13/2012 Legea, abenduaren 26koa, enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzari egindako iruzurraren aurkako borrokari buruzkoa
2012-12-26Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2012/12/27, 311. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
15596
13/2012 Legea, abenduaren 26koa, enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzari egindako iruzurraren aurkako borrokari buruzkoa.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.
Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
ATARIKOA I
Aurrekontu-egonkortasuna eta egitura-erreformak dira gobernuaren politika ekonomikoaren bi zutabe nagusiak. Ministro Kontseiluak onartu berri dituen arauetan gogorarazi moduan, ezin saihestuzko helburu bat du politika horrek: Espainiako ekonomian hazkundea eta lan-sorkuntza bultzatzea, eta hala, herritarren ongizatea bermatzea, ekintzaileentzako aukerak sortzea, eta etorkizuneko ikuspegi oparoagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa eskaintzea.
Gobernuaren lan, gizarte-segurantza eta migrazioaren arloko politikak argi eta garbi zehaztutako helburuei erantzun die legegintzaldi-hasieratik: Lehenik, lan-arloko legeria sakon modernizatzea, enplegua sortzera bideratuta egon dadin, eta enpresen barruan egonkortasun eta malgutasun handiagoa susta dezan. Gure lan-esparruaren egiturazko erreforma hori lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bidez gauzatu da.
Bigarrenik, Gizarte Segurantzako sistemaren iraunkortasun behar-beharrezkoa bermatzea, eta langabeziaren prestazioak bermatzea eta atxikitzea, horiek baitira gure ongizate-estatuaren funtsezko zutabeak.
Hirugarrenik, immigrazio legezkoa, ordenatua, arduratsua eta enpleguari lotua irmoki bultzatzea.
Laugarrenik, ezinbestean soilagoak izan behar duten aurrekontuekin kudeaketa publikoaren eraginkortasun eta efikazia handiagoak lortzea, eta lan-, enplegu-, gizarteeta migrazio-politika gehiago eta hobeak egitea.
Helburu horiek gogoan, enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko neurri ugari daude lege honen barruan.
II Helburu horien eta zerga-iruzurraren aurkako prebentzio- eta borroka-neurriei buruzko legearen berezko eta beharrezko osagarri, enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko plan bat onartu zuen 2012ko apirilaren 27ko Ministro Kontseiluak 2012-2013 aldirako.
Gobernuaren helburu nagusien artean, ongizate-estatuaren berezko politika sozialei eustea ere badago, baina, horretarako, sarreren eta gastu publikoen kudeaketaren eraginkortasuna eta efikazia hobetu beharra dago eta, gainera, antolamendu juridikoak aitortutako eskubideak dituzten guztiek zorrotz eta leial bete behar dituzte betebeharrak, baita esparru sozio-laboralean ere.
Herri-administrazioen aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna nahitaezkoak diren honetan, agerikoa da portaera jakin, nabarmen bidegabeak diren batzuei aurre egiteko jardunak areagotu beharra dagoela; horrelakoek, izan ere, Gizarte Segurantzako sistemaren baliabide ekonomikoen sarrerak murriztea eta langileen eskubideak hondatzea eragiten dute, bai eta legezko betebeharrak betetzen dituzten enpresa, ekintzaile eta langile autonomoekiko bidegabeko lehia maltzurra ere. Ekonomia eta enplegu irregularreko egoerak beti dira gaitzesgarriak; botere publikoak etengabe jazarri behar zaizkie, eta, oraingoa bezalako egoera batean, kontrolerako tresnak indartu behar dituzte. Portaera eta egoera horiek espainiar guztien arteko elkartasunaren printzipioaren aurkakoak dira; horregatik, eskura dauden tresna guztiekin egin behar zaie aurre, zuzenbide-estatua gure gizarte-estatuaren zerbitzuan jar dadin eta haren bermerik irmoena izan dadin.
Europako Batzordeak nabarmendu du ezkutuko enplegua «lan-merkatuaren segmentatzearen muturreko kasua dela»; izan ere, langileak eskubideak galtzeko etenik gabeko maldan beheran amilarazten ditu –sustapen pertsonala eta profesionala eragozten baitu; besteak beste, trebatzeko eta birkualifikatzeko eskubidea–, eta, bestetik, Gizarte Segurantzako sistemei kalte handia eragiten die, hala ordaindu gabeko kuotengatik, nola prestazioak bidegabeki ordaintzeagatik.
Horrexegatik onartu da, hain zuzen, 2012-2013 aldirako, enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko plan bat. Batetik, administrazioarloko antolaketa-neurriak daude bertan eta, bestetik, arauzko neurriak; azken horien artean, lege hau onartzea eta azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa, Zigor Kodearena, aldatzen duen lege organiko behar-beharrezkoa onartzea: indarrean dagoen legeesparruan behar-beharrezkoak diren erreformak dakartzate biek ala biek. Planak helburu hauek ditu:
1. Enplegu irregularra azalera dadin bultzatzea, era horretan lan-baldintzak erregulariza daitezen eta, gizarte-kotizazioak ordainduta, Gizarte Segurantzaren sistemarentzako diru-baliabideak sor daitezen.
2. Langabezia-prestazioak legeari iruzurra eginda eskura daitezen saihesteko zuzenketak egitea, bereziki, horiek eskuratu ahal izateko itxurazko enpresak eratzen diren kasuetan eta prestazio horiek jasotzearekin batera inoren nahiz norberaren konturako lana modu irregularrean egiten den kasuetan.
3. Izan litezkeen iruzurrezko egoerak azaleraraztea, batez ere enpresetan zerbitzuak ematen dituzten langileak Gizarte Segurantzako alta eginda ez daudenean, eta Gizarte Segurantzako sistemako beste prestazio batzuetarako sarbidean edo horiek eskuratzean egon litezkeenak.
4. Gizarte Segurantzarako enpresa-kotizazioetan hobariak edo murrizketak bidegabeki aplikatzen diren kasuei aurre egitea.
Lege honek hainbat aldaketa egiten ditu enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko indarrean dauden legezko arauetan, helburu horiek lortzen laguntzeko. Arau-esparru hori zaharkituta gelditu da hainbat alderditan; besteak beste, zigor-, administrazio- eta lan-arloko erantzukizunen eskaerak, lan-arloko arau-hausteen eta zehapenen araubideak eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egindako jardunak eta prozedurak oraingo errealitatera egokitu beharra zegoen, aspalditik.
Herri-administrazio guztiek eta gizarteak berak portaera eta egoera irregular eta iruzurrezko horiek zuzentzeko irmo jardun behar dutela alde batera utzi gabe, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardunak funtsezko tresna dira helburu horiek lortzeko, bereziki Gizarte Segurantzaren eta ekonomia irregularraren arloan egiten dituen ikuskatze-jardunak.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak, gaur, are eta indar handiagoz bete behar du dagokion zerbitzu publikoa, hau da, lan-arloko arauak betetzen direla zaintzea eta egokitzen diren erantzukizunak eskatzea; batetik, Europar Batasunaren azken gomendioei jarraitzeko eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen nazioarteko hitzarmenekin eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzeari buruzko azaroaren 14ko 42/1997 Legearen ondoriozko oraingo lege-esparruarekin bat etortzeko, eta, bestetik, gure enpresa-ehunaren eta lan-merkatuaren ezagutza sakona duelako.
Espainia zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa izanik, elkartasuna eta irmotasuna behar ditu aldi berean. Elkartasuna, hainbat gertakarien aurrean (esate baterako, langabezia edo erretiroa) eta gizarte-premiako egoerak bizi dituzten pertsonekin.
Irmotasuna, berriz, legez finkatutako betebeharrak betetzen ez dituzten eta gizartebizikidetzan hain eragin negatiboa duten haiekin. Elkartasuna eta irmotasuna dira gure modurik onena konstituzioan eta legeetan aitortutako lan- eta gizarte-eskubideak —gure ongizate-estatuaren funtsa alegia— guztiz zaintzeko. Lan- eta gizarte-eskubide horiek zaintzea da lege honen xede nagusia, hain zuzen.
III Legeak bost artikulu ditu; horietan, indarrean dauden hainbat arauren aldaketa – enplegu irregularra eta Gizarte Segurantzako iruzurra hauteman ahal izateko– eta kasu horiek zehatzeko eta zuzentzeko xedapenak bildu dira.
Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 42. artikuluaren aldaketa dago lehen artikuluan, enpresa-azpikontratazioaren kasuetan erantzukizun solidarioak eskatzeko bidea emanez; hala, eskaera hori egiteko epea luzatu egin da urte batetik hiru urtera, oraingo erregulazioak biziki zailtzen baitzuen neurri horren eraginkortasuna.
Bigarren artikuluak ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 31. artikuluaren 4. paragrafoa aldatzen du. Erantzuleak zenbateko txikiko likidazio-aktak onartuta, horiek ordaintzean zehapenaren zenbatekoa nabarmen murriztu dela hauteman dugu zenbaitetan. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 31.4 artikulua aldatu egingo da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 131.2 artikuluan jasotako proportzionaltasun-printzipioaren izenean; azken printzipio horren arabera, diruzko zehapenen bidez, saihestu egin behar da arau-hauslearentzat onuragarriagoa gertatzea tipifikatutako arau-hausteak egitea urratutako arauak betetzea baino.
Bigarren artikulu honek enpresentzako betebehar bat ere gehitu dio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 230. artikuluari. Horrela, bada, gauzatu aurretik jakinarazi beharko dizkiote langabezia-prestazioaren erakunde kudeatzaileari hasiera bateko egutegiaren aldaketak,—lan-kontratuak eteteko kasuetan—, edo ordu-xehetasunen aldaketak —lanaldi-murrizketen kasuetan—.
Gainera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarriaren lehen paragrafoa ere aldatu da. Horrela bada, Langileen Estatutuaren 51. artikuluaren 15. paragrafoa aipatu beharrean, 9. paragrafoari egingo zaio erreferentzia; konkurtso-prozeduran ez dauden enpresen enpleguerregulazioko espedienteetan hitzarmen berezi bat sinatzeko betebeharrari buruzkoa da; izan ere, lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012
errege lege-dekretua indarrean sartu zenetik, paragrafo horretan dago araututa hitzarmen berezi hori sinatzeko betebeharra.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzeari buruzko azaroaren 14ko 42/1997 Legearen aldaketen bitartez (hirugarren artikuluan daude jasota), batetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardunak erraztu nahi dira, oso baliagarriak diren tresna eta datu-baseak eskuratzea errazagoa izan dadin (esaterako, Notariotzaren Indize Bateratua), eta bestetik, zehatzeko edo likidatzeko prozeduraren aurretiko egiaztatze-jardueren iraunaldia luzatu nahi da. Horren guztiaren helburua da Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak, herritarren eskubideak urratu gabe, zereginak hobeto gauzatu ahal izatea, kalitate eta eraginkortasun handiagoko emaitzak lortuz, betiere Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa baztertu gabe. Horretaz gain, ikuskapen-lana egiteko ez da bete beharko Lege Organiko horren 5. artikuluaren 4. paragrafoan jasotako obligazioa.
Era horretan, azaroaren 14ko 42/1997 Legearen 9. artikuluan beste paragrafo bat sartzen da, zeinean gizarte-aurreikuspeneko mutualitateek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari laguntzeko duten betebeharra arautzen baita, haiek norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako Erregimen Berezirako egiten dituzten ordezko eginkizunei dagokienez.
Azaroaren 14ko 42/1997 Legeari zortzigarren xedapen gehigarri bat erantsi zaio, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematiko bidezko jakinarazpenei buruzkoa.
Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko Arauhauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginaren aldaketak daude jasota laugarren artikuluan.
Araudia desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioaren arabera egokitzeko abuztuaren 1eko 26/2011 Legean erabilitako terminologiaren arabera egokitu beharra dago lege hori, bai eta desgaitasunen bat duten pertsonei nola deitu zehazten duen erkidegoko eta nazioarteko araudian erabilitakoaren arabera ere; horrela bada, minusbaliatu hitza desgaitasunen bat duen pertsona terminoaz ordezkatu da 15.3 artikuluan.
Arau-hauste honek —desgaitasunen bat duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legezko betebeharra ez betetzeari edo salbuespenezko ordezko neurriak aplikatzekoa ez betetzeari buruzkoa— tratamendu espezifikoa jasotzen du, graduatzeari dagokionez, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lanarloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 39.2 artikuluaren idazketa berrian.
Halaber, enplegua lortzean dauden bazterkeriazko portaerei dagokienez ere badago egokitzeko beharra; hala, ezabatu egingo da arau-hausteetatik enplegua lortzeko orduan bereizketa positiboak debekatuta daudela aditzera ematen duen aipamen oro, gure antolamendu juridikoak jaso eta babestu egiten baitutu bereizketa positibozko ekintza horiek. Hortaz, portaera horien aldeko edo aurkako kalifikazioak ezabatu egin dira 16. artikuluaren 2. paragrafotik.
Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko legea ere doitu beharra dago, hartara arau-aldaketen arabera egokitzeko Gizarte Segurantzako iruzurren kontrolean eragiten duten Gizarte Segurantzaren arloko arau-hauste mota jakin batzuk, bai eta zehapen osagarrien tresnak hobetzeko aukera izateko ere.
Hala, lege-testu horren 21. artikuluaren 4. paragrafoa aldatu egiten da, esplizituki jasota egon dadin enpresaburuak eman beharreko datuak, ziurtagiriak eta aitorpenak dagozkien erakundeei epez kanpo jakinaraztea.
Gainera, lege horren 21. artikuluaren 5. paragrafoa beste era batera idazten da; hala, arau-hauste arintzat hartuko da gertakari arruntak ere estaltzeko —gertakari profesionalak ez ezik— elkartze- edo atxikitze-dokumentuen aldaketa guztiak ez jakinaraztea.
Horrekin batera, «enpresaren ezohiko egoera» kontzeptua kendu da arau horren 22. artikuluaren 3. paragrafotik, eta, horren ordez, egoera horien barruan jasotako kasuen zerrenda jarri da, segurtasun juridikoaren printzipioaren mesedetan; hala, kuotak ez ordaintzea, onartzekotan, konkurtsoa deklaratzeagatik, ezinbesteko kasuengatik edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduna hasi aurretik aurkeztutako atzeratze-eskabideengatik —non eta ez den ukatzeko ebazpena eman— baino ez da onartuko.
Erreferentzia berria gehitu zaio 22. artikuluaren 6. paragrafoari, bitarteko informatiko, elektroniko edo telematikoak erabiltzera behartutakoek edo aukera hori hautatu dutenek enpresa-ziurtagiria transmititzeari buruzkoa, arau-haustea errealitate berriaren arabera eta enpresariei ezarritako betebeharraren arabera egokitzearren; izan ere, 10 langile edo gehiago dituzten enpresaburuek, 2010eko uztailaren 1etik aurrera, Certific@2
aplikazioaren bidez igorri behar dituzte enpresa-ziurtagiriei buruzko jakinarazpenak.
Lege-testu horren 22. artikuluaren 9. paragrafoa ezabatu egiten da, zeinak prestazioen ordainketa eskuordetuaren betebeharra ez betetzea tipifikatzen baitzuen, betebehar hori nahitaezko lankidetzen arteko kasu bat baino ez dela iritzita (arau-hauste hori legearen 22.4 artikuluan dago aurreikusita).
Halaber, lehengo 22.10 artikulua (22.9 artikuluaren idazketa berrian) eta 23.1.f) artikulua aldatu egiten dira, hartara, zehatu beharreko kasuen artean, laneko istripuak gutxitzen laguntzeagatik eta laneko arriskuak prebenitzeko jardun eraginkorrak egiteagatik kotizazio profesionaletan murrizketak dituzten enpresen arau-hausteak sartzeko; murrizketa horiek martxoaren 31ko 404/2010 Errege Dekretuak xedatzen ditu, (martxoaren 31ko 404/2010 Errege Dekretua, laneko istripuak gutxitzeko eta prebenitzeko ekarpen berezia egin duten enpresei lan-gertakariengatiko kotizazioetan murrizketak egiteko sistema bat ezartzea arautzen duena).
Legearen 22. artikuluaren 11. paragrafo berrian, halaber, hedatu egiten da enpresaburuek lehendik zeukaten betebehar bat: hala, beren jardueran berezkoak diren lanak edo zerbitzuak nahiz beren lantokietan modu etengabean egiten dituztenak kontratatzen edo azpikontratatzen badituzte, egiaztatu behar dute ezen horretan jardungo diren langileak aurretik Gizarte Segurantzan afiliatuta eta alta eginda daudela, ez kontrata edo azpikontrata gauzatzen hastean bakarrik, baita irauten duen denbora-tarte osoan ere.
Izapide-aldiko soldaten kasuetan ere, alta emateko eta kotizatzeko betebeharra ez betetzea arau-hauste larritzat tipifikatzen da 22. artikuluan, bai eta lan-harremana amaitu aurretik gozatu gabeko oporren kasuetan ere.
Orobat, 22. artikuluan beste arau-hauste larri bat ere sartzen da, hau tipifikatzeko:
ekonomia-, teknika-, antolamendu- edo ekoizpen-arrazoiengatik lanaldia eteten edo murrizten denean, ez betetzea erakunde kudeatzaileari lanaldia eteteko edo murrizteko egunen hasierako egutegiaren aldaketak jakinarazteko betebeharra. Era berean, arauhauste oso larritzat jotzen da, 23.1.j) artikuluan, kontratuak eteteko neurrien aplikazioaldian edo lanaldien murrizketa-ordutegi baimenduan dauden langileak lanean aritzea.
Gainera, 22. artikuluan, 14. paragrafo berria gehitu da arau-hauste larritzat, portaera hau tipifikatzeko: aldizkako prestazioen edo Gizarte Segurantzako pentsioen eskatzaileak edo onuradunak langile gisa okupatzea, Gizarte Segurantzan alta jakinarazita, baldin eta prestazio edo pentsio horiek eskuratzea ez bada bateragarria besteren konturako lanarekin.
Legearen 23.1.b) artikulua aldatu egiten da bi portaera bereizteko eta zein bere aldetik tipifikatzeko: lehenengoa, ez ordaintzea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak kontzeptu guztiengatik biltzen dituen kuotak arauzko epean eta moduan, kotizazio-agiriak aurkeztu gabe —tipifikaturik eutsi zaio idatz-zati honetan— eta, bigarrena, langile-kuota bidegabeki atxikitzea eta ez ordaintzea epearen barruan —k) idatz-zati berrian jaso da—.
Era horretan, kotizazio-agiriak aurkeztuagatik ere, eta, betiere, 23.3 artikuluan zehaztutako egoeraren batean egoteagatik langile-kuota ez ordaintzea justifikatuta ez badago, zehapen espezifikoa ezarriko da (40. artikuluan zehazten da), eta zehapenaren zenbatekoa atxikitako kuotaren zenbateko ordaindu gabearen araberakoa izango da.
Horretaz gain, 23.1.i) artikuluan aurreikusitako arau-haustea berridatzi egiten da; Gizarte Segurantzaren sistema eguneratze, egokitze eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legeak sortu zuen arau-hauste hori, eta Langileen Estatutuaren 51.15 artikuluan konkurtso-prozeduran ez dauden enpresen enplegu-erregulazioko espedienteetarako ezarritako kasuetan hitzarmen berezia sinatzeko betebeharra ez betetzea tipifikatzen zuen. Izan ere, lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuak ezabatu egin zuen paragrafo hori. Hala, betebehar hori egungo Langileen Estatutuko 51.9 artikuluan dago jasota.
Pentsioen, prestazioen edo subsidioen onuradunekin batera, eskatzaileak ere sartzen dira 23.2 eta 26.2 artikuluetan, lege-testu bereko 23.1.a) artikuluan aurreikusitakoari egokitzeko bi artikulu horiek.
Gizarte Segurantzan ez kotizatzeagatik iruzur egiten den kasuetarako, aldatu egiten da 39. artikuluaren 2. paragrafoa; horrela, bada, lerrokada bat gehitu zaio, zehapenak ordaindu gabe utzitako zenbatekoaren arabera graduatzeko irizpide objektiboak zehaztearren; horrenbestez, zenbat eta zenbateko handiagoak izan, orduan eta handiagoak izango dira zehapenak.
Aldatu egiten da 40. artikuluaren 1. paragrafoaren e) puntua, langile-talde bati eragiten dizkioten ekonomia irregularreko eta iruzurreko egoeretan are gogorrago jokatzeko; hala, zehapenen zenbatekoak iruzurra pairatu duten langile kopuruarekiko proportzioan handituko dira, dela Gizarte Segurantzako afiliazio edo altarik egin ez dietelako, dela besteren konturako lanarekin bateragarriak ez diren prestazioen eskatzaileak edo onuradunak direlako.
Halaber, aldatu egiten da 40. artikuluaren 3. paragrafoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 31.4 artikuluaren sortzea ekarri zuten helburu berberen arabera; hau da, zehapenen proportzionaltasun-printzipioaren aplikazioa bermatzea.
Orobat, 46. eta 46 bis artikuluetan aldaketak egin dira, enplegu-programak aplikatzearen ondoriozko laguntzak, onurak eta hobariak automatikoki galtzeko zehapena (arau-hausteak eragiten dien langileen kopuruarekiko proportzioan, betiere) aplikatzeko irizpidea finkatzearren eta irizpide hori arau-haustearen aktan arrazoituta eta ezinbestean jasota egon dadin.
Lege-testuaren 47.1 artikuluan, bestalde, lan eta gizarte-segurantzaren arloko langile, eskatzaile eta onuradunentzako zehapenei dagokienez (arau-hauste arinak eta oso larriak), «prestazioak» hitzaren aipamen bat jaso da, ez dadin pentsioei buruzkoa bakarrik izan, manu berean arau-hauste larriei buruz jasotakoarekin bat etorriz.
Bestalde, zehapen-prozedura horien gainean ebazteko eskumenak emateari buruzko 48. artikuluaren 1. paragrafoa egokitu egiten da 2009. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 2/2008 Legeak sartutako aldaketen arabera, lege horrek aldatu egin baitzuen Gizarte Segurantzaren arloko zehapenen zenbatekoa; era horretan, 187.515 eurotik gorako zehapenak ezartzeko agintari eskuduna zein den zehazteko dagoen legezko hutsunea zuzendu egiten da.
Azkenik, bosgarren artikuluan, aldatu egiten da apirilaren 29ko 5/2011 Errege Lege Dekretuaren 5. artikulua (5/2011 Errege Lege Dekretua, apirilaren 29koa, ezkutuko enplegua erregularizatu eta kontrolatzeko eta etxebizitzen birgaitzea sustatzeko neurriei buruzkoa), arau-koherentzia izan dadin abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko testu bateginaren 22.11 artikuluan ezarritako arau-haustearekin.
Legearen amaierako zatiko xedapenen barruan, Hipoteka Erregelamenduaren aldaketa nabarmendu behar da; ezkondutako herritar atzerritarren izenean inskribatutako ondasun higiezinen enbargoen badaezpadako idazpenei buruzkoa da aldaketa, herritar horien ezkontzako ondasun-eraentza atzerriko legeriaren mende dagoenean eta haren berri jasota ez dagoenean. Aldaketa horren bidez, ezkontide bakoitzak zorren gainean duen erantzukizun-maila zehaztu nahi da; hala, Gizarte Segurantzako Sistemaren baliabideen premiamenduko administrazio-prozeduren arloan enbargoen idazpenak egingo direla bermatuko da, eta baita herri-administrazioa autotutoretza baliatuz jardungo den zerga-bilketako kudeaketako edozein administrazio-prozeduratan ere; horrela, eragotzi egingo da atzerriko legeriaren mendeko ezkontza-erantza duten atzerritarrei espainiar herritarrei baino araubide hobea ezar dakien justifikaziorik gabe.
Gobernuak, bestalde, hainbat konpromiso hartu ditu: besteak beste, epaitegi eta auzitegiekin eta Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin elkarlanean aritzeko eta horiei laguntzeko unitate berezi bat sortzeko, enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko; enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko eta kontrolatzeko abiarazitako neurri, plan eta tresna guztien efikazia eta eraginkortasuna urtero ebaluatzeko; eta Datuak Elektronikoki Igortzeko Sistemaren barruan kontsulta telematikoko prozedura bat erregelamendu bidez ezartzeko, enpresaburu nagusiei kontratisten eta azpikontratisten Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzeari buruzko informazioa helarazteko.
Gogoan izan behar dugu lege organiko bat onartu dela lege honen arau osagarri gisa, Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzeko, Gizarte Segurantzaren aurkako eta langileen eskubideen aurkako delituei aurre egiteko borroka areagotzearren.
Lehen artikulua. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legeari buruzko testu bategina aldatzea.
Hona nola geratzen den idatzita martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 42. artikuluaren 2. paragrafoa:
«2. Enpresaburu nagusia, bere enkargua amaitu eta ondorengo hiru urtean zehar —betiere aurreko paragrafoan Gizarte Segurantza dela-eta adierazitako epea alde batera utzita—, kontratak iraun bitartean kontratistek eta azpikontratistek Gizarte Segurantzarekiko hartu dituzten betebeharren erantzule solidarioa izango da.
Kontratistek eta azpikontratistek soldatak direla-eta langileekin hartutako betebeharrez den bezainbestean, enkargua amaitu ondorengo urtean zehar erantzule solidarioa izango da.
Ez da erantzukizunik izango kontratistaren egintzengatik kontratatutako jarduera familiaburu batek bere etxebizitza dela-eta kontrata dezakeen eraikuntzari edo konponketari bakarrik badagokio, eta, ezta ere, obraren edo industriaren jabeak ez badu enpresa-jarduera batengatik kontratatu jarduera hori.» Bigarren artikulua. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) aldatzea.
Hona nola geratzen den aldatuta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen): Bat. Hona nola geratzen den idatzita 31. artikuluaren 4. paragrafoa:
«4. Egitate berberak direla-eta egin beharreko likidazio-aktak eta arauhaustearen aktak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza egingo ditu aldi berean. Horiek ebazteko eskumena eta prozedura artikulu honen 2. paragrafoan daude adierazita.
Arau-hausteen akta horietan proposatzen diren zehapenak % 50 murriztuko dira automatikoki, baldin eta arau-hausleak likidazioa onartzen badu eta haren zenbatekoa 3. paragrafoan adierazitako epean ordaintzen badu. Murrizketa automatiko hori likidazioaren zenbatekoa hasiera batean proposatutako zehapena baino handiagoa bada baino ezin izango da egin.» Bi. h) idatz-zatia gehitzen zaio 230. artikuluari; honela dio:
«h) Langileen Estatutuaren 47. artikuluan kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko aurreikusitako neurriak aplikatuz gero egutegian edo langile bakoitzarentzat hasiera batean aurreikusitako ordutegian egindako aldaketak jakinaraztea, gertatu aurretik» Hiru Aldatu egin da Hogeita Hamaikagarren Xedapen Gehigarriaren 1. paragrafoa.
Hona nola geratzen den idatzita:
«1. Langileen Estatuaren 51.9 artikuluak aipatutako hitzarmen berezian, kotizazioek aldi hau hartuko dute: lana amaitzen zaion egunetik edo, bestela, langabeziako kontribuzioaren prestazioa amaitu zaiolako kotizatzeko betebeharra bukatzen den egunetik, langilea 161. artikuluaren 1. paragrafoaren a) idatz-zatiak aipatutako adinera iristen den egunera arteko aldia, hurrengo paragrafoetan ezarritakoari jarraikiz.» Hirugarren artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzeko azaroaren 14ko 42/1997 Legea aldatzea.
Hona nola geratzen den aldatuta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzeko azaroaren 14ko 42/1997 Legea: Bat. Azken lerrokada bat erantsi zaio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzeko azaroaren 14ko 42/1997 Legearen 5. artikuluaren 3.3
paragrafoari; hona nola geratzen den idatzita:
«3.3 Lan-arloko legeria betetzen dela egiaztatzeko garrantzitsuak diren enpresaren agiriak eta liburuak lantokian bertan aztertzea, hala nola: liburuak, erregistroak, informatika-programak eta euskarri magnetikoa duten fitxategiak barne, aitorpen ofizialak eta kontabilitatea; inskripzio-, afiliazio-, alta-, bajadokumentuak, Gizarte Segurantzako kuotak edo prestazioak ordaindu izanaren egiaztagiriak; lansarien egiaztagiriak; laneko arriskuak prebenitzeko araudian eskatutako dokumentuak eta ikuskatu beharreko gaiekin lotutako beste edozein.
Dokumentazio hori dagozkien bulego publikoetan aurkezteko eska dezake ikuskatzaileak.
Baldin eta lan-arloko arauetan ezarritako betebeharrak —norberarenak edo beste batzuenak—, betetzea dela eta betebehardunak gorde behar dituen liburuak, erregistroak, dokumentuak edo informazioa, bai eta ikuskapen-lanerako garrantzitsua den beste edozein datu, txosten, aurrekari edo egiaztagiri ere, euskarri elektronikoan badaude, euskarri berean eman beharko da, tratatzeko, irakurtzeko moduko eta ikuskatze-lana egiten den unean erabilera zabalekoak direnekiko bateragarria den formatuan, baldin eta hala eskatzen bada.» Bi. Hona nola geratzen den idatzita 9. artikulua:
«9. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari laguntza ematea eta berarekiko lankidetza.
1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileari bere eskumenen esparruko datu, txosten eta aurrekari garrantzitsu guztiak, bai eta ikuskatzeko lana egiteko eskatzen duen behar besteko laguntza ere, eman behar dizkiete honako hauek: agintariek, haien izaera edozein dela ere, Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoetako administrazioetako eta toki-erakundeetako organoen titularrek; erakunde autonomoek eta enpresa-erakunde publikoek; ganberek eta korporazioek, elkargo eta elkarte profesionalek; gainerako erakunde publikoek, eta, oro har, eginkizun publikoak betetzen dituztenek.
2. Notariotzari buruzko Legearen 17. artikuluan araututako indize bakar, informatizatuko informazioa, ikuskatzeko lana egiteko garrantzitsua, emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari Notariotzaren Kontseilu Orokorrak.
3. Zerga-administrazioak datuak eta aurrekariak lagako dizkio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, Tributuei buruzko Lege Orokorraren 95. artikuluaren 1. zenbakiaren c) paragrafoan ezarritakoari jarraituz. Halaber, erakunde kudeatzaileek eta laguntzaileek eta Gizarte Segurantzako zerbitzu komunek ere lagunduko diote Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari; hala, eskatzen dizkienean, ikuskatzeko lana egiteko garrantzitsuak diren informazio, aurrekari eta datuak emango dizkiote, baita tratamendu automatizatua duten izaera pertsonalekoak ere, dagozkionaren onarpena eskatu beharrik gabe. Zergetako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzek elkarrekikotasuneko eta koordinazioko programak ezarriko dituzte beren xedeak betetzeko.
4. Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean aritu behar dute, eta ikuskatzeko jarduera behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren datuak eta txostenak eman behar dizkiote hari, norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako Erregimen Bereziaren ordezko erakundeak diren aldetik.
5. Aurreko paragrafoetan ezarritako laguntza- eta elkarlan-betebeharrek legez honako hauei buruz ezarritako mugak baino ez dituzte izango: pertsonaren intimitateari, posta-sekretuari eta herri-administrazioei estatistika-xedeetarako bakarrik emandako informazioei buruzkoak.
6. Eskudun segurtasun-indar eta -kidegoek laguntza eta elkarlana eskaini beharko diote Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari eginkizunak bete ditzan, dagokion agintaritzak horretarako izendatutako pertsonen bitartez.
7. Epaitegiek eta auzitegiek, beren aginpideko jardunen ondoriozko datu sumario-sekretupean ez daudenetatik, ikuskatze-lanak egiteko garrantzitsuak direnak helaraziko dizkiote Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, ofizioz nahiz hark eskatuta.
8. Artikulu honetan aipatutako datu pertsonalak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari jakinarazteko, ez da beharrezkoa interesdunak onespena ematea; era berean, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluaren 4. paragrafoan aurreikusitako informazioa ere ez da beharrezkoa izango. Helarazitako datuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari legez emandako eskumenak gauzatzeko baino ez dira erabiliko.» Hiru. Hona nola geratzen den idatzita 14. artikuluaren 2. paragrafoa:
«2. Baldin eta ikuskatze-bisita hasita, hura jarraitzea eta amaitzea ezinezkoa bada, ikuskatu beharreko subjektuak ez dituelako aurkeztu eskatutako aurrekariak edo dokumentuak, jardunak aurrera egingo du, subjektuari errekerimendua eginda aurreko paragrafoan adierazitako moduan aurkez ditzan. Egiaztatze-jardunek ez dute bederatzi hilabete baino gehiago iraungo, salbu eta luzamendua ikuskatu beharreko subjektuari edo haren mendeko pertsonei leporatzekoa bada. Nolanahi ere, bederatzi hilabeteko beste aldi batez luzatu ahal izango da gehienez, erregelamenduz ezarritako irismen eta baldintzen arabera, egoera hauetan:
a) Ikuskatze-jarduerek zailtasun eta konplexutasun berezia dutenean.
Horrelakorik dagoela joko da pertsona edo erakundearen eragiketa-bolumena handia denean, haren jarduerak geografikoki sakabanatuta daudenean, eta erregelamendu-arau batek hala adierazten duen beste kasu batzuetan.
b) Ikuskapena eginez jakiten bada subjektuak organo ikuskatzaileari bere jardueretako bat edo hura gauzatzen duen pertsonetako bat ezkutatu diola edo eragozpenak jarri dizkiola.
c) Ikuskapen-lanak nazioarteko administrazio-lankidetza behar baldin badu.
Era berean, bost hilabetez baino gehiagoz eteterik ez da egongo, salbu eta etenaldia ikuskatutako subjektuak edo haren mendeko pertsonek eragin badute.
Ikuskapen-lan batean egindako egiaztapenak aurrekaritzat hartuko dira hurrengoetarako.
Artikulu honetan adierazitako epeak zenbatzeko orduan, ez da kontuan hartuko lehendik zeuden ez-betetzeak zuzentzeko errekerimenduetan organo ikuskatzaileak betebehardunari emandako epean igarotako denbora.» Lau. Aldatu egiten da zortzigarren xedapen gehigarria. Hona nola geratzen den idatzita:
«Zortzigarren xedapen gehigarria. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren iragarki-ohola.
1. Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan, administrazio-egintzak ezin izan badira jakinarazi, jakinarazpen hori Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren iragarki-oholaren bidez bakarrik egingo da, betiere Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza horretarako eskuduna bada.
Ikuskatzeko eginkizun publikoaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatuak dituzten autonomia-erkidegoek jakinarazi behar dituzten administrazio-egintzak iragarki-ohol propioen bidez argitaratzea aukeran izango dute.
Jakinarazpena, Laneko eta Gizarte Segurantzako iragarki-oholean argitaratu eta hogei egun naturaleko epea igarota, egintzat joko da; horrenbestez, izapide hori betetzat joko da, eta prozedura jarraituko, edo, bestela, dagokion errekurtsoa jartzeko epea hasiko da.
2. Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren titularraren aginduz zehaztu moduan egingo da jakinarazpena Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren iragarki-oholean.
3. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren iragarki-oholaren funtzionamenduari, kudeaketari eta argitalpenari dagokienez, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa guztiz beteko da, bai eta Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak eskatutako baldintzak ere.» Laugarren artikulua. Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bategina aldatzea.
Hona nola geratzen den idatzita abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina: Bat. Hona nola geratzen den idatzita 15. artikuluaren 3. paragrafoa:
«3. Desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko araudiaren arloan, ez betetzea laneratzeko arloan desgaitasunen bat duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legezko betebeharra, edota ez aplikatzea betebehar horren ordezko salbuespenezko neurriak.» Bi. 16. Hona nola geratzen den idatzita 16. artikuluaren 2. paragrafoa:
«2. Hautaketa-prozesuetan datu pertsonalak eskatzea edo, publizitate, hedapen edo beste edozein bitartekoren bidez, halako baldintzak ezartzea lanpostua eskuratzeko, non sexuagatik, jatorriagatik (arrazakoa edo etniakoa barne), adinagatik, egoera zibilagatik, ezintasunagatik, erlijio edo sinesmenengatik, iritzi politikoagatik, sexu-joeragatik, sindikatu-afiliazioagatik, izaera sozialagatik nahiz hizkuntzagatik bereizkeria eragiten den Estatuaren barruan.» Hiru. Hona nola geratzen diren idatzita 21. artikuluaren 4. eta 5. paragrafoak:
«4. Dagozkien erakundeei eman beharreko datuak, ziurtagiriak eta aitorpenak ez ematea, epez kanpo ematea, ezkutatzea edo oker adieraztea.
5. Ez jakinaraztea dagokion erakundeari laneko istripuen gertakarietatik eta eritasun profesionaletatik –edo gertakari arruntaetatik, egonez gero– gerizatzeko elkartze- edo atxikitze-dokumentuetan diren aldaketak.» Lau. Hona nola geratzen den idatzita 22. artikulua:
«22. artikulua. Arau-hauste larriak.
Honako hauek dira arau-hauste larriak:
1. Jarduerari ekitea Gizarte Segurantzan izena emateko eskaera egin gabe; ez jakinaraztea lantokien irekitzea eta jarduera-uztea, haiek identifikatu behar direnean; enpresak inskribatzeko eta lantokiak identifikatzeko arloan, erregelamenduz ezarritako datuetan edo gainerako betebeharretan aldaketak egitea, eta bitarteko informatiko, elektroniko edo telematikoz aurkezteko sistemak erabiltzera behartutakoek edo aukera hori egin dutenek datuok ez helaraztea.
2. Ez eskatzea norberaren zerbitzupean hasitako langileen hasierako afiliazioa edo alta, edo alta hori, ikuskapen-jardunen ondorioz, ezarritako epetik kanpo eskatzea. Horrelakoetan, langile bakoitzeko arau-hauste bat izango da.
3. Ez ordaintzea, arauz ezarritako epe eta moduan, Diruzaintza Nagusiak biltzen dituen era bateko eta besteko kuotak, edo ez egitea diru-sarrera behar den kontuan, kotizazio-dokumentuak aurkeztu arren, betiere ordainketarik eza enpresaren konkurtso-deklarazioak edo ezinbesteko kausa batek eragin ez badu, edota kuoten ordainketa geroratzeko eskaera ez bada egin ikuskatzea hasi aurretik, non eta eskaera horri ez zaion ezesteko ebazpena eman.
4. Ez betetzea Gizarte Segurantzaren kudeaketan nahitaez lagundu beharrak dakartzan betebehar ekonomikoak.
5. Norberaren zerbitzuko langileen laneko istripuengatiko eta eritasun profesionalengatiko babesa, eta, hala badagokio, aldi baterako ezintasunaren babesa legez dagokionaz besteko erakunde batean eratzea; orobat langile autonomoek jarduera uzteagatiko babesa.
6. Ez ematea langileari, garaiz eta behar bezala, prestazioak —edozein dela ere— eskatzeko eta izapidetzeko behar diren dokumentu guztiak, enpresaren ziurtagiria barne, edo, bitarte elektroniko, informatiko edo telematiko bidez aurkezteko sistemak erabiltzera behartutakoen edo aukera hori egin dutenen kasuan, ez helaraztea ziurtagiri hori, prozeduraren arabera.
7. Ez eskatzea norberaren konturako langileek Gizarte Segurantzako erregimen berezian behar duten hasierako afiliazioa edo alta, garaiz eta behar bezala, hori ez egiteak dagokion kotizazioa ez ordaintzea dakarrela.
8. Ez ordaintzea dagokien erakundeei haiek langileei ordaindutako prestazioak, enpresa betebehar horren erantzuletzat jo denean.
9. Edozein murrizketa, hobari edo pizgarri bidegabeki (dagokien gizartekuoten zenbatekoaren arabera) eskuratzea edo jasotzea; arau-hausteak eragiten dien langile bakoitzeko arau-hauste bat gertatu dela joko da, non eta ez diren enplegurako lanbide-heziketako hobariak edo istripu-kopurua nabarmen murrizten eta prebenitzen lagundu duten enpresentzako gertakari profesionalengatiko kotizazioen murrizketak; horrelakoetan, enpresa bakoitzeko arau-hauste bat gertatu dela joko da.
10. Norberaren zerbitzupean hasten diren langileen afiliazioa edo alta epez kanpo eskatzea, ikuskapen-jardunik izan ez delarik, edo bitarteko informatiko, elektroniko edo telematiko bidez aurkezteko sistemak erabiltzera behartutakoek edo bitarteko horiek hautatu dituztenek afiliazioaren edo altaren berri ez helaraztea.
11. Enpresaburuek, beren jarduerako berezko lanak edo zerbitzuak, edo lantokietan etengabe eskaintzen direnak, beste batzuekin kontratatzen edo azpikontratatzen dituztenean, ez egiaztatzea, kontratatu edo azpikontratatutako jarduera egiten hasi aurretik, beste horiek darabiltzaten langileen Gizarte Segurantzako afiliazioa edo alta, kontratuak edo azpikontratuak irauten duen denboran; jokabide honek eragiten dien langile bakoitzeko arau-hauste bat dagoela joko da.
12. Ez egitea, erregelamenduz ezarritako epearen barruan, dagokion alta, ez eta izapide-aldiko soldatengatik eta lan-harremana azkendu aurretik irabazitako eta gozatu gabeko oporrengatik dagokion kotizazioa. Horrelakoetan, jokabideak eragiten dion langile bakoitzeko arau-hauste bat izan dela joko da.
13. Ez jakinaraztea langabezia-prestazioa kudeatzen duen erakundeari, gertatu aurretik, hasiera batean ezarritako egutegiaren aldaketak, hau da, langile bakoitzari dagokion lanaldia etetea edo murriztea dela-eta dagozkion egunak, bai eta, murrizketaren kasuan, nola geratzen den bakoitzaren ordutegia murrizketa egin ostean.
14. Aldizkako prestazioen edo Gizarte Segurantzako pentsioen eskatzaileak edo onuradunak langile gisa okupatzea, Gizarte Segurantzan alta jakinarazita, pentsio edo prestazio horiek eskuratzea ez izaki bateragarria besteren konturako lanarekin.» Bost. Hona nola geratzen den idatzita 23. artikulua:
«23. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
1. Arau-hauste oso larriak dira:
a) Langile gisa okupatzea Gizarte Laguntzako pentsioen edo aldizkako beste prestazio batzuen onuradunak edo eskatzaileak, horiek eskuratzea besteren konturako lanarekin bateraezina izanik, jarduera hasi aurretik Gizarte Segurantzan alta egin ez zaiela.
b) Ez ordaintzea, erregelamenduz ezarritako epean eta moduan, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak biltzen dituen era bateko eta besteko kuotak, kotizazio-dokumentuak aurkeztu ez direlarik eta bitarteko informatiko, elektroniko edo telematiko bidezko sistemak erabili ez direlarik.
c) Dokumentuak faltsutzea langileek prestazioak iruzurrez eskuratzeko edo jasotzeko, eta langileekin edo gainerako onuradunekin ados jartzea prestazio bidegabeak edo dagozkionak baino handiagoak eskuratzeko, edo prestazioen arloan dagozkien betebeharrak betetzea saihesteko.
d) Langileekin hitzartzea, banaka edo taldeka, langileek enpresaburuaren kontura den prima edo kuoten zatia guztiz edo partez ordain dezaten, edo Gizarte Segurantzaren sistemak aitortzen dizkien eskubideei uko egin diezaieten.
e) Langilearen kotizazio-oinarria bidegabeki handitzea, hartara prestazioak handitzeko, bai eta lan-kontratazioa simulatzea ere, prestazioak bidegabeki eskuratzeko.
f) Kotizazio-dokumentuetan edo beste edozein dokumentutan adierazpen faltsu edo akastunak egitea, edo datu faltsu edo akastunak ematea, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotetan iruzurrezko kenkariak edo konpentsazioak eragiteko edo kuota horiekin lotutako pizgarriak eragiteko.
g) Ez ematea dagokion erakunde publikoari, garaiz eta behar bezala, gizarteprestazio ekonomikoen titularrak identifikatzeko datuak; ezta, horiek jasotzeko eskubidea eragiten edo baldintzatzen duten neurrian, onuradun, ezkontide eta familia-unitateko beste kide batzuenak, edo zenbatekoei, prestazio-motei eta prestazioak ematen hasteko egunari buruzkoak.
h) Dokumentuak faltsutzea trebakuntza jarraituaren arloko hobariak iruzurra eginda eskuratzeko edo jasotzeko.
i) Ez betetzea langileen estatutuaren 51.9 artikuluan ezarritako kasuetan hitzarmen berezia sinatzeko betebeharra.
j) Kontratua eten edo lanaldia murriztu zaien langileak baliatzea kontratuak eteteko neurrien aplikazio-aldian edo lanaldi murriztuko ordutegian, alegia, lanagintaritzari edo langabezia-prestazioak kudeatzen dituen erakundeari jakinarazi zaizkion aldi eta ordutegietan.
k) Langileei kendutako Gizarte Segurantzako kuotaren zatia bidegabeki atxikitzea eta epearen barruan ez ordaintzea, edo legez ezarritakoak baino deskontu handiagoak egitea eta arauzko epearen barruan ez ordaintzea.
2. Arau-hauste oso larriei dagokienez, Gizarte Segurantzako prestazioak iruzurrez eskatu, eskuratu edo jaso dituen langile bakoitzeko, enpresaburuak arauhauste bat egin duela joko da.
Aurreko paragrafoaren a), c) eta e) lerrokadetan adierazitako arau-hausteetan, enpresaburuak erantzukizun solidarioa izango du langileak bidegabeki jasotako zenbatekoa itzultzeko.
Enpresaburuak, bere jarduerari dagozkion lanak edo zerbitzuak kontratatzen edo azpikontratatzen baditu, erantzukizun solidarioa izango du kontratak irauten duen aldian egiten diren aurreko 1 a) idatz-zatiko arau-hausteengatik.
3. Artikulu honetako arau-hausteek Lege honen 46. artikuluan aurreikusitako zehapen osagarriak ekarriko dituzte, VI. kapitulua aplikatzean dagozkionez gain.» Sei. Aldatu egiten da 26. artikuluaren 2. paragrafoa. Hona nola geratzen den idatzita:
«2. Langabezia-prestazioak edo langile autonomoen jarduera uzteagatiko prestazioa eskatzea edo eskuratzea, eta, aldi berean, norberaren edo besteren konturako lana egitea, salbu eta dagokion araudian aurreikusitako moduan lanaldi partzialeko lana egiten denean.» Zazpi. Bigarren lerrokada bat gehitzen zaio 39. artikuluaren 2. paragrafoari. Hona nola geratzen den idatzita:
«2. Arau-hausteak lege honek xedatu moduan kalifikatuta, hauek hartuko dira kontuan zehapenak graduatzeko: subjektu arau-hauslearen arduragabekeria eta intentzioa; iruzurra edo ez ikusiarena egitea; ikuskatzailetzak aldez aurretik egindako ohartarazpenak eta eskaerak ez betetzea; enpresaren negozio-zifra; eragindako langile- edo onuradun-kopurua; eragindako kaltea, eta egindako iruzurraren munta; horiek guztiek eragin dezakete arau-hausteari aplikatu beharreko graduazioa larriagotzea edo arintzea.
Aurrekoa baztertu gabe, 22.3 eta 23.1.b) artikuluetan tipifikatutako arauhausteen kasuan, zehapenari gutxieneko maila jarriko zaio, baldin eta ordaindu gabeko zenbatekoa, errekarguak eta interesak barne, 10.000 euro baino handiagoa ez bada; erdiko maila, zenbateko hori 10.001 eta 25.000 euro bitartekoa bada; eta gehienezko maila, 25.000 eurotik gorakoa bada.
Lege honen 41. artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, 15.3 artikuluan tipifikatutako arau-hausteari dagokionez, zehapenari gehienezko maila jarriko zaio, baldin eta, arau-haustea egin aurreko bi urteetan, erantzuleari zehapen irmoa ezarria bazaio, ezintasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legezko betebeharra ez betetzeagatik edo salbuespenezko ordezko neurriak ez aplikatzeagatik.» Zortzi. Bestalde, 40. artikuluan, azken lerrokada bana gehitu zaie 1. d) eta 1. e) paragrafoei, eta aldatu egiten da artikuluaren 3. paragrafoa. Hona nola geratzen diren idatzita:
«1.d) Lege honetako 22.3, 23.1.b) eta 23.1.k) artikuluetan adierazitako arauhausteak honela zehatuko dira:
1. Lege honetako 22.3 artikuluko arau-hauste larriagatik, honako isun hau ezarriko da: gutxieneko mailan, ordaindu gabe gelditu diren Gizarte Segurantzako kuoten eta baterako bilketako gainerako kontzeptuen zenbatekoaren % 50 eta % 65 bitarteko isuna (zenbateko horretan errekarguak, interesak eta kostuak barne direla); erdiko mailan, % 65,01 eta % 80 bitarteko isuna, eta gehienezko mailan, % 80,01 eta % 100eko isuna.
2. Lege honetako 23.1.b) artikuluko arau-hauste oso larriagatik, honako isun hau ezarriko da: gutxieneko mailan, ordaindu gabe gelditu diren Gizarte Segurantzako kuoten eta baterako bilketako gainerako kontzeptuen zenbatekoaren % 100,01 eta % 115 bitarteko isuna (zenbateko horretan errekarguak, interesak eta kostuak barne direla); erdiko mailan, % 115,01 eta % 130 bitarteko isuna, eta gehienezko mailan, % 130,01 eta % 150eko isuna.
3. Lege honetako 23.1.k) artikuluko arau-hauste oso larriagatik, honako isun hau ezarriko da: gutxieneko mailan, ordaindu gabe gelditu diren eta langileei kendu zaizkien Gizarte Segurantzako kuoten edo legez aurreikusitako deskontuaren soberakinaren zenbatekoaren % 100,01 eta % 115 bitarteko isuna (zenbateko horretan errekarguak, interesak eta kostuak barne direla); erdiko mailan, % 115,01
eta % 130 bitarteko isuna, eta gehienezko mailan, % 130,01 eta % 150eko isuna.
1.e) Lege honetako 22.2 eta 23.1.a) artikuluetan adierazitako arau-hausteak honela zehatuko dira:
1. Lege honetako 22.2 artikuluko arau-hauste larriagatik, honako isun hau ezarriko da: gutxieneko mailan, 3.126 eta 6.250 euro bitartean; erdiko mailan, 6.251
eta 8.000 euro bitartean eta, gehienezko mailan, 8.001 eta 10.000 euro bitartean.
2. Lege honetako 23.1.a) artikuluko arau-hauste oso larriagatik honako isun hau ezarriko da: gutxieneko mailan, 10.001 eta 25.000 euro bitartean; erdiko mailan, 25.001 eta 100.005 euro bitartean eta, gehienezko mailan, 100.006 eta 187.515 euro bitartean.
Nolanahi ere, ikuskapen batean paragrafo honetan jasotako arau-hausteetako hainbat hautemanez gero, horietako bakoitzerako proposatzen den zehapena, 39.2
artikuluan jasotako irizpide egokien arabera graduatuta, honela handituko da:
– % 20 arau-hauste bakoitzeko, baldin eta bi langile, onuradun edo eskatzaile badira.
– % 30 arau-hauste bakoitzeko, baldin eta hiru langile, onuradun edo eskatzaile badira.
– % 40 arau-hauste bakoitzeko, baldin eta lau langile, onuradun edo eskatzaile badira.
– % 50 arau-hauste bakoitzeko, baldin eta bost langile, onuradun edo eskatzaile edo gehiago badira.
22.2 artikuluan aurreikusitako arau-hausteari dagokion zenbatekoa ez da inola ere 10.000 euro baino handiagoa izango, ezta 23.1.a) artikuluan aurreikusitakoa 187.515 euro baino handiagoa ere, arau-hauste bakoitzerako.
3. Gizarte Segurantzako zehapenak gertaera berei dagozkien arau-hausteen eta likidazioen akten ondoriozkoak direnean, eta horiei dagozkien zehapenak aldi berean ezartzen direnean, haien zenbatekoa % 50 murriztuko da automatikoki, baldin arau-hausleak likidazioa onartzen badu eta zenbatekoa bidezko epean ordaintzen badu. Murrizketa automatiko hori aplikatuko bada, likidazioaren zenbatekoa hasiera batean proposatutako zehapena baino handiagoa izan beharko da.» Bederatzi. Hona nola geratzen den idatzita 46. artikulua:
«46. artikulua. Enpresaburuentzako zehapen gehigarriak.
1. 40.1 artikuluak aipatzen dituen zehapenak baztertu gabe, eta lege honen 46 bis artikuluan ezarritakoari ezertan eragin gabe, enpleguaren eta langabeziababesaren arloan lege honen 15.3 artikuluan aurreikusitako arau-hauste larria edo 16. eta 23. artikuluetan tipifikatutako arau-hauste oso larriak egin dituzten enpresaburuek:
a) Automatikoki eta eragiten zaien langile kopuruarekiko proportzioan galduko dituzte enplegu-programen ondoriozko laguntzak eta hobariak (onurak, oro har), arau-haustea egin duten egunetik aurrera.
Enplegu-programen ondoriozko laguntza, hobari eta onura horietan, arauhaustea egiten denean zenbateko handiena dutenak galduko dira lehenik, txikiena dutenen aurretik. Irizpide hori ezinbestean jaso behar da arau-haustearen aktan, arrazoituta.
b) Onura horiek berriz eskuratzeko aukerarik gabe geldituko dira, gehienez ere zehapena ezartzen duen ebazpena ematen den egunaren ondorengo bi urteetan.
c) Lege honetako 16. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, nolanahi ere, bidegabeki eskuratutako zenbatekoak eta aplikatu gabeak edo oker aplikatutakoak itzuli beharko dituzte.
2. Enpresaburuaren jokaerak 22.2 artikuluan aurreikusitako tasa aplikatzea dakarrenean, eragindako langile-kopurua edozein dela ere, aurreko paragrafoaren a) eta b) idatz-zatietan aurreikusitako neurriak aplikatuko dira; halere, aukeran, b) idatz-zatian aurreikusitako baztertzea urtebetekoa izango da.
Lege honetako 22.2 artikuluan tipifikatutako portaera errepikatuz gero, aukeran izango da baztertzea bi urtera arte luzatzea. Errepikatzea egongo da arau-hauste horren eta aurrekoaren artean 365 egun baino gehiago igaro ez badira.
Horrenbestez, ez da errepikatzetzat hartuko enpresaburuaren jokabideak hainbat arau-hauste badakartza langile bati baino gehiagori aldi berean eragiteagatik.
3. Lege honen 39.2 artikuluan jasotako irizpideak erabiliko dira zehapenak graduatzeko.» Hamar. Hona nola geratzen den idatzita 46 bis artikulua:
«46 bis artikulua. Enpresaren erantzukizun espezifikoak.
1. Lege honen 8. artikuluaren 12., 13. eta 13 bis) paragrafoetan eta 16. artikuluaren 2. paragrafoan tipifikatutako arau-hauste oso larriak egin dituzten enpresaburuei, 40. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritakoa gorabehera, zehapen osagarri hauek ezarriko zaizkie:
a) Automatikoki eta eragindako langile-kopuruarekiko proportzioan galduko dituzte enplegu-programen ondoriozko laguntzak eta hobariak (onurak, oro har), arau-haustea egin duten egunetik aurrera.
Enplegu-programen ondoriozko laguntza, hobari eta onura horietan, arauhaustea egiten denean zenbateko handiena dutenak galduko dira lehenik, txikiena dutenen aurretik. Irizpide hori ezinbestean jaso behar da arau-haustearen aktan, arrazoituta.
b) Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan, onura horiek eskuratzeko aukerarik gabe geldituko dira, sei hilabetetik bi urte arteko epean, zehapena ezartzen duen ebazpena eman zen egunetik aurrera zenbatuta.
2. Hala eta guztiz ere, lege honen 8. artikuluaren 12. paragrafoan eta 16. artikuluaren 2. paragrafoan tipifikatutako arau-hauste oso larriei dagokienez (sexuagatiko zuzeneko edo zeharkako bereizkeria-kasuei buruzkoak), aurreko paragrafoak aipatzen dituen zehapen gehigarrien ordez enpresak aukeran izango du berdintasun-plan bat prestatu eta aplikatzea, betiere enpresak ez badu plan hori nahitaez egin behar legeak, erregelamenduak edo hitzarmenak ezarritako araua dela medio edo administrazio-erabakia dela medio, eta eskudun lan-agintaritzak horrela erabakitzen badu enpresak eskaera egin eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak nahitaezko txostena egin ondoren, erregelamenduz ezarritako moduan; horrelakoetan, eten egingo da zehapen gehigarri horiek preskribatzeko epea.
Berdintasun-plana egin edo aplikatu ezean, edo egiterakoan lan-agintaritzaren ebazpenean ezarritakoa nabarmen urratuz gero, lan-agintaritzak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak proposatuta, indarrik gabe utziko du zehapen gehigarriak ordezkatzea, betiere 8. artikuluaren 17. paragrafoan tipifikatutako arau-haustea egiteagatik dagokion zehapena ezartzea baztertu gabe; zehapen gehigarri horiek honela aplikatuko dira:
a) Aurreko paragrafoaren a) idatz-zatiak aipatzen dituen laguntzak, hobariak eta onurak automatikoki galtzea, arau-hausteak eragindako langile kopuruarekiko proportzioan, arau-haustea egin zen egunetik aurrerako ondorioekin.
Enplegu-programen ondoriozko laguntza, hobari eta onura horietan, arauhaustea egiten denean zenbateko handienekoak galduko dira lehenik, txikienekoen aurretik. Irizpide hori ezinbestean jaso behar da arau-haustearen aktan, arrazoituta.
b) Onura horiek eskuratzetik sei hilabete eta bi urte bitarteko aldi batez baztertzea, lan-agintaritzak etetea indarrik gabe uztea eta zehapen osagarriak aplikatzea erabakitzen duen ebazpena eman zuen egunetik aurrera.
3. Lege honen 39.2 artikuluan jasotako irizpideak erabiliko dira zehapenak graduatzeko.» Hamaika. Hona nola geratzen diren idatzita 47. artikuluaren 1. paragrafoaren a) eta c) idatz-zatiak:
«1. Gizarte Segurantzako pentsioen edo prestazioen eskatzaileei eta onuradunei dagokienez –langabeziako eta langile autonomoen jarduera uzteagatiko prestazioarenak barne–, honela zehatuko dira arau-hausteak:
a) Arinak, pentsioa edo prestazioa hilabetez galduta. Kontribuziozko edo kontribuzio gabeko langabezia-prestazioei dagokienez, 24. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan tipifikatutako arau-hauste arinak eskala honen arabera zehatuko dira:
1. arau-haustea. 2. arau-haustea. 3. arau-haustea. 4. arau-haustea. Prestazioak hilabetez galtzea.
Prestazioak 3 hilabetez galtzea.
Prestazioak 6 hilabetez galtzea.
Prestazioak azkentzea.
Langile autonomoen jarduera uzteagatiko prestazioari dagokionez, 24.3
artikuluko arau-hauste arina eskala honen arabera zehatuko da:
1. arau-haustea. 2. arau-haustea. 3. arau-haustea. 4. arau-haustea. Prestazioa 15 egunez galtzea.
Prestazioa hilabete eta 15 egunez galtzea.
Prestazioa 3 hilabetez galtzea.
Prestazioa azkentzea.
Eskala horiek lehen arau-haustetik aplikatuko dira, betiere arau-hauste arin baten eta aurrekoaren artean lege honen 41.1 artikuluak ezarritako 365 egunak baino gehiago igaro ez badira, arau-hauste mota alde batera utzita.
c) Oso larriak, pentsioa edo prestazioa sei hilabetez galduta edo langabeziaprestazioa edo subsidioa edo langile autonomoaren jarduera uzteagatiko prestazioa azkenduta.
Era berean, aukera izango da prestazio ekonomiko guztiak eta enplegua sustatzeko laguntza jasotzeko eskubiderik gabe urtebetez uzteko —azken laguntza hori, nolanahi ere, hala badagokio—, bai eta aldi horretan enplegurako lanbideheziketan parte hartzeko eskubiderik gabe ere.» Hamabi. Hona nola geratzen den idatzita 48. artikuluko 1. paragrafoa:
«1. Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan lan-arloko arau-usteak zehatzeko eskumena, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak proposatuta, honako hauei dagokie: probintziako eskudun agintaritzari, 31.000 euro arte; eskudun Zuzendari Nagusiari, 62.500 euro arte; Lan eta Gizarte Segurantzako arloko eskudun Ministerioaren titularrari, 125.000 euro arte, eta Ministro Kontseiluari, Lan eta Gizarte Segurantzakoak proposatuta, 125.001 eurotik aurrera.» Bosgarren artikulua. Ezkutuko enplegua erregularizatu eta kontrolatzeko eta etxebizitzen birgaitzea sustatzeko neurriei buruzko apirilaren 29ko 5/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea.
Hona nola geratzen den idatzita apirilaren 29ko 5/2011 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluaren 1. paragrafoa (5/2011 Errege Lege Dekretua, apirilaren 5ekoa, ezkutuko enplegua erregularizatu eta kontrolatzeko eta etxebizitzen birgaitzea sustatzeko neurriei buruzkoa):
«1. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 42. artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, enpresaburuek, baldin beren jardueran berezkoak diren lanak edo zerbitzuak nahiz beren lantokietan modu etengabean egiten dituztenak kontratatzen edo azpikontratatzen badituzte, honako hau egiaztatu beharko dute, kontratatutako edo azpikontratatutako jarduera hasi aurretik: horretan jardungo diren langileak aurretik Gizarte Segurantzan afiliatuta eta alta eginda daudela kontratak edo azpikontratak irauten duen denbora-tarte osoan.
Xedapen gehigarri bakarra. Enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko neurrien ebaluazioa.
Gobernuak enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko eta horiek kontrolatzeko abiarazitako neurri, plan eta tresna guztien eraginkortasuna eta efikazia ebaluatuko ditu urtero, abiarazi beharreko jardun berriak zuzentzeko eta orientatzeko aukera ematen duen diagnostikoa edukitzearren; betiere, sindikatu- eta enpresa-erakunde nagusiei kontsulta egin ondoren, eta kontuan hartuz enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko 20122013ko planean aurreikusitakoa eta langileen eskubideak urratzen dituzten portaerak, delituzkoak barne, kontrolatzea ahalbidetzen duten jarduera guztiak.
Gobernuak sei hilabeteko epea izango du, 2013ko abenduaren 31tik aurrera, ebaluazio horren emaitzak Diputatuen Kongresuan aurkezteko.
Lehen xedapen iragankorra. Ikuskapen-jardunei aplikatu beharreko araubidea.
Lege hau indarrean sartu aurretik hasitako ikuskatze-jarduerak eta zehatzeko prozedurak hasi ziren unean indarrean zegoen araudiaren arabera gauzatuko dira.
Bigarren xedapen iragankorra. Jakinarazpen elektronikoak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren iragarki-oholaren bitartez egitea.
Lege honen 3. artikuluaren laugarren paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko, harik eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren iragarki-oholean jakinarazpena egiteko agindua indarrean sartu arte.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzearen irismena.
Indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren edo lege honetan ezarritakoaren kontrakoa dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Lan-arloko arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzaren kuotak likidatzeko espedienteetarako prozedurei buruzko erregelamendu orokorra aldatzea (Maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori).
Aldatu egiten da lan-arloko arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzaren kuotak likidatzeko espedienteen prozedurei buruzko erregelamendu orokorra (maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuak onartu zuen). Hona nola geratzen den idatzita: Bat. Hona nola geratzen den idatzita 4. artikuluaren 1.a) paragrafoa:
«1. Arauek zehatzeko eskumena esleitu dieten organoek zehatuko dituzte arau-hausteak Estatuko Administrazio Orokorraren eta haren mende edo hari lotuta dauden organismo publikoen esparruan. Laneko edo Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak proposatuta hasiko da zehatzeko prozedura, edo bestela, prestazioen eskatzaileen edo onuradunen arau-hauste arinei eta larriei dagokienez, prestazioa kudeatzen duen erakundeak edo organoak dituen datuen edo aurrekarien ondorioz.
Probintzia-esparruan, organo hauek izango dute zehatzeko eskumena:
a) Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lanarloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren III. kapituluaren lehen atalean araututako Gizarte Segurantzaren arloko arau-hausteei dagokienez, honako hauei dagokie zehapena ezartzea:
1. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren Probintziako Zuzendaritzari, 21. artikuluaren 1., 2., 3., 4. eta 5. paragrafoetan adierazitako arau-hauste arinei dagokienez, Gizarte Segurantzako kuoten murrizketen kasuan 22. artikuluaren 1., 2., 3., 5., 7. eta 10. paragrafoetan aurreikusitako arau-hauste larriei dagokienez, eta 23.1 artikuluaren b), d), f) eta k) idatz-zatietan aurreikusitako arau-hauste oso larriei dagokienez.
2. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Probintziako Zuzendaritzari edo, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuari, 21. artikuluaren 4. eta 6. paragrafoan arau-hauste arintzat jotako kasuetan, 22. artikuluaren 4., 6., 8. eta 9. paragrafoetan arau-hauste larritzat jotako kasuetan, eta 23.1 artikuluaren a), c), e) eta g) idatz-zatietan arau-hauste oso larritzat jotako kasuetan.
Zehapena ezartzea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Probintzia Zuzendaritzaren edo, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuaren esku egongo da, baldin eta zehapenak langabezia-prestazioei eragiten badie, 21. artikuluaren 4. paragrafoan, 22. artikuluaren 4., 6., 8. eta 9. paragrafoetan eta 23.1 artikuluaren a), c), e) eta g) idatz-zatietan aurreikusitako kasuetan.
3. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Probintzia Zuzendaritzari, 22.10
artikuluan arau-hauste larritzat jotako kasuan, hobariak badira, eta 23.1 artikuluaren h) idatz-zatian arau-hauste oso larritzat jotako kasuetan.» Bi. Hona nola geratzen den idatzita 8. artikuluaren 2. paragrafoa:
«2. Egiaztatzeko jardun horiek ez dute iraungo bederatzi hilabete baino gehiago, non eta luzapen hori ezin zaien leporatu ikuskatu beharreko subjektuari edo haren mendeko pertsonei. Nolanahi ere, aukera izango da gehienez beste bederatzi hilabeteko aldi batez luzatzeko, baldintza hauek betetzen badira:
a) Ikuskatzeko jarduerek zailtasun eta konplexutasun berezia dutenean.
Horrelakorik dagoela joko da betebehardunaren eragiketa-bolumena handia denean, haren jarduerak geografikoki sakabanatuta daudenean, eta erregelamenduarau batek adierazten dituen beste kasu batzuetan.
b) Ikuskapena gauzatzean jakiten bada subjektuak eragotzi edo ezkutatu egin diola organo ikuskatzaileari bere jardueretako bat edo hura egiten duen pertsonetako bat.
c) Ikuskapen-lanak nazioarteko administrazio-lankidetza behar baldin badu.
Era berean, ezingo da eten bost hilabete baino gehiagoz, non eta etenaldia ez duten eragin ikuskatutako subjektuak edo haren mendeko pertsonek.
Artikulu honetan adierazitako epeak zenbatzeko orduan, ez da kontuan hartuko lehendik zeuden ez-betetzeak zuzentzeko errekerimenduetan organo ikuskatzaileak betebehardunari emandako epean igarotako denbora.
Aurreko paragrafoetan aipatutako epeak bete ezean, ez da etengo preskripzioaren zenbaketa; eta ezin izango da egin aurretiko jardun horien ondoriozko arau-haustearen edo likidazioaren aktarik, betiere funtzionario jarduleek izan lezaketen erantzukizuna baztertu gabe.
Hori gorabehera, aurretik aipatutako kasuetan, eta preskripzioak eragotzi ezean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak aukeran izango du gertaera horiek egiaztatzeko beste jardun batzuk sustatzea, baita, hala badagokio, dagozkion aktak egitea. Aurretiko ikuskapen-jardun azkenduetan egindako egiaztapenak aurrekaritzat hartuko dira hurrengoetan, eta gorabehera hori formalki jasoko da.» Hiru. Hona hemen nola geratzen den idatzita 34. artikuluaren 2. paragrafoa:
«2. Subjektu arau-hausleak egin zaion likidazioa onartu eta ezarritako epean haren zenbatekoa ordaintzen badu, gertaera berberengatik izandako arau-hausteen zehapenak 100eko 50 murriztuko dira automatikoki; epe hori Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 31.3 artikuluan eta, hala dagokionean, erregelamendu honen 33.1 artikuluaren hirugarren lerrokadan dago adierazita.
Murrizketa automatiko hori aplikatuko da likidazioaren zenbatekoa hasiera batean proposatutako zehapena baino handiagoa bada soilik.» Azken xedapenetako bigarrena. Otsailaren 4ko 138/2000 Errege dekretuak onartutako Laneko Ikuskatzailetza eta Gizarte Segurantzaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua aldatzea.
Aldatu egiten da otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretuak onartutako Laneko Ikuskatzailetza eta Gizarte Segurantzaren antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduaren 17. artikulua. Hona nola geratzen den idatzita:
«17. artikulua. Jardunen iraupena.
1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak subjektu berari buruz egiten dituen egiaztapen-jardunek ez dute iraungo bederatzi hilabete jarraitu baino gehiago, non eta luzapen hori ezin zaien leporatu ikuskatu beharreko subjektuari edo haren mendeko pertsonei. Nolanahi ere, ondoren adierazitako irismen eta baldintzekin, aukera izango da epe hori luzatzeko, gehienez bederatzi hilabeteko beste aldi batez, honako egoera hauetan:
a) Ikuskatzeko jarduerek zailtasun eta konplexutasun berezia dutenean.
Horrelakorik dagoela joko da pertsonaren edo erakundearen eragiketa-bolumen handia denean edo haren jarduerak geografikoko sakabanatuta daudenean.
b) Ikuskapena gauzatzean jakiten bada subjektuak eragotzi edo ezkutatu egin diola organo ikuskatzaileari bere jardueretako bat edo hura egiten duen pertsonetako bat.
c) Ikuskapen-lanak nazioarteko administrazio-lankidetza behar baldin badu.
Hori guztia Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzeko azaroaren 14ko 42/1997 Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz.
42/1997 Legearen 14.2.a) artikuluari jarraituz ikuskapen-jardunen epea luzatzeko, honako hauek joko dira zailtasun eta konplexutasun bereziko kasutzat:
1) Aztertu beharreko dokumentazioaren bolumenagatik eta ikertu edo elkarrizketatu beharreko pertsona kopuruagatik hala behar denean.
2) Elkarrekin lotutako enpresa talde baten kasuan, baldin eta enpresa-talde edo egitura hori osatzen duten era bateko eta besteko enpresen gainean jardunak egin behar badira, edo enpresa-ondorengotzako kasuetan.
3) Organo jardulea dagoen lurraldetik kanpo egin beharreko gertaera, ekintza, elementu, jarduera, ustiapen eta bestelako gorabeherak direnean, baldin eta organo horri lurralde-esparru horretatik kanpo egiaztatzeko jardunak egiteko eskatzen bazaio.
4) Laneko, zergetako, kontabilitateko, erregistroko edo gizarte-segurantzako betebeharrak ez betetzeagatik, edo liburuak nahiz erregistroak desagertu edo falta direlako, horrek egiaztatzea eta ikertzea are gehiago zailtzen badu.
5) Laneko edo gizarte-segurantzako betebeharren ardura duten subjektuei buruz jardunak eta ikerketak egiten direnean, hobariak, diru-laguntzak edo prestazioak eskuratzeko zein lan-harremana simulatzeko, edo EBtik kanpoko atzerritarrek egoitza- eta lan-baimenak iruzur eginda eskuratzeko asmoz, Gizarte Segurantzaren Sistemari iruzur egiten dioten sare, egitura edo jardueretako ustezko partaideak direlakoan.
6) Baldin ikuskapenean egiaztatzen bada elkarrekin lotuta dauden eta ondasun eta zerbitzu jakin bat ekoizten, gauzatzen edo banatzen parte hartzen duten enpresak daudela, gogoan hartuz ikuskapen-jardunaren helburua dela ekoizpen, gauzapen edo banaketan esku hartzen duten faseak egiaztatzea.
42/1997 Legearen 14.2. b) artikuluan jasotako kasuaren epea luzatzean, ikuskatutako subjektuak ikuskapen-organoari jardueraren bat edo horretan aritzen den pertsonaren bat ezkutatu diola edo eragozpenak jarri dizkiola joko da, baldin eta ez badizkio jarduera edo pertsona horien berririk eman Laneko edo Gizarte Segurantzako Administrazioari edo haiek ez badatoz bat subjektuak jakinarazitakoekin.
2. Baldin irizten bazaio badela zehatzeko edo likidatzeko prozeduraren aurretiko ikuskapen-jardunaren iraupena luzatzea justifikatzen duen gorabeheraren bat, jakinarazi egingo zaio, ikuskapen-jarduerak hasi eta lau hilabetera, ikuskatutako subjektuari, eta hamabost eguneko epea emango zaio epe hori hasi dela jakinarazten zaionetik, beharrezkoak diren alegazioak aurkez ditzan, egoki iritziz gero; jakinarazpen hori Agintaritza Nagusiari atxikitako Ikuskapeneko Zuzendaritza Bereziaren zuzendariak egingo du, hala badagokio, edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako Lurraldeko Zuzendariak edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Probintziako Ikuskatzailetzaren buruak, edota horien baliokideak, ikuskatzeko eginkizun publikoaren arloan eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatuak dituzten autonomia-erkidegoetan. Horren ostean, ebazpenaren berri emango zaio ikertutako subjektuari, eta ezin izango du errekurtsorik aurkeztu egintza horren aurka; hori guztia, ondoren zehatzeko edo likidatzeko prozedura hasiz gero administrazio- zein jurisdikzio-bidean aurkez ditzakeen alegazio eta errekurtsoak gorabehera.
Jakinarazpen horretan, epea zenbat denboraz luzatzen den adieraziko da (gehienez bederatzi hilabete); orobat, behar bezala arrazoituko da zergatik luzatzen den.
3. Arau hauek aplikatuko dira aurreko paragrafoan aipatutako bederatzi edo hemezortzi hilabeteko epea zenbatzeko:
a) Jarduna lantokira egindako bisitarekin hasten bada, epea lehen bisita egin zenetik zenbatuko da, bisita-liburuan jasotako eginbidearen arabera.
b) Agertzeko errekerimendua eginez hasten bada, betebeharduna agertzen den egunetik bertatik hasiko da zenbaketa, ikuskapen-jardunerako garrantzitsua den eta eskatu zaion dokumentazio guztiarekin agertzen den egunetik aurrera, alegia; bisita-liburuan jasoko da horren berri.
c) Baldin eta lantoki batean ikuskapen-bisita hasi eta, beharrezkoak diren aurrekariak aurkeztu ez direlako, edo egiaztapenaren peko pertsona ez dagoelako edo hark deklaratzeari uko egiten diolako, egiaztapena amaitzerik ez badago, funtzionario jarduleak bere esku du agertzeko errekerimendua egitea, erregelamendu honen 15. artikuluaren 1. paragrafoaren b) idatz-zatian xedatu moduan; horrelakoetan, agertzea aurreko paragrafoan adierazitako moduan gertatzen denetik hasiko da zenbatzen epea.
4. Subjektu bati berari dagozkion egiaztapen-jardunak, behin hasiz gero, ezin izango dira eten bost hilabete baino gehiagoz, salbu eta etena ikuskatutako subjektuak edo haren mendeko pertsonek eragin badute.
5. Artikulu honetan adierazitako epeak zenbatzeko orduan, ez da kontuan hartuko lehendik zeuden ez-betetzeak zuzentzeko errekerimenduetan organo ikuskatzaileak betebehardunari emandako epean igarotako denbora.
6. Ikuskapen-jardun baten barruan ikuskatutako subjektu bati buruz egindako egiaztapenak –haien iraupena eta aplikatutako modalitateak edozein direla ere– bisita-liburuan idatziko dira eginbide bidez, eta haren kopia bat ikuskatzailetzaren artxiboetan gordeko da; halaber, aurrekaritzat hartuko dira subjektu berari buruz ondoren egiten diren jardunetan.» Azken xedapenetako hirugarrena. Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari eta langileen afiliazio, alta, baja eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra (Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuak onartua) aldatzea.
Paragrafo berria eransten zaio, laugarrena, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari, eta langileen afiliazio, alta, baja eta datu-aldaketei buruzkoErregelamendu Orokorraren 20. artikuluari (Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori). Hona nola geratzen den idatzita:
«4. Baldin Diruzaintza Nagusiak jakiten badu, lehen eta bigarren paragrafoetan aurreikusitako prozedura eta bide berberez, jarduerarik ez duten eta Gizarte Segurantzan dagokien erregimenean inskribatuta egoteko baldintzarik betetzen ez duten enpresak inskribatu egin direla, ofizioz utziko du indarrik gabe egindako inskribatze hori, hargatik eragotzi gabe zehapena edo zigorra ezartzeko jarduerak hastea, hala badagokio.» Azken xedapenetako laugarrena. 1947ko otsailaren 14ko Dekretuak onartutako Hipoteka Erregelamendua aldatzea.
Paragrafo berria eransten zaio, seigarrena, Hipoteka Erregelamenduaren 144. artikuluari; hona nola geratzen den idatzita:
«6. Erregelamendu honen 92. artikuluaren arabera inskribatu diren eta atzerriko legeriaren mende dagoen eskuratzaile ezkonduaren (edo ezkonduen) aldeko ondasunak direnean, eta ezkontza-eraentzari lotuta badaude, eraentza hori adierazita egon edo ez, eskuratzaile horren ondasun edo partaidetza indibisoaren gainean gauzatuko da enbargoa, baldin eta era horretan inskribatuta badago, betiere demanda edo premiamendua bi ezkontideen aurka zuzendu dela jasota badago, edo, ezkontideetako batek demanda edo premiamendua jasota, enbargoa besteari jakinarazi bazaio.» Azken xedapenetako bosgarrena. Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.
Eragina 2012ko uztailaren 15etik aurrera izaten hasiko delarik, aldatu egiten da aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako seigarrena. Hona nola geratzen den idatzita:
«Seigarren xedapen iragankorra. Hobariak aplikatzeko eskubidea bertan behera uztea.
1.a) Bertan behera geratzen da errege lege-dekretu hau indarrean jartzean enpresek kontratatzeagatik, enpleguari eusteagatik edo autoenplegua sustatzeagatik Gizarte Segurantzaren kuotetan jasotzen zituzten hobariak aplikatzeko eskubidea, baita baterako bilketako kuotak ere, edozein dela ere haiek aplikatzeko eskubidea ezarri zuen araua (hura indarrean edo indargabetuta egon).
b) Aurreko paragrafoan xedatutakoa errege lege-dekretu hau indarrean sartu ondoko hiletik aurrera sortutako kuotetako hobariei aplikatuko zaie.
2. Lege honetako 1. paragrafoan xedatutakoa ez zaie aplikatuko xedapen hauetan jasotako hobariei:
a) Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua.
b) Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legea.
c) Hazkundea eta enplegua hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen 2., 3., 4., 4 bis, 5. eta 6. paragrafoak.
d) 18/2011 Errege Lege Dekretua, azaroaren 18koa, Espainiako Itsuen Erakundeak (ONCE) desgaitasunen bat duten pertsonekin egindako lankontratuengatik Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten hobariak arautzen dituena eta E.coli bakterioaren krisiak eragindako langileentzako Gizarte Segurantzako neurriak ezartzen dituena.
e) Genero-indarkeriaren aurka erabateko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 21.3 artikulua.
f) 11/1998 Errege Lege Dekretua, irailaren 4koa, amatasun, adopzio eta abegiagatiko atseden-denboran langileak ordezteko langabetuekin egiten diren bitartekotasun-kontratuen Gizarte Segurantzarako kuoten hobariak arautzen dituena.
g) Langabeziagatiko babes-sistema erreformatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko45/2002 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria.
h) Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria.
i) Langabeziagatiko babes-sistema erreformatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko 45/2002 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarria.
j) Enplegua areagotzeari eta enpleguaren kalitatea hobetzeari begira lanmerkatua eraldatzeko presazko neurriei buruzko uztailaren 9ko 12/2001 Legearen bigarren xedapen gehigarria.
k) Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 9. artikulua.
l) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren hogeita hamargarren xedapen gehigarria.
m) Laneratzeko enpresen araubideari buruzko abenduaren 13ko 44/2007 Legearen 16.3.a) artikulua.
n) Maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren 7.1 artikulua, zeinaren bitartez, apirilaren 7ko 13/1982 Legean aurreikusitakoa betez, enplegu selektiboa eta langile elbarrien enplegua sustatzeko neurriak arautzen baitira.
ñ) Okupazioa sustatzeko presazko neurriei buruzko maiatzaren 19ko 10/1994 Legearen seigarren xedapen gehigarriaren Hiru.2 paragrafoaren d) idatz-zatia.
o) Lan eta Gizarte Gaietako Ministroaren 1998ko urriaren 16ko Aginduaren 4.B).1 artikulua, elbarriak enplegurako eta lan autonomorako zentro berezietan laneratzea sustatzeko laguntzak eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
p) Desgaitasunen bat duten pertsonen enplegua sustatzeko lantokiak arautzen dituen otsailaren 20ko 290/2004 Errege Dekretuaren 12.1.b) artikulua.
q) Hazkundea eta enplegua hobetzeko ekainaren 9ko 5/2006 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluaren 2., 3. eta 4. paragrafoak.» Azken xedapenetako seigarrena. Enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurka borrokatzeko elkarlana.
Gobernuak honako hau sortuko du Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Legea indarrean sartu eta 6
hilabeteko epean: enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzako iruzurraren aurkako borrokan epaitegi eta auzitegiekin eta Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin elkarlanean aritzeko eta horiei laguntzeko unitate berezi bat; Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako Agintaritza Nagusiaren mende egongo da organikoki eta funtzionalki.
Azken xedapenetako zazpigarrena. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko kontsulta telematikoa.
Gobernuak kontsulta telematikorako prozedura bat finkatuko du erregelamendu bidez, Datuak Elektronikoki Igortzeko Sistemaren esparruan, enpresaburu nagusiek kontratisten eta azpikontratisten Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzeari buruzko informazioa errazago eskura dezaten.
Azken xedapenetako zortzigarrena. Garatzeko eskumena.
1. Gobernuari eta Lan eta Gizarte Segurantzako ministroari lege honetan ezarritakoa garatzeko eta exekutatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko baimena ematen zaie.
2. Aukeran izango da lege honek aldatzen dituen erregelamendu-xedapenak etorkizunean aldatzea, xedapenok dakartzan arauaren maila bereko erregelamendu-arau baten bitartez..
Azken xedapenetako bederatzigarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 23.1.i) artikuluan eta ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita hamaikagarren xedapenean aurreikusitakoa –Lege honen 4. artikuluaren Bost paragrafoan eta 2. artikuluaren Hiru paragrafoan idatzita dagoen moduan– izan ezik; horiek 2013ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanako zein agintariei.
Madril, 2012ko abenduaren 26a.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY