Urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzkoa, eta Atzerritar horiek Gizarteratzeari buruzkoa
2000-01-11Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2000/1/12, 10. zk.
1. artikulua. Esparrua zehaztea
1. Atzerritartzat joko dira, lege honen aplikazio-ondoreetarako, Espainiako naziotasunik ez dutenak.
2. Edozein kasutan ere, ulertuko da lege honetan xedatutakoak ez diola kalterik egingo lege berezietan ezarritakoari, ez eta nazioarteko tratatuetan ezarritakoari ere, Espainia tratatu horietako kidea denean.
3. Europar Batasuneko legeria aplikatuko zaie Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrei eta erkidegoko araubidea aplikatu behar zaien herritarrei. Herritar horiei lege hau aplikatuko zaie mesedegarriagoak izan dakizkiekeen gaietan.
2. artikulua. Lege-esparrutik baztertzea
Lege honen aplikazio-esparrutik baztertuta daude:
a) Espainian egiaztatutako diplomazia- agenteak eta kontsuletxeetako funtzionarioak, bai eta diplomazia-misio iraunkor zein berezietako, eta kontsuletxeetako bulegoetako gainerako kideak eta euren familiakoak ere, baldin eta, nazioarteko zuzenbideko arauen arabera, horiek ez badute betebeharrik, atzerritar gisa inskripzioa egiteko eta bizileku- baimena lortzeko.
b) Misio iraunkorretako, edo Espainian gobernuen arteko zein erakundek izan egoitza eta erakunde horietan dauden ordezkaritzetako, edo Espainian egindako nazioarteko biltzarretako ordezkari eta eskuordeak, bai eta horien gainerako kideak eta euren familiakoak ere.
c) Nazioarteko edo gobernuen arteko erakundeetako funtzionarioak, erakunde horiek egoitza Espainian badute, eta euren familiakoak, baldin eta, Espainia zein trataturen kide izan eta tratatu horren arabera, horiek salbuetsita badaude artikulu honen a) idatz-zatian ezarri betebeharretatik.
3. artikulua. Atzerritarren eskubideak eta arauak interpretatzea
1. Atzerritarrek izango dituzte Konstituzioaren I. tituluan aitortu eskubide
eta askatasunak. Eskubide eta askatasun horiek bat etorriko dira, nazioarteko tratatuetan, lege honetan, eta eskubide eta askatasun horietako bakoitzaren egikaritza arautzeko legeetan ezarritakoarekin.
Interpretazio-irizpide orokor gisa, ulertuko da atzerritarrek egikaritzen dituztela lege honek aitortutako eskubideak espainiarren baldintza berdinetan.
2. Atzerritarren oinarrizko eskubideei buruzko arauak interpretatuko dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin, eta gai berdinen inguruan Espainian indarrean dauden tratatu eta akordioekin bat etorriz; ezin izango da alegatu era desberdinetako erlijio-sinesmenak edo pentsaera ideologiko nahiz kulturalak izatea, oinarrizko eskubideen aurkako egintzak edo jokaerak gauzatzea justifikatzeko.
4. artikulua. Agiriak izateko eskubidea
1. Espainiako lurraldean dauden atzerritarrek eskubide eta betebeharra dute, euren nortasunaren egiaztatze- -agiriak izateko, jatorrizko edo etorkizko herrialdeko agintari eskudunek luzatuta, bai eta Espainian eurek duten egoeraren egiaztatze-agiriak izateko ere.
2. Bisatua edo sei hilabetetik gorako epealdian Espainian egoteko baimena duten atzerritar guztiek eskuratuko dute atzerritarraren nortasun-txartela. Atzerritar bakoitzak modu pertsonalean eskatu beharko du txartel hori, Espainian sartu edo baimena eman eta hilabeteko epean, hurrenez hurren.
3. Atzerritarrak ezin izango dira euren agiriez gabetu. Salbuespenez, atzerritarrak euren agiriez gabetu ahal izango dira, lege organiko honetan eta otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoan, ezarri kasuetan eta betekizunekin.
5. artikulua. Askatasunez zirkulatzeko askatasuna
1. Lege honen II. tituluan ezarritakoaren arabera Espainian dauden atzerritarrek eskubidea izango dute, Espainiako lurraldean askatasunez zirkulatzeko eta bizilekua aukeratzeko. Horretarako, muga bakarrak izango dira, izaera orokorrarekin tratatuetan eta legeetan ezarritakoak; edota agintari judizialak erabakitakoak, kautela-izaerarekin, edo zigor-prozesuan nahiz estradizio-prozesuan, horietan atzerritarra egotzia, biktima edo lekukoa denean; edota epai irmoaren ondorioz ezarritakoak.
2. Hala ere, neurri murrizgarri bereziak ezarri ahal izango dira, horiek erabakitzen direnean salbuespen- edo setio-egoeraren adierazpenean, Konstituzioan araututakoaren arabera. Salbuespenez, segurtasun publikoaren inguruko arrazoiengatik, Barne Arazoetarako ministroaren ebazpenaren bidez ere ezarri ahal izango dira neurri murrizgarri bereziak, banan-banan, zioekin eta kasu bakoitzean dauden inguruabarren arabera. Ebazpen hori hartu beharko da legean ezarritako prozedura zehatzailearen berme juridikoekin bat etorriz.
Neurri murrizgarrien iraupenak ezin izango du gainditu neurri horiek hartzea justifikatu zuten inguruabarrei aurre egiteko behar besteko eta proportziozko denbora. Neurri horiek izan daitezke, agintari eskudunen aurrean aldian-aldian aurkeztea, eta mugetatik edo modu berezian zehaztutako biztanle-guneetatik urruntzea.
6. artikulua. Partaidetza publikoa
1. Espainian bizi diren atzerritarrak udal-hauteskundeetan sufragio-eskubidearen titular izan daitezke. Horretarako, kontuan hartuko da, elkarrekikotasun- irizpideei men eginez, lege edo tratatu bidez ezarritakoa, atzerritar horien jatorrizko herrialdeetan bizi diren espainiarrei begira.
2. Espainian bizi diren atzerritarrek dituzte, udalerri batean erroldatuta egoteagatik, toki-araubidearen oinarriei buruzko legerian ezarritako eskubide guztiak. Atzerritar horiek entzun daitezke, eurengan eragina duten gaiei dagozkienez, aplikazio-erregelamenduek xedatutakoarekin bat etorriz.
3. Udalek erroldan jasoko dute udalerrian bizi diren atzerritarren inguruko informazioa. Halaber, udalek eguneratuta izango dute informazio hori.
4. Botere publikoek erraztu egingo dute atzerritarrek sufragio-eskubidea egikaritzea, atzerritar horien jatorrizko herrialdeko hauteskunde-prozesu demokratikoetan.
7. artikulua. Bilerak eta kale-agerraldiak egiteko askatasunak
1. Atzerritarrek bilera egiteko eskubidea izango dute, espainiarrentzat eskubide hori arautzen duten legeen arabera. Atzerritarrek eskubide hori egikaritu ahal izango dute, Espainian egonaldi- baimena edo bizileku-baimena lortzen dutenean.
2. Ibilbide publikoetan bilerak edo kale-agerraldiak sustatzen dituztenek jakinarazpena egin beharko diote aldez aurretik agintari eskudunari; jakinarazpen hori egin beharko da Bilera Eskubidea Arautzeko Lege Organikoan ezarri aurrerapenarekin. Agintari eskudunak ezin izango du bilera edo kale-agerraldi horiek debekatu, edo aldaraztea proposatu, lege horretan ezarritako arrazoiengatik ez bada.
8. artikulua. Elkartzeko askatasuna
Atzerritar guztiek izango dute elkartzeko eskubidea, espainiarrentzat eskubide hori arautzen duten legeen arabera. Atzerritarrek eskubide hori egikaritu ahal izango dute, Espainian egonaldi- -baimena edo bizileku-baimena lortzen dutenean.
9. artikulua. Hezkuntzarako eskubidea
1. Hemezortzi urtetik beherako atzerritar guztiek dute hezkuntzarako eskubide eta eginbeharra, espainiarren baldintza berberetan. Eskubide horretara biltzen dira oinarrizkoa, doakoa eta derrigorrezkoa den irakaskuntza eskuratzea, kasuan kasuko titulazio akademikoa lortzea, eta beken nahiz laguntzen sistema publikoaz baliatzea.
2. Haur-hezkuntzak borondatezko izaera du. Alabaina, administrazio publikoek bermatuko dute nahiko plaza izatea, hala eskatzen duten herritarren eskolatzea ziurtatzeko.
3. Espainian bizi diren atzerritarrek eskubidea izango dute, derrigorrezkoa ez den hezkuntzarako, espainiarren baldintza berberetan.
Zehatzago esanda, atzerritarrek eskubidea izango dute, aurreko paragrafoan ezarri gabeko hezkuntza eta irakaskutza eskuratzeko, eta kasu bakoitzari dagokion titulazioa lortzeko, bai eta beken nahiz laguntzen sistema publikoaz baliatzeko ere.
4. Botere publikoek sustatuko dute Espainian bizi diren atzerritarrek irakaskuntza izatea, hala behar badute hobeto gizarteratzeko. Edozelan ere, atzerritar horien kultura-nortasuna aitortu eta errespetatu beharko da.
5. Espainian bizi diren atzerritarrak irakaskuntzako edo ikerketa zientifikoetako jarduerak gauzatzera heldu ahal izango dira, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.
Era berean, atzerritar horiek zentroak sortu eta zuzendu ahal izango dituzte, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.
10. artikulua. Lanerako eta Gizarte Segurantzarako eskubidea
1. Atzerritarrek eskubidea izango dute, lege organiko honen eta berau garatzeko xedapenen betekizunak betetzen badituzte, ordaindutako jarduera gauzatzeko, beregainean edo inorentzat, bai eta Gizarte Segurantzako Sisteman sartzeko ere, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.
2. Espainian bizi diren atzerritarrak administrazio publikoen zerbitzupeko langile izatera hel daitezke, Europar Batasuneko estatu kideetako naziotasuna duten pertsonen baldintza berberetan, Konstituzioko berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipoen arabera, bai eta publizitate-printzipioaren arabera ere.
Ondore horretarako, atzerritar horiek aurkeztu ahal izango dira administrazio publikoek egindako enplegu publikoaren eskaintzetara.
11. artikulua. Sindikatu-kide egiteko askatasuna eta greba-askatasuna
1. Atzerritarrek eskubidea izango dute, askatasunez sindikatu-kide egiteko edo lanbide-erakunde batean afiliatzeko, Espainiako langileen baldintza berberetan. Atzerritarrek eskubide hori egikaritu ahal izango dute, Espainian egonaldi-baimena edo bizileku-baimena lortzen dutenean.
2. Modu berean, atzerritarrek greba- -eskubidea egikaritu ahal izango dute, lan egiteko baimena dutenean.
12. artikulua. Osasun-laguntzarako eskubidea
1. Espainian dauden atzerritarrek osasun-laguntzarako eskubidea dute, espainiarren baldintza berberetan, ohikotasunez bizi diren udalerriko erroldan inskribatuta badaude.
2. Espainian dauden atzerritarrek eskubidea dute, presako osasun-laguntza publikorako, gaixotasun larriak edo istripuak dituztenean, azken horien arrazoia edozein dela. Eskubidea izango dute, berebat, osasun-laguntzaz baliatzeko, medikuaren alta lortu arte.
3. Espainian dauden atzerritarrek osasun-laguntzarako eskubidea dute, hemezortzi urtetik beherakoak badira, espainiarren baldintza berberetan.
4. Espainian egon eta haurdun dauden atzerritarrek osasun-laguntzarako eskubidea izango dute, haurdunaldiak iraun bitartean, erditzean eta erditu ostean ere.
13. artikulua. Laguntzak izateko eskubidea, etxebizitzei dagokienez
Espainian bizi diren atzerritarrek eskubidea dute, etxebizitzen gaian laguntza publikoen sistemaz baliatzeko, espainiarren baldintza berberetan.
14. artikulua. Gizarte Segurantzarako eta gizarte-zerbitzuetarako eskubidea
1. Espainian bizi diren atzerritarrek eskubidea izango dute, Gizarte Segurantzako prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko, espainiarren baldintza berberetan.
2. Espainian bizi diren atzerritarrek gizarte-zerbitzu eta -prestazioak jasotzeko eskubidea izango dute, horiek orokorrak eta oinarrizkoak izan zein bereziak izan, espainiarren baldintza berberetan.
3. Atzerritarrek eskubidea dute, oinarrizko gizarte-zerbitzu eta -prestazioak izateko, euren administrazio-egoera edozein dela ere.
15. artikulua. Atzerritarrak espainiarren zerga berberen mende izatea
1. Nazioarteko zerga-ezarpen bikoitzari buruz aplikatu beharreko akordioetan xedatutakoari kalterik egin gabe, atzerritarrak izango dira, orokorrean, espainiarren zerga berberen mende.
2. Atzerritarrek eskubidea izango dute, Espainian lortutako sarrerak eta aurrezkiak euren herrialdera edo beste edozeinetara transferitzeko, Espainiako legerian ezarri prozeduren arabera eta nazioarteko akordio aplikagarriekin bat etorriz.
Gobernuak beharrezko neurriak hartuko ditu, transferentzia horiek errazteko.
16. artikulua. Familiaren intimitaterako eskubidea
1. Espainian bizi diren atzerritarrek eskubidea dute familian bizitzeko eta familiaren intimitaterako, lege organiko honetan ezarritakoaren arabera eta Espainiak izenpetutako nazioarteko tratatuen xedapenekin bat etorriz.
2. Espainian bizi diren atzerritarrek eskubidea dute, 17. artikuluan zehaztutako familiakideak eurekin berrelkartzeko.
3. Familia-arrazoiarengatik Espainian bizilekua eskuratu duen ezkontideak eta berarekin elkartutako familiakideek eutsi egingo diote bizilekuari, nahiz eta bizilekua eskuratzea eragin zuen ezkontza-lotura hautsi.
Erregelamendu bidez zehaztu ahal izango da aurretiazko elkarbizitzaren iraupena Espainian, kasu horietan egiaztatu beharko dena.
17. artikulua. Berrelkartzeko moduko familiakideak
1. Espainian bizi den atzerritarrak eskubidea du, ondoko familiakideak Espainian berarekin berrelkartzeko:
a) Espainian bizi den atzerritarraren ezkontidea, baldin eta hori bananduta ez badago, egitez edo zuzenbidez, edo ezkontza lege-iruzurrean egin ez bada.
Inoiz ez da berrelkartuko ezkontide bat baino gehiago, nahiz eta atzerritarraren lege pertsonalak ezkontza-modalitate hori onartu.
Espainian bizi den atzerritarra eta bere ezkontidea bananduta badaude, eta atzerritar hori bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondu bada, atzerritar horrek berrelkartu ahal izango ditu ezkontide berria eta horren familiakideak bakarrik. Horretarako, atzerritarrak egiaztatu beharko du prozedura juridiko bidez gauzatu direla aurreko ezkontzetako banantzeak; prozedura horrek ezarri beharko du aurreko ezkontidearen eta horren familiakideen egoera, etxebizitza erkideari, ezkontidearen pentsioari eta mendeko adingabekoen mantenuari begira.
b) Espainian bizi den atzerritarraren eta beraren ezkontidearen seme-alabak, adoptatuak barne, baldin eta hemezortzi urtetik beherakoak edo ezgaituak badira, Espainiako legearen edo euren lege pertsonalaren arabera, eta ezkonduta ez badaude.
Seme-alabak ezkontide batenak direnean, ezkontide horrek bakarrik egikaritu beharko du guraso-ahala, edo seme-alaben zaintza ezkontide horri eratxiki beharko zaio, eta seme-alabak beraren ardurapean izan beharko dira.
Seme-alabak adoptatuak badira, egiaztatu beharko da adopzioaren aldeko erabakia jaso zuen ebazpenak betekizunak betetzen dituela, Espainian ondoreak izateko.
c) Hemezortzi urtetik beherako adingabeak edo ezgaituak, Espainian bizi den atzerritarra denean euren lege-ordezkaria.
d) Berrelkartzailearen aurrekoak edo beraren ezkontidea, horiek berrelkartzailearen ardurapean badaude, eta horiei bizilekua Espainian baimendu beharra justifikatzen duten arrazoiak badaude.
2. Aurretiazko berrelkartze baten ondorioz bizilekua eskuratu duten atzerritarrek eskubidea egikaritu ahal izango dute euren familiakideak berrelkartzeko. Horretarako, familiakide horiek lortu beharko dute bizileku- eta lan-baimena, berrelkartzaileak lortutako baimena gorabehera, eta egiaztatu beharko dute lege organiko honetako betekizunak dituztela.
3. Aurrekoak berrelkartu direnean, aurreko horiek egikaritu ahal izango dute familia berrelkartzeko eskubidea, Espainian bizilekua behin betiko izatea lortu eta ekonomia-kaudimena egiaztatu ondoren bakarrik.
Salbuespenez, berrelkartutako aurrekoak eskubide hori egikaritu ahal izango du, baldin eta bere ardurapean badu adingabea edo ezgaitua den semea edo alaba.
4. Erregelamendu bidez garatuko dira berrelkartze-eskubidea egikaritzeko baldintzak.
18. artikulua. Familia berrelkartzeko prozedura
1. Eskubide hori egikaritu nahi duten atzerritarrek eskatu beharko dute familia-berrelkartzearen ondoriozko bizileku-baimena, eurek berrelkartu nahi dituzten familiakideen mesedetan.
Edu berean, atzerritar horiek frogatu beharko dute ostatu egokia eta behar besteko bizibideak dituztela, euren familiaren beharrizanei aurre egiteko, behin familia berrelkartuta.
2. Lege honen 17.3 artikuluko lehenengo tartekadurak xedatutakoari kalterik egin gabe, atzerritarrek berrelkartze- eskubidea egikaritu ahal izango dute, euren familiakideak Espainian berrelkartzeko, Espainian legez urtebete bizi ondoren, eta Espainian, gutxienez, beste urtebete bizitzeko baimena izanez gero.
3. Familia berrelkartzeko eskabidea onartzen denean, agintari eskudunak berrelkartuko diren familiakideen alde luzatuko du bizileku-baimena. Baimen horren iraupena izango da, berrelkartzea eskatzen duen pertsonaren bizileku- baimenaren araberakoa.
4. Erregelamendu bidez zehaztuko dira berrelkartze-eskubidea egikaritzeko baldintzak, bizilekua aurretiazko berrelkartze baten ondorioz eskuratu dutenentzat.
19. artikulua. Familia berrelkartzearen ondoreak inguruabar berezietan
1. Berrelkartutako ezkontideak bizileku- baimen independentea eskuratu ahal izango du, lan egiteko baimena lortzen duenean.
Ezkontidea etxeko indarkeriaren biktima bada, bizileku-baimen independentea lortu ahal izango du, babes-agindua eman denetik, ezkontide horren mesedetan.
2. Berrelkartutako seme-alabek bizileku- baimen independentea lortuko dute, adin nagusitasunera heltzen direnean eta lan egiteko baimena lortzen dutenean.
3. Berrelkartutako aurrekoek bizileku- baimen independentea lortu ahal izango dute, lan egiteko baimena lortzen badute; lan egiteko baimenaren ondoreak egongo dira 17.3 artikuluan xedatutakoaren mende.
20. artikulua. Benetako babes judiziala lortzeko eskubidea
1. Atzerritarrek eskubidea dute benetako babes judiziala lortzeko.
2. Atzerritartasun-arloan ezartzen diren administrazio-prozedurek beti errespetatuko dituzte administrazio-prozedurari buruzko legeria orokorrean ezarritako bermeak, eta, bereziki, arauen publizitateari, alderdien arteko aurkakotasunari, interesdunaren entzunaldiari eta ebazpenak ziodunak izan beharrari dagozkienez. Horren salbuespen da lege honen 27. artikuluan xedatutakoa.
3. Espainian, immigranteak defendatzeko legez eratutako erakundeek le-gitimazioa izango dute, administrazio- -prozeduretan interesdun gisa parte hartzeko, atzerritarrek esanbidez izendatu dituzten heinean.
4. Administrazioarekiko auzietako prozesuetan, atzerritartasun-arloan, parte hartzeko legitimazioa izango dute jurisdikzio hori arautzen duen legearen 19.1.b) artikuluaren araberako erakunde ukituek.
21. artikulua. Administrazio-egintzen aurkako errekurtsorako eskubidea
1. Atzerritarren inguruan hartutako administrazio-egintzen eta -ebazpenen aurka errekurtsoa jarri ahal izango da, legeetan xedatutakoaren arabera.
2. Atzerritartasun-arloan emandako administrazio-egintzen betearazpen- -araubidea izango da indarreko legerian izaera orokorrarekin ezarritakoa. Horren salbuespen da lege honetan xedatutakoa, kanporatze-espedienteen izapideak lehenespenez egiteko.
22. artikulua. Doako laguntza juridikorako eskubidea
1. Atzerritarrek doako laguntza juridikorako eskubidea dute, baldin eta Espainian badaude eta baliabide ekonomiko nahikorik ez badute, doako laguntza juridikoaren arautegian ezarritako irizpideen arabera; bada, eskubide hori izango dute hurrengo ondoreak izan ditzaketen administrazio-prozeduretan edo prozedura judizialetan: atzerritarren sarrera ukatzea, atzerritarrak itzularaztea edo atzerritarrak Espainiako lurraldetik kanporatzea. Asilo-arloko prozedura guztietan ere atzerritarrek doako laguntza juridikorako eskubidea izango dute.
Halaber, atzerritarrek interpretearen laguntzarako eskubidea izango dute, erabili beharreko hizkuntza ofiziala ulertzen edo hitz egiten ez badute.
2. Espainian bizi diren atzerritarrek espainiarren baldintza berberetan izango dute doako laguntza juridikorako eskubidea, parte hartzen duten prozesuetan, horiek gauzatzeko jurisdikzioa edozein dela ere, baldin eta auzitan aritzeko baliabide ekonomiko nahikorik egiaztatzen ez badute.
23. artikulua. Bereizkeriazko egintzak
1. Lege honen ondoreetarako, bereizkeria da, zuzenean edo zeharka, atzerritar baten aurka bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasuna dakarren egintza oro, baldin eta horrelakoen oinarri badira arraza, kolorea, jatorri nazionala edo etnikoa, pentsaerak eta erlijio-eginerak. Gainera, egintza horien xede edo ondorea izan behar da giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen berdintasuneko aitorpena edo egikaritza ezabatzea edo murriztea, politika-, ekonomia-, gizarte-, edo kultura- esparruan.
2. Edozein kasutan ere, bereizkeria- -egintzak dira:
a) Zerbitzu publiko baten ardurapean, agintari edo funtzionario publiko batek nahiz langile batek gauzatutako egintzak, baldin eta bere eginkizunak betetzean, egitez edo ez-egitez, legeak debekatutako bereizkeriazko egintzetatik edozein gauzatzen badu, atzerriko herritar baten aurka, herritar hori atzerritarra izateagatik edo arraza, erlijio, etnia zein naziotasun jakin batekoa izateagatik.
b) Atzerritarrei espainiarrei baino baldintza larriagoak ezartzen dizkieten egintza guztiak, edo oztopoak jartzen dituzten egintzak, jendaurrean eskainitako ondasun edo zerbitzuak emateko, atzerritar izate hutsarengatik, edo atzerritar horiek arraza, erlijio, etnia zein naziotasun jakin batekoak izateagatik.
c) Espainian legez dauden atzerritarrei, legitimoa ez den eran, espainiarrei baino baldintza larriagoak ezartzen dizkieten egintza guztiak, edo Espainian legez dauden atzerritarrei, lana, etxebizitza, hezkuntza, lanbide-prestakuntza eta gizarte-zerbitzuak nahiz gizarte- eta laguntza-izaerako zerbitzuak, eta lege organiko honetako gainerako eskubideak murrizten edo mugatzen dizkieten egintzak, atzerritarrak izateagatik edo arraza, erlijio, etnia edo naziotasun jakin batekoak izateagatik soil-soilik.
d) Legez Espainian bizi den atzerritar batek jarduera ekonomiko bat modu legitimoan gauzatzeari ekin dionean, jarduera hori gauzatzea eragozten duten egintza guztiak, egitezkoak nahiz ez-egitezkoak, hori atzerritarra izateagatik edo arraza, erlijio, etnia edo naziotasun jakin batekoa izateagatik.
e) Zeharkako bereizkeria da tratamendu oro, baldin eta tratamendu hori langileei kalteak eragiten dizkieten irizpideak hartzearen ondorio bada, eta irizpideok hartzen badira langile horiek atzerritarrak izategatik edo arraza, erlijio, etnia edo naziotasun jakin batekoak izateagatik.
24. artikulua. Prozedura sumarioa Aplikatzea
Oinarrizko eskubide eta askatasunak urratzen dituen bereizkeriazko egineretatik edozeinen aurkako babes judiziala eskatu ahal izango da Konstituzioaren 53.2 artikuluan ezarri prozeduraren bidez, legeak ezarritakoaren arabera.
25. artikulua. Espainiako lurraldean sartzeko betekizunak
1. Atzerritarra Espainian sartu nahi bada, horretarako ezarritako tokietatik sartu beharko da. Horrez gain, atzerritarrak izan beharko du, Espainiak nazioarteko zein hitzarmen izenpetu eta hitzarmen horien arabera baliozkoa den pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzen duen bidaia-agiria; atzerritarra esanbidez ezarritako debekuen mende ere ezin da izan.
Orobat, atzerritarrak aurkeztu beharko ditu erregelamendu bidez ezarritako agiriak, egonaldiaren arrazoia eta baldintzak justifikatzeko balio dutenak, eta egiaztatu beharko du behar besteko bizibideak dituela, Espainian egon nahi duen denborarako, edo bizibide horiek legez lortzeko aukera duela.
2. Halaber, bisatua beharko da, salbu eta horrelakorik ez dela behar ezarri denean, Espainiak izenpetutako nazioarteko hitzarmenetan edo Europar Batasuneko arautegian.
Ez da bisaturik beharko, atzerritarrak duenean atzerritarraren nortasun- -txartela edo, salbuespenez, Espainiara berriro etortzeko baimena.
3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko Espainian sartzeko unean asilo-eskubideaz baliatzea eskatzen duten atzerritarrei. Asiloari buruzko arautegi bereziak xedatutakoak arautuko du asilo-eskubidea ematea.
4. Aurreko paragrafoetako betekizunak betetzen ez dituzten atzerritarrak Espainian sartzea baimendu ahal izango da, aparteko arrazoi humanitarioak daudenean, edo interes publikoa nahiz Espainiak hartutako konpromisoak bete beharra.
Halakoetan, atzerritarrari emango zaizkio erregelamendu bidez ezarritako agiriak.
25bis artikulua. Bisatu-motak
Espainiako lurraldean sartu nahi duten atzerritarrek ondoko bisatu-motetarik bat izan beharko dute, lege honen 25. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera. Bisatu horiek baliozkotasunez luzatu eta indarrean izan beharko dira, eta jaso beharko dira atzerritarraren pasaporteetan edo bidaia- agirietan, edo, hala denean, agiri bereizi batean.
a) Iraganbide-bisatua. Bisatu horrek ahalbidetzen du Espainiako aireportu baten nazioarteko iraganbide-gunetik igarotzea, edo Espainiako lurraldea zeharkatzea.
b) Egonaldi-bisatua. Bisatu horrek ahalbidetzen du etenik gabeko hiru hilabeteko egonaldia, edo elkarren segidako egonaldiak, epealdi baterako edo batzuetarako, baina seihileko batean gehienez ere hiru hilabete iraun dezaketenak, Espainian lehenengo aldiz zein datatan sartu eta data horretatik zenbatzen hasita.
c) Bizileku-bisatua. Bisatu horrek ahalbidetzen du Espainian bizitzea, lanedo lanbide-jarduerarik gauzatu gabe.
d) Lan- eta bizileku-bisatua. Bisatu horrek ahalbidetzen du Espainian lan- edo lanbide-jarduera gauzatzea, inorentzat edo beregainean, eta Espainian bizitzea.
e) Ikasketa-bisatua. Bisatu horrek ahalbidetzen du Espainian egotea, ikastaroak, ikasketak, ikerketa-lanak edo prestakuntza-lanak egiteko.
Erregelamendu bidez garatuko dira bisatu-mota desberdinak.
26. artikulua. Espainian sartzeko debekua
1. Kanporatuak izan diren atzerritarrak ezin izango dira Espainian sartu, eta xede horrekin bisaturik ere ezin izango dute lortu, Espainian sartzeko debekuak iraun bitartean. Orobat, ezin izango dira Espainian sartu, eta xede horrekin bisaturik ere ezin izango dute lortu, Espainian sartzea debekatua dutenak, legez ezarritako beste arrazoi batengatik, edo nazioarteko hitzarmenen ondorioz, Espainia hitzarmen horietako kide denean.
2. Espainian sartzeko betekizunak betetzen ez dituzten atzerritarrei sarrera ukatuko zaie ebazpen ziodunaren bidez. Atzerritar horiei informazioa emango zaie, ukatzearen aurka jar ditzaketen errekurtsoen inguruan, errekurtsoak jartzeko duten epearen inguruan eta errekurtsoa jartzeko kontuan hartu behar duten agintariaren inguruan. Halaber, informazioa emango zaie, abokatuaren eta interpretearen laguntzarako duten eskubidearen inguruan; gainera, abokatua ofiziozkoa izan daiteke. Atzerritarrek laguntza hori izango dute muga-postuan kontrola egiten den unetik.
27. artikulua. Bisatua ematea
1. Bisatua eskatu eta emango da Espainiako diplomaziako misioetan eta kontsuletxeetako bulegoetan. Edozelan ere, erregelamenduek salbuespeneko beste kasu batzuk ere jaso dituzte, bisatua eskatu eta ematearen inguruan.
2. Bisatua emateak:
a) Atzerritarra ahalbidetuko du, Espainiako muga-postu batean agertu eta Espainian sartzea eskatzeko.
b) Atzerritarra ahalbidetuko du, behin Espainian sartuta, Espainian egoteko, bisatua zein egoeratarako eman eta egoera horretan. Horrek ez dio kalterik egingo, hala denean, atzerritarraren nortasun- txartela lortzeko betebeharrari.
3. Erregelamendu bidez ezarriko da bisatuak baimendu eta emateko prozeduraren arautegi berezia, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen xedapen gehigarrietatik hamaikagarrenak ezarritakoaren arabera.
Prozedura horretan agindu ahal izango da eskatzailea bera agertzea.
4. Bisatuak emateko edo ukatzeko ahalmena egikaritzeko orduan, kontuan hartu beharko dira arlo horretan indarrean dauden nazioarteko konpromisoak. Bisatuak emateko edo ukatzeko ahalmen hori bideratuko da, berebat, Espainiako Erresumaren atzerri-politikaren xedeak betetzera eta Espainiako edo Europar Batasuneko beste politika publiko batzuen xedeak betetzera, hala nola, immigrazio-politika, ekonomia-politika eta herritarren segurtasuna.
5. Salbuespeneko kasuetan, erregelamendu bidez ezarri ahal izango dira beste irizpide batzuk, bisatuak emateko eta ukatzeko kontuan hartu beharko direnak.
6. Bisatuaren ukatzea zioduna izan beharko da, bizileku-bisatuen kasuan, horiek familia berrelkartzeko badira, edo inorentzat lan egiteko bisatuen kasuan.
Schengengo 1990eko ekainaren 14ko Akordioa aplikatzeko Hitzarmenak pertsona ez onargarrien zerrenda ezarri du; hortaz, ukatzearen arrazoia bada bisatuaren eskatzailea zerrenda horretan egotea, bisatuaren eskatzailerari komunikatuko zaio hori, hitzarmen horretan ezarri arauekin bat etorriz.
Ebazpenak aipatuko du zein errekurtso jar daitezkeen beraren aurka, errekurtso horiek zein organotan jarri behar diren eta errekurtsoak jartzeko epea zein den.
28. artikulua. Espainiatik irtetea
1. Espainiako lurraldetik askatasunez irten ahal izango da, Zigor Kodean eta lege honetan ezarritako kasuetan izan ezik.
2. Salbuespenez, Barne Arazoetarako ministroak Espainiako lurraldetik irtetea debekatu ahal izango du, segurtasun nazionaleko edo osasun publikoko arrazoiengatik.
Debekatze-espedienteen instrukzio eta ebazpenak banakako izaera izango du beti.
3. Irteera nahitaezkoa izango da hurrengo kasuetan:
a) Atzerritarra Espainiako lurraldetik kanporatzen denean agindu judizialarengatik, Zigor Kodean ezarri kasuetan.
b) Atzerritarra kanporatzea edo itzularaztea administrazio-ebazpenaren bidez erabakitzen denean, lege honetan ezarri kasuetan.
c) Administrazioak ukatzen dituenean atzerritarrak egindako eskabideak, Espainiako lurraldean jarraitzeko, edo atzerritarrak baimenik ez duenean Espainian egoteko.
29. artikulua. Egoerak zerrendatzea
1. Atzerritarrak ondoko egoeretako batean egon ahal izango dira Espainian: egonaldian edo bizilekuarekin.
2. Atzerritarrek Espainian izan ditzaketen egoera desberdinak egiaztatu ahal izango dira pasaportearen bidez edo atzerritarraren nortasuna egiaztatzen duen bidaia-agiriaren bidez, bisatuaren bidez edo atzerritarraren nortasun- txartelaren bidez, kasu bakoitzaren arabera.
30. artikulua. Egonaldi-egoera
1. Egonaldia da Espainiako lurraldean egotea, 90 egunetik gorakoa ez den denboraldian, 33. artikuluan ikasleentzat xedatutakoari kalterik egin gabe.
2. Denboraldi hori igarota, Espainian jarraitzeko beharrezkoa izango da egonaldiaren luzapena lortzea edo bizileku- baimena lortzea.
3. Sarrera bisatuarekin egiten denean, bisatuaren iraupena hiru hilabetetik beherakoa bada, egonaldia luzatu ahal izango da, baina egonaldia ezin izango da hiru hilabetetik gorakoa izan, sei hilabeteko epealdian.
4. Sarrera bisaturik gabe egiten denean, hiru hilabetetik gora baimendu ahal izango da atzerritar baten egonaldia Espainiako lurraldean, hori justifikatzen duten aparteko inguruabarrak egonez gero.
30bis artikulua. Bizilekua izateko egoera
1. Espainian bizilekua dute Espainian egon eta bizilekua izateko baimen baten titular diren atzerritarrek.
2. Espainian bizi direnak egon ahal izango dira behin-behineko bizilekuarekin edo behin betiko bizilekuarekin.
31. artikulua. Behin-behineko bizilekua izateko egoera
1. Behin-behineko bizilekua izateko egoerak baimena ematen du, Espainian egoteko, 90 egunetik gorako eta bost urtetik beherako epealdian.
Bost urtetik beherako iraupena duten baimenak berriztatu ahal izango dira, interesdunak hala eskatuta, baimen hori ematea arrazoitu zuten inguruabarrak aintzat hartuta.
Erregelamendu bidez ezarriko dira, behin-behineko bizileku-baimenen iraupena, berriztapenak baimentzea eta berriztapen horien iraupena.
2. Behin-behineko bizilekua izateko egoera baimenduko zaio behar besteko bizibideak dituela egiaztatzen duen atzerritarrari, mantenu- eta egonaldi- -gastuei aurre egiteko, eta gastu horien artean, hala denean, beraren familiaren gastuei, egoera hori zenbat denborarako eskatu eta denbora horretan, irabazteko asmoarekin inolako jarduerarik gauzatu gabe. Halaber, atzerritar horrek asmoa izan behar du, ekonomia- -jarduera beregainean edo inorentzat gauzatzeko, eta lege honen 36. artikuluak aipatu lan egiteko administrazio- -baimena lortu behar du, edo atzerritar hori familia berrelkartzeko eskubidearen onuradun izan behar da.
Erregelamendu bidez ezarriko dira irizpideak, paragrafo honek aipatu behar besteko bizibideak zehazteko.
3. Administrazioak baimena eman ahal izango du, Espainian behin-behineko bizilekua izateko, atzerritarra Espainian finkatuta egoteagatik, bai eta arrazoi humanitarioengatik, justiziarekin elkarlanean aritzeagatik edo erregelamendu bidez ezarri aparteko beste inguruabarrengatik ere.
Horrelako kasuetan ez da behar izango bisaturik.
4. Atzerritar bati behin-behineko bizilekua baimentzeko, nahitaezkoa izango da atzerritarrak ez izatea Espainiako antolamenduan jasotako delituen ondoriozko zigor-aurrekaririk, Espainian edo aurretiaz bizilekua izan duen herrialdeetan; halaber, nahitaezkoa izango da, atzerritarra baztertzeko moduan ez agertzea, Espainiarekin esangura horretan hitzarmena sinatua duten herrialdeetako lurralde-esparruan.
Kasu bakoitzaren inguruabarren arabera baloratuko da, bizileku-baimena berriztatzeko aukera, delitu bat egiteagatik kondenatuak izan eta kondena bete duten atzerritarren, indultatuak izan direnen, edo zigorra baldintzapean kenduta dutenen kasuetan.
5. Espainian behin-behineko bizileku- baimena duten atzerritarrek betebeharra dute naziotasunaren, egoera zibilaren eta egoitzaren aldaketak Barne Arazoetarako Ministerioari jakinarazteko.
6. Ezabatuta, azaroaren 20ko 14/2003 Lege Organikoaren ondorioz (EAO, 279. zk., 2003ko azaroaren 21ekoa).
7. Ezabatuta, azaroaren 20ko 14/2003 Lege Organikoaren ondorioz (EAO, 279. zk., 2003ko azaroaren 21ekoa).
32. artikulua. Behin betiko bizilekua
1. Behin betiko bizilekua izateko egoerak ahalbidetzen du Espainian iraupen mugaturik gabe bizitzea, eta espainiarren baldintza berberetan lan egitea.
2. Behin betiko bizilekurako eskubidea izango dute bost urte jarraian behin-behineko bizilekua izan dutenek.
Bizilekua jarraikakoa izan dela ulertuko da, nahiz eta atzerritarrek lurralde nazionala utzi, oporraldiengatik edo erregelamendu bidez ezarri beste arrazoi batzuengatik.
Erregelamendu-izaerarekin eta salbuespenez, irizpideak zehaztuko dira, epe hori ez ezartzeko Espainiarekin lotura berezia duten kasuetan.
33. artikulua. Ikasleen araubide berezia
1. Ikasletzat hartuko da Espainiara datorren atzerritarra, beraren xede bakarra edo nagusia bada ikasketak egitea nahiz gehitzea, edo ikerketa- nahiz prestakuntza-lanak egitea, alokairurik jaso gabe, Espainian modu ofizialean aitortutako edozein irakaskuntza- edo ikerketa-zentrotan, horiek publikoak nahiz pribatuak izan.
2. Ikasle-araubidea duen atzerritarrak egonaldi-egoera izango du. Baimenak iraungo du, atzerritarra zein ikasturtetan egon matrikulatuta eta ikarturte horrek beste.
3. Baimena urtero luzatuko da, baldin eta baimen horren titularrak egiaztatzen badu hasierako baimena emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituela, eta irakaskuntza-zentroan galdatutako betekizunak betetzen dituela; atzerritarrak ikasketak burutu dituela ere egiaztatu beharko da.
4. Ikasketa-xedeekin onartutako atzerritarrek ez dute baimenik izango, ordaindutako jarduera gauzatzeko, ez beregainean, ez beste inorentzat.
Aitzitik, atzerritarrek gauzatu ahal izango dituzte ordaindutako jarduerak, jarduerok lanaldi partzialekoak edo iraupen jakinekoak badira, eta ez badute mugatzen ikasten jarraitzea; jarduerok gauzatu beharko dira erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
Lege honen 10.2 artikuluan xedatutakoa gorabehera, ikasketa-xedeekin onartutako atzerritarrak kontratatu ahal izango dira administrazio publikoen zerbitzupeko langile gisa, artikulu honetan ezarri moduan eta balditzetan.
5. Familia batean lan egiten denean, familia horretan egonaldia eta mantenua konpentsatzeko, hizkuntza- edo lanbide-ezaguerak hobetu bitartean, lan hori arautuko da «au pair» lanpostuari buruzko nazioarteko akordioetan xedatutakoarekin bat etorriz.
34. artikulua. Aberrigabeen, agirigabeen eta errefuxiatuen bizilekua
1. Barne Arazoetarako Ministerioak aberrigabetzat hartuko ditu naziotasunik ez dutela dioten atzerritarrak, baldin eta atzerritar horiek betetzen badituzte 1954ko irailaren 28an New Yorken egindako Aberrigabeen Estatutuari buruzko Konbentzioaren betekizunak. Barne Arazoetarako Ministerioak atzerritar horiei emango dizkie konbentzio horren 27. artikuluan ezarri agiriak.
Aberrigabeen Estatutuak izango du erregelamendu bidez zehaztuko den araubide berezia.
2. Edozein kasutan ere, Barne Arazoetarako Ministerioaren bulegoetan aurkezten den atzerritar orok lortu ahal izango du, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, Barne Arazoetarako Ministerioaren bulegoetan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Horretarako, atzerritarrak egiaztatu beharko du inongo herrialdetako agintariek ezin diotela agiririk eman, eta adierazi beharko du Espainiako agiriak nahi dituela. Halaber, aurretiaz egoki den informazioa egiaztatu beharko da, eta, aparteko arrazoiak izateaz gain, arrazoi horiek egiaztatu beharko dira beti; arrazoi horiek izan daitezke humanitarioak, interes publikoa edo Espainiak hartutako konpromisoak betetzea.
Hala ere, eskatutako agiriak ukatu egingo dira, eskatzailea 26. artikuluko egoeretako batean badago, edo beraren kontra kanporatze-agindua eman bada.
3. Espainian asiloa izateko eskabidearen aldeko ebazpenak eragingo du eskatzailea errefuxiatutzat hartzea. Errefuxiatuak eskubidea izango du, Espainian bizitzeko, eta lan-, lanbide- eta merkataritza-jarduerak gauzatzeko, Asilo Eskubidea eta Errefuxiatu Izaera Arautu zuen martxoaren 26ko 5/1984 Legearekin eta hori garatu duen arautegiarekin bat etorriz, nahiz eta lege hori maiatzaren 19ko 9/1994 Legeak aldarazi.
Izaera horrek eragingo du atzerritarra ez itzularaztea, ezta kanporatzea ere, 1951ko uztailaren 28an Genevan egindako Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioaren 33. artikulua aintzat hartuta.
35. artikulua. Adingabeen bizilekua
1. Estatuko segurtasun-kidego eta -indarrek atzerritar agirigabe bat aurkitzen dutenean, eta segurtasunez ezarri ezin denean atzerritar hori adingabea den ala ez, adingabeak babesteko eskumenak dituzten zerbitzuek beharrezko arreta eskainiko diote atzerritar horri, adingabearen babes juridikoari buruzko legerian ezarritakoarekin bat etorriz. Horren berri emango zaio Fiskaltzari, eta Fiskaltzak atzerritarraren adina zehaztuko du; horretan lagunduko dute kasuan kasuko osasun-erakundeek, eta erakundeok lehentasunez egingo dituzte beharrezko frogak.
2. Behin atzerritarraren adina zehaztuta, atzerritarra adingabea izanez gero, Fiskaltzak adingabe hori jarriko du adingabeak babesteko zerbitzu eskudunen esku.
3. Adingabea familiarekin berrelkartzeko printzipioa kontuan hartuta, eta aurretiaz adingabeak babesteko zerbitzuek txostena emanda, Estatuaren Administrazioak bidezko dena ebatziko du, adingabea bere jatorrizko herrialdera edo bere familiakideak dauden herrialdera bueltatzeari buruz, edo adingabea Espainian gelditzeari buruz.
4. Ondore guztietarako erregulartzat joko da administrazio publiko baten tutoretzapean dauden adingabeen bizilekua.
Adingabeari bizileku-baimena emango zaio, adingabe hori tutoretzapean duen erakundeak hala eskatuta, eta adingabea bere familiarekin edo bere jatorriko herrialdera ezin dela bueltatu egiaztatu ondoren. Baimen horren ondoreek atzera egingo dute, adingabea adingabeak babesteko zerbitzuen esku jarri zen unea arte.
5. Estatuko segurtasun-kidego eta -indarrek beharrezko neurri teknikoak hartuko dituzte, agirigabeko atzerritar adingabeak identifikatzeko. Horren xedea izango da adingabeak babesteko estatuko nahiz atzerriko erakunde batean adingabe horien gainean izan daitezkeen erreferentzien berri izatea.
Datu horiek ezin izango dira erabili, paragrafo honetan ezarri helburuetatik kanpo.
36. artikulua. Irabazteko asmoa duten jarduerak gauzatzeko baimena
1. 16 urtetik gorako atzerritarrek lan egiteko aurretiazko administrazio-baimena izan beharko dute, irabazteko asmoarekin edozein jarduera gauzatzeko, jarduera hori lan- edo lanbide-izaerakoa izan.
Baimen horrek atzerritarrari ahalbidetuko dio Espainian bizitzea, baimena indarrean dagoen bitartean. Edonola ere, baimena azkendu egingo da, baldin eta enpresaburuari baimen hori eman dela jakinarazten zaionetik hilabete igaro bada, eta, hala denean, kasuan kasuko bisatua eskatu ez bada.
2. Atzerritarrak lan egin nahi duenean, beregainean edo inorentzat, titulazio berezia behar duen lanbidean, baimena eman dadin kasuan kasuko titulua eduki beharko da, eta, hala denean, titulu hori homologatu beharko da.
Halaber, atzerritarrak elkargo baten kide izan beharko du, legeek hala ezarri badute.
3. Atzerritar bat kontratatzeko, enplegatzaileak eskatu beharko du artikulu honen 1. paragrafoak aipatu baimena.
Enpresaburuak kasuan kasuko baimenik ez izateak ez du baliorik gabe utziko lan-kontratua, langile atzerritarraren eskubideei dagokienez, eta ez du eragotziko atzerritar horrek berari dagozkion prestazioak jasotzea. Hori gorabehera, baimenik ez izateak erantzukizunak eratorriko ditu, Gizarte Segurantzan izan daitezkeenak barne.
4. Lan egiteko hasierako administrazio- baimena ematen denean, irizpide bereziak aplikatu ahal izango dira naziotasun batzuei dagozkienez, elkarrekikotasun- printzipioaren arabera.
37. artikulua. Beregainean lan egiteko Baimena
Beregainean jarduera ekonomikoak gauzatzeko, egiaztatu beharko da indarreko legeriak nazionalei ezarri betekizun guztiak betetzen direla, gauzatu nahi den jarduera hasteko eta jarduera horretan aritzeko, bai eta inbertsio nahikoaren eta sor daitekeen enpleguaren inguruko betekizunak betetzen direla ere, erregelamendu bidez ezar daitezkeen beste betekizunen artean.
38. artikulua. Inorentzat lan egiteko baimena
1. Inorentzat lan egiten duten langileen kasuan, hasierako lan-baimena eman dadin, kontuan hartuko da enpleguaren egoera nazionala.
2. Lan-baimenak bost urtetik beherako iraupena izango du, eta lurralde, sektore edo jarduera jakin batera mugatu ahal izango da.
3. Lan-baimena berriztatu egingo da, amaitzen denean, baldin eta:
a) Hasierako baimena eragin zuen kontratuak edo eskaintzak irauten badu edo hori berriztatzen bada, edo enplegu- eskaintza berria badago, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
b) Gizarte Segurantzaren arautegiarekin bat etorriz, agintari eskudunak kontribuzio bidezko prestazioa ematen badu, langabeziaren ondorioz; halakoetan, lan-baimena berriztatu ahal izango da prestazio horrek iraun bitartean.
c) Atzerritarra laguntza bidezko prestazio ekonomiko publikoaren onuraduna izan eta prestazio horren xedea bada atzerritar hori gizarteratzea edo laneratzea; halakoetan, lan-baimena berriztatu ahal izango da prestazio hori jaso bitartean.
d) Erregelamendu bidez ezarri inguruabarrak badira.
Lehenengo baimena eman ondoren, hurrengoak emango dira esparru geografikoa, sektorea edo jarduera mugatu gabe.
39. artikulua. Langile atzerritarren kopurua
1. Gobernuak urtero onetsi ahal izango du langile atzerritarren kopuru jakin bat, enpleguaren egoera nazionala kontuan hartuta. Langile kopuru horretara bakarrik bilduko dira Espainian ez dauden edo bizi ez diren atzerritarrak.
2. Enplegu-eskaintzen kopurua eta horien ezaugarriak zehaztean, Gobernuak aintzat hartuko ditu autonomia- -erkidegoek eta ordezkaritza handieneko sindikatuek eta enpresaburuen erakundeek egindako proposamenak, bai eta ondore horretarako Immigrazio Politikako Kontseilu Nagusiak egindako txostena ere, immigranteen enplegu-egoerari eta gizarteratzeari buruz.
3. Langile-kopuru horretan jaso ahal izango da enplegua bilatzeko bisatu-kopuru jakin bat, jatorriz espainiarrak direnen seme-alaba eta bilobentzat.
4. Orobat, langile-kopuru horretan jaso ahal izango da enplegua bilatzeko bisatu-kopuru jakin bat, jarduera-sektore edo zeregin jakin batzuetarako, eta ezarritako baldintzen arabera.
5. Enplegua bilatzeko bisatuek baimena emango dute, Espainiako lurraldera joateko, hiru hilabeteko egonaldian lana bilatzeko xedearekin; hiru hilabete horietan, izena eman ahal izango da kasuan kasuko enplegu-zerbitzu publikoetan.
Epe hori igaro ondoren, atzerritarrak Espainiako lurraldetik irten beharko du, enplegurik ez badu lortu. Espainiako lurraldetik irten ezean, atzerritarrak egingo du lege honen 53.a) artikuluan jaso arau-haustea, eta bi urteko epean ezin izango du lortu lan egiteko baimen berririk.
6. Langile-kopuruaren araberako enplegu-eskaintzak lehentasunez egingo zaizkie, Espainiak fluxuak arautzeko akordioak zein herrialderekin sinatu eta herrialde horiei. Hori gorabehera, prozedura horren bidez enpleguaren eskaintza izendunak egin daitezke, ezarritako baldintzetan.
40. artikulua. Egoera bereziak
Enpleguaren egoera nazionala ez da kontuan hartuko, lan-kontratua edo lan-eskaintza zuzentzen denean:
a) Konfiantzako lanpostuak betetzera, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.
b) Baimen berriztatuarekin Espainian bizi den atzerritarraren ezkontideari nahiz semeari edo alabari, bai eta Espainiako naziotasuna lortu duen atzerritarraren edo Europar Batasunekoa den herritarraren semeari edo alabari ere, baldin eta azken horiek gutxienez urtebetean badaude Espainian legez bizitzen, eta semeari edo alabari Europar Batasuneko araubidea aplikatzen ez bazaio.
c) Lan egiteko aurretiazko baimenaren titularrei, baldin eta baimen hori berriztatu nahi badute.
d) Instalazio edo ekoizpen-ekipamenduak berriztatzeagatik, muntatze- -lanetarako behar diren langileei.
e) Errefuxiatu-izaeraz baliatu zirenei, urtebetez, horiei Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako 1951ko Konbentzioa aplikatzen ez zaienetik, konbentzio horren I.C.5 artikuluan jaso arrazoiengatik.
f) Aberrigabetzat hartu direnei, eta aberrigabearen izaera galdu dutenei, estatutu hori amaitu eta hurrengo urtean.
g) Aurrekoak edo ondorengoak ardurapean dituzten atzerritarrei, aurreko horiek Espainiako naziotasuna badute.
h) Espainian jaio eta bizi diren atzerritarrei.
i) Jatorriz espainiarra den herritarraren seme-alabei eta bilobei.
j) Lan egiteko adina duten adingabe atzerritarrei, baldin eta atzerritar horiek bizileku-baimena badute, eta adingabeak babesteko erakunde eskudunaren turoretzapean badaude. Adingabeko horiek lan egin dezakete, aipatu erakundearen arabera adingabeak gizarteratzeko mesedegarri diren jardueretan; halaber, adingabea lanean hasi aurretik egiaztatu beharko da adingabe hori ezin dela bueltatu bere familiarekin edo jatorrizko herrialdera.
k) Bizileku-baimena lege honen 31.3 artikuluko prozeduraren bidez lortzen duten atzerritarrei.
Baimen horrek urtebeteko iraupena izango du.
l) Egutegiko lau urtez, sasoiko jardueretarako lan-baimenen titular izan diren atzerritarrei, baldin eta euren herrialdera bueltatu badira.
41. artikulua. Lan-baimenaren salbuespenak
1. Ez da behar izango lan-baimenik, honako jarduerak gauzatzeko:
a) Teknikari eta zientzialari atzerritarrek gauzatutako jarduerak, baldin eta estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki- -erakundeek gonbidatu edo kontratatu badituzte atzerritar horiek; estatuak, autonomia- erkidegoek edo toki-erakundeek sustaturiko edo gehiengoz osatutako erakundeek ere gonbida edo kontrata ditzakete teknikari eta zientzialari atzerritarrak, baldin eta erakunde horien xedea bada ikerketa sustatzea eta garatzea.
b) Irakasle atzerritarrek gauzatutako jarduerak, baldin eta Espainiako unibertsitate batek gonbidatu edo kontratatu baditu atzerritar horiek.
c) Beste estatu batzuen mendeko edo izaera pribatuko kultura- eta irakaskuntza- erakundeetatik, egiaztatutako ospea duten eta Espainian modu ofizialean aitortuta dauden erakundeetako zuzendaritzako langile eta irakasle atzerritarren jarduerak, baldin eta atzerritar horiek Espainian gauzatzen badituzte euren herrialdeetako kultura- eta irakaskuntza- -programak, eta euren jarduera mugatzen bada programok betetzera.
d) Atzerriko estatu-administrazioetako funtzionario zibilek edo militarrek Espainian gauzatutako jarduerak, baldin eta funtzionario zibil edo militar horiek jarduerok gauzatzen badituzte euren estatuek Espainiako administrazioarekin dituzten lankidetza-akordioen ondorioz.
e) Atzerriko eta behar bezala baimendutako gizarte-komunikabideetako berriemaileek gauzatutako informazio- -jarduerak.
f) Nazioarteko misio zientifikoetako kideek Espainian gauzatutako lan eta ikerketak, estatuak baimenduta.
g) Espainiara datozen artisten ekintza zehatzak, baldin eta ekintza horiek jarraikako jarduerarik ez badakarte.
h) Erlijio-erakundeen erregistroan behar bezala inskribatuta dauden eliza eta konfesio desberdinetako ministro, erlijioso edo ordezkarien jarduerak, baldin eta jarduera horiek mugatzen badira erlijio-eginkizunetara.
i) Nazioarte-mailan homologatutako sindikatuen ordezkaritza-, gobernueta administrazio-organoetako atzerritarren jarduerak, baldin eta jarduera horiek mugatzen badira sindikatu-eginkizunetara.
j) Jatorriz espainiarrak izan arren, Espainiako naziotasuna galdu duten espainiarren jarduerak.
k) Lan egiteko adina duten adingabe atzerritarren jarduerak, baldin eta adingabe horiek adingabeak babesteko erakunde eskudunaren turoretzapean badaude. Erakunde horiek proposatutakoaren arabera, jarduera horiek mesedegarri izan beharko dira, adingabeak egoera horretan dauden bitartean gizarteratzeko.
2. Erregelamendu bidez ezarriko da salbuespena frogatzeko prozedura.
Edozein kasutan ere, prozedura hori berbera izango da, hala erakunde publikoetako langileentzat nola administrazio publikoek sustaturiko edo gehiengoz osatutako erakundeetako langileentzat.
3. Era berean, atzerritarrek ez dute eskatu beharko lan-baimenik, lege organiko honen 32. artikuluaren araberako behin betiko bizilekua izateko egoeran daudenean.
42. artikulua. Sasoiko langileen araubide berezia
1. Gobernuak erregelamendu bidez arautuko du lan-baimena, sasoiko edo kanpainako jardueretan lan egiten duten langile atzerritarrentzat. Arauketa egiteko kontuan hartuko dira kanpainen inguruabarrak, bai eta kanpaina horiek zein autonomia-erkidegotan sustatu eta autonomia-erkidego horiek emandako informazioa ere. Baimen horrek atzerritarrei ahalbidetuko die estatuko lurraldean sartzea eta bertatik irtetea.
2. Lan-baimenak emateko, bermatu beharko da sasoiko langileei ostatu ematea, duintasun- eta higiene-baldintza egokietan.
3. Administrazio publikoek sustatuko dute egoki diren gizarte-zerbitzuen laguntza.
4. Sasoiko enpleguaren eskaintzak lehentasunez egingo zaizkie, Espainiak migrazio-fluxuak arautzeko akordioak zein herrialderekin sinatu eta herrialde horiei.
5. Autonomia-erkidegoak eta udalak elkarlanean arituko dira Estatuaren Administrazio Orokorrarekin, sasoiko kanpainen programazioan.
43. artikulua. Mugaz gaindiko langileak eta nazioz gaindiko zerbitzu-emateak
1. Eremu mugakidean bizi diren atzerritarrek kasuan kasuko administrazio- baimena lortu beharko dute, lan- -jarduera Espainian gauzatu ondoren egunero itzultzen badira euren bizilekura. Baimen hori lortzeko izan beharko dira araubide orokorreko baimenak emateko behar diren betekizunak eta baldintzak.
2. Nazioz gaindiko zerbitzu-emateen esparruan, lan-baimenak emateko baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira, indarreko arautegiarekin bat etorriz.
44. artikulua. Zerga-egitatea
1. Lege honek, eta Tasa eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 9. artikuluan tasetarako ezarri gainerako iturri arau-emaileek arautuko dituzte tasak.
2. Hurrengo paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, tasen zerga-egitatea da lege honetan ezarritako administrazio- baimenak eta nortasun-agiriak ematea, bai eta horiek luzatzea, aldaraztea eta berriztatzea ere. Zerga-egitate dira, bereziki:
a) Espainian egonaldia luzatzeko baimenak ematea.
b) Espainian bizitzeko baimenak ematea.
c) Lan-baimenak ematea, baimen horiek sei hilabetetik beherako epealdirako direnean izan ezik.
d) Atzerritarren nortasun-txartelak ematea.
e) Agirigabeei nortasun-agiriak ematea.
3. Bisatuen kasuan, tasen zerga-egitatea da bisatu-eskabidearen izapideak egitea.
45. artikulua. Sortzapena
Tasak sortuko dira, baimena, luzapena, aldarazpena edo berriztatzea gauzatzen denean, edo agiria ematen denean.
Bisatuen kasuan, tasak sortuko dira bisatu-eskabidea aurkezten den unean.
46. artikulua. Subjektu pasiboak
1. Tasen subjektu pasiboak izango dira bisatu-eskatzaileak, eta 44. artikuluan ezarri baimenak edo agiriak zein pertsonaren mesedetan eman eta pertsona horiek. Salbuespenez, inorentzat lan egiteko baimenen kasuan, enplegatzailea edo enpresaburua izango da subjektu pasiboa.
2. Deuseza izango da langileak egindako itun oro, bere gain hartzeko tasen zenbatekoa oso-osoan edo zati batean ordaintzeko betebeharra, lan-kontratua lortu, berriztatu, aldarazi edo luzatzeagatik.
47. artikulua. Salbuespena
Lan egiteko baimenak emateagatik ez dute tasarik ordainduko naziotasun iberoamerikarra, filipinarra, andorratarra eta ekuatoreginearra dutenek, sefardiek, jatorriz espainiarrak direnen seme-alabek eta bilobek, eta Espainian jaiotako atzerritarrek, irabazteko asmoarekin eta beregainean jarduera bat gauzatu nahi dutenean, jarduera hori lan- nahiz lanbide- izaerakoa izan.
Zirkulazio askeari eta bizilekuari dagokienez, hirugarren estatu kideetako nazionalek aurkeztutako bisatu-eskabideek ez dute tasarik ordainduko izapideak egiteagatik, nazional horiek Europako Erkidegoko zuzenbidearen onuradun badira.
48. artikulua. Tasen zenbatekoa
1. Tasen zenbatekoa ezarriko da sail eskudunen ministerio-aginduaren bidez.
2. Tasen zenbatekoa zehazten duten arauekin batera ekonomia- eta finantza- -txostena jaso beharko da, kasuan kasuko jardueraren kostuaren gainean eta proposatutako zenbatekoari buruzko justifikazioaren gainean. Txosten hori izan beharko da apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 7 eta 19.2 artikuluetan ezarritakoaren araberakoa.
3. Zenbaketa zehazteko oinarrizko osagai eta irizpideak lerrun bereko arauak bakarrik aldarazi ahal izango ditu. Ondokoak hartuko dira zenbaketa zehazteko oinarrizko osagai eta irizpidetzat:
a) Bisatu-eskabidearen izapideen kasuan, izapideak egitearen ondoriozko administrazio-gastuak, aireportuetako iraganbide-bisatuaren ondore mugatuak, egonaldiaren iraupena, baimendutako sarreren kopurua, bizilekuaren izaera, bai eta, hala denean, bisatua mugan ematea ere.
Halaber, kontuan hartuko dira bisatuak emateagatik sortzen diren kostu gehigarriak, interesdunak hala eskatuta, mezularitza, posta elektronikoa, presako posta, telefaxa, telegrama edo telefono-elkarrizketaren moduko prozedurak erabili behar direnean.
b) Espainian egonaldia luzatzeko baimenak ematen direnean, luzapenaren iraupena.
c) Bizileku-baimenak ematen direnean, baimenaren iraupena, bai eta baimen horren behin betiko edo behin-behineko izaera. Behin-behineko baimenen artean kontuan hartuko da baimen horiek hasierakoak edo gerogarrenean emandakoak badira, edo horien berriztapenak badira.
d) Lan-baimenak ematen direnean, baimen horren iraupena, norainokoa eta esparrua, eta inorentzat lan egitearen ondoriozko harremanen izaera eta modalitateak, bai eta, hala denean, itundutako alokairuaren zenbatekoa ere.
e) Atzerritarren nortasun-txartelak ematen direnean, baimenaren iraupena. Halaber, kontuan hartuko da baimen horiek hasierakoak edo gerogarrenean emandakoak badira, edo horien berriztapenak badira.
Edozein kasutan ere, tasak zenbatzeko irizpidea izango da baimenen, luzapenen, aldarazpenen edo berriztatzeen banakako izaera edo izaera kolektiboa.
4. Bisatu-eskabidearen izapideak egitearen ondoriozko tasen zenbatekoak egokituko dira Europako Erkidegoko zuzenbidea aplikatzeagatik bidezko den berrikuspenera.
Zenbateko horiek egokituko dira, berebat, elkarrekikotasun- printzipioa aplikatzeagatik ezar daitekeen zenbatekora.
49. artikulua. Kudeaketa, bilketa eta autolikidazioa
1. Tasak kudeatzeaz eta biltzeaz arduratuko dira, ministerio-sail desberdinetan dauden organo eskudunak, baimenak emateko, baimen horiek aldarazteko, berriztatzeko eta luzatzeko, 44. artikuluak aipatu agiriak emateko, eta bisatu-eskabidearen izapideak egiteko.
2. Tasen subjektu pasiboek tributuen autolikidazio-eragiketak egin beharko dituzte, eta Altxorrari ordaindu beharko diote tasa horien zenbatekoa, erregelamendu bidez hala ezartzen denean.
50. artikulua. Zehatzeko ahala
Lege organiko honetako arau-hauste administratiboak egiteagatik erabili behar den zehatzeko ahala beteko da, lege organiko honetan eta berau garatu duten xedapenetan xedatutakoaren arabera, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera.
51. artikulua. Arau-hauste motak
1. Administrazio-erantzukizuna izango dute, hurrengo artikuluetan zein arau- -hauste tipifikatu eta arau-hauste horiek egiten dituztenek edo arau-hauste horietan parte hartzen dutenek.
2. Lege organiko honetan ezarritako arau-hauste administratiboak honela sailkatzen dira: arinak, astunak eta oso astunak.
52. artikulua. Arau-hauste arinak
Arau-hauste arinak dira:
a) Espainiako agintariei komunikaziorik ez egitea edo komunikazioa atzerapenarekin egitea, naziotasuna, egoera zibila edo egoitza aldatzen denean, bai eta atzerritarraren lan-egoera zehazteko beste inguruabar batzuk aldatzen direnean ere, atzerritarrak inguruabar horiek izan behar baditu, aplikatu beharreko arauaren arabera.
b) Behin baimenak iraungita, hiru hilabete arte atzeratzea baimen horien berriztatze-eskabidea.
c) Espainian lanean aritzea, beregainean lan egiteko administrazio-baimenik eskatu gabe, behin-behineko bizileku- baimena izanda.
53. artikulua. Arau-hauste astunak
Arau-hauste astunak dira:
a) Espainiako lurraldean modu irregularrean egotea, egonaldiaren luzapena ez lortzeagatik, bizileku-baimenik ez izateagatik edo baimen hori iraungita izateagatik hiru hilabete baino gehiagoz, eta interesdunak baimen hori erregelamendu bidez ezarritako epean berriztatzea ez eskatzeagatik.
b) Espainian lanean aritzea, lan- -baimena edo lan egiteko aurretiazko administrazio-baimena lortu gabe, atzerritarrak ez duenean baliozko bizileku- -baimenik.
c) Dolozko ezkutatzea edo faltsutze larria egitea, naziotasunari, egoera zibilari edo egoitzari begira eragina duten aldaketak Barne Arazoetarako Ministerioari komunikatzeko betebeharra betetzean.
d) Segurtasun publikoarengatik ezarritako neurriak ez betetzea, lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz. Neurri horiek izan daitezke aldian-aldian aurkeztea eta mugetatik edo modu berezian zehaztutako biztanle-guneetatik urruntzea.
e) Atzerritarrak hirugarren aldiz egitea arau-hauste arina, baldin eta atzerritar hori aurreko urtean zehatua izan bada izaera bereko bi falta arinengatik.
f) Atzerritarrak ordena publikoaren aurkako jarduerak gauzatzean parte hartzea, betiere, otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoak, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoak, larritzat jo baditu jarduera horiek.
g) Espainiako lurraldetik irtetea baimenduta ez dauden postuetatik, ezarritako agiriak erakutsi gabe edo legeak ezarritako debekuen aurka.
h) Lege honen 4. artikuluko 2. paragrafoko betebeharra ez betetzea.
54. artikulua. Arau-hauste oso astunak
1. Arau-hauste oso astunak dira:
a) Estatuaren kanpo-segurtasunaren aurkako jardueretan parte hartzea, edo Espainiak beste herrialde batzuekin dituen harremanei kalte egiteko moduko jardueretan parte hartzea, edo otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoan, oso larritzat jotako ordena publikoaren aurkako jarduerekin zerikusia izatea.
b) Banaka edo erakunde baten kide moduan, irabazteko asmoarekin, induzitzea, sustatzea, laguntzea edo erraztea iraganbidean dauden pertsonen edo Espainiako lurraldera doazen pertsonen immigrazio klandestinoa, edo pertsona horiek Espainian gelditzea, baldin eta egitate hori delitu ez bada.
c) Bereizkeriazko jokabideak gauzatzea, arraza-, etnia-, naziotasun- edo erlijio- arrazoiengatik, lege honen 23. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta egitate hori delitua ez bada.
d) Langile atzerritarrak kontratatzea, aurretiaz lan-baimena lortu gabe. Kontratatutako langile atzerritar bakoitzarengatik arau-haustea egingo da.
e) Atzerritarrak hirugarren aldiz egitea arau-hauste astuna, baldin eta atzerritar hori aurreko urtean zehatua izan bada izaera bereko bi falta astunengatik.
2. Ondokoak ere arau-hauste oso astunak dira:
a) Garraiolarientzat 66. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
b) Garraioaren arduradunek atzerritarrak Espainiako lurralderaino garraiatzea, airez, itsasoz edo lurrez, atzerritarrek izan behar dituzten kasuan kasuko pasaporteen, bidaia-tituluen edo nortasun- agirien, eta, hala denean, bisatuen baliozkotasuna eta indarraldia egiaztatu gabe.
c) Garraiolariek denbora galdu gabe atzerritarraz edo garraiatuaz arduratzeko duten betebeharra ez betetzea, atzerritarrari ez zaionean baimenik eman Espainian sartzeko, arestian aipatu agirietan gabeziak izateagatik. Halaber, garraiolariek denbora galdu gabe iraganbidean garraiatutako atzerritarraz arduratzeko betebeharra ez betetzea, atzerritarra bere herrialdera lekualdatu ez denean edo bere herrialdeko agintariek itzularazi dutenean, sarrera baimendu ez zaiolako.
Betebehar horretara bilduko dira, atzerritarraren mantenu-gastuak eta, sarrerako kontrolaz arduratzen diren agintariek hala eskatuz gero, atzerritar hori garraiatzeagatik sortutako gastuak. Atzerritar hori berehala garraiatu beharko da, garraioa hasi zen estatura, atzerritarrak bidaia egiteko erabili duen bidaia-agiria zein estatuk eman eta estatu horretara, edo atzerritar hori onartua izango dela bermatuta dagoen beste edozein estatutara. Garraiatze hori egingo du zehatua izan den konpainiak edo, horrek egin ezean, beste garraio-enpresa batek.
3. Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, ez da lege honen aurkako arau-hauste gisa hartuko atzerritarra Espainiako mugaraino garraiatzea, baldin eta atzerritar horrek atzerapenik gabe eskatu badu bere asiloa, eta eskabide horren izapidetza onartu bada, martxoaren 26ko 5/1984 Legearen 4.2 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, kontuan hartuta lege hori maiatzaren 19ko 9/1994 Legeak aldarazi zuela.
55. artikulua. Zehapenak
1. Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteak modu honetara zehatuko dira:
a) Arau-hauste arinak 300 eurorainoko isunarekin.
b) Arau-hauste astunak 301 eurotik 6 000 eurorako isunarekin.
c) Arau-hauste oso astunak 6 001 eurotik 60 000 eurorako isunarekin. Salbuespenez, 54.2.b) artikuluan ezarritako isuna izango da 3 000 eurotik 6 000 eurorakoa, garraiatutako bidaiari bakoitzarengatik, edo gutxienez 500 000 eurokoa ordainketa bakar baten bidez, garraiatutako bidaiarien kopurua kontuan hartu gabe.
2. Lege organiko honetan jasotako arau-hauste administratiboen ondoriozko zehapenak ezarriko ditu Gobernuaren ordezkariordeak edo Gobernuaren ordezkariak probintzia bakarreko autonomia- erkidegoetan.
Lege honen 52.c) artikuluko arau- -hauste arina, 53.b) artikuluko arau-hauste astuna, beregaineko langileen kasuan, eta 54.1.A) artikuluko arau-hauste oso astuna dagoenean, prozedura zehatzailea hasiko da Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren aktaren bidez, lan-arloko arau-hausteen ondoriozko prozedura zehatzailean ezarritakoarekin bat etorriz. Zehapen horiek ezarriko dituzte aurreko lerrokadako agintariek.
3. Zehapenak mailakatzeko, zehapenak ezarri behar dituen organo eskudunak proportzionaltasun-irizpideen arabera jardungo du. Horretarako, organo eskudunak baloratuko ditu, erruduntasun- maila eta, hala denean, sortutako kaltea edo arau-haustetik etorritako arriskua eta arrisku horren garrantzia.
4. Zehapenaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko da, bereziki, araua hautsi duenaren ahalbide ekonomikoa.
5. Lege honen 54. artikuluko 1. paragrafoko b) idatz-zatiaren kasuan, konfiskatu egingo dira arau-haustea egiteko tresna izan diren ibilgailuak, itsasontziak, aireontziak, eta edozein izaeratako ondasun higigarri edo higiezin guztiak. Horiek ez dira konfiskatuko, arau-haustearen erantzule ez den hirugarren batenak direnean.
Konfiskazioaren eragingarritasuna bermatzeko xedearekin, aurreko paragrafoko ondasunak, efektuak eta tresnak atzeman eta gobernu-agintariaren eskura jarri ahal izango dira, hasierako esku-hartzeak gauzatzen direnetik, espediente zehatzailearen ondoreetarako. Espediente zehatzaile horretan egoki dena ebatziko da konfiskatutako ondasunen inguruan.
6. Lege honen 54. artikuluko 1. paragrafoko d) idatz-zatian ezarritako arau- -haustearen kasuan, gobernu-agintariak erabaki ahal izango du, kasuan kasuko zehapenari kalterik egin gabe, establezimendua edo lokala ixtea sei hilabetetik bost urtera.
56. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak preskribatzea
1. Arau-hauste oso astunak preskribatuko dira hiru urtera, astunak bi urtera eta arinak sei hilabetera.
2. Arau-hauste astunengatik ezarritako zehapenak bost urtera preskribatuko dira, astunak bi urtera, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoak urtebetera.
3. Ezarritako zehapena lurralde nazionaletik kanporatzea bada, preskripzioa ez da zenbatzen hasiko, ebazpenak lurralde nazionalean sartzeko ezarri debeku-aldia igaro arte; debeku- -aldi hori gehienez ere hamar urtekoa izan daiteke.
57. artikulua. Lurraldetik kanporatzea
1. Araua hautsi dutenak atzerritarrak izan eta atzerritar horiek gauzatutako jokabideak oso larri gisa tipifikatutakoak direnean, edo lege organiko honen 53. artikuluko a), b), e) d) eta f) idatz- -zatietan ezarri jokabide larriak, isuna ezarri beharrean Espainiako lurraldetik kanporatzeko zehapena aplikatu ahal izango da, aurretiaz kasuan kasuko administrazio- espedientearen izapideak eginda.
2. Era berean, kanporatze-arrazoia izango da, aurretiaz kasuan kasuko espedientearen izapideak eginda, atzerritarra dolozko jokabidearengatik kondenatua izatea, Espainian nahiz Espainiatik kanpo. Gainera, jokabide hori Espainian urtebetetik gorako zigor askatasun- gabetzailearekin zehatutako delitua izan beharko da. Zigor-aurrekariak ezereztu badira, kondena hori ez da izango kanporatze-arrazoia.
3. Inola ere ezin izango dira batera ezarri kanporatze- eta isun-zehapenak.
4. Kanporatzeak beti ekarriko du Espainian egoteko edozein baimen azkentzea, bai eta edozein prozedura artxibatzea ere, prozedura horren xedea denean kanporatutako atzerritarrari ematea Espainian bizilekua izateko edo lan egiteko baimena.
5. Lege honen 54. artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatian jasotako arau- -haustea egiten denean izan ezik, edo arau-hausteak urtebeteko epean kanporatzearekin zehatutako izaera bereko arau-haustean berrerortzea dakarrenean izan ezik, ondoko atzerritarrak ezin izango dira kanporatzearekin zehatu:
a) Espainian jaio eta azken bost urteetan Espainian legez bizi direnak.
b) Behin betiko bizilekua aitortua dutenak.
c) Jatorriz espainiarrak izan arren, Espainiako naziotasuna galdu dutenak.
d) Espainian gertatutako lan-istripuarengatik edo lanbide-gaixotasunarengatik lan egiteko ezgaitasun iraunkorraren ondoriozko prestazioaren onuradun direnak, bai eta langabeziarengatik kontribuzio bidezko prestazioa jasotzen dutenak edo laguntza bidezko prestazio ekonomiko publikoaren onuradun direnak ere. Azken kasu horretan, onuradunek prestazio ekonomikoa jasotzen dute, euren gizarteratzea edo laneratzea nahiz birgizarteratzea edo birlaneratzea lortzeko.
6. Orobat, ezin izango dira kanporatu, atzerritarren ezkontideak; atzerritarraren ardurapean dauden aurrekoak eta seme-alaba adingabeak nahiz ezgaituak, baldin eta arestian aipatu egoeretarik batean badaude, eta Espainian legez bizi izan badira bi urtetik gora; ezta haurdun dauden emakumeak ere, horiek kanporatzeko neurria arriskutsua izan daitekeenean haurdunaldirako edo amaren osasunerako.
7. a) Atzerritarra prozedura judizial batean auzipetua edo erruztatua denean, legeak sei urtetik beherako zigor askatasun- gabetzailea edo beste izaera bateko zigorra ezarri dion delitua edo falta egiteagatik, eta egitate hori atzerritarra kanporatzeko administrazio-espedientean egiaztatuta jaso denean, gobernu-agintariak epaileari eskatuko dio, aurretiaz Fiskaltzak esan beharrekoa entzunda, atzerritarra kanporatzeko baimena ematea, ahalik eta epe laburrenean, eta gehienez ere hiru egunean, salbu eta, modu ziodunean, epaileak atzematen dituenean kanporaketaren ukatzea justifikatzen duten salbuespeneko inguruabarrak.
Atzerritarrak zigor-prozesu batzuk baditu, non horien izapideak epaitegi desberdinetan egin behar diren, eta egiaztatutako egitate horiek jaso badira atzerritarra kanporatzeko administrazio- espedientean, gobernu-agintariak epaitegi horiei guztiei eskatuko die aurreko lerrokadako baimena ematea.
b) Aurreko a) idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, epaileak baimendu ahal izango du, interesdunak hala eskatuta eta aurretiaz Fiskaltzak esan beharrekoa entzunda, atzerritarra Espainiako lurraldetik irtetea, Prozedura Kriminalaren Legeak ezarritakoaren arabera.
c) Aurreko idatz-zatietan ezarritako xedapenak ez dira aplikatuko Zigor Kodeko 312, 318bis, 515.6, 517 eta 518. artikuluetan tipifikatutako delituen kasuan.
Espainian legez bizi ez diren atzerritarrak epai irmoz kondenatzen badira, Zigor Kodearen 89. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
8. Atzerritarrak, Espainian bizi edo ez, kondenatu direnean, Zigor Kodearen 312, 318bis, 515.6, 517 eta 518. artikuluetan tipifikatutako jokaerengatik, kanporatzea gauzatuko da zigor askatasun- gabetzailea bete ondoren.
9. Kanporatzeari buruzko ebazpena interesdunari jakinarazi beharko zaio, ebazpen horren aurka jar ditzakeen errekurtsoak, errekurtso horiek aurkezteko organoa eta errekurtso horiek jartzeko epea ezarrita.
58. artikulua. Kanporatzearen ondoreak eta itzularaztea
1. Kanporatze orok ekarriko du Espainiako lurraldean sartzeko debekua gutxienez hiru urtean eta gehienez hamar urtean.
2. Ondoko egoeretan ez da behar izango kanporatze-espedienterik atzerritarrak itzularazteko:
a) Kanporatuak izan arren, atzerritarrek Espainian sartzeko debekuaren aurka egiten dutenean.
b) Atzerritarrak Espainian legearen aurka sartu nahi direnean.
3. Aurreko paragrafoko egoeretarik batean dauden pertsonek asilo-eskabidea egiten badute, pertsona horiek ezin izango dira itzularazi, asilo-eskabidearen izapidetza ez onartzea erabaki arte, asiloari buruzko arautegiarekin bat etorriz.
Orobat, ezin izango dira itzularazi haurdun dauden emakumeak, horiek itzularazteko neurria arriskutsua izan daitekeenean haurdunaldirako edo amaren osasunerako.
4. Kanporatzea erabakitzeko eskumena duen gobernu-agintariak erabakiko du atzerritarrak itzularaztea.
5. Itzularaztea ezin denean betearazi 72 orduko epean, agintari judizialari eskatuko zaio kanporatze-espedienteetarako ezarri barnealdiko neurria hartzea.
6. Artikulu honen 2. paragrafoko a) idatz-zatiaren araberako itzularazteak ekarriko du Espainian sartzeko debekuaren epea berriro zenbatzen hastea; epe hori izango da kanporatze-ebazpen hautsiak ezarritakoa.
Era berean, artikulu honetako paragrafo beraren b) idatz- -zatia aplikatuta erabakitako itzularazte orok ekarriko du Espainiako lurraldean sarrera debekatzea gehienez hiru urteko epean.
59. artikulua. Antolatutako taldeen aurkako elkarlana
1. Atzerritarrak Espainiako muga igaro badu Espainian sartzeko ezarritako pasabideetatik kanpo, edo ez badu bete sarreraren berri emateko duen betebeharra, eta, gainera, atzerritar hori Espainian modu irregularrean badago,
edo baimenik gabe, agiririk gabe edo agiri irregularrarekin lan egiten, dela pertsonak zilegi ez den moduan trafikatzearen, dela legearen aurkako immigrazioaren, dela lan-eskua zilegi ez den moduan trafikatzearen, dela beharrizan- egoeraz abusatu eta prostituzio- -esplotazioaren biktima, kalteduna edo lekukoa izateagatik, orduan atzerritar hori administrazio-erantzukizunetik aske geratu ahal izango da. Halaber, atzerritarra ez da kanporatuko, baldin eta horrek agintari eskudunei salatzen badie zein diren trafiko horren egile edo laguntzaileak, edo atzerritarra polizia-funtzionario eskudunekin elkarlanean eta lankidetzan aritzen bada atzerritartasun- arloan, oinarrizko datuak edo lekukotasuna emanez, hala denean, egile horien aurkako kasuan kasuko prozesuan.
2. Espediente zehatzailearen izapideak egiteko ardura duten administrazio- organo eskudunek kasuan kasuko proposamena egingo diote agintari ebazleari.
3. Administrazio-erantzukizunetik aske geratu diren atzerritarrei ahalbidetu ahal izango zaie, eurek aukeratutakoaren arabera, euren jatorrizko herrialdera bueltatzea edo Espainian egotea eta bizitzea, bai eta lan-baimena eta gizarteratzeko erraztasunak ere, lege honetan ezarritakoaren arabera.
4. Fiskaltzak jakin dakienean atzerritar baten aurka kanporatze-ebazpena eman dela eta atzerritar hori zigor-prozedura batean dagoela biktima, kaltedun edo lekuko gisa, eta, gainera, uste duenean eginbide judizialak gauzatzeko nahitaezkoa dela atzerritar hori Espainian egotea, hori berori adieraziko dio gobernu-agintari eskudunari, horrek atzerritarraren kanporaketa ez betearaztea balora dezan. Kanporatze hori betearazita badago, modu berean jardungo da, agintari eskudunak atzerritarra Espainiara berriro etortzeko baimena eman dezan; baimen horrek iraungo du beharrezko eginbideak gauzatu ahal izateko behar adina denbora. Hori gorabehera, Auzi Kriminaletan Lekukoak eta Adituak Babesteari buruzko abenduaren 23ko 19/1994 Legean ezarritako neurriak har daitezke.
60. artikulua. Bueltatzea
1. Atzerritarrak ahalik eta epe laburrenean bueltatuko dira euren abiapuntura, baldin eta mugan ez bazaie utzi Espainian sartzen.
Atzerritarrak bueltatzea erabakitzen duen gobernu-agintariak instrukzioko epailearengana joko du, bueltatzea hirurogeita hamabi ordu baino gehiago atzeratzen bada, instrukzioko epaile horrek erabaki dezan atzerritarrak zein lekutan barneratu behar diren, bueltatzeko unea heldu arte.
2. Atzerritarrak barneratzeko lekuek ez dute izango espetxe-izaerarik; leku horiek izango dituzte gizarte-zerbitzuak, zerbitzu juridikoak, eta kultura- eta osasun-zerbitzuak.
Barneratutako atzerritarrak eskubide anbulatorioaz bakarrik gabetuko dira.
3. Barnealdiak iraun bitartean, atzerritarra une oro egongo da barnealdia baimendu zuen agintari judizialaren esanetara. Gobernu-agintariak agintari judizialari komunikatu beharko dio barneratutako atzerritarren inguruko edozein inguruabar.
4. Atzerritar bat bueltatzeko atxilotzen denean, atxilotze hori komunikatuko zaie Kanpo Arazoetarako Ministerioari eta atzerritarraren herrialdeko enbaxada edo kontsuletxeari.
61. artikulua. Kautela-neurriak
1. Kanporatzea proposa dezakeen prozedura zehatzailea zein unetan hasi eta une horretatik, instruktoreak hurrengo kautela-neurriren bat hartu ahal izango du, prozedura horretan ezar daitekeen azken ebazpena ziurtatzeko xedearekin:
a) Agintari eskudunen aurrera aldian- aldian aurkeztea.
b) Nahitaez toki jakin batean bizitzea.
c) Pasaportea edo naziotasuna egiaztatzeko agiria kentzea, aurretiaz interesdunari neurri hori egiaztatzen duen gordekina emanda.
d) Gobernu-agintariak edo horren agenteek egindako kautelazko atxilotzea; atxilotze horrek gehienez ere 72 ordu iraun dezake, barneratzea eskatu baino lehenago.
Beste edozein atxilotze-kasutan, atzerritarra epailearen esku utziko da 72 orduko epean.
e) Prebentziozko barneratzea barneratze- zentroetan; horretarako, epaileak aurretiaz baimena eman beharko du.
2. Garraiolariek egindako arau-hausteen kasuan, garraiolariek hausten badute legearen aurka garraiatutako atzerritarra ardurapean hartzeko betebeharra, espediente zehatzaileetan erabaki ahal izango da garraiolarien jarduerak etetea, garraiolariek fidantzak edo abalak ematea, edo garraiolariek erabilitako garraiobidea geldiaraztea.
62. artikulua. Barneratze-zentroetan sartzea
1. Lege honen 54. artikuluko 1. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan eta 53. artikuluko d) eta f) idatz-zatietan jasotako arrazoiengatik, atzerritarra Espainiako lurraldetik kanporatzeko zehapena proposa dezakeen espedientea hasita, instruktoreak instrukzioko epaile eskudunari eskatu ahal izango dio atzerritarra, espediente zehatzailearen izapideak egin bitartean, barneratze-zentro batean sartzeko agindua ematea. Horretarako, ez da behar izango aurretiaz kanporatze-ebazpenik ematea.
Epaileak, aurretiaz interesdunak esan beharrekoa entzunda, auto ziodun baten bidez emango du ebazpena. Horretarako, epaileak aintzat hartuko ditu dauden inguruabarrak eta, bereziki, atzerritarrak egoitzarik edo agiririk ez izatea, bai eta aurretiazko kondena edo administrazio-zehapenak izatea, eta burutu gabeko beste zigor-prozesu batzuk edo administrazio-prozedura zehatzaile batzuk izatea ere.
2. Barnealdiak iraungo du espendientearen xedeetarako behar adina. Hala ere, barnealdia ezin da izan berrogei egunetik gorakoa. Gainera, espediente berean oinarritutako edozein arrazoi dela eta, beste barneratzerik ezin izango da erabaki.
Barneratzea baimentzen duen erabaki judizialak gehieneko iraupen horretatik behera ere ezarri ahal izango du barnealdiaren gehieneko iraupena, kasu bakoitzean dauden inguruabarrak kontuan hartuta.
3. Barneratzerako kasuetan dauden adingabeak jarriko dira adingabeak babesteko zerbitzu eskudunen mende.
Adingabeen epaileak, aurretiaz Fiskaltzaren aldeko txostena jasota, baimendu ahal izango du adingabe horiek sartzea atzerritarrentzako barneratze-zentroetan, adingabe horien gurasoak edo tutoreak ere zentro horietan daudenean, horiek hala eskatzen dutenean eta familiaren intimitatea bermatzen duten moduluak daudenean.
4. Kanpo Arazoetarako Ministerioari, eta atzerritarraren enbaxadari eta kontsuletxeari komunikatuko zaizkie espedientearen hasiera, atxilotzearen eta barneratzearen inguruko kautela- -neurriak, eta atzerritarra kanporatzeko espedientearen azken ebazpena.
62bis artikulua. Barneratutako atzerritarren Eskubideak
Barneratuta dauden atzerritarrek ondoko eskubideak dituzte:
a) Euren egoeraz informatuak izateko eskubidea.
b) Euren bizitzaren, osotasun fisikoaren eta osasunaren errespetua zaintzeko eskubidea. Atzerritarrei ez zaie inoiz ere tratu apalesgarririk eragingo, ezta hitzez edo egitez tratu txarrik ere. Eskubidea izango dute, berebat, euren duintasuna eta intimitatea babestuak izan daitezen.
c) Antolamendu juridikoan aitortutako eskubideen egikaritza ahalbidetzeko eskubidea. Eskubide horiek egikaritzeko muga bakarrak izango dira atzerritarren barneratze-egoerak eratorritakoak.
d) Medikuaren laguntza eta osasun- -laguntza egokia izateko eskubidea, eta barneratze-zentroan dauden gizarte-laguntzako zerbitzuen laguntza izateko eskubidea.
e) Espainian izendatutako pertsonari eta euren abokatuari, bai eta euren herrialdeko kontsuletxeko bulegoari ere, barneratze-zetroan sartuko direla berehala komunikatzeko eskubidea.
f) Abokatuaren laguntza izateko eskubidea. Hala denean, atzerritarrek izango dute ofiziozko abokatua. Atzerritarrek eskubidea izango dute, berebat, abokatuarekin isilpean komunikatzeko, baita barneratze-zentroko ordutegi orokorretik kanpo ere, kasuaren presak hala justifikatzen duenean.
g) Barneratze-zentroan ezarritako ordutegian, euren familiakideekin, euren herrialdeko kontsuletxeko funtzionarioekin edo beste pertsona batzuekin komunikatzeko eskubidea. Komunikazio horiek ebazpen judizialaren bidez bakarrik murriztu ahal izango dira.
h) Interpretearen laguntza izateko eskubidea, baldin eta gaztelania ulertzen edo hitz egiten ez badute. Laguntza hori doakoa izango da, atzerritarrek ahalbide ekonomikorik ez badute.
i) Euren seme-alaba adingabekoekin egoteko eskubidea, baldin eta Fiskaltzak neurri horren aldeko txostena egiten badu, eta barneratze-zentroan familiaren batasuna eta intimitatea bermatzeko moduluak badaude.
62.ter artikulua. Barneratuta dauden atzerritarren eginbeharrak
Barneratuta dauden atzerritarrek ondoko betebeharrak dituzte:
a) Euren barneratzea baimendu zuen instrukzioko epailearen esanetara egon beharko dira barneratze-zentroan.
b) Barneratze-zentroko arauak eta zentroko zuzendaritzak emandako jarraibide orokorrak bete beharko dituzte. Zentroko funtzionarioek euren eginkizunak modu legitimoan betetzean emandako jarraibide zehatzak ere bete beharko dituzte. Jarraibide horien xedea izango da zentroko ordenari eta segurtasunari eustea. Orobat, bete beharko dituzte euren garbitasunari eta higieneari buruzko arauak, eta zentroko garbitasunari buruzko arauak.
c) Gizalegezko jarduera zuzena eta errespetuzkoa izan beharko dute funtzionarioekin eta zentroko langileekin, bisitariekin eta barneratutako beste atzerritarrekin. Ezin izango dituzte horiek iraindu edo mehatxatu. Halaber, ezin izango dituzte sustatu erasoak, borrokak, desordenak eta elkarbizitzan nahasmenduak eragiten dituzten banakako nahiz taldekako gainerako egintzak. Azken horietan ere ezin izango dute parterik hartu.
d) Instalazio materialak, altzariak eta barneratze-zentroko osterantzeko efektuak artatu beharko dituzte. Horrenbestez, barneratuta dauden atzerritarrek saihestuko dute, horiek eta barneratutako beste atzerritarren nahiz funtzionarioen ondasunak eta jabetzako osagaiak nahita narriatzea edo deuseztatzea.
e) Mediku-azterketak egin beharko dituzte barneratze-zentroan sartzean eta bertatik irtetean. Mediku-azterketak egin beharko dituzte, berebat, barneratze- zentroko zuzendariak hala agintzen duenean, osasun kolektiboko arrazoiak direla eta. Arrazoi horiek mediku-zerbitzuak atzeman beharko ditu, eta mediku-azterketak ere mediku- zerbitzuak eskatu beharko ditu.
62quater artikulua. Informazioa eta erreklamazioak
1. Atzerritarrek barneratze-zentroan sartzen direnean idatzizko informazioa jasoko dute. Informazio horretara bilduko dira euren eskubide eta betebeharrak, antolaketa orokorreko gaiak, zentroaren jardunbideari buruzko arauak, diziplinako arauak, eta eskariak eta kexak aurkezteko bideak.
Atzerritarrei informazio hori emango zaie eurek ulertzen duten hizkuntzan.
2. Barneratuta daudenek hitzez zein idatziz aurkeztu ahal izango dituzte euren barneratze-egoerari buruzko eskariak eta kexak.
Eskari edo kexa horiek barneratze- -zentroko zuzendariari ere aurkeztu ahal izango zaizkio. Zuzendariak eskari edo kexa horiek kontuan hartuko ditu, bere eskumenekoak badira, edo agintari eskudunari emango dio horien berri, bere eskumenekoak ez badira.
62quinquies artikulua. Segurtasun- -neurriak
1. Barneratze-zentroetan, barruko zaintza- eta segurtasun-jardunak eragin ahal izango du, ezarritako moduan eta aldizkakotasunarekin, gelak eta bulegoak ikuskatzea, eta, barneratze-zentroen segurtasunerako beharrezkoa denean, barneratuta dauden atzerritarrak eurak, eta euren arropak eta tresnak miatzea.
2. Euste-neurri fisiko pertsonalak edo banakako gelan erasotzailearen prebentziozko banantzea erabili ahal izango dira, indarkeria-egintzak edo atzerritarren lesioak saihesteko, ihesaldi- egintzak eragozteko, barneratze- -zentroko instalazioetan kalteak eragozteko, edo barneratze-zentroko langileei oztopoak jartzen zaizkienean euren kargua modu legitimoan betetzen ari direla.
Euste-neurrien erabilera lortu nahi den xedearen proportziozkoa izango da, neurri horiek ezin izango dira ezkutuko zehapena izan, eta soilik erabiliko dira lortu nahi den xederako ez dagoenean bide arinagorik, eta xede hori lortzeko behar den denboran.
3. Euste-neurrien erabilera aurretiaz baimenduko du barneratze-zentroko zuzendariak, salbu eta presako arrazoiek hori ahalbidetzen ez dutenean. Azken kasu horretan, berehala emango zaio horren berri zuzendariari.
Zuzendariak ahalik arinena komunikatu beharko dio barneratzea baimendu zuen agintari judizialari euste-neurri fisiko pertsonalak hartu direla edo neurri horiek bertan behera utzi direla. Halaber, zuzendariak zehatz-mehatz adierazi beharko ditu neurri horiek erabiltzea eragin zuten egitateak, bai eta neurri horiei eusteko arrazoi izan daitezkeen inguruabarrak ere.
Hartutako neurria erasotzailearen prebentziozko banantzea bada, eta neurri hori indarrean badago, epaileak ahalik eta epe laburrenean erabaki beharko du neurri horri eustea edo neurri hori ezeztatzea.
62sexies artikulua. Atzerritarren barneratze- zentroen jardunbidea eta barne- araubidea
Atzerritarren barneratze-zentro bakoitzean zuzendari bat egongo da, barneratze- zentro horren jardunbideaz arduratuko dena. Horretarako, zuzendari horrek beharrezko antolaketa-jarraibideak eman beharko ditu, eta jarraibide horien betearazpena koordinatu eta gainbegiratu beharko du.
Era berean, zuzendari hori arduratuko da beharrezko neurriak hartzeaz, atzerritarren artean ordena eta elkarbizitza egokia ziurtatzeko, eta atzerritarren eskubideak betetzea ziurtatzeko. Horrez gain, zuzendari hori arduratuko da neurriak ezartzeaz, elkarbizitza egokirako arauak eta barne-araubidea errespetatzen ez dituzten barneratuei.
63. artikulua. Lehenespeneko prozedura
1. Kanporatze-espedienteen izapideek lehenespena izango dute, 54. artikuluko 1. paragrafoko a) eta b) idatz- -zatien kasuan, bai eta 53. artikuluko a), d) eta f) idatz-zatien kasuan ere.
2. Ikerketetatik ondorioztatzen denean egoki dela atzerritarra kanporatzeko erabakia hartzea, proposamen zioduna idatziz bidaliko zaio interesdunari, egoki iruditzen zaiona alega dezan, 48 orduko epean. Halaber, proposamen horretan interesdunari ohartaraziko zaio zein izango diren ondorioak, alegaziorik ez badu egiten.
Kasu horietan, atzerritarrak eskubidea izango du, abokatuen laguntza izateko; laguntza hori, hala denean, ofizioz emango zaio. Halaber, atzerritarrak eskubidea izango du, interpretearen laguntza izateko, baldin eta gaztelania ulertzen edo hitz egiten ez badu; atzerritarrak ahalbide ekonomikorik ez badu, interpretearen laguntza doakoa izango da.
Interesdunak, edo beraren ordezkariak, ez badu proposamenaren edukiari buruzko alegaziorik egiten, edo instruktoreak, modu ziodunean, ez baditu onartzen proposatutako frogak, horiek bidegabekoak izateagatik edo beharrezkoak ez izateagatik, egitateen kalifikazioa ez da aldatuko, espedientea hasteko erabakia ebazpen-proposamen gisa hartuko da, eta hori agintari eskudunari bidaliko zaio, berak ebatz dezan.
3. Lege honen 53. artikuluko a) idatz- -zatiaren kasuan, atzerritarrak egiaztatzen duenean aurretiaz behin-behineko bizileku-baimena eskatu duela, lege honen 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera Espainian finkatuta egoteagatik, kanporatzearen izapideak egiteko ardura duen organoak izapideak egiten jarraituko du, bidezkoa bada, 57. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez.
4. Kasu horietan berehala betearaziko da kanporatze-agindua.
64. artikulua. Kanporatzea betearaztea
1. Behin kanporatze-ebazpena jakinarazita, atzerritarrak Espainiako lurraldea utzi beharko du horretarako ezarritako epean. Epe hori ezin izango da hirurogeita hamabi ordutik beherakoa izan, salbu eta lehenespeneko prozedura aplikatzen denean.
Ebazpena bete ezean, atzerritarra atxilotu eta eramango da kanporatzea eragingarri egiteko irteera posturaino.
Kanporatzea ezin bada betearazi hirurogeita hamabi orduko epean, aurreko artikuluetan araututako barnealdi- neurria eskatu ahal izango da; barnealdi- neurri horrek ezin izango du iraun berrogei egunetik gora.
2. Kanporatze-ebazpena atzerritarraren kontura betearaziko da, baldin eta atzerritarrak horretarako ahalbide ekonomikoa badu.
Atzerritarrak ahalbide ekonomikorik izan ezean, horren berri emango zaio atzerritarraren herrialdeko diplomaziako edo kontsuletxeko ordezkariari, egoki diren ondoreetarako.
3. Atzerritar bat Espainiako lurraldean atxilotu eta egiaztatzen denean Europar Batasuneko estatu kide batek atzerritar horren aurka kanporatze- -ebazpena eman duela, berehala ekingo zaio ebazpen hori betearazteari, kanporatze- espediente berria hasi beharrik gabe.
Instrukzioko epailearen baimena eskatu ahal izango da, atzerritar hori barneratze-zentro batean sartzeko; barneratze horren xedea izango da kanporatze- zehapena lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz betearaziko dela ziurtatzea.
4. Kanporatze-ebazpenaren betearazpena eten egingo da, asilo-eskabidea egiten denean. Betearazpena etenda egongo da, asilo-eskabidearen izapidetza onartzen ez den unea arte edo eskabide hori ebatzi arte, asiloari buruzko arautegian xedatutakoarekin bat etorriz.
5. Martxoaren 26ko 5/1984 Legearen 5.6 artikuluko e) idatz-zatia aplikatuta, asilo-eskabidearen izapidetza onartu ez bada, nazioarteko hitzarmenen arabera beste estatu batek izateagatik eskabide hori aztertzeko ardura, betiere Espainia hitzarmen horien alderdi dela, ez da beharrezkoa izango kanporatze-espedientea hastea, asilo- -eskatzaileen lekualdaketa gauzatzeko, funtzionarioek lagunduta. Edozelan ere, lekualdaketa hori gauzatu beharko da estatu arduradunak zein epetan izan asilo-eskabidea aztertzeko betebeharra eta epe horretan.
65. artikulua. Atzerritarrei buruzko ebazpenei errekurtsoak jartzea
1. Administrazio-ebazpen zehatzaileei errekurtsoak jarri ahal izango zaizkie legeetan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horien betearazpen-araubidea izango da izaera orokorrarekin ezarritakoa.
2. Edozein kasutan ere, Espainian egon ez arren, atzerritarrak bidezko errekurtsoak jarri ahal izango ditu, hala administrazio-bidean nola jurisdikzio- -bidean, kasuan kasuko diplomaziako edo kontsuletxeetako ordezkaritzen bidez. Azken horiek errekurtsoak bidaliko dizkiote erakunde eskudunari.
66. artikulua. Garraiolarien betebeharrak
Schengengo esparrutik kanpoko bideetatik datozen migrazio-fluxu handiak direla eta, legez kanpoko immigrazioaren aurka egiteko eta segurtasun publikoa bermatzeko, Espainiako agintariek hala erabakitzen dutenean, konpainia, garraio-enpresa edo garraiolari orok betebeharra izango du, ontziratzea amaitzean eta garraiobideak irten aurretik, sarrerako kontrolaz arduratzen diren Espainiako agintariei informazioa bidaltzeko, airez, itsasoz edo lurrez lekualdatu beharreko bidaiarien gainean, garraioa iraganbidekoa nahiz Espainiara heltzeko izan.
Informazio horretara bilduko dira bidaiari bakoitzaren izen-abizenak, bidaiari horien jaiotze-data, naziotasuna, pasaporte-zenbakia edo horien nortasuna egiaztatzen duen bidaia-agiriaren zenbakia.
2. Konpainia, garraio-enpresa edo garraiolari orok betebeharra izango du, sarrerako kontrolaz arduratzen diren Espainiako agintariei informazioa bidaltzeko, Espainiara aurretiaz zein bidaiari garraiatu eta bidaiari horiek erabili gabeko itzulerako txartel-kopuruaren gainean. Garraio horiek egin behar dira Schengengo esparrutik at datozen bideetatik, airez, itsasoz edo lurrez, eta garraioa izan daiteke iraganbidekoa nahiz Espainiara heltzeko.
Espainiako agintariek hala ezartzen dutenean, aurreko lerrokadan jasotako moduan eta ondoreetarako, informazio horretara bilduko dira bidaiari bakoitzaren izen-abizenak, bidaiari horien jaiotza-data, naziotasuna, pasaporte- -zenbakia edo horien nortasuna egiaztatzen duen bidaia-agiriaren zenbakia. Bidaiari horiek ez dira izango Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak, Europako Gune Ekonomikoko herritarrak, edo estatu horietako herritarren araubidea hedatzen duen nazioarteko hitzarmena zein estaturekin izan eta estatu horietako herritarrak.
Paragrafo honetan aipatu informazioa bidali beharko da 48 orduko epean, txartelaren iraungitze-datatik.
3. Orobat, konpainia, garraio-enpresa edo garraiolari orok hurrengo betebeharrak izango ditu:
a) Egiaztapena egin beharko du, pasaporteen, bidaia-tituluen edo egoki diren nortasun-agirien, eta, hala denean, atzerritarrek izan behar duten kasuan kasuko bisatuaren baliozkotasunaren eta indarraldiaren gainean.
b) Berehala arduratu beharko da, Espainiako lurraldeko kasuan kasuko aireko, itsasoko edo lehorreko mugaraino garraiatu duen atzerritarraz, baldin eta atzerritar horri Espainian sartzea ukatu bazaio, muga igarotzeko behar diren agirietan gabeziak izateagatik.
c) Ardurapean izan beharko du iraganbidean Espainiako lurraldeko muga bateraino garraiatu den atzerritarra; muga hori izan daiteke airekoa, itsasokoa edo lehorrekoa. Horretarako, atzerritar hori bere jatorrizko herrialdera eraman behar duen garraiolariak ezezkoa eman behar dio atzerritarra ontziratzeari, edo azken herrialde horretako agintariek atzerritarrari sarrera ukatu behar diote, eta atzerritarra itzularazi behar dute atzerritar horrek Espainian iragan duen mugara.
d) Paragrafo honetako b) eta c) idatz- -zatiek aipatu atzerritarrak garraiatu beharko ditu, atzerritar horien garraioa hasi zen estaturaino, atzerritarrek bidaia egiteko erabili duten bidaia-agiria zein estatuk eman eta estatu horretaraino, edo atzerritar horiek onartzea eta atzerritar horiei giza eskubideekin bat datorren tratua ematea bermatzen duen beste edozein estatutaraino.
Paragrafo honetan ezarritako kasuen ondorioz, atzerritar bat ardurapean duen konpainiak, garraio-enpresak edo garraiolariak bizitza-baldintza egokiak bermatu beharko dizkio atzerritar horri, bere ardurapean dagoen bitartean.
4. Artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko da, berebat, aireko edo itsasoko garraioa Ceutatik nahiz Melillatik Espainiako lurraldeko beste puntu bateraino egiten denean.
67. artikulua. Estatuaren Administrazioko organoen koordinazioa
1. Gobernuak behatze iraunkorra gauzatuko du, immigrazioaren garrantziaren eta ezaugarri esanguratsuen gainean, horrek Espainiako gizartean duen eragina aztertzeko, eta joera xenofoboak nahiz arrazistak sortzea saihestu eta eragotziko dituen informazio objektiboa eta egiaztatutakoa emateko.
2. Gobernuak probintziako bulegoetan bateratuko ditu, Estatuaren Administrazioaren organo desberdinen mende immigrazio-arloan eskumena duten zerbitzuak, zerbitzu horien administrazio- jardunaren koordinazio egokia lortzeko.
3. Gobernuak planak, programak eta jarraibideak prestatuko ditu, prozedura zehatzailea izan baino lehenago Lan Ikuskatzailetzak gauzatu beharreko jardunaren gainean. Plan, programa eta jarraibide horien xedea izango da atzerritarren berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa betetzen dela egiaztatzea, bai eta atzerritarren lan-baimenaren arloko arautegia benetan betetzen dela egiaztatzea ere. Horrek guztiorrek ez die kalterik egingo lan-legeria betearazteko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoen plangintza- ahalmenei.
68. artikulua. Immigrazio Politikako Kontseitu Nagusia
1. Immigranteak gizarteratzeko eskumenak dituzten administrazioek zein jardun izan eta jardun horren koordinazio egokia ziurtatzeko, Immigrazio Politikako Kontseilu Nagusia eratuko da. Kontseilu hori hiru alderdiz eta modu orekatuan osatuko da. Alderdi horiek izango dira estatuko, autonomia-erkidegoetako eta udalerrietako ordezkariak. Erregelamendu bidez ezarriko da ordezkari horien kopurua.
2. Immigrazio Politikako Kontseilu Nagusiak urtero txostena egingo du, immigranteen enplegu- eta gizarteratze- egoeraren gainean. Txosten horretan, Kontseiluak gomendioak eman ahal izango ditu, esparru horietako politikak hobetzeko. Horretarako, Kontseiluak kontuan hartuko ditu, bereziki, atzerritar-kopuruaren inguruko jardunbidea eta aurreikuspena, bai eta sasoiko kanpainak ere.
3. Immigrazio Politikako Kontseilu Nagusiak bere eginkizunak gauzatzeko, kontsultatu ahal izango ditu estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako administrazio- organoak, eta immigrazioaz eta atzerritarren eskubideen defentsaz arduratzen diren gizarte- eta ekonomia-eragileak. Halaber, Kontseiluak informazioa jaso ahal izango du horiengandik.
4. Gobernuak errege-dekretu bidez osatu eta arautuko ditu Immigrazio Politikako Kontseilu Nagusiaren osaera, eginkizunak eta jardunbide-araubidea.
69. artikulua. Immigranteen elkartze- -mugimenduari laguntzea
Botere publikoek bultzatuko dute immigranteen arteko elkartze-mugimenduak indartzea. Halaber, botere publikoek lagunduko dituzte, irabazteko asmorik gabe immigranteak gizarteratzearen alde egiten duten sindikatuak, enpresaburuen erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeak. Botere publikoek horiei guztiei laguntza emango diete, hala programa orokorren bidez, nola euren jarduera zehatzei dagokienez.
70. artikulua. Immigranteak Gizarteratzeko Foroa
1. Immigranteak Gizarteratzeko Foroa hiru alderdiz eta modu orekatuan osatuko da. Alderdi horiek izango dira administrazio publikoetako, immigranteen erakundeetako eta gizarte-erakundeetako ordezkariak. Azken horien artean egongo dira immigrazio-esparruan interesa izan eta sustraituta dauden langileen sindikatuak eta enpresaburuen erakundeak. Foroa da immigranteak gizarteratzeko arloan kontsulta-, informazio- eta aholkularitza-organoa.
2. Erregelamendu bidez ezarriko dira Foroaren osaera, eskumenak, jardunbide- araubidea eta administrazio- -atxikipena.
71. artikulua. Arrazismoaren eta Xenofobiaren Espainiako Behatokia
Arrazismoaren eta Xenofobiaren Espainiako Behatokia eratuko da. Behatoki horrek izango ditu ikerketa- eta azterketa- eginkizunak, eta jarduteko proposamenak egiteko ahalmena, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan.
Lehenengoa. Espedienteak ebazteko gehieneko epea
1. Lege honetan ezarritakoaren arabera interesdunek aurkezten dituzten baimen-eskabideen ebazpenak jakinarazteko gehieneko epe orokorra hiru hilabetekoa izango da; epe hori zenbatzen hasiko da eskabide horien sarrera zein datatan gertatu, eskabideon gaineko izapideak egiteko organo eskudunaren erregistroan, eta data horren hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideen ebazpenak jakinarazteko epea igarota, ulertu ahal izango da ebazpenei gaitziritzia eman zaiela. Horren salbuespen da hurrengo paragrafoan xedatutakoa.
2. Lege organiko honetan xedatutakoaren arabera interesdunek aurkezten dituzten bizileku-baimenaren luzapen- -eskabideak, bai eta lan-baimenaren berriztatzea ere, ebatzi eta jakinaraziko dira hiru hilabeteko epean; epe hori zenbatzen hasiko da eskabide horien sarrera zein datatan gertatu, eskabideon gaineko izapideak egiteko organo eskudunaren erregistroan, eta data horren hurrengo egunetik aurrera.
Epe hori igarotzen bada, Administrazioak esanbidezko ebazpenik eman gabe, ulertuko da luzapena edo berriztatzea aitortu dela.
Bigarrena. Lankidetzako azpibatzordeak
Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko Bitariko Lankidetza Batzordeetan azpibatzordeak eratu ahal izango dira. Azpibatzorde horiek eratuko dira atzerritarren lanari eta bizilekuari buruz autonomia-erkidegoetan zuzeneko eragina duten gaiak aztertzeko, autonomia- erkidegoen estatutuek ezarritakoarekin bat etorriz. Azpibatzorde horiek eratzeko kontuan hartuko dira autonomia-erkidegoaren lurralde-egoera, migrazioaren fenomenoak autonomia erkidegoetan duen eragina, eta autonomia erkidegoek euren autonomia-estatutuetan aitortuta dituzten eskumenak lan-arloko gaiak betearazteari eta gizarte- laguntzari dagozkienez. Gainera, azpibatzorde horiek eratu beharko dira autonomia-estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Kanaria uharteen geografia-egoera, uharte-lurraldearen izaera zatitua eta Kanariak Europa kontinentetik urrun egotea kontuan hartuta, bereziki, Kanarietako autonomia-erkidegoko estatutuaren 37.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Kanarien eta estatuaren artean osatutako Bitariko Lankidetza Batzordean azpibatzorde bat eratuko da. Azpibatzorde horrek izango du atzerritarren bizilekuari eta lanari buruz Kanarietan zuzeneko eragina duten gaien berri.
Hirugarrena. Eskabideak aurkezteko tokiak eta eskatzailea bera agertu beharra
1. Legitimatutako subjektua Espainiako lurraldean dagoenean, bizilekueta lan-baimenen gaineko eskabideak berak aurkeztu beharko ditu, eskabide horien izapideak egiteko eskumena duten organoen erregistroetan.
Modu berean, prozeduretan legitimatutako subjektua enpresaburua denean, eskabideak aurkeztu ahal izango ditu enpresaburuak, edo enpresaburuaren baliozko lege-ordezkaritza duen subjektuak.
2. Legitimatutako subjektua atzerriko lurraldean dagoenean, berak aurkeztuko ditu bisatu-eskabideak, eta bisatua jaso ere berak egingo du, diplomaziako misioan edo kontsuletxeko bulegoan, betiere, horien mugapean bizi bada.
Salbuespenez, interesduna ez denean bizi diplomaziako misioak edo kontsuletxeko bulegoak egoitza duen herrian, eta bertara joatea eragozten duten arrazoiak egiaztatzen direnean, hala nola, misioa edo bulegoa urrun egotea edo garraioarekin zerikusia duten zailtasunek bidaia oso garesti egitea, erabaki ahal izango da behar bezala egiaztatutako ordezkariak aurkeztea bisatu-eskabidea.
Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, egonaldi-bisatuen, iraganbide- bisatuen eta adingabeak familiara berrelkartzearen ondoriozko bizileku-bisatuen eskabideak aurkezteko kasuetan, eta bisatu horiek jasotzeko kasuetan, izapide horiek egin ahal izango ditu behar bezala egiaztatutako ordezkariak.
Edozein kasutan ere, diplomaziako misioak edo kontsuletxeko bulegoak agindu ahal izango du eskatzailea agertzea eta, beharrezkotzat jotzen duenean, elkarrizketa pertsonala izatea.
3. Era berean, ez da aginduko eskatzailea agertzea, langileak modu kolektiboan kontratatzeko prozeduretan, nazioarteko hitzarmenean edo akordioan ezarritako kasuetan. Kasu horietan kontuan hartuko da hitzarmen edo akordio horretan xedatutakoa.
Laugarrena. Eskabideen izapidetza ez Onartzea
Ebazpena emateko eskumena duen agintariak ez du onartuko lege honetan araututako prozeduren inguruko eskabideen izapidetza, ondoko kasuetan:
1. Eskatzaileak legitimaziorik ez duenean, edo ordezkaritza behar bezala egiaztatzen ez denean.
2. Eskabidea legeak ezarritako epetik kanpo aurkezten denean.
3. Ukatutako eskabide bat berriro aurkezten denean, baldin eta eskabidea ukatzea eragin zuten inguruabarrak ez badira aldatu.
4. Eskatzailearen aurka administrazio- prozedura zehatzailea dagoenean, eta prozedura horretan eskatzailearen kanporatzea proposa daitekeenean, edo eskatzailearen aurka kanporatze-agindua eman denean; agindu hori izan daiteke judiziala edo administratiboa.
5. Eskatzaileak debekatua duenean Espainian sartzea.
6. Eskabideak oinarri gabeak direnean ageri-agerian.
7. Espainian modu irregularrean dauden atzerritarren eskabideak direnean, salbu eta atzerritarra dagoenean 31. artikuluaren 3. paragrafoko kasuetako batean.
8. Eskabidea ez duenean eskatzaileak egiten, eta inguruabar hori legeak ezarri duenean.
Bosgarrena. Informazioa izatea eta administrazio publikoen arteko koordinazioa
1. Lege organiko honetan eta berori garatzeko arauetan zein prozedura ezarri eta prozedura horietan interesdun gisa hartutako pertsonen datuak lagatzeari dagokionez, administrazio publikoak euren eskumen-esparruan elkarlanean arituko dira. Halaber, administrazio publikoek erabat errespetatuko dituzte indarrean dauden legeak, eratxiki zaizkien xedeak betetzeko.
2. Lege organiko honen eta bera garatzeko arauen prozedurei dagokienez, Estatuaren Administrazio Orokorrean eskumena duten organoek zein jardun izan eratxikita eta jardun hori betetzeko besterik ez bada ere, Tributu Administrazioko Estatuko Agentziak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta Estatistikako Institutu Nazionalak organo horiei ahalbidetuko diete, datuen babesari buruzko legeriarekin bat etorriz, espedienteetan jaso beharreko datuak zein fitxategitan jaso eta fitxategi horietara zuzenean sartzea; horretarako ez da behar izango interesdunen baimena. Estatistikako Institutu Nazionalak Biztanleen Udalerriko Erroldari dagokionez bakarrik ahalbidetuko du hori.
Seigarrena. Berriro hartzeko akordioak
Espainiak egoera irregularrean dauden pertsonak berriro hartzea arautzeko akordioak izenpentzeagatik, atzerritarrak itzularazi edo bidali behar direnean euren herrialdeetara edo Espainiako lurralderaino zein herrialdetatik etorri eta herrialde horretara, atzerritar horiei aplikatuko zaie akordio horietan eta lege honetan xedatutakoa, bai eta lege hori garatu duen arautegia ere.
Zazpigarrena. Schengengo esparrua Zehaztea
Lege honetan xedatutakoaren ondoreetarako, Schengengo esparru gisa ulertuko da estatuen lurralde-multzoa, non bete-betean aplikatzen diren xedapenak, barruko mugetan kontrolak ezabatzeari buruz eta pertsonen zirkulazioari buruz. Xedapen horiek ezarri dira Schengengo Akordioa aplikatzeko 1990eko ekainaren 19ko Hitzarmenaren II. tituluan.
Zortzigarrena. Laguntzak borondatezko Bueltatzeari
Gobernuak urtero ezarriko du borondatez bueltatzeko programen finantziazioa, bueltatzea eskatzen duten pertsonentzat. Pertsona horiek egitasmoak aurkeztu beharko dituzte, eurak zein gizartetatik etorri eta gizarte horretan berriro lekukotzeko. Egitasmo horiek erkidego horretarako interesgarriak izan beharko dute.
Lehenengoa. Espainian dauden atzerritarrak legeztatzea
Gobernuak errege-dekretu bidez ezarriko du, 1999ko ekainaren 1a baino lehenago Espainiako lurraldean zeuden atzerritarrak legeztatzeko prozedura. Gainera, atzerritar horiek egiaztatu beharko dute noizbait eskatu dutela bizileku- edo lan-baimena, edo azken hiru urteetan baimen horiek izan dituztela.
Bigarrena. Indarrean dauden baimenen Baliozkotasuna
Espainian sartzea, Espainiatik irtetea eta Espainian lan egitea ahalbidetzen duten baimen eta txartelak, lege honen aplikazio-esparruko pertsonei dagozkienak eta legea bera indarrean jartzean baliodun direnak, aurrerantzean ere baliodun izango dira, zein aldirako emanak izan eta aldi hori igaro arte.
Hirugarrena. Aribideko prozedurei aplikatu beharreko arautegia
Aribidean dauden administrazio- -prozeduren izapideak egin, eta prozedura horiek ebatziko dira prozedura hasi zenean indarrean zegoen arautegiaren arabera, salbu eta interesdunak lege hau aplikatzea eskatzen duenean.
Bakarra. Arauak indargabetzea
Indarrik gabe geratuko dira uztailaren 1eko 7/1985 Lege Organikoa, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzkoa, eta lege honen aurkako diren xedapen guztiak.
Lehenengoa. Zigor Kodearen 312. artikulua Aldaraztea
Zigor Kodearen 312. artikuluko 1. paragrafoa hurrengoaren arabera idatzita geratzen da:
«312. artikulua. 1. Bi urtetik bost arteko espetxealdi- -zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere, legearen aurka lan-eskua trafikagai hartzen dutenei».
Bigarrena. Zigor Kodean XV bis titulu berria sartzea
XV bis titulu berria sartzen da, ondoko idazkerarekin:
«XV bis titulua. Atzerriko herritarren eskubideen aurkako delituak.
318bis artikulua 1. Norbaitzuek legearen aurka pertsonak trafikagai hartzea sustatu, faboratu edo errazten badute, Espainiatik edota Espainia iraganbide zein helmuga izanik, orduan halakoei sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.
2. Norbaitzuek aurreko paragrafoan deskribatutako jokabideak gauzatzen badituzte irabaziak lortzeko asmoarekin, edo indarkeria, larderia nahiz engainua erabiliz, edo biktimaren beharrizan egoeraz abusatuz, orduan halakoei bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.
3. Aurreko paragrafoetan ezarritako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, baldin eta egitateak gauzatzean pertsonen bizitza, osasuna edo osotasuna arriskuan jarri bada edota biktima adingabea bada.
4. Aurreko idatz-zatiko zigor berberak ezarrizko zaizkie, bai eta sei urtetik hamabi arteko desgaikuntza erabatekoa ere, agintari, agintaritzaren agente edo funtzionario publiko izateaz baliatuz egitate horiek gauzatzen dituztenei.
5. Aurreko paragrafoetan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira, kasuan-kasuan, erruduna antolakunde edo elkarte bateko kidea izanik, antolakunde edo elkarte hori, aldi baterako bada ere, halako jardueretan aritzen bada».
Hirugarrena. Aldarazpenak Zigor Kodearen 515, 517 eta 518. artikuluetan
1. 515. artikuluari 6. paragrafoa gehituko zaio, ondoko idazkerarekin:
«6. Pertsonak legearen aurka trafikagai hartzea sustatzen dutenak».
2. 517. artikuluaren lehenengo lerrokada aldaraziko da. Lerrokada hori horrela idatzita geratuko da:
«515. artikuluaren 1. paragrafoan, eta 3. paragrafotik 6.erakoen kasuetan zigor hauek ezarriko dira».
3. 518. artikulua aldaraziko da. Artikulu hori horrela idatzita geratuko da:
«Norbaitzuek, edozein kasutan garrantzitsua den laguntza ekonomiko edo bestelako laguntzaren bidez, faboratzen badute 515. artikuluaren 1. paragrafora, eta 3. paragrafotik 6.erakoetara bildutako elkarteen eraketa, antolaketa edo jarduera, orduan, halakoei urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, urtebetetik lau artekoa».
Laugarrena. Organikoak ez diren artikuluak
Lege honen 10, 12, 13 eta 14. artikuluetan jasotako manuek ez dute izaera organikorik. Manu horiek eman dira Konstituzioaren 149.1.2 artikuluak xedatutakoa beteta.
Bosgarrena. Schengengo informazio- -sistemari laguntzea
Gobernuak, Schengengo Akordioa aplikatzeko Hitzarmenean ezarritakoaren ildotik, beharrezko neurri guztiak hartuko ditu, Schengengo informazio- -sistemako datuak zehatzak eta eguneratuak izateko. Halaber, informazio-sistema horretan zein pertsonaren datuak izan eta pertsona horiei Gobernuak erraztuko die datu horiek zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea egikaritzea.
Seigarrena. Legearen erregelamendua
Gobernuak sei hilabeteko epean onetsiko du lege organiko honen erregelamendua.
Zazpigarrena. Legearen gaineko informazioa ematea organismo eta erakunde interesdunei
Lege hau indarrean jartzen den unetik, Gobernuak beharrezko neurriak hartuko ditu, lege organiko hau onesteak aurreko arautegiaren aplikazioan eragiten dituen aldaketei buruzko informazioa emateko, administrazio publiko desberdinetako funtzionarioei, immigranteen erakundeetako zuzendariei, abokatuen elkargoei, sindikatuei eta gobernuz kanpoko erakundeei.
Zortzigarrena. Kredituak prestatzea
Gobernuak beharrezko xedapenak emango ditu, lege hau aplikatzeagatik eta garatzeagatik sortutako gastuei aurre egiteko.
Bederatzigarrena. Indarrean jartzea
Lege organiko hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» oso-osoan argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.