Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

47/2015 Legea, urriaren 21ekoa, Itsasoko eta Arrantzako Sektoreko Langileen Gizarte-babesa arautzen duena

2015-10-21

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/22, 253. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11346 47/2015 Legea, urriaren 21ekoa, Itsasoko eta Arrantzako Sektoreko Langileen Gizarte-babesa arautzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Itsasoko eta arrantzako lanak hainbat ezaugarri ditu, beste lanbide-kolektibo batzuetan babes-mekanismoen aplikazioa definitzen eta errazten duten ohar bereizgarrietatik zeharo apartatzen direnak: jarduera gauzatzeko erabili behar den espazio fisikoa, ontzi barruko bizi-baldintzen gogortasuna, tripulazioen bakartasun-egoera luzeak, etxetik urrun lan egin beharra, eritasun- eta ezbehar-tasa altuak, eta abar. Ahaztu gabe lana urtaro jakin batzuetan izaten dela, eta ordainsaria, batzuetan, arrantzatuaren araberakoa izaten dela.

Aurreko horretan oinarrituta, legegileak aintzat hartu izan du itsasoko eta arrantzako jardueraren izaera berezia, eta kalifikazio hori eman izan dio, Gizarte Segurantzaren onurak egokitasunez aplikatzeko helburuarekin. Hala, Gizarte Segurantzaren Oinarriei buruzko abenduaren 28ko 193/1963 Legeak, hirugarren oinarriko 11 zenbakian, berariaz arautu beharreko araubide berezi gisa aurreikusi zuen itsasoko langileei zegokiena.

Geroztik, aipatutako Gizarte Segurantzaren Oinarriei buruzko Legearen lehen testu artikulatuak –apirilaren 21eko 907/1966 Dekretuak onartu zuen–, 10.2 artikuluan, Gizarte Segurantzako Araubide Berezien artean aurreikusi zuen Itsasoko Langileena. Laugarren zenbakian ezartzen du horretarako ematen diren berariazko legeen arabera eraenduko dela eta erregulazioa egitean Araubide Orokorrarekiko homogeneotasuna bilatzea izango dela joera.

Agindu hori betez, abenduaren 30eko 116/1969 Legearen bitartez erregulatu zen Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia. Gerora, abuztuaren 30eko 2864/1974 Dekretuaren bidez, abenduaren 30eko 116/1969 eta ekainaren 21eko 24/1972 legeen testu bategina onartu zen, zeinak Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia arautzen baitu, funtsezko helburu batekin: itsasoko langileentzat beste sektore batzuetako langileek dutenaren antzeko edo kideko gizarte-babes maila lortzea.

Itsasoko lanari buruz aipatu diren inguruabarrek, beste batzuekin batera –itsasoko lanaren lurraldez kanpokotasuna, kolektiboaren sakabanaketa, kanpainen urtarokotasuna, jarduera garatzen den ingurunearen izaera gogorra eta aurreikusterik ez dagoena, eta abar–, lan-esparru bat eratzen dute non, Gizarte Segurantzaren prestazioekin batera, beharrezkoa gertatzen den berariazko programak definitzea eta abian jartzea itsasoko eta arrantzako sektorearentzat, haren izaera espezifikoak eta integralak ezaugarritzen duen babes-eredu baten esparruan.

Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babes integral hori organismo bakar batek gauzatzen du, Itsasoko Gizarte Institutuak, zeinak aipatutako langile horientzako bi eginkizun eramaten baititu aurrera: bera da itsasoko eta arrantzako sektorearen gizarte-babesaz eta -problematikaz arduratzen den organismoa, eta, era berean, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia kudeatzen duen erakundea da.

Horrela, Itsasoko Gizarte Institutua berrantolatzen duen 1941eko urriaren 18ko Legearen lehen artikuluak xedatzen du organismo horren funtsezko helburua itsasoko langileak ahalik eta agudoen artatzea dela eta, horrekin batera, haien hobekuntza morala, profesionala, ekonomikoa eta soziala mesedetzea.

Abenduaren 30eko 116/1969 eta ekainaren 21eko 24/1972 legeen testu bateginak berak, 44. artikuluan, itsasoko langileentzako zenbait gizarte-zerbitzu erregulatzen ditu, guztiak ere gorago aipatutako gizarte-babes integral horretan txertatuko liratekeenak –esate baterako, enplegua eta heziketa-ekintzak, aldizkako osasun-azterketak, ostatu- zerbitzuak, eta abar–, Gizarte Segurantzaren kontzeptu zabalago baten barruan sartuta zeudela irizten baitzitzaien momentu hartan.

Bestalde, Itsasoko Gizarte Institutuak hartu izan ditu bere gain, itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesaz arduratzen den organismoa den heinean, langile horien hobekuntza profesionalera eta ekonomiko-sozialera zuzendutako zenbait eskumen eta eginkizun, eta horrela geratu dira ezarrita, Espainiak Lanaren Nazioarteko Erakundearen Hitzarmen jakin batzuk berretsi dituelako alde batetik eta itsas sektoreari dagokion arautegi espezifikoa aplikatu izan delako bestetik.

Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babes espezifikoago honek, zeinak Gizarte Segurantza bera gainditzen duen eta, beren jarduera esandako sektorean garatzen duten langileak ez ezik, sektore horretara sartu nahi dutenak ere barnean hartzen dituen, inoiz ez du eduki esparru juridiko uniforme bat, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren erregulazioak ez bezala, zeina abenduaren 30eko 116/1969 eta ekainaren 21eko 24/1972 legeen testu bateginean jasota baitago.

II

Orain arte, lege-mailako hainbat xedapenek aldatu izan dute 1974an onartutako testuaren edukia, batzuetan testuko artikuluak beste era batera idazteko, beste batzuetan artikulu berriren bat eransteko edota, bestela, artikuluak indargabetzeko, eginkizun hori beharrezkoa zen kasuetan. Hori guztia araua une bakoitzean existitzen den errealitatera egokitzeko xedearekin.

Bestalde, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean egin diren lege- aldaketek ere izan dute beren eragina 1974ko testuaren edukian. Gai horri dagokionez, aipatzekoa da Gizarte Segurantzaren, osasunaren eta enpleguaren kudeaketa instituzionalari buruzko azaroaren 16ko 36/1978 Errege Lege Dekretuak ekarritako aldaketa, Gizarte Segurantzaren babes-ekintza osatzen duten gizarte-zerbitzuen kontzeptua aldatu baitu eta bertatik kanpo utzi baititu Itsasoko Gizarte Institutuak ematen dituen zenbait prestazio eta zerbitzu, hala nola heziketa-ekintzei dagozkienak, prebentzio- medikuntzari dagozkionak, eta abar.

Badirudi, beraz, iritsi dela momentua legea egokitzeko prozesu honetan urrats bat gehiago egiteko eta beste lege-testu bat berridazteko, non erregulatuko diren bai Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia eta bai Itsasoko Gizarte Institutuak kudeatzen dituen gainerako prestazioak eta zerbitzuak, itsasoko eta arrantzako sektorearen gizarte-babesaz eta -problematikaz arduratzen den erakundea den neurrian.

Bat eta bi baino gehiago dira jarduketa instituzional honi ekitea aholkatzen duten arrazoiak: indarrean dagoen eta araubide berezia erregulatzen duen testua zaharkituta geratu izana; jada aipatu den bezala, 1974ko testu bategina indarrean jarri ostean emandako arauen ugaritasuna; araubide bereziaren konplexutasuna, bereziki nabarmentzen dena aplikazioaren eremuan, kotizazioan edota babes-ekintzan, erretiro- prestazioari arreta berezia jarririk; Gizarte Segurantzako Araubide berberean besteren konturako langileak eta norberaren konturako langileak edo autonomoak elkarrekin egotea –horiei langile parekatuaren irudia gehitzen zaie era horretan, eta are konplexutasun handiagoa eransten zaio itsasoko langilearen definizioari berorren babes-ondorioetarako–; eta lege-mailako arau bat ez egotea itsasoko eta arrantzako sektoreko langileei zuzendutako eta Gizarte Segurantzaren prestazioetatik haratago doazen zerbitzuak eta prestazioak erregulatuko dituena.

Era berean, indarrean dagoen testu bategina egikaritzean eta garatzean emandako erregelamendu-mailako arauen kantitateak eta askotarikotasunak haren edukia eguneratzea eskatzen dute, arau-kongruentziaren printzipioa mantentzearren eta Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako araubide bereziaren arautegi espezifikoa eta Gizarte Segurantzaren sisteman sartzen ez diren prestazioak itsasoko eta arrantzako sektorearen errealitate sozial eta ekonomikora egokitzeko premiari erantzutearren.

Bestalde, testu berri honetan, araubide bereziaren aplikazio-eremua argitu eta zehaztu nahi litzateke, kolektibo jakin batzuei dagokienez batez ere, garrantzi handiko gorabeherak gertatzen baitira kolektibo horiek non kokatu erabakitzeko orduan.

Azkenik, beharrezkoa da adieraztea Herri Administrazioen Erreformarako Batzordeak (CORA) «Arauak arrazionalizatzeko plan» bati ekiteko premia planteatu duela berak egin eta Ministro Kontseiluak 2013ko ekainaren 21ean onartu zuen txostenean, eta plan horrek, Estatuaren Administrazioaren eremuan, ia ministerio guztietan du eragina.

Halaber, kontuan izan behar da gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotako agindua, zeinaren arabera Estatuko Administrazio Orokorrak bere ordenamendu juridikoa berrikusteari, sinplifikatzeari eta, kasua hala denean, arau bidez sendotzeari ekingo baitio eta, horretarako, zaharkituak geratu diren arauak indargabetu beharko baititu eta aldaketak edo berrikuntzak sartzeko premia zehaztu edo testu bategin baten elaborazioa proposatu beharko baitu.

Horrek guztiak are beharrezkoagoa egiten du, luzamendu gehiagotan ibili gabe, itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautuko duen beste lege-testu bat egiteko zereginari heltzea.

III

Legeak atariko titulu bat eta beste hiru titulu ditu.

Legearen I. tituluak Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia arautzen du.

Araubide berezi honen erregulazioan legeak duen helburu nagusia I. kapituluan erregulatzen den aplikazio-eremua zehaztea da, honako hauek aintzat harturik: sektoreak egindako eskaerak, jurisprudentziaren doktrina, sektorea antolatzeko moduan gertatu diren aldaketak, eta aipatutako itsaso- eta arrantza-sektorearen bilakaera bera.

Lehenik eta behin, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian mantentzen dira ontzian itsasoko eta arrantzako jarduerak gauzatzen dituzten langileak, teknikariak edo eskifaiako kide direnak, baina, berritasun modura, beste kolektibo batzuk ere barnean hartu dira, haien lan-jarduera zorrotz hartuta sektore horretan sartuko ez litzatekeen arren, irizten baitzaio aipatutako araubide bereziak babestu behar dituela lana ontzian egiten duten neurrian; kasu horretan daude ikerketan lan egiten duten pertsonak, arrantza-behatzaileak eta segurtasuneko langileak.

Bestalde, AKUIKULTURA terminoa barnean hartu da lehen aldiz, izen horren pean biltzearren araubide bereziaren barruan kokatutako hainbat jarduera, baina, nolanahi ere, hortik kanpo geratuko dira lehorreko eremuan akuikulturan diharduten enpresetan zerbitzuak ematen dituzten langileak. Halaber, murgilari profesionalak ere barnean hartu dira, orain arte beren zerbitzuak itsas arrantzako enpresa batean gauzatzen zituztenean bakarrik sartzen baitziren Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian; aisialdikoak kanpoan geratu dira.

Portuko zamaketariei dagokienez, eta portuko zamalanik egiten ez zuten langileak araubide berezi honetan zamaketari gisa onar zitezen egindako eskaera zela-eta azken urteotan sortutako problematika handia ikusita, portuko zamaketariaren definizio bat sartu da eta honela zehaztu da: Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen Testu Bateginak, 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartuak, 130. artikuluan zerrendatutako salerosgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua osatzen duten jardueretan lan egiten duen pertsona.

Barnean hartu dira, lehen bezala, itsasoko eta arrantzako enpresetako, arrantzaleen kofradietako eta sektoreko beste erakunde batzuetako administrazio-lanak, lan teknikoak

edo bigarren mailakoak, eta, berritasun gisa, zamaketa-enpresetako eta enpresa horien eskura langileak jartzen dituzten erakundeetako administrazio-lanak ere sartu dira, horiek beren lana portu-eremuan soilik betetzen badute, eta tratatzeko orduan aurrekoen parekotzat hartuko dira. Horiek barnean sartzeko erabaki horretan, argi eta garbi bereizi dira enpresa horien administrazio-lana eta zamaketariak egiten duena; horregatik, lehenengo langile horien kasuan, ez dira aplikatzen erretiratzeko adina murrizteko koefizienteak, baina, aldiz, aplikatzen dira zamaketarien kasuan.

Era berean, bi kolektibo handirekin konfiguratu da araubide berezia: besteren konturako langileak eta beren konturako langileak. Eta ezabatu egin dira fikziozko formula juridikoak; izan ere, une batean, kolektibo jakin batzuk erregulatzeko balio izan zuten, baina gaur egun ez da beharrezkoa haiei eustea, besteren konturako langileekin parekatutako ontzi- jabeen kasuan gertatzen den bezala.

Horrela, 4. artikuluan beren konturako langileak definitu dira, eta autonomo gisa mantendu dira 1974ko testu bateginean halakotzat definituta zeudenak; horrez gainera, merkataritza-nabigazioan lan egiten duten autonomoen beste kolektibo bat ere barnean hartu du legeak, orain arte Beren Konturako Langile edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian zegoena. Barruan sartzen dira akuikulturan aritzen diren autonomoak ere, eta itsaspekari profesionalak, aisialdikoak kanpoan geratzen direla.

Aldiz, ezabatu egin da 1974ko testu bateginaren 4. artikuluan erregulatutako eta besteren konturako langileekin parekatutako langileen kolektiboa, irizten baitzaio beren konturako langileak direla, besterik gabe, eta daukaten berezitasun bakarra itsasontziaren barruan joatea dela.

Araubide berezi honetan, itsasontziak lantokitzat hartzen dira; beraz, beharrezkoa da konexio edo lotura bat egotea Itsasoko Gizarte Institutuak kudeatzen duen itsasontzien erregistroaren eta Merkataritza-nabigazioko Itsasontzien Erregistroaren artean. Koordinazio hori legean jaso da, nahitaezkoa baita nazioko itsasontziak Merkataritza- nabigazioko Itsasontzien Erregistroan izena emanda egotea itsasontzi hori Itsasoko Gizarte Institutuan inskribatu baino lehen.

Atzerriko itsasontziak Itsasoko Gizarte Institutuaren erregistroan izena emateko aukera ere ematen du legeak, baldin eta eskifaiako kideak Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren barruan kokatuak geratu behar badute.

III.kapituluan, kotizazioaren gaiari buruzkoan, eutsi egin zaio kotizazioaren oinarriak zehazteari buruzko berezitasunari ordainsaria arrantzatuaren arabera jasotzen duten langileen kasuan, eta, langile autonomoen beste kolektibo batzuk gehitzearekin eta besteren konturako langileekin parekatutako ontzi-jabeen kolektiboa ezabatu izanarekin koherente izanik, existitzen diren hiru kotizazio-taldeen barruan sartzen dira bai besteren konturako langileak eta bai beren kontura aritzen direnak; bestalde, bigarren eta hirugarren taldeetarako mantendu dira soilik kotizazioaren koefiziente zuzentzaileen aplikazioaren inguruko berezitasunak.

Era berean, berritasun gisa jaso da kotizazioaren koefiziente zuzentzaileen aplikazioa bateraezina izatea kotizazioaren arloko beste zeinahi murrizketa edo hobarirekin, nolaz eta berariaz ez den horren kontrakoa xedatzen.

Azkenik, IV. kapituluan erregulatutako prestazioei dagokienez, araubide berezi honi dagozkion espezialitateak soilik hartzen dira kontuan, eta gainerako guztian Gizarte Segurantzaren arautegi orokorrera igortzen da. Era horretan, testu erabilerraz eta sinplifikatu bat lortzeaz gainera, bikoiztasunak eragotzi nahi dira erregulazioan.

Legearen II. tituluak itsasoko eta arrantzako sektorean Gizarte Segurantzaren prestaziotzat hartzen ez den langileen gizarte-babes espezifikoa erregulatzen du.

I. kapituluan ezartzen da zein diren gizarte-babes espezifiko horren onuradunak, hau da, itsasoko eta arrantzako sektorean lan-jarduera bat gauzatzen duten edo gauzatu nahi duten pertsonak. Hortaz, onuradun gisa hartzen dira, beren jarduera esandako sektorean garatzen duten –hau da, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren barruan kokatzen diren– langileak ez ezik, baita itsasoko eta arrantzako sektorera sartu nahi duten pertsonak ere. Horren aurretik, dagokien itsas prestakuntza jaso beharko dute edota ontziratzeko eskatzen den osasun-ziurtagiria eskuratu beharko dute.

II.kapituluan, gizarte-babes espezifiko hori eratzen duten eta itsasoko eta arrantzako sektoreko langileentzat diren prestazioak eta zerbitzuak erregulatzen dira.

Hemen barnean hartzen dira itsas osasungintzako prestazio guztiak. Itsas osasungintzako jarduketen oinarrian zera dago: itsas inguruneko osasunaren kontzepzioak behartu egiten du asistentzia-mekanismoen osagarri diren osasungintza-mekanismo prebentiboak abian jartzera, modu integralean eta planifikatuan abian jartzera ere, osasunaren ikuspegitik itsasoko eta arrantzako sektore honen berezitasuna zehazten duten gaixotasun-faktoreak –osasun-zentroetatik urrun egotea, plataforma mugikorretan lan egitea, aurreikus ezin daitekeen natur ingurune baten mende izatea, eta gizartetik eta familiatik bakartuta egotea– minimizatzeko helburuarekin. Hor sartzen dira, beraz, itsasoratzeko osasun-azterketak; horien agiriek, izan ere, langilea ahal den baldintza onenetan ontziratuko dela bermatzeaz gainera, osasungintzaren ikuspegitik datu asko ematen dituzte; datu horiek abiapuntua dira itsasoko eta arrantzako sektoreko populazioaren osasun-egoera ezagutzeko eta, azkenik, oso lagungarriak dira langileak itsasontzian 21.2.a) artikuluko laguntza-unitateren baten osasun-asistentziaren premia duen kasuetan ere. Era berean, itsasontziko osasun-baldintzen ikuskaritza ere hor sartzen da, kontuan izanik itsasontziko bizimoduko eta laneko baldintzak erabakigarriak izan daitezkeela zenbait gaixotasunen mende erortzeko orduan edota laneko istripuen arriskua areagotzeko edo gutxitzeko; esandako kontrol hori, beraz, funtsezkoa da istripuei eta gaixotasunei aurrea hartzeko. Azkenik, garrantzitsua da botika-kutxak kontrolatzea, bai eta laneko osasuna babestea, sustatzea eta hobetzea ere.

Bestalde, abandonatze, hondoratze edo gisako kasuetarako, sostengurako eta sorterrira ekartzeko laguntza-zerbitzuak ere sartzen dira.

Amaitzeko, itsasoko eta osasungintzako lanbide heziketa ere aurreikusten da, itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen prestakuntzaren arloko eskaerei eta premiei erantzuteko xedearekin.

III. tituluak, batetik, Itsasoko Gizarte Institutuak gauzatutako kudeaketari buruzko xedapen sorta bat jasotzen du, erakunde hori arduratzen baita itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesaz, eta, bestetik, berorien araubide ekonomiko eta finantzarioa jasotzen du.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Araudi erregulatzailea.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia lege honen eta berau garatzeko xedapenen bidez erregulatuko da; baita Gizarte Segurantzaren sisteman aplikazio orokorrekoak diren arauen bidez ere.

Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa lege honetan jasotako gainerako xedapenekin eta berau garatzeko arauekin osatzen da.

I. TITULUA

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia

I. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

2.artikulua. Aplikazio-eremuaren hedadura.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren barruan sartuko dira, lege honen 6. artikuluan jasotako salbuespenak salbuespen, beren jarduera nazioko lurraldean aurrera eramaten duten langileak edo haiekin parekatuak, baldin eta kapitulu

honetako kasuren batean badaude eta Gizarte Segurantzaren sisteman egoteko baldintza hauek betetzen badituzte: Gizarte Segurantzaren Lege Orokor ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartuari buruzko testu bategineko 7. artikuluan jasotakoak.

3.artikulua. Besteren konturako langileak.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren barruan geratuko dira besteren kontura lan egiten duten langile hauek:

a)Itsasoko eta arrantzako lana ontzi, barku edo plataforma hauetan egiten duten langileak, berorietako roletan teknikari edo eskifaiako kide gisa agertzen badira:

1Merkataritza-nabigaziokoak.

2Itsas arrantzari lotutakoak, edozein modalitatetan izanik ere.

3 Portuetako barne-trafikokoak.

4 Kirolekoak eta aisialdikoak.

5 Plataforma finkoak edo itsas hondoan kokatutako instalazio edo trepetak,

ainguratuta edo bertan bermatuta, baliagarri direnak miaketa-eragiketak egiteko nahiz itsasoko baliabide naturalak ustiatzeko.

Ez dira halakotzat hartuko oliobideak, gasbideak, itsaspeko kable-instalazioak, itsaspeko isurbideak eta industriarekin edo ur zikinekin lotura duten beste zeinahi hoditeria edo instalazio.

b)Merkataritza-nabigazioko edo itsas arrantzako barkuetan lanean arrantza- behatzaile gisa, segurtasuneko langile gisa edota ikertzaile-taldeko kide gisa diharduten langileak.

c)Itsasoko produktuak ateratzen lan egiten duten langileak.

d)Itsas eremuan edota itsaso eta lehorraren artekoan gauzatzen den akuikulturan lan egiten duten langileak, barne direla hareatako akuikulturan eta ur-xaflakoan dihardutenak, hala nola akuikultura-bankuekin, hazkuntza-parkeekin, bateekin eta kaiolekin dihardutenak.

Berariaz kanpoan geratzen dira lehorreko eremuan akuikulturan aritzen diren enpresetan –hala nola hazlekuetan, itsas haztegietan eta itsas hazkuntzako ikerketa- zentroetan– besteren kontura beren zerbitzuak eskaintzen dituzten langileak. Era berean, kanpoan gelditzen dira ur gezatako akuikulturan aritzen diren langileak.

e)Itsasoko baliabideak ateratzen dituzten murgilariak.

f)Industria-jardueretan titulazio profesionala duten murgilariak, esandako titulazio hori erdiesteko irakaskuntza-jarduera barne dela.

Kanpoan gelditzen dira kirol-aisialdiko titulazioak dituzten murgilariak.

g)Saregileak.

h)Portuko zamaketariak.

Araubide berezi honetan sartzeko, portuko zamaketaritzat hauek hartuko dira soil- soilik: beren lan-harremana berezia edo arrunta izan, itsas trafikoaren xede diren salerosgaiak kargatzen, estibatzen, desestibatzen, deskargatzen eta lekualdatzen zuzenean diharduten langileak. Lan horiek, betiere, salerosgaiak itsasontzi batzuetatik beste batzuetara, lehorrera edo beste garraiobide batzuetara aldatzeko modua egiten dutenak izan behar dute, eta beste garraiobide horiek, berriz, irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategineko 130. artikuluan zerrendatutako salerosgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuetan sartzen direnetakoak, kontuan hartu gabe portua estatu mailakoa edo autonomia mailakoa den.

Portuko zamaketari horiek, edonola ere, salerosgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuko edo autoprestazioko dagokion lizentziaren titularra den enpresa bateko langile gisa egin beharko dituzte aurreko paragrafoan adierazitako lan horiek, edota enpresa horien eskura langileak jartzen dituzten erakundeetako langile modura.

i)Portuko pilotuak.

j)Itsasoko eta arrantzako enpresetan, portuko zamaketa-enpresetan eta salerosgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuko lizentziaren titular diren enpresen esku langileak jartzen dituzten erakundeetan administrazio-lanetan, lan teknikoetan eta bigarren mailako lanetan aritzen diren langileak, beren lana portu-eremuan soilik egiten badute, kontuan hartu gabe portua estatu mailakoa edo autonomia mailakoa den.

Araubide honetan sartuko dira, orobat, arrantzaleen kofradien eta haien federazioen, itsas kooperatiben, itsasoko eta arrantzako sektoreko erakunde sindikalen eta ontzi-jabeen elkarteen zerbitzuan lan horiek berak egiten dituzten langileak.

Portuko zamaketa-enpresetan lan egiten duten langileak araubide berezi honetan sartzeko, salerosgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuko edo autoprestazioko dagokion lizentziaren titular izan beharko du enpresak, kontuan hartu gabe portua estatu mailakoa edo autonomia mailakoa den.

k)Itsasoko eta arrantzako jarduera batean aritzen den langileen beste edozein kolektibo, baldin eta araubide honetan sartzea erabaki badu Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak.

4.artikulua. Beren konturako langileak.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren barruan geratuko dira, beren konturako langile edo autonomo gisa, dirua irabazteko asmoz pertsonalki, zuzenean eta beste pertsona baten zuzendaritza- eta antolakuntza-eremutik kanpo jarduera hauetakoren bat egin ohi dutenak:

a)Hemen zerrendatzen diren eta ontzi edo barkuetan betetzen diren itsasoko eta arrantzako jarduerak, baldin eta langile edo ontzi-jabe haiek jarduera horietan teknikari edo eskifaiako kide gisa agertzen badira:

1Merkataritza-nabigaziokoak.

2Itsas arrantzari lotutakoak, edozein modalitatetan izanik ere.

3 Portuetako barne-trafikokoak.

4 Kirolekoak eta aisialdikoak.

b)Itsas eremuan edo itsaso eta lehorraren arteko eremuan garatutako akuikultura.

c)Itsaski-biltzaileak, lanperna-biltzaileak, alga-biltzaileak eta gisakoak.

d)Itsasoko baliabideak ateratzen dituzten murgilariak.

e)Industria-jardueretan titulazio profesionala duten murgilariak, esandako titulazio hori erdiesteko irakaskuntza-jarduera barne dela.

Kanpoan gelditzen dira kirol-aisialdiko titulazioak dituzten murgilariak.

f)Saregileak.

g)Portuko pilotuak.

2.Bere konturako langilearen senitarteko kolaboratzailetzat joko dira –eta, hortaz, beren konturako langile modura sartuko dira araubide berezian– artikulu honetan aipatutako bere konturako edozein langileren ezkontidea eta bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaideak –horiek barne–, baldin eta harekin lan egin ohi badute haren ustiapenetan, familiako buruarekin bizi badira eta ekonomikoki haren mende badaude, nolaz eta ez den frogatzen soldatapeko langileak direla.

Aurreko hori gorabehera, 10. artikuluan aipatzen diren bigarren eta hirugarren kotizazio-taldeetan senitarteko kolaboratzaile gisa hartua izateko, ezinbesteko betebeharra izango da ustiapenaren titularraren jarduera berbera gauzatzea.

5.artikulua. Besteren konturako langileekin parekatuak.

1.Besteren konturako langileen parekoak izango dira, langabezia-babesetik eta Soldatak Bermatzeko Funtsetik kanpo gelditzen direla, merkataritza-sozietate kapitalistetako kontseilariak eta administratzaileak, haien kontrolaren jabe ez badira Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko hogeita zazpigarren xedapen

gehigarriko 1 zenbakian ezarritako baldintzen arabera, eta beren kargua betetzeak sozietatearen zuzendaritza- eta kudeatze-funtzioak gauzatzea eskatzen badu eta zeregin horregatik edo esandako sozietatearen konturako langile gisa ordainsaria jasotzen badute.

2.Era berean, besteren konturako langileen parekoak izango dira portuko pilotuak ere, beren pilotatze-jarduera gauzatzeko pilotatzeko portu-zerbitzuaren lizentziaren titular den enpresa bihurtzen badira; hori bai, ez dute izango langabezia-prestazioak eta Soldatak Bermatzeko Funtsetik kobratzeko eskubiderik, estaldura horietatik kanpo gelditzen baitira. Erakunde horiek enpresaburutzat hartuko dira araubide berezi honen ondorioetarako, berorietan sartuta dauden portuko pilotuen eta haien zerbitzura lan egiten duten gainerako langileen enpresaburutzat.

6.artikulua. Lurraldetasun-printzipioaren salbuespena.

1.Araubide berezi honen aplikazio-eremuan sartuta egongo dira egoitza edo bizilekua Espainian duen enpresa edo pertsona batek pagatuak diren eta Espainiako lurraldean bizilekua duten langileak, nahiz eta Europar Batasuneko estatu baten banderako itsasontzi batean lan egin besteren kontura, edo Espainiarekin gizarte segurantzari buruzko alde biko edo alde anitzeko hitzarmen bat sinatuta daukan estatu baten banderako itsasontzi batean lan egin besteren kontura; hitzarmen horretan, propio jaso behar da lurraldetasun- printzipioaren salbuespena.

2.Halaber, araubide berezi honetan sartuta egongo dira erregistro ofizialean izena emanda dauden sozietate mistoetan eta enpresetan lan egiten duten eta Espainiako lurraldean bizi diren langileak, non eta Espainiak izenpetutako alde biko edo alde anitzeko nazioarteko tratatuek ez duten besterik agintzen.

II. KAPITULUA

Enpresen izen-ematea eta langileen afiliazioa

7.artikulua. Enpresen izen-ematea eta langileen afiliazioa.

Enpresen izen-ematearen eta langileen afiliazioaren arloari dagokionez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean eta berori garatzeko arautegian orokorrean xedatutakoa aplikatuko da, berezitasun hauekin:

a)Araubide berezi honen aplikazio-eremuan sartzen diren langileek itsasoko eta arrantzako jardueretarako dituzten itsasontzi, plataforma finko, trepeta eta itsas instalazioak erregistro batean jaso behar dira, erakunde kudeatzaileak horretarako propio izango duen Itsasontzien Erregistroan.

Itsasontzien Erregistroan izena emateko, ezinbesteko betebeharra izango da itsasontzia Sustapen Ministerioaren titulartasuneko Barkuen Erregistroan –arruntean edo berezian– inskribatu eta identifikatu izana justifikatzea.

Araubide berezi honen aplikazio-eremuan behar duten langileak 6. artikuluan xedatutakoaren indarrez lanean dituzten atzerriko itsasontziek ere izena eman beharko dute Itsasontzien Erregistroan.

b)Erregelamenduz finkatutako epetik kanpo beren konturako langileek eskatutako altek ez dute inolako atzerako eraginik izango.

c)Lege honen 10. artikuluan araututako kotizazio-taldeetatik hirugarrenean dauden beren konturako langileak behartuta egongo dira erakunde kudeatzailearekin kontingentzia arrunten babesa hitzartzera, eta lanbide-heziketaren kontingentziagatik kotizatzeko obligazioa izango dute.

III. KAPITULUA

Kotizazioa eta diru-bilketa

8.artikulua. Kotizazioa.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, kotizatzeko obligazioaren jaiotza, iraupena eta iraungitzea, hura likidatzeko eragiketak, aurkezteko aldia, modua, lekua eta epea eta haren egiaztapena eta kontrola, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean eta berori garatzeko arautegian orokorrean xedatutakoaren araberakoak izango dira, non ezarriko baitira araubide berezi honen berezitasunak.

9.artikulua. Kotizazio-oinarriak.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezi honetan babestutako kontingentzia eta egoera guztietarako, egiaz jasotako ordainsariak oinarri hartuta kotizatuko da. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean kotizatzeko ezarritako erregelen arabera konputatuko dira ordainsariok, gutxieneko eta gehieneko muga absolutuen barruan eta lanbide-kategorien talde bakoitzari aplikatzekoak zaizkion gutxieneko eta gehieneko oinarrien muga erlatiboen barruan, arautegi erregulatzaileak ezarritako moduan, honako hauek beste berezitasunik gabe:

a)Araubide berezi honetan babestutako kontingentzia eta egoera guztietarako kotizazio-oinarriak zehazteko, hauek hartuko dira egiaz jasotako ordainsaritzat lege honetako 10. artikuluan aipatzen diren bigarren eta hirugarren kotizazio-taldeetako langileei dagokienez: Itsasoko Gizarte Institutuak proposatuta eta erakunde sindikal eta enpresa- elkarte adierazgarriei, arrantzaleen kofradiei eta itsas produktuen ekoizleen antolakundeei entzun ondoren Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Aginduz urtero zehaztutakoak.

Zehaztapen hori probintzien, arrantzako modalitateen eta lanbide-kategorien arabera egingo da, aurreko urtean jasotako ordainsarien batez besteko balioetan oinarrituta eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak ezartzen duen prozeduraren arabera.

b)Aurreko letran 10. artikuluan aipatzen diren bigarren eta hirugarren kotizazio- taldeetako langileei buruz xedatutakoaren arabera zehaztutako kotizazio-oinarriak bakarrak izango dira. Hala ere, oinarri horiek ezingo dira izan Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean lanbide-kategorientzat ekitaldi bakoitzean ezarritako gutxieneko oinarriak baino txikiagoak.

c)Nolanahi ere, 10. artikuluan ezarritako kotizazio-taldeetatik bigarren eta hirugarrenean dauden enpresa eta langileei kontingentzia arruntengatik dagozkien kotizazio-oinarriak zehazteko, 11. artikuluan ezarritako koefiziente zuzentzaileak aplikatuko zaizkie artikulu honen aurreko paragrafoetan ezarritako arauei jarraituz ateratzen diren kopuruei.

2.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko enpresaburuek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari jakinarazi beharko diote, likidazio-aldi bakoitzean, langileei ordaindutako ordainsari-kontzeptu guztien zenbatekoa, kontuan hartu gabe Gizarte Segurantzaren kotizazio-oinarrian sartu diren ala ez, eta oinarri bakarrak aplikatzekoak baldin badira ere.

10.artikulua. Langileen sailkapena.

1.Gizarte Segurantzaren araubide berezi honetan sartuta dauden langileak, kotizazioetarako, hiru taldetan sailkatzen dira:

a)Lehen taldean, honako hauek sartzen dira:

1Besteren kontura 3. artikuluko jardueraren bat gauzatzen duten soldatapeko langileak edo parekoak.

24. artikuluan zerrendaturiko jardueretako bat gauzatzen duten beren konturako langileak, beste talde batean sartzea egokiagoa denean salbu.

3 Arrantzatuaren araberako ordainsaria jasotzen duten langile besteren konturakoak edo parekoak eta beren konturako langileak edo ontzi-jabeak, baldin eta 150 EGT erregistro gordineko tonatik gorako arrantza-ontzietan badihardute lanean.

b)Bigarren taldean, zeina beste bitan zatitzen baita, hauek sartzen dira:

1 Bigarren A taldea:

Arrantzatuaren araberako ordainsaria jasotzen duten langile besteren konturakoak eta beren konturako langileak edo ontzi-jabeak, baldin eta 50,01 eta 150 EGT arteko arrantza- ontzietan badihardute lanean teknikari edo eskifaiako kide gisa.

2Bigarren B taldea:

Arrantzatuaren araberako ordainsaria jasotzen duten langile besteren konturakoak eta beren konturako langileak edo ontzi-jabeak, baldin eta 10,01 eta 50 EGT arteko arrantza- ontzietan badihardute lanean teknikari edo eskifaiako kide gisa.

c)Hirugarren taldean hauek sartuko dira:

1Arrantzatuaren araberako ordainsaria jasotzen duten langile besteren konturakoak, baldin eta 10 EGT gainditzen ez dituzten arrantza-ontzietan badihardute lanean teknikari edo eskifaiako kide gisa.

2 Teknikari edo eskifaiako kide gisa 10 EGT arteko arrantza-ontzietan lanean diharduten beren konturako langileak, hala nola itsaski-biltzaileak, lanperna-biltzaileak, alga-biltzaileak eta gisakoak, itsas baliabideak ateratzen dituzten murgilariak, saregileak eta ontzi-jabeak.

2.Bere konturako langile modura bigarren taldean edo hirugarrenean egoteko, beharrezkoa izango da jarduera horietatik lortutako diru-sarrerak izatea funtsezko bizimodu-iturritzat, nahiz eta berariaz itsasokoak eta arrantzakoak ez diren beste lan batzuk egiten diren noizbehinka edo era iraunkorrez, ekar dezaketenak edo ez Gizarte Segurantzaren sistemako beste araubideren batean sartuta egotea.

3.Aukeratzen den ordainsari sistema, soldata ordaintzekoa izan edo arrantzatuaren arabera ordaintzekoa izan, bat izango da eskifaiako kide guztientzat, ontzi-jabea barne.

11.artikulua. KOEFIZIENTE ZUZENTZAILEAK.

1.Aurreko artikuluko 1 zenbakiko bigarren eta hirugarren taldeetan sartuta dauden enpresei eta langileei, kotizazioetarako, koefiziente zuzentzaile hauek aplikatu ahal izango zaizkie:

a)Bigarren kotizazio-taldekoei bi hereneko eta erdi bateko koefiziente zuzentzaileak aplikatuko zaizkie, zein taldetan dauden: bigarren A taldean edo bigarren B taldean.

b)Kotizazioko hirugarren taldeari heren bateko koefiziente zuzentzailea aplikatuko

zaio.

2.Koefiziente zuzentzaileak kontingentzia arruntengatik, langabeziagatik eta jarduera uzteagatik dagoen kotizazio-oinarriari aplikatuko zaizkio.

3.Bigarren eta hirugarren taldeetan dauden langileek sorrarazten dituzten prestazio ekonomikoen oinarri arautzaileak kotizazio-oinarri osoa kontuan hartuta kalkulatuko dira, koefiziente zuzentzaileak aplikatu gabe, alegia.

4.Kotizazioko lehen taldeari ez zaizkio aplikatuko kotizazioaren koefiziente zuzentzaileak.

5.Koefiziente zuzentzaileen aplikazioa bateraezina izango da kotizazioaren arloko beste zeinahi murrizketa edo hobarirekin, nolaz eta berariaz ez den horren kontrakoa xedatzen.

12.artikulua. Diru-bilketa.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, diru-bilketa Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean eta berori garatzeko arautegian izaera orokorrez xedatutakoaren arabera kudeatuko da.

2.Itsasoko Gizarte Institutua lankidetzan ariko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin dirua biltzeko eginkizunean, Gizarte Segurantzaren araubide berezi horren eremuan.

IV. KAPITULUA

Babes-ekintza

13.artikulua. Babestutako kontingentziak.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziak lege honetan zehazten diren kontingentziak eta prestazioak estaltzen ditu.

2.Lege honetan estalitako kontingentziak hauen arabera definitzen dira: Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean besteren konturako langileei buruz ezarritakoaren arabera eta Beren Konturako Langile edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian beren konturako langileei buruz ezarritakoaren arabera.

14.artikulua. Prestazioak.

1.Araubide berezi honen aplikazio-eremuan dauden langileei eta, kasua hala denean, haien senitartekoei edo haiekin parekatuei honako prestazio hauek emango zaizkie, lege honetan eta aplikatzekoak zaizkien erregelamendu bidezko xedapenetan ezartzen diren neurrian, eran eta baldintzetan:

a)Osasun-laguntza amatasun-kasuetan, gaixotasun arrunt edo lanbidekoan, eta istripuen kasuan, lanekoak izan edo ez, bai lurralde nazionalean, bai itsasontzian, bai atzerrian.

b)Lanbiderako oneratzeko laguntza, berori bidezko ikusten bada aurreko letran aipatzen diren kasuetako edozeinetan.

c)Aldi baterako ezintasunari dagokion prestazio ekonomikoa.

d)Amatasunari dagokion prestazio ekonomikoa.

e)Aitatasunari dagokion prestazio ekonomikoa.

f)Haurdunaldiko arriskuagatiko prestazio ekonomikoa.

g)Edoskitzaro naturaleko arriskuagatiko prestazio ekonomikoa.

h)Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa.

i)Ezintasun iraunkorrari dagokion prestazio ekonomikoa.

j)Erretiroko prestazio ekonomikoa.

k)Heriotzagatiko eta biziraupenagatiko prestazio ekonomikoa.

l)Familiako prestazioak.

m)Langabezia-prestazioak, kotizazio- eta laguntza-mailetakoak.

n)Jarduna uzteagatiko prestazioak.

ñ) Itsasoko lanetik eratorritako kontingentziei eta egoera bereziei erantzuteko laguntza-prestazioak eta gizarte-zerbitzuak.

o)Desgaitasuna duten pertsonen prestakuntza- eta errehabilitazio-arloan eta adineko pertsonen laguntzaren alorrean ezar daitezkeen gizarte-zerbitzuen prestazioak, baita komenigarriak ikusten diren beste zeinahi arlotan ere.

2.Era berean, eta aurreko zenbakiko prestazioen osagarri modura, gizarte- laguntzako onurak eman ahalko dira.

15.artikulua. Prestazioen borondatezko hobekuntza.

Araubide berezi honen babes-ekintza borondatez hobetu ahal izango da, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean eta gainerako araubide berezietan ezartzen diren baldintzetan.

16.artikulua. Pentsioak handitzea.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziak aitortuak dituen pentsioak, haiek zehaztu dituen kontingentzia zein izan den kontuan hartu gabe, urte bakoitzaren hasieran handituko dira, arlo horri buruz Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean xedatutakoaren arabera.

17.artikulua. Prestazioen izaerak.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren prestazioetan eta gizarte-zerbitzuen eta gizarte-laguntzaren onuretan, ezin izango dira atxikipenak egin –non eta artikulu honen 2 zenbakian ez den besterik xedatzen–, ezin izango dira guztiz edo partzialki laga, ezin izango dira konpentsatu eta ezin izango zaie deskonturik egin, honako kasu hauetan izan ezik:

a)Ezkontidearen eta seme-alaben aldeko elikadura-obligazioak bete behar direnean.

b)Onuradunak Gizarte Segurantzaren esparruan bere gain hartutako obligazioak direnean.

Enbargoen arloan, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen arabera jokatuko da.

2.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren babes-ekintzatik eratorrita jasotako kopuruengatik dagozkien zergak ordaindu beharko dira, zerga bakoitzaren arau erregulatzaileetan ezarritako baldintzen arabera.

3.Ezingo da eskatu ezein tasa fiskalik, ez inolako eskubiderik Gizarte Segurantzaren Administrazioko erakundeek eta administrazio-organoek, organo judizialek edo beste zeinahi motatako organoek eman beharreko informazioetan edo ziurtagirietan artikulu honetako 1 zenbakian aipatzen diren prestazioei eta onurei dagokien guztian.

18.artikulua. Pentsioen bateraezintasuna.

1.Araubide berezi honetako pentsioak beren artean bateraezinak izango dira onuradun berberari dagozkionean, nolaz eta ez den legez edo erregelamenduz kontrakoa xedatzen. Bateraezintasunen kasuan, bi pentsio edo gehiagotarako eskubidea duenak haietako bat hautatu beharko du.

2.Aurreko zenbakian ezarritako bateraezintasun-araubidea aplikatuko zaio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 139. artikuluko 2 zenbakian ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioaren ordezko prestazio gisa aurreikusten den oroharreko kalte- ordainari ere.

19.artikulua. Gizarte Segurantzaren araubide desberdinetako kotizazio-aldiak aintzat hartzea.

1.Langile batek egiaztatua duenean hurrenez hurren edo txandaka Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian edo Gizarte Segurantzako beste araubide batean edo gehiagotan kotizatu duela zenbait alditan, esandako aldi horiek edo horiekin parekatutakoak, baldin eta erregulatzen zituzten arauen indarrez bete badira, guztiak bateratu ahal izango dira, gainjartzen ez diren kasuan betiere, prestazioak jasotzeko eskubidea lortu ahal izateko.

2.Ezingo da inoiz aplikatu araubideen artean jarduera uztearen ondoriozko kotizazioen elkarrekiko konputua, ez eta jarduera uztearen eta langabeziaren ondoriozko kotizazioen elkarrekiko konputua ere.

20.artikulua. Prestazio-eskubidearen baldintzak.

1.Araubide berezi honen aplikazio-eremuan sartuta dauden pertsonek prestazioetarako eskubidea sorraraziko dute dena delako prestaziorako eskatutako betebehar partikularrak ez ezik araubide honetara afiliatuta eta alta emanda –edo altaren pareko egoeran– egoteko betebehar orokorra betetzen badute, kontingentzia edo babestutako egoera gertatzen denean, legez eta berariaz kontrakoa xedatzen denean salbu.

2.Horrez gainera, zenbait prestazio ematea edota berorien zenbatekoa kotizazio-aldi jakin batzuk beteta edukitzearen mende dagoenean, egiaz gauzatutako kotizazioak edota lege- edo erregelamendu-xedapen baten bidez berariaz haiekin parekatutakoak soilik kontuan hartu ahalko dira.

21.artikulua. Osasun-laguntza.

1.Araubide Orokorrean ezartzen diren neurri eta baldintza berberetan osasun- laguntza jasotzeko eskubidea izango dute:

a)Araubide berezi honetan sartutako langileek edo haiekin parekatutakoek, honako kontingentzia hauen kasuan: gaixotasun arrunta edo lanbidekoa, istripua –lanekoa izan edo ez–, eta amatasuna.

b)Araubide berezi honetako pentsiodunek, eta, pentsiodun izan gabe, aldizkako prestazioak jasotzen ari direnek, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan.

c)Aurreko letretan aipatutako pertsonek beren kargura dituzten senitartekoek edo haiekin parekatutakoek, erregelamendu bidez ezartzen diren neurri eta baldintzetan.

2.Araubide berezi honetako langileek edo haiekin parekatutakoek, ontziratuak baldin badaude, atzerrian edota nazio-lurraldearen barruan, eskubidea dute, kasu guztietan, osasun-laguntza jasotzeko, zeina Itsasoko Gizarte Institutuak emango dien honako kasu hauetan:

a)Ontziratuak eta/edo atzerrian daudenean, bere bitarteko propioak erabiliz, hala nola medikuntzako irrati-zentroa, osasun arloko barkuak, atzerriko laguntza-zentroak eta ezar daitezkeen beste batzuk, edo gaixotu diren edo istripua izan duten langileen ebakuazioa eta sorterrira ekartzea hitzartuz, alde batera utzi gabe indarrean dagoen legeriaren arabera enpresaburuei dagozkien obligazioak.

Itsasoko Gizarte Institutuak osasun arloko baliabiderik ez duenean gaixotutako edo istripua izandako pertsona artatzen duten portuan, osasun-laguntza hori pertsona hark lan egiten duen enpresaren kontura izango da, eta erakunde kudeatzaileak, gero, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian izena emandako enpresari itzuliko dio osasun-laguntzak sortu dituen gastuen zenbatekoa, edozein dela ere laguntzaren premia ekarri duen kontingentzia, esandako enpresa horiek kontingentzia hori estalia baldin badute erakunde kudeatzailearekin, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintza, kontzeptu eta kantitateen arabera.

b)Nazio-lurraldearen barruan, Ceuta eta Melilla hirietan eta aipatutako eginkizunak dagokion autonomia-erkidegoari eskualdatu ez zaizkion lurraldeetan, ospitaleko asistentzia eta espezialitate- eta larrialdi-zerbitzuak barne direla.

3.Artikulu honen 2.b) letran xedatutakoa aplikatu ahal izango zaie, orobat, pentsiodunei eta aldizkako prestazioen hartzaileei eta berorien eta araubide berezi honetako langileen senitartekoei edo horiekin parekatutakoei. Nazio-lurraldearen gainerako eremuetan, dagokion autonomia-erkidegoko osasun-zerbitzu publikoaren ardura izango da osasun-laguntza ematea.

4.Onuradunek sendagaien ordainketan Araubide Orokorrean egiten den bezalaxe parte hartuko dute.

22.artikulua. LANBIDERAKO ONERATZEA.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian sartutako langileei lanbiderako oneratzeko prestazioa aitortu ahal izango zaie, berori bidezkoa jotzen bada aurreko artikuluan aipatzen diren kasuetatik edozeinetan, erregelamendu bidez erregulatzen den eran eta baldintzetan.

23.artikulua. ALDI BATERAKO EZINTASUNA.

1.Gaixotasun arruntetik edo lanekoa ez den istriputik eta laneko istriputik edo lanbideko gaixotasunetik eratorritako aldi baterako ezintasunari dagokion prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko beren konturako eta besteren konturako langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin.

2.10. artikuluan aipatzen diren bigarren eta hirugarren taldeetan dauden eta besteren kontura diharduten langileen kasuan, Erakunde Kudeatzaileak edo Gizarte Segurantzarekin elkarlanean ari den mutualitateak ordainduko du prestazioa, zuzeneko ordainketaren modalitatean, eta kotizatzeko obligazioa egongo da lan-harremana iraungitzen ez den artean.

24.artikulua. AMATASUNA.

1.Amatasunari dagokion prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko beren konturako eta besteren konturako langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin.

2.Prestazio hori emateko, hauek hartuko dira babestutako egoeratzat, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean xedatutakoarekin bat etorriz: amatasuna, adopzioa eta familia-harrera, bai adopzio aurrekoa denean eta bai iraunkorra edo soila denean, harrera horiek behin-behinekoak badira ere.

3.Besteren konturako emakumezko langileek ere, erditzeagatik, amatasuneko diru- laguntza bat jaso ahal izango dute, baldin eta amatasunari dagokion prestazioa lortzeko ezarrita dauden betebehar guztiak –Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 133 ter artikuluan ezarritako gutxieneko kotizazio-aldia izan ezik– betetzen badituzte.

25.artikulua. AITATASUNA.

1.Aitatasunari dagokion prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie araubide berezi honetako beren konturako eta besteren konturako langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin.

2.Prestazio hori emateko, hauek hartuko dira babestutako egoeratzat, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean xedatutakoarekin bat etorriz: seme edo alabaren jaiotza, adopzioa eta familia-harrera, bai adopzio aurrekoa denean eta bai iraunkorra edo soila denean, harrera horiek behin-behinekoak badira ere.

26.artikulua. HAURDUNALDIKO ARRISKUA.

1.Haurdunaldiko arriskuari dagokion prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko beren konturako eta besteren

konturako emakumezko langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza berberetan eta eskatzen diren betebehar berberekin.

2.Prestazio horri dagokionez, besteren konturako emakumezko langileen kasuan, lan-kontratuaren etenaldia hartuko da babestutako egoeratzat, baldin eta emakume langileak bere lanpostua aldatu behar badu bere egoerarekin bateragarria den beste lanpostu batengatik azaroaren 8ko 31/1995 Legeak –Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoak– 26. artikuluko 2 eta 3 zenbakietan ezarritakoaren arabera baina lanpostu- aldaketa hori teknikoki nahiz objektiboki ezin bada egin edo justifikatutako arrazoien ondorioz ezin bada eskatu.

3.Era berean, beren kontura diharduten emakumezko langileen kasuan, hau hartuko da babestutako egoeratzat: haurdun dagoen emakumezko langileak bere lanbide-jarduera aldi baterako bertan behera utzi behar izatea jardueran jarraituz gero haren osasuna edota fetuarena arriskuan egon litezkeelako, hala ziurtatzen badute Erakunde Kudeatzailearen edo Gizarte Segurantzarekin elkarlanean ari den mutualitate eskudunaren medikuntza- zerbitzuek.

4.Prestazio honi dagokionez, ez da babestutako egoeratzat hartuko emakumezko langilearen osasunean edo fetuarenean eragin kaltegarria izan dezaketen arrisku edo patologietatik eratorritakoa, ez baldin badu loturarik langileak gauzatzen duen eta Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian sartzeko erabakigarria izan den jarduerako agente, prozedura edo lan-baldintzekin.

27.artikulua. Edoskitze naturalaren aldiko arriskua.

1.Edoskitze naturalaren aldiko arriskuari dagokion prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko beren konturako eta besteren konturako emakumezko langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza berberetan eta eskatzen diren betebehar berberekin.

2.Prestazio horri dagokionez, besteren konturako langile emakumezkoen kasuan, lan-kontratuaren etenaldia hartuko da babestutako egoeratzat, baldin eta emakume langileak bere lanpostua aldatu behar badu bere egoerarekin bateragarria den beste lanpostu batengatik azaroaren 8ko 31/1995 Legeak –Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoak– 26.4 artikuluan ezarritakoaren arabera baina lanpostu-aldaketa hori teknikoki nahiz objektiboki ezin bada egin edo justifikatutako arrazoien ondorioz ezin bada eskatu.

3.Era berean, beren konturako langile emakumezkoen kasuan, edoskitze naturalak iraun bitartean langile emakumezkoak bere lanbide-jarduera eteten duen aldia hartuko da babestutako egoeratzat, jardueran jarraitzeak haren osasuna edo fetuarena arriskuan jartzen badu eta hala ziurtatzen badute Erakunde Kudeatzailearen edo Gizarte Segurantzarekin elkarlanean ari den mutualitate eskudunaren medikuntza-zerbitzuek.

4.Prestazio honi dagokionez, ez da babestutako egoeratzat hartuko emakumezko langilearen osasunean edo seme edo alabarenean eragin kaltegarria izan dezaketen arrisku edo patologietatik eratorritakoa, egoera horrek loturarik ez badu lanpostuko edo jarduerako agente, prozedura edo lan-baldintzekin.

28.artikulua. Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzeko prestazio ekonomikoa.

Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzeko prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko beren konturako eta besteren konturako langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza berberetan eta eskatzen diren betebehar berberekin.

29.artikulua. EZINTASUN IRAUNKORRA.

1.Araubide berezi honek ezintasun iraunkorragatik emandako prestazio ekonomikoa Araubide Orokorreko arauen arabera edo, kasua hala denean, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko araudiaren arabera eraenduko da.

2.Egoera horretan deklaratu dituzten eta araubide berezi honetan dauden beren konturako eta besteren konturako langileak izango dira prestazio horren onuradun, dagokien mailan, baldin eta, lege honetako 20.1 artikuluan eskatzen den baldintza betetzeaz gainera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean galdatzen den gutxieneko kotizazio-aldia estalia badute, esandako egoera istriputik –lanekoa izan edo ez– edo lanbideko gaixotasunetik eratorria denean salbu, kasu horietan ez baita eskatuko aldez aurreko kotizazio-aldirik.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, kontingentzia arruntetatik eratorritako ezintasun iraunkorreko pentsioak sorrarazi ahalko dira, edozein lanetarako ezintasun iraunkor absolutuaren mailakoak edo baliaezintasun handiko mailakoak, interesatuak egitate sorrarazlearen momentuan alta emanda edo altaren pareko egoeran ez badaude ere; kasu horretan, kotizazio-aldiari buruz Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 138.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.

3.Ez da aitortuko, aldiz, kontingentzia arruntetatik eratorritako ezintasun iraunkorrari dagokion prestaziorako eskubiderik, baldin eta onuradunak egitate sorrarazlearen egunean betetzen badu erretiro arrunta lortzeko adina koefiziente murriztaileak aplikatuta edo halakorik aplikatu gabe.

30.artikulua. ERRETIROA.

1.Erretiroko prestazio ekonomikoa, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, bakarra izango da onuradun bakoitzarentzat. Nolanahi ere, pentsio bat izango da, Araubide Orokorrean edo –kasua hala bada– Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako pentsioaren baldintza, zenbateko eta forma berberetan aitortuko zaiona.

2.Prestazio hori jasotzeko adina Araubide Orokorrean ezarritakoa izango da. Adin hori jaitsi ahal izango da, koefiziente murriztaileak aplikatuz, bereziki neketsu, toxiko, arriskutsu edo osasunaren kalterako diren eta gaixotasun- edo istripu-tasa handiak gertatzen diren lanbide-jardueretan, bai eta aurrera eramateko etengabe etxetik kanpo eta familiatik aparte egotea eskatzen duten horietan ere. Koefiziente murriztaileak jardueretako bakoitzean egiaz egindako denborari aplikatuko zaizkio. Halaber, egiaz egindako denboraren barruan sartuko dira gaixotasun edo istripuen ondorioz lehorrean emandako aldiak, bai eta oporraldiak, baimenak edo aplikatzekoa den laneko legedian ezarritakoaren arabera dagozkion gainerako lizentzia ordainduak ere.

Aipatutako koefiziente murriztaileak urriaren 5eko 1311/2007 Errege Dekretuan ezarrita daude, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzaren Erregimen Bereziko erretiro-pentsioa finkatzeko irizpide berriak xedatzen dituen horretan.

Koefiziente murriztaileen inguruko aldaketak, ezabaketak edo koefiziente berrien aplikazioak bat etorri beharko dute Gizarte Segurantzaren sisteman koefiziente murriztaileak ezarri eta erretiro-adina aurreratzeko araubide juridikoa eta prozedura orokorra arautzen dituen azaroaren 18ko 1698/2011 Errege Dekretuan ezarritako prozedurarekin.

3.Aurreko zenbakian aipatzen diren koefiziente murriztaileak aplikatzearen ondorioz langilearen erretiro-adina murriztua gertatzen den denbora ezingo da hamar urte baino gehiagokoa izan, eta pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko aplikatu beharreko portzentajea zehazteko joko da soil-soilik kotizatutako aldi gisa, baina portzentaje hori ezingo da ezein kasutan handiagoa izan langileari berez legokiokeen erretiratzeko adinera iritsi arte lan egin izan balu aplikatu beharko litzaiokeena baino.

4.Ezingo da adina murrizteko koefizienterik aplikatu erretiro-pentsiora alta ez den beste egoera batetik heltzen denean.

31.artikulua. Heriotza eta biziraupena.

1.Heriotza gertatu bada, arrazoia edozein dela ere, egoeren arabera, honako prestazioetako bat edo batzuk emango dira:

a)Heriotzagatiko laguntza.

b)Biziarteko alarguntza-pentsioa.

c)Aldi baterako alarguntza-prestazioa.

d)Umezurtz-pentsioa.

e)Biziarteko pentsioa senitartekoen mesedetan, edo, kasua hala bada, aldi baterako diru-laguntza.

f)Kalte-ordain berezi bat, kopuru bakarrekoa, laneko istripuaren edo gaixotasun profesionalaren kasuan.

2.Aurreko zenbakian jasotako prestazioei dagokienez, Araubide Orokorrean edo, kasua hala bada, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian jarritako arauak aplikatuko dira.

32.artikulua. Familiako prestazioak.

1.Araubide berezi honetako langileek eta pentsiodunek familiako prestazioetarako eskubidea izango dute indarrean dagoen arautegian ezarritako zenbateko, kasu eta baldintza berberetan.

2.Familiako prestazioen kudeaketa, aitortza eta ordainketa erregelamendu bidez erabakitzen den Erakunde Kudeatzailearen eginkizuna izango da.

33.artikulua. Langabezia-prestazioak.

Langabezia-prestazioak Araubide Orokorreko modu eta baldintza berberetan eta

betebehar berberekin emango zaizkie araubide berezi honetan egonda besteren kontura diharduten langileei, alde batera utzi gabe itsasoan lan egiteak dituen berezitasunak direla- eta onar litezkeen xedapen espezifikoak.

34.artikulua. Jarduera uzteagatiko prestazioak.

1.Araubide berezi honetako beren konturako langileak jarduera uzteagatiko prestazioen onuradun izan ahalko dira, langile autonomoek jarduera uzteagatik izango duten babes-sistema espezifikoa ezartzen duen abuztuaren 5eko 32/2010 Legean langile autonomoentzat aurreikusitako era eta baldintza berberetan eta betebehar berberekin, itsasoko eta arrantzako lanaren berezitasunak direla medio beste irizpide espezifiko batzuk aplikatzea beharrezkoa gertatzen denean salbu.

2.Jarduera uzteagatiko prestazioaren eskabidea eta kudeaketa Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den mutualitatearen edo Itsasoko Gizarte Institutuaren eginkizuna izango da, hau da, lanbide-gertakarien estaldura zeinekin hitzartuta dagoen.

3.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, kontingentzia honetarako kotizazio-oinarri osoa aintzat hartuta kalkulatuko da oinarri arautzailea; kotizazioko koefiziente zuzentzaileak aplikatu gabe, alegia.

4.Agintaritza eskudunak ezarritako nahitaezko arrantza-debekualdiak ez dira kontuan hartuko jarduera uztearen legezko egoeraren aurreko hurbileneko 12 hilabete jarraituko denboraldia zenbatzeko orduan, arrantza-debekualdi horietan ez bada kobratu jarduera uzteagatiko prestazioa.

35.artikulua. Gizarte-zerbitzuak eta gizarte-laguntza.

1.Aurreko artikuluetan aipatzen diren prestazioak gorabehera, erregelamendu bidez erabakitzen diren gizarte-zerbitzuak ezarriko dira langileen eta, kasua hala denean, haien onuradunen alde.

Aurreko paragrafoan sartuta egongo dira portuko gizarte-ongizateko instalazioetan ematen diren zerbitzuak, hau da, bai ostatu-zerbitzuak eta bai itsas lanetako gertakari eta egoera bereziei –itsasontzien hondoratzeen edo istripuen ondoriozkoei– erantzuteko xedea duten laguntza-prestazio hauek:

a)Norberaren fardelak galtzeagatik emandakoak.

b)Ontzian hiltzeagatik edo desagertzeagatik emandakoak.

c)Hilotza lekualdatzeagatik emandakoak.

Ostatu-zerbitzuak Itsasoko Gizarte Institutuak berak emango ditu Ceuta eta Melillako hirietan eta gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dagokion autonomia-erkidegoari eskualdatu ez zaizkion lurraldeetan.

2.Gizarte-laguntza Araubide Orokorreko kasu eta baldintza berberetan eman ahalko

da.

V. KAPITULUA

Gizarte Segurantzaren arloko arau-hausteak eta zehapenak

36.artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteen eta zehapenen arloan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean eta abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte- arloko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera jokatuko da.

VI. KAPITULUA

Sistemako arau orokorren aplikazioa

37.artikulua. Ordezko zuzenbidea.

Lege honetan berariaz aurreikusi ez denari dagokionez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean eta berori aplikatzeko eta garatzeko ematen diren xedapenetan jasotakoaren arabera jokatuko da.

II. TITULUA

Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babes espezifikoa

I. KAPITULUA

Aplikazio-eremu subjektiboa.

38.artikulua. Onuradunak.

Titulu honetan arautzen diren prestazioen eta zerbitzu espezifikoen onuradun izango dira, Itsasoko Gizarte Institutuaren esparruan, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian egonik beren jarduera itsasoko eta arrantzako sektorean gauzatzen duten pertsonak, bai eta aipatutako araubide berezian egon gabe itsasoko eta arrantzako sektorean lan-jarduera bat garatzeko asmoa dutenak ere.

II. KAPITULUA

Itsasoko eta arrantzako sektorerako prestazio eta zerbitzu espezifikoak

39.artikulua. Itsas osasungintza.

Itsas osasungintzako zerbitzuek, gutxienez, alderdi hauek hartuko dituzte barnean:

a)Itsasontziratu aurreko osasun-azterketak egitea, Espainiako arautegi espezifikoaren arabera eta Espainiak berretsiak dituen Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenekin bat etorriz; berorien helburua eskatzailearen baldintza psikofisikoak lanpostuaren ezaugarriekin bateragarriak direla bermatzea izango da, eta ez dezatela arriskurik ekarri ez eskatzailearen osasun eta segurtasunerako, ez eta eskifaiako gainerako kideentzat ere. Baita Espainiako araudi propioan oinarritutako edo Espainiak berretsiak dituen nazioarteko hitzarmenetatik eratorritako araudien arabera beste osasun-azterketa batzuk egitea ere, beharrezkoak baldin badira itsasoko eta arrantzako sektorearekin lotura duten jardueretarako.

Osasun-azterketa horiek Itsasoko Gizarte Institutuaren probintziako eta tokiko itsas osasungintzako zentroetan egingo dira.

b)Itsasontzien osasun-baldintzen ikuskaritza, ontziko botika-kutxen kontrola barne. Ikuskatze-lana Itsasoko Gizarte Institutuko osasun arloko langileek egingo dute, Espainiako araudi espezifikoaren eta Espainiak berretsiak dituen nazioarteko hitzarmenetatik eratorritako araudiaren esparruan.

Era berean, itsasontzian eraman beharreko botika-kutxaren kontrola ere egingo da, sostengu-tresna izango baita irratiz egindako kontsultaren bitartez medikuak agintzen duena betetzeko; hainbat faktore kontuan hartuta egingo da kontrola: itsasontzi mota, barruan doan pertsona kopurua, bidaiaren zer-nolakoa, jomuga eta iraupena, bidaian egingo diren jarduera motak, daramaten zamaren ezaugarriak eta zenbat langile doazen barkuan. Diru-laguntzak emateko prozedurak artikulatu ahal izango dira itsasontzietan nahitaezko botika-kutxa horiek izatea hein batean finantzatzeko.

c)Laneko osasuna babesteko, sustatzeko eta hobetzeko neurriak hartzea, itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen osasuna zaintzea barne dela, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta berori garatzeko araudian ezarritakoaren arabera. Baita etorkizunean lan esparruko prebentzio-medikuntzaren arloan Itsasoko Gizarte Institutuari sektorerako gomenda liezazkioketen beste zeinahi jarduketa ere.

40.artikulua. Laguntza-zerbitzuak.

1. 38. artikuluko onuradunen alde laguntza-zerbitzu hauek ezarriko dira:

a)Atzerrian itsasoko langileak mantentzeko eta sorterrira ekartzeko laguntza ematea, abandonatu, preso hartu, hondoratu edo antzeko zerbait gertatuz gero.

b)Nazio-lurraldean iragaitzaz dauden itsasoko langileei, naziokoak edo atzerritarrak izan, laguntza ematea, premian baldin badaude hondoratzeagatik, istripua izateagatik edo beste arrazoi justifikatu bategatik.

Zerbitzu horiek Itsasoko Gizarte Institutuak berak emango ditu Ceuta eta Melillako hirietan eta gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dagokion autonomia-erkidegoari eskualdatu ez zaizkion lurraldeetan.

2.38. artikuluan ezartzen diren baina Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian ez dauden onuradunek ere baliatu ahalko dituzte 35. artikuluan araututako zerbitzuak, baldin eta beroriek jasotzeko ezarritako betebeharrak betetzen badituzte; kasu horietan, ordea, esandako zerbitzuak 48.3 artikuluan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira.

41.artikulua. Itsasoko eta Osasungintzako Lanbide Heziketa.

1.Itsasoko Gizarte Institutuak, hainbat gomendio, hitzarmen eta zuzentarautan –hala Lanaren Nazioarteko Erakundearenetan (LANE) nola Europar Batasunarenetan, bereziki LANEren 137. gomendioan– ezarritakoarekin bat etorririk eta itsasoko eta osasungintzako lanbide heziketaren arloan eman zaizkion eskumenen indarrez, urteroko heziketa planak onartuko ditu eta plan horiek ekitaldi bakoitzean hedatzeko edo aldatzeko aukera egongo da, itsasoko eta arrantzako sektoreko onuradunen prestakuntzaren arloko eskaerei eta premiei erantzuteko xedearekin.

2.Itsasoko Gizarte Institutuaren itsasoko eta osasungintzako lanbide heziketaren onuradun izan ahalko dira heziketa horretan interesa eduki dezaketen pertsona guztiak, itsasoko eta arrantzako sektoreko zereginetan jarraitzeko edo jarduteko asmoa badute, eta egiaztatu beharko dute indarrean dagoen araudian ezartzen diren betebeharrak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko momentuan.

3.Aipatutako heziketa Itsas Heziketarako Zentro Nazionaletan eta Itsasoko Gizarte Institutuaren probintziako edo tokiko egoitzetan emango da, bere bitartekoekin, edo kontratatuekin, beharrezkoa baldin bada heziketa aurrera eramateko.

III. TITULUA

Kudeaketa eta ekonomia- eta finantza-araubidea

I. KAPITULUA

Kudeaketa

42.artikulua. Erakunde eskuduna.

1.Itsasoko Gizarte Institutua, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren zuzendaritzapean eta zaintzapean aritzen den eta nazio-eremuko nortasun juridiko propioa duen zuzenbide publikoko erakunde gisa, Gizarte Segurantzaren Estatuko Idazkaritzari atxikita dago, eta eskumen-dimentsio bikoitza du: itsasoko eta arrantzako sektorearen gizarte-arretaz arduratzen den organismoa da, batetik, eta Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren erakunde kudeatzailea, bestetik.

2.Itsasoko Gizarte Institutuak modu deszentralizatuan jardungo du, lurralde-eremu guztietan. Estatuaren neurri berean eta indarrean dagoen zergei buruzko legediak kasuan kasu ezartzen dituen muga eta erresalbuekin, zergak ordaintzetik guztiz salbuetsita egongo da, notaritzako eta erregistroetako eskubideak eta ordainsariak barne, egiten dituen ekintzengatik edo bere xedeetarako eskuratzen edo jabetzan dituen ondasunengatik, baldin eta aipatutako tributu edo ordainarazpen horiek zuzenean esandako organismoari badagozkio zergadun legezko gisa, eta legez posible ez bada tributu-zama beste pertsona batzuen gain uztea.

Estatuak daukan bezalaxe, posta- eta telegrafo-frankizia ere izango du.

3.Itsasoko Gizarte Institutuak bere eginkizunak betetzean bildu dituen edo eman zaizkion datu, txosten edo aurrekariei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 66 eta 66 bis artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

43.artikulua. Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren kudeaketa.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren erakunde kudeatzailea denez, Itsasoko Gizarte Institutuaren ardura izango da araubide berezi horren prestazioetarako eskubidea kudeatzea, administratzea eta aitortzea. Prestazio horiek lege honetako I. tituluko IV. kapituluan araututako babes-ekintzaren barruan sartzen dira.

Halaber, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren erakunde laguntzaile gisa arituko da honako arlo hauetan: enpresen izen-ematea, aipatutako araubide berezira atxikitako langileen afiliazioa, altak, bajak eta datuen aldaketak, eta kotizazioaren eta borondatezko epeko diru-bilketaren kudeaketa.

2.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren kudeaketako lankidetza Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateek, enpresa eta elkarteek, fundazioek eta erakunde publiko eta pribatuek eramango dute aurrera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko I. tituluko VII. kapituluaren laugarren atalean ezarritakoaren arabera.

44.artikulua. Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babes espezifikoaren kudeaketa.

Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babes espezifikoaz arduratzen den

organismoa den neurrian, Itsasoko Gizarte Institutuari dagokio lege honetako II. tituluan araututako prestazio eta zerbitzuetarako eskubidea kudeatzea, administratzea eta aitortzea.

Hori kudeatzeko, elkarlanean arituko da Merkataritzako Nabigazioko Zuzendaritza Nagusiarekin, Arrantzako Idazkaritza Nagusiarekin eta itsasoko eta arrantzako sektorearekin lotura duten gainerako organismoekin.

45.artikulua. Itsasoko Gizarte Institutuaren antolakunde-egitura.

1.Gobernuak, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak proposatuta, Itsasoko Gizarte Institutuaren egitura eta eskumenak arautuko ditu.

2.Itsasoko Gizarte Institutuak modu deszentralizatuan jardungo du, lurralde-eremu guztietan.

3.Itsasoko Gizarte Institutuak honako hauek izango ditu kudeaketaren kontrolean eta zaintzan parte hartzeko organo gisa:

a)Nazio-eremuan:

1Kontseilu Nagusia.

2Kontseilu Nagusiko batzorde eragilea.

b)Probintzia-eremuan:

Probintziako batzorde eragileak.

46.artikulua. Kudeaketan parte hartzeko organoen osaera eta funtzionamendua.

1.Aurreko artikuluan aipatzen diren kudeaketaren kontrolean eta zaintzan parte hartzeko organoen osaera eta funtzionamendua erregelamendu bidez arautuko da, kontuan izanik organo horietako kideen artean egon beharko dutela, funtsean neurri berean, ordezkaritza handiena duten erakunde sindikaletako eta enpresa-elkarteetako ordezkariek, Administrazio Publikoaren ordezkariek eta, azkenik, baita itsasoko eta arrantzako sektoreko zuzenbide publikoko korporazioen ordezkariek ere. Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkarien izendapena emakumeen eta gizonezkoen presentzia orekatuaren printzipioaren arabera egingo da, arrazoi funtsatuak, objektiboak eta behar bezala justifikatuak daudenean salbu.

2.Kontseilu Nagusiko lehendakaria Gizarte Segurantzaren Estatuko Idazkaritzako titularra den pertsona izango da, eta Kontseilu Nagusiko Batzorde Eragilekoa, berriz, Itsasoko Gizarte Institutuko Zuzendaritzako titularra.

II. KAPITULUA

Ekonomia- eta finantza-araubidea

47.artikulua. Finantza-sistema.

Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren finantza-sistema Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrari buruzko testu bategineko I. tituluaren VIII. kapituluko bigarren atalean ezartzen dena izango da.

48.artikulua. Baliabide orokorrak.

1.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren baliabideak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrari buruzko testu bategineko I. tituluaren VIII. kapituluko bigarren atalean jasotakoaren arabera, Gizarte Segurantzako sistemaren finantzaketan aurreikusitakoak izango dira, tasak eta prezio publikoak eta pertsona fisiko edo juridikoetatik, publiko edo pribatuetatik jasotako diru-sarrerak barne, baita jasotzeko baimenduta dauden doako ekarpenak ere.

2.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren babes-ekintza finantzatzeko, kotizaziopekoa ez den modalitate unibertsalean, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrari buruzko testu bategineko I. tituluaren VIII. kapituluko bigarren atalean xedatutakoari jarraituko zaio, baita prestazioen izaera zehazteko ere.

3.Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrari buruzko testu bategineko 86.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, Gizarte Segurantzaren babes-ekintzan sartzen diren osasun- asistentziako prestazio eta zerbitzuak eta gizarte-zerbitzuei dagozkienak –Itsasoko Gizarte Institutuak kudeatutakoak–, laneko istriputik edo lanbideko gaixotasunetik eratorriak direnean salbu, Estatuak finantzatu egin beharko ditu, eta finantzaketa hori ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontuetan kontuan izan beharko da.

Lehenengo xedapen gehigarria. Kotizazioko koefiziente zuzentzaileak beste edozein hobari edo murrizketarekin aplikatzeko bateraezintasunaren salbuespena.

Lege hau indarrean jarri aurretik baliatzen ari ziren hobariei ez zaie aplikatuko 11.5 artikuluan xedatutakoa.

Bigarren xedapen gehigarria. Langile-gastuak ez handitzea.

Arau honetan jasotako neurriek ezingo dute hornidura-handitzerik eragin, ez eta ordainsariak edo bestelako pertsonal-gastuak handitzerik ere.

Hirugarren xedapen gehigarria. Kirol eta aisialdiko murgilarien laneko baldintzei buruzko azterlana.

Gobernuak, urtebeteko epean, dagozkion azterlanak egingo ditu kirol eta aisialdiko murgilariek egiten duten lanak kolektibo hori Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren aplikazio-eremuan sartu ahal izateko beharrezkoak diren betebeharrak betetzen dituen edo ez argitzeko.

Lehenengo xedapen iragankorra. Aurreko legerien aplikazioa erretiro-pentsiorako eskubidea sorrarazteko.

1.Itsas Montepio Nazionalean eta Portuko Langileen Aurreikuspen Kutxan 1970eko abuztuaren 1ean –egun horretan jarri zen indarrean Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia– edo egun horren aurretik alta emanda zeuden afiliatuek erretiro-pentsioa sorrarazi ahalko dute 55 urtetik aurrera –portuko zamaketarien kasuan, 60 urtetik aurrera–, baldin eta, indargabetutako araubideko arauen arabera, erretiro- pentsioa lortzeko eskubidea bazuten adin horretatik aurrera. Kasu horretan, araubide berrian egokitzen zaien pentsioaren portzentajea, egin dituzten kotizazio-aldiekin bat

etorririk, zazpi ehunen murriztuko da erretiro-adinera heltzeko falta zaien urte bakoitzeko. Urtebete baino gutxiagoko denbora-zatiak, berriz, hamabirenen heinean banatuko dira.

Aurreko paragrafoan aipatzen den pentsioaren portzentajea kalkulatzeko, kasua hala denean, lege honen 30. artikuluan aipatzen diren erretiro-pentsioa sorrarazteko adinaren koefiziente murriztaileak haztatuko dira.

2.Araubide berezi hau indarrean jarri aurretik indarrean zeuden estatutuen eta gainerako arauen arabera aterako litzatekeena baino portzentaje txikiagoa ateratzen bada kasuren batean xedapen iragankor honetako 1 zenbakian xedatutakoa aplikatuta, aurreko portzentaje hori aplikatuko da.

Bigarren xedapen iragankorra. Aurreko araubideetan egindako kotizazioak.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko bigarren xedapen iragankorrean eta haren aplikazio eta garapenerako emandakoetan jasotako arauak aplikatuko zaizkio araubide berezi honi, salbuespen hauekin:

a)Araubide Orokorraren ondorio-datari edo 1967ko urtarrilaren 1ari egindako erreferentziak araubide berezi hau 1970eko abuztuaren 1ean indarrean jartzeari egindako aipamen gisa ulertuko dira.

b)Laneko Mutualismoari egiten zaizkion aipamenak Itsas Montepio Nazionalari eta Portuko Langileen Aurreikuspen Kutxari egindakotzat ulertuko dira, eta, era berean, Laneko Mutualismoaren Erregelamendu Orokorrari egiten zaizkionak, esandako Kutxa eta Montepioen arau erregulatzaileei egindakotzat.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta gelditzen dira lege honetan ezarritakoari kontra egiten dioten xedapen guztiak, eta, izendatuki, abenduaren 30eko 116/1969 eta ekainaren 21eko 24/1972 legeen testu bategina, abuztuaren 30eko 2864/1974 Dekretuaren bidez onartu zena eta Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia arautzen zuena, eta abenduaren 30eko 116/1969 Legearen Erregelamendu Orokorra, uztailaren 9ko 1867/1970 Dekretuaren bidez onartua eta Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia erregulatzen zuena.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.17 artikuluan ezarritakoaren babesean eman da, zeinak Estatuari esleitzen baitio Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeria eta araubide ekonomikoaren gaineko eskumen esklusiboa.

Aurreko horretatik salbuesten dira: III. titulua, zeina Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan soilik baita zuzenean aplikatzekoa; 39. artikulua, Konstituzioaren 149.1.16 artikuluaren babesean eman dena, zeinek Estatuari egozten baitio osasunaren oinarrien eta koordinazio orokorraren arloko eskumena; eta 41. artikulua, Konstituzioaren 149.1.7 artikuluak laneko legeria emateko Estatuari egozten dion eskumenaren babesean emana.

Azken xedapenetatik bigarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuari ahalmena ematen zaio lege honetan aurreikusitakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapen orokorrak eman ditzan.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Barkuen tonajearen neurketaren aldaketa.

Barkuen tonajearen neurketaren arloan indarrean dagoen araudia betetzeko, erregelamendu bidez langileen sailkapena aldatuko da, ondorio guztietarako.

Azken xedapenetatik laugarrena. INDARREAN SARTZEA.

1.Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo hileko lehen egunean jarriko da indarrean, 3. artikuluko b), e), f), i) eta j) letretan, 4.1 artikuluko a) 1, 3 eta 4, d), e) eta g) letretan, 10. artikuluan eta 11.5 artikuluan xedatutakoa salbuetsita, zeina 2016ko urtarrilaren 1ean jarriko baita indarrean.

2.Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren aplikazio-eremuan sartuta ez zeuden lege honen I. tituluko I. kapituluan zerrendatutako langileen kolektiboen kasuan, lege hau indarrean jartzen den egunak ekarriko du aipatutako araubide bereziaren barruan sartzeak berekin dakartzan eskubide, eginbehar eta obligazioak izatea.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 21ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra