Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa, Elkartzeko Eskubidea Arautzekoa

2002-03-22

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2002/3/26, 73. zk.

Martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa, Elkartzeko Eskubidea Arautzekoa

EAO, 73. zk., martxoaren 26koa

ZIOEN AZALPENA

I

Elkartzeko oinarrizko eskubidea, Konstituzioaren 22. artikuluan aitortu eta Espainiako konstituzionalismoan tradizio handikoa dena, fenomeno soziologiko eta politikoa da; izan ere, pertsonen berezko joera da elkartzea. Halaber, eskubide hori parte hartzeko tresna da. Bada, botere publikoek hori guztiori kontuan hartu behar dute.

Espainiako Konstituzioak bat egiten du ideia horiekin, eta, elkartzeko askatasunaren printzipioa abiapuntu hartuta, Konstituzioan pisua duten elkarteen arauak jaso ditu, hala nola, alderdi politikoei (6. artikulua), sindikatuei (7 eta 28. artikuluak), konfesio erlijiosoei (16. artikulua), kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei (51. artikulua), eta lanbide-erakundeei (52. artikulua) dagokienez. Orobat, Konstituzioak modu orokorrean definitu ditu, 22. artikuluan, elkarte guztien printzipio erkideak. Edu horretan, ezabatu egin da abenduaren 24ko 191/1964 Legeak, Elkarteei buruzkoak, ezarri zuen prebentzio-kontrolerako sistema, eta ahalbidetu da elkartzeko eskubidea egikaritzea.

Ildo horretatik, Konstituzioaren 22. artikulua lege organiko bidez garatu behar da, artikulu hori oinarrizko eskubidea egikaritzeari buruzkoa delako (81. artikulua). Horren ondorioz, elkartzeko eskubidearen araubide orokorra bat etorri behar da lege berezietan eta lege horiek zein arauk garatu eta arau horietan jasotako elkartzeko eskubidearen modalitate bereziekin. Modalitate berezi horien artean daude alderdi politikoak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, konfesio erlijiosoak, kirol-elkarteak, eta epaile, magistratu eta fiskalen lanbide-elkarteak.

Helburu horrekin gutxieneko eta erkidea den araubidea ezarri da. Horrez gain, legeria berezira bildu ez diren elkarteak bat etorri beharko dira araubide horrekin.

Horrenbestez, erabaki da testu arau- -emaile bakarrean jasotzea elkartzeko eskubidearekin edo eskubide hori askatasunean egikaritzearekin zerikusia duten alde guztien arauketa oso eta orokorra. Horrela, bazterrean utzi da beste aukera, alegia, bi lege-testutan bereiztea, batetik, eskubide horren oinarrizko gunea eratzen duten aldeak —eta, ondorenez, lege organiko bidez arautu beharrekoak —, eta, bestetik, izaera hori ez izateagatik, tresna arau-emaile hori behar ez duten aldeak.

Bereizketa hori gauzatzea guztiz zaila zen, ondoko arrazoiak direla eta:

lehenengo eta behin, gaur egungo testuan elkarri lotuta daude, batzuetan artikulu bakar batean, paragrafo desberdin gisa, izaera organikoa eta izaera arrunta duten manuak, eta, horiek banantzearen ondorioa izango litzateke arauak kalitate teknikoa galtzea, eta zaila izatea arau hori ulertzea, aplikatzea eta interpretatzea; eta bigarrenik, elkartzeko eskubidea arautzen duen oinarrizko kodea testu bakar batera bilduta —betiere zati organikoak eta organikoak ez direnak bereizita—, ahalbidetzen da herritarrek oinarrizko kode hori ulertu eta erabiltzea. Hurrean ere, modu horretara, herritarrek elkartzeko eskubidea ulertzeko ia-ia modu bakarra dute, eskubide horren arautegiari dagokionez, estatuaren esparruan bederen.

Halaber, ezin uka daiteke elkarteek duten garrantzia, demokraziari eusteko; horixe gogorarazi du Europar Batasuneko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak ere, 1998ko urtarrilaren 28ko Irizpenean.

Elkarteek gizabanakoei ahalbidetzen dizkiete euren pentsaerak aitortzea, modu aktiboan euren idealen alde egitea, baliozko zereginak gauzatzea, gizartean duten tokia bilatzea, eurek esan beharrekoa entzunaraztea, nolabaiteko eragina izatea eta aldaketak eragitea.

Hala antolatuta, herritarrek lortzen dute bide eragingarriagoak izatea, gizartearen arazo desberdinei buruzko iritziak helarazteko erabaki politikoak hartzen dituztenei.

Azken buruan, gizartean egitura demokratikoak indartzeak berarekin dakar erakunde demokratiko guztiak indartzea; orobat, egitura demokratikoak indartzea lagungarri da kultura-aniztasuna babesteko.

Esangura horretan, elkartzeko eskubidea arautzean, legegileak modu berezian hartu behar du kontuan Konstituzioaren 9.2 artikuluan jasotako agindua. Bada, agindu hori da Espainia zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa izatearen zuzeneko ondorioa.

Hain zuzen ere, legeria-esparru horretan gauzatu behar da, batez ere, botere publikoei eratxiki zaien zeregina, gizarte-esparru guztietan herritarren parte-hartzea errazteko.

Filosofia horren eragina arau osoan atzeman daiteke; egin-eginean ere, parte-hartzea benetakoa eta eragingarria izan dadin, tresnarik garrantzitsuenetakoa da elkarteetan biltzeko joera indartsua izatea.

Edozelan ere, hori bat etorri behar da elkartzeko askatasuna errespetatzearekin eta elkarteen barne- jardunbidean esku ez sartzearekin, elkarteak suspertzeko aitzakiaz Konstituzioaren aurkako esku-hartzeak ezkuta ez daitezen.

II

Lege organiko honek, Espainiako tradizio juridikoaren haritik, bere esparrua mugatu du irabazteko asmorik gabeko elkarteetara. Ondorenez, ahalbidetu da lege organiko horren aplikazio-esparrutik kanpo uztea sozietate zibilak, merkataritzako sozietateak, industria-sozietateak eta lan-sozietateak, kooperatibak eta mutualitateak, eta ondasunen edo jabeen erkidegoak, horien xedeak eta izaera ez baitatoz bat orokorrean elkarteei eratxikitzen zaien funtsarekin. Hala ere, aitortu behar da Konstituzioaren 22. artikuluak, lantzean behin, bere babes- esparrua heda dezakeela, erakunde mota horietan ondare-izaerarik gabeko eskubideak daudenean.

Halaber, lege organiko honen aplikazio- esparrura ezin dira bildu legearen aginduz eginkizun publiko jakin batzuk bete behar dituzten korporazioak, eginkizun horiek betetzen dituztenean.

Bestalde, elkarteen ez-zilegitasun penala muga gaindiezina da elkartzeko eskubidea babesteko. Ez-zilegitasun hori definitzea zigor-legeriari dagokio.

III

Elkartzeko eskubideak bi ikuspuntutatik hedatzen du bere babesa; batetik, pertsonen eskubide gisa, gizarte-bizitzaren esparruan, eta, bestetik, elkarteek jarduteko duten gaitasun gisa.

Legeak esanbidez garatu ditu bi ikuspuntu horiek, artikuluetan zehar eta modu sistematikoan.

Lehenengo ikuspuntuari dagokionez, alde positiboak jaso dira, hala nola, elkarteak eratzeko askatasuna eta borondatezkotasuna, eta horiekin batera elkarteak eratzeko eskubidearen titulartasuna, titulartasun hori egikaritzeko indarreko legeriaren baldintzei kalterik egin gabe, eta elkartekide-izaerari datxezkion eskubideak. Alde negatiboen arabera inor ezin da behartu elkarte batean sartzera edo elkarte baten kide izatera.

Bigarren ikuspuntuaren arabera, elkarteek gaitasuna dute, kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko; legearen esparruan euren antolaketa propioa ezartzeko; jarduerak gauzatzeko, sektoreko legeria bereziaren esparruan euren xedeak bete ditzaten; eta, amaitzeko, administrazioengandik inolako esku-sartzerik ez jasateko, Konstituzioaren 22. artikuluko 4. paragrafoak argiro jaso duen moduan. Salbuespenez, elkarteek esku- -sartzeak izan ditzakete, Konstituzioaren beste balio, eskubide edo askatasun batzuk babestu behar direnean, elkartzeko eskubidearekin batera eta maila berean.

IV

Elkarteek geroz eta garrantzi handiagoa dute trafiko juridikoan. Horregatik, komenigarri da legeak abiapuntu gisa hartzea —elkarteen erantzukizun- -araubideari dagokionez— kasuan kasuko erregistroan elkartearen inskripzioa egiten den unea. Une hori abiapuntu gisa hartzea bermea da trafiko juridikoan parte hartzen dutenentzat.

Berme hori dela eta, beharrezkoa da trafiko juridikoan garrantzitsuak diren aldeak arautzea, hala nola, sortze-aktaren eta estatutuen edukia, elkarteak aldaraztea, desegitea eta likidatzea, elkarteen agiri- eta kontabilitate-betebeharrak, eta zuzendaritza- eta administrazio- organoetako kideen nortasuna iragartzea.

Elkartea erregistroan inskribatzearen ondorioa izango da elkartearen ondarea eta elkartekideen ondarea banantzea. Horrek ez dio kalterik egingo erantzukizuna izateari, eta erantzukizun hori ezartzeko aukerari, elkarteari nahiz hirugarrenei kalteak edo galerak eragiten dizkietenei, euren egiteen zein ez-egiteen bidez.

V

Konstituzioaren 22.3 artikuluaren edukiak ondorioztatzen du Administrazioak ez duela ahalmenik, elkarteak legeztatzearen edo aitortzearen inguruko kontrol materialik gauzatzeko, erregistroak kudeatzen dituenean.

Horregatik, arautu da inskripzio- -prozedura aipatu konstituzio-mugen barruan. Arean ere, isiltasun positiboaren bidezko inskripzioa ezarri da, oinarrizko eskubide baten egikaritzarekin bat etorriz.

VI

Lege honek aitortu du elkartzearen fenomenoak duen garrantzia, gizartean murgildu eta gai publikoetan parte hartzeko tresna gisa. Hori aintzat hartuta, botere publikoek kontu handiz orekatu behar dituzte, batetik, elkartzeko askatasuna bermatzea, eta, bestetik, askatasun hori egikaritzean uki daitezkeen oinarrizko eskubide eta askatasunak babestea.

Igarri-igarrian dago, elkarteek funtsezko zeregina gauzatzen dutela, gizartearen jarduera-esparru desberdinetan. Halaber, elkarteek ahalbidetzen dute herritarrek modu aktiboan jardutea eta demokrazia aurreratua egonkortzea. Esangura horretan, elkarteek herritarren interesak ordezkatzen dituzte botere publikoen aurrean, eta funtsezko eta nahitaezko eginkizuna dute, besteak beste, garapen-politiketan, ingurumenean, giza eskubideak garatzeko, gazterian, osasun publikoan, kulturan, enplegua sortzeko eta antzeko izaerako beste gai batzuetan. Horretarako, legeak ezarri du administrazio desberdinek laguntzak eta diru-laguntzak eman behar dituztela. Laguntza horiek bat etorriko dira laguntzak ezarri dituen lege- nahiz erregelamendu-esparru orokorrarekin, eta bihar-etzi legeak gai horren inguruan arautuko duen esparru bereziarekin.

Hori dela eta, elkarteak suspertzeari buruzko kapitulua jaso da. Kapitulu horretara bildu da, adjektibo-izaerako aldarazpenekin, herri-onurako elkarteen araubidea, oraintsu eguneratu dena, interes orokorreko jarduerak gauzatzeko tresna dinamizatzaile gisa. Duda- -mudarik gabe, hori kolektibitatearen onurarako izango da.

Horri dagokionez, ezin ahantz daiteke, boluntarioen zeregin garrantzitsua. Bada, Administrazioak kontuan hartu beharko ditu, Boluntarioei buruzko urtarrilaren 15eko 6/1996 Legeak ezarritakoaren arabera, boluntarioak elkarteen kide izatea eta boluntarioek euren elkarteetan dituzten jarduerak.

VII

VII. kapituluan jurisdikzio-bermeak ezarri dira. Berme horiek gabe, elkartzeko eskubidea printzipioen adierazpen huts bihur zitekeen.

Jurisdikzio-ordena bakoitzean pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteko dauden prozedura bereziak aplikatzen direnean, ez da inolako zalantzarik sortzen, elkartzeko eskubidearen oinarrizko edukia osatzen duten alde desberdinei dagokienez.

Era berean, Konstituzioaren 22. artikuluko 4. paragrafoa garatu da, elkarteak eteteko eta elkarteen desegite judizialerako arrazoiak ezarrita; eta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren edo jurisdikzio zibilaren prozedura arruntean eman beharreko babesari dagokionez, legeak, batez ere, ez du aurreko egoera aldarazi. Jurisdikzio- eskumenari dagokionez, legeak Botere Judizialari buruzko Lege Organikora jo du.

VIII

Legean nabarmendu beharreko beste berrikuntza bat da Elkarteen Sektorekako Kontseiluak sortzeko aukera. Kontseilu horiek elkarlanerako eta aholkuak emateko organoak dira, eta osatzen dira administrazioetako eta elkarteetako ordezkariekin. Elkarteen sektore asko daudenez, kontseilu horien xedea da elkarteen sektore bakoitzean jarduteko esparru erkide izatea, eta, ondorenez, elkarrizketarako bide aproposa, elkarteen zeregina eta bilakaera bat etor daitezen gaur egungo nahiz etorkizuneko beharrizanekin.

Beharrezkoa da elkarteak elkarlanean aritzea administrazioekin, bai eta industria eta merkataritzarekin, enpresaburuen erakundeekin eta sindikatuekin ere; elkarlan hori oinarritu behar da elkarrekiko konfiantzan eta esperientzia- trukean, gehienbat, gai jakin batzuei dagokienez, hala nola, ingurumen, kultura, hezkuntza, osasun, gizarte- babes, langabeziaren aurkako borroka eta giza eskubideak sustatzeari dagokionez.

Elkarlana bideratu eta bultzatzea lortu nahi da, elkarteen sektorekako kontseiluak sortuta.

IX

Azken xedapenetatik lehenengoan xedatutakoaren ondorioz, lege honek erabat errespetatzen du Konstituzio Auzitegiaren 1998ko uztailaren 23ko epaian jasotako doktrina, lege organikoaren aldeko erreserbari dagokionez, eta Konstituzioak eta autonomia-estatutuek ondorioztatzen duten sistemari dagokionez, eskumenak banatzeko.

Horregatik, kontuan hartu da, berebat, autonomia-erkidegoen legeria elkarteen arloan.

Konstituzioaren 81.1 artikuluaren ildotik, lege organikoaren lerruna izan behar dute, azken xedapenetatik lehenengoaren 1. paragrafoak ezarritakoaren arabera, elkartzeko eskubidearen edukian oinarrizko osagaitzat hartzen diren legearen manuek. Eduki horrek lau maila ditu: elkarteak sortzeko eta sortutako elkarteetan izena emateko askatasuna; ez elkartzeko eta elkarteen kide izateari uzteko askatasuna; barne- -antolaketarako eta -jardunbiderako askatasuna, kanpoko esku-sartzerik gabe; eta elkartekideek banaka dituzten ahalmenak euren elkarteei begira.

Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak estatuari ahalmena eman dio, gutxieneko edukia, oinarrizko ahalmenak eta funtsezko mugak arautu eta bermatzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzeko beharrezkoak diren arlo guztietan. Hartara, lege honek zehaztu egin du ahalmen hori, elkartzeko eskubidea egikaritzeari dagokionez, elkartearen legezko kontzeptua definituta, bai eta elkarteek kanpora begira duten araubidea ezarrita ere. Arean ere, alde horiek tratamendu bateratua behar dute.

Legean jasotako eskumen-tituluetatik bigarrena Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan ezarri da; eskumen-titulu hori legeria prozesalaz ari da, eta jurisdikzio- -tresnen batasuna bermatu beharraren ondorio da.

Estatuko herri-onurako elkartetzat hartutako elkarteen definizioak eta araubideak xede dute elkarteen partaidetza eragitea, interes orokorreko jarduerak gauzatzeko; hain justu ere, horregatik eman dira Konstituzioaren 149.1.14 artikuluaren babesean elkarte horien definizioa eta araubidea.

Legearen gainerako arauak aplikatuko zaizkie soilik estatuaren eskumeneko elkarteei. Estatuaren eskumenekoak izango dira, halaber, autonomia-erkidegoen eskumen esklusibokoak ez diren elkarteak, eta, hala denean, atzerriko elkarteak.

Labur-zurrean esanda, lege honen bidez gainditu nahi da Konstituzioaren aurretik indarrean dagoen arautegia. Horretarako, oinarrizko irizpide gisa hartu dira elkarteen egitura demokratikoa eta elkarte horien irabazteko asmorik eza. Bestalde, bermatu nahi da pertsonek elkarteetan parte hartzea, bai eta elkarteek gizartean eta politikan parte hartzea ere, askatasunean eta aniztasunean oinarrituta. Era berean, aitortu nahi da elkarteek dituzten eginkizunen garrantzia, gizartea aldatu eta transformatzeko gizarte-eragile gisa, subsidiaritate- printzipioarekin bat etorriz.

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-esparrua

1. Lege organiko honen xede dira Konstituzioaren 22. artikuluan aitortu elkartzeko eskubidea garatzea, eta elkarteen araubideari buruz estatuak eman behar dituen arauak ezartzea.

2. Lege organiko honetan xedatutakoak arautuko du elkartzeko eskubidea izaera orokorrarekin. Lege organiko honen aplikazio-esparrura bildu dira irabazteko asmorik izan ez eta elkarteen araubide berezi baten mende ez dauden elkarte guztiak.

3. Beraien legeria bereziaren arabera arautuko dira alderdi politikoak; sindikatuak eta enpresaburuen erakundeak; eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoak; kirol-federazioak; kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak; bai eta lege bereziek araututako gainerako elkarteak ere.

Nazioarteko tratatuetan eta lege berezietan xedatutakoak arautuko ditu eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoek erlijio-xedeetarako eratutako elkarteak. Horrek ez dio kalterik egingo lege organiko honen xedapenak ordezko moduan aplikatzeari.

4. Lege honen aplikazio-esparrutik kanpo geratzen dira ondasunen eta jabeen erkidegoak, eta sozietate-kontratuari buruzko xedapenek araututako erakundeak, kooperatibak eta mutualitateak, bai eta enpresen aldi baterako batasunak eta interes ekonomikodun elkarteak ere.

2. artikulua. Edukia eta printzipioak

1. Pertsona orok askatasunez elkartzeko eskubidea du, xede zilegiak lortzeko.

2. Elkartzeko eskubidera biltzen da elkartzeko edo elkarteak sortzeko askatasuna, aurretiazko baimenik behar gabe.

3. Inor ezin da behartu elkarte bat eratzera, elkarte horretan parte hartzera edo elkarte horretan izatera, ezta legearen arabera eratutako elkarte baten kide dela adieraztera ere.

4. Elkarteak eratu, eta elkarteen antolaketa eta jardunbidea ezarriko dira Konstituzioaren, lege organiko honen eta gainerako antolamendu juridikoaren esparruan.

5. Elkarteen barne-antolaketa eta jardunbidea demokratikoak izan behar dute, aniztasuna zeharo errespetatuta.

Zuzenbide osoz deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen edozein alor aintzat hartzen ez duten itunak, estatutu-xedapenak eta akordioak.

6. Erakunde publikoek elkartzeko eskubidea egikaritu ahal izango dute euren artean, edo subjektu pribatuen artean, suspertze- eta laguntza-neurri gisa, baldin eta horien baldintza berberetan jarduten badute, elkartearen jardunbidean nagusitasuna saihesteko asmoarekin.

7. Elkarteak legearen aurkakoak dira, delitu gisa tipifikatutako xedeak badauzkate edo bideak erabiltzen badituzte.

8. Debekatuta daude elkarte sekretuak eta izaera paramilitarra dutenak.

9. Elkarte baten kide izatea inoiz ezin da arrazoi izan pertsona batentzat, administrazio publikoengandik aldeko, abantailazko edo bereizkeriazko tratua izateko.

3. artikulua. Gaitasuna

Elkarteak eratu ahal izango dituzte, eta elkarte horien kide izan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek, azken horiek publikoak nahiz pribatuak izan, hurrengo printzipioen arabera:

a) Pertsona fisikoek jarduteko gaitasuna izan behar dute, eta elkartzeko eskubidea egikaritzeko ez dira egon behar inolako legezko baldintzaren mende.

b) Hamalau urte baino gehiago duten emantzipatu gabeko adingabeek elkartzeko eskubidea egikaritu ahal izango dute, baldin eta euren gaitasuna ordeztu behar duten pertsonen adostasuna badute, agiri bidez egiaztatuta. Horrek ez dio kalterik egingo haurren, gazteen edo ikasleen elkarteentzat Adingabearen Babes Juridikoaren urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 7.2 artikuluak ezarritako araubideari.

c) Indar Armatuen edo izaera militarreko Erakunde Armatuen kideek elkartzeko eskubidea egikaritzeko bete beharko dute Indar Armatuetarako errege- aginduek eta euren gainerako arau bereziek xedatutakoa.

d) Epaile, magistratu eta fiskalek elkartzeko eskubidea egikaritzeko bete beharko dute euren arau bereziek xedatutakoa, lanbide-elkarteei dagokienez.

e) Elkartze-izaerako pertsona juridikoek euren organo eskudunaren esanbidezko erabakia beharko dute, eta erakunde- izaerako pertsona juridikoek, euren zuzendaritza-organoaren erabakia.

f) Elkarteek eratu ahal izango dituzte federazioak, konfederazioak edo batasunak, aurretiaz elkarteak eratzeko ezarri betekizunak beteta, euren organo eskudunen esanbidezko erabakiarekin.

g) Pertsona juridiko publikoak elkartzeko eskubidearen titular izango dira, lege honen 2.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, salbu eta horien arau eratzaileek eta jardunbideaz arduratzen diren arauek aurkakoa ezarri dutenean; halakoetan, arau horien araberakoa izango da elkartzeko eskubidearen egikaritza.

4. artikulua. Administrazioarekin harremanak

1. Botere publikoek suspertuko dute, euren kasuan kasuko eskumenen esparruan, interes orokorreko jarduerak gauzatzen dituzten elkarteak eratu eta garatzea.

2. Administrazioak ezin izango du hartu elkarteen barne-bizitzan eragina duen prebentzio- edo etete-neurririk.

3. Laguntza edo diru-laguntza publikoak eman daitezke eta, hala denean, legeak edo erregelamenduek ezarritako beste onura batzuk aitor daitezke, kasu bakoitzean ezarritako betekizunak betez gero.

4. Administrazio eskudunak ahal duen laguntza eta informazio teknikoa eskainiko du, interes orokorreko elkartze- egitasmoei ekiten dietenek hala eskatzen dutenean.

5. Botere publikoek ez diete inolako laguntza-motarik emango onartze-prozesuan edo jardunbidean bereizkeria egiten duten elkarteei, jaiotzarengatik, arrazarengatik, sexuarengatik, erlijioarengatik, iritziarengatik nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal edo sozialengatik.

6. Botere publikoek ez diote inolako laguntzarik emango, ekonomikoa edo beste edozein motatakoa, euren jarduerarekin pertsona fisikoen edo juridikoen aurkako gorrotoa edo indarkeria sustatu nahiz justifikatzen duten elkarteei. Halaber, ez zaizkie laguntza horiek emango, terrorismo-delituak edo horien egikaritzan parte hartu duten pertsonen delituak, edota terrorismo- delituetako biktimen edo beraien familiakideen izen ona zikintzeko edo horiek gutxietsi nahiz umiliatzeko egintzak edozein bide erabilita goretsi edo justifikatzen dituzten elkarteei ere.

Ondore horietarako, ulertuko da elkarte batek aurreko lerrokadan ezarri jarduerak gauzatzen dituela, elkartearen ordezkaritza-organoetako kideren bat, edo elkartearen edozein kide aktibo epai irmoaren bidez kondenatzen denean, talde armatuaren kide izateagatik, talde armatuaren zerbitzupean jarduteagatik edo talde armatuari laguntzeagatik. Gainera, hori uler dadin, beharrezkoa da, kide horrek kondena oso-osoan bete bitartean, elkarteak jendaurrean ez ezestea kide horrek osatu, lagundu nahiz babestu, edo goraipatu zituen erakunde terroristaren xede eta bideak.

Orobat, elkartearen jardueratzat hartuko da, elkartearen gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideek, edota beste edozein kide aktibok gauzatutako edozein jardun, kide horiek jardun dutenean elkartearen izenean, horren kontura edo hori ordezkatzen, nahiz eta jardun horrek elkartearen xedea edo jarduera eratu ez, estatutuetan ezarritakoaren arabera.

Paragrafo honetan xedatutakoak ez dio kalterik egiten zigor-legerian eta lege honen 30.4 artikuluan ezarritakoari.

II. KAPITULUA

Elkarteak eratzea

5. artikulua. Eratze-akordioa

1. Elkarteak eratzen dira hiru pertsona edo gehiagoren arteko akordioaren bidez; pertsona horiek izan daitezke fisikoak edo legearen arabera eratutako pertsona juridikoak. Akordioaren bidez, pertsona horiek adosten dute erkidegoan jartzea ezaguerak, bideak eta jarduerak, emaitza zilegi, erkide eta interes orokorrekoak edo berezikoak lortzeko. Berebat, pertsona horiek estatutu batzuk egingo dituzte, elkartearen jardunbidea arautzeko.

2. Eratze-akordioa gauzatu beharko da sortze-aktaren bidez, agiri publikoan nahiz pribatuan; gainera, eratze-akordioak estatutuak onetsi izana jasoko du.

Akta egiletsita, elkarteak eskuratuko ditu nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa. Edonola ere, horrek ez dio kalterik egingo elkartea inskribatu behar izateari, 10. artikuluko ondoreetarako.

3. Artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko da, halaber, federazioak, konfederazioak eta elkarteen batasunak eratzeko.

6. artikulua. Sortze-akta

1. Sortze-aktak jaso behar ditu:

a) Elkartearen sustatzaileak pertsona fisikoak badira, horien izen-abizenak; sustatzaileak pertsona juridikoak badira, horien izena edo sozietatearen izena; eta, bi kasuetan, naziotasuna eta egoitza.

b) Sustatzaileen borondatea, elkartea eratzeko; hala denean, sustatzaileek ezarri dituzten itunak; eta elkartearen izena.

c) Elkartearen jardunbidea arautzeko onetsi diren estatutuak. Estatutuen edukia bat etorriko da hurrengo artikuluko xedapenekin.

d) Akta egilesteko tokia eta data, eta sustatzaileen edo, pertsona juridikoen kasuan, horien ordezkarien sinadura.

e) Behin-behineko gobernu-organoak osatzen dituzten kideen izendapena.

2. Pertsona juridikoen kasuan, sortze- aktarekin batera aurkeztu beharko da organo eskudunak baliozkotasunez hartutako erabakiaren ziurtagiria. Ziurtagiri horretan jaso beharko da elkartea eratu eta horretan parte hartzeko borondatea, eta elkartea ordezkatuko duen pertsona fisikoaren izendapena; eta, pertsona fisikoen kasuan, horren nortasunaren egiaztapena.

Akta egilesten duten pertsonek ordezkari bidez jarduten dutenean, aktarekin batera aurkeztu beharko da ordezkari horren nortasunaren egiaztapena.

7. artikulua. Estatutuak

1. Estatutuek honako alde hauek jaso beharko dituzte:

a) Izena.

b) Egoitza, bai eta elkarteak bere jarduerak gehienbat zein lurralde-esparrutan gauzatu behar dituen ere.

c) Iraupena, elkartea eratzen ez denean iraupen mugagabearekin.

d) Elkartearen xedeak eta jarduerak, zehaztasunez deskribatuta.

e) Elkartekideak elkartean onartzeko edo horiek baja hartzeko, eta elkartekide horiek zehatzeko nahiz banantzeko betekizun eta modalitateak eta, hala denean, elkartekide-motak.

Estatutuek jaso ahal izango dituzte, berebat, zein diren elkartekideek kuotak ez ordaintzearen ondoreak.

f) Elkartekideen eskubide eta betebeharrak eta, hala denean, elkartekide- -modalitate bakoitzari dagozkionak.

g) Elkartearen jardunbide demokratikoa bermatzen duten irizpideak.

h) Gobernu- eta ordezkaritza-organoak, horien osaera, horien kideak hautatu eta ordezteko erregela eta prozedurak, beraien eratxikipenak, karguen iraupena, karguei uzteko arrazoiak, euren erabakiak eztabaidatu, hartu eta betearazteko modua, eta erabaki horien ziurtagiriak eman behar dituzten pertsonak edo horretarako ahalmena duten kargudunak, eta organo horiek baliozkotasunez osatzeko betekizunak, bai eta zenbat elkartekide behar diren ere, gobernu-organoen bilkurak deitu ahal izateko, edo eguneko aztergaien zerrendan gaiak proposatu ahal izateko.

i) Administrazio-, kontabilitate- eta agiri-araubidea, bai eta elkartearen ekitaldia amaitzeko data ere.

j) Hasierako ondarea eta erabili ahal izango diren baliabide ekonomikoak.

k) Elkartea desegiteko arrazoiak eta, hori gertatuz gero, ondarearen destinoa. Destino horrek ezin izango du aldatu elkartearen irabazteko asmorik gabeko izaera.

2. Halaber, estatutuek jaso ahal izango dute sustatzaileek komenigarritzat jotako beste edozein xedapen eta baldintza zilegi, baldin eta horiek ez badoaz legeen aurka, eta ez badira kontraesanekoak elkartearen printzipio eratzaileei begira.

3. Estatutuen edukia ezin izango da antolamendu juridikoaren aurkakoa izan.

8. artikulua. Izena

1. Elkarteen izenera ezin izango dira bildu elkartearen nortasunari edo elkarte horren mota nahiz izaerari begira errakuntza edo nahasmendua sor dezaketen kontzeptu edo adierazmoldeak, bereziki, beste pertsona juridiko batzuei dagozkien hitzak, kontzeptuak edo ikurrak, akronimoak eta antzekoak, pertsona juridiko horiek elkartze-izaera izan edo ez.

2. Ez dira onartuko legeen aurkako adirazmoldeak jasotzen dituzten izenak, edo pertsonen oinarrizko eskubideak urra ditzaketen izenak.

3. Halaber, elkartearen izena ezin izango da izan elkarte hori inskribatu beharreko erregistroan aurretiaz inskribatuta zegoen beste elkarte baten izen berbera, edo errakuntza sor dezakeena, beste elkarte baten izenaren antzekoa izateagatik; ez beste pertsona juridiko publiko nahiz pribaturen izen berbera edo antzekoa, ez aurretiaz zeuden elkarteen izen berbera edo antzekoa, horiek Espainiako naziotasuna izan edo ez; ez pertsona fisikoen izen berbera edo antzekoa, interesdunaren edo horren oinordekoen esanbidezko adostasuna dagoenean izan ezik; ez ageriko marka erregistratu baten izena edo antzekoa, salbu eta izen horren titularrak eskatzen duenean edo titular horren adostasunarekin eskatzen denean.

9. artikulua. Egoitza

1. Lege honen arabera eratzen diren elkarteek Espainian izango dute egoitza, euren estatutuek ezarritako tokian; toki hori izan daiteke elkartearen ordezkaritza- organoak egoitza duen tokia, edo elkarteak bere jarduerak gauzatzen dituen tokia.

2. Espainian egoitza izan beharko dute jarduerak gehienbat Espainiako lurraldean gauzatzen dituzten elkarteek.

3. Europako Erkidegoko antolamenduak xedatutakoari kalterik egin gabe, atzerriko elkarteek ordezkaritza ezarri beharko dute Espainiako lurraldean, Espainian jarduerak gauzatu ahal izateko, modu egonkor eta iraunkorrean.

10. artikulua. Erregistroan inskribatzea

1. Lege honetan araututako elkarteak kasuan kasuko erregistroan inskribatu beharko dira, publizitate-ondoreetarako.

2. Erregistroko inskripzioak publiko egiten ditu elkartearen eraketa eta estatutuak, eta inskripzio hori bermea da, hala elkarte horrekin harremanak dituzten hirugarrenentzat, nola elkarteko kideentzat.

3. Sustatzaileek beharrezko jardunak gauzatuko dituzte, inskripzioa egiteko. Inskripziorik ezaren ondorioen erantzukizuna ere sustatzaileek izango dute.

4. Elkartearen erantzukizunari kalterik egin gabe, inskribatu gabeko elkarteen sustatzaileek erantzungo dute, modu pertsonal eta solidarioan, hirugarrenekin hartutako betebeharrez.

Horrelakoetan, elkartekideek modu solidarioan erantzungo dute euretako edonork hirugarrenekin hartutako betebeharrez, baldin eta elkartekide horiek adierazi badute elkartearen izenean jarduten dutela.

III. KAPITULUA

Elkarteen jardunbidea

11. artikulua. Elkarteen araubidea

1. Elkarteen araubidea ezarriko da, beraien eraketari eta inskripzioari dagokienez, lege organiko honetan ezarritakoaren arabera, eta lege hau garatzeko zein erregelamendu-xedapen eman eta xedapen horietan ezarritakoaren arabera.

2. Elkarteen barne-araubideari dagokionez, elkarteen jardunbidea bat etorri beharko da euren estatutuetan ezarritakoarekin, baldin eta estatutu horiek ez badoaz lege organiko honen eta hori garatzeko emandako erregelamendu- xedapenen aurka.

3. Biltzar Orokorra da elkartearen gobernu-organo gorena; organo hori elkartekideek osatzen dute. Biltzar Orokorrak erabakiak hartzen ditu gehiengoaren edo barne-demokraziaren printzipioa aintzat hartuta. Organo hori urtean behin bildu beharko da gutxienez.

4. Ordezkaritza-organo bat izango da, elkartekideen interesak kudeatu eta ordezkatzeko, Biltzar Orokorraren xedapenekin eta zuzentarauekin bat etorriz.

Elkartekideek bakarrik osatu ahal izango dute ordezkaritza-organoa.

Elkarte baten ordezkaritza-organoen kide izateko, nahitaez bete beharko dira ondoko betekizunak, elkartearen estatutuek ezarritakoa gorabehera: adin nagusikoa izatea, eskubide zibilak oso- -osoan izatea, eta indarreko legerian ezarritako bateraezintasun-arrazoiak ez izatea.

5. Ordezkaritza-organoen kideek ordainsariak jasotzen badituzte euren karguarengatik, ordainsari horiek jaso beharko dira estatutuetan eta biltzarrean onetsitako urteko kontuetan.

12. artikulua. Barne-araubidea

Estatutuek beste ezer xedatu ezean, elkarteen barne-araubidea ondokoa izango da:

a) Ordezkaritza-organoak ahalmenak izango ditu, izaera orokorrarekin, elkarteak dituen xedeen berezko egintza guztiei begira, baldin eta estatutuen arabera egintza horiek Biltzar Orokorraren esanbidezko baimenik behar ez badute.

b) Lege honen 11.3 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, ordezkaritza- organoak deituko du Biltzar Orokorra, aparteko izaerarekin, hala eskatzen dutenean elkartekideek; horiek ezin dira izan elkartekide guztien 100eko 10 baino gutxiago.

c) Biltzar Orokorra baliozkotasunez eratuko da, biltzarra egin baino hamabost egun lehenago deialdia egin eta biltzarrera elkartekideen herena agertzen denean; elkartekideak eurak ager daitezke edo elkartekideek ordezkariak bidal ditzakete. Biltzarraren hasieran izendatuko dira lehendakaria eta idazkaria.

d) Biltzar Orokorraren erabakiak hartuko dira bertan dauden pertsonen edo ordezkarien gehiengo soilarekin, aldeko botoak kontrako botoak baino gehiago direnean.

Hala ere, biltzarrean dauden pertsonen edo ordezkarien gehiengo kualifikatuarekin hartu beharko dira elkartea desegiteko erabakia, estatutuak aldarazteko erabakia, ondasunak xedatu edo besterentzeko erabakia eta ordezkaritza-organoko kideen ordainsarien gaineko erabakia. Gehiengo kualifikatua egongo da aldeko botoak erdia baino gehiago direnean.

13. artikulua. Jardueren araubidea

1. Elkarteek euren xedeak betetzeko beharrezko jarduerak gauzatu beharko dituzte. Alabaina, elkarteek ezin izango dute baztertu jarduera horiek arautzen dituen legeria berezia.

2. Elkarteek lortutako onurak, ekonomia- jarduerak gauzatzearen ondorio direnak, eta jarduera horien artean baita zerbitzu-emateen ondorio direnak ere, soil-soilik destinatuko dira elkartearen xedeetarako. Onura horiek inoiz ezin izango dira banatu elkartekideen artean, ez horien ezkontideen edo antzeko maitasun-harremanez eurekin bizi diren pertsonen artean, ez elkartekideen ahaideen artean. Halaber, onura horiek ezin izango zaizkie dohainik laga irabazteko asmoa duten pertsona fisiko zein juridikoei.

14. artikulua. Agiri- eta kontabilitate- Betebeharrak

1. Elkarteek egunean-egunean izan behar dute elkartekideen zerrenda, kontabilitatea eraman beharko dute elkartearen benetako ondarea, emaitza eta finantza-egoera zein den jakin ahal izateko moduan, eta gauzatutako jarduerak zein diren jakin ahal izateko moduan. Orobat, elkarteek euren ondasunen inbentarioa egin beharko dute, eta liburu batean jaso beharko dituzte euren gobernu- eta ordezkaritza-organoen bileren aktak.

Elkarteek kontabilitatea eraman beharko dute aplikatu behar zaizkien arau berezien arabera.

2. Elkartekideek aurreko paragrafoko agiri guztiak lortu ahal izango dituzte, ordezkaritza-organoen bidez, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

3. Biltzar Orokorrak urtero onetsiko ditu elkartearen kontuak.

15. artikulua. Inskribatutako elkarteen Erantzukizuna

1. Inskribatutako elkarteek euren betebeharren gain erantzuten dute euren ondasun guztiekin, oraingoekin nahiz etorkizunekoekin.

2. Elkartekideek ez dute modu pertsonalean erantzuten elkartearen zorren gainean.

3. Gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideek edo titularrek, eta elkartearen izenean eta elkartea ordezkatzen jarduten duten enparauek erantzukizuna izango dute, elkarteari, elkartekideei eta hirugarrenei begira, dolozko, erruzko zein zabarkeriazko egintzen ondorioz sortutako kalteengatik eta hartutako zorrengatik.

4. Aurreko paragrafoko pertsonek erantzukizun zibila eta administrazio- -erantzukizuna izango dute, hirugarrenei, elkarteari eta elkartekideei begira, euren eginkizunak gauzatzean egindako egite eta ez-egiteengatik, eta eurek zein erabakiren alde botoa eman eta erabaki horrengatik.

5. Erantzukizuna ezin egotz dakiokeenean gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kide edo titularretatik inori, kide guztiek modu solidarioan erantzungo dute, artikulu honen 3 eta 4. paragrafoek aipatu egite eta ez-egiteengatik, salbu eta kide horiek egiaztatzen dutenean, ez dutela parte hartu egite edo ez-egite horiek onartzean edo betearaztean, edo esanbidez horien aurka egin zutela.

6. Zigor-legeetan ezarritakoak arautuko du zigor-erantzukizuna.

16. artikulua. Estatutuak aldaraztea

1. Estatutuak aldarazteko beharko da, beren beregi horretarako deitutako Biltzar Orokorraren erabakia, aldarazpen horrek ukitzen badu 7. artikuluan ezarritako edukia. Aldarazpen hori hilabeteko epean inskribatu beharko da, eta aldarazpen horrek ondoreak sortuko ditu, elkartekideei eta hirugarrenei begira, kasuan kasuko elkarteen erregistroan inskribatu denetik bakarrik. Inskripzio horri aplikatuko zaio isiltasunaren inguruan lege honen 30.1 artikuluan ezarritakoa.

Gainerako aldarazpenek ondoreak sortuko dituzte, elkartekideei begira, aldarazpen horiek estatutuetako prozeduren arabera egiten direnetik. Aldarazpen horiek hirugarrenei begira ondoreak sor ditzaten, beharrezkoa izango da, halaber, aldarazpenok kasuan kasuko erregistroan inskribatzea.

2. Estatutu-aldarazpenen inskripzioak bete beharko ditu estatutuen inskripzioak bete beharreko betekizun berberak.

17. artikulua. Desegitea

1. Elkarteak desegingo dira, estatutuetan ezarritako arrazoiengatik eta, hala denean, horretarako deitutako Biltzar Orokorreko elkartekideen borondate- adierazpenarengatik, bai eta Kode Zibilaren 39. artikuluan ezarritako arrazoiengatik eta epai judizial irmoarengatik ere.

2. Desegite-kasu guztietan, ondareak izango du estatutuetan ezarritako destinoa.

18. artikulua. Elkartea likidatzea

1. Elkartearen desegiteak likidazio- -aldia dakar; likidazio-aldi hori amaitu arte erakundeak eutsi egingo dio bere nortasun juridikoari.

2. Ordezkaritza-organoaren kideak likidatzaile bihurtzen dira elkartea desegiten denean, salbu eta estatutuek beste zerbait ezarri dutenean, edo likidatzaileak izendatzen dituenean Biltzar Orokorrak edo, hala denean, desegitea erabaki duen epaileak.

3. Likidatzaileei dagokie:

a) Elkartearen ondarearen osotasuna zaintzea.

b) Burutu gabe dauden eragiketak amaitzea, eta likidaziorako beharrezkoak diren eragiketa berriak egitea.

c) Elkartearen kredituak kobratzea.

d) Ondarea likidatu eta hartzekodunak ordaintzea.

e) Elkartearen soberako ondasunak erabiltzea estatutuetan ezarri xedeetarako.

f) Erregistroan idazkunak ezerezteko eskabidea egitea.

4. Elkartea kaudimengabea bada, ordezkaritza-organoak edo likidatzaileek, hala denean, berehala sustatu behar dute egoki den konkurtso-prozedura epaile eskudunaren aurrean.

IV. KAPITULUA

Elkartekideak

19. artikulua. Elkartekide egiteko eskubidea

Eratutako elkarte batera biltzea askea eta borondatezkoa da, baina estatutuetan ezarritakoa bete beharko da.

20. artikulua. Elkartekide-izaeran Ondorengotza

Elkartekidearen izaera eskualdaezina da, non ez den estatutuetan beste zerbait xedatu, heriotza edo dohaineko tituluaren bidez.

21. artikulua. Elkartekideen eskubideak

Elkartekide orok ondoko eskubideak ditu:

a) Elkartearen jardueretan eta gobernu- nahiz ordezkaritza-organoetan parte hartzeko eskubidea, boto-eskubidea egikaritzeko eskubidea, bai eta Biltzar Orokorrera joateko eskubidea ere, estatutuekin bat etorriz.

b) Informazioa jasotzeko eskubidea, elkartearen gobernu- eta ordezkaritza- organoen osaeraren gainean, kontu- egoeraren gainean eta jarduerak duen bilakaeraren gainean.

c) Beraren aurka diziplinako neurriak hartu aurretik, berak esan beharrekoa entzunarazteko eskubidea, eta neurri horiek eragiten dituzten egitateen berri izateko eskubidea. Zehapena ezarriz gero, zehapen hori ezarri duen erabakia zioduna izan beharko da.

d) Elkarteko organoen erabakiak aurkaratzeko eskubidea, baldin eta erabaki horiek legearen edo estatutuen aurkakotzat jotzen baditu.

22. artikulua. Elkartekideen eginbeharrak

Elkartekideen eginbeharrak dira:

a) Elkartearen xedearekin bat etorri eta elkarlanean aritzea xede horiek lortzeko.

b) Kuotak, derramak eta bestelako ekarpenak ordaintzea, bazkide bakoitzari dagokionaren arabera, estatutuetan ezarritakoa kontuan hartuta.

c) Estatutu-xedapenetatik etorritako osterantzeko betebeharrak betetzea.

d) Elkartearen gobernu- eta ordezkaritza- organoek baliozkotasunez hartutako erabakiei men egitea eta erabaki horiek betetzea.

23. artikulua. Borondatezko banantzea

1. Elkartekideek eskubidea dute edozein unetan elkartetik borondatez banantzeko.

2. Elkartekide bat elkartetik borondatez banantzen denean, estatutuek ezarri ahal izango dute elkartekide horrek jaso dezakeela hasierako ondare-partaidetza edo egindako beste ekarpen ekonomiko batzuk, estatutuetan ezarri baldintza, norainoko eta mugekin. Ezin izango dira jaso, ordea, elkartekide izateagatik ordaindutako kuotak.

Horren ondoriozko ondare-gutxitzeak ezin dizkie kalteak eragin hirugarrenei.

V. KAPITULUA

Elkarteen erregistroak

24. artikulua. Inskripzio-eskubidea

Elkartzeko eskubidera biltzen da elkarteen erregistro eskudunean inskribatzeko eskubidea. Eskubide hori ukatu ahal izango da lege organiko honetan ezarritako betekizunak betetzen ez direnean bakarrik.

25. artikulua. Elkarteen Erregistro Nazionala

1. Elkarteen Erregistro Nazionalaren mendekotasun organikoa erregelamendu bidez ezarriko da, eta erregistro horren xedea izango da elkarteak inskribatzea, bai eta 28. artikuluaren arabera inskriba daitezkeen gainerako egintzak inskribatzea ere, honakoen inguruan:

a) Estatuko elkarteak, federazioak, konfederazioak eta elkarteen batasunak, eta euren eginkizunak gehienbat autonomia-erkidego baten lurralde-esparruan gauzatzen ez dituzten enparauak.

b) Espainian jarduerak modu egonkor eta iraunkorrean gauzatzen dituzten atzerriko elkarteak; elkarte horiek ordezkaritza ezarri beharko dute Espainiako lurraldean.

Atzerriko elkartearen jarduera-esparrua, batez ere, autonomia- erkidego batera edo batzuetara hedatzen bada, Erregistro Nazionalak inskripzioa komunikatuko die kasuan kasuko autonomia-erkidegoei.

2. Elkarteen Erregistro Nazionalean jasoko dira, 1. paragrafoko inskripzioez gain, administrazio eskudunak hala komunikatuta, elkarteen inskripzio- eta desegite-idazkunak, legearen arabera nahitaezkoa denean elkartea inskribatzea edo estatutuak gordailutzea erregistro berezietan.

3. Elkarteen Erregistro Nazionalak izenen fitxategia izango du, izenen bikoiztasuna edo antzekotasuna saihesteko, horrek errakuntza edo nahasmendua sor dezakeelako, aurretiaz zeuden elkarte edo organismoen identifikazioarekin, baita izaera erlijiosoa izan eta euren kasuan kasuko erregistroan inskribatuta daudenekin ere.

4. Erregelamendu bidez ezarriko dira Elkarteen Erregistro Nazionalaren egitura eta jardunbidea.

26. artikulua. Elkarteen autonomia- -erkidegoetako erregistroak

1. Autonomia-erkidego bakoitzean elkarteen autonomia-erkidegoko erregistro bat izango da. Erregistro horren xedea izango da eginkizunak gehienbat autonomia-erkidegoaren lurralde-esparruan gauzatzen dituzten elkarteak inskribatzea.

2. Edozein kasutan ere, artikulu honetan jasotako erregistroek Elkarteen Erregistro Nazionalari komunikatu beharko dizkiote autonomia-erkidegoen esparruko elkarteen inskripzio- eta desegite- idazkunak.

27. artikulua. Erregistroen arteko lankidetza eta elkarlana

Elkarteen erregistroen artean ezarriko dira lankidetzarako eta elkarlanerako bidezko mekanismoak.

28. artikulua. Inskribatzeko moduko egintzak eta agiriak gordailutzea

1. Elkarteen inskripzioak jaso beharko ditu ondokoen inguruko idazkunak eta horien aldarazpenak:

a) Izena.

b) Egoitza.

c) Estatutuen xedeak eta jarduerak.

d) Jarduteko lurralde-esparrua.

e) Gobernu- eta ordezkaritza-organoetako titularren nortasuna.

f) Elkartearen ordezkaritzak edo establezimenduak irekitzea eta ixtea.

g) Eratze- eta inskripzio-data.

h) Herri-onuraren izaera adieraztea eta ezeztatzea.

i) Federazioak, konfederazioak eta batasunak eratzen dituzten elkarteak edo horiek biltzen dituzten elkarteak.

j) Beste elkarte, federazio, konfederazio eta batasun edo nazioarteko erakunde batzuetako kide izatea.

k) Elkartearen baja, etetea edo desegitea, eta horien arrazoiak.

2. Elkarteen erregistroetan hurrengo agiriak gordailutuko dira; horiek izango dira jatorrizko agiriak edo kasuan kasuko ziurtagiriak:

a) Sortze-akta eta erregistroko inguruabarrak aldarazteko edo erregistroan datu berriak sartzeko akordioak jaso dituzten aktak.

b) Estatutuak eta horien aldarazpenak.

c) Ordezkaritzak edo establezimenduak irekitzea, lekualdatzea edo ixtearen inguruko agiriak.

d) Elkarteak federazio, konfederazio eta batasunetara biltzearen inguruko agiriak, edo elkarteek horietan baja hartzearen inguruko agiriak; eta, federazio, konfederazio eta batasun horiek inskribatuta dauden erregistroan elkarteek baja hartzearen inguruko agiriak, edo elkarteak horietara biltzearen inguruko agiriak.

e) Desegitearen inguruko agiriak eta, elkartea desegitearen ondorioz, ondare- gerakinaren destinoari buruzko agiriak.

3. Atzerriko legearen eta lege honen arabera baliozkotasunez eratutako atzerriko elkarteek Espainian inskribatu beharko dituzte 1. paragrafoko a), b), c), d), e) eta f) idatz-zatietako datuak, bai eta euren jarduerak Espainian gauzatzeari utzi izana ere. Halaber, elkarte horiek gordailutu beharko dituzte 2. paragrafoko b), c) eta e) idatz-zatietako agiriak, eta agiri bidez justifikatu beharko dute baliozkotasunez eratuta daudela.

4. Erregistroko datuen edo agirien inguruko funtsezko edozein aldaketa eguneratu beharko da, kasuan kasuko elkarteak aurretiaz hala eskatuta, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.

29. artikulua. Publizitatea

1. Elkarteen erregistroak publikoak dira.

2. Publizitatea gauzatuko da idazkunen edukiari buruzko ziurtagirien bidez, informazio-ohar soilaren bidez edo idazkunen eta erregistroetan gordailututako agirien kopiaren bidez, edo bitarteko informatiko nahiz telematikoen bidez. Publizitate hori bat etorriko da izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko indarreko arautegiak ezarri betekizunekin.

30. artikulua. Inskripzioaren araubidea

1. Kasuan kasuko erregistroan inskripzioa egiteko epea hiru hilabetekoa izango da beti, organo eskudunak eskabidea jasotzen duenetik.

Behin aurreko paragrafoko inskripzio-epea igarota, esanbidezko ebazpenik jakinarazi ez bada, inskripzio-eskabidea onartu dela ulertu ahal izango da.

Administrazioak inskripzioa egingo du; horretarako, Administrazioaren jarduera bakarra izango da sortze-aktak eta estatutuek bete behar dituzten betekizunak egiaztatzea.

2. Eskabidean edo horrekin batera aurkezten diren agirietan formazko akatsak atzematen direnean, edo izena aurretiaz inskribatutako beste elkarte baten izen berbera denean, edo izenak aurretiazko izen horri begira errakuntza edo nahasmendua sor dezakeenean, edo izena ageriko marka erregistratu baten izena denean, salbu eta horren titularrak eskatzen duenean hori, edo titular horren adostasunarekin eskatzen denean, inskripzioa egiteko epea eten egingo da, eta atzemandako akatsak ongitzeko epea irekiko da.

3. Erakunde eskatzailea ez denean lege honen aplikazio-esparrukoa edo erakunde horrek ez duenean elkartearen izaera, Administrazioak, aurretiaz horrek esan beharrekoa entzunda, ukatu egingo du erakunde horren inskripzioa kasuan kasuko elkarteen erregistroan, eta eskatzaileari adieraziko dio zein den erakunde horren inskripzioa egiteko erregistro edo administrazio- -organo eskuduna.

Ukatzea zioduna izango da beti.

4. Elkartearen eraketan ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak atzematen direnean, organo eskudunak ebazpen zioduna emango du, eta agiri guztiak bidaliko zaizkio Fiskaltzari edo jurisdikzio-organo eskudunari. Orobat, inguruabar hori elkarte interesdunari komunikatuko zaio. Administrazio-prozedura eten egingo da, ebazpen judizial irmoa eman arte.

Elkartearen jardunean ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak atzematen direnean, organo eskudunak ebazpen zioduna emango du, eta agiri guztiak bidaliko dizkio Fiskaltzari edo jurisdikzio-organo eskudunari. Halaber, organo eskudunak inguruabar hori komunikatuko dio elkarte interesdunari.

5. Artikulu honen 2 eta 3. paragrafoetako kasuetan, bidezko errekurtsoak jarri ahal izango dira administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenean, eta 4. paragrafoko kasuan zigor-arloko jurisdikzio- ordenean.

VI. KAPITULUA

Suspertze-neurriak

31. artikulua. Suspertze-neurriak

1. Administrazio publikoek, euren eskumenen esparruan, sustatu eta erraztuko dute interes orokorreko xedeak dituzten elkarteak eta federazio, konfederazio nahiz batasunak garatzea, betiere, askatasuna eta autonomia errespetatuta, botere publikoei dagokienez.

Era berean, administrazio publikoek beharrezko elkarlana eskainiko diete elkartze-egitasmoak abian jarri nahi dituzten pertsonei.

2. Estatuaren Administrazio Orokorrak, bere eskumenaren esparruan, suspertuko ditu laguntza-mekanismoak ezartzea, informazio-zerbitzuak, eta interes orokorreko xedeak dituzten elkarteen jarduerak zabaldu eta aitortzeko kanpainak.

3. Interes orokorreko xedeak dituzten elkarteek elkartze-jarduera zehatzen inguruko laguntzak eta diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, ministerio eskudunak edo eskudunek ezarritako moduan eta norainokoarekin.

Jarduera eta egitasmo jakin batzuk garatzeko emandako diru-laguntza publikoak xede horretara bakarrik destinatu ahal izango dira, eta diru-laguntza publikoen arautegi orokorraren mende izango dira.

4. Artikulu honetan araututako berme eta eskubideek ez diete onurarik ekarriko inskribatu gabeko elkarteei.

5. Administrazio publikoek, euren eskumenen esparruan, elkarlan-hitzarmenak egin ahal izango dituzte, gizarte-intereseko programetan, interes orokorreko xedeak dituzten elkarteekin.

32. artikulua. Herri-onurako elkarteak

1. Kasuan kasuko elkarteen ekimenaren bidez, herri-onurako elkartetzat jo ahal izango dira ondoko betekizunak dituzten elkarteak:

a) Estatutuen xedea izan behar da interes orokorra sustatzea, lege honen 31.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta xede horiek izan behar dira hiri-, hezkuntza-, zientzia-, kultura-, kirol-, edo osasun-izaerakoak, edota konstituzio- balioak sustatzea, giza eskubideak sustatzea, gizarte-laguntza, garapenerako lankidetza, emakumea sustatzea, familia sustatu eta babestea, haurtzaroa sustatzea, aukera-berdintasuna eta tolerantzia suspertzea, ingurumena defendatzea, gizarte-ekonomia edo ikerketa suspertzea, gizarte-laneko boluntarioak sustatzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatzea, eta arrazoi fisikoengatik edo gizarte-, ekonomia- nahiz kultura-arrazoiengatik, edo antzeko izaerako beste edozein arrazoirengatik bazterketa-arriskua duten pertsonak sustatu eta babestea.

b) Elkartearen jarduera ez da mugatu behar elkartekideei onurak ekartzera; jarduera hori zabala izan behar da elkartearen xedeen araberako baldintzak eta ezaugarriak betetzen dituen beste edozein onuradunentzat.

c) Ordainsariak jasotzen dituzten ordezkaritza-organoetako kideek ordainsari horiek ez jasotzea funts eta diru-laguntza publikoetatik.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, eta estatutuetan ezarritako moduan eta baldintzetan, kide horiek behar bezalako ordainsariak jaso ahal izango dituzte, ordezkaritza-organoko kide gisa dituzten eginkizunetatik kanpo beste zerbitzu batzuk emateagatik.

d) Elkarteek izan beharko dituzte bitarteko pertsonal eta material egokiak, bai eta antolaketa aproposa ere, estatutu-xedeak beteko direla bermatzeko.

e) Elkarteak egon beharko dira, eratuta, kasuan kasuko Erregistroan inskribatuta, jardunbidean eta euren estatutu-xedeak eragingarritasunez betetzen, etenik gabe eta arestian aipatu betekizun guztiak betetzen, eskabidea aurkeztu aurreko bi urteetan gutxienez.

2. Lege honetan aipatu elkarteen federazio, konfederazio eta batasunak herri-onurakoak direla adierazi ahal izango da, baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, dela federazio, konfederazio eta batasunek, dela horietara bildutako elkarte bakoitzak.

33. artikulua. Herri-onurako elkarteen Eskubideak

Herri-onurakotzat hartutako elkarteek hurrengo eskubideak izango dituzte:

a) Agiri-mota guztietan, elkartearen izenaren ondoan «Herri-onurakoa» aipamena erabiltzea.

b) Herri-onurako elkarteen alde legeek aitortutako salbuespen eta onura fiskal guztiak izatea, indarreko arautegian ezarri modu eta baldintzetan.

c) Herri-onurako elkarteen alde legeek ezarritako onura ekonomikoak izatea.

d) Doako laguntza juridikoa izatea, legeria berezian ezarritako moduan.

34. artikulua. Herri-onurako elkarteen Betebeharrak

1. Herri-onurako elkarteek aurreko ekitaldiko urteko kontuen berri eman beharko dute, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteko epean, eta ekitaldi horretan gauzatutako jarduerak deskribatzeko txostena aurkeztu beharko dute, elkartearen eraketa egiaztatzeko ardura eta elkartearen inskripzioa kasuan kasuko Erregistroan egiteko ardura duen organismoan; txosten hori organismo horretan gordailutuko da.

Urteko kontu horiek adierazi behar dute elkartearen benetako ondarea, emaitza eta finantza-egoera, bai eta izandako sarrera publikoen jatorria, zenbatekoa, destinoa eta aplikazioa ere.

Erregelamendu bidez ezarriko da zein inguruabarretan jarri beharko diren urteko kontuak aditegi baten esku.

2. Orobat, elkarte horiek administrazio publikoei eman beharko dizkiete administrazio publiko horiek eskatutako txostenak, elkarteek euren xedeak betetzeko gauzatutako jardueren inguruan.

35. artikulua. Herri-onura adierazteko Prozedura

1. Herri-onuraren adierazpena egingo da erregelamendu bidez ezarritako ministro-agindua emanda. Aurretiaz aldeko txostena eman beharko dute, elkartearen estatutuen eta jardueren arabera eskudunak diren administrazio publikoek, eta, beti, Ogasun Ministerioak.

2. Adierazpena erregelamendu bidez ezarriko den ministro-aginduaren arabera ezeztatuko da, aurretiaz ukitutako elkarteak esan beharrekoa entzunda, eta administrazio publiko eskudunek txostena emanda, elkartearen inguruabarrak edo jarduera ez datozenean bat 32. artikuluan ezarritako aginduekin edo betekizunekin, edo elkartearen kudeaketaz arduratzen direnek betetzen ez dutenean aurreko artikuluan ezarritakoa.

3. Erregelamendu bidez ezarriko da herri-onura adierazi eta ezeztatzeko prozedura.

Adierazpen-prozeduran ebazpena emateko epea amaitu eta esanbidezko ebazpenik ez badago, epe-amaitze horrek kontrako ondoreak izango ditu.

4. «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko dira herri-onuraren adierazpena eta ezeztapena.

36. artikulua. Beste onura batzuk

Artikulu honetan xedatutakoak ez die kalterik egingo autonomia-erkidegoek duten eskumenari, herri-onura adierazteko, eta autonomia-erkidegoko antolamendu juridikoan ezarritako onurak aplikatzeko, jarduerak gehienbat autonomia-erkidegoaren lurralde-esparruan gauzatzen dituzten elkarteei, autonomia-erkidegoak ezarritako prozedurarekin bat etorriz eta autonomia- -erkidegoaren eskumen-esparrua errespetatuz.

VII. KAPITULUA

Jurisdikzio-bermeak

37. artikulua. Babes judiziala

Pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteko prozedura berezien bidez babestuko da lege organiko honetan araututako elkartzeko eskubidea. Prozedura horiek izango dira jurisdikzio- -ordena bakoitzaren araberakoak. Hala denean, eskubide hori konstituzio-babesaren prozeduraren bidez babestuko da Konsituzio Auzitegian, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

38. artikulua. Etete eta desegite judiziala 1. Salbu eta elkartea elkartekideen

borondatez desegiten denean, elkartearen jarduera eten edo desegin ahal izango da bakarrik agintari judizial eskudunaren ebazpen ziodunaren bidez.

2. Ondoko kasuetan bakarrik adierazi ahal izango da elkarteen desegitea:

a) Elkarteek izaera ez-zilegia dutenean, zigor-legeen arabera.

b) Lege berezietan edo lege honetan ezarritako arrazoiengatik, edo legeria zibila aplikatzeagatik elkartea deuseztatuta edo deseginda dagoela adierazten denean.

3. Aurreko paragrafoko prozesuetan, organo judizial eskudunak erabaki ahal izango du, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta, elkartea behin-behinean etetea, epaia eman arte.

39. artikulua. Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena

Administrazioarekiko jurisdikzio- -ordenak eskumena izango du, lege organiko hau aplikatzeagatik hasitako administrazio-prozeduretako auzi guztietan, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan eta Auzibidearen Jurisdikzio Ordena Arautzeari buruzko Legean ezarri erregelekin bat etorriz.

40. artikulua. Arlo zibileko jurisdikzio- Ordena

1. Arlo zibileko jurisdikzio-ordenak eskumena izango du, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, elkarteen trafiko juridiko pribatuaren eta elkarteen jardunbidearen ondoriozko uzien gainean.

2. Edozein elkartekidek edo interes legitimoa duen edonork kasuan kasuko epaiketaren izapideak eginez aurkaratu ahal izango ditu elkarteen erabakiak eta jardunak, antolamendu juridikoaren aurkakotzat jotzen baditu horiek.

3. Elkartekideek aurkaratu ahal izango dituzte elkartearen erabakiak eta jardunak, baldin eta estatutuen aurkakotzat jotzen badituzte horiek. Erabakiak eta jardunak aurkaratzeko epea berrogei egunekoa izango da, horiek hartu edo onartu zirenetik. Aurkaratzearen bidez, eskatuko da erabaki eta jardunak zuzentzea edo deuseztatzea eta, hala denean, horiek prebentzioz etetea. Halaber, bi uzi horiek pila daitezke, Prozedura Zibilari buruzko Legean ezarritako izapideen bidez.

4. Elkarteen barruan sor daitezkeen gatazkak ebatzi bitartean, eztabaidagarri diren gaiak Erregistroan jasotzeko eskabideen inguruan behin-behineko idatzoharrak bakarrik egin ahal izango dira.

41. artikulua. Komunikazioak

Epaileek eta auzitegiek aginduko dute kasuan kasuko elkarteen erregistroetara biltzea ondokoak ezartzen dituzten ebazpen judizialak:

a) Elkarteak inskribatzea.

b) Inskribatutako elkarteak etetea edo desegitea.

c) Inskribatutako elkarteen estatutuen inguruko edozein alde aldaraztea.

d) Elkarteen edozein establezimendu ixtea.

e) Erregistroan inskribatzeko moduko egintzak ukitzen dituzten gainerako ebazpenak.

VIII. KAPITULUA

Elkarteen Sektorekako Kontseiluak

42. artikulua. Elkarteen Sektorekako Kontseiluak

1. Administrazio publikoen eta elkarteen arteko elkarlana ziurtatzeko xedearekin, Elkarteen Sektorekako Kontseiluak eratu ahal izango dira herritarrek gai publikoetan parte hartzeko bide gisa. Kontseilu horiek kontsulta-, informazio- eta aholku-organo gisa jardungo dute jarduera-esparru jakin batzuetan.

2. Elkarteen Sektorekako Kontseiluak osatuko dituzte administrazioetako eta elkarteetako ordezkariek, eta izenda daitezkeen beste kide batzuek. Azken horiek izendatuko dira euren esperientzia- edo jakintza-baldintzengatik, gai bakoitzean dagoen eskumen- -banaketa kontuan hartuta.

3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira, eta sektore bakoitzarentzat, kontseilu horren eraketa, osaera, eskumenak, jardunbide-araubidea eta administrazio- atxikipena.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Elkarteen herri-onura Adieraztea

1. Lege honen 32. artikuluan xedatutakoa betetzen duten kirol-elkarteak herri-onurakotzat hartu ahal izango dira, Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legean ezarritakoari kalterik egin gabe.

2. Era berean, herri-onurakotzat hartu ahal izango dira, lege bereziek araututako gainerako elkarteak, baldin eta elkarte horiek betetzen badute lege organiko honen 32. artikuluan xedatutakoa.

3. Aurreko paragrafoek aipatu elkarteak herri-onurakoak direla adierazteko prozedura, eta elkarte horien eskubide eta betebeharrak izango dira lege organiko honen 33, 34 eta 35. artikuluetan ezarritakoak.

Bigarrena. Inskripzio-prozedurak

Elkarteak inskribatzeko prozeduretan aplikatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan jaso gabeko gai guztietan.

Hirugarrena. Gatazkak epaiketaz kanpo konpontzea

Administrazio publikoek suspertuko dute elkarteen jardun-esparruan sortzen diren gatazkak epaiketaz kanpo konpontzeko mekanismoak sortu eta erabiltzea.

Laugarren. Diru-biltze eta harpidetza Publikoak

Edozein jarduera zilegi eta zehatzen aldeko funtsak biltzeko xedearekin, diru-biltze eta harpidetza publikoak, ongintza- egintzak eta aldi baterako antzeko ekimenak sustatzen dituztenek modu pertsonal eta solidarioan erantzungo dute, laguntza eman duten pertsonei begira, bildutako zenbatekoen administrazioaren eta inbertsioaren gainean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Inskribatutako elkarteak

1. Lege organiko hau indarrean jarri aurretik kasuan kasuko Erregistroan inskribatuta zeuden elkarteak lege honen mende izango dira; eta elkarte horiek eutsi egingo diete euren nortasun juridi-koari eta gaitasun osoari. Hala ere, elkarte horiek euren estatutuak egokitu beharko dituzte bi urteko epean.

2. Aurrekoa gorabehera, inskribatutako elkarteek adirazi beharko dute, lege organiko hau indarrean jarri eta bi urteko epean, jarduerak gauzatzen dituztela eta jardunean ari direla. Orobat, elkarte horiek zein Erregistrotan izan inskribatuta eta Erregistro horri jakinaraziko dizkiote euren egoitzaren helbidea, eta euren gobernu- eta ordezkaritza- organoak osatzen dituzten kideak, bai eta kide horiek zein datatan hautatu edo izendatu ziren ere.

Bigarrena. Herri-onurakotzat hartutako Elkarteak

Urtebeteko epean «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko dira estatuak herri-onurakotzat hartutako elkarteak, lege organiko hau indarrean jarri aurretik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra

Indarrik gabe geratuko dira abenduaren 24ko 191/1964 Legea, Elkarteak Arautzeari buruzkoa, eta lege honen aurkako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Legearen izaera

1. Lege organikoaren lerruna dute lege honen 1. artikuluak; 2. artikuluak, horren 6. paragrafoak izan ezik; 3. artikuluak, horren g) idatz-zatiak izan ezik; 4. artikuluko 2, 5 eta 6. paragrafoek; 10.1 artikuluak; 19. artikuluak; 21. artikuluak; 23.1 artikuluak; 24. artikuluak; 29.1 artikuluak; 30. artikuluaren 3 eta 4. paragrafoek; 37. artikuluak; 38. artikuluak; xedapen indargabetzaile bakarrak; eta azken xedapenetatik lehenengoaren 1. paragrafoak, eta azken xedapenetatik bigarrenak eta laugarrenak. Horiek lege organikoaren izaera dute, Konstituzioaren 22. artikuluan jasotako elkartzeko oinarrizko eskubidea garatzen dutelako.

2. Konstituzioaren 149.1.1 artikuluan ezarritakoaren babesean, estatu osoan aplikatuko dira lege honen 2.6 artikulua; 3.g) artikulua; 4. artikuluaren 1 eta 4. paragrafoak; 5. artikulua; 6. artikulua; 7. artikulua; 8. artikulua; 9. artikulua; 10. artikuluaren 2, 3 eta 4. paragrafoak; 11. artikulua; 13.2 artikulua; 15. artikulua; 17. artikulua; 18.4 artikulua; 22. artikulua; 25.2 artikulua; 26. artikulua; 27. artikulua; 28. artikulua; 30. artikuluaren 1, 2 eta 5. paragrafoak; laugarren xedapen gehigarria eta lehenengo xedapen iragankorra.

3. Lege honen 39, 40 eta 41. artikuluak legeria prozesalekoak dira; horiek eman dira Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren babesean.

4. Lege honen 32. artikulutik 36.erakoak, lehenengo xedapen gehigarria eta bigarren xedapen iragankorra eman dira Konstituzioaren 149.1.14 artikuluaren babesean, Euskal Herriko Herrialde Historikoetan eta Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden tributu-araubideei kalterik egin gabe.

5. Legearen gainerako manuak aplikatuko zaizkie estatuko elkarteei.

Bigarrena. Izaera ordeztailea

Lege organikoaren lerruna duten manuen kasuan izan ezik, lege honek izaera ordeztailea du, izaera bereziko elkarteak arautzen dituzten gainerako legeei begira, edo Konstituzioaren 22. artikuluan aitortu elkartzeko eskubidearen esparruko gainerako legeei begira, autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik egin gabe.

Hirugarrena. Garatzea

Gobernuak behar diren xedapen guztiak emateko ahalmena du, lege hau aplika eta gara dadin.

Laugarrena. Indarrean jartzea

Lege organiko hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta bi hilabete igaro ondoren jarriko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra