Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

6/2017 Legea, urriaren 24koa, Lan Autonomoaren Presako Erreformena

2017-10-24

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/10/25, 257. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

12207

6/2017 Legea, urriaren 24koa, Lan Autonomoaren Presako Erreformena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Lan autonomoak zeresan handia du Espainian aberastasuna sortzeari eta ekoizpen- jarduerari begira, eta garrantzi berezia du lan-merkatuan; gainera, krisialdiko urteetan beherakada nabarmena jasan bazuen ere, frogatuta geratu da suspertzeko gaitasun izugarria eta enplegua sortzeko ahalmen itzela dituela.

Horregatik, lan mota horren aldeko zenbait neurri hartu dira azken urteotan, zeinei esker langile autonomoen lan-merkatuan sarrera-fluxuak handitzea bizkortu baita eta jarduera ekintzaileari eusteko eta hura indartzeko aukerak hobetu baitira.

Nolanahi ere, gogoan izan behar dugu beharrezkoa dela jarduera ekintzaileari laguntzeko beste neurri batzuk garatzen jarraitzea, bai eta helburu berriak ezartzea ere.

Gizarte Segurantzari dagokionez, langile autonomoen berezitasunak aintzat hartu behar dira. Izan ere, halako langileen diru-sarrerak ez dira finkoak izaten, baizik eta zalantzazkoak eta sasoien arabera aldakorrak, haien jarduera bezalaxe. Hori dela eta, Gizarte Segurantzarekin dituzten betebeharrak inguruabar horietara egokitu behar dira, Gizarte Segurantzako kotizazioa errazteko eta arlo horretan dituzten administrazio-kargak gutxitzeko, jarduera ekintzaileak bizirik iraun dezan.

Ikuspegi horretatik, komeni da kuota-bilketaren arloan indarrean den errekargu- araubidea egokitzen jarraitzea, langile autonomoen egoera hobea izan dadin zailtasun ekonomikoak dituzten boladetan. Bestalde, kotizazioaren arloko onurak indartu behar dira, langile autonomoei jarduera ekintzailea abian jartzeko lehenengo urratsak ematen laguntzeko xedez, badakigu-eta une horiek izaten direla zailenak. Horrez gain, justifikatuta dago zenbait egokitzapen egitea, kasu jakin batzuetan kotizatzeko betebeharra altan egondako egunetara bakarrik mugatzeko; izan ere, orain arte, hil osoaren arabera kotizatu behar zen, kontuan izan gabe hilean egiazki zenbat egunez egon zen altan langilea.

Gainera, zerga-arloari dagokionez, zerga-administrazioak langile autonomoen likidezia bultzatu beharko luke, karga formalen bidez hura oztopatu gabe. Langile autonomoek gainerakoek baino finantzaketa kaskarragoa izan ohi dute, berankortasun-tasa altuei aurre egin behar izaten diete eta balio erantsiaren gaineko zergaren finantza-karga handiagoei ere bai; izan ere, sarritan, haien bezeroek sortutako zergaren zenbatekoa aurreratu behar izaten dute, kobratu aurretik. Banku-finantzaketa lortzea ere zailagoa izaten da langile autonomoentzat, abalak eskatzen dizkietelako eta, kasu askotan, ondare pertsonal eskasa dutelako. Horrek eta bankuekin nola negoziatu ongi ez jakiteak langile autonomoen finantzaketa-kostuak handiagoak izatea eragiten du, eta inbertsore pribatuak lortzeko zailtasun gehigarriak sortzen ditu. Bezeroen ordainketa-epe luzeak —batez ere, administrazio publikoenak— arazo gehigarri bat dira, langile autonomoentzat zailagoa baita epe laburreko finantzaketa lortzea.

Esandako guztia aintzat hartuta, lege honen bidez zenbait erreformatan sakontzen da, halako langileentzat errazagoa izan dadin jarduera ekintzailea garatzea.

II

Lege honek zortzi titulu ditu, baita zazpi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta hamahiru azken xedapen ere.

I. tituluan, langile autonomoen Gizarte Segurantzako kotizazioa errazteko eta administrazio-kargak gutxitzeko neurriak jasotzen dira. Lehenik eta behin, langile autonomoen Gizarte Segurantzako kuotak epez kanpo ordaintzeagatiko errekarguak modulatzen dira. Aurrerantzean, ordaintzeko epea amaitu ondorengo lehenengo hilabete naturalaren barruan ordainduz gero, ehuneko 10eko errekargua aplikatuko da. Aldaketa hori, zeina Gizarte Segurantzaren gure ereduaren printzipioekin bat baitator, beste araubide batzuetan sartuta egonik ordainketa egiteko erantzukizuna duten gainerako subjektuei zabaltzen zaie. Ondoren, jarduera-aniztasuneko araubidean dauden langile autonomoen kotizazioa arautzen da. Hain zuzen ere, hainbat jarduera aldi berean egiteagatik beste araubide batean sartuta dauden ekintzaileen kotizazio-onurak modu bateratuan jasotzen dira, administrazio-kargak gutxitzeko asmoz.

II.tituluan, langile autonomo berriei 50 euroren kuota murriztua —«tarifa laua» deitzen dena— hamabi hilabetera arte luzatuko zaiela ezartzen da —orain arte, sei hilabetekoa izaten zen—, eta onura hori lehendik baziren beste batzuekin batera aurreikusten da.

III. tituluak langile autonomoen lan-bizitza eta familia bateragarri egiten laguntzeko neurriak garatzen ditu.

IV. tituluak, berriz, langile autonomoen eskubide kolektiboak hobetzen ditu.

V. tituluaren bidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aldatzen da, langile autonomoek beren jarduera dela-eta egiten dituzten gastuen kengarritasuna argi gera dadin eta, ondorioz, segurtasun juridiko handia izan dezaten.

Zehazki, zergadunaren jarduera ekonomikoari lotuta dagoen etxebizitza-zatiari dagozkion hornidura-gastuen kengarritasuna argitzen da.

Etxebizitzaren titulartasunaren ondoriozko gastuak —amortizazioak, ondasun higiezinen gaineko zerga, jabeen erkidegoa, eta abar— kengarriak dira, jardueraren garapenari lotuta dagoen etxebizitza-zatiaren eta zergadunak higiezinaren titulartasunean duen ehunekoaren proportzioan; hornidurek, aldiz, beren izaerarengatik, ez dute halako banaketa-irizpiderik onartzen, eta jarduerari egotzi behar zaizkio, jardueratik datozen diru- sarrerekin lotuta dagoela egiaztatzen den gastu-zatiaren proportzioan.

Kontuan hartuta zenbatzeko irizpideak zehaztu gabe egoteak arazo praktikoak sortzen dituela eta kalkulua osatzen duten faktoreak egiaztatzeko zailtasunak daudela, irizpidearen ehuneko objektibo bat ezartzeko beharra dago, zeina honela kalkulatuko baita, ez bada ehuneko handiago edo txikiago bat frogatzen behintzat: etxebizitzaren azalera osoaren eta jarduerarako erabiltzen diren etxebizitzako metro koadroen arteko proportzioari ehuneko 30 aplikatuta.

Halaber, zergadunak bere jarduera ekonomikoa egitean izaten dituen mantenu-gastuen arazoa aztertzen da.

Hain zuzen ere, halako gastuak kengarri izateko bete beharreko baldintzak ezartzen dira: jatetxe edo tabernetan egindako gastuak izan behar dute, eta bitarteko elektronikoen bidez ordaindu behar dira.

Kontzeptu horrengatik egun bakoitzeko ken daitekeen gehieneko zenbatekoa bat dator Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduan besteren konturako langileentzat ezarrita dauden mantenu-gastuen gehieneko zenbatekoekin; hau da, oro har, 26,67 euro egun bakoitzeko, gastua Espainian egiten bada, edo 48,08 euro, gastua atzerrian egiten bada —zenbatekoak halako bi izango dira joan-etorria dela-eta gaua kanpoan igaro behar bada—.

VI. tituluak langile autonomoen kotizazioa hobetzeko neurriak garatzen ditu.

VII. tituluan, langile autonomoen enplegurako lanbide-heziketa hobetzeko neurriak jasotzen dira.

VIII. tituluaren bidez, langileak parekatzen dira, laneko IN ITINERE istripuen ondoriozko gertakariei dagokienez.

Azken xedapenei gagozkielarik, haietatik lehena nabarmendu behar da; izan ere, xedapen horri esker, langile autonomoen nahiak eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa-

beharrizanak modu orekatuan uztartuta, aukera dago urtean egiten diren hiru altak, gehienez ere, jarduera hasten den unetik aurrera ondorioak izateko —orain arte, jarduera hasten zen hilaren lehenengo egunetik aurrerakoak izaten ziren ondorioak—.

Azken xedapenetatik bigarrenak kotizazio-oinarria urtean lau aldiz aldatzeko aukera txertatzen du —orain arte bitan alda zitekeen—, eta, beraz, araua egokitu egiten da ekitaldian zehar jarduera autonomoaren ondoriozko diru-sarrerek izan ditzaketen gorabeheretara.

Hori guztia betetzeko, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra —urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onartua— eta Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorra — abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuaren bidez onartua— aldatu behar dira; izan ere, halako gaiak, dituzten ezaugarri formalak eta kudeaketakoak ikusita, erregelamendu- mailako arauen bidez arautu ohi dira, eta horrek arauak zehatz-mehatz ezartzeko aukera ematen du, berritasunen efikaziari berme juridiko osoak kendu gabe.

Hitz batean, langile autonomoen jarduera-baldintzak hobetzen jarraitzeko neurri-multzo bat onartzen da lege honen bidez, etorkizuneko aukerak bermatuko dizkienak; horrekin batera, ekoizpen-aberastasuna sortuko da gure herrialdean, zeina ekintzaileen alderdi bereizgarrienetako bat baita.

I. TITULUA

Langile autonomoen Gizarte Segurantzako kotizazioa errazteko eta administrazio-

kargak gutxitzeko neurriak

1.artikulua. Epez kanpo ordaintzeagatiko errekarguen araubide berria.

Honela geratzen da idatzita Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 30. artikulua —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—:

«30. artikulua. Epez kanpo ordaintzeagatiko errekarguak.

1.Kuotak ez badira ordaintzen Gizarte Segurantzari ordaintzeko ezarritako erregelamenduzko epean, honako errekargu hauek sortuko dira, ordainketak geroratzeko aurreikusitako berezitasunak ezertan galarazi gabe:

a)Ordainketa egiteko erantzukizuna duten subjektuek 29. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako betebeharrak epearen barruan bete badituzte:

1.a Zorraren ehuneko 10eko errekargua, zor diren kuotak ordaintzeko epea amaitu ondorengo lehenengo hilabete naturalaren barruan ordainduz gero.

2.a Zorraren ehuneko 20ko errekargua, zor diren kuotak ordaintzeko epea amaitu ondorengo bigarren hilabete naturaletik aurrera ordainduz gero.

b)Ordainketa egiteko erantzukizuna duten subjektuek ez badituzte 29. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako betebeharrak epearen barruan bete:

1.a Zorraren ehuneko 20ko errekargua, zor diren kuotak zorraren erreklamazioan edo likidazio-aktan adierazitako ordaintzeko epea amaitu aurretik ordainduz gero.

2.a Zorraren ehuneko 35eko errekargua, zor diren kuotak ordaintzeko epea amaitu ondoren ordainduz gero.

2.Gizarte Segurantzarekiko zorrek zuzenbide publikoko diru-sarreren izaera dutenean, eta zor horien objektuak kuotez bestelako baliabideak direnean, ehuneko 20ko errekarguaz handituko dira, erregelamenduzko epean ordaintzen ez badira.»

2.artikulua. Jarduera-aniztasuneko egoeran dauden langile autonomoen kotizazioa.

Bat. Honela geratzen da idatzita Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 313. artikulua —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—:

«313. artikulua. Jarduera-aniztasuneko egoeretako kotizazioa.

1.Langile autonomoek, aldi berean besteren konturako lan bat egiten dutelako, jarduera-aniztasuneko araubidean kotizatzen badute gertakari arruntengatik, kontuan hartuta araubide berezi horretan egindako kotizazioak eta besteren konturako jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzaren araubidean enpresak eta langileak egindako ekarpenak, eskubidea izango dute Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ekitaldi bakoitzerako zehaztutako zenbatekoa gainditzen duen kotizazio-zatiaren ehuneko 50 itzul dakien, betiere araubide berezi horretan ordaindutako kuoten ehuneko 50eko mugarekin, nahitaez estali beharreko gertakari arruntengatik egindako kotizazioaren arabera.

Halako kasuetan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak hurrengo ekitaldiko maiatzaren 1a baino lehen ordainduko ditu itzuli beharreko kopuruak, salbu eta, kotizazioaren berezitasunengatik, ezinezkoa bada epe horren barruan ordainketa egitea edo interesdunak zenbait datu eman behar baditu; halakoetan, esandako eguna baino beranduago egingo da itzulketa.

2.Aurreko apartatuan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe eta Ekintzaileei eta Beren Nazioartekotzeari Laguntzeko irailaren 27ko 14/2013 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren babesean, Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian hasieran emandako altak berekin baldin badakar jarduera- aniztasuneko egoera batean egotea, honako kotizazio-arau hauek aplikatuko dira:

1.a Araubide berezian lehenengo aldiz alta ematen duten langileek, baldin eta alta horrekin jarduera-aniztasuneko egoera bat hasten badute, kotizazio-oinarri gisa honako hauen artean dagoen bat aukeratu ahal izango dute une horretan: urtero Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean oro har ezartzen den gutxieneko kotizazio- oinarriaren ehuneko 50 —lehenengo hemezortzi hilabeteetan— eta ehuneko 75 — hurrengo hemezortzi hilabeteetan— bitarteko oinarri batetik hasita, araubide berezi horretarako ezarritako gehieneko oinarrira arte.

2.a Jarduera-aniztasuneko egoeran dauden langileen kasuetan, zeinetan besteren konturako lan-jarduera lanaldi partzialekoa den, parekagarria den lanaldi osoko langile bati dagokionaren ehuneko 50etik gorakoa, alta egiteko momentuan kotizazio-oinarri gisa hautatu ahalko da urtero Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean oro har ezartzen den gutxieneko kotizazio-oinarriaren ehuneko 75 — lehenengo hemezortzi hilabeteetan— eta ehuneko 85 —hurrengo hemezortzi hilabeteetan— bitarteko oinarri batetik hasita, araubide berezi horretarako ezarritako gehieneko oinarrira arte.

3.a Neurri horren aplikazioa bateraezina izango da enplegu autonomoa sustatzeko neurri gisa ezarritako beste edozein hobarirekin edo murriztapenekin, bai eta artikulu honen 1. apartatuan aurreikusitako kuoten itzulketarekin ere — norberaren konturako jarduera batean jarduera-aniztasuneko araubidean aritzearekin batera, besteren konturako beste jarduera batean aritzearen ondoriozkoa—.»

Bi. Honela geratzen da idatzita Itsasoko eta Arrantzako Langileentzako Gizarte Babesa Arautzen duen urriaren 21eko 47/2015 Legearen 8. artikulua:

«8. artikulua. Kotizazioa.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, kotizatzeko betebeharraren jaiotza, iraupena eta iraungitzea, hura likidatzeko eragiketak,

aurkezteko aldia, modua, lekua eta epea eta haren egiaztapena eta kontrola, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean eta berori garatzeko arautegian orokorrean xedatutakoaren araberakoak izango dira, non ezarriko baitira araubide berezi honen berezitasunak.

2.Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 313. artikuluan ezarritakoa araubide berezi honen lehenengo kotizazio-taldean sartuta geratzen diren norberaren konturako langileei ere aplikatuko zaie, lege honen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, baldin eta 313. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.»

II. TITULUA

Lan autonomoa sustatzeko eta bultzatzeko neurriak

3.artikulua. Kuota murriztua norberaren konturako jarduera bati ekiten edo berrekiten dioten autonomoei hedatzea

Honela geratzen da idatzita Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 31. artikulua:

«31. artikulua. Norberaren konturako langileei Gizarte Segurantzako kuotetan aplikatzekoak zaizkien murriztapenak eta hobariak.

1.Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian hasierako alta ematen duten norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, edo altaren ondorio-dataren aurre-aurreko bi urteetan araubide horretan alta-egoeran egon ez direnek, eskubidea izango dute gertakari arruntengatik egin beharreko kotizazioan —aldi baterako ezintasuna barne— hilero 50 euroko murriztapen bat izateko altaren ondorio-dataren ondorengo hamabi hilabeteetan, baldin eta dagokien gutxieneko oinarria aintzat hartuta kotizatzea aukeratzen badute.

Ordezko aukera gisa, aurreko paragrafoan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten eta dagokien gutxieneko kotizazio-oinarria baino handiago bat hautatzen duten norberaren konturako langileek edo autonomoek gertakari arrunten kuota ehuneko 80 murriztu ahal izango dute altaren ondorio-dataren ondorengo lehen 12 hilabeteetan. Hauxe izango da murriztuko duten kuota: dagokion gutxieneko kotizazio-oinarriari une bakoitzean indarrean den gutxieneko kotizazio-tasa (aldi baterako ezintasuna barne) aplikatzetik ateratzen dena.

Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako hamabi hilabeteko hasierako aldiaren ondoren, eta hautatutako kotizazio-oinarria gorabehera, artikulu honetan aurreikusitako neurria baliatzen duten norberaren konturako langileek jarraian adierazitako murriztapenak eta hobariak aplikatu ahal izango dituzte gertakari arrunten kuotan. Hauxe izango da murriztuko den edo hobaria jasoko duen kuota: dagokion gutxieneko kotizazio-oinarriari une bakoitzean indarrean den gutxieneko kotizazio-tasa (aldi baterako ezintasuna barne) aplikatzetik ateratzen dena, 12 hilabetera arteko gehieneko aldian, harik eta altaren ondorio-datatik hasi eta 24 hilabeteko gehieneko aldia bete arte, eskala honen arabera:

a)Kuotaren ehuneko 50eko murriztapena, apartatu honen lehen bi paragrafoetan aurreikusitako hasierako aldiaren osteko sei hilabeteetan.

b)Kuotaren ehuneko 30eko murriztapena, a) letran adierazitako aldiaren osteko hiru hilabeteetan.

c)Kuotaren ehuneko 30eko hobaria, b) letran adierazitako aldiaren osteko hiru hilabeteetan.

2.Norberaren konturako langileak 30 urtetik beherakoak badira, edo 35 urtetik beherakoak emakumezkoen kasuan, eta hasierako alta eman badute edo altaren

ondorio-dataren aurre-aurreko bi urteetan ez badira Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta- egoeran egon, aurreko apartatuan aurreikusitako murriztapen eta hobariez gain, ehuneko 30eko beste hobari bat aplikatu ahal izango da gertakari arrunten kuotan,

1.apartatuan aurreikusitako hobari-aldia amaitu osteko 12 hilabeteetan. Hauxe izango da hobaria jasoko duen kuota: dagokion gutxieneko kotizazio-oinarriari une bakoitzean indarrean den gutxieneko kotizazio-tasa (aldi baterako ezintasuna barne) aplikatzetik ateratzen dena. Halako kasuetan, murriztapenen eta hobarien gehieneko iraupena 36 hilabetekoa izango da.

3.Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian bajan egon beharreko aldia, zeina aurreko apartatuetan galdatzen baita norberaren konturako jarduera bati berrekinez gero apartatu horietan zehaztutako kotizazio-onuretarako eskubidea izateko, hiru urtekoa izango da, baldin eta langile autonomoek onura horiek izan bazituzten araubide berezi horretan altan egondako aurreko aldian.

4.Aurreko 1. eta 2. apartatuetan adierazitako altaren ondorio-datak ez badatoz bat hilabete naturalaren lehenengo egunarekin, altan egondako egun kopuruaren proportzioan aplikatuko da hilabete horri dagokion onura.

5.Aurreko apartatuetan jasotakoa honako hauei ere aplikatuko zaie, bertan ezarritako baldintzak betetzen badituzte: Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta geratzen diren norberaren konturako langileei eta Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta geratzen diren lan-sozietateetako bazkideei eta lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileei.

6.Artikulu honetan aurreikusitakoa aplikagarri izango da onuradunek, behin jarduera hasi eta gero, besteren konturako langileak enplegatzen dituztenean ere.

7.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren dagokion aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko dira artikulu honetan aurreikusitako kuota-hobariak, eta Gizarte Segurantzako sarreren aurrekontuen kontura, berriz, kuota-murriztapenak.

8.Artikulu honetan aurreikusten den kotizazio-mailako onura hobari bat izango da; autonomo diren eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda dauden langileei aplikatuko zaie hobari hori, Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen 105. artikuluak ezarritako betekizunak betetzen badituzte, eta 1. apartatuan aurreikusitako pizgarriak aplikatu bezala aplikatuko da; gainera, 2. apartatuan jasotako hobari gehigarrirako eskubidea ere izango dute.»

4.artikulua. Desgaitasuna duten pertsonek, genero-indarkeriaren biktimek eta terrorismoaren biktimek norberaren konturako jarduera bati ekiten edo berrekiten diotenean izango dituzten kotizazio-onurak.

Aldatu egiten da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 32. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«32. artikulua. Gizarte Segurantzarekiko kuota-murriztapenak eta -hobariak desgaitasuna duten pertsonentzat, genero-indarkeriaren biktimentzat eta terrorismoaren biktimentzat, norberaren konturako langile gisa hasten badira.

1.Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian hasierako alta ematen duten pertsonek, edo altaren ondorio-dataren aurre-aurreko bi urteetan Araubidean alta-egoeran egon ez direnek, ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna badute, edo genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima badira, 50 euro ordainduko dituzte hilero altaren ondorio- dataren ondorengo 12 hilabeteetan gertakari arrunten kuota gisa —aldi baterako

ezintasuna barne—, baldin eta dagokien gutxieneko oinarria aintzat hartuta kotizatzea aukeratzen badute.

Ordezko aukera gisa, aurreko paragrafoan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten eta dagokien gutxieneko kotizazio-oinarria baino handiago bat hautatzen duten norberaren konturako langileek edo autonomoek gertakari arrunten kuota murriztu ahal izango dute altaren ondorio-dataren ondorengo lehen 12 hilabeteetan. Hauxe izango da murriztuko duten kuota: dagokion gutxieneko kotizazio-oinarriari une bakoitzean indarrean den gutxieneko kotizazio-tasa (aldi baterako ezintasuna barne) aplikatzetik ateratzen denaren ehuneko 80.

Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako 12 hilabeteko hasierako aldiaren ondoren, eta hautatutako kotizazio-oinarria gorabehera, artikulu honetan aurreikusitako neurria baliatzen duten norberaren konturako langileek hobari bat aplikatu ahal izango dute gertakari arrunten kuotan. Hauxe izango da hobaria jasoko duen kuota: dagokion gutxieneko kotizazio-oinarriari une bakoitzean indarrean den gutxieneko kotizazio-tasa (aldi baterako ezintasuna barne) aplikatzetik ateratzen denaren ehuneko 50, 48 hilabetera arteko gehieneko aldian, harik eta altaren ondorio-datatik hasi eta bost urteko gehieneko aldia bete arte.

2.Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian bajan egon beharreko aldia, zeina aurreko apartatuan galdatzen baita norberaren konturako jarduera bati berrekinez gero apartatu horretan zehaztutako kotizazio-onuretarako eskubidea izateko, hiru urtekoa izango da, baldin eta langile autonomoek onura horiek izan bazituzten araubide berezi horretan altan egondako aurreko aldian.

3.Aurreko 1. apartatuan adierazitako altaren ondorio-data ez badator bat hilabete naturalaren lehenengo egunarekin, altan egondako egun kopuruaren proportzioan aplikatuko da hilabete horri dagokion onura.

4.Aurreko apartatuetan jasotakoa honako hauei ere aplikatuko zaie, bertan ezarritako baldintzak betetzen badituzte: Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta geratzen diren norberaren konturako langileei eta Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta geratzen diren lan-sozietateetako bazkideei eta lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileei.

5.Artikulu honetan aurreikusitakoa aplikagarri izango da onuradunek, behin jarduera hasi eta gero, besteren konturako langileak enplegatzen dituztenean ere.

6.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren dagokion aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko dira artikulu honetan aurreikusitako kuota-hobariak, eta Gizarte Segurantzako sarreren aurrekontuen kontura, berriz, kuota-murriztapenak.»

III. TITULUA

Langile autonomoen lan-bizitza eta familia bateragarri egiten laguntzeko neurriak

5.artikulua. Norberaren konturako langileentzako hobaria, kontratazioari lotua, lan- bizitza eta familia bateragarri egiteagatik.

Aldatu egiten da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 30. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Artikuluaren izenburua eta 1. apartatua honela geratzen dira idatzita:

«30. artikulua. Norberaren konturako langileentzako hobaria, kontratazioari lotua, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteagatik.

1.Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian dauden langileek eskubidea izango dute, hamabi hilabeterainoko epean, gertakari arruntengatik autonomoetan ordaindu beharreko

kuotaren ehuneko 100 estaltzen duen hobaria jasotzeko. Honela kalkulatuko da kuota: langileak neurri honetara biltzen den dataren aurreko hamabi hilabeteetan izan duen batez besteko oinarriari aipatutako araubide berezian ezarrita eta uneoro indarrean dagoen gutxieneko kotizazio-tasa aplikatuta ateratzen dena, honako kasu hauetarako:

a)Beren kargura 12 urtetik beherako adingabeen zaintza izatea.

b)Beren kargura bigarren mailara arteko (hori barne) odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senidea izatea, mendekotasun-egoeran dagoena; egoerak behar bezala egiaztatuta egon beharko du.

c)Beren kargura bigarren mailara arteko (hori barne) odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senidea izatea, garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala duena, gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-maila aitortuta, edo desgaitasun fisiko edo sentsoriala duena, gutxienez ehuneko 65eko desgaitasun-maila aitortuta, baldin eta desgaitasun hori behar bezala egiaztatuta badago eta senide horrek ez badu ordainpeko jarduerarik egiten.

Langileak 12 hilabete baino gutxiago badaramatza Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda, batez besteko kotizazio-oinarria alta emandako datatik kalkulatuko da.»

Bi. 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3. Aurreko apartatuan aurreikusitakoa betetzen ez den kasuan, langile autonomoak baliatutako hobariaren zenbatekoa itzultzeko obligazioa izango du.

Ez du hobaria itzuli beharko azkentzea arrazoi objektiboengatik edo diziplinazko kaleratzeagatik izan bada eta bata zein bestea bidezko aitortzen badira, edo langileak dimisioa aurkezten badu, hil egin bada, erretiroa hartu badu edo ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia gertatu bazaio, edota kontratua langilea frogaldian zegoela deuseztatu baldin bada.

Itzulketa egitea dagokionean, aurreko paragrafoan aurreikusitakoez bestelako kasuetan azkendu den kontratuarekin lotura zuen eta baliatu den hobariaren zatira mugatuko da, esklusiboki, esandako itzulketa.

Kontrataturiko langilea gutxienez 3 hilabetez enpleguan mantentzen ez den kasuan, hobaria baliatzen hasitako datatik zenbatuta, langile autonomoa baliatutako hobariaren zenbatekoa itzultzera behartuta egongo da, salbu eta, aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, beste pertsona bat kontratatzen badu 30 eguneko epearen barruan.

Artikulu honetan aurreikusitako hobariaren onuradun izateko motibo izan zen adingabeak, hobaria baliatzen amaitu baino lehen, 12 urte betetzen baditu, hobaria mantendu ahalko da, aurreikusitako 12 hilabeteko gehieneko epea bete arte; betiere, gainerako baldintzak betetzen badira.

Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako hobariaz baliatzen den langile autonomoak Gizarte Segurantzan alta emanda jarraitu beharko du, hura baliatzeko epea amaitu ondorengo sei hilabeteetan. Kontrako kasuan, langile autonomoak baliatutako hobariaren zenbatekoa itzultzeko obligazioa izango du.»

Hiru. 8. apartatua eransten da, idazkuntza honekin:

«8. Aurreko apartatuetan jasotakoa Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta geratzen diren norberaren konturako langileei ere aplikatuko zaie, apartatu horietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.»

6.artikulua. Gizarte Segurantzako kuota-hobariak langile autonomoentzat, amatasunaren, aitatasunaren, adopzioaren, adopzio-helburuko zaintzaren, harreraren,

haurdunaldiko arriskuaren edo edoskialdi naturaleko arriskuaren ondorioz atsedenaldian dauden bitartean.

Aldatu egiten da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 38. artikuluaren idazkuntza, eta honela geratzen da idatzita:

«38. artikulua. Gizarte Segurantzako kuota-hobaria langile autonomoentzat, amatasunaren, aitatasunaren, adopzioaren, adopzio-helburuko zaintzaren, harreraren, haurdunaldiko arriskuaren edo edoskialdi naturaleko arriskuaren ondorioz atsedenaldian dauden bitartean.

Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian sartuta dauden norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, bai eta Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta dauden norberaren konturako langileek ere, amatasun, aitatasun, adopzio, adopzio-helburuko zaintza, harrera, haurdunaldiko arrisku edo edoskialdi naturaleko arriskuaren ondorioz atsedenaldian dauden bitartean, ehuneko 100eko hobaria izango dute autonomoen kuoten kotizazioan. Honela kalkulatuko da kuota: langileak neurri honetara biltzen den dataren aurreko hamabi hilabeteetan izan duen batez besteko oinarriari norberaren konturako jardueraren arabera langileari egokitzen zaion Gizarte Segurantzako araubide berezian sartuta dauden langileentzat ezarrita dagoen nahitaezko kotizazio-tasa aplikatuta.

Langileak 12 hilabete baino gutxiago badaramatza Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio- taldean alta emanda, batez besteko kotizazio-oinarria alta emandako datatik kalkulatuko da.

Hobaria bateragarria izango da irailaren 4ko 11/1998 Errege Lege Dekretuan ezarrita dagoenarekin.»

7.artikulua. Lanera itzultzen diren emakumezko langile autonomoentzat hobariak, kasu jakin batzuetan.

Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legeari artikulu berri bat eransten zaio, 38 bis artikulua, idazkuntza honekin:

«38 bis artikulua. Lanera itzultzen diren emakumezko langile autonomoentzat hobariak, kasu jakin batzuetan.

Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian sartutako emakumezko langileek, bai eta Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta dauden norberaren konturako emakumezko langileek ere, beren jarduera utzi bazuten amatasunagatik, adopzioagatik, adopzio-helburuko zaintzagatik, harreragatik edo tutoretzagatik, betiere legez ezarritako baldintzetan, eta berriro norberaren konturako jarduera batean hasten badira uzte-egunaren ondorengo bi urteko epearen barruan, hobari bat jasotzeko eskubidea izango dute; hain zuzen ere, gertakari arrunten kuota —aldi baterako ezintasuna barne— hilean 50 euro izango da haientzat lanera itzuli ondorengo hamabi hilabeteetan, baldin eta norberaren konturako jardueraren arabera dagokien araubide berezian oro har ezarrita dagoen gutxieneko oinarria aintzat hartuta kotizatzea aukeratzen badute.

Norberaren konturako emakumezko langileek edo emakumezko langile autonomoek, aurreko baldintzak betetzen badituzte eta aurreko paragrafoan aipatutako gutxieneko kotizazio-oinarria baino handiago bat hautatzen badute, gertakari arrunten kuotan ehuneko 80ko hobaria jaso ahal izango dute lehen aipatutako aldian zehar. Hauxe izango da hobaria jasoko duen kuota: dagokion

araubide berezian oro har ezarritako gutxieneko kotizazio-oinarriari une bakoitzean indarrean den gutxieneko kotizazio-tasa (aldi baterako ezintasuna barne) aplikatzetik ateratzen dena.»

IV. TITULUA

Langile autonomoaren eskubide kolektiboak

8.artikulua. Oinarrizko eskubide kolektiboak.

Aldatu egiten da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 19.3. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Langile autonomoen ordezkari diren elkarteak ere lege honen 21.3 artikuluan ezarritako ahalmenen titularrak izango dira.»

9.artikulua. Langile autonomoen lanbide-elkarteak.

Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 20. artikuluaren 4. apartatuari beste idazkuntza bat ematen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«4. Langile autonomoen sektorearteko elkarte, konfederazio, batasun eta federazioak onura publikokoak deklaratuko dira, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 32. artikulutik 36.era aurreikusitakoaren arabera, baldin eta egiaztatzen badute hala estatuan nola kasuan kasuko autonomia-erkidegoan ordezkaritza dutela eta zabalduenak direla, lege honen 21. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.»

10.artikulua. Lan Autonomoaren Estatutuaren 22. artikulua aldatzea.

Aldatu egiten dira Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 22. artikuluaren hirugarren eta zazpigarren apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

«3. Hauek osatuko dute Lan Autonomoaren Kontseilua: sektore artean eta estatuan diharduten eta ordezkaritza duten langile autonomoen lanbide-elkarteetako ordezkariek, ordezkaritza handieneko sindikatuek eta enpresaburu-elkarteek eta Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoetako eta estatu-eremuan ordezkaritza handiena duen toki-erakundeen elkarteko ordezkariek.

Lan autonomoaren kontseilu autonomikoek ere ordezkariak izango dituzte.»

«7. Autonomia-erkidegoek lan autonomoaren arlo sozioekonomiko eta profesionalaren gaineko kontseilu aholku-emaileak eratu ahal izango dituzte, beren lurralde-eremuetan. Orobat, haien osaera eta funtzionamendua arautu ahal izango dituzte.

Lan Autonomoaren Estatuko Kontseiluan ordezkaritza izateko, lan autonomoaren kontseilu autonomiko bakoitzak parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko du eta ordezkari bat izendatu, zeina autonomia-erkidegoaren eremuan ordezkaritza handiena duen autonomo-elkartekoa izango baita beti.»

V. TITULUA

Langile autonomoen fiskalitatea argitzeko neurriak

11.artikulua. Jarduera ekonomikoari partzialki lotutako etxebizitzaren hornidura-gastuen eta jarduera garatzean egiten diren mantenu-gastuen kengarritasuna pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Aldatu egiten da azaroaren 28ko 35/2006 Legearen 30. artikuluaren 2. apartatuko 5. araua —lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren legeak partzialki aldatzen ditu—, eta honela geratzen da idatzita:

«5.a Zuzeneko zenbatespenean etekin garbia zehazteko, honako hauek gastu kengarritzat joko dira:

a)Zergadunak ordaintzen dituen gaixotasuneko aseguru-primak, norberaren eta ezkontidearen zein berarekin batera bizi diren hogeita bost urtetik beherako seme-alaben estaldurari dagokion zatian. Gehienez ere, 500 euro kendu ahal izango dira adierazitako pertsona bakoitzeko; haietakoren batek desgaitasuna badu, gehienez 1.500 euro kenduko dira pertsona bakoitzeko.

b)Zergadunak ohiko etxebizitza jarduera ekonomikoari partzialki lotuta badauka, etxebizitza horretako hornidura-gastuak —hala nola ura, gasa, elektrizitatea, telefonoa eta Internet—. Gastuen ehunekoa honela kalkulatuko da, ez bada ehuneko handiago edo txikiago bat egiaztatzen: etxebizitzaren azalera osoaren eta jarduerarako erabiltzen diren etxebizitzako metro koadroen arteko proportzioari ehuneko 30 aplikatuta.

c)Zergadunak jarduera ekonomikoa garatzean egindako mantenu-gastuak, baldin eta jatetxe edo tabernetakoak badira, bitarteko elektronikoen bidez ordaintzen badira eta langileen mantenurako gastu arruntentzat erregelamendu bidez ezarrita dauden dieta eta esleipenen muga kuantitatiboen barruan badaude.»

VI. TITULUA

Langile autonomoen kotizazioa hobetzeko neurriak

12.artikulua. Langile autonomo jakin batzuentzako gutxieneko kotizazio-oinarria.

Bat. Aldatu egiten da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 312. artikulua —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—, eta honela geratzen da idatzita:

«312. artikulua. Langile autonomo jakin batzuentzako gutxieneko kotizazio- oinarria.

1.Araubide berezi honetan dauden langileen kasuan, baldin eta ekitaldi ekonomiko bakoitzaren uneren batean beren zerbitzura kontratatuta izan badituzte besteren konturako hamar langile edo gehiago aldi berean, hurrengo ekitaldirako gutxieneko kotizazio-oinarria Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean zehazten dena izango da.

2.Gutxieneko kotizazio-oinarri hori aplikatzekoa izango da, halaber, ekitaldi ekonomiko bakoitzean, araubide berezi honetan dauden langile autonomoentzat,

305.2artikuluko b) eta e) letretan ezarritakoaren babesean. Salbuespen izango dira beren jardueraren hasierako hamabi hilabeteetan araubidean alta hartzen duten langile autonomoak, altaren ondorio-datatik zenbatuta.»

Bi. Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldean sartuta geratzen diren norberaren konturako langileei ere aplikatuko zaie

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 312. artikuluan xedatutakoa —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—, baldin eta artikulu horretako baldintzak betetzen badituzte.

VII. TITULUA

Langile autonomoen enplegurako lanbide-heziketa hobetzeko neurriak

13.artikulua. Langile autonomoentzako prestakuntza-eskaintza.

Langile autonomoen eta gizarte-ekonomiaren ordezkari diren sektorearteko erakundeek langile autonomoen prestakuntza-eskaintzaren beharrak atzemateko lanetan parte hartuko dute, bai eta haren diseinuan, programazioan eta zabalkundean ere — prestakuntza-eskaintza hori Lan Arloko Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legean aipatzen da—. Halako jarduerak lege horretan adierazitako moduan eta mugekin finantzatuko dira.

VIII. TITULUA

Langileak parekatzea, laneko in itinere istripuen ondoriozko gertakariei dagokienez

14.artikulua. Langileak parekatzea, laneko in itinere istripuen ondoriozko gertakariei dagokienez.

Aldatu egiten da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 316. artikuluko 2. apartatua —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—, eta honela geratzen da idatzita:

«316. artikulua. Gertakari profesionalen estaldura.

2.Langile autonomoaren laneko istriputzat hartuko da bere kontura egiten duen lanaren zuzeneko eta berehalako ondorioa dena eta araubide berezi honen aplikazio-eremuan sartzea berekin dakarrena. Ondorio berdinetarako, gaixotasun profesionaltzat hartuko da norberaren kontura egindako lanaren ondorioz hartutakoa, baldin eta gaixotasun hori sortu badute gaixotasun profesionalen zerrendan zehazten diren elementu nahiz substantziek eta, halaber, gaixotasun hori sortu bada aipatutako zerrendarekin datorren gaixotasun-eragile diren jardueren zerrendan zehaztutako jarduera batean. Zerrenda hori azaroaren 10eko 1299/2006 Errege Dekretuaren eranskinean jasota dago —Gizarte Segurantzaren sistemako gaixotasun profesionalen taula onartu eta hura jakinarazi eta erregistratzeko irizpideak ezartzeko errege-dekretua—.

Laneko istriputzat hartuko da, orobat, jarduera ekonomikoa edo profesionala egiten den lekurako joan-etorrian izandakoa. Ondorio horietarako, jarduera egiten den lekua hau izango da: langile autonomoak bere jarduera egiteko erabili ohi duen establezimendua, baldin eta bere etxebizitza ez bada eta, zerga-ondorioetarako, jarduera ekonomikoari lotutako lokal, nabe edo bulego gisa deklaratu duena bada.»

Lehenengo xedapen gehigarria. Lan autonomoaren ordezkari diren sektorearteko erakundeen parte-hartzea Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan.

Gobernuak urtebeteko epea izango du Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria —langile autonomoek Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan izango duten parte-hartzeari buruzkoa— betetzen lagunduko duten neurriak hartzeko, elkarrizketa sozialaren esparruan eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren araudiaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria. Lan Autonomoaren Kontseilua eratzea.

Gobernuak gehienez ere urtebeteko epea izango du, lege hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita, Lan Autonomoaren Kontseilua benetan eratu eta abiarazteko, betiere Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 22. artikuluan adierazitakoaren arabera eta abenduaren 7ko 1613/2010 Errege Dekretuaren arabera — errege-dekretu horrek Estatuko Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Ordezkagarritasunaren Kontseilua sortu eta arautzen du eta Lan Autonomoaren Kontseiluaren osaera eta funtzionamendu- eta antolamendu-erregimena ezartzen ditu—.

Kontseilua eratzeko, Gobernuak, lege hau indarrean jarri eta sei hilabete igaro baino lehen, langile autonomoen lanbide-erakundeen ordezkagarritasun-irizpide objektiboak — Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 21. artikuluan xedatuak— garatu beharko ditu, langile autonomoen ordezkari diren erakundeekin eta ordezkaritza handieneko sindikatuekin eta enpresaburu-elkarteekin izango duen elkarrizketaren esparruan.

Hirugarren xedapen gehigarria. Gizarte Segurantzako kuota-murriztapenak hobari bihurtzea.

Elkarrizketa sozialaren esparruan eta Toledoko Itunaren barruan hartzen diren erabakien eremuan, Gizarte Segurantzako kuota-murriztapenak pixkanaka hobari bihur daitezen bultzatuko da.

Gehienez ere 4 urteko epea izango da helburu hori pixkanaka gauzatzeko; horretarako, gastu hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuaren kargura onartzeko baldintza ekonomikoak bete beharko dira, eta lan-merkatuaren eta enplegu-sorkuntzaren bilakaera aintzat hartuko da.

Laugarren xedapen gehigarria. Ohikotasun-kontzeptuaren azterketa, Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian sartzearen ondorioetarako.

Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziaren erreforma aztertzeko Azpibatzordearen eremuan, zeina Diputatuen Kongresuan eratu baitzen, eta langile autonomoen ordezkariei entzun eta gero, araubide horretan sartzeari begira ohikotasun-kontzeptua zer elementuk baldintzatzen duten zehaztuko da. Arreta berezia ipiniko zaie norberaren konturako langile jakin batzuei, zeinen guztizko diru- sarrerek urteko konputuan ez baitute gainditzen lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa.

Bosgarren xedapen gehigarria. Langile autonomoak eta lanaldi partzialeko kotizazioa.

Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziaren erreforma aztertzeko Azpibatzordearen eremuan, zeina Diputatuen Kongresuan eratu baitzen, eta langile autonomoen ordezkariei entzun eta gero, langile autonomoentzako lanaldi partzialeko kotizazio-sistema bat ezartzea ahalbidetuko duten elementuak zehaztuko dira, egokitzat jotzen diren jarduera eta taldeei begira eta, beti, laneko bizitzaren aldi zehatz batzuei loturik; horretarako, Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 25. artikulua erregelamendu bidez garatuko da.

Seigarren xedapen gehigarria. Langile autonomoak eta erretiro partziala.

Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziaren erreforma aztertzeko Azpibatzordearen eremuan, zeina Diputatuen Kongresuan eratu baitzen, eta langile autonomoen ordezkariei entzun eta gero, araubide horretan sartuta dauden langileek erretiro partziala hartzea ahalbidetuko duten elementuak zehaztuko dira, barnean hartuta belaunaldi erreleboa bermatzeko langile berri bati lanaldi partzialeko edo

osoko kontratuak egiteko aukera, langile autonomoek enplegatu bakar bat ere ez duten kasuetarako.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Langile autonomoaren familiartekoak kontratatzearen ondoriozko hobaria.

1.Langile autonomoak bere ezkontideari, aurreko ahaideei, ondorengoei eta bigarren mailara arteko (hori barne) odolkidetasuneko eta ahaidetasuneko gainerako ahaideei kontratu mugagabea egiteak eskubidea emango du enpresak gertakari arruntengatik ordaindu behar duen kuotan ehuneko 100eko hobaria jasotzeko 12 hilabetez.

2.Hobari hori jaso ahal izateko, nahitaezkoa izango da langile autonomoak lan- kontraturik ez azkendu izana, judizialki bidegabetzat deklaratu diren diziplinazko kaleratzeengatik edo arrazoi objektiboengatik, edo zuzenbidearen kontrako deklaratu diren kaleratze kolektiboengatik, hobaria jasotzeko eskubidea ematen duen kontratua egin aurreko hamabi hilabeteetan.

3.Hobaria jasotzeko eskubidea ematen duten kontratuak egin ondorengo sei hilabeteetan enplegu-mailari eutsi beharko dio enplegatzaileak. Enplegu-maila eta berori mantentzen den aztertzeko xedez, ez dira aintzat hartuko honako hauek: arrazoi objektiboengatik edo diziplinazko kaleratzeengatik azkendutako lan-kontratuak, azkentzeak bidegabe deklaratu ez badira; zuzenbidearen kontrako deklaratu ez diren kaleratze kolektiboak; langileen dimisioagatik, heriotzagatik, ezintasun iraunkor oso edo absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik azkendutakoak, eta hitzartutako epea amaitu delako, kontratuaren xede den obra edo zerbitzua burutu delako edo frogaldian kontratua deuseztatu delako azkendutakoak.

4.Xedapen gehigarri honetan aurreikusitako kuota-hobaria Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren dagokion aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko da.

5.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak xedapen gehigarri honetan jasotako hobarien baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema Antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legeak eman dizkion eskumenak egikarituz.

6.Xedapen honetan ezarrita ez dagoen guztirako, Hazkundea eta Enplegua Hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen I. kapituluko I. atala aplikatuko da, salbu eta 2.7, 6.1.b) eta 6.2 artikuluetan ezarritakoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

1.Indargabeturik geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

2.Espresuki, eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, indargabeturik geratzen dira Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezia aplikatzeko eta garatzeko arauak eman zituen 1970eko irailaren 24ko Aginduaren 24., 25. eta 26. artikuluak.

Azken xedapenetatik lehena. Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra — urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuak onartua— aldatzea.

Aldatu egiten da Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra —urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuak onartua—, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. 35. artikuluaren 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3. Gizarte Segurantzako araubide batzuetan kotizazioa hilabete osoen arabera egin behar da. Bada, kotizazioaren egoera desberdinei begira, araubide horietan ulertuko da altek ondorioak sortzen dituztela, kasuan kasuko araubidean sartu ahal izateko baldintzak betetzen diren hilabete naturalaren lehenengo

egunean. Halaber, ulertuko da bajek ondorioak sortzen dituztela, interesdunak baldintza horiek izateari uzten dion hilabete naturalaren azken eguna igarotakoan. Horrek guztiorrek ez du ezertan eragotziko erregelamendu honen 46. artikuluko 2.a) eta 4.a) apartatuetan ezarritakoa.»

Bi. 46. artikulua honela geratzen da idatzita:

«46. artikulua. Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezia. Afiliazioa, altak eta bajak.

1.Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziaren aplikazio-eremuan sartuta dauden langileen afiliazioa, altak, bajak eta datu-aldaketak hurrengo apartatuetan jasotako berezitasunen arabera egingo dira, hargatik eragotzi gabe Norberaren Konturako Nekazaritzako Langileen Sistema Berezian daudenentzat berariaz 47 bis artikuluan ezarritakoak.

2.Afiliazioak eta altak, hasierakoak zein elkarren segidakoak, nahitaezkoak izango dira, eta kotizazioari nahiz babes-jardunari begira ondorio hauek sortuko dituzte:

a)Afiliazioak eta urte natural bakoitzaren barruan egiten diren hiru altak, gehienez ere, ondorioak izango dituzte delako pertsonak araubide berezi honen aplikazio-eremuan sartzeko betekizun eta baldintzak betetzen dituen egunetik aurrera, baldin eta eskaera erregelamendu honen 27.2 eta 32.3.1 artikuluetan, hurrenez hurren, ezarrita dagoen bezala egin bada.

b)Urte natural bakoitzaren barruan egiten diren gainerako altek, halakorik badago, ondorioak izango dituzte araubide berezi honetan sartzeko betekizunak betetzen diren hilabete naturaleko lehenengo egunetik aurrera, baldin eta eskaera erregelamendu honen 32.3.1 artikuluan ezarrita dagoen bezala egin bada.

c)Erregelamenduzko epetik kanpo eskatutako altek ondorioak izango dituzte araubide berezi honetan sartzeko betekizunak betetzen diren hilabete naturaleko lehenengo egunetik aurrera.

Horrelako kasuetan, eta kotizazioak epez kanpo ordaintzeagatik bidezkoak diren administrazio-zehapenak ezertan eragotzi gabe, alta formalizatu aurreko aldiei dagozkien kotizazioak eskatzeko modukoak izango dira. Kotizazio horiek prestazioei begira ondorioak sortuko dituzte, baina horretarako kotizazioak ordaindu beharko dira, bai eta legearen araberako errekargu eta interesak ere. Kotizazioek ez dute ondoriorik izango, preskripzioa aplikatzeagatik kuotak ezin direnean eskatu eta, beraz, kuota horiek prestazio-ondorioetarako ere balio ez dutenean.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak erregelamenduzko epetik kanpo eskatutako alten berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

d)Araubide berezi honetan afiliazioa eta alta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz gauzatzea bidezkoa izango da, erregelamendu honen

26.eta 29.1.3 artikuluek araututako egoeretan. Afiliazio eta alta horiek ere ondorioak izango dituzte, araubide berezi honetan sartzeko betekizunak betetzen direla zein hilabete naturaletan egiaztatu eta hilabete horren lehenengo egunetik, c) letran ezarritako baldintzetan eta norainokoarekin.

3.Langile autonomoek araubide berezi honetan sartzea eragiten duten bi jarduera edo gehiago egiten dituztenean aldi berean, behin baino ez dute alta emango. Alta-eskaeran jarduera guztiak aitortu behar dituzte, eta, jarduera- aniztasuna eskaera egin ondoren gertatuz gero, datu-aldaketaren eskaera aurkeztuko dute, erregelamendu honen 28. eta 37. artikuluetan ezarritako baldintzetan eta ondorioekin. Modu berean jokatuko da, jarduera-aniztasuneko egoera aldatzen edo amaitzen denean.

Aitorpen horien arabera, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak une bakoitzean egiten diren jardueren berri emango dio Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutuari; hain zuzen ere, langileak aldi baterako ezintasunaren

prestazio ekonomikoa estaltzeko eta, hala badagokio, laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen gertakariak estaltzeko zehaztu duen mutuari.

4.Langileek araubide berezi honetan ematen dituzten bajek ondorio hauek izango dituzte, kotizazioari nahiz babes-jardunari begira:

a)Urte natural bakoitzaren barruan egiten diren hiru bajak, gehienez ere, ondorioak izango dituzte langile autonomoak araubide berezi honen aplikazio- eremuan sartzea eragin duen jarduerari uzten dion egunetik aurrera, baldin eta eskaera erregelamendu honen 32. artikuluan ezarrita dagoen bezala egin bada.

b)Urte natural bakoitzaren barruan egiten diren gainerako bajek, halakorik badago, ondorioak izango dituzte langile autonomoak araubide berezi honen aplikazio-eremuan sartzea eragin duen jarduerari uzten dion hilabete naturaleko azken eguna igarotakoan, baldin eta eskaera erregelamendu honen 32. artikuluan ezarrita dagoen bezala egin bada.

c)Araubide berezi honetan sartuta egoteko betekizunak eta baldintzak bete ez arren, langileak baja eskatzen ez duenean, edo baja eskatzen duenean baina baja- ondorioetarako ezarritakoen ondoan desberdinak diren modu eta epean, edo baja ofizioz gauzatzen denean, horrela iraun duen altak ondorioak izango ditu kotizatzeko betebeharrari begira, erregelamendu honen 35.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta langile hori ez da alta-egoeran izango prestazioak jasotzeko eskubideari dagokionez.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak erregelamenduzko epetik kanpo eskatu edo gauzatutako bajen berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

5.Araubide berezi honetako langileen alta- eta baja-eskaerekin batera aurkeztuko dira eskaera horiek bidezkoak izateko erabakigarri diren agiri eta frogabideak. Ondorio horietarako, jarraian aipatuko diren agiri edo frogabideetako bat edo batzuk aurkez daitezke:

a)Eskatzailea banakako edo familiako edozein enpresaren edo jendaurreko establezimendu baten jabe, errentari, gozamendun eta antzeko beste kontzeptu gisa titular dela egiaztatzen duen agiria, edo titulartasun horri utzi zaiola egiaztatzen duen agiria.

b)Jarduera ekonomikoen gaineko zerga edo gauzatutako jardueraren gaineko beste edozein zerga ordaindu izanaren egiaztagiria, edo zerga hori ordaindu ez izanaren ziurtagiria. Egiaztagiri eta ziurtagiri horiek izan behar dira gehienez ere azkeneko lau urteei buruzkoak.

c)Kasuan kasuko jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren administrazio- lizentzia eta -baimenen kopiak, eta, horrelakorik izan ezean, lizentzia edo baimen horiek eman dituen erakundearen zein administrazioaren aipamena, edota lizentzia edo agiri horiek azkendu direla edo eten direla egiaztatzen duten agirien kopia.

d)Ekonomikoki mendekoa den langile autonomoak eta bezeroak egindako kontratuaren kopia —kontratuak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratuta egon behar du—, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari erregistratutako kontratua amaitu dela jakinarazteko bidalitako agiriaren kopia.

e)Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena, eta ondorio horietarako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eskatutako beste edozein agiri; azken horiek izan daitezke eskatzaileak proposatutakoak ala ez.»

Hiru. 48. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2. Araubide berezi honetako langileen afiliazioak, altak, bajak eta datu- aldaketak bat etorriko dira erregelamendu honetan formalizazio-epe eta -baldintzei dagokienez oro har ezarritakoarekin.

Araubide berezi honetan sartuta dauden norberaren konturako langileen kasuan, haien alten eta bajen ondorioak erregelamendu honen 46. artikuluan Norberaren

Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziari dagokionez xedatutakoaren arabera arautuko dira, salbu eta 2.c) apartatuaren bigarren paragrafoan esaten dena epez kanpoko altek prestazioetan dituzten ondorioei buruz.»

Lau. Bigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Bigarren xedapen iragankorra. Aurretiazko afiliazioaren eta altaren aldi baterako bazterketak.

1.Erregelamendu honen 27.2 eta 32.3.1 artikuluetan aurretiazko edo elkarren segidako afiliazioa eta altak eskatzeko epeei buruz ezarritakoa ez zaie aplikatuko zezenketa-profesionalei, ezta Fruta eta Barazkien, Barazki Kontserben Industriaren, Emanaldi Zinematografikoko Enpresen eta Dantzaleku eta Diskoteken sistema berezietan sartuta dauden taldeei ere —Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrekoak dira denak—. Haiei berariazko arauetan ezarritako epeak aplikatuko zaizkie, orain arte bezala, harik eta kudeaketa-baliabideek erregelamendu honetan ezarritako epeak aplikatzea ahalbidetzen duten arte.

2.Aukera hori izatea erabakiko du Gizarte Segurantzako Estatu Idazkaritzak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorra —abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuak onartua— aldatzea.

Aldatu egiten da Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorra —abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuak onartua—, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. 43. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2. Araubide berezi honetako gutxieneko eta gehieneko kotizazio-oinarriak ekitaldi ekonomiko bakoitzean Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarritakoak izango dira, araubidearen babespeko gertakari eta egoera guztietarako.

Araubide berezi honetan sartzeak esan nahi du interesdunak dagokion gutxieneko oinarriaren zenbatekoa kotizatzeko betebeharra izango duela, gutxienez; hala ere, interesdunak eskubidea izango du beste oinarri handiago bat aukeratzeko, zeina Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak urtero oro har ezarritako edo, adina, izaera, jarduera, egoera edo aurreko ekitaldian kontratatutako langile-kopurua kontuan hartuta, langile autonomo jakin batzuentzat bereziki ezarritako gutxieneko eta gehieneko oinarrien arteko mugen barruan egongo baita beti.

Araubide berezian alta-eskaera aurkeztean aukeratu behar da oinarria, eskaera hori aurkezteko epearen barruan, eta kotizatzeko betebeharra sortzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak, 45.2 artikuluaren arabera.

Gerora, interesdunak oinarri hori aldatu eta beste bat ezar dezake, erregelamendu honen 43 bis artikuluan jasotako baldintzetan.»

Bi. 43 bis artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«43 bis artikulua. Gerora egindako oinarri-aldaketak.

1.Araubide berezi honen aplikazio-eremuan sartuta dauden langileek kotizatzera behartuta dauden oinarria urtean lautan alda dezakete gehienez ere, eta beste bat aukeratu ahal izango dute ekitaldi bakoitzean aplikatzekoak zaizkien gutxieneko eta gehieneko mugen barruan. Horretarako, eskaera egin beharko diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, eta aldaketak egun honetatik aurrera izango ditu ondorioak:

a)Apirilaren 1etik aurrera, eskaera urtarrilaren 1etik martxoaren 31 bitartean egin bada.

b)Uztailaren 1etik aurrera, eskaera apirilaren 1etik ekainaren 30a bitartean egin bada.

c)Urriaren 1etik aurrera, eskaera uztailaren 1etik irailaren 30a bitartean egin

bada.

d)Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera, eskaera urriaren 1etik abenduaren 31 bitartean egin bada.

2.Kotizazio-oinarriaren borondatezko aldaketak ondorioak dituen unean 43.2 artikuluan jasotako baldintzak —adina, izaera, jarduera, egoera edo bere zerbitzura duen langile-kopurua— betetzen dituzten langile autonomoek Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ekitaldi bakoitzerako halakoentzat berariaz ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugak errespetatzen dituen oinarri bat baino ezingo dute aukeratu.

3.Aurreko apartatuetan esandakoa ezertan eragotzi gabe, araubide berezi honetan gehieneko oinarria kotizatzen ari diren langile autonomoek, araubidean alta-egoeran dauden bitartean, eska dezakete beren kotizazio-oinarria automatikoki handitzeko, gehieneko oinarriak handitzen diren ehunekoa bezainbeste.

Halaber, gehieneko oinarria kotizatzen ari ez diren langile autonomoek, alta- egoeran dauden bitartean, eska dezakete beren kotizazio-oinarria automatikoki handitzeko, araubide berezi honetako gehieneko kotizazio-oinarriak handitzen diren ehunekoa bezainbeste. Aukeratzen den kotizazio-oinarria ezingo da inoiz izan langileari eragiten dion gehieneko muga baino handiagoa.

Aipatutako aukera horiek guztiek eskaera aurkeztu den egunaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak, araubide berezi honetako altarekin batera zein ondoren baliatuak izan, urte natural osoan zehar. Urte naturaleko edozein unetan uko egin ahal izango zaie aukera horiei; eskaera zer urtetan aurkeztu eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak ukoak.»

Hiru. 45. artikulua honela geratzen da idatzita:

«45. artikulua. KOTIZATZEKO BETEBEHARRAREN LIKIDAZIO-ALDIA ETA EDUKIA.

1.Norberaren Konturako Langileen eta Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzeko betebeharraren likidazio-aldia hil osoen araberakoa izango da beti; nolanahi ere, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorraren 46. artikuluko 2.a) eta 4.a) apartatuetan adierazitako altak eta bajak zer hiletan egin diren, hil horretan norberaren konturako jarduera egiazki egin den egun kopuruaren araberakoa izango da likidazio-aldia, eta egun horiei dagokien hileko kuotaren zatia galdatuko da. Horretarako, hileko kuota finkoa zati hogeita hamar egingo da, kasu guztietan.

Araubide berezi honetako kuoten kalkulua likidazio erraztuaren sistema erabilita egingo da, zeina 15. artikuluan eta hurrengoetan arautua baitago.

2.Araubide berezi honetan kotizatzeko betebeharra une honetan sortuko da:

a)Kotizatzera behartuta dagoen subjektuak araubidearen aplikazio-eremuan sartzeko baldintzak betetzen dituen egunetik aurrera, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorraren 46.2.a) artikuluan aipatzen diren alten kasuan.

b)Kotizatzera behartuta dagoen subjektuak araubidearen aplikazio-eremuan sartzeko baldintzak betetzen dituen hilabeteko naturaleko lehenengo egunetik aurrera, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorraren 46.2 artikuluaren b) eta c) letretan aipatzen diren alten kasuan.

c)Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak araubide berezi honetako alta ofizioz gauzatzen duen kasuetan, kotizatzeko betebeharra sortuko da araubidearen

aplikazio-eremuan sartzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzen den hilabete naturaleko lehenengo egunetik aurrera.

3. Araubide berezi honetan kotizatzeko betebeharra une honetan azkenduko

da:

a)Kotizatzeko betebeharra duen subjektuak araubidearen aplikazio-eremuan sartuta egoteko baldintzak betetzeari uzten dion egunetik aurrera, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu- aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorraren 46.4.a) artikuluan aipatzen diren bajen kasuan, baldin eta ezarritako epean eta moduan jakinarazi bada baja.

Halakoetan, likidazioa hilabete naturalaren azken egunera arte egin eta ordaindu bada, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak dagokion diru-kopurua itzuliko du, errekargurik edo interesik aplikatu gabe. Itzulketa banku-transferentzia baten bidez egingo da bi hilabeteko epean, diru-sarrera egin zen hilabetetik kontatzen hasita, salbu eta langileak Gizarte Segurantzarekin zorrak baditu edo geroratzerik edo moratoriarik badu; izan ere, halakoetan, itzuli beharreko kopurua ordaindu edo amortizatu gabeko zorrari aplikatuko zaio, ez bada galdatu beharreko zorra abal orokor baten bidez bermatua dagoela.

b)Kotizatzeko betebeharra duen subjektuak araubidearen aplikazio-eremuan sartuta egoteko baldintzak betetzeari uzten dion hilabete naturaleko azken eguna igarotakoan, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorraren 46.4.b) artikuluan aipatzen diren bajen kasuan, baldin eta ezarritako epean eta moduan jakinarazi bada baja.

c)Baja jakinarazi ezean, kotizatzeko betebeharra ez da azkenduko harik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak norberaren konturako langileak jarduera utzi duela jakiten duen hilabete naturaleko azken egunera arte.

d)Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak baja ofizioz gauzatzen badu jakin duelako —Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardueraren ondorioz edo Diruzaintza Nagusian bertan nahiz erakunde kudeatzaile batean dauden datuei edo beste edozein prozedurari esker— langileak jarduera utzi duela, kotizatzeko betebeharra azkenduko da Ikuskatzailetzaren jarduera gauzatu den hilabete naturaleko azken egunean edo Diruzaintza Nagusiak langilearen jarduera- uztea egiaztatzen duten datuak edo agiriak jaso dituen hilabete naturaleko azken egunean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, kotizatzeko betebeharra azkentzearen ondorioetarako, interesdunek froga dezakete, zuzenbidean onartutako edozein frogabide erabilita, beste data batean utzi zitzaiola jarduerari. Hori frogatzeak, ordea, ez die kalterik egingo sortu beharreko ondorioei, bidegabe ordaindutako kuotak berreskuratzearen inguruan edo bidegabe jasotako prestazioak itzultzearen inguruan, salbu eta, preskripzioak aplikatzeagatik ezin denean eskatu kuotak berreskuratzea eta prestazioak itzultzea.

4. Araubide berezi honetan gertakari arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioagatiko kotizazioa arau hauen arabera arautuko da:

1.a Prestazioa nahitaez estali beharrekoa bada, kotizatzeko betebeharra artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera sortu eta azkenduko da, salbu eta Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorraren 47.3.4 eta 47 bis.4.2 artikuluetan jasotako egoeretan; halako kasuetan, kotizatzeko betebeharra sortuko da manu horietan prestazioaren nahitaezko babeserako ezarrita dauden ondorioak sortzen direnean.

2.a Prestazioari heltzea borondatezkoa bada, berriz, lehen aipatutako erregelamendu orokorraren 47.3 eta 47 bis.4 artikuluetan ezarritako baldintzen arabera, kotizatzeko betebeharrak ezaugarri hauek izango ditu:

a)Hobekuntza-eskaera araubide berezi honetan alta emateko eskaerarekin batera aurkeztuz gero, kotizatzeko betebeharra sortuko da altak ondorioak dituen egunetik aurrera.

Lehendik alta emanda dauden langileek aldi baterako ezintasunaren prestazioari beren borondatez heltzeko eskaera eginez gero, kotizatzeko betebeharra sortuko da eskaera-urtearen hurrengoko urtarrilaren 1etik aurrera.

b)Gutxienez urte natural batez eutsiko zaio kotizatzeko betebeharrari, zeina automatikoki luzatuko baita iraupen bereko aldietan.

c)Aldi baterako ezintasunaren ondorioz kotizatzeko betebeharra haren estaldurari uko egitean azkenduko da, esandako artikuluetan aurreikusitako baldintzetan eta ondorioekin betiere, edo, bestela, araubide berezi honetan baja ematean, artikulu honen 3. apartatuan jasotako ondorioekin.

5.Laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen gertakarien ondorioz araubide berezi honetan egindako kotizazioaren arabera zehaztuko da zer egunetan sortuko den kotizatzeko betebeharra gertakari horiek estaltzera behartuta dauden langileen kasuan eta gertakari horiek beren borondatez estaltzen dituzten langileen kasuan; langileok gertakari arruntengatik kotizatzen duten oinarri bera kotizatu beharko dute, indarreko prima-tarifen kotizazio-tasen arabera.

Norberaren Konturako Nekazaritzako Langileen Sistema Berezian sartuta dauden langileek ez badute aukeratu gertakari profesional guztiak babestea, aldi baterako ezintasunaren eta heriotza eta biziraupenaren nahitaezko kotizazioa honela egingo da: hautatutako oinarriari Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarritako kotizazio-tasa aplikatuta.

6.Aldi baterako ezintasunaren eta gertakari profesionalen estaldura izatera behartuta dauden langile autonomoak, edo estaldura horietara beren borondatez bildu direnak, salbuetsita badaude kotizatzeko betebeharretik —65 urte edo gehiago dituztelako eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 311. artikuluan jasotako kotizazio-aldiak betetzen dituztelako—, aldi baterako ezintasunaren eta gertakari profesionalen ondorioz kotizatzeko betebeharra mantendu egingo da, kasuaren arabera, estalduraren ukoak edo araubide berezi honetako bajak ondorioak dituen egunera arte.

7.Aurreko apartatuetan aurreikusi ez den guztirako, araubide berezi honetan kotizatzeko betebeharra, haren xedea, likidazio-aldia eta kuotak likidatzeko modua, lekua eta epea erregelamendu honen 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera arautuko dira.»

Lau. 52. artikuluari 4. apartatua gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«4. Honako honen 43.2 artikuluan kotizazio-oinarriei buruz ezarritakoa eta 43 bis artikuluan kotizazio-oinarriak gerora aldatzeko aukerari buruz esandakoa araubide berezi honen lehenengo kotizazio-taldean sartuta dauden norberaren konturako langileei aplikatuko zaie.»

Bost. 55. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2. Araubide berezi honetan sartutako norberaren konturako langileen kuoten likidazio-aldia, -modua eta -epea, batetik, eta kotizatzeko betebeharraren sorrera, iraupena eta azkentzea, bestetik, 45. artikuluaren 1. apartatutik 3.era arte xedatutakoaren arabera arautuko dira.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Gizarte Segurantzaren Diru Bilketaren Erregelamendu Orokorra —ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartua— aldatzea.

Aldatu egiten da Gizarte Segurantzaren Diru Bilketaren Erregelamendu Orokorra — ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartua—, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. 10. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1. Gizarte Segurantzarekiko zorren objektua kuotak direnean eta erregelamenduzko epean ordaintzen ez direnean, errekargu hauek sortuko dira:

a)Ordainketa egiteko erantzukizuna duten subjektuek Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 29. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako likidazio-betebeharrak epearen barruan bete badituzte:

1.a Zorraren ehuneko 10eko errekargua, zor diren kuotak ordaintzeko epea amaitu ondorengo lehenengo hilabete naturalaren barruan ordainduz gero.

2.a Zorraren ehuneko 20ko errekargua, zor diren kuotak ordaintzeko epea amaitu ondorengo bigarren hilabete naturaletik aurrera ordainduz gero.

b)Ordainketa egiteko erantzukizuna duten subjektuek ez badituzte bete 29. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako likidazio-betebeharrak epearen barruan:

1.a Zorraren ehuneko 20ko errekargua, zor diren kuotak zorraren erreklamazioan edo likidazio-aktan adierazitako ordaintzeko epea amaitu aurretik ordainduz gero.

2.a Zorraren ehuneko 35eko errekargua, zor diren kuotak ordainketa-epe hori amaitu ondoren ordainduz gero.

2.Gizarte Segurantzarekiko zorrek zuzenbide publikoko diru-sarreren izaera dutenean, eta zor horien objektuak kuotez bestelako baliabideak direnean, ehuneko 20ko errekarguaz handituko dira, erregelamenduzko epean ordaintzen ez badira.»

Bi. Zortzigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Zortzigarren xedapen gehigarria. Noiz den nahitaezkoa kuoten ordainketa helbideratzea.

Kotizatzeko betebeharra betetzeko erantzukizuna duten subjektuek, baldin eta Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartuta badaude —norberaren konturako langileen kasuan— edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko Etxeko Langileentzako Sistema Berezian sartuta badaude, kontu-helbideratzearen sistema erabilita ordaindu beharko dituzte kuotak, eta kontu horrek Gizarte Segurantzaren bulego biltzaile gisa jarduteko baimena duen finantza-erakunde batekoa izan beharko du.

Halakoetan, kuoten ordainketa helbideratuta dagoen kontuaren aldaketak jakinarazten den hil berean izango ditu ondorioak, jakinarazpena hilaren 1aren eta 10aren artean eginez gero, eta jakinarazi ondoko hiletik aurrera, jakinarazpena hilaren 11ren eta azken egunaren artean eginez gero.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Norberaren konturako langileen amatasunagatiko eta aitatasunagatiko prestazio ekonomikoen oinarri arautzailea.

Bat. Aldatu egiten da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 318. artikuluko a) letra —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—, eta honela geratzen da idatzita:

«a) Amatasunaren eta aitatasunaren arloan, II. tituluko VI. eta VII. kapituluetan ezarritakoa, hurrenez hurren, 179.1 eta 185. artikuluak izan ezik.

Amatasunagatiko eta aitatasunagatiko prestazio ekonomikoa subsidio bat izango da, oinarri arautzailearen ehuneko 100 egingo duena; oinarri arautzaile horren eguneko zenbatekoa honela kalkulatuko da: egitate eragilearen aurre- aurreko sei hilabeteetan zehar araubide berezi honetan egiaztatutako kotizazio- oinarrien batura zati ehun eta laurogei eginda.

Langilea ez bada altan egon araubide berezian esandako sei hilabeteren aldi osoan, oinarri arautzailea honela kalkulatuko da: egitate eragilearen aurre-aurreko sei hilabeteetan zehar araubide berezi honetan egiaztatutako kotizazio-oinarriak zati langilea aldi horretan eta araubide horretan alta emanda egon den egun-kopurua eginda.

Bere konturako langileak amatasun- eta aitatasun-subsidioak jasotzeko eskubidea duen aldiak bat etorriko dira, iraupenari nahiz banaketari dagokienez, besteren konturako langileen laneko atsedenaldiekin; semea edo alaba jaiotzen denetik aurrera hasi ahalko da aitatasun- edo amatasun-subsidioa ordaintzen. Araubide berezi honetako langileek, halaber, amatasun- eta aitatasun-subsidioak jaso ahalko dituzte lanaldi partzialeko araubidean daudenean, erregelamendu bidez ezarriko diren modu eta baldintzetan.

Aitatasun-prestazioa ukatu, baliogabetu edo eten egin daiteke, amatasun- prestaziorako ezarrita dauden arrazoi berberengatik. Aitatasun-prestazioei 179.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.»

Bi. Itsasoko eta Arrantzako Langileentzako Gizarte Babesa Arautzen duen urriaren 21eko 47/2015 Legearen 24. artikuluaren 1. apartatuari bigarren paragrafo bat gehitzen zaio, idazkuntza honekin:

«Nolanahi ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 318. artikuluko a) letran ezarritako amatasunagatiko prestazio ekonomikoaren oinarri arautzailea zehazteko formula Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldeko norberaren konturako langileei baino ez zaie aplikatuko; bigarren eta hirugarren taldeetan sartuta daudenentzat, berriz, prestazio ekonomiko horren oinarri arautzailea, orain arte bezala, gertakari arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestaziorako ezarrita dagoenaren baliokidea izango da.»

Hiru. Itsasoko eta Arrantzako Langileentzako Gizarte Babesa Arautzen duen urriaren 21eko 47/2015 Legearen 25. artikuluaren 1. apartatuari bigarren paragrafo bat gehitzen zaio, idazkuntza honekin:

«Nolanahi ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 318. artikuluko a) letran ezarritako aitatasunagatiko prestazio ekonomikoaren oinarri arautzailea zehazteko formula Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldeko norberaren konturako langileei baino ez zaie aplikatuko; bigarren eta hirugarren taldeetan sartuta daudenentzat, berriz, prestazio ekonomiko horren oinarri arautzailea, orain arte bezala, gertakari arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestaziorako ezarrita dagoenaren baliokidea izango da.»

Azken xedapenetatik bosgarrena. Noiz den bateragarria norberaren konturako lanak egitea eta erretiro-pentsio kontributiboa jasotzea.

Aldatu egiten da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua—, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Aldatu egiten dira Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 214. artikuluko 2. eta 5. apartatuak —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—, eta honela geratzen dira idatzita:

«2. Lanarekin bateragarria den erretiro-pentsioaren zenbatekoa hasierako onarpenean ateratako zenbatekoaren ehuneko 50 izango da, egoki bada pentsio publikoaren gehieneko muga aplikatu ondoren, edo lanarekiko bateragarritasuna hasten denean jasotzen ari denarena, gutxienekorako osagarria, edozelan ere, kontuan hartu gabe, pentsiodunak egiten duen lanaldia edo jarduera edozein dela ere.

Hala ere, jarduera norberaren kontura egiten bada eta gutxienez besteren konturako langile bat kontratatu dela egiaztatzen bada, lanarekin bateragarria den pentsioaren zenbatekoa ehuneko 100 izango da.

Pentsio osoaren balioa errebalorizatuko da Gizarte Segurantzaren sistemaren pentsioetarako ezarritako moduan. Nolanahi ere, lan bateragarriarekin jarraitzen den bitartean, pentsioaren zenbatekoaren eta metatutako errebalorizazioen batura ehuneko 50 murriztuko da, salbu eta norberaren konturako lanak aurreko paragrafoan jasotako baldintzetan egiten badira.»

«5. Besteren konturako lan-harremana bukatu ondoren, osorik eskuratuko da berriro erretiro-pentsioa. Norberaren konturako jarduera uzten denean ere osorik eskuratuko da berriro erretiro-pentsioa, baldin eta ez badira ematen 2. apartatuaren bigarren paragrafoan jasotako inguruabarrak.»

Bi. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginari azken xedapenetatik seigarrena bis gehitzen zaio —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—, eta honela geratzen da idatzita:

«Azken xedapenetatik seigarrena bis. Erretiro-pentsioaren eta besteren konturako lanaren arteko bateragarritasun-araubidea zabaltzea.

Ondoren, elkarrizketa sozialaren esparruan eta Toledoko Itunaren barruan hartzen diren erabakien eremuan, norberaren kontura egiten diren gainerako jarduerei eta besteren konturako lanari aplikatuko zaie lege honen 214. artikuluaren

2.apartatuaren bigarren paragrafoan araututa dagoen erretiro-pentsio kontributiboaren eta lanak egitearen arteko bateragarritasun-araubidea.»

Azken xedapenetatik seigarrena. Langile autonomoaren seme-alabak, desgaitasuna dutenak, sailkatzea.

Bat. Aldatu egiten da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen hamargarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamargarren xedapen gehigarria. Langile autonomoaren seme-alabak Gizarte Segurantzan sailkatzea.

Langile autonomoek besteren konturako langile moduan kontratatu ahalko dituzte 30 urtetik beherako seme-alabak, nahiz eta haiekin bizi. Kasu horretan, langabeziagatiko estaldura familiarteko kontratatuei emandako babes-jardunaren esparrutik kanpo geratuko da.

Tratamendu bera emango zaie seme-alabei, 30 urtetik gorakoak izan eta laneratzeko zailtasun bereziak dituztenean. Ondorio horietarako, joko da zailtasun berezi horiek existitzen direla langilea honako talde hauetakoren batean sartuta dagoenean:

a)Garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala duten pertsonak, gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-gradua aitortua dutenak.

b)Desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak, ehuneko 33ko edo gehiagoko eta ehuneko 65 baino gutxiagoko desgaitasun-gradua aitortua dutenak, lehenengo aldia bada Gizarte Segurantzaren sisteman alta ematen dutela.

c)Desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak, gutxienez ehuneko 65eko desgaitasun-gradua aitortua dutenak.»

Bi. Aldatu egiten da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 12. artikuluaren 2. apartatua —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina—, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Aurreko apartatuan aurreikusitakoa ezertan eragotzi gabe eta Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen hamargarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera, langile autonomoek besteren konturako langile moduan kontratatu ahalko dituzte 30 urtetik beherako seme-alabak, nahiz eta haiekin bizi. Kasu horretan, langabeziagatiko estaldura familiarteko kontratatuei emandako babes-jardunaren esparrutik kanpo geratuko da.

Tratamendu bera emango zaie seme-alabei, 30 urtetik gorakoak izan eta laneratzeko zailtasun bereziak dituztenean. Ondorio horietarako, joko da zailtasun berezi horiek existitzen direla langilea honako talde hauetakoren batean sartuta dagoenean:

a)Garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala duten pertsonak, gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-gradua aitortua dutenak.

b)Desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak, ehuneko 33ko edo gehiagoko eta ehuneko 65 baino gutxiagoko desgaitasun-gradua aitortua dutenak, lehenengo aldia bada Gizarte Segurantzaren sisteman alta ematen dutela.

c)Desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak, gutxienez ehuneko 65eko desgaitasun-gradua aitortua dutenak.»

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Erakunde Sindikal eta Enpresarialen Estatutuak Gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretua aldatzea.

1.Idazkuntza berria ematen zaio Erakunde Sindikal eta Enpresarialen Estatutuak Gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren lehenengo paragrafoari, eta honela geratzen da idatzita:

«Sindikatu Askatasunaren abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren eta Sindikatuetan Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen arabera, errege-dekretu honen xedea da erakunde sindikalen eta enpresakoen estatutuen gordailua arautzea —erakundeok lan-arloko gaiak izan behar dituzte helburu, besteak beste—, bai eta errege-dekretuaren aplikazio- eremuan dauden gainerako egintzen gordailua arautzea ere, betiere baliabide elektronikoen bidez kudeatuta.»

2.Gobernuak errege-dekretu baten bidez alda dezake aurreko apartatuan xedatutakoa.

Azken xedapenetatik zortzigarrena. Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen hamabigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Aldatu egiten da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen hamabigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamabigarren xedapen gehigarria. Langile autonomoek lan-arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzako eta informazioko programetan parte hartzea.

Dagozkien sektoreetan laneko gaixotasunik sor ez dadin eta ezbehar-tasa murriztu dadin, langile autonomoak ordezkatzen dituzten sektorearteko elkarteek eta ordezkaritza handieneko enpresaburu-elkarte eta sindikatuek kolektibo horri dagozkion prestakuntzako eta informazioko programa iraunkorrak egin ahal izango dituzte, lan-arriskuen prebentzioaren arloan eta lan-istripuen nahiz laneko gaixotasunen ondorioak ordaintzearen arloan eskudunak diren administrazio publikoek sustatuta.

Proportzionaltasun-irizpideak errespetatuz eta Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionala ordezkatzen duten taldeen parte-hartzea bermatuz, langile autonomoen sektorearteko elkarte nazional zein autonomikoek parte har dezakete, hitzarekin baina botorik gabe, batzorde horren barruan sortutako taldeetan, langile autonomoen lan-baldintzak aztertzen direnean, lan-baldintzen hobekuntzarekin zerikusia duen kudeaketaren plangintza, programazioa, antolakuntza eta kontrola hizpide direnean eta langile autonomoen segurtasunaren eta osasunaren babesa lantzen denean.»

Azken xedapenetatik bederatzigarrena. Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina —abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartua— aldatzea.

Aldatu egiten da Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina —abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartua—, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Idazkuntza berria ematen zaio 22. artikuluaren 7. apartatuari, eta honela geratzen da idatzita:

«7. Norberaren konturako langileek:

a)Ez eskatzea Gizarte Segurantzako dagokien araubide bereziko afiliazioa eta urte natural bakoitzeko hiru alta gehienez; edo eskaerak epez kanpo egitea, Ikuskatzailetzaren jardueraren ondorioz.

b)Ez eskatzea Gizarte Segurantzako dagokien araubide bereziko afiliazioa eta urte natural bakoitzeko hiru alta gehienez; edo eskaerak epez kanpo egitea, Ikuskatzailetzaren jarduerarik tartean izan gabe.

c)Ez eskatzea urte natural bakoitzaren barruan egiten diren gainerako altak, halakorik badago, edo eskaerak epez kanpo egitea, ez-egiteak berekin dakarrenean dagokion kotizazioa ez ordaintzea.»

Bi. Idazkuntza berria ematen zaie 40. artikuluaren 1. apartatuaren e) letrako lehenengo paragrafoari eta 1. puntuari, eta honela geratzen dira idatzita:

«e) 22.2, 22.7 a) eta 23.1 a) artikuluetan adierazitako arau-hausteak honela zehatuko dira:

1.Isun hauen bidez zehatuko dira 22.2 eta 22.7 a) artikuluetan adierazitako arau-hauste astunak: gutxieneko graduan, 3.126 eurotik 6.250 eurora bitarteko

isuna; gradu ertainean, 6.251 eurotik 8.000 eurora bitarteko isuna, eta gehieneko graduan, 8.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isuna.»

Azken xedapenetatik hamargarrena. Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legea aldatzea.

Bat. Aldatu egiten da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 35. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«35. artikulua. Langile autonomoen senide kolaboratzaileen altengatiko hobariak.

Langile autonomoen ezkontideek, izatezko bikotekideek eta senideek — odolkidetasuneko eta ahaidetasuneko bigarren mailaraino, hura barne, edota, hala badagokio, adopzioz—, Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian sartzen direnean, betiere, aurre-aurreko bost urteetan araubidean altan egon ez badira eta langile autonomo haiekin lankidetzan aritzen badira dagokion jardueran lanak eginez, Itsasoko Langileen Araubide Bereziko norberaren konturako langileenak barne, hobaria jasotzeko eskubidea izango dute lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, altaren ondorio- dataren ondorengo 24 hilabeteetan. Hauxe izango da hobari horren zenbatekoa: gutxieneko oinarriari norberaren konturako lanaren araubide berezian edo sistema berezian une bakoitzean indarrean den kotizazioari dagokion tasa aplikatuta ateratzen den kuotaren % 50en baliokidea lehendabiziko 18 hilabeteetan eta % 25en baliokidea ondorengo sei hilabeteetan.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, izatezko bikotetzat hartuko da ezkontzakoaren antzeko afektu-harremanean eratutakoa, hura eratzen dutenek, ezkondu ezinik ez dutelarik, ez badute beste inorekin ezkontza-loturarik eta errolda- agiri egokiaren bidez frogatzen badute bizikidetza egonkor eta agerikoa izan dutela bost urteko epe batean, gutxienez, etenik gabe. Izatezko bikotea osatu izana egiaztatzeko, bikoteak bizilekua duen tokiko autonomia-erkidegoan edo udalean hartarako berariaz den erregistroren batean inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, edota bikotea eratu izana jasotzen duen dokumentu publiko bat.»

Bi. Indargabeturik geratzen da Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarria.

Azken xedapenetatik hamaikagarrena. Erregelamendu-maila.

Azken xedapenetatik lehenean, bigarrenean eta hirugarrenean ezarrita dagoenak errege-dekretuaren maila izango du, eta maila bereko arau baten bidez aldatu ahal izango da.

Azken xedapenetatik hamabigarrena. Arauak emateko gaikuntza.

1.Gobernuari gaikuntza ematen zaio lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.

2.Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak Gizarte Segurantzaren arloan datuak bitarteko elektronikoekin igortzeko sistemaren aplikazio-eremua zabalduko du — oro har, norberaren konturako langileak eta langile autonomoak barnean hartzeko—, eta sistema horren arauketan beste eguneratze batzuk egingo ditu, martxoaren 26ko ESS/484/2013 Agindua —sistema hori arautzen duena— erreformatuz.

Azken xedapenetatik hamahirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, salbuespen hauekin:

a)1., 3., 4. eta 11. artikuluak eta azken xedapenetatik lehena, bigarrena, hirugarrena eta bederatzigarrena 2018ko urtarrilaren 1ean jarriko dira indarrean.

b)Azken xedapenetatik laugarrena azken xedapenetatik bigarrena indarrean jarri ondorengo bigarren hilabete naturaleko lehenengo egunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2017ko urriaren 24an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra