Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

18/2019 Errege Lege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez zergen, katastroaren eta gizarte-segurantzaren alorretan zenbait neurri hartzen baitira.

2019-12-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EHAA, 12/28/2019, 312. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

18611    18/2019 Errege Lege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez zergen,

katastroaren eta gizarte-segurantzaren alorretan zenbait neurri hartzen baitira.

I

Ohiko legegintza-jardueran mugak sortu dira, jarduneko gobernua dugulako aurtengo apirilaren amaiera aldetik, eta horrek eragotzi du zenbait arau bide parlamentario arruntetik izapidetzea.

Egoera hori luzatu izanak ezinbesteko bihurtzen du zenbait neurri onartzea, hala egingo ez balitz urte berriaren hasieran indarraldia amaituko litzaiekeen neurri batzuk luzatzearren funtsean.

  • II

Errege lege-dekretu honek zazpi artikulu dauzka, bost xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen.

Lehenik, zergen eta katastroaren alorretan hartutako neurrietan, 2020ko zergaldira arte luzatzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako zenbatespen objektiboaren metodoaren aplikazio-eremua zedarritzen duten muga kuantitatiboak, metodo horren barruan sartuta dauden jarduera ekonomikoei dagokienez, alde batera utzita nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerak, haiek beren muga kuantitatiboa baitute sarrera-bolumenaren arabera.

Aurreko neurrian bezala, 2020ko zergaldira arte luzatzen dira balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko mugak ere.

Kasu honetan, justifikatuta dago errege lege-dekretuaren figura juridikoa erabiltzeko eskatzen den aparteko eta presako beharrizana; izan ere, hasiera batean onartutako trantsizio-aldia -2016ko, 2017ko, 2018ko eta 2019ko zergaldiak hartzen zituena- motz geratu da, eta nahitaezkoa da 2020ko ekitaldirako luzapena urte horretako urtarrilaren 1a baino lehen egitea. Bestela, ukitutako zergadunek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zuzeneko zenbatespenaren metodoaren arabera tributatu beharko lukete, eta balio erantsiaren gaineko zergan, berriz, araubide orokorraren arabera; horrek guztiak ondorioak izango lituzke haien betebehar formaletan, fakturaziokoetan eta jasaten dituzten konturako ordainketetan, eta administrazio-kargak handituko lituzke.

Luzapena txertatzen denez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoaren eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziaren muga baztertzaileetan, beste epe bat finkatzen da, xedapen iragankor baten bidez, metodo eta araubide berezi horiei uko egiteko edo baliogabetzeko eskaerak aurkezteko.

Bigarrenik, 2020ko ekitaldirako luzatzen da ondarearen gaineko zergaren karga.

Irailaren 16ko 13/2011 Errege Lege Dekretuak, ondarearen gaineko zerga aldi baterako berrezartzen duenak, zerga horren karga berrezarri zuen behin-behinean, 2011. eta 2012. urteetarako bakarrik. Errege lege-dekretu horren zioen azalpenean adierazten zen hori egitea ezinbestekoa zela ekitatearen printzipioa aplikatuz egonkortzeko Espainiako ekonomia eta bultzatzeko susperraldia eta enplegua, hau da, gaitasun ekonomiko handiagoa dutenek ekarpen handiagoa eginez irteteko krisialditik eta, horrela, Espainiak bere gain hartu dituen aurrekontu-egonkortasunerako helburuak sustatuz. Hasieran, ondarearen gaineko zergaren luzapena bi urterako onartu zen, baina aurrekontu-beharrizanen poderioz, 2013az gero, urtez urte luzatu behar izan zen. Luzapen guztietan argudio bera erabili zen: zerga egokia zen, zerga-baterakuntza ezinbestekoa baitzen.

Hurrenez hurreneko luzapenak justifikatu zituzten arrazoi horiexengatik egingo da orain onartzen den hau ere.

Aurreko arrazoi horiek ez ezik, honako hau ere kontuan eduki da kasu honetan errege lege-dekretua erabiltzeko eskatzen den aparteko eta presako beharrizanaren oinarri gisa: segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, bidezkoa da zergadunek ekitaldiaren hasieran jakitea zergaren karga ez dela aldatuko ekitaldian zehar, nahiz eta sortzapena abenduaren 31n gertatu.

Gainera, 2020. urtean mezenasgoko lehentasuneko jarduerak zeintzuk izango diren zehazten da.

Mezenasgoko lehentasuneko jarduerak segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko beharragatik ezartzen dira errege lege-dekretu baten bidez; izan ere, hala egin ezean, ekitaldi horretan ezin aplikatu izango lirateke harik eta lege-mailako arau batek onartu arte, eta hori kaltegarria izango litzateke jarduerok sustatzeko.

Errege lege-dekretu honen bidez, halaber, hiri-ondasun higiezinen katastro-balioak 2020rako eguneratzeko koefizienteak onartzen dira, Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginak (martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak) 32.2 artikuluan arautzen duenarekin bat etorriz. Artikulu horretan xedatzen da balio horiek eguneratzeko neurria txertatuko dela kasu batzuetan Estatuaren urteko aurrekontu orokorren legean. Estatuaren 2020ko Aurrekontu Orokorren Legea ez denez onartuko ohiko egutegiaren arabera eta kontuan edukita neurriak berehala edukiko duela eragina ondasun higiezinen gaineko zergan (urtero sortzen da, urtarrilaren 1ean), nahitaez erabili behar da errege lege-dekretua, ekitaldia amaitu aurretik jar dadin indarrean. Neurri horren onarpenarekin udal-finantzaketa, zerga-baterakuntza eta toki-erakundeen aurrekontu-egonkortasuna sendotzen laguntzen da. Berariaz gaitzen den arau-esparruan ezartzen diren baldintzak (funtsean, udalak eskaera aurkeztea) betetzen dituzten udalerrietan aplikatuko da, gerta bailiteke neurria onartu ezean udalok balioen eguneratzea kontuan hartuta egindako aurrekontu-aurreikuspenak ez betetzea.

Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentarauak (tabako-produktuen fabrikazioari, aurkezpenari eta salmentari dagokienez estatu kideen lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak elkarri hurbiltzeari buruzkoa, 2001/37/EE Zuzentaraua indarrik gabe uzten duena) sistema bat ezartzea aurreikusten du, Europar Batasunean tabako-produktuen unitate guztien arrastoari jarraitu ahal izateko. Horrela errazago kontrolatuko da hornidura-kate osoa, fabrikazio edo inportaziotik hasi eta kontsumitzaileentzako salmentaraino, tartean direla banaketa eta biltegiratzea, erabilitako makina eta instalazioen kontrola edo bidalketen nondik norakoa; halaber, betebeharrak ezarriko zaizkie operadoreei eta estatu kideei.

Bestalde, Batzordearen 2017ko abenduaren 15eko 2018/574 (EB) Betearazpen Erregelamenduak, tabako-produktuen trazabilitate-sistema bat ezartzeko eta haren funtzionamendurako arau teknikoei buruzkoak, entitate igorleari ahalmena ematen dio operadore ekonomikoei kobra diezaien identifikatzaile bakarrak sortzeagatik eta emateagatik, baina oraindik ez da onartu kobrantza horretarako beharrezkoa den tresna. Horrexegatik, Europar Batasuneko araudia betetzen jarraitu behar denez, bai eta identifikatzaile bakarrak ematen dituen entitateari esleitutako eginkizun propioak betetzen ere, aparteko eta presako beharrizana dago errege lege-dekretu honetan arautzeko -geroko garapena ezertan eragotzi gabe- tabako-produktuetarako identifikatzaile bakarrak sortu eta emateko zerbitzuagatik ordaindu beharreko tributuz besteko ondare-prestazio publikoa.

  • III

Gizarte Segurantzaren alorrean, pentsioak handitzeak berebiziko garrantzia du pentsiodunentzat, eta, hala, gure Konstituzioaren 50. artikuluan aitortutako eskubidea ere bada. Gobernuaren asmoa da bere gain hartu eta Europako Batzordeari jakinarazitako konpromisoa betetzea Espainiako Erresumako 2020ko Aurrekontu Planaren barruan, pentsiodunen erosteko ahalmenari eutsiz hurrengo ekitaldian, eta, horretarako, ehuneko 0,9 igoko dira pentsioak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera. Gobernua jardunean da, ordea, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legeak 21. artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, zehazki, ezin du onartu Estatuaren 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Legearen Proiektua. Horiek horrela, ezinbestez geroratu behar da neurri horren aplikazioa harik eta Gobernua proposamenak eta arauak egiteko ahalmena bete-betean erabiltzeko moduan egon arte, azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 22. artikuluarekin bat etorriz, eta ahaztu gabe pentsioak handitzeak betiere urte hasieratik sortuko dituela ondorioak.

Aurrekoarekin bat, eten egin behar da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 58. artikuluaren aplikazioa, bai eta Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren 27. artikuluarena ere (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, eta apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, berriz, Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bategina). Aplikazioa eteteko, funtsezko hiru arrazoi daude. Alde batetik, askok jarri dute ezbaian manu hori elkarrizketa sozialaren esparruan eta talde parlamentarioen artean, Toledoko Itunaren barruan, hainbesteraino non 2018ko eta 2019ko ekitaldietan aplikatu gabe utzi baita, halako handitze batek pentsiodunen erosteko ahalmenaren galera ekarriko zukeelako. Bestalde, aipatutako artikuluan ezarritako 0,25eko gutxieneko igoeraren ondorioz, bikoiztu egin beharko lirateke aplikazio informatiko jakin baten lanak, baita onuradunentzako jakinarazpenen bidalketa ere; horrek kostuak igoaraziko lituzke eta sistemaren efizientzia murriztuko. Eta, azkenik, Gizarte Segurantzaren oreka finantzarioari eutsi ahal izateko, balio-handitzearekin batera beste neurri batzuk hartu beharko lirateke sistemaren diru-sarrerak indartzearren, baina orain ezin dira hartu neurri horiek, une honetan Gobernuaren kudeaketa mugatzen duten afera publikoen ohiko kudeaketaz harago doazelako.

Kontuan hartu behar da, aurrekoaz gain, 2019. urtean pentsio guztiei handitu zaiela erosteko ahalmena; izan ere, kontsumoko prezioen indizearen urte horretako batez besteko aldakuntza nabarmen txikiagoa suertatuko da ehuneko 1,6ko balio-handitze orokorra baino eta gutxieneko zenbatekoen ehuneko 3ko balio-handitzea baino (2019rako igoera horiek ezarri zituen abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuak, pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzekoak).

Jarduneko gobernu baten legegintza-ahalmen mugatua dela eta, gainera, luzatu egin behar dira abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuan Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarri eta -tasei buruz onartutako neurrietako batzuk, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu ahal izan daitezen, dekretu hori 2019. urtera begira eman baitzen. Horregatik, kotizazio-arau batzuek indarrean segitzea erabakitzen da, lege-testu horren 3. artikulutik 9.era bitartekoetan ezarritakoek. Artikulu horiek aipagai dituzte Gizarte Segurantzaren sistemako gehieneko kotizazioa eta gehieneko kotizazio-oinarriak, etxeko langileentzako eta nekazaritzako besteren konturako eta norberaren konturako langileentzako sistema berezietako kotizazioa, Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazio-oinarriak eta -tasak, esportatzeko diren tomate freskoak manipulatzeko eta ontziratzeko lanen sistema bereziko kotizazioa. Era berean, erabakia hartzen da kontingentzia profesionalei dagozkien kotizazioak laneko istripuen tasa jaisteagatik murrizteko sistemaren etenaldia luzatzeko.

Premia handikoa da, halaber, Estatuak Gizarte Segurantzaren Administrazioari emandako maileguak kitatzeko epea luzatzen jarraitzea, bai eta administrazio horrek hainbat osasun-erakunderi emandako moratoriak ere luzatzen jarraitzea, lehengo aurrekontu-arauetan onartu izan direnak.

Azkenik, bermatu beharra dago, lan-harremana 2013 aurretik azkendu zitzaien kolektibo jakin batzuentzat, 2020an mantendu egingo dela Gizarte Segurantzaren sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legea baino lehenagoko araudia. Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuak 2019ko abenduaren 31ra arte luzatu zuen lehengo araudia, baina hori ez da nahikoa izan araudi berriak zenbait langileri ekarriko lizkiekeen ondorioak arintzeko; langile horiek adintsuak ziren lan-merkatutik irten zirenean, ezin izan diote berriro ekin lanbide-karrerari, eta horrek zuzeneko eragina izan du haien kotizazio eta prestazioetan. Beharrezkoa da luzapena 2020aren amaierara arte hedatzea, segurtasun juridikoa bermatzeko eta berdintasuna zaintzeko.

  • IV

Errege lege-dekretu honetako xedapen baten bitartez, halaber, luzatu egiten dira abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuaren ondorioak, harik eta elkarrizketa sozialaren esparruan 2020. urterako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatuko duen errege-dekretua onartu arte, hartan ezarritako baldintzetan, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak -urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak- 27. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz; 1462/2018 Errege Dekretuak lanbide arteko gutxieneko soldata finkatu zuen 2019. urterako.

Abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretu horrek datorren abenduaren 31n utziko dio ondorioak sortzeari; beraz, aparteko eta presako arrazoiengatik, ezinbestekoa da haren indarraldia 2020ko urtarrilaren 1etik harago luzatzea. Horrela segurtasun juridikoa bermatuko da eta jarraipena emango zaio lanbide arteko gutxieneko soldataren funtzioari: langileentzako gutxieneko soldata-bermea edo -zorua izateari, hain zuzen ere.

Xedapen hori bat dator, beraz, jarduneko gobernuaren ahalmenekin. Izan ere, materialki mugatutako xedapena da, ez baitakar berekin lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa berrikustea, zenbateko indarduna luzatzea baizik, aldi baterako luzatu ere, 2020rako zenbatekoa finkatuko duen beste errege-dekretu bat onartu arte soilik aplikatuko baita.

  • V

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan erregulazio onaren printzipioak ezartzen dira: premia, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Eta errege lege-dekretu honek printzipio horiek betetzen ditu.

Premia- eta eraginkortasun-printzipioekin bat etorriz, interes orokorreko arrazoi batek justifikatzen du ekimen arauemailea, behin lortu nahi diren helburuak identifikatuta; gainera, errege lege-dekretua jotzen da tresna egokientzat, helburu horiek lortuko direla bermatzeko. Bestalde, errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak egokiak eta neurrizkoak dira eurak onartu beharra ekarri duten beharrizanetarako. Egiaztatu da ez dagoela beste neurririk eskubideak gutxiago murriztuko lukeenik edo jasotzaileei betebehar gutxiago ezarriko liekeenik. Azkenik, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, ekimen arauemaile hau gauzatzean koherentzia gorde da gainerako ordenamendu juridikoarekin -izan Espainiakoa, izan Europar Batasunekoa- segurtasuneko araugintza-esparru bat sortzeko, erraztasunak emango dituena araua ezagutzeko eta, ondorioz, eraginpeko pertsonek eta enpresek jarduteko eta erabakiak hartzeko.

Era berean, arau honek gardentasun-printzipioa betetzen du, argi zehazten baitu zer-nolako egoerari aurre egiteko eta zer helburutarako egin den (helburuak azalpen-zati honetan eta arauaren eraginari buruzko azterketaren memorian azaltzen dira). Ez dira egin parte-hartze publikorako izapideak, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legeak errege lege-dekretuetarako ezartzen duen salbuespenari helduta.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta zama administratibo eta zeharkako kostu txikienak eragin diezazkien herritarrei.

Jarduneko gobernu batek izapidetu du errege lege-dekretu hau, arestian aipatutako 50/1997 Legeak 21.3 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz; izan ere, manu horren arabera, «jarduneko gobernuak gobernu berria osatzeko prozesuaren garapen arrunta eta agintearen eskualdaketa ahalbidetuko du, eta gai publikoen kudeaketa arrunta baino ez du egingo, hau da, ez du hartuko bestelako neurririk, ez bada behar bezala justifikaturik dagoen premia edo interes orokorreko arrazoiak tartean daudelako».

Eta hori hala da, oraingo honetan -errege lege-dekretu hau ezartzen dituen neurriak ezartzeko gaitzen duen oinarria justifikatzean adierazi den bezala- presako eta aparteko kasu bat gertatu delako, zeinak hedatu egin baitu jarduneko gobernu batek modu baliozkoan aritzeko duen eremua.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek betetzen dute, oro har eta banan-banan, beren izaera eta xedea ikusirik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 7., 14. eta 17. zenbakietan ezarritakoaren babesean ematen da, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote arlo hauetan: lan-arloko legeria, Ogasun nagusia, eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeria eta araubide ekonomikoa.

Horrela, bada, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ogasuneko ministroak eta Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2019ko abenduaren 27ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

  • I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

  • 1. artikulua. Xedea.

Errege lege-dekretu honen xedea da presako neurriak ezartzea zergen, katastroaren eta Gizarte Segurantzaren alorretan.

  • II. KAPITULUA

Zergen eta katastroaren arloetako neurriak

  • 2. artikulua. Azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzea, zeinak pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duen eta sozietateen gaineko, ez-egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeak partzialki aldatzen dituen.

Azaroaren 28ko 35/2006 Legearen hogeita hamabigarren xedapen iragankorra aldatzen da (lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du eta sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga partzialki aldatzen ditu). Aldaketak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Hona testu berria:

«Hogeita hamabigarren xedapen iragankorra. Zenbatespen objektiboaren metodoa aplikatzeko mugak 2016ko, 2017ko, 2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldietan.

Lege honek 31. artikuluaren 1. apartatuko 3. arauaren b) letrako a’) puntuan arautzen dituen magnitudeak (150.000 eta 75.000 euro) hurrenez hurren 250.000 eta 125.000 euro izango dira 2016ko, 2017ko, 2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldietan.

Horrez gain, lege honek 31. artikuluaren 1. apartatuko 3. arauaren c) letran ezartzen duen magnitudea (150.000 euro) 250.000 eurokoa izango da ekitaldi horietan.»

  • 3. artikulua. Irailaren 16ko 13/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea, ondarearen gaineko zerga aldi baterako berrezartzen duena.

Irailaren 16ko 13/2011 Errege Lege Dekretuaren artikulu bakarraren bigarren apartatua aldatzen da (lege horrek ondarearen gaineko zerga aldi baterako berrezartzen du). Aldaketak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Hona testu berria:

«Honako aldaketa hauek egiten dira Ondarearen gaineko Zergaren ekainaren 6ko 19/1991 Legean (2021eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dituzte ondorioak):

Aldatu egiten da 33. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

‘‘33. artikulua. Kuota osoaren hobari orokorra.

Zergak ordaintzeko betebehar pertsonala edo erreala dela eta, subjektu pasiboei ehuneko 100eko hobaria aplikatuko zaie zergaren kuota osoaren gainean.’’

Bi. 6., 36., 37. eta 38. artikuluak indargabetu egiten dira.»

  • 4. artikulua. Abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzea, balio erantsiaren gaineko zergarena.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legearen hamahirugarren xedapen iragankorra aldatzen da, eta aldaketak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Hona testu berria:

«Hamahirugarren xedapen iragankorra. Araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko mugak 2016ko, 2017ko, 2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldietan.

Lege honek 122. artikuluaren bigarren apartatuko 2. zenbakiaren lehen puntuan eta 3. zenbakian eta 124. artikuluaren bigarren apartatuko 6. zenbakian arautzen duen magnitudea (150.000 euro) 250.000 euro izango da 2016ko, 2017ko, 2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldietan.»

  • 5. artikulua. Mezenasgoko lehentasunezko jarduerak.

  • 1. Irabazteko asmorik gabeko entitateen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legeak 22. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, 2020. urtean honako mezenasgo-jarduera hauek izango dira lehentasunezkoak: 2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren 6/2018 Legeak hirurogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian adierazten dituenak.

  • 2. Abenduaren 23ko 49/2002 Lege horrek 19., 20. eta 21. artikuluetan ezartzen dituen kenkarien ehunekoak eta mugak ehuneko bost puntu igoko dira aurreko apartatuan jasotako jarduerei dagokienez.

  • 6. artikulua. Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginaren 32.2 artikuluko katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak.

  • 1. Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginak -martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak- 32. artikuluaren 2. apartatuan arautzen dituen katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak taula honen arabera finkatzen dira 2020rako:

    Balio-txostena indarrean jarri den urtea

    Eguneratze-koefizientea

    1984, 1985, 1986, 1987 eta 1988.

    1,05

    1989, 1990, 1994, 1995, 1996, 1997, 1998, 1999, 2000, 2001, 2002 eta 2003.

    1,03

    2011, 2012 eta 2013.

    0,97

  • 2. Aurreko apartatuan ezartzen diren koefizienteak honela aplikatuko dira:

  • a) Higiezinen katastroan dauden datuen arabera balioetsitako ondasun higiezinen balioa eguneratzeko koefizientea 2019. urterako esleitutako balioari aplikatuko zaio.

  • b) 2019ko ekitaldian onartutako balio-txosten partzialak aplikatuz lortutako eta ekitaldi horretan jakinarazitako katastro-balioak eguneratzeko koefizientea balio horiei aplikatuko zaie.

  • c) Higiezinen katastroan dauden datuen arabera ezaugarriak aldatu zaizkien ondasun higiezinei dagokienez, baldin eta aldaketa horiek ez badute eraginkortasunik izan, inguruabar berriak aintzat hartuta Katastroaren Zuzendaritza Nagusiak higiezin horiei esleitutako balioaren gainean aplikatuko da koefizientea, udalerriko gainerako ondasun higiezinen katastro-balioak finkatzeko oinarritzat hartutako moduluak aplikatuta.

  • III. KAPITULUA

Gizarte Segurantzaren arloko neurriak

  • 7. artikulua. Gizarte Segurantzaren arloko neurriak: pentsioen eta beste prestazio publiko batzuen balio-handitzea, kotizazio-oinarriak eta gehieneko kotizazioak, zenbait kolektiboren kotizazioak, eta lotutako beste neurri batzuk.

Behin-behinean, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, harik eta indarrean jarri arte urte horretarako Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legea edo gaiari buruzko lege-mailako beste arauren bat, honako xedapen hauei jarraituz handituko dira Gizarte Segurantzako eta Estatuko Klase Pasiboetako pentsioak eta zehaztuko dira Estatuko beste prestazio publiko batzuen zenbatekoak, bai eta Gizarte Segurantzako gutxieneko eta gehieneko kotizazio-oinarriak eta kotizazio-tasak ere:

  • 1. Pentsioak eta beste prestazio publiko batzuk apartatu honetan xedatutakoari jarraituz handituko dira.

  • a) Gizarte Segurantzako pentsioek, Estatuko Klase Pasiboetakoek, gerrako legeria bereziaren babesean sortutakoek eta Estatuko beste prestazio publiko batzuek 2019ko abenduaren 31n aitortuta zeukaten zenbatekoari eutsiko diote. Mantendu egingo dira, halaber, honako xedapen hauetan pentsio eta prestazioetarako jasotako zenbatekoak, bai eta aplikatu beharreko sarrera-mugak ere: abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretua, pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzekoa (I. eranskina), eta martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretua, gizarte-babeserako eta lanaldian lan-prekarietatearen kontra borrokatzeko presako neurriena (2. eta 3. artikuluak).

  • b) Aurreko apartatuan xedatutakoa betetze aldera, eten egiten da honako manu hauen aplikazioa: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 58. artikulua, Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren 27. artikulua, eta 2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 35. artikulua eta berrogeita hamaikagarren xedapen gehigarria (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen; Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bategina, berriz, apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez).

  • c) Behin arau egokia onartutakoan, pentsioen eta beste prestazio publiko batzuen handitzeak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

  • 2. Gizarte Segurantzaren sistemako gehieneko kotizazioaren eta gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekoak abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoak izango dira.

  • 3. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean etxeko langileentzat ezarritako sistema berezian, kotizazioa abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoaren bidez arautuko da.

  • 4. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nekazaritzako inoren konturako langileentzat ezarritako sistema berezian, kotizazioa abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren bidez arautuko da.

  • 5. Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoa aplikatuz kalkulatutako gutxieneko kotizazio-oinarriak mantenduko zaizkie honako langile hauei: Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian dauden norberaren konturako langileei edo langile autonomoei, eta urriaren 21eko 47/2015 Legeak (itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautzen duena) 10. artikuluan aipatzen duen lehenengo kotizazio-taldean dauden langile autonomoei.

Gainerako kotizazio-oinarriak abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluaren 2. apartatutik 8.era bitartekoetan ezarritako arauen bidez zehaztuko dira.

  • 6. Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritako kotizazio-tasak aplikatuko zaizkie honako langile hauei, lege-testu beraren bigarren xedapen iragankorrean jasotako aurreikuspenekin batera: Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian dauden norberaren konturako langileei edo langile autonomoei, eta urriaren 21eko 47/2015 Legeak (itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautzen duena) 10. artikuluan aipatzen duen lehenengo kotizazio-taldean dauden langile autonomoei.

  • 7. Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren barruan Nekazaritzako Norberaren Konturako Langileen Sistema Berezian daudenentzat, kotizazio-oinarriak eta -tasak, lehen bezala, abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoak izango dira.

  • 8. Eten egiten zaie kontingentzia profesionalen kotizazioak murrizteko sistema (martxoaren 10eko 231/2017 Errege Dekretuak arautzen duena) laneko istripuen tasa nabarmen jaitsi duten enpresei, 2020an sortzen diren kotizazioetarako.

  • 9. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren barruan, aurrerantzean ere abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria aplikatuko zaio esportatzeko diren tomate freskoak manipulatzeko eta ontziratzeko lanen sistema bereziko kotizazioari.

  • 10. Estatuko Klase Pasiboetako pentsioak eta gerrako pentsio bereziak kalkulatzeko kontuan hartu beharreko kopuruak abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren I. eranskinaren III. apartatuan ezarritakoak izango dira.

Lehen xedapen gehigarria. Tabako-produktuetarako identifikatzaile bakarrak sortu eta emateko zerbitzuagatik ordaindu beharreko tributuz besteko ondare-prestazio publikoa.

  • 1. Xedapen honen ondorioetarako, honako xedapen hauetan dauden definizioak aplikatuko dira: 2014/40/EB Zuzentaraua, 2014ko apirilaren 3koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, tabako-produktuen fabrikazioari, aurkezpenari eta salmentari dagokienez estatu kideen lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak elkarri hurbiltzeari buruzkoa, 2001/37/EE Zuzentaraua indarrik gabe uzten duena; eta 2018/574 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2017ko abenduaren 15ekoa, Batzordearena, tabako-produktuen trazabilitate-sistemaren ezarpenerako eta funtzionamendurako arau teknikoei buruzkoa.

  • 2. Tributuz besteko ondare prestazio-publiko bat eskatu ahal izango da Espainian identifikazio-emaile izendatutako erakundeak tabako-produktuen identifikatzaile bakarrak sortzeko edo emateko zerbitzuak egiteagatik, Batzordearen 2017ko abenduaren 15eko 2018/574 (EB) Erregelamenduarekin bat etorriz.

  • 3. Hala, bada, ondare-prestazioa eskatu ahal izango da tabako-produktuetarako identifikatzaile bakarrak sortzeagatik edo emateagatik, Batzordearen 2017ko abenduaren 15eko 2018/574 (EB) Erregelamenduaren arabera.

  • 4. Ondare-prestazioaren zenbatekoa, hasiera batean, eta hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera aldatzen den arte, hau izango da: 1,97 euro, Batzordearen 2017ko abenduaren 15eko 2018/574 (EB) Betearazpen Erregelamenduarekin bat etorriz Espainian identifikazio-emaile izendatutako erakundeak emandako edo sortutako mila identifikatzaile bakarreko.

Ogasun Ministerioaren egitekoa izango da, ministro-agindu bidez, Espainian identifikazio-emaile izendatutako erakundearen proposamenari jarraituz, zenbateko hori egokitzea, kontuan harturik nola eboluzionatzen duten kostuek, nola egokitzen den teknologia edota zer eskatzen duten Europar Batasuneko arauak eta hura garatzeko araudiak tabako-produktuetarako identifikatzaile bakarrak sortzeko edo emateko zerbitzuen prestazioari dagokionez.

  • 5. Ondare-prestazioa ordaindu beharko dute Espainian identifikazio-emaile izendatutako erakundeari identifikatzaile bakarrak sortzeko edo emateko eskatzen dioten operadore ekonomikoek, Batzordearen 2017ko abenduaren 15eko 2018/574 (EB) Betearazpen Erregelamenduarekin bat etorriz.

  • 6. Ogasun Ministerioaren agindu baten bidez ezarriko dira identifikatzaileak sortzeko edo emateko eskaerarako erabili beharreko eredua, epeak eta baldintzak, Espainian identifikazio-emaile izendatutako erakundearen proposamenari jarraituz.

  • 7. Espainian identifikazio-emaile izendatutako erakundeak kudeatuko du ondare-prestazioa. Espainian identifikazio-emaile izendatutako erakundeaz gain beste ministerio-departamentu edo erakunde batzuek kudeaketa-prozeduran parte hartzea erregelamenduz ezarri ahal izango da.

  • 8. Ondare-prestazioa Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren bidez eta hura garatzeko emandako erregelamenduzko arauen bidez arautuko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Urtarrilaren 31ko TMS/83/2019 Agindua luzatzea, zeinaren bidez garatzen baitira 2019ko ekitaldirako Gizarte Segurantzako kotizazioen, langabeziaren, jarduera uzteagatiko babesaren, Soldatak Bermatzeko Funtsaren eta lanbide-heziketaren gaineko lege-arauak.

Errege lege-dekretu honetan xedatutakoari kontra egiten ez dion heinean, aurrerantzean ere aplikatuko da urtarrilaren 31ko TMS/83/2019 Agindua, 2019ko ekitaldirako Gizarte Segurantzako kotizazioen, langabeziaren, jarduera uzteagatiko babesaren, Soldatak Bermatzeko Funtsaren eta lanbide-heziketaren gaineko lege-arauak garatzen dituena.

Hirugarren xedapen gehigarria. Gizarte Segurantzari emandako maileguak kitatzeko epea handitzea.

2019tik aurrera hamar urte handitzen da Estatuak 1999rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 49/1998 Legearen 12.Hiru artikuluaren arabera Gizarte Segurantzari emandako mailegua kitatzeko epea.

Laugarren xedapen gehigarria. Administrazio publikoen edo irabazi-asmorik gabeko erakundeen titulartasunaren mende dauden osasun-erakundeek Gizarte Segurantzarekin dituzten zorrak ordaintzea.

Administrazio publikoen edo irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko nahiz pribatuen titulartasunaren mende dauden osasun-erakundeek, 1995erako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 41/1994 Legearen hogeita hamargarren xedapen gehigarrian aurreikusitako moratoriaren babesean badaude, onartutako gabealdia hogeita bost urtera luzatzea eskatu ahalko diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari, baita onartutako moratoria gehienez ere hamar urtera luzatzea ere, urteroko amortizazioekin.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren osasun-erakundeak hartzekodunen konkurtsoan daudela deklaratzen denean, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, moratoria azkenduta geratuko da deklarazio hori egiten den egunetik.

Bosgarren xedapen gehigarria. 2019rako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duen abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuaren indarraldia luzatzea.

Harik eta elkarrizketa sozialaren esparruan 2020. urterako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatuko duen errege-dekretua onartu arte, hartan ezarritako baldintzetan, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) 27. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, luzatu egiten dira abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuaren ondorioak; dekretu horrek lanbide arteko gutxieneko soldata finkatu zuen 2019. urterako.

Lehen xedapen iragankorra. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoari eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziari uko egiteko eta haiek baliogabetzeko 2020ko epeak.

  • 1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33.1.a) artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33.2 artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen diren uko egiteko eta baliogabetzeko epeak, 2020. urterako ondorioak sortu behar dituztenak, hilabetekoak izango dira, errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen; Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, berriz, abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez).

  • 2. Bai balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziari, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoari uko egiteko eta haiek baliogabetzeko 2019ko abenduan aurkezten diren eskaerak, 2020an aplikatuko direnak, aldi baliodunean aurkeztutzat joko dira.

Hala ere, aurreko paragrafoan xedatzen denaren eraginpean dauden subjektu pasiboek beren hautapena aldatu ahal izango dute aurreko 1. apartatuan adierazten den epealdian.

Bigarren xedapen iragankorra. Tabako-produktuetarako identifikatzaile bakarrak sortu eta emateko zerbitzuagatik ordaindu beharreko tributuz besteko ondare-prestazio publikoa.

Tabako-produktuetarako identifikatzaile bakarrak sortu eta emateko zerbitzuagatik ordaindu beharreko tributuz besteko ondare-prestazio publikoa, errege lege-dekretu honen lehen xedapen gehigarrian aipatzen dena, 2019ko maiatzaren 20tik aurrera sortu edo emandako identifikatzaile bakar guztietarako eskatuko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arauetan dauden xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzea.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren laugarren xedapen iragankorraren 5. apartatua aldatzen da eta honela idatzita gelditzen da (testu hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen):

«5. 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen sortzen diren erretiro-pentsioei, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legea indarrean jarri aurretik indarrean zeuden erretiro-pentsioaren modalitateak, eskuratzeko betekizunak, baldintzak eta prestazioak zehazteko arauak aplikatuko zaizkie oraindik, kasu hauetan:

  • a) Lan-harremana 2013ko apirilaren 1a baino lehenago azkendu zaien pertsonei, baldin eta data horren ondoren Gizarte Segurantzaren sistemako araubideren batean berriro sartzen ez badira.

  • b) Enplegua erregulatzeko espedienteetan hartutako erabakien ondorioz nahiz edozein esparrutako hitzarmen kolektibo, enpresako akordio kolektibo zein konkurtso-prozeduretan hartutako erabakien ondorioz lan-harremana etena edo azkendua duten pertsonei, horiek 2013ko apirilaren 1a baino lehen onartu, sinatu edo deklaratu badira, eta lan-harremana 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago azkendu edo eten bada.

Ezinbesteko baldintza izango da enpresako akordio kolektiboak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean edo, bestela, Itsasoko Gizarte Institutuan erregistratuta egotea; horretarako epealdia erregelamenduz ezarriko da.

  • c) Dena den, aurreko letretan aipatzen diren pertsonek beste aukera bat ere badute pentsioa jasotzeko eskubidea onar dakien: eskubidea sortzen duen egitatea gertatzen denean indarrean dagoen legeria aplikatzea hauta dezakete».

Azken xedapenetako bigarrena. Babes-klausula, beheragoko mailako arauen aldaketetarako.

Errege lege-dekretu honek aldatutako arauen mailari eutsiko zaio horiek beheragoko mailako arauak direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 7., 14. eta 17. zenbakietan xedatutakoaren babesean ematen da. Manu horiek Estatuari esleitzen diote eskumena, hurrenez hurren, lan-legeriaren alorrean, Ogasun nagusiaren alorrean eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren alorrean, autonomia-erkidegoek gauzatu beharreko zerbitzuen kaltetan izan gabe.

Azken xedapenetako laugarrena. Arauak emateko gaikuntza.

Gobernuari, Ogasuneko ministroari eta Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroari ahalmena ematen zaie, beren eskumenen esparruan, errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta neurriak hartzeko.

Azken xedapenetako bosgarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2019ko abenduaren 27an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra