Maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoa, Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzkoa
1982-05-05Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 1982/5/14, 115. zk.
LEHENENGO KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua
1. Konstituzioaren 18. artikuluan bermaturiko oinarrizko eskubideak, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta norberaren irudirako eskubide horrek, babes zibila izango du, esku-sartze bidegabe guztien aurrean, lege organiko honetan ezarritakoarekin bat etorriz.
2. Esku-sartzearen delitu-izaerak ez du eragotziko lege honen 9. artikuluan ezarritako babes judizialari buruzko prozedurara jotzea.
Edozein kasutan ere, lege honen irizpideak aplikatuko dira, delituaren ondorioz sortutako erantzukizun zibila zehazteko.
3. Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta norberaren irudirako eskubidea ukaezin, besterenduezin eta preskribaezina da.
Deuseza izango da lege honetan jasotako babesari uko egitea, baina horrek ez die kalterik egingo lege honen 2. artikuluko baimen- edo adostasun-kasuei.
2. artikulua
1. Legeek eta gizarte-usadioek zehaztuko dute ohorearen, intimitatearen eta norberaren irudiaren gaineko babes zibila. Horretarako, kontuan hartuko da, nork bere egintzen arabera, berarentzat nahiz bere familiarentzat erreserbatzen duen esparrua.
2. Babestutako esparruan ez da bidegabeko esku-sartzerik atzemango, legeak esanbidez baimentzen duenean esku-sartzea, edo eskubidearen titularrak esanbidezko adostasuna ematen duenean.
3. Aurreko paragrafoko adostasuna edozein unetan ezeztatu ahal izango da; baina, hala denean, sortutako kalte- -galerak ordaindu beharko dira, eta, kalte- galera horien artean, justifikatutako igurikimenak izango dira.
3. artikulua
1. Adingabeek eta ezgaiek eurek eman beharko dute adostasuna, baldin eta euren heldutasun-baldintzek hori ahalbidetzen badute, legeria zibilarekin bat etorriz.
2. Osterantzeko kasuetan, lege-ordezkariak eman beharko du adostasuna, idatziz. Lege-ordezkariak betebeharra izango du, emango duen adostasuna Fiskaltzari aurretiaz komunikatzeko.
Zortzi eguneko epean Fiskaltza adostasuna ematearen aurka jartzen bada, epaileak emango du ebazpena.
4. artikulua
1. Hildakoaren ohore, intimitate edo irudiaren gaineko babes zibilaren akzioak egikarituko ditu hildakoak berak horretarako bere testamentuan izendatu duenak.
Pertsona juridikoa ere izenda daiteke.
2. Izendapenik ez badago edo izendatutako pertsona hil bada, babesa eskatzeko legitimazioa izango dute ukitutako pertsonaren ezkontideak, ondorengoek, aurrekoek eta neba-arrebek, baldin eta bizirik badaude, ukitutako pertsona hiltzean.
3. Horiek guztiak ez badaude, Fiskaltzak egikarituko ditu babes-akzioak. Fiskaltzak jardun ahal izango du ofizioz edo pertsona interesdunak hala eskatuta, baldin eta laurogei urte baino gehiago igaro ez badira, ukitua hil zenetik.
Epe bera hartuko da kontuan, testamentuan izendatutako pertsona juridikoari dagokionean akzioak egikaritzea.
5. artikulua
1. Aurreko artikuluan aipatu ahaideetarik bat baino gehiago bizi bada, horietarik edonork egikaritu ahal izango ditu hildakoaren eskubideak babesteko ezarri akzioak.
2. Erregela bera aplikatuko da, hildakoaren testamentuan pertsona batzuk izendatu direnean, salbu eta hildakoak aurkakoa xedatu duenean.
6. artikulua
1. Urratutako eskubidearen titularra hiltzen denean, berak edo bere lege-ordezkariaren bidez lege honetan ezarritako akzioak egikaritzeko aukerarik izan gabe, urratzea eragin zuten inguruabarrengatik, aipatu akzioak egikaritu ahal izango dituzte 4. artikuluko pertsonek.
2. Pertsona horiek eutsi ahal izango diote urratutako eskubidearen titularrak jarritako akzioari, titular hori hiltzen denean.
II. KAPITULUA
Ohorearen, intimitatearen eta norberaren irudiaren babes zibila
7. artikulua
Lege honen 2. artikuluko babes-esparruan, bidegabeko esku-sartzeak izango dira:
1. Edozein tokitan jartzea entzuteko edo filmatzeko aparatuak, gailu optikoak edo pertsonen bizitza intimoa grabatzeko nahiz erreproduzitzeko balio duten bideetatik beste edozein.
2. Entzuteko aparatuak, gailu optikoak edo beste edozein bide erabiltzea, pertsonen bizitza intimoa ezagutzeko, edo bide horiek zein pertsonak erabili eta pertsona horrentzat ez diren adierazpen edo gutun pribatuak ezagutzeko, bai eta horiek grabatzea, erregistratzea edo erreproduzitzea ere.
3. Pertsona edo familiaren bizitza intimoari buruzko egitateak zabaltzea, egitate horiek eragina dutela pertsona edo familia horren entzute eta izen onean, bai eta gutunen, oroitzapenen edo izaera intimoko beste idazki pertsonal batzuen berri ematea nahiz horiek argitaratzea ere.
4. Pertsona edo familiaren datu pribatuak ezagutaraztea, baldin eta datu horiek ezagutu badira datuon berri ematen duen subjektuaren lanbide-jarduera edo jarduera ofiziala dela eta.
5. Norbaiten irudiak jasotzea, erreproduzitzea edo argitaratzea, argazki, film edo beste edozein prozeduraren bidez, pertsona horren bizitza pribatuko toki zein uneetan, edo horietatik kanpo, 8.2 artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.
6. Norbaiten izena, ahotsa edo irudia erabiltzea, iragarki-xedeetarako, merkataritza-xedeetarako edo antzeko xedeetarako.
7. Egitateak egoztea edo iritziak agertzea, beste pertsona baten duintasuna edozein modutan urratzen duten ekintza edo adierazpenen bidez, pertsona horren ospeari kalte eginez edo beraren estimuaren aurka eginez.
8. artikulua
1. Orokorrean, ez da bidegabeko esku-sartze gisa hartuko agintari eskudunak legearen arabera baimendu edo erabakitako jarduna. Gauza bera gertatuko da, interes historiko, zientifiko edo kultural garrantzitsua nagusitzen denean.
2. Bereziki, norberaren irudirako eskubideak ez du eragotziko:
a) Edozein bide erabilita pertsonen irudiak jasotzea, erreproduzitzea edo argitaratzea, pertsona horiek kargu publikoa edo entzute handiko lanbidea nahiz garrantzi publikoa dutenean, eta irudiak jasotzen direnean ekitaldi publikoan edo jendaurrean zabalik dauden tokietan.
b) Pertsona horien karikaturak erabiltzea, gizarte-usadioekin bat etorriz.
c) Gertaera edo jazoera publiko baten gaineko informazio grafikoa, pertsona jakin baten irudia bigarren mailako gisa agertzen denean.
Artikulu honen a) eta b) idatz-zatietan jasotako salbuespenak ez zaizkie aplikatuko agintari edo pertsona jakin batzuei, pertsona horiek anonimoak izan behar direnean, eurek gauzatzen dituzten eginkizunen izaerarengatik.
9. artikulua
1. Lege honetan ezarri eskubideei begira, esku-sartze bidegabeen aurkako babes judiziala eskatu ahal izango da prozesu-bide arruntak erabilita edo Konstituzioaren 53.2 artikuluan ezarritako prozedura erabilita.
Halaber, bidezkoa denean, babes-errekurtsoa jarri ahal izango da Konstituzio Auzitegian.
2. Babes judizialak bere barnera bilduko du beharrezko neurri guztiak hartzea, esku-sartze bidegabea amaitzeko eta kaltedunari bere eskubide guztiak berrezartzeko, bai eta bihar- -etziko esku-sartzeak prebenitzeko edo saihesteko ere.
Neurri horien artean egon ahal izango dira kautelazkoak, esku-sartze bidegabea berehala geldiarazteko, bai eta erantzuteko eskubidea aitortzea, epaia hedatzea eta eragindako galeren ondoriozko kalte-ordainak ematera kondenatzea ere.
3. Kaltea badagoela uste izango da, baldin eta esku-sartze bidegabea egiaztatzen bada.
Kalte-ordainak bere baitara bilduko du kalte morala, eta kalte moral hori baloratuko da kasuan kasuko inguruabarrak eta benetan eragindako lesioaren larritasuna kontuan hartuta. Balorazio hori egiteko, aintzat hartuko da, hala denean, kaltea eragin duen bidearen hedatzea edo ikus-entzule kopurua.
Baloratuko da, halaber, lesioa eragin duenak lesioaren ondorioz lortutako onura.
4. Kalte moralaren ondoriozko kalte- ordainaren kopurua, 4. artikuluaren kasuan, artikulu horren 2. paragrafoak aipatu pertsonek, eta, horiek izan ezean, pertsona horien kausadunek jasoko dute; epaiak ezarriko du pertsona horiek zenbateraino diren kaltedunak, eta horren araberakoa izango da kalte-ordaina.
Lege honen 6. artikuluko kasuetan, ulertuko da kalte-ordaina kaltedunaren jarauntsira bildu dela.
5. Esku-sartze bidegabeen aurkako babes-akzioak iraungiko dira, legitimazioa duenak akzio horiek egikaritzeko aukera izan zuenetik lau urte igaro direnean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratuko dira lege honen lerrun bera edo txikiagoa duten xedapen guztiak, lege organiko honetan ezarritakoaren aurkakoak diren neurrian.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa
Indargabetuta, Izaera Pertsonaleko Datuen Tratamendu Automatizatua Arautzeko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoaren xedapen indargabetzailearen ondorioz (EAO, 262. zk., urriaren 31koa).
Bigarrena
Konstituzioaren 53.2 artikuluan zenbait xedapen jaso dira, lehentasun- eta sumariotasun-printzipioetan oinarritutako prozedura ezartzeari buruz; bada, xedapen horiek garatzen ez diren bitartean, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta norberaren irudirako eskubideen babes judiziala eskatu ahal izango da beste bide batzuk erabilita, lege honek alderdien legitimazioaren inguruan ezarri berezitasunekin. Bide horiek ezarri dira Pertsonaren Oinarrizko Eskubideen Jurisdikzio Babesari buruzko abenduaren 26ko 62/1978 Legearen II eta III. ataletan.
Behin erabilitako prozedura amaituta, babes- -errekurtso konstituzionala jarri ahal izango da, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren III. tituluko I. kapituluak ezarritako kasuetan.