|
I. XEDAPEN OROKORRAK |
|
ESTATUKO BURUZAGITZA |
1933 |
4/2017 Errege Lege Dekretua, otsailaren 24koa, Salgaiak manipulatzeko |
|
portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen duena, Europar |
|
Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaia betetzeko |
|
—C-576/13 auzigaia (2009/4052 arau-hauste prozedura)—. |
ZIOEN AZALPENA
I
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaiak (C-576/13 auzigaia, 2009/4052 arau-hauste prozedura) Espainiako Erresuma kondenatu du, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren lege-araubideak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikulua urratzen duela iritzita, honako baldintza hauek ezartzen baitizkie jarduera hori egin nahi duten enpresei:
–portuetako estibatzaileen kudeaketarako sozietate anonimo (SAGEP) baten kapitalean parte hartzea, eta
–sozietate anonimo horrek haien esku jartzen dituen langileak lehentasunez kontratatzea, eta halako langileen gutxieneko kopuru bat kontratatzea oinarri iraunkorrean.
Epai horrek ez du aurrez zehazten legez aplikatu beharreko formularik, baina onargarritzat jotzen ditu aukera hauek:
–estibatze-enpresek berek, langile iraunkorrak edo aldi baterakoak askatasunez kontrata ditzaketelarik, beren burua lan-indarrez hornitzeko erabiliko dituzten enplegu- bulegoak kudeatzea eta langileen prestakuntza antolatzea, edo
–enpresa pribatuek kudeatutako langile-erreserba bat sortzea; enpresa horiek aldi baterako laneko agentzia gisara jardungo lukete eta estibatze-enpresen esku jarriko lituzkete langileak.
Errege lege-dekretu honen xedea da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpena betetzea, barne-zuzenbidea aldatuz, bateragarria izan dadin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikuluak aldarrikatzen duen kokatzeko askatasunarekin. Hala ere, Auzitegiak berak aitortu du langileen babesa eta portu-uretako segurtasunaren bermea bidezko helburuak direla eta arloko araudia inspiratu dezaketela. Horregatik, mantendu egiten da estibatzaileek beren lanetan aritzeko lanbide- gaikuntza egokia eduki beharra.
II
Lege-aldaketaren bidez, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuko langileen kudeaketari buruzko egungo araubideko arau gehienak kentzen dira. Araubide hori Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginean jasorik dago. Hala, berariaz indargabetzen dira testu bategin horretako hainbat artikulu, eta aldatu egiten dira beste batzuk, zeinen arau-proiekzioak iraun behar baitu, baina egoera berriari egokituta.
Baina, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren eremuan kontratatzeko askatasunaren printzipioa aldarrikatzen bada ere, hiru urteko trantsizio-prozesu bat ezarri beharra dago, igarotze ordenatua ahalbidetzeko, horrela eginez, aukera ematen baitzaie SAGEPetako langileei lehendik dituzten lan-eskubideei euts diezaieten lehiatzeko askatasunaren jokaleku berrian. Horretarako, bermatu egiten da Portu Administrazioak
finantza-babesa emango diela sektorearen konfigurazio berrirako beharrezkoak diren eragiketei.
Trantsizio-aldian SAGEPek iraun ahal izango dute, eta, kasu eta une bakoitzean behar den neurrian finantzatu ahal izan daitezen, honako betebehar hau ezartzen zaie, halaber, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan aritzeko lizentziaren titular diren enpresei: SAGEPetatik datozen langileak eskatzea —hasiera batean ehuneko hirurogeita hamabosteko portzentajean, eta geroago eta portzentaje txikiagoan— orain arte langile horiexek egin dituzten jardueretarako.
Trantsizio-aldia amaitutakoan, SAGEPek beren jarduera garatzen jarraitu ahal izango dute lehiatzeko askatasunaren araubidearekin bat, baldin eta aldi baterako laneko enpresentzat ezarritako betekizun orokorrak betetzen badituzte.
III
Errege lege-dekretu honek lau artikulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen ditu.
Artikuluetan, arau-aldaketari bide eman dion ratio legisa azaltzen da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, C-576/13 auzigaiaz, 2014ko abenduaren 11n emandako epaia betetzera bideratua; eta salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren eremuan kontratatzeko-askatasunaren printzipioa ezartzen da, halako moduan non operadoreek ez baitute parte hartu beharrik izango portu-langileak haien esku jarriko dituen inongo enpresatan, eta askatasun osoz kontratatu ahal izango dituzte langileok, baldin eta horien lanbide-gaikuntza bermatzera bideratutako betekizunak betetzen badira.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak espresuki iradoki duen ildoari jarraituz, portuetako enplegu-zentroak sortzea aurreikusten da. Horien helburua izango da, hain zuzen ere, portuetako langileek enplegu erregularra izatea salgaiak manipulatzeko portu- zerbitzuan, bai eta langileoi prestakuntza eman eta salgaiak manipulatzeko portu- zerbitzurako lizentzia edo merkataritzako portu-zerbitzuetarako baimena duten enpresei haiek aldi baterako lagatzea ere; beraz, zentro horiek aldi baterako laneko enpresa gisa jardungo dute sektorearentzat berariaz, eta indarreko legeriaren arabera aldi baterako laneko enpresei eskatzen zaien Lan Administrazioaren baimena beharko dute. Estibatze- enpresek ez dute parte hartu beharrik izango sortzen diren zentroetan, ez eta zentro horiek eskaintzen dizkieten langileak lehentasunez kontratatu beharrik ere.
IV
Lehenengo xedapen gehigarriak, portu-lanek berezkoa duten irregulartasuna dela-eta, enpresak Gizarte Segurantzari gertakari arruntengatik ordaintzen dion kuotaren errekarguaren aplikaziotik salbuesten ditu salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateari lotutako aldi baterako kontratuak.
Bigarren xedapen gehigarriak Lan Zuzenbidearen iturrien sistemako printzipio klasiko bat du abiapuntu: Legea hitzarmen kolektiboaren gainetik dago. Hala ere, bi ordenen arteko araugintza-gatazkak luza ez daitezen —halakoek beti sortzen baitituzte segurtasun juridikorik eza eta interpretatzeko zailtasunak—, urtebeteko gehieneko epea ezartzen du hitzarmen kolektiboak behar den neurrian egokitu daitezen lege-aurreikuspen berrietara. Adierazitako epean egokitzapen hori egiten ez bada, deuseztatu egingo dira, ope legis, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren edo merkataritzako portu-zerbitzuen eremuan kontratatzeko askatasuna murrizten duten xedapenak edo lehia mugatzen dutenak.
Hitzarmenezko araudi aplikagarriaren aldaketak banakako lan-baldintzen funtsezko aldaketa ekar lezakeela kontuan izanik, langileei eskubidea aitortzen zaie beren kontratua hutsaltzeko, baldin eta funtsezko kaltea eragiten bazaie, eta kalte-ordaina jasotzeko; kalte- ordain horren zenbatekoa, berriz, lan-baldintzen funtsezko aldaketarengatik kontratua amaitzen den kasuetarako ezarritakoa bera izango da.
V
Zuzenbide iragankorreko aurreikuspenek garrantzi berezia hartzen dute errege lege- dekretu honetan, giltzarri baitira arau-esparru berrirako trantsizio ordenatua egiteko. Ekonomia nazionalerako zein kanpo-merkataritzarako estrategikoa den eta milaka langile enplegatzen dituen sektore batentzat proiektatu da arau-esparru hori, eta behar bezala baloratu behar dira sektore horretako langileen interesak.
Lehenengo xedapen iragankorrak trantsizio-aldiaren iraupena zehazten du: hiru urte, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Bitarte horretan, gaur egun dauden SAGEPak mantendu ahal izango dira, eta horiekin lan-kontratu indarduna duten langileek beren araubide juridikoari eutsiko diote. Aldi horretako lehenengo seihilekoa amaitu baino lehen, SAGEPetako akziodunek banaka erabaki beharko dute aurrera jarraitu ala sozietatetik banandu nahi duten. Banantzea erabakitzen dutenen akzioak sozietatean irauten duten akziodunek erosiko dituzte, edo, halakorik egon ezean, amortizatu egingo dira eta ondorioz kapitala murriztu egingo da.
Akziodun batek ere ez badu SAGEPean iraun nahi, sozietatea desegin egingo da Kapital Sozietateen Legean ezarritako arau orokorrei jarraituz.
Portu Administrazioak nahitaez bereganatu beharko ditu 2014ko abenduaren 11 (Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren eguna) baino lehen sortutako lan- pasiboak, nahitaezko lege-sistema baten ondorioz sortuak direlako, eta, bestalde, lehendik kokatuta dauden operadore pribatuen lehia-egoera eta zerbitzu horretan ex novo hasten diren operadoreena parekatu nahi direlako. Hori dela-eta, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera portu-langileen eta SAGEPen artean indarrean dauden lan-kontratuak amaitzen badira —kontratua amaitu osteko hiru urteetan erretiro- adinera helduko diren langileen kontratuak izan ezik—, edo salgaiak manipulatzeko portu- zerbitzuan aritzeko lizentzien titular diren enpresek, egun hori baino lehenagotik, SAGEPetatik etorritako langileekin legearen aginduz lan-araubide arruntean sinatuta dauzkaten kontratuak amaitzen badira, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak —urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua— 51. eta 52. artikuluetan aurreikusitako arrazoietako edozeinengatik amaitu ere, langileek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute; kalte-ordainaren zenbatekoa kontratua arrazoi objektiboengatik amaitzen denerako ezarritakoa izango da, eta kasuan kasuko SAGEParen eremu geografikoan eskumena duen portu-agintaritzak egin beharko dio aurre, ex lege betebehar gisa.
Bistan denez, iraungo duten SAGEPek halako jarduera maila bat mantendu beharko dute trantsizio-aldian beren burua finantzatzeko, eta horixe hartzen du kontuan bigarren xedapen iragankorrak. Hori dela-eta, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzien titular diren enpresek, autoprestazio-araubidea dutenek izan ezik, SAGEPetatik datozen portu-langileen bidez egin beharko dute beren jardueraren zati bat, trantsizio- aldian. Dena dela, aukera hauek izango dituzte portzentaje horiek betetzeko: SAGEPei zuzenean langileak eskatzea; SAGEPetatik datozen langileak eskatzea portuetako enplegu-zentroei edo aldi baterako laneko beste enpresa batzuei, zeinetan ez baitute parte hartzen; SAGEPetatik datozen langileak beren plantilletan sartzea, edo portuetako enplegu-zentroetan edo aldi baterako laneko beste enpresa batzuetan sartzea, zeinetan parte hartzen baitute. Jardueraren portzentaje hauek bete beharko dira: lehenengo urtean ehuneko 75, bigarren urtean ehuneko 50 eta hirugarren urtean ehuneko 25.
Hirugarren xedapen iragankorrak kontuan hartzen du Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze Lanen Estatu Sozietatearen egoera ezohikoa.
VI
Xedapen indargabetzaileak garrantzi berezia du errege lege-dekretu honetan. Berariaz amaiera ematen dio Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategineko artikulu askoren indarraldiari, artikulu horiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaian jasotako adierazpenekin bat ez datozelakoan. Epai horrek agintzen du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko
Tratatuaren 49. artikuluak aldarrikatzen duen kokatzeko askatasunaren printzipioa aplika dadila salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuari dagokionez. Eta indarrik gabe uzten du Langileen Estatutuaren 2.1.h) artikulua ere, lan-harreman berezitzat jotzen duena portuetako estibatzaileen eta SAGEPen artekoa. Izan ere, aurreikuspen horrek zentzua galdu du lege-esparruaren aldaketaren ondorioz.
Amaitzeko, azken xedapenetatik lehenak Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategineko manu batzuk aldatzen ditu, horien aurreikuspenak, irismen txikiagokoak, lege-esparru berriarekin bateragarri egiteko; eta hurrengoek, berriz, lurralde nazional osoan bete-betean aplikagarria den errege lege-dekretu hau emateko eskumen esklusiboa Estatuak izatearen konstituzio-oinarria azaltzen dute, erregelamenduzko garapenerako eskumena Ministro Kontseiluari eta Sustapeneko ministroari esleitzen diete, bakoitzari bere arloan, Europako Erkidegoko zuzenbidea Estatuko zuzenbidean txertatu izana jasotzen dute, eta errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean xedatzen dute.
VII
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak epaia eman zuenetik denbora igaro da, eta Europako Batzordeak Espainiako Erresumaren aurkako demanda jarri du, ez direlako hartu epaia betetzeko hartu beharreko neurriak. Horrexek justifikatzen du errege lege- dekretu honetan bildutako neurriak hartzea, eta, era berean, Espainiako Konstituzioaren
86.artikuluak honelako arau-figura erabili ahal izateko eskatzen duen inguruabarra gertatu da, aparteko eta presako beharrizana baitago.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Sustapeneko ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2017ko otsailaren 24ko bileran eztabaidatu ondoren,
XEDATZEN DUT:
1.artikulua. Xedea.
Errege lege-dekretu honen xedea da salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen araubidea ezartzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-576/13 auzigaiari buruz 2014ko abenduaren 11n eman zuen epaian xedatutakoa betetzeko.
2.artikulua. Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko portu-langileak kontratatzeko askatasuna.
1.Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen kontratazioa librea da, baina portu-langileen profesionaltasuna bermatzeko ezarritako betekizunak bete behar dira aldez aurretik.
2.Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko, ez da beharrezkoa lizentziaren titularrek parte hartzea portu-langileak haien esku jartzea xede soziala duen inongo enpresatan.
3.artikulua. Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen gaikuntzari buruzko betekizunak.
1.Salgaiak manipulatzeko zerbitzuko jarduerak egiten dituzten langileek titulu hauetakoren bat eduki beharko dute: urriaren 23ko FOM/2297/2012 Aginduan aurreikusitako erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketako tituluak (agindu horrek zehazten ditu salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko eska daitezkeen lanbide- heziketako tituluak), edo aurrekoaren ordez Sustapen Ministerioak, Estatuko Portuen proposamenez, sektorean ordezkaritasun handiena duten sindikatu- eta enpresa- erakundeei aldez aurretik entzunaldia emanda, portu-agintaritzei eta hezkuntza- eta lan- arloetan eskumena duten ministerioei entzunda, beste agindu bat ematen badu, bertan
ezartzen direnak; ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak (Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoa) laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera baliokide deklaratzen diren tituluak, edo horien ordez ezar litezkeenak; eta Europar Batasuneko titulu baliokideak. Jarduera horiek egin ahal izango dituzte, halaber, abenduaren 13ko 988/2013 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean («Portuetako karga-, estibatze-, deskarga-, desestibatze- eta ontzi-aldaketa lanak») ezarritako profesionaltasun- ziurtagiria duten langileek. Errege-dekretu horrek Itsasoa eta Arrantza lanbide-arloari dagozkion bederatzi profesionaltasun-ziurtagiri sortu zituen.
2.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean honako kasu hauetan dauden langileek ez dute aurreko zenbakian azaldutako titulazio-baldintzak bete beharrik izango:
a)Frogatzen dutenak errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik 100 lanaldi baino gehiago egin dituztela salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan, Europar Batasuneko edozein herrialdetan, edota maiatzaren 23ko 2/1986 Errege Lege Dekretuaren 2.g) artikuluaren babesean zerbitzu horretatik kanpo sailkatuta dauden karga-, estibatze-, desestibatze-, deskarga- eta ontzi-aldaketa lanetan. Estatuko Portuek homologatutako frogagiria aurkeztu beharko dute.
b)Ontziko langileak, ontzi barruan horrelako jarduerak egiten badituzte Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginean onartutako egoeretan eta baldintzetan.
4.artikulua. Portuetako enplegu-zentroak.
1.Portu-lanen prestazioaren izaera irregularrerako egokitzapena ahalik eta azkarren egin dadin, pertsona natural edo juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko elkarte eta entitateek portuetako enplegu-zentroak sortu ahal izango dituzte, ezertan kaltetu gabe legeria indardunari jarraituz horretarako eratuta dauden edo era litezkeen aldi baterako laneko enpresak eta beste enpresa batzuk. Enplegu-zentro horien xedea izango da portu- langileak salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan enplegatzea, eta, halaber, langileok aldi baterako lagatzea salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo merkataritzako portu-zerbitzuetarako baimena duten enpresei. Zentroen jarduketa-eremu geografikoa lurralde nazional osora hedatu ahal izango da, eta portu berean zentro bat baino gehiago sortu ahal izango dira.
2.Portuetako enplegu-zentroak sortzeko, ekainaren 1eko 14/1994 Legeak (Aldi Baterako Laneko Enpresak Arautzen dituena) 2. artikuluan eskatzen duen baimena lortu beharko da. Zentro horiei bete-betean aplikatuko zaizkie bai lege hori, bai horrelako enpresei aplikatu beharreko gainerako araudia.
Lehen xedapen gehigarria. Aldi baterako kontratuak.
Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua —errege lege-dekretu honek aipagai duena— portuetako enplegu-zentroen bidez zein aldi baterako laneko enpresen bidez ematea edo salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentziaren titular diren enpresek zuzenean zerbitzu hori ematea xede duten aldi baterako lan-kontratuen iraupen efektiboa zazpi egunetik beherakoa denean, kontratu horietan ez da aplikatuko enpresak gertakari arruntengatik Gizarte Segurantzari ordaintzen dion kuotaren gehikuntza, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, 151. artikuluan («Iraupen laburreko kontratuetako kotizazioa») ezarritakoa.
Bigarren xedapen gehigarria. Hitzarmenezko araudia.
1.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik urtebete igaro baino lehen, indarra duten hitzarmenezko arauak dekretu honetan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikuluan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio.
Epe hori amaitu eta gero, hitzarmen kolektiboetako xedapenak erabat deusezak izango dira ez badute betetzen aurreko paragrafoan ezarritakoa, edo kontratatzeko askatasuna murrizten badute salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren eta merkataritzako portu- zerbitzuen eremuan, edota lehia mugatzen badute.
2.Aurreko zenbakian adierazitako epean hitzarmenezko arauak errege lege-dekretu honi egokitzen bazaizkio, langileek beren lan-kontratua hutsaltzeko eskubidea izango dute —hiru hilabeteko epean, egokitutako arauak indarrean jartzen direnetik hasita— baldin eta hitzarmen kolektiboaren aldaketak funtsezko kaltea eragiten badie. Hala egiten badute, jasoko duten kalte-ordainaren zenbatekoa Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, 41. artikuluan ezarritakoa izango da, eta errege lege-dekretu honen lehen xedapen iragankorreko 4. zenbakian ezarritako ordainketa-araubidea aplikatuko da.
Lehen xedapen iragankorra. PORTUETAKO ESTIBATZAILEEN KUDEAKETARAKO SOZIETATE ANONIMOAK.
1.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean, egokitzapenerako hiru urteko trantsizio-aldia hasiko da. Egungo SAGEPek aldi horren amaierara arte iraungo dute, lehenago azkentzen ez badira, eta mantendu egingo dute beren xedea, hau da, portu- langileak eskura jartzea salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzien edo merkataritzako zerbitzuak emateko baimenen titularrei, titular horiek sozietateko akziodunak izan edo ez izan.
Amaierara arte, errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren bidez arautuko dira, eta, ordezko gisa, Kapital Sozietateen Legearen testu bateginak, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, ezarritakoa bete beharko dute.
Trantsizio-aldia amaitutakoan, irauten duten SAGEPak azkendu ahal izango dira, edo beren jardueran jarraitu ahal izango dute, horretarako ekainaren 1eko 14/1994 Legeak (Aldi Baterako Laneko Enpresak Arautzen dituena) 2. artikuluan eskatzen duen baimena lortuta. Bete-betean aplikatuko zaie lege hori, bai eta horrelako enpresei buruzko gainerako araudia ere.
SAGEPak aldi baterako laneko enpresa gisa araututa egon arte edo azkendu arte, haien akziodunek sozietatearen pasibo eta obligazio guztien erantzukizun pertsonala eta mankomunatua izango dute, sozietatearen kapitalean duten partaidetzaren neurrian.
Trantsizio-aldia amaitutakoan irauten duten SAGEPek lehia librean jardungo dute portuetako enplegu-zentroekin eta aldi baterako laneko gainerako enpresekin, kasua bada.
2.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean SAGEPekin kontratu indarduna duten langileei trantsizio-aldian edozein arrazoirengatik kontratua azkentzen bazaie, SAGEPek ezingo dituzte berriro kontratatu harik eta aldi baterako laneko enpresa gisa erregulatuta egon arte.
3.Trantsizio-aldiko lehen sei hilabeteak igaro baino lehen, SAGEPetako akziodunek SAGEPean jarraitu nahi duten edo harengandik bereizi nahi duten erabaki beharko dute, banaka. Bereizi nahi duten akziodunek hala egin ahal izango dute, trantsizio-aldia amaitu aurretik, beren akzioak salduz SAGEPean jarraitu nahi dutenei, horietako bakoitzaren partaidetzaren arabera hainbanatuta; eta barruan jarraitu nahi duten akziodunek kontabilitate-balio garbiaren arabera erosi beharko dituzte akzioak. Bereizteko erabakia jakinarazten denetik hasita sei hilabeteko epea egongo da salmenta hori egiteko. Salmenta, osorik edo zati batean, ezin bada epe horretan egin, akzioak SAGEParen kargura amortizatuko dira, eta ondorioz kapitala murriztu egingo da.
Prozesu hori amaitu eta gero, SAGEPean geratzen diren akziodunek sozietatearen kapitalaren banaketa berri bat adostu ahal izango dute, eta akziodun berriak onartu, baten batek bere borondatez atxikitzea erabakitzen badu, libreki adostutako partaidetzarekin.
Akziodun batek ere ez badu SAGEPean iraun nahi, sozietatea desegin egingo da Kapital Sozietateen Legean ezarritako arau orokorrei jarraituz.
4.Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzien egungo titularren lehia- egoera eta zerbitzu hori ematen hasiko diren titular berriena berdintze aldera, errege lege- dekretu hau indarrean jarri ondoren, edozein unetan, 2014ko abenduaren 11 baino
lehenagotik indarrean dauden SAGEPetako langileen lan-kontratuak azkentzen badira, edo salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentziaren titular diren enpresek, legearen aginduz, SAGEPetatik etorritako langileekin egun hori baino lehen lan-araubide arruntean sinatutako lan-kontratuak azkentzen badira, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. eta 52. artikuluetan aurreikusitako edozein arrazoirengatik eta haietan aurreikusitako baldintzekin, langile horiek kontratatuta eduki dituen SAGEParen eremu geografikoko portu-agintaritzak nahitaez bere gain hartu beharko ditu, oso-osorik, arrazoi horrengatik bidezkoak diren kalte-ordainak (alegia, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 53. artikuluan ezarritako zenbatekoa), kontratuak egin zirenetik azkendu arte sortutakoak, edo, trantsizio-aldia lehenago amaitzen bada, trantsizio-aldia amaitu arte sortutakoak.
Ez da neurri hori aplikatuko langileak ez badu portuko estibatzaile gisa etenik gabe jardun, edo langilea erretiro-adinera heltzekoa bada, itsasoko langileen araubide bereziaren arabera, kontratua azkendu ondoko hiru urteetan.
Kasuan kasuko portu-agintaritzak ordaindu beharko ditu zenbateko horiek. Aldez aurretik eskabidea aurkeztu beharko da, frogagiriak eta egiaztagiriak erantsita. Portu- agintaritzak, langile horietako bakoitzagatik, zenbateko horiek ordainduko dizkio langileen enplegatzaileari kontratua azkentzen den unean, eskabidea aurkezten denetik aurrera hiru urteko epean banatuta. Aldez aurretik aztertu egingo ditu aurkeztutako agiriak, ea errege lege-dekretu honetan ezarritakoarekin bat datozen. Enplegatzaileak portu-tasen subjektu pasiboak direnean, portu-agintaritzak erabakiko du berak bere gain hartutako kalte- ordainek tributu horien kuoten zenbatekoa txikituko dutela.
Portu-agintaritzak bere gain hartutako kostu horrek ez du ondoriorik izango portu-tasen koefiziente zuzentzaileak ezartzeko errentagarritasunen kalkuluan, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 166. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bigarren xedapen iragankorra. Egokitzapenerako trantsizio-aldian SAGEPetako langileak erabiltzea.
1.Lehen xedapen iragankorrean egokitzapenerako ezarritako trantsizio-aldian, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzien titular diren enpresa guztiek — autoprestazio-araubidea baimenduta daukatenek izan ezik— errege lege-dekretu hau indarrean jartzean kasuan kasuko portuan dagoen SAGEPeko langileekin burutu beharko dituzte salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan enpresak egiten dituen jarduerak eta Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 130.3.c) artikuluaren amaierako tartekian ezarritakoaren arabera salgaiak manipulatzeko portu- zerbitzutzat jotzen ez diren merkataritza-jarduerak —urte arteko zenbatekoan, lehen urtean, gutxienez, jardueren ehuneko 75eraino—; azken kasu horretan, baldin eta estibatze-sektorean haien eskaintza berdintsua edo onuragarriagoa bada kalitatearen eta kostuaren aldetik.
Portzentaje hori ehuneko 50 izango da trantsizio-aldiko bigarren urtean eta ehuneko 25 hirugarren urtean. Langileak eta horien kostua esleitzerakoan baldintza berak aplikatuko zaizkie enpresa guztiei, SAGEPeko akziodunak izan edo ez izan.
2.Portzentaje horiek lortzeko, honako modalitate hauetako bat baliatu ahal izango da, edo bien batura:
a)SAGEPak eskura jarritako langileak erabiltzea, edo SAGEPetik etorri eta portuetako enplegu-zentro batek edo aldi baterako laneko enpresa batek eskura jarritako langileak erabiltzea (zentro horretako edo aldi baterako laneko enpresa horretako partaide izan gabe).
b)SAGEPetatik datozen langileak kontratatzea.
Azken kasu horretan, konputatu egingo dira salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzien titular diren enpresek edo halakoak partaide dituzten portuetako enplegu-zentroek eta aldi baterako laneko enpresek SAGEPetako langileekin sinatutako
kontratuak; azken bi kasu horietan, partaidetzaren araberako proportzioan konputatuko dira.
Baliozkotzat konputatuko dira, b) letraren ondorioetarako, SAGEPean dirauten langileek onartzen ez dituzten eskaintza izendun edo izengabeak, eskaintza egokiak baldin badira; eta, a) letraren ondorioetarako, SAGEPak eskura jarritako langileak nahiko ez izateagatik estaltzen ez diren eskaintzak.
3.Egokitzapenerako trantsizio-aldian arau-hauste astuntzat joko da xedapen iragankor honetan ezarritakoa ez betetzea, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren ondorio zehatzaileetarako.
Hirugarren xedapen iragankorra. Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze Lanen Estatu Sozietatea.
Trantsizio-aldia amaitzen denetik sei hilabete igaro baino lehen, Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze Lanen Estatu Sozietatea azkendu ahal izango da, edo bere jardueran jarraitu ahal izango du, horretarako ekainaren 1eko 14/1994 Legeak (Aldi Baterako Laneko Enpresak Arautzen dituena) 2. artikuluan eskatzen duen baimena lortuta. Bete-betean aplikatuko zaio lege hori, bai eta horrelako enpresei buruzko gainerako araudia ere
Lehen xedapen iragankorrean SAGEPei buruz ezarritakoa eta bigarren xedapen iragankorrean SAGEPetatik datozen langileak trantsizio-aldian kontratatzen jarraitu beharrari buruz ezarritakoa Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze lanen Estatu Sozietateari ere aplikatuko zaio, hurrengo paragrafoan xedatutakoa izan ezik.
Portu Agintaritzak sozietatearen kapitalean parte hartzeari utziko dio sei hilabeteko epean, gehienez, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita. Horretarako, haren akzioak besterendu egingo dira, edo, horrelakorik ezean, kapital soziala murriztu egingo da, eta hark kontabilitateko balio garbiaren itzulketarako eskubidea izango du.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauen indargabetzearen norainokoa.
Berariaz indargabeturik geratzen dira xedapen hauek:
a)Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 82.2.d), 98.1.l), 117.1.n), 130.5, 142., 143., 144., 145., 146., 147., 148., 149., 150., 151., 152., 153., 154., 155. eta 245.6 artikuluak, zortzigarren xedapen gehigarria, bederatzigarren xedapen gehigarria, hemeretzigarren xedapen gehigarria, hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria, bigarren xedapen iragankorreko 2.b) paragrafoa eta bosgarren xedapen iragankorra (2/2011 Legegintzako Errege Dekretua, irailaren 5ekoa).
b)Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 2.1.h) artikulua (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa).
c)Era berean, indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetatik lehena. Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina aldatzea (2/2011 Legegintzako Errege Dekretua, irailaren 5ekoa).
Bat. Aldatu egiten da 113. artikuluaren 4. zenbakiko n) letra, eta honela geratzen da idatzita:
«Lizentzia azkentzeko arrazoiak; halakoen artean izan beharko dira, lege honen
119.artikuluan ezarritako arrazoiez gainera, zerbitzu publikoko betebeharrak, zerbitzua ematearen inguruko segurtasun-eskakizunak eta ingurumena babesteko bidezkoak diren betebeharrak ez betetzeari dagozkionak.»
Bi. 130. artikuluaren 3. zenbakiko i) letra honela geratzen da idatzita:
«Portuetako instalazioetan emakida- edo baimen-araubidean egiten diren eragiketak, instalazio horiek zuzeneko lotura badute itsas terminal horietan,
emakidaren xedearen arabera, mugitzen diren salgai propioen transformaziorako plantekin, prozesamendu industrialerako instalazioekin edo ontziratze-instalazioekin; salbu eta salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentziaren titular den enpresa batek egiten dituenean eragiketa horiek.
Aurreko paragrafoan aipatutako instalazioetan —emakida edo baimen bidez esleitutakoak— salgaiak manipulatzeko zerbitzuko jarduerak egiten dituzten langileek otsailaren 24ko 4/2017 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Dekretu horrek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen araubidea aldatzen du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-576/13 auzigaiari buruz 2014ko abenduaren 11n emandako epaia betetzeko.»
Hiru. 133. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«Lege honen ondorioetarako, autoprestaziotzat honako hau joko da: erabilera partikularreko bidaiari- edo salgai-terminal bateko emakidadunak edo titularrak bere kabuz egitea, hurrenez hurren, bidaiarientzako zerbitzuak edo salgaiak manipulatzeko zerbitzuak.
Autoprestaziotzat joko da, halaber, ontzi-konpainia batek bere kabuz egitea portu-zerbitzu bat edo gehiago, ontzi barruko zerbitzuetarako ontziratu dituen bere langileak eta bere materiala erabiliz, hirugarrenekin prestazio horretarako inolako kontraturik egin gabe. Distantzia laburreko itsas garraioko zerbitzu erregularren eta itsasoko autobideen kasuan, benetako ro-ro ontziak, ro-pax ontziak, con-ro ontziak eta ferryak erabiltzen direnean, konpainiek lehorreko beren langileak ere baliatu ahal izango dituzte bidaiarientzako zerbitzuak eta salgaiak manipulatzeko zerbitzuak beren kabuz egiteko. Inola ere ezin izango zaie horrelakorik baimendu Pariseko Memorandumaren txostenean urtero argitaratzen den zerrenda beltzeko estatu bateko bandera duten ontziei, ez eta, bandera edozein dutela ere, ikuskapen- araubide berrian arrisku handikotzat edo arrisku oso handikotzat jotzen diren ontziei ere.»
Lau. 307. artikuluaren 1. zenbakiko c) letra honela geratzen da idatzita:
«Estibatze- edo desestibatze-eragiketetarako ezarritako araudia ez betetzea.»
Azken xedapenetatik bigarrena. Konstituzio-oinarria.
Errege lege-dekretu hau laneko legeriaren, Estatuko Ogasunaren, interes orokorreko portuen eta nabigazio zibilaren arloetan Estatuari dagozkion eskumen esklusiboen babesean ematen da, Konstituzioaren 149.1.7, 149.1.14 eta 149.1.20 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
Azken xedapenetatik hirugarrena. Erregelamendu bidez garatzea.
Gobernuak errege lege-dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren erregelamenduzko arauak eman ahal izango ditu, ezertan eragotzi gabe Sustapeneko ministroak bere erregelamendu-ahala baliatzea legez ezarritako eran.
Azken xedapenetatik laugarrena. Europako zuzenbidea txertatzea.
Errege lege-dekretu honen bidez betetzen da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-576/13 auzigaiari buruz 2014ko abenduaren 11n emandako epaia.
Azken xedapenetatik bosgarrena. Indarrean jartzea.
1.Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
2.Hala ere, lehen xedapen iragankorreko 4. zenbakia ez da indarrean jarriko harik eta Europako Batzordeak berariaz adierazi arte hura estatu-laguntzen araubidearekin bateragarria dela.
Madrilen, 2017ko otsailaren 24an.
Felipe e.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY