Uztailaren 31ko 27/2003 legea, etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua arautu duena
2003-07-31Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2003/8/1, 183. zk.
ZIOEN AZALPENA
I.
Familia-giroan gauzatutako indarkeria, eta, bereziki, genero-indarkeria gure gizarteko arazo larria da, eta horrek botere publiko guztien erantzun bateratu eta koordinatua behar du. Halako indarkeriek sortutako egoerak gainditu egiten du etxeko esparrua, herritar guztiengan eragina duen gaitz bihurtuz. Horregatik, ezinbestekoa da tresna juridiko berriak eta eragingarriagoak sortzea, euren artean ondo egituratutakoak, etorkizunean egitate astunagoak ekar ditzakeen edozein jokabide hasieratik eragozteko. Azken buruan, beharrezkoa da ekintza oro hartzaile eta koordinatua; ekintza horrek bateratuko ditu, hala erasotzailearen gaineko kautela-neurri penalak, hau da, indarkeriazko ekintza berriak eragoztea xede dutenak, nola izaera zibil eta gizarte-izaerako babes neurriak, xede dutenak etxeko indarkeriaren biktimen babesik eza saihestea eta biktima horien ahulezia bereziari erantzutea.
Asmo horrekin, 2002ko iragan urriaren 22an, Diputatuen Kongresuko Osoko Bilkurak akordatu zuen Gizarte-politikaren eta Enpleguaren Batzordean azpibatzorde bat sortzea, «...genero-indarkeriaren aurrean erantzun oro hartzailea emango duten legegintza-neurriak azaltzeko xedearekin...». Azpibatzorde horren ondoriorik garrantzitsuenen artean, hain zuzen ere, nabarmentzen da Justizia Ministerioak babestutako proposamena, tresna berri bat sortu eta arautzeari buruzkoa; tresna horren izena izango da etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua.
Ekimen horrek oinarri ditu adituen hainbat agiri eta txostenetan agertutako kezka; aditu horiek dira naziokoak (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Emakumearen Institutua, Estatuko Fiskaltza Nagusia eta abar) nahiz nazioz gaindiko antolakundeetakoak (NBE, Europako Kontseilua, EBko erakundeak). Kezka hori aditzera eman zuten Gorte Nagusiek, Emakumearen Eskubideen Batzorde Mistoan eratutako ponentziaren txostena hizpide; bada, oraintsu egindako txosten horretan azaldutakoaren arabera, «...beharrezkoa da erantzun oro hartzailea ematea, koordinazioa izanik lehentasunik garrantzitsuena...». Hurrean ere, txosten hori ontzat eman dute Diputatuen Kongresuko nahiz Senatuko osoko bilkurek. Azken finean, lege honen xedea da Gorte Nagusien ahobatezko agindu hori betetzea.
II.
Etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduak bateratzen ditu halako delitu eta falten biktimak babesteko tresna desberdinak. Bere xedea da, prozedura judizial azkar eta errazaren bidez, instrukzio-epaitegietan gauzatu beharko dena, biktimak babes osoko estatutua lortu ahal izatea, izaera zibila eta penala modu koordinatu batean bilduz kautela-akziora. Bestela esanda, xedea da ebazpen judizial batek aldi berean jasotzea, dela erasotzailearen mugigarritasun-askatasuna murrizteko neurriak, erasotzaile hori biktimarengana berriro hurreratu ez dadin, dela erasotako pertsonari eta horren familiari segurtasuna, egonkortasuna eta babes juridikoa emateko neurriak. Modu horretara, saihesten da zain egotea, kasuan kasuko ezkontzari buruzko prozesu zibila gauzatu arte. Babes-agindu judizialak eragingo du, orobat, Administrazio publiko desberdinek, estatukoak, autonomia-erkidegokoak nahiz tokikoak, euren sistema juridikoetan gizarte-babesaren inguruan ezarritako tresnak berehala abian jartzea. Hain justu ere, horretan datza legearen osagairik berritzaileena.
Babes-agindura bildutako neurriak eragingarriak egiteko helburuarekin, prozedura oso erraza diseinatu da, etxeko indarkeriaren biktima guztiek erabiltzeko modukoa. Horrenbestez, biktimek nahiz euren lege-ordezkariek edo biktimen hur-hurreko familia-inguruneko pertsonek prozedura hori eskatu ahal izango dute, formalismo teknikorik eta kostu gehigarririk gabe. Era berean, babes-agindu berria azkar lortzeko aukera izan behar da; izan ere, biktimak ez du benetako babesik izango, baldin eta agindu hori ez bada abian jartzen ahalik bizkorrena. Horretarako, urriaren 24ko 38/2002 Legeak, delitu eta falta jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura arautu duenak, ekin zion ildoari jarraituz, arauketa honek guardiako eginkizunak dituen instrukzio-epaileari eratxiki dio babes-agindua emateko eskumena. Erabaki judiziala bideratu beharko da aribidean dagoen zigor-prozesuan kalterik ahalik gutxiena egiteko moduan, horren izaera eta ezaugarriak edozein izanik ere. Ondore horietarako, ahalbidetzen da ustezko erasotzailearen entzunaldi judizialak bat egitea, dela Prozedura Kriminalaren Legearen 504 bis.2 artikuluan ezarritako agerraldiarekin, entzunaldi hori bidezkoa denean, dauden egite edo inguruabarren larritasuna kontuan hartuta, dela 798. artikuluan ezarritako entzunaldiarekin, epaiketa azkarreko prozeduraren bidez izapidetutako auziak epaitzen badira, dela falta-epaiketako ekitaldiarekin.
Azkenik, lege berriak berebiziko garrantzia eman dio etxeko indarkeriaren biktimak babesteko Erregistro Zentralari. Erregistro horretan berehala sartuko dira edozein epaitegi edo auzitegik emandako babes-agindu guztiak; halaber, bertan jasoko dira, idatzoharren bidez, garrantzitsuak diren egitateak, halako delitu eta falten biktimak babesteko.
1. artikulua.
Prozedura Kriminalaren Legearen 13. artikulua aldarazi da; artikulu horrek idazkera hau izango du:
«Lehenengo eginbidetzat jotzen dira desager daitezkeen delitu-frogak gordetzea; delitua egiaztatzea eta delitugilea identifikatzea ahalbidetzen duen guztia jaso eta jagotea; hala denean, delituaren ustezko erantzuleak atxilotzea; eta delituaren ondoriozko ofendituak edo kaltedunak, horien familiakoak nahiz beste pertsona batzuk babestea. Ondore horretarako lege honen 544bis artikuluan ezarritako kautela-neurriak edo 544ter artikuluan jasotako babes-agindua erabaki daitezke».
2. artikulua.
Prozedura Kriminalaren Legeari 544ter artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:
«1. Instrukzio-epaileak etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua emango du, Zigor Kodearen 153. artikuluan aipatu pertsonen artean baten baten bizitzaren, osotasun fisiko edo moralaren, sexu-askatasunaren, edo askatasun nahiz segurtasunaren aurkako delitua edo faltaren zantzu oinarridunak badaude, baldin eta biktimarentzat arrisku-egoera objektiboa agertzeagatik artikulu honetan araututako babes-neurriren bat hartzea beharrezkoa bada.
2. Babes-agindu hori erabakiko du epaileak ofizioz, edo biktimak nahiz biktimarekin aurreko artikuluko harremanak dituzten pertsonetatik edozeinek hala eskatuta, edo Fiskaltzak hala eskatuta.
Lege honen 262. artikuluan salaketa egiteko ezarri eginbehar orokorrari kalterik egin gabe, laguntza-erakunde nahiz -antolakunde publiko zein pribatuek, aurreko paragrafoko egitateetatik edozeinen berri badute, berehala komunikatu beharko diote hori guardiako epaileari edo Fiskaltzari, babes-agindua hartzeko prozedura has edo eragin dadin.
3. Babes-agindua zuzenean eskatu ahal izango zaio agintari judizialari edo Fiskaltzari, edo Segurtasun Indar nahiz Kidegoei, biktimentzako arreta-bulegoei, edo Administrazio publikoen mendeko gizarte-zerbitzuei nahiz laguntza-erakundeei. Eskabide hori lehenbailehen igorri beharko zaio epaile eskudunari. Epailearen lurralde-eskumenari buruz zalantzak sortzen badira, eskaera jaso duen epaileak hasi eta ebatzi beharko du prozedura, babes-aginduaren erabakia hartzeko; horri kalterik egin gabe, ondoren, jarduna igorriko zaio eskumena duenari.
Gizarte-zerbitzuek eta lehen aipatu erakundeek etxeko indarkeriaren biktimei laguntza eman behar dietenean, erraztasunak ere emango dizkiete babes-aginduaren eskabidea egiteko, eta, horretarako, haien eskura jarriko dituzte informazioa, formularioak, eta, hala denean, Justizia Administrazioarekin eta Fiskaltzarekin komunikatzeko bide telematikoak.
4. Babes-aginduaren eskabidea jaso ondoren, guardiako epaileak, artikulu honen 1. paragrafoan aipatu kasuetan, presako entzunaldira deituko ditu biktima edo beraren legezko ordezkaria, eskatzailea eta erasotzailea, hala denean, azken hori abokatuaren laguntzarekin. Era berean, Fiskaltzari ere dei egingo zaio.
Entzunaldi hori gauzatu ahal izango da, 504bis. 2 artikuluan ezarritako entzunaldiarekin batera, horretarako deialdia bidezkoa denean; lege honen IV. liburuko III. tituluko prozeduraren izapidetza duten auzietan, 798. artikuluan araututako entzunaldiarekin batera, edo, hala denean, falta-epaiketaren ekitaldiarekin batera. Salbuespenez, entzunaldia ezin bada guardiako zerbitzuan zehar egin, eskabidea jaso duen epaileak ahalik azkarrena egingo du entzunaldirako deialdia. Edozein kasutan ere, entzunaldia, gehienez ere, hirurogeita hamabi orduko epean egin beharko da, eskabidea aurkeztu denetik zenbatuta.
Entzunaldian zehar, guardiako epaileak neurri egokiak hartuko ditu erasotzailearen eta biktimaren artean, haien seme-alaben artean eta familiako gainerako kideen artean liskarra saihesteko. Ondore horietarako, entzunaldi horretan adierazpena bananduta egitea aginduko du.
Behin entzunaldia eginda, guardiako epaileak auto bidez bidezkoa dena ebatziko du, eskatutako babes-aginduari buruz, bai eta erabakitako neurrien eduki eta indarraldiari buruz ere. Horri kalterik egin gabe, instrukzio-epaileak 544bis artikuluan ezarri neurriak hartu ahal izango ditu, auziaren izapidetzako edozein unetan.
5. Babes-aginduak babes osoko estatutua ematen dio 1. paragrafoan adierazitako egitateen biktimari; estatutu horren barne egongo dira artikulu honetan ezarritako kautela-neurriak, ordena zibilekoak nahiz ordena penalekoak, eta antolamendu juridikoan ezarritako beste neurriak ere, laguntza-neurriak nahiz gizarte-babeserakoak.
Babes-agindua edozein agintariren eta Administrazio publikoaren aurrean gauzatu ahal izango da.
6. Izaera penaleko kautela-neurriak izan daitezke, besteak beste, prozesuko legeria kriminalaren arauketan ezarritakoetatik edozein. Neurri horien betekizunak, edukia eta indarraldia lege horretan orokorrean ezarritakoak izango dira. Instrukzio-epaileak neurriok erabakiko ditu, biktimak babes oso eta berehalakoa izateko duen beharrizana aintzat hartuta.
7. Seme-alaba adingabeak edo ezgaituak daudenean, biktimak edo beraren legezko ordezkariak edo Fiskaltzak eskatu beharko ditu izaera zibileko neurriak, baldin eta jurisdikzio-ordena zibileko organoren batek aurretiaz horiek erabaki ez baditu, eta Kode Zibilaren 158. artikuluan ezarri neurriei kalterik egin gabe. Neurri horiek izan daitezke, besteak beste, familiako etxe bizitzaren erabilera eta luperketa eratxikitzea; seme-alabak zaintzeko, bisitatzeko, horiekin komunikatzeko eta eurekin egoteko araubidea zehaztea; mantenua emateko araubidea ezartzea; eta adingabea arriskutik aldentzeko edo hark izan ditzakeen kalteak saihesteko egokitzat jotako xedapenetatik beste edozein.
Babes-aginduak izaera zibileko neurriak jasotzen dituenean, neurri horiek 30 eguneko indarraldia izango dute. Epe horretan, biktimak edo beraren legezko ordezkariak hala eskatuta, familia-prozesua eragin bada jurisdikzio zibilean, hartutako neurriek indarrean iraungo dute demanda aurkeztu eta hurrengo hogeita hamar egunetan. Epe horretan, lehen auzialdiko epaile eskudunak neurriok berretsi, aldatu edo ondorerik gabe utzi beharko ditu.
8. Babes-agindua alderdiei jakinaraziko zaie, eta epaileak berehala komunikatuko die agindu hori, lekukotza osoarekin batera, biktimari eta babes-neurriak hartzeko eskumena duten Administrazio publikoei, neurriok segurtasunari buruzkoak izan nahiz gizarte-laguntzari, laguntza juridikoari, edo laguntza psikologikoari, nahiz beste edozein motatakoak izan. Ondore horietarako, erregelamendu bidez ezarriko da Administrazioen arteko koordinazio-sistema osoa, sistema horrek komunikazioak azkar egitea berma dezan.
9. Babes-aginduak berarekin dakar biktimari une oro informazioa ematea egotziaren prozesu-egoerari buruz, bai eta hartutako kautela-neurrien norainokoari eta indarraldiari buruz ere.Bereziki, biktimari une oro informazioa emango zaio erasotzailearen espetxealdi-egoerari buruz.Ondore horietarako, babes-aginduaren kontu-arrazoiak emango zaizkio Espetxeetako Administrazioari.
10. Babes-agindua Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Erregistro Zentralean inskribatuko da.
11. Zigor-prozeduraren izapideak egin bitartean, artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatu harremanen ondorioz egotziarekin lotutako pertsonetatik edozeinentzat arrisku-egoera sortzen bada, auziaren gaineko ardura duen epaile edo auzitegiak biktima babesteko agindua eman ahal izango du, aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera».
XEDAPEN GEHIGARRIAK
1. Gobernuak, Justizia Ministerioak proposatuta, eta behin Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Datuak Babesteko Agentzia entzunda, Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Erregistro Zentralaren antolaketari buruzko erregelamendu egokiak emango ditu; zehaztuko du, halaber, bertako idazkunen inskripzio eta ezerezteari buruzko araubidea zein izango den, eta bertan jasotako informazioa nola eskuratuko den, betiere horren isil-gordea ziurtatuz.
2. Lege honen sustraitzearen jarraipena batzorde batek egingo du; batzorde hori osatuko dute Botere Judizialari buruzko Kontseilu Nagusiko, Estatuko Fiskaltza Nagusiko, lanbide juridikoetako eta Justizia Ministerioko, Barne Arazoetarako Ministerioko eta Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioko ordezkariek, bai eta autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako ordezkaritzek ere.
Batzorde horri dagokio aplikazio orokorreko protokoloak egitea, lege honetan araututako babes-agindua ezartzeko, bai eta koordinazio-tresna egokiak ematea ere, epaile nahiz auzitegiek eta Administrazio publiko eskudunek hartutako babes- eta segurtasun-neurrien eragingarritasuna ziurtatzeko.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra. Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.