4/2019 Legea, martxoaren 7koa, Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren eremuan irakaskuntzan eta hezkuntzan aritzeko baldintzak hobetzekoa.
2019-03-07Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 03/08/2019, 58. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
3307 4/2019 Legea, martxoaren 7koa, Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren
eremuan irakaskuntzan eta hezkuntzan aritzeko baldintzak hobetzekoa.
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.
HITZAURREA
Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretuak erabaki batzuk ezarri zituen, hezkuntza-sistemaren kalitatearekin eta eraginkortasunarekin lotutako helburuak bete ahal izateko eta, era berean, aurrekontu-orekaren helburuak bete eta gastu publikoaren kontrolean eta lan publikoaren eskaintzan eragina izateko. Garai hartako egoera ekonomikoa zela-eta ezarri ziren neurri horiek, zeinak salbuespenekotzat jo baitziren errege lege-dekretuan.
Orduz geroztik, estatuko egoera ekonomikoak hobera egin du, eta onartutako neurriek aipatzen dituzten alderdietan eragina duten beste arau batzuk onetsi izan dira gerora. Hori dela eta, komeni da neurriak gaur egungo egoera kontuan hartuta berrikustea, sasoi hartako egoera ekonomiko zailean gastu publikoan eragina izateko sortu baitziren.
Horrela, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzari dagokionez, 14/2012 Errege Lege Dekretuak 2. artikuluan onartu zuen % 20ra arte areagotu daitezkeela Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen gehieneko ratioak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 157.1.a) artikuluan ezarritakoak, baldin eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak lan-eskaintza publikoaren bidez langile berriak jartzeko baimenik ematen ez badu edo langileak berrezartzeko % 50etik beherako tasa bat ezartzen badu, oinarrizko izaerarekin.
Estatuko 2016ko, 2017ko eta 2018ko aurrekontu orokorren legeek % 100eko berrezartze-tasa ezarri zuten Hezkuntzaren Lege Organikoa garatzeko hezkuntza-eskumenak dituzten administrazio publikoetako irakasle funtzionarioen kidegoetara sartzeko. Horrek, inplizituki, agerian jartzen du 14/2012 Errege Lege Dekretua onartzea eragin zuen unean uneko egoera ekonomikoa gaindituta dagoela eta, beraz, ez dela beharrezkoa 14/2012 Errege Lege Dekretuak onartutako neurriari eustea. Gainera, azken urteetako Estatuko aurrekontu orokorren legeen arabera, neurri hori ezeztatzeak gaur-gaurkoz ez luke eraginik izango gastu publikoan, eta mantentzeak, berriz, eragin handia izango luke hezkuntzaren kalitate-estandarrak bermatzeko orduan, ikasgela bakoitzeko ikasle-kopurua handitzeak kalte egiten diolako hezkuntzaren kalitateari.
Halaber, 14/2012 Errege Lege Dekretuak, 3. artikuluan, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren arloko bigarren neurri gisa ezarri zuen honako hau: «Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako irakasgaiak ematen dituzten irakasleen asteko lanaldia, ikastetxe publikoei eta funts publiko bidez lagundutako ikastetxe pribatuei dagokienez, gutxienez, 25 irakastordukoa izango da haur-hezkuntzan eta lehen hezkuntzan eta 20 irakastordukoa, aldiz, gainerako hezkuntza-mailetan, hargatik eragotzi gabe indarreko araudian barne hartutako lanaldi murriztuko egoerak».
Lehen, gai hori hezkuntza-administrazio bakoitzak arautzen zuen, baina Konstituzio Auzitegiak Estatuari bermea eman dio irakasleen gutxieneko lanaldia oinarrizko izaerarekin erregulatzeko (Konstituzio Auzitegiaren 26/2016 eta 54/2016 sententziak, besteak beste). Alabaina, egoera ekonomikoa aldatu egin denez, eta gaur egun ez gaudenez 14/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez neurria onartzea eragin zuen egoera berean, arrazoizkoa dirudi egoera lehengoratzea eta hezkuntza-administrazioei gai hori erregulatzeko aukera ematea berriro. Gogoan izan behar da, gainera, horrek ez liokeela eragingo irakasleen lanaldiari, gainerako langile publikoen lanaldien muga berberetan mantenduko baita.
Bestalde, 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluak honako hau xedatzen du ikastetxe publikoetako irakasleak ordezteari dagokionez: «irakasle titularrak behin-behinekoz ordezteko bitarteko funtzionarioak izendatu ahalko dira, baina izendapena sorrarazi duen egoera gertatzen denetik hamar irakastegun igarotakoan. Bitarteko irakaslea izendatu arteko hamar irakastegun horiez kargu egiteko, ikastetxe horretako bertako baliabideak erabili beharko dira». 2016rako Estatuko Aurrekontu Orokorren urriaren 29ko 48/2015 Legearen azken xedapenetako hamabosgarrenak aldatu egiten du artikulu hori, eta ezartzen du honako kasu hauetan berehala izendatu ahal izango direla bitarteko funtzionarioak, irakasle titularrak behin-behinekoz ordezteko: ordeztutako irakasleak hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dauzkaten ikasleei ematen dienean laguntza; ordeztutako irakasleak bi hezkuntza-lerro baino gutxiago ezarrita dauzkaten ikastetxeetan ematen dituenean zerbitzuak; ordeztutako irakasleak Batxilergoko bigarren mailan ematen dituenean eskolak; eta ordeztearen zergatia amatasun-, aitatasun-, adopzio- edo harrera-egoera denean, aurreadopziozkoa edo iraunkor nahiz sinplea, Kode Zibilarekin edo autonomia-erkidegoan egoera hori arautzen duten lege zibilekin bat.
Aldaketa horrek hezkuntza-administrazioen egoera arindu bazuen ere, 4. artikuluan jasotako neurriak galera handia ekarri du eta zurrunegia izan da ikastetxeen ohiko jarduna antolatzeko, eta ondorio negatiboak izan ditu hala ikastetxeetako antolakuntzaren eraginkortasunean nola irakaskuntzaren kalitatean eta ikasleenganako arretan.
Horrenbestez, lege honekin, Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren aurreko egoera berrezarri nahi da; izan ere, jada ez gaude salbuespenekotzat jotako neurri horiek onartzea eragin zuen egoera berean, eta neurriok baliogabetzeak argi eta garbi hobetuko lituzke unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako baldintzak. Horrela, apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 4. artikulua indargabetzeak dakartzan berehalako ondorioak aplikatuko dira, eta, ikasturtearen plangintza eta antolakuntza kontuan hartuta, legea indarrean sartu eta ondorengo ikasturtea hasitakoan aplikatuko da haren artikulu bakarrean xedaturikoa.
Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioak.
Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, araudi honek hezkuntza-administrazioei ikastetxeak eraginkortasunez antolatzeko neurri egokiak ematea ahalbidetuko du, eta horren eraginez hobetu egingo da irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleenganako arreta.
Artikulu bakarra. Irakaskuntza hobetzeko neurriak.
1. Hezkuntza-administrazioek, beharrezko baliabideak jarriz, bermatuko dute Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ez dela gainditzen ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle-kopurua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 157.1.a) artikuluan ezarritakoa, ezta lege organiko horrek berak arautzen dituen gainerako ikasketetarako erregelamendu-arauaren bidez finkaturikoa ere.
2. Hezkuntza-eskumenak dituzten administrazio publikoek, bakoitzak bere esparruan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen asteko lanaldia ezarri ahal izango dute; oro har, gehienez ere hogeita hiru orduko lanaldia gomendatzen da Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako, eta gehienez ere hemezortzi ordukoa lege organiko horrek arautzen dituen erregimen orokorreko gainerako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetarako.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik gelditzen dira Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 2., 3. eta 4. artikuluak.
Azken xedapenetako lehena. Aplikazioa.
1. Lege honen artikulu bakarreko aurreikuspenak legea indarrean jarri eta ondorengo ikasturtea hasitakoan aplikatuko dira.
2. Estatuaren Administrazio Orokorrak finantzaketa egokia eta nahikoa emango du hezkuntza-administrazioek lege honetako aurreikuspenak bete ahal izan ditzaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-titulua.
Lege hau oinarrizko izaerarekin ematen da, Estatuari Konstituzioaren 149.1 artikuluaren arabera dagozkion eskumen hauen babesean: 18.a, administrazio publikoen araubide juridikoaren eta funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarriekin lotutakoa (administratu guztiak era berean tratatuko dira beti), eta 30.a, Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko eta botere publikoek alor honetan dituzten betebeharrak betetzen dituztela bermatzeko oinarrizko arauekin lotutakoa.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.
Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.
Horrenbestez,
Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.
Madrilen, 2019ko martxoaren 7an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON