16/2014 Errege Lege Dekretua, abenduaren 19koa, Enplegua aktibatzeko Programa arautzen duena
2014-12-19Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2014/12/20, 307. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
13249 16/2014 Errege Lege Dekretua, abenduaren 19koa, Enplegua aktibatzeko Programa arautzen duena.
I
Espainiako ekonomiak hazkunde ekonomikoaren garaia hasi du; izan ere, barneproduktu gordina hazi egin da, bost hiruhilabetekoz jarraian. Bilakaera hori eragina izaten ari da enpleguaren sorreran, 2014ko bigarren eta hirugarren hiruhilabetekoetako Biztanleria Aktiboaren Inkestak adierazten duenez (enpleguaren urte arteko hazkundea +% 1,12 eta +% 1,59 izan da)
Nolanahi ere, azken urteotako krisiaren iraupenak eta larritasunak, eta, halaber, krisi horrek lan-merkatuan izan dituen ondorioek, merkatu hori berreskuratzen eta suspertzen laguntzeko ekintza eraginkorrak eskatzen dituzte, kalitatezko enplegu iraunkorren iturburu bilaka dadin. Orain, langabeak berriro ere lan-merkatuan sartzea da erronka, horiek ere berraktibazio ekonomikoan parte har dezaten.
Horregatik, 2014ko uztailaren 29an, Espainiako Gobernuak, CEOE eta CEPYME enpresa-erakundeek, eta CCOO eta UGT sindikatuek hazkunde ekonomikoa eta enplegua indartzeko hirualdeko negoziaziorako proposamenen akordioa sinatu zuten. Akordio horretan, ekonomiaren eta enpleguaren eboluzio positiboa bultzatzearren hainbat alorretan neurriak hartzeko asmoa azaldu zuten, elkarrizketa sozialari protagonismo berritua emanez.
Susperraldia enpleguari dagokionez ahaltsua eta inklusiboa izan dadin, modu berezian heldu behar zaio epe luzeko langabeziaren erronkari, eta lan-merkatuan aukerak aktiboki bilatzen dituzten pertsona guztiak hartu behar dira aintzat.
Horretarako, behar-beharrezkoak dira enplegua aktibatzeko neurriak, hala langileek langabezian ematen duten denbora-tartea murrizteko, nola lan-mundura itzultzeko erraztasunak emateko. Enplegu-zerbitzu publikoek bateratu egin behar dute informazioa, horren bidez enplegu-aukerak identifikatzeko, segimendu jarraitua egiteko, eta burututako jarduerak ebaluatzeko. Laburbilduz, prozesu osoan lagundu behar dituzte langabeak, eta eraginkortasunez bete behar dute haien helburu nagusia: lan-munduan berriro sartzen eta enplegua mantentzen laguntzea, alegia.
Xede horri jarraiki, aipatutako hirualdeko akordioan, honako hau jaso zuten lehentasunezko ekimenen artean: autonomia-erkidegoekin elkarlanean, enplegua aktibatzeko programa bat diseinatzea. Programa horrek eduki zehatza izango luke (orientazioa, prestakuntza, prestakuntzazko eguneratzea edo/eta lan-eskarmentuaren aintzatespena) , eta, babes-neurri batez lagunduta, baliagarria izango litzateke familiaardurak dituzten epe luzeko langabeak lan-merkatuan berriro sartzeko.
Aurreikuspen hori garatuz, Espainiako Gobernuak eta gizarte-solaskideek Enplegua Aktibatzeko Aparteko Programari buruzko Akordioa sinatu zuten 2014ko abenduaren 15ean, bai aipatutako langabeen enplegagarritasuna hobetzeko, bai horiei lan-aukera berriak eskaintzeko, enplegua aurkitzeko zailtasun handiagoak dauzkatenez.
Aktibatzeko programaren diseinua, gainera, bat dator Europar Batasunaren Kontseiluak 2014ko uztailaren 8an Espainiaren 2014ko Erreformen Programa Nazionalarekin lotuta emandako gomendioekin. Gomendio horietan hirugarrenak enplegu-zerbitzu publiko modernoak edukitzearen garrantzia azpimarratzen du, zerbitzu pertsonalizatu eta eraginkorrak emateko gai izango direnak; batez ere, enplegua lortzeko zailtasun gehien dauzkaten pertsonei (iraupen luzeko langabeei, kasurako) . Era berean, aipatutako gomendioek adierazten dute garrantzitsua dela onuradunek, enplegu-bilaketa aktiboaren bidez, lan-merkatuarekin duten konpromisoa mantentzea, politika aktiboak nahiz pasiboak enplegua aktibatzearen aldekoak izan daitezen.
II
Errege Lege Dekretuak bederatzi artikulu, lau xedapen gehigarri eta zazpi azken xedapen ditu.
1. artikuluak Enplegua Aktibatzeko Programa zer den xedatzen du; horren arabera, aldi baterako programa bat da, berariazkoa eta apartekoa, baldintza batzuk betetzen dituzten iraupen luzeko langabeei zuzendua dagoena. Programaren onuradunak familia-ardurak dauzkaten eta langabezia-prestazioa agortuta daukaten iraupen luzeko langabeak dira, eta, hain zuzen ere arrazoi horiek direla eta, enplegua aurkitzeko zailtasun handiagoak dituztenak eta babes-behar bereziak dituztenak.
Langabeek programan sartu ahal izateko bete beharreko baldintzak 2. artikuluan biltzen dira, eta hainbat alderdi jorratzen dituzte; esaterako, gutxienez sei hilabete igaro izana langabeek Gizarteratzeko Errenta Aktiboa, Babeserako eta Gizarteratzeko Aldi Baterako Programa edo Langabezia Prestazioa Agortzen Duten Pertsonen Prestakuntzazko Eguneratze Profesionalaren Programa agortu dutenetik; Enplegu Zerbitzu Publiko eskudunean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea 2014ko abenduaren 1ean, eta egoera horretan denbora-tarte jakin batez egotea; ez edukitzea langabeziagatiko zergaedo laguntza-babesaren eskubiderik, edo gizarteratzeko errenta aktiboa jasotzeko eskubiderik; ez jasotzea, hilean eta orotara, lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko
75gainditzen duten errentak; familia-ardurak frogatzea; eta zenbait aktibazio-eskakizun betetzea.
Beraz, familia-ardurak dauzkaten pertsonei zuzentzen zaie programa; zehazki, pertsona horiek iraganean lan-merkatuari lotuta egon direnean, egun enplegu-eskatzaile direnean, eta, halere, gutxienez sei hilabetez langabezia-prestazioaren esparrutik kanpo egon direnean.
Gainera, nabarmentzekoa da programa enplegua aktibatzeko ardura partekatuaren kulturan oinarritzen dela; alegia, enplegu-zerbitzu publikoek, aktibazio-neurrien hornitzaile, eta onuradunek berek partekatutako arduran.
Hala, 6. artikuluak, programaren garapena erregulatzean, enplegu-zerbitzu publikoei esleitzen die enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua egiteko ardura, tutore pertsonala esleitzekoa, eta, oro har, onuradunak lan-munduan berriro txertatzeko prozesuan gidatzekoa. Horretarako, berariazko baliabideak izango dituzte aipatutako enplegu-zerbitzu publikoek, edota lankidetza publiko-pribatuan jardun ahalko dira, sinergiak enplegua aktibatzeko helburura bideratuz.
Bestalde, onuradunek zenbait aktibazio-betebehar izango dituzte. Betebehar horiek 3. artikuluan biltzen dira, eta hiru multzotan sailka daitezke: jarduera-konpromiso bat sinatzea, enplegu-bilaketa aktiboko ekintzak egiaztatzea, eta enplegagarritasuna eta lan-bilaketa aktiboa hobetzeko xedea duten ekintzetan parte hartzea; hots, enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatuan aurreikusitakoetan.
Lagungarri gisa, programak laguntza ekonomiko osagarria eskaintzen du. Hori horrela,
7. artikuluak dio laguntzak gehienez sei hilabeteko iraupena izango duela, eta haren zenbatekoa une bakoitzean indarrean dagoen hileko eragin anitzeko errentaren adierazle publikoaren ehuneko 80 izango dela. Laguntza horrek aktiboki parte hartzen lagunduko die onuradunei, eta, era berean, enplegua bilatzean dauzkaten behar zehatzei erantzuteko proposatzen zaizkien neurriei probetxu handiagoa ateratzen.
Beraz, programaren helburua onuradunek langabezian jarraitzeko arriskua ekiditea da, eta, berebat, onuradun horiek aktibatzea eta lan-merkatuan eraginkortasunez txertatzea; horrenbestez, laguntza ekonomiko bat eskaintzen zaie, lan-mundura itzultzeko trantsizio horretan egoera pertsonal latzari aurre egiteko.
Era berean, eta programaren elementu berritzaile gisa, 8. artikuluak xedatzen du onuradunentzat bateragarria izango dela besteren konturako kontratu bat izatea eta laguntza osagarria jasotzea. Horrela, enpresa pribatuekin kontratuak egiteko aukera ematen zaie onuradunei, eta enpresek kontuan izango dute, dagozkien soldatak kalkulatzeko orduan, onuradunek jasotzen jarraituko duten laguntza, gehienez ere bost hilabetez. Beraz, legezko salbuespen bat xedatzen da lan-araudian oro har aurreikusitakoari dagokionez, araudi horrek dagokion soldata oso-osorik ordaintzeko betebeharra ezartzen
baitio enpresaburuari. Salbuespen horrek badu bere arrazoia: pizgarri bat ezarri nahi da, programaren xede diren onuradunak lan-munduan eraginkortasunez txertatzeko eta kontratatzeko.
Neurri horren bidez, langabeek benetako lan-eskarmentua lortzera zuzendutako pizgarriak bultzatzen dira, eta hori enplegagarritasuna hobetzeko indar garrantzitsua da.
4.eta 5. artikuluetan, prozedurarekin lotutako alderdiak arautzen dira, dela programan sartzeko, dela programa horretan eta laguntzan behin betiko edo aldi baterako baja emateko. Garrantzi handiko baldintza bat xedatzen da araudian: langabeek 2015eko urtarrilaren 15a eta 2016ko apirilaren 15a bitartean aurkeztu beharko dute enpleguan sartzeko eskaera, programan onartuak izateko eta laguntza ekonomiko osagarria jaso ahal izateko.
Azkenik, 9. artikuluak argitzen du laguntza ekonomikoaren finantzaketa langabeziagatiko babes-ekintzaren barruan sartuko dela, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontutik ordainduko dela.
Errege lege-dekretu honetan bildutako xedapen gehigarriei dagokienez, azpimarratu behar da lehenengo xedapen gehigarriak laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura garatzeko gaikuntza ematen diola Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari, bai eta autonomiaerkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoekin eta horiekin lan egiten duten enpleguagentziekin koordinatzeko eta informazioa trukatzeko beharrezko mekanismoak ezartzeko gaikuntza ere.
Bigarren xedapen gehigarriak eskumen-banaketa arautzen du; hots, zein eskumen izango dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, eta zein autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek. Lehenengoari aktibazio-programan aurreikusitako laguntza ekonomikoa kudeatzea eta ordaintzea dagokio; bigarrenei, berriz, enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua esleitzea, bai eta enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak ere, eskumenak eskualdatzeari buruzko errege-dekretuetan ezarritakoaren arabera.
Hirugarren xedapen gehigarrian, programaren indarraldia amaitu baino hiru hilabete lehenago haren ebaluazio bat egitea aurreikusten da, lortutako emaitzak aztertzeko eta programaren eraginkortasuna neurtzeko. Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak, autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek eta gizarte-solaskideek egingo dute ebaluazio hori, elkarren artean. 2016an, ebaluazio horren emaitzak kontuan hartuko dira Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastu-aurrekontuko funtsak autonomia-erkidegoei bideratzeko, dagokion Enplegu eta Lan Kontuetarako Sektore Konferentzian erabakitako moduan.
Bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren azken xedapenetan, hurrenez hurren, ondoko hauek ezartzen dira: lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen zortzigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoa aldatzea; behar ekonomiko bereziak eta lana aurkitzeko zailtasunak dituzten langabeak laneratzeko errenta aktiboaren programa arautzen duen azaroaren 24ko 1369/2006 Errege Dekretuaren 2.1.b) artikulua aldatzea; Langabezia-babesaren abuztuaren 2ko 31/1984 Legea garatzen duen apirilaren 2ko 625/1985 Errege Dekretuaren 32.1.c) eta 33.2 artikuluak aldatzea; eta, azkenik, Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 21 bis artikuluaren 4. paragrafoaren c) hizkia ezabatzea eta 5. paragrafoa aldatzea.
III
Laugarren xedapen gehigarriak arautzen du ezinbestea gertatzen den zein kasuetan aitortu ahal izango dien Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak enpresa jakin batzuei enpresa-ekarpena ordaintzeko salbuespena, ehuneko ehunera arte; zehazki, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 214.2 artikuluan aurreikusitako ekarpenari dagokionez, eta enpresek lan-kontratuak eten dituztenean edo lanaldia murriztu dutenean. Aipatutako salbuespenek enplegua mantentzea izango dute helburu.
Salbuespen horren onuradun izan nahi duten enpresek oinarrizko betebehar batzuk bete behar dituzte; besteak beste, zergen eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak egunean edukitzea; jasandako kalteak justifikatzea; lan-jarduerarekin jarraitzeko ezintasuna egiaztatzea; ezinbestetik zuzenean eratorritako jarduera-galerak frogatzea; eta,
halaber, hondamendia gertatzean ekoizpen-jarduera gauzatzeko nahitaezkoak diren ondasunak aseguratuta izatea.
Azkenik, enpresek oinarrizko konpromiso batzuk hartu behar dituzte, derrigorrean: bai ezinbesteak kaltetutako jarduerak berrezarri ahal izateko egoki den inbertsioa egitekoa, bai kontratu-eteteak edo lanaldi-murrizketak eragindako langile guzti-guztiak enpleguan mantentzekoa.
Gehienez ere hamabi hilabeteko iraupena izango du Gizarte Segurantzaren enpresakuotak ordaintzeko salbuespenak. Horrekin lotuta, nabarmentzekoa da enpresek salbuespen horren onuradun izaten jarraitu ahalko dutela ondoko kasuan: hamabi hilabeteko epe horren barruan, aldi baterako kontraturen bat azkentzen denean adostutako epea agortzeagatik edo kontratuaren xede zen obra edo zerbitzua amaitzeagatik. Halakoetan, hamabi hilabeteak bete artean geratzen den denboraz izango du enpresak salbuespena, eta, betiere, azkentzeak eragindako langilearekin kontratu mugagabea sinatzen badu. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak beste hamabi hilabetez luzatu ahalko du enpresei aitortutako salbuespena, enpresek aldez aurretik eskaera hori egiten diotenean; alabaina, horretarako, enpresek egiaztatu beharko dute salbuespena aitortzeko jatorrizko baldintzak betetzen jarraitzen dutela, eta, halaber, beren gain hartutako konpromisoak abiarazi dituztela, dela enpresan beharrezko inbertsioak egiteari begira, dela eteteak edo murrizketak eragindako langileak enpleguan mantentzeari dagokionez.
IV
Hartutako neurriek aparteko eta presazko beharrizanei erantzuten diete; betetzen dira, beraz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretuaren figurara jo ahal izateko eskatzen dituen baldintzak.
Ezinbestekoa da ekonomiaren esparruan nabaritzen hasi den berrindartze-joera enpleguaren mundura albait azkarren eta ahalik eta modurik eraginkorrenean eramatea. Horretarako, enplegu-aukerak piztuko dituzten neurriak hartzea komeni da; bereziki, enplegua aurkitzeko arazo gehien dauzkaten pertsonei begira. Izan ere, atzeraldi ekonomikoko garai luzearen ondoren, langabezian irauteko arriskua daukate pertsona horiek, eta aipatutako berrindartze-prozesutik kanpo geratzekoa; horrek zaildu egin ditzake lan-merkatuan txertatzeko dauzkaten aukerak, eta, halaber, ibilbide profesionalean eta eboluzio pertsonalean aurrera egiteko itxaropenak zapuztu.
Hain zuzen ere, behar horri erantzutera dator errege lege-dekretu honetan jasotako programa, zeinak berehalako eraginkortasuna izango duen. Horrenbestez, ezohikoa da izaeraz, eta mugatua denboran.
Azpimarratu behar da autonomia-erkidegoek eta gizarte-solaskideek parte-hartze garrantzitsua izan dutela errege lege-dekretu honek arautzen duen programa bideratzeko oinarriak ezartzeko prozesuan.
Beste horrenbeste esan liteke enpresa-kuota ordaintzeko salbuespenari dagokionez. Salbuespen hori aurreikusezinak diren hondamendi naturaletan oinarritzen da; izan ere, halako hondamendiek, edonoiz eragin ditzakete kalteak hala enpresetan, nola enpresa horien ekoizpen-jardueran. Halako hondamendiak aurreikusgarriak ez direnez, eta enplegua mantentzea sustatzeko, garrantzitsua da enpresak lehenbailehen babestea ohiz kanpoko gertaera horiek ekartzen dituzten ondorio ekonomiko larrien aurrean.
Horrenbestez, neurri horiek guztiak berehala aplikatzeko beharra bat dator Konstituzioak 86. artikuluan errege lege-dekretuak onesteko ezartzen duen aparteko eta presazko beharrizanen baldintzarekin.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroaren proposamenari jarraiki, eta Ministroen Kontseiluak 2014ko abenduaren 19ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua. Xedea.
1.Errege lege-dekretu honen xedea Enplegua Aktibatzeko Programa arautzea da. Aldi baterako programa espezifiko eta aparteko bat da, 2. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten iraupen luzeko langabeei zuzendua.
2.Programaren barnean, enplegu-politika aktiboak eta laguntza ekonomiko osagarria daude. Enplegu-politika aktiboak enplegu-zerbitzu publikoek kudeatzen dituzte, langabeak lan-merkatura berriro ekartzeko aukerak handitzeko helburuaz (lan-bitartekaritzako ekintzak) ; laguntza ekonomiko osagarria, berriz, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen du, enplegua aktibatzeko politika horietan parte hartzeari lotuta.
2. artikulua. Onuradunak.
1.Langabeak izan ahalko dira programa honen onuradun, baldin eta programan sartzeko eskaera 4. artikuluan adierazitako epean aurkezten badute, eta, eskaera egiteko egunean, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Gutxienez sei hilabete igaro izana laguntza edo prestazio hauetako bat agortu zaienetik: gizarteratzeko errenta aktiboa, zeina araututa dagoen behar ekonomiko bereziak eta enplegua aurkitzeko zailtasuna duten langabeak gizarteratzeko errenta aktiboaren programari buruzko azaroaren 24ko 1369/2006 Errege Dekretuan edo xedatzen zuten aurreko arauetan, errenta hori jasotzeko hirugarren eskubidea agortu denean; babeserako eta laneratzeko aldi baterako programa, zeina araututa dagoen langabeziaeta gizarteratzebabesaren aldi baterako programari buruzko abuztuaren 13ko 10/2009 Errege Lege Dekretuan; langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa, zeina araututa dagoen enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan eta programa hori luzatu duten hurrengo errege lege-dekretuetan.
Paragrafo honen ondorioetarako, laguntza edo prestazioa ez da agortutzat joko, baldin eta zehapen baten ondorioz azkendu bada, edo onuradunari egozgarri zaizkion arrazoiak direla medio eman bazaio eskubidean baja.
b) 2014ko abenduaren 1ean, dagokion enplegu-zerbitzu publikoan enplegueskatzaile gisa inskribatuta egotea. Baldintza hori betetzat joko da, nahiz eta langilea aipatutako datan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta ez egon, inskripzioa etenda daukanean besteren konturako lan bat egiten ari delako; betiere, kontratuaren iraupena 90 egun baino gutxiagokoa izan bada.
c) Programan sartzeko eskaera aurkeztu aurreko hemezortzi hilabeteetatik 360 egunez enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon izana.
d) Ordaindutakoaren araberako babesa, langabeziagatiko prestazioa edo gizarteratzeko errenta aktiboa jasotzeko eskubiderik ez izatea.
e) Aurreko a) hizkian bildutako azken eskubidea agortu baino lehen, bere borondatearen aurka besteren konturako lan bat uztea. Horrez gain, eskubide hori agortu ondoren ere lan egin badu, azken lana bere borondatearen aurka uztea.
f) Eskatzailearen hileko errentak, edozein dela ere horien iturria, ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoak, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita, eta familia-ardurak egiaztatzea. Errentak eta familia-ardurak egiaztatuko dira ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 215. artikuluaren 3.2) eta 2 paragrafoetan ezarritakoari jarraiki, hurrenez hurren. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko laguntzarekin bateragarriak diren jarduerengatik jasotako errentak.
g) Aurreko a) paragrafoko prestazioren edo laguntzaren bat agortu ostean beste gutxieneko errentarik, gizarte soldatarik edo edozein herri-administraziok emandako gizarte-laguntzako pareko laguntzarik jaso badu eskatzaileak, gutxienez 6 hilabete pasatu
beharko dira errenta horiek jasotzeari utzi dionetik, programan sartzeko eskaera egin ahal izan arte.
h) 3. artikuluan xedatutako aktibazio-betebeharrak betetzea.
2.Programan sartzeari dagokionez, ez dira langabetzat joko programan sartzeko eskaera aurkezteko egunean besteren kontura lanaldi partzialean lanean ari direnak.
3. artikulua. Aktibazio-betebeharrak.
Programan sartzeko eta bertan jarraitzeko, langabeek ondoko betebehar hauek bete beharko dituzte, 2. artikuluan ezarritako baldintzez gain:
a) Eskaera egitean, jarduera-konpromisoa sinatzea, zeinaren arabera langabeek beren laneratzea errazteko jarduerak egingo dituzten, enplegu-zerbitzu publikoek edo zerbitzu horien erakunde laguntzaileek adostutakoak, 6. artikuluan xedatutakori jarraiki; horrez gain:
1.a Programan parte hartzen duten bitartean, enplegu zerbitzu publikoek edo zerbitzu horiekin elkarlanean diharduten enplegu-agentziek eskainitako enplegu egokia onartzea. Ondorio horietarako, enplegu egokitzat joko da Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 231.3 artikuluan araututakoa.
2.a Enplegu-eskaera berritzea eskaera hori berritzeko dokumentuan zehaztutako moduan eta datan, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren, enplegu-zerbitzu publikoaren edo zerbitzu horiekin lankidetzan diharduten enplegu-agentzien aurrean agertzea, hala eskatzen diotenean.
3.a Errentan, ondarean edo familia-unitatean gertatutako aldaketak gertatu orduko jakinaraztea, bai eta laguntza jasotzeko bateraezintasuna dakarten egoerak ere.
4.a Bidegabeki jasotako laguntzak itzultzea.
5.a Enplegu-zerbitzu publikoei edo, hala badagokio, zerbitzu horiekin elkarlanean diharduten enplegu-agentziei dagokion egiaztagiria ematea, bost eguneko epean; egiaztagiri horretan, zehaztuko da agertu direla aipatutako erakundeek eskainitako enplegu-eskaintzak betetzeko adierazitako lekuan eta datan.
6.a Programak irauten duen bitartean, eta enplegu-zerbitzu publiko eskudunak hala eskatzean, lan-bilaketa aktiboa frogatzea.
7.a Programan sartzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren dokumentuak eta informazioa ematea, eta dagokion enplegu-zerbitzu publikoari eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazpenak egiteko helbidea jakinaraztea, bai eta, etxez aldatzean, helbide berria ere.
8.a Enplegu-zerbitzu publikoei baimena ematea programaren eta laguntza ekonomikoaren onuradun direla jakinarazteko haiekin elkarlanean aritzen diren enpleguagentziei eta hala eskatzen duten enpresei.
9.a Enplegu-bilaketa aktiboko jarduerak egitean edo enpresekin lan-kontratuak sinatzean, enpresei adieraztea programaren eskatzaile edo onuradun direla.
b) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrean egiaztatzea enplegu-bilaketa aktiboko gutxienez hiru ekintza egin dituztela eskaera aurkeztu dutenetik hilabeteko epean. Ekintza horiek egiaztatu beharko dituzte aipatutako hilabeteko epea agortu osteko hamar lanegunen barruan.
Ondoko hauek joko dira enplegu-bilaketa aktibotzat:
1.a Besteren kontura edo norbere kontura lan egitea.
2.a Curriculuma gutxienez hiru enpresatara bidaltzea edo aurkeztea.
3.a Gutxienez lan-elkarrizketa bat egitea.
4.a Gutxienez enplegu-agentzia batean inskribatzea.
5.a Enplegua bilatzeko gutxienez bi atari publiko edo pribatutan enplegu-eskatzaile gisa inskribatzea.
6.a Enplegu-zerbitzu publikoek kudeatutako gutxienez lan-eskaintza batera aurkeztea.
7.a Enplegu-zerbitzu publikoek eskainitako beste edozein; bereziki, prestakuntzaekintzak edo autoenplegua eta ekintzailetza bultzatzeko informazio-ekintzak zein jarduerak.
c) Enplegagarritasuna hobetzeko eta enplegu-bilaketa aktiboa bultzatzeko ekintzetan parte hartzea; ekintza horiek enplegu-zerbitzu publikoek programari hasiera eman baino lehen esleitutako enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatuan aurreikusita egongo dira. Langabeari eskaera egiten duenetik hilabeteko epean esleituko diote ibilbide hori, 6. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
Nolanahi ere, enplegu-zerbitzu publikoak ezin izan badu ibilbidea aipatutako hilabeteko epean prestatu, langabeak programan sartzeko egindako eskaera onartzeko, beharrezkoa izango da ibilbide hori egitea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak 4.3 artikuluan adierazitakoaren arabera eskaera ebazteko duen hiru hilabeteko epea agortu baino lehen.
4. artikulua. Eskaera eta programan sartzea.
1.Programan onartuak izateko, eta 7. artikuluan aurreikusitako laguntza ekonomiko osagarria jasotzeko aitorpena lortzeko, langabeek 2015eko urtarrilaren 15a eta 2016ko apirilaren 15a bitartean aurkeztu beharko dute programan sartzeko eskaera.
Eskaera dagokion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestazio-bulegoan aurkeztu beharko du langabeak, zehaztutako ereduari jarraiki.
Eskaerarekin batera, 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu langabeak; dokumentu horien artean, jarduerakonpromisoa egon beharko da, eskatzaileak sinatuta.
2.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatzen duenean eskatzaileak 2. artikuluan bildutako baldintzak betetzen dituela, eskatzaileari jakinaraziko zaio enplegubilaketa aktiboko ekintzak egin dituela egiaztatu beharko duela, 3. artikuluan ezarritako moduan, eta enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua esleitua izan beharko duela, 3 eta 6.2 artikuluetan adierazitako moduan. Eskatzaileak hori guztia egiaztatu beharko du programan onartua izateko eta dagokion laguntza ekonomikoa jasotzeko.
Horrez gain, eskaera enplegu-zerbitzu publiko eskudunari igorriko zaio, eskatzailearen profilaren diagnostikoa egin dezan, eskatzailearen enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua diseina dezan, eta eskatzaileari tutore indibidual bat eslei diezaion, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.Eskatzaileak lan-bilaketa aktiboa egiaztatu duenean, eta enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua zein tutorea esleitu zaizkionean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ebazpena emango du, langilea programan sartzen dela adieraziz. Adierazpen horrek laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea emango dio langileari, bai eta, hala dagokionean, laguntza hori lanarekin bateratzeko aukera ere, 8. artikuluan aurreikusitako moduan. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eskaera aurkeztu zenetik hiru hilabeteko epean emango du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez badu, eskaera administrazio-isiltasunagatik ezetsi egin dela joko da.
4.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako ebazpenaren aurka, lan-arloko jurisdikziora jo aurreko erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, ebazpena jakinarazten denetik hogeita hamar eguneko epean.
5. artikulua. Programan eta laguntza ekonomikoan baja ematea eta berriro sartzea.
1.Ondoko egoera hauetako batean dagoen onuradunari behin betiko baja emango zaio programan, eta utzi egingo dio dagokion laguntza ekonomikoa jasotzeari:
a) Ez betetzean jarduera-konpromisotik eratorritako betebeharrak, enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatuan zehaztutakoak, betebehar horiek ez betetzeko justifikatutako arrazoiak daudenean salbu.
b) Ez agertzean Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegu-zerbitzu publikoen aurrean, agertzeko eskaera egin diotenean; ez berritzean enplegu-eskaera,
eskaera berritzeko dokumentuan zehaztutako moduan eta datetan; edota enplegu-zerbitzu publikoei ez itzultzean, dagokien epean, adierazitako lekuan eta datan agertu izanaren frogagiria, zerbitzu horiek edo zerbitzu horiekin elkarlanean diharduten enplegu-agentziek adierazitako enplegu-eskaintzak betetzera; guztia ere, justifikatutako arrazoiak daudenean salbu.
c) Enplegu-bilaketa aktiboa ez egiaztatzean 3. artikuluan adierazitako moduan, enplegu-zerbitzu publikoek bilaketa hori egiaztatzeko eskaera egin diotenean.
d) Enplegu-eskaintza egoki bati uko egitean, eskaintza hori egin diotenean enpleguzerbitzu publikoek edo zerbitzu horiekin lankidetzan diharduten enplegu-agentziek.
e) Enplegu-programetan parte hartzeari uko egitean, edota sustapen-ekintzetan, prestakuntza-ekintzetan edo lanbide-birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egitean, programa edo ekintza horietan parte hartzeko eskaera egin diotenean enpleguzerbitzu publikoek edo zerbitzu horiekin lankidetzan diharduten enplegu-agentziek.
f) Programaren bidez lortutako lanean borondatezko baja hartzean.
g) Besteren kontura lan egitean, lanaldi osoan zein partzialean, 90 egunez edo gehiagoz, baldin eta enpresak ez badu langileari legez edo hitzarmen bidez dagokion soldatatik laguntza ekonomikoaren zenbatekoa kentzen, 8. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
h) Bere kontura lan egitean, 180 egunez baino gehiagoz.
i) Langabezia-prestazioa, langabezia-subsidioa edo nekazaritza-errenta eskuratzean, edota bestelako pentsio, prestazio edo gizarte-laguntzak jasotzean.
j) 2. artikuluan adierazitako errentarik ez edukitzearen edo familia-ardurak izatearen baldintza betetzeari uztean, hurrengo paragrafoan zehazten den egoeran salbu.
k) Atzerrira lekualdatzean, salbu eta enplegu-ibilbide esklusibo eta pertsonalizatuan ezarritako jarduerek horretara behartzen badute, eta programan esleitutako tutoreak baimena ematen badio.
l) Onuradunak programari bere borondatez uko egitean.
m) Laguntza ekonomikoa bidegabeki jasotzean edo mantentzean.
2.Onuradunei behin-behineko baja emango zaie programan, eta, bajak irauten duen bitartean, utzi egingo diote dagokion laguntza ekonomikoa jasotzeari, ondoko egoera hauetako batean daudenean:
a) Besteren kontura lan egitean, lanaldi osoan zein partzialean, 90 egun baino gutxiagoz, baldin eta enpresak ez badu deskontatzen langileari legearen edo hitzarmenaren arabera dagokion soldatatik laguntza ekonomikoaren zenbatekoa, 8. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
b) Beren kontura lan egitean, 180 egun baino gutxiagoz.
c) 2. artikuluan ezarritako errenten edo familia-arduren baldintza ez betetzean, 180 egun baino gutxiagoz.
3.Onuradunari programan eta laguntzan aldi baterako baja ematen bazaio aurreko atalean aurreikusitako arrazoien ondorioz, programan berriro sartzeko eskubidea aitortu ahal izango zaio, baldin eta eskaera 4.1 artikuluan ezarritako epean egiten badu, 2. artikuluko d) eta f) hizkietan adierazitako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen badu, eta, hala badagokio, besteren konturako lana amaitu bazaio eta legezko langabezia-egoeran dagoela frogatzen badu. Programan berriro sartzeko, enplegu-eskatzaile gisa inskribatu beharko du, eta jarduera-konpromisoa berraktibatu beharko du.
Langilea programan aldi baterako bajan dagoen denbora, laguntza ekonomikoa jaso gabe, artikulu honen 2. atalean aurreikusitakoaren arabera, ez da zenbatuko laguntzaren iraupenaren ondorioetarako.
4.Programako bajak eta berriro sartzeko eskaerak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ebatziko ditu, eta enplegu-zerbitzu publiko eskudunei jakinaraziko dizkie, 6. artikuluan aurreikusitako laneratze-ekintzek jarrai dezaten ala ez.
5.Lehenengo paragrafoko a) , b) , c) , d) , e) , h) , i) eta k) lerrokadetan aurreikusitako kasuetan, programan baja emateko izapidetzea abiarazi ahalko da betebeharren bat
betetzen ez dela jakiten denetik aurrera edo programa betetzen irregulartasunak antzematen direnetik aurrera. Horrelakoetan, onuradunari kautelazko baja emango zaio programan, eta entzunaldia emango zaio, 15 eguneko epean egokiak iruditzen zaizkion alegazioak idatziz aurkez ditzan. Epe hori amaitzen denetik 15 eguneko epean, dagokion ebazpena emango du enplegu-zerbitzuak.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako ebazpenaren aurka, lan-arloko jurisdikziora jo aurreko erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, 4.4 artikuluan aurreikusitako moduan.
6.Laguntza ekonomiko osagarria bidegabeki jaso duten onuradunek itzuli egin beharko dute jasotakoa. Dirua itzultzeko eskakizuna egingo da Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 227. artikuluan eta hori garatzen duen araudian langabeziaprestazioetarako ezarritakoa betez.
6. artikulua. Enplegua aktibatzeko programaren garapena.
1.Programaren xedea onuradunak aktibatzea eta lan-munduan txertatzea izango da; onuradun bakoitzak behin bakarrik jo ahalko du programara.
2.Eskumena duen enplegu-zerbitzu publikoak tutore bat esleituko dio onuradunari, programan onartu aurretik. Tutore horrek, programan sartzeko eskaera aurkezten denetik hilabeteko epean, onuradunaren enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua prestatuko du, langilearen profilaren aurre-diagnostikoa egiteko elkarrizketa indibidualizatu batean oinarrituta.
3.Tutorea arduratuko da ibilbidea prestatzeaz eta segimendua egiteaz, langilea lanmunduan txertatzeko beharrezko aktibazio-neurriak proposatzeaz, eta jarduerakonpromisoan hartutako gainerako betebeharrak kontrolatzeaz. Bereziki, tutorea arduratuko da langabea lan-munduan txertatzeko beharrezkoak diren orientaziorako, bitartekaritzarako eta lanbide-heziketarako zerbitzu zein programak kudeatzeaz, eta, halaber, programak irauten duen bitartean lortutako lanen segimendu indibidualizatua egiteaz.
Onuradunak 8. artikuluan aurreikusitako bateragarritasunari eutsiz egiten dituen kontratazio posibleak jakinarazi beharko dizkio tutoreari.
4.Enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua osatzen duten zerbitzuei edo programei buruzko informazioa enplegu-zerbitzu publikoen informazio-sisteman jaso behar da, zerbitzua edo programa hasi zenetik hilabete igaro baino lehen.
5.Aktibazio-neurriek aintzat hartuko dituzte lan-merkatuaren unean uneko joerak eta onuradunaren prestakuntza-beharrak. Era berean, arreta eskaini beharko diete enpresei, kontuan hartuko dituzte enpresen kontratazio-premiak eta behar dituzten profil profesionalak, programako parte-hartzaileen artean inkestak eginda hautagaiak bilatuko eta proposatuko dituzte, eta sinatutako kontratuen segimendua egingo dute.
6.Enplegu-zerbitzu publikoek ondoko alderdi hauek jakinaraziko dizkiote Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari:
a) Programaren eskatzaileari esleitutako tutorearen izen-abizenak, diseinatutako ibilbideak, ibilbideak indarrean egon bitartean eskatzaileak lortutako lanak, eta segimendua. Ibilbideak diseinatu eta berehala jakinarazi beharko zaizkio Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari.
b) Onuradunak ez duela betetzen programan sartzeko eskaera egitean bere gain hartutako betebeharretako edozein, enplegu-bilatzaile gisa inskribatuta jarraitzen duela, enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatuan eraginkorki parte hartzen duela, eta enplegua aktiboki bilatzen duela.
7. artikulua. Laguntza ekonomiko osagarria.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak programan sartzeko eta laguntza ekonomiko osagarria aitortzeko ebazpena eman ostean, 4.3 artikuluan adierazitako moduan,
onuradunek laguntza ekonomikoa jaso ahalko dute, ondoko lerrokadetan ezarritakoarekin bat:
a) Laguntza ekonomikoak gehienez sei hilabeteko iraupena izango du; nolanahi ere, programan aurreikusitako laneratze-ekintzak epe horretatik kanpo ere egin ahalko dira.
b) Laguntzaren zenbatekoa une oro indarrean dagoen hileko eragin anitzeko errenten adierazle publikoaren ehuneko 80 izango da.
c) Laguntza ekonomikoa aitortzen denean, aitorpen hori ondorio ekonomikoak izaten hasiko da onuradunak programan sartzeko eskaera aurkeztu zuen egunetik hilabeteko epea igaro eta biharamunetik aurrera; horretarako, eskatzaileak egiaztatu beharko du, adierazitako epea agortu osteko hamar egun balioduneko epean, bitarte horretan enplegubilaketa aktiboa egin duela, 3. artikuluan ezarritako denboran eta moduan, eta dagokion enplegu-zerbitzu publikoak enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua esleitu diola.
Enplegu-zerbitzu publiko eskudunak ez badu aipatutako hilabeteko epean enpleguibilbide indibidual eta pertsonalizatua prestatu, laguntzaren ondorio ekonomikoak sortuko dira egiaztatzen denean eskatzaileak ibilbide hura esleituta duela, 3. artikuluan ezarritako moduan.
d) Estatuko Zerbitzu Enplegu Publikoak ordainduko du, aldiro, laguntza ekonomikoa, sortzapenaren hurrengo hilabetean.
8. artikulua. Laguntza ekonomiko osagarriaren bateragarritasunak eta bateraezintasunak.
1.Programan onartzen denetik aurrera, laguntza ekonomikoa bateragarria izango da ondoko hauekin:
a) Enplegurako lanbide-heziketako ekintzetara joateagatik jaso daitekeen edonolako laguntzarekin.
b) Besteren konturako lanarekin (lanaldi osoan zein partzialean, eta iraunaldi mugagabekoa edo aldi baterakoa izan) , gehienez ere bost hilabetez; betiere, lana sektore publikokoak ez diren enpresa edo erakundeetan egiten bada, bat etorriz azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 3.1 artikuluarekin.
2.1.b) paragrafoan aurreikusitako kasuan, langileak laguntza ekonomikoa jasotzen jarraituko du kontratua indarrean den bitartean, laguntza ekonomikoa jasotzeko geratzen zaion denboran, gehienez bost hilabetez.
Denbora horretan, langileari legearen edo hitzarmenaren arabera dagokion soldatatik deskontatuko du enpresaburuak laguntza ekonomikoaren zenbatekoa. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, soldatatik deskontatu beharreko laguntza ekonomikoaren zenbatekoa lanean emandako denborarekiko proportzionala izango da. Nolanahi ere, lan-kontratua azkentzearen ondorioz dagozkion kalte-ordainak nahiz Gizarte Segurantzaren kotizaziooinarriak kalkulatzeko, langileari legearen edo hitzarmenaren arabera dagokion soldata hartuko da kontuan.
Bateragarritasuna aplikatzeko, langileak egiaztagiri bat aurkeztuko beharko du enpresan; egiaztagiri horretan, aitortutako laguntza ekonomikoaren epea eta zenbatekoa zehaztu beharko dira. Ondorio horietarako, baliozkoa izango da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak programan onartzeko eta laguntza ordaintzeko emandako ebazpena.
3.Kontratazio horri indarrean dagoen araudiaren arabera dagozkion hobari edo murrizketak aplikatuko zaizkio Gizarte Segurantzaren kuotetan; betiere, egindako kontratuak kasuan-kasuan ezarritako baldintzak betetzen baditu. Nolanahi ere, Gizarte Segurantzaren kuotetako aipatutako hobariez edo murriztapenez bestelako laguntza publikoko neurriekin bateragarria den soldataren zenbatekoari kendu beharreko laguntza ekonomikoaren zenbatekoa ezingo da izan sinatutako kontratuari dagokion urteko soldataren % 80tik gorakoa, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak kanpoan utzita.
Kontratua azkentzen bada onuradunak programan parte hartzen amaitu baino lehen, eta, betiere, onuradunak ez baditu betetzen prestazio kontributibo bat edo langabezia-
subsidioa jasotzeko baldintzak, langileak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestaziobulegoari jakinarazi beharko dio kontratua azkendu zaiola, azkentze hori gertatu eta hamabost eguneko epean. Horrez gain, jarduera-konpromisoa berraktibatu beharko du, programan parte hartzen jarraitu ahal izateko, eta laguntza ekonomiko osagarria geratzen zaion denboran jasotzen jarraitzeko.
4.Laguntza ekonomikoa bateraezina izango da ondoko hauekin:
a) Edonolako errentak jasotzea, baldin eta 2. artikuluan ezarritako mugak gainditzea badakarte; ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko errenta jasotzearekin bateragarriak diren ekintzengatik edo lanengatik jasotakoak.
b) Langabezia-prestazioak edo -subsidioak jasotzea, edo nekazaritza-errenta.
c) Lanarekin bateraezinak diren pentsio edo prestazio ekonomikoak jasotzea Gizarte Segurantzaren eskutik.
d) Norberaren edo besteren konturako lana (lanaldi osoan zein partzialean) aldi berean egitea, 1.b) paragrafoan ezarritakoaren arabera bateragarria denean izan ezik.
e) Gutxieneko errentak, gizarte-soldatak edo herri-administrazioek ematen dituzten antzeko laguntzak jasotzea.
9. artikulua. Finantzaketa.
1.7. artikuluan zehaztutako laguntza ekonomikoaren finantzaketa langabeziagatiko babes-ekintzaren barruan sartuko da, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontutik ordainduko da.
2.Dagokion autonomia-erkidegoaren aurrekontutik ordainduko dira enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua diseinatzeak, esleitzeak eta segimendua egiteak eragindako kostuak, bai eta enplegua aktibatzeko programan jasotako laneratze-ekintzek eragindako kostuak ere.
3.Programa hau gauzatzeko, autonomia-erkidegoek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastu-aurrekontutik jasotako dirua erabiliko dute. Diru hori 2015eko Enplegu eta Lan Kontuetarako Sektore Konferentzian erabakitako irizpideen arabera esleituko zaie; besteak beste, funts horiek kudeatzeko baldintzak finkatzen dituzten arauen edo hitzarmenen arabera, azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontuen Lege Orokorraren 86. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
4.Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek beren baliabide osagarriak bideratu ahal izango dituzte enplegua aktibatzeko eta langabeak txertatzeko programaren kudeaketa egokia finantzatzera.
Lehenengo xedapen gehigarria. Informazio-betebeharrak.
1.Programa behar bezala gauza dadin, eta onuradun potentzial guztiei aukera berberak eskaintzearren, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari gaikuntza ematen zaio laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura garatzeko, bai eta enplegu-zerbitzu publikoekin zein elkarlanean aritzen diren enplegu-agentziekin koordinatzeko eta informazioa trukatzeko beharrezko mekanismoak ezartzeko ere.
2.Era berean, enplegu-zerbitzu publiko eskudunek beharrezko neurriak hartuko dituzte, hala eskatzen duten enpresei eta enplegu-agentziei programaren onuradunen inguruko informazioa emateko, onuradun horiei lan-munduan txertatzen laguntzeko asmoz.
3.Baldin eta enpresa batek laguntza ekonomikoa 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera bateragarri duten onuradunak kontratatzen baditu, enpresaburuak egoera hori jakinaraziko du, kontratazioaren berri ematen duenean.
Bigarren xedapen gehigarria. Eskumen-banaketa.
1.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio aktibazio-programan aurreikusitako laguntza ekonomikoa kudeatzea eta ordaintzea; probintzia-zuzendaritzen bidez egingo du hori. Probintzia-zuzendaritzetako titularrek programan sartzeko eskubidea onartzen edo
ukatzen duten ebazpenak eman beharko dituzte; halaber, bajak eta itzulerak ebatzi beharko dituzte.
Ebazpenak lan-arloko jurisdikzio-organoetan aurkaratu ahalko dira, aurrez organismo horren aurrean erreklamazioa jarrita, lan-arloko jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 71. artikuluan ezarritako moduan.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio, halaber, 7. artikuluan aurreikusitako laguntza ordaintzea, baldintzak eta bateraezintasunak kontrolatzea, bidegabeki jasotako laguntzak itzultzeko eskatzea, eta langabezia-prestazioen edo gizarteratzeko errenta aktiboan oker jasotako konpentsazioen dirua eskatzea; hori guztia, langabeziaprestazioetarako zehaztutako modu berean.
Horrez gain, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumena izango da enplegupolitika aktiboen esparruko enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak garatzea, baldin eta ekintza horiek Estatuko Aurrekontu Orokorren urteroko Legean berariaz onartutako kredituen bidez finantzatuko badira, kudeaketa zuzeneko erreserba-gastu gisa, bat etorriz Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 13.h) artikuluan ezarritakoarekin.
2.Enpleguko Institutu Nazionala zenak (orain Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa denak) lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren esparruetan egiten zuen kudeaketa-lana autonomia-erkidegoek egiten dute orain; hala, autonomia-erkidegoek izango dute eskumena programaren enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua zein enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak esleitzeko, eskumenak eskualdatzeari buruzko errege-dekretuetan ezarritakoarekin bat.
3.Aktibazio-programa Itsas Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko langabeei aplikatzen zaienean, Itsasoko Gizarte Institutuak beteko ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari programa hura kudeatzeko esleitutako eskumenak.
Hirugarren xedapen gehigarria. Ebaluazioa.
Programaren emaitzak aztertzeko xedez, programaren ebaluazioa egingo da haren indarraldia amaitu baino hiru hilabete lehenago, bai programaren eraginkortasuna neurtzeko, bai, hala badagokio, dagoen moduan aplikatzen jarraitzea edota aldaketak egitea erabakitzeko. Ebaluazio hori Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak, autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek eta gizarte-solaskideek egingo dute, batera.
Era berean, 2016an, ebaluazio horren emaitzak kontuan hartuko dira Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastu-aurrekontuko funtsak autonomia-erkidegoei bideratzeko, dagokion Enplegu eta Lan Kontuetarako Sektoreko Konferentzian erabakitako moduan.
Laugarren xedapen gehigarria. Ezinbeste-kasuetan, kuotak ordaintzeko betebeharra salbuestea, enplegua mantentzea bultzatzeko.
1.Lan-agintaritzak ebazpena eman ostean, ezinbeste baten ondorioz lan-kontratuak etetea edo lanaldia murriztea erabakitzen duten enpresek Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 214.2 artikuluan aurreikusten den enpresa-ekarpena ehuneko 100era arte salbuestea eskatu ahal izango diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari, ondoko baldintza hauek betez gero:
a) Ezinbestea hondamendi naturalen ondorio izatea, hala aurreikusezinena nola aurreikusgarri saihestezinena (esaterako: lurrikarak, itsasikarak, suteak, uholdeak, izurriteak, leherketak, haizeteak, eta itsas ekaitzak) , eta, hondamendi horien ondorioz, enpresaren instalazioak edo langunea guztiz edo zati batean suntsituta egotea eta horrek langileen lanean jardutea eragoztea.
b) Nahitaezko txosten baten bidez, ezinbesteak aurreko hizkian aipatutako ezaugarriak dituela egiaztatzea. Nahitaezko txosten hori Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Zuzendaritza Nagusiaren Zuzendaritza Bereziak egingo du, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak eskatuta. Txosten horrek ez du Langileen Estatutuaren 51. artikuluan eta bere garapen-araudian eskatzen den txostena ordeztuko.
c) Enpresak ordainduta izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ondoko hauek egiaztatzea: jasandako kalteak, lan-jarduerarekin jarraitzeko ezintasuna, eta ezinbesteak jardueran zuzenean eragindako galerak.
d) Hondamendia gertatzean, enpresak aseguratuta izatea ezinbesteak kaltetutako ekoizpen-jarduerarako ezinbestekoak diren ondasunak.
e) Enpresak konpromisoa hartzea ezinbesteak kaltetutako jarduerak berrezartzeko beharrezkoa den berrinbertsioa egiteko, salbuespenak irauten duen bitartean. Konpromiso hori betetzen ari dela egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egoki diren aholkularitza eta txosten teknikoak eskatu ahalko ditu.
f) Enpresak konpromisoa hartzea kontratu-eteteak edo lanaldi-murrizketak eragindako langile guzti-guztiei enplegua mantentzeko, etetea edo murrizketa amaitu eta hurrengo urtean. Konpromiso horretatik kanpo geratuko dira beste langune batzuetan kokatutako langileak.
2.Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ebazpenak adierazi egin beharko du aitortutako salbuespenaren ehunekoa zein den. Ehuneko hori zehaztean, kontuan hartu beharko dira, besteak beste: enpresaren egoera ekonomikoa, kaltetutako enpresaren osagarri diren beste enpresa batzuetan ezinbesteak izandako eragin ekonomikoa, enplegua mantentzeko eta sortzeko epe ertainerako eta luzerako aurreikuspenak, eta plantillan lan-kontratu mugagabea duten langileen ehunekoa.
3.Xedapen honetan Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotak ordaintzeari dagokionez aipatzen den salbuespenak 12 hilabeteko iraupena izango du gehienez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak salbuespena aitortzeko ebazpena ematen duenetik hasita.
Aurreko lerrokadan adierazitako 12 hilabeteko epean aldi baterako kontraturen bat azkentzen bada, adostutako epea agortu delako edota kontratuaren xede den obra edo zerbitzua gauzatu delako, enpresek salbuespenaren onura jasotzen jarraitu ahalko dute kontratu horiei dagokienez, 12 hilabeteak bete arte geratzen den denboran; betiere, azkentzeak eragindako langilearekin kontratu mugagabea sinatzen badute.
Enpresek hala eskatuta, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak beste 12 hilabetez luzatu ahalko du salbuespena; horretarako, enpresak egiaztatu beharko du, batetik, salbuespena aitortzeko jatorrizko baldintzak betetzen jarraitzen duela, eta, bestetik, hartutako konpromisoak abiarazi dituela, dela enpresan beharrezko berrinbertsioa egiteko, dela eteteak edo murrizketak eragindako langileak enpleguan mantentzeko.
4.Lehenengo paragrafoko e) eta f) hizkiek ezarritako konpromisoak betetzen ez dituzten enpresek itzuli egin beharko dute salbuetsitako kotizazioen zenbatekoa, dagozkien errekargu eta berandutze-interesekin, Gizarte Segurantzaren zerga-bilketaren arauetan ezarritakoari jarraiki; hori guztia, kalterik egin gabe abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoari.
Enpleguan mantentzeko betebeharra ez da urratutzat joko, lan-kontratua azkentzen denean bidezko deklaratutako diziplinazko kaleratzeagatik edota langilearen dimisioagatik, heriotzagatik, erretiroagatik edo ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik. Aldi baterako kontratuen kasuan, enpleguan mantentzeko betebeharra ez da urratutzat joko, baldin eta lan-kontratua azkentzen bada hitzartutako epea agortzeagatik edota kontratuaren xede zen obra edo zerbitzua amaitzeagatik.
5.Errege lege-dekretu honetan xedatutakoa berau indarrean sartzen denetik aurrera aurkezten diren salbuespen-eskaerei aplikatuko zaie. Ez zaie salbuespenik aitortuko ezinbesteko aparteko gertaera jazo denetik 3 hilabete baino gehiagora aurkezten diren eskaerei.
Azken xedapenetako lehenengoa. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.7 eta 149.1.13 artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da. Artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari: bai lan-legeriaren gainean, kalterik egin gabe autonomia-erkidegoetako organoek
legeria hori betearazteko duten ardurari, bai jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak zehazteko eta horren koordinazio orokorra egiteko.
Azken xedapenetako bigarrena. Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legea aldatzea.
Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen zortzigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«2. 2015eko ekainaren 30era arte sinatzen diren prestakuntzaeta ikaskuntzakontratuetan, egin beharreko lanarekin erlazionatutako lanbide-heziketako titulurik edo lanbide-egiaztagiririk ez dagoenean, edota jarduerak emateko prestakuntzazentrorik ez bada, prestakuntza-espezialitateen fitxategian zehaztutako orientaziorako gutxieneko edukiek osatuko dute kontratuei lotutako prestakuntzajarduera, kontratuan aurreikusitako lan-jarduerarekin lotutako lanbide edo espezialitateei dagokienez; fitxategi hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean egongo da ikusgai (www.sepe.es) , bai eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoen webguneetan ere. Orientaziorako gutxieneko edukirik ez bada, enpresek zehaztutako edukia izango du prestakuntza-jarduerak, edota enpresek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari adierazitakoa, Enplegu Sistema Nazionalaren esparruan balioztatzearren. Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren aginduz, adierazitako epea 2015eko abenduaren 31ra arte luzatu ahalko da.»
Azken xedapenetako hirugarrena. Behar ekonomiko bereziak eta enplegua aurkitzeko zailtasunak dituzten langabeak gizarteratzeko errenta aktiboko programa arautzen duen azaroaren 24ko 1369/2006 Errege Dekretua aldatzea.
Bat. Honela idatzita geratzen da behar ekonomiko bereziak eta enplegua aurkitzeko zailtasunak dituzten langabeak gizarteratzeko errenta aktiboko programa arautzen duen azaroaren 24ko 1369/2006 Errege Dekretuaren 2. artikuluko 1. paragrafoaren b) hizkia:
«b) Enplegu-eskatzaile izatea, eta enplegu-bulegoan gutxienez 12 hilabetez segidan egotea langabe gisa inskribatuta. Ondorio horietarako, enplegu-eskaera eten egin dela joko da, baldin eta eskatzaileak lan egin badu programan sartzeko eskaera aurkezteko dataren aurreko 365 egunetatik gutxienez 90 eguneko epe metatuan.
Aurreko lerrokadan aipatutako enplegu-eskatzaile gisa izena emandakoan, eskatzaileak aktiboki bilatu beharko du enplegua, ez du enplegu-eskaintza egokirik baztertuko, eta ez dio uko egingo, arrazoi justifikaturik dagoenean salbu, sustapenekintzetan, prestakuntza-ekintzetan edo lanbide-birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari, edo enplegagarritasuna handitzeko beste ekintza batzuetan parte hartzeari.
Langabeak, eskaera egitean, egiaztatu beharko du aipatutako inskripzio-epean enplegua aktiboki bilatzeko ekintzak egin dituela, erregelamendu bidez ezarritako moduan. Erregelamendu hori onetsi arte, Enplegua Aktibatzeko Programa arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluak xedatutako moduan egiaztatu beharko ditu aipatutako ekintzak.
Ondorio horietarako, atzerrira joateak eten egiten du enplegu-eskatzaile inskripzioa.
Hala ere, inskripzioa ez da etengo, baldin eta eskatzaileak egiaztatzen badu atzerrira joan dela ezkondu delako, seme edo alabaren bat jaio delako, bikotea edo gehienez odolkidetasunezko edo loturazko bigarren mailako senideren bat zendu edo gaixotu delako, edota izaera publiko eta pertsonaleko ezinbesteko behar bat bete behar zuelako; betiere, atzerriko egonaldia 15 egunekoa edo gutxiagokoa izan bada.
Era berean, inskripzioa ez da etengo, baldin eta eskatzailea Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetara edo Suitzara joan bada enplegu bila, lan bat egitera, profesionalki trebatzera edo nazioarteko lankide gisa; betiere, egonaldia 90 egunetik beherakoa bada.
Enplegu-eskaera eteten den kasuetan, inskripzio berria egiten denetik 12 hilabete jarraituko aldia eskatuko da.»
Bi. Gobernuak, errege-dekretu bidez, aldatu egin ahalko du aurreko paragrafoan xedatutakoa.
Azken xedapenetako laugarrena. Langabezia-babesari buruzko abuztuaren 2ko 31/1984 Legea garatzen duen apirilaren 2ko 625/1985 Errege Dekretua aldatzea.
Langabezia-babesari buruzko abuztuaren 2ko 31/1984 Legea garatzen duen apirilaren 2ko 625/1985 Errege Dekretua honela idatzita geratzen da:
Bat. 32. artikuluaren 1. paragrafoko c) hizkia honela idatzita geratzen da:
«c) Epe hori igarota, erantzukizunik izanez gero, ebazpenak bi alderdi zehaztu beharko ditu: prestazioaren zenbatekoa, eta enpresaburuaren edo enpresaburuen erantzukizunaren helmena. Enpresaburuak edo enpresaburuek ebazpena jakinarazten zaienetik hogeita hamar eguneko epean ordaindu beharko dute prestazioa. Dirua ez bada epe horretan itzultzen, ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Zerga-bilketako Erregelamendu Orokorraren 69. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da; zorduna erakunde publiko bat denean, aldiz, erregelamendu horren 39. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.»
Bi. 33. artikuluaren 2. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«2. Langileak ebazpena jakinarazi zaionetik hogeita hamar eguneko epea izango du bidegabeki jasotako prestazioaren edo subsidioaren zenbatekoa itzultzeko. Langileak ez badu epe horretan zorra ordaindu, 34. artikuluak aurreikusten duen konpentsazioa edo deskontua aplikatzea egoki ez denean, edota, konpentsazio edo deskontua egoki denean, langileak ezin izan badu zorra guztiz kitatu, ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Zergabilketako Erregelamendu Orokorraren 80. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.»
Hiru. Gobernuak, errege-dekretu bidez, aldatu egin ahalko du aurreko paragrafoetan xedatutakoa.
Azken xedapenetako bosgarrena. Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legea aldatzea.
Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legea honela idatzita geratzen da:
Bat. 21 bis artikuluko 4. paragrafoko c) hizkia kendu egiten da.
Bi. 21 bis artikuluaren 5. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«5. Enplegu-agentziak enplegu-zerbitzu publikoen erakunde laguntzailetzat jo ahalko dira, lege hau garatzen duten arauetan aurreikusitako helmenarekin.
Elkarlan hori arautzen duen tresna juridikoak dagozkion mekanismoak erregulatu beharko ditu, enplegu-agentziek mekanismo horien bidez komunika ditzaten langileek eta langabezia-prestazioaren eskatzaileek zein onuradunek bete ez dituzten betebeharrak, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiriko Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 231.1 artikuluan aurreikusitakoak.»
Azken xedapenetako seigarrena. Garatzeko ahalmenak.
Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren titularrari ahalmena ematen zaio errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Halaber, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrari ahalmena ematen zaio, bere eskumenen esparruan, errege lege-dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko.
Azken xedapenetako zazpigarrena. Indarrean sartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Nolanahi ere, errege lege-dekretu honek araututako Enplegua Aktibatzeko Programari dagozkion xedapenek 2015eko urtarrilaren 15etik aurrera sortuko dituzte ondorioak.
Azken xedapenetako laugarrena indarrean sartuko da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak akordioa sinatzen duten egunean; langileek bidegabeki jasotako prestazioak eta enpresek ordaindu beharrekoak premiamendu-bidez biltzeko lankidetza arautzen duen akordioa, alegia.
Madrilen, 2014ko abenduaren 19an.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|