13/2013 Legea, abuztuaren 2koa, nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiba eta beste elkarte batzuen integrazioa sustatzekoa
2013-08-02Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2013/8/3, 185. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
8555
13/2013 Legea, abuztuaren 2koa, nekazaritzako elikagaien arloko kooperatiba eta beste elkarte batzuen integrazioa sustatzekoa.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusi eta aditzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
HITZAURREA I
Nekazaritza arloko asoziazionismoa, fenomeno orokor gisa, eta, kooperatibak batez ere, Espainiako nekazaritzako elikagaien sektoreak izan duen aldaketa handiaren protagonistak dira. Lurraldea egituratzen eta nekazaritza-jarduerari jarraipena ematen lagundu dute, landa-inguruneko enplegua sustatuz eta garapen ekonomiko eta sozialaren sustatzaile izateko gaitasun berezia erakutsiz eta, modu horretan, gure landa-inguruneen bideragarritasun eta iraunkortasuna bultzatuz.
Horrela, esate baterako, kooperatiben sektorea 4.000 bat erakundek eta 1.200.000
bazkidek osatzen dute, eta, Espainiako nekazaritzako elikagaien produkzio osoa aintzat hartuta, funtsezkoa da gure nekazaritzako elkarteen sarearen barruan, 2011n 17.405 euro fakturatu baitzituen. Horretaz gain, kontuan hartzekoak dira kooperatiba ez diren elkarteak ere, gero eta gehiago baitira; esate baterako, eraldaketarako nekazaritza sozietateak (SAT), produktoreen organizazioak eta merkataritza erakundeak eta erakunde zibilak. Elkarte horiek, Espainiako nekazaritza-produkzioaren lehen sektorea egituratzen dute, eta, horretaz gain, landa-inguruneko herritarrek eskatzen dituzten zerbitzu berriak eskainiz, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen dute, eta modu horretan, lurralde-kohesioa hobetzen lagundu.
Hala ere, atomizazioa da sektore honen ezaugarri nagusietako bat, eta, beraz, ondoen egituratuta dauden erakundeek ere ez dizkiete etekinik ateratzen beren ahalegin eta inbertsioei. Horrela, bada, kooperatiba edo elkarte izaeradun komertzializazio-taldeak sustatzeko eta integratzeko neurriak jarri behar dira martxan, autonomia-erkidegoaz gaindiko ezarpena eta jarduera-esparrua izango dutenak, nekazaritzako elikagaien kate osoan jarduteko gai direnak, merkatu nazionaletan zein nazioartekoetan, eta nekazarien errenta hobetzen eta gure landa-inguruneetako nekazaritzako elikagaien industria-sare bat sendotzen lagunduko dutenak.
II Atomizazio horrek eragiten dituen eragozpenak zuzentzeko, Gobernuaren lehentasunezko jarduera-ardatzetako bat kooperatiba eta elkarteen integrazioa sustatu eta bultzatzea izango da, erakunde horien lehiakortasuna, egokitzapena, modernizazioa eta nazioartekotzea bultzatuko duelakoan horrek, herrialdearen ekonomia eta lehiakortasuna hobetzeko erreforma estrukturalen esparruan.
Horretarako, integrazioa eragozten duten zenbait oztopo gainditu behar dira, aurreko Nekazaritzako Politika Bateratuak (NPB) eragindakoak (desagertzekotan diren erregulazio-mekanismo desberdinekin), baita nazioarteko merkatuen aldakortasunak eta elkarteen sektorearen ikuspegi lokalistak eragindakoak ere, komertzializazioaren alorrean behar beste garatu gabeko sektorea baita. Horrek guztiak mugatu egiten du eskala- eta irismen-ekonomien aprobetxamendu efizientea, integrazio-prozesu orok berekin dakarrena.
III
Produkzio sektorearen komertzializazio-ahalmena eta ahalmen ekonomikoa bultzatzeak, batez ere kooperatibak eta nekazaritza-elkarteen alorreko gainontzeko forma juridikodun elkarteak integratzearen bidez, balioa sortzen duen eta errentagarriagoa, lehiakorragoa eta profesionalizatuagoa den elkarte-eredu enpresariala lortzea ahalbidetzen du. Elkarteen egiturak indartuta, nekazaritza-egituretan teknologia berriak sartzea eta berrikuntza bultzatzen dira. Modu horretan, lehiakortasuna eta efizientzia areagotzen dira; hau da, nazioarteko merkatuetan eraginkorrago lehiatzeko gaitasuna areagotzen da.
Hori guztia kontuan hartuta, lege honen xedea da nekazaritza-kooperatiben eta nekazaritzako elikagaien alorreko beste elkarte mota batzuen fusioa eta integrazioa bultzatzea, etorkizuneko NPBren esparruan, eta bertan sartzen dira hainbat kooperatibaenpresa biltzen dituzten kooperatiba-taldeak ere. Talde horietan, taldeburu gisa jarduten duen erakunde bat izaten da, taldeko kideek nahitaez bete behar dituzten jarraibideak ematen edo ahalmenak gauzatzen dituena, modu horretan, ahalmen horien esparruan erabaki-batasun bat emanez. Hori dela eta, funtsezkoa da nekazaritzako elikagaien lehentasunezko elkartearen figura sortzea.
Legeak ezartzen dituen sustapen-politikak bere lurralde-esparruko jardueretarako landa-garapeneko programetan jasota dauden laguntzak lehenestera bideratutako neurrien inguruan egituratzen dira, dagozkien arau erregulatzaileekin bat etorriz eta Europako eta lehiari buruzko araudia errespetatuta.
Ildo horretan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta autonomiaerkidegoek elkarteak bultzatzeko politikak berrikusi eta Elkarteak Integratzeko Estatuko Plan bat egingo dute, lege honetan ezarritako helburuak lortzeko politika horiek koordinatzeko xedez, eta, horrela, produkzio-sektorea ahultzen duten oztopoak kendu eta integrazioa sustatzeko neurri legal eta ekonomikoak ezartzeko.
Era berean, kooperatiba-taldeak eta beste elkarte batzuen taldeak eratzea bultzatuko da, nekazaritzako elikagaien lehentasunezko elkarte izaera har dezaten, eta, horrela, sozietateen eta zergen alorrean araudi egokia izan dezaten.
Lege honen bidez sustatzen diren lehentasunezko elkarteak sortzean eta aitortzean, gerta liteke, kasu batzuetan, jatorrizko erakundeak desagertzea, erakunde berri batean integratzen baitira, edo, beste batzuetan, absortzioz desagertzea, dagoeneko baden erakunde bat aitortzea edo erakunde berri gisa sortzea, oinarrizko jatorrizko erakundeei eutsiz; horiek goragoko mailako erakunde gisa eratzen dira, eta jatorrizko erakunde horien kide guztien produkzioaren baterako komertzializazioarekin lortuta dauden zereginak hartzen dituzte.
Lege honen bost kapituluetan 6 artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta bost azken xedapen daude.
I. kapituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu: xedea, aplikazio-eremua eta helburuak.
II. kapituluan, lehentasunezko elkarteek, aitortuak izan daitezen, bete behar dituzten baldintzak ezartzen dira.
III. kapituluan, sortzen diren elkarteen zein elkarte horiek osatzen dituztenen eta produktoreen lehentasunezko egoeretan aurreikusten diren laguntza eta onurak jasotzen dira.
IV. kapituluak Lehentasunezko Elkarteen Erregistro Nazionala sortzen du, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Elikagaien Industriako Zuzendaritza Nagusiari atxikia.
V. kapituluan, laguntzen finantziazio-araubidea eta autonomia-erkidegoen laguntza arautzen dira.
Xedapen iragankorrak aldi baterako epe bat arautzen du Lehentasunezko Elkarteen Erregistroan aitortzeko eskatu eta izena emateko orduan legearen 3. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoa betetzen ez duten elkarteentzat, epe horretan bertan ezarritakoa bete dezaten.
Azken xedapenek eskumen-titulua arautu, Kooperatiben uztailaren 16ko 27/1999 Legea eta Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legea aldatu, gastu publikoa ez dela handiagotuko xedatu eta erregelamenduzko garapena arautzen du.
IV
Kooperatiben sektorea aukera ekonomiko handiak dituen sektorea da, zuzeneko ehun mila enplegu baino gehiagorekin. Eta Espainian kooperatiben sektorea modu berezian garatzen laguntzeko, beharrezkoa da haren helburuak eta jarduerak nabarmen zabaltzea, eta, horretarako, haren oinarrizko araudia berrikusi beharra dago, funtsezkoa zein zerga alorrekoa. Neurri horien bidez, sektore honen enplegua sortzeko aukerak hobeto garatu ahal izango dira, eta, hori lortzeko, legezko araudiak landa-ingurunearen eta bertako herritarren onerako izango diren zerbitzu eta jarduerez arduratzeko aukera eman beharko die kooperatibei, eta, aldi berean, haien garapen enpresariala ahalbidetu beharko du, handiagoa izan dadin. Horrexetarako egiten dira Kooperatiben uztailaren 16ko 27/1999 Legeko eta Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legeko aldaketak.
Beraz, kooperatibei buruz indarrean dagoen lege-araudian proposatzen diren aldaketak gaur egun kooperatiben jardueren hedapena eragozten duten muga edo traba jakin batzuk kentzera zuzendutakoak dira. Azken batean, nekazaritzako kooperatiben arauetako bat bete dadila nahi da: landa-ingurunean ezartzea, bertatik deslokalizatzeko aurreikuspenik gabe.
Planteamendu horietan oinarritu dira lege horietako aldaketak. Hona hemen zertan dautzan aldaketa horiek.
Uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 6. artikulua erreformatzen da, nekazaritzakooperatiben gaur egungo definizioa hobetzeko eta haien errealitate ekonomiko eta sozialera egokitzeko, eta, hemendik aurrera, kooperatiba horiek «nekazaritzako elikagaien kooperatiba» deituko dira; bigarren mailakoei dagokienez ere aldatzen da. Nekazaritzakooperatibei nekazaritzako elikagaien kooperatiba deitzea sektore osoa aspalditik eskatzen ari den gauza bat da, eta egokiagoa da, gehiago hurbiltzen baitzaio errealitate sozioekonomikoari. Aldaketa hori uztailaren 16ko 27/1999 Legeko artikuluetan nekazaritza-kooperatiba izena azaltzen den guztietan aplikatuko da, eta, horrela, kooperatibek beren eratze-arauak gaur egun benetan egiten ari diren jardueretara egokitu ahal izango dituzte. Malgutze horrek erraztasun handiagoak emango dizkie kooperatibei enplegua sortzeko dituzten aukerak garatzeko.
Kooperatiben elkarteak sendotzen laguntzeko xedez, Heziketa eta Sustapeneko Funtsari buruzko (FEP) uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 56. artikuluan, 2. puntuan, lerrokada berri bat sartzea planteatzen da, zeinaren bidez berariaz ahalbidetzen den kooperatibek FEPeko zuzkiduren ekarpena beren Batasun edo Federazioei egitea, legeriak emandako eginkizunak bete ditzaten, funts horien berezko eginkizunekin bat datozen neurrian. Aldaketa horren bidez, kooperatibentzako aukera bat ezartzen da heziketa eta sustapeneko funts horren helburu eta kudeaketari dagokionez, Andaluziako eta Valentziako autonomia-erkidegoetako kooperatiben legeetan dagoeneko ezarritako ildoari jarraituz.
Uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 93. artikuluan proposatzen diren aldaketen bidez, berariaz sartzen dira nekazaritzako elikagaien eremu subjektiboan titulartasun konpartituko araubidea jarraitzen duten ustiategien titularrak. Titulartasun konpartitu hori nekazaritzako ustiategien titulartasun konpartituari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean arautzen da.
Nekazaritzako elikagaien kooperatiben jarduera-esparruan ere sartzen da; horrela, berariaz nekazaritzakoa den alorrean jarduteaz gain, landa-ingurunean kokatua egonik, horren arabera ere jardun dezan. Halaber, kooperatibaren jarduerek kooperatibaren beraren produktuei zein kooperatibako bazkideei eragiten dietela zehazten da.
Gainera, nekazaritzako elikagaien kooperatibek beren lurralde- eta gizarte-esparruan egiten duten lana nabarmentzen da, beren jarduera dibertsifikatzen baitute bertako biztanleen (bazkideen zein ez-bazkideen) onerako.
Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legearen 9. artikuluari dagokionez, eremu subjektiboan sartzen diren aldaketetan kendu egiten da pertsona fisikoei egiten zaien erreferentzia, gaur eguneko testuinguruan zaharkituta geratu baita. Muga horrek hainbat arazo eragiten dizkio kudeaketa kooperatiboko ustiategien belaunaldien arteko transmisioari, eta traba garrantzitsua da kooperatiba-talde lehiakorrak sortzeko orduan. Gainera, ez dakar inolako balio erantsirik sustatu beharreko helburu publikoei, printzipio kooperatiboei edo mutualismoari dagokienez.
I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
1. Lege honen xedea da nekazaritzako elikagaien kooperatiben eta beste elkarte batzuen fusioa edo integrazioa bultzatzea, tamaina ekonomiko nahikoa duten elkarteak eratu edo handituz. Elkarte horien ezarpena eta jarduera ekonomikoaren esparrua autonomiaz gaindikoa izango da eta, hala badagokio, behar diren neurriak hartuko dira 2. artikuluan deskribatutako helburuak lortu ahal izateko tamaina egokia erdiesteko.
2. Lege hau II. kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz nekazaritzako elikagaien lehentasunezko elkarte gisa kalifikatutako elkarteei eta elkarte horiek osatzen dituzten elkarteei aplikatuko zaie, bai eta horiek osatzen dituzten banako produktoreei ere, pertsona fisiko zein juridiko izan.
3. Lege honen ondorioetarako, elkarte dira kooperatiba-sozietateak, bigarren mailako kooperatibak, kooperatiba-taldeak, transformaziorako nekazaritza-sozietateak, nortasun juridiko propioa duten produktoreen organizazioak, Nekazaritza Politiko Bateratuaren esparruan Erkidegoko araudiarekin bat etorriz aitortuak, eta erakunde zibilak eta merkataritza-erakundeak, baldin eta haien kapital sozialaren ehuneko 50 baino gehiago kooperatiba-sozietateena, produktoreen organizazioena edo transformaziorako nekazaritza-sozietateena bada. Erakunde ekonomiko horiek sozietate anonimo badira, haien akzioek izendunak izan beharko dute.
2. artikulua. Helburuak.
1. Lege honen bidez, helburu hauek lortu nahi dira:
a) Elikatze-katea osatzen duten lehen kate-mailen elkartzea sustatzea, elkarteen fusioaren edo integrazioaren bidez, tamainaz egokitzea bultzatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta produkzioen balorizazioan laguntzeko.
b) Erakunde horien gobernantza eta kudeaketaren arduradunen prestakuntza hobetzea, batez ere kudeaketarako tresna eta baliabide berriei dagokienez.
c) Elkarteetan integratuta dauden nekazaritza-produktoreen errenta hobetzen laguntzea.
d) Produktoreak lehentasunezko elkarteetan integratu daitezen bultzatzea, bai eta 1.3 artikuluan adierazten diren elkarteetako edozeinetan ere, merkatuan duten posizioa eta beren produktuen balorizazio eta komertzializazio prozesuan duten parte-hartzea hobetzeko.
2. Artikulu honetan adierazitako helburuak lortzeko ezartzen diren neurriak Erkidegoko Zuzenbidearekin –batez ere laguntza publikoen araudiari aplikatzekoa dena– eta Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legean jasotako arau eta printzipioekin bat etorriz gauzatuko dira.
II. KAPITULUA Lehentasunezko elkarteak 3. artikulua. Lehentasunezko elkarteak aitortzeko baldintzak.
1. Elkarteak honako betekizun hauek bete beharko ditu lehentasunezkoa izan dadin:
a) Lege honen 1.3 artikuluan adierazitako nekazaritzako elikagaien elkarte izatea.
b) Autonomiaz gaindiko ezarpena eta jarduera-eremua izatea.
c) Elkarteen eta elkarte horiek osatzen dituzten produktoreen produkzio osoa modu bateratuan komertzializatzea.
d) Elkarte eskatzailearen fakturazioa, edo fusionatu edo integratzen diren erakundeen fakturazioen batura, gutxienez arauz zehazten den kopurura irits dadila.
Kopuru hori produkzio-sektoreen arabera zehaztuko da, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalarekin bat etorriz, eta aldian-aldian berrikusiko da, sektoreko integrazio prozesuaren bilakaera eta komertzializatutako produkzioen balioa aintzat hartuta.
e) Lehentasunezko elkartea osatzen duten erakundeen eta elkartearen beraren estatutuetan edo dagozkion xedapen arautzaileetan berariaz jasotzea produktoreek nahitaez eman behar dutela beren produkzio osoa batera komertzializatzeko.
f) Lehentasunezko elkartearen eta elkartea osatzen duten erakundearen estatutuetan edo xedapen arautzaileetan, elkarte eta erakundeotako kide diren produktoreei funtzionamenduaren eta erabakien kontrol demokratikoa bermatzeko eta kideetako baten edo batzuen nagusitasuna saihesteko behar diren xedapenak jasoko dira.
2. Interesdunak eskatuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak lehentasunezko elkartea ikuskatuko du, arauz ezartzen den prozedurarekin bat etorriz.
3. Lehentasunezko elkarte gisa aitortutako nekazaritzako elikagaien elkarteek, elkarte horiek osatzen dituzten erakundeek eta bertako produktoreek, lehentasunezko gisa aitortuak izaten jarraitzeko baldintzak bete ezean, ezin izango dituzte jaso aitorpen hori emateko arau erregulatzaileetan ezarritako laguntzak eta onurak. Erregelamendu bidez ezarriko da nola eta zein baldintzatan egiaztatu behar duten baldintzak betetzen jarraitzen dutela, eta aitorpen hori galtzeak zer ondorio dakartzan.
III. KAPITULUA Laguntzak eta onurak 4. artikulua. Lehentasunezko egoerak.
1. Lehentasunezko elkarte gisa aitortutako erakundeek, deialdi bakoitzaren arau erregulatzaileetan jasotako berariazko araudiarekin bat etorriz, lehentasuna eduki ahal izango dute honako kasu hauetan: kudeaketa eta komertzializazio prozedurak hobetzera bideratutako inbertsio material eta ez-materialen arloko diru-laguntzak ematean; prestakuntza eta lankidetza jardueretan; nazioartekotze, sustapen eta I+G+b arloan; lehentasunezko finantziaziorako berariaz ezartzen diren ICO lerroetara iristeko; edo beste arlo batzuetan. Era berean, lehentasuna izango dute Landa Garapeneko Programetan, lehiakortasunaren, transformazioaren eta komertzializazioaren alde ezarritako jardueretan, eta erregelamendu bidez helburu berberetarako ezartzen diren beste batzuetan.
2. Lehentasunezko elkarte gisa aitortutako erakundeetan integratuta dauden elkarteek, deialdi bakoitzaren arau erregulatzaileetan jasotako berariazko araudiarekin bat etorriz, lehentasuna eduki ahal izango dute honako kasu hauetan: kudeaketa eta komertzializazio prozedurak hobetzera bideratutako inbertsio material eta ez-materialen arloko diru-laguntzak ematean; prestakuntza eta laguntza teknikoko jardueretan; elkarte horientzat Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen esparruan ezar daitezkeen polizen kontrataziorako; I+G+b eta teknologia berrien arloko programa edo jardueretan sartzeko; lehiakortasuna, transformazioa eta komertzializazioa hobetzera berariaz bideratutakoetan; edo erregelamendu bidez helburu berberetarako ezartzen diren beste batzuetan.
3. Lehentasunezko elkarteetako edo elkarte horiek osatzen dituzten elkarteetako nekazaritza-produktoreek, deialdi bakoitzaren arau erregulatzaileetan jasotako berariazko araudiarekin bat etorriz, lehentasuna eduki ahal izango dute honako kasu hauetan:
lehiakortasuna hobetzeko eta, beren lehentasunezko elkartearen esparruan, aitortuak izan diren produktuei dagokienez, produkzioa merkatura bideratzeko diru-laguntzak ematen direnean, eta erregelamendu bidez helburu berberetarako ezartzen diren beste batzuetan.
4. Deialdi bakoitzaren arau erregulatzaileetan jasotako berariazko araudian ezarri beharreko lehentasun hori ezin izango da absolutua izan. Era berean, oinarri horietan bermatuta geratu beharko da ez dela diskriminaziorik izango erakunde eta produktoreentzako diru-laguntzak eskuratzeko orduan, laguntza horiek tramitatzen dituzten organizazio, erakunde edo elkarteak edozein direla ere.
IV. KAPITULUA
Lehentasunezko Elkarteen Erregistro Nazionala 5. artikulua. Sortzea eta funtzionamendua.
1. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioan, Elikagaien Industriako Zuzendaritza Nagusiari atxikita, Lehentasunezko Elkarteen Erregistro Nazionala sortzen da. Bertan, lege honetan eta legea garatzeko erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz aitortutako erakundeak inskribatuko dira.
2. Erregistroan inskribatzeak lehentasunezko elkartearen eta elkarte hori osatzen duten elkarteen datuak eta elkarte horiek osatzen dituzten produktoreen zerrenda bertan jasotzea ekarriko du, datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.
3. Erregistroko inskripzio horiek lehentasunezko elkarteak eskatuta egingo dira, Ministerioak ezarri diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.
4. Lehentasunezko elkarteen arduradunek lehentasunezko izateari eragin diezaioketen aldaketen berri eman beharko diote Ministerioari derrigorrez, aldaketok gertatzen direnean. Era berean, urtean behin, elkarteak osatzen dituzten produktoreen zerrenda eguneratuko dute.
5. Elkarteak erregistroan inskribatzeko edo erregistrotik baja emateko baldintzak erregelamendu bidez arautuko dira, baita erregistroaren kontrola, mantenimendua eta eguneratzea egiteko prozesua ere.
V. KAPITULUA Laguntzen finantziazioa eta autonomia-erkidegoen lankidetza 6. artikulua. Laguntzen finantziazioa.
1. Lege honetan adierazten diren laguntzak Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek finantzatu ahal izango dituzte.
2. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, dagokion Sektoreko Batzarrean, Elkarteak Integratzeko Estatuko Plana aurkeztuko du. Bertan, sailak lege honen aplikazioa bultzatzeko ezartzen dituen jarduerak eta zuzkidurak sartuko dira, bai eta arlo honetan autonomia-erkidegoek ezarritako jarduerak ere. Planean, era berean, lorpenen balantze bat jasoko da.
Xedapen gehigarri bakarra. Kooperatibak Integratzeko Estatuko Plana.
Gobernuak, lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, lehenengo Elkarteak Integratzeko Estatuko Plana aurkeztuko du.
Xedapen iragankor bakarra. 3.1.c) artikuluaren araubide iragankorra.
Erregelamendu bidez, aldi baterako epe bat ezarriko da Lehentasunezko Elkarteen Erregistro Nazionalean aitortzeko eskatu eta izena emateko orduan legearen 3.1. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoa betetzen ez duten elkarteentzat, epe horretan bertan ezarritakoa bete dezaten.
Epe hori igarota, komertzializatzeko moduko produkzio guztia Lehentasunezko Elkarteari ematen ez dion elkarterik badago, elkarte horrek eta elkarte hori osatzen duten bazkideek lege honen III. kapituluan ezarritakoaren arabera izan ditzaketen onura guztiak galduko dituzte.
Era berean, Lehentasunezko Elkarteak aitorpen-prozesu bat igaro beharko du berriro ere, produkzio guztia ematen duten elkarteak bakarrik kontuan izanda, lege honen 3. artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituen zehazteko. Baldintza horiek bete ezean, elkarte horrek lehentasunezko elkarte izateari utziko dio.
Azken xedapenetako lehenengoa. Eskumen-titulua.
Lege hau, azken xedapenetako hirugarrena kenduta, Konstituzioaren 149.1.13
artikuluan xedatutakoaren babesean ematen da; artikulu horrek Estatuari esleitzen dio ekonomia-jarduera oro har planifikatzeko oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena. Azken xedapenetako hirugarrena, berriz, 14. erregelan xedatutakoaren babesean ematen da; erregela horrek Estatuari esleitzen dio ogasun orokorraren eta Estatuaren zorraren gaineko eskumena.
Azken xedapenetako bigarrena. Kooperatiben uztailaren 16ko 27/1999 Legea aldatzea.
Aldatu egiten da Kooperatiben uztailaren 16ko 27/1999 Legea. Hona hemen aldaketak: Bat. Beste era batera idatzita geratzen da 6. artikulua, eta 2. paragrafo bat sartzen da.
«6. artikulua. Kooperatiba motak.
1. Lehen mailako kooperatiba-sozietateak honela sailkatu ahal izango dira:
– Lan elkartuko kooperatibak.
– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kooperatibak.
– Etxebizitzen kooperatibak.
– Nekazaritzako elikagaien kooperatibak.
– Lurra erkidegoan ustiatzeko kooperatibak.
– Zerbitzuen kooperatibak.
– Itsasoko kooperatibak.
– Garraiolarien kooperatibak.
– Aseguruen kooperatibak.
– Osasun kooperatibak.
– Irakaskuntza kooperatibak.
– Kreditu kooperatibak.
2. Bigarren mailako kooperatiben estatutuek aurreko sailkapenaren arabera sailkatu ahal izango dituzte kooperatiba horiek, baldin eta bazkide diren kooperatiba guztiak mota berekoak badira, eta, kasu horretan, «bigarren mailako» direla jarri beharko da.» Bi. Beste era batera idatzita geratzen da 56. artikuluaren 2. paragrafoa. Hona hemen:
«2. Funts honen helburuak betetzeko, beste sozietate eta erakunde batzuekin lankidetzan jardun ahal izango da, eta bere zuzkidura jarri ahal izango du, osorik edo partez. Era berean, ekarpen hori dagokion kooperatiben batasun edo federazioari egin ahal izango zaio, funts horren berezko eginkizunekin bat datozenak betetzeko, betiere.» Hiru. Beste era batera idatzita geratzen da 93. artikulua.
«93. artikulua. Xedea eta eremua.
1. Nekazaritzako elikagaien kooperatibak dira bazkide gisa nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako ustiategien titularrak biltzen dituztenak, ustiategi horien titulartasuna titulartasun konpartituko erregimenean duten pertsonak barne direla, baldin eta xedea kooperatibako bazkideen ustiategiak, haietako elementuak edo osagaiak hobeto aprobetxatzera eta nekazaritzako biztanleriaren eta landa-inguruneko munduaren garapenera bideratutako era guztietako jarduera eta eragiketak egitea bada, bai eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueraren berezko beste helburu edo zerbitzu batzuk gauzatzea bada edo haiekin edo landa-ingurunean egotearekin edo jardutearekin zuzenean lotutakoak badira ere.
Kooperatiba hauen eskubide osoko bazkide gisa parte hartu ahal izango dute transformazioko nekazaritza-sozietateek, ureztatzaile-erkidegoek, ur-erkidegoek, ondasun-erkidegoek eta artikulu honen lehenengo lerrokadan jasotako xede sozial edo jarduera osagarri bera duten sozietate zibilek edo merkataritza-sozietateek.
Kasu horietan, kooperatibako boto guztiei dagokienez aipatutako bazkideek izango duten boto-kopurua mugatzea arautu ahal izango da estatutuetan.
2. Xedea betetzeko, nekazaritzako elikagaien kooperatibek honako jarduera hauek egin ahal izango dituzte, besteak beste:
a) Animaliak, pentsuak, ongarriak, landareak, haziak, intsektizidak, materialak, tresnak, makineria, instalazioak edo produkziorako eta nekazaritza-, elikadura- eta landa-sustapenerako beharrezkoak edo komenigarriak diren beste elementu batzuk eskuratu, landu, produzitu eta fabrikatzea, edozein prozedura erabilita, kooperatibarako edo bazkideen ustiategietarako.
b) Kooperatibako ustiategietatik, bazkideengandik eta baita hirugarren batzuengandik, egoera naturalean edo aldez aurretik transformatuta, eskuratutako produktuak kontserbatu, tipifikatu, manipulatu, transformatu, garraiatu, banatu eta komertzializatzea.
c) Nekazaritzarako, abeltzaintzarako edo basoetararako lurrak eskuratu, partzelatu, saneatu eta hobetzea, baita helburu horietarako behar diren lanak eta instalazioak eraiki eta ustiatzea ere.
d) Kooperatibaren edo bazkideen ustiategien hobekuntza ekonomikorako, teknikorako, lan arloko hobekuntzarako edo ingurumen arlokorako beharrezkoak edo komenigarriak diren edo hobekuntza hori erraztuko duten beste edozein jarduera egitea, besteak beste, kooperatibak bere langileekin zerbitzuak ematea:
aipatutako ustiategietan eta kooperatibako bazkideen alde nekazaritzako lanak edo pareko beste batzuk egitea.
e) Bazkideentzako eta kooperatibaren gizarte- eta lurralde-inguruneko gainontzeko kideentzako kontsumo- eta zerbitzu-jarduerak egitea, nekazaritzako biztanleria eta landa-ingurunea sustatzeko eta hobetzeko jarduerak bultzatuz, batez ere: basogintzako zerbitzu eta aprobetxamenduak; kooperatibaren jarduerarekin lotutako zerbitzu turistikoak eta artisautza-zerbitzuak; ustiategiei aholkularitza teknikoa eskaintzea nekazaritzako elikagaien produkzioaren, merkataritzaren eta transformazioaren gainean; eta landa-inguruneko ondarea eta baliabide naturalak kontserbatu, berreskuratu eta aprobetxatzea.
Dena dela, kooperatibaren operazioen artean, aurreko lerrokadan jasotako jarduerek eragindakoak ezin izango dira kooperatibaren operazio guztien ehuneko hogeita bost baino gehiago izan.
3. Bazkideen nekazaritzako ustiategiak hobekuntzarako zerbitzu eta hornikuntzak jasotzeko baliatzen dituen kooperatibaren lurralde-esparruan egon beharko dira, eta esparru hori estatutuetan jasota egongo da.
4. Nekazaritzako elikagaien kooperatibek bazkide ez diren beste batzuekin operazioak egin ahal izango dituzte, baldin eta kooperatibaren operazio guztien ehuneko 50 baino gehiago ez badira.» Azken xedapenetako hirugarrena. Kooperatiben Araubide Fiskalari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legea aldatzea.
Beste era batera idatzita geratzen dira 9. artikuluko 1. paragrafoa eta 2. paragrafoko a) eta b) hizkiak. Hona hemen:
«9. artikulua. Nekazaritzako elikagaien kooperatibak.
Bereziki babestutzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten nekazaritzako elikagaien kooperatibak:
1. Estatutuen arabera kooperatibaren jarduera hartzen duen esparru geografikoaren barruan dauden nekazaritzako ustiategien, basogintzako ustiategien, abeltzaintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak biltzea.
2. Nekazaritzako jarduerak egitean honako muga hauek errespetatzea:
a) Kooperatibak edozein prozeduraren bidez eskuratu, errentatu, landu, produzitu, egin edo fabrikatutako materia, produktu edo zerbitzuak bere instalazioetarako edo bere bazkideen ustiategietarako baino ez erabiltzea.
Hala ere, bazkide ez diren beste batzuei laga ahal izango zaizkie, baldin eta zenbatekoak, ekitaldi ekonomiko bakoitzean, ez badu kooperatibak egindako salmenta-operazio guztien ehuneko 50 gainditzen.
Nekazaritzako kooperatibek txikizka petrolio-produktuak banatu ahal izango dizkie bazkide ez diren beste batzuei, lege honetako 13. artikuluko 10. paragrafoan ezarritako muga errespetatuz.
b) Ez daitezela Kooperatibako ustiategien edo bazkideen ustiategien antzeko beste ustiategi batzuetatik datozen produktuak kontserbatu, tipifikatu, manipulatu, transformatu, garraiatu banatu edo komertzializatu, zenbatekoa, ekitaldi ekonomiko bakoitzean, kooperatibako produktuetatik lortutako zenbatekoaren ehuneko 50
baino gehiago bada.» Azken xedapenetako laugarrena. Gastua handitzea.
Lege honen aplikazioak ezin izango du inolaz ere gastua handitzea ekarri. Dauden langileak berrantolatuz edo beste era batera banatuz egin beharko zaie aurre lege honetan jasotako arauek dakartzaten betebeharren ondorioz langileriaren arloan sor litezkeen beharrizan berriei.
Azken xedapenetako bosgarrena. Garatzeko ahalmena.
Gobernuari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.
Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.
Madril, 2013ko abuztuaren 2a.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY