I. XEDAPEN OROKORRAK
ENPLEGUKO ETAGIZARTE SEGURANTZAKO MINISTERIOA
11431 |
3/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Enpleguaren Legearen |
|
Testu Bategina onartzen duena. |
Urriaren 29ko 20/2014 Legeak Gobernua eskuordetzen du hainbat testu bategin eman ditzan, Espainiako Konstituzioaren 82. artikuluarekin eta hurrengoekin bat, eta haren Bat.f) artikuluak baimena ematen dio Gobernuari testu bategin bat onartzeko, zeinetan honako lege eta xedapen hauek jaso diren, behar bezala erregularizatuta, argituta eta harmonizaturik: Enpleguaren abenduaren 16ko 56/2003 Legea eta horrekin lotuta zenbaki honetan zerrendatutako legezko xedapen guztiak, bai eta horiek aldatu dituzten lege- mailako arauak eta haren esparru materialari eraginda, Ministro Kontseiluak bidezkoak diren testu bateginak, hala badagokio, onartu aurretik aldarrikatu daitezkeenak —haietan hala aurreikusita badago— ere. Aipatutako testua egiteko epea hamabi hilabetekoa zen, urriaren 29ko 20/2014 Legea indarrean jartzen zenetik zenbatuta, hau da, 2014ko urriaren 31tik zenbatua.
Legegintzako Errege Dekretu honi buruzko kontsulta jaso dute ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteek. Gainera, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak horren gaineko irizpena eman du.
Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak halaxe proposatuta, Estatu Kontseiluarekin bat, eta Ministro Kontseiluak 2015eko urriaren 23an izandako bileran gaia eztabaidatu ondoren,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Enpleguaren Legearen testu bategina onestea.
Onesten da honi erantsirik doan Enpleguaren Legearen testu bategina.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik gelditzen dira Enpleguaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak; zehazki, honako hauek:
a)56/2003 Legea, abenduaren 16koa, Enpleguarena.
b)Lan Merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurriei buruzko irailaren 17ko 35/2010 Legearen seigarren eta hamazazpigarren xedapen gehigarriak.
c)Enplegagarritasuna Hobetzeko eta Enplegu Politika Aktiboak Erreformatzeko otsailaren 18ko 3/2011 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria, bigarren xedapen iragankorreko azken lerrokada eta azken xedapenetako lehena.
d)Lan Merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarria.
Oviedon, 2015eko urriaren 23an.
FELIPE e.
Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroa,
FÁTIMA BÁÑEZ GARCÍA
ENPLEGUAREN LEGEAREN TESTU BATEGINA
AURKIBIDEA
Atariko titulua. Enplegu-politika dela-eta.
1.artikulua. Definizioa.
2.artikulua. Helburuak.
3.artikulua. Enplegu-politika planifikatzea eta betetzea.
4.artikulua. Enplegu-politikaren tokikotasuna.
5.artikulua. Enplegu-politikaren tresnak.
I. titulua Enplegu Sistema Nazionala.
I. kapitulua. Xedapen orokorrak.
6.artikulua. Kontzeptua.
7.artikulua. Helburuak.
8.artikulua. Organoak.
9.artikulua. Enplegu Sistema Nazionala koordinatzeko tresnak.
10.artikulua. Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia.
11.artikulua. Enplegu-politikako urteko planak.
12.artikulua. Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio Sistema.
13.artikulua. Antolamendu- eta funtzionamendu-printzipioak.
14.artikulua. Eginkizunak.
II. kapitulua. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.
15.artikulua. Kontzeptua.
16.artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.
17.artikulua. Antolamendua.
18.artikulua. Eskumenak.
III. kapitulua. Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoak.
19.artikulua. Kontzeptua eta eskumenak.
20.artikulua. Antolamendua.
IV. kapitulua. Finantzaketa.
21.artikulua. Nazio-eremuko enplegu-funtsen aurrekontu-araubidea.
22.artikulua. Europar Batasuneko funtsekin kofinantzatutako enplegu-politika aktiboak.
23.artikulua. Nazio-eremuko enplegu-funtsen jarraipen eta kontrolerako organoak.
24.artikulua. Enplegu-politiken funtsa.
25.artikulua. Enplegu-politika aktiboen finantzaketa autonomikoa.
II.titulua. Enplegu-zerbitzu publikoek emandako Enplegu Sistema Nazionalaren zerbitzuak.
I. kapitulua. Zerbitzuen erabiltzaileak.
26.artikulua. Zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonak eta enpresak.
27.artikulua. Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komuna.
II. kapitulua. Langabeek zerbitzuak baliatzea.
28.artikulua. Zerbitzuen ikuspegi pertsonalizatua.
29.artikulua. Banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua.
30.artikulua. Lehentasunezko taldeak.
III. titulua. Enplegu-politikaren tresnak.
I. kapitulua. Lan-bitartekotza.
31.artikulua. Lan-bitartekotzaren kontzeptua.
32.artikulua. Bitartekotzaren eragileak.
33.artikulua. Enplegu-agentziak.
34.artikulua. Lan-bitartekotzaren oinarrizko printzipioak.
35.artikulua. Bereizkeria enplegua lortzeko unean.
II. kapitulua. Enplegu-politika aktiboak.
36.artikulua. Enplegu-politika aktiboen kontzeptua.
37.artikulua. Enplegu-politika aktiboen printzipio orokorrak.
38.artikulua. Enplegu-politika aktiboen garapena.
39.artikulua. Enplegu-politika aktiboen ebaluazio jarraitua.
40.artikulua. Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema.
III.kapitulua. Politika aktiboak eta langabeziari aurre egiteko babes ekonomikoa koordinatzea.
41.artikulua. Langabeziagatiko prestazio eta sorospenen onuradunak enplegu- eskatzaile gisa inskribatzea eta jarduera-konpromisoa sinatzea.
42.artikulua. Politika aktiboak kudeatzen dituzten enplegu-zerbitzu publikoen eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza eta elkarlana langabeziari aurre egiteko babes ekonomikoari buruzko gaietan.
Lehenengo xedapen gehigarria. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren identifikazioa. Bigarren xedapen gehigarria. Enplegu-zerbitzu publikoekiko elkarlana informazio-
gaietan.
Hirugarren xedapen gehigarria. Kanarietako Enplegu Plan Integrala.
Laugarren xedapen gehigarria. Autonomia-erkidegoek enplegu mugagabea sustatzen parte hartzea.
Bosgarren xedapen gehigarria. Enplegu-politika aktiboen eta langabeziagatiko prestazioen arteko lotura.
Seigarren xedapen gehigarria. Enplegu-zerbitzu publikoak.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Enplegu-politika aktiboen ondorioetako, terrorismoaren biktima direnak.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziaren identifikazioa.
Lehenengo xedapen iragankorra. Enpleguaren kudeaketan elkarlanean ari diren erakundeak.
Bigarren xedapen iragankorra. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak enplegu-politika aktiboak eta lan-bitartekotza kudeatzea.
Hirugarren xedapen iragankorra. Emakumeei zuzendutako enplegu-politika aktiboak. Laugarren xedapen iragankorra. 2014ko uztailaren 5ean baimena indarrean duten
enplegu-agentziei aplikatu beharreko xedapenak. Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-tituluak.
Azken xedapenetatik bigarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.
Azken xedapenetatik hirugarrena. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoen arteko lankidetza-hitzarmenak, Estatuak langabezia-prestazioez egindako kudeaketari dagozkion gastu partekatuak finantzatzeko, autonomia erkidegoei eskualdatutako kostu benetakoa handitzea ez badakarte.
ATARIKO TITULUA
Enplegu-politika dela-eta
1.artikulua. DEFINIZIOA.
Kontuan izanik Espainiako Konstituzioaren 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoa, enplegu-politika Estatuak eta autonomia-erkidegoek hartutako erabaki multzo bat da, programa eta neurri batzuk garatzea helburu duena, haien bidez enplegu osoa eta kalitatezkoa lortzeko, enplegu-eskaintzak eta -eskariak kuantitatiboki eta kualitatiboki egokitzeko, langabezia-egoerak gutxitzeko eta horietan behar den babesa emateko.
Enplegu-politika Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak araututako enplegurako estrategia koordinatuaren eremuan garatuko da, politika ekonomikorako orientazio orokorren barruan.
2. artikulua. HELBURUAK.
Enplegu-politikaren helburu orokorrak dira:
a)Aukera-berdintasun benetakoa eta diskriminaziorik eza bermatzea enplegurako irispidean eta enplegua lortzera bideratutako ekintzetan, kontuan izanik Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan aurreikusitakoa, eta, era berean, lanbidea aukeratzeko askatasuna bermatzea, ezein diskriminazioari biderik eman gabe, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Printzipio horiek Europako Esparru Ekonomikoko kide diren estatuetako nazionalitatea dutenei aplikatuko zaizkie, eta, beren eskubide eta askatasunak arautzen dituen araudiak ezarritakoaren arabera, beste atzerritarrei.
b)Langabezia-egoeren aurrean babes-sistema eraginkor bati eustea, hots, enplegu- politika aktiboak eta langabezia-prestazioak bere barruan jasoko dituena, bi horien arteko koordinazioa, enplegu-politika betetzen eta kudeatzen parte hartzen duten erakundeen arteko lankidetza, eta lan-bitartekotzako jardueren arteko lotura ziurtatuz.
c)Langabeziaren aurrean prebentziozko ikuspegia hartzea, batez ere denbora luzeko langabezia bada, eta langabeei banan-banako arreta eskaintzea, haien enplegagarritasuna hobetuko duten enplegu-politika aktiboetako jarduera integratuen bitartez.
Halaber, enplegu-politikak langabeziari prebentziozko ikuspegitik begiratzera eta aldaketari aurrea hartzera joko du prestakuntza-jardueren bidez, haien bitartez langileari erraztasunak emanez bere lanbide-gaikuntza eta enplegagarritasuna mantendu eta hobetzeko eta, hala badagokio, birgaitu eta bere gaitasun profesionalak lan-merkatuaren eskakizunetara egokitzeko.
d)Lanean integratzeko politika egokiak bermatzea laneratzeko zailtasun handienak dituzten gizataldeentzat; bereziki, gazte, emakume, desgaitasuna duten pertsona eta 45 urtetik gorako denbora luzeko langabeentzat.
e)Lan-merkatuaren batasunari eustea Estatu osoan, lurralde bakoitzaren ezaugarri bereziak eta askotarikoak kontuan izanez eta lurralde- eta gizarte-desorekak zuzentzea bultzatuz.
f)Langileen zirkulazio-askea bermatzea eta enplegu-arrazoiengatik lekualdatu nahi dutenen mugigarritasun geografikoa erraztea, bai estatuaren eremuan bai Europarenean.
g)Barne- eta kanpo-migrazioen fenomenoaren alderdiarekin duen artikulazioa koordinatzea, a) eta d) letretan ezarritakoaren arabera eta autonomia-erkidegoekin lankidetzan, zein bere eskumenen esparruan.
h)Banan-banako zerbitzuak ematea biztanleria aktiboari; hartara, lan-merkatuan sar daitezen, bertan gera daitezen eta aurrera egin dezaten. Baita enpresei ere; hartara, beren lehiakortasuna hobetu dadin.
i)Kultura ekintzailea eta enpresa-espiritua sustatzea, bai eta ekintzaileei beren enpresa-ekimena abiarazteko arreta eta laguntza hobea ematea ere.
3.artikulua. Enplegu-politika planifikatzea eta betetzea.
1.Estatuaren eskumen-eremuan Gobernuari dagokio enplegu-politika koordinatzea, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren bitartez, Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziak hartutako erabakien esparruan.
Orobat, Gobernuari dagokio, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak proposatuta, eta aurrez ministerio horrek Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziari txostena eginik, bitartekotzari eta lan-merkatuan sartzeari, enplegua sustatzeari, langabezia-babesari eta enplegurako lanbide-prestakuntzari dagozkien lege- mailako arauen proiektuak onestea eta erregelamenduzko xedapenak egin eta onestea lan-eremuan, bai eta xedapen horiek garatzea ere, hargatik eragotzi gabe atzerritarren gaietan Barne Ministerioari dagozkion eskumenak.
Edozein kasutan, Gobernuari dagokio, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren bitartez, langabezia-prestazioen kudeaketa eta kontrola.
2.Espainiako Konstituzioaren eta haren autonomia-estatutuen arabera, autonomia- erkidegoei dagokie beren lurralde-eremuan enplegu-politika garatzea, enplegua sustatzea eta lan-legeria eta eskualdaturiko programa eta neurriak betetzea.
4.artikulua. Enplegu-politikaren tokikotasuna.
Enplegu-politikak tokikotasuna kontuan izan beharko du bere diseinuan eta kudeaketa- ereduan, lurraldearen beharretara doitu dadin eta, hartara, tokian-tokian enplegua sortzeko ekimenak faboratu eta lagundu ditzan.
Espainiako Konstituzioaren, haren autonomia-estatutuen eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen arabera, autonomia- erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek toki-erakundeekin lankidetzan aritzeko mekanismoak ezarri ahal izango dituzte enplegu-politika aktiboen zerbitzuak eta programak gauzatzeko.
Toki-erakundeek enplegu-politika aktiboak lurraldean hitzartzeko prozesuan parte hartu ahal izango dute; horretarako erakundeek parte hartzeko organo autonomikoetan ordezkatuta egon beharko dute, eta horietan parte hartu.
Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoak arduratuko dira enpleguko politika aktiboen lurralde-dimentsioa Enplegu Sistema Nazionalaren esparrura eramateaz, bai eta, hala badagokio, autonomia-esparruko parte-hartze instituzionaleko organoetan toki-erakundeen ordezkaritza zehazteaz ere.
5.artikulua. Enplegu-politikaren tresnak. Hauek dira enplegu-politikaren tresnak:
a)Lan-bitartekotza.
b)Enplegu-politika aktiboak.
c)Politika aktiboen eta langabeziari aurre egiteko babes ekonomikoaren arteko koordinazioa.
I. TITULUA
Enplegu Sistema Nazionala
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
6.artikulua. Kontzeptua.
Enplegu Sistema Nazionala da: enplegu-politika sustatu eta garatzeko behar diren egitura, neurri eta jardueren multzoa. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia- erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek osatzen dute Enplegu Sistema Nazionala.
7.artikulua. Helburuak.
1.Enplegu Sistema Nazionalak honako helburu hauek betetzen direla bermatu beharko du:
a)Enplegua sustatzea eta lanpostuak sortzen laguntzea, laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei zuzendurikoak bereziki.
b)Langile eta enpresaburuei enplegu-zerbitzu publiko eta doako bat eskaintzea, lan- merkatuko enplegu-eskaintzak bereganatzeko gai dena, arreta eraginkor eta kalitatezko batean oinarriturik, gero eta lan-bitartekotza tasa handiagoak izateko xedez.
c)Behar den informazioa ematea, enplegu-eskatzaileek lan bat aurkitu edo enplegu- aukerak hobetu ahal izan ditzaten, eta enplegu-emaileek beren beharrei egokitzen zaizkien langileak kontratatu ahal izan ditzaten, betiere, langileak zein enpresaburuak enplegu- zerbitzu publikoak emandako zerbitzura iristeko orduan berdintasun-printzipioa aintzat hartzen dela.
d)Enplegu-zerbitzu publikoek, beren eskumenen eremuan, enplegu-politika aktiboak eta lan-bitartekotzako politikak berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraituz aplikatzen dituztela, Espainiako Konstituzioaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta lurraldeen arteko desorekak gainditzeko lan egiten dutela bermatzea.
e)Enplegua Aktibatzeko politikak eta langabezia-babeseko ekintza aplikatzen direla bermatzea.
f)Espainiako lurralde osoko lan-merkatuaren batasuna eta merkatu hori europar merkatu bakarrean integratzen dela bermatzea, eta langileen zirkulazio-askea bermatzea.
g)Enplegu-zerbitzu publikoaren eta enpresen lankidetza bultzatzea, enpresek politika aktiboen eta lanbide-kualifikazioaren arloan garatzen dituzten eta langabeak lanean integratzeko, prestatzeko edo birkualifikatzeko eraginkorrak izan daitezkeen ekintzetan.
h)Enplegu-zerbitzu publikoak indartzea, eta, batetik, lan-bitartekotzako elkarlan publiko-pribatua sustatzea eta, bestetik, enplegu-politika aktiboak garatzea.
2. Helburuok betetzean, Enplegu Sistema Nazionala ebaluatu egingo da aldika, haren egitura, neurri eta ekintzak lan-merkatuaren beharrizan errealetara egokitzeko.
3.Helburuok bete daitezen bermatzeko, botere publikoek, beren eskumenen eremuan, zainduko dute lege honetan sortutako enplegu-zerbitzu publikoek une oro behar dituzten langileak izan ditzatela legeak esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko.
8.artikulua. Organoak.
Hauek dira Enplegu Sistema Nazionalaren organoak:
a)Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentzia; hau da, Estatuaren Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen administrazioen arteko lankidetza, koordinazio eta elkarlanerako tresna orokorra enplegu-politikaren arloan eta lan-esparruko enplegurako lanbide-prestakuntzan, eta, bereziki, Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiarekin eta enplegu-politikari buruzko urteko planekin erlazionatutako gaietan.
b)Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusia; hau da, erakundeek enplegu- politikaren arloan eta lan-eremuko enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloan parte hartzeko organo aholku-emailea. Kontseilua kide hauek osatuko dute: autonomia-erkidego bakoitzaren ordezkari bat eta beste hainbeste kide Estatuaren Administrazio Orokorrarenak, ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeena eta enpresaburu-elkarteenak. Erabakiak hartzeko, enpresaburu-elkarteen eta sindikatuen botoak haztatuko dira, bi ordezkaritza horietariko bakoitzak bi administrazioen ordezkarien pisu bera izan dezan, hartara Kontseiluaren hirukotasunari eusteko. Haren eginkizunak erregelamenduz zehaztuko dira, Enplegu Sistema Nazionalari 14. artikuluak esleitutakoekin bat etorriz. Eginkizun horien artean dago Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren eta enplegu-politikari buruzko urteko planen inguruko kontsultak erantzutea eta haiei buruzko txostenak egitea.
9.artikulua. Enplegu Sistema Nazionala koordinatzeko tresnak.
Enplegu Sistema Nazionala honako tresna hauen bidez koordinatuko da nagusiki:
a)10. artikuluan arautzen den Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren bidez.
b)11. artikuluan arautzen diren enplegu-politikako urteko planen bidez.
c)12. artikuluan araututako Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio Sistemaren bidez.
10.artikulua. Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia.
1.3.1 artikuluan zehaztutako eskumenak baliatzean, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak proposatuta, Gobernuak Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia onartuko du; estrategia hori autonomia-erkidegoekin batera landuko da, eta ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteek ere parte hartuko dute. Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziak txostena egin beharko du, eta Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiari kontsulta egingo zaio zeinak txostena egin beharko baitu.
Gainera, Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia egiteko prozesuan, Lan Autonomoaren Kontseiluari eta Gizarte Ekonomia Sustatzeko Kontseiluari egingo zaie kontsulta, lan autonomoa eta gizarte-ekonomia sustatzeko jarduerei dagokienez.
2.Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategian honako elementu hauek sartzen
dira:
a)Lan-merkatuaren egoera eta joerak aztertzea.
b)Enplegua aktibatzeko politiken arloan Estatu osoan jarduteko printzipioak eta lortu beharreko helburu estrategiko eta egiturazkoak, enplegu-politika aktiboak eta lan- bitartekotzako politikak barnean hartuta.
c)Aurrekontu-esparrua, finantzabideak eta funtsak kudeatzeko irizpideak.
3.Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategian, Estatu osoan garatzen diren enplegu-politika aktiboak eta lan-bitartekotzako politikak bilduko dira, eta enplegu-zerbitzu publikoek estatu-funtsekin gauzatzen dituzten zerbitzu eta programak ez ezik, autonomia- erkidegoek beren baliabide ekonomiko propioekin garatzen dituztenak ere sartuko dira.
4.Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia enplegua aktibatzeko politiken ardatz jakin batzuen inguruan egituratuko da; ardatz horietan, enplegua aktibatzeko politiken arloko helburuak eta enplegu-zerbitzu publikoek garatutako zerbitzu eta programa guztiak txertatuko dira. Hona hemen ardatz horiek:
a)1. ardatza. Orientazioa. Honako jardun hauek biltzen ditu: informazioa, lanbide- orientazioa, motibazioa, aholkularitza, diagnostikoa eta lanbide-profila nahiz gaitasunak zehaztea, norberaren ikaskuntza-ibilbidea diseinatu eta kudeatzea, enplegua bilatzea, lan- bitartekotza eta, laburbilduta, onuradunak laneratzen laguntzeko jardunak.
b)2. ardatza. Prestakuntza. Lan-eremuko enplegurako lanbide-prestakuntzako jardunak biltzen ditu, ikaskuntzara bideratutakoak, prestakuntza, birkualifikazioa edo lanbidean birziklatzea, eta lan-jarduerarekin txandakatutako prestakuntza —enplegu- eta
prestakuntza-programa publikoak barnean hartuta—, betiere onuradunari gaitasunak eskuratzeko edo lanbide-esperientzia hobetzeko aukera ematen badiote, bere kualifikazioa hobetzearren eta laneratzea ahalbidetzearren.
c)3. ardatza. Enplegu-aukerak. Kontratazioa, enplegua sortzea edo lanpostuari eustea helburu duten jardunak biltzen ditu, batik bat, enplegua lortzeko edo lortutakoari eusteko zailtasun handienak dituzten gizataldeei zuzenduta, eta honako hauek bereziki aintzat hartuta: desgaitasuna dutenak, gizarte-bazterketako egoeran daudenak, familia- erantzukizunak dituztenak, terrorismoaren biktimak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.
d)4. ardatza. Aukera-berdintasuna enplegurako irispidean. Enplegurako irispideari, lanpostuan irauteari eta mailak igotzeari dagokienez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jardunak biltzen ditu, bai eta norberaren, familiaren eta lan-arloko bizitza bateragarri egitea ere. Mugikortasun geografikoa ahalbidetzera edo aurretik lan egin izan den jarduera-sektore ez direnetan kontratazioa sustatzera bideratutako jardunak ere sartzen dira.
e)5. ardatza. Ekintzailetza. Enpresa-ekimena, lan autonomoa eta gizarte-ekonomia sustatzera bideratutako jarduerak biltzen ditu, bai eta enplegua nahiz enpresa-jarduera sortzera eta tokiko garapen ekonomikoa dinamizatu eta bultzatzera bideratutakoak ere.
f)6. ardatza. Erakunde-esparrua hobetzea. Ardatz hau zeharkakoa izaki, gainerako guztiak hartzen ditu eraginpean. Enplegu Sistema Nazionalaren barruan kudeaketa, lankidetza, koordinazioa eta komunikazioa hobetzeko egiten diren ekintza, neurri eta jardunak biltzen ditu, sistema hori modernizatzeari bultzada ematearekin batera.
5.Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia urte anitzekoa izango da eta berraztertu, hobetu eta eguneratu ahal izango da. Amaitutakoan, ebaluatu egin beharko da.
11.artikulua. Enplegu-politikako urteko planak.
1.Enplegu-politikako urteko planetan, Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren urte bakoitzerako helburuak zehaztuko dira; helburu horiek Estatu osoan betetzekoak izango dira, bai eta autonomia-erkidego bakoitzean ere. Helburuez gain, urteko betetze-maila zein izan den jakiteko eta ebaluatzeko erabili behar diren adierazleak ere zehaztuko dira.
Era berean, helburu horiek betetzearren, gauzatzeko proposatu diren enpleguko eta lan-bitartekotzako politika aktiboen programa eta zerbitzuen aurreikuspena ere zehaztuko da; alde batetik, autonomia-erkidegoek proposatutakoak izango dira, lanaren, enpleguaren eta lan-esparruko enplegurako lanbide-prestakuntzaren eremuko betearazteko eskumenak baliatuta, eta, bestetik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, bere eskumen-eremuan. Salbuespen gisa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak urteko plan bakoitzean sartutako zerbitzu eta programak aldatu ahal izango ditu, dagokion autonomia-erkidegoak eskaera justifikatua eginez gero, baldin eta ezusteko eta ezohiko beharrak direla-eta ezinbestekoa baldin bada plana egoki kudeatu eta gauzatzeko.
2.Enplegu-politikako urteko planak Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak egingo ditu, autonomia-erkidegoek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentzian egindako aurreikuspenak kontuan izanik; Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiak —8.b) artikuluan arautua— plan horien gaineko txostena egin beharko du, eta Ministro Kontseiluan onartuko dira.
Gainera, enplegu-politikako urteko planak egiteko prozesuan, Lan Autonomoaren Kontseiluari eta Gizarte Ekonomia Sustatzeko Kontseiluari egingo zaie kontsulta, lan autonomoa eta gizarte-ekonomia sustatzeko jarduerei lotuta.
12.artikulua. Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio Sistema.
Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio Sistema informazio-sistema komuna izango da,
eta egitura informatiko integratu eta bateragarriarekin antolatuko da. Informazio-sistema hori Estatu osoan enplegu-zerbitzu publikoek gauzatzen dituzten lan-bitartekotzari,
enplegu-politika aktiboen kudeaketari eta langabezia-babesari buruzko informazioa bilduko duen tresna teknikoa izango da.
Sistema horren bitartez honako hauek egoki burutzen direla bermatuko da: lan- bitartekotzako eginkizunak, lurralde-eragozpenik gabe; enplegu-eskatzaileen erregistroa; eskatzaileek enplegu-zerbitzu publikoekiko harremanean izandako jardunen trazabilitatea; estatistika komunak; kontratuen edukia jakinaraztea;eta, besteak beste, lan-eremuko enplegurako lanbide-prestakuntzaren kudeaketaren, lanbide-orientazioaren, enplegu- ekimenen, kontrataziorako hobarien eta enplegu-agentzien jardunen inguruan sortzen den informazioaren berri izatea eta horien jarraipena.
Sistemari esker, Estatuaren Aurrekontu Orokorretatik edo Europar Batasunatik jasotako funtsen erabilera ebaluatu, horren jarraipena egin eta kontrolatu ahal izango da, justifikatze aldera.
13.artikulua. Antolamendu- eta funtzionamendu-printzipioak.
Enplegu Sistema Nazionalaren antolakuntza eta funtzionamendua honako printzipio hauetan oinarrituko da:
a)Ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoetan parte hartzea, zerbitzuok zehazten duten eran eta lege honetan aurreikusitakoaren arabera.
b)Lan-merkatuaren funtzionamenduan gardentasuna izatea eta enpleguaren edo prestakuntzaren kariaz langileek askatasunez zirkulatzeko behar diren politikak ezartzea, elementu funtsezkotzat harturik, printzipio hori bermatzeko, honako hauek:
1.a Informazio-sistemen integrazioa, bateragarritasuna eta koordinazioa. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek egitura informatiko bateratu eta bateragarri batekin antolatuko den informazio-sistema komun bat sortzeko, ustiatzeko eta mantentzeko elkarlanean arituko dira. Hala, hainbat jarduera modu egokian egin ahalko dira, lurralde-eragozpenik gabe: lan-bitartekotzaren eginkizunak, langabeziaren erregistroa, estatistika komunak, kontratuen edukiaren komunikazioa, eta Europako edo Estatuaren Administrazio Orokorretik datozen funtsen erabileraren jarraipena eta kontrola, horien erabilera justifikatzeko.
2.a Datu-base komun bat izatea, Enpleguko Atari Bakarra, Estatu osoan eta Europako Esparru Ekonomikoko gainerako herrialdeetan dauden enpleguen eskaintzen, eskarien eta prestakuntza-aukeren berri emango duena, baina, betiere, behar bezala beteta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.
Datu-base hori osatzeko, enplegu-zerbitzu publikoek Enplegu Sistema Publikoen Informazio Sistemako datu-baseetan erregistratuko dituzte enpleguen eskaintza eta eskari guztiak. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak informazio hori herritar, enpresa eta administrazio publiko guztiengana helduko dela bermatuko du, gardentasuna eta merkatuaren batasuna ziurtatzeko.
3.a Enplegu-zerbitzu publikoen erantzukizuna da enplegu-politika aktiboen exekuzioa beren gain hartzea, lege honetan ezarri bezala, hargatik eragotzi gabe haien koordinaziopean jardungo duten beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzeko tresnak sortzeko aukera. Erakunde horiek, betiere, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak gorde beharko dituzte.
Enkargatu zaien zerbitzua emateko eraginkortasunaren, kalitatearen eta espezializazioaren irizpide objektiboen arabera bideratuko da erakunde horien elkarlana, betiere dagokion araudian ezarritakoarekin bat etorriz. Gizarte-solaskideen elkarlana berariaz aztertu beharko da.
4.a Kalitatea zerbitzua ematerakoan, enplegu-zerbitzu publikoak bultzatuz eta lan- merkatuaren beharretara egokitzeko haiek etengabe hobetzen lagunduz; aldaketarako elementu dinamizatzaile gisa teknologia berriak baliatuz, eta nahikoa giza baliabide eta
baliabide material jarriz, bai enplegu-eskatzaileei bai enpresei arreta espezializatu eta pertsonalizatua eskaini ahal izateko.
14.artikulua. Eginkizunak.
Hauek dira Enplegu Sistema Nazionalaren eginkizunak:
a)Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia aplikatzea eta zehaztea, enplegu- politikako urteko planen bitartez.
b)Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta autonomia-erkidegoetako enplegu- zerbitzu publikoen arteko koordinazioa eta lankidetza bermatzea, arreta berezia eskainiz enplegu-politika aktibo eta enplegurako bitartekotzako politiken eta langabezia-prestazioen arteko koordinazioari.
c)Helburu jakin eta koordinatuak ezartzea enplegu-politikako urteko planen bitartez, enplegua aktibatzeko politiken emaitzak eta eraginkortasuna ebaluatu eta adierazle konparagarriak definitu ahal izateko.
d)Enplegu-zerbitzu publikoak lan-merkatuaren beharretara etengabe egokitu daitezen bultzatzea eta koordinatzea, Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentzian lortzen diren akordioen esparruan.
e)Administrazio publikoei txostenak, proposamenak eta gomendioak egitea enplegu- politika aktiboekin eta enplegurako bitartekotza-politikekin zerikusia duten gaiei buruz.
f)Jarduera-sektore eta lurralde-eremu bakoitzeko lan-merkatua aztertzea; alde batetik, enplegu-politika aktiboak eta enplegurako bitartekotza-politikak haien beharrizanetara egokitzeko, eta bestetik, nazio-mailan enplegu-egoera zein den zehazteko, hartara zenbat langile atzerritar behar den zehazteko, migrazio-politikatik eratorritako araudiaren arabera.
g)Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komuna zehaztea eta eguneratua izatea, Estatu osoan enplegu-zerbitzu publiko eta doakorako irispidea aukera- berdintasunean izatea bermatzeko.
h)24. artikuluan araututako enplegu-politiken funtsaren jarraipena egitea.
II. KAPITULUA
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa
15.artikulua. Kontzeptua.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa da: lege honetan ezarritakoaren esparruan, enplegu-politikaren programa eta neurriak xedatzea, garatzea eta haien jarraipena egitea gomendatu zaion Estatuaren Administrazio Orokorraren organismo autonomoa.
16.artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko 1997ko apirilaren 14ko 6/1997 Legeko III. tituluaren II. kapituluan aurreikusitako organismo autonomoetako bat da, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioari atxikia, bere titularraren bitartez.
Organismo autonomo den aldetik, nortasun juridiko propioa du, Estatuaren Administrazio Orokorretik independentea; bere eginkizunak betetzeko gaitasun osoa, ondare eta diruzaintza propioak, eta kudeaketa-autonomia; eta honako hauetan ezarritakoak eraentzen du harengan: Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko 1997ko apirilaren 14ko 6/1997 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorra eta Estatuaren Administrazio Orokorraren organismo autonomoei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.
17.artikulua. ANTOLAMENDUA.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa egitura zentral baten eta periferiko baten inguruan artikulatzen da bere eskumenak betetzeko. Ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteek haren organoetan parte hartuko dute, hirukoan eta modu parekidean.
Edozein kasutan, egitura zentralak kontseilu nagusia eta batzorde exekutiboa izango ditu, eta haien osaera eta eginkizunak erregelamenduz ezarriko dira, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari esleitutako eskumenen arabera.
18.artikulua. ESKUMENAK.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak honako eskumen hauek izango ditu:
a)Enpleguaz denaz bezainbatean egoki diren estatu-eremuko arau-proposamenak egitea eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioari igortzea.
b)Diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren aurreproiektua formulatzea.
c)Europar funtsen laguntzak jasotzea, bere aurrekontuaren kargura diren jarduerak kofinantzatzeko, eta laguntzok justifikatzea, Europar Batasuneko araudiak izendaturiko kudeaketa-agintariaren bitartez.
d)Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia eta enplegu-politikako urteko planak lantzea, autonomia-erkidegoekin elkarlanean jardunez.
Ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteek estrategia hori lantzen parte hartuko dute eta haren garapen eta ebaluazioari buruzko informazioa jasoko dute aldika.
e)Enplegu-zerbitzu publikoen baterako jarduerak koordinatzea, Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio Sistemaren garapenean.
f)Estatuaren Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lanbideen Behatokia kudeatzea, sarea Estatuaren lurralde osora zabalduta, lan-merkatuaren egoera eta joerak aztertzeko eta enplegurako prestakuntzaren egoera analizatzeko, autonomia-erkidegoekin elkarlanean.
g)Enplegu Sistema Nazionalaren informazio-sistema integratuek sortutako datu- baseak mantentzea, eta enpleguari, lan-esparruko enplegurako lanbide-prestakuntzari eta langabezia-babesari buruzko estatistikak egitea estatu-mailan.
h)Gastuen aurrekontuan ezarritako kreditu-erreserbaren kargura finantzatutako programa eta zerbitzuak kudeatzea. Hona hemen zerbitzu eta programa horiek:
1.a Autonomia-erkidegoa baino eremu geografiko handiago bati eragiten dioten zerbitzu eta programak, horietan parte hartzen duten langabeak edo langileak beste autonomia-erkidego edo herrialde batera joan beharra ekartzen badute eta koordinazio bateratua gauzatzea beharrezkoa badute.
2.a Autonomia-erkidego batena baino eremu geografiko handiagoko exekuzio- eremua duten eta haietan parte hartzen duten langabe edo langileen mugigarritasun geografikorik eskatzen ez duten programak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatu ahal izango ditu koordinazio bateratua behar dutenean, aurrez ados jarririk Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa eta aipaturiko programak beteko diren autonomia-erkidegoak.
3.a Enplegu-eskatzaileei zein lanean ari diren pertsonei zuzenduriko lanbidea hobetzeko zerbitzu eta programak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Estatuaren Administrazio Orokorraren edo haren organismo autonomoen arteko elkarlanaren bitartez; kalitateko lana sortzen eta langileen aukerak hobetzen dituzten prestakuntza-jarduerak burutzea izango dute helburutzat, batik bat Estatuko planen, estrategien edo programen esparruan burutzen direnean, eta interes orokorreko eta gizarte-intereseko obrak eta zerbitzuak egikaritzea, Estatuaren eskumen esklusiboekin loturikoak.
4.a Etorkinak lan-munduan integratzeko bitartekotza zerbitzu eta programak eta enplegu-politika aktiboak; haien jatorrizko herrialdeetan gauzatuko dira, eta migrazio- lekualdatzeen antolamendua erraztea izango dute helburu.
5.a Epe jakin baterako ezartzen diren ezohiko programak, Estatuko lurralde osoari eragiten diotenean; halakoetan, nahitaezkoa izango da modu zentralizatuan kudeatzea,
bai programen eraginkortasuna bermatzeko, bai onuradun guztiek horiek eskuratzeko nahiz aprobetxatzeko aukera berdinak izan ditzaten.
Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak zuzkituko du urtero lerrokada honetan aipaturiko kreditu-erreserba, aurrez Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziak txostena eginik. Aurrekontu horien bidez finantzatutako jarduketen emaitzen berri emango zaio urtero Sektoreko Konferentzia horri.
i)Ikerketak, azterketak eta analisiak egitea lan-merkatuaren egoeraz eta hura hobetzeko tresnez, dagokion autonomia-erkidegoarekin elkarlanean.
j)Langabezia-prestazioak kudeatzea eta kontrolatzea, hargatik eragotzi gabe Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 12. artikuluak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko eta Laneko Ikuskatzaileordeen Kidegoko funtzionarioei esleitzen dien eginkizuna: Gizarte Segurantzaren sistemako prestazioak lortzeari eta gozatzeari buruzko legeak eta erregelamenduak betetzen direla zaintzea eta bete daitezela galdatzea. Enplegu-politika aktiboen eta langabezia-prestazioen arteko koordinazioa bermatzeko, prestazio hori autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoekin lankidetzan jarduteko sistemen bitartez kudeatuko da. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak elkarlanean jardun beharko du eskumen horiek bereganatuak dituzten autonomia-erkidegoekin.
k)Mugigarritasun-ekintzak koordinatzea eta bultzatzea, bai estatuaren eremuan bai Europarenean, eta Espainiako Estatua ordezkatzea Eures sarean.
l)Legez edo erregelamenduz esleitzen zaion beste zeinahi eskumen.
III. KAPITULUA
Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoak
19.artikulua. Kontzeptua eta eskumenak.
1.Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publiko dira bertako organo edo entitate jakin batzuk, zeinek administrazioen gomendioa jasotzen baitute, beren lurralde- eremuetan, lan-bitartekotza —31.etik 35.era bitarteko artikuluetan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera—eta enplegu-politika aktiboak —36.etik 40.era bitarteko artikuluetan eta hurrengoetan aipatzen direnak— kudeatzeko beharrezkoak diren eginkizunak betetzeko.
2.Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek haiekin elkarlanean enplegu- politika aktiboak eta lan-bitartekotzaren kudeaketa gauzatzen eta garatzen arituko diren erakundeen jarduerak zehazteko behar diren neurriak diseinatu eta ezarriko dituzte, beren eskumenen esparruan.
3.Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia eta enplegu-politikako urteko planak lantzeko prozesuan parte hartuko dute.
4.Autonomia-erkidegoek, enplegua aktibatzeko politikak betearazteko eskumenak baliatuta, haien enplegu-politikako plan propioak egin ahal izango dituzte enplegu-politikako urteko planen helburuei jarraikiz eta Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren orientazio eta helburuekin koherente izanik.
20.artikulua. Antolamendua.
Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoak, beren burua antolatzeko gaitasunaren arabera, herritarrari zerbitzu emateko zuzendaritza- eta egitura-organoez hornituko dira.
Enplegu-zerbitzu publiko horietan, ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteek parte hartuko dute kontsultarako ordezkaritza-organoetan, autonomia-erkidegoek aurreikusten duten eran, eta partaidetza hori hiru alderdikoa eta parekidea izango da.
IV. KAPITULUA
Finantzaketa
21.artikulua. Nazio-eremuko enplegu-funtsen aurrekontu-araubidea.
1.Estatuak ditu, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez, nazio-eremuko enplegu-funtsen arloko eskumenak, eta haren aurrekontuetan agertuko dira behar bezala identifikaturik eta bereizirik.
Funts horiek ez dira sartzen autonomia-erkidegoei kudeaketa-eskumenak eskualdatzearen benetako kostuan, eta Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera banatuko dira, kudeaketa eskualdatua duten programei dagozkienean.
2.Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentzian adosturiko autonomia- erkidegoentzako funts-banaketan zehaztuko da funts horietako zein parte zuzenduko den Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren lehentasunen arabera eta autonomia- erkidego bakoitzean diren berezitasunak kontuan izanik berariaz zehaztuko diren gizataldeentzako enplegu-politika aktiboetara, hartara estrategia bete dadin bermatzeko.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuliko zaizkio xede jakin bat zuten eta xede horretarako erabili ez diren funtsak, salbu eta funts horiek, ustekabean gertatu diren eta berehalako arreta eskatzen duten ohiz kanpoko inguruabarren kariaz, beste gizatalde batzuentzat erabili behar badira, aurrekontuen xede zehatzen barruan; bestela, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren txostena beharko da. Edozein kasutan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia-erkidegoaren dagokion organoak adostuko dute funts horien berresleipena; berresleipen horrek ez du aldaraziko ezein kasutan erakunde horren aurrekontua.
3.Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziak lan-bitartekotzarako eginkizunak, lurralde-mugarik gabe eta 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, ahalbidetzera bideratzea erabakiko dituen funtsak banatu aurretik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatu egingo du enplegu-zerbitzu publikoek bete egiten duten ala ez 13.b).2 artikuluan xedatutakoa.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak hautematen badu autonomia-erkidegoren batek ez duela betebehar hori betetzen, ez die ordainduko haiei dagozkien zenbatekoak, harik eta egoera hori zuzentzen den arte. Alde horretatik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egoera horretan dauden autonomia-erkidegoei jakinaraziko die hauteman den ez-betetzea zuzendu beharrean daudela.
4.Nazio-eremuko enplegu-funts guztietatik kreditu-erreserba bat ezarriko da, aurreko zenbakietan aipatzen den banaketari lotu gabea, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak 18.h) artikuluan adierazitako zerbitzu eta programak kudea ditzan.
22.artikulua. Europar Batasuneko funtsekin kofinantzatutako enplegu-politika aktiboak.
1.21. artikuluan aipatzen diren eta autonomia-erkidegoek kudeatzekoak diren funtsak banatzean, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako prozeduraren arabera, Europar Batasuneko funtsekin kofinantzatutako programak zehaztuko dira.
2.Enplegu-politika aktiboak Europar Batasuneko funtsekin kofinantzatzen direnean, funtson kudeaketa beren gain hartu duten autonomia-erkidegoek beren gain hartuko dute, halaber, aplikagarri den Batasuneko legerian aurreikusitako betekizunak betetzetik ondorioztatzen den finantza-erantzukizuna.
23.artikulua. Nazio-eremuko enplegu-funtsen jarraipen eta kontrolerako organoak.
1.Nazio-eremuko enplegu-funtsen jarraipen eta kontrolerako organoak dira:
a)Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.
b)Autonomia-erkidegoetako organoak, eskualdatutako kudeaketari dagokionez.
c)Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza.
d)Estatuaren Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusia.
e)Kontuen Epaitegia.
f)Funtsak Europar Batasunak kofinantzatzen dituenean, haren organoak, eta, estatu mailan, egitura-funtsen kudeaketa-agintari eta agintari ordaintzaile izendatutako organismoak.
2.Kontrol-jarduerak organo horiek egingo dituzte, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera.
24.artikulua. Enplegu-politiken funtsa.
1.Enplegu-politiken funts bat eratuko da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan, enplegu-politika aktiboak osatzen dituzten zerbitzuak eta programak betetzean sor daitezkeen finantzaketa-beharrei erantzuteko.
2.Honako hauekin finantzatuko da enplegu-politiken funtsa:
a)Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren diru-sarreren aurrekontuan sartzen diren enplegu-politika aktiboen zerbitzuak eta programak gauzatzeko autonomia-erkidegoek konprometitu ez dituzten kreditu-gerakinen % 10.
b)Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak 18.h) artikuluan sartutako zerbitzu eta programetan gauzatu ez dituen kreditu-gerakinen % 10.
c)Enplegurako lanbide-prestakuntzako kuotaren bilketa handienaren saldoa. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren diru-sarreren aurrekontuari egiatan egotzitako enplegurako lanbide-prestakuntzako kuoten likidazioaren eta hasierako aurrekontuan zehaztutakoaren arteko alde positibo gisa lortuko da.
d)Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren beste edozer diru-sarrera, funts honetan sartu behar dena, funtsa arautzen duen araudian zehaztutako baldintzetan.
3.Hauek ere sartuko dira aipatu funtsean, baldin eta aukera ekonomikoak eta egoera finantzarioa aldekoak badira:
a)Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren diru-sarreren aurrekontuan sartzen diren enplegu-politika aktiboen zerbitzuak eta programak gauzatzeko autonomia-erkidegoek konprometitu ez dituzten kreditu-gerakinen gehienez ere % 10.
b)Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak 18.h) artikuluan sartutako zerbitzu eta programetan gauzatu ez dituen kreditu-gerakinen gehienez ere % 10.
c)Erreferentziako Zentro Nazionalen lan-planak gauzatzean autonomia-erkidegoek egin dituzten itzulketen gehienez ere % 20.
Zuzkidurak egin ahal izateko, egoera finantzarioak hori ahalbidetzen duela ulertzeko gutxieneko baldintza izango da ekitaldiko aurrekontu-emaitza positiboa izatea. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-emaitza ekitaldi bakoitzeko eskubide onartu garbien eta betebehar onartu garbien arteko ezberdintasun gisa lortuko da, uneoro indarrean dagoen kontabilitate- eta aurrekontu-legeria aplikatuz.
4.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kontu bat irekiko du Espainiako Bankuan, enplegu-politiken funtsen zuzkidurekin legez baimenduta dauden finantza-eragiketak egin ahal izateko.
5.Enplegu-politiken funtsaren zuzkidura efektiboak eta gauzatzeak Ministro Kontseiluak adostuko ditu ekitaldi ekonomiko bakoitzean, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioko eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko titularrek batera proposatuta.
Enplegu-politiken funtsaren kontuak sortzen dituen edozein motako etekinak eta haren zuzkidurekin gauzatu diren aktibo finantzarioek sortutakoak automatikoki integratuko dira funtsean.
6.Enplegu-politiken funtsaren aktiboak hauek finantzatzeko baino ez dira erabiliko:
a)Enplegu-politika aktiboak haien barruan hartzen dituzten zerbitzuak eta programak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak nahiz autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek kudeatutakoak. 2.c) zenbakitik datozen zenbatekoak enplegurako lanbide- prestakuntzako ekintzetara bideratuko dira.
b)Enplegurako lanbide-prestakuntzako kuotaren bilketa txikienaren saldoa; alegia, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren diru-sarreren aurrekontuari egotzitako enplegurako lanbide-prestakuntzako kuoten likidazioaren eta hasierako aurrekontuan zehaztutakoaren arteko alde negatiboa.
c)Funtsa kudeatzeko behar diren gastuak.
Ministro Kontseiluaren aurretiko baimena beharko da funtsaren aktiboak erabili ahal izateko, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioko eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko titularrek batera proposatuta.
Enplegu-politiken funtsa baloretan gauzatuko da, eta baloreak pertsona juridiko publikoek jaulkitako tituluak izango dira.
7.Honako hauek erregelamenduz zehatuko dira: aipatu funtsaren zorroa osatu behar duten baloreak, zorro horren likidezia-mailak, hura osatzen duten aktibo finantzarioen besterentze-suposizioak eta finantza-kudeaketako gainerako jarduerak.
8.Enplegu-politiken funtsaren kudeaketa ekonomikoa kontrolatu eta antolatzeko, aipatu funtsaren kudeaketa-batzordea sortuko da.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Zuzendaritza Orokorreko titularra izango da batzordeburua eta, horrez gain, sei kide izango ditu: Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak izendatutako bi —horietako batek zuzendariordearen lanak egingo ditu—; Estatuaren Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak izendatutako bat; Enpleguko Estatu Idazkaritzak izendatutako bi —horietako bat Batzordeko idazkaria izango da, hitza izango du, baina botorik ez—; eta bat autonomia-erkidegoak ordezkatuz —hitza izango du, baina botorik ez—, zeinak Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiko autonomia-erkidegoen presidenteorde kargua izango baitu uneoro.
Batzordeak funtsaren zorroa osatu behar duten baloreak antolatzeko, aholkatzeko eta hautatzeko proposamenak egingo ditu, eta osatzen duten aktibo finantzarioen besterentzeenak, bai eta finantza-merkatuek aholkatzen dituzten gainerako jarduerenak ere. Horrez gain, urteko txostena egingo du.
Enplegu-politiken funtsaren kudeaketa-batzordeak adituen aholkularitza izan ahalko du, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan.
9.Enplegu-politiken funtsaren behar bezalako jarraipena egiteko, horren bilakaeraren eta osaeraren berri emango zaio sei hilez behin Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Batzorde Betearazleari.
10.Gauzatzeak, inbertsioak, berrinbertsioak eta desinbertsioak, eta ekitaldi bakoitzeko enplegu-politiken funtsaren aktibo finantzarioak eskuratzeko, erabiltzeko eta kudeatzeko gainerako eragiketak aurrekontuz kanpokoak izango dira eta ekitaldiko azken egun baliodunean egotziko zaizkio Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuari, funtsak egun horretan duen ondare-egoeraren arabera; ondorio horretarako, bada, egokitu egin ahal izango dira aurrekontu-kredituak.
11.Gobernuak enplegu-politiken funtsaren bilakaerari eta osaerari buruzko urteko txostena aurkeztuko die Gorte Nagusiei.
Gobernuak bere Aurrekontu Bulegoaren bitartez igorriko die txosten hori Gorte Nagusiei, eta diputatuen, senatarien eta parlamentu-batzordeen esku jarriko du.
12.Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiak, bere batzorde iraunkorraren bidez, funtsaren zorroa osatu behar duten baloreak antolatzeko eta hautatzeko proposamenen, zorroa osatuko duten aktibo finantzarioen besterentze-proposamenen, finantza-merkatuek aholkatzen duten gainerako jardueren eta bilakaeraren jarraipena egingo du.
25.artikulua. Enplegu-politika aktiboen finantzaketa autonomikoa.
Autonomia-erkidegoetan garatzen diren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari finantzatzea ez dagozkion enplegu-politika aktiboak, edo, kasua hori bada, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren osagarri direnak, autonomia-erkidegoko aurrekontuetan haientzat ezartzen diren kontu-sailen bidez eta Europar Batasunetik datozen funtsetako partaidetzaren bidez finantzatuko dira, hala badagokio.
II. TITULUA
Enplegu-zerbitzu publikoek emandako Enplegu Sistema Nazionalaren zerbitzuak
I. KAPITULUA
Zerbitzuen erabiltzaileak
26.artikulua. Zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonak eta enpresak.
Enplegu-zerbitzu publikoek langabeei, landunei eta enpresei —forma juridikoa gorabehera— eskainiko dizkiete zerbitzuak. Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komunean bilduko dira lurralde nazional osoan eta enplegu-zerbitzu publiko guztiek bermatu beharreko zerbitzuak.
27.artikulua. Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komuna.
1.Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komuna erregelamendu bidez arautuko da eta honako helburu hau du: Estatu osoan, enplegu-zerbitzu publikoetarako eta horietan eskainitako zerbitzuetarako irispidea aukera-berdintasunean bermatzea, eta enplegurako irispidean aukera-berdintasuna bermatzea, enplegu-zerbitzu publikoek horien erabiltzaile diren pertsona eta enpresekiko hartutako konpromisoa baita. Nolanahi ere, langabeei enplegu-zerbitzu publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuetarako doako irispidea bermatuko zaie.
2.Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komunean sartuko dira enplegu- zerbitzu publikoek pertsonei —langabe nahiz landun— eta enpresei eman beharreko zerbitzu komunak. Enplegu-zerbitzu publiko bakoitzak bere zerbitzu-zorroa eratu ahal izango du eta, Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komunaz gain, zerbitzu- publikoak berak —dagokion eskumen-eremuan— erabakitako beste zerbitzu osagarri batzuk ere bilduko ditu, bere lan-merkatuaren bilakaerari, pertsona eta enpresen beharrei, Enplegu Sistema Nazionalaren esparruan finkatutako lehentasunei eta eskura dituen baliabideei erreparatuta.
3.Enplegu Sistema Nazionaleko zerbitzu jakin batzuetarako irispidea izateko, langabe nahiz landunek enplegu-eskatzaile gisa erregistratu beharko dute.
II. KAPITULUA
Langabeek zerbitzuak baliatzea
28.artikulua. Zerbitzuen ikuspegi pertsonalizatua.
1.Langabeek, enplegu-zerbitzu publikoak baliatzeko, izena eta datuak emango dituzte hasierako elkarrizketa batean, eta laneratzeko zer zerbitzu behar dituzten baloratuko da. Horren arabera, eta langabetuekin batera enplegurako banakako ibilbide pertsonalizatua egitea egoki den edo ez erabakiko da, kontuan harturik pertsonaren lanbide-profila, lanbide-konpetentziak, beharrak eta aurreikuspenak, eta lan-merkatuaren egoera. Halaber, aintzat hartuko dira prestazioak jasotzearekin eta lehentasuna duen gizataldeetako batean egotearekin loturiko irizpideak, baita Enplegu Sistema Nazionalean ezartzen direnak ere.
2.Enpleguaren ibilbide indibidual eta pertsonalizatuaren artikulazioa langabeek duten eskubidetzat eta enplegu-zerbitzu publikoentzako betebehartzat taxutzen da.
29.artikulua. Banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua.
1.Banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatuak, banakako diagnostiko-elkarrizketa baten bidez, kontuan hartuko ditu enplegu-zerbitzu publikoak enplegu-eskatzaileari eskaintzen dizkion Enplegu Sistema Nazionaleko Zerbitzu Zorro Komuneko ekintzak eta berariazko zerbitzuak, eskatzailearen beharrekin, eskakizunekin eta lortu beharreko helburuarekin bat datozenak.
Langabe guztiei egingo zaizkie halako ibilbideak.
2.Beharrezkoa da enplegurako akordio pertsonal bat onartzea eta sinatzea, banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua egiteko. Akordio horren bidez, ibilbidearen onuradun den pertsonak, alde batetik, konpromisoa hartzen du aktiboki parte hartzeko bere enplegagarritasuna hobetzeko ekintzetan, enplegua aktiboki bilatzeko edo enpresa-ekimen bat martxan jartzeko; eta, beste alde batetik, enplegu-zerbitzu publikoak konpromisoa hartzen du beharrezko ekintzak eta neurriak planifikatzeko eta esleitzeko. Langabezia- prestazioak eta -sorospenak jasotzen dituzten pertsonen kasuan, enplegurako akordio pertsonal hau 41. artikuluan zehaztutako jarduera-konpromisoaren parte izango da.
3.Enplegurako akordio pertsonala justifikatu gabeko kausengatik betetzen ez bada, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartuta) testu bateginean aurreikusitako zehapenak aplikatuko dira. Ondorio horietarako, langabezia-prestazioak eta -sorospenak jasotzen dituzten pertsonek egiten dituzten ez-betetzeak horiek sinatutako jarduera-konpromisoaren ez-betetzetzat joko dira.
4.Enplegu-zerbitzu publikoak arduratuko dira banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatuak egiteaz, ebaluatzeaz, birdefinitzeaz eta horien jarraipena egiteaz, eta, hala badagokio, enplegu-eskatzaileek garatu behar dituzten ekintzak egitea erakunde laguntzaileen esku utziko dute. Nolanahi ere, enplegu-zerbitzu publikoen berezko jarduerak eta hitzartu ahal izango direnak zehaztuko dira.
30.artikulua. Lehentasunezko taldeak.
1.Konstituzioaren eta Estatutuetako aginduei jarraikiz, eta Europar Batasunaren eremuan eta Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategian hartutako konpromisoak aintzat hartuta, Gobernuak eta autonomia-erkidegoek lan-merkaturatzeko zailtasun bereziak izaten dituztenen artean, batik bat, gazteen artean enplegua sustatzera bideratutako programa espezifikoak ezarriko dituzte eta bereziki erreparatuko diete prestakuntza- gabeziak dituztenei, emakumeei, luzaroko langabeei, 45 urtetik gorakoei, familia- erantzukizunak dituztenei, desgaitasuna dutenei edo gizarte-bazterketako egoeran daudenei eta etorkinei —atzerritarrei buruzko legeriarekin bat— edo Enplegu Sistema Nazionalaren esparruan zehatz daitezkeen beste batzuei.
2.Gizatalde horien inguruabar bereziak kontuan izanik, neurri eta politika guztiak — behar bezala antolatuak eta osatzen dituzten pertsonen profil profesionalari eta beharrizan zehatzei egokituak— konbinatzen dituzten banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatuak diseinatzen direla bermatuko dute enplegu-zerbitzu publikoek. Beharrezkoa denean, enplegu-zerbitzu publikoek balioetsiko dute gizarte-zerbitzuekin koordinatzea pertsona horiei arreta hobea eskaintzeko.
III. TITULUA
Enplegu-politikaren tresnak
I. KAPITULUA
Lan-bitartekotza
31.artikulua. Lan-bitartekotzaren kontzeptua.
1.Lan-bitartekotza da: lan-eskaintzak eta enplegu bat bilatzen duten langileak harremanetan jartzeko jarduera multzoa, azken horiek enplegatzeko. Lan-bitartekotzak helburu hauek ditu: langileei beren ezaugarriei dagokien enplegua ematea eta enplegu- emaileei beren eskakizun eta beharrei hobekien egokitzen zaizkien langileak aurkeztea.
2.Lan-bitartekotza da, halaber: enpresak berregituratzeko prozesuetan sobran dauden langileak berriz enplegatzeko jarduera, aipatu prozesuak langileekin edo beren ordezkariekin zehaztu edo adostu badira gizarte-planetan edo berriz enplegatzeko programetan.
3.Lan-bitartekotza zerbitzu publiko bat da, egiten duen agenteak egiten duela ere.
32.artikulua. Bitartekotzaren eragileak.
Enplegu Sistema Nazionalari dagokionez, honako hauek egingo dute bitartekotza lan- merkatuan:
a)Enplegu-zerbitzu publikoek.
b)Enplegu-agentziek.
c)Atzerrian diren langileentzat erregelamenduz zehazten diren beste zerbitzuek.
33.artikulua. Enplegu-agentziak.
1.Lege honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, enplegu-agentziak honako hauek izango dira: 31. artikuluan aurreikusitakoaren arabera lan-bitartekotzako jarduerak egiten dituzten erakunde publiko edo pribatuak, irabazi-asmoa dutenak edo irabazi-asmorik gabekoak, dela enplegu-zerbitzu publikoen laguntzaile moduan, dela modu autonomoan baina horiekin koordinatuta. Era berean, langile-hautaketari eta enplegu-bilaketari lotutako jardunak garatu ahal izango dituzte, hala nola, lanbide-orientazioa eta -informazioa.
Berriro laneratzeko enpresak 31.2 artikuluan aipatzen den jardueran espezializatuta dauden enplegu-agentziak dira.
Enplegu-agentzien jarduera Espainiako lurralde osoan gara daiteke.
2.Enplegu-agentzia gisa jardun nahi duten pertsona fisiko edo juridikoek, bai eta aldi baterako laneko enpresek ere, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute aldez aurretik. Erantzukizunpeko adierazpen hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan aurkeztu behar da baldin eta agentziak bi autonomia-erkidegotan edo gehiagotan kokatutako lantokietatik gauzatu behar badu jarduera, edo soilik baliabide elektronikoak baliatuta, edo autonomia-erkidegoko erakunde baliokidean, erkidego bakarrean kokatutako lantokietatik gauzatu behar badu jarduera.
Enplegu-agentziek erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duten egunean ekin ahal izango diote jarduerari, administrazio eskudunek esleituta dituzten egiaztatze-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak aparte utzi gabe.
Erantzukizunpeko adierazpenean datu, adierazpen edo dokumentu oker edo faltsurik egin edo gehituz gero, ezingo da enplegu-agentzia gisa jarduerarik egiten jarraitu, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak gorabehera.
3.Erregelamendu bidez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia- erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek enplegu-agentziei emandako informazio guztia integratzea ahalbidetuko duen sistema elektroniko komun bat arautuko da eta, hartara,
erakunde horiek noiznahi jakin ahal izango dute beren lurraldean jarduten duten agentziak zeintzuk diren.
4.Nolanahi ere, kapitulu honetan aurreikusitako betebeharrak eta erregelamendu bidez zehazten diren betebehar espezifikoak alde batera utzi gabe, enplegu-agentziek honako hauek bete beharko dituzte:
a)Enplegu-zerbitzu publikoei erregelamendu bidez zehazten den informazioa ematea, erregelamenduan xedatutako aldizkakotasunarekin eta moduan, artatutako langileei eta garatzen dituzten jarduerei buruz, bai eta enplegu-eskaintzei eta eskaintza horiei dagozkien lanbide-profilei buruz ere.
b)Langileen intimitatea eta duintasuna errespetatzea, datu-babesari buruzko arauak betetzea, eta eskainitako zerbitzua dohainik izango dela bermatzea langileei.
c)Enplegu-zerbitzu publikoetako sistemekin bateragarriak eta osagarriak diren sistema elektronikoak izatea.
d)Lan-arloan eta Gizarte Segurantzari buruz indarrean dagoen araudia betetzea.
e)Desgaitasuna dutenen irisgarritasun unibertsalari buruzko arauak betetzea eta, bereziki, eskainitako lanpostuen ezaugarriak eskatzen den ikasketa- eta lanbide-profilaren araberakoak direla zaintzea, desgaitasuna dutenek ere lana lortzeko aukera izan dezaten.
f)Bakoitzak bere eremuan, enplegua eskuratzeko berdintasunaren printzipioa bermatzea, eta ezin izango da inolako bereizkeriarik egin, langileak kasuan kasuko lanpostua betetzeko gaitasuna baldin badauka, ondorengoengatik: jatorriaren eraginez (hor sartzen dira arraza edo etnia), sexua, adina, egoera zibila, erlijioa edo sinesmenak, iritzi politikoa, sexu-joera, sindikatuetan afiliatuta egotea, gizarteko egoera, estatu barruko hizkuntzak edo ezintasunen bat izatea.
5.Enplegu-agentziak enplegu-zerbitzu publikoen erakunde laguntzailetzat jo ahalko dira, lege hau garatzen duten arauetan aurreikusitako helmenarekin.
Elkarlan hori arautzen duen tresna juridikoak dagozkion mekanismoak erregulatu beharko ditu, enplegu-agentziek mekanismo horien bidez komunika ditzaten langileek eta langabezia-prestazioaren eskatzaileek, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean aurreikusitako prestazioen eskatzaileek, hain zuzen, zein onuradunek bete ez dituzten betebeharrak.
6.Aldi baterako laneko enpresek enplegu-agentzia gisa jardun ahalko dute, baldin eta lege honetan eta berau garatzen duten xedapenetan halako agentziei buruz zehaztutakora egokitzen badira, eta langileei zerbitzuak doan emateko agindua betetzen badute.
34.artikulua. Lan-bitartekotzaren oinarrizko printzipioak.
1.Enplegu-zerbitzu publikoek eta enplegu-agentziek egindako lan-bitartekotza eta haiekin elkarlanean aritzen diren beste erakunde batzuek egin ditzaketen bitartekotza- jarduerak enplegurako irispiderako berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren konstituzio- printzipioen arabera egingo dira, erabateko gardentasunez funtziona dezatela bermatuz.
Aurreko lerrokadan adierazitako enplegu-zerbitzu publikoek, agentziek eta erakundeek datuen babesaren arloko araudi aplikagarriari jarraituko diote langileen datuak tratatzeko jardueretan.
2.Printzipio horiek betetzen direla ziurtatzeko, enplegu-zerbitzu publikoek bermatuko dute lan-eskaintzaren eta enplegu-eskaeraren arteko hautaketa-eta uztartze-prozesu zehatza enplegu-zerbitzu publikoari eta enplegu-agentziei dagokiela, oro har.
Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten gizataldeen kasuan, enplegu-zerbitzu publikoek lankidetza-erakunde espezializatuekin jardun ahal izango dute aurreko paragrafoan aipatzen den prozesua burutzeko.
3.Enplegu-zerbitzu publikoek beren gain hartzen dute lan-bitartekotzaren alderdi publikoa, baina zilegi izango dute enplegu-eskatzaileak enplegatzen laguntzeko helburua duten itunak, hitzarmenak edo beste koordinazio-tresna batzuk sortzea beste erakunde eta enplegu-agentzia batzuekin.
4.Enplegu-zerbitzu publikoek egindako bitartekotza —bai beren kabuz egindakoa, bai enplegu-erakunde edo -agentzien bidez egindakoa, haiekiko elkarlanaren eremuko jarduerak egiten dituztenean, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera— doakoa izango da langileentzat eta enplegu-emaileentzat.
Enplegu-zerbitzu publikoak gorabehera, enplegu-agentziek egiten duten bitartekotza doakoa izango da langileentzat; beraz, ezingo diete inolako ordainik eskatu zerbitzuen truke.
5.Enplegu-zerbitzu publikoek eta, hala badagokio, horiekin elkarlanean aritzen diren erakundeek egiten duten bitartekotzaren ondorioetarako eta enplegu-politika aktiboen programak eta neurriak gauzatzearen ondorioetarako, enplegu-eskatzaileak izango dira halakotzat inskribatzen direnak enplegu-zerbitzu publikoetan.
35.artikulua. Bereizkeria enplegua lortzeko unean.
1.Enplegu-zerbitzu publikoek, horien erakunde laguntzaileek eta enplegu-agentziek, lan-bitartekotza kudeatzean, berebiziko arduraz jardun beharko dute, enplegua lortzeko unean bereizkeria —zuzena nahiz zeharkakoa— saihets dadin.
Lan-bitartekotzaren kudeatzaileek, lan-eskaintzetan bereizkeria antzematen dutenean, horren berri emango diote eskaintza egin dutenei.
2.Bereziki, bereizkeriatzat joko dira sexu jakin bateko pertsonei bakarrik egindako eskaintzak, salbu eta hori lanbide-izaerako betekizun bat denean, oinarrizkoa eta erabakigarria, gauzatu beharreko jarduerari begira.
Edozein kasutan diskriminatzailetzat joko da lan-posturako indar fisikoarekin loturiko betekizunetan oinarritzen den eskaintza egitea sexuetariko bati.
II. KAPITULUA
Enplegu-politika aktiboak
36.artikulua. Enplegu-politika aktiboen kontzeptua.
1.Enplegu-politika aktiboak honako xede hauek dituzten orientazio, enplegu eta lan- eremuko enplegurako lanbide-prestakuntzako programa eta zerbitzuen multzoa da: langabeek beren edo inoren kontura lan-merkatuan enplegua aurkitzeko aukerak hobetzea, landunek enpleguari eutsi eta mailaz igotzea, eta enpresa-espiritua eta gizarte-ekonomia sustatzea.
Aurreko paragrafoan definituriko politikak Estatu osoan garatu beharko dira jarduera horiek egiten dituzten lan-eremuko enplegurako lanbide-prestakuntzako eta lan- bitartekotzako eragileak elkarren artean koordinaturik, enplegu-eskatzaileak enplegatzen laguntzeko helburuz, eta kontuan izanda Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia, aplikatu beharreko Estatuko araudian xedatutako eduki komunak, enplegu-eskatzaileen beharrizanak eta lan-merkatu bakoitzaren eskakizunak.
2.Politika horien osagarri izango da eta haiekin erlazionaturik egongo da, hala badagokio, langabezia-babesa, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginean arautua. Lege-testu horretako 206. artikuluak aipatzen duen langabezia-babeseko ekintzak barnean hartzen ditu kontribuzio- eta asistentzia-mailako langabezia-prestazioak eta enplegu-politika aktiboak osatzen dituzten jarduerak.
3.Enplegu-politika aktiboetara bideratutako baliabide ekonomikoak enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuko dituzte, eta beharrezko iritzitako zerbitzu eta programak garatu ahal izango dituzte, artikulu honen 1. zenbakian jasotako alderdiak aintzat hartuta; programa eta zerbitzu horiek enplegu-politikako urteko planetan bilduko dira eta 10.4 artikuluan xedatutako ardatzetan txertatuta egongo dira.
Zerbitzu eta programa horiek kudeatzeko, diru-laguntza publikoak eman ahal izango dira, administrazio-kontratuak egin, hitzarmenak sinatu, zuzenean kudeatu edo zuzenbidearen araberako beste edozein forma juridiko baliatua.
37.artikulua. Enplegu-politika aktiboen printzipio orokorrak.
1.Enplegu-politika aktiboak diseinatzeko eta gauzatzeko, honako printzipio orokor hauek hartu behar dira aintzat:
a)Banakako tratamendu espezializatua ematea langabeei, beren enplegagarritasuna hobetzeko, bai eta landunei ere, beren enpleguaren kalitatea hobetzen eta enpleguari eusten laguntzeko.
b)Enpresen beharrei erantzutea giza kapitalaren, enpleguaren eta prestakuntzaren
arloan.
c)Autoenplegua eta ekintzailetza sustatzea, batik bat ekonomia jasangarriaren eta enplegu-sorgune berrien esparruan, eta ekintzaileei arreta ematea eta beren enpresa- ekimena abiarazten laguntzea.
d)Aukera-berdintasuna eta bereizkeriarik eza enplegua eskuratzeko, 2.a) artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Zehazki, emakume eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren helburua hartuko da aintzat, erabateko sexu-berdintasuna bermatzeko.
e)Lurraldearen ezaugarrietara egokitzea, tokiko eta sektoreko lan-merkatuaren errealitatea eta berezitasunak aintzat hartuta.
2.Enplegu-zerbitzu publikoen erakunde laguntzaileen jarduera guztietan ere jarraitu beharko dira printzipiook.
38.artikulua. Enplegu-politika aktiboen garapena.
Enplegu-politika aktiboen zerbitzu eta programen bitartez 10.4 artikuluan ezarritako
ardatzei estaldura ematen zaie; autonomia-erkidegoek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak diseinatu eta garatuko dituzte zerbitzu eta programa horiek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, aplikatu beharreko Estatuko araudian xedatutako eduki komunak aintzat hartuta. Ondorio horietarako, Estatuko lurralde osoan aplikatu beharreko zerbitzu eta programak eta eduki komunak erregelamendu bidez arautuko dira. Erregelamendu bidezko garapen horretan, desgaitasuna duten pertsonen laneratzea laguntzeko enplegu- politika aktiboen lege-esparrua arautuko da Estatuko neurriei dagokienez; lege-esparru horretan, Estatuan aplikatu beharreko gutxieneko edukiak zehaztuko dira.
39.artikulua. Enplegu-politika aktiboen ebaluazio jarraitua.
Gobernuak txosten bat aurkeztuko du urtero, Estatu osoko enplegu-politika aktiboen gastuari eta emaitzei buruzkoa —sistema kudeatzeko beharrezkoa den gastua barne—; horrela, gardentasun handiagoa emango die enplegu- eta prestakuntza-politikei, eta gastuaren eraginkortasuna eta efizientzia bermatzen lagunduko du, zehaztutako helburuekin bat.
Txosten horretako atal batean, enpresek programatutako prestakuntza-ekimenaren prozeduraren hobekuntza ebaluatuko du honako hauei dagokienez: burokrazia-kargak murriztea, sistemaren zurruntasunak gutxitzea, eta enpresa txiki zein ertainak sartzea.
40.artikulua. Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema.
1.Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sisteman sartzen da enpresen eta langile landun nahiz langabeen artean langileen garapen pertsonal eta profesionala eta beren laneko sustapenera bideratutako eta lan-merkatuaren beharrizanak betetzera eta langileen enplegagarritasuna nahiz enpresa-lehiakortasuna hobetzera bideratutako prestakuntza indartu eta zabaltzeko xedea duten ekimen, programa eta tresnen multzoa, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren 5/2002 Lege Organikoan eta lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian xedatutako helburu eta printzipioei jarraikiz.
2.Autonomia-erkidegoen betearazteko eskumenak alde batera utzi gabe, Estatuaren Administrazio Orokorrak, bere erabateko araugintza-eskumena baliatuta, sistemaren
diseinua koordinatuko du. Bestalde, ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteek sistemaren gobernantza-organoetan parte hartuko dute, eta, zehazki, enplegurako lanbide-prestakuntzaren diseinu, plangintza, programazio, kontrol, jarraipen, ebaluazio eta hedapenean, bereziki langile landunei zuzendutakoan, lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian aurreikusitako baldintzetan. Zuzenean parte hartuko dute edo, bestela, egitura paritario sektorialen bidez.
3.Sistema osoaren plangintza estrategikoaren esparruan, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, autonomia-erkidegoen, ordezkaritza handieneko sindikatu- erakunde eta enpresaburu-elkarteen eta autonomoak nahiz gizarte-ekonomia ordezkatzen dituzten erakundeen parte hartzearekin, enplegurako lanbide-heziketaren urte anitzeko agertokia landuko du, eta lan-merkatua behatzeko eta aztertzeko sistema eraginkorra garatuko du produkzio-sarearen kualifikazio- eta konpetentzia-eskaeretan gertatzen diren aldaketak hautemateko eta aurrea hartzeko.
4.Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistemak finantzaketa nahikoa, egonkorra eta ekitatiboa izango du, lanbide-heziketaren kuotatik datorrena ere barnean hartuta, sistemari berari egonkortasuna ematearren. Finantzaketa hori norgehiagoka bidez kudeatu beharko da, betiere indarrean dagoen araudiaren arabera egiaztatutako eta/edo erregistratutako prestakuntza-hornitzaile guztiei zabalik dagoela, administrazio publikoen prestakuntza-programazio guztia emateko.
Administrazio eskudunek, ordezkaritza handieneko sindikatu-erakunde eta enpresaburu-elkarteei kontsulta egin ondoren, langile langabeentzako prestakuntza-txeke bat progresiboki ezartzea erabaki ahal izango dute, bai eta zer sektoretan aplikatuko den ere. Horretarako, txekea baliatzeko betekizunak eta baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira. Gainera, Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziaren barruan, hura abiaraztea eta ebaluatzeko mekanismoak aztertuko dira.
5.Enplegurako lanbide-heziketako ekimen eta ekintzak lanerako gaitasunak eta kualifikazioak lortzera, hobetzera eta etengabe eguneratzera zuzenduta daude; horrela, prestakuntza bultzatzen da biztanleria aktiboaren bizitza guztian, pertsonen, enpresen, lurraldeen zein produkzio-sektoreen beharrizanak osotasunean aintzat hartuta, betiere.
6.Administrazio publiko eskudunek prestakuntza-erakunde publiko nahiz pribatuen sareari eustea sustatuko dute, enplegu-zentro publikoekin batera prestakuntza-eskaintza iraunkorra bermatzearren kalitatezko enplegua lortzeko.
Era berean, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo dute, ematen diren ekimen eta modalitate guzti-guztiak barnean hartuta, eta betekizunak eta formalitateak betetzen direla egiaztatzetik haratago joango dena, prestakuntzaren emaitzak txertatuta eta kalitatea bermatzen lagunduta. Horretarako, kontrol-tresnak eta -bitartekoak indartuko dituzte, bai eta zehatzeko gaitasuna ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Unitate Bereziaren bitartez.
7.Profesionaltasun-ziurtagiria da, lan-eremuan, lanbide-kualifikazioak egiaztatzeko tresna, betiere prestakuntza-prozesuen edo lan-esperientzia onartzeko prozesuaren bitartez eta prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko lanbide-kualifikazioak izanik.
8.Enplegurako lanbide-heziketaren sistemak informazio-sistema integratua izango du; sistema horren bitartez, prestakuntza-ekintzen trazabilitatea eta enplegurako lanbide- heziketari buruzko informazio guztiaren etengabeko eguneratzea, koherentzia eta alderagarritasuna bermatuko dira; informazio hori guztia atari bakarrean bilduko da, autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzuak Estatukoarekin lotuko dituena eta formatuak homogeneo bilakatuko dituena.
9.Administrazio publiko eskudunek euren arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko dute, enplegurako lanbide-heziketaren sistemaren eraginkortasuna, efizientzia eta kalitatea hobetzeko. Era berean, ebaluazio iraunkorreko prozesuak sustatuko dituzte prestakuntza-prozesuaren fase guztietan, prestakuntzaren kalitatearen bermetzat; hartara, enplegua lortzen eta enpleguari eusten zenbateko eragina duten jakin ahal izango da.
III. KAPITULUA
Politika aktiboak eta langabeziari aurre egiteko babes ekonomikoa koordinatzea
41.artikulua. Langabeziagatiko prestazio eta sorospenen onuradunak enplegu-eskatzaile gisa inskribatzea eta jarduera-konpromisoa sinatzea.
1.Langabezia-prestazioen eta -sorospenen eskatzaileek eta onuradunek, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean zehaztutakoarekin bat, enplegu- eskatzaile gisa izena eman beharko dute enplegu-zerbitzu publikoan, eta inskripzioari eutsi. Gainera, jarduera-konpromiso bat sinatu beharko dute, eta konpromiso horren eskakizunak bete beharko dituzte —eskaera berritzeko dokumentuak bilduko dira—.
Nolanahi ere, behin izena emanda eta inskripzioari eustea galarazi gabe, langabezia- prestazioen eta -sorospenen eskatzaileek eta onuradunek enplegu-agentzien zerbitzuak eskatu ahal izango dituzte.
2.Enplegu-eskatzaile gisa inskribatzeko, enplegatze-eskaintza egoki bat onartzeko eta jarduera-konpromisoaren ondoriozko gainerako eskakizunak betetzeko erabat prest egon beharra dago. Aipatu jarduera-konpromisoa langabezia-prestazioen eta -sorospenen eskaera-datatik sinatuta dagoela ulertuko da.
3.Lan-bitartekotzan eta enplegu-politika aktiboen kudeaketan eskumena duten administrazio publikoek langabezia-prestazioen eta -sorospenen onuradunei bi horiek aplikatuko zaizkiela bermatuko dute, 21.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat zehaztu daitezkeen jardueren esparruan. Horri dagokionez, jarduera horien bitartez artatu beharreko onuradunen kopurua, gutxienez, onuradunok beren lurraldeko langabe guztien kopuruan duten partaidetzarekiko proportzionala izango da.
4.Enplegu-zerbitzu publikoetan inskribatutako langabezia-prestazioen eta -sorospenen onuradunek, behin jarduera-konpromisoa hartu ondoren, laneratze-ibilbidean erabakitako lan-politika aktiboetan parte hartu beharko dute, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean xedatutakoa gorabehera. Enplegu-zerbitzu publiko eskudunek egiaztatuko dute ezen langabezia-prestazioen eta -sorospenen onuradunek betetzen dituztela jarduera-konpromisoaren ondoriozko betebeharrak, eta, zigorrik ezarri bazaie, jakinarazi egin beharko diote Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari edo Itsasoko Gizarte Institutuari, hala dagokionean, ezartzen zaien unean, hark zigorra betearaz dezan.
Enplegu-zerbitzu publiko eskudunek, halaber, egiaztatuko dute ezen onuradun horiek betetzen dutela enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egoteko betebeharra, eta Estatuko Enplegu Publikoaren Zerbitzuari edo Itsasoko Gizarte Institutuari, hala balegokio, jakinarazi beharko dizkiote betebehar horren hutsegiteak, gertatzen diren unean edo ezagutzen dituzten unean. Jakinarazpen hori baliabide elektronikoz egin dezakete, eta dokumentu nahikoa izango da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo Itsasoko Gizarte Institutuak, hala balegokio, egoki den zehapen-prozedura abiaraz dezan.
42.artikulua. Politika aktiboak kudeatzen dituzten enplegu-zerbitzu publikoen eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza eta elkarlana langabeziari aurre egiteko babes ekonomikoari buruzko gaietan.
1.Enpleguaren kudeaketarako eskumenak esleituak dituzten administrazio eta organismo publikoek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak elkarlanean eta lankidetzan jardun beharko dute beren eskumenak gauzatzean, eta lan-bitartekotzako eta laneratzeko jarduketen eta langabezia-prestazioak eskatzeko, aitortzeko eta jasotzeko jarduketen arteko koordinazioa bermatu, Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentzian hartzen diren erabakien eta lortzen diren lankidetza-hitzarmenen bitartez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat.
Lankidetza-hitzarmen horietan, langabezia-prestazioen gastuak finantzatzeko betearazi ez diren kopuruak erabiltzeko baldintzak zehaztu ahal izango dira; alegia, enplegua sustatzeko eta enplegurako lanbide-heziketako programak finantzatzeko; betiere,
hasiera batean aurreikusitako gastuen beherakada administrazio publiko eskudunek aurreko artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan zehaztutako eginkizunak behar bezala betetzearen ondoriozkoa izan bada.
2.Esparru horretan finkatuko dira: kudeaketa-prozesuen eta erlazionaturiko informazio-sistemen konexioa; jarduerak betetzeko elkarlana; zeinek bere eskumenak baliatzeko behar den informazioa komunikatzea; langabezia-prestazioen eskatzaile eta onuradun diren enplegu-eskatzaileei zerbitzuak modu integratuan ematea; eta bitartekotza, laneratze-neurriak eta enplegagarritasuna hobetzeko eta gizataldearen prestasuna egiaztatzeko planak aplikatzea.
Lehenengo xedapen gehigarria. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren identifikazioa.
Lehen Enpleguko Institutu Nazionala zenari Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa deritzo orain; lehengo berak izango ditu araubide juridikoa, ekonomikoa eta aurrekontu, ondare eta langileei buruzko araubideak, eta lehengo berak, orobat, nortasun juridikoa eta Estatuaren Administrazio Orokorraren organismo autonomo izaera, lege honetan aurreikusitako berezitasunekin.
Aurrekoaren ondorioz, indarrean den legerian Enpleguko Institutu Nazionala edo haren eginkizunak aipatzen diren guztietan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa aipatzen dela ulertu behar da.
Bigarren xedapen gehigarria. Enplegu-zerbitzu publikoekiko elkarlana informazio-gaietan.
Organismo eta erakunde publiko eta pribatu guztiak behartuta egongo dira beren helburuak betetzeari buruz eskatzen zaizkien datu guztiak ematera Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoei, Datu Pertsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa gordez.
Hirugarren xedapen gehigarria. Kanarietako Enplegu Plan Integrala.
Kontuan izanik Kanarietako ekonomia-, gizarte- eta lan-egoera, eskualde ultraperiferiko izaera baitute Kanariek —Konstituzioaren 138.1 artikuluak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 349. artikuluak aitortzen dioten uhartetasun eta urruntasunetik eratorria—, eta Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren egitura-funtsak kontuan izanda, Estatuak enplegu-plan integrala finantzatzen parte hartu ahal izango du lurralde horretan enplegua sustatze aldera. Enplegu-plan integral hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastuen kontuan hornituko da, bereizita, autonomia-erkidego horrek zuzenean kudea dezan. Enplegu-plan integral hori ez da sartuko lege honen 18.h) artikuluak aipatzen duen kreditu-erreserban, eta independentea izango da 21. artikuluan araututako nazio- eremuko enplegu-funtsetan dagokion esleipenetik.
Laugarren xedapen gehigarria. Autonomia-erkidegoek enplegu mugagabea sustatzen parte hartzea.
Gobernuak eta autonomia-erkidegoek sinatzen dituzten hitzarmenen esparruan, eskualdatze-akordioak hartu ahal izango dira, kontratazio mugagaberako gizarte-kuoten hobarien kudeaketan parte hartzeko, dagokion autonomia-erkidegoan dauden lan-zentroetako langileei dagokienez, bai eta bertan diharduten langile autonomoei dagokienez ere.
Bosgarren xedapen gehigarria. Enplegu-politika aktiboen eta langabeziagatiko prestazioen arteko lotura.
Enplegua suspertzen hasten denean, Gobernuak langabezia-prestazioak arautzen dituen araudia erreformatzeko behar diren neurriak hartuko ditu; hartara, horien eta enplegu-politika aktiboen lotura handitzeko.
Seigarren xedapen gehigarria. Enplegu-zerbitzu publikoak.
Gobernua Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa eta autonomia-erkidegoetako enplegu- zerbitzu publikoak indartzen jarraituko du; horretarako, bada, bulego-sarearen giza baliabideak eta teknologia- eta antolamendu-baliabideak hobetuko ditu. Gainera, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoen arteko koordinazio- eta eraginkortasun-maila handituko du, enplegurako irispideari lotutako aldaketak eta enpleguaren hobekuntza sustatzeko, baita langabezia-prestazioak kudeatzeko ere.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Enplegu-politika aktiboen ondorioetako, terrorismoaren biktima direnak.
10.4.c) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, terrorismoaren biktimatzat joko dira Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko irailaren 22ko 29/2011 Legearen 34. artikuluan aipatzen diren pertsonak.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziaren identifikazioa.
Indarreko legerian Lan Gaien Sektoreko Konferentziari edo bere eginkizunei egiten zaizkien erreferentzia guztiak Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentziari egiten zaizkiola ulertuko da.
Lehenengo xedapen iragankorra. Enpleguaren kudeaketan elkarlanean ari diren erakundeak.
Lege hau indarrean jartzean enplegu-zerbitzuekin elkarlanean ari diren erakundeek izaera hori mantenduko dute elkarlana ezarri zuen araudiaren arabera, enplegu-zerbitzu publikoekin elkarlanean aritzeko beste araubide bat erregelamenduz garatzen ez den bitartean.
Araubide horrek ezarriko ditu erakundeen gutxieneko betekizunak kudeaketa elkarlanean egiteko, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidego bakoitzean kudeaketa horrek izan dezakeen garapena.
Bigarren xedapen iragankorra. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak enplegu-politika aktiboak eta lan-bitartekotza kudeatzea.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko ditu honako hauei buruzko politikak: bitartekotza eta lan-merkatuan enplegatzea, estatu-eremuan enplegua sustatzeko eta lan- eremuko enplegurako lanbide-prestakuntzako enplegu-politika aktiboak, Ceuta eta Melillan, horien kudeaketa autonomia-erkidegooi eskualdatzen ez zaien bitartean.
Hirugarren xedapen iragankorra. Emakumeei zuzendutako enplegu-politika aktiboak.
Emakumeen populazio aktiboari dagozkion egungo enplegu- eta langabezia-tasek dirauten bitartean, botere publikoek kontuan izan beharko dute, enplegu-politika aktiboen kudeaketa antolatzerakoan, emakumeek politika horietatik atera behar duten onurak haiek langabeen gizataldean duten pisuaren proportzio berekoa izan behar duela.
Laugarren xedapen iragankorra. 2014ko uztailaren 5ean baimena indarrean duten enplegu-agentziei aplikatu beharreko xedapenak.
1.2014ko uztailaren 5ean baimena indarrean duten enplegu-agentziek lurralde nazional osoan garatu ahal izango dute jarduera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar izan gabe.
2.Aurreko zenbakian aipatzen diren kasuetan, lege honetan xedatutako ondorioetarako, baimena eman zuen lan-agintaritza izango da lan-agintaritza eskuduna.
Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-tituluak.
Lege hau Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 1., 7. eta 17. zenbakietan zehaztutakoaren babespean eman da; izan ere, artikulu horiek «konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzeari», «lan-legeriari (ezertan eragotzi gabe, autonomia- erkidegoetako organoen ardura izan dadila lege horiek betearaztea)» eta «Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoari (ezertan eragotzi gabe, autonomia-erkidegoek betearaz ditzaten haren zerbitzuak)» buruzko eskumena esleitzen diote Estatuari, hurrenez hurren. Aurreko horretatik salbuetsita dago 18. artikuluaren h) letra, Konstituzioaren
149.1.13artikuluaren babespean ematen dena («jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehaztea eta horren koordinazio orokorra egitea»).
Azken xedapenetatik bigarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.
Gobernuari baimena ematen zaio lege hau aplikatzeko eta garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetatik hirugarrena. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta autonomia- erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoen arteko lankidetza-hitzarmenak, Estatuak langabezia-prestazioez egindako kudeaketari dagozkion gastu partekatuak finantzatzeko, autonomia erkidegoei eskualdatutako kostu benetakoa handitzea ez badakarte.
Lege honetan autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoen eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetzari eta elkarlanari buruz aldeztutako printzipioekin bat etorriz, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatuko ditu, bere aurrekontuaren kargura, autonomia-erkidegoei eskualdatutako titulartasuneko enplegu- bulegoen sarean gerta litezkeen gastu partekatuak, langabezia-prestazioak kudeatzen dituen pertsonalaren zerbitzu-emateari egozgarriak.
Gastu horien finantzaketa noizbehinkakoa izango da eta ez du handituko Enpleguko Institutu Nazionalak lan, enplegu eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketa- eskumenerako autonomia-erkidegoei eskualdaturiko baliabideen kostu benetakoa; finantzaketa hori lankidetza-hitzarmenen bidez egituratuko da, eta haietan zehaztuko da zein den Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren ekarpen ekonomikoa, partekaturiko gastuei —langabezia-prestazioak autonomia-erkidegoen lurralde-eremuan kudeatzetik eratorriei— dagokiena.