Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

1/2017 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 20koa, Kontsumitzaileak Zoru Klausuletatik Babesteko Presako Neurriena

2017-01-20

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/01/21, 18. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

6531/2017 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 20koa, Kontsumitzaileak Zoru Klausuletatik Babesteko Presako Neurriena.

I

Aspaldiko urteotan Gobernuak eta Gorte Nagusiek hainbat ekimen abiarazi dituzte hipoteka-kredituak alderdi askotatik arautzeko, batez ere hipoteka-betearazpenen eta etxebizitzaren arazoak, Espainiako krisi ekonomikoak larritu dituenak, arintzeko eta haien kontra egiteko. Europar Batasunak kontsumitzaileak babesteko ezarritako erregulazioari eta estatu-auzitegiek eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak hartutako erabakiei esker, Espainiako araudiak ere aurrerapauso handiak egin ditu arlo horretan.

Ildo horri jarraikiz, errege lege-dekretu honen xedea da aurrera egitea kontsumitzaileak babesteko neurriekin, hipoteka-maileguaren edo -kredituaren kontratua sinatuta duten kreditu-entitateekin akordioak hitzartzeko bidea ezartzeko. Horri esker, zoru-klausulen inguruan aspaldion eman diren erabaki judizialen ondorioz gerta litezkeen gatazkak konpondu ahal izango dira, batez ere Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko abenduaren 21ean C-154/15, C-307/15 eta C-308/15 auzigai metatuez emandako epaiaren ondorioz gertatzen direnak.

II

2013ko maiatzaren 9an, Auzitegi Gorenak 241/2013 epaian (kontsumitzaile-elkarte batek hainbat banku-entitateren kontra aurkeztutako akzio kolektibo batean emana) zoru- klausulak abusuzkoak ote ziren aztertu zuen, eta deusezak zirela deklaratu zuen. Nolanahi ere, epaian ezarri zen deuseztasun-deklarazioak ez zuela eraginik izango gauza epaituaren indarra duten ebazpen judizialen bidez behin betiko erabakitako egoeretan, ez eta 2013ko maiatzaren 9a baino lehen ordaindutako kopuruetan ere.

Auzitegi Gorenak ebatzi zuen aztertutako klausulek, zoru-klausula esaten zaien horiek, gardentasun formalaren kontrola gainditzen zutela kontratuetan baldintza orokor gisa txertatzeko, baina, aldiz, ez zutela gainditzen gardentasun materialaren kontrola, kontsumitzaileekin sinatzen diren kontratuetako klausulek ezinbestean gainditu beharrekoa, eta deklaratu zuen klausula horiek deusezak zirela, baina txertatuta zeuden kontratuak ez; hala, deuseztasun partzialaren deklarazioak ez zuen eraginik izan kontratuen iraunkortasunean.

Auzitegi Gorenak denbora-muga bat ezarri zion atzeraeraginari, honako hiru arrazoi hauek oinarritzat hartuta. i) Zoru-klausulak ez dira abusuzkoak berez; aitzitik, abusua kontratuan txertatutakoaren gardentasunik ezak dakar (gardentasun materiala zein substantiboa). ii) Interesdunen onustea, kreditu-entitateek sektoreko araudian gardentasunaz ezartzen dena bete izan dute eta. iii) Atzeraeraginak nahasmendu larria eragingo lioke ordena publiko ekonomikoari (Auzitegi Gorenaren arabera, begi-bistakoa zen hori).

Auzitegi Gorenak atzeraeraginaren muga berretsi zuen 2015eko martxoaren 25eko epaiaren bidez, zeina 2013ko maiatzaren 9ko epaiak ebatzi zuen prozesu judizialean alderdi izan ziren entitateetako baten kontra aurkeztutako akzio indibidual batean eman baitzen. Auzitegi Gorenak doktrina hau finkatu zuen: 2013ko epaiko doktrinaren aplikazioz zoru-klausula bat abusuzkoa dela deklaratuz gero, mailegu-hartzaileari 2013ko epaia argitaratuz geroko kopurua itzuliko zaio.

Hala ere, Espainiako hainbat auzitegik Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eraman zuten Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia igorpen prejudizialen bidez, Europar Batasuneko Zuzenbidea oinarritzat hartuta. 2016ko abenduaren 21ean Europar Batasuneko Justizia

Auzitegiak epaia eman zuen C-154/15, C-307/15 eta C-308/15 auzigai metatuez, eta arazo prejudizial horiek argitu zituen.

Epai hartan Justizia Auzitegiak ezarri zuen nola interpretatu behar den Kontseiluaren 93/13 (EEE) Zuzentarauak, zeina kontsumitzaileekin egindako kontratuetako abusuzko klausulei buruzkoa baita, 6. artikuluaren 1. zenbakian ezartzen duena. Hain zuzen ere, esan zuen ez duela onartzen estatu-jurisprudentziarik, baldin eta denbora-muga ezartzen badie profesionalek kontsumitzaileekin sinatutako kontratuetan txertatutako klausula baten abusuzko izaeraren deklarazioak berekin dakartzan itzulketa-ondorioei (deklarazioa, Zuzentarauaren 3. artikuluaren 1. zenbakian ezartzen denaren arabera egina) eta xedatzen badu ondorio horiek soilik eragingo dietela klausula bat abusuzkotzat jotzen duen ebazpen judiziala eman ondoren klausula hori aplikatuz bidegabe ordaindutako kopuruei.

Justizia Auzitegiak funtsezko bi arrazoibide erabili zituen epaitza oinarritzeko. Batetik, epaiak dio Auzitegi Gorenak Zuzentarauaren 4. artikuluaren 2. zenbakia —3. artikuluarekin lotuta dagoena— hartu zuela oinarritzat gardentasun materialik ezaren ondoriozko abusua dagoela esateko, eta ezin dela pentsatu Auzitegi Gorena Zuzentarauak finkatzen duen esparruaz harago heldu denik. Bestetik, epaiak dio abusuzkotzat jotako kontratu-klausula ez dela inoiz existitu eta, horrenbestez, kontsumitzaileak halako egoeran izango lukeen egitatezko eta zuzenbideko egoera berrezarri behar dela, bestela zalantzan jarriko bailitzateke Europar Batasunaren arau horrek 6. artikuluan lortu nahi duen disuasio- eragina.

III

Pentsatzekoa da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabaki horren ondorioz halako klausulek ukitutako kontsumitzaileen demandak gehituko direla, zoru-klausulak direla-eta ordaindutako kopuruak itzul dakizkien eskatuko baitute. Horregatik, ezinbestekoa da ahalik azkarren ezartzea bide erraz eta ondo antolatua kontsumitzaileak, beren borondatez, eta kreditu-entitateak akordioetara iristeko, hots, beren arteko gatazkak kopuru horiek itzulita konpontzeko.

Hori dela eta, kontuan eduki behar da neurriak beste helburu bat ere baduela, jurisdikzio zibilean ebatzi beharreko auziak ez gehitzea, alegia. Izan ere, auziok kostu handia edukiko lukete Justizia Administrazioarentzat, eta, gainera, haren jarduna eragotziko lukete, prozedurek askoz luzeago joko lukete eta.

Erreforma honekin lortu nahi da ahalik gutxien esku hartzea eta arautzea, eta kontsumitzaileek tresna bat edukitzea beren erreklamazioen erantzuna azkar jaso ahal izan dezaten. Horren ildotik, hoberena abagune jakinerako arau bereziak ezartzea da, arau prozesalen, merkataritzako arauen eta arau zibilen osagarri. Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera, Europar Batasunak ez badu eman araurik Batasuneko Zuzenbidean onartzen den eskubide bat onartzeko, Batasuneko estatu bakoitzeko barne sistema juridikoak ezarri behar du zer organok duen horren gaineko eskumena eta berak arautu behar ditu eskubideok babesteko errekurtsoak aurkezteko prozedurak, autonomia prozesalaren printzipioarekin bat etorriz. Hala ere, Batasuneko estatuen erantzukizuna da eskubide horiek kasu guzti-guztietan benetan babesten direla bermatzea. Agintaritzaren erabakiak estatu-zuzenbidea bete behar du, betiere kontuan izanda haren xedapenek ezin dutela ekarri Batasunean antzeko egoeretarako indarrean daudenek baino onura gutxiago (baliokidetasun-printzipioa) eta haien ondorioz ezin dela gertatu Batasuneko ordenamendu juridikoan ezarritako eskubideak ezin erabili izatea edo zailegia izatea eskubideok erabiltzea (eraginkortasun-printzipioa).

Ezartzen diren neurriek printzipio horien eskakizunak errespetatzen dituzte. Baliokidetasun-printzipioaren ikuspegitik, neurriok ordenamendu juridikoan ezarritakoen osagarri dira, eta haien xedea da kontsumitzaileei konponbide azkar eta onuragarria ematea. Eraginkortasun-printzipioaren ikuspegitik, neurriek kontsumitzaileen eskubideak berrezartzen laguntzen dute, eta, gainera, kontsumitzaileen eskubideek estatu-auzitegietan benetako babes judiziala edukitzeko eskubidea babesten dute.

Abian jartzen den mekanismoaren printzipio gidaria borondatea da, hau da, demanda judiziala aurkeztu aurretik nork bere borondatez onartzea konponbide estrajudizialaren

prozedura, kontsumitzaileari kostu gehigarririk eragingo ez diona eta kreditu-entitateek nahitaez bete beharko dutena. Prozedura borondatezkoa izateak lortzen du Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluak ezartzen duen justiziara jotzeko eskubidearen interpretazio zorrotzak ekar lezakeen gatazka saihestea. Hala ere, ezartzen da auzibidearen aurreko erreklamazioa ebazten den artean alderdiek ezin izango dutela erreklamazioaren xedearekin zerikusia duen akzio judizialik edo estrajudizialik egikaritu elkarren kontra; horren helburua da hasieratik akzio judizialetara jotzeko asmoa dutenen gaitzustea eragoztea.

Zoru-klausula errege lege-dekretu honen aplikazio-esparruan dagoen zehazteko, Auzitegi Gorenaren 241/2013 epaian ezartzen diren irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: interes aldakorreko mailegu-kontratuaren itxura sortzea, hau da, pentsaraztea erreferentzia-indizearen beherakadak diruaren prezioaren beherakada ekarriko duela; ez azaltzea behar bezala klausula hori kontratuaren xedearen funtsezko elementua dela; pentsaraztea zorua ezartzearen ezinbesteko kontraprestazioa dela sabaia ezartzea; klausula ikaragarrizko datu ugariren artean kokatzea eta, ondorioz, ezinezkoa izatea kontsumitzailea hartaz ohartzea; kontratua sinatu aurretik ez egitea hainbat egoeraren simulazioak, interes-tasen bilakaera —arrazoiz aurreikus daitekeena— kontuan hartuz; ez egitea entitate beraren beste produktu batzuen kostuei buruzko analisi konparatiboaren ohartarazpenik, argia eta erraz ulertzeko modukoa.

Fase judizialerako, judizioko kostuen inguruko neurriak ezartzen dira bi gauza errazteko: kontsumitzaileen eskubideen onarpen estrajudiziala, batetik, eta kreditu- entitateen amore ematea, bestetik. Laburbilduz, ezartzen diren neurrien helburua da kontsumitzaileen eskubidea ahalik azkarren berrezartzea, prozesu judizial luzea ez agortu behar izateko.

Gainera, finantza-entitateekin egindako akordioen ondorioz maileguen interes-tasak mugatzeko klausulen itzulketengatik jasotzen diren kopuruen zerga-tratamendua arautzen da, eta, horretarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudia aldatzen da.

IV

Horregatik guztiagatik, hartzen diren neurri guztietan, haien izaera eta xedea ikusirik eta zer egoeratarako diren kontuan hartuz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak honelako arau bat baliatzeko eskatzen dituen aparteko eta presazko inguruabarrak gertatzen dira.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroak eta Justiziako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2017ko urtarrilaren 20ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. Xedea.

Errege lege-dekretu honen xedea da neurriak ezartzea kontsumitzaileek ondasun higiezinen hipotekarekin bermatutako mailegu- edo kreditu-kontratuetako zoru-klausula jakin batzuen ondorioz kreditu-entitateei bidegabe ordaindutako kopuruak itzultzea errazteko.

2.artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Errege lege-dekretu honetan ezartzen diren neurriak kontsumitzaileek ondasun higiezinen hipotekarekin bermatuta hartzen dituzten mailegu- eta kreditu-kontratuei aplikatuko zaizkie, zoru-klausula txertatuta dutenei, hain zuzen.

2.Kontsumitzailetzat jotzen dira Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginak (azaroaren 16ko 1/2007

Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zenak) 3. artikuluan ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoak.

3.Zoru-klausulatzat jotzen dira ondasun higiezinen interes aldakorreko hipotekarekin bermatutako mailegu- edo kreditu-kontratuetan, edo beste mailegu mota batzuetako tarte aldakorrerako, interes-tasaren aldakortasuna behetik mugatzeko txertatzen diren estipulazioak.

3.artikulua. AUZIBIDEAREN AURREKO ERREKLAMAZIOA.

1.Kreditu-entitateek demanda judizialen aurreko erreklamazioetarako sistema bat ezarri beharko dute. Sistema hori borondatezkoa izango da kontsumitzaileentzat, eta berorren xedea errege lege-dekretu honen eremuan kontsumitzaileek aurkezten dituzten eskaerei jaramon egitea izango da. Kreditu-entitateek erreklamazio-sistema horren berri eman beharko diete hipoteka-maileguan zoru-klausula txertatuta duten kontsumitzaileei.

2.Erreklamazio bat jasoz gero, kreditu-entitateak zenbat diru itzuli behar duen kalkulatu beharko du eta, gero, kontsumitzaileari jakinarazi beharko dio, xehatuta; nahitaez zehaztu beharko du zenbat jotzen duten interesek. Entitateak uste badu itzulketa ez dela bidezkoa, erabakia zertan oinarritu den azalduko du; horrelako kasuetan, prozedura estrajudiziala amaitutzat joko da.

3.Kontsumitzaileak kalkuluarekin ados dagoen ala ez adierazi beharko du. Ados badago, kreditu-entitateak diruaren itzulketa hitzartuko du kontsumitzailearekin.

4.Erreklamazioa aurkezten denetik hiru hilabeteko epealdia egongo da kontsumitzailea eta entitatea akordio batera heltzeko eta itzuli beharreko dirua kontsumitzailearen esku jartzeko. Honako kasu hauetan prozedura estrajudiziala akordiorik gabe amaitutzat joko da, eta kontsumitzaileak nahi dituen neurriak hartu ahal izango ditu:

a)Kreditu-entitateak kontsumitzailearen eskaera berariaz baztertzen badu.

b)Hiru hilabeteko epealdian kreditu-entitateak kontsumitzaile erreklamatzaileari ezer jakinarazten ez badio.

c)Kontsumitzailea ez badago ados kreditu-entitatearen kalkuluaren arabera itzuli beharreko kopuruarekin edo kopuru horri uko egiten badio.

d)Hiru hilabeteko epealdian kontsumitzailearen esku jartzen ez bada eskainitako kopurua.

5.Kreditu-entitateek bezeroei azaldu beharko diete hitzartutakoaren arabera itzultzen diren kopuruek zerga-betebeharrak ekar litzaketela. Gainera, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eman beharko diote hitzartzen dituzten itzulketa guztien inguruko informazioa.

6.Auzibidearen aurreko erreklamazioa ebazten den artean, alderdiek ezin izango dute erreklamazioaren xedearekin zerikusia duen akzio judizialik edo estrajudizialik egikaritu elkarren kontra. Prozedura amaitu baino lehen demanda bat aurkezten bada artikulu honetan jasotako erreklamazioaren xede berarekin, horren berri jakin bezain laster prozedura etengo da auzibidearen aurreko erreklamazioa ebatzi arte.

4.artikulua. JUDIZIOKO KOSTUAK.

1.Kasu honetan soilik kondenatuko da entitatea kostuak ordaintzera: kontsumitzaileak ez badu onartzen itzuli beharreko kopuruaren kalkulua edo uko egiten badio, arrazoia gorabehera, diruaren itzulketari, eta, gero, demanda judiziala aurkezten badu eta, horren ondorioz, entitatearen eskaintza baino onuragarriagoa den epaia jasotzen badu.

2.Baldin eta kontsumitzaile batek kreditu-entitate bati demanda jartzen badio 3. artikuluan aipatzen den prozedura estrajudizialera jo gabe, honako erregela hauek aplikatuko dira:

a)Kreditu-entitateak amore ematen badu demandari erantzun baino lehen, prozesuan gaitzusterik gabe jardun duela pentsatuko da, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak 395.1 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen duenaren ondorioetarako.

b)Kreditu-entitateak modu partzialean amore ematen badu demandari erantzun baino lehen eta ordaintzeko prest dagoen zenbatekoa kontsignatzen badu, honako kasu honetan soilik kondenatuko da kostuak ordaintzera: kontsumitzaileak jasotzen duen epaia onuragarriagoa izanez gero kontsignatutako zenbatekoa baino.

3.Manu honetan arautzen ez den guztirako, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak xedatzen duena aplikatuko da.

Lehenengo xedapen gehigarria. Kreditu-entitateak egokitzeko araubidea.

1.Kreditu-entitateek neurri egokiak ezarri beharko dituzte errege lege-dekretu honetan ezartzen dena betetzeko hilabete pasatu baino lehen, eta erreklamazioak azkar ebazteko moduko prozedurak prestatu beharko dituzte.

2.Entitateek sail edo zerbitzu espezializatua eduki beharko dute errege lege-dekretu honen eremuan aurkezten zaizkien erreklamazioei jaramon egiteko, eta honako informazio hau jarri beharko dute bezeroen eskura jendearentzako zabalik dituzten bulego guztietan eta web-orrietan:

a)Erreklamazioak ebazteko saila edo zerbitzua dagoela adierazi beharko dute, eta haren posta-helbidea eta helbide elektronikoa eman.

b)Azaldu beharko dute bezeroek aurkezten dituzten erreklamazioak sailak edo zerbitzuak jasotzen dituenetik hiru hilabete pasatu baino lehen ebatzi behar dituztela.

c)Gardentasunaren araudia eta finantza-zerbitzuen bezeroen babesaren araudia aipatu behar dituzte.

d)Kontratuan errege lege-dekretu honetan aipatzen diren zoru-klausuletako bat txertatuta duten bezeroek prozedura honi hel diezaioketela azaldu behar dute, eta prozedura nolakoa den argitu zehatz-mehatz.

3.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurkeztu ahal izango dituzte erreklamazioak beronen aplikazio-eremuan dauden kontsumitzaileek. 3.4 artikuluan ezartzen den hiru hilabeteko epealdia hura betetzeko neurriak ezartzen direnean hasiko da zenbatzen, edo entitateak erreklamazioetarako saila abian jarri gabe hilabete pasatutakoan.

Bigarren xedapen gehigarria. Konpentsazio-neurriak, dirua itzultzea ez beste batzuk.

1.Hirugarren artikuluan ezartzen denaren ondorioetarako, itzuli beharreko diru kopurua hitzartu ondoren, kontsumitzaileak eta kreditu-entitateak adostu dezakete, dirua itzuli gabe, beste konpentsazio-neurri bat aplikatzea. Horrelakoetan, kreditu- entitateak balorazio bat eman beharko dio kontsumitzaileari, konpentsazio-neurriaren ondorioa baloratu ahal izateko, eta hamabost eguneko epealdia eman beharko dio harekin ados dagoen adierazteko.

2.Konpentsazio-neurri bat onartzeko, ezinbestekoa izango da kontsumitzaileak informazio nahikoa eta egokia jasotzea itzuli beharreko diru kopuruaz, konpentsazio- neurriaz eta neurriaren balio ekonomikoaz. Aurreko informazio guztia jaso ondoren, konpentsazio-neurria eskuz idatzita onartu beharko da agiri bereizi batean; agiri horretan, gainera, aurreko zenbakian ezartzen den epealdia bete dela adierazi beharko da.

Hirugarren xedapen gehigarria. Prozedura estrajudizialaren doakotasuna eta zenbait zerga murriztea.

Erreklamazio estrajudiziala aurkezteko prozedura doakoa izango da. Finantza- entitatearen eta kontsumitzailearen arteko akordioaren ondorioz eskritura publikoa formalizatzen bada eta erregistroko inskripzioa egiten bada, zenbatekorik gabeko dokumentu baten notario-zergak eta gutxieneko inskripzio bati (oinarria gorabehera) dagozkion erregistro-zergak baino ez dira sortuko, hurrenez hurren.

Xedapen iragankor bakarra. Abian diren prozedura judizialak.

Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean beronen aplikazio-eremuko uziren bat ebazteko kontsumitzaile batek edo batzuek kreditu-entitate baten kontra abian jarritako prozedura judizialetan, alderdiek, elkar hartuta, 3. artikuluan ezartzen den prozedurari heldu ahal izango diote eta prozedura judiziala eteteko eskatu ahal izango dute, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau-indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzea; lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren legeak partzialki aldatzen ditu.

Beste xedapen gehigarri bat, berrogeita bosgarrena, eransten zaio azaroaren 28ko 35/2006 Legeari (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duena eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren legeak partzialki aldatzen dituena); xedapen horrek errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik sortuko ditu ondorioak, bai eta preskribatu gabe dauden aurreko ekitaldietan ere. Hona testua:

«Berrogeita bosgarren xedapen gehigarria. Finantza-entitateekin egindako akordioen ondorioz edo epaien edo arbitraje-laudoen ondorioz maileguen interes-tasak mugatzeko klausulen itzulketengatik jasotzen diren kopuruen zerga-tratamendua.

1.Honako kopuru hauek ez dira sartuko zerga honen zerga-oinarrian: finantza- entitateekin egindako akordioen ondorioz eskudirutan zein beste konpentsazio- neurri batzuen bidez itzultzen diren kopuruak —maileguen interes-tasak mugatzeko klausulen aplikazioak sortutako interesengatik ordaindu zirenak— eta kalte- ordainengatik sortzen diren interesak.

2.Goiko 1. zenbakian azaldutako itzulketaren xede den zergadunak ordaindutako kopuruei zerga-tratamendu hau aplikatuko zaie:

a)Baldin eta kopuru horiek aurreko ekitaldietan ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik aplika daitekeen kenkariaren oinarrian edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoak ezartzen dituen kenkarietako baten oinarrian sartu badira, haien kenkaria aplikatzeko eskubidea galduko da, eta finantza-entitatearekin akordioa sinatzen den ekitaldian sortutako kuota likidoari (estatukoa eta autonomikoa) honako hauek soilik gehituko zaizkio, berandutze-interesak sartu gabe, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiak (martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuak onartzen duenak) 59. artikuluan arautzen duenarekin bat etorriz: Administrazioak likidazioaren bitartez zerga-zorra zehazteko duen eskubidea preskribatuta egon ez den ekitaldietan bidegabe kendutako kopuruak.

Aurreko paragrafoko gehikuntza ezin izango zaio aplikatu ukitutako zergadunarekin akordioa sinatu ondoren finantza-entitateak maileguaren printzipala murrizteko zuzenean erabiltzen dituen kopuruen zatiari.

b)Baldin eta kopuru horiek gastu kengarritzat hartu badira aurreko ekitaldietan eta Administrazioak likidazioaren bitartez zerga-zorra zehazteko duen eskubidea preskribatuta egon ez bada ekitaldi horietan, kopuruok gastu kengarri izateari utziko diote, eta ekitaldi horietako autolikidazio osagarria egin beharko da akordioa egin denetik zerga honen autolikidazioa aurkezteko hurrengo epealdia amaitu arteko

denbora-tartean, eta ez da ezarriko zehapenik, ez berandutze-interesik, ez eta errekargurik ere.

c)Baldin eta zergadunak kopuru horiek ordaindu dituen ekitaldian zerga honen autolikidazioa aurkezteko epea ez bazegoen amaituta finantza-entitatearekin egindako itzulketa-akordioa sinatzean, kopuru horiek ez dira sartuko ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik aplika daitekeen kenkariaren oinarrian, ez eta kenkari autonomikoen oinarrietan ere, eta ez dira gastu kengarritzat hartuko. Gauza bera gertatuko da aurreko a) letraren bigarren paragrafoko kopuruekin.

3.Aurreko zenbakietan xedatzen dena honako kasu honetan ere aplikatuko da: 1. zenbakian aipatzen diren kopuruak epai edo arbitraje-laudo bat exekutatu edo betetzearen ondorioz itzultzen direnean.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioak 149.1 artikuluaren 6., 11., 13. eta

14.puntuetan xedatzen duenaren babesean ematen da. Zenbaki horietan Konstituzioak Espainiako Estatuari esleitzen dizkio honako gai hauen gaineko eskumenak, hurrenez hurren: merkataritza-legegintza eta legegintza prozesala; kredituak, bankuak eta aseguruak antolatzeko oinarriak; jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa; ogasun nagusia eta estatuaren zorra.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Arauak emateko gaikuntza.

Gobernuari gaikuntza ematen zaio arau hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko. Hain zuzen ere, honako hauek arautu ahal izango ditu:

a)Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan aurkezten diren erreklamazioen jarraipenerako, kontrolerako eta ebaluaziorako organoa egotea, eta zein izango den haren araubide juridikoa. Organo horrek bere jardunari buruzko txostena egin beharko du sei hilean behin; kontsumitzaileen ordezkariak eta abokatuak ariko dira lanean. Jarraipen- organo horrek errege lege-dekretu honetan ezartzen den aldez aurretiko jakinarazpena egin den argitzeko behar den informazioa eskatuko die kreditu-entitateei, batez ere kontsumitzailea pertsona kaltebera den kasuetan. Jarraipen-organo horrek errege lege- dekretu honetan arautzen den mekanismo estrajudiziala ondo ezartzeko bere ustez behar diren neurriak proposatu ahal izango ditu.

b)Aplikazio-eremua zabaltzea, honako hauek hartzeko: ondasun higiezinen hipotekarekin bermatutako mailegu- edo kreditu-kontratu batean hartzaile direnekin lotutako beste kontsumitzaile batzuk.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2017ko urtarrilaren 20an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra