorde Nazionalak aldibaterako lan-legepeko langileak kontratatzeko aukera izango du, ezaugarri tekniko bereziak dituzten lanak egin ahal izateko, administrazio publikoek lan-legepeko kontratuak egiteko modua arautzen duten arauetan esaten denaz bat.

5.- Lanpostuetarako kideak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko deialdiak estatuko administrazio orokorrerako ezarritako modu berean egingo ditu Lehiaren Batzorde Nazionalak.

22. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren baliabide ekonomikoak.

Lehiaren Batzorde Nazionalak, bere eginkizunak bete ahal izateko, ondorengo ondasun eta baliabide ekonomikoak izango ditu:

a) Estatuaren aurrekontu orokorren kontura, urtero esleituko zaizkion kopuruak.

b) Bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak eta horietatik sortutako produktu eta errentak.

c) Lege honek emandako eskumen eta eginkizunen ondoriozko zerbitzuak eskaintzetik sortutako jarduerei dagozkien tasak likidatzetik eskuratutako dirusarrerak.

Zehazki esanda, Lehiaren Batzorde Nazionalaren diru-sarrerak izango dira lege honen 23. artikuluan arauturik ageri diren tasak.

d) Legez bere esku utzi daitekeen beste edozein.

Lehiaren Batzorde Nazionalak urtero aurrekontuaren aurreproiektu bat idatzi eta onartuko du, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak zehaztutako egitura izango duena, eta ministerio horretara igorriko du, gero gobernuaren akordio bidez onar dezaten eta gobernutik Gorte Nagusietara bidaltzeko, estatuaren aurrekontu orokorren barruan.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren kontrol ekonomiko eta finantzieroa azaroaren 26ko 47/2003 legean (aurrekontuei buruzko lege orokorrean) eta maiatzaren 12ko 2/1982 Lege Organikoan, Kontuen Epaitegiari buruzkoan, esandakoaren arabera egingo da.

23. artikulua. Kontzentrazio-operazioak aztertzeagatiko tasa.

1.- Kontzentrazio-operazioak aztertzeko tasak lege honetan eta tasei buruzko araudi orokorrean xedatutakoa bete beharko du.

Tasa Lehiaren Batzorde Nazionalak kudeatuko du, arau bidez ezarriko den moduan.

2.- Tasaren zergapeko egitatea kontrolatu beharreko kontzentrazioak aztertzea izango da, lege honen 8. artikuluan esaten denaz bat.

3.- Tasaren subjektu pasiboak lege honen 9. artikuluan esaten denaz bat jakinarazi beharra duten pertsonak izango dira.

4.- Tasaren sortzapena subjektu pasiboak lege honen 9. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena aurkezten duenean hasiko da.

Jakinarazpenaren unean diru-sarrerarik egin gabe autolikidazioa aurkezten baldin bada, horren ordainarazpenari ekingo zaio premiamendu bidez, eta Lehiaren Batzorde Nazionalak kasuan kasuko espedientea hasteko aukera ere izango du.

5.- Tasaren kuota ondorengoa izango da:

a) 3.000 euro, kontzentrazio-operazioan parte hartzen duten guztien artean Espainian duten negozio-bolumen orokorra 240.000.000 euro edo gutxiagokoa baldin bada.

b) 6.000 eurokoa, kontzentrazio-operazioan parte hartzen duten guztien artean Espainian duten negozio-bolumena 240.000.000 euro baino gehiagotik 480.000.000 eurora artekoa baldin bada.

c) 12.000 eurokoa, kontzentrazio-operazioan parte hartzen duten guztien artean Espainian duten negozio-bolumena 480.000.000 euro baino gehiagotik 3.000.000.000 eurora artekoa baldin bada.

d) 24.000 euroko kopuru finko batekoa, kontzentrazio-operazioan parte hartzen duten guztien artean Espainian duten negozio-bolumena 3.000.000.000 euro baino handiagokoa bada, eta beste 6.000 euro ordaindu beharko dira aipaturiko negozio-bolumenak 3.000.000.000 eurotan gainditzen duenean aurreko kopurua. Tasaren gehienezko muga 60.000 eurokoa izango da.

Lege honen 56. artikuluan aipatzen den inprimaki laburtuaren bidez jakinarazten diren kontzentrazioen kasuan, 1.500 euroko tasa murriztua aplikatuko da.

56. artikuluan esaten denaz bat Lehiaren Batzorde Nazionalak aldeek inprimaki arrunta aurkeztu behar dutela erabakitzen baldin badu, aldeok kasuan kasuko likidazio osagarria ordaindu beharko dute.

2. sekzioa. LEHIAREN BATZORDE NAZIONALAREN EGINKIZUNAK.

24. artikulua. Instrukzio, ebazpen eta arbitraje eginkizunak.

Lehiaren Batzorde Nazionala legeak bere eskuetan utzitako gaien inguruan instrukzioa egin eta erabakitzeko eskumena duen organoa da, eta bereziki eskumen hauek izango ditu:

a) Lehia murrizten duten jokaeren inguruan lege honetan xedatutakoa betearaztea, nahiz eta lehia defendatzeko autonomia-erkidegoetako organo eskumendunek beren eskumenak izango dituzten beren eremuan, eta baita eskumena duen jurisdikzioak ere.

b) Kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzearen inguruan lege honetan xedatutakoa betearaztea.

c) Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak eta horien ondoriozko zuzenbidea betearaztea Espainian, nahiz eta arlo horretako jurisdikzioak dagozkion eskumenak izango dituen.

d) Hartu beharreko neurri eta akordioak hartzea, Europar Batasunarekiko eta estatu kideetan lehiaren arloko eskumenak dituzten beste erakunde batzuekiko elkarlana eta espedienteen banaketa nola bideratu zehazteko; hori guztia Batasuneko araudian dago zehaztuta, eta bereziki, ondorengo bi erregelamenduetan: 2002ko abenduaren 16ko Kontseiluaren 1/2003 Erregelamenduan (CE), Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitako arauak ezartzearen gainekoan, eta 2004ko urtarrilaren 20ko Kontseiluaren 139/2004 erregelamenduan, enpresen arteko kontzentrazioak kontrolatu eta hori garatuko duten arauen gainekoan.

e) Estatuak eta autonomia-erkidegoek lehiaren defentsako gaietan dituzten eskumenak koordinatzen dituen otsailaren 21eko 1/2002 Legean aurreikusitakoaren arabera, estatuko administrazio orokorrak dituen eginkizunak aurrera eramatea.

f) Arbitraje-eginkizunak aurrera eramatea, bai zuzenbidekoak bai berdintasunezkoak, autonomia-erkidegoetako organo eskudunek beren esparruetan dituzten eskumenei kalterik egin gabe, baldin eta operadore ekonomikoek hala egiteko eskatzen badiete, abenduaren 23ko 60/2003 Legea, Arbitrajearena, betez; legeek emandako bestelako arbitraje-lanak ere egin beharko ditu.

25. artikulua. Aholku emateko eskumenak.

Lehiaren Batzorde Nazionala organo aholkuemailea izango da lehia defendatzearekin zerikusia duten arloetan.

Zehazki esanda, ondorengo erakundeek eskatu ahal izango diote aholkua lehiaren arloan: ganbara legegileek, gobernuak, ministerioetako departamenduek, autonomia-erkidegoek, toki-korporazioek, kolegio profesionalek, merkataritza-ganbarek, eta enpresari, kontsumitzaile nahiz erabiltzaileen elkarteek.

Kasu guztietan, Lehiaren Batzorde Nazionalak ondorengoei buruzko irizpenak emango ditu:

a) Lehiari eragiten dioten arau-proiektu eta arau-proposamenei buruz, eta, bereziki, lege-testu hau edo otsailaren 21eko 1/2002 Legea (estatuak eta autonomia-erkidegoek lehiaren defentsako gaietan dituzten eskumenak koordinatzen dituena) osorik edo zati batean aldatu edo indarrik gabe utziko dutenei buruz; horiek garatuko dituzten erregelamendu mailako arauei buruzko irizpenak ere emango ditu.

b) Merkataritza-gune handiak zabaltzeko proiektuei buruz, urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean, Txikizkako Merkataritza Antolatzekoan, ezarritako moduan, baldin eta merkataritza-gune hori dena delako lekuan zabaltzeak autonomia-erkidegoaz gaineko esparru bateko edo merkatu nazionaleko lehia askea eraldatzeko aukera izan dezakeela ikusten bada; irizpen horiek garbi utzi beharko dute irekitzeko proiektu horiek zer nolako eragina izango duten lehiaren defentsan.

c) Lege honen 1, 2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako jokaeren egileek salatzaileei eta hirugarrenei ordaindu beharreko kalte-ordainak kuantifikatzeko irizpideei buruz, eskumena duen organo judizialak hala egiteko eskatzen badio; kalteordain horiek aipatutako artikuluetan zehaztutako jokaerengatik kaltea jasan bada eskuratuko dira.

d) Lege honen 16. artikuluan eta 2002ko abenduaren 16ko Kontseiluaren 1/2003 Erregelamenduan (CE) aipatzen diren kontu guztiei buruz; erregelamendu hori Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitako arauak ezartzearen gainekoa da, beti ere estatuko organo jurisdikzionalekiko kooperazio-bideez ari dela.

e) Indarrean dagoen legeriaz bat, Lehiaren Batzorde Nazionalak txostena egin beharko duen beste edozein konturi buruz.

26. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren beste eginkizun batzuk.

Lehiaren Batzorde Nazionalak merkatuetan benetako lehia egotea sustatuko du, bereziki ondorengo jardueren bidez:

a) Lehiaren inguruko azterlanak egin eta halakoak egitea sustatuko du.

b) Sektoreei buruzko txosten orokorrak egingo ditu, eta beharrezkoa bada, araudia liberalizatzea, desarautzea eta aldatzea bultzatuko duten proposamenak egingo ditu.

c) Txostenak idatziko ditu, beharrezkoa bada aldian behin, arlo publikoaren jarduna zertan den ikusteko, eta zehazki esanda, merkatuan benetako lehia egotea zerk oztopatzen duen erakusteko, egoera hori legeak ezartzearen ondoriozkoa denean.

d) Txosten orokorrak edo unean unekoak egingo ditu, erakunde publikoek emandako laguntzek merkatuetako benetako lehian zer nolako eragina duten ikusteko.

e) Administrazio publikoei beren jarduna dela-eta benetako lehiari jartzen dizkioten trabak aldatu edo ezabatzeko proposamenak egingo dizkie, eta beharrezkoa bada, merkatuetako lehia mantentzeko edo berrezartzeko beste neurri batzuk ere aipatuko ditu.

f) Ekonomia eta Ogasun ministroari, beharrezkoa bada Ministroen Kontseiluan aurkez ditzan, lehia babesteko politikaren jarraibideak proposatuko dizkio, ministerio horren politika ekonomikoaren bidez aurrera eramateko, eta bereziki, araudiak egin eta eraldatzeko proposamenak egingo ditu.

2.- Lehiaren Batzorde Nazionalak lehiari buruzko araudia estatu osoan modu koherentean ezar dadin zainduko du, bereziki sektoreen erregulatzaileen jarduera eta autonomia-erkidegoetan eskumenak dituztenen jarduera koordinatuz, eta eskumena duten organo jurisdikzionalekin lankidetzan arituz.

Lehiaren Batzorde Nazionalak laguntza eskainiko dio Ekonomia eta Ogasun Ministerioari ministerio horrek Espainia ordezkatzerakoan nazioartean, lehiari buruzko arloetan.

3. sekzioa. LEHIAREN BATZORDE NAZIONALAREN GARDENTASUNA ETA ERANTZUKIZUN SOZIALA

27. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren jardueren berri jendaurrean jartzea.

Lehiaren Batzorde Nazionalak lege hau ezartzea dela eta hartutako ebazpen eta akordio guztien berri emango du, bereziki ondorengoen berri:

a) Zehapen-espedienteei amaiera emango dieten ebazpenen berri.

b) Kautelazko neurriak inposatzea erabaki duten ebazpenen berri.

c) Kontzentrazioak kontrolatzeko espedienteen lehenengo eta bigarren faseak amaituko dituzten ebazpenen berri.

2.- Kontzentrazioak kontrolatzeko espediente bati hasiera ematea publikoa izango da.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionalak jendaurrean jarriko ditu lege hau ezartzea dela-eta egindako txostenak.

Batez ere, honako hauek:

a) Kontzentrazioak kontrolatzeko prozeduraren baitan egindako txostenak, Lehiaren Batzorde Nazionaleko Kontseiluak lehenengo eta bigarren faseari dagozkien ebazpenak hartu eta gero.

b) Laguntza publikoei buruzko urteroko txostenak, Ekonomia eta Ogasun Ministeriora eta Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Ogasun Batzordera bidali eta gero, eta baita laguntza publikoak emateko irizpideen inguruan egindako txostenak (bere kabuz edo aldeetakoren batek eskatuta), kasuan kasuko administrazio publikoetako organoei horien berri eman ostean.

c) Araugintzako proiektuen gainean edo sektore publikoaren jardueren gainean idatzitako txostenak, Ekonomia eta Ogasun ministeriora eta administrazio publikoko kasuan kasuko organora bidali ostean.

d) Merkatuen edo produkzio-sektoreen lehia-egiturari buruz idatzitako txostenak.

4.- Ebazpen, akordio eta txostenak informatikako eta telematikako bideak erabilita argitaratuko dira, interesatuei jakinarazi eta gero. Dena den, beharrekoa den kasuetan, dokumentu horietan konfidentzialtasuna zaindu beharrarekin kontuan izan beharrekoa konponduko da, eta datu pertsonalak ezabatu egingo dira, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 3.a) artikuluan esaten denaz bat (Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Legea da); dena den, arau-hausleen izenak ez dira ezkutatuko.

28. artikulua.– Espainiako Legebiltzarrak Lehiaren Batzorde Nazionala kontrolatzea.

1.- Lehiaren Batzorde Nazionalak urteroko jardueren txostena argitaratuko du, eta Ekonomia eta Ogasun Ministeriora eta Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Ogasun Batzordera bidaliko.

2.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariak urtean behin gutxienez Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean agertu beharko du, Batzordearen lanaren ildo nagusien berri eman eta etorkizunerako dituzten plan eta lehentasunak azaltzeko.

Era berean, Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariak Ekonomia eta Ogasun Ministroari urtero jardueren programazioa bidaliko dio.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionalak Ekonomia eta Ogasun Ministroari eta Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Ogasun Batzordera merkatuen lehia-egoerari buruzko eta sektore publikoaren jarduerari buruzko urteroko txostenak bidaliko ditu, eta baita urteroko txosten sektorialak ere; horiek guztiak lege honen 26. artikuluan aurreikusitakoa ezartzearen ondorioz onartutakoak izango dira.

4.- Lehiaren Batzorde Nazionaleko lehendakaria eta, beharrezkoa bada, batzorde horretako beste kide batzuk, Ganbaretan eta horietako batzordeetan azalpenak ematera agertuko dira hala eskatzen dietenean, horien erregelamenduetan ezarritako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Lehiaren Batzorde Nazionalaren zuzendaritza-organoak

1. SEKZIOA. XEDAPEN OROKORRAK

29. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren zuzendaritza-organoak izendatzea eta horien agintaldia.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakaria Kontseiluaren lehendakaria ere izango da, eta Gobernuak izendatuko du, errege-dekretu bidez, Ekonomia eta Ogasun Ministroak proposatuta. Legelari, ekonomista edo beste arloren bateko izen handiko aditua izan beharko du, baina aldez aurretik Kongresuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean azalpenak eman beharko dira, hautagaiak dituen gaitasun eta ezagupen teknikoen berri emateko.

2.- Aholkulariak Gobernuak izendatuko ditu, errege-dekretu bidez, Ekonomia eta Ogasun Ministroak proposatuta. Legelari, ekonomista edo beste arloren bateko izen handiko adituak izan beharko dute, baina aldez aurretik Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean azalpenak eman beharko dira, hautagaiek dituzten gaitasun eta ezagupen teknikoen berri emateko.

Dauden kontseilarien artetik Kontseiluak lehendakariorde bat aukeratuko du.

3.- Lehendakariaren eta kontseilarien agintaldia sei urtekoa izango da, eta ezin izango da kargua berriz hartu.

4.- Ikerketen zuzendaria Gobernuak izendatuko du, errege-dekretu bidez, Ekonomia eta Ogasun Ministroak proposaturik, baina aldez aurretik Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak onartu beharko du izendapena, gehiengo soilaren bidez.

30. artikulua. Kargua uzteko arrazoiak.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariak eta kontseilariek ondorengo arrazoiengatik utziko dituzte karguak:

a) Uko egiteagatik.

b) Agintaldia amaitzeagatik.

c) Bateraezintasuna sortu delako.

d) Dolozko delitua dela eta zigorra jasotzeagatik.

e) Ezintasun iraunkorragatik.

f) Gobernuak kargutik kentzea erabaki duelako, karguari dagozkion betebeharrak modu larrian ez betetzeagatik; Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseilua osatzen dutenen hiru bostenek egin beharko dute proposamena.

2.- Ikerketen zuzendariaren kargu-uztea errege-dekretu bidez erabakiko da, Ekonomia eta Ogasun Ministroak proposaturik, baina aldez aurretik Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak onartu beharko du kargua uztea, gehiengo soilaren bidez.

31. artikulua.- Bateraezintasunak.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakaria, kontseilariak eta Ikerketen zuzendaria Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunak direnez, beren eginkizunetan dedikazio osoa izango dute, eta ondorioz, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguentzako zehazturiko bateraezintasun-erregimena bete beharko dute. Gai horiek ondorengo lege eta akordioetan daude araututa: apirilaren 10eko 5/2006 Legean, gobernuko kideen eta estatuko administrazio orokorreko goi karguen arteko interes-gatazkak arautzen dituena, eta hori garatzen duten xedapenetan; 2005eko otsailaren 18ko Ministroen Kontseiluaren erabakian, gobernuko kideen eta estatuko administrazio orokorreko goi karguen Gobernu Onaren Kodea onartzen duena.

Beren karguak utzi eta hurrengo bi urteetan, Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariak eta kontseilariek ezin izango dute batzorde horrekin zer ikusirik duen inolako lanbidetan jardun.

Muga hori dela eta, uko egiteagatik, agintaldia amaitzeagatik edo eginkizunak burutzeko ezintasun iraunkorragatik uzten denean kargua, lehendakariak eta kontseilariek hilero konpentsazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango dute. Kargua uzten den hilabetearen hurrengotik hasiko da konpentsazioa jasotzen, eta karguan zenbat hilabete eman den, hainbeste hilabetetan eskuratuko da, baina gehienez ere bi urtez. Zenbatekoa, berriz, jasoko den epealdian indarrean dagoen aurrekontuan kasuan kasuko karguarentzat zehaztutako ordainsari guztien % 80aren 12rena izango litzateke, hilero.

Konpentsazio hori ezin izango da jaso, arlo publiko edo pribatuan ordaindutako lanposturen bat bete edo karguren bat izan edo jardueraren bat burutzen bada.

2. sekzioa. LEHIAREN BATZORDE NAZIONALAREN LEHENDAKARIA

32. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariaren eginkizunak.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Erakundearen legezko ordezkaria izatea.

b) Erakundearen jardueren garapena behatzea, eta horretan lege hau eta legea garatuko duten arauak betetzen direla zaintzea.

c) Lehiaren Batzorde Nazionaleko organoetan ordena eta gobernu egokia mantentzea.

d) Lehiaren Batzorde Nazionalaren ikuskapen-lana sustatzea, eta baita jardueren urteroko eta urte anitzeko planak egitea sustatzea ere, helburuak eta lehentasunak zein diren argi izateko horietan.

e)Lehiaren Batzorde Nazionalaren baitako organoak zuzentzea, koordinatzea, ebaluatzea eta gainbegiratzea, eta bereziki, Ikerketen Zuzendaritzaren Kontseilua eta Zerbitzu Komunen Zuzendaritza koordinatzea, nahiz eta kontuan izan beharko diren 35. artikuluan Ikerketen zuzendariari eman zaizkion eskumenak.

f) Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluan hutsik geratutako karguen berri ematea Ekonomia eta Ogasun Ministroari.

g) Lehiaren Batzorde Nazionaleko langileen buru izateari dagozkion eginkizunak aurrera eramatea, legeria bereziak arlo horretan ematen dizkion eskumenekin bat eta 35. artikuluan Ikerketen zuzendariari eman zaizkion eskumenak kontuan izanda.

h) Lehiaren Batzorde Nazionalaren gastuak onartu eta ordainketak egitea agintzea, hori egitea Gobernuaren eskuetan dagoen kasuetan izan ezik, eta erakundearen kontuen berri ematea, Aurrekontuen Lege Orokorrean esaten denaz bat.

i) Lehiaren Batzorde Nazionalaren kontratazio-organoa izatea.

j) Lehia Defendatzeko Kontseiluko buru izatea.

k) Lehiaren Batzorde Nazionalaren aurkako erreklamazioetan, auzibide zibilera edo lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioez erabakitzea, edo ondare-erantzukizuna eskatzen dutenez erabakitzea.

l) Kontseiluaren edo Ikerketen Zuzendaritzaren eskuetan utzi ez diren kontuez erabakitzea.

3. sEKZIOA. LEHIAREN BATZORDE NAZIONALAREN KONTSEILUA

33. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren kontseiluaren osaera eta funtzionamendua.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseilua honela egongo da osaturik: Batzordearen lehendakaria, buru izango baita, eta sei kontseilari izango ditu.

Kontseiluaren lehendakariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, administrazioko kide anitzeko organoen lehendakariei orokorrean ematen dizkien eskumenak gauzatzea.

b) Kontseilua biltzeko deia egitea, bere kabuz edo kontseilarien erdiak gutxienez eskatuz gero, eta kontseiluaren buru izatea.

c) Gaiak kontseilarien artean nola banatu jakiteko irizpideak zehaztea.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseilua behar bezala eratu dela joko da lehendakaria eta hiru kontseilari bertaratzen badira.

4.- Erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira.

Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du.

5.- Kontseiluak idazkari bat izendatuko du, Kontseiluaren lehendakariak proposatua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean aurreikusitako eginkizunak izango ditu.

6.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren estatutuak arautuko du Kontseiluaren funtzionamendua, eta bereziki, deialdiak eta bilerak egiteko erregimena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan xedaturikoaz eta Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen II. tituluko IV. kapituluan xedaturikoaz bat.

34. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren eginkizunak.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseilua izango da lege honetan lehiaren inguruko kontuez ebazteko, aholku emateko eta sustapen-lana egiteko funtzioez erabakiko duen organoa.

Zehazki, eskumenok izango ditu organoak:

Ikerketen Zuzendaritzak proposatuta:

a) Lege honek Lehiaren Batzorde Nazionalaren esku utzitako gaiei buruz ebaztea eta irizpena ematea, bereziki lege honen 24. artikulutik 26.era artekoetan aurreikusitako kontuetan.

b)Lege honetan eta legea garatuko duten arauetan aurreikusitako zehapen-prozedurez ebaztea.

c) Lege honen ezarpen-eremuan sartzen diren kontzentrazioak kontrolatzeko espedienteak Europar Batzordera bidaltzeko eskatzea eta erabakitzea, Enpresen arteko Kontzentrazioak Kontrolatzeari buruzko 2004ko urtarrilaren 20ko Kontseiluaren 139/2004 Erregelamenduaren (CE) 9 eta 22. artikuluetan aurreikusitako moduan.

d) Kontzentrazio ekonomiko baten gauzatzea bertan behera uzteko betebeharra indarrik gabe uztea erabakitzea, lege honen 9.6. artikuluaz bat.

e) Debekatutako jokaeren eta kontzentrazioen arloko ebazpenak eta erabakiak betetzen diren edo ez ebaztea.

Hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako komunikazioak eta 6. artikuluan aurreikusitako aplikaezintasun-adierazpenak egitea.

3.- Ikerketen zuzendaritzak izapidetutako espedienteen berri izatea.

4.- Lege honen 12.3. artikuluan aipatzen diren egintza eta xedapenak aurkatzea erabakitzea.

Beharrezkoa bada, barne-erregimeneko erregelamendua idaztea. Bertan, administrazio arloko funtzionamendua eta zerbitzuak antolatzeko modua zehaztuko dira.

6.- Kideen artetik lehendakariordea aukeratzea.

7.- Lehendakariaren, lehendakariordearen eta kontseilarien errefusatzeak, bateraezintasunak eta diziplina-zentzarazpenak ebaztea eta euren eginkizunak betetzeko gauza diren eta ez-betetze larririk egiten duten epaitzea.

8.- Idazkaria izendatzea eta kargutik kentzea erabakitzea, Kontseiluaren lehendakariak proposatuta.

9.- Erakundearen aurrekontuen aurreproiektua onartzea.

10.- Erakundearen urteko txostena idaztea, eta baita jardueren urteko edo urte anitzeko planak idaztea; horietan helburuak eta lehentasunak zehaztuko dira.

4. SEKZIOA. IKERKETEN ZUZENDARITZA

35. artikulua. Ikerketen Zuzendaritzaren egitura eta eginkizunak.

1.- Ikerketen Zuzendaritza Lehiaren Batzorde Nazionalaren baitako organoa izango da, eta lege honetan aipatzen diren espedienteak izapidetzeko eginkizuna izango du.

2.- Eginkizun hauek izango ditu Ikerketen Zuzendaritzak:

a) Lege hau ezartzea dela eta Kontseiluak ebazpena eman behar duen gaietan, espedienteei buruzko ebazpen-proposamena izapidetu eta Kontseiluari aurkeztea.

b) Espedienteak izapidetzen ari direla sor daitezkeen gertakariei buruz ebaztea.

c) Lege honetan eta legea garatuko duten arauetan edo legea oinarri hartuta emandako ebazpenetan edo hartutako akordioetan jasotzen diren betebeharrak betetzen direla zaintzea, eta hori bai mugatu beharreko jokaeren inguruan zein kontzentrazioak kontrolatzearen inguruan.

d) Otsailaren 21eko 1/2002 Legean ezarritakoaz bat, lehia defendatzearen arloan estatuaren eta autonomia-erkidegoen eskumenak koordinatzeko organo eskumenduna izendatzeko urratsak aplikatzea.

e) Lehiaren Batzorde Nazionalak eta Europar Batzordeak elkarri espedienteak bidaltzeko urratsak aplikatzea, Kontseiluaren 2004ko urtarrilaren 20ko 139/2004 erregelamenduaren (CE) 4. artikuluan aurreikusitakoaz bat (enpresen arteko kontzentrazioak kontrolatzeari buruzkoa da erregelamendu hori).

f) Kontzentrazio bati buruzko jakinarazpena eskatzea, bere kabuz, 9.5. artikuluan aurreikusitakoaz bat.

g) Jakinarazpenen ohiko inprimakia eskatzea, 56.2. artikuluan aurreikusitakoaz bat.

3.- Ikerketen zuzendariari dagokio:

a) Zuzendaritzaren buru eta ordezkari izatea, eta beraz, lege honek eta legea garatuko duten arauek zuzendaritzari emandako eskumen guztiak gauzatzeko eskumena izango du.

b) Zuzendaritzako kideak izendatu eta kargutik kentzea, arloko legeriak emandako eskumen baitan, eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariarekin aldez aurretik kontsultatu ostean.

IV. TITULUA

Prozedurak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. SEKZIOA. PROZEDUREN EPEAK

36. artikulua. Prozeduren gehienezko epeak.

Lehia murrizten duten jokaerengatiko zehapen-prozedura amaituko duen ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea hemezortzi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartu zenetik zenbatzen hasita. Epe hori instrukzio-fasearen eta ebazpen-fasearen artean nola banatuko den erregelamendu bidez zehaztuko da.

2.- Kontzentrazioak kontrolatzeko prozeduraren baitan, Lehiaren Batzorde Nazionalak ebazpenak eman eta jakinarazteko izango duen gehienezko epea ondorengoa izango da:

a) hilabetekoa, lehen fasean, lege honen 57. artikuluan aurreikusitakoaz bat, Lehiaren Batzorde Nazionalak jakinarazpena formalki jasotzen duenetik zenbatzen hasita.

b) bi hilabetekoa, bigarren fasean, lege honen 58. artikuluan aurreikusitakoaz bat; epe hori Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak bigarren faseari ekitea erabakitzen duenetik hasiko da zenbatzen.

3.- Lege honen 60. artikuluan xedaturikoaz bat Ministroen Kontseiluak izandako esku hartzeari buruz Ekonomia eta Ogasun Ministroak egingo duen ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea 15 egunekoa izango da, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak bigarren fasean emandako ebazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita.

4.- Kontzentrazioak kontrolatzeko prozeduraren baitan Ministroen Kontseiluak akordio bat hartu eta jakinarazteko izango duen gehienezko epea hilabetekoa izango da, Ekonomia eta Ogasun Ministroak eragiketa hori Ministroen Kontseiluan aztertzekoa dela dioen ebazpena ematen duenetik zenbatzen hasita.

5.- Ikerketen Zuzendaritzak hartutako ebazpenen edo egintzen aurka lege honen 47. artikuluan aurreikusitako errekurtsoei buruz Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak ebazpena eman eta jakinarazteko gehienez ere izango duen epea hiru hilabetekoa izango da.

6.- Lege honen 54. artikuluan ageri den moduan, interesatuek eskaturik kautelazko neurriak hartzeari buruz Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak ebazpena eman eta jakinarazteko gehienez ere izango duen epea hiru hilabetekoa izango da.

Kautelazko neurriak hartzeko eskabidea espedientearekin hasi baino lehen aurkezten bada, hiru hilabeteko gehienezko epe hori espedienteari hasiera emateko akordioa hartzen denetik hasiko da zenbatzen.

7.- 41. artikuluan betebeharrak, ebazpenak edo akordioak zaintzeko espedienteak aipatzen dira, eta horien inguruan neurriak hartzeko espedienteak eman eta jakinarazteko Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak gehienez ere izango duen epea hiru hilabetekoa izango da, Ikerketen Zuzendaritzak kasuan kasuko proposamena egiten duenetik zenbatzen hasita.

37. artikulua. Epeak luzatzeko egoerak eta epeen zenbaketa bat bertan behera uztea.

Prozedura bati buruz ebazteko legez ezarritako gehienezko epeak zenbatzeari uzteko aukera egongo da, arrazoitutako ebazpenaren bidez, ondorengo kasuetan:

a) Akatsak konpondu ahal izateko, edozein interesaturi agiriak edo erabakia hartzeko beharrezkoa den beste edozein osagai eskatu behar zaionean.

b) Hirugarrenei edo administrazio publikoetako beste organo batzuei akatsak konpondu ahal izateko, agiriak edo erabakia hartzeko beharrezkoa den beste edozein osagai eskatu behar zaienean.

c) Europar Batasunarekin edo beste herrialde batzuetako lehiaren arloko agintaritzekin lankidetzan edo koordinaturik jardutea beharrezkoa denean.

d) 47. artikuluan aurreikusten den administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten denean.

e) Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak froga edo jarduera osagarriak egitea erabakitzen duenean, 51. artikuluan aurreikusitakoaz bat.

f) Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluari iritzia eskatu eta egindako kalifikazio juridikoan aldaketaren bat izaten denean, 51. artikuluan zehaztutako moduan.

g) Amaiera konbentzional bidezko bukaera batera iristeko negoziazioekin hasten denean, 52. artikuluan zehaztutako moduan.

Aurreko paragrafoan zehazturikoa hala izanik ere, prozedurez ebazteko gehienezko epea bertan behera geratuko da:

a) Europar Batzordeak prozedura bati hasiera eman dionean Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak ezartzeko, gertakari berak oinarri hartuta.

Epea etetea bertan behera geratuko da Europar Batzordeak hartu beharreko erabakia hartzen duenean.

b) Lehiaren Batzorde Nazionalak jakinarazleei akatsak konpontzeko eskatzen dienean, edo iritzia osatzeko agiriak edo beste elementu batzuk eskatzen dizkienean, kontzentrazioak kontrolatzeko espedienteaz ebazteko beharrezkoak direlako; hori guztia lege honen 55. artikuluaren 4 eta 5. paragrafoetan aurreikusitakoaz bat.

c) Europar Batzordeari informazioa ematerakoan, 2002ko abenduaren 16ko Kontseiluaren 1/2003 Erregelamenduan (CE), Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitako arauak ezartzearen gainekoan, 11.4. artikuluan aurreikusitakoaren baitan, Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak ezartzeagatik egindako ebazpen-proposamen baten inguruan.

d) Erregulatzaile sektorialei txostena eskatzen zaienean, lege honen 17.2.c) eta d) artikuluan ezarritakoaren baitan.

Bertan behera uzteko epe hori ez da inoiz ere hiru hilabetetik gorakoa izango.

3.- Ebazteko gehienezko epeak bertan behera uzteak ez du esan nahi, nahitaez, prozesua izapidetzea bertan behera geratzen denik.

4.- Salbuespenezko kasuetan, ebazteko gehienezko epea luzatzea erabakitzeko aukera egongo da, horretarako arrazoien berri argi ematen bada.

Gehienezko epea luzatzea erabakitzen bada, luzatze hori ezingo da izan prozedura izapidetzeko jarrita zegoen epea baino handiagoa.

5.- Epeak bertan behera utzi edo luzatzeaz erabakiko duten akordioak interesatuei jakinarazi beharko zaizkie, eta horien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri administrazio-bidean.

38. artikulua. Administrazioaren isiltasunaren ondorioak.

Debekatutako akordio eta praktiken arloko zehapen-prozedurez ebazteko 36. artikuluaren lehen paragrafoan zehaztutako gehienezko hemezortzi hilabeteko epea igarotakoan, prozedura iraungi egingo da.

Kontzentrazioak kontrolatzeko lehen fasearen ebazpena emateko lege honen 36.2.a) artikuluan zehaztutako gehienezko epea igarotakoan, egindako eskaera onartu egin dela ulertu beharko da, administrazioaren isiltasunaren ondorioz, baina salbuespena izango dira lege honen 9.5, 55.5 eta 57.2.d) artikuluetan aipatzen diren kasuak.

3.- Kontzentrazioak kontrolatzeko bigarren fasearen ebazpena emateko lege honen 36.2.b) artikuluan zehaztutako gehienezko epea igarotakoan, kontzentrazioa onartu egin dela ulertu beharko da, administrazioaren isiltasunaren ondorioz, baina salbuespena izango dira lege honen 9.5, 55.5 eta 57.2.d) artikuluetan aipatzen diren kasuak.

4.- Ekonomia eta Ogasun Ministroak Ministroen Kontseiluaren esku hartzeaz erabakitzeko eta, beharrekoa bada, Kontseiluak berak kasuan kasuko akordioa hartzeko, lege honen 36.3 eta 4. paragrafoetan aurreikusitako epeak igarotakoan, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpena berehala betearaztekoa izango da, lege honen 60.4. artikuluan aurreikusitakoaz bat.

5.- Ikerketen Zuzendaritzaren ebazpen eta egintzen aurka jarritako errekurtsoez ebazteko Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak lege honen 36.5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera duen epea igarotakoan, errekurtsoa ez dela onartu ulertuko da, administrazioaren isiltasuna dela eta.

6.- Zaintzeko espedienteen arloan kautelazko neurriak hartzeari buruz lege honen 36.6 eta 36.7. artikuluetan Lehiaren Batzorde Nazionalari ebazteko ematen zaion epea igarotakoan, eskaera ez dela onartu ulertuko da, administrazioaren isiltasuna dela eta.

2. sekzioa. LEHIAREN BATZORDE NAZIONALAREN AHALMENAK.

39. artikulua. Lankidetza eskaintzeko eta informatzeko betebeharra.

Pertsona fisiko edo juridiko orok eta edozein administrazio publikotako erakunde guztiek lankidetza eskaini beharko diote Lehiaren Batzorde Nazionalari, eta Batzordeak eskatuz gero, eskatutako epearen barruan, esku artean dituzten datuak eta informazio guztia eman beharko diote, lege honek dioena ezartzeko beharrekoa baldin bada.

Epe hori 10 egunekoa izango da, non eta eskatutakoaren ezaugarriengatik edo egoera zehatzaren gorabeherengatik, behar bezala arrazoituta, beste epe bat zehazten ez den.

2.- Nork bere kabuz edo Lehiaren Batzorde Nazionalak eskatuta lankidetza eskaintzeak ez du esan nahi kasuan kasuko prozeduran interesatua izango denik.

40. artikulua. Ikuskatzeko ahalmenak.

Lehiaren Batzorde Nazionaleko langileak, Ikerketen zuzendariak beharrezko baimena eman ostean, agintaritzaren agenteak izango dira, eta enpresetan eta enpresen elkarteetan beharrezkoak diren ikuskatze-lanak egiteko ahalmena izango dute, lege hau behar bezala ezarri ahal izateko.

2.- Helburu horretarako gaitutako langileek ondorengo ahalmenak izango dituzte ikuskatzearen arloan:

a) Enpresen edo enpresen elkarteen edozein lokal, lursail edo garraiobidetara sartzeko ahalmena, eta baita enpresarien, administratzaileen eta enpresetako beste langile batzuen etxebizitzetara sartzeko ahalmena ere.

b) Enpresaren jardueraren liburuak edo beste agiri batzuk egiaztatzeko ahalmena, liburu edo agiri horien euskarria dena delakoa izanik ere.

c) Liburu edo agiri horien kopiak edo laburpenak edozein euskarritan egiteko edo eskuratzeko ahalmena.

d) b) hizkian aipatutako liburu edo agiriak gehienez ere 10 egunez atxikitzeko ahalmena.

e) Enpresaren lokal guztiak, liburuak edo agiriak eta gainontzeko ondasunak ikuskatzeko, behar besteko denboran eta behar besteko neurrian zigilatzea.

f) Enpresaren edozein ordezkari edo langileri edo enpresen elkartearen edozein ordezkari edo kideri ikuskatzearekin zerikusia duten gertakari edo agiriei buruzko azalpenak eskatzeko ahalmena, eta emandako erantzunen berri jasotzekoa.

Aurreko a) eta e) hizkietan aipatzen diren ahalmenak gauzatzeko, aldez aurretik, kaltetuaren berariazko baimena behar izango da, eta halakorik ezean, epailearen baimena.

3.- Enpresek eta enpresen elkarteek ezingo diote uko egin Ikerketen zuzendariak baimendutako ikuskatze-lanei.

4.- Enpresak edo enpresen elkarteak Ikerketen zuzendariak agindutako ikuskapen bati uko eginez gero, edo uko egiteko arriskua dagoela uste bada, zuzendari horrek epailearen baimena eskatu beharko dio administrazioarekiko auzien auzitegiari, oinarrizko eskubideak murrizten baldin badira ikuskatzeagatik, eta auzitegiak gehienez ere 48 orduko epea izango du ebazteko.

Aginte publikoek beharrezko babesa eta laguntza eskainiko diete Lehiaren Batzorde Nazionaleko langileei, ikuskatze-lana aurrera eramateko.

5.- Eskuratutako datuak eta informazioa lege honetan aurreikusitakoetarako baino ezin izango dira erabili.

41. artikulua. Betebeharrak, ebazpenak eta akordioak betetzen direla zaintzea.

Lege honetan eta legea garatuko duten arauetan edo legea oinarri hartuta emandako ebazpenetan edo hartutako akordioetan jasotzen diren betebeharrak betetzen direla zainduko du Lehiaren Batzorde Nazionalak, eta hori, bai mugatu beharreko jokaeren inguruan zein kautelazko neurrien inguruan nahiz kontzentrazioak kontrolatzearen inguruan.

Zaintza-lana erregelamendu bidez zehaztutako moduan, edo Lehiaren Batzorde Nazionalaren ebazpenean edo prozedura amaituko duen Ministroen Kontseiluaren akordioan zehaztutako moduan egingo da.

Lehiaren Batzorde Nazionalak autonomia-erkidegoetan lehia defendatzeko ardura duten organoei eta arautzaile sektorialei lankidetza eskatzeko aukera izango du, betebeharrak, ebazpenak eta akordioak betetzen diren edo ez zaintzeko.

2.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren betebeharrak, ebazpenak edo akordioak bete ezean, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, Ikerketen Zuzendaritzak proposatuta, ondorengoa ebatziko du: zehatzeko isunak edo hertsatzeko isunak jartzea, ordenamenduan aipatzen diren derrigorrez betetzeko beste neurri batzuk hartzea, edo, hala behar badu, deskontzentrazioa.

3. SEKZIOA. PROZEDURAREN PRINTZIPIO OROKORRAK

42. artikulua. Isilpeko informazioaren tratamendua.

Prozeduraren edozein unetan, isilpekotzat jotako datuak edo agiriak isilpean gordetzeko agintzeko aukera egongo da, ofizioz edo aldeetako batek eskatuta, eta agiri horiekin aparteko atal bat egitea. Dena den, lege honen 18. artikuluan esaten dena eta 2002ko abenduaren 16ko Kontseiluaren 1/2003 Erregelamenduan (CE), Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitakoa, kontuan izan beharko dira.

Kasu guztietan, aparteko atal berezi bat eratuko da, isilpekoa izango dena, 1/2003 Erregelamenduaren 11.4. artikuluan aurreikusten den Lehiaren Batzorde Nazionalaren ebazpen-zirriborroari erantzunez Europar Batasunak bidalitako informazioarekin.

43. artikulua. Datuak isilpean eduki beharra.

Lege honetan aurreikusten diren espedienteak izapidetzen parte hartu duten guztiek, edo beren lanbideagatik, karguagatik edo alderdi gisa parte hartzeagatik horien berri dutenek, espediente horiengatik ezagututako gertakarien berri isilpean gorde beharko dute, eta beste horrenbeste egin beharko dute beren karguengatik ezagututako isilpeko kontu guztiekin ere, baita beren kargu edo eginkizunak utzitakoan ere.

Isilpekotasunaren betebeharra ez betetzea beti diziplinaren arloko arau hauste oso larria izango da, alde batera utzirik dagozkion erantzukizun penal eta zibilak.

44. artikulua. Jarduerak artxibatzea.

Lehiaren Batzorde Nazionalak prozedura batekin ez hastea edo hasitako jarduerak edo espedienteak artxibatzea erabakitzeko aukera izango du, eskumenik edo objekturik izan ez edo eskumena edo objektua galduz gero.

Zehazki esanda, horietako egoeraren baten aurrean dagoela joko da ondorengoetan:

a) 2002ko abenduaren 16ko Kontseiluaren 1/2003 Erregelamenduan (CE), Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitakoa aplikatzeari buruzkoaren ondorioz antzemandako edo salatutako jokaerak auzipetzeko eskumenik ez duenean Lehiaren Batzorde Nazionalak, edo erregelamendu horretan salaketak ezesteko aurreikusitako baldintzak gertatzen direnean.

b) Jakinarazitako operazioa ez denean lege honen arabera Lehiaren Batzorde Nazionalak kontrolatu beharreko kontzentrazioetako bat.

c) Jakinarazitako kontzentrazioaren berri Europar Batzordeari ematen zaionean, 2004ko urtarrilaren 20ko 139/2004 Erregelamenduaren (CE) 22. artikulua betez (enpresen arteko kontzentrazioak kontrolatzeari buruzko erregelamendua da).

d) Kontzentrazio bateko alderdi direnek uko egiten diotenean baimena eskatzeari, edo Lehiaren Batzorde Nazionalak informazio fidagarriaren bidez dakienean alderdi horiek ez dutela kontzentrazioa aurrera eramateko asmorik.

45. artikulua. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen osagarritasuna.

Lehiaren defentsaren arloko administrazio-prozedurek lege honetan eta lege hau garatuko duten arauetan esaten dena bete beharko dute, eta horren osagarri moduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean esaten dena, lege honen 70. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko bada ere.

46. artikulua. Prozesu penalaren prejudizialitatea.

Epaiketa aurreko arazo penalen bat egon eta hori ezin bada alde batera utzi ebazpena emateko, edo ebazpenaren edukiari zuzenean eragiten baldin badio kontu horrek, egoera horrek prozedura etetea ekarriko du, epaiketa aurreko arazoaz dagokien organo penalek erabakitzen ez duten artean.

4. SEKZIOA. ERREKURTSOAK

47. artikulua. Ikerketen Zuzendaritzaren ebazpenen eta berak agindutako egintzen aurkako administrazio-errekurtsoa.

Ikerketen Zuzendaritzaren ebazpen eta egintzen aurka, defentsa-gabezia edo eskubide edo bidezko interesetan galera konponezina sortzen badute, errekurtsoa jartzeko modua egongo da Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren aurrean, hamar eguneko epean.

2.- Kontseiluak ez ditu onartuko epez kanpo aurkeztutako errekurtsoak, bestelako izapiderik gabe.

3.- Errekurtsoa jasotakoan, Kontseiluak espedientearen berri emango du, alderdiek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten, hamabost eguneko epean.

48. artikulua. Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariaren eta Kontseiluaren ebazpenen eta egintzen aurkako errekurtsoak.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariaren eta Kontseiluaren ebazpenen eta egintzen aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu administrazio-bidean, eta administrazioarekiko auzien errekurtsoa baino ezin izango da aurkeztu, uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitako baldintzetan (lege horrek administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen du).

2.- Lege honen 58. artikuluko 6. paragrafoan aurreikusitako egoeretan, administrazioarekiko auzien errekurtsoa jartzeko epea zenbatzen Ekonomia eta Ogasun Ministroaren ebazpena, edo Ministroen Kontseiluaren akordioa jakinarazi eta biharamunean edo lege honen 36. artikuluko 3. edo 4. paragrafoetan zehaztutako epeak igarotakoan hasiko da zenbatzen, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpena eraginkorra eta betearaztekoa den unetik aurrera, eta administrazio-bideari amaiera eman dionetik.

II. KAPITULUA

Debekatutako jokaeren arloko zehapen-prozedura

1. SEKZIOA. PROZEDURA INSTRUITZEA

49. artikulua.- Prozeduraren hasiera.

Prozedura Ikerketen Zuzendaritzak hasiko du, bere kabuz edo Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak eskatuta edo salaketaren bat izan delako.

Edozein pertsona fisiko edo juridikok, interesatua izan edo izan gabe ere, lege honek arautzen dituen jokaeren inguruko salaketa aurkezteko aukera izango du, eta erregelamendu bidez zehaztuko da salaketaren edukia.

Debekatutako jokaeren arrazoizko zantzuak antzematen dituenean, Ikerketen Zuzendaritzak espedienteari hasiera emango dio, eta interesatuei espedienteari hasiera emateko hartutako akordioaren berri emango die.

Beharbada arau-hausteren bat izan dela jakinez gero, Ikerketen Zuzendaritzak isilpean informazioa eskuratzen hasteko aukera izango du, baita gertakari horretan parte hartu duten enpresen egoitzetan ikertzen hasita ere, zehapen-espediente bat izapidetzen hasi aurretik horretarako arrazoirik dagoen edo ez erabakitzeko modua izateko.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, Ikerketen Zuzendaritzak proposatuta, lege honen 1, 2, eta 3. artikuluetan debekatutako jokaerak ustez izateagatik hasi beharreko prozedurak ez hastea erabakitzeko aukera izango du, eta ordura arteko jarduerak artxibatzeko aukera, legea urratu izanaren zantzurik ez dagoela irizten baldin badio.

50. artikulua. Zehapen-espedientea instruitzea.

Espedientearekin hasi eta gero, Ikerketen Zuzendaritzak instrukzioan eman beharreko pausoak emango ditu, gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak zein diren zehazteko.

Lege honen 1. artikuluko 3. paragrafoan xedaturikoa oinarri hartuta babesa eskatzen duten enpresek edo enpresa-elkarteek paragrafo horretan bertan aipatzen diren baldintzak betetzen direla frogatu beharko dute.

3.- Arau-haustea izan daitezkeen gertakariak horien berri zehazki ematen duen plegu batean jasoko dira, eta interesatuei jakinaraziko zaie, horri erantzuteko aukera izan dezaten hamabost eguneko epean, eta, beharrezkoa izanez gero, egoki iritzitako frogak aurkez ditzaten.

4.- Instrukzio-aldian egin beharrekoak eginda, Ikerketen Zuzendaritzak ebazpen-proposamena egingo du, eta interesatuei jakinaraziko zaie, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten hamabost eguneko epean.

5.- Espedientearen instrukzioa egin eta gero, Ikerketen Zuzendaritzak Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseilura igorriko du, espedienteaz batera txosten bat ere izango duelarik, ebazpen-proposamena zein den zehazteko, eta bidezkoa den kasuetan, isunetik salbuesteko edo isuna murrizteko proposamena ere erantsiko zaio espedienteari, lege honen 65 eta 66. artikuluetan jasotakoaz bat.

2. SEKZIOA. ZEHAPEN-PROZEDURAZ EBAZTEA

51. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren kontseiluan ebazteko prozedura.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, bere kabuz edo interesaturen batek hala eskatuta, Ikerketen Zuzendaritzak instrukzio-aldian egindako frogez gainera beste batzuk egiteko erabaki ahal izango du, eta baita beste jarduera osagarri batzuk egiteko erabaki ere, bere iritzia zein izango den erabakitzeko kontu zehatz batzuk argitze aldera.

Beste froga batzuk egiteko edo jarduera osagarriak egiteko akordioaren berri interesatuei jakinarazi beharko zaie, eta kasu horretan, zazpi eguneko epea utziko zaie egoki iritzitako alegazioak aurkezteko modua izan dezaten.

Akordio horretan, ahal den guztietan, froga berriak egiteko zenbat denbora izango den zehaztuko da.

2.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak aginduko dizkion frogak eta jarduera osagarriak egin beharko ditu Ikerketen Zuzendaritzak.

3.- Interesatuek proposatuz gero, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak ikustaldia izan dadila erabakitzeko modua izango du.

4.- Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ustez, Ikerketen Zuzendaritzak egindako proposamenean Kontseiluari aurkezten zaion auziari emandako kalifikazioa ez baldin bada beharbada egokia, beste kalifikazio bat egin eta interesatuei eta Zuzendaritzari aurkeztuko die, hamabost eguneko epean egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten.

5.- Jarduerak amaitutakoan, eta beharrezkoa bada, 2002ko abenduaren 16ko Kontseiluaren 1/2003 Erregelamenduan (CE), Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitako arauak aplikatzearen buruzkoan, esaten denaz bat, Europar Batzordeari informazioa eman ostean, Lehiaren Batzorde Nazionalak ebatzi egingo du.

52. artikulua. Hitzarmen bidezko amaiera.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, Ikerketen Zuzendaritzak proposatuta, debekatutako akordio eta praktiken inguruko zehapen-prozedura amaitzea ebatzi ahal izango du, baldin eta ustezko arau-hausleek konpromiso batzuk hartzea proposatzen badute, eta horien bidez espedientea irekitzea eragin duten jokaerek lehian zituzten ondorioak konpontzen badira eta interes publikoa behar beste bermatzen bada.

Konpromiso horiek lotesleak izango dira eta prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean jasotzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Prozedura ezin izango da artikulu honetan zehazten den moduan amaitu, 50.4. artikuluan aurreikusitako proposamen-txostena aurkeztu eta gero.

53. artikulua.– Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpenak.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpenek ondorengoa adieraziko dute:

a) Lege honetan edo Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81. eta 82. artikuluetan debekatutako jokaerak izan direla.

b) Duten garrantzi txikiagatik, lehiari nabarmen eragiteko gaitasunik ez duten jokaerak izan direla.

c) Ez dela egiaztatu debekatutako praktikarik izan denik.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpenek ondorengoa edukiko dute:

a) Debekatutako jokaerak epe jakin batean bertan behera uzteko agindua.

b) Baldintza edo betebehar jakin batzuk inposatuko dituzte, egiturei edo jarrerei dagozkienak.

Egituren arloko baldintzak jartzeko, ez da egongo eraginkortasun bereko jarreren arloko baldintzarik jarrita, edo nahiz eta jarreren arloko baldintzak izan jarrita, horiek dena delako enpresarentzat egiturazko baldintzak jartzea baino astunagoak izan beharko dira.

c) Interes publikoaren kontrakoak izateagatik debekatutako praktiken ondorioak mugiarazteko agindua.

d) Isunak jarriko dituzte.

e) Jarduerak artxibatuko dituzte, lege honetan aurreikusitako kasuetan.

f) Lege honek baimentzen duen beste edozein neurri.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, Ikerketen Zuzendaritzak proposaturik, zeinak bere kabuz edo aldeetakoren batek eskaturik jardungo duen, bere ebazpenetan jarritako baldintzak eta betebeharrak berrikusteko aukera izango du, ebazpen horiek ematean kontuan izan ziren baldintzetan aldaketa nabarmen eta iraunkorrak izan direla egiaztatzen bada.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, bere kabuz edo aldeetakoren batek eskaturik, berak emandako ebazpenetan ilun ageri diren kontzeptuak argitu edo izandako hutsegiteak ordezkatzeko aukera izango du.

Argitu beharrekoak argitzeko edo gehitu beharrekoa gehitzeko, bost egun balioduneko epea izango da, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita, edo argitzeko edo gehitzeko eskaria egin denetik zenbatzen hasita; dena den, eskari hori jakinarazpena jaso eta hurrengo hiru egunetan egin beharko da, eta epe hori ezin izango da luzatu.

Akats material eta aritmetikoak edozein unetan zuzentzeko modua egongo da.

3. SEKZIOA. KAUTELAZKO NEURRIAK

54. artikulua.- Kautelazko neurriak hartzea.

Espedienteari hasiera emandakoan, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, bere kabuz edo aldeetakoren batek eskaturik, eta Ikerketen Zuzendaritzak proposatuta edo aldez aurretik txostena eginda, egoki iritzitako kautelazko neurriak hartzeko aukera izango du, dena delako unean kaleratuko den ebazpena eraginkorra izango dela ziurtatzeko.

III. KAPITULUA

Kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzeko prozedura

1. SEKZIOA. JAKINARAZPENA

55. artikulua. Kontzentrazio ekonomikoaren jakinarazpena.

Kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzeko prozedura kontzentrazioaren jakinarazpena behar bezala jasotakoak hasiko da, hau da, erregelamendu bidez zehaztutako jakinarazpen-inprimakiaz bat jasotzen denean.

Jakinarazpena aurkeztu aurretik, Lehiaren Batzorde Nazionalari ondorengoei buruzko argibideak eskatzeko aukera egongo da:

a) Dena delako operazioa 7. artikuluan aurreikusitakoen arteko kontzentrazioetako bat den edo ez.

b) Dena delako kontzentrazioak 8. artikuluan derrigorrez jakinarazteari buruz aurreikusitako atalase-maila gainditzen duen edo ez.

Beharbada kontrolatu beharrekoa den kontzentrazio bat dagoela jakinez gero, Ikerketen Zuzendaritzak aldez aurretiko jarduera batzuk egiteko aukera izango du, hain zuzen ere 9. artikuluan esaten denaren arabera derrigorrez jakinarazteko baldintzak gertatzen diren edo ez jakiteko.

Lehiaren Batzorde Nazionalak jakinarazleari edozein informazio-galera edo derrigorrezko agirien galera konpontzeko eskatuko dio, horrela jakinarazpen-inprimakia betetzeko, eta horretarako 10 eguneko epea utziko.

Zuzendu beharrekoa ez bada zuzentzen emandako epearen barruan, jakinarazleak bere eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta Lehiaren Batzorde Nazionalak jarduerak artxibatzeko erabakitzeko aukera izango du.

Lehiaren Batzorde Nazionalak prozeduraren edozein unetan eskatu ahal izango dio jakinarazleari ebatzi ahal izateko beharrekoak diren agiriak edo beste informazio batzuk hamar eguneko epeak aurkezteko.

Jakinarazleak ez baldin badu eskatu zaiona betetzen edo horretarako ezarritako epetik kanpo egiten baldin badu, ez du izango 38. artikuluan aurreikusitako isiltasun positiboaren onuraz baliatzeko aukerarik.

Prozeduraren edozein unetan, Lehiaren Batzorde Nazionalak hirugarren operadoreei egoki iritzitako informazioa eskatzeko aukera izango du, kontzentrazioa behar bezala baloratu ahal izateko.

Era berean, administrazio bereko edo beste administrazio bateko erakundeei ere ebazteko beharrezko iritzitako txostenak eskatuko dizkie.

56. artikulua. Jakinarazpenaren inprimaki laburtua.

Erregelamendu bidez zehaztuko den jakinarazpenen inprimaki laburtu bat aurkezteko aukera egongo da, beste batzuen artean ondorengo egoeretan erabili ahal izateko:

a) Operazioko alderdien artean gainjartze horizontal edo bertikalik gertatzen ez denean, horietako batek ere ez duelako jarduera ekonomikorik burutzen merkatu geografiko berean eta erreferentziazko produktu berarekin, edo produkzio eta merkaturatze-prozesuaren baitan behetik gora edo goitik behera elkarlotutako merkatuetan.

b) Alderdiek merkatuan duten parte hartzeak garrantzi gutxi izanik, horrek lehiari ezin izango dionean nabarmen eragin, erregelamendu bidez zehaztuko denaz bat.

c) Aldeetako batek enpresa baten edo hainbat enpresaren edo enpresa zati batzuen erabateko kontrola eskuratzen duenean, baina horiekiko multzoaren kontrola dagoeneko baduenean.

d) Partizipazio bidezko enpresa bat denean, enpresa horrek ez duenean Espainian jarduerarik burutzen eta burutzerik aurreikusita ez duenean, edo jarduera horiek oso txikiak direnean.

Lehiaren Batzorde Nazionalak jakinarazpenen inprimaki arrunta aurkez dadila eskatzeko aukera izango du, nahiz eta inprimaki laburtua aurkezteko baldintzak betetzen diren, baldin eta bere ustez beharrezkoa bada hala egitea, lehiaren arloan ustez izan daitezkeen arazoez behar bezala ikertzeko.

Kasu horretan, prozedurari buruz ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehienezko epea inprimaki arrunta aurkezten den egunetik hasiko da zenbatzen.

2. SEKZIOA. PROZEDURAREN INSTRUKZIOA ETA EBAZPENA

57. artikulua. Lehen fasearen instrukzioa eta ebazpena.

Jakinarazpena forma egokian jaso ostean, Ikerketen Zuzendaritzak espedientea egin eta txosten bat idatziko du, 10. artikuluan aipatzen diren balorazio-irizpideen arabera, eta ebazpen-proposamena ere idatziko du.

Ikerketen Zuzendaritzak idatzitako txostena eta ebazpen-proposamena oinarri hartuta, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak lehen faseko ebazpena emango du, eta aukera hauek izango ditu horretan:

a) Kontzentrazioa baimenduko du.

b) Baimena emateko, jakinarazleek berek proposatutako konpromiso jakin batzuk betetzea eskatuko du.

c) Prozeduraren bigarren fasearekin ekitea erabakiko du, baldin eta iruditzen bazaio kontzentrazioak merkatu nazional osoko edo zati bateko benetako lehia mantentzeari oztopoak jarriko dizkiola.

d) Kontzentrazioaren berri Europako Batzordera igortzea erabakiko du, 2004ko urtarrilaren 20ko Kontseiluaren 139/2004 erregelamenduan, enpresen arteko kontzentrazioei buruzkoan, 22. artikuluan esaten denaz bat, eta kasuan kasuko jakinarazpena artxibatzea.

Kasu horretan, igorpen horren berri emango zaio jakinarazleari, eta adieraziko zaio gaiaren inguruan erabakitzeko eskumena Europar Batzordeak duela, Batasuneko araudiaz bat, eta, beraz, operazio hori ezingo dela baliatu 38. artikuluan aipatzen den administrazioaren isiltasun positiboaren onurez.

e) Jarduerak artxibatzea erabakiko du, lege honetan aurreikusitako kasuetan.

58. artikulua. Bigarren fasearen instrukzioa eta ebazpena.

Prozeduraren bigarren fasea hasitakoan, Ikerketen Zuzendaritzak kontzentrazioari buruzko ohar labur bat idatziko du, eta ohar horren isilpekotasun kontuekin zerikusia duten gaiak konpondu ostean, jendaurrean jarriko da eta gaiak eragin liezaiekeen pertsona fisiko edo juridikoei jakinaraziko zaie, eta baita Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Kontseiluari ere, 10 eguneko epean alegazioak aurkez ditzaten.

Kontzentrazioak autonomia-erkidego jakin baten lurraldeari modu nabarmenean eragiten badio, Ikerketen Zuzendaritzak derrigorrezko txostena, loteslea izango ez dena, eskatuko dio gaiak eragiten dion autonomia-erkidego horri, eta gorago aipatutako ohar laburraz batera, aurkeztutako jakinarazpenaren kopia ere igorriko dio, isilpekotasun kontuekin zerikusia duten gaiak konpondu ostean, hogei eguneko epean txostena egin dezan.

Kontzentrazioaren ondorioz lehiarentzat sortuko diren ustezko oztopoen berri, gertakari zehatzen plegu batean jasoko da, eta Ikerketen Zuzendaritzak idatziko du. Plegu horren berri interesatuei jakinaraziko zaie, 10 eguneko epean alegazioak egin ditzaten.

Jakinarazleek hala eskatuz gero, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluan ikustaldia izango da.

Ikerketen Zuzendaritzak idatzitako behin betiko ebazpenaren proposamena jaso ostean, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak azken erabakia hartuko du, ebazpen baten bidez, eta aukera hauek izango ditu:

a) Kontzentrazioa baimendu egingo du.

b) Kontzentrazioari baimena emateko, jakinarazleek berek proposatutako konpromiso edo baldintza jakin batzuk betetzea eskatuko du.

c) Kontzentrazioa debekatu egingo du.

d) Jarduerak artxibatzea erabakiko du, lege honetan aurreikusitako kasuetan.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpenak Ekonomia eta Ogasun Ministerioari jakinaraziko zaizkio, interesatuei jakinaraztearekin batera.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak, bigarren fasean hartutako ebazpenaren bidez, kontzentrazio bat debekatu edo kontzentrazioa aurrera eramateko konpromiso edo baldintza batzuk bete beharra eskatzen duen kasuetan, ebazpen horiek ez dira ez eraginkorrak ez betearaztekoak izango, eta ez dute administrazio-bidea amaituko, ondorengo kasuetan:

a) Ekonomia eta Ogasun Ministroak kontzentrazioaren gaia Ministroen Kontseiluan ez aurkeztea erabakitzen duen artean, edo lege honen 36. artikuluan hori egiteko jarritako legezko epea igaro artean.

b) Ekonomia eta Ogasun Ministroak kontzentrazioaren gaia Ministroen Kontseiluan aurkeztea erabakitzen duenean, Ministroen Kontseiluak Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpena berresten duen kontzentrazioari buruzko akordio bat hartu arte, edo lege honen 36. artikuluan hori egiteko jarritako legezko epea igaro artean.

59. artikulua. Konpromisoak aurkeztea.

Kontzentrazio baten ondorioz benetako lehia mantentzeko oztopoak sortzeko arriskua badago, alderdi jakinarazleek, beren ekimenez edo Lehiaren Batzorde Nazionalak eskatuta, arazo hori konpontzeko konpromisoak aurkezteko aukera izango dute.

Konpromisoak proposatzen diren kasuetan, prozeduraz ebazteko eta hori jakinarazteko epea 10 egunez luzatuko da lehen fasean, eta 15 egunez bigarrenean.

Alderdi jakinarazleek proposatutako konpromisoak interesatuei edo beste operadore batzuei jakinarazteko aukera egongo da, hain zuzen ere kontzentrazioaren ondorioz lehiaren ikuspegitik sortutako arazoak zenbateraino konpontzen dituzten ikusteko eta merkatuetan zer nolako eragina izango duten aztertzeko.

60. artikulua.- Ministroen Kontseiluak esku hartzea.

Kontzentrazioari buruz hartutako erabakia Ministroen Kontseiluan aurkezteko aukera izango du Ekonomia eta Ogasun Ministroak, interes orokorreko arrazoiak direla-eta, baldin eta bigarren fasean, Lehiaren Batzorde Nazionalak:

a) Kontzentrazioa debekatzea erabaki badu.

b) Baimena emateko, jakinarazleek berek proposatutako konpromiso jakin batzuk betetzea eskatu badu.

Ekonomia eta Ogasun Ministroaren ebazpena Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinaraziko zaio, horren berri interesatuei jakinarazteaz batera.

Ministroen Kontseiluak aukera hauek izango ditu:

a) Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren ebazpena berrestea.

b) Kontzentrazioa baimentzea erabakitzea, baldintzak jarrita edo jarri gabe.

Erabaki hori behar bezala arrazoituta egon beharko da, interes orokorra oinarri hartuta eta ez lehiaren defentsa, 10. artikuluan zehaztutakoaz bat. Kasuan kasuko erabakia hartu aurretik, Lehiaren Batzorde Nazionalari txostena eskatzeko aukera izango du.

36. artikuluan aipatzen diren epeak igaro eta Ekonomia eta Ogasun Ministroak edo Ministroen Kontseiluak ez baldin badute erabakirik hartu, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluaren bigarren faseko berariazko ebazpena eraginkorra izango da, berehala betearaztekoa, eta adminsitrazio-bidea amaituko du. Ondorengoa erabaki duela ulertu beharko da:

a) Kontzentrazioa baimentzeko, ebazpen horretan aurreikusten diren konpromiso edo baldintzak bete beharko direla.

b) Kontzentrazioa debekatzen duela, eta kasu horretan, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluak ondorengo aukerak izango ditu:

1.- Kontzentrazioari ez ekiteko agintzea, kontzentrazioa oraindik gauzatu ez bada.

2.- Beharrezko neurriak hartzeko agintzea, benetako lehia berriz ere indarrean sar dadin, eta neurri horien artean deskontzentrazioa ere sartuko da, kontzentrazioa dagoeneko gauzatua baldin bazegoen.

Ministroen Kontseiluaren erabakia Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinaraziko zaio, alderdiei jakinarazteaz batera.

V. TITULUA

Zehapen-araubidea

61. Artikulua.- Arau-hausleak.

Lege honetan arau-haustetzat jotako ekintzak edo ez-egiteak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira arau-hausleak.

Lege hau ezartzeari dagokionez, enpresa baten jarduera enpresa hori kontrolatzen duten enpresa edo pertsonei egozteko modukoa izango da, salbu eta lehen enpresa horren jokaera ekonomikoa ez badu erabakitzen azken horietakoren batek.

Enpresen elkarte, batasun edo talde bati isuna jarri eta ez badu isuna ordaintzeko kaudimenik, elkarte horrek elkartea osatzen duten kideei beharrezko zenbatekoa eskatuko die, isuna ordaintzeko modua izateko.

Elkarteari ez bazaio ekarpen hori egiten Lehiaren Batzorde Nazionalak horretarako zehaztutako epearen barruan, kasuan kasuko elkartearen gobernu-organoetan kideak dituzten enpresetako edozeini eskatu ahal izango zaio isuna ordaintzeko.

Lehiaren Batzorde Nazionalak ordaindu behar diotena ordaintzeko aurreko paragrafoan zehaztutako moduan eskatu ostean, arau-haustea gertatu den merkatuan diharduen elkarteko edozein kideri eskatu ahal izango dio saldoa ordaintzeko, hori egitea beharrezkoa bada isuna osorik ordainduko dela bermatzeko.

Dena den, bigarren eta hirugarren paragrafoetan aipatzen dena ordaintzeko ez zaie eskatuko arau-haustea egin duen elkarteko kide izanik ere, elkarte horren erabaki edo gomendioa bete ez dutela frogatzen duten enpresei, eta erabakiaren berri ez zutenei edo berri izanda ere erabaki horretatik aktiboki aldendu zirenei, gertakariak ikertzen hasi aurretik.

Enpresa bakoitzak isuna ordaintzea dela-eta izango duen finantza arloko erantzukizuna ez da izango aurreko ekitaldian guztira izan duen negozio-bolumenaren ehuneko 10ekoa baino handiagoa.

62. artikulua. Arau-hausteak.

Lege honetan zehazturik dauden arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izango dira.

Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Kontzentrazio ekonomikoari buruzko jakinarazpena 9.3.a) eta 9.5 artikuluetan aipatzen diren epeetatik kanpora aurkeztea Lehiaren Batzorde Nazionalari.

b) Lehiaren Batzorde Nazionalak bere kabuz hala eskatu arren, kontzentrazio baten berri ez jakinaraztea, 9.5. artikuluan aurreikusitako moduan.

c) Lehiaren Batzorde Nazionalari ez ematea hark eskatutako informazioa, edo emandakoa osoa ez izatea, akastuna, nahasgarria edo faltsua.

d) 40. artikuluan ezarritakoaren arabera agindutako ikuskapena burutzeari uko egitea.

e) Lehiaren Batzorde Nazionalak egin beharreko ikuskapen-lana edozein bide erabilita oztopatzea.

Beste batzuen artean, ondorengo jokaerak joko dira ikuskatze-lanarentzako oztopotzat:

1.- Ikuskatze-lana burutzen ari dela Lehiaren Batzorde Nazionalak eskatutako liburu eta agiriak ez aurkeztea edo modu ez osatuan, behar ez bezala edo era nahasgarrian aurkeztea.

2.- Lehiaren Batzorde Nazionalak egindako galderei ez erantzutea edo modu ez osoan, zehaztasunik gabe edo modu nahasgarrian erantzutea.

3.- Lehiaren Batzorde Nazionalak jarritako zigiluak haustea.

Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Kolusiozko jokaerak aurrera eramatea lege honen 1. artikuluan aurreikusitako moduan, baldin eta jokaera horiek elkarri lehia egiten ez dioten benetako enpresa edo enpresa potentzialen arteko akordio, erabaki edo gomendio kolektiboak, hitzartutako praktikak edo nahita paraleloak badira.

b) Nagusitasunezko posizioaren abusua, 2. artikuluan aipatzen dena, arau-hauste oso larritzat jotzen ez bada.

c) Lehia askea faltsutzea, egintza desleialen bidez, lege honen 3. artikuluan zehaztutako moduan.

d) Lege honetan aurreikusitakoaz bat kontrolpean zegoen kontzentrazio bat gauzatzea, horren berri Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinarazi aurretik, edo kontzentrazioa baimentzen duen berariazko ebazpena edo isilbidezkoa eman eta betearaztekoa izan aurretik, eta bertan behera uzteko agindua indarrik gabe uztea erabaki ez bada.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Kolusiozko jokaerak aurrera eramatea lege honen 1. artikuluan aurreikusitako moduan, baldin eta jokaera horiek elkarri lehia egiten dioten benetako enpresa edo enpresa potentzialen arteko kartel, akordio, erabaki edo gomendio kolektiboak, hitzartutako praktikak edo nahita paraleloak badira.

b) Lege honen 2. artikuluan aipatzen den nagusitasunezko posizioaz gehiegikeriaz baliatzea, ekintza hori berriki liberalizatutako merkatu batean diharduen enpresa batek burutzen duenean, duen merkatu-kuota ia monopolioa bestekoa denean edo eskubide bereziak edo esklusiboak dituenean.

c) Lege hau ezartzeko orduan emandako ebazpen, akordio edo konpromiso batean esaten dena ez betetzea edo urratzea, bai jokaera murriztaileen arloan zein kontzentrazioak kontrolatzearen arloan.

63. artikulua.- Zehapenak.

Lege honetan xedatutakoa nahita edo utzikeriagatik urratzen duten eragile ekonomiko, enpresa, enpresen elkarte edo batasun nahiz taldeei, ondorengo zehapenak jarriko dizkiete horretarako eskumena duten organoek:

a) Arau-hauste arinen kasuan, araua hautsi duen enpresak isuna jarri zaion ekitaldiaren aurrekoan guztira izan zuen negozio-bolumenaren ehuneko 1era arteko isuna.

b) Arau-hauste larrien kasuan, araua hautsi duen enpresak isuna jarri zaion ekitaldiaren aurrekoan guztira izan zuen negozio-bolumenaren ehuneko 5era arteko isuna.

c) Arau-hauste oso larrien kasuan, araua hautsi duen enpresak isuna jarri zaion ekitaldiaren aurrekoan guztira izan zuen negozio-bolumenaren ehuneko 10era arteko isuna.

Enpresen elkarte, batasun eta taldeek guztira izandako negozio-bolumena zein izan den jakiteko, kide guztien negozio-bolumena zein izan den hartuko da kontuan.

2.- Aurreko paragrafoan aurreikusitako isunaz gainera, arau-hauslea pertsona juridiko bat den kasuetan, legezko ordezkari bakoitzari edo akordio edo erabakian esku hartu duten zuzendaritza-organoetako kide bakoitzari 60.000 eurora arteko isuna ere jartzeko aukera egongo da.

Ez zaie isunik jarriko kide anitzeko administrazio-organotakoak izanik ere bileretan parte hartu ez dutenei, edo kontra bozkatu dutenei edo beren botoa babestu dutenei.

3.- Artikulu honen 1. paragrafoan aipatzen den negozio-bolumena zenbatekoa den zehazterik ez baldin badago, lege honetan aipatzen diren arau-hausteek ondorengo zehapenak izango dituzte:

a) Arau-hauste arinek 100.000 eurotik 500.000 eurora arteko isuna.

b) Arau-hauste larriek 500.001 eurotik 10 milioi eurora arteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriek 10 milioi eurotik gorako isuna.

64. artikulua. Isunen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

Isunen zenbatekoa beste batzuen artean ondorengo irizpideak kontuan izanda zehaztuko da:

a) Arau-hausteak eragiten dion merkatuaren neurria eta ezaugarriak.

b) Erantzulea den edo diren enpresen merkatu-kuota.

c) Arau-haustearen zenbaterainokoa.

d) Arau-haustearen iraupena.

e) Arau-hausteak zer nolako ondorioak izan dituen kontsumitzaile eta erabiltzaileen edo beste operadore ekonomiko batzuen eskubide eta bidezko interesetan.

f) Arau-haustea dela eta bidegabeki zer nolako onurak eskuratu diren.

g) Erantzulea den enpresa bakoitzaren kasuan, zer nolako gertakari astungarri edo aringarriak dauden.

Isunaren zenbatekoa zehazteko orduan, ondorengo inguruabar astungarriak izango dira kontuan, beste batzuen artean:

a) Lege honetan jasotzen diren arau-hausteak behin baino gehiagotan gertatzea.

b) Arau-haustearen erantzule edo sustatzailea izatea.

c) Zilegi ez diren jokaerak inposatzeko edo bermatzeko neurriak hartzea.

d) Ikuskapen-lanetan lankidetzarik ez eskaintzea edo oztopoak jartzea, alde batera utzita hori beste arau-hauste bat izan daitekeela lege honen 62. artikuluan jasotakoaz bat.

Isunaren zenbatekoa zehazteko orduan, ondorengo inguruabar aringarriak izango dira kontuan, beste batzuen artean:

a) Arau-haustea amaitzea eragingo duten jarduerak burutzea.

b) Debekatutako jokaerak benetan ez ezartzea.

c) Egindako kaltea konpontzeko asmoa duten jarduerak burutzea.

d) Lehiaren Batzorde Nazionalarekin modu aktiboan eta eraginkorrean lankidetzan aritzea, baina lege honen 65 eta 66. artikuluetan arautzen diren kasuetatik kanpo, hau da, isunaz salbuetsi edo isuna murrizteko egoeretatik kanpo.

65. artikulua. Isuna ordaindu beharrik ez izatea.

Aurreko artikuluetan ezarritakoa hala izanik ere, Lehiaren Batzorde Nazionalak enpresa edo pertsona fisiko batek jarri dioten isunik ez ordaintzea erabaki ahal izango du, ondorengo kasuetan:

a) Enpresa edo pertsona fisiko hori bada lehena frogazko elementu jakin batzuk aurkezten, eta horiek Lehiaren Batzorde Nazionalari kartel bati buruzko ikuskapen-lana 40. artikuluan zehaztutako moduan aurrera eramateko aukera eskaintzen badiote ustez, baina baldin eta elementu horien berri emateko unean ez baldin badago behar beste datu ikuskapen-lanari ekiteko agintzeko. Edo

b) Enpresa edo pertsona fisiko hori bada lehena frogazko elementu jakin batzuk aurkezten, eta horiek Lehiaren Batzorde Nazionalari kartel bati buruzko 1. artikuluko arau-hauste bat egiaztatzeko aukera eskaintzen badiote ustez, baina baldin eta elementu horien berri emateko unean Lehiaren Batzorde Nazionalak ez baldin badu behar beste datu arau-haustea izan dela egiaztatzeko, eta enpresa edo pertsona fisikoren bat ordaindu beharretik salbuetsita utzi ez bada a) hizkian ezarritakoaren arabera.

Lehiaren Batzorde Nazionalak aurreko paragrafoan aurreikusitako salbuespena onartzeko, eskaera aurkeztu duen enpresak edo, hala bada, pertsona fisikoak ondorengo baldintzak bete beharko ditu:

a) Lehiaren Batzorde Nazionalari erabateko lankidetza jarraia eta arretatsua eskaini beharko dio, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan, ikerketaren administrazio-prozedura guztiak dirauen artean.

b) Ustezko arau-haustean parte hartzeari utzi beharko dio, artikulu honetan aipatzen diren frogazko elementuak ematen dituen unetik, salbu eta Lehiaren Batzorde Nazionalari egokia iruditzen bazaio parte hartzen jarraitzea komeni dela, ikuskapen-lana eraginkorragoa izan dadin.

c) Salbuesteko eskaerarekin zerikusia duen frogazko elementurik ez du deseginda izango, eta beste hirugarren batzuei, alde batera utzita Europar Batzordea edo lehiaren arloko beste agintaritza batzuk, ez die jakinarazita izango, zuzenean edo zeharka, eskaera hau aurkezteko asmoa, edo eskaeraren edukia.

d) Ez du neurririk hartuta izango beste enpresa batzuk arau-haustean parte hartzera behartzeko.

Enpresa bat isuna ordaintzetik salbuesten bada, horrek enpresaren legezko ordezkariei ere eragingo die, edo zuzendaritza-organoetako kide diren pertsonei ere bai, hain zuzen ere akordioan edo erabakian parte hartu dutenak, baldin eta Lehiaren Batzorde Nazionalari lankidetza eskaintzen badiote.

66. artikulua. Isunaren zenbatekoa murriztea.

Lehiaren Batzorde Nazionalak kasuan kasuko isunaren zenbatekoa murrizteko aukera izango du, aurreko artikuluko 1. paragrafoan aipatzen diren baldintzak bete gabe ere, ondorengoa egiten duten enpresa edo pertsona fisikoen kasuan:

a) Ustezko arau-haustearen inguruko frogazko elementu jakin batzuk aurkezten dituztenei, baldin eta horiei esker ordura arte Lehiaren Batzorde Nazionalak zituenei balio handia eransten bazaie.

b) Aurreko artikuluaren 2. paragrafoko a), b) eta c) hizkietan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenei.

Isunaren zenbatekoa zenbateraino murriztu, ondorengo erregelaren arabera kalkulatuko da:

a) Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen duen lehenengo enpresa edo pertsona fisikoak ehuneko 30 eta 50 arteko murrizketa lortzeko aukera izango du.

b) Bigarren enpresa edo pertsona fisikoak ehuneko 20 eta 30 arteko murrizketa lortzeko aukera izango du.

c) Ondorengo enpresa edo pertsona fisikoek isunaren zenbatekoan ehuneko 20ra arteko murrizketa lortzeko aukera izango dute.

Enpresa edo pertsona fisiko batek emandako frogazko elementuei esker beste gertakari osagarri batzuk zehaztea baldin badago, eta horiek isunaren zenbatekoan zuzenean eragiten badute, egoera hori kontuan izango du Lehiaren Batzorde Nazionalak enpresa edo pertsona fisiko horri dagokion isunaren zenbatekoa zehazterakoan.

Enpresa bati dagokion isunaren zenbatekoa murriztea erabakitzen bada, ehuneko berean murriztuko da zilegi ez zen akordio edo erabakian esku hartu duten enpresaren ordezkariei edo zuzendaritza-organoetako kideei zegokiena ere, baina baldin eta Lehiaren Batzorde Nazionalari lankidetza eskaini badiote.

67. artikulua. Hertsatzeko isunak.

Zehapen-isunak jarri eta ordenamenduan aurreikusten diren derrigorrez betetzeko beste neurri batzuk hartzeko aukera izateaz batera, Lehiaren Batzorde Nazionalak eguneko 12.000 eurora arteko hertsatzeko isunak ere jarri ahal izango dizkie enpresei eta enpresen elkarte, batasun eta taldeei eta, orokorrean, agente ekonomikoei, bete beharrekoak betetzeko aldez aurretik eskatu eta gero, ondorengora behartzeko:

a) Jokaera jakin bat bertan behera uztera, lege honetan xedatutakoaz bat debekatzekotzat jo bada.

b) Kontzentrazioa lortzeko operazio bat desegitera, lege honetan xedatutakoaz bat debekatzekotzat jo bada.

c) Lehia murrizten duen jokaera batek eragindako ondorioak eraldatzera.

d) Lehiaren Batzorde Nazionalaren ebazpenetan edo Ministroen Kontseiluen akordioetan hartutako akordioak edo jarritako baldintzak betetzera, lege honetan aurreikusitakoaz bat.

e) Lehiaren Batzorde Nazionalaren edo Ministroen Kontseiluaren ebazpen, errekerimendu edo akordio batean agindutakoa betetzera.

f) 39. artikuluan ezartzen den lankidetzaren betebeharra betetzera.

g) Kautelazko neurriak betetzera.

68. artikulua. Arau-hausteen eta isunen preskripzioa.

Arau-hauste oso larriak lau urteren buruan preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta arinak urtebetera.

Preskribitzeko epea arau-haustea egin den unetik hasiko da zenbatzen, edo behin eta berriz egindako arau-hausteen kasuan, horiek egiteari utzi zaionetik.

Arau-hauste oso larriak direla eta jarritako isunak lau urtera preskribituko dira, arau-hauste larriengatik jarritakoak 2 urtera, eta arau-hauste arinengatik jarritakoak urtebetera.

Preskripzioa eten egingo da administrazioak interesatuari formalki jakinarazita burututako edozein ekintzagatik, legeak dioena betetzea helburu duenean, edo interesatuek, kasuan kasuko ebazpenak ziurtatu, osatu edo betearazteko burututako ekintzengatik.

69. artikulua.- Zehapenen publizitatea.

Lege hau ezartzea dela eta jarritako isunak, horien zenbatekoa, arau-hausteen izena eta burututako arau-haustea publikoak izango dira, erregelamendu bidez zehaztutako modu eta baldintzetan.

70. artikulua. Ezarriko den araubidea eta organo eskudunak.

62. artikuluan aurreikusitako arau-hausteen kasuetan izan ezik (lege honen 1., 2. eta 3. artikuluei dagozkie), titulu honetan aurreikusitako isunak jartzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta hori garatuko duen araubidean ezarritakoa izango da.

Dena den, ebazteko gehienezko epea bertan behera uzteko aukera egongo da, lege honen 37. artikuluetan aurreikusitako kasuetan.

Ikerketen Zuzendaritza izango da zehapen-prozedurarekin hasi eta instrukzioa egiteko eskumena izango duen organoa, eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseilua ebazteko eskumena izango duena.

Lehen xedapen gehigarria.

Merkataritza arloko epaitegiak.

Aginte Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoaren 86 ter artikuluaren 2. paragrafoko f hizkian xedatutakoaz bat, merkataritza arloko epaitegiek aztertuko dituzte zibil arloko auzien jurisdikzioko kontu guztiak, lege honen 1. eta 2. artikuluak ezartzeko prozedurei dagokienez.

Bigarren xedapen gehigarria.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzea.

Bat.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean 15 bis artikulua sartu da, eta ondorengoa dio:

15 bis artikulua.

Lehia babesteko prozesuetan esku hartzea.

Europar Batzordeak, Lehiaren Batzorde Nazionalak eta autonomia-erkidegoetan beren eskumenen arloan lehiaren arloko eskumenak dituzten organoek, prozesuko alderdi izan gabe ere, esku hartzeko aukera izango dute, beren kabuz edo organo judizial batek eskatuta, hain zuzen ere Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak edo Lehia Defendatzeko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzeari buruzko informazioa emanda edo idatzizko oharrak aurkeztuta.

Kasuan kasuko organo judizialak baimena emanez gero, ahozko oharrak egiteko aukera ere izango dute.

Horretarako, organo judizial eskudunari dena delako gaiari buruzko beharrezko dokumentu guztiak bidaltzeko edo bidalarazteko eskatuko diote, gaiaren balorazioa egiteko modua izateko.

Informazioa emateko eskatzen denean, horren barruan ez dira sartuko Lehia Babesteko Legearen 65 eta 66. artikuluetan aurreikusitako isunetatik salbuesteko edo isuna murrizteko inguruabarrak direla eta eskuratutako datu edo dokumentuak.

Europar Batzordeak, Lehiaren Batzorde Nazionalak eta autonomia-erkidegoetan beren eskumenen arloan lehiaren arloko eskumenak dituzten organoek aurreko zenbakian aurreikusten diren informazioa edo oharrak aurkezteari dagokionez, lege honen 433. artikuluan aipatzen den epaiketa izan baino hamar egun lehenago aurkeztu beharko dituzte, edo aurkeztutako errekurtsoari aurka egin edo inpugnatzeko epearen barruan.»

Bi.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 212. artikulua aldatu da, eta beste zenbaki bat erantsi zaio, 3.a izango dena; honela dio:

Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak eta Lehia Babesteko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzeari buruzko prozedurak direla eta emandako epaiak Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinaraziko dizkio idazkari judizialak.»

Hiru.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 249. artikulua aldatu da, eta beste tarteki bat erantsi zaio, 4.a izango dena; honela dio:

«4.- Lehia desleial, lehiaren defentsa (Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak edo Lehia Defendatzeko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzearen ondorioz), jabego industrial eta publizitatearen arloan aurkeztutako demandak, baldin eta horiek ez badira soilik kopuru jakin batzuk eskatzera mugatzen; izan ere, hala bada, dagokien prozeduraren arabera izapidetuko dira, eskatzen den kopurua zein den kontuan izanda.

Dena den, lege honen 250. artikuluaren 1. paragrafoaren 12. puntuan xedatutakoa bete beharko da, publizitatearen arloan kontsumitzaile eta erabiltzaileek dituzten interes kolektiboak eta interes difusoak defendatzearen aldeko zesazio-ekintza gauzatzea denean kontua.»

Laugarrena.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 404. artikulua aldatu da, eta beste paragrafo bat erantsi zaio; honela dio:

«Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak edo Lehia Defendatzeko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzekoak izango diren prozesuetan, idazkari judizialak demanda onartu duen autoaren berri eman beharko dio Lehiaren Batzorde Nazionalari, aurreko paragrafoan zehaztutako epean.»

Bost.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean 434. artikulua aldatu da, eta beste zenbaki bat erantsi zaio, 3.a izango dena; honela dio:

Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak edo Lehia Defendatzeko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzeari buruzko prozeduretan, epaia emateko epea bertan behera uzteko aukera egongo da, auzitegiak jakiten badu administrazio-espediente bat badela horretaz Europar Batzordean, Lehiaren Batzorde Nazionalean edo autonomia-erkidegoetan arlo horretako eskumenak dituzten organoetan, eta beharrezkoa bada, epaia emateko, administrazio-organoaren iritziaren berri izatea.

Epearen etete hori erabakitzeko arrazoiak eman beharko dira, aldez aurretik alderdiek diotena entzun eta gero, eta administrazio-organoari jakinaraziko zaio.

Era berean, administrazio-organoak bere ebazpena auzitegira igorriko du.

Prozesua etengo duen autoaren aurka berraztertzeko errekurtsoa baino ezin izango da aurkeztu.»

Sei.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean 461. artikulua aldatu da, eta beste zenbaki bat erantsi zaio, 5.a izango dena; honela dio:

Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak edo Lehia Defendatzeko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzekoak izango diren prozesuetan, idazkari judizialak gora jotzeko errekurtsoa aurkezten duen idazkiaren berri eman beharko dio Lehiaren Batzorde Nazionalari.»

Zazpi.

Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean 465. artikulua aldatu da, eta beste zenbaki bat erantsi zaio, 5.a izango dena; honela dio:

5.- Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak edo Lehia Defendatzeko Legearen 1. eta 2. artikuluak ezartzeari buruzko prozeduretan, epaia emateko epea bertan behera uzteko aukera egongo da, auzitegiak jakiten badu administrazio-espediente bat badela horretaz Europar Batzordean, Lehiaren Batzorde Nazionalean edo autonomia-erkidegoetan arlo horretako eskumenak dituzten organoetan, eta beharrezkoa bada, epaia emateko, administrazio-organoaren iritziaren berri izatea.

Epearen etete hori erabakitzeko arrazoiak eman beharko dira, aldez aurretik alderdiek diotena entzun eta gero, eta administrazio-organoari jakinaraziko zaio.

Era berean, administrazio-organoak bere ebazpena auzitegira igorriko du.

Prozesua etengo duen autoaren aurka berraztertzeko errekurtsoa baino ezin izango da aurkeztu.»

Hirugarren xedapen gehigarria.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren komunikazioak.

Lehiaren Batzorde Nazionalak komunikazioak argitaratzeko aukera izango du, lege hau ezartzeko orduan bere jarduera bideratzen duten printzipioen berri emateko.

Zehazki esanda, lege honen 1. artikulutik 3.era artekoei buruzko komunikazioak argitaratzeko, Lehiaren Defentsarako Kontseiluaren iritzia entzun beharko da.

Laugarren xedapen gehigarria.

Definizioak.

Lege honetan aurreikusitakoetarako, ondorengoa izango da enpresa: jarduera ekonomiko bat burutzen duen edozein pertsona edo erakunde, erakunde horren estatutu juridikoa eta finantzatzeko modua dena delakoa izanik ere.

Lege honetan xedatutakoetarako, ondorengoa izango da kartela: bi lehiatzaile edo gehiagoren arteko isilpeko edozein akordio, horien helburua ondorengoetako bat bada, alegia, prezioak, ekoizpen-kuotak edo salmenta-kuotak finkatzea, merkatuak elkarren artean banatzea (tartean direla iruzurrezko enkanteak), edo inportazio edo esportazioak murriztea.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Beste arau batzuetan lehiaren arloko organo nazionalei egiten zaizkien erreferentziak.

Lehiaren Batzorde Nazionala izango da Lehiaren Agintaritza Nazionala, Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan lehiari buruz aurreikusitako arauak ezartzeari buruzko 2002ko abenduaren 16ko Kontseiluaren 1/2003 Erregelamenduan jasotzen direnen ondorioetarako.

Indarrean dagoen legerian Lehia Babesteko Epaitegiari eta Lehia Babesteko Zerbitzuari egindako erreferentziak Lehiaren Batzorde Nazionalari buruzkoak direla ulertu beharko da.

Dena den, otsailaren 21eko 1/2002 legean, Lehia Defendatzeko Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko Eskumenak Koordinatzeari buruzkoan, Lehia Babesteko Epaitegiari eta Lehia Babesteko Zerbitzuari egindako erreferentziak, hurrenez hurren, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluari eta Ikerketen Zuzendaritzari egindakoak direla ulertu beharko da.

Gorago esandakoa hala izanik ere, Lehia Babesteko Kontseiluaren lehendakaria Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakaria izango da.

Seigarren xedapen gehigarria.

Lehia Babesteko Epaitegia eta Lehia Babesteko Zerbitzua iraungitzea.

Iraungi egin dira Lehia Babesteko Epaitegia zen erakunde autonomoa eta Lehia Babesteko Zerbitzua.

Lehia Babesteko Epaitegiaren eta Lehia Babesteko Zerbitzuaren baliabide materialak Lehiaren Batzorde Nazionalera eskualdatuko dira, eta Batzorde Nazionalak beste bion titularitatekoak diren eskubide eta betebeharrak eskuratuko ditu, ahalik eta baliabide gehien aurreztea lortzeko.

Lege hau indarrean sartzean beren zerbitzuak Lehia Babesteko Epaitegian eta Lehia Babesteko Zerbitzuan burutzen dituzten funtzionarioak eta gainerako langileak Lehiaren Batzorde Nazionalaren baitako langile bihurtuko dira.

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea aldatzea.

Bat.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6. artikulua beste modu batean idatzi da; honela dio orain:

«6.- Etxebizitzetara eta barrura sartzeko titularraren baimena behar den gainerako lekuetara sartzeko baimenez ere administrazioarekiko auzien epaitegiak arduratuko dira, baldin eta hori egitea beharrezkoa bada administrazio publikoaren egintzak derrigorrez betearazteko.

Era berean, administrazioarekiko auzien epaitegien ardura izango da osasun arloko agintaritzek osasun publikoarentzat premiazkotzat eta beharrezkotzat jotako neurriak baimentzea edo berrestea, baldin eta neurri horien ondorioz askatasuna edo oinarrizko beste eskubideren bat kendu edo mugatu egiten bada.

Gainera, administrazioarekiko auzien epaitegien ardura izango da Lehiaren Batzorde Nazionalak etxebizitza, lokal, lursail edo garraio-bideren bat ikuskatzea erabaki badu, horretarako baimena ematea, baldin eta dena delako lekuan sartu eta hori ikuskatzeko titularraren baimena eskatuta, titularrak uko egiten badio horri edo uko egiteko arriskua badago.»

Bi.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10,1. artikulua beste modu batean idatzi da; honela dio orain:

10. artikulua. Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salen eskumenak.

Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salek ondorengo gaien inguruan aurkeztuko diren errekurtsoak aztertuko dituzte, auzialdi bakarrean:

a) Toki-erakundeen eta autonomia-erkidegoetako administrazioen egintzak, horiez ebaztea ez baldin badago Administrazioarekiko Auzien Epaitegien esku utzita.

b) Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek emandako xedapen orokorrak.

c) Autonomia-erkidegoetako legebiltzarren eta erakunde autonomikoetan Kontu Epaitegiaren eta Herri Defendatzailearen baliokideak diren gobernu-organoen egintza eta xedapenak, hain zuzen ere langileen, administrazioaren eta ondarearen kudeaketaren arlokoak direnean.

d) Eskualdeetako eta tokiko Auzitegi Ekonomiko Administratiboen egintzak eta ebazpenak, bide ekonomiko administratiboa amaitzen dutenean.

e) Eskualdatutako tributuen arloan Auzitegi Ekonomiko Administratibo Zentralak emandako ebazpenak.

f) Probintzietako eta autonomia-erkidegoetako hauteskunde-batzordeen egintza eta xedapenak, eta hautetsiak izendatzearen eta toki-korporazioetako lehendakariak hautatu eta izendatzearen inguruan hauteskunde-batzordeek hartutako erabakien aurka jarritako hauteskunde-auzietako errekurtsoak, hauteskundeen legerian esandakoaz bat.

g) Administrazio publikoen arteko hitzarmenak, horien eskumenak kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren barruan gauzatzen direnean.

h) Biltzeko Eskubidea arautzen duen uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoan aurreikusitako bilerak debekatzea edo horiek aldatzeko proposamena.

i) Estatuko administrazio orokorreko organoen egintzak eta ebazpenak, organo horien eskumena estatuko lurralde osokoa bada eta organikoki ministroa edo estatu-idazkaria baino beheragokoa, eta arloa, berriz, langile, jabego berezi eta derrigorrezko desjabetzeak.

j) Autonomia-erkidegoetan Lehia Defendatzeko Legea ezartzeko eskumena duten organoen egintzak eta ebazpenak.

k) Jurisdikzio honen beste organo batzuen esku berariaz utzi ez diren gainontzeko administrazio-jarduera guztiak.»

Hiru.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen laugarren xedapen gehigarriko 3. paragrafoa aldatu egin da; honela geratu da:

Lehiaren Batzorde Nazionalaren lehendakariaren eta Kontseiluaren ebazpenak eta egintzak, zuzenean eta instantzia bakarrean, Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzien salan.»

Zortzigarren xedapen gehigarria.

Lehiaren Batzorde Nazionalari eta bertako zuzendaritza-organoei buruzko aipamenak.

Lege honetan Lehiaren Batzorde Nazionalari eta bertako zuzendaritza-organoei buruz egiten diren erreferentziak, hain zuzen ere eginkizun, administrazio-ahalmen eta prozedurei buruzkoak, autonomia-erkidegoetan arlo horretako eskumenak dituzten instrukzio- eta ebazpen-organoei buruzkoak ere badirela ulertuko da, erreferentzia horiek lege honen 13. artikuluan aurreikusitako eskumenen ingurukoak direnean.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Lehiaren Batzorde Nazionalarentzako laguntza juridikoa.

Lehiaren Batzorde Nazionalarentzako laguntza juridikoa, hau da, aholkularitza ematea, ordezkatzea eta epaiketetan defendatzea, Estatuarentzako eta Erakunde Publikoentzako Laguntza Juridikoa arautzen duen azaroaren 27ko 52/1997 Legean esaten denaz bat burutuko da.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Estatuak eta autonomia-erkidegoek lehia babesteko dauzkaten eskumenak koordinatzeko otsailaren 21eko 1/2002 Legea aldatzea.

Bat.

Estatuak eta autonomia-erkidegoek lehia babesteko dauzkaten eskumenak koordinatzeko otsailaren 21eko 1/2002 Legearen 5. artikuluko Bat.3 zenbakia aldatu egin da; honela geratu da:

Estatuko administrazio orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko partaidetzarako eta lankidetzarako organoa denez, Lehia Babesteko Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:

a) Herri-administrazioek lehia babeste aldera darabilten politikaren jarraipena egitea, aldian-aldian.

b) Informazio-trukaketa sustatzea eta, lehia babesteko arauak aplikatzeko orduan administrazioek zein irizpide erabili dituzten argitze aldera, horretarako azterlanak egitea eta argitaratzea sustatzea, eta, beharrezkoa bada, irizpide horien berdintasun-beharra sustatzea.

c) Lehia babestearen arloan, autonomia-erkidegoen exekuzio-eskumenpean diren gaiak ukitzen dituzten xedapen-egitasmo orokorrei buruzko txostenak egitea.

d) Jarraibideak idaztea, lege honen 1. artikuluaren 2. paragrafoa nola interpretatu behar den azaltzeko.»

Bi.

Estatuak eta autonomia-erkidegoek lehia babesteko dauzkaten eskumenak koordinatzeko otsailaren 21eko 1/2002 Legearen 5. artikuluko Bi. b) hizkia aldatu egin da; honela geratu da:

b) Lehiaren Batzorde Nazionalak, beste alde batetik, jaso dituen salaketa guztiak eta ofizioz egindako jarduera guztiak ohar labur batean bildu, eta autonomia-erkidegoetako organoetara bidali behar ditu, baldin eta tartean arau-hausteen arrazoizko zantzurik badago. Halakoetan, oinarrian dagoen jokabideak dena delako autonomia-erkidegoarekin zerikusia izan behar du.»

Hiru.

Estatuak eta autonomia-erkidegoek lehia babesteko dauzkaten eskumenak koordinatzeko otsailaren 21eko 1/2002 Legearen 5. artikuluaren laugarren paragrafoa aldatu egin da; honela geratu da:

Lehiaren Batzorde Nazionalak, bereak diren eginkizunak aurrera eramaterakoan, autonomia-erkidegoko organoari derrigorrezko txosten ez loteslea igortzeko eskatuko dio, horretarako hogei eguneko epea emanda, hain zuzen ere Lehia Babesteko Legearen 1, 2 eta 3. artikuluetan edo Europako Erkidegoaren Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetan aurreikusitako jokaerekin zerikusia izango duena, baldin eta jokaera horrek autonomia-erkidegoa baino handiagoko eremu bati edo merkatu nazionalari eraginda ere, kasuan kasuko autonomia-erkidegoan eragin berezia badauka.

Horretarako, Lehiaren Batzorde Nazionalak kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo autonomikora gertakarien berri ematen duen pleguaren kopia igorriko du, eta halakorik izanez gero, baita salaketaren, bestelako dokumentuen eta egindako proben kopiak ere, hau da, espedientean jasotako agirien berri emango dio organo autonomikoari, eta pleguan interesatu gisa ageri direnei horren berri jakinaraziko zaie.

Lehiaren Batzorde Nazionalak kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo autonomikoari jokaera horien inguruko prozedurari amaiera emateko hartutako akordioen eta ebazpenen berri emango die, bai instrukzio-fasean zein ebazpen-fasean.»

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Estatuko administrazio orokorraren antolaketa eta funtzionamenduaren apirilaren 14ko 6/1997 Legea aldatzea.

Estatuko administrazio orokorraren antolaketa eta funtzionamenduaren apirilaren 14ko 6/1997 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian, 1. paragrafoan aipatzen diren erakundeen artean ondorengoa erantsi da: 1.- «...Lehiaren Batzorde Nazionala».

Lehen xedapen iragankorra.

Formalki hasitako prozedurak.

Debekatutako jokaeren inguruan lege hau indarrean sartu baino lehen hasitako zehapen-prozedurak hasitako unean indarrean zeuden xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Kasu guztietan iraungitzat joko dira Lehia Babesteko uztailaren 17ko 16/1989 Legearen 4. artikuluan esandakoa betez aurkeztutako eskabideak.

Kontzentrazioen inguruan lege hau indarrean sartu baino lehen hasitako kontrol-prozedurak, hasitako unean indarrean zeuden xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Aurreko paragrafoetan aipatzen diren prozedurak izapidetzeaz ari garela, Lehia Defendatzeko Auzitegiari eta Lehia Defendatzeko Zerbitzuari egiten zaizkion erreferentziak, hurrenez hurren, Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluari eta Ikerketen Zuzendaritzari egindakoak direla ulertu beharko da.

Bigarren xedapen iragankorra.

Lehiaren Batzorde Nazionala eratzea.

Lege honen seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa hala izanik ere, Lehia Babesteko Auzitegiaren lehendakaria eta bertako kideak Lehiaren Batzorde Nazionaleko lehendakari eta kontseilariak izango dira, beren agintaldia amaitu artean, eta gero ezin izango dituzte berriz kargu bererako izendatu.

Lehiaren Batzorde Nazionala osatzen duten kideen kopurua lege honen 20.b) eta 33.1 artikuluetan xedatutakora egokitzeko, sei kontseilarira arteko murrizketa gutxika-gutxika egingo da, hau da, Lehia Defendatzeko Auzitegiko lehendakariaren eta kideen agintaldia amaitu ahala, hain zuzen ere aurreko paragrafoan zehaztutako moduan.

Kontseilari berriak izendatzeari, geratzen den kontseilari kopurua sei baino gutxiagokoa den unetik ekingo zaio.

Lege hau indarrean sartzen denetik hiru hilabeteko epean, Ikerketen zuzendaria izendatuko da.

Izendapen hori egiten ez den artean, lehia defendatzeko zuzendari nagusiak bere eginkizunak burutzen jarraituko du.

Xedapen indargabetzailea.

Lege honen bidez indarrik gabe geratzen da Lehia Babesteko uztailaren 17ko 16/1989 Legea, eta baita lege honetan aurreikusitakoarekin bat ez datozen maila bereko edo apalagoko gainontzeko xedapen guztiak ere.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa hala izanik ere, eta lege honetan xedatutakoaren kontra ez doazen neurrian, eta gobernuak erregelamendu berriak onartzen ez dituen artean, indarrean jarraituko dute ondorengo biok: batetik, abenduaren 21eko 1443/2001 Errege Dekretuak, Lehia Babesteko uztailaren 17ko 16/1989 Legea garatzen duenak, kontzentrazio ekonomikoak kontrolatzeari dagokionean; bestetik, Lehia Babesteko uztailaren 17ko 16/1989 Legea garatzen duen martxoaren 28ko 378/2003 Errege Dekretuaren I. kapituluko 2. eta 3. artikuluek, II. kapituluko 14 eta 15. artikuluaren 1.tik 4.era arteko paragrafoek, eta III. Kapituluak (kategorien araberako salbuespenak, baimentze bereziak eta lehia babesteko erregistroa arautzen dira horietan).

Lehendabiziko azken xedapena.

Eskumen-tituluak.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.13 artikuluaren babesean eman da.

Aurrekotik salbuetsita daude ondorengo aginduak:

Lehen xedapen gehigarria, Konstituzioaren 149.1.5 artikuluaren babesean eman baita.

12. artikuluaren 3. eta 16. paragrafoak, eta bigarren, zazpigarren eta bederatzigarren xedapen gehigarriak, Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren babesean eman baitira.

23. artikulua, Konstituzioaren 149.1.14 artikuluaren babesean eman baita.

Azken xedapenetako bigarrena.

Araugintzako gaikuntza

Gobernuak eta Ekonomia eta Ogasun ministroak, lege honetan aurreikusitakoaz bat eta bakoitzak bere eskumenen esparruan, lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak izango diren erregelamendu mailako arauak emateko ahalmena izango dute.

Zehazki esanda, baimena ematen zaio Gobernuari, 6 hilabeteko epean lege hau garatuko duten erregelamenduzko xedapenak eman ditzan, ondorengo arlootan: prozedurak, garrantzi gutxieneko jokaeren tratamendua, eta kartelen aurkako borrokan lankidetza eskainiko duten enpresekin erabiliko den klementzia-sistema edo isuna barkatu edo murrizteko bidea zehaztea.

Era berean, baimena ematen zaio Gobernuari, aldez aurretik Lehiaren Batzorde Nazionalaren txostena jaso ostean, lege honen 8. artikuluan ezarritako atalaseak alda ditzan, errege-dekretu bidez.

Dena den, Lehiaren Batzorde Nazionalak hiru urtean behin balorazioa egingo du, atalase horien aplikazioa zertan den jakiteko, eta beharrezkoa bada, Gobernuari horiek aldatzeko eskatzeko.

Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseilua eratu eta hiru hilabete igaro ostean, Ministroen Kontseiluak, Lehiaren Batzorde Nazionalaren txostena jaso ostean, batzorde horren estatutuak onartuko ditu, errege-dekretu bidez, eta estatutu horietan Lehiaren Batzorde Nazionalaren funtzionamendu eta jarduera-erregimenari buruzko kontu guztiak jasoko dira, lege honetan aurreikusitakoekin bat beharrezkoak direnak. Bereziki ondorengo kontuak zehaztuko dira estatutuetan:

a) Lehiaren Batzorde Nazionalaren egitura organikoa,

b) dituen organoen artean eskumenak banatzeko modua,

c) langileen erregimena.

Era berean, Gobernuari baimena ematen zaio errege-dekretu bidez Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren egiturari buruzko araudia alda dezan, lege honetan aurreikusten den egitura instituzional berrira egokitzeko.

Azken xedapenetako hirugarrena.

Indarrean sartzea.

Lege hau 2007ko irailaren 1ean sartuko da indarrean.

Aurreko paragrafoan esandakoa hala izanik ere, legen honen 65 eta 66. artikuluak horiek garatuko dituen erregelamenduak indarra izatean sartuko dira indarrean.

Beraz, espainiar guztiei, banakoei nahiz agintariei, agintzen diet bete eta betearaz dezatela lege hau.

Madrilen, 2007ko uztailaren 3an.

JUAN CARLOS, errege.

Gobernuaren lehendakaria,

JOSÉ LUIS RODRÍGUEZ ZAPATERO

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra