1/2019 Legea, otsailaren 20koa, Enpresa-sekretuena.
2019-02-20Erakundea: ESTATUKO BURUZAGITZA
Argitalpena: EAO, 2019/02/21 ZK45
I. XEDAPEN OROKORRAK
2364 1/2019 Legea, otsailaren 20koa, Enpresa-sekretuena.
FELIPE Vl.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:
Berrikuntza pizgarri eraginkorra da gehiago jakiteko, eta taldeka eskuratutako ezagutzaren erabileran oinarritzen diren enpresa-eredu berriak antolatzen laguntzen du. Enpresek beren sekretuak balioesten dituzte, bai eta jabetza industrialeko eta intelektualeko eskubideak ere, eta konfidentzialtasuna erabiltzen dute enpresa-lehiakortasuna kudeatzeko, ezagutza publiko-pribatua transferitzeko eta ikerketa berritzeko, informazioa (ezagutza tekniko edo zientifikoak, bezeroei eta hornitzaileei buruzko datuak, merkataritza-planak eta merkatuen inguruko azterlanak eta estrategiak) babesteko asmoarekin.
Hala ere, enpresa berritzaileek gero eta jardun desleial gehiago jasan behar dituzte, lehiakide askok beren enpresa-sekretuen jabe egin nahi izaten baitute lapurreten bidez, baimenik gabe kopiatuz, espioitza ekonomikoaren bidez edo konfidentzialtasun-baldintzei itzuri eginez. Globalizazioak, esternalizazioen gorakadak, hornidura-kateak geroz luzeagoak izateak eta informazioaren eta komunikazioen teknologiak gero eta gehiago erabiltzeak jardun desleial horien arriskua areagotzen dute.
Enpresa-sekretu bat legez kontra eskuratzeak, erabiltzeak edo zabaltzeak arriskuan jartzen du haren jabe legitimoak bere berrikuntza-lanaren bidez lortutako aitzindaritzaren onurak aprobetxatzeko aukera. Enpresen sekretuak babesteko tresna juridiko eraginkor eta konparagarririk ez egotea galgarria da berrikuntzaren arloko jarduerei ekiteko, eta enpresen sekretuak ekonomia hazteko eta lanpostuak sortzeko pizgarri eraginkorrak izatea eragozten du. Horregatik guztiagatik, enpresek arrazoi gutxiago dituzte berrikuntzan ez sorkuntzan aritzeko, eta inbertsioak murrizten dira, eta, ondorioz, merkatuaren funtzionamendua narrasten da eta ekonomiaren hazkundea bultzatzeko gaitasuna ahultzen da.
Lehiakortasunak know-howa eta zabaldu gabeko enpresa-informazioa ditu oinarrian, eta bermatu beharra dago lehiakortasun hori ondo babestua dagoela, eta berrikuntza lantzeko eta ustiatzeko eta ezagutzak merkatura helarazteko behar diren baldintzak eta esparrua hobetu behar dira.
Segurtasun juridikoa indartzeak lagundu egingo luke enpresek sekretu gisa babestu nahi dituzten berrikuntzen balioa gehitzen, inork horiek legez kontra eskuratzeko arriskua txikituko litzateke eta. Eta hori onuragarria izango litzateke merkatuaren funtzionamendurako, zeren eta enpresek (batez ere, txikiek eta ertainek), ikerkuntza-zentro publikoek eta ikertzaileek hobeto erabili ahal izango bailituzkete beren ideia berriak, lankidetzan jardunez; horrela, sektore pribatuak inbertsio gehiago egingo lituzke berrikuntzan eta ikerkuntzan.
Arazo hau konpontzeko nazioartean Munduko Merkataritza Antolakundearen esparruan egin diren ahaleginen ondorioz, Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualaren Eskubideei buruzko Alderdiei buruzko Akordioa egin zen (Munduko Merkataritza Antolakundea sortzen duen Hitzarmena, 1C eranskina, Uruguaiko 1994ko bilera; «TRIPS» esan ohi zaie alderdi horiei). Besteak beste, akordio horretan xedapen batzuk daude enpresen sekretuen babesari buruz, sekretuok hirugarrenek legez kontra ez eskuratzeko, ez erabiltzeko eta ez zabaltzeko; xedapen horiek nazioarteko arau komunak dira. Europar Batasuneko estatu guztiek, bai eta Europar Batasunak berak ere, akordio horretan ezartzen dena bete behar dute. Akordioa Kontseiluaren 1994ko abenduaren 22ko 94/800/EE Erabakiaren bidez onartu zen (erabakiaren gaia hauxe zen: Uruguaiko 1986-1994ko aldiko alderdi askoren arteko negoziazioen ondoriozko akordioak sinatzea Europako Erkidegoaren izenean, bere eskumeneko gaiei dagokienez).
Horiek horrela, Europar Batasuneko estatuen artean enpresa-sekretuen babesaren arloan nolako desberdintasunak dauden ikusita, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko ekainaren 8ko 2016/943 (EB) Zuzentaraua onartu zen; zuzentarau horren gaia honako hau zen: zabaldu gabeko ezagutza teknikoak eta enpresa-informazioa (merkataritzako sekretuak) babestea, inork legez kontra ez eskuratzeko, ez erabiltzeko eta ez zabaltzeko, Batasuneko estatuen legeriak harmonizatu ahal izateko eta horrela Batasun barruko merkatu osoan konponbide guztiak nahikoak eta konparagarriak izan daitezen enpresa-sekretuak legez kontra eskuratzen direnean.
Batasunaren ekimenak bi xede dauzka: batetik, Europako enpresen eta ikerkuntzako entitateen lehiakortasuna -know-howan eta zabaldu gabeko enpresa-informazio edo enpresa-sekretuetan oinarritua- ondo babestuta dagoela bermatzea; bestetik, berrikuntza lantzeko eta ustiatzeko eta ezagutzak merkatura helarazteko behar diren baldintzak eta esparrua hobetzea.
Zuzentarauan enpresa-sekretuak babesteko arauak ezartzen dira, inork legez kontra ez lortzeko, ez erabiltzeko eta ez zabaltzeko; arau horiek ezin izango dira aplikatu establezimendu-askatasuna, langileen zirkulatzeko askatasuna eta langileen mugikortasuna murrizteko, eta ez daukate inolako eraginik enpresaburuek eta langileek beren arteko lehia mugatzeko itunak egiteko gaitasunean.
Arau honen xedea informazio sekretua da, eta hau hartzen da halakotzat: halako informazioa erabili ohi den esparruetako pertsonek ezagutzen ez dutena eta eskuratzen erraz ez dutena osotasunean edo osagaien batasunean, sekretua den aldetik merkataritza-balioa daukana eta kontrolatzeko zilegitasuna daukan pertsonak isilpean edukitzeko kasuan kasuko zentzuzko neurriak aplikatzen dizkiona. Horrenbestez, enpresa-sekretuaren definizio horren barruan ez da sartzen garrantzi urriko informazioa, ez langileek beren ohiko lanbidean eskuratutako eskarmentua eta gaitasunak, ez dena delako informazioa erabili ohi den esparruetan denek dakiten informazioa, ez eskuratzen erraz dena.
Gainera, informazioari babes juridikoa zer kasutan ezartzen zaion arautzen da, eta zehazten da zer jokabide eta jardun den informazioa legez kontra lortzea, erabiltzea edo zabaltzea.
Enpresa-sekretuak legez kontra eskuratu, erabili edo zabaltzearen aurka abian jartzen diren akzio zibileko bideek ezin dituzte arriskuan ipini ez eragotzi oinarrizko eskubideak eta askatasunak, ez interes publikoa, eta modu proportzionalean aplikatu behar dira, Batasunaren barruko merkatuan merkataritza legitimoa oztopatu gabe eta abusuak saihesteko babes-neurriak ezarriz.
Esparru juridiko berri honetan, lege honek (zein, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 25. artikuluaren arabera, 2018ko Urteko Araugintza Planean ezarrita baitago) zuzentarau horren transposizioari heltzen dio, aginduta dagoen bezala, eta, gure ordenamendu juridikoan txertatzeko, enpresa-sekretuak legez kontra eskuratzeko ahaleginetatik babesten dituzten tresna juridikoak hobetu nahi ditu Batasunaren barruko merkatu osoan; horrela, Lehia Desleialaren urtarrilaren 10eko 3/1991 Legea osatzen da (13. artikulua, hain zuzen), ikuspegi substantibotik eta, batez ere, prozesaletik.
Transposiziorako aplikatu diren irizpideak honako printzipio hauetan oinarritu dira: erregulazio onaren printzipioa, horren barruan sartzen dela beharraren eta eraginkortasunaren printzipioa (zuzentarauaren testuaren transposizioa fideltasunez eta egungo araudia ahal den gutxiena erreformatuz betetzen da), dispertsioa saihesteko sinplifikazioaren mesedetan; proportzionaltasunaren printzipioa, betebeharrari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa ezartzen baita, eta segurtasun juridikoaren printzipioa, asmoa arau-esparru egonkorra, aurreikusgarria, integratua eta argia edukitzea baita.
Legeak hogeita bost artikulu dauzka, bost kapitulutan banatuta; horrez gainera, xedapen iragankor bat eta sei azken xedapen ere badauzka.
I. kapituluaren hasieran legearen xedea azaltzen da: enpresa-sekretuak babestea. Sekretu horiek zer diren Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko ekainaren 8ko 2016/943 (EB) Zuzentarauan ezartzen denaren arabera zehazten da. Definizio hori lege honen berrikuntza garrantzitsuenetako bat da, honako informazio guztiak hartzen baititu: merkataritza-balioa duten informazio sekretu guztiak, titularrek isilpean edukitzeko zentzuzko neurriak aplikatu dizkietenak.
Halaber, egokitzat jo da gure sistema juridikoan erabiltzen diren terminoei eustea, termino berriek lehendik ere erabat ezagunak diren kontzeptuak (legerian, jurisprudentzian eta doktrinan aztertuak eta landuak) adierazten dituzten kasuetan. Hori dela eta, adibide bat ematearren, nahiago izan da enpresa-sekretu esamoldea erabili babesten den xedea adierazteko, eta titular enpresa-sekretuaren jabe legitimoa duena eta babes juridikoaren onura jasotzen duena adierazteko. Lege honen xedapenetan enpresa-sekretuaren titularrari ondare-izaerako eskubide subjektiboa esleitzen zaio. Eskubide hori eskualdatu eta laga egin daiteke, bai eta behin betiko eskualdatu ere; gainera, ustiatzeko lizentzia edo baimena eman daiteke (kasu bakoitzean irismen objektiboa, irismen materiala, lurralde-esparrua eta iraupena itundu daitezke).
II. kapituluan, alde batetik, enpresa-sekretuak eskuratzea, erabiltzea eta zabaltzea legezkotzat zer egoeratan jotzen den zehazten da, babes handiagoa behar duten interesak daudelakoan (hau da, lege honetan arautzen diren babes-neurriak aplikatzerik ez dagoen kasuak); bestetik, enpresa-sekretuak urratzea zer den zehazten da. Hori dela eta, berrikuntza gisa, enpresa-sekretuen babesean, «salgai arau-hausleak» esaten zaienak ere sartzen dira, eta salgai horiek ustiatzeko egintzak enpresa-sekretuaren urraketatzat jotzen dira.
III. kapituluan, zuzentarauak ezartzen duena osatzen eta hobetzen da, nahiz eta zuzeneko sorburua bertako artikuluak ez izan: enpresa-sekretuen ondare-ondorioak arautzen ditu xedapen-erregelen bidez. Labur azalduta, erregela horietan gaingiroki xedatzen da nola jokatzen den alderdien artean akordiorik egon ezean: nola banatzen den enpresa-sekretuaren titulartasuna hainbat pertsonaren artean eta nola eskualda daitekeen titulartasun hori, batez ere kontratu-lizentziaren bitartez.
IV. kapitulua babes-akzioen katalogo irekia da. Enpresa-sekretuen urraketaren kontra egiteko haien titularrei onartzen zaizkien neurri garrantzitsuenak azaltzen dira eta horien konfigurazio substantiboa ezartzen da; arreta bereziarekin arautzen dira kalte-galeren ordainak, bai kopuru ekonomikoak, bai kalkuluak eta likidazioa, patenteen arloko arau-hausteez eta -hedaduraz- jabetza industrialeko beste eskubide batzuen inguruko arau-hausteez xedatzen denaren ildo beretik. Azkenik, babes-akzioen erregulazio materialaren amaieran preskripzioari buruzko erregela ezartzen da.
V. kapituluan, amaitzeko, enpresa-sekretuen titularrei beren egoera juridikoaren babes-judizialerako tresna eraginkorrak eskaini ahal izateko behar diren alderdi prozesalak arautzen dira. Hain zuzen ere, akzio-sistema sendoa ezartzen da, eta prozesu guztiz eraginkor eta erraza arautzen da, justiziaren eta ekitatearen bermeak kontuan hartzen dituena, baina behar ez den formalitaterik ezarri gabe, eta zentzuzko aldi batean egiteko moduko izapideak dauzkana; gainera, kautela-neurrien katalogo egokia ezartzen da prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko. Enpresa-sekretuak babesteko akzioak modu proportzionalean aplikatu behar dira, eta ahaleginak egin behar dira merkataritza askea ez eragozteko eta ekintza horiek abusuz edo gaitzustearekin ez erabiltzeko. Hori dela eta, onuste prozesaleko erregelak ez betetzeagatik epaileek eta epaitegiek orokorrean ezar ditzaketen neurriak astuntzen dira, honako hau eragozteko: enpresa-sekretu baten ustezko babesaren itzalpean, lege honetan arautzen diren akzioak erabiltzea norbait bidegabeki estu hartzeko zuzentarauan ezartzen diren (eta hemen transposizioa aplikatzen zaien) salbuespenetako batek babestuta egon daitekeen informazioren bat eskuratu duela eta.
Bestenaz, berrikuntza prozesal nagusiak hiru eremutan gertatzen dira. Lehenbizi, hainbat erregela ezartzen dira prozesuan sortzen edo aurkezten den eta enpresa-sekretutzat har daitekeen informazioa isilpean edukitzeko. Bigarrenik, arau-esparrua eskaintzen da egitateak egiaztatzeko eginbideak egiteko, kontrako alderdiek edo hirugarrenek dauzkaten froga-iturriak eskuratzeko eta, behar denean, frogak ziurtatzeko. Hirugarrenik, erregela bereziak ezartzen dira kautela-neurrien bidezko babeserako, eta espezialitateak honako hauetarako: ordezko kauzioa; kautela-neurriak kentzea auzibidean zehar enpresa-sekretua desagertzen denean; kautela-neurriren batek kalte egiten dien edo egin diezaiekeen hirugarrenen egoera juridikoa babestea.
Azken atalean, aipagarria da Lehia Desleialaren urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 13. artikuluaren aldaketa: orain arte bezala enpresa-sekretua urratzea lehia desleialtzat jotzen bada ere, zehazten da urratze horri arau honetan ezartzen dena aplikatuko zaiola, arau hau lege berezia izango dela beste lege horrek ezartzen duenaren aldean, zeina, lege orokorra den aldetik, hutsuneak betetzeko erabili ahal izango baita lege bereziaren kontra jo ezean. Horrenbestez, lege berria gure ordenamendu juridikoak enpresa-sekretuei urratzeen kontra ematen dien babesaren esparruan txertatzen da; nolanahi ere, kasurik larrienetan, Zigor Kodearen 278. eta 279. artikuluetan ezartzen diren delitu-tipoak aplika daitezke.
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
1. Lege honen xedea enpresa-sekretuak babestea da.
Lege honen ondorioetarako, enpresa-sekretutzat jotzen dira teknologien, zientzien, industriaren, merkataritzaren, antolakuntzaren eta finantzen arloetako informazioak eta ezagutzak, honako baldintza hauek betez gero:
a) Sekretua izatea, hau da, osotasunean edo osagaien batasunean informazio edo ezagutza mota hori erabili ohi den esparruetako pertsonek ez ezagutzea eta eskuratzen erraz ez edukitzea.
b) Enpresa-balioa edukitzea, benetakoa zein potentziala, sekretua izateagatik.
c) Titularrak isilpean edukitzeko zentzuzko neurriak aplikatu izana.
2. Babesa enpresa-sekretu baten titularrari ematen zaio, hau da, enpresa-sekretu bat kontrolatzeko zilegitasuna daukan pertsona fisiko edo juridikoari. Babesaren barruan, lege honen arabera legez kontrakoak diren edo legez kontrako sorburua duten sekretua eskuratzeko, erabiltzeko eta zabaltzeko modalitate guztiak sartzen dira.
3. Enpresa-sekretuen babesak ezin du eduki eraginik gizarte-solaskideen autonomian, ez haiek negoziazio kolektiborako duten eskubidean. Halaber, ezin du murriztu langileen mugikortasuna; hain zuzen ere, ezin da erabili justifikatzeko langileei mugak ezartzea beren ohiko lanbidean eskuratutako eskarmentua eta gaitasunak edo enpresa-sekretutzat jotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituen informazioa erabiltzeko, ez eta lan-kontratuetan legerian ageri ez diren murrizketak ezartzeko ere.
Gainera, lege honetan xedatzen denak ez du eragozten Patenteen uztailaren 24ko 24/2015 Legeak IV. tituluan ezartzen duena aplikatzea.
Enpresa-sekretuak eskuratzea, erabiltzea eta zabaltzea
2. artikulua. Enpresa-sekretuak legez eskuratzea, erabiltzea eta zabaltzea.
1. Enpresa-sekretua den informazioa legez eskuratutzat joko da honako modu hauetako batean eskuratuz gero:
a) Modu independentean aurkitu edo sortzea.
b) Jendearen esku jarritako produktu edo objektu bat behatu, aztertu, desmuntatu edo saiatzea edo lan horiek egiten dituen norbaitek produktu edo objektua legez eskuratuta hura behatu, aztertu, desmuntatu edo saiatzea, enpresa-sekretua den informazioa horrela lortzea eragozten duen betebeharrik ez dagoela.
c) Langileek eta haien ordezkariek informazioa jasotzeko eta kontsultatzeko eskubidea erabiltzea, Europako eta Espainiako zuzenbidearekin eta indarreko jarduketekin bat etorriz.
d) Kasuko inguruabarren arabera merkataritza-jarduera leialekin bat datozen gainerako jarduketa guztiak, are enpresa-sekretuaren transferentzia edo lagapena eta kontratu-lizentzia ere, III. kapituluan ezartzen denarekin bat etorriz.
2. Enpresa-sekretu bat eskuratzea, erabiltzea edo zabaltzea legezkotzat jotzen da Europako edo Espainiako zuzenbideak eskatzen edo ahalbidetzen duen kasuetan, bertan arautzen denarekin bat etorriz.
3. Nolanahi ere, lege honetan ezartzen diren akzioak eta neurriak ez dira aplikatuko enpresa-sekretu bat honako inguruabar hauetan eskuratzen, erabiltzen edo zabaltzen denean:
a) Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean bildutako adierazpen- eta informazio-askatasunerako eskubidea erabiltzean (horren barruan komunikabideen askatasuna eta pluralismoa errespetatzea sartzen da).
b) Interes orokorraren alde egin nahian, enpresa-sekreturen batekin zuzeneko erlazioa daukan arau-hauste, irregulartasun edo legez kontrako jardueraren bat agerian jartzeko hala egiten denean.
c) Langileek beren ordezkariei jakinarazten dietenean, ordezkariok Europako edo Espainiako zuzenbidearen arabera legez esleituta dauzkaten egitekoak egiten ari direla, baldin eta jakinarazitako informazioa ezinbestekoa bada egiteko horiek betetzeko.
d) Europako edo Espainiako zuzenbideak onartzen duen interes legitimo bat babesteko hala egiten denean. Zehazki, lege honetan arautzen den babesa ezin izango da eskatu enpresa-sekretuen titularrek informazioa zabaltzea eta administrazio-agintaritzei edo agintaritza judizialei beren egitekoetan ari direla jakinaraztea eskatzen duen araudiaren aplikazioa eragozteko, ez eta Europako edo Espainiako agintaritzek Europako edo Espainiako zuzenbideak esleitutako betebeharrak edo prerrogatibak direla-eta beren esku daukaten enpresen inguruko informazioa agerian jartzea aurreikusten duen araudiaren aplikazioa eragozteko ere.
3. artikulua. Enpresa-sekretuak urratzea.
1. Enpresa-sekretuak titularrak baimena eman gabe eskuratzea legez kontrakotzat jotzen da, modu hauetako batean eskuratuz gero:
a) Enpresa-sekretua biltzen duten edo hura ondorioztatzeko erabil daitezkeen dokumentuak, objektuak, materialak, substantziak, fitxategi elektronikoak eta bestelako euskarriak baimenik gabe eskuratzea, haietaz jabetzea edo kopia egitea.
b) Kasuko inguruabarren arabera merkataritza-jarduera leialekin bat ez datorren edozein eratan jokatzea.
2. Enpresa-sekretu bat legez kontra erabili edo zabaldu dela iritziko zaio, baldin eta, titularrak baimena eman gabe, legez kontra eskuratu duen batek, konfidentzialtasun-akordioa bete ez duen batek, enpresa-sekretuak ez zabaltzeko betebeharra hautsi duen batek edo enpresa-sekretuak erabiltzeko mugak ezartzen dituen kontratu-betebeharra edo bestelako betebeharra bete ez duen batek erabiltzen edo zabaltzen badu.
3. Halaber, enpresa-sekretu bat legez kontra eskuratu, erabili edo zabaldu dela iritziko zaio, baldin eta sekretua eskuratzen, erabiltzen edo zabaltzen duen pertsonak hori egiten duenean badaki (edo, kasuaren arabera, jakin behar balu) sekretua legez kontra (aurreko apartatuan xedatzen den bezala) erabiltzen edo zabaltzen ari den pertsona baten eskutik lortzen duela zuzenean edo zeharka.
4. Salgai arau-hausleak ekoiztea, eskaintzea edo merkaturatzea edo xede horietarako inportatzea, esportatzea edo biltegiratzea enpresa-sekretua legez kontra erabiltzea da, baldin eta jarduera egiten duen pertsonak badaki (edo, kasuaren arabera, jakin behar balu) esku artean darabilen enpresa-sekretua legez kontra erabili dela (2. apartatuan xedatzen denaren arabera).
Lege honen ondorioetarako, salgai arau-hausleak dira diseinuan, ezaugarrietan, funtzionamenduan, ekoizteko prozesuan edo merkaturatzeko prozesuan legez kontra eskuratu, erabili edo zabaldutako enpresa-sekreturen baten onura jaso duten produktuak eta zerbitzuak.
Enpresa-sekretua, jabetza-eskubidearen xede
4. artikulua. Enpresa-sekretuen eskualdagarritasuna.
Enpresa-sekretuak eskualdagarriak dira.
Enpresa-sekretu bat eskualdatzen denean, sekretuaren izaeraren arabera beharrezkoa izanez gero, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 101. artikuluaren 3. apartatua teknologia transferitzeko akordioen kategoria jakin batzuei aplikatzeaz Europar Batasunak emandako erregelamenduak bete beharko dira.
5. artikulua. Titularkidetasuna.
1. Enpresa-sekretu baten jabetza hainbat pertsonak eduki dezakete indibisoan. Horren ondoriozko erkidegoan, alderdiek beren artean hitzartzen dutena aplikatuko da; hitzarmenik ezean, hurrengo apartatuetan xedatzen dena aplikatuko da, eta, azken batean, ondasun-erkidegoari buruzko zuzenbide erkideko arauak.
2. Erkide bakoitzak honako hauek egin ditzake bere kabuz:
a) Enpresa-sekretua ustiatu, gainerako jabekideei jakinarazi ondoren.
b) Enpresa-sekretuari bere hartan eusteko behar diren egintza guztiak egin.
c) Enpresa-sekretua babesteko akzio zibilak eta kriminalak baliatu; nolanahi ere, gainerako erkideei jakinarazi beharko dizkie, haiek ere akzio horiekin bat egin ahal izan dezaten eta eragiten dituzten gastuak ordaintzen lagundu dezaten. Dena dela, akzio bat onuragarria bada erkidegoarentzat, erkide guztiek ordaindu beharko dituzte eragiten dituen gastuak.
3. Enpresa-sekretua hirugarren bati lagatzen bazaio, edo hura ustiatzeko lizentzia ematen bazaio, erkide guztiek batera eman beharko dute, kasu honetan izan ezik: organo jurisdikzionalak, ekitate-arrazoiak eta kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, erkide bati ematen dionean lagapena egiteko edo lizentzia emateko ahalmena.
6. artikulua. Enpresa-sekretuen lizentziak.
1. Enpresa-sekretuen gaineko lizentzia eman daiteke; kasu bakoitzean irismen objektiboa, irismen materiala, lurralde-esparrua eta iraupena itundu daitezke. Besterik itundu ezean, kontratu-lizentzia baten titularrak enpresa-sekretuen erabileran biltzen diren egintza guztiak egin ditzake.
2. Lizentzia esklusiboa edo ez-esklusiboa izan daiteke. Besterik ezean, lizentzia ez-esklusibotzat hartuko da, eta pentsatuko da emaileak beste lizentzia batzuk eman ditzakeela edo berak bere kabuz erabil dezakeela enpresa-sekretua. Lizentzia esklusiboak beste lizentzia batzuk ematea eragozten du; horrelakoetan, lizentzia-emaileak enpresa-sekretua erabili ahal izateko, ezinbestekoa da kontratuan eskubide hori berariaz berarentzat gordeta egotea.
3. Kontratu-lizentzia baten titularrak ezin izango die laga hura hirugarrenei, ez eta azpilizentziak eman ere, non eta ez den kontrakorik hitzartu.
4. Lizentzia edo azpilizentzia jasotzen duenak behar diren neurriak hartu beharko ditu enpresa-sekretua ez urratzeko.
7. artikulua. Titulartasuna edo ahalmena eduki gabe eskualdatzea edo lizentzia ematea.
Enpresa-sekretu bat kostu bidez eskualdatzen bada edo haren gaineko lizentzia ematen bada eta ondoren egiaztatzen bada eskualdatzaileak edo lizentzia-emaileak ez daukala titulartasunik edo dena delako negozioa egiteko behar den ahalmena, horrek eskuratzaileak edo lizentzia-hartzaileak jasaten dituen kalteen erantzukizuna edukiko du, kontrakorik itundu ezean. Eskualdatzaileak edo lizentzia-emaileak, gaitzustearekin jokatzen badu, erantzukizuna berea izango du beti.
Enpresa-sekretuak babesteko akzioak
8. artikulua. Enpresa-sekretuak babestea.
Enpresa-sekretu bat urratzen duenaren aurka dagozkion akzioak erabili ahal izango dira, denetariko mota eta izaerakoak, eta sekretua babesteko behar diren neurriak ezartzeko eskatu ahal izango da.
Arau honen ondorioetarako, 3. artikuluan azaltzen diren jarduketetako bat egiten duten pertsona fisikoek zein juridikoek enpresa-sekretua urratu dutela pentsatuko da.
Gainera, 9.7 artikuluan ezartzen diren zehaztasunak kontuan edukita, akzio horiek onustean jardun duten hirugarren eskuratzaileen aurka ere erabili ahal izango dira; honako hauek dira hirugarren horiek, lege honen ondorioetarako: sekretua erabiltzean edo zabaltzean ez dutenak jakin (edo, kasuaren arabera, jakin beharrik eduki ez dutenak) sekretua arau-hausle baten eskutik lortu dutela zuzenean zein zeharka.
9. artikulua. Akzio zibilak.
1. Enpresa-sekretuak urratzen dituzten egintzen aurka honako hauek eska daitezke:
a) Enpresa-sekretua urratu dela deklaratzeko.
b) Enpresa-sekretua urratzen duen egintza bukarazteko edo, bidezkoa denean, debekatzeko.
c) Salgai arau-hausleak fabrikatzea, eskaintzea, merkaturatzea edo erabiltzea edo xede horietarako inportatzea, esportatzea edo biltegiratzea debekatzeko.
d) Salgai arau-hausleak atzemateko (merkatuan daudenak barne), eta haiek ekoizteko baino erabiltzen ez diren baliabideak ere bai (horrek ez badu murrizten enpresa-sekretuaren babesa), honako helburu hauetako baterako: salgaia aldatzea, arau-haustea eragiten duten ezaugarriak ezabatzeko, edo ekoizpenerako bakarrik erabili ahal izateko; salgaia ezabatzea; salgaia ongintza erakunde bati ematea.
e) Enkaitzea; hona zer den enkaitzea: demandatzaileari enpresa-sekretua biltzen duten dokumentu, objektu, material, substantzia, fitxategi elektroniko eta bestelako euskarri guztiak edo batzuk ematea eta, behar denean, guztiz edo neurri batean suntsitzea.
f) Salgai arau-hausleen jabetza demandatzaileari esleitzeko; hori gertatzen denean, ematen diren salgaien balioa kalte-galeren ordainaren zenbatekoari egotzi ahal izango zaio, baina, hori gorabehera, arau-hausleak erantzukizuna edukiko du balio hori gainditzen duen kalte-ordainaren zenbatekoari dagokionez. Baldin eta salgaien balioa kalte-ordaina baino handiago bada, demandatzaileak beste alderdia konpentsatu beharko du.
g) Kalte-galerak ordaintzeko, urratzaileak doloarekin jardun badu edo kalte-galerak haren erruz sortu badira; zenbatekoa egokia izan behar da, hau da, enpresa-sekretua urratzeak ekarri duen lesioaren araberakoa.
h) Epaia argitaratzeko edo zabaltzeko, osorik edo zati bat; nolanahi ere, argitalpenean enpresa-sekretuaren konfidentzialtasuna zaindu beharko da, lege honek 15. artikuluan ezartzen duen bezala.
2. Aurreko apartatuaren d), e) eta h) letretan arautzen denaren arabera ezartzen diren neurriak urratzailearen kontura hartuko dira, salbuespen gisa beste modu batera izan behar denean izan ezik. Neurri horiek ez dute murrizten demandatzaileak jasandako kalte-galeren ordaina jasotzeko eskubidea.
3. 1. apartatuan aipatzen diren akzioak direla bide zer neurri ezarriko den zehazteko, proportzionaltasuna eta kasuko inguruabarrak hartu behar dira kontuan; inguruabarren artean, honako hauek aztertu behar dira: enpresa-sekretuaren balioa eta beste ezaugarri batzuk, sekretua babesteko ezarritako neurriak, urratzailearen jokabidea, enpresa-sekretua urratzeak ekarri dituen ondorioak, urratzaileak horretan jarraitzeko probabilitatea, alderdien interes legitimoak, baliatutako akzioak baiesteak edo ez baiesteak alderdientzat eduki litzakeen ondorioak, hirugarrenen interes legitimoak, interes publikoa, eta oinarrizko eskubideak babestea.
Epaia argitaratu edo zabaldu behar den erabakitzean, epaileek eta epaitegiek kontuan edukiko dute, halaber, urratzaileari buruzko informazioak pertsona fisikoren bat identifikatzeko modua ematen duen, eta, hala bada, informazioa argitaratzea bidezkoa denentz aztertu behar dute, kontuan edukita neurriak kalte egin liezaiekeela kondenatutako urratzailearen intimitateari eta ospeari.
4. Epaian muga ezartzen bazaio agintzen duen bukaraztearen edo debekuaren iraupenari, enpresa-sekretuaren urratzaileak lortutako lehiatzeko abantaila edo onura ekonomikoa ezabatzeko behar den bestekoa izan behar da iraupena.
5. Alderdi batek eskatuta, ekintza bukarazteko edo debekatzeko neurriak indargabetuta geldituko dira, dena delako informazioak enpresa-sekretu izateari uzten badio kondenatutako urratzaileari ez zuzenean ez zeharka egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.
6. 1. apartatuaren a) letratik f) letrara azaltzen diren kasuetan, epaia bete arte igarotzen den egun bakoitzeko ordaindu beharreko zenbateko likidoa finkatuko da epaian demandatzailearen aldeko kalte-ordain hertsagarri gisa, hark eskatu badu; kopurua inguruabarren araberakoa izango da. Kalte-ordain hori demandatzaileak jaso beharreko kopuru orokorrari gehituko zaio. Betearazteko eskatzen denean, eskatu ahal izango da ordutik aurrera gertatzen diren ez-betetze guztiei ere modu berean aplikatzeko, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak 578. artikuluan arautzen duenarekin bat etorriz.
7. Demandatua onustean aritu den hirugarrena izanez gero, eta berak eskatzen badu, demandatzaileari diruzko kalte-ordaina eman beharra ezarri ahal izango da 1. apartatuko akzioen bidez abiarazten diren neurrien ordez; nolanahi ere, horretarako ezinbestekoa da kopurua aski izatea, batetik, eta neurri haiek betearazteak demandatuari neurriz kanpoko kaltea egitea, bestetik. Urratzea ekarri duen ekintza bukarazteko edo debekatzeko neurriaren ordez ezartzen den diruzko kalte-ordaina ezin da izan handiagoa enpresa-sekretua erabiltzea debekatuta egon zitekeen aldian hura erabili ahal izateko lizentziagatik haren titularrari ordaindu beharko zitzaion kopurua baino.
10. artikulua. Kalte-galeren kalkulua.
1. Kalte-galerengatik ordaindu beharreko kopurua finkatzeko, behar diren faktore guztiak hartu behar dira kontuan; hona: enpresa-sekretuaren titularrak jasandako kalte ekonomikoa (lortu gabeko irabazia barne), urratzaileak lortutako bidegabeko aberastea eta, behar denean, ekonomikoak ez diren bestelako elementu batzuk (esaterako, enpresa-sekretua legez kontra eskuratzeak, erabiltzeak edo zabaltzeak titularrari egindako kalte morala). Halaber, prozedura judiziala eragin duen arau-haustea gertatu dela egiaztatzen duten arrazoizko frogak lortzeko egindako ikerketaren gastuak ere gehitu ahal izango dira.
Bestela, kasu batzuetan, oroharreko kopuru bat ezarri ahal izango da kalte-galeren ordain gisa, honako hau kontuan hartuz gutxienez: enpresa-sekretua erabiltzea debekatuta egon zitekeen aldian hura erabili ahal izateko lizentziagatik demandatuak haren titularrari ordaindu beharko zion kopurua.
2. Kalte-galeren kalkulurako eta likidaziorako Patenteen Legeak 73. artikuluan xedatzen duena aplikatuko da. Horretarako eginbideak ere epaian ezarritako oinarrien arabera egingo dira, Prozedura Zibilaren Legearen III. liburuaren V. tituluaren IV. kapituluan arautzen den prozedurari jarraituz.
11. artikulua. Preskripzioa.
Legitimatuak sekretua urratu duenaren berri dakienetik hiru urte pasatutakoan preskribatuko dute enpresa-sekretuak babesteko akzioek. Preskripzioa Kode Zibilean ezartzen diren arrazoi orokorrengatik etengo da.
Jurisdikzioa eta arau prozesalak
1. atala. Xedapen orokorrak
12. artikulua. Jurisdikzioa eta prozedura.
Lege honen babespean sortzen diren auzi zibilez jurisdikzio zibileko epaileak eta epaitegiak arduratuko dira, eta Prozedura Zibilaren Legearen arabera ebatziko dira, dagokien epaiketan.
13. artikulua. Akzioak baliatzeko legitimazioa.
1. Lege honetan arautzen diren babes-akzioak baliatzeko legitimatuta daude enpresa-sekretuen titularrak eta halako sekreturen bat ustiatzeko berariazko baimena ematen duen lizentzia (esklusiboa zein bestelakoa) lortu dutela frogatzen duten pertsonak.
2. Enpresa-sekretu bat ustiatzeko lizentzia (esklusiboa zein bestelakoa) lortu duen pertsonak, ez badago legitimatuta babes-akzioak baliatzeko aurreko apartatuan xedatzen denaren arabera, bitarteko fede-emaile baten bidez eskatu ahal izango dio sekretuaren titularrari dena delako akzio judiziala abiarazteko. Titularrak akzioa baliatzeari uko egiten badio edo hiru hilabete pasatu baino lehen baliatzen ez badu, lizentziadunak bere izenean baliatu ahal izango du, egindako errekerimendua aurkeztuta. Aldi hori amaitu baino lehen, lizentziadunak epaileari eskatu ahal izango dio presako kautela-neurriak ezar ditzala; eskaeran, neurri horiek kalte handia saihesteko beharrezkoak direla frogatu beharko du, eta, berarekin batera, aipatu den errekerimendua aurkeztu beharko du.
3. Aurreko apartatuetako batean xedatuta dagoenaren arabera akzio bat baliatzen duen lizentziadunak modu sinesgarrian jakinarazi beharko dio enpresa-sekretuaren titularrari. Horrek, prozeduran agertu, eta jardun ahal izango du, bai alderdi gisa, bai laguntzailekide gisa.
14. artikulua. Eskumena.
Lege honetan arautzen diren akzioez arduratzeko eskumena hauetako batek edukiko du (demandatuak hautatu behar du): demandatuaren egoitzari dagokion merkataritza-arloko epaitegiak edo urratzea gertatu den edo ondorioak izan dituen probintziako merkataritza-arloko epaitegiak.
15. artikulua. Enpresa-sekretua izan daitekeen informazioaren tratamendua.
1. Enpresa-sekretu baten urratzearen inguruko prozedura batean aritzen diren alderdiek, haien abokatuek edo prokuradoreek, Justizia Administrazioko langileek, lekukoek, perituek eta gainerako jardule guztiek, eta kargua edo egitekoa dela eta halako prozedura bateko dokumentuak eskura dituztenek, ezin izango dute erabili ez zabaldu enpresa-sekretua izan daitekeen informazioa, epaile edo epaitegi batek (ofizioz zein alderdi batek ondo arrazoiturik eskatuta) isilpekotzat jo duena eta prozeduran jardutean edo dokumentuak eskuratzean ezagutu dutena.
Prozedura amaitu arren, debeku horrek indarrean jarraituko du, non eta epai irmo batek ez duen ezartzen informazioa ez dela enpresa-sekretua, edo informazio hori erabili ohi den esparruetan erabat ezagun edo eskuratzen erraz ez den bihurtzen denboraren poderioz.
2. Halaber, epaileek eta epaitegiek (ofizioz zein alderdi batek ondo arrazoiturik eskatuta) behar diren neurri zehatzak hartu ahal izango dituzte enpresa-sekretu baten urratzearen inguruko prozedura batean edo bestelako prozedura batean aurkeztu den eta enpresa-sekretua izan daitekeen informazioa isilpean edukitzeko, baldin eta auziaren funtsaz ebazteko beharrezkotzat jotzen bada.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren neurrietan, honako hauek har daitezke, egokiak eta proportzionalak izanez gero:
a) Osorik edo zati bat enpresa-sekretua izan daitekeen informazioa biltzen duen dokumentua, objektua, materiala, substantzia, fitxategi elektronikoa edo bestelako euskarria eskura dezaketen pertsonen kopurua mugatzea.
b) Osorik edo zati bat enpresa-sekretua izan daitekeen informazioa zabal daitekeen ikustaldietan izan daitezkeen pertsonen kopurua mugatzea, bai eta ikustaldietako grabazioak edo transkripzioak eskura ditzaketen pertsonen kopurua ere.
c) Aurreko a) eta b) letretan aipatzen den pertsona-kopuru mugatuan ez dauden pertsona guztiei helaraztea ematen den ebazpen judizialaren bertsio bat, isilpean eduki beharreko informaziorik ez daukana, hau da, enpresa-sekretua izan daitekeen informazioa ageri den atalak ezabatuta edo ezkutatuta dauzkan bertsioa.
Apartatu honen a) eta b) letretan aipatzen den pertsona kopurua zehaztean, kontuan eduki behar da alderdiek benetako babes judiziala eta epaile inpartziala edukitzeko eskubidea daukatela. Gutxienez pertsona fisiko bat egon beharko da alderdi bakoitzeko eta haien abokatuak eta prokuradoreak.
Nolanahi ere, apartatu honetan informazioaren konfidentzialtasuna babesteko arautzen diren neurriak ezartzen direnean eta horien edukiak eta inguruabarrak finkatzen direnean, kontuan eduki beharko dira alderdien eta hirugarrenen interes legitimoak eta horiek jasaten dituzten kalteak, eta alderdiek benetako babes judiziala eta epaile inpartziala edukitzeko duten eskubidea begiratu beharko da.
3. Aurreko apartatuetan ezartzen denaren arabera datu pertsonalak tratatu behar diren guztietan, datu pertsonalak babesteari buruzko Europar Batasunaren eta Espainiaren arautegia aplikatuko da.
16. artikulua. Onuste prozesala ez betetzea.
Enpresa-sekretuak urratzeagatik abiarazten diren akzioen prozesuetan aritzen direnek onuste prozesaleko erregelak bete behar dituzte, Prozedura Zibilaren Legearen 247. artikuluan arautzen den bezala. Artikulu horren 3. apartatuan arautzen dena zehaztuta, akzioa abusuz edo gaitzustearekin baliatzen duen demandatzaileari ezar dakiokeen isuna auziko zenbatekoaren herena izan daiteke gehienez ere. Isunaren zenbatekoa finkatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: egindako kaltearen larritasuna, abusuaren edo gaitzustearen izaera eta larritasuna, kalte egiteko asmoa eta kaltetuen kopurua. Gainera, epaileek eta epaitegiek agindu ahal izango dute demanda abusuz jokatuta eta inolako funtsik gabe jarri dela adierazten duen ebazpena jakinarazteko.
2. atala. Enpresa-sekretuak babesteko akzioak baliatzeko egin beharreko prestakuntza-eginbideak
17. artikulua. Egitateak egiaztatzeko eginbideak.
Enpresa-sekretu bat babesteko akzio zibila baliatu nahi duenak hartaz arduratu behar den merkataritza-arloko epaitegiari eskatu ahal izango dio egin ditzala demanda prestatzeko ezinbestean ezagutu behar diren egitateak egiaztatzeko eginbideak. Egiaztatze-eginbide horietan Patenteen Legearen XII. tituluaren II. kapituluan ezartzen dena aplikatuko da.
18. artikulua. Froga-iturriak eskuratzea.
Enpresa-sekretua babesteko akzio zibila baliatzen edo baliatu nahi duenak hartaz arduratu behar den merkataritza-arloko epaitegiari eskatu ahal izango dio ezar ditzala froga-iturriak eskuratzeko neurriak, Prozedura Zibilaren Legearen 283 bis a) - 283 bis h) bitarteko artikuluetan eta 283 bis k) artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.
19. artikulua. Froga ziurtatzeko neurriak.
Enpresa-sekretua babesteko akzio zibila baliatzen edo baliatu nahi duenak hartaz arduratu behar den merkataritza-arloko epaitegiari eskatu ahal izango dio, Prozedura Zibilaren Legearen 297. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, ezar ditzala froga ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak; batez ere, artikulu horren 2. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen direnak.
3. atala. Kautela-neurriak
20. artikulua. Kautela-neurriak eskatzea eta neurri horien araubidea.
Enpresa-sekretua babesteko akzio zibila baliatzen edo baliatu nahi duenak hartaz arduratu behar den organo judizialari eskatu ahal izango dio ezar ditzala kautela-neurriak akzioaren eraginkortasuna ziurtatzeko. Neurri horiei lege honetan ezartzen dena aplikatuko zaie, eta, gainerako guztian, Patenteen Legearen XII. tituluaren III. kapituluan eta Prozedura Zibilaren Legearen III. liburuaren VI. tituluan ezartzen dena.
21. artikulua. Ezar daitezkeen kautela-neurriak.
Ustezko arau-hauslearen aurka kautela-neurriak ezarri ahal izango dira bere garaian emango den epaitza guztiz eraginkorra dela ziurtatzeko; batez ere, kautela-neurri hauek:
a) Enpresa-sekretua erabiltzeari edo zabaltzeari uztea edo, bestela, enpresa-sekretua erabiltzea edo zabaltzea debekatzea.
b) Salgai arau-hausleak ekoizteari, eskaintzeari, merkaturatzeari edo erabiltzeari edo xede horietarako inportatzeari, esportatzeari edo biltegiratzeari uztea edo, bestela, horiek debekatzea.
c) Salgai arau-hausleak atxikitzea eta biltegiratzea.
d) Badaezpada ondasunak enbargatzea, izan litezkeen kalte-galeren ordaina ziurtatzeko.
22. artikulua. Suposizioak.
Kautela-neurrien suposizio orokorrak betetzen direla egiaztatzean, epaitegiak proportzionaltasuna eta kasuko inguruabarrak hartu beharko ditu kontuan; inguruabarren artean, honako hauek aztertu behar ditu: enpresa-sekretuaren balioa eta beste ezaugarri batzuk; sekretua babesteko ezarritako neurriak; aurkako alderdiak zer egin duen hura eskuratzeko, erabiltzeko edo zabaltzeko; sekretua legez kontra erabiltzeak edo zabaltzeak ekarri dituen ondorioak; alderdien interes legitimoak; neurriak ezartzeak edo ez ezartzeak alderdientzat eduki litzakeen ondorioak; hirugarrenen interes legitimoak; interes publikoa; oinarrizko eskubideak babesteko beharra.
23. artikulua. Demandatuak ordezko kauzioa eskatzea.
Demandatuak eskatu ahal izango du ezarritako kautela-neurriaren ordez kauzio nahikoa jartzea, Patenteen Legeak 129. artikuluan eta Prozedura Zibilaren Legeak 746. eta 747. artikuluetan xedatzen duenarekin bat etorriz.
Salbuespen gisa, inolaz ere ez da onartuko demandatuak kauzioa jartzea enpresa-sekretua zabaltzea eragozteko kautela-neurri baten ordez.
24. artikulua. Kautela-neurriak kentzea enpresa-sekretua desagertzen denean.
Alderdi demandatuak eskatuta, 21. artikuluaren a), b) eta c) letretan arautzen diren kautela-neurriak kenduko dira honako kasu honetan: demanda eragin duen informazioa ez denean gehiago enpresa-sekretua demandatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.
25. artikulua. Demandatzaileari eskatuko zaion kauzioa.
1. Kautela-neurri bat eskatzen duenak kauzio nahikoa jarri beharko du neurriak demandatuaren ondareari egin liezazkiokeen kalte-galerei azkar eta eraginkortasunarekin aurre egiteko, Prozedura Zibilaren Legeak 728.3 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.
2. Kauzioaren zenbatekoa zehazteko, epaitegiak aztertu beharko du zenbateko kaltea egin diezaiekeen kautela-neurriak hirugarrenei. Hurrengo apartatuan xedatzen denaren ondorioetarako, kauzio bat ezin ezeztatu izango da harik eta kautela-neurria kendu denetik urtebete pasatu arte.
3. Atal honetan arautzen denarekin bat etorriz kautela-neurri bat ezartzen bada eta gero kentzen bada demandatzailearen egintza edo ez-egite baten ondorioz edo egiaztatu delako enpresa-sekretua ez dela legez kontra eskuratu, erabili edo zabaldu edo ez dela egon horretarako arriskurik, neurriak kalte egin dien hirugarrenek kalte-galeren ordaina erreklamatu ahal izango dute, Prozedura Zibilaren Legearen III. liburuaren V. tituluaren IV. kapituluan xedatzen denarekin bat etorriz, nahiz eta prozesu deklaratiboan alderdi gisa ez jardun. Halakoetan, hirugarrenek eskatu ahal izango dute aurreko apartatuan aipatzen den kauzioa mantentzeko, osorik edo zati bat, harik eta ebazpena eman arte; horretarako, ezinbestekoa da kalte-ordainaren eskaera aurreko apartatuan ezartzen den epealdiaren barruan aurkeztea.
Xedapen iragankor bakarra. Araubide iragankorra.
1. Lege hau denetariko enpresa-sekretuak babesteko aplikatuko da, haien titulartasun legitimoa noiz lortu den kontuan hartu gabe.
2. Enpresa-sekretuak babesteko akzioak, lege hau indarrean ipini aurretik hasitakoak badira, berak hasteko aplikatutako prozedura berarekin burutuko dira.
Azken xedapenetako lehenengoa. Material preziatuz egindako objektuei buruzko uztailaren 1eko 17/1985 Legea aldatzea.
Metal preziatuz egindako objektuei buruzko uztailaren 1eko 17/1985 Legearen hamahirugarren artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:
«Hamahirugarren artikulua.
1. Europar Batasunean ez dauden estatuetatik inportatutako metal preziatuez egindako objektuak Espainiako lurraldean merkaturatu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Lege honen II. kapituluan Batasunaren barruko merkatuan merkaturatzeko eskatzen diren baldintzak bete behar dituzte.
b) Sorburuko estatuan objektuei ezarri zaien kontrastea gorabehera, eta nahiz eta Espainiakoaren baliokidea den legeria daukan Europar Batasuneko estatu bateko erakunde batek aplikatzen duen berme-kontrastea ezarrita eduki, Espainian onartzen den kontraste-laborategi batean egindako berme-kontrastearen puntzoiaz markatu behar dira xedean.
Inolaz ere ez dira onartuko off-shore laborategietan egindako kontrasteak, nahiz eta Espainiakoaren baliokidea den legeria daukan Europar Batasuneko estatu batek gaituta egon laborategiok.
2. Espainiakoaren baliokidea den legeria daukan Europar Batasuneko estatu bateko metal preziatuez egindako objektuak Espainiako lurraldean merkaturatu ahal izango dira artikulu honen 1. apartatuan ezartzen diren baldintzak bete gabe, baldin eta sorburuko identifikazio-kontrastea eta sorburuko Batasuneko estatuko berme-kontrastea badauzkate eta kontrasteok honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Sorburuko identifikazio-kontrastea sorburuko Batasuneko estatuko organo egokiak erregistratuta egon behar da.
b) Berme-kontrastearen informazioa lege honetan halako kontrasteetarako eskatzen denaren baliokidea izan behar da.
Gainera, erakunde independente batek egina izan behar da, edo, bestela, Batasuneko estatu bateko administrazio publikoaren edo erakunde independente baten kontrolpean dagoen laborategi batek egina.
3. Espainiakoaren baliokidea ez den legeria daukan Europar Batasuneko estatu bateko metal preziatuez egindako objektuei artikulu honen 1. apartatuan ezartzen dena aplikatuko zaie, 4. apartatuan arautzen dena gertatzen denean izan ezik.
Batasuneko estatu horrek a priori borondatezko kontraste-sistema badauka eta objektuak estatu horrek gaitutako laborategi edo erakunde independente baten kontrola gainditu badu eta berme-kontrastea badauka ezarrita, ez dago zertan berriz kontrastatu Espainiako laborategi ofizial edo baimendu batean.
Inolaz ere ez da onartuko Espainiakoaren baliokidea den legeria daukan Europar Batasuneko estatu batek Espainiakoaren baliokidea ez den legeria daukan Europar Batasuneko estatu batean gaitutako laborategiek (off-shore laborategiek) metal preziatuez egindako objektuak kontrastatzea.
4. Artikulu honen 1., 2. eta 3. apartatuetan ezartzen dena ez da aplikatuko, beste estatu batekin zein batzuekin akordioak egin badira metal preziatuez egindako objektuen kontrasteak elkarri onartzeko baldintzei buruz.»
Azken xedapenetako bigarrena. Lehia desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legea aldatzea.
Lehia desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 13. artikulua aldatzen da eta honela gelditzen da:
«13. artikulua. Sekretuak urratzea.
Enpresa-sekretuak urratzea desleialtzat jotzen da, eta enpresa-sekretuen legeriak xedatzen duena aplikatuko zaio.»
Azken xedapenetako hirugarrena. Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen testu bategina onartzeko gaikuntza.
Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea hainbatetan aldatu da indarrean jarri zenetik. Bada, aldaketa horiek testu bakar batean bateratzeko, baimena ematen zaio Gobernuari, Justiziako eta Ekonomia eta Enpresa ministroek proposatuta, aipatutako arau horren testu bategina prestatzeko eta onartzeko lege hau indarrean jartzen denetik zortzi hilabete pasatu baino lehen. Baimen horren bidez bateratu beharreko lege-testuak erregularizatzeko, argitzeko eta harmonizatzeko ahalmena ere ematen zaio Gobernuari.
Azken xedapenetako laugarrena. Eskumen-titulua.
Lege hau Konstituzioaren 149.1.9 artikuluak jabetza industrialari buruzko legegintzaren arloan Estatuari esleitzen dion eskumenaren babesean ematen da. Salbuespenak: 1.3 eta 2.3.c) artikuluak Konstituzioaren 149.1.7 artikuluaren babespean ematen dira (artikulu horrek lan-arloko legegintzarako eskumena onartzen dio Estatuari), eta V. kapitulua Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren babespean ematen da (artikulu horrek prozesuen arloko legegintzarako eskumena esleitzen dio Estatuari).
Azken xedapenetako bosgarrena. Europar Batasunaren zuzenbidea txertatzea.
Lege honen bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren zuzentarau hau txertatzen da Espainiako zuzenbidean: 2016ko ekainaren 8ko 2016/943 (EB) Zuzentaraua, denen eskura ez dauden ezagutza teknikoak eta enpresa-informazioa (merkataritzako sekretuak) babesteari buruzkoa, inork legez kontra ez eskuratzeko, ez erabiltzeko eta ez zabaltzeko.
Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean jartzea.
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egun igarotakoan jarriko da indarrean.
Horrenbestez,
Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikularrei zein agintariei.
Madril, 2019ko otsailaren 20a.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON