28/2012 Errege Lege Dekretua, azaroaren 30ekoa, Gizarte Segurantzako sistema sendotzeko eta bermatzeko neurriei buruzkoa
2012-11-30Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2012/12/1, 289. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
14695
28/2012 Errege Lege Dekretua, azaroaren 30ekoa, Gizarte Segurantzako sistema sendotzeko eta bermatzeko neurriei buruzkoa.
I
Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsa arautzen duen irailaren 29ko 28/2003 Legeak Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak, 1995eko apirilaren 6an onartutako Lantaldearen Txostenaren («Toledoko Ituna» deritzona) IX. ataleko lehenengo bi gomendioen arautze-prozesua burutu zuen. Gomendio horietako bat Gizarte Segurantzaren sistemaren finantziazio-iturriak banandu eta argitzeari buruzkoa zen, eta bestea, berriz, ziklo ekonomikoen eragina arinduko duten kontribuzio mailako erreserbak eratzeari buruzkoa.
Krisiak kontu publikoen gainean eta, batez ere, Gizarte Segurantzaren gainean izan duen eragina ikusita, duela urte batzuetatik hona zenbait neurri hartu izan dira sistema horren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko. Dagoeneko onartuta dauden erreformei jarraipena emateko, Gobernuak beste zenbait neurri agindu ditu, erreformetan sakontzen dutenak eta 2012ko ekainaren 28 eta 29ko Europako Kontseiluan Espainiarako hartutako gomendioak betetzera bideratutakoak.
Krisiak defizit handia ekarri dio Gizarte Segurantzaren sistemari 2012ko ekitaldian.
Horrek likidezia-tentsioak eragin ditu, eta tentsio horiek areagotu egingo dira 2012ko abenduan, Gizarte Segurantzako pentsioen hileko bi ordainsari, arrunta eta apartekoa, ordaindu behar baitira.
Egoera hori dela eta, premiazkoa da 2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan ezohiko baldintza batzuk ezartzea funtsa erabiltzeko; beraz, ekitaldi horietarako baliorik gabe utziko da irailaren 29ko 28/2003 Legearen 4. artikuluan ezarritako kontzeptuen baturaren ehuneko hiruko muga.
Hori guztia dela eta, erabat justifikatuta dago errege lege-dekretu hau hartzea ahalbidetzen duen premia aparteko eta presazkoaren baldintza. Errege lege-dekretu honen bidez, beste muga bat ezartzen da Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsa erabiltzeko; horrela, bada, 2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsa, beharrizanak azaldu ahala, gehienez ere Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileen eta zerbitzu komunen aurrekontu-defizitaren adinako zenbatekoraino erabiltzea baimentzen da.
II Gobernu honek hasieratik erakutsi du pentsioak balioberritzeko konpromisoa. Hain zuzen ere, pentsioen arloan hartutako lehen neurria ehuneko bat eguneratzea izan zen, defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez.
Ondorioz, gure babes sistema publikoan ahalegin garrantzitsua egin behar izan da, eta egoera horretan Gizarte Segurantzak bere erreserbetara jo behar izan du, azalpenzati honen aurreko atalean azaltzen denez. Era berean, defizit publikoaren helburua ere bete behar da; beraz, aparteko eta premiazko beharra dago baliorik gabe uzteko pentsioen eguneratzea 2012ko ekitaldian, eta, halaber, pentsioen balioberritzea eten egin behar da 2013rako. Pentsioen balioberritzea Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 48. artikuluan eta Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren 27. artikuluan zegoen araututa (testu bategin horiek, hain zuzen ere, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez eta apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu ziren, hurrenez hurren).
Aurrekoa eragotzi gabe, eta pentsioen arloan hartutako konpromisoari eusteko, Gizarte Segurantzaren sistemak ordaindutakoek zein Klase Pasiboetakoek ehuneko bateko igoera izango dute 2013an. Hala ere, beste ehuneko bat igoko dira hilean 1.000
euroko kopurua edo urte osoa kontuan hartuta 14.000 euroko kopurua gainditzen ez dituzten pentsio guztiak.
III Errege lege-dekretu honen bidez, halaber, kreditu osagarriak eman nahi dira Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren obligazioen estaldurarako, hain zuzen ere, langabeziaprestazioen gastuei, langabezia eta lanbide-heziketako kotizazioetan diru gutxiago bildu dela konpentsatzeko gastuei eta langabezia-prestazioa agortzen duten langabeen prestakuntzazko eguneratze programak dakartzan gastuei dagozkien obligazioen estaldurarako.
Hori guztia dela eta, beharrezkoa da kreditu osagarri bat Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren aurrekontuan, 4.294.811.051,73 eurokoa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikorako. Kreditu osagarrien bidez estaltzen diren gastuak Administrazioaren obligazioak dira; hala ere, obligazio horien zenbatekoa dela eta, obligazio horiek ezin dira finantzatu Aurrekontua Betearazteko Gertagarrien Fondoaren kargura. Beraz, ez dago zertan bete Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50.1 eta 55.1
artikuluetan xedatutakoa, eta kreditu osagarria zor publikoaren bidez finantzatzen da Estatuaren Aurrekontuan.
Administrazioak nahitaez erantzun behar dio obligazioen ordainketari, eta ordainketa ez da atzeratu behar, hirugarrenei kalterik ez eragiteko. Aparteko eta premiazko arrazoiak dira horiek, eta errege lege-dekretu bidez kreditu osagarriak ematea justifikatzen dute.
Azken xedapenetako lehenak sendagaien eta osasun-produktuen bermeei eta erabilera zentzuzkoari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legearen 94 bis artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen du, sendagaiak eta osasun-produktuak mediku-errezeta bidez banatzearen eta ospitalearen banaketa-agindu bidez banatzearen artean dagoen baliokidetasuna zehazteko asmoz. Banaketa-ekintza bera izendatzeko izen diferenteak erabiltzeak desberdintasunak eragiten ditu. Era berean, Osasun Sistema Nazionalean errezeta elektronikoaren ezarpena burutzeko prozesua oso azkar doa. Beraz, berehala argitu behar da gai hori, banaketa-neurri horien aplikazio homogeneoa bermatzeko asmoz.
Hala, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Enplegu eta Gizarte Segurantzako, Ekonomia eta Lehiakortasuneko, Ogasun eta Herri Administrazioko eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko ministroek proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2012ko azaroaren 30ean eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT: Lehenengo artikulua. Gizarte Segurantzaren erreserba-funtseko aktiboak erabiltzeko salbuespenezko araubidea.
2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan ez da aplikatzekoa izango Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsa arautzen duen irailaren 29ko 28/2003 Legearen 4. artikuluan ezarritako ehuneko hiruko muga.
Ekitaldi horietan, eragiketa ez-finantzarioengatiko defizitaren zenbatekoaren adinakoa izango da erabiltzeko muga. Zenbateko hori Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileen eta zerbitzu komunen aurrekontuen likidazio aurreikuspenetan azaltzen dena izango da, eta, hain zuzen ere, aurreikuspen horiek Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak egingo ditu helburu honetarako, Gizarte Segurantzako erreserba-funtsaren araudian ezarritako irizpideen arabera.
Bigarren artikulua. Pentsioak eguneratzea eta balioberritzea.
Bat. Baliorik gabe uzten da pentsioen eguneratzea 2012ko ekitaldirako. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 48. artikuluko 1.2 paragrafoan (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) eta Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren 27. artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerrokadan (apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) ezarrita zegoen eguneratze hori.
Bi. Eten egiten da 2013rako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 48. artikuluko 1.1 paragrafoan (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) eta Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren 27. artikuluko 1. paragrafoko lehenengo lerrokadan (apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) ezarritakoaren aplikazioa.
Lehenengo xedapen gehigarria. Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsa erabiltzeko baimena.
Lehenengoa. Baimena ematen da 2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan Gizarte Segurantzako erreserba-funtsa erabiltzeko, errege lege-dekretu honen lehenengo artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; beharrizanak azaldu ahala erabiliko da, eta, gehienez ere, eragiketa ez-finantzarioengatiko defizitaren zenbatekoaren adinakoa izango da erabiltzeko muga. Zenbateko hori Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileen eta zerbitzu komunen aurrekontuen likidazio aurreikuspenetan azaltzen dena izango da.
Bigarrena. Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsetik erabilitako zenbateko hori kotizaziopeko pentsioei dagozkien obligazioak ordaintzeko eta kudeaketarako beharrezkoak diren gainontzeko gastuetarako erabiliko da.
Hirugarrena. Hiru hilean behin, Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsetik erabilitako zenbatekoen berri emango zaio Ministro Kontseiluari.
Laugarrena. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak hartuko du Gizarte Segurantzaren erreserba-funtsetik dagokion zenbatekoa, aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzekin, sistemaren kutxa ordaintzailea baita eta eskumena baitauka erabilgarri dagoen dirua denboran eta lurraldean zehar banatzeko, Gizarte Segurantzaren obligazioak garaiz ordaintzeko eta finantza-desdoitzeak saihesteko.
Bosgarrena. Baimena ematen zaie Enplegu eta Gizarte Segurantzako, Ekonomia eta Lehiakortasuneko eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroei xedapen gehigarri honetan xedatutakoa garatzeko behar diren instrukzioak eman ditzaten.
Bigarren xedapen gehigarria. Pentsioak igotzea.
Gizarte Segurantzako sistemak ordaindutako pentsioak, baita Klase Pasiboen sistemak ordaindutakoak ere, ehuneko bat igoko dira 2013an, eta erreferentzia gisa 2012ko abenduaren 31n legez ezarritako zenbatekoa hartuko da.
Hala ere, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakotik beste ehuneko bat igoko dira pentsio hauek: hilean 1.000 euroko kopurua edo urte osoa kontuan hartuta 14.000 euroko kopurua gainditzen ez dituzten pentsio guztiak. Beraz, pentsio horiek ehuneko bi igoko dira.
Hirugarren xedapen gehigarria. Kreditu osagarriak ematea, 4.294.811.051,73 euro guztira, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2012ko ekitaldiko obligazioei aurre egiteko eta aurreko ekitaldien erregularizaziorako.
1. Kreditu osagarria ematea baimentzen da, 4.294.811.051,73 eurokoa, aurrekontuaren atal honetarako: 19. sekzioa, «Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioa»; 03. zerbitzua, «Enpleguko Estatu Idazkaritza»; 000X programa, «Barne transferentziak»; 4. kapitulua, «Transferentzia arruntak»; 412 kontzeptua, «Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontua finantzatzeko».
Kreditu osagarri honen helburua da langabezia-prestazioen ordainketari erantzutea eta 2012ko kotizazioetan diru gutxiago bildu izana konpentsatzea; aurreko ekitaldietako obligazioen ordainketa erregularizatzea eta langabezia-prestazioa agortzen duten langabeen prestakuntzazko eguneratze programei dagozkien obligazioei erantzutea.
2. Aurreko puntuan ematen den kreditu osagarriak, kreditu osagarriak finantzatuko ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuan, ondoren jasotzen den moduan: Diru-sarreren aurrekontua.
Aurrekontu aplikazioa 19.101.129.00
19.101.129.01
19.101.400.02
Izena Zenbatekoa (euro) Langabezia-kuota . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . – 885.230.332,08 Lanbide Heziketako kuota . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . – 47.491.640,54 Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontua 4.294.811.051,73
finantzatzeko . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . Guztira . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 3.362.089.079,11
Gastuen aurrekontua.
Kreditu osagarriak baimentzen dira, 3.362.089.079,11 euro guztira, xehetasun hauen arabera:
a) 19.101.241A.482.26 aplikazioan, «Langabezia-prestazioa agortua duten pertsonen prestakuntzazko eguneratzerako laguntzak»; 101.570.569,74 euro.
b) 19.101.251M.480.00 aplikazioan, «Kotizaziopekoak, aurreko ekitaldietako obligazioak barne»; 1.980.271.363,09 euro.
c) 19.101.251M.480.01 aplikazioan, «Langabezia-sorospena, aurreko ekitaldietako obligazioak barne»; 409.138.852,69 euro.
d) 19.101.251M.480.02 aplikazioan, «Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko behin-behinekoentzako langabezia-sorospena, aurreko ekitaldietako obligazioak barne»; 24.793.244,45 euro.
e) 19.101.251M.487.00 aplikazioan, «Kotizaziopeko langabezia-prestazioen onuradunen kuotak, aurreko ekitaldietako obligazioak barne»; 635.842.235,25 euro.
f) 19.101.251M.487.01 aplikazioan, «Langabezia-sorospenaren onuradunen kuotak, aurreko ekitaldietako obligazioak barne»; 89.365.630,16 euro.
g) 19.101.251M.488 aplikazioa, «Laneratzeko errenta aktiboa, aurreko ekitaldietako obligazioak barne»; 121.107.183,73 euro.
3. Estatuko Aurrekontuan ematen den kreditu osagarria zor publikoarekin finantzatuko da, eta, ondorio hauetarako, ez da aplikatzekoa izango Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50.1 eta 55.1 artikuluetan xedatutakoa.
Azken xedapenetako lehena. Sendagaien eta osasun-produktuen bermeei eta erabilera zentzuzkoari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legea aldatzea.
Aldatu egiten da sendagaien eta osasun-produktuen bermeei eta erabilera zentzuzkoari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legearen 94 bis artikuluaren 1. paragrafoa.
Honela geratzen da idatzita:
«1. Pazienteari mediku-errezeta edo ospitalearen banaketa-agindu bidez farmazia-bulegoen edo farmazia-zerbitzuen bitartez ematen zaiona da prestazio farmazeutiko anbulatorioa.» Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.17 artikuluan ezarritakoaren babesean ematen da, artikulu horrek estatuari esleitzen baitio Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeria eta araubide ekonomikoaren gaineko eskumen esklusiboa.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean sartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.
Madrilen emana, 2012ko azaroaren 30ean.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY