Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duena

2015-07-21

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/07/22, 174. zk.

bcl_753932067.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8168 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Lan-harremanen munduan ehun urte baino gehiagoko presentzia jarraitua izan ostean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza gure herrialdean tinko finkatuta dagoen erakunde bat da. Uneoro egokitu da gizarteeta ekonomia-errealitateak eragindako egoeretara, eta lan arloko araudia modu egokian betetzen dela bermatzeaz arduratu da.

XX.mende osoan zehar bilakaera luzea izan du eta aldaketa ugari jasan ditu: 1906ko martxoaren 1eko Erregelamenduaren bidez sortu zen, eta gero, Lan Ikuskatzailetzaren Antolakuntzari buruzko uztailaren 21eko 39/1962 Legearen –hark Lan Ikuskatzailetza Nazional bakar batean barne hartzen ditu lan arloko araudiaren zaintza eta kontrola, ordura arte hainbat ikuskapen-zerbitzuren eskumena izan baitziren–, eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzen duen azaroaren 14ko 42/1997 Legearen bitartez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema baten gisa konfiguratu zen lehen aldiz, hau da, legezko printzipio, organo, funtzionario eta baliabide materialez osaturiko multzo baten gisa.

Lege horrek behar bezala elkartzen zituen ikuskapen-jarduketaren eta -funtzioaren unitate-printzipioak eta espezialitate funtzionalari eta talde-lanari dagozkion printzipioak, eta aldi berean, Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako administrazio publiko guztien parte-hartze eta lankidetzarako mekanismo erabilgarriak txertatu zituen Ikuskatzailetza Sisteman.

Dena den, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarako arau-esparru berri bat hartu beharra eragiten duten elementu berriak agertu dira lege hori indarrean jarri zenetik.

Batetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren zerbitzu publikoak gure laneta gizarte-antolamenduan izan diren arau-aldaketetara egokitu behar du, zenbait lege-erreforma egin ostean, aldaketa garrantzitsuak txertatu baitira pixkanaka. Horiek beharrezko malgutasuna gehitu nahi dute giza baliabideen kudeaketan, langileen eskubideak are gehiago babestuz; horien artean, langile guztiek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzara jotzeko duten eskubidea dago, hark bere eskubideak urratu egin direla uste duenean.

Bestalde, Espainiako lurraldean lan-legedia gauzatzeko eskumen autonomikoen bilakaera dela-eta –funtzio publiko ikuskatzailea Euskadiko eta Kataluniako autonomiaerkidegoetara eskualdatu da–, Ikuskatzailetzaren antolamendu-eredua egokitu beharra nabarmendu da, hala, Sistemaren kontzepzio bakarraren eta integralaren eta funtziounitatearen funtsezko printzipioak eta autonomia-erkidegoen esparru horretako eskumenen garapena bat etor daitezen.

Gainera, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak modernizazioeta teknifikazio-prozesu nabarmena bizi izan du azken urteotan, bere funtzionamenduari dagokionez, eta Ikuskatzailetzak garatutako jarduketek hedapen eta sakontasun handiagoa

dute orain. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren eraginkortasun handiagoa mantendu eta finkatu ahal izateko, hura sendotu egin behar da instituzionalki, antolamendueredu berri horren barnean, Ikuskatzailetzak dituen zerbitzuen funtzionamendua hobeto txertatuz eta antolatuz, eta eragindako administrazio publiko guztien arteko lankidetza, kooperazio eta koordinaziorako mekanismoak artikulatuz.

II

Lege hau Gobernuak administrazio publikoak arrazionalizatu, sinplifikatu eta modernizatzeko hartu dituen neurrietako bat da. Botere publikoek beren jarduketaeremuetan gauzatu behar duten ekintzak eragin nabarmena du gizartearengan, hura bere osotasunean hartuta: herritarrak dira Administrazioaren jarduketen hartzaileak, eta jarduketa horrek herritarren legezko eskubideak eta itxaropenak betetzera zuzenduta egon behar du.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak, laneko araudia zaindu eta kontrolatzeaz arduratzen den zerbitzu publikoa den heinean, modu erabakigarrian laguntzen du lan-legedian eskaintzen diren langileen eskubideak mantentzeko orduan eta gizarte-babeserako sistema sostengatzeko orduan. Horretarako, modu egokian planifikatu behar du bere zaintzaeta kontrol-eginkizuna, herritarren eskaera handia dagoen eremuetan batez ere, honako hauetan, esate baterako: lan-kontratazioetan, lanmerkatuaren dualtasunean, lanpostuen irisgarritasunean, eta lan-zerbitzuen exekuzioan –berdintasunezko eta diskriminaziorik gabeko baldintzetan–, laneko segurtasuneta osasun-eskubidean, eta Gizarte Segurantzaren araubide publiko bat bermatu eta mantentzeko orduan. Gainera, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak bitartekari gisa betetzen duen funtzioa sustatu behar du, lan-gatazkak saihestu eta bideratzeko helburuarekin, baita enpresei eta langileei informazioa eta laguntza eman beharra ere, horrek are gehiago sendotuko baitu lan-harremanen zerbitzu publiko harmonizatzaile gisa.

Xede horrekin, legeak printzipio antolatzaile komun batzuetan oinarritutako ikuskapeneredu bat ezartzen du. Horien artean, kalitatea eta eraginkortasuna bilatzen ditu herritarrei zerbitzua eskaintzeko orduan, baita Sistemaren kontzeptualizazio bakarra eta integrala, eta ikuskapen-jarduketaren eta -funtzioaren unitate-printzipioa ere. Era berean, aurrerapauso handia eman da eskumenak dituzten administrazio publiko titular guztien parte-hartzeari dagokionez, ikuskapen-jardueraren xede den esparrua dela-eta, eskumenak banatzeko sistema konstituzionala errespetatuz. Sistema ez dute laneko eta gizarte-segurantzako legedia betetzeko eskumen materialen administrazio publiko titularrek bakarrik osatzen, baita organo horien koordinaziorako sortu diren organo eta egitura instituzionalek ere, besteak beste, Kataluniako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Partzuergoak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Euskal Kontseiluak.

Era berean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundea sortu da Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legean aurreikusitako erakunde autonomo gisa. Horrela, ikuskapenzerbitzuak Administrazio Instituzionalaren esparruan kokatzen dira, eta Estatuko edo autonomia-erkidegoetako Administrazio Orokorraren eskumena diren arloetako programa zehatzetan eta arlo desberdinetako jarduketen planifikazioa gauzatzen den baterako programetan deszentralizazio funtzionaleko erregimena ahalbidetzen da. Estatuaren Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoek erakundearen Artezkaritza Kontseiluan parte hartuko dute, Ikuskatzailetzak jorratzen dituen eskumen materialen titularrak diren heinean. Erakundearen kudeaketa eta ordezkaritza zuzendaritzaz arduratzen den titularrari aginduko zaizkio. Bestalde, legeak berariaz jasotzen duen partaidetza instituzionalaren printzipioa Ikuskatzailetza Sistemako sindikatueta enpresa-erakunde esanguratsuenen bitartez islatzen da, horiek baitira ikuskapen-jardueraren hartzaile nagusien, hau da, langile eta enpresen ordezkari nagusiak. Legeak Kontseilu Orokor baten existentzia aurreikusten du. Hark Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren gaur egungo Hiruko Kontsulta Batzordea ordezkatzen du Estatuko Erakundeari dagozkion arloetako parte-

hartze instituzionalaren organo gisa, eta informazioa eman, entzun eta kontsultatzeko funtzioak ditu Artezkaritza Kontseiluak ezagutzen dituen gaietan.

Horrez gain, eta autonomia-erkidegoek Ikuskatzailetza Sisteman duten presentzia finkatu eta sendotzeko helburuarekin, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Agintaritza Autonomikoa sortu da. Hura gobernu autonomiko bakoitzak izendatuko du, eta legeak honako funtzio hauek esleitzen dizkio, besteak beste: ikuskapen-jarduerak sustatu, proposatu eta ikuskatzea, bere lurraldean dituen eskumen autonomikoei dagokienez.

Estatuaren Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko harremanen esparruan, lankidetzarako mekanismo arinagoak eta exekutiboagoak ezarri dira, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Batzorde Eragile Autonomikoak sortuz. Horiek etengabeko solasaldian oinarritzen dira, lan arloko legediaren exekuziorako eskumen materialak dituzten administrazio publikoen eta Ikuskatzailetzaren arteko lurralde-eremuan.

Edonola ere, legeak aurreikusten dituen lankidetza-formula berriek lurraldeko lankidetza-mekanismoak errespetatzen dituzte. Horiek ezarrita daude dagoeneko autonomia-erkidegoekin egindako akordioetan, ikuskapen-funtzio publikoaren esparruko zerbitzuen eta funtzioen eskualdaketari buruzkoetan.

Partekatutako antolamendu-eredu horrek bikoiztasunak, eraginkortasunik eza eta gainkostuak saihestuko ditu, eta lan arloko araudi osoaren ikuskapen-esparru bateratu gisa balioko du. Horrenbestez, hura guztiz bateragarria izango da Konstituzioak eta Europar Batasuna Eratzeko Tratatuek defendatzen duten merkatuko unitate-printzipioarekin. Izan ere, hori legealdi honetan finkatu da, Gorte Nagusietan merkatu-batasuna bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legea onartu ostean.

Sistemaren antolamenduak Iruzurraren aurka Borrokatzeko Bulego Nazional bat arautzea aurreikusten du bere Estatutuetan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren organo espezializatu gisa. Hark aitortu gabeko lanarekin, enplegu irregularrarekin eta Gizarte Segurantzari egindako iruzurrarekin zerikusia duten jarrerei aurre egiteko funtzioa izango du. Enplegu irregularraren eta gizarte-segurantzari egindako

iruzurraren aurka borrokatzeko Ministroen Kontseiluaren 2012ko apirilaren 27ko Planaren esperientzia ikusi ostean −2013. urtearen amaierara arte egon zen indarrean−, eta haren

aplikaziotik eratorritako emaitza positiboak kontuan hartuta, iruzurraren aurka borrokatzeko egitura iraunkorrak sortu behar dira, gaur egungo testuingurutik harantzago. 2014ko Erreformen Programa Nazionalean Iruzurraren aurka Borrokatzeko Bulego Nazional bat eratzea aurreikusten da, Ikuskapen Sistema antolatuko duen lege berri baten esparruan; era berean, hura Gobernuaren aldaketa-agenda handian gaineratzen da, 2012ko eta 2013ko programen jarraipen gisa.

Bulegoak iruzurraren fenomenoari modu globalean aurre egiteko asmoa du, hark eragiten duen zeharkako dimentsioa dela eta. Iruzurra ez da gizarte-segurantzako sistemari dagozkion baliabideen murrizketa bidegabea (ez dagozkion zerbitzuak sortu edo gozatzea) , edo hura sostengatzeko ekarpenen gabezia edo urritasuna bakarrik (laneko kotizazioen gabezia totala edo partziala) . Gehienetan, iruzurra lan-esplotazioko egoerekin lotuta egoten da. Egoera horietan, langileei funtsezko eskubideak ukatzen zaizkie; horietan garrantzitsuena langileei langile gisa duten baldintza aitortzea da, eta hori ez da hala gertatzen aitortu gabeko lan-testuinguruetan.

III

Legeak Ikuskatzailetza Sistemako funtzionarioen araubide juridikoa arautzen du, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean jasotzen denaren modu osagarrian. Ikuskapen-funtzioak dituzten langileek betetzen duten eginkizunaren ezaugarri jakin batzuk direla-eta, araubide zehatz bat finkatu behar da. Haren barnean, nazional gisa hartzen dira Ikuskapen Kidegoak, horrela, disfuntzioak eta eraginkortasunaren galera saihesteko helburuarekin, bestela, ikuskapen-kidegoek enpresetan eta langileen artean jardun beharko bailukete. Horrek enpresaren ikuspegi orokorra galtzea eragingo luke, baita bisiten bikoiztasuna, jardutea dagokion gorputz ikuskatzailearen inguruko nahasketa, arauaren interpretazioarekin edo harreman juridikoarekin lotutako kontraesanak, atzerapenak eta bestelako disfuntzioak ere.

Horrez gain, funtzionario berrien sarrerari eta deialdiei buruzko printzipio bakarrak ezarri dira, baita administrazio publikoen arteko mugikortasuneta ikuskapen-funtzioen erreserba ere, hori guztia autonomia-erkidegoen partaidetzarekin, langileen araubideari dagozkion gaietan.

Bestalde, legeak aurrera egiten du funtzionarioen espezializazioari eta lan programatuari eta talde-lanari dagokienez. Horretarako, izendapen berriko eskumenak esleitu zaizkio Laneko Ikuskariordeen Kidegoari, eta gainera, langile teknikoak eta administrazio arlokoak izateko aukera aurreikusten da programatutako jarduketak prestatzeko orduan.

Bi eskala sortu dira Laneko Ikuskariordeen Kidegoaren barnean: Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ikuskariordeen Eskala, gaur egungo Ikuskariordeen Kidegoak osatzen duena, eta beste berri bat, Laneko Segurtasun eta Osasun arloko ikuskariordeena, laneko arriskuak saihesteko funtzio zehatzak dituena; horri esker, Ikuskatzailetzaren jarduketa areagotu eta sendotu ahal izango da arlo horretan. Horrela, laneko baldintza materialak edo prebentzio arloko beste baldintza analogo batzuk egiaztatzeko funtzioak –gaur egun Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileek garatzen dituzte funtzio horiek– ikuskariordeek ere gauzatu ahal izango dituzte, betiere ikuskatzaile baten koordinazio eta zuzendaritzapean, enplegu eta gizarte-segurantza arloan gertatzen den moduan.

Arrazionaltasunerako eta antolakuntza hobetzeko neurri horrek eraginkortasun handiagoa eragingo du; gainera, gizartearen eskakizunei azkarrago erantzutea ahalbidetuko du horien bizitzari eta osasunari eragiten dieten gaietan.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak abiarazitako prozeduren eraginkortasuna eta segurtasun juridikoa areagotu dira, administrazio publikoek Ikuskatzailetzarekin duten lankidetza handitu ostean. Horrela, agintaritzaren agente gisa jarduteko baldintza duten funtzionario publikoek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari jakinarazten dizkieten aitortu gabeko lana eta enplegu irregularra eragiten duten ustezko gertakariak froga gisa hartu ahal izango ditu Ikuskatzailetzak, bere prozeduraren esparruan; halere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren langileek dagozkion gainerako egiaztapen-jarduketak egin beharko dituzte jasotako jakinarazpenetan adierazten diren gertakariak behar bezala kalifikatu eta tipifikatzeko.

Bestalde, legeak eguneratu egiten du Sistemako funtzionarioen jarduketarekin lotutako bermeen arauketa, eta horretarako, indarkeria, hertsapen, mehatxu edo okerreko eragin guztien aurrean mantendu beharreko babesa argi eta garbi adierazten du, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketan independentzia bermatzen duten printzipio orientatzaile gisa, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 81. eta 129. hitzarmenek eskatzen duten moduan. Gainera, eskuduntza duen agintariaren babesa arautzen da, funtzionario guztientzat, Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideei buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoak dioenari jarraikiz.

Legeak Ikuskatzailetzaren eginkizunak, funtzioak eta jarduteko bitartekoak eguneratzen ditu, eta beraz, 1997. urteko Legearen hurrengo arauak egokitzen ditu, ez ikuskapen-gaiei dagokienez bakarrik, baita izaera orokorreko arauei dagokienez ere. Ikuskatzailetzak aplikatu eta zaindu beharreko legedia berdina da lurralde osoan, eta beraz, araudiaren homogeneotasuna bermatzeko irizpide teknikoek eta eskakizunek ere berdinak izan behar dute. Horrela ez dira lurraldearen araberako desberdintasunak txertatuko, autonomiaerkidegoetako Ikuskatzailetzaren mendekotasun funtzionalari kalterik egin gabe; aurreikuspen honek ez dio hari eragiten, araudian nortasuna mugatu egiten delako eta haren exekuziora hedatzen ez delako, hain zuzen. Horrela, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema bideratzen duen printzipio orokor gisa eratu da, interpretaziozko irizpide teknikoaren unitateari dagokiona.

Azkenik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak eta beste administrazio publiko eta erakunde batzuek elkarri eskaini beharreko lankidetza-egoerak areagotu eta hobetu dira, berriz ere bitartekoen ekonomia eta eraginkortasun handiagoa lortzeko helburuarekin.

Ikuskapen-jardueretan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Ikuskatzailetzak teknologiaeta komunikazio-bitartekoak erabili behar ditu, eta horien eginkizuna Sistemaren kohesio-

elementu gisa hartu behar da, herritarren eskubideak bermatu behar direla eta, beraz, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikora egokitu behar dela ahaztu gabe.

Azkenik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemak Espainiako lurralde osoan jardungo duela azpimarratu behar da, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 81., 129. eta 187. hitzarmenetan jasotako aurreikuspenei jarraikiz.

IV

Lege hau prestatzeko lanetan, Gobernuak autonomia-erkidegoen partaidetza izan du, bereziki, legeak aurkezten duen ikuskapen-eredu partekatu berria, eta beraz, haren kontzepzioa bera definitzeko alderdiei dagokienez.

Gobernuak sindikatueta enpresa-erakunde esanguratsuenekin kontsultatu eta eztabaidatu du legearen edukia, eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren txostena jaso du aurreproiektu-testuari dagokionez.

I. TITULUA

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren definizioa eta helburua.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema legezko printzipio, arau, organo, langile eta bitarteko materialek osatzen dute, informatikoak barne, eta horiek dagokion misioa behar bezala betetzen laguntzen dute, lege honetan ezarritakoari jarraikiz.

2.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza zerbitzu publiko bat da, eta berari dagokio lan arloko arauak betetzen direla ikuskatzea eta dagozkien erantzukizunak eskatzea, baita gai horiei buruzko aholkularitza eta, dagokionean, kontziliazioa, bitartekaritza eta arbitrajea ere. Espainiako Konstituzioan eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 81. eta 129. hitzarmenetan bildutako Zuzenbideko Estatu sozial eta demokratikoaren printzipioen arabera burutuko du hori guztia.

Aurreko lerrokadan aipatzen diren lan arloko arauen artean, honako hauek ditugu: lanesparruko arauak, laneko arriskuak saihesteko arauak, gizarte-segurantzari eta babes sozialari buruzko arauak, enplegu bat lortzeari, enpleguari berari, lanbide-heziketari eta langabezia-babesari buruzko arauak, gizarte-ekonomiari, emigrazioari, migraziomugimenduei eta atzerritarren lanari buruzko arauak, tratueta aukera-berdintasunari eta enpleguko diskriminaziorik ezari buruzko arauak, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak zaindu beharreko beste gai batzuei buruzko arauak.

2. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duten printzipioak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema honako printzipio hauei jarraikiz antolatzen da, antolakuntzari eta funtzionamenduari dagokienez:

a) Eraginkortasuna eta kalitatea herritarrei zerbitzua eskaintzeko orduan.

b) Sistemaren kontzepzio bakarra eta integrala, administrazio publiko desberdinen koordinazioaren, lankidetzaren eta parte-hartzearen bitartez, haren funtzionamendu kohesionatua bermatuz.

c) Ikuskapen-funtzioaren eta -jarduketaren batasuna lan arloko gai guztietan, lege honetan ezarritako terminoei jarraikiz eta espezializazio funtzionaleko eta jarduketa programatuko irizpideei kalterik egin gabe.

d) Inpartzialtasuna, objektibotasuna eta tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza ikuskapen-funtzioa gauzatzeko orduan.

e) Lan arloan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko eta Laneko Ikuskariordeen Kidegoko funtzionarioei gordeko zaie ikuskapen-funtzioa, lege honetan aurreikusitako moduan.

f) Jardueraren antolakuntza eta garapena, programatutako lan-printzipioekin eta talde-lanarekin bat etorriz.

g) Sarrera eta deialdi bakarrak egingo dira Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen eta Laneko Ikuskariordeen Kidego Nazionaletan, Estatu mailako hautaketaprozesu bateratuak eginez.

h) Administrazio publikoen mugikortasuna Ikuskatzailetza Sistemako Kidego Nazionaletako funtzionarioentzako lanpostuen hornikuntza-prozesuetan.

i) Sindikatueta enpresa-erakunde esanguratsuenen partaidetza instituzionala Sistemari atxikitako funtzioen multzoari dagokionez.

II. KAPITULUA

Ikuskatzailetza Sistemako langileak

1.atala. Ikuskapen-funtzioak dituzten langileak

3. artikulua. Ikuskatzailetza Sistema osatzen duten funtzionarioak.

1.Lege honetan aipatzen den Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Estatuan jarduteko gaitasuna duten goi-mailako karrerako funtzionarioek gauzatuko dute; horiek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko langileak izango dira, eta horien egoera juridikoak eta zerbitzuko baldintzek Lanaren Nazioarteko Erakundearen 81. eta 129. hitzarmenetan jasotako independentzia teknikoa, objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuko dituzte.

Laneko Ikuskariordeen Kidegoko karrerako funtzionarioek ikuskapen-funtzioak gauzatu behar dituzte, lege honetan ezarritako moduan eta irismenarekin; era berean, eginkizun ikuskatzailea garatzeko beharrezkoak diren babes-, lankidetzaeta kudeaketa-funtzioak gauzatu beharko dituzte. Funtzionario horiek Estatuan jarduteko gaitasuna izango dute, eta horien egoera juridikoak eta zerbitzuko baldintzek objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuko dituzte.

2.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko funtzionarioak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean aurreikusitako A taldeko A1 Azpitaldean sailkatzen dira, eta Laneko Ikuskariordeen Kidegoko funtzionarioak, aldiz, A taldeko A2 Azpitaldean. Biek Kidego Nazionalen izaera izango dute, Prozesu Autonomikoaren urriaren 14ko 12/1983 Legearen hogeita zortzigarren artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.Laneko Ikuskariordeen Kidegoak bi Eskala espezializatu izango ditu:

a) Enplegu eta Gizarte Segurantzako Eskala.

b) Laneko Segurtasun eta Osasun Eskala.

Eskala bakoitzeko langileei agintzen zaizkien funtzioen aniztasun materiala dela-eta

−14.2 eta 3. artikuluaren bitartez−, langileek kasuan kasuko titulua dutenean eta Eskala bakoitzean sartzeko aurreikusitako hautaketa-prozesua gainditzen dutenean bakarrik baimenduko da horien arteko mugimendua.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Kidegoetako funtzionarioen araubide juridikoa lege honetan, apirilaren 12ko 7/2007 Legean eta Estatuak agindutako ikuskapen-funtzio publikoari buruzko gainerako legeetan aurreikusitakoa izango da, baita

horiek garatzen dituzten Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako gainerako arauetan aurreikusitakoa ere.

2.Era berean, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean zehaztutakoa eta ekitaldi bakoitzeko aurrekontuei buruzko legeetan zehaztutakoa aplikatu beharko da, zuzkidurei, ordainsariei eta langileekin lotutako beste gastu batzuei dagokienez bereziki.

3.Ikuskatzailetza Kidegoetako funtzionarioek ikuskapenaren xede den arloan eskumena duen Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko Administrazioarekiko menpekotasuna izango dute funtzionamenduari dagokionez, lege honetan eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako moduan, eta Administrazio batekiko edo bestearekiko mendekotasun organikoari kalterik egin gabe.

4.Autonomia-erkidegoek Ikuskatzailetza Kidegoetako funtzionarioen sarrerari eta hautaketari, prestakuntzari eta hobekuntzari, langileen plangintzari eta lanpostuei, administrazio-egoerei eta diziplina-araubideari buruzko alderdietan parte hartuko dute lege honetan zehazten diren lankidetza multilateraleko mekanismoen bitartez, izaera zehatza duten aldebiko harremanei kalterik egin gabe.

5.Edonola ere, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren titularrak ikuskapenfuntzioak dituzten langileen zerbitzu-bereizketa eragiten duten diziplinazko zehapenak ezartzeko eskumena izango du, baita hark autonomia-erkidego batekiko mendekotasun organikoa badu ere; horiek ezin izango dira gauzatu Estatu Kontseiluaren irizpenik gabe, urriaren 14ko 12/1983 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua. Ikuskapen-funtzioak dituzten langileen Kidego Nazionaletan sartzea eta lanpostuak betetzea.

1.Langileak funtzio publikoan sartzeko araudiari jarraikiz hasiko dira lanean Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoan eta Laneko Ikuskariordeen Kidegoan, oposizio-sistemaren bitartez. Horietan parte hartu ahal izango dute nazionalitate espainiarra duten eta adinez nagusiak diren pertsona guztiek, legeetan eta gainerako arau aplikagarrietan aurreikusten diren baldintzak betetzen badituzte.

Enplegu Publikoko Eskaintzak Ikuskatzailetza Sistemaren plazak gaineratuko ditu, Estatuaren Administrazio Orokorrari nahiz ikuskatzaile eta ikuskariordeen transferentzia organikoa jaso duten autonomia-erkidegoei dagokienez, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean gaineratzen diren oinarrizko irizpideei jarraikiz.

Zentzu horretan, eta Laneko Ikuskatzailetza Kidegoen izaera bakarra eta nazionala kontuan hartuta −horrek lanean hasteko unitate-printzipioak eta hautaketa-prozesuak eragiten ditu−, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren titularrak gauzatutako

Enplegu Publikoko Eskaintzatik eratorritako deialdiek Kidego edo Eskala bakoitzerako baimendutako plazak izango dituzte. Horiek Ministroen Kontseiluak baimenduko ditu Estatuaren Administrazio Orokorreko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzen duen Errege Dekretuaren bitartez, eta aurreko lerrokadan adierazitako transferentzia jaso duten autonomia-erkidegoek proposatzen dutenean.

Administrazio horietara sartu berri diren langileen azken banaketa lanpostuen aldez aurretiko hornidura-prozesuetatik eratorritako lanpostu hutsen arabera gauzatuko da, eta gainditutakoen kopuruak ez du, inola ere, deitutako plazen kopurua gaindituko.

2.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen eta Laneko Ikuskariordeen Gorputz Nazionalei gordetako lanpostuen hornidura eremu nazionaleko prozeduren bitartez gauzatuko da, lehiaketa bidez edo, hala badagokio, izendapen askeko prozedura bidez, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak deitutako buruzagitza-postuen kasuan, funtzio publikoko araudian zehaztutako gainerako hornidura-prozedurei kalterik egin gabe.

3.Dena den, beren egituraren barnean aurreko zenbakian aipatzen diren Kidego Nazionalei gordetako plazak dituzten autonomia-erkidegoek kasuan kasuko lanpostuak estaltzeko prozedurak deitu ahal izango dituzte, funtzio publikoko legedia aplikagarriak zehazten dituen irizpideekin bat etorriz.

Edonola ere, prozesu horiek Administrazioen arteko mugikortasun-printzipioen, aukeraberdintasunaren eta deialdiaren publizitate nazionalaren arabera arautuko dira. Ezin izango

da funtzionarioen partaidetza galarazi edo kaltetuko duen klausularik ezarri haren jatorrizko adskripzio organikoa dela-eta, eta ez zaie urriaren 14ko 12/1983 Legearen 26.2 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko.

4.Laugarren artikuluko 1. eta 2. zenbakietan ezarritakoaren arabera, aurreko zenbakietan aurreikusitakoak ez die Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren eskumenei kalterik egingo.

6. artikulua. Langile ikuskatzaileen erregistro integratua.

Langileen Erregistro Nagusiaren eskumenari eta funtzioei kalterik gabe eta, hala badagokio, funtzio publiko ikuskatzailearen transferentzia jaso duten autonomia-erkidegoen menpeko erregistroei kalterik egin gabe, langile ikuskatzaileentzako erregistro integratu bat egongo da; hura kasuan kasuko Administrazioetako lanpostu-zerrendetan ikuskapenfuntzioak dituzten Kidego bakoitzeko plazek osatuko dute. 27. artikuluan aipatzen den erregistroa Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundeak prestatu eta eguneratuko du. Horretarako, administrazio publikoek plaza horiek betetzearen inguruko informazio zehatza helaraziko dute, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

2.atala. Langile tekniko eta administratiboak

7. artikulua. Langile tekniko eta administratiboa.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemak bere funtzioak modu egokian betetzeko beharrezko giza baliabideak izango ditu, izaera teknikokoak nahiz babes administratiboarekin lotutakoak, aurrekontuen kasuan kasuko legeetan aurreikusitakoarekin eta dagozkion lanpostu-zerrendetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.Ikuskapen-funtzioa betetzeko, langile horiei jarduketen prestatzea eta babeserako eta lankidetzarako beste jarduketa batzuk agindu ahal izango zaizkie beren funtzioen esparruan, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

III. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

8. artikulua. Eskubideak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemako langileei langile publikoei oro har ezarritako eskubide indibidualak eta kolektiboak dagozkie.

Beren funtzioak betetzean babesa bermatuko zaie mota guztietako indarkeria, hertsapen, mehatxu edo okerreko eraginen aurrean.

9. artikulua. Betebeharrak eta portaera-kodea.

1.Sistemako langileek enplegatu publikoentzat ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, oro har.

2.Eman zaizkien zereginak arretaz bete eta interes orokorrak zaindu beharko dituzte, Konstituzioari eta gainerako antolamendu juridikoari begiratuta eta horiei lotuta betiere.

3.Beren funtzioak betetzean zuzen jarduten dutela aztertu eta ikuskatuen jarduerak ahalik eta gutxien nahasten saiatuko dira, beren autoritatea murriztu gabe eta beren betebeharrak betez. Horrez gain, zuhurtziaz jardungo dute helarazi zaien dokumentazioaren zaintzari dagokionez.

10. artikulua. Isilik egon beharra eta bateraezintasunak.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemako funtzionarioek isilpeko informazio gisa hartuko dute funtzio ikuskatzailearen esparruan ezagutzen duten kexa ororen jatorria, lege-xedapenak ez betetzeari buruzko kexak, alegia.

2.Jardunaren barruan ezagutu ahal izan dituzten datu, txosten edo aurrekariak, halaber, isilpean gordetzeko eta ez jakinarazteko beharra izango dute, baita zerbitzua utzi ondoren ere, delitu publikoak ikertzeko edo jazartzeko ez bada; lan arloko administrazioarekin, Gizarte Segurantzakoarekin, zerga arlokoarekin, era guztietako iruzurren aurkako borrokakoarekin edota ikerketarako legebiltzar-batzordeekin lankidetzan dagokion moduan jarduteko legez ezarritako esparruaren barruan.

3.Administrazio publikoetako funtzionarioen abstentzioa eta ezespena eragiten duten arrazoiekin eta bateraezintasunekin lotuta egongo dira, eta ezin izango dute jardun agindu zaizkien gaietan interes zuzena edo zeharkakoa dutenean.

11. artikulua. Prestakuntza, sustapena eta helburuetan parte hartzea.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemako funtzionarioek etengabeko prestakuntza jasotzeko eta beren ezagutza eta gaitasun profesionalak etengabe eguneratzeko eskubidea izango dute. Gainera, zehaztutako prestakuntzaeta espezializazio-ekintzetan parte hartu beharko dute.

2.Ikuskapen-funtzioak eragiten dituzten Sistemako zuzendaritzaeta buruzagitzalanpostuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko funtzionarioek bakarrik bete ahal izango dituzte.

3.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemak dagozkion neurriak hartuko ditu Laneko Ikuskariordeen Kidegoko funtzionarioek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegora sartzeko barne-sustapeneko hautaketa-prozesuetan parte hartu dezaten, apirilaren 12ko 7/2007 Legean aurreikusitako funtzio publikoaren araudi orokorraren esparruan.

4.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemako funtzionarioek beren zerbitzuak eskaintzen dituzten unitateari esleitutako helburuak lortzeko xedearekin laguntzeko eskubidea eta betebeharra izango dute; horretarako, beren nagusiek jakinarazi beharko diete zer bitarteko izango dituzten helburu horiek betetzeko.

II. TITULUA

Sistemaren funtzionamendua

I. KAPITULUA

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren funtzioak

12. artikulua. Ikuskapen-funtzioa.

Ikuskapen-funtzioa Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko funtzionarioek eta Laneko Ikuskariordeen Kidegoko funtzionarioek beteko dute, lege honetan ezarritako moduan. Funtzio horrek honako eginkizun hauek hartuko ditu barne:

1.Lege eta erregelamendu-mailako arauak eta akordio eta hitzarmen kolektiboetako edukia betetzen direla zaindu eta eskatzea, honako eremu hauetan:

a) Lan-harremanen sistema.

1.Banakako nahiz taldeko lan-harremanen arloko arauak.

2.Langile-ordezkarien babesari, eskubideei eta bermeei buruzko arauak.

3.Lanean tratueta aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza babestu eta sustatzeko arauak.

4.Langileen joan-etorriei buruzko arauak, zerbitzuen prestazio transnazionalen esparruan.

b) Laneko arriskuen prebentzioa.

1.Laneko arriskuak saihesteko arauak eta arlo horretako lan-baldintzetan eragiten duten arau juridiko eta teknikoak.

2.Laneko istripuak eta laneko gaixotasunak ikertzeko funtzioak.

c) Gizarte-segurantzari dagokion sistema.

1.Gizarte Segurantzako Sistemaren esparruko aplikazio-eremuari, inskripzioari, afiliazioari, langileen alta eta bajei, kotizazioari eta kuota-bilketari buruzko arauak.

2.Gizarte Segurantzako Sistemak eskaintzen dituen prestazioak eskuratu eta gozatzeko arauak, langabeziagatiko prestazioak eta jarduera uztearekin lotutako prestazioak barne, baita Gizarte Segurantzaren ekintza babeslearen borondatezko hobekuntza-sistemen kasuan ere, hitzarmen kolektiboetan ezarritako borondatezko sistema osagarrien beste modalitateez gain.

3.Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduten Mutuei eta Gizarte Segurantzaren kudeaketan laguntzeko beste modu batzuei buruzko arauak, eta bertan edo gizartebabeserako kudeaketan edo beste prestazio edo laguntza batzuetan laguntzen duten erakundeen eta enpresen kudeaketaren eta funtzionamenduaren ikuskapena, esparru horretan eskumena duten kontrol-organoei esleitutako kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren kontabilitateari eta kontrolari dagozkion zuzendaritza-funtzioei kalterik egin gabe.

4.Gizarte Segurantzaren ikuskapena Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak gauzatuko du, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 5.2.d) artikuluan zehaztutakoaren arabera.

5.Gizarte Segurantzaren esparruko beste ikuskapen-funtzio batzuk betetzea, kasuan kasuko araudian ezarritako moduan.

d) Enplegua.

1.Lanean hastearekin eta enpleguarekin lotutako arauak.

2.Diru-laguntzak, enplegua sustatzeko laguntzak edo enplegua sortzen edo enplegurako lanbide-heziketan laguntzeko programetan ezarritakoak aplikatzen direla kontrolatzea, ondorio horretarako zehaztutako araudiari jarraikiz eta arlo horretan eskumena duten organoek diru-laguntzen finantza-kontrola gauzatzen dutela bermatuz.

3.Aurreko zenbakian adierazten ez diren enplegurako lanbide-heziketarako arauak, autonomia-erkidegoko araudiak ikuskapenerako beste formula batzuk dituenean salbu.

4.Aldi baterako laneko enpresen eta enplegatze-agentzien arloko arauak.

e) Migrazioak.

1.Migrazio-mugimenduen arloko arauak.

2.Atzerritarren lanarekin lotutako arauak.

f) Kooperatibak eta gizarte-ekonomiako beste formula batzuk, eta lan-sozietateak sortzeko beste baldintza batzuk, autonomia-erkidegoko legediak bere aplikazio-eremuan aurkakoa xedatzen duen kasuetan salbu.

g) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak legez bere gain hartutako beste zaintza-eremu batzuk.

2.Laguntza teknikoa.

a) Ikuskapen-funtzioa bete behar dutenean, enpresei informazioa eta laguntza teknikoa ematea, enpresa txikiei eta ertainei bereziki, lan arloko xedapenak hobeto bete ditzaten.

b) Langileei eta horien ordezkariei informazioa eta laguntza teknikoa eskaintzea; horien aldetik salaketaren bat dagoenean, ikuskapen-jarduketen emaitzak eta ondorioak

jakinaraztea, 20.4 artikuluan ezarritako moduan; eta beren eskubideak betetzeko bide administratiboak edo judizialak adieraztea, ikuskapen-jarduketetan egiaztatutako enpresen aldeko ez betetzeak sortzen direnean.

c) Gizarte Segurantzako erakundeei eta eskumena duten Estatuaren Administrazio Orokorreko eta autonomia-erkidegoetako agintaritzei laguntza teknikoa eskaintzea, hala eskatzen zaienean.

d) Lan arloko arauak aplikatzeko orduan, edo laguntza eta diru-laguntza publikoak zaindu eta kontrolatzeko orduan, administrazio publikoetako beste organo batzuekin jardutea, eta horiei lagundu eta informazioa ematea.

e) Organo judizial eskudunei dagozkien txostenak bidaltzea, ikuskapen-funtzioen eta -eskumenen esparruan, eta arau legal batek hala zehazten duenean.

3. Adiskidetzea, bitartekotza eta arbitrajea.

a) Grebetan eta bestelako gatazketan adiskidetzeeta bitartekotza-funtzioa betetzea, alderdiek hala egitea onartzen dutenean.

b) Grebetan eta bestelako lan-gatazketan arbitraje-funtzioa betetzea, alderdiek berariaz eskatzen dutenean, baita legez ezarritako egoeretan ere.

Ikuskatzailetzak arbitraje-funtzioa bete behar du, informazioa eta aholkularitza emateko funtzio teknikoei kalterik egin gabe, alderdiren batek hala eskatzen badu; hura ez da bateragarria izango pertsona berdinak aldi berean ikuskapen-funtzioa bete behar badu bere kontrolpean eta zaintzapean dauden enpresei dagokienez.

c) Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek isilpean gorde beharko dute arbitrajeedo bitartekaritza-funtzioak zuzenean gauzatzean lortutako informazioa, eta informazio hori ez zaie, inola ere, ikuskapen-zerbitzuei helaraziko, horiek 1. zenbakian aipatzen diren zaintzaeta kontrol-funtzioak gauzatu ahal izan ditzaten.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren adiskidetze-, bitartekotzaeta arbitraje-funtzioak garatzean ez zaie kalterik egingo administrazio publikoetako beste organo batzuei eta autonomia kolektiboak kudeatutako eta lan-gatazketan oinarritutako irtenbide-sistemek ezarritako organoei esleitutako eskumenei.

13. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek beren eskumenak gauzatzeko dituzten gaitasunak.

Beren funtzioak betetzean, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek agintari publikoen izaera izango dute, eta honako hauetarako baimena izango dute:

1.Ikuskapenarekin lotutako lantokira, establezimendura edo lekura uneoro eta inolako jakinarazpenik egin gabe sartu eta bertan egon ahal izango dira. Ikuskapenaren xede den zentroa pertsona fisiko baten bizilekua bada, haren berariazko baimena edo, horrelakorik izan ezean, dagokion baimen judiziala izan beharko dute.

Ikuskapen-bisita bat egitean, dokumentu bidez identifikatu eta enpresariari edo haren ordezkariari edo ikuskatutako pertsonari beren presentzia jakinarazi beharko diote, identifikazio eta jakinarazpen horrek beren funtzioen arrakasta kaltetu dezakeela uste dutenean salbu.

2.Ikuskapen-bisitak enpresariarekin edo haren ordezkariarekin, langileekin, horien ordezkariekin eta enpresako peritu eta teknikoekin edo ikuskapen-funtzioa hobeto garatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten aholkularitza-erakundeekin batera egingo dituzte, baita Administrazioari dagozkion peritu edo adituekin edo ofizialki gaituta dauden beste batzuekin ere.

3.Beharrezkotzat jotzen duten edozein motatako ikerketa-diligentzia, azterketa, berreraikuntza edo froga egingo dute 12.1 artikuluan aurreikusitako funtzioa betetzeko, eta batez ere, honako hauetarako:

a) Enpresariari edo enpresako langileei lege-xedapenak aplikatzearekin lotutako edozein gairi buruzko informazioa eskatzeko, bakarrik edo lekukoen aurrean, eta

ikuskatutako lantokian dauden pertsonen identifikazioa edo presentziaren arrazoia eskatzeko.

b) Enpresaburua edo haren ordezkaria eta arduraduna, langileak, prestazio sozialen hartzaile edo eskatzaileak eta, haren jarduketa-eremuan, ikuskatutako lantokian edo ikuskatzaile jarduleak izendatutako herri-bulegoetan gaineratuta dauden beste subjektu batzuk ager daitezela eskatzeko.

c) Lantokian lan arloko legedia betetzen dela egiaztatzeko orduan garrantzitsua izan daitekeen dokumentazioa aztertzeko, honako hauek, esaterako: liburuak, erregistroak, informatika-programak eta euskarri magnetikoa duten fitxategiak barne, aitorpen ofizialak eta kontabilitatea; inskripzio-, afiliazio-, alta-, baja-dokumentuak, Gizarte Segurantzako kuotak edo prestazioak ordaindu izanaren egiaztagiriak; lansarien egiaztagiriak; laneko arriskuak prebenitzeko araudian eskatutako dokumentuak eta ikuskatu beharreko gaiekin lotutako beste edozein. Dokumentazio hori dagozkien herri-bulegoetan aurkezteko eska dezake ikuskatzaileak.

Obligaziodunak lan arloko arauetan zehazten diren norbere betebeharrak nahiz hirugarrenen betebeharrak betetzearekin lotutako liburuak, erregistroak, dokumentuak edo informazioa gorde behar duenean, edo ikuskapen-funtziorako garrantzitsua izan daitezkeen bestelako datuak, txostenak, aurrekariak edo frogagiriak gorde behar dituenean, horiek euskarri elektronikoan gorde beharko dira; horiek euskarri horretan bertan hornituko dira, eta ikuskapen-jarduketa egin den unean erabiltzen den formatuan tratatu eta irakurtzeko modukoa izan beharko du, hala eskatzen den kasuetan.

d) Establezimenduan erabilitako edo manipulatutako substantzien edo materialen laginak hartu edo atera, neurketak egin, argazkiak atera, bideoak eta irudiak grabatu, eta krokisak eta planoak egiteko, enpresaburuari edo haren ordezkariari aldez aurretik jakinarazten bazaio, eta 3.c) paragrafoan aipatzen diren dokumentuen kopiak eta laburpenak egiteko.

4.Jarduketak garatzen diren bitartean, egokitzat jotzen dituen eta bere helburuarekin bat datozen kautelazko neurriak hartu ahal izango dira aurreko zenbakian adierazitako dokumentuak suntsitu, desagertu edo aldatu ez daitezen, subjektu arduradunei konpontzeko zailak edo ezinezkoak diren kalteak eragiten ez bazaizkie edo horien eskubideak urratzen ez badira.

5.Hala badagokio, 22. artikuluan jasotzen diren moduetara jo ahal izango da.

14. artikulua. Laneko ikuskariordeen funtzioak.

1.Laneko Ikuskariordeen Kidegoko funtzionarioek artikulu honetan adierazitako eskumenak bete eta ikuskapen-funtzioak garatu ahal izango dituzte unitatearen, taldearen edo dagokion ekipoaren ardura duen Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzailearen zuzendaritza eta ikuskapen teknikoaren pean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari dagozkion zuzendaritza-organoekiko mendekotasunari kalterik egin gabe.

2.Enplegu eta Gizarte Segurantzako Eskalari dagozkion Laneko ikuskariordeek honako esparru hauetan jardun beharko dute, erregelamendu bidez ezarritako moduan:

a) Kontratazioan enplegu arloko, enplegua lortzeko, hobariak, diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeko, eta enplegua sustatzeko edo enplegurako lanbide-heziketarako pizgarriak edo neurriak hartzeko arauak betetzen direla egiaztatu beharko dute.

b) Hamasei urtetik beherakoek lan egitea debekatzen duten arauak betetzen direla egiaztatu beharko dute.

c) Kontratu-modalitateen, iraupen zehatzeko kontratuen eta aldi-baterako kontratuen araudia betetzen dela egiaztatuko dute.

d) Aplikazio-eremuko, enpresen inskripzio, afiliazio, langileen alta eta baja, kotizazio eta Gizarte Segurantza Sistemako bilketa arloko arauak betetzen direla frogatu beharko dute, baita enpresek Gizarte Segurantzaren kudeaketan izan behar duten lankidetzari eta Gizarte Segurantzako prestazioak lortu, eskuratu eta gozatzeari dagozkionak ere, langabeziarekin eta jarduera eten izanarekin lotuta daudenak barne.

e) Espainian atzerritarren lanari buruzko araudiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen direla frogatu beharko dute.

f) Enbargoa eragin dezaketen ondasunak ikertu eta adierazteko lankidetzan jardun beharko dute, bide exekutiboa eta subjektu zordunaren, edo arduradun solidario edo subsidiarioen identifikazioa eraginkorra izan dadin, lan arloko arauei eragiten dieten edo erreferentzia egiten dieten kasu guztietan.

g) Enpresaburuei eta langileei aholkularitza eskaini beharko diete, beren ikuskapenfuntzioa betetzeko, beren betekizunak bete ditzaten.

h) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren eginkizunak garatzeko unitateko edo taldeko arduradunei esleitutako antzeko funtzio guztiak, beren eskumenen esparruan.

3.Laneko Segurtasun eta Osasun Eskalari dagozkion Laneko ikuskariordeek honako arlo hauetan jardun beharko dute, erregelamendu bidez ezarritako moduan:

a) Laneko arriskuak saihesteko araudiaren aplikazioa bete eta kontrolatzen dela egiaztatuko dute, laneko baldintza materialei zuzenean eragiten dieten alderdietan.

b) Laneko arriskuen prebentzioan eragiten duen araudi juridiko eta teknikoa betetzen dela zainduko dute.

c) Laneko ezbehar-kopuruaren azterketak eragindako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren prebentziorako jarduketa-programak.

d) Beren ikuskapen-funtzioa betetzera joaten direnean, enpresaburuei eta langileei laneko arriskuak saihesteko araudia betetzeko modurik eraginkorrenari buruzko informazioa eta aholkuak emango dizkiete.

e) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren eginkizunak garatzeko unitateko edo taldeko arduradunei agindutako antzeko funtzio guztiak beteko dituzte, beren eskumenen esparruan.

4.Beren funtzioen exekuziorako jasotzen dituzten zerbitzu-aginduak betetzeko orduan, laneko ikuskariordeak agintaritza-agente gisa hartuko dira, eta horiek 13. artikuluko

1.zenbakitik 4.era bitartean ezarritako moduan jardun ahal izango dute.

5.Betetzen dituzten ikuskapen-funtzioen ondorioz, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Eskalako Laneko ikuskariordeek 22. artikuluko 1., 2., 5., 6., 7., 8., 16., 17. eta 18. zenbakietan xedatutako moduan jardun ahal izango dute. Laneko Segurtasun eta Osasun Eskalako Laneko ikuskariordeek 22. artikulu horretako 1., 2., 5., 12. eta 18. zenbakietan aurreikusitako moduan jardun ahal izango dute; era berean, artikulu horretako 7., 9. eta 10. zenbakietan jasotzen diren jarduketak jakinarazi ahal izango dituzte barnealdean.

Laneko ikuskariordeek egindako arau-hausteen eta, hala badagokio, likidazioen aktak zuzendaritza teknikoa betetzen duen Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak berrikusiko ditu, erregelamendu bidez ezarritako moduan eta egoeretan, eta proposatutako zigorrari dagokion zenbatekoaren edo arau-haustearen izaeraren edo kalifikazioaren arabera.

15. artikulua. Ikuskapen-funtzioen bermeak.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek gauzatu ahal izango dituzte Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak12. artikuluari jarraikiz esleituta dauzkan eskumenak. Eskumen horiek gauzatzean, autonomia tekniko eta funtzional osoa izango dute, eta babesa bermatuko zaie indarkeria, hertsapen eta mehatxu guztien aurrean, baita eragin okerren aurreko independentzia ere, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 81. Hitzarmenaren 6. artikuluan eta 129. Hitzarmenaren zortzigarren artikuluan ezarritako moduan.

2.Lege hau arautzen duen espezializazio funtzionala bateragarria izango da funtzioaren eta ikuskapen-jarduketaren unitate-printzipioekin. Hala, eta edozein delarik jarduketaren jatorria, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek egokitzat jotzen dituzten ikerketa-jarduketak eta neurriak gauzatu ahal izango dituzte beren eskumenek

barne hartzen dituzten lan arloko materia guztiei dagokienez, zernahi delarik organikoki atxikita dauden administrazio publikoa.

Edonola ere, ikuskatzaileak jarduketa jakin bat edo gehiago gauzatzeko agindu zaion zerbitzu baten arabera jarduten duenean ezin izango dira zerbitzu hura lortzeko beharrezkoak ez diren beste jarduketa batzuk eskatu. Hala ere, eta bisita egiten duten bitartean langileen segurtasunerako eta osasunerako berehalako arrisku larri bat hautematen badute, 22.12 artikuluan adierazitako neurria hartu ahal izango dute, besteak beste.

3.Laneko ikuskariordeek ere lege honek esleitzen dizkien funtzio guztiak betetzeko eskumena izango dute, zernahi delarik organikoki atxikita dauden administrazio publikoa.

Beren funtzioak betetzen dituztenean ez zaizkie beharrezkoak ez diren beste jarduketa batzuk eskatuko kasu bakoitzean esleitu zaien zerbitzua lortzeko. Hala ere, Laneko Segurtasun eta Osasun Eskalari dagozkion Laneko ikuskariordeek bisita garatzen duten bitartean langileen segurtasunerako eta osasunerako berehalako arrisku larri bat hautematen dutenean, 22.12 artikuluan adierazitako neurria hartu ahal izango dute, besteak beste.

Beren funtzioak betetzean babesa bermatuko zaie mota guztietako indarkeria, hertsapen eta mehatxuen aurrean, baita okerreko jarrerekiko independentzia ere.

4.Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoaren 8.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak bere helburuak betetzeko gauzatzen dituen jarduketak ez dira, inola ere, legez kontrako jarduketa gisa hartuko.

16. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari laguntza eta lankidetza ematea.

1.Agintariek −edozein delarik haien izaera−, Estatuaren Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoetako administrazioetako eta toki-erakundeetako organoetako titularrek, erakunde autonomoek eta enpresa-erakunde publikoek, ganbera eta korporazioek, kolegio eta erakunde profesionalek, gainerako erakunde publikoek, eta oro har, beren funtzio publikoak gauzatzen dituzten guztiek nahitaez eman beharko dizkiote, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, beren eskumenen esparruan garrantzia duten datuak, txostenak eta aurrekariak; era berean, ikuskapen-funtzioa betetzeko eskatzen zaien lankidetza eskaini beharko dute.

2.Notariotzaren Kontseilu Nagusiak 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzaren Legearen

17. artikuluan araututako indize informatizatu bakarrean jasotako informazioa emango dio, modu telematikoan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, ikuskapenfuntziorako garrantzia duena.

3.Zerga Administrazioak bere datuak eta aurrekariak lagako dizkio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, Zergen abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 95.1.c) artikuluan ezarritako moduan. Halaber, erakunde kudeatzaileek eta laguntzaileek eta Gizarte Segurantzako zerbitzu komunek ere lagunduko diote Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari; hala, eskatzen dienean, ikuskatzeko lana egiteko garrantzitsuak diren informazioak, aurrekariak eta datuak emango dizkiote, baita tratamendu automatizatua duten izaera pertsonalekoak ere, dagokionari onarpena eskatu beharrik gabe. Zerga Administrazioak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak elkarrekikotasuneko eta koordinazioko programak ezarriko dituzte beren xedeak betetzeko.

4.Estatuaren Administrazio Orokorreko eta autonomia-erkidegoetako organoek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin jardungo dute, eta beharrezko laguntza eta adituen eta teknikarien aholkularitza emango diete.

5.Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateek ikuskapen-jarduera modu egokian garatzeko beharrezkotzat jotzen diren datuak eta txostenak eman eta behar bezala lagundu beharko diote Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzaren Araubide Bereziko erakunde alternatiboa denez gero.

6.Aurreko zenbakietan ezarritako laguntzaeta lankidetza-betebeharrek legezko mugak bakarrik izango dituzte, eta muga horiek pertsonen intimitatearekin, korrespondentzia-sekretuarekin edo administrazio publikoei estatistika-helburuetarako emandako informazioekin lotuta daude.

7.Eskumena duten segurtasun-indar eta kidegoek nahitaez eskaini beharko diote babesa, laguntza eta lankidetza Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, bere funtzioak bete ditzan, kasuan kasuko agintaritzak ondorio horretarako izendatutako aginteen bitartez.

8.Hitzarmenen edo beste erreminta batzuen bitartez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin lankidetzan jarduteko moduak ezarriko dira Estatuaren Administrazio Orokorreko edo beste administrazio publiko batzuetako organoen aldetik, beren jarduketaren ondorioz, aitortu gabeko lana edo enplegu irregularra eragiten duten gertakarien berri duten kasuetarako.

Agintaritzaren baldintza duten edo haren agente gisa jarduten duten funtzionarioek zuzenean egiaztatutako egintzak horiek aurreko lerrokadan adierazitako hitzarmenetan edo erremintetan ezarritakoaren exekuzioan formulatutako jakinarazpenetan jasotzen direnean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak horiek baloratu eta kalifikatu ostean, horiek froga gisa erabili ahal izango dira hark abiarazitako prozeduretan eta benetakotzat joko dira, interesdunek aurkakoa frogatzen dutenean salbu.

9.Epaitegi eta auzitegiek, ofizioz edo hark hala eskatuta, ikuskapen-funtzioa betetzeko garrantzitsuak izan daitezkeen datuak helaraziko dizkiote Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, ondo ezagutzen dituzten jarduketen eta instrukzioaren sekretuak eragiten ez dietenean.

10.Europar Batasuneko estatu kideetako agintaritzek lankidetzan jardungo dute Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren eskumen baliokideekin; horretarako, Europar Batasuneko araudia edo Espainiako Estatuak dituen erremintak edo aldebiko akordioak edo akordio aldeaniztunak bete beharko dituzte.

Agintaritza horiek nazioarteko administrazio-lankidetzaren esparruan egiaztatutako eta Espainiako agintariek helarazitako egintzak froga gisa erabili ahal izango dira Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren aldetik, hark abiarazitako prozeduretan, eta horiek benetakotzat joko dira interesdunek aurkakoa frogatu ezean.

11.Ikuskaritzako funtzionarioek beren eskumenak gauzatzean bildu ez dituzten datu pertsonalak lortzeko orduan ez zaie berariazko informaziorik eman beharko Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5.4 artikuluan aurreikusitako interesdunei.

17. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren lankidetza.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak bere lankidetza eta laguntza eskainiko die administrazio publikoei eta, bereziki, lan-agintaritzari, erakunde kudeatzaileei eta Gizarte Segurantzaren eta Zerga Administrazioaren zerbitzu komunei; horiei beren funtziorako beharrezkotzat jotzen diren informazioak helaraziko zaizkie, hala badagokio, konfidentzialtasun-beharra bermatzen den heinean.

2.Ikuskapen-funtzioak betetzeko orduan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak beharrezko lankidetza emango du enpresaeta sindikatu-erakundeekin eta langileen ordezkariekin.

Aldian behin, eta Lege honetan zehaztutako organoen bitartez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Agintaritza Zentralak ikuskapen-jarduketetatik, jardueramemorietatik eta gainerako aurrekarietatik eratorritako interes orokorreko gaiei buruzko informazioa helaraziko die sindikatueta enpresa-erakunde esanguratsuenei, baita zerbitzuen antolakuntza-aginduak, irizpide operatibo orokorrak eta irizpide tekniko lotesleak ere, 20.2 artikuluan ezarritako moduan.

3.Delituren bat gertatu dela hautematen badu, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak kasuan kasuko egintzen eta eraginda ikus litezkeen subjektuen zirkunstantzien zerrenda bidaliko dio Zerga Ministerioari, erregelamendu bidez ezarritako bide organikoaren bitartez.

4.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak bere laguntza eta lankidetza eskainiko die eskumen baliokideak dituzten Europar Batasuneko beste estatu batzuetako agintaritzei, bere ikuskapen-funtzioei dagozkien datuak eta informazioa bidaliz. Era berean, beste estatu batzuetako agintaritzekin jardun ahal izango du, Espainiak parte hartzen duen hitzarmenetan eta tratatuetan hala aurreikusten denean.

18. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako funtzionarioekin elkarlanean jardutea.

1.Enpresaburuek, langileek eta bi alderdien ordezkariek, eta lan arloko arauak betetzeaz arduratzen diren gainerako subjektuek honako betebehar hauek izango dituzte, hala eskatzen zaienean:

a) Behar bezala kasu egin beharko diete Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileei eta laneko ikuskariordeei.

b) Ikuskarien nortasuna eta lantokietan daudenen nortasuna egiaztatu beharko dute.

c) Ikuskariekin lankidetzan jardun beharko dute ikuskatzaileen bisitak edo beste jarduketa batzuk egiten dituztenean.

d) Ikuskapen-egiaztapenei eragiten dieten alderdiei buruz hitz egin beharko dute funtzionario jardulearen aurrean; era berean, beren funtzioak garatzeko beharrezkoak diren informazioa eta dokumentuak eskaini beharko dizkiete. Ikuskatutako subjektuak ordezkatzen dituztenek dokumentu bidez egiaztatu beharko dute baldintza hori, jarduketa bisitatutako bizilekutik edo lantokitik kanpo gertatzen bada.

2.Pertsona natural edo juridiko guztiek ikuskapen-eginkizunetarako garrantzitsuak izan daitezkeen mota guztietako datuak, aurrekariak edo informazioa eskaini beharko dizkiote Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, horiek ikuskapen-ekintzarekin lotutako hirugarrenekin dituzten harreman ekonomiko, profesional, enpresarial edo finantzarioetatik eratortzen direnean eta hori behar bezala eskatzen denean. Betebehar horrek Gizarte Segurantzako diru-bilketa organoetako erakunde kolaboratzaileei eta eskudiru edo fondoen hartzaileei eragiten die, eskakizun horretan adierazten den pertsonak erakunde horretan izan ditzakeen kontuen kargura egin diren ordainketak identifikatu egin behar diren heinean; dena den, horiek ezin izango dira bankuko sekretuan babestu. Profesionalek informazioa emateko betebeharra dute, baina ez aholkularitzaeta defentsazerbitzuak eskaintzeagatik lortu ahal izan dituzten datu konfidentzialen kasuan, ezta osasun-arretarekin edo -prestazioekin lotutakoak ere, interesdunek aurretiazko eta berariazko adostasuna ematen dutenean salbu. Eskakizun horiek ez betetzea oztopoak jartzeagatiko arau-haustetzat hartuko da, hala xedatuta baitago abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako lan arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginean. Erregelamendu bidez, eskakizun horiei aplikatu beharreko modua eta baldintzak ezarriko dira.

3.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin mantendu beharreko lankidetza bitarteko elektronikoetan oinarrituko da ahal izanez gero, Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean xedatutakoari jarraikiz.

4.Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 6. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, ikuskapen-funtzioa betetzeko beharrezkoak izan daitezkeen datu pertsonalak Ikuskatzailetzari bidaltzeko orduan, lankidetza mantendu beharra izango da kontuan, eta interesdunaren baimena ez da beharrezkoa izango.

Helarazitako datuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari lege honetan emandako eskumenak gauzatzeko baino ez dira erabiliko.

II. KAPITULUA

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketak

19. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa-eremua.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa pertsona fisiko eta juridiko publiko edo pribatuetara, ondasun-erkidegoetara edo nortasun juridikorik gabeko beste erakunde batzuetara hedatzen da, horiek lan arloko arauak betetzearen obligaziodunak edo arduradunak diren heinean, eta honako hauetan gauzatzen da:

a) Enpresetan, lantokietan, eta oro har, lan-prestazioa gauzatzen den tokietan, baita administrazio publikoek edo haien menpeko edo haiekin lotutako nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko erakundeek zuzenean arautu edo kudeatzen dituztenean ere; azken kasu horretan, administrazio publikoetan jarduketa hori arautzen duen araudia aurreikusi beharko da.

b) Lana eskaintzen den ibilgailuetan eta, oro har, garraiobideetan, trenak, hegazkinak eta aireontzi zibilak barne, eta horien zerbitzura dauden lurreko ustiapen laguntzaile edo osagarriak eta instalazioak barne.

Merkantzia-ontzien Espainiako pabilioi-ontziko eta arrantzarako Espainiako pabilioiontziko ontzietan, horiek Espainiako portuetan edo Espainiak subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa gauzatzen duen uretan daudenean, eta Espainiako lurretan eta lurraldean dauden horien zerbitzurako ustiapen lagungarri edo osagarri eta instalazioetan.

c) Portuetan, aireportuetan, ibilgailuetan eta irteerako, eskalako eta norako puntuetan, barneko emigrazioeta immigrazio-bidaietan, aurreko a) idatzi-zatian lantoki gisa ezarrita dagoenari kalterik egin gabe.

d) Gizarte Segurantzaren kudeaketan lankidetzan diharduten entitate eta enpresetan.

e) Lan arloko babesaren eta sustapenaren esparruan zenbait administrazio publikorekin lan egiten duten erakunde publikoetan eta pribatuetan.

f) Kooperatiba-sozietateetan, horien osaerari eta funtzionamenduari eta lan arloko arauak betetzeari dagokionez, bertan lan egiten duten bazkideei edo laneko bazkideei dagokienez, baita lan-sozietateen kasuan ere, horiek duten kalifikazioa dela-eta, arlo horretan aplikagarria den legediak ezartzen duenari kalterik egin gabe.

2.Dena dela, lantokien, establezimenduen, lokalen eta instalazioen zaintza administrazio publikoetako beste organo batzuei esleitzen zaienean, horiek araudi espezifikoaren arabera arautuko dira; halere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak eskumena izango du hark barne hartzen ez dituen gainerako arloetan, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

3.Gizarte Segurantzarekin Elkarlanean Diharduten Mutuen ikuskapena Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egingo du, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako lan arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera; ikuskatzailetza horrek zuzendaritzaeta tutoretza-organoari komunikatuko dizkio egindako jarduketen emaitza eta jarduketetan oinarrituz egindako txostenak eta proposamenak.

20. artikulua. Arau orokorrak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketen jatorria eta interesdunaren baldintza.

1.Ikuskapen-jarduerek 12. artikuluan aurreikusitako funtzioak garatzea izango dute helburu. Jarduketa horiek lege honetan, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako lan arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginean, eta atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute.

2.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren ikuskapen-jarduera gauzatzen den bitartean, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betetzen direla

bermatu beharko da, lan arloko araudia modu homogeneoan aplikatuz. Xede horretarako, zerbitzuak, irizpide eraginkor orokorrak eta irizpide tekniko lotesleak behar bezala antolatzeko agindu egokiak ezarriko dira; horiek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz argitaratuko dira.

3.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak ofizioz jardungo du beti, nagusiek hala agindu dutelako, ikuskapen-plan edo -programetatik eratorritako zerbitzuen aginduak direla-eta, beste organo batzuek arrazoitutako eskaeren eraginez, salaketa bat izan delako edo Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek hala egitea erabaki dutelako, eraginkortasuneta aukera-irizpideei jarraikiz, eta erregelamendu bidez ezarritako moduan. Nolanahi ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak eskura duen informazio guztia erabili ahal izango du ikuskapen-jarduketak programatzeko.

4.Lan arloko legedia ez bete izanaren salaketa-ekintza publikoa izango da.

Ikerketa-fasean, salatzaileak ezin izango du interesdunaren baldintza inola ere alegatu; halere, bere salaketaren izapidetze-egoeraren informazioa jasotzeko eskubidea izango du, baita frogatu diren egintzei eta zentzu horretan hartutako neurriei buruzko informazioa ere, ikerketaren emaitzek ikuskapen-funtzioaren esparruko araudiak aitortutako eskubide indibidualei edo kolektiboei eragiten dienean.

Langileen ordezkari unitarioek edo sindikalek beren ordezkaritza-eremuan aurkeztutako salaketen izapidetze-egoeraren berri izateko eskubidea dute, baita frogatu diren egintzei eta zentzu horretan hartutako neurriei dagokienez ere.

Salaketak zehapen-prozedura bat abiarazten badu, salatzaileak interesdun izaera izan dezake, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ezarritako zehaztapen eta betekizunekin bat etorriz. Egoera berean, prozedura horretan interesdunen izaera berariaz aitortzen zaie sindikatu-erakundeetako ordezkariei edo langile-ordezkariei, beren ordezkaritzatik eratorritako legezko interesdunen titularrak direnez gero.

5.Salaketa anonimorik ez da bideratuko, ezta xede horretarako ezarri den epean zuzendu ez den identifikazio-akatsik edo -gabeziak dituen salaketarik ere, 3. zenbakian adierazitakoari kalterik egin gabe.

Era berean, ez dira abiaraziko organo jurisdikzional bat ezagutzen ari den gaiekin bat datozen salaketak, horien berri jakiteak ikuskapen-jardueraren emaitza baldintzatu dezakeenean, eta oinarririk gabeko salaketak ere ez dira abiaraziko.

6.Aurreko zenbakian adierazitakoa gorabehera, gai horiek organo jurisdikzional bat ezagutzen ari den gaiekin bat badatoz eta horrek Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa eragiten badu, ikuskapen-jarduketa abiaraziko da, 3. zenbakian adierazten diren egoera guztietan. Jarduketak abiarazi eta enpresaburuari haren jakinarazpen formala egin ostean, eten egingo da ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 21. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea.

Epaia sendoa denean eta hura Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari jakinarazten zaionean, likidazioeta, hala badagokio, zehapen-espedientea izapidetzeari ekingo zaio, edo jarduketak artxibatuko dira.

21. artikulua. Ikuskapen-jarduketaren modalitateak eta dokumentazioa.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa lantokiak bisitatuz garatuko da, aurretiaz jakinarazi beharrik izan gabe; dagokion funtzionario jardulearen aurrean agertzeko errekerimenduaren bitartez, kasu bakoitzean adierazitako dokumentazioa aurkeztuz, eta 13.3.c) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, edo dagozkion argitalpenak egiteko helburuarekin; edo administrazio-zehapen bidez, jarduketaren edukiak hura abiarazi eta amaitzea ahalbidetzen duenean. Ikuskapen-jarduketak funtzionario batek edo gehiagok egin ahal izango dituzte, eta beharrezko denboran zehar luzatu ahal izango dira.

2.Era berean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak administrazio publikoetan dauden datuak edo aurrekariak egiaztatu ahal izango ditu. Horretarako,

Europar Batasuneko beste administrazio publiko batzuek emandako datuak edo aurrekariak erabili ahal izango ditu.

3.Ikuskapen-bisita abiarazi eta harekin jarraitzea edo amaitzea ezinezkoa izango balitz −ikuskatutako subjektuak eskatutako dokumentuak edo aurrekariak ekarri ez dituelako−, jarduketak errekerimenduaren arabera jarraituko du, ekarpena 1. zenbakian adierazitako moduan egin dadin.

4.Egiaztatzeko jarduketek ez dute bederatzi hilabete baino gehiago iraungo, non eta luzamendua ezin zaion ikuskatu beharreko subjektuari edo horren mendeko pertsonei leporatu. Nolanahi ere, gehienez ere bederatzi hilabeteko beste aldi batez luzatu ahal izango da, araudian ezarritako irismen eta eskakizunekin, honako egoera hauetan:

a) Ikuskapen-jarduketek zailtasun eta konplexutasun berezia dutenean. Horrelakorik dagoela joko da pertsona edo erakundearen eragiketa-bolumen handiagatik, haren jarduerak geografikoki sakabanatuta daudelako, eta erregelamendu-arau batek adierazten dituen beste kasu batzuetan.

b) Horiek garatzen diren bitartean, ikuskatutako subjektuak organo ikuskatzaileari bere jardueraren bat edo horiek gauzatzen dituen pertsonaren bat eragotzi edo ezkutatu diola jakiten denean.

c) Ikuskapen-jarduera gauzatzeko nazioarteko administrazioaren lankidetza behar denean.

Era berean, horiek ezin izango dira bost hilabete baino gehiago eten, etenaldi hori ikuskatutako subjektuak berak edo haren menpeko pertsonek eteten dutenean, edo ikuskapen-jarduerarekin aurrera jarraitzea ezinezkoa dela egiaztatzen den kasuetan salbu, haren emaitza baldintzatu dezakeen erabaki judizial batean liskarrak izan direlako, esaterako.

Ikuskatzeko jarduketa batean egindako egiaztapenak aurrekaritzat hartuko dira hurrengoetarako.

20.3artikuluaren arabera, zernahi delarik ikuskapen-jarduketaren jatorria, zenbaki honetan ezarritako epeak lehenengo bisita egin den egunetik aurrera hasiko dira, edo ikuskatutako subjektua agertzeko errekerimendua egiten denean, hura agertu den egunetik aurrera, hark ikuskapen-jarduketan garrantzia izan dezakeen dokumentazio guztia helarazten badu. Epeen zenbaketan ez da kontuan hartuko lehendik zeuden ez-betetzeak zuzentzeko eskaeretan organo ikuskatzaileak behartutako subjektuari emandako epean igarotako denbora.

5.Lantokietara bisitak egiten dituztenean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako funtzionarioek langile-ordezkariak bertan egon daitezela eskatuko dute legez hala dagokionean, laneko arriskuak saihesteko araudiari jarraikiz edo egin beharreko jarduketa-motaren arabera hala gomendatzen denean, zentzu horretan emandako jarraibideak kontuan hartuta.

6.Funtzionario jarduleek lantokietara egindako bisitetan edo mendekotasun publikoetan ikuskatutako subjektuaren agerpen bidez egindako egiaztapenen bitartez gauzatutako jarduketa bakoitzaren eginbidea helaraziko dute, idatziz.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren titularraren Agindu baten bidez, diligentzietara gehitu beharreko egintzak eta jarduketak zehaztuko dira, baita horien formatua eta ikuskatutako subjektuei hura bidali beharra ere; ahal den neurrian, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, eta interesdunei ez zaie eginbide horiek gauzatzeko libururik edo formulariorik erosi edo bideratzeko betebeharra ezarriko.

22. artikulua. Ikuskapen-jarduketatik eratorritako neurriak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek honako neurri hauek hartu ahal

izango dituzte ikuskapenerako egiaztapen-jarduketa amaitu ostean:

1.Zehapen-prozedura bat abiarazi beharrean, subjektu arduradunari ohartarazi eta errekeritu ahal izango diote, kasuaren egoerek hala gomendatzen dutenean eta langileei edo horien ordezkariei kalte zuzenak eragiten ez bazaizkie.

2.Adierazitako epean, dagozkion neurriak har ditzala eskatu ahal izango diote subjektu arduradunari, hark lan arloko araudia bete edo laneko arriskuak saihesteko hautemandako gabeziak konpondu ditzan, baita funtzionario jardulearen aurrean justifikatuta ere.

3.Zehapen nagusiak edo osagarriak jakinarazi edo proposatu ahal izango dituzte, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako lan arloko arauhausteei eta zehapenei buruzko legearen testu bateginean eta urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan adierazten denari jarraikiz.

4.Administrazio publikoei errekeritu ahal izango diote, beren zerbitzura lan egiten duten langile zibilen osasunari edo segurtasunari buruzko xedapenak ez betetzeagatik.

5.Zehapen-prozedura abiarazi ahal izango dute, arau-hausteen edo oztopoak jartzeagatiko arau-hausteen aktak igorrita.

6.Gizarte Segurantzarekiko zorrak ordaintzeko errekerimenduak egin ahal izango dituzte; era berean, likidazio-espedienteak abiarazi ahal izango dituzte Gizarte Segurantzarekiko zordunketak izateagatik, edo baterako bilketa kontzeptuen eta okerreko hobarien eraginez, likidazio-akten bitartez.

7.Ofiziozko prozedurak sustatu ahal izango dituzte enpresen izen-emate, afiliazio eta langileen alta eta bajetarako, baita enpresak eta langileak Gizarte Segurantzaren araubide egokian txertatzeko ere; dena den, aurreko zenbakian aipatutako likidazio-espedientea abiaraziko da, hala badagokio.

8.Kasuan kasuko erakundeari gizarte-prestazioen pertzepzioa eten edo laga dezala eskatu ahal izango diote, horiek arautzen dituen araudia betetzen ez dela frogatzen bada.

9.Administrazio-organo eskudunari prestazio ekonomikoen errekarguari dagokion aitorpena eskatu ahal izango diote, laneko segurtasuneta osasun-neurririk ez izateagatik, laneko istripu edo laneko gaixotasun bat gertatzen bada.

10.Errekarguak edo murriztapenak eskatu ahal izango dituzte laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen aseguratze-primetan, laneko arriskuak saihestu eta osasuna bermatzeko orduan enpresek duten jarrera eta araudi aplikagarria kontuan hartuta.

11.Aplikazio zuzena gauzatzeko edo behar ez bezala aplikatutako kantitateak itzultzeko prozedura abiarazi ahal izango dute, Gizarte Segurantzaren kudeaketan parte hartzen den kasuetan.

12.Laneko arriskuak saihesteko araudia kontuan hartzen ez denean, lanak berehala gerarazteko agindua eman ahal izango dute, langileen segurtasunerako edo osasunerako arrisku handia eta hurbilekoa dagoela igarriz gero.

13.Enplegua, enplegurako lanbide-heziketa eta lana bera sustatzeko laguntzen eta diru-laguntzen aplikazioan eta norakoan hautemandako ez-betetzeak erakunde eskudunari jakinarazi beharko dizkiote, eta laguntzak eta diru-laguntzak itzultzeko dagokion espedientea abiaraziko dute.

14.Goiko organoari Lan arloko jurisdikzioaren aurreko ofiziozko jakinarazpenak eta eskaerak formulatu ditzala proposatu ahal izango diote, lan arloko jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legean aurreikusitako moduan.

15.Ikuskapen-jarduketak Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetan kokatuta dauden enpresei eragiten badie eta enpresaren jatorrizko estatu kideak frogatutako egintza horiek zehatu baditzake, egintza horiek jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunari jakinarazi ahal izango zaizkio hark dagokion zehapen-prozedura abiarazi dezan; halere, hark egokitzat jotzen dituen beste neurri batzuk hartu ahal izango ditu.

16.Organo eskudunari ikerketaren emaitzak jakinarazi beharko zaizkio 12.1 artikuluan aipatzen diren arauak bete ez dituzten subjektu arduradunak identifikatu ahal izateko, erantzule solidario edo subsidiarioen kasuak barne, baita ondasunak adierazteko ere, bide exekutiboa eraginkorra izan dadin.

17.Enpleguaren Zerbitzu Publikoei dagokion jakinarazpena egin beharko zaie, aitortu gabeko, enplegu irregularreko edo ikuskapen-jarduerak hautemandako beste lan-egoera batzuetan dauden langileentzako orientazio, gaitasun eta lanbide-heziketa arloko ekintzak aitortu daitezen, legedia aplikagarriari jarraikiz.

18.Indarrean den legeditik eratorritako beste neurri batzuk.

23. artikulua. Ikuskapen-egiaztapenen ziurtasun-presuntzioa.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako funtzionarioek frogatutako eta arau-hausteen eta likidazioen aktetan formalizatutako egintzek, kasuan kasuko legebaldintzak kontuan hartuta, ziurtasun-presuntzioa izango dute, interesdunek beren eskubide edo interesak defendatzeko aurkeztu ditzaketen frogei kalterik egin gabe.

Balio frogagarri bera izango dute Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak hark egindako egiaztapenen ondorioz igorritako txostenetan deskribatutako egintzek; dena den, interesdunek horien kontra egin ahal izango dute, prozedurazko arau aplikagarrietan zehaztutako moduan.

Ikuskapen-jarduketa egiten den bitartean funtzionarioa edo funtzionarioak ordezkatzen direnean, horrek ez du inola ere eragingo aurreko lerrokadetan adierazitako ziurtasunpresuntzioan; halere, interesdunei hura amaitu aurretik jakinarazi beharko zaie ordezkapena, dagokion epean eta moduan, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

24. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren informazioa.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren kontzepzio bakarraren eta integralaren printzipioarekin bat etorriz, sistema horren informazioa erabiltzeko orduan informazioaren batasuna eta integrazioa bermatu beharko dira, baita elkarreragingarritasuna, interkonexioa eta administrazio publikoek informazio hori eskuratzeko aukera izatea ere, beren eskumenen esparruan, eta lege honetan eta bere garapen-araudian ezarritako moduan.

Horrenbestez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemako langileek beharrezko informazioa eskuratu ahal izango dute ikuskapenari, erregistroei eta eskura dituzten datu-baseei dagozkien funtzioak betetzeko orduan, 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta bertan ezarritako moduan.

2.Sistemako informazioa datu-base unitario eta integratu batean oinarrituz erabili behar da, datuen homogeneotasuna mantenduz eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza-zerbitzuek eskainitako informazioa Estatu osoan kontsolidatuz, baita beren jarduketetatik eratorritakoa ere.

3.Sistemaren datu-basera txertatutako datu pertsonalak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta haren garapen-araudian xedatutakoari jarraikiz erabili beharko dira.

Dena den, Sistemaren datu-basera datuak txertatzeko ez da interesdunen baimena beharrik izango, ezta horietara sartu edo administrazio publiko eskudunen aldetik horiek hirugarrenei jakinarazteko ere.

4.Informazio-sistemari goi-mailako segurtasun-neurriak aplikatuko zaizkio, datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoak, hain zuzen ere.

III. TITULUA

Sistemaren antolamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

25. artikulua. Administrazio publikoen lankidetza eta partaidetza.

1.Estatuaren Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren zerbitzu publikoaren exekuzioa eta eraginkortasuna bermatuko dituzte beren eskumenen esparruan. Horretarako, administrazio horiek ikuskapen-jarduketak antolatuko dituzte 2. artikuluan zehaztutako printzipioei jarraikiz, eta lankidetza-printzipioa garatuko dute, lege honetan eta Administrazio eskudunen artean hitzartutako akordio eta hitzarmenetan aurreikusitako organoen eta erreminten bitartez.

2.Aurreko zenbakian aipatutako administrazioen arteko lankidetza lankidetzahitzarmenen bitartez gauzatuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluan ezarritakoa betez.

3.Era berean, autonomia-erkidegoek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren zuzendaritzan parte hartuko dute, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundearen Artezkaritza Kontseiluaren bitartez.

4.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren, Estatuaren Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko funtzionamendu kohesionatua bermatzeko helburuarekin, horiek izaera orokorreko helburuak lortzeko beharrezko jarduketa-planak eta -programak ezarriko dituzte.

Xede berarekin, administrazio eskudunek informazio-sistema bat izango dute ikuskapenfuntzioaren eraginkortasuna eta datuen eta horien trataeraren koherentzia eta homogeneotasuna bermatzeko helburuarekin, 24. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

26. artikulua. Ikuskapen-zerbitzuen eta -postuen definizioa.

Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzailearen eta Laneko ikuskariordeen

lanpostuak irizpide bakarrekin definituko dira Espainiako lurralde osoan, horien Laneko eta Gizarte Segurantzako Eskala eta Laneko Segurtasun eta Osasun Eskala bikoitza kontuan hartuta. Ikuskatzailetzaren gainerako zerbitzu eta lanpostu guztiek mugapen bakoitzaren ezaugarriak bete beharko dituzte horiek garatzean, Administrazio bakoitzaren berezko eskumenak betez eta, ahal izanez gero, horien ezarpenerako irizpide homogeneoak kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundea

27. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundearen sorrera.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundea sortu da, nortasun juridiko propioa duen eta Estatuarenarengandik bereizita dagoen erakunde autonomo gisa. Hark bere helburuak betetzeko helburuarekin jardungo du, lege honetan ezarritako funtzioak betetzeko xedearekin.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundea lurraldeko egitura zentral batean oinarrituz artikulatuko da.

2.Estatuko Erakundearen araubide juridikoa honako hauetan ezarrita egongo da: lege honetan eta Estatuko Administrazio Orokorraren Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluko II. kapituluan.

Estatuko Erakundearen kontabilitate, aurrekontu eta kontrolerako araubidea, eta kontuak emateari buruzko araubidea azaroaren 26ko 47/2003 Legean aurreikusitakoa izango da, Estatuko Administrazioaren sektore publikoa osatzen duten erakundeen kasuan.

3.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundea Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioari atxikita egongo da, eta hari egokituko zaio beren zuzendaritza estrategikoa egitea, eta jardueratik eratorritako emaitzak ebaluatu eta kontrolatzea.

4.Gobernuak errege-dekretu bidez onartu behar ditu Estatuko Erakundearen Estatutuak. Aurretiaz kontsulta egin beharko die autonomia-erkidegoei, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioko titularraren ekimen bidez eta Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioko titularraren proposamenean oinarrituz.

28. artikulua. Estatuko Erakundearen egitura.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundeak Espainiako lurralde osoan gauzatuko du bere jarduera. Haren lurraldeko egitura zentrala eta lurralde-egitura 27.4 artikuluan aipatzen diren estatutuetan zehaztuko dira, kontuan hartuta zer dioten hurrengo zenbakiek eta 32. artikuluak.

2.Egitura zentralak Artezkaritza Kontseilua eta zuzendaria izango ditu zuzendaritzaorgano gisa; era berean, Aholku Kontseilu Orokor bat izango du partaidetza instituzionalerako erakunde gisa, Erakundeari dagozkion gaietan.

Egitura horrek bere erantzukizunen zuzendaritzari eta kudeaketari dagokion antolamendua eta Erakundeari esleitutako funtzio guztien plangintza eta koordinazioa hartuko ditu barne, eremu zentralean eta periferikoan.

29. artikulua. Artezkaritza Kontseilua.

1.Artezkaritza Kontseiluak osaera paritarioa izango du, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Presidentea, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioko titularra, eta presidenteordea, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioko Idazkariordetzako titularra.

b) Estatuaren Administrazio Orokorrak izendatutako kideak.

c) Autonomia-erkidego bakoitzak izendatutako kideak.

Kide-kopurua, horiek izendatzeko modua etaArtezkaritza Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko araubidea Estatuko Erakundearen Estatutuen bitartez garatuko da.

2. Artezkaritza Kontseiluak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa-plan eta -programa orokorrak eta horiek betetzeko beharrezko neurriak ezagutu eta onartzea.

b) Beste Administrazio batzuekin lankidetzan jarduteko neurriak ezarri eta sustatzea, Estatuko Erakundeari esleitutako funtzioak hobeto betetzeko helburuarekin.

c) Estatuko Erakundearen diru-sarrera eta gastuen aurrekontu-proposamena onartzea eta haren exekuzioaren berri izatea, baita urteko kontuak onartzea ere.

d) Ikuskapen Sistemari dagozkion araudi-proposamenak ezagutu eta jakinaraztea, baita ikuskapen-funtzioa garatzeko irizpide tekniko eta prozedura operatiboak ere.

e) Estatuak Europan duen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza arloko kokapenarekin lotutako proposamenak egitea, Europar Batasunak sustatutako ekintzak eta programak gauzatzea, eta administrazio-lankidetza transnazionala betetzea.

f) Ikuskapen Kidego Nazionaletako funtzionarioen lanpostuak bereganatu, aukeratu, prestatu eta betetzeko prozesuarekin lotutako proposamenak egitea, eta Sistemako giza baliabideak eta bitarteko materialak planifikatzea.

g) Estatuko Erakundearen baliabide material, tekniko edo ekonomikoen ekarpenari eta Sistemako langileen hobekuntza profesionalari buruzko akordioak hartu daitezela proposatzea, baita haren lurralde-egiturari eta egitura funtzionalari buruzko irizpide komunak ere, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioak dituen eskumenei eta kasuan kasuko aurrekontu-legeetan zehaztutakoari kalterik egin gabe.

h) Estatuko Erakundearen zerbitzuen eraginkortasuna eta kalitatea ebaluatzeko irizpideak onartzea.

i) 31.3.g) artikuluan aipatzen diren txostenak, estatistikak eta memoriak ezagutzea.

j) Estatuko Erakundearen zuzendaritzako titularrak proposatuta, Erakunde horretako lurralde-egiturari dagozkion ikuskatzaileen lanpostuak banatzeko irizpideak onartzea.

30. artikulua. Kontseilu Nagusia.

1.Kontseilu Nagusia partaidetza instituzionalerako organoa izango da Estatuko Erakundeari buruzko gaietan. Kide hauek izango ditu: Estatuko Administrazio Orokorraren

lau ordezkari, autonomia-erkidegoen lau ordezkari, enpresa-erakunde esanguratsuenen zortzi ordezkari eta sindikatu esanguratsuenen zortzi ordezkari.

2.Kontseilu Nagusiak informazioa eman, entzun eta kontsulta egiteko funtzioak izango ditu, Artezkaritza Kontseiluak 29.2 artikuluari jarraikiz ezagutzen dituen gaietan.

31. artikulua. Zuzendaria.

1.Artezkaritza Kontseiluaren eskuduntzei kalterik egin gabe, Erakundeko Zuzendaritzaren titularrak Estatuko Erakundearen ordezkaritza-funtzioak gauzatzen ditu, baita haren zuzendaritzaeta gobernu-funtzioak ere.

2.Zuzendaritzako titularrak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Agintaritza Zentralaren berezko funtzioak beteko ditu, Lanaren Nazioarteko Erakundearen

81.Hitzarmenaren 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.Zuzendaritzaren titularrari honako eginkizun hauek betetzea dagokio:

a) Estatuko Erakundearen zuzendaritza eta funtzionamendua koordinatzea.

b) Nazioarteko nahiz Europar Batasuneko foroetan eta erakundeetan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Espainiako Sistemaren ordezkaritza gauzatzea, autonomia-erkidegoen zehaztutako partaidetzari kalterik egin gabe.

c) Ikuskaritzaren Zuzendaritza Bereziak egiaztatu eta ikertu behar dituen enpresak Iruzurraren aurka Borrokatzeko Bulego Nazionalera gehitu daitezela ahalbidetzea, ezartzen diren plan eta programa orokorrekin bat etorriz.

d) Lan arloan, Estatuko Goi Ikuskaritzaren funtzioei dagokien zuzendaritza gauzatzea, autonomia-estatutuetan zehaztutakoari kalterik egin gabe eta bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako moduan.

e) Autonomia-erkidegoekin edo Estatuko beste erakunde batzuekin Estatuko Erakundearen eskumen arloetako hitzarmenak egin daitezela sustatzea eta horiek sinatzea, hori agintaritza nagusiago bati ez dagokionean.

f) Artezkaritza Kontseiluaren Idazkaritza gauzatzea eta autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunekin harreman instituzionala garatzea, hala, Sistemaren koherentzia orokorra bermatu eta bere jarduketan helburu nagusiak aplikatu daitezela sustatzeko.

g) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren jarduketari buruzko txostenak, estatistikak eta memoriak egin eta argitaratzea, horiek Estatuko lurraldearen eremu orokorrari dagozkionean edo haren hartzaileak Estatuko erakundeak edo nazioz gaindiko edo nazioarteko organoak direnean; horrez gain, horiek aurkeztu beharko zaizkiek esparruko erakundeei.

h) Langileen buruzagitza gauzatzea eta Estatuko Erakundearen giza baliabideak eta bitarteko materialak antolatu eta kudeatzea, hautaketari, prestakuntzari eta mugikortasunari, komunikazioeta informazio-sistemei, eta administrazio-zerbitzuen funtzionamenduari dagokienez batik bat.

i) Ikuskapen-funtzioa garatzeko irizpide teknikoak eta operatiboak zehaztea, autonomia-erkidegoen partaidetzari kalterik egin gabe.

j) Araudi aplikagarriak finkatutako espedienteak eta baliabideak eta Ikuskatzailetzak abiarazi dituen baina administrazio publikoetako beste agintaritza batzuei ez dagozkien espedienteak eta baliabideak ezagutzea.

k) Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren aurrean planteatutako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketei buruzko alderdiak ezagutzea, autonomia-erkidegoetako agintaritzek dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

l) Erakundearen diru-sarrera eta gastuen aurrekontu-proposamena eta aurrekontuaren exekuzioari dagokion jarraipena egitea, baita urteko kontuak formulatu eta, kontu horiek onartu ostean, Kontu Auzitegiari bidaltzea ere.

m) Estatuaren Administrazio Orokorraren eskumena diren arloetako zerbitzuen antolakuntza eta guardiei buruzko jarraibideak hartzea, autonomia-erkidegoekin batera.

n) Erakundeko Estatutuek edo beste arau batzuek esleitutako beste batzuk.

32. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundearen lurralde-egitura.

1.28.1 artikuluan aipatzen denarekin bat etorriz, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundeak Espainiako lurralde osoan gauzatuko du bere jarduera. Haren lurralde-egitura erregelamendu bidez garatuko da, hurrengo zenbakietan zehaztutakoa kontuan hartuta.

2.Autonomia-erkidego bakoitzean Lurralde Zuzendaritza bat egongo da. Haren titularra autonomia-erkidegoaren partaidetzarekin izendatuko da, lankidetza-hitzarmenean aurreikusitako moduan, eta erregelamendu bidez ezarritako funtzioez gain, hari egokituko zaio hango erakundeekin etengabe harremanetan mantentzea, aipatutako hitzarmenean aipatutakoari jarraikiz.

Lurralde Zuzendaritzako titularra Estatuaren Administrazio Orokorraren edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoko Administrazioaren menpekoa izango da funtzionalki, hark esku hartzen duen ikuskapen-jarduketen xede den eskumen materiala kontuan hartuta.

Edonola ere, ikuskapen-funtzio publikoa eta Laneko Ikuskatzailetzaren zerbitzuak jaso dituzten autonomia-erkidegoetan aldebiko lankidetza-mekanismoetan adostutakoa mantendu beharko da; horrela, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren zerbitzu publikoa modu eraginkorrean eta koordinatuan eskaintzen dela bermatu beharko da.

3.Lan programatuaren eta talde-lanaren printzipioa aplikatuz, lurralde-egiturak unitate espezializatu zehatzak barne hartu beharko ditu ikuskapen-jarduketaren eremu funtzionaletan.

4.Estatuko Erakundearen lurralde-egiturako ikuskapen-postuek eta definizioak eraginkortasun-printzipioei eta lan programatuari eta talde-lanari erantzungo diete, baita ikuskapen-funtzioen jarduerari lotutako eginkizunak banatu beharrari eta egokitasunari ere.

III. KAPITULUA

Lankidetza autonomikoa

33. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren agintaritza autonomikoa.

Autonomia-erkidego bakoitzean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Agintaritza Autonomiko gisa hartuko da hark autonomia-erkidegoaren eskumeneko gaien esparruan funtzio horiek berariaz betetzeko izendatzen den kargu publikoa, dagokion lankidetza-hitzarmenean xedatutakoari jarraikiz. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Agintaritza Autonomikoari dagokio, lankidetza-hitzarmenean adierazitakoari jarraikiz, bere eskumenen esparruko honako funtzio hauek gauzatzea:

a) Autonomia-erkidegoak haren lurraldean dituen eskumenei dagokienez ikuskapenjarduera sustatu eta haren jarraipena egitea.

b) Estatuko Erakundearen eta autonomia-erkidegoaren artean akordioak eta hitzarmenak sustatzea.

c) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren lurralde-eremuko jardueramemoriak aurkeztea, norbere araudiari jarraikiz.

d) Autonomia-erkidegoak gobernatu edo administratutako zentroei eragiten dizkieten ikuskapen-jarduketen emaitzak ikuskatzea.

e) Ikuskapen-funtzioak dituzten langileak prestatzeko plan eta programa zehatzak egiteko proposamena; horiek autonomia-erkidego bakoitzeko lurraldearen ekonomiaeta lan-jardueraren ezaugarrietara egokituta egongo dira.

f) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren irizpide teknikoak eta operatiboak proposatzea, autonomia-erkidegoaren lanedo ekonomia-jarduerak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, edo berezitasun geografikoak daudenean, batez ere, uhartetasun-arrazoiak direla eta.

g) Estatuko Erakundearen Zuzendaritzaren titularrari Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako funtzionarioei buruzko diziplina-neurriak proposatzea, horiek Estatuko Erakundeari atxikita daudenean autonomia-erkidegoaren lurraldean.

h) Estatuaren Administrazio Orokorrarekin batera, zerbitzuen guardiei eta antolamenduari buruzko jarraibideak hartzea.

i) Lankidetza-hitzarmenetan eta indarreko araudian xedatzen diren gainerako guztiak.

34. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Batzorde Operatibo Autonomikoa.

1.Autonomia-erkidego bakoitzean Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Batzorde Operatibo Autonomiko bat egongo da; hura Estatuko Erakundearen Lurralde Zuzendaritzaren titularrak koordinatuko du, eta aurreko artikuluan aipatzen den Agintaritza Autonomikoa izango da haren presidentea, hura bileretara joaten denean. Haren osaera lankidetza-hitzarmenaren arabera zehaztuko da, eta legedia betetzeaz arduratzen diren erakunde eta zerbitzu publikoek autonomia-erkidegoaren lurralde-eremuan izendatutako arduradunek osatuko dute; haren zaintza Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari dagokio, 12.1 artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

2.Dagokion lankidetza-hitzarmenean xedatutakoari kalterik egin gabe, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Batzorde Operatibo Autonomikoa honako alderdi hauetaz arduratuko da, gutxienez:

a) Autonomia-erkidegoaren esparruan gehien gertatzen diren lan arloko arauhausteak aztertuko ditu, baita Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak esparru horretan garatutako jarduera bera ere.

b) Autonomia-erkidegoan ikuskapen-funtzioa behar bezala betetzeko beharrezkoak diren informazio-mekanismoak eta laguntza teknikoa ezarriko ditu.

c) Administrazio bakoitzaren jarduketa-planak eta -programak txertatuko ditu, ezarritako lehentasunak kontuan hartuta, eta helburuen lurralde-programa onartuko du.

d) Sistemaren lurralde-programak eta programa orokorrak aplikatu izanaren inguruko informazioa, kontrola eta jarraipena egingo du, eta dagozkion txostenak helaraziko dizkio Estatuko Erakundearen Artezkaritza Kontseiluari.

e) Autonomia-erkidegoan dauden Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako langileen kopurua, banaketa, espezializazioa eta gainerako ezaugarriak aztertuko ditu, eta dagozkion ondorioak edo proposamenak helaraziko dizkio Estatuko Erakundearen Artezkaritza Kontseiluari.

f) Ikuskatzailetzako langileen artean banaketa hobea egiteko prozedurak ezarriko ditu, 2. artikuluan aipatzen den ikuskapen-jarduketaren eta funtzio-unitatearen eta espezializazio funtzionalaren printzipioaren arteko oreka lortzeko helburuarekin.

35. artikulua. Partaidetza instituzionala.

Enpresaeta sindikatu-erakunde esanguratsuenek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren inguruko gaietan parte hartuko dute, horiek autonomia-erkidegoen lurralde-eremura mugatuta daudenean; partaidetza hori kontsultarako ordezkaritzaorganoetan gauzatuko da, horiek aurreikusten duten moduan.

Lehenengo xedapen gehigarria. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundearen funtzionamendu eraginkorra.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundea bere Estatutuetan zehaztutako egunean jarriko da funtzionamenduan, horiek onartu eta argitaratu ostean.

Gobernuak hiru hilabeteko epean onartu eta argitaratu beharko ditu estatutu horiek, lege hau indarrean jartzen den egunetik hasita.

Horiek abian jartzen diren unetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Zuzendaritza Orokorraren eskumenetatik eratorritako eskubide eta betebehar guztiak eta,

bereziki, Estatuko Erakundeari esleitutako eskumenen esparruan perfekzionatutako kontratuak, hitzarmenak, aginduak eta enkarguak subrogatuko ditu.

2.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundeak baliabide publikoen aprobetxamendu hobea ahalbidetuko duten zerbitzuen antolamendua eta kudeaketa partekatuko du, sektore publikoko araubide juridikoko araudiari jarraikiz eta bertan ezarritako moduan.

Bigarren xedapen gehigarria. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundearen egitura.

1.Estatuko Erakundearen Estatutuek iruzurraren aurka borrokatzeko bulego nazional bat ezarri ahal izango dute Erakundearen barnean, eta hark aitortu gabeko lanaren, enplegu irregularraren, Gizarte Segurantzari egindako iruzurraren nahiz zehaztutako beste batzuen aurka borrokatzeko neurriak aplikatu daitezela sustatu eta koordinatuko du.

Estatutu horiek Bulegoaren funtzioak, antolamendua eta funtzionamendua arautuko dituzte, eta 16. artikuluan aipatzen diren laguntza eta lankidetza izango ditu, iruzurraren aurka borrokatzeko ikuskapen-jarduketan ahalik eta koordinaziorik eta eraginkortasunik handiena lortzeko helburuarekin, eta eragindako eremu materialak kontuan hartuta. Era berean, bulegoak beste departamentu eta administrazio batzuek izendatutako lotuneagenteak izango ditu artikulu horretako 8. zenbakian adierazitako lankidetza-hitzarmenen esparruko jarduketak koordinatzeko.

Bere funtzioen barnean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak Estatuaren Administrazio Orokorrak dituen eskumenen esparruan abiarazitako zehapen-prozedurak bideratu eta, hala badagokio, ebatzi ahal izango ditu, erregelamenduetan xedatutakoari jarraikiz.

2.Era berean, Erakundeko Estatutuetan Ikuskapen Zuzendaritza Berezi bat gaineratu ahal izango da. Hark Espainiako lurralde osoan jarduteko gaitasuna izango du, 12.1 artikuluan aipatutako esparruetan, eta koordinazio-funtzioak bereganatuko ditu autonomiaerkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten enpresen, sektoreen edo egoeren ikuskapen-jarduketei dagokienez, baita Estatuko sektore publikoa osatzen duten erakunde eta entitateei dagokienez ere.

Estatuaren Administrazio Orokorraren eskumenen esparruan, Zuzendaritza Bereziak jarduketa horien eta erregelamendu bidez esleitutako gainerako guztien zuzendaritza eta garapena gauzatuko du, hala badagokio.

Hirugarren xedapen gehigarria. Eskumen-araubidea.

Lege honetan xedatutakoak ez du autonomia-erkidegoetako autonomia-estatutuetan zehaztutako eskumenen araubidea aldatuko, eta beraz, haren xedapenak uneoro hartu behar dira kontuan, horietan xedatutakoaren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria. Zerbitzuak eta langileak txertatzea.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari atxikitako Estatuaren Administrazio Orokorreko langile funtzionarioak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundean txertatuko dira.

2.Era berean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemari atxikitako Estatuaren Administrazio Orokorreko langileak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundean txertatuko dira, atxikita dauden talde edo espezialitate berdinetan, eta txertatu diren unean dituzten eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte.

3.Estatuaren Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemako aldi baterako langileak eta barneko langile funtzionarioak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundeari atxikiko zaizkio, eta atxiki diren unean aitortuta zeuzkaten eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte, zerbitzuarekin harremana duten denbora-tarte osoan zehar.

4.Aurreko zenbakietan aipatzen den atxikipenak ez du aldaketarik eragingo langileen egoera juridiko eta administratiboan edo Administrazioarekin duten harremanaren zernolakoan, eta beren araudian zehaztutako funtzioak betetzen jarraituko dute.

Bosgarren xedapen gehigarria. Laneko Ikuskariordeen Kidegoa.

1.Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ikuskariordeen Kidegoak Laneko Ikuskariordeen Kidegoa izena hartuko du.

2.Lege hau indarrean jartzean Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ikuskariordeen Kidegoko kide ziren funtzionarioak Laneko Ikuskariordeen Kidegoan txertatuko dira, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Eskalaren barnean; horiek lege honetan aitortutako eginkizunak eta esleipenak izango dituzte, baita beren jatorrizko Kidegoan bereganatutako eskubide guztiak ere.

3.Laneko Ikuskariordeen Kidegoko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Eskalan sartzeko, gizarte-zientzien eta juridikoen ezagutza-adarrari atxikitako graduatuen unibertsitate-titulu ofiziala izan beharko dute. Eskala horretara sartzeko baliagarriak izango dira, halaber, aurreko unibertsitate-antolamenduko tituluak, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean aurreikusitako moduan, titulu horiek adar edo ezagutza-eremu horiei dagozkienean.

Laneko Ikuskariordeen Kidegoko Laneko Segurtasun eta Osasun Eskalan sartzeko, horiek zientzien, osasun-zientzien, edo ingeniaritza eta arkitekturaren ezagutza-adarrari atxikitako graduatuen unibertsitate-titulu ofiziala izan beharko dute. Eskala horretara sartzeko baliagarriak izango dira, halaber, aurreko unibertsitate-antolamenduko tituluak, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean aurreikusitako moduan, titulu horiek adar edo ezagutza-eremu horiei dagozkienean.

4.Laneko Segurtasun eta Osasun Eskalako Laneko ikuskariordeen lurraldearen araberako banaketa eta zuzkidura Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundearen Artezkaritza Kontseiluak onartutako irizpideen arabera gauzatuko da, 29.2.g) artikuluan esleitutako eskumenak kontuan hartuta.

5.Aurreko zenbakian xedatutakoari kalterik egin gabe, eta enplegu publikoaren kasuan kasuko eskaintzei eta lankidetza-hitzarmenetan jasotakoari jarraikiz, lege hau indarrean jartzean Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian aipatzen diren egiaztapen-funtzioak zituzten autonomia-erkidegoetako funtzionario publikoak Laneko Segurtasun eta Osasun Eskalako Laneko Ikuskariordeen Kidegoan txertatu ahal izango dira; horretarako, horiek dagokion titulua izan beharko dute eta kasuan kasuko hautaketa-probak gainditu beharko dituzte, erregelamendu bidez ezarritako moduan eta baldintzetan.

Seigarren xedapen gehigarria. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemaren Kidego Nazionalei atxikitzea.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemako Kidego Nazionalak Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioari atxikita egongo dira, hura osatzen duten Estatuko edo autonomia-erkidegoko funtzionarioen menpekotasunari kalterik egin gabe eta 4.3 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Araudi-erreferentziak.

Antolamendu juridikoan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzen duen azaroaren 14ko 42/1997 Legeari buruz egiten diren aipamenak lege honi buruz egin direla ulertuko da. Era berean, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskariordeei egindako erreferentziak Laneko ikuskariordeei egiten zaizkiela ulertuko da.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Ikuskapen-funtzio publikoaren esparruan eskualdatutako funtzioak eta zerbitzuak dituzten autonomia-erkidegoak.

1.Ikuskapen-funtzio publikoaren esparruan eskualdatutako funtzioak eta zerbitzuak dituzten autonomia-erkidegoek Laneko eta Gizarte Segurantzako Estatuko Erakundean parte hartuko dute lege honetan ezarritako moduan; horiek errespetu osoz bete beharko dituzte beren eskumenak, eta beraz, ez zaie 33. eta 34. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko. Era berean, beren langileekiko antolamendueta zuzendaritza-eskumenak mantenduko dituzte, indarrean den araudian zehaztutakoan oinarrituz.

2.Autonomia-erkidego horiei eskualdatutako eta Estatuaren Administrazio Orokorraren ikuskapen-zerbitzuen arteko jarduketen koordinazioan egindako aldebiko akordioetan berariaz hartuko da kontuan ikuskapen-zerbitzuek administrazio publiko desberdinetara duten atxikipen organikoaren berezitasuna, Sistemaren kontzepzio bakarrari eta integralari, Sistemako funtzionarioen ikuskapen-jarduketaren eta -funtzioaren unitate-printzipioari, eta ikuskapen-funtzioaren exekuziorako eraginkortasun-printzipioari jarraikiz.

Era berean, eta xede berarekin, autonomia-erkidego horiek eta Estatuaren Administrazio Orokorrak lankidetza-organo eleaniztun bat osatuko dute, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 5.7 artikuluari jarraikiz, interesgarriak iruditzen zaizkien eremu material zehatzetan, eta bereziki, autonomia-erkidegoaz haraindikoak diren edo lurralde nazional osoan erantzun uniforme bat behar duten jarduketen koordinazio-irizpideei dagokienez, eta hala badagokio, honako hauek barne hartuz: bigarren xedapen gehigarriko 2. zenbakian aipatutakoa; ikuskapen-programa eta -planen ezarpena; Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa-prozedura eta -irizpide komunak, eta Sistemak autonomiaerkidego horietan dituen giza baliabideen eta baliabide materialen plangintza, eta bereziki, Sistemaren Kidego Nazionalen lanpostuak eta mugikortasun geografikoa sartu, hautatu eta hornitzeko prozesuak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren zuzendaritza-organoetako titularrek osatuko dute hura, eta eratze-akordioan ezarritako antolamendua eta funtzioak izango ditu.

3.Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek eta Laneko ikuskariordeek, beren ahalmen eta eskumenen esparruan, ikerketa-jarduerak gauzatu eta lan arloko gai guztietan ikuskaritza-neurriak onartu ahal izango dituzte, nahiz eta beren mendekotasun organikoari dagokion Administrazioarena ez beste batena izan eskumen hori. Horren ordainetan, funtzionario horiek erabat bete beharko dituzte beren gain utzitako zerbitzuak, beren ahalmeneta eskumen-esparruan dagozkien neurriak onartuz, lankidetza-hitzarmenetan ezarritakoaren arabera.

4.Administrazio Publiko bakoitzak autonomia osoz ezarri edo aldatu ahal izango ditu bere eskumenaren xede diren ikuskapen-planak edo -programak.

Administrazio eskudunak lurraldeko planak edo programak onartu ostean, horiek Estatuaren Administrazio Orokorrari eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoko Administrazioari jakinaraziko zaizkio. Horiek Sistemaren plangintza eta programazio orokorrean txertatuko dira, dagokion autonomia-erkidegoaren lurraldean.

5.Aurreko zenbakian zehaztutakoari kalterik egin gabe, bi administrazioek modu bateratuan hitzartu ahal izango dituzte ikuskapen-plan eta -programa komunak, zehaztutako aldebiko lankidetza-mekanismoen esparruan; era berean, ikuskapenari, koordinazioari, lankidetzari, jarraipenari eta emaitzen ebaluazioari dagokion jarduketaren irizpideak ezarriko dira, horiek gauzatzeko beharrezkotzat jotzen direnean.

Ikuskapenerako plan eta programa komun horietan, Laneko eta Gizarte Segurantzaren Estatuko Erakundeko Artezkaritza Kontseiluan lortu ahal izan diren hitzarmenak txertatuko dira, irismen orokorreko plangintza eta programazio arloan.

6.Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten likidazio edo lan arloan egin ahal izan diren arau-hausteen zehapen-prozedurak bideratu eta ebaztea Administrazio eskudunari egokituko zaio, gai bakoitzaren arabera.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Estatuaren lan arloko Goi Ikuskaritza.

Kasuan kasuko Autonomia Estatutuetan aitortuta dauden lan arloko Estatuaren lan arloko Goi Ikuskaritzaren funtzioak, osasun-laguntzarena salbu, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek osaturiko Goi Ikuskatzailetza Unitateari aginduko zaio; hura Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren titularrari egokituko zaio.

Hamargarren xedapen gehigarria. Gastu publikoa.

Arau honetan gaineratutako neurriek, eta bereziki, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Zuzendaritza Orokorra Erakunde Autonomo gisa konfiguratzeari, autonomia-erkidegoekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeari, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Batzorde Operatiboen sorrera eta funtzionamenduari, eta langile ikuskatzaileen erregistroa ezarri eta aurrera eramateari dagozkien neurriek ez dute gastu publikoa handituko, eta horrenbestez, ez dute ordainsaririk edo bestelako pertsonalgasturik eragingo.

Lehenengo xedapen iragankorra. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren antolamendurako araubide iragankorra.

1.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Estatuko Erakundea osatu bitartean, eta lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren zerbitzu komunek lehendik zituzten eskumenak gauzatzen jarraituko dute Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Zuzendaritza Orokorrari dagokionez. Era berean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistemari atxikitako Estatuaren Administrazio Orokorreko langile guztiek, funtzionarioek nahiz lan arlokoek, zerbitzu-harremana mantenduko dute Estatuaren Administrazio Orokorrarekin, laugarren xedapen gehigarriko 1. zenbakian aipatzen den txertaketa gertatu arte.

2.Lanpostuen zerrendak onartu eta dagozkion kredituak transferitu bitartean, Estatuko Erakundearen zerbitzura lan egiten duten langileei jatorrizko kredituekin ordainduko zaie.

3.Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren partaidetza instituzionaleko organoek beren araudiaren arabera mantenduko dute beren funtzionamendua, Estatuko Erakundea sortu arte.

4.Estatuaren Aurrekontu Orokorretan txertatuta dagoen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Erakunde Autonomoaren aurrekontua onartu bitartean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketak finantzatzeko aurrekontukredituak orain arte horretarako eskumena zuten Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren organoek kudeatuko dituzte.

Bigarren xedapen iragankorra. Zehapen-eskumenak esleitzeko araubide iragankorra.

Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako lan arloko arauhauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 48.1 artikuluaren garapenean onartutako erregelamendu-xedapenak indarrean jarri bitartean, lege honetako azken xedapenetatik lehenengoan emandako idazketan, lege hau indarrean jarri aurretik zeuden zehapen-eskumenak esleitzeko araubidea aplikatzen jarraituko da.

Hirugarren xedapen iragankorra. Laneko Ikuskariordeen Kidegoko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Eskalara sartzeko titulazioa.

1.Laneko Ikuskariordeen Kidegoko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Eskalan sartu nahi dutenen itxaropenak errespetatzeko helburuarekin, eskala horretara sartzeko titulaziobaldintzei buruzko bosgarren xedapen gehigarriko hirugarren zenbakiko lehenengo lerrokadan xedatutakoa 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera bakarrik eskatu ahal izango da, bertan sartzeko deitutako oposaketetan.

2.Aurreko zenbakian adierazitako datara arte, eskala horretan sartzeko deialdian graduatuaren unibertsitate-titulua edo baliokidea bakarrik eskatuko da, eta titulu horrek ez du ezagutza-adar zehatz batekin lotuta egon beharrik izango.

3.Laneko Ikuskariordeen Kidegoko Segurtasun eta Osasun Eskalan sartzeko ez da aplikagarria izango aurreko zenbakietan xedatutakoa, eskala horren bitartez funtzionarioen multzo berri bat sortuko baita.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

1.Indargabetu egin dira Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzen duen azaroaren 14ko 42/1997 Legea, Hazkundea eta enplegua hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen azken xedapenetatik lehenengoa, eta lege honetan zehaztutakoaren aurkako gainerako xedapen guztiak.

2.Gaur egun indarrean dauden erregelamendu-mailako arauek aplikagarriak izaten jarraituko dute lege honetan zehaztutakoaren aurkakoa jasotzen ez duten heinean, azken xedapenetatik hirugarrenean aurreikusitako arauek horiek indargabetu edo aldatu bitartean.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Lan-arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina aldatzea (5/2000 Legegintzako Errege Dekretua, abuztuaren 4koa) .

Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako lan arloko arauhauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 48. artikulua honela idatzita geratu da:

«48. artikulua. Zehapen-eskumenen esleipena.

1.Estatuko Administrazio Orokorraren esparruko lan arloko arau-hausteen zehatzeko ahala organo eskudunari dagokio, erregelamendu bidez xedatutakoaren arabera.

2.Lan arloko arau-hausteekin lotutako zehatzeko ahala autonomia-erkidego bakoitzak zehaztutako organoen eta mugen arabera gauzatuko da baldin eta ahal hura lan arloko legediaren exekuzio-esparruan eskumena duten autonomiaerkidegoetako Administrazioari badagokio.

3.Lege honetan zehaztutako zehapen gehigarriak adosteko ahala horietatik eragindako izaera nagusiko zehapenak ezartzeko ahala duen organo berari egokituko zaio.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Lege honetako I. tituluko II. eta III. kapituluetan, III. tituluan eta xedapen gehigarrietan jasotzen diren eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eragiten dioten xedapenek oinarrizko arauen izaera izango dute, Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz; hark Estatuari esleitzen dizkio araubide juridikoaren oinarriak eta funtzionarioen estatutu-araubidea zehazteko eskumenak.

Lan arloko legediari, laneko arriskuak saihesteari, lanean hasteari eta enpleguari, Gizarte Segurantzari eta babes sozial publikoari buruzko lege honetako I. tituluko I. kapituluko eta II. tituluko xedapenek, eta haren araubide ekonomikoak, Justizia, Ogasun eta Segurtasun Publikoko Administrazioak Konstituzioaren xedapen hauetan zehaztutako izaera izango dute:

a) Nazionalitateari, immigrazioari, emigrazioari, atzerritartasunari eta asiloeskubideari buruzko 149.1.2 artikulua.

b) Lan arloko legegintzari buruzko 149.1.7 artikulua; autonomia-erkidegoetako organoek ere bete beharko dituzte horiek.

c) Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoari buruzko 149.1.17 artikulua; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek betearaz ditzakete haren zerbitzuak.

d) Epaitegi eta auzitegiekin eta Notariotza Kontseilu Nagusiarekin, Zerga Administrazioarekin eta Segurtasun Indar eta Kidegoekin lotuta, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin lankidetzan jarduteko eta hari laguntzeko 16. artikuluan arautzen diren betebeharrak Konstituzioak Estatuari esleitzen dizkion eskumen hauetan oinarritzen dira, hurrenez hurren: Justizia Administrazioari buruzko 149.1.5 artikuluan, Ogasun orokorrari eta Estatuaren Zorrari buruzko 149.1.14 artikuluan, eta Segurtasun Publikoari buruzko 149.1.29 artikuluan. Dena den, autonomia-erkidegoek poliziak sortu ahal izango dituzte, kasuan kasuko estatutuetan ezarritako moduan eta lege organiko batek xedatzen duen esparruan.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Erregelamendua garatzeko gaikuntza.

Eusko Jaurlaritzak baimena izango du lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak egiteko, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ostean.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko uztailaren 21ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra