Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

23/2012 Errege Dekretu-Legea, abuztuaren 24koa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen prestakuntzazko eguneratze-programa luzatzen duena

2012-08-24

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/8/25, 204. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11132

23/2012 Errege Dekretu-Legea, abuztuaren 24koa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen prestakuntzazko eguneratze-programa luzatzen duena.

Otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuak, enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzkoak, programa bat abiarazi zuen, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen prestakuntza bultzatzeko. Horretarako, enplegu‑politika aktiboetako ekintzak eta laguntza ekonomiko osagarria xedatu zituen.

Programa horrek sei hilabeteko iraunaldia zuen, eta birritan luzatu da: batetik, abuztuaren 26ko 10/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez (gazteen enplegua sustatzeko, enpleguaren egonkortasuna sustatzeko, eta langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko programa mantentzeko premiazko neurriei buruzkoa), eta, bestetik, abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez (defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu‑, zerga‑ eta finantza‑arloko premiazko neurriei buruzkoa).

Gobernuak, atzeraldi ekonomikoko egungo egoera aintzat hartuta, epe luzeko langabeziaren bilakaera ikusita, eta kide guztiak langabe dauzkaten familien kopuruari erreparatuta, egoki iritzi dio aipatutako programa luzatzeari. Ondorio horretara iritsi da, PREPARA planak sortu zenetik gaur arte izan duen ibilbidea aztertu eta balioetsita.

Nolanahi ere, planak ez duenez nahi bezainbesteko arrakasta izan onuradunak laneratzeko orduan, eta, zenbait kasutan, onuradunak ez direnez behar handiena zutenak izan, hobetu egin behar da planaren diseinua, eraginkortasun handiagoa izan dezan lan‑merkatuan sartzeko mekanismo gisa, eta behar handiena duten herritarrak babes ditzan.

Ekitate‑printzipioarekin bat etorriz, eta justizia soziala lortzearren, birdefinitu egin dugu programa, babesa langabeengana zuzen dezan; zehazki, bestelako prestazio edo subsidioa jasotzeko eskubiderik izan ez, eta familia‑zamak dituztenengana, edo luzaroko langabe diren horiengana.

Langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko programa babeserako mekanismo osagarri bat da. Espainiako lan‑merkatuaren egoera kontuan hartuta, beharrezkoa da, eta lan‑merkatuan sartzeko banakako tratamendu pertsonalizatua eskaintzen du. Programak bi helburu bete behar ditu: benetako premia‑egoerak arindu, eta programaren onuradunak lan‑merkatuan sartu.

Programari hainbat aldaketa egin zaizkio, eraginkorragoa izan dadin.

Lehenik eta behin, laguntzaren zenbatekoa IPREM adierazlearen % 85era arte handitu dugu, beren kargura hiru pertsona edo gehiago dituzten onuradunentzat.

Gainerako kasuetan, bere horretan jarraituko du laguntzaren zenbatekoak; % 75ean, alegia. Errenten eskakizunak familia‑unitateenari lotuta egongo dira aurrerantzean ere, eta haien osaera birdefinitu egin da, helburu bereko beste programa batzuekin bat etortzeko. Neurri horien bidez, programak premia handieneko egoerak artatuko ditu, eta familia‑zama handieneko kasuei ere emango die laguntza.

Bigarrenik, aurreko programetako onuradunen laneratze‑tasa nahi baino txikiagoa izan denez, hainbat mekanismo ezarri ditugu politika aktiboen eta pasiboen arteko lotura sendotzeko, izenez «enplegurako programa» dena izatez ere horixe izan dadin.

Horretarako, areagotu egin dugu jarduteko konpromisoaren betetze‑mailaren segimendua, eskatzaileek beren kontura edo enplegu‑zerbitzuekin lankidetzan enplegu bila jardun izana egiaztatu beharko baitute, onuradun‑izaera lortu ahal izateko. Onuradunak programak irauten duen bitarte osoan bete beharko du enplegua modu aktiboan bilatzeko konpromisoa, eta enplegu‑zerbitzuek edozein unetan eskatu ahalko diote onuradunari konpromiso hori egiazta dezala.

Enplegu eta Lan Kontuetarako Sektoreko Batzarrean, programa gauzatzean lortutako eraginkortasun‑maila autonomia‑erkidegoen politika aktiboetara xedatutako funts‑banaketaren aldagai izan dadila proposatuko dugu.

Programaren ebaluazioa aztertzean egiaztatu ahal izan dugunaren arabera, enplegu‑politika aktiboen eta pasiboen arteko lotura sendotu egin behar da; besteak beste, Estatuko eta autonomia‑erkidegoetako enplegu‑zerbitzu publikoen arteko koordinazioa areagotuta. Horretan guztian zeregin garrantzitsua du Sektoreko Batzarrak, funtsezko tresna baita, Enplegu Politikarako Urteko Plana aintzat hartuta, jardunbide onenak partekatzeko, bateko eta besteko enplegu‑zerbitzuen estrategien indarguneak eta ahulguneak hautemateko, egin beharreko jarduerak koordinatzeko, eta egungo konpetentzia‑esparruan eraginkortasuna handitzearren egoki eta beharrezko diren jardute‑irizpide homogeneoak zehazteko.

Hirugarrenik, ekitate‑printzipioa bete eta bermatuko dugu, laguntza ekonomikoaren eta antzeko beste laguntza batzuen arteko bateraezintasun‑araubidea berrikusita.

Bateraezintasun hori frogatzeko, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak behar beste informazio eskuratzeko aukera izango du, horretarako bidea ematen baitute Kontu Auzitegiak 2010eko martxoaren 2an onartutako Ebazpeneko oharrek –Laneratzeko Errenta Aktiboaren Programa Kudeatzeko Prozeduraren fiskalizazio‑txostenaren harira onartu zuen ebazpen hori Kontu Auzitegiarekiko Harremanetarako Bitariko Batzordeak–.

Azkenik, PREPARA plana aplikatzean lortutako emaitzak sakontasun handiagoz gainbegiratu eta aztertuko ditugu, haren eraginkortasuna areagotzeko, baliabideen esleipen egokia bermatzeko, eta enplegu‑politiken gaineko etengabeko ebaluazioaren kultura hedatzeko.

Programak hasieran zuen diseinuari aldaketak eginez, enplegurako aukera gehiago eskaini nahi dizkiegu onuradunei, eta enplegu‑zerbitzuen ahaleginak baldintza kaskarrenetan dauden langabeengana zuzendu nahi ditugu. Erreforma horien bidez, programa, enplegu‑helburuak betetzeko orduan, eraginkorragoa izatea dugu xede.

Horregatik, lotura estuagoa izango du enplegu‑politika aktiboekin. Enplegua bilatzeko tresna eraginkorra izan behar du programak, eta, horretarako, enplegu‑zerbitzu publikoek eskura dituzten bitarteko publiko zein pribatu guztiak baliatu behar dira.

Neurriak berehala aplikatu behar direnez, lan‑merkatuaren egungo egoera dela medio, eta azken programaren indarraldia 2012ko abuztuaren 15ean amaitu zenez, bete egiten dira Espainiako Konstituzioak errege lege‑dekretuaren prozedura baliatu ahal izateko eskatzen dituen aparteko eta premiazko beharrizanaren baldintzak.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroaren proposamenari jarraiki, eta Ministroen Kontseiluak 2012ko abuztuaren 24ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATU DUT: Artikulu bakarra.  Langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko programa luzatzea.

1.  Luzatu egingo da, errege lege‑dekretu honetan ezarritako baldintzen arabera, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko programa. Programa hori enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan dago aurreikusita. Aurrerantzean ere, enplegu‑politika aktiboen neurriak eta laguntza ekonomikoak barne hartuko ditu, eta Estatu osoan aplikatuko da.

2.  Programaren onuradun izan daitezke lan‑harremana amaitu zaien pertsona langabeak, enplegu‑bulegoetan lan‑eskatzaile gisa izena emanda daudenak, baldin eta 2012ko abuztuaren 16tik 2013ko otsailaren 15era, biak barne, kontribuzio‑mailako langabeziagatiko prestazioa agortu bazaie eta ez badute ekainaren 20ko 1/1994

Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean ezarritako inolako langabeziagatiko subsidiorik jasotzeko eskubiderik, edota subsidio horietakoren bat agortu badute, luzapenak barne. Gainera, eskabidea egitean, pertsona horiek honako baldintza hauetako bat bete beharko dute:

a)  Azken hemezortzi hilabeteetatik gutxienez hamabitan lan‑eskatzaile gisa inskribatuta egotea.

b)  Familia‑erantzukizunak izatea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 215.2 artikuluan zehaztutakoaren araberakoak.

3.  Eskatzailearen hileko errentak, edozein dela ere horien iturria, ez dira izango lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 baino handiagoak, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita.

Helburu horietarako, eskatzaileak, lehen ezarritakoaren arabera, errentarik ez badu, baina gurasoekin eta/edo ezkontidearekin bizi bada, eta/edo 26 urte baino gehiagoko seme‑alabekin, edo % 33ko edo gehiagoko ezintasuna duen adinez nagusiarekin, edo abegian hartutako adingabearekin, errenta‑gabeziaren betekizuna betetzat emateko, beharrezkoa izango da familia‑unitate horretako kide guztien, eskatzailea barne, errenten batura zati kide kopurua egitean, emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75

baino handiagoa ez izatea, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita.

Errenta edo diru‑sarrera konputagarri izango dira Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 215.3.2 artikuluan ezarritakoak. Halaber, errenta konputagarri izango dira gizarte‑laguntzako soldatak, laneratzeko gutxieneko errentak edo autonomia‑erkidegoek eta tokiko erakundeek emandako gizarte‑laguntzako antzeko laguntzak.

4.  Langabeziagatiko eta laneratzeagatiko aldi baterako babes‑programaren aparteko prestazioa jaso duten pertsonek, edo langabeziagatiko babesa, luzapenak barne, agortzen zaien pertsonen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko programaren onuradun izan daitezkeenek –otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan ezarri bezala–, edo laneratzeko errenta aktiboa agortu dutenek edo horretarako eskubidea izan dezaketenek ezin izango diote programa honi heldu, ezta nekazaritzako errenta edo langabeziagatiko subsidioa agortu dutenek ere –biak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren barne dauden Besteren Konturako Langileentzako Nekazaritzako Araubide Bereziaren behin‑behineko langileen alde–.

5.  Programaren onuradunek honako eskubide hauek izango dituzte:

a)  Banakako laneratze‑ibilbide pertsonalizatua egitea, barne hartuta enplegagarritasunaren diagnostikoa eta berau hobetzera bideratutako enplegu‑politika aktiboko neurriak.

b)  Lanpostu berrietara sartu ahal izateko beharrezkoak diren laneratzea eta/edo lanbide‑prestakuntza eguneratzera bideratutako enplegu‑politika aktiboko neurrietan parte hartzea; batez ere, enplegu egonkorra lortzeko gaitasun profesional beharrezkoenak eskuratzera zuzendutakoetan.

c)  Hileko eragin askotarako errenta‑adierazle publikoaren (IPREM) % 75eko laguntza ekonomiko osagarria jasotzea, gehienez sei hilabetez.

Eskatzaileak, eskabidea egitean, familia‑unitateko gutxienez hiru kide baditu bere kargura, laguntza IPREMen % 85ekoa izango da. Helburu horietarako, kargurako senide izango da ezkontidea eta/edo 26 urte baino gutxiagoko seme‑alaba, edo % 33ko edo gehiagoko ezintasuna duen adinez nagusia, edo abegian hartutako adingabea, baldin eta horietako bakoitzaren hileko errentak ez badira lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75

baino handiagoak, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita.

6.  Eskatzaileak, edo bere familiako kide batek, gizarte‑laguntzako soldatak, laneratzeko gutxieneko errentak edo autonomia‑erkidegoek nahiz tokiko erakundeek emandako antzeko gizarte‑laguntzako subsidioak jasotzeko eskubidea badu, aurreko zenbakian aurreikusitako laguntza ekonomikoa ezingo da izan lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 baino handiagoa. Muga hori gaindituz gero, aurreko zenbakian araututako laguntzari, aipatutako kopuruaz gaindiko zenbatekoa kenduko zaio. Helburu horietarako, eta eskatzailea bizi den autonomia‑erkidegoak edo dagokion tokiko erakundeak aipatutako laguntza horiek Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroan inskribatzen ez dituen bitartean, Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa arautzen duen martxoaren 1eko 397/1996 Errege Dekretuan araututakoaren arabera, eskabidearekin batera, autonomia‑erkidego edo tokiko erakunde horrek jaulkitako ziurtagiria aurkeztu beharko du, zeinetan adieraziko baita eskatzaileak eta/edo bere familia‑unitateak aipatutako laguntza horiek jasotzen dituen edo ez, eta laguntzaren zenbatekoa zein den.

7.  Programan parte hartzeko eskabidea egiteko epea bi hilabetekoa izango da, langabeziagatiko prestazioa edo subsidioa amaitzen denetik hasita. Epe horretan, eskatzaileak enplegua modu aktiboan bilatzeko ekintzak egin behako ditu, gutxienez hogeita hamar egunez. Eta, eskabidea egitean, egiaztatu egin beharko ditu ekintza horiek, erregelamenduan ezarritako moduan.

Helburu horietarako, eskatzaileak epe horretan bere edo besteren kontura egindako lan oro enplegua modu aktiboan bilatzeko ekintza izango da.

Aurreko 5. paragrafoko c) hizkian aurreikusitako laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da paragrafo horretako a) hizkian xedatutako laneratzeko banakako ibilbide pertsonalizatua hasita izatea; eta, laguntza hori jasotzeko, ezinbestekoa izango da ibilbide horretan parte hartzea.

8.  Onuradunek, programak iraun artean, nahitaez hartu beharko dute parte autonomia‑erkidegoetako eta Estatuko enplegu‑zerbitzu publikoek beren eskumeneko esparruetan proposatuko dizkieten enplegu‑bilaketa aktiboko ekintzetan. Gainera, aipatutako zerbitzu publikoek edozein unetan eskatu ahalko diete onuradunei ekintza horiek egiazta ditzaten. Laguntza ekonomikoa jasotzen jarraitzeko, derrigorrezkoa izango da onuradunak ekintza horiek egitea. Halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 231.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, nahitaez onartu beharko dute enplegu‑zerbitzu publikoek edo horiekin lankidetzan diharduten enplegu‑agentziek egindako enplegu‑eskaintza egokia, arrazoi justifikaturen bat dutenean izan ezik. Era berean, hala dagokionean, programan parte hartzeko baldintzak betetzeari utzi egin diotela jakinarazi beharko dute, bai eta laguntzaren zenbatekoari eragin diezaiokeen edozein aldaketa ere.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zehaztuko ditu bai laneratzeko ibilbide pertsonalizatuari atxikitako ekintza edo zerbitzuei ekiten hasteko gehieneko epea, bai ibilbidea osatzeko ekintzak hasi izana jakinarazteko gehieneko epea.

9.  Programa honetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzean, onuradunak galdu egingo du aipatutako laguntzak jasotzeko eskubidea, eta behin betiko programatik kanpo geratuko da, ez‑betetzea gertatu den egunetik. Dagokion ebazpena eman aurretik, hamar eguneko epea izango du interesdunak, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

Halaber, dirua itzultzeko prozedura abiarazi ahalko da. Prozedura hori Diru‑laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan eta ondorengoetan araututa dago. Prozedura horri ekiteko, aipatutako legearen 37. artikuluan zehaztutako baldintzak eman beharko dira.

10.  Enplegu‑zerbitzu publikoei dagokie programa honetako enplegu‑politika aktiboko neurriak egituratu eta kudeatzearen gaineko eskumena.

11.  Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren ardura izango da laguntza ekonomiko osagarriak eman eta ordaintzea, Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 13.h) 4. artikuluan ezarritakoari jarraiki. Laguntza horiek emakida zuzeneko araubidearen arabera izapidetuko dira, Diru‑laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

12.  Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zuzenean ordainduko dizkie onuradunei lanbide‑prestakuntza eguneratzeko laguntza ekonomiko osagarriak. Hileko nominen prozedura erabiliko du horretarako, eta hilabete baino gutxiagoko epeak proportzionalki banatuko ditu, programan parte hartzen hasitako egiazko data eta hil horretan lanean egondako tarteak aintzat hartuta. Laneratzeko banakako ibilbideko ekintza eta neurrietan ez parte hartzeari dagozkion zenbatekoak era proportzionalean kenduko dira; betiere, ez‑betetze kasuen baldintzak ematen ez badira, 9. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

Laguntza horiek justifikatu ahalko dira, Europako Gizarte Funtsak kofinantza ditzan.

Horretarako, aurrez, Estatuko eta Europako araudietan ezarritako betekizunak bete beharko dira.

13.  Programa egoki gauzatzen ari dela bermatzeko, eta onuradun potentzial guztiei aukera berdinak eskaintzeko, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura garatzeko gaitasuna izango du, bai eta autonomia‑erkidegoetako enplegu‑zerbitzu publikoekin koordinatzeko eta informazioa trukatzeko mekanismo beharrezkoak ezartzekoa ere.

14.  Programaren bidez lortutako emaitzak aztertzeko, ebaluazioa egingo da, indarraldia amaitu baino lehen. Autonomia‑erkidegoen politika aktiboetara bideratuko diren funtsak xedatzeko orduan, ebaluazio horren emaitzak aintzat hartzea proposatuko dugu Enplegu eta Lan Kontuetarako Sektoreko Batzarrean.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko laguntza finantzatzea.

Langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide‑prestakuntza eguneratzeko laguntzaren luzapena Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastu‑aurrekontuaren kontura finantzatuko da. Horretarako, beharrezko diren kredituak bideratuko dira.

Neurri horrek ezin izango dio aurrekontu‑orekari eragin.

Bigarren xedapen gehigarria.  Gizarte‑prestazio publikoen erregistroa arautzen duen martxoaren 1eko 397/1996 Errege Dekretua aldatzea.

Bi idatz-zati erantsi zaizkio 3. artikuluari: n) eta ñ) idatz-zatiak. Hau diote:

«n)  Gizarte‑laguntzako soldatak, laneratzeko gutxieneko errentak edo autonomia‑erkidegoek nahiz toki‑erakundeek onartutako antzeko laguntzak.

ñ)  Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako laneratzeko errenta aktiboa.» Azken xedapenetako lehena.  Aurrekontu‑egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Aurrekontu‑egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko 20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, aldatu egin da. Hauek dira aldaketak: Bat.  Hitzaurreko II. paragrafoko hemeretzigarren lerrokadaren lehen tartekia honela egongo da idatzita:

«Aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko edo Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko langileen ordainsari‑araubidea aldatu egin da, herri‑administrazioei beren langileen absentismoa murriztu dezaten neurriak hartzeko emandako aginduari kalterik egin gabe.» Bi.  Hemezortzigarren xedapen gehigarriaren lehen lerrokada honela egongo da idatzita:

«Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz bere mendeko organismo eta erakundeetako langile funtzionarioei eta lan‑kontratudunei, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrari edo Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziari atxikita daudenean, honako osagarri hauek onartuko zaizkie aldi baterako ezintasun kasuetan:» Hiru.  Hamabosgarren xedapen iragankorra honela egongo da idatzita:

«Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrari edo Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziari atxikitako langileen aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoei buruz 9. artikuluan zehaztutako aurreikuspenak garatzeko, hiru hilabeteko epea izango du herri‑administrazio bakoitzak, honako errege lege‑dekretua argitaratzen den egunetik hasita, eta epe horretatik aurrera izango du eragina».

Azken xedapenetako bigarrena.  Garatzeko ahalmena.

Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren titularrak izango du errege lege‑dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezko xedapenak emateko gaitasuna.

Halaber, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak izango du, bere eskumenen esparruan, errege lege‑dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren ebazpenak onartzeko gaitasuna.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Eskumen‑titulua.

Errege lege‑dekretu hau Konstituzioaren 149.1.7 artikuluan aurreikusitako eskumen‑tituluaren babesean onartu da.

Azken xedapenetako laugarrena.  Indarrean sartzea.

Errege lege‑dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta 2012ko abuztuaren 16tik aurrera izango du eragina.

Madrilen, 2012ko abuztuaren 24an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra