Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

34/2014 Legea, abenduaren 26koa, Gizarte Segurantzako kuotak likidatu eta sartzeko neurriei buruzkoa

2014-12-26

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/12/27, 313. zk.

bcl_1368333147.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13517 34/2014 Legea, abenduaren 26koa, Gizarte Segurantzako kuotak likidatu eta sartzeko neurriei buruzkoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Orain arte, Espainiako Gizarte Segurantzaren kotizazio-ereduan, enpresaburuek eta kotizatzeko betebeharra betetzeko erantzukizuna duten subjektuek izan dute kuotak likidatzeko edo kalkulatzeko ardura, eta, eragiketa hori egiteko, beren kotizazio-kontuaren kodea edo kodeak eta haiek emandako gainerako informazioa eta datuak hartu dituzte oinarri. Likidazio horiek elektronikoki transmititu dituzte, edota dagozkion kotizaziodokumentuak aurkeztu dituzte, eta Gizarte Segurantzaren Administrazioak eragiketok gerora kontrolatzeko aukera izan du.

Kuotak autolikidatzeko eredu orokor horrekin batera, bada likidazio erraztuko eredu bat ere, norberaren konturako langileen kuotak kalkulatzeko erabiltzen dena (Norberaren Konturako Langileen edo Autonomoen Araubide Berezian edo Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartutakoen kasuan) , bai eta Gizarte Segurantzaren sistemako beste kuota batzuk kalkulatzeko ere (kolektibo edo egoera bereziei dagozkienak) .

II

Gizarte Segurantzaren kudeaketan gertatzen ari diren aurrerapauso teknologiko etengabeen esparruan, gaur egun baliabide elektronikoen bidez izapidetzen dira Gizarte Segurantzaren kuotak eta kuotekin batera biltzekoak diren kontzeptuak likidatzeko eta ordaintzeko egintzak. Aurrerapauso horien bidean, kuotak likidatzeko sistema berri bat ezartzen da lege honen bidez. Sistema berri horrek autolikidazio-eredu tradizionala ordeztuko du, eta sistemako baliabideen likidazioa eta bilketa hobeto kudeatzen lagunduko.

Kuotak likidatzeko ezartzen den eredu berria Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak gauzatu behar du, zuzenean. Eredu horretan, banan-banan kalkulatzen da langile bakoitzari dagokion kotizazioa, alta emanda dagoen kotizazio-kontuaren kodearen barruan. Kotizazio hori kalkulatzeko, aintzat hartzen da, batetik, erakunde horrek dagoeneko eskuartean duen informazioa, eta, bestetik, kotizatzeko betebeharra duen subjektuak eman beharrekoa.

Gizarte Segurantzaren kuotak eta kuotekin batera biltzekoak diren kontzeptuak zuzenean likidatzeko sistemaren bidez, helburu hauek bete nahi dira:

a) Kotizatzeko betebeharra betetzeko prozesua sinplifikatzea, eta, ondorioz, administrazio-kargak murriztea, ezabatu egiten baita enpresaburuek Gizarte Segurantzari datuak birritan emateko egun duten beharra; izan ere, aurrena, langileak egituratzeko agirietan komunikatzen dute informazio hori, eta, ondoren, kuoten hileroko likidazioa egitean. Hori horrela, likidazio-sistema berrian, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak ez dauzkan datuak soilik komunikatu beharko dituzte enpresaburuek, likidazioa gauzatzeko ezinbestekoak direnean.

b) Gizarte Segurantzaren kostuak murriztea. Horrek bere giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak optimizatzeko aukera emango du, eta eskainitako arretaren kalitatea hobetzekoa, sistema osoa elektronikoki izapidetuko baita.

c) Eraginkortasun handiagoz kontrolatzea Gizarte Segurantzak likidazioa eta dirubilketa zuzen kudeatzeko funtsezkoak diren alderdiak; esate baterako: kotizazioan onurak aplikatzea, aldi baterako ezintasunagatiko prestazioak ordaintzeagatik konpentsazioak aplikatzea, eta langileen kotizazioaren kalkuluan eragiten duten beste berezitasun batzuk.

d) Kuotak likidatzeko erabilitako informazioaren kalitatea hobetzea, eta, horrela, segurtasuna bera hobetzea. Hala, likidazioaren kalkulua egin aurretik, alderatu eta bateratu egingo dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak lehenagotik dituen datuak eta subjektu erantzuleak emandakoak.

Aldaketa itzela dakar Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kuotak zuzenean likidatzeko sistema berriak; izan ere, likidazioaren kalkuluari eta transmisioari lotutako ia prozesu guztiei eragiten die aldaketa horrek, bai eta diru-bilketaren tratamenduari eta kontrolari, eta kobrantzen eta zorraren jarraipenari ere. Hori dela eta, lege honen bidez, progresiboki ezarriko da sistema berria. Horrenbestez, hasiera batean, aldi berean aplikatuko dira sistema berria eta kuotak autolikidatzeko egungo eredua, harik eta subjektu erantzuleak sistema berrian erabat sartu arte; era berean, legez aurreikusitako kasuetarako, iraun egingo du kuoten likidazio erraztuko sistemak.

Nolanahi ere, kuotak zuzenean likidatzeko sistema berria ezartzeak ez du eraginik izango herritarrek kudeaketa-egintzak aurkaratzeko daukaten eskubidean, egintza horiek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egin dituenean, kuotak kalkulatzeko.

III

Legeak hiru artikulu ditu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken bost xedapen.

Hitzaurre honen II. paragrafoan adierazitako helburuak lortzeko, lehenengo artikuluan aldatu egiten dira ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategineko I. tituluko III. kapituluko hirugarren ataleko hainbat artikulu; atal horretan, Gizarte Segurantzaren sisteman dirua biltzeko arau orokorrak jasotzen dira. Era berean, 32 bis artikulu berria sartzen da aipatutako hirugarren atalean.

Bestalde, bigarren artikuluak aldatu egiten ditu abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginaren 21, 22, 23, 39 eta 50. artikuluen paragrafo batzuk; hain zuzen, Gizarte Segurantzaren alorreko arau-hausteei dagozkienak. Hala, batetik, artikulu horiek egokitu egiten dira lege honetan kuotak zuzenean likidatzeko ezartzen den sistema berrira, eta, bestetik, arau-hauste astun gisa tipifikatzen da enpresaburuek ez betetzea langileei ordaindutako ordainsari guztien zenbatekoa Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari komunikatzeko daukaten betebeharra (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 109.3 artikuluan jasoa) , eta arau-hauste oso astun gisa tipifikatzen da kuotak ordaintzearekin lotuta erantzukizuna sortzen duten gertakari erabakigarriak ezkutatzea edo faltsutzea.

Hirugarren artikuluak aldatu egiten du abuztuaren 30eko 2864/1974 Dekretuak onartutako Testu Bateginaren 19. artikulua (dekretu horren bidez, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzaren Araubide Berezia arautzen duen Testu Bategina onartu zen; zehazki, abenduaren 30eko 116/1969 Legea eta ekainaren 21eko 24/1972 Legea bateratu zituena) . Aldaketa horren xedea hau da: araubide berezi horretan, aplikagarria izatea arestian aipatutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 109.3 artikuluan ezarritako betebeharra, azken agindu hori II. titulukoa baita (Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrari buruzkoa) .

Lehenengo xedapen gehigarria kuotak zuzenean likidatzeko sistema berrian dauden informazio-bermeei buruzkoa da; bigarrenak, berriz, azterlan bat egitea aurreikusten du,

zeinaren bidez kotizazio-oinarrietan zuzenketak egiteak prestazioetan izan lezakeen eragina aztertuko den.

Xedapen iragankor bakarrean adierazten denez, kuotak autolikidatzeko sistema mantendu egingo da, zuzenean likidatzeko sistema berria gradualki ezartzeko prozesua burutu arte, lege honen azken xedapenetatik bigarrenean ezarritakoari jarraiki.

Era berean, xedapen indargabetzaile bakarrak lege-testu honetan xedatutakoaren aurkakoa dioten maila bereko edo gutxiagoko arauen indargabetze orokorra ezartzen du.

Azken xedapenetatik lehenengoak ahala ematen dio Gobernuari, kuotak zuzenean likidatzeko sistema erregelamendu bidez garatzeko xedapenak eman ditzan.

Bestalde, azken xedapenetatik bigarrenak likidazio zuzeneko sistema gradualki ezartzeko baldintzak arautzen ditu. Progresiboki ezarriko da sistema hori, unean-unean eskura dauden kudeaketa-aukeren eta bitarteko teknikoen arabera, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kotizatzeko betebeharra betetzeko erantzukizuna duten subjektuei zuzendutako ebazpenak emango ditu horretarako.

Azken xedapenetatik hirugarrenak eta laugarrenak aldaketa zehatz batzuk sartzen dituzte Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginean eta Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legean.

Amaitzeko, azken xedapenetatik bosgarrenak legea indarrean sartzeko data zehazten du.

1. artikulua. Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina aldatzea.

Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina honela gelditzen da aldatuta:

Bat. 18. artikulua honela geratzen da idatzita:

«18. artikulua. Eskumena.

1.Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Gizarte Segurantzaren sistemaren kutxa bakarra denez gero, erakundearen baliabideen likidazioa eta bilketa kudeatzeaz arduratuko da, bai eta Gizarte Segurantzaren kuotekin batera biltzen diren kontzeptuen likidazioa eta bilketa kudeatzeaz ere, hala borondatezko epean nola betearazpen-bidean, Estatuaren zuzendaritza eta babespean.

2.Likidazio-funtzioa beteko da kalterik egin gabe Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak gai horretan esleituta dauzkan eskumenei, eta, halaber, kuotez bestelako baliabide zehatz batzuei dagokienez, kalterik egin gabe beste administrazio-erakunde edo -organo batzuek esleituta dauzkaten eskumenei.

3.Dirua biltzeko funtzioa betetzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egoki derizkion zerbitzuak itundu ahalko ditu administrazio publikoekin edo xede horretarako gaitutako erakunde partikularrekin.

Erakunde partikularrei emandako gaikuntza horiek, aurreko lerrokadan aipatzen direnak, aldi baterako izango dira. Erakunde horiekin egindako itunek Ministro Kontseiluaren baimena jaso beharko dute.»

Bi. 19. artikulua honela geratzen da idatzita:

«19. artikulua. Kuotak eta gainerako baliabideak likidatzea eta ordaintzea.

1.Honako sistema hauetako baten bidez likidatuko dira Gizarte Segurantzaren kuotak eta kuotekin batera biltzekoak diren kontzeptuak, lege honetan eta berau aplikatzeko zein garatzeko arauetan aurreikusitako moduan:

a) Autolikidazio-sistema: Gizarte Segurantzaren kuotak eta kuotekin batera biltzekoak diren kontzeptuak ordaintzeko erantzukizuna duen subjektuak egiten du likidazioa.

b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak zuzenean likidatzeko sistema: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egiten du langile bakoitzaren likidazioa; horretarako, aintzat hartzen ditu kotizatzeko betebeharra duten subjektuei buruz dituen datuak eta kotizatzeko betebeharra duten subjektu erantzuleek emandako datuak, 26.2 artikuluari jarraiki.

Sistema horren bitartez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak langile bakoitzari dagokion kotizazioa zehaztuko du; betiere, ordaintzeko erantzukizuna duen subjektuak hala eskatuz gero, eta subjektu horrek eman beharreko datuek likidazioa kalkulatzeko aukera ematen badute.

Kuotak ez dira sistema horren bidez likidatuko, likidatu beharreko aldian Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda ez dauden langileen kasuan, nahiz eta ordainketaren erantzuleak likidazioa egiteko datuak emanak izan.

c) Likidazio erraztuko sistema, zeina honako kuota hauek zehazteko aplikatuko den: Norberaren Konturako Langileen edo Autonomoen Araubide Berezian nahiz Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartutako langileen kuotak, Etxeko Langileentzako eta Nekazaritzako Besteren Konturako Langileentzako Araubide Orokorreko Sistema Berezietako kuotak, jarduerarik gabeko aldietan, bai eta Eskola Aseguruko zein hitzarmen berezietako kuota finkoak, eta sistema honen bitartez likida daitekeen beste zernahi kuota.

2.Gizarte Segurantzaren sistemako kuotez bestelako baliabideak likidatuko dira lege honetan edo bere aplikazioeta garapen-arauetan haietako bakoitzari dagokionez ezarritako baldintzetan eta moduan.

3.Kuotak eta gainerako baliabideak ordaintzeko epea eta modua izango dira lege honetan, bere aplikazioeta garapen-arauetan, edo araubide bakoitzari eta sistema bereziei aplikatzekoak diren xedapenetan zehaztutakoak. Ordainketa horiek egin ahalko dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean, zuzenean, edota lege honen 18. artikuluari jarraiki itundutako erakundeen bidez, bai eta, egoki denean, legez aurreikusitako beste baldintza batzuetan ere.

Halaber, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak horretarako baimendutako erakundeetan ere ordaindu ahalko dira kuotak eta gainerako baliabideak. Ministerioak eginkizun hori betetzeko arauak ezarriko ditu, eta, erakundeak arau horiek betetzen ez baditu, Ministerioak baimena kendu ahalko dio, aurretik horri buruzko espedientea irekita.

Kuotak eta gainerako baliabideak itundutako edo baimendutako erakundeetan ordaintzeak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean ordaintzearen ondorio berberak izango ditu, ordaintzen diren unetik bertatik.»

Hiru. 20. artikuluaren 6. paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«6. Ordainketa geroratzeko baldintzetako edozein betetzen ez bada, geroratzea aitortu baino lehen hasitako premiamendu-prozedurari berrekingo zaio, bestelako izapiderik gabe. Era berean, oraindik premiamenduaren xede izan ez den zorrari dagokionez, premiamendu-probidentzia onartuko da, bestelako izapiderik gabe. Zor horri zenbateko nagusiaren 100eko 20ko errekargua aplikatuko zaio, baldin eta 26. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako obligazioak epearen barruan betetzen badira, eta 100eko 35ekoa, ordea, epearen barruan betetzen ez badira.

Eskatzen diren berandutze-interesak ordainketa egiteko arauzko epea amaitzen denetik aurrera sortutakoak izango dira.»

Lau. 26. artikulua honela geratzen da idatzita:

«26. artikulua. Kuotak likidatzearen arloko betebeharrak betetzea eta konpentsazioa aplikatzea.

1.19.1 artikuluaren a) hizkian aipatzen den kuotak autolikidatzeko sisteman, kotizatzeko obligazioa betetzeko erantzukizuna duten subjektuek bitarteko elektronikoen bidez transmititu beharko dizkiote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari Gizarte Segurantzaren kuoten eta kuotekin batera biltzekoak diren kontzeptuen likidazioak, likidazio hori dagozkion kotizazio-dokumentuak aurkeztuta egin behar duten kasuetan salbu.

Ordainketa egiteko arauzko epearen azken egun naturalera arte egin ahal izango dute subjektuek aurreko lerrokadan aipatzen den transmisio edo aurkezpen hori.

2.19.1 artikuluaren b) hizkian aipatzen den kuotak zuzenean likidatzeko sisteman, kotizatzeko betebeharra betetzeko erantzukizuna duten subjektuek langile bakoitzari dagokion likidazioa kalkulatzeko eskaera egin beharko diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari, eta kalkulu hori egin ahal izateko datuak bitarteko elektronikoen bidez transmititu beharko dizkiote, ordainketa egiteko arauzko epearen azken-aurreko egun naturalera arte.

Kalkulu hori egingo da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kotizatzeko betebeharra duten subjektuen inguruan dituen datuen arabera. Datu horiek honako hauek dira: batetik, subjektu erantzuleek emandakoak (enpresak inskribatzearekin edota langileen afiliatzearen, alten, bajen eta datu-aldaketen berri ematearekin lotutako betebeharrei jarraiki) ; bestetik, Diruzaintza Orokorrak berak dituenak (kotizazioari eragiten diotenak) ; eta, azkenik, aipatutako subjektu erantzuleek likidazio-garai bakoitzean aurkeztu beharrekoak.

Era berean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak dagozkion kenkariak aplikatuko dizkie likidazioa arauzko epean egiten duten langileei, eta, hala dagokionean, konpentsatu egingo du langile horiei ordainketa eskuordetuaren araubidean ordaindutako prestazioen zenbatekoa, likidazio-aldi bereko zor diren kuotekin. Hori guztia Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileek eta laguntzaileek emandako datuen arabera egingo du, artikulu honen 5. paragrafoan aurreikusitakoa betez.

Baldin eta, likidazioa egin ostean, kuotak ordaintzeko erantzukizuna duen subjektuak likidazioa zuzentzeko eskaera egiten badu, eta hasieran transmititutako datuekiko desberdinak diren beste datu batzuk ematen baditu, paragrafo honen lehen lerrokadan adierazitako betebeharrak betetzat joko dira kuoten likidazio berria arauzko epean egin daitekeenean, eta kasu horretan baino ez, salbu eta epearen barruan likidatzeko ezintasunak Administrazioari egotz dakizkiokeen zergatietan badu jatorria.

Aipatutako betebeharrak betetzat joko dira, halaber, baldin eta likidazioa egin ostean eta arauzko epearen barruan, ordainketa egiteko erantzukizuna duen subjektuak likidazioko errore materialak, aritmetikoak edo kalkuluzkoak zuzentzeko eskaera egiten badu, errore horiek esklusiboki Administrazioari bazaizkio egozgarri, eta, ondorioz, likidazio berri bat egin beharra badago, errore horiek aipatutako epetik kanpo zuzenduz.

3.Aurreko paragrafoetan adierazitako betebeharrak betetzen ez direnean edota, erregelamenduz ezarritako epeetan beteta ere, dagozkion kuotak ordaintzen ez direnean zein langilearen ekarpena soilik ordaintzen denean, lege honetan eta aplikazioeta garapen-xedapenetan azaldutako ondorioak sortuko dira.

4.19.1 artikuluaren c) hizkian aipatzen den kuoten likidazio erraztuko sisteman, ez da beharrezkoa izango da artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak betetzea; betiere, erregelamendu bidez ezarritako epearen barruan egin bada kuota horien xede diren subjektuak Gizarte Segurantzako dagokien araubidean alta emateko eskaera, alta hori beharrezkoa den kasuetan.

Alta epez kanpo eskatzen bada, ez da beharrezkoa izango artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak betetzea, eskaera aurkeztu ondoko aldietako kuoten likidazioari dagokionez, likidazio hori sistema honen bidez egingo baita.

Kasu horietan, aplikatzekoa izango da betebehar horiek epe barruan bete diren kasuetarako lege honetan aurreikusitakoa.

5.Subjektu erantzuleek epearen barruan betetzen badituzte 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak, aukera izango dute Gizarte Segurantzarekin lankidetzan aritzeko betebeharraren ondorioz ordaindutako prestazioengatiko kreditua eta likidazioen xede diren aldietan zordundutako kuotengatiko zorra konpentsatzeko, kuota horiek ordaintzeko unea edozein izanda ere.

Paragrafo honetan araututako egoeraz bestelakoetan, kuotak ordaintzeko erantzukizuna daukaten subjektuek ezingo dituzte beren kredituak Gizarte Segurantzaren aurrean konpentsatu, ordainketa eskuordetuaren araubidean ordaindutako prestazioengatik edo kuota horien zenbatekoa duen beste edozein kontzepturengatik, haiek ordaintzeko unea edozein izanda ere, eta borondatezko epean edo premiamendu-bidean erreklamatuak izan zein ez. Nolanahi ere, subjektu erantzule horiek eskubidea izango dute Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo dagokion erakunde kudeatzailearen edo laguntzailearen aurrean dagozkien kredituak ordaintzea eskatzeko.»

Bost. 27. artikulua honela geratzen da idatzita:

«27. artikulua. Epez kanpo ordaintzeagatiko errekarguak.

1.Kuotak ez badira ordaintzen Gizarte Segurantzari ordaintzeko ezarritako arauzko epean, honako errekargu hauek sortuko dira, ordainketak geroratzeko aurreikusitako berezitasunei kalterik egin gabe:

a) Ordainketa egiteko erantzukizuna duten subjektuek epearen barruan bete badituzte 26. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak, zorraren 100eko 20ko errekargua, zor diren kuotak ordaintzeko epemugaren ostean ordainduz gero.

b) Ordainketa egiteko erantzukizuna duten subjektuek ez badituzte 26. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak epearen barruan bete:

1.a. Zorraren 100eko 20ko errekargua, zor diren kuotak zorraren erreklamazioan edo likidazio-aktan adierazitako ordaintzeko epea amaitu aurretik ordainduz gero.

2.a. Zorraren 100eko 35eko errekargua, zor diren kuotak ordaintzeko epea amaitu ostean ordainduz gero.

2.Gizarte Segurantzarekiko zorrek zuzenbide publikoko diru-sarreren izaera dutenean, eta zor horien objektuak kuotez bestelako baliabideak direnean, 1.a) paragrafoan aurreikusitako errekarguaz handituko dira, arauzko epean ordaintzen ez badira.»

Sei. 30. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoak honela gelditzen dira idatzita:

«1. Subjektu erantzuleak ez baditu zor dituen kuotak arauzko epean ordaintzen, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak, honako kasu hauetan, erreklamatu egingo dio zenbateko hori, 27. artikuluan xedatutakoaren arabera dagokion errekargua aplikatuta:

a) Alta emanda dauden langileei dagokienez kotizatu ez duenean, baldin eta ez baditu epearen barruan bete 26. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak, edota, epearen barruan bete arren, transmititutako kuota-likidazioek edo kotizazio-datuek edo aurkeztutako kotizazio-dokumentuek zuzenean

haiengandik eratorritako errore materialak, aritmetikoak edo kalkuluzkoak dituztenean.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak egoera horiek egiaztatzen baditu, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari jakinaraziko dio, eta dagokion likidazio-proposamena helaraziko dio.

b) Alta emanda dauden langileei dagokienez kotizatu ez duenean, eta langile horiek ez direnean ageri transmititutako kuota-likidazioetan edo kotizazio-datuetan, ez eta epearen barruan aurkeztutako kotizazio-dokumentuetan ere; langile horiei dagokienez, joko da subjektu erantzuleak ez dituela bete 26. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak.

c) Diferentziak daudenean ordaindutako kuoten eta legez likidatu beharrekoen zenbatekoen artean (transmititutako likidazioen edo kotizazio-datuen zein aurkeztutako kotizazio-dokumentuen ondorio zuzenak direnak) , eta ez bada egokia Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak haien izaera kotizagarriaren gaineko balorazio juridikoa egitea; kasu horretan, hurrengo artikuluaren 1.b) paragrafoan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

d) Kuotengatiko zorrak dituenean, eta kuota horiek likidatzea ez dagokionean Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari.

2.Halaber, honako hauei zorraren zenbatekoa erreklamatuko zaie, zor horiek ordainaraztea dagokionean, aintzat hartuta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak dituen datuak edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak komunikatutakoak, eta lege-mailako arau batek ere ez duenean Gizarte Segurantzari zorrak ordaintzeko erantzukizuna salbuesten:

a) Erantzule solidarioei. Kasu horretan, erreklamazioaren xede izango dira erantzukizun solidarioak estaltzen duen zorraren zenbateko nagusia, errekarguak, interesak eta erreklamazio hori egin arte sortutako kostuak.

b) Erantzule subsidiarioei. Kasu horretan, eta erantzukizuna legez mugatuta egotean salbu, erreklamazioaren xede izango da erreklamazioa egiteko unean hasierako zordunari eska dakiokeen zorraren zenbateko nagusia, alde batera utzita errekarguak, interesak eta kostuak.

c) Jatorrizko zorduna zendu delako, erantzukizuna bere gain hartu duenari. Kasu horretan, erreklamazioaren xede izango dira zorraren zenbateko nagusia, errekarguak, interesak eta erreklamazioa egin arte sortutako kostuak.»

Zazpi. 31. artikuluaren 1. paragrafoaren b) hizkia honela geratzen da idatzita:

«b) Alta emanda dauden langileei dagozkien kotizazio-desberdintasunak, desberdintasun horiek transmititutako likidazioetatik edo kotizazio-datuetatik edota aurkeztutako kotizazio-dokumentuetatik zuzenean eratorri zein ez, epearen barruan nahiz kanpoan.»

Zortzi. 32. artikulua honela geratzen da idatzita:

«32. artikulua. Kuotengatiko zorrak zehaztea.

1.Zorren erreklamazioak eta Gizarte Segurantzaren kuotengatiko premiamendu-probidentziak, dagozkien kasuetan, arau hauek betez egingo dira:

a) Ordaintzeko erantzukizuna duen subjektuak epearen barruan betetzen baditu 26. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak, dagokion kuota-likidazioaren erreferentzia izan diren kotizazio-oinarrien arabera egingo dira.

b) Ordaintzeko erantzukizuna duen subjektuak ez baditu epearen barruan betetzen 26. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak, kotizaziooinarri gisa hau hartuko da: zorraren erreklamazioaren xede diren langileen talde

edo kategoria profesionalaren azkeneko kotizazio-taldea zein izan den, haren gutxieneko eta gehieneko oinarrien batez bestekoa, oinarri bakarrak aplikatu behar diren egoeretan salbu.

2.Likidazio-aktak egitean, langileak jasotzeko eskubidea duen guztizko ordainsaria hartuko da oinarritzat, edota, beste baten kontura egindako lanagatik jasotzen duena altuagoa bada, benetan jasotzen duen ordainsaria, ordainsari hori kotizazio-oinarrian integratu behar duenean, legean edo garapen-arauetan ezarritakoari jarraiki.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak ez duenean jakiterik zein den langileak jasotako ordainsarien zenbatekoa, kotizazio-oinarri gisa hau hartuko da: likidazio-aktaren xede diren langileen talde edo kategoria profesionalaren azkeneko kotizazio-taldea zein izan den, haren gutxieneko eta gehieneko oinarrien batez bestekoa, oinarri bakarrak aplikatu behar diren egoeretan salbu.»

Bederatzi. I. tituluko III. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean 32 bis artikulu berria gehitzen da; honako hau dio:

«32 bis artikulua. Egiaztatze-ahalak.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egiaztatu egin ahalko ditu 19.1 artikuluan aipatutako sistemen bidez kalkulatutako kuoten likidazioak; horretarako, behar beste datu edo dokumentu eskatu ahalko ditu. Egiaztapen horretan kotizaziodesberdintasunik atzemanez gero, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak zor-erreklamazioaren edo likidazio-akta bidez eskatuko ditu zenbateko horiek, lege honen 30.1 eta 31.1 artikuluetan ezarritakoari jarraiki, hurrenez hurren.

Aurreko lerrokadan xedatutakoak ez die kalterik egingo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak legez esleituta dauzkan funtzioak betez egiaztapenak egiteko dituen ahalei.»

Hamar. Aldatu egiten dira 36. artikuluaren izenburua eta 4. eta 6. paragrafoak, eta 7. paragrafoa gehitzen da; honela geratzen dira idatzita:

«36. artikulua. Finantza-erakundeen, funtzionario publikoen, profesional ofizialen eta agintarien informatzeko betebeharra.»

«4. Funtzionario publikoak, profesional ofizialak barne, Gizarte Segurantzaren Administrazioarekin lankidetzan aritzera behartuta daude, eta daukaten informazio guztia eman beharko diote, edozein motatakoa, beharrezkoa denean Gizarte Segurantzaren baliabideak eta horiekin batera biltzekoak diren gainerako kontzeptuak biltzeko, honako egoera hauetan salbu:

a) Korrespondentziaren edukia sekretua denean.

b) Administrazio Publikoari helburu estatistiko hutsez emandako datuak sekretuak direnean.

c) Notario-protokoloaren sekretua dagoenean. Sekretu horretan babestuta egongo dira bai Notariotzari buruzko 1862ko maiatzaren 28ko Legearen 34. eta 35. artikuluetan aipatutako agerkari publikoak, bai ezkontza-gaiei dagozkienak, ezkontzaren araubide ekonomikoari buruzkoak izan ezik.»

«6. Gizarte Segurantzaren Administrazioari datu pertsonalak lagatzeko, ez da ukituaren adostasunik beharko, lagapen hori egiten denean artikulu honetan ezarritakoa betez edota, oro har, elkarlanerako betebeharra betez, Gizarte Segurantzaren baliabideak eta Gizarte Segurantzaren kuotekin batera bildu beharreko kontzeptuak eraginkortasunez likidatzeko eta biltzeko.

Aurreko lerrokadan aipatutakoa betetze aldera, hurrengo hauek behar beste datu, txosten eta aurrekari eman beharko dizkiote Gizarte Segurantzaren Administrazioari, likidazioak egiteko eta dirua biltzeko eginkizunak zuzen bete

ditzan: agintariak (edozein dela ere horien izaera) ; Estatuko, autonomiaerkidegoetako eta toki-erakundeetako organoen titularrak; erakunde autonomoak, agentziak eta enpresa-erakunde publikoak; ganberak eta korporazioak, elkargoak eta elkarte profesionalak; gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak; gainerako erakunde publikoak, eta, oro har, funtzio publikoetan lan egiten dutenak edo horiekin elkarlanean aritzen direnak; betiere, betebehar hori izaera orokorreko xedapen bidez ezarrita dagoenean, edo Gizarte Segurantzaren Administrazioak errekerimendu zehatz bidez hala eskatzean. Era berean, aipatutako Administrazioari eta bertako langileei laguntza, partaidetza, sorospena eta babesa eman beharko dizkiote, beren eskumenak balia ditzaten.

Artikulu honetan adierazitako datuak bitarteko elektronikoen bidez lagako dira, ahal izanez gero.»

«7. Artikulu honetan xedatutakoari jarraiki emandako datuak, txostenak eta aurrekariak Gizarte Segurantzaren Administrazioak likidazioak eta diru-bilketak egiteko esleituta dauzkan eginkizunen esparruan erabiliko dira soilik, lege honen 66. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.»

2. artikulua. Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizartearloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bategina aldatzea.

Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bategina aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. 21. artikuluaren 2. paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«2. Kuotak ordaintzea dagokion hilabetearen hurrengoan, ez jartzea lantokiko leku nabarmen batean ikusgai, edo ez jartzea langileen eskura, kotizaziodokumentuaren alea edo horren baimendutako kopia bat, non langileei egindako kotizazioa agertzen den, edota aipatutako dokumentazioa ez ematea langileen ordezkariei edo enpresa-batzordeei, legez eta erregelamenduz ezarritako moduan.»

Bi. 22. artikuluaren 1. eta 3. paragrafoak honela geratzen dira idatzita:

«1. Jarduera hastea Gizarte Segurantzan inskribatzeko eskaera egin gabe; ez komunikatzea lantokien jardueraren hasiera edo amaiera, identifikatzearen ondorioetarako; ez komunikatzea, enpresak inskribatzeari dagokionez –enpresen titulartasunaren ondorengotza eta lantokien identifikazioa barne–, datuetan eta legez edo erregelamenduz ezarritako bestelako betebeharretan izandako aldaketak, eta, halaber, langileei ordaindutako ordainsariak garaiz eta modu egokian komunikatzeari dagokionez, edota datu horiek bitarteko informatiko, elektroniko edo telematikoen bidez transmititzeko betebeharra dutenek edo aurkezpen-sistemen erabilerara atxikita daudenek ez transmititzea.»

«3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak biltzen dituen kontzeptu guztiei dagozkien kuotak arauzko moduan eta epeetan ez ordaintzea, edota, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 26. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak epe barruan bete arren, ordainketa behar den zenbatekoan ez egitea; betiere, ordainketa ez egitearen zergatia ez bada enpresaren konkurtso-deklarazioa edo ezinbestea, eta ez bada kuoten ordainketa geroratzeko eskaerarik egin ikuskatzeko jarduketa hasi aurretik, ebazpen ezeslea eman denean salbu.»

Hiru. 23. artikuluaren 1. paragrafoaren b) eta f) hizkiak honela geratzen dira idatzita:

«b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kontzeptu guztiengatik biltzen dituen kuotak arauzko moduan eta epeetan ez ordaintzea, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 26. artikuluko 1. eta 2.

paragrafoetan ezarritako betebeharrak epe barruan ez betetzea. Halaber, erantzukizun solidarioa, subsidiarioa zein mortis causa erantzukizuna saihesteko asmoz iruzur egitea, kotizatzeko betebeharra betetzean edo Gizarte Segurantzaren gainerako baliabideak ordaintzean.»

«f) Kotizazio-dokumentuetan adierazpen faltsuak egitea edo datu faltsuak nahiz zehaztugabeak ematea, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotetan iruzurrezko likidazioak, kenkariak edo konpentsazioak lortzeko, edo horiekin lotutako pizgarriak eskuratzeko.»

Lau. 39. artikuluaren 2. paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«2. Arau-hausteak lege honetan xedatutakoaren arabera kalifikatu ostean, zehapenak mailakatzeko orduan honako hauek hartuko dira kontuan: subjektu arauhauslearen zabarkeria eta nahitasuna, iruzurra edo ados hartzea, Ikuskaritzak aurretiaz egindako ohartarazpenak eta eskakizunak ez betetzea, enpresaren negozio-zifra, eragindako onuradunen edo langileen kopurua, eragindako kaltea, eta iruzurtutako kantitatea, horiek egindako arau-hausteari aplikatzeko maila handitu edo txikiagotu baitezakete.

Aurrekoari kalterik egin gabe, 22.3 eta 23.1.b) artikuluetan tipifikatutako arauhausteen kasuan, zehapena gutxieneko mailan ezarriko da, baldin eta ordaindu gabeko zenbatekoa, errekarguak eta interesak barne, ez bada 10.000 eurotik gorakoa; erdiko mailan, zenbateko hori 10.001 eta 25.000 euro bitartekoa bada; eta maila gorenean, 25.000 eurotik gorakoa bada.

Edonola ere, zehapena maila gorenean ezarriko da, ordaindu gabeko zenbatekoa edozein izanda ere, baldin eta subjektu erantzuleak behar baino gutxiago kotizatu badu, Gizarte Segurantzari eman beharreko aitorpenak edo datuak ezkutatuz edo faltsutuz.

Lege honen 41. artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, 15.3 artikuluan tipifikatutako arau-haustearen kasuan, zehapena maila gorenean ezarriko da, baldin eta, arau-haustea egin aurreko bi urteetan, subjektu erantzuleak zehapen irmoa jaso badu, desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legezko betebeharra ez betetzeagatik edo salbuespenezko ordezko neurriak ez aplikatzeagatik.»

Bost. 50. artikuluaren 4. paragrafoaren d) hizkia honela geratzen da idatzita:

«d) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren sistemako funtzionarioekin lankidetzan aritzeko betebeharra ez betetzea, enpresaburuak ez duelako euskarri informatikoan entregatu Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren arloan dauzkan betebeharrak kontrolatzeko beharrezkoa den informazioa, baldin eta kuoten likidazioak edo kotizazio-datuak elektronikoki transmititzeko behartuta badago edo hari bildu bazaio.»

3. artikulua. Abenduaren 30eko 116/1969 Legearen eta ekainaren 21eko 24/1972 Legearen Testu Bategina aldatzea, abuztuaren 30eko 2864/1974 Dekretuaren bidez onartutakoa, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzaren Araubide Berezia arautzen duena.

Abenduaren 30eko 116/1969 Legearen eta ekainaren 21eko 24/1972 Legearen Testu Bategina, abuztuaren 30eko 2864/1974 Dekretuaren bidez onartutakoa, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzaren Araubide Berezia arautzen duena, 19. artikuluaren 3. paragrafoan honela geratzen da idatzita:

«3. Araubide berezi honetan kotizatzeko, benetan jasotako ordainsariak hartuko dira oinarri gisa, Araubide Orokorrean ezarritako arauen arabera.

Araubide berezi honetan dauden enpresaburuek langileei ordaindutako ordainsari guztien zenbatekoa jakinarazi beharko dute likidazio-aldi bakoitzean,

ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 109.3 artikuluan zehaztutako moduan.»

Lehenengo xedapen gehigarria. Langileei Gizarte Segurantzako kotizazioari buruzko informazioa ematea.

Lege honetan kuotak zuzenean likidatzeko ezartzen den sistema berria aplikatzeak ez du mugatuko langileek eta beren legezko ordezkariek Gizarte Segurantzako hileko kotizazioari buruzko informazioa jasotzeko duten eskubidea.

Bigarren xedapen gehigarria. Kotizazio-oinarrietan aurreikusitako aldaketek prestazioetan izango luketen eraginari buruzko azterlana.

Gobernuak azterlan bat egingo du bi urteko epean, neurtzeko zer eragin edukiko lukeen Gizarte Segurantzaren sistemako prestazioetan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak kotizazio-oinarrietan aurreikusitako zuzenketak egiteak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 32. artikuluan araututako egoeretan.

Xedapen iragankor bakarra. Kuotak autolikidatzeko sistema mantentzea.

Kuotak autolikidatzeko sistema aplikatzen jarraituko da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginean eta hori aplikatzeko eta garatzeko arauetan ezarritako moduan, hura erabiltzen duten subjektu erantzule guzti-guztiak likidazio zuzeneko sistema berrira pasatzen diren arte, lege honen azken xedapenetatik bigarrenean aurreikusitakoari jarraiki.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kuotak zuzenean likidatzeko sistema garatzea.

Lege hau indarrean jartzen denetik hiru hilabeteko epean, Gobernuak erregelamenduz garatuko du, lege honek egindako aldaketak aintzat hartuta, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak Gizarte Segurantzaren kuotak eta kuotekin batera biltzekoak diren kontzeptuak zuzenean likidatzeko sistemaren araudia. Araudi hori ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginean dago jasota.

Azken xedapenetatik bigarrena. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kuotak zuzenean likidatzeko sistema aplikatzea.

1.Progresiboki ezarriko da kuotak zuzenean likidatzeko sistema, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak unean-unean eskura dituen kudeaketa-aukeren eta bitarteko teknikoen arabera. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak ebazpenak emango ditu, kotizatzeko betebeharra betetzeko erantzukizuna duten subjektuak sistema horretara sartzea agintzeko.

2.Subjektu erantzuleari dagokion ebazpena jakinarazten zaion hilabetearen hurrengoko lehen egunetik aurrera sartuko da subjektua kuotak zuzenean likidatzeko sisteman.

Likidazioa egiteko sistema berria nahitaez aplikatuko da sisteman sartu ondorengo hirugarren hilabete naturaletik aurrera, Gizarte Segurantzaren kuotak eta kuotekin batera

biltzekoak diren kontzeptuak zehazteko eta ordaintzeko. Ordura arte, autolikidazio-sistema erabiltzen jarraituko da.

Aurreko lerrokadan adierazitakoari kalterik egin gabe, subjektu erantzuleak aukera izango du likidazio zuzenaren sistema aplikatzeko, sistema horretan sartu zenetik hiru hilabete natural igaro aurretik. Aukera horren alde eginez gero, ezin izango du autolikidaziosistema berriro erabili, kuotak kalkulatu eta ordaintzeko.

3.Kuotak zuzenean likidatzeko sisteman sartzea xedatzeko ebazpenak Gizarte Segurantzako Estatu Idazkaritzaren Egoitza Elektronikoan jarriko dira subjektu erantzuleen eskura, jakinarazpen elektronikoen bitartez; horretarako, Gizarte Segurantzaren arloan jakinarazpenak eta komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez igortzea arautzen duen martxoaren 26ko ESS/485/2013 Aginduan ezarritako prozedura beteko da.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren probintzia-zuzendaritzen probintziaidazkaritzen titularrek emango dituzte aipatutako ebazpenak. Ebazpen horien aurka, subjektu erantzuleek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute dagokien probintzia-zuzendaritzaren titularren aurrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritako moduan eta epeetan. Aipatutako errekurtsoa jartzeak ez du aurkaratutako egintza betearaztea etengo.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina aldatzea.

Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina honela gelditzen da aldatuta:

Bat. Aldatu egiten da berrogeita seigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Berrogeita seigarren xedapen gehigarria. Prestazioen arloko prozedurak elektronikoki izapidetzea.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoari jarraiki, ebazpenak modu automatizatuan hartu eta jakinarazi ahalko dira, bai III. tituluan aurreikusitako langabezia-babesa kudeatzeko prozeduretan, bai lege honetan araututako Gizarte Segurantzaren sistemako gainerako prestazioak kudeatzeko prozeduretan, kotizatu gabeko pentsioen kasuan izan ezik.

Horretarako, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren zuzendari nagusiak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak edota Itsasoko Gizarte Institutuko zuzendariak, kasuan kasu, ebazpen bat emango du; ebazpen horretan, lehenik eta behin, dagokion prozedura edo prozedurak finkatuko ditu, bai eta organo eskuduna edo eskudunak ere, hauek definitzeko: informazio-sistemaren eta bere iturburu-kodearen espezifikazioak, programazioa, mantentze-lanak, ikuskapena eta kalitate-kontrola, eta, beharrezkoa izanez gero, auditoretza. Era berean, aurkaratzeefektuetarako organo arduraduna zein izango den adieraziko da.»

Bi. Berrogeita hamargarren xedapen gehigarriaren 4. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«4. Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan, jakinarazpena ezin izan denean egin Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoan edo interesdunaren helbidean, aurreko paragrafoetan adierazitako moduan, jakinarazpena egingo da Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuz, aipatutako legearen hogeita batgarren xedapen gehigarria betez.

Aurreko lerrokadan adierazitako kasuetatik kanpo, Gizarte Segurantzaren Administrazioak bere eskumenez baliatuz onartutako iragarkiak, erabakiak,

ebazpenak eta komunikazioak, bai eta Administrazio horren interes orokorreko bestelako informazioak ere, Gizarte Segurantzaren iragarki-taulan argitaratuko dira. Taula hori Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoan dago, eta Gizarte Segurantzako Estatu Idazkaritzak kudeatzen du. Argitalpen hori osagarria izango da arau batek agindutakoaren arabera beste baliabide batean argitaratu beharrekoak diren egintzei dagokienez.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren agindu bidez zehaztutako moduan egingo dira argitalpenak taula horretan.»

Hiru. 66 bis artikuluari idazkera berria eman zaio; artikulu hori honela geratzen da idatzita:

«66 bis artikulua. Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoak kudeatzen dituzten erakundeei informazioa ematea.

1.Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei kasu hauetan eman beharko zaie informazioa:

a) Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren mendeko erakunde eskudunek edo, hala dagokionean, autonomia-erkidegoetako edo foru-aldundietako erakunde eskudunek, urteko ekitaldi bakoitzaren barruan, honako datu hauek emango dizkiete prestazio ekonomikoak kudeatzeaz arduratzen diren Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei, erakunde horiek hala eskatzean: prestazioen titularren errenta-mailari eta gainerako diru-sarrerei buruzko datuak, prestazio horiek jasotzeko eskubidea baldintzatzen duten heinean, bai eta ezkontide onuradunen eta familia-unitateetako beste kideen datuak ere, baldin eta datu horiek kontuan hartu behar badira prestazio horiek aitortzeko, mantentzeko edo zenbatekoa finkatzeko, une oro prestazioak jasotzeko beharrezko baldintzak betetzen dituzten eta legez ezarritako zenbatekoan jasotzen dituzten egiaztatzearren.

Halaber, Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileek hala eskatzen dutenean, aipatutako erakundeek interesdunaren kontu-korrontearen zenbakia emango diete, prestazioa aitortuz gero ordainketa egin ahal izateko.

b) Justizia Ministerioak izendatzen duen erakundeak inskripzio eta datuei buruz eskatzen dioten informazioa emango die Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei, inskripzio eta datu horiek zerikusia dutenean Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoetarako eskubidea sortzearekin, aldatzearekin, mantentzearekin edo azkentzearekin.

c) Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileek enpresaburuei datuak eskatzen dizkietenean komunikazioak sistema informatiko, elektroniko eta/edo telematikoen bidez egin ahal izateko, enpresaburuek datu horiek emango dizkiete, komunikazioak egiteko sistema horiek bermatzen dutenean komunikazio-prozedura bizkortasunez egingo dela enpresetako langileen Gizarte Segurantzaren prestazioen aitortzean eta kontrolatzean.

Langileei buruz emandako datuetan, beti zehaztu beharko dira langilearen izenabizenak, nortasun-agiri nazionala edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia, eta helbidea.

d) Estatistikako Institutu Nazionalak udal-erroldari buruzko helbide-datuak emango dizkie prestazio ekonomikoak kudeatzeaz arduratzen diren Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei, datu horiek lotura izan dezaketenean edozein prozeduratan prestazioetarako eskubidea sortzearekin, aldatzearekin, mantentzearekin edo azkentzearekin; horrez gain, Gizarte Segurantzaren sistemako datu-baseetan dagoen informazioa eguneratzeko datuak ere emango dizkie Estatistikako Institutu Nazionalak.

2.Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoak eskatzen dituztenei buruzko datu guztiek ondore guztiak sortuko dituzte, datu horiek erakunde kudeatzaileen esku daudenean, eta beste erakunde publiko batzuek edo enpresek transmisio

telematiko bidez bidali dituztenean, edota datu horiek Gizarte Segurantzaren sistemako datu-base korporatiboetan kontsolidatzen direnean, beste erakunde edo enpresa batzuen datu-base korporatiboetara sarbide informatiko zuzena izatearen ondorioz. Eskatzaileei buruzko datu horiek, halaber, aipatutako erakunde edo enpresek paper-euskarriko ziurtagiri bidez jakinarazitakoen baliozkotasun berbera izango dute.

3.Artikulu honetan aipatutako egoeretan Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei informazioa emateko, ez da interesdunaren aurretiazko baimena beharko.

4.Artikulu honetan xedatutakoari jarraiki emandako datuak, txostenak eta aurrekariak soil-soilik erabiliko dira Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei eta zerbitzu erkideei prestazioak kudeatzeko esleitutako eginkizunen esparruan, kalterik egin gabe lege honen 66. artikuluan xedatutakoari.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen hogeita batgarren xedapen gehigarriaren laugarren puntua, zeinak Funtzio Publikoa Erreformatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriaren 3.1 paragrafoa aldatu zuen, eta honela geratzen da idatzita:

«Lau. Gizarte Segurantzaren Administrazioko Kontu-hartzailetzaren eta Kontabilitatearen Kidegoa: Gizarte Segurantzaren Administrazioko Kontu-hartzaileen eta Auditoreen Goi Mailako Kidegoa.»

Azken xedapenetatik bosgarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean, azken xedapenetatik hirugarrenaren bigarren atala salbu, hori 2015eko ekainaren 1ean jarriko baita indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2014ko abenduaren 26an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra