6 10/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaz berreskuratzeko baimen ordaindu bat arautzen baita besteren kontura diharduten eta funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten langileentzat, COVID-19aren kontrako borrokan biztanleriaren mugikortasuna murrizteko asmoz
2020-03-29Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 03/29/2020, 87. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
4166 10/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaz berreskuratzeko
baimen ordaindu bat arautzen baita besteren kontura diharduten eta funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten langileentzat, COVID-19aren kontrako borrokan biztanleriaren mugikortasuna murrizteko asmoz.
463/2020 Errege Dekretuaren bidez (martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), hainbat neurri ezarri ziren gure herrialdean pertsonen mugikortasuna eta gizarte-jarduerak eta jarduera ekonomikoak murrizteko. Neurri horiei guztiei esker, COVID-19 birusaren hedapena gelditzea lortu da.
Harrezkero, Gobernuak hainbat arau-tresna erabili ditu ezarritako helburuak lortzeko beharrezkotzat jo diren neurriak aplikatzeko; hona helburuak: pertsonak birusaren kutsaduratik babestea, egoera txarrenean dauden pertsonei arreta ematea, funtsezko osasun-zerbitzuak eta gizarte-zerbitzuak bermatzea eta ekonomiaren eta ekoizpenaren aldetik gaixotasunaren eragina jasaten duten enpresei eta langileei laguntzea. Horren guztiaren xedea da pertsonek eta enpresek atzera ere ohi bezala jardun ahal izatea gaur egun gure herrialdeko ekoizle, arreta-arloko jardule eta zerbitzu gehienak erabat gelditu dituzten ezohiko inguruabarrak desagertzen direnean.
Neurri horiek guztiak lagungarriak izan dira COVID-19 birusaren hedapena gelditzeko; batez ere, pertsonen mugimenduak mugatzeko neurriak. Telelanari, enpresa-malgutasunerako neurriei eta azken asteetan ekonomiaren eta gizartearen arloetan hartu diren gainerako neurriei esker, birusak enpresetan eta lanpostuetan daukan eragin negatiboa murriztea lortu da.
Hala ere, nahiz eta elkarrengandik urruntzeko neurriak lagungarriak izan epidemia kontrolatzeko, geroz eta gehiago dira COVID-19 birusaz kutsatu diren eta gaixotasuna garatuta zainketa intentsiboko unitateetan artatu behar diren pertsonak (arretak, gainera, batzuetan nahiko luze jotzen du, eta horrek pazienteak pilatzea dakar), eta, ondorioz, Osasun Sistema Nazionalak geroz eta presio handiagoa jasaten du, batez ere laguntza-zerbitzuek.
Horregatik, epidemiologiaren esparruko adituek emandako gomendioei jaramon eginez, ezinbestekoa da neurri gehiago ezartzea birusaren hedapenaren kontrola zorrozteko eta zainketa intentsiboko unitateetan paziente gehiegi ez pilatzeko, unitateok gainez egin ez dezaten.
Gaur egun, Espainian joan-etorri gehienak lan-jarduerek eta jarduera profesionalek eragiten dituzte. Horregatik, argi dago lan-arloko neurri bat ezarri behar dela aipatutako mugimendu-murrizketa bideratzeko; neurri horren helburua honako hau izango da: pertsonen mugimenduak behar den beste murriztea lortu nahi diren helburuak erdiesteko.
Beraz, arau honetako erregulazioaren lehentasuna pertsonen mugimenduak ahalik gehiena mugatzea da. Baimena nahitaez erabili beharretik salbuesten diren langileen jarduera-sektoreen justifikazioa beharrezkotasun hutsa da.
Errege lege-dekretu honetan, berreskuratzeko baimen ordaindua arautzen da besteren konturako lan-kontratudun jakin batzuentzat; eranskinean funtsezkotzat jotzen ez diren jardueretako batean diharduten sektore publiko zein pribatuko besteren konturako lan-kontratudunentzat, hain zuzen ere. Baimena nahitaez hartu beharko da, martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean (biak barne).
Errege lege-dekretu hau ez zaie aplikatuko adierazitako aldi horretan kontratua etenda daukaten langileei, eta etxetik lanean jarraitu ahal dutenei ere ez.
Eskuordetutako agintaritza eskudunek, bakoitzak bere eskumeneko esparruan, aldatu edo zehaztu ahal izango dituzte artikulu honetan arautzen den baimen ordaindua eta beraren ondorioak aplikatuko diren jarduerak, aginduen bidez.
Xedapen iragankorretan salbuespen puntual eta mugatuak ezartzen dira (i) errege lege-dekretu honetan ezartzen den baimenak kalte konponezina edo oso handia egin diezaiekeen jardueretarako eta (ii) errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean zerbitzua egiten ari diren garraio-jardueretako langileentzat.
Beste alde batetik, xedapen gehigarrietan arau bereziak ezartzen dira enplegatu publikoentzat eta legeria berezia duten langileentzat, Justizia Administrazioaren funtsezko zerbitzuetan ari direnentzat eta beste langile batzuentzat.
Konstituzioaren 86. artikuluaren arabera, Gobernuak errege lege-dekretuak eman ditzake, «premia apartekoa eta presazkoa egonez gero», baldin eta xedapenok ez badute eraginik ez Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrean.
Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, tresna zilegia da, baina, horretarako, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatu bezala (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria; 68/2007 epaia, 10. oinarria, eta 137/2011 epaia, 7. oinarria), presazko legegintza justifikatzen duen xedea egoera jakin batean laguntzea izan behar da, Gobernuaren helburuen barruan laguntzea betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duen egoera batean -esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, eta errege lege-dekretua are tresna zilegiagoa da prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.
Orobat, errege lege-dekretu honetan arautzen diren neurriak onartzeko aparteko eta presako beharrizana judizio politikoaren edo egokitasun-judizioaren mendean dago, eta horiek Gobernuari dagozkio (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 142/2014, irailaren 11koa, 3. oinarri juridikoa), eta, erabakimen horrek, ezbairik gabe, jarduteko lehentasun politikoak antolatzea dakar berekin (Konstituzio Auzitegiaren 2019ko urtarrilaren 30eko epaia, eta 2208-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa); lehentasunak dira, hain zuzen ere, COVID-19 birusak ekarri duen krisiaren ondoriozko kalte ekonomikoak arintzeko, lanpostuak babesteko eta jarduera ekonomikoa mantentzeko lan-arloko neurriak. Azaldu berri diren egokitasun-arrazoiek frogatzen dutenez, errege lege-dekretu hau onartzeak ez du esan nahi, inolaz ere, aipatutako konstituzio-tresna abusuz edo modu arbitrarioan erabili denik (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 61/2018, ekainaren 7koa, 4. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa; 237/2012, abenduaren 13koa, 4. oinarri juridikoa; 39/2013, otsailaren 14koa, 5. oinarri juridikoa).
Laburbilduta, errege lege-dekretu honetan ezartzen diren neurrietan aparteko eta presako beharrizanaren inguruabarrak gertatzen dira, Konstituzioaren 86. artikuluak arautzen duen bezala. Gainera, lortu nahi diren helburuak ezin dira lortu lege bat presako prozeduraren bidez izapidetuta.
Halaber, errege lege-dekretu honek ez du eraginik edukiko Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, ez Espainiako Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubideetan, eginbeharretan eta askatasunetan, ez eta autonomia-erkidegoen araubidean eta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.
Errege lege-dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eskatzen dituen printzipioekin: beharrezkotasuna, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Horren ildotik, dekretuak beharrezkotasunaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu; izan ere, ezartzen diren neurrien oinarrian herritar guztien interesa dago, eta errege lege-dekretua da hori lortzeko tresnarik egokiena. Horrenbestez, errege lege-dekretu honen bidez erantzuna ematen zaio COVID-19 birusak sortu duen osasun-alertaren ondoriozko ezohiko larrialdiak jarduera ekonomikoan eta enplegua atxikitzeko eta babesteko zereginean kontrolik gabeko ondorio konponezinak edukitzeko arriskua ahalik eta gehien jaisteko beharrari; horrela, babesgabetasuna saihestuko da eta jarduera ekonomikoa berrabiatzea eta suspertzea bermatuko da.
Gainera, proportzionala ere bada: bere helburua lortzeko behar-beharrezkoak diren alderdiak baino ez ditu arautzen eta aurrez azaldutako aparteko eta presako beharrizana dagoen artean baino ez ditu sortuko ondorioak. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin.
Eta gardentasunaren printzipioa ere betetzen du; izan ere, argi eta garbi zehazten du zein den bere asmoa, eta azalpena ematen du. Beste alde batetik, ez dira egin herritarrek parte hartzeko izapideak, Gobernuaren 50/1997 Legeak 26. artikuluan ezartzen dituenak, artikulu horren 11. apartatuan errege lege-dekretuetarako ezartzen duen salbuespenari helduta. Azkenik, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez die administrazio-karga gehigarririk ezartzen aurretik zeudenei.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroaren proposamenari jarraikiz eta Ministro Kontseiluak 2020ko martxoaren 29ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau
1. artikulua. Aplikazio-eremu subjektiboa.
1 . Errege lege-dekretu hau sektore publiko zein pribatuko enpresetan eta erakundeetan lanean ari diren besteren konturako langile batzuei aplikatuko zaie; martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratzen duen alarma-egoeraren ondorioz jarduera eten ez zaienei, hain zuzen ere.
2. Hala ere, honako hauei ez zaie aplikatuko:
a) Errege lege-dekretu honen eranskinean funtsezkotzat jotzen diren sektoreetan lanean ari direnei.
b) Errege lege-dekretu honen eranskinean funtsezkotzat jotzen diren sektoreetako jarduera-ataletan edo ekoizpen-lerroetan lanean ari direnei.
c) Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea eskatu duten edo aplikatzen ari diren enpresek kontratatutako langileei (i) eta errege lege-dekretu honetan arautzen den baimena indarrean dagoen artean aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea onartzen zaien enpresek kontratatutako langileei (ii).
d) Aldi baterako ezintasunagatik bajan dauden langileei eta kontratua legezko beste arrazoi batzuengatik etenda daukaten langileei.
e) Telelanaren bidez edo bertaratu gabeko beste modalitate batean etxetik ohi bezala jardun dezaketen langileei.
2. artikulua. Baimen ordaindua.
1. Errege lege-dekretu honen aplikazio-esparruan dauden langileek berreskuratzeko baimen ordaindua hartu beharko dute nahitaez, 2020ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte (biak barne).
2. Baimen hori hartzen duten langileek ohi bezala lan eginez gero jaso beharko zituzten ordainsariak jaso ahal izango dituzte; ordainsarietan oinarrizko soldata eta osagarriak sartuko dira.
3. artikulua. Baimen ordainduan lan egin gabeko orduak berreskuratzea.
1. Lanorduak alarma-egoera amaitzen den egunaren biharamunetik 2020ko abenduaren 31ra arte berreskuratu ahal izango dira.
2. Lanorduak nola berreskuratu negoziatu egin beharko da; horretarako, enpresak eta langileen legezko ordezkariek gehienez ere zazpi egun edukiko dituzte kontsultak egiteko.
Langileen legezko ordezkaritzarik ez badago, kontsultaldiko negoziazioetan ariko den langileen ordezkaritza-batzordean, enpresaren sektoreko ordezkaritza handieneko sindikatuak izango dira, aplikatzen den hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordean parte hartzeko legitimazioa dutenak. Baldintza horiek betetzen dituen sindikatu bakoitzak ordezkari bat edukiko du batzordean. Erabakiak ordezkari-gehiengoen bidez hartuko dira. Ordezkaritza hori eratzen ez bada, batzordean enpresako hiru langile ariko dira, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak (Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak) 41.4 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz hautatuak.
Kasu batean zein bestean, ordezkaritza-batzordea nahitaez eratu behar da bost egun igaro baino lehen.
Kontsultaldian fede onez negoziatu behar dute alderdiek, akordio bat lortzeko asmoarekin. Akordioa lortzeko, langileen legezko ordezkari gehienen adostasuna beharko da, edo, bestela, langileen ordezkaritza-batzordeko kide gehienena. Batera zein bestera, ezinbestekoa da aparteko baimenak eragin dien langile gehienak ordezkatzea akordioa onartzen duten ordezkariek.
Alderdiek noiznahi adostu ahal izango dute Langileen Estatutuaren 83. artikuluan aipatzen diren estatu- zein autonomia-eremuko lanbide arteko akordioetan ezartzen diren arbitraje edo bitartekaritzako prozedurak erabiltzea kontsultaldiaren ordez.
Egiten den akordioan, artikulu honetan arautzen den baimeneko lanordu guztiak edo batzuk berreskuratzea arautu ahal izango da, eta, horrez gainera, gutxienez zenbat denbora arinago abisatu behar zaien langileei zer egunetan eta zer ordutan egin behar duten lan, eta lan egin gabeko orduak berreskuratzeko erreferentziatzat hartuko den aldia ere bai.
Kontsultaldian akordiorik lortzen ez bada, hura amaitu ondoko zazpi egunetan enpresak langileei eta ordezkaritza-batzordeari jakinaraziko die zer erabaki duen baimenaren aplikazioan lan egin gabeko orduak berreskuratzeari buruz.
3. Nolanahi ere, lan horiek berreskuratzeak ezin du eragin legean eta hitzarmen kolektiboan ezarritako eguneko eta asteko gutxieneko atsedenaldiak ez betetzea, abisua egiteko epealdia Langileen Estatutuak 34.2 artikuluan ezartzen duena baino laburragoa izatea, ez eta aplikatzen den hitzarmen kolektiboan ezartzen den urteko gehieneko lanaldia gainditzea ere. Gainera, legerian eta hitzarmenetan ezartzen diren bizitza pertsonala, lana eta familia-bizitza uztartzeko eskubideak errespetatu behar dira.
4. artikulua. Ezinbesteko gutxieneko jarduera.
Artikulu honetan arautzen den berreskuratzeko baimen ordaindua aplikatu behar duten enpresek ezarri ahal izango dute plantillako zenbat langile diren beharrezkoak gutxienez ezinbesteko jarduera mantentzeko, beharrezkoa izanez gero. Ezinbesteko jarduera eta hori mantentzeko gutxieneko langileen kopurua ezartzeko erreferentziak ohiko asteburu edo jaiegun batekoak izango dira.
5. artikulua. Jarduerak egokitzea.
Agintari eskudun eskuordetua den aldetik, Osasuneko ministroak artikulu honetan arautzen den baimen ordaindua eta beraren ondorioak aplikatuko diren jarduerak aldatu edo zehaztu ahal izango ditu aginduen bidez.
Lehen xedapen iragankorra. Enpresa-jarduerari berriz ekiteko bermeak.
Enpresaren jarduera berehala eten ezin bada, errege lege-dekretu honen eremu subjektiboan dauden langileek zerbitzuan jardun ahal izango dute 2020ko martxoaren 30ean (astelehena), baina xede bakar batekin: ezinbesteko lanak baino ez egitea berreskuratzeko baimen ordaindua aplikatu ahal izateko enpresaren jarduerari kalte konponezina edo oso handia egin gabe.
Bigarren xedapen iragankorra. Garraio-zerbitzuen jarraitutasuna.
Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean bertan arautzen ez den zerbitzua egiten ari diren garraioaren arloko langileek aribideko zerbitzu hori amaitu ondoren hartuko dute berreskuratzeko baimen ordaindua. Behar den kasuetan, zerbitzuaren barruan sartuko da itzulera-bidaia.
Lehen xedapen gehigarria. Enplegatu publikoak.
Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak eta autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako organo eskudunek behar diren jarraibideak eta ebazpenak eman ditzakete Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-esparruko enplegatu publikoen zerbitzuak arautzeko, funtsezkotzat jotzen diren zerbitzu publikoen funtzionamendua mantentzearren.
Bigarren xedapen gehigarria. Berariazko legeria propioa duten langileak.
1. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 4. artikuluan aipatzen diren langileez denaz bezainbatean, haien araubide juridikoa zehazteko behar diren jarraibideak eta ebazpenak emango dira, bai haien zerbitzuak funtsezkoak izateari dagokionez, bai zerbitzu horien antolamendu zehatzari buruz.
2. Lehen apartatuan aipatzen diren jarraibideak eta ebazpenak honako hauek emango dituzte, bakoitzak bere eskumeneko esparruan: Gorte Nagusien agintaritza eskudunek, Estatuko gainerako organo konstituzionalen agintaritza eskudunek, Defentsa Ministerioak, Barne Ministerioak, Justizia Ministerioak, Inteligentzia Zentro Nazionalak, Espainiako Bankuak eta Gordailuak Bermatzeko Funtsak.
Hirugarren xedapen gehigarria. Justizia Administrazioko funtsezko zerbitzuak.
Epaileek, fiskalek, Justizia Administrazioaren letraduek eta horren zerbitzuan ari diren gainerako langileek aurrera jarraituko dute COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak eten ez dituen jardun prozesalekin; horrela, Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta arlo horretako eskumena daukaten autonomia-erkidegoek finkatutako funtsezko zerbitzuak beteko dituzte (zerbitzuok Justiziako Estatu Idazkaritzaren 2020ko martxoaren 14ko Ebazpenean zehazten dira), errege lege-dekretu honetan xedatzen denaren arabera beharrezkoak diren egokitzapenak eginez. Gainera, Erregistro Zibilaren funtsezko zerbitzuak emateko beharrezkoak diren Justizia Administrazioaren langileek lanean jarraituko dute, Justizia Ministerioaren jarraibideekin bat etorriz.
Laugarren xedapen gehigarria. Jardunean jarraitzea.
Eranskinean ageri ez diren jardueretan lanean jarraitu ahal izango da, baldin eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 120. artikuluan arautzen duen prozeduraren bidez kontratatu badira.
Bosgarren xedapen gehigarria. Sektore publikoko kontraturen bat adjudikatua duten enpresen langileak.
Errege lege-dekretu honetan arautzen den berreskuratzeko baimen ordaindua ez zaie aplikatuko eraikinak mantentzeko eta haien segurtasuna bermatzeko eta zerbitzu publikoak behar den bezala emateko behar diren obra-, zerbitzu- eta hornidura-kontratuen adjudikazioak dauzkaten enpresen langileei (ez eta bertaratu gabe lan egiten dutenei ere). Nolanahi ere, horrek ez du ezertan eragozten 8/2020 Errege Lege Dekretuak 34. artikuluan ezartzen duena (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena).
Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Madrilen, 2020ko martxoaren 29an.
FELIPE e.
Errege lege-dekretu honetan arautzen den berreskuratzeko baimen ordaindua ez zaie aplikatuko besteren konturako langile hauei:
1. 463/2020 Errege Dekretuak 10.1, 10.4, 14.4, 16., 17. eta 18. artikuluetan ezartzen duenaren arabera eta agintaritza eskudunak eta eskuordetutako agintaritza eskudunek onartzen dituzten araudien arabera aurrera jarraitu behar duten jarduerak egiten dituztenei (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena).
2. Merkatuko hornidura-kateko jardueretan dihardutenei eta premiazko ondasunak eta zerbitzuak (janariak, edariak, animalientzako elikagaiak, higiene-produktuak, botikak, osasun-produktuak eta osasuna babesteko denetariko produktuak) sortzen eta ematen diren zentroetan horiek guztiak sorburutik azken xederaino banatzeko lanetan ari direnei.
3. Janaria etxera eramaten duten ostalaritza-zerbitzuetan eta jatetxe-zerbitzuetan ari diren langileei.
4. Osasunaren arloko ondasunak, zerbitzuak, teknologia, materialak, babes-ekipoak, osasun-ekipoak eta ospitale-ekipoak ekoizteko eta banatzeko kateetan eta osasun-zerbitzuak emateko behar diren denetariko materialak ekoizteko eta banatzeko kateetan lan egiten dutenei.
5. Eranskin honetan zehazten diren funtsezko jarduerak behar bezala egiteko behar diren hornigaiak, ekipoak eta materialak sortzen dituen manufaktura-industriaren ekoizpen-jarduerak mantentzeko ezinbestekoak diren langileei.
6. Alarma-egoera deklaratu zenetik pertsonak zein salgaiak garraiatzen dituzten langileei, eta garraio horietarako behar diren baliabideak mantentzeko lanak egiten dituztenei, alarma-egoera deklaratu zenetik agintaritza eskudunak eta eskuordetutako agintaritza eskudunek onartutako araudiaren itzalpean.
7. Espetxeetan, babes zibilean, itsas salbamenduan, salbamenduan eta suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetan, meatzeetako segurtasunean eta trafiko eta bide-segurtasunean lan egiten dutenei. Gainera, segurtasun-garraioa, alarmen erantzuna, erronda-zaintza edo etenkako zaintza eskaintzen duten segurtasun pribatuko enpresetan ari direnei ere ez zaie aplikatuko, eta funtsezko zerbitzuak eta herritarren hornidura bermatzeko segurtasun-zerbitzuetan lan egin behar dutenei ere ez.
8. Indar armatuen materialak eta ekipoak mantentzeko ezinbesteko lanak egiten dituztenei.
9. Osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduetan ari direnei, ez eta (i) adinekoen, adingabeen edo mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen arretan lan egiten dutenei eta COVID-19 birusarekin lotura duten enpresa, I+G+b arloko zentro eta zentro bioteknologikoetan ari direnei, (ii) horiei atxikitako animaliategietan ari direnei, (iii) horiekin lotutako instalazioetako gutxieneko zerbitzuak mantentzeko lanak egiten dituztenei eta ikerketa horietarako behar diren produktuez hornitzen duten enpresetan lan egiten dutenei eta (iv) hileta-zerbitzuetan eta horiekin lotutako beste jarduera batzuetan ari direnei ere.
10. Animalien osasun-arretako zentroetan, zerbitzuetan eta establezimenduetan ari diren langileei.
11. Prentsa-saltokietan lan egiten dutenei eta komunikabide edo albiste-agentzia pribatu zein publikoetan lan egiten dutenei, bai eta horiek inprimatzen edo banatzen dihardutenei ere.
12. Finantza-zerbitzuak (banku-zerbitzuak, aseguru-zerbitzuak eta inbertsio-zerbitzuak barne) egiten dituzten enpresetako langileetako batzuei; ezinbestekoak diren zerbitzuak egiteko eta ordainketa-azpiegituretako eta finantza-merkatuetako berezko jarduerak egiten dituztenei, hain zuzen ere.
13. Funtsezko telekomunikazio-enpresetan, ikus-entzunezkoen enpresetan edo informatika-zerbitzuetako enpresetan ari diren langileei; horien euskarri diren sareetan eta instalazioetan ari direnei; eta sare eta instalazio horiek egoki funtzionatzeko behar diren sektoreetan edo azpisektoreetan ari direnei; batez ere, zerbitzu publikoak ondo emateko eta enplegatu publikoek bertaratu gabe lan egin ahal izateko ezinbestekoak direnetan diharduten guztiei.
14. Genero-indarkeriaren biktimen babesarekin eta arretarekin lotutako zerbitzuak ematen dituztenei.
15. COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak eten ez dituen jardun prozesaletan aritzen diren abokatuei, prokuradoreei, lan-harremanetako gradudunei, itzultzaileei, interpreteei eta psikologoei; Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta arlo horretako eskumena daukaten autonomia-erkidegoek adostutako eta finkatutako eta Justiziako Estatu Idazkaritzaren 2020ko martxoaren 14ko Ebazpenean zehaztutako funtsezko zerbitzuak eta beharrezkoak diren eta adosten diren egokitzapenak betetzen dituztenei.
16. Legelari-bulegoetan eta lege-aholkularitzako bulegoetan, gestoria administratiboetan eta lan-harremanetako gradudunen gestorietan eta laneko arriskuen prebentzioko kanpoko zein norberaren zerbitzuetan presako gaietan lan egiten dutenei.
17. Segurtasun Juridiko eta Fede Publikoko Zuzendaritza Nagusiak finkatutako funtsezko zerbitzuak betetzeko notario-bulegoetan eta erregistroetan lan egiten dutenei.
18. Garbiketako zerbitzuetan, mantentze-lanetan, matxurak presaka konpontzen eta zaintzan ari diren langileei, hondakin arriskutsuak eta hiriko hondakin solido arriskutsuak zein arriskurik gabeak biltzen, kudeatzen eta tratatzen lan egiten dutenei, hondakin-urak biltzen eta tratatzen lan egiten dutenei, hondakinen deskontaminazioan eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuetan ari direnei, azpiproduktuak garraiatzen eta kentzen lan egiten dutenei eta sektore publikoko erakundeetan Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluari jarraituz lan egiten dutenei.
19. Errefuxiatuentzako harrera-zentroetan eta immigranteentzako aldi baterako egonaldi-zentroetan lan egiten dutenei eta Migrazioen Estatu Idazkaritzak emandako dirulaguntzekin nazioarteko babesaren eta arreta humanitarioaren arloan ari diren kudeaketa pribatuko erakunde publikoetan lan egiten dutenei.
20. Urez hornitzeko eta ura arazteko, bideratzeko, edangarri bihurtzeko eta saneatzeko zerbitzuetan lan egiten dutenei.
21. Eguraldia iragartzeko eta behatzeko zerbitzu meteorologikoak emateko eta horiekin lotutako prozesu operatiboak mantentzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko ezinbestekoak diren langileei.
22. Estatuak posta-zerbitzu unibertsala emateko izendatzen duen operadoreko langileei, hau da, zerbitzu hori bermatzeko posta biltzen, hartzen, garraiatzen, sailkatzen, banatzen eta etxera eramaten lan egiten dutenei.
23. Osasun-materiala inportatzen eta horretaz hornitzen parte hartzen duten sektoreetan edo azpisektoreetan lan egiten dutenei, hau da, logistikako enpresetan, garraio-enpresetan, biltegiratze-enpresetan eta aduana igarotzeko enpresetan (garraio-bitartekarietan) lanean ari direnei, eta, oro har, osasun-lerroetan ari diren guztiei.
24. Internetez, telefonoz edo postaz erosten diren produktuak banatzen eta etxera eramaten dituzten langileei.
25. Ezinbestekotzat jotzen den zerbitzuren bat egiten duten gainerako guztiei.