Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

9/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 27koa, Lan-arloan neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19aren ondorioak arintzeko.

2020-03-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/28/2020, 86. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4152     9/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 27koa, Lan-arloan neurri osagarriak

ezartzen dituena COVID-19aren ondorioak arintzeko.

I

Joan den martxoaren 14an, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaz baliatuz, Ministro Kontseiluak alarma-egoera deklaratzea erabaki zuen COVID-19 birusaren pandemiak sortutako osasun-krisia dela eta.

Geroago, martxoaren 17an, Ministro Kontseiluak 8/2020 Errege Lege Dekretua onartu zuen (martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena), COVID-19 birusaren pandemiak osasunaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan sortutako krisia nolabait arintzeko neurriak ezartzeko.

Errege lege-dekretu horretan ezartzen diren neurrietako bat aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE) malgutzea da, bai ezinbesteko kasuetakoak, bai arrazoi ekonomikoengatik, arrazoi teknikoengatik, antolakuntzako arrazoiengatik edo ekoizpen-arrazoiengatik egin direnak. Neurri horrekin, osasun-krisi honek lan-merkatuan eragin duen hondamendia arintzea lortu nahi da.

Nolanahi ere, alarma-egoera deklaratu zenetik gure lan-merkatua erabat geldituta dago eta, gainera, ABEEE asko aurkeztu dira; horregatik guztiagatik, neurri eta tresna berriak ezarri behar dira osasun-krisi honek gure herrialdeko langileengan daukan eragina arintzen laguntzeko.

Horrenbestez, presaz konpondu beharreko ezohiko egoera batean bizi gara egun, eta, horregatik, osasun-krisiaren ondorio aldakorren ondoriozko beharrizanak modu egokian betetzeko neurriak ezarri behar dira. Izan ere, krisiak goitik beherako aldakuntza, inoiz ez bezalakoa, ekarri digu eguneroko bizimoduan, eta hondamendia eragin du lan-merkatuan; ondorioz, hainbat langile noraezean dabiltza, lanpostua kolokan baitute alarma-egoeraren deklarazioak berekin ekarri duen jarduera askoren etenduraren eraginez.

II

Hauxe da errege lege-dekretu honen egitura: bost artikulu, lau xedapen gehigarri eta hiru azken xedapen.

Errege lege-dekretu honen lehen helburua da tresna egokiak ezartzea egungo egoeran ezinbestekoak diren zerbitzuen aplikazio eraginkorra bermatzeko, behar bezala erantzun ahal izateko sortu diren osasun-arretako eta gizarte-arretako beharrizanei. Izan ere, ospitaleek, anbulatorioek eta adineko pertsonen egoitzek, besteak beste, oinarrizko zerbitzuak ematen dituzte osasun publikoaren eta gizartearen larrialdietan, oraingo hau bezalakoetan.

Horregatik, errege lege-dekretu honetan ezartzen denaren arabera, egungo alarma-egoera eta beraren luzapenak (edukiz gero) indarrean dauden artean ezin tramitatu izango da aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienterik honako hauetan, haiek kudeatzeko aplikatzen den araubidea edozein dela ere: Osasun Ministerioak edo Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioak funtsezko zerbitzutzat jotzen dituen osasunaren arloko zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak (adibidez, ospitaleak eta anbulatorioak), adineko pertsonen gizarte-zentroak, mendekotasuna duten pertsonen gizarte-zentroak eta desgaituen gizarte-zentroak (adibidez, egoitzak eta eguneko zentroak), publikoak zein pribatuak. Neurri horren helburua da Espainiako gizarte osoak, erakundeek eta entitateek pertsonarik ahulenekin daukaten konpromisoa bermatzea, kontuan edukita gaixorik dauden pertsonak eta gizarte-mendekotasunen bat dutenak talde horretan daudela inolako ezbairik gabe.

Halaber, errege lege-dekretu honek osatu eta zehaztu egiten ditu 8/2020 Errege Lege Dekretuak (martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena) aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen izapidetzeaz ezartzen dituen neurrietako batzuk: errege lege-dekretu horren 22. eta 23. artikuluetan ezartzen diren arrazoietan oinarrituta abiarazten diren kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko prozeduren eraginpean dauden pertsona guztiei kotizaziopeko langabezia-prestazioa onartzeko prozedura zehazten da. Horrez gainera, lanaren arloko neurri batzuk ezartzen ditu COVID-19 birusaren krisiak langileengan daukan eragina arintzeko.

Bai enpresak, bai sektore ekonomikoak, bai gizarte osoa bat datoz uste batean: gaur egun ekoizpen-jarduera hozten ari da COVID-19 birusaren krisiak ekarri duen ezohiko egoeraren ondorioz, eta, horrenbestez, egoera halako batean amaituko da, hau da, bolada jakin batean iraungo du.

Horregatik, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak aparteko eta ezohiko neurriak ezartzen ditu lanpostuak babesteko eta osasun-krisia amaitu ondoren haren ondorioek atzera ere enpresa-jarduerei ekitea ez eragozteko. Horren ildotik, eta langileak kaleratzeko eta kontratuak azkentzeko lanaren arloko arautegian ezartzen diren arrazoiak indarrean badaude ere, Gobernuak sendotu egin zituen lanaldia eteteko eta murrizteko prozedurak (azkartu eta malgutu egin zituen), martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 22. eta 23. artikuluetan aipatzen dituen arrazoiak ezin erabili izateko enpleguaren inguruko neurri traumatikoak ezartzeko (lan-kontratuak azkentzea), eta bai, aldiz, aldi baterako neurriak ezartzeko, egokiagoak baitira egungo abagune-egoeran.

Horrez gainera, honako hau ezartzen da kooperatiba-sozietateez: baldin eta, baliabide-eskasiagatik edo dauden baliabideak egokiak ez izateagatik, kooperatiba-sozietate batek ezin badu egin batzar orokorra baliabide birtualen bidez egiteko deialdia, artezkaritza kontseiluak bazkideen lan-jarduna erabat edo modu partzialean etetea onartzeko eskumena hartu ahal izango du, eta hori izapidetzeko ziurtagiria egin ahal izango du, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 22. eta 23. artikuluetan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Beste alde batetik, errege lege-dekretu honetan, osasun-krisi honek aldi baterako lan-kontratuetan daukan eragina arintzeko mekanismoak ezartzen dira: ezartzen da ezen nazio-lurralde osoan deklaratutako alarma-egoerak jarduera ekonomikoan ekarri duen geldialdia, zeinak kasu batzuetan zerbitzuak ematea eragozten duen, kontuan eduki behar dela ezohiko faktore gisa ondorio guztietarako, are aldi baterako lan-kontratuetarako ere.

Horregatik, errege lege-dekretu honen bidez ezartzen da ezen, alarma-egoera dela eta ezin bada bete aldi baterako lan-kontratu baten xedea, beraren iraunaldiaren zenbaketa etengo dela. Horrela, bermatu egiten da aldi baterako kontratuek (prestakuntzakoak, txanda-kontratuak eta bitartekoak barne) beren gehieneko iraupena izatea, eta ondorio guztiak sortzea hasieran aurreikusitako aldi osoan zerbitzuak emateari, kontratuarekin lotutako trebakuntzari eta enpresaren jarduerara egiten den ekarpenari dagokienez. Horri esker, COVID-19 birusaren ondoriozko osasun-krisiak sortutako larrialdiak ez du eragotziko enpresek beren baliabideak nahi duten bezala antolatzea.

Gainera, guztiz ezinbestekoa da baterako konponbidea eskaintzea enpresek eskatzen eta jakinarazten dituzten aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen gehikuntzaren ondorioz langabezia-prestazioen izapideak egitean haiek kudeatzen dituzten entitateei eta lan-arloko agintaritzei sortzen zaizkien eragozpenei. Hain zuzen ere, argitu nahi da zenbat iraun dezaketen indarrean ezinbesteko arrazoiengatik eskatzen diren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan isilbidez ematen diren ebazpenek. Kasu horietan administrazioaren isiltasuna positiboa da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 24. artikuluan ezartzen duenaren arabera, eta halakoetan erregulazioaren gehieneko iraunaldia, betiere, berariaz ebazten diren erregulazioen iraunaldiaren parekoa izango da, hau da, alarma-egoeraren indarraldia (luzapenak barne), martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Beste alde batetik, errege lege-dekretu honetan neurriak ezartzen dira oreka lortu ahal izateko sektore publikoaren baliabideen eta orain dugun osasun-krisi larri honen eraginpean dauden enpresek eta langileek behar dituzten erantzunen artean. Gainera, kontuan hartzen da beharrezkoak diren kontrol- eta zehapen-mekanismo guztiak plantan ezarri behar direla, inork baliabide publikoak beren izaerarekin eta xedearekin lotuta ez dauden helburuetarako erabil ez ditzan iruzur eginez.

Horrela, eskaeran datu faltsu edo okerren bat ematen duten enpresei zehapena ezarriko zaie. Halaber, arauan ezartzen denarekin bat etorriz, zehapena ezar dakieke erregulazioa eskatzen duten enpresei, baldin eta behar ez diren enplegu-neurriak edo erregulazioa eragin duen arrazoiarekin lotura nahikoa ez duten enplegu-neurriak eskatzen badituzte eta horien ondorioz bidegabeko prestazioak sortzen edo jasotzen badira.

Horrez gainera, ezartzen da langabezia-prestazioak kudeatzen dituen entitateak lankidetzan jardun beharko duela Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin, eta langabezia-prestazioak lortzeko iruzurraren zantzuak antzematen dituen kasuen berri eman beharko diola.

Gainera, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan honako aldaketa hau egiten da: arau horren 24. eta 25. artikuluetan arautzen diren kotizazioen eta langabezia-babesaren arloko aparteko neurriak errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik COVID-19aren ondorioz jakinarazi, baimendu edo hasi diren kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko prozeduren eraginpean daudenei aplikatuko zaizkie.

Azkenik, errege lege-dekretu honen bidez aldaketa bat egiten da martxoaren 12ko 7/2020 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan (kontratazioari buruzkoa), Estatuko Administrazio Orokorrak COVID-19 birusari aurre egiteko behar dituen denetariko ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko bertan arautzen den larrialdiko izapidetzea sektore publiko osora zabaltzeko. Halaber, aukera ematen da, pertsonen osasuna COVID-19tik babesteko hartzen diren neurriek eragiten dituzten gastuetarako behar diren funtsak igortzen direnean, gastu horiek justifikatu behar direla ezartzeko, behar izanez gero.

Beste alde batetik, artikulu hori osatzeko ere aldatzen da, bai kontratazioa, bai funts-igorpenak, bai ordainketak eraginkorragoak izan daitezen Administrazioaren kanpo-jardunean, COVID-19 birusari aurre egiteko ezartzen dituen neurriak errazteko. Hori guztia errege lege-dekretu honetan ezartzen diren baldintza formalak betez egin beharko da.

Azkenik, egoitza atzerrian duten naziokoak ez beste hornitzaileek kontratazio-espedienteen esparruan egiten dituzten fakturak ez dira egin beharko baliabide elektronikoen bidez. Neurri horien guztien xedea da Administrazioak hobeto eta eraginkortasun handiagoarekin egin ahal izatea kanpoko kontratazioen izapideak; horrela, kanpo-merkataritza erraztuko da COVID-19 birusaren ondorioz gaur egun dugun ezohiko larrialdi honetan.

III

Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren arabera, Gobernuak lege-dekretuak eman ditzake, «premia apartekoa eta presazkoa egonez gero», baldin eta xedapenok ez badute eraginik ez Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrean.

Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, tresna zilegia da, baina, horretarako, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatu bezala (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria; 68/2007 epaia, 10. oinarria, eta 137/2011 epaia, 7. oinarria), presazko legegintza justifikatzen duen xedea egoera jakin batean laguntzea izan behar da, Gobernuaren helburuen barruan laguntzea betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duen egoera batean -esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, eta errege lege-dekretua are tresna zilegiagoa da prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.

COVID-19 birusa dela eta deklaratu den alarma-egoerak ekarri duen krisi larria eta horrek gure herrialdeko lan-merkatuan (batez ere langileengan) daukan eragin kaltegarria kontuan harturik, argi dago errege lege-dekretu honetan arautzen diren neurriak ezartzea aparteko eta presako beharrizana dela.

Orobat, errege lege-dekretu honetan arautzen diren neurriak onartzeko aparteko eta presako beharrizana judizio politikoaren edo egokitasun-judizioaren mendean dago, eta horiek Gobernuari dagozkio (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 142/2014, irailaren 11koa, 3. oinarri juridikoa), eta, ezbairik gabe, erabakimen horrek jarduteko lehentasun politikoak antolatzea dakar berekin (Konstituzio Auzitegiaren 2019ko urtarrilaren 30eko epaia, eta 2208-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa); lehentasunak dira, hain zuzen ere, COVID-19 birusak ekarri duen krisiaren ondoriozko kalte ekonomikoak arintzeko, lanpostuak babesteko eta jarduera ekonomikoa mantentzeko lan-arloko neurriak. Azaldu berri diren egokitasun-arrazoiek frogatzen dutenez, errege lege-dekretu hau onartzeak ez du esan nahi, inolaz ere, aipatutako konstituzio-tresna abusuz edo modu arbitrarioan erabili denik (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa; 237/2012, abenduaren 13koa, 4. oinarri juridikoa; 39/2013, otsailaren 14koa, 5. oinarri juridikoa).

Laburbilduta, errege lege-dekretu honetan ezartzen diren neurrietan aparteko eta presako beharrizanaren inguruabarrak gertatzen dira, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak arautzen duen bezala. Gainera, lortu nahi diren helburuak ezin dira lortu lege bat presako prozeduraren bidez izapidetuta.

Halaber, errege lege-dekretu honek ez du eraginik edukiko Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, ez Espainiako Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubideetan, eginbeharretan eta askatasunetan, ez eta autonomia-erkidegoen araubidean eta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.

IV

Errege lege-dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eskatzen dituen printzipioekin: beharrezkotasuna, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Horren ildotik, dekretuak beharrezkotasunaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu; izan ere, ezartzen diren neurrien oinarrian herritar guztien interesa dago, eta errege lege-dekretua da hori lortzeko tresnarik egokiena. Horrenbestez, errege lege-dekretu honen bidez erantzuna ematen zaio COVID-19 birusak sortu duen osasun-alertaren ondoriozko ezohiko larrialdiak jarduera ekonomikoan eta enplegua atxikitzeko eta babesteko zereginean kontrolik gabeko ondorio konponezinak edukitzeko arriskua ahalik eta gehien jaisteko beharrari; horrela, babesgabetasuna saihestuko da eta jarduera ekonomikoa berrabiatzea eta suspertzea bermatuko da.

Gainera, proportzionala ere bada: bere helburua lortzeko behar-beharrezkoak diren alderdiak baino ez ditu arautzen eta aurrez azaldutako aparteko eta presako beharrizana dagoen artean baino ez ditu sortuko ondorioak. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin.

Eta gardentasunaren printzipioa ere betetzen du; izan ere, argi eta garbi zehazten du zein den bere asmoa, eta azalpena ematen du. Beste alde batetik, ez dira egin herritarrek parte hartzeko izapideak, Gobernuaren 50/1997 Legeak 26. artikuluan ezartzen dituenak, artikulu horren 11. apartatuan errege lege-dekretuetarako ezartzen duen salbuespenari helduta. Azkenik, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez die administrazio-karga gehigarririk ezartzen aurretik zeudenei.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroaren proposamenari jarraikiz eta Ministro Kontseiluak 2020ko martxoaren 27ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

  • 1. artikulua. Jarduera mantentzea adineko pertsonen osasun-zentroetan eta arreta-zentroetan.

  • 1. 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratzen den alarma-egoera eta beraren luzapenak indarrean dauden artean (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko), ezinbestekotzat joko dira bertan ezartzen diren helburuak lortzeko Osasun Ministerioak funtsezko zerbitzutzat jotzen dituen osasunaren arloko zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak, bai eta, Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030eko Ministerioak zehazten duen eran, adineko pertsonen, mendekotasuna dutenen eta pertsona desgaituen gizarte-zentroak ere, publikoak zein pribatuak, haiek kudeatzeko aplikatzen den araubidea gorabehera.

  • 2. Funtsezkoak izanik, aurreko apartatuan aipatzen diren establezimenduek lanean jarraitu beharko dute, eta agintaritza eskudunek uzten duten neurrian bakarrik murriztu ahal izango dute edo modu partzialean eten ahal izango dute jarduna.

  • 3. Agintaritza eskudunek artikulu honetan ezartzen dena betetzeko ematen dituzten aginduak ez betetzeagatik edo haiei jarkitzeagatik zehapena ezarriko da legeen arabera, 4/1981 Lege organikoak hamargarren artikuluan ezartzen duen bezala (4/1981 Lege Organikoa, ekainaren 1ekoa, alarma-egoerei, salbuespen-egoerei eta setio-egoerei buruzkoa).

  • 2. artikulua. Enplegua babesteko aparteko neurriak.

Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 22. eta 23. artikuluetan kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko ezartzen dituen neurriak aplikatzeko oinarritzat hartzen diren ezinbesteko kasua eta arrazoi ekonomikoak, arrazoi teknikoak, antolakuntza-arrazoiak eta ekoizpen-arrazoiak ezin dira justifikazio modura erabili lan-kontratuak azkentzeko, ez langilerik kaleratzeko.

  • 3. artikulua. Aparteko neurriak 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 25. artikulua garatzeko eta langabezia-prestazioen izapideak eta ordainketa azkartzeko (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena).

  • 1. Honela hasiko da martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan ezartzen diren arrazoietan oinarrituta kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko abiarazten diren prozeduren eraginpean dauden pertsona guztiei kotizaziopeko langabezia-prestazioa onartzeko prozedura: enpresak eskaera kolektiboa aurkeztu behar dio langabezia-prestazioak kudeatzen dituen entitateari, langileen ordezkari modura diharduela.

Eskaera langabezia-prestazioak kudeatzen dituen entitateak emandako ereduan egin behar da, eta hurrengo apartatuan arautzen den komunikazioari erantsi behar zaio.

  • 2. Eskaera kolektiboaz gainera, aurreko apartatuan aipatzen den komunikazioan honako informazio hau ere eman behar da, espedientearen eraginpeko lantoki bakoitzeko:

  • a) Enpresaren izena, egoitza, identifikazio fiskaleko zenbakia, eta kontratua etengo zaien edo lanaldia murriztuko zaien langileen Gizarte Segurantzako kotizazioen kontuaren kodea.

  • b) Enpresaren legezko ordezkariaren izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia, telefonoa eta posta elektronikoko helbidea.

  • c) Lan-arloko agintaritzak espedienteari esleitutako zenbakia.

  • d) Ezarriko diren neurrien azalpena, eta pertsona langileak noiz geldituko diren haien eraginpean.

  • e) Lanaldia murrizten zaien langileen kasuan, lan-denboraren murrizketaren ehunekoa, eguneko, asteko, hileko edo urteko oinarriaren arabera kalkulatuta.

  • f) Langileen ordezkaritza frogatzeko: ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena; bertan adierazi behar du langileek baimena eman diotela beren ordezkari gisa aritzeko.

  • g) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez zehazten duen informazio osagarria.

Enpresak komunikazioan emandako datuetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko du, eta neurriaren aplikazioa noiz amaituko den ere bai, nahitaez.

  • 3. Erregulazioa ezinbestekoa den kasuetan (martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretua, 22. artikulua), enpresak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea eskatzen duenetik bost egun igaro baino lehen bidali beharko du aurreko apartatuan aipatzen den komunikazioa, edo, bestela, dekretu horren 23. artikuluan arautzen diren prozeduretan, lan-arloko agintaritza eskudunari zer erabaki duen jakinarazten dionetik bost egun igaro baion lehen. Komunikazioa baliabide elektronikoen bidez bidali behar da; Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zehaztuko du nola.

Eskaera errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik aurkezten bada, bost eguneko epealdia dekretua indarrean jartzen den egunetik zenbatuko da.

  • 4. Aurreko apartatuetan arautzen den komunikazioa ez bidaltzea arau-hauste astuna izango da; arau-hauste astun hori hemen arautzen da: Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina, 22.13 artikulua (testu hori abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

  • 5. Artikulu honetan ezartzen dena gorabehera, lan-arloko agintaritzak bere ebazpenak eta enpresen azken komunikazioak bidaliko dizkio prestazioak kudeatzen dituen entitateari, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 22. eta 23 artikuluetan hurrenez hurren arautzen dituen arrazoien arabera izapidetzen diren espedienteei dagokienez.

  • 4. artikulua. Kooperatiba-sozietateei aplikatu ahal zaien aparteko neurria, bazkideen lan-jarduna erabat edo modu partzialean eteteko erabakiak hartzeko, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 22. eta 23. artikuluetan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Baldin eta, baliabide-eskasiagatik edo dauden baliabideak egokiak ez izateagatik, kooperatiba-sozietate batek ezin badu egin batzar orokorra baliabide birtualen bidez egiteko deialdia, artezkaritza kontseiluak bazkideen lan-jarduna erabat edo modu partzialean etetea onartzeko eskumena hartu ahal izango du, eta hori izapidetzeko ziurtagiria egin ahal izango du, 8/2020 Errege Lege Dekretuak (martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena) 22. eta 23. artikuluetan ezartzen duenarekin bat etorriz.

  • 5. artikulua. Aldi baterako lan-kontratuen gehieneko iraunaldiaren zenbaketa etetea.

Aldi baterako kontratu bat eteten bada (prestakuntzakoak, txanda-kontratuak eta bitartekoak barne) martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 22. eta 23. artikuluetan arautzen dituen arrazoietako batengatik, kontratuaren iraunaldiaren zenbaketa etengo da, eta etenaldiaren baliokide diren erreferentziazko aldiena ere bai (kasuan kasukoa kontratu-motaren arabera), kontratua eteten zaion pertsona langileari dagokionez.

Lehen xedapen gehigarria. Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22.

artikuluan arautzen diren arrazoietan oinarritutako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen iraunaldia mugatzea.

Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. artikuluan arautzen diren arrazoietan oinarritutako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek ezin dute indarrean iraun COVID-19 birusaren ondoriozko ezohiko egoera amaituz gero, horren 28. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz. Beraz, espediente horiek gehienez ere 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratzen den alarma-egoera eta beraren luzapenak indarrean dauden artean egongo dira indarrean (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko).

Muga hori berdin aplikatuko zaie berariazko ebazpena ematen den espedienteei zein administrazioaren isiltasunaz ebazten direnei, enpresaren eskaeraren edukia gorabehera.

Bigarren xedapen gehigarria. Zehapen-araubidea eta bidegabeko prestazioak itzultzea.

  • 1. Eskaeran datu faltsu edo okerren bat ematen duten enpresei zehapena ezarriko zaie, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginean ezartzen denarekin bat etorriz (testu hori abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Halaber, arauan ezartzen denarekin bat etorriz, zehapena ezar dakieke erregulazioa eskatzen duten enpresei, baldin eta behar ez diren enplegu-neurriak edo erregulazioa eragin duen arrazoiarekin lotura nahikoa ez duten enplegu-neurriak eskatzen badituzte eta horien ondorioz bidegabeko prestazioak sortzen edo jasotzen badira.

  • 2. Baldin eta aurreko apartatuan azaltzen diren ez-betetzeetako batengatik langile bati eta bidezkoa izan gabe prestazioa onartzen bazaio berari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik, prestazioa onartzeko egintza ofizioz berrikusiko da. Halako kasuetan, eta legez ezarri beharreko administrazio-erantzukizuna edo zigor-erantzukizuna gorabehera, langileak jasotako kopuruak ordaindu beharko dizkio enpresak entitate kudeatzaileari, aldi horretan langileak jaso beharko zituen soldatetatik kenduta (gehienez ere soldata guztien batura).

  • 3. Prestazioak itzultzeko aurreko apartatuan ezartzen den betebeharra zehapen osagarria da, eta, horregatik, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginean ezartzen diren arau-hausteak preskribatu arte eskatu ahal izango da, errege lege-dekretu honetan ezartzen diren arau bereziekin eta indarraldi jakineko arauekin bat etorriz.

Hirugarren xedapen gehigarria. COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurrien martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 22. eta 23. artikuluetan ezartzen dituen arrazoietan oinarritutako prozeduren ondoriozko langabezia-prestazioen ondorio-data.

  • 1. Ezinbesteko kasuetan, legezko langabezia-egoeraren ondorio-data hura eragiten duen egitatea gertatzen den data da.

  • 2. COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurrien martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak 23. artikuluan ezartzen duen arrazoiarengatik eteten bazaio kontratua edo murrizten bazaio lanaldia langile bati, legezko langabezia-egoeraren ondorio-data enpresak lan-arloko agintaritzari hartutako erabakiaren berri ematen dion eguna edo ondokoa izan behar da.

  • 3. Legezko langabezia-egoeraren arrazoia eta ondorio-data, betiere, enpresaren ziurtagirian adierazi behar dira. Ziurtagiri horrek langabezia-egoera egiaztatzeko balio izango du.

Laugarren xedapen gehigarria. Langabezia-prestazioak kudeatzen dituen entitatearen eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren arteko lankidetza.

Entitate kudeatzaileak langabezia-prestazioak lortzeko iruzurra gertatu delako zantzuak antzematen baditu, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari jakinarazi behar dio, behar diren ondorioetarako.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Estatuaren Segurtasun Indar eta Kidegoekin lankidetzan arituz, honako zeregin hau txertatuko du bere jarduketa-planetan: martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan ezartzen diren arrazoietan oinarrituta abiarazten diren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan alegatzen diren arrazoiak benetakoak ote diren egiaztatzea.

Azken xedapenetako lehena. 8/2020 Errege Lege Dekretua aldatzea, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena.

Lehenengo xedapen iragankorraren bigarren apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«Lehenengo xedapen iragankorra. Enplegu-erregulazioko espedienteen aplikazioaren muga.

2. 24. eta 25. artikuluetan arautzen diren kotizazioen eta langabezia-babesaren arloko aparteko neurriak errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik COVID-19aren ondorioz jakinarazi, baimendu edo hasi diren kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko prozeduren eraginpean daudenei aplikatuko zaizkie.»

Azken xedapenetako bigarrena. COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko presako neurriak hartzen dituen martxoaren 12ko 7/2020 Errege Lege Dekretuaren 16. artikulua aldatzea.

Aldatu egiten da 7/2020 Errege Lege Dekretua (martxoaren 12koa, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko presako neurriak hartzen dituena), 16. artikuluan, zeina COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurrien martxoaren 17ko 8/2020 Lege Dekretuaren azken xedapenetako seigarrenak aldatu baitzuen, eta honela geratzen da:

«16. artikulua. Kontratazioa.

  • 1. Sektore Publikoko entitateek COVID-19ari aurre egiteko hartzen duten zuzeneko edo zeharkako edozein neurrik justifikatzen du berehala jarduteko beharra, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 120. artikulua aplikatuko da. Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora.

  • 2. Aurreko paragrafoan ezartzen denarekin bat etorriz, larrialdiko izapidetzea aplikatuko zaie pertsonak babesteko beharrei erantzuteko eta COVID-19ari aurre egiteko Ministro Kontseiluak hartutako beste neurri batzuei erantzuteko sektore publikoko entitateek egin behar dituzten kontratu guztiei. Kasu horietan, kontratistak egin beharreko prestaketa-jarduketengatik konturako ordainketak egin behar badira, ez da aplikatuko aipatutako 9/2017 Legean bermeei buruz xedatutakoa, eta kontratazio-organoak zehaztuko du egoera hori, kontratatu beharreko prestazioaren izaeraren eta beharrari beste bide batzuetatik erantzuteko aukeraren arabera. Hartutako erabakiaren justifikazioa jaso beharko da espedientean.

  • 3. Pertsonen osasuna COVID-19tik babesteko neurriak hartzeak sortzen dituen gastuei aurre egiteko behar diren funtsak igortzen direnean, justifikazioa ondoren egin ahal izango da.

  • 4. Beharrizan horiek betetzeko kontraturen bat kanpoan egin behar izanez gero, osorik edo zati bat atzerrian formalizatu edo gauzatu behar delako, Misioko edo Ordezkaritza Iraunkorreko buruak formalizatuko du, Administrazioak atzerriko kontratistarekin askatasunarekin itundutako baldintzen arabera, baldin eta horren esku hartzea guztiz ezinbestekoa bada kontratua gauzatzeko, pertsonak babesteko beharrei erantzuteko eta Ministro Kontseiluak COVID-19ari aurre egiteko hartutako beste neurri batzuei erantzuteko beharrezkoa delako, eta hori espedientean frogatzen bada. Nolanahi ere, kontratuaren arloaren arabera eskumena daukan ministerio-saileko titularrak bere gain hartu ahal izango du eskumen hori. Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta Administrazioak atzerriko kontratistarekin itundutako baldintzen arabera gauzatu beharko dira.

Artikulu honen hirugarren apartatuan aipatzen diren funts-igorpenak Espainiako zein atzerriko kutxazainen alde egin ahal izango dira. Horien finantza-kudeaketa Osasun Ministerioaren esparruan egingo da, beraren aurrekontuaren kargura; nolanahi ere, ordainketa irmoak atzerriko ordainketa-kutxazainen bidez egin ahal izango dira. Dena dela, Osasun Ministerioaren titularrak finantza-kudeaketaren eskumena Ministerioari atxikitako zein atxiki gabeko beste organo zein erakunde bati eskuordetu ahal izango dio.

Kontratazioa egiten den estatuko merkatuaren eta merkataritza-trafikoaren egoera dela-eta ezinbestekoa denean, ordainketa guztiak edo batzuk kontratistak prestazioa eman aurretik egin ahal izango dira, 2. apartatuan arautzen den moduan. Halako eragiketen ondorioz gertatzen diren galerak Estatuaren aurrekontuen kargura izango dira.

  • 5. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera fakturazio elektronikoaren betebeharra (25/2013 Legea, abenduaren 27koa, sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatzeko eta fakturen kontabilitate-erregistroa sortzekoa) ez zaie aplikatuko egoitza atzerrian duten eta naziokoak ez diren hornitzaileek artikulu honetan aipatzen diren espedienteetan egiten dituzten fakturei.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea eta indarraldia.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean, eta 463/2020 Errege Dekretuak deklaratzen duen alarma-egoeraren eta beraren luzapenen iraunaldi osoan egongo da indarrean.

Madrilen, 2020ko martxoaren 27an.

FELIPE R.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra