Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

12/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 11koa, zeinaz presako neurriak hartzen baitira Thomas Cook enpresa-taldearen kontra kaudimengabeziaprozedurak abiarazi izanaren ondorioak arintzeko.

2019-10-11

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 10/12/2019, 246. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

14634   12/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 11koa, zeinaz presako neurriak

hartzen baitira Thomas Cook enpresa-taldearen kontra kaudimengabezia-prozedurak abiarazi izanaren ondorioak arintzeko.

I

Joan den 2019ko irailaren 23an Erresuma Batuko Thomas Cook enpresa-taldeak eskaera bat aurkeztu zuen Erresuma Batuko auzitegi batean, kaudimengabezia-prozedura abiarazteko, bere eragiketa guztiak berehala bertan behera uzteko, bere erreserba guztiak ezeztatzeko eta bere akzioak Londresko burtsako kotizaziotik ateratzeko.

Enpresa-talde horrek 22.000 langile inguru zeuzkan, eta urtean-urtean, bere handizkako bidaia-agentziaren eta bere hegazkin-konpainien bidez, milioika turismo-bidaia antolatzen zituen Kanarietako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoetako eta Espainiako beste alde batzuetako hoteletara. Urtero, hotelok beren ostatu-ahalbidearen zati bat saltzen zioten enpresa-talde horri.

Beraz, mendekotasun handia dago orain konkurtsoan sartu den Erresuma Batuko enpresa-talde horrekiko, batez ere Kanarietan eta Balear Uharteetan, eta, ondorioz, kalte handiak ekarri dizkie kaudimengabezia horrek eragin duen eztandak zuzenean edo zeharka harrapatu dituen turismo-enpresei eta langileei.

Thomas Cook enpresa-taldeak filialak dauzka Espainian; eskumendeko enpresa horiek turismo-bitartekaritzako zerbitzuak, hotel-zerbitzuak eta hegaldi-zerbitzuak kudeatzen dituzte. Gaur-gaurkoz, filial horietako baten borondatezko konkurtsoa deklaratuta dauka Palma Mallorcako merkataritza-arloko epaitegi batek. Izan ere, epaitegi horrek enpresaren administrazio-kontseilua desegin du eta haren ordez konkurtso-administratzailea izendatu du; prozedura horrek eragin zuzena eduki dezake ehunka lanpostutan, batez ere Balear Uharteetan, eta Espainiako beste alde batzuetan ari diren enpresa lotuetako milaka langilerengan ere bai zeharka.

Halaber, izapidetzen ari diren beste prozedura judizial batzuek ere luze gabe hartzekodunen konkurtsoak ekar ditzakete; hala gertatzen bada, konkurtso horiek eragin handia edukiko dute turismoan, hots, Espainiako autonomia-erkidego askotan sarrera-iturri nagusietako bat den sektorean.

Gainera, horren handia den enpresa kaudimenik gabe izateak eragina edukiko du, inolako ezbairik gabe, haren taldea aritzen zen aldeetako enpresa-ehunean. Baliteke Thomas Cook taldeari ondasunak edo zerbitzuak saltzen zizkioten enpresa txikiek emaitza negatiboak edukitzea edo, are okerrago, beste kaudimengabezia-prozedura batzuetan sartzea.

Beraz, erraz da ulertzen oso litekeena dela kaudimengabezia-prozedura nagusiaren ondorioz bigarren mailako kaudimengabezia-prozedurak hastea Espainian eta Europar Batasuneko beste estatu batzuetan, Erresuma Batuko auzitegietan tramiteak egiten ari baitira taldeko enpresa nagusia nahitaez likidatzeko, eta horrek izugarrizko eragina izatea Espainiako ekonomian, zeren turismo-potentzia izanik sektore hori funtsezkoa baita bertako ekonomian.

  • II

Turismoa funtsezko sektorea da Espainiako ekonomian. Ezbairik gabe, enplegu eta aberastasuna sortzen dituzten faktore dinamikoenetako bat da, eta beste sektore batzuk bultzatzeko ahal handia dauka. Halaber, dibisa ugariren iturria da.

Espainia munduko potentzia turistiko handienetakoa da, eta arlo horretan gehien inbertitzen duten estatuen artean ere badago. Azpiegitura sendoa eta ondo garatua dauka, aspalditik da buruzagi nazioartean, eta etorkizunean hazteko potentzial handia dauka. Potentzial hori besteetatik bereizten duen balioa da, eta lehiatzeko abantaila handia ematen dio. Turismoaren Munduko Erakundearen «Nazioarteko turismoa: 2018ko emaitzen eta 2019rako perspektiben txostena» dokumentuaren arabera, Espainia munduko bigarren estatua da turistek egindako gastuan: 89.856 milioi euro. Halaber, bigarrena da atzerriko turistetan ere: ia 83 milioi turista jaso ditu atzerritik. Hondartzek eta eguraldi atseginak, ondare artistiko eta kultural ugariak eta oparotasun gastronomikoak erakartzen dituzte atzerritarrak gure herrialdera. Faktore horiei beste batzuk ere gehitzen zaizkie, hala nola garraio-azpiegitura bikainak, hotel-dentsitate handia, segurtasuna eta jendearen izaera abegitsua. Horiei guztiei esker 2019an Espainia berriz ere buru izan da turismo-lehiaren indizean, 2015az gero den bezala.

Turismoaren sektoreak Espainiaren barne-produktu gordinaren ehuneko 11,7 inguru sortzen du, eta arlo horretan ari dira Gizarte Segurantzako afiliatuen ehuneko 13,6. Espainiako ekonomiaren oinarri sendoenetako bat zerbitzuen sektorea da, eta haren barruan ostalaritzaren eta garraioaren garapen paregabea eta bikaintasuna nabarmentzen dira. Horrez gainera, turismoa sektore horizontala da, ia sektore ekonomiko guztiei eragiten baitie; turismoak jarduera eragin dezake merkataritzan, aisian eta zerbitzu orokorretan, arlo horietan oso onuragarriak izaten baitira bisitatzen gaituzten turistak, bai touroperadoreen bitartez etortzen direnak, bai beren kabuz bidaiatzen dutenak.

Horrenbestez, Espainiako sektore turistikoa funtsezko jarduera sozioekonomikoa da aberastasuna eta enplegua sortzeko, eta, horregatik, beraren joerak eragin handia eduki ohi du nazioaren aberastasunaren gehikuntzan, bai zuzenean, bai zeharka. Halaber, gaitasun handia dauka beste sektore produktibo batzuk bultzatzeko. Ezaugarri horiek guztiok ezinbesteko elementuak dira ekonomia garatzeko eta egonkortasunerako.

Lurraldearen ikuspegitik, turismoa funtsezko sektorea da autonomia-erkidego guztien ekonomian, batez ere uharte-erkidegoetan. Esaterako, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan turismoak BPGd barne-produktu gordinaren ehuneko 45 baino gehiago sortzen du eta soldatapeko langileen ehuneko 30ri baino gehiagori ziurtatzen die enplegua. Kanarietako Autonomia Erkidegoan, turismoak BPGd-era egiten duen ekarpena ehuneko 35 baino gehiago da, eta enpleguaren ehuneko 40tik gora sortzen du. Bi erkidego horietan oso nabarmena da Europatik heltzen diren turisten kopurua.

Sektore turistikoaren jardueraren ingurune ekonomikoa erabat globalizatuta dago, eta etengabe aldatzen ari da. Horregatik, munduko operadore handietako bat erortzeak izugarrizko eragina dauka Espainian.

  • III

Thomas Cook enpresa-taldeak izan duen porrota Espainiako eta Europako turismo-merkatuan orain eragiten ari den haustura eta gure helmuga batzuek touroperadore horrekiko duten mendekotasuna direla eta, inoiz ikusi gabeko krisia gertatu da merkatu horretan (munduko bigarren operadorea da Thomas Cook, eragiketen bolumenaren arabera), eta ezinbestekoa da botere publikoek berehala esku hartzea aparteko neurriez baliatuz.

Egoera horrek konektibitate-galera ekarri du eta arriskuan jarri ditu lurralde kalteberenetako lanpostuak. Horregatik, Espainiako sektore turistikoan neurriak ezarri behar dira Thomas Cook enpresa-taldearen hondamenaren ondorio kaltegarriak arintzeko eta sektoreko jarduera eta enplegua mantentzeko beharrezko moldaketak egiten diren bitartean.

Erreferentziatzat hartzen baditugu 2018ko datuak, mugetako turismo-mugimenduei buruzko inkestak (Frontur) emandakoak, Kanarietako Autonomia Erkidegoa bisitatzen duten nazioarteko turisten ehuneko 60 inguru eta Balear Uharteak bisitatzen dituztenen ehuneko 42 pakete turistikoekin etorri dira; gainerako autonomia-erkidegoetan ehunekoak askoz txikiagoak dira. Uharte-lurraldeetan pakete turistikoekiko dagoen mendekotasunaren ondorioz lurraldeok oso kalteberak dira touroperadore espezializatuen merkatu-gorabeheren aurrean, kasu honetan Thomas Cook taldearen gorabeheren aurrean. 2018. urtean 7,23 milioi turista britainiarrek bisitatu zuten gure herrialdea pakete turistikoak erosita; urte hartan, Espainiara etorri ziren turista britainiar guztien ehuneko 39,1 izan ziren (ehunekoak handiagoak dira Balear Uharteetan eta Kanarietan: turista britainiarren ehuneko 50,3 eta ehuneko 58,8, hurrenez hurren).

Thomas Cook enpresa-taldeko enpresa britainiarren porrotaren ondorioz, uharte-lurraldeetan 475.000 hegazkin-eserleku baino gehiago bertan behera geratu dira neguko turismo-denboraldian eta udako denboraldia amaitzeko falta zen aldian. 2018. urtean Thomas Cook taldeak 2,6 milioi bidaiari ekarri zituen Espainiara. Helmuga nagusiak honako hauek izan ziren: Kanarietako Autonomia Erkidegoa (1,6 milioi bidaiari, enpresaren Espainiako merkatu-kuotaren ia ehuneko 62) eta Balear Uharteak (740.000 bidaiaritik gora, merkatu-kuotaren ehuneko 28). Beraz, bi helmuga horiek enpresak Espainiara bideratzen dituen turisten ia ehuneko 90 biltzen dituzte. Lurraldeok uharteak dira, eta hori eragozpen handia da sektorea suspertzeko, konektibitate-gaitasuna murriztu zaie eta. Gainean dugu jada neguko denboraldia -oso garrantzitsua izaten da, adibidez, Kanarietako Autonomia Erkidegoan-, eta, horregatik, ezinbestekoa da presako neurriak ezartzea bidaiari-galerari aurre egiteko.

  • IV

Errege lege-dekretu honek sei artikulu dauzka, lau kapitulutan bilduta, eta, horrez gainera, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ere bai.

I. kapituluan, 1. artikuluan, errege lege-dekretuaren xedea eta helburua ezartzen dira: presako neurriak ezartzea Espainiako sektore turistikoa sendotzeko eta beraren lehiakortasuna hobetzeko, Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziaren ondorioak arintzeko asmoarekin.

II. kapituluaren 2. artikuluan enpleguaren eta Gizarte Segurantzaren arloko neurri bat arautzen da, uharte-lurraldeetan ari diren enpresei aplikatuko zaiena: turismo-jarduerarekin lotutako turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetako langileen Gizarte Segurantzako kuoten hobariak gehitzea.

Aspaldiko urteotan ohiko jarduna izan da turismo-jarduerarekin lotutako turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan aldizkako kontratu finkoak dauzkaten langileen jarduera-aldiak luzatzen laguntzeko neurriak ezartzea. 2019ko ekitaldian, neurri horiek (ehuneko 50eko hobaria aplikatzea langile horien gertakari arrunten Gizarte Segurantzako enpresa-kuotetan, bai eta langabezia, FOGASA eta lanbide-heziketaren baterako bilketaren kontzeptuen kuotetan ere) martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuan arautzen dira (gizarte-babeserako eta lanaldian lan-prekaritatearen kontra borrokatzeko presako neurriena), 9. artikuluan. 2019ko otsailean, martxoan eta azaroan aplikatuko dira.

2. artikulu horretan martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluko hobaria zabaltzen da: 9. artikuluan ezartzen diren hiletan ez ezik, 2019ko urrian eta abenduan eta 2020ko otsailean eta martxoan ere aplikatuko da, salbuespen gisa.

Beste neurri batzuk ere ezarri ahal izango dira aurrekoaren osagarri; esaterako: Gizarte Segurantzako kotizazio-kuotak geroratzea, Gizarte Segurantzaren Diru Bilketako Erregelamendu Orokorrak I. tituluaren VII. kapituluan arautzen duenarekin bat etorriz (ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen araudi hori).

3. artikuluan ezartzen da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta autonomia-erkidegoen artean koordinazio berezia egongo dela, Enplegu Sistema Nazionalaren eta erkidegoen eskumenen esparruan, langabeak babesteko neurriek eta enplegurako politika aktiboek erantzun eraginkorra eta ahalik azkarrena eman diezaieten egoera honek kalte egindako langileei.

III. kapituluan, sektore turistikoari finantza-laguntza emateko neurriak ezartzen dira. Adibidez, 4. artikuluan Gobernuari eskatzen zaio ezen Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen erabaki baten bidez onar dezala 200 milioi euroko finantzaketa-lerroa Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak kalte egindakoen finantza-beharrizanei erantzuteko.

Gainera, 5. artikuluan ezartzen da Kanarietako Autonomia Erkidegoari eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoari zuzeneko dirulaguntzak emango zaizkiela, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 22.2.b) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz. Aparteko eta ezohiko dirulaguntza horiek beharrezkoak dira erantzun azkarra emateko Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak ekarri duen egoerari.

IV. kapituluan, 6. artikuluan, Turismoaren Lehiakortasunerako Estatuaren Finantza Funtsa (FOCIT) deritzona arautzen da. Funts horren helburua hau izango da: finantza-laguntza ematea enpresa turistikoek sektorearen lehiakortasuna hobetzeko abian ipintzen dituzten proiektuei, batez ere helmuga turistikoak digitalizatzeko jarduketak dauzkaten proiektuei eta zerbitzuak berritzeko eta modernizatzeko proiektuei, ahalik azkarrena moldatu ahal izateko Thomas Cook enpresa-taldearen porrotak eragin duen eskari-jaitsierara.

Enpresa-taldearekin egiten zituzten eragiketen ordez, ezinbestean, beste eragiketa batzuk behar dituzte enpresa horiek (kasu askotan, bideragarriak izateko), eta funts horrek ordezpen horretan lagunduko die; izan ere, turismoaren merkatua nola dagoen kontuan hartuta -hein handi batean, operadore horren kaudimengabeziak eragin duen hausturaren ondorioz dago horrela-, ezinbestekoa da enpresen jarduna elementu lehiakorragoetara bideratzea (digitalizaziora eta berrikuntzara, besteak beste). Halaber, neurri osagarri gisa, eta argitasuna, koherentzia eta segurtasun juridikoa indartzeko asmoarekin, lehengo Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren izena aldatzen da (FOMIT) eta hemendik aurrera Turismoaren Lehiakortasunerako Estatuaren Finantza Funtsa (FOCIT) izango da.

Lehenengo xedapen gehigarriak arautzen du Turismoko Estatu Idazkaritzak Justizia Ministerioarekin eta autonomia-erkidegoekin lankidetzan neurri orokorrak ezarriko dituela Thomas Cook taldeko enpresen kaudimengabezia-prozeduretan zorrak kobratu behar dituzten sektore turistikoko enpresei informazioa emateko.

Beste alde batetik, bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du sendotu egingo dela helmuga turistiko adimendunen ekimena, Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak kalte egindakoentzat antolatua; ekimen horren helburua enpresa horien kudeaketa hobetzea da, eta haien helmuga turistikoak lehiakorragoak izatea gaur egungo egoera berezi honetan, hau da, Espainian ari ziren touroperadore nagusietako bat desagertuta dagoela.

Xedapen iragankor bakarrean ezartzen da FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren kargura finantzatzen diren proiektuei honako arau hauek aplikatuko zaizkiela: 937/2010 Errege Dekretua, uztailaren 23koa, Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsa arautzen duena, eta errege lege-dekretu hau onartzen denean indarrean dauden gainerako arau aplikagarriak.

Azkenik, hiru azken xedapenetan honako hauek ezartzen dira, hurrenez hurren: arauaren oinarrian dauden eskumen-tituluak; Gobernuaren gaikuntza, araua garatzeko eta betearazteko, eta araua indarrean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko delakoa.

  • V

Errege lege-dekretu honetan hartzen diren neurrien bidez, premiazko beharrizan horiei erantzun zehatzak eman nahi zaizkie. Hala, berehala heltzen zaio Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak sektore turistikoan sortutako egoerari (talde horren jarduna oso garrantzitsua da Espainiako sektore turistikoan), sortzen duen enpleguari (batez ere, ETEetakoari) kalterik egin ez diezaion eta likidezia-eskasiarik gerta ez dadin. Horregatik, era berean, ezinbesteko ordezpen bat bultzatzen da: hainbat enpresak porrot egindako operadorearekin zuten mendekotasuna alde batera uztea eta, horren ordez, informazioaren gizarteari, digitalizazioari eta dibertsifikazio handiago bati lotuago dauden beste aukera batzuei heltzea. Enpresa horiek berehala egokitu behar dira jardun-ildo berri horietara.

Arauaren esparruan ezartzen diren jarduketen eta neurrien irizpide nagusia denboraren printzipioa da, eta, haietan, kalteak jasandako autonomia-erkidego guztiak hartzen dira kontuan, batez ere Kanariak eta Balear Uharteak, aurrez azaldu diren ezohiko inguruabarretan oso kalteberak baitira eta egoerak gehien eragiten dien lurraldeak baitira.

Thomas Cook taldeko enpresa gehienen jarduna gelditu ondoren, neurri horiek behar-beharrezkoak dira aireportuen eta aireko zirkulazio eta garraioaren arloko organo eskudunek lurralde kaltetuenen aireko konektibitatea ziurtatzeko hartuak dituzten neurriak osatzeko.

Orain hartzen diren neurriek aparteko eta presazko premia bati erantzuten diote. Neurri horietako batzuek (enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzkoek, esaterako) lege mailako araugintzako erantzuna behar dute, hala eskatzen baitu Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak [Konstituzio Auzitegiaren 137/2011 epaia, abenduaren 14koa (2011ko KAB, 137), 4. oinarri juridikoa]. Gainera, neurri horiek Espainian jardun handia eduki duen munduko touroperadore nagusietako baten krisiak Espainiako sektore turistikoan sortu dituen ondorioak arintzeko direnez gero, lotura argia dago, ezbairik gabe, azaldu den egoeraren eta berari aurre egiteko antolatu diren jarduketen artean [guztien adibide gisa: Konstituzio Auzitegia, 29/1982 epaia (1982ko KAB, 29), 3. oinarri juridikoa; 70/2016 epaia, apirilaren 14koa (2016ko KAB, 70), 4. oinarri juridikoa], eta, beraz, neurriek «lotura zuzena edo koherentea dute aurre egin beharreko egoerarekin» [Konstituzio Auzitegiaren 182/1997 epaia (1997 KAB, 182), 3. oinarri juridikoa].

Azaldutako inguruabarrak gaitz dira aurrez ikusten, eta are aurrez ikusi ezin direnak ere badira, eta, horregatik, ezinbestekoa da berehalako araugintzaren bidez erantzun azkarra ematea sektore turistikoaren egoera larriari eta ekonomiak eta enpleguak laster izango dituzten eragozpenei. Azaldu den egoerari ezin zaio heldu garaiz eta eraginkortasunarekin presako legegintzako prozeduraren bidez (Konstituzio Auzitegiaren 111/1983 epaia). Errege lege-dekretu honetako neurriek, berriz, berehala sortuko dituzte ondorioak (dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean).

Aurrekoak errege lege-dekretua erabiltzeko eskatzen den aparteko eta presako beharrizana justifikatzen du; beraz, justifikatuta dago errege lege-dekretu honetan arautzen diren neurriak berehala hartzea. Hala, arau mota hori erabili ahal izateko Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duen aparteko eta presako beharrizana dago, zeina ezinbesteko baldintza baita, konstituzio-jurisprudentziak gogoratu duen bezala.

  • VI

Jarduneko gobernu batek izapidetu du errege lege-dekretu hau, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legeak 21.3 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz; izan ere, manu horren arabera, «jarduneko gobernuak gobernu berria osatzeko prozesuaren garapen arrunta eta agintearen eskualdaketa ahalbidetuko du, eta gai publikoen kudeaketa arrunta baino ez du egingo, hau da, ez du hartuko bestelako neurririk, ez bada behar bezala justifikaturik dagoen premia edo interes orokorreko arrazoiak tartean daudelako».

Kasu honetan aparteko bi inguruabarrak gertatzen dira, presa eta interes orokorra, ezinbestekoa baita berehalako araugintzako ekintza bat erantzun azkarra emateko Erresuma Batuko Thomas Cook touroperadorearen kaudimengabeziaren ondorioz sektore turistikoa (batez ere lurralde jakin batzuetan) pairatzen ari den egoera larriari eta horrek Espainiako ekonomian eta enpleguan edukiko dituen ondorio kaltegarriei. Azaldu den egoera onbideratzeko, beharrezkoa da gobernuak esku hartzea; are gehiago, horretan huts egitea oso kaltegarria izan liteke interes orokorrerako.

  • VII

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149. artikuluak 1. apartatuaren 13. eta 17. puntuetan Estatuari esleitzen dizkion eskumenak erabiliz ematen da (jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren arloko eskumenak eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren gaineko eskumenak).

Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan ezartzen dituen erregulazio onaren printzipioak. Horren ildotik, dekretuak premiaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu; izan ere, ezartzen diren neurrien oinarrian herritar guztien interesa dago, eta errege lege-dekretua da hori lortzeko tresnarik egokiena. Errege lege-dekretua bat dator proportzionaltasun-printzipioarekin, aurrez aipatutako helburuak lortzeko behar-beharrezkoak diren arauak baizik ez baititu ezartzen. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin. Azkenik, gardentasunaren printzipioari lotuta, errege lege-dekretuak argi eta garbi zehazten du zein den bere asmoa; Zioen Azalpenean turismoaren sektorean ezartzen diren neurriak azaltzen dira.

Horrela, bada, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak eta Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2019ko urriaren 11n eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

  • I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

  • 1. artikulua. Xedea eta helburua.

Errege lege-dekretu honen xedea da presako neurriak ezartzea Espainiako sektore turistikoa sendotzeko eta beraren lehiakortasuna hobetzeko, Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziaren ondorioak arintzeko asmoarekin.

  • II. KAPITULUA

Lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak

  • 2. artikulua. Turismo-jarduerarekin lotutako turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan aldizkako kontratu finkoak dauzkaten langileen jarduera-aldiak 2019ko urrian eta abenduan eta 2020ko otsailean eta martxoan luzatzen laguntzeko neurriak, lan-zentroak Balear Uharteetako eta Kanarietako autonomia-erkidegoetan dauzkaten enpresentzakoak.

Martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuak (gizarte-babeserako eta lanaldian lan-prekaritatearen kontra borrokatzeko presako neurriena) 9. artikuluan aurreikusten duen hobaria, artikulu horretan ezartzen diren hiletan ez ezik, 2019ko urrian eta abenduan eta 2020ko otsailean eta martxoan ere aplikatuko da, salbuespen gisa, turismoaren sektoreko jarduerak edo horrekin lotutako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetako jarduerak egiten dituzten enpresetan, Balear Uharteetako eta Kanarietako autonomia-erkidegoetan dauzkaten lan-zentroei dagokienez, baldin eta aipatutako artikulu horretan ezartzen diren gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte.

  • 3. artikulua. Lan-arloko koordinazioa.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, langabeak babesteko neurriak eta enplegurako politika aktiboak koordinatuko dituzte, erantzun eraginkorra emateko egoera berezi honek kalte egindako langileei.

  • III. KAPITULUA

Sektore turistikoari finantza-laguntzak emateko neurriak

  • 4. artikulua. Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak kalte egindakoen beharrizanei erantzuteko finantzaketa-lerroa.

  • 1. Gobernuari eskatzen zaio ezen Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen erabaki baten bidez 200 milioi euroko finantzaketa-lerroa onar dezala Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak kalte egindakoen finantza-beharrizanei erantzuteko.

  • 2. Finantzaketa-lerro horren baldintzak eta arauak Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen erabakian finkatuko dira.

  • 5. artikulua. Zuzeneko dirulaguntzak Kanarietako Autonomia Erkidegoari eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoari.

  • 1. Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 22.2.b) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, zuzeneko dirulaguntza hauek emango dira galdutako konektibitatea berreskuratzeko, dibertsifikazioa sendotzeko eta helmugak hobetzeko:

  • a) Kanarietako Autonomia Erkidegoari, 15 milioi euroko dirulaguntza.

  • b) Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoari, 8 milioi euroko dirulaguntza.

  • 2. Dirulaguntza bakoitza bideratzeko, hitzarmen bat sinatuko dute Turismoko Estatu Idazkaritzak eta autonomia-erkidegoak, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak 65.3 artikuluan 66.2 artikuluarekin lotuta ezartzen duenarekin bat etorriz (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

  • 3. Aurreko apartatuan aipatzen den hitzarmena dirulaguntza emateko oinarri arautzailea izango da azaroaren 17ko 38/2003 Legearen ondorioetarako. Hitzarmenean, lege hori garatzen duen erregelamenduaren 65.3 artikuluan aipatzen dena biltzen da, eta, horrez gainera, onuradunen baldintzak, baldintzak betetzen direla frogatzeko modua, diruz lagundu daitezkeen gastuak, epealdiak eta gastuak justifikatzeko modua.

  • 4. Hitzarmenean ezarri ahal izango da dirulaguntza aurreordainketa bakarrean egingo dela, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 34.4 artikuluak eta hura garatzen duen erregelamenduak ezartzen dutenarekin bat etorriz.

  • 5. Dirulaguntza ordaintzeko, ezinbestekoa da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

  • 6. Errege lege-dekretu honetan arautzen ez den guztirako, salbu eta publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagokienerako, honako hauetan xedatzen dena aplikatuko da, ordezko gisa: azaroaren 17ko 38/2003 Legea eta beraren erregelamendua.

  • IV. KAPITULUA

Turismoaren Lehiakortasunerako Estatuaren Finantza Funtsa

  • 6. artikulua. Turismoaren Lehiakortasunerako Estatuaren Finantza Funtsa (FOCIT)

  • 1. Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsa (FOMIT) uztailaren 23ko 937/2010 Errege Dekretuak arautzen du. Aurrerantzean horren izena hau izango da: «Turismoaren Lehiakortasunerako Estatuaren Finantza Funtsa F.C.P.J. (FOCIT)».

  • 2. Estatuaren 2007. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 42/2006 Legearen berrogeita hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da, eta honela geratzen da:

«Berrogeita hirugarren xedapen gehigarria. Helmuga turistikoen lehiakortasuna hobetzeko ekimena.

Bat. Estatuak finantza-laguntza eman ahal izango die enpresa turistikoek sektorearen lehiakortasuna hobetzeko abian ipintzen dituzten proiektuei -batez ere, helmuga turistikoak digitalizatzeko jarduketak dauzkaten proiektuei eta zerbitzuak berritzeko eta modernizatzeko proiektuei- FOCIT Turismoaren Lehiakortasunerako Estatuaren Finantza Funtsaren kargurako maileguen bidez.

Bi. Ekimen hori FOCIT Turismoaren Lehiakortasunerako Estatuaren Finantza Funtsaren kargura gauzatuko da (funtsa Turismoko Estatu Idazkaritzari atxikita dago, eta berorrek kudeatzen du; finantza-administrazioa, berriz, ICO Kreditu Ofizialeko Institutuaren ardura izango da).

Hiru. Gobernuak honako hauen berri emango dio Parlamentuari: ekimenaren kudeaketa, lortutako emaitzak, finantzatutako proiektuak, proiektuen zenbatekoa eta finantzaketa-modalitateak, eta azken onuradunak. Informazio hori Parlamentuari bidaliko dio urtean-urtean.»

  • 3. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hiru hilabete pasatu baino lehen, Gobernuak artikulu honetan ezartzen dena garatzeko behar diren neurriak ezarriko ditu erregelamendu baten bidez.

Lehen xedapen gehigarria. Konkurtso-prozeduretan informazioa emateko neurriak.

Turismoko Estatu Idazkaritzak, Justizia Ministerioarekin eta autonomia-erkidegoekin lankidetzan arituz, neurri orokorrak ezarriko ditu Thomas Cook taldeko enpresen kaudimengabezia-prozeduretan zorrak kobratu behar dituzten sektore turistikoko enpresei informazioa emateko.

Bigarren xedapen gehigarria. Helmuga turistiko adimendunen estrategia sendotzea.

Thomas Cook enpresa-taldearen kaudimengabeziak kalte egindako helmuga turistikoak eraldatzen laguntzeko asmoarekin, Gobernuak 1.485.000 euro emango dizkio Sociedad Mercantil Estatal para la Gestion de la Innovacion y las Tecnolog^as Turisticas S.A.M.P (SEGITTUR) sozietateari helmuga turistiko adimendunen estrategia sendotzeko eta horrela helmuga turistiko horien lehiakortasuna hobetzeko.

Xedapen iragankor bakarra. FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren kargura finantzatzen diren proiektuak.

FOMIT Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsaren kargura finantzatzen diren proiektuei honako arau hauek aplikatuko zaizkie: 937/2010 Errege Dekretua, uztailaren 23koa, eta errege lege-dekretu hau onartzen denean indarrean dauden gainerako arau aplikagarriak.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan ezartzen denaren aurka dauden maila bereko eta beheragoko mailako xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.13 eta 149.1.17 artikuluen babespean eman da; artikulu horiek Estatuari esleitzen dizkiote jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren arloko eskumena eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren gaineko eskumena.

Azken xedapenetako bigarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.

Gobernuari ahalmena ematen zaio errege lege-dekretu honetan arautzen dena garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak onartzeko.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Madril, 2019ko urriaren 11.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra