Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. (Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, martxoaren 26ko 1/2001 Lege Organikoak aldatua)

1982-08-10

Itzulpena nork: Nafarroako Parlamentua

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1982/10/16, 204. zk.

Indargabetua: 2001-03-26

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa

(Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, martxoaren 26ko 1/2001 Lege Organikoak aldatua)

EAO, martxoaren 28koa

Nafarroako Parlamentuak, 1982ko martxoaren 15ean eginiko bilkuran, onartu egin zuen Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko testua.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa 1982ko ekainaren 30ean eginiko bilkuran onartu zuen Kongresuak eta 1982ko uztailaren 26an eginiko bilkuran Senatuak.

Lege hori urte bereko abuztuaren 16an sartu zen indarrean, egun horretan argitaratu baitzen Estatuko Aldizkari Ofizialean. (Martxoaren 26ko 1/2001 Lege Organikoan jasotako aldaketa sartuta dago).

NAFARROAKO FORU ERAENTZA BIRREZARRI ETA HOBETZEARI BURUZKO LEGE ORGANIKOA

(Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, martxoaren 26ko 1/2001 Lege Organikoak aldatua)

SARRERA

Nafarroak, Espainiako nazio-batasuna eratzeko prozesuarekin bat egin zuenean ere, bere Erresuma izaera gorde zuen, baita horri atxikirik bizi ere, beste herri batzuekin batean, Espainiaren ekinaldi handia.

XIX. mendea aurrera zihoala, Nafarroak Erresuma izaera galdu zuen, baina 1839ko urriaren 25eko Legeak haren Foruak berretsi zituen, konstituzio-batasuna deusetan ukatu gabe, eta xedatu ere zen ezen, Nafarroaren partaidetzaz, batasun horren interesak eskatzen zituen nahitaezko aldaketak sartuko zirela Foru horietan Nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrekin bat eginez.

Xede hori zutela lotu ziren negoziazioei Nazioko Gobernua eta Nafarroako Diputazioa, eta hondarrean erdietsi zuten akordioan du sorburua Espainiako Monarkiaren Gorteek onetsi zuten 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduak.

Bere jatorrizko eskubide historikoetatik heldu ziren lege horien gerizapean, Nafarroak bere foru araubidea gorde zuen, baita ezari-ezarian garatuz joan ere, beharrezkoa izan denean Estatuko Administrazioarekin hitzartuz ahalmen eta eskumenen egokitzapena, elkarlaguntzarako komenigarritzat jotzen ziren bideak adostuz eta beti ere gizartearen beharrak begiratuz.

Aurrekari horiek zuzentasunez aintzat harturik, Konstituzioak, printzipio demokratiko, pluralista eta autonomikoen baiesle, gogoan dauka foru araubidearen existentzia eta, horrenbestez, bere lehen xedapen gehigarriko lehenbiziko lerroaldean Nafarroako eskubide historikoak babesten eta errespetatzen ditu eta, bere xedapen indargabetzailearen bigarren idazatian, berriz, 1839ko urriaren 25eko Legearen indarra bere horretan uzten. Horra, beraz, Konstituzioak indarra hartu berritan, Foru Diputazioarekin akordioa egin ondotik, 1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretua aldarrikatzeko arrazoia, Nafarroako foru araubidea birrezarri eta hobetzeko bideari hasiera eman baitzion.

Hartara, Nafarroako Foru Araubidearen berezko ezaugarria da, Konstituzioak gerizatua, Estatuko Administrazioaren ordezkariek eta Narroako Foru Diputazioarenek Araubide horren berriztapena eta eguneratzea adostea, Gorte Nagusiek, espainiar herriaren subiranotasuna haragitzen duen Estatuko organo diren aldetik, erabaki aitzin. Bi ordezkaritzen artean adostutako hobetzearen izaera eta norainokoa kontutan harturik, Konstituzioaren ikuspegitik beharrezkoa da Gobernuak, bere legegintza-ekimenaz baliatuz, Lege Organikoaren proiektuaren maila eta izaera eman diezaion itunari, eta Gorte Nagusietara igor dezan, horiek, nahi badute, Lege Organikoaren gisa horretan sar dezaten Espainiako ordenamendu juridikoan.

ATARIKO TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Nafarroa Foru Komunitate bat da, araubide, autonomia eta erakunde berekiak dituena, banaezina, Espainiako Nazioaren barnean sartua eta solidarioa haren herri guztiekin .

2. artikulua.

1. Botere publikoek Nafarroako Foru Komunitatearen jatorrizko eskubide historikoak errespetatu eta babestuko dituzte, 1839ko urriaren 25eko Legeari, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduari eta xedapen osagarriei, Lege Organiko honi eta Konstituzioari jarraikiz, haren lehen xedapen gehigarriko lehenbiziko lerroaldean aurrikusitakoaren ariora.

2. Aitzineko idazatian xedatutakoak ez ditu ukituko Estatuaren erakunde, ahalmen eta eskumenak, konstituziobatasunari badatxezkio.

3. artikulua.

Nafarroako Foru Araubidearen izaerarekin bat etorriz, haren Hobetzeak, Lege Organiko honetan ezartzen den gisan, helburu hauek ditu:

1. Konstituzio-batasunarekin bateragarriak diren ahalmen eta eskumen guzti ak Nafarroako Foru Araubidearen barnean sartzea.

2. Nafarroako Foru Erakundeak demokratikoki antolatzea.

3. Nafarroako Foru Araubidearen ahalmen eta eskumen bereki guztiak bermatzea.

4. artikulua.

Lege hau aldarrikatzen den unean Iruña, Lizarra, Tutera, Zangoza eta Erriberriko merinerri historikoen barnean dauden udalerriek osatzen dute Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea.

5. artikulua.

1. Lege Organiko honi doakionean, Estatuko lege orokorrei jarraikiz Nafarroako edozein udalerritan herritartasun administratiboa duten espainiarrek dute nafartasun politikoa.

2. Atzerrian bizi eta beren azken herritartasun administratiboa Nafarroan izan duten espainiarrek, Nafarroan bizi diren egoiliarrek dituzten eskubide politiko berberak izanen dituzte. Halaber, haien ondokoek ere eskubide horiek izanen dituzte, espainiar gisa izenemanda badaude eta horrela eskatzen badute Estatuko legeriak zehazten duen gisan.

3. Foru zuzenbide zibilaren araberako nafartasuna eskuratu, gorde, galdu eta berreskuratzeko Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Nafarroako Foru Berrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

6. artikulua.

Nafarrek gainerako espainiarrek dituzten oinarrizko eskubide, askatasun eta betebehar berberak dituzte.

7. artikulua.

1. Nafarroako armarria, hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez da, katemailaz osaturiko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela eta ororen gainean, berriz, Errege koroa, Nafarroako antzinako Erresumaren sinboloa.

2. Nafarroako bandera gorria da, erdian armarria duela.

8. artikulua.

Nafarroako hiriburua Iruñeko hiria da.

9. artikulua.

1. Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala.

2. Euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan.

Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu eta Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du.

I. TITULUA.

NAFARROAKO FORU ERAKUNDEAK

I. KAPITULUA.

Erakundeak

10. artikulua.

Nafarroako foru erakundeak hauek dira:

a) Parlamentua edo Nafarroako Gorteak.

b) Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioa.

c) Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria.

II. KAPITULUA.

Parlamentu edo Nafarroako Gorteak

11. artikulua.

Parlamentuak Nafarroako herria ordezkatzen du, legegintzarako ahalmena erabiltzen, Nafarroako aurrekontuak eta kontuak onesten, Foru Diputazioaren jarduera bultzatzen eta kontrolatzen, eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzen.

12. artikulua.

Parlamentuaren eskumena da Nafarroari Foru Komunitate den aldetik legozkiokeen senadoreak hautatzea.

13. artikulua.

1. Nafarroako Parlamentua ukiezina da.

2. Foru parlamentariek, beren agintealdia bukatu eta gero ere, ukiezintasuna izanen dute, parlamentu-egintzetan agertutako iritziak eta beren karguan aritzerakoan emandako botoak direla bide.

14. artikulua.

1. Begi-bistako delitua ez bada, foru parlamentariak ezin izanen dira atzeman ez atxilotu beren agintealdian Nafarroako lurraldearen barnean egindako delitu egintzen kariaz, eta haiek erruduntzeaz, espetxeratzeaz, auziperatzeaz eta epaitzeaz, erabakia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio beti ere.

2. Nafarroako lurraldetik kanpora, erantzukizun penala Auzitegi Goreneko behar den sailean exijituko da, gisa berean exijitu ere.

15. artikulua.

1. Parlamentua bozketa unibertsal, libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez hautatuko da, lau urtetarako.

2. Parlamentuko kideen kopurua ez da berrogei baino gutxiago ez eta hirurogei baino gehiago izanen.

Foru lege batek finkatuko du parlamentarien kopuru zehatza eta haien hautapena arautuko, ordezkaritza proportzionalaren irizpideei jaramon eginez, baita haien hautaezintasun eta bateraezintasun kasuak ere, hori guztia hauteskundeetarako legeria orokorrari jarraikiz.

16. artikulua.

1. Parlamentuak bere Erregelamendua ezarri eta bere aurrekontuak onetsiko ditu.

2. Erregelamendua onetsi eta berritzeak Parlamentuko kideen erabateko gehiengoaren aldeko botoa beharko du, proiektu osoaren gaineko azken bozketa batean.

17. artikulua.

1. Parlamentuaren jarduna osoko bilkuretan eta batzordeetan gauzatuko da eta bere kideen artetik lehendakari bat, Mahai bat eta Batzorde Iraunkor bat hautatuko ditu.

2. Parlamentuak, ohiko bilkurak egiteko, urtean bi batzarraldi izanen ditu: lehena irailetik abendura eta bigarrena otsailetik ekainera, eta osoko bilkuren kopurua gehienez ere hamasei izanen da.

3. Ohiz kanpoko bilkuretan ere batzar daiteke. Horietarako deia bere lehendakariak egin beharko du, nolanahi ere eguneko gai-zerrenda zehaztuz eta horrela eskatzen badute Batzorde Iraunkorrak, parlamentarien bostenak edota Erregelamenduak erabakitzen duen parlamentari taldeen kopuruak, baita Foru Diputazioak ere.

4. Biltzarreko Erregelamenduak lehenbiziko idazatian adierazitako organoen hautaketa, osaketa, eskurantzak eta jardunbidea arautuko ditu.

18. artikulua.

1. Diputazioari dagokio Nafarroako Aurrekontu Orokorrak egitea eta kontuak prestatzea Parlamentuan aurkezteko, horrek eztabaidatu, emendakinak egin eta, nahi badu, onets ditzan, hori guztia foru legeek zehazten dutenari jarraikiz. Halaberean Diputazioak bere jarduera ekonomikoaren berri emanen dio Nafarroako Parlamentuari, hura kontrolatu ahal izateko.

2. Kontuen Ganbara ariko da Nafarroako Parlamentuaren menpeko organo. Harenak izanen dira bere eratze-legean eta berau aldarazi edo garatzen dutenetan aurrikusten diren eskumenak.

Parlamentuak Foru Komunitatearen eta haren menpeko sektore publikoaren kontuen berri izan eta horiexek onetsi aurretik, Kontuen Ganbarak haien azterketa eta zentsura eginen ditu, eta Nafarroako Parlamentuarendako irizpena luzatuko.

Halaber, Nafarroako toki erakundeen kontuen eta kudeaketa ekonomikoaren berri emanen du, toki administrazioari buruzko foru lege batek xedatzen duenari jarraikiz.

3. Aitzineko idazatietan xedatutakoa deusetan ukatu gabe, Kontuen Ganbarak bere jarduketak igorriko dizkio Kontu Auzitegiari. Kontu Auzitegiaren irizpena, bere espedientea eta guzti, Nafarroako Parlamentuari bidaliko zaio, honek, nahi badu, neurri bidezkoak har ditzan.

4. Kontu Auzitegiari dagokio, Nafarroan diru edo efektu publikoen erabilpena beren bizkar izan eta, egitez edo ezegitez, legearen aurka jokatzearen ondorioz haien urritzea dakartenek kontabilitate aldetik izanen luketen erantzukizuna epaitzea.

Bere eginkizun fiskalizatzailean aritzean, Kontuen Ganbara kontabilitate aldetik inon erantzukizun zantzurik badela ohartuz gero, behar diren jarduketak Kontu Auzitegiaren esku utziko ditu.

19. artikulua.

1. Legegintza-ekimena ondoko hauei dagokie:

a) Foru Diputazioari, Parlamentuari lege-proiektuak aurkeztuz.

b) Foru parlamentariei, Biltzarreko Erregelamenduak erabakitzen duen gisan.

c) Udalei, beraiei dagokien merinerriko udalerri kopuruaren herena eta bertako zuzenbidezko biztanleriaren ehuneko berrogeita hamar ordezkatzen dutenean. Ekimen horren erabilera foru lege bidez arautuko da.

2. Foru lege batek ezarriko du herriaren legegintza-ekimena, behar den lege organikoak xedatzen duenari jarraikiz.

3. 20.2 artikuluak aipatzen dituen foru legeak beharko dituzten gaietan, legegintza -ekimena Foru Diputazioari eta parlamentariei baizik ez dagokie.

20. artikulua.

1. Nafarroako Parlamentuaren arauek foru lege hartuko dute izena eta gehiengo soilez onetsiko dira.

2. Lege Organiko honetan bereziki aipatutako foru legeek eta administrazio eta lurralde antolamenduaz Biltzarreko Erregelamenduak erabakitzen dituen bestelako guztiek ere, erabateko gehiengoa beharko dute onetsiak izateko, proiektu osoaren gaineko azken bozketa batean.

21. artikulua.

1. Parlamentuak Foru Diputazioari eskuordetzen ahal dio legegintza-ekimenaren erabilpena. Eskuordetze hori ez da bidezkoa izanen, aurreko artikuluari jarraikiz, foru legeak onesteko erabateko gehiengoa exijitzen den kasuetan.

2. Eskuordetzeari buruzko legeek, legegintzarako ahalmen eskuordetua erabiltzean Diputazioak begiratu beharreko oinarriak finkatuko dituzte. Foru legeak lege-testuak bategiteko baimena ere eman diezaioke Diputazioari, bategitearen norainokoa eta hartan jarraitu beharreko irizpideak ezarriz.

3. Legegintzarako eskuordetzea espreski eman beharko zaio Diputazioari, gai jakin baterako eta erabilpen epea finkatuz.

22. artikulua.

Foru legeak Diputazioko lehendakariak aldarrikatuko ditu Erregeren izenean eta berak xedatuko du Parlamentuak onetsi ondoko hamabost egunetan argitara daitezen “Nafarroako Aldizkari Ofizialean”, baita “Estatuko Aldizkari Ofizialean” ere. Indarra hartzeari doakionean, “Nafarroako Aldizkari Ofizialean” argitaratzen direneko data izanen da baliozkoa.

III. KAPITULUA.

Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioa

23. artikulua.

1. Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioari ondoko hauek dagozkio:

a) Betearazteko eginkizuna, erregelamenduzkoa eta administraziozkoa barnean direla.

b) Ahalmen ikuskatzailea gai administratibo eta ekonomiko-administratiboetan, judizialaren aitzin.

c) Lege Organiko honek esleitzen dizkion eskumenak eta dagozkiokeenak bestelako legeen ariora.

2. Diputazioak ematen dituen xedapen orokorrak Foru Dekretu izanen dira, eta Foru Agindu, berriz, haren kideek ematen dituztenak.

24. artikulua.

Diputazioak Nafarroako foru araubidearen osotasunaren defentsa bereziki zainduko du, eta Parlamentuari eman behar dio gerta litekeen edozein kontraforuren berri.

25. artikulua.

Foru lege batek arautuko du Diputazioaren osaketa, eskurantzak, araubide juridikoa eta jardunbidea, hala nola haren kideen estatutua.

26. artikulua.

Foru Diputazioak Parlamentuaren aldez aurreko baimena beharko du:

a) Zor publikoa jaulki, abal eta bermeak eratu eta kredituak egiteko.

b) Estatuarekin eta komunitate autonomoekin hitzarmenak gauzatzeko.

c) Lege Organiko honetako 39.2. artikuluak aipatzen duen ekimena erabiltzeko.

27. artikulua.

Lehendakariaren eta Foru Diputazioko gainerako kideen erantzukizun kriminala, Auzitegi Goreneko behar den sailean exijituko da behar izanez gero.

28. artikulua.

1. Foru Diputazioak kargua utziko du Parlamenturako hauteskundeak egindakoan, horrek bere konfiantza ukatu edo zentsura-mozio bat onesten duenean, edota lehendakariaren dimisioagatik edo haren heriotzagatik.

2. Kargua uzten duen Diputazioak jardunean jarraituko du, Diputazio berria karguaz jabetu artean.

IV. KAPITULUA.

Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria

29. artikulua.

1. Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria Parlamentuak hautatuko du bere kideen artetik eta Erregek izendatuko.

2. Parlamentuko lehendakariak, Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakari izateko hautagai bat proposatuko du, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi edo talde politikoek izendatutako bozeramaleekin aldez aurretik kontsulta eginda.

3. Hautagaiak bere programa aurkeztuko dio Parlamentuari. Hautatua izateko, hautagaiak, lehenbiziko bozketan erabateko gehiengoa lortu beharko du. Lortu ezean, beste bozketa bati ekinen zaio hogeita lau orduren buruan eta hautagaiari konfiantza emantzat hartuko da bigarren bozketan gehiengo soila lortzen badu. Gehiengo hori ere lortzen ez bada, hautagaia arbuiatutzat hartu eta hurrenez hurreneko proposamenak izapidatuko dira arestian aurreikusitako era berean.

4. Lehenbiziko bozketatik 30 egun natural iragan eta hautagairik bat ere hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta berehala hauteskundeak deituko dira. Parlamentu berriaren agintaldiak, hala ere, lehengoaren agintaldia bukatuko zen arte iraunen du.

30. artikulua.

1. Diputazioko lehendakariak Foru Komunitatearen ordezkaritza gorena du, baita Estatuaren ordezkaritza arrunta ere Nafarroan.

2. Diputazioko lehendakariak foru diputatuak hautatu eta kargugabetzen ditu, Diputazioaren ekintza zuzentzen du eta foru lege batean zehaztuko diren gainerako eginkizunak betetzen ditu.

3. Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakariak, bera erantzule bakar dela eta aurrez Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioak hala deliberatu duela, zilegi izanen du Parlamentua desegiteko erabakia hartu eta hauteskundeen deia egitea, legegintzaldiaren berezko amaiera baino lehen.

Lehendakariak ez du zilegi izanen Parlamentua desegiteko erabakia hartzea lehenbiziko bilkuraldian, eta ez legegintzaldia bukatzeko urtebete baino gutxiago gelditzen bada, eta ez zentsura mozio bat tramitatzen ari deino, eta ez Estatuko hauteskunde prozesu bat deiturik dagoeino eta ez orain hurrena Parlamentua prozedura horren bidez desegin zenetik gutxienez urtebete iragan arte.

Hartara, hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak jatorrizko legegintzaldiaren berezko amaiera bitarteko agintaldia izanen du.

V. KAPITULUA.

Diputazioaren eta Nafarroako Parlamentuaren arteko harremanak

31. artikulua.

Lehendakaria eta foru diputatuak erantzule solidarioak dira Parlamentuaren aitzinean beren kudeaketa politikoaz, beren kudeaketan duten erantzukizun zuzena deusetan ukatu gabe.

32. artikulua.

1. Parlamentuak, bere lehendakariaren bitartez, bere eginkizunak aurrera eramateko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eta haren kideen agerpena eskatzen ahal dizkio Diputazioari.

2. Foru parlamentariek Diputazioari eskaera, galdera eta jabeldurak egin diezaizkiokete, baita mozioak aurkeztu ere, hori guztia Biltzarreko Erregelamenduak adierazten duen gisan.

33. artikulua.

Diputazioko lehendakariak eta diputatuek Parlamentuko osoko bilkuretara eta Batzordeen bilkuretara agertzeko eta hantxe entzunak izateko eskubidea dute.

34. artikulua.

1. Foru Diputazioko lehendakariak bere jarduketa-programari buruzko konfiantza-eskea egin ahal izanen du Parlamentuaren aitzinean, Biltzarreko Erregelamenduan erabakitzen duen gisan.

Konfiantza emantzat hartuko da baldin eta foru parlamentarien gehiengo soilak haren aldeko botua ematen badu.

2. Parlamentuak bere konfiantza ukatzen badio Diputazioko lehendakariari, honek berehala aurkeztuko du dimisioa, eta ondotik beste lehendakari bat hautatuko da.

35. artikulua.

1. Parlamentuak Diputazioaren erantzukizun politikoa exijitzen ahal du erabateko gehiengoaz zentsuramozioa onetsiz.

2. Zentsura-mozioek, nahitaez Diputazioko Lehendakaritzarako hautagai baten proposamena ekarri behar dute berekin, eta Parlamentuko Erregelamenduak erabakitzen duen gisan aurkeztu eta izapidatuko dira. Nolanahi dela ere, zentsuramozioa Parlamentuko kideen bostetik batek proposatu beharko du gutxienez. Zentsura-mozioa onesten ez bada, haren sinatzaileek ezin izanen dute besterik aurkeztu batzarraldi berean.

3. Parlamentuak Diputazioaren kontrako zentsura-mozioa onesten badu, haren lehendakariak berehala aurkeztuko du dimisioa, eta onetsitako mozioan proposaturiko hautagaia izendatuko da Diputazioko lehendakari.

VI. KAPITULUA.

Gatazka eta errekurtsoen araubidea

36. artikulua.

Parlamentuak eta Diputazioak ahalmena izanen dute eskumen-gatazkak eta konstituziokontrakotasun errekurtsoak aurkezteko legeetan ezarritako eran eta kasuetan.

37. artikulua.

Foru legeen gaineko kontrol bakarra, Konstituzioarekin bat heldu ote diren, Konstituzio Auzitegiak eginen du.

38. artikulua.

Nafarroako betearazte eta administrazio organoen egintza eta xedapenen aurka administrazioarekiko aferen jurisdikziora jo ahal izanen da, behin foru administrazioaren bidea agortuz gero.

II. TITULUA.

NAFARROAREN AHALMENAK ETA ESKUMENAK

I. KAPITULUA.

Xedapen orokorrak.

39. artikulua.

1. Lege Organiko honetako 2. artikuluan ezarritakoaren ariora, Nafarroari ondoko hauek dagozkio:

a) Gaurregun erabiltzen dituen ahalmen eta eskumen guztiak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan eta xedapen osagarrietan ezarritakoaren babespean.

b) Lege Organiko honen bidez espreski gaineratzen zaizkion ahalmen eta eskumen guztiak.

c) Estatuko legeriak, izaera orokorrez, komunitate autonomoei edo probintziei esleitu, transferitu edo eskuordetzen dizkien ahalmen eta eskumen guztiak.

2. Halaber, Nafarroari dagozkio, aitzineko idazatian ez dauden eta Foru Diputazioaren ekimenez Lege honek indarra hartu ondoan, Estatuak esleitu, transferitu edo eskuordetzen dizkion ahalmen eta eskumen guztiak.

40. artikulua.

1. Nafarroak eskumen osoa duen gaietan, Foru Komunitateari ondoko ahalmen hauek dagozkio:

a) Legegintzarakoa.

b) Erregelamendugintzarakoa.

c) Administraziokoa, ikuskaritza barne dela.

d) Berrikustekoa administrazio bidean.

2. Ahalmen horiek, Lege honetan eta berorrek aipatzen duen Estatuko legerian aurrikusitako eran erabili beharko dira.

3. Nafarroako Zuzenbidea beste edozein baino lehenago aplikatuko da Foru Komunitatearen eskumen osoko gaietan eta aurreko idazatietan aurrikusitako eran.

Zuzenbide berekirik ezean, Estatuko Zuzenbidea aplikatuko da horren ordez.

4. Foru Zuzenbide Zibilaren alorrean, Lege Organiko honetako 48. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

41. artikulua.

1. Lege Organiko honetako 57. artikuluak aipatzen dituen gaietan, baita hemengo beste artikulu batzuetan gisa berean arautzen diren gaietan, ahalmen hauek dagozkio Foru Komunitateari:

a) Legeria garatzekoa.

b) Erregelamendugintzarakoa.

c) Administraziokoa, ikuskaritza barne dela.

d) Berrikustekoa administrazio bidean.

2. Aitzineko idazatiko a) lerroaldeak legeria garatzeko aipatzen duen ahalmena, zernahi dela ere, Estatuak ematen dituen oinarrizko arauei jarraikiz erabili beharko da.

42. artikulua.

1. Lege Organiko honetako 58. artikuluak aipatzen dituen gaietan, baita hemengo beste artikulu batzuetan gisa berean arautzen diren gaietan, ahalmen hauek dagozkio Foru Komunitateari:

a) Erregelamendugintzarakoa, bere zerbitzuen antolaketarako.

b) Administraziokoa, ikuskaritza barne dela.

c) Berrikustekoa administrazio bidean.

2. Estatuak bere legeria garatzeko izaera orokorrez ematen dituen xedapenei jarraikiz erabiliko ditu Foru Komunitateak aitzineko idazatiak aipatzen dituen ahalmenak.

43. artikulua.

Nafarroari dagozkion ahalmen eta eskumen guztiak bere lurraldeari dagozkiola ulertzen da, zerga aferetarako Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmenetan edota Estatuko legerian aurrikusitako kasuetan, Foru Erakundeek ematen dituzten arauek banan-banan izan dezaketen eraginkortasuna deusetan ukatu gabe.

II. KAPITULUA.

Ahalmen eta eskumenen zehaztapena

44. artikulua.

Nafarroak eskumen osoa du ondoko gai hauen gainean:

1. Lurralde antolamendua, hirigintza eta etxebizitza.

2. Herrilanak, horien legezko kalifikazioa Estatuaren interes orokorrekoa ez bada, edota haien egiteak Estatuko beste lurralderik ukitzen ez badu.

3. Interes orokorrekoak ez diren aireportuak; heliportuak.

4. Metereologi zerbitzua, gai honetan Estatuari dagozkion ahalmenak ukatu gabe.

5. Ur-probetxamenduak, ubideak eta ureztaketak, urak osoki Nafarroan barna iragaten badira eta haien probetxamenduak Estatuko beste lurralderik ukitzen ez badu.

6. Energia ekoiztu, banatu eta garraiatzeko instalazioak, garraioa Nafarroako lurraldetik kanpora ateratzen ez bada eta haren probetxamenduak Estatuko beste lurralderik ukitzen ez badu, ur mineralak, termalak eta lurpekoak, hori guztia Estatuaren oinarrizko legeria deusetan ukatu gabe meatzaritzaren eta energiaren araubideaz den bezainbatean.

7. Zientzia eta teknikaren ikerkuntza, Estatuari sustapen eta koordinazio orokorrerako dagozkion ahalmenak deusetan ukatu gabe.

8. Kultura, Estatuarekin koordinaturik.

9. Historia, arte, monumentu, arkitektura, arkeologia eta zientzia-ondarea, esportazioaren eta espoliazioaren aurka ondare horren defentsarako Estatuak dituen ahalmenak deusetan ukatu gabe.

10. Agiritegiak, liburutegiak, museoak, hemerotekak eta Estatuaren titulartasunekoak ez diren kultur-gordailurako gainerako zentroak.

11. Arte Ederren sustapen eta irakaskuntzarekin ikusteko duten erakundeak.

12. Eskulangintza.

13. Turismoaren sustapena eta antolamendua.

14. Kirolen eta aisiaren erabilera egokiaren sustapena.

15. Ikuskizunak.

16. Kasinoak, jokoak eta apustuak, Kirol Ongintzako Elkarrekiko Apustuak salbu.

17. Gizarte laguntza.

18. Komunitatearen garapena; emakumearen aurrerabideak; haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika.

19. Irakaskuntza, kultura, arte, ongintza, laguntza eta gisako izaera duten elkarteak beren egitekoak nagusiki Nafarroan betetzen badituzte.

20. Nafarroako Foru Zuzenbidearen arauei jarraikiz eratutako fundazioak.

21. Nafarroarentzat interesa duen estatistika.

22. Barne azoka eta merkatuak.

23. Adin txikikoen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoak Estatuko legeria orokorraren ariora.

24. Nekazaritza eta Jabetza Ganbarak, Merkataritza eta Industria Ganbara, legeria orokorraren funtsezko oinarrien ariora eta kanpo merkataritzaren alorrean Estatuak dituen eskumenak deusetan ukatu gabe.

25. Jatorrizko izendapenaren eta publizitatearen arauketa, lankidetzan Estatuarekin.

26. Lanbide elkargoak eta lanbide tituludunen jarduera, legeria orokorrari jarraikiz.

27. Kooperatibak, Gizarte Segurantzan sartu gabeko mutualitateak eta positoak, gai horretan legeria orokorrak dioen ariora.

28. Merkataritzako burtsak eta salgaiak eta baloreak kontratatzeko gainerako zentroak ezarri eta arautzea, merkataritzako legeriaren ariora.

45. artikulua.

1. Bere foru araubidearen ariora, Nafarroako zerga eta finantza-jarduera hitzarmen ekonomikoaren tradiziozko sistemaren bidez arautuko da.

2. Hitzarmen ekonomikoetan Nafarroak Estatuko karga orokorretarako eman beharreko ekarpenak zehaztu dira, eta horien zenbatekoa eta gaurkotzeko prozedura adieraziko, hala nola bere zerga-araubidea Estatuaren araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak ere.

3. Nafarroak bere zerga-araubideari eusteko eta hura ezarri eta arautzeko ahalmena du, behar den Hitzarmen Ekonomikoan xedatzen dena deusetan ukatu gabe, horrek 1969ko Hitzarmen Ekonomikoaren Atariko Tituluaren barnean dauden printzipioak errespetatu beharko baititu, hala nola Lege Organiko honetako 1. artikuluak aipatzen duen elkartasun printzipioa ere.

4. Hitzarmen ekonomikoen izaera itundua dela eta, behin Nazioko Gobernuak eta Diputazioak sinatu ondoan, Foru Parlamentuari eta Gorte Nagusiei igorriko zaizkie lege arruntaren bitartez onets ditzaten.

5. Nafarroako zor publikoa eta balio berarekin Foru Komunitateak jaulkitzen dituen titulu-baloreak, fondo publikotzat joko dira ondorio guztietarako. Jaulkipenen bolumena eta ezaugarriak Estatuarekin koordinaturik ezarriko dira, Hobetze honetako 67. artikuluak zehazten duenari jarraikiz.

6. Foru lege batek Nafarroaren ondarea nahiz haren administrazioa, defentsa eta zainketa arautuko ditu.

46. artikulua.

1. Toki administrazioaren alorrean, Nafarroari honako hauek dagozkio:

a) Gaurregun dituen ahalmen eta eskumenak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan, 1925eko azaroaren 4ko Errege Dekretu Lege Itunduan eta xedapen osagarrietan erabakitakoaren babespean.

b) Aurrekoekin bateragarriak izanik ere, Estatuko oinarrizko legeriaren ariora komunitate autonomo edo probintziei dagozkiekeenak.

2. Foru Diputazioak, justizia auzitegien jurisdikzioa deusetan ukatu gabe, Nafarroako udal, kontzeju eta toki entitateen jarduketen legezkotasunaren eta interes orokorraren kontrola eramanen du, foru lege batek xedatzen duenari jarraikiz.

3. Nafarroako udalek, gutxienez, Nazioko gainerako udalei izaera orokorrez onartzen zaien autonomia izanen dute.

47. artikulua.

Nafarroak eskumen osoa du irakaskuntzaren arauketa eta administrazioan, bere zabalera, maila eta gradu, mota nahiz espezialitate guztietan, deusetan ukatu gabe gai honi buruzko manu konstituzionaletan ezarritakoa, ez horiek garatzen dituzten lege organikoak, ezta ikasketa nahiz lanbide tituluak eskuratu, eman eta baliokidetzeko, hala nola berauek bete eta bermatzeko Estatuak duen goi-ikuskaritzaren baldintzak arautzeari dagokionez Estatuak dituen eskumenak ere.

48. artikulua.

1. Nafarroak eskumen osoa du Foru Zuzenbide Zibilaren alorrean.

2. Indarra duen Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Nafarroako Foru Berriaren zainketa, aldaketa eta garapena, foru lege bidez eginen da behar izanez gero.

49. artikulua.

1. Bere foru araubidearen kariaz, Nafarroari dagokio ondoko gai hauen gaineko eskumen osoa:

a) Foru Erakundeen osaketa, eskurantzak, antolakuntza, jardunbidea eta araubide juridikoa arautzea, hala nola haien kideen hautaketa, hori guztia Lege Organiko honetako lehenbiziko tituluan erabakitako eran.

b) Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu araubidea, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei onartzen dizkien funtsezko eskubide eta betebeharrak errespetatuz.

c) Administrazio prozeduraren arauak edo, bestela, prozedura ekonomiko-administratiboarenak, Zuzenbide sustantiboaren edo antolakuntzaren alorrean Nafarroak bere dituen berezitasunetatik heldu direnak.

d) Administrazio kontratu eta kontzesioak, gai horretan Estatuak duen oinarrizko legeriaren funtsezko printzipioak errespetatuz.

e) Foru Diputazioaren, haren administrazioaren eta haren menpeko ente publikoen araubide juridikoa, administrazio publikoen aitzinean administratuen trataera berdina bermatuz.

f) Beren ibilbidea osoki foru lurraldean duten trenbide, errepide eta bideak eta era berean, bide horietaz baliatuz egiten den garraioa, hala nola ibai eta kable bidezkoa.

g) Kontratazio-zentroak eta garraiogaien terminalak.

h) Abelbideak.

2. Halaberean, Nafarroari dagokio Estatuko legeria betearaztea salgai eta bidaiarien garraioa antolatzeko gaietan abiapuntua eta helmuga foru lurraldean badute, Estatuak beretzat gorde dezakeen betearazte zuzena deusetan ukatu gabe.

3. Nolanahi ere, aurreko idazatiek aipatzen dituzten gaietan nahiz trafikoari eta zirkulazioari dagokien guztian, Nafarroak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak osoki atxikiko ditu.

50. artikulua.

1. Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, eskumen osoa du ondoko gai hauen gainean:

a) Nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

b) Ehiza; ibai eta aintziretako arrantza; arrain hazkuntza.

c) Larre, belar eta galondoak.

d) Naturgune babestuak eta mendialdeen trataera berezia, Estatuko oinarrizko legeriarekin bat.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen edota udal, kontzeju eta gainerako administrazio entitateen tituIartasunekoak diren mendiak.

2. Orobat, partikularren jabetzako mendien alorrean ere Nafarroari dagozkio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.

51. artikulua.

1. Foruzaingoaren araubidearen arauketa Nafarroari dagokio. Hark gaurregun dituen eginkizunak betetzen segituko du Foru Diputazioaren agintaritza gorenaren pean.

Halaberean, Nafarroako toki polizien koordinazioa ere Nafarroari dagokio, bakoitzaren udal edo kontzejuko agintariekiko menpekotasuna deusetan ukatu gabe.

2. Nafarroak Foruzaingoaren helburu eta zerbitzuak zabal ditzake, behar den Lege Organikoan erabakitzen denaren barnean.

Foruzaingoaren eta Estatuko segurtasun kidego eta indarren jarduketa koordinatu nahi izanez gero Segurtasun Batzordea eratuko da, Foru Diputazioaren eta Nazioko Gobernuaren ordezkari kopuru berdinez osatua.

52. artikulua.

Foru Diputazioari dagokio hauek izendatzeko eskumena:

1. Nafarroan zerbitzua eskaini behar duten notario eta jabetza eta merkataritza erregistratzaileak.

Izendapena Estatuko legeen ariora eginen da eta horretarako Nafarroako Foru Zuzenbidea jakitea bereziki baloratuko da, baina jatorria edo herritartasuna dela eta ezin izanen da inolako salbuespenik ezarri.

Notario-barrutiak eta Jabetza eta Merkataritza Erregistroei dagozkienak finkatzerakoan, Foru Diputazioak parte hartuko du Lege Organiko honetako 60.2 artikuluan erabakitakoari egokitu asmoz. Halaberean parte hartuko du, Estatuko legeetan aurrikusitakoari jarraikiz, beren eginkizuna Nafarroan bete behar duten notarioen kopurua erabakitzerakoan.

2. Merkataritza artekariak eta, bestela, Nafarroan zerbitzua eskaini behar duten burtsako agenteak. Izendapena Estatuko legeei jarraikiz eginen da eta dagozkien barrutiak Foru Diputazioaren parte hartzearekin finkatuko dira.

53. artikulua.

1. Barne osasuna eta higiene alorretan, gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak dagozkio Nafarroari eta, gainera, Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.

2. Bere lurraldearen barnean, Nafarroak aitzineko idazatiak aipatzen duen gaiari dagozkion zerbitzu guztiak antolatu eta administratzen ahal ditu eta haiekin ikusteko duten erakunde, entitate eta fundazio guztien tutoretza eginen du.

3. Aitzineko idazatietan erabakitakoa deusetan ukatu gabe, Estatuari dagokio artikulu honetako ahalmen eta eskumenak betetzera bideratutako koordinazioa eta goi-ikuskaritza.

54. artikulua.

1. Gizarte segurantzaren alorrean, Nafarroari hau dagokio:

a) Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa egituratzen duten arauak izan ezik.

b) Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa.

2. Bere lurraldearen barnean, Nafarroak aitzineko idazatiak aipatzen dituen gaiei dagozkien zerbitzu guztiak antolatu eta administratzen ahal ditu eta haiekin ikusteko duten erakunde, entitate eta fundazio guztien tutoretza eginen du.

3. Estatuari dagokio artikulu honetako ahalmen eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.

55. artikulua.

1 Nafarroari dagokio irrati zabalpen eta telebistaren araubidea lege bidez garatzea, baita hura betearaztea ere, irrati eta telebistaren estatutu juridikoa arautzen duen legean erabakitzen den gisan eta halabereko kasuetan.

2. Orobat dagokio prentsaren araubideaz Estatuak dituen oinarrizko arauak eta, oro har, gizarte-hedabide guztiei buruzkoak, lege bidez garatzea eta betearaztea.

3. Aitzineko idazatian erabakitakoaren ariora, Nafarroak bere prentsa, irrati eta telebista arautu, sortu eta mantendu ahal izanen du eta, oro har, bere helburuak erdiesteko behar dituen gizarte-hedabide guztiak.

56. artikulua.

1. Jarduera ekonomiko orokorraren oinarri eta antolamenduarekin bat eta moneta, kreditu, banku, eta aseguruen arloan Estatuak duen politikarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa izanen du Konstituzioak arlo hauetako manuetan dioen gisan, ondoko gai hauen gainean:

a) Jarduera ekonomikoaren plangintza eta garapen ekonomikoaren sustapena Nafarroaren barnean.

b) Industria, deusetan ukatu gabe Estatuko arauek segurtasun, osasun edota interes militarreko arrazoiak direla eta erabakitzen dutena ezta meategi, hidrokarburo eta energia nuklearrari buruzko legeriari loturik dauden industriekin ikusteko duten arauak ere. Aldiz, Estatuaren eskumen osoa izanen da atzerriko teknologia transferitzeko baimena.

c) Industri sektoreen birmoldaketarako Estatuak ezarritako planak Nafarroan garatu eta betearaztea, berorietan ezarritakoari jarraikiz.

d) Barne merkataritza eta kontsumitzailearen eta erabiltzailearen defentsa, deusetan ukatu gabe prezioen politika orokorra, ondasunen zirkulazio librea lurralde nazionalean eta konkurrentziaren defentsari buruzko legeria.

e) Kreditu-erakunde korporatibo, publiko eta lurralde mailakoak.

f) Aurrezki kutxak, gai honetan hitzarmenen araubide berezia deusetan ukatu gabe.

g) Nafarroako sektore publiko ekonomikoa, Lege Organiko honetako bestelako manuetan jasotzen ez den heinean.

2. Aitzineko idazatiak aipatzen duen Nafarroaren eskumen osoa merkatu-ekonomiaren barnean enpresa-askatasunari zor zaion errespetua deusetan ukatu gabe ulertuko da.

3. Nafarroak, halaber, Estatuaren sektore publiko ekonomikoaren kudeaketan parte hartuko du bidezko kasu eta jardueretan eta, Estatuko legeek ezartzen duten ariora, bere ordezkari berekiak izendatzeko aukera izanen du Estatuaren erakunde ekonomiko, finantza-erakunde eta enpresa publikoetan, beren eskumena Nafarroako lurraldera hedatu eta beren izaeragatik transferitzen ahal ez badira.

57. artikulua.

Estatuko oinarrizko legeriaren xedearen barnean, Nafarroari dagokio, honako gai hauek legez garatu eta betearaztea:

a) Nafarroako administrazio publikoen erantzukizunsistema.

b) Nahitaezko desjabetzapena, bere eskumen berekien eremuaren barnean.

c) Ingurugiroa eta ekologia.

d) Funtsezko baliabide eta zerbitzuak sektore publikoarendako gordetzea, monopolioaren kasuan bereziki; enpresetan eskuhartzea, interes orokorrak hala eskatzen badu.

e) Kreditu, banku eta aseguruen antolamendua.

f) Meatzaritzaren eta energiaren araubidea; baliabide geotermikoak.

58. artikulua.

1. Nafarroari dagokio Estatuko legeria betearaztea ondoko gai hauetan:

a) Espetxeak.

b) Lan mundua, lan-harremanei dagokienean Estatuak gaur egun dituen batearazte ahalmen, eskumen eta zerbitzuak bere gain hartuz, haren goi ikuskaritza deusetan ukatu gabe.

Barne eta kanpo migrazioei buruzko eskumen guztiak, hala nola nazio eremuko fondoak eta enplegu-fondoak Estatuaren esku geratuko dira.

c) Jabetza intelektuala eta industri jabetza.

d) Pisuak eta neurriak; metalen kontrastea.

e) Nafarroan egiten diren nazioarteko azokak.

f) Interes orokorreko aireportuak, Estatuak horien kudeaketa zuzena beretako gordetzen ez duenean.

g) Botikak eta botikagaiak.

h) Industri isurkin kutsakorrak.

i) Estatuaren titulartasuneko agiritegi, liburutegi, museo eta gisako gainerako zentroak, horiek betearaztea Estatuak beretako gordetzen ez badu.

2. Halaber Foru Komunitateari dagokio nazioarteko itun eta hitzarmenak bere lurraldearen barnean betearaztea Nafarroaren eskumeneko gai berekietan ukitzen dituzten hartan.

III. KAPITULUA.

Justizia Administrazioa Nafarroan

59. artikulua.

1. Nafarroan Justizia Auzitegi Nagusia eratuko da, eta horrek buru eginen du Foru Komunitatearen lurralde eremuko antolamendu judizialaren. Haren aitzinean, hurrenez hurren, auzibideko instantzia guztiak agortuko dira Auzitegi Gorenari dagokion eskumena deusetan ukatu gabe.

2. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren barnean Iruñeko Lurralde Entzutegia sartuko da.

60. artikulua.

Justizia Administrazioari dagokionez, jurisdikzio militarra salbuetsiz, Nafarroari hau dagokio:

1. Botere Judizialari buruzko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko Lege Organikoek Estatuko Gobernuari onartzen edo esleitzen dizkioten ahalmen guztiak erabiltzea.

2. Beren eginkizunak Nafarroan betetzen dituzten organo jurisdikzionalen lurralde barrutiak mugatzean nahiz bere hiriburutasuna non izan behar duen erabakitzerakoan parte hartzea.

61. artikulua.

1. Nafarroan kokaturiko organo jurisdikzionalen eskumen dira:

a) Arlo zibilean, instantzia eta gradu guztiak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren gaietan kasazio eta berrikuspen errekurtsoak barne direla.

b) Gizarte arloan eta penalean, instantzia eta gradu guztiak, kasazio eta berrikuspen errekurtsoak salbu.

c) Administrazioarekiko aferen arloan, instantzia eta gradu guztiak, Foru Administrazioak emandako egintzak direnean. Estatuaren Administrazioak Nafarroan emandako egintzak badira, Administrazioarekiko Aferen Jurisdikzioari buruzko Legeak xedatutakoari jarraituko zaio.

d) Nafarroan kokaturiko organo judizialen arteko eskumen-auziak.

e) Nafarroako Foru Zuzenbidearen gainean jabetza erregistroetan sarrera izan behar duten agirien kalifikazioari buruzko errekurtsoak.

2. Gainerako gaietan, Estatuko legeen ariora bidezko diren errekurtsoak Auzitegi Gorenean aurkezten ahal dira.

62. artikulua.

1. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria Erregek izendatuko du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta.

2. Beren zerbitzua Nafarroan eskaini behar duten magistratu, epaile eta idazkarien izendapena, Botere Judizialari buruzko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko Lege Organikoetan aurrikusitako eran eginen da.

3. Justizia Administrazioaren zerbitzuko gainerako langileetan Nafarroan zerbitzu egin behar dutenak Estatuko legeria orokorrean aurrikusitako eran izendatuko dira.

63. artikulua.

1. Diputazioaren eskariz, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak xedatzen duen ariora, organo eskudunak beharrezko diren lehiaketa eta oposizioetarako deia eginen du magistratu, epaile, idazkari hala nola Justizia Administrazioaren zerbitzuko gainerako langileetan Nafarroan zerbitzu egin behar dutenen lanpostu hutsak betetzeko.

2. Hautapen proba horietan Nafarroako Foru Zuzenbideko espezializazioa baloratuko da bereziki, baina jatorria edo herritartasuna dela eta ezin izanen da inolako salbuespenik ezarri.

IV. KAPITULUA.

Estatuko Administrazioarekiko harremanak

64. artikulua.

Konstituzioaren lehenbiziko xedapen gehigarriaren lehenbiziko lerroaldean eta Lege honetako bigarren artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuko Administrazioaren eta Foru Komunitatearen arteko harremanak beren ahalmen eta eskumenei doakienean, foru araubidearen izaeraren ariora ezarriko dira eta, kasuan-kasuan, dagokion mailako xedapen baten bidez gauzatu beharko dira.

65. artikulua.

Estatuko Administrazioak eta Foru Administrazioak lankidetza-hitzarmenak egin ditzakete interes amankomuneko lan eta zerbitzuak kudeatu eta eskaintzeko.

66. artikulua.

Nazioko Gobernuak izendatutako ordezkari batek zuzenduko du Estatuaren Administrazioa Nafarroan eta, bidezko denean, Foru Administrazioarekin koordinatuko.

67. artikulua.

Estatuko Administrazioa eta Foru Diputazioa, bakoitzaren ahalmen eta eskumenen kudeaketa zuzenerako elkarlanean ariko dira, eta horretarako beren berri emanen diote elkarri.

68. artikulua.

Nazioko Gobernuak jakinaren gainean jarriko du Diputazioa itun eta hitzarmenak lantzerakoan, hala nola aduanetako legeriaren proiektuez, Nafarroarentzat interes berezia duten gaiak ukitzen duten bezainbatean.

69. artikulua.

Lege Organiko hau apl ikatu eta ulertzerakoan Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sor daitezkeen desadostasunak, Foru Diputazioaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkari kopuru berdinez osaturiko Lankidetza Batzorde batek jorratuko ditu, baita, kasuan -kasuan, ebatziko ere, Konstituzio Auzitegiaren eta Justizia Administrazioaren legeria berekia deusetan ukatu gabe.

V. KAPITULUA.

Hitzarmen eta lankidetza akordioak komunitate autonomoekin

70. artikulua.

1. Nafarroak komunitate autonomoekin hitzarmenak egin ditzake, beren eskumen osoko gaiei dagozkien zerbitzu berekiak kudeatu eta eskaintzeko.

Aipatu hitzarmenek Gorte Nagusiei jakinarazi eta hogeita hamar egunen buruan hartuko dute indarra, non eta haiek epe horretan ez duten erabakitzen hitzarmenak, bere edukia dela eta, lankidetza akordioetarako hirugarren idazatian aurrikusitako izapideari jarraitu behar diola.

2. Nafarroak Euskal Autonomia Elkartearekin eta gainerako komunitate autonomo mugakideekin hitzarmenak egin ditzake, bere eskumeneko gaiei dagozkien zerbitzu berekiak kudeatu eta eskaintzeko. Hitzarmen horiek Gorte Nagusiei jakinarazi eta hogei egunen buruan hartuko dute indarra.

3. Gorte Nagusien aldez aurreko baimenaz, Nafarroak Euskal Autonomia Elkartearekin eta bestelako komunitate autonomoekin lankidetza akordioak egin ditzake.

III. TITULUA.

ERREFORMA

71. artikulua.

1. Foru araubidearen izaera juridikoa dela eta, Lege Organiko honek aipatzen duen Hobetzea aldaezina da alde bakarrak erabakita.

2. Haren erreforma, nolanahi dela ere, bide honi lotuko zaio:

a) Ekimena Foru Diputazioari edo Nazioko Gobernuari dagokio.

b) Behar diren negoziazioak egin ondotik, Foru Diputazioak eta Gobernuak, bat etorriz, berrikuntzaren proposamena aurkeztuko dute, eta hura Foru Parlamentura eta Gorte Nagusietara eramanen, onets dezaten, Lege Organiko hau onesterakoan erabili den bide berari jarraikiz.

3. Berrikuntzaren proposamena atzera botatzen bada, hura aurkeztu aitzin indarra zuen araubide juridikoak segituko du indarrean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.

Lege Organiko honetan ezarritako araubidea onartzeak ez dakar Nafarroari dagozkiokeen beste eskubide jatorrizko eta historikoei uko egiterik. Horiek ordenamendu juridikoan sartu nahi izanez gero, 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Bigarrena.

Parlamentua foru organo eskuduna izanen da honetarako:

a) Konstituzioaren Laugarren Xedapen Iragankorrak aipatzen duen ekimena erabiltzeko.

b) Nafarroa beste Komunitate Autonomo batean sartua izanez gero, handik bereizteko ekimena erabiltzeko.

Hirugarrena.

Nafarroako Foru Komunitatea oraingo Foru Diputazioaren eskubide eta betebehar orotan subrogatuko da, toki korporazioa den aldetik.

Aipatu Diputazioko eta haren menpeko erakundeetako funtzionariek eta langileek dituzten edozein maila eta motatako eskubide guztiak errespetatuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.

1. 15.2 artikuluak aipatzen duen foru legeak indarra hartu bitartean, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak ondoko arauen ariora eginen dira:

a) Hauteskundeetarako deia Foru Diputazioak eginen du, Nazioko Gobernuarekin aldez aurretik bat etorrita, eta mila bederatziehun eta lauretan hogeita hiruko otsailaren lehenetik maiatzaren hogeita hamaika bitartean eginen dira.

b) Parlamentua berrogeita hamar parlamentarik osatuko dute eta horiek bozketa unibertsal, libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez hautatuko dira, Nafarroako lurralde osoa hartuko duen hauteskunde-barruti bakar batean.

c) Eserlekuak banatzeari doakionean, gutxienez, emandako baliozko botuen ehuneko bost lortzen ez duten zerrendak ez dira kontutan hartuko.

d) Xedapen iragankor honetan aurrikusirik ez dagoen orotan, Gorte Nagusietako Diputatuen Kongresuko kideen hautapena arautzen duen legeriak xedatzen duenari jarraikiko zaio. Ez da aplikatzekoa izanen martxoaren 18ko 20/1977 Errege Dekretu Legearen 4. artikuluaren 2. idazatiko a) letran xedatutakoa.

2. Aitzineko idazatian ezarritakoari jarraikiz hautatutako Parlamentuaren osaketa, antolamendua eta jardunbidea Lege Organiko honetan eta Biltzarreko Erregelamenduan xedatutakoaren bidez arautuko dira.

Bigarrena.

25. artikuluak aipatzen duen foru legeak indarra hartu bitartean, honako arau hauei jarraikiko zaie:

a) Foru Diputazioko lehendakaria izendatzeko Errege Dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta hamabost lanegunen buruan, hark foru diputatuak hautatuko ditu, haien kopurua zazpi baino gutxiago ez eta hamaika baino gehiago ezin izanen delarik. Lehendakariak behar diren titulartasunak banatuko ditu foru diputatuen artean, Foru Komunitatearen eskumeneko gai berekien ariora, eta gehienez bi lehendakariorde hautatu ahal izanen ditu foru diputatuen artetik.

b) Foru Diputazioaren araubide juridikoa eta jardunbidea, seigarren xedapen iragankorraren laugarren idazatiak aipatzen duen Erregelamenduan erabakitakoari lotuko zaizkio, hura onesterakoan jarraitutako bide bera erabiliz bere hartan erants litezkeen aldaketekin.

Hirugarrena.

Gorte Nagusiek edota Nafarroako Parlamentuak Lege Organiko honek aipatzen dituen xedapenak onesten ez dituzten bitartean, indarra izanen dute beti haiek arautu beharreko gaiak arautzen dituzten Estatuaren lege eta xedapenek, Nafarroari dagozkion ahalmen eta eskumenak deusetan ukatu gabe.

Laugarrena.

Lege Organiko honen ariora Nafarroari dagozkion ahalmen eta eskumenei buruzko zerbitzuak oinarri hauei jarraikiz transferituko zaizkio:

1. Aldez aurretik Foru Diputazioarekin akordioa eginda, Nazioko Gobernuak gauzatuko ditu transferentziak eta Errege Dekretu bidez aldarrikatuko dira, eta hori Estatuko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialetan aldi berean argitaratuko da.

2. Aipatu akordioen indarrez, beroriek aipatzen dituzten ahalmen eta eskumenak osoki eta egiazki bete ahal izateko behar diren material eta giza baliabaideak transferituko zaizkio Nafarroari.

3. Transferitzen diren zerbitzuei atxikirik egonik, Foru Komunitatearen esku geldituko diren Estatuko Administrazio edota bestelako Administrazio Publikoetako funtzionariei, transferentzia egiten den unean dagozkien eskubideak errespetatuko zaizkie, baita dagokion Administrazioak deitzen dituen lekualdaketa lehiaketetan parte hartzekoa ere beren kidego edo eskalako gainerako kideen baldintza beretan.

4. Foru Komunitateari ondasun edo eskubideak transferitzea zerga-karga mota guztietatik salbuetsirik egonen da.

Transferitzen diren zerbitzuen bulego publikoetan, lokalen errentamendu kontratuetako titulartasun aldaketak ez dio errentatzaileari kontratua iraungi edo berritzeko eskubiderik emanen.

5. Nafarroari eskualdatzen zaizkion zerbitzuen finantzaketa egokiari doakionean, haien balorazioa eginen da Estatuko xedapen orokorrei jarraikiz, zuzen nahiz zeharka dagozkion kostuak eta inbertsio-gastuak kontutan hartuz, Foru Komunitateak Estatuaren karga orokorrei egin beharreko ekarpen ekonomikoaren gainean Hitzarmen Ekonomikoak aurrikusitako ondorioak izan ditzan.

6. Xedapen iragankor honek aipatzen dituen transferentziak gertatzen ez diren bitartean, Estatuko Administrazioak haiei dagozkien zerbitzu publikoak eskaintzen segituko du eta horrek ez du ekarriko Nafarroak berari dagozkion ahalmen eta eskumenen titulartasunari uko egiterik.

7. Baimena ematen zaio Gobernuari, hala behar bada, Estatuaren titulartasuneko mendiak Nafarroari transferitzeko, haien administrazioa eta kudeaketa Foru Diputazioari badagozkio gaur egun, Hitzarmenean finkatzen den gisan eta halabereko baldintzetan.

Bosgarrena.

1. Egungo Foru Parlamentuak Lege Organiko honetan onesten zaizkion ahalmen eta eskumenak bere gain hartuko ditu, 35. artikuluan jasotzen dena salbu.

2. Egungo foru parlamentariek ez dituzte Lege Organiko honetako 13.2 eta 14. artikuluek aipatzen dituzten prerrogatibak izanen, ezta 19. 1 b) artikuluan aurrikusitako legegintza-ekimena erabiltzen ahal ere.

3. Egungo Foru Parlamentuaren antolakuntza eta jardunbidea indarra duen bere Erregelamenduan ezarritakoari lotuko zaizkio, harik eta Lege Organiko honetan aurrikusitakoa betez hura aldatzen den arte.

Nolanahi ere, Foru Parlamentuaren antolamenduari eta jardunbideari buruz, hemengo manuak berehala aplikatzekoak izanen dira Ganbarako Erregelamenduan geroko garapenik behar izan ezik.

Seigarrena.

1. Lege Organiko honetako 23.2, 27, 30.2, 31 eta 34. artikuluetako xedapenak ez zaizkie egungo Foru Diputazioko lehendakariari ez eta egungo foru diputatuei ere aplikatuko.

2. Egungo Foru Diputazioari ez zaizkio ezarriko Lege Organiko honetako 28.1 artikuluan zehaztutakoa, ez eta, bestela, 25. artikuluan aurrikusitakoa betez ematen den foru legea ere.

3. Egungo Foru Diputazioko lehendakariak eta gainerako kideek beren eginkizunak betetzen segituko dute harik eta Diputazio berriaren kideek kargua hartu arte.

4. Egungo Foru Diputazioaren araubide juridikoa eta jardunbidea bere Barne Araubideari buruz indarra duen behinbehineko Erregelamenduan erabakitakoari lotuko zaizkio, hura onesterakoan jarraitutako bide bera erabiliz bere hartan erants litezkeen aldaketekin.

Zazpigarrena.

Telebistari dagokionez, Lege Organiko honetako 55. artikuluko 3. idazatia aplikatzearen ondorioz, Estatuak Foru Komunitateari kontzesio araubidean emanen dio Estatuaren titulartasuneko hirugarren kanal baten erabilpena. Hura Nafarroako lurraldean emititzeko sortu behar da, aipatu kontzesioak aurrikusten duen gisan.

Hirugarren kanal hori benetan abiarazi arte, Espainiako Irrati Telebistak (RTVE) Foru Komunitatearen lurraldean duen antolakuntzaren bidez, araubide iragankorra eratuko du, Bigarren Katean (UHF) hemengo programazio berezia emititzeko.

Programazio honen kostua oinarritzat hartuko da Xedapen Iragankor honek aipatzen duen kanal berriak jardungo duen lehenengo bi urteetan Foru Komunitateari eman lekiokeen dirulaguntza zehazteko.

AZKEN XEDAPENA

1. 1839ko urriaren 25eko Legeak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduak eta xedapen osagarriek indarrean iraunen dute, Lege Organiko honetan ezarritakoari aurka egiten ez dioten orotan.

2. Lege Organiko honek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra