Uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoa, Bilera Eskubidea Arautzekoa
1983-07-15Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 1983/7/18, 170. zk.
Espainiako 1978ko Konstituzioak eduki anitza du, eta eduki horretan jaso ditu oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak aitortzea eta bermatzea. Horiexek osatzen dute, hain justu ere, zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoaren oinarrizko zutabeetako bat.
Bilera-eskubidea, eskubide publiko subjektiboa den heinean, oinarrizko eskubideen agerpen garrantzitsua da. Orain arte, maiatzaren 2ko 17/1976 Legeak arautu du eskubide hori. Konstituzioa egin eta indarrean jarri baino lehenagokoa den lege horren edukiak bat egiten zuen une horretan Espainiako gizarteak bizi zuen trantsizio politikoarekin.
Konstituzioa indarrean jarri ondoren, bilera-eskubidea sendotu egin da, eta beharrezkotzat jotzen da eskubide hori orokorrean arautzea. Ildo horretatik, antolamendu juridikoa aldarazi behar da, konstituzio-aginduekin bat ez datorren alde guztietan. Konstituzio- agindu horien artean kontuan hartu behar da bilera-eskubidea egikaritzeko aurretiazko baimenik behar ez dela dioena.
Azken buruan, lege organiko honen xedea da bilera-eskubidearen funtsezko gunea arautzea, gune hori konstituzio-manuekin bat etor dadin.
Horrenbestez, ezabatu egin da bilera- eskubidea egikaritzeko baimenen prebentzio-sistema, eta eskubide hori egikaritzea bermatzen da epaiketa bidez gauzatu beharreko prozedura sumarioaren bidez. Prozedura hori dela bide, saihestu dira administrazio-izapidetza konplexuak, eskubidea egikaritzea eragingabe bihurtzen zutenak, etengabeko konstituzio-jurisprudentziak ezarritakoaren arabera.
Iraganbide publikoetan egindako bilerei eta kale-agerraldiei dagokienez, agintariari aldez aurretiko komunikazioa egin behar zaio, eta hark halakoak debekatu ahal izango ditu, soilik, pertsona eta ondasunen aurkako arriskuaz, ordena publikoa asaldatzeko arrazoi oinarridunak daudenean. Modu horretara, aintzat hartzen dira Konstituzioaren 21. artikuluan jasotako arauak.
Amaitzeko, izaera bereziko arauen indarraldiari eutsi zaio, arau horiek Konstituzioaren aurkako manuak jasotzen ez dituzten ginoan. Lege hau, orokorra izateaz gain, ordeztailea ere bada, Konstituzioaren barruan indarrean dauden araubide bereziei begira.
1. artikulua
1. Konstituzioaren 21. artikuluan aitortutako eskubidea, bilera baketsu eta armarik gabekoak egitekoa, egikarituko da lege organiko honetan xedatutakoaren arabera.
2. Lege honen ondoreetarako, bilera da 20 pertsonatik gora batzea, adostuta eta aldi baterako, helburu jakin batekin.
3. Bilera ez-zilegiak dira zigor-legeek izaera horrekin tipifikatutakoak.
2. artikulua
Bilera-eskubidea egikaritu ahal izango da lege organiko honetan agindutakoa kontuan hartu gabe, ondoko bilerak egiten direnean:
a) Pertsona fisikoek euren egoitzetan egiten dituztenak.
b) Pertsona fisikoek lokal publiko nahiz pribatuetan egiten dituztenak, familia edo lagunarteko arrazoien ondorioz.
c) Alderdi politikoek, sindikatuek, enpresaburuen erakundeek, sozietate zibilek eta merkataritzako sozietateek, elkarteek, korporazioek, fundazioek, kooperatibek, jabeen erkidegoek eta legearen arabera eratu gainerako erakundeek leku itxietan egindako bilerak, euren helburuetarako eta euren kideentzat edo esanbidez gonbidatutako pertsonentzat bakarrik egindako deialdiaren bidez.
d) Profesionalek euren bezeroekin leku itxietan egiten dituzten bilerak, euren lanbidearen araberako helburuak direla eta.
e) Indar Armatuen errege-ordenantzek aipatzen dituzten unitate, itsasontzi eta esparru militarretan egiten diren bilerak; euren legeria bereziak arautuko ditu bilera horiek.
3. artikulua
1. Bilerak ez dira egongo aurretiazko baimen-araubidearen mende.
2. Gobernu-agintariak bilerak eta kale-agerraldiak babestuko ditu, eskubide horren egikaritza zilegia eragotzi, oztopatu edo kaltetu nahi dutenen aurka.
4. artikulua
1. Lege honen araberako bilerak sustatu eta deitu ahal izango dituzte, soilik, eskubide zibilak oso-osoan egikari ditzaketen pertsonek.
2. Bileren eta kale-agerraldien ordena egokiaren erantzule izango dira horien antolatzaileak; antolatzaileok neurriak hartu beharko dituzte bilera eta kale-agerraldiak behar den moduan egin daitezen.
3. Bileretan edo kale-agerraldietan parte hartuta hirugarrenei kalteren bat eragiten dietenek zuzeneko erantzukizuna izango dute kalte horri dagokionez.
Modu subsidiarioan, bilerak edo kale-agerraldiak antolatu edo sustatu dituzten pertsona natural edo juridikoek erantzungo dute parte-hartzaileek hirugarrenei eragindako kalteei dagokienez, salbu eta, kalte horiek saihesteko, euren esku dauden zentzuzko bitarteko guztiak jarri dituztenean. Hori gorabehera, antolatzaile edo sustatzaile horiek berreskaera- eskubidea egikari dezakete, kalteak eragin dituztenen aurka.
4. Militarren legeria bereziak arautuko du militarrek bilera edo kale-agerraldi publikoetan parte hartzea, uniforme militarrarekin edo euren militar-izaera agerian utziz.
5. artikulua
Gobernu-agintariak bilerak eta kale- -agerraldiak eten egingo ditu, eta, hala denean, desegin, ondoko egoeretan:
a) Zigor-legeen arabera zilegiak ez direla ulertzen denean.
b) Ordena publikoa asaldatzen denean, pertsona eta ondasunen aurkako arriskuaz.
c) Bildutakoek uniforme paramilitarrak daramatzatenean.
Ebazpen horiek aldez aurretik komunikatuko zaizkie bildutakoei, legeak ezarritakoaren arabera.
6. artikulua
Lege honen aplikazio-esparruko bileren antolatzaile eta sustatzaileek gobernu- agintariaren eskuordeak bertaratzea eskatu ahal izango dute, bilera horiek leku, lokal edo esparru itxietan egiten badira.
7. artikulua
Gobernu-agintariaren eskuordeek ez dute eztabaidetan parterik hartuko, eta ez dute hitzik izango, parte-hartzaileak ohartarazteko edo zuzentzeko; horrek guztiak ez dio kalterik egingo Prozedura Kriminalaren Legean ezarritakoari.
8. artikulua
Iraganbide publikoetan egindako bilerak edo kale-agerraldiak kasuan kasuko gobernu-agintariari komunikatu beharko zaizkio. Komunikazio hori idatziz egingo dute bilera edo kale- -agerraldi horiek antolatu edo sustatzen dituztenek, gutxienez egutegiko hamar egun eta gehienez egutegiko hogeita hamar egun lehenago.
Antolatzaile edo sustatzaileak pertsona juridikoak badira, horien ordezkariak egin beharko du komunikazioa.
Arrazoi berezi eta larrien ondorioz, presakoa bada bilerak iraganbide publikoetan, edo kale-agerraldiak deitu eta egitea, aurreko lerrokadako komunikazioa egin ahal izango da, gutxienez hogeita lau orduko aurrerapenarekin.
9. artikulua
1. Komunikazio-idazkian jasoko dira:
a) Antolatzailearen edo antolatzaileen izena, abizenak, egoitza eta identifikazio-agiri ofiziala; antolatzailea pertsona juridikoa izanez gero, jaso beharko dira horren ordezkariaren izena, abizenak, egoitza, eta, identifikazio- agiri ofizialaz gain, pertsona juridikoaren izena, izaera eta egoitza.
b) Aurreikusitako lekua, data, ordua eta iraupena.
c) Helburua.
d) Aldez aurretik zehaztutako ibilbidea, bide publikoetatik igarotzea aurreikusten denean.
e) Antolatzaileek hartutako segurtasun- neurriak edo gobernu-agintariak eskatutakoak.
2. Gobernu-agintariak udal ukituari jakinaraziko dizkio, salbu eta aurreko artikuluko bigarren lerrokadan jaso presako deialdietako bat dagoenean, komunikazio- idazkian jasotako datuak, udalak txostena egin dezan, hogeita lau orduko epean, proposatutako ibilbidearen inguruabarrei buruz.
Epe horretan txostenik jasotzen ez bada, txosten hori bilera edo kale-agerraldia egitearen aldekoa dela ulertuko da.
Txosten horrek arrazoi objektiboak izango ditu oinarri, hala nola, bilera edo kale-agerraldia egin nahi den lekuen egoera, hura beste ekintza batzuekin pilatzea, lekuen segurtasun-baldintzak, indarreko arautegiaren arabera, eta, orobat, izaera teknikoko antzeko beste arrazoi batzuk.
Edozein kasutan ere, txostena ez da loteslea izango, eta zioduna izan beharko da.
10. artikulua
Gobernu-agintariak uste badu arrazoi oinarridunak daudela ordena publi-
koa asaldatuko dela uste izateko, pertsonak eta ondasunak arriskuan jarrita, bilera edo kale-agerraldia debekatu ahal izango du, edo, hala denean, proposatu ahal izango du bileraren edo kale-agerraldiaren data, lekua, iraupena edo ibilbidea aldaraztea.
Ebazpena zioduna izan beharko da, eta gehienez hirurogeita hamabi orduko epean jakinarazi beharko da, 8. artikuluko komunikazioa egiten denetik zenbatuta, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ezarri betekizunekin bat etorriz.
11. artikulua
Antolatzaileek edo sustatzaileek debekua edo proposatutako beste aldarazpen batzuk onartzen ez badituzte, administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jarri ahal izango dute audientzia eskudunean, berrogeita zortzi orduko epean; errekurtso horren kopia, behar bezala erregistratutakoa, gobernu-agintariari helaraziko zaio, horrek espedientea audientziari berehala bidal diezaion.
Auzitegiak errekurtso horren inguruko izapideak egingo ditu abenduaren 26ko 62/1978 Legeak, Pertsonaren Oinarrizko Eskubideen Jurisdikzio Babesari buruzkoak, 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Lege honen ondoreetarako, gobernu- agintariaren izaera izango dute, Estatuaren Administrazio Orokorretakoez gain, pertsonak eta ondasunak babesteko eta herritarren segurtasunari eusteko kasuan-kasuan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetakoek, autonomia- erkidegoetako estatutuetan eta Segurtasun Indar eta Kidegoen Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, eta polizia autonomikoak ezartzeko prozesuarekin bat etorriz.
Lehenengoa
Lege honek izaera orokor eta ordezkoa du, bilera-eskubidea arautzen duten gainerako legeei begira.
Bigarrena
Indarrik gabe geratuko dira maiatzaren 2ko 17/1976 Legea, Bilera Eskubidea Arautzeari buruzkoa, eta lege honen aurkako diren xedapen guztiak.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Konstituzioaren 81.1 artikuluan ezarritako Hauteskundeetarako Legea aldarrikatu arte, hauteskunde-administrazioaren organoen jurisdikzioaren mende izango dira hauteskunde-propagandarako kanpainarengatik egindako bilerak eta kale-agerraldiak.