Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Maiatzaren 24ko 6/1984 Lege Organikoa, Habeas Corpus Prozedura Arautzekoa

1984-05-24

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1984/5/26, 126. zk.

Maiatzaren 24ko 6/1984 Lege Organikoa, Habeas Corpus Prozedura Arautzekoa

EAO, 126. zk., maiatzaren 26koa

ZIOEN AZALPENA

Konstituzionalismo modernoak oinarrizko xedea du, aldi berean, bere sustrairik sakonena dena: herritarren bizitza eta askatasuna aitortu eta babestea.

Benetako konstituzioen ezaugarri da herritarren askatasuna babesteko sistema juridiko eta politikoa ezartzea, eta, ondorenez, halako konstituzioak aginte-guneen arrazionalizazioak baino zerbait gehiago dira.

Ildo horretatik, Espainiako Konstituzioak eratutako antolamenduaren xede nagusia da herritarren askatasuna bermatzea. Bada, Konstituzioak berak eratu du askatasuna antolamenduko balio nagusi bezala.

Hori dela eta, konstituzio- testuak zehaztasunez arautu ditu oinarrizko eskubideak, eskubide horiek babesteko teknika juridiko zehatz batzuk ezarriz, subjektu pribatuei begira, eta, bereziki, botere publikoei begira.

«Habeas Corpus» erakundea da oinarrizko eskubideak —eta horien artean oinarrizkoena: norberaren askatasunerako eskubidea— babesteko teknika horietatik bat.

Jakina denez, erakunde hori zuzenbide anglosaxoniarraren berezko erakundea da. Zuzenbide horretan tradizio handiko erakundea izanik, sistema guztiz egokitzat jo da, norberaren askatasuna babesteko, botere publikoko agenteek izan dezaketen nahierakeriaren aurrean.

Hala ere, erakundearen jatorri anglosaxoniarrak ezin ezkuta ditzake erakunde horrek Espainiako zuzenbide historikoan dituen sustraiak; izan ere, Espainiako zuzenbide historikoan badira antzinako aurrekari batzuk, hala nola, Aragoiko Erresumako «recurso de manifestación de personas» delakoa, eta Bizkaiko Foruan nahiz beste foru-antolamendu batzuetan jasotako aipamenak, ustez legearen aurkako ziren atxiloketen inguruan. Gainera, badira hurbilagoko aurrekariak, 1869 eta 1876ko konstituzioek prozedura hori arautu baitzuten, nahiz eta horretarako izendapen berezirik ezarri ez.

Historian zehar «Habeas Corpusak» argi utzi du bere eragingarritasuna herritarren askatasuna babesteko.

Beraz, Konstituzioak, 17. artikuluko 4. paragrafoan, erakunde hori jaso eta legegileari ezarri dio horren inguruko arauketa egiteko betebeharra. Modu horretara, osatu egiten da Espainiako oinarrizko arauak norberaren askatasuna babesteko diseinatutako sistema konplexu eta oro hartzailea.

Horrenbestez, «Habeas Corpusaren» arauketa, konstituzio-agindua ez ezik, botere publikoek herritarrei begira duten konpromisoa ere bada.

«Habeas Corpusaren» xedea da konponbide eragingarri eta arinak ezartzea, norbait lege-justifikaziorik gabe atxilotu edo atxiloketa hori legearen aurkako baldintzetan egiten den balizko egoeretan.

Ondorenez, «Habeas Corpusaren» bidez atxilotua epailearen aurrera agertzen da. Agertze hori da, gainera, prozedurak duen izenaren jatorri etimologikoa. Egin-eginean ere, agertze hori dela bide, askatasunaz gabetuta dagoen herritarrak bere alegazioak egin ditzake atxiloketa-arrazoi edo -baldintzen aurka, epaileak behin betiko ebatz dezan atxiloketa zuzenbidearekin bat datorren ala ez.

Hortaz, «Habeas Corpusaren» arauketa eragingarria izan dadin, prozedura arina ezarri behar da, eta prozedura hori izan behar da atxiloketaren legezkotasuna eta atxiloketa egiteko baldintzak epaiketa bidez berehala egiaztatzeko bezain arina. Halaber, prozedura hori erraza izan behar da, herritar guztiek horretaz baliatzeko aukera izan eta agintari judizialarengana jo dezaten, alferrikako zailtasunik gabe.

Horiexek dira lege organiko honen xedeak, eta, horretarako, lau printzipio osagarritan oinarritzen da. Printzipio horien artean arintasuna da lehenengoa.

Hurrean ere, arintasuna nahitaezkoa da, pertsonaren askatasunari begira legearen aurka dagoen urratzea ahalik azkarrena konpon dadin. Bada, arintasun hori erdiesteko prozedura judizial sumario eta oso azkarra ezarri behar da, hain zuzen, hogeita lau orduan amaitu behar dena.

Horrek argi eta garbi bermatzen du, legearen aurkako atxiloketak edo legearen aurkako baldintzetan irauten dutenak laster amaitzea.

Bigarrenik, erraztasunaren eta formalismorik ezaren agerpenak dira, besteak beste, hitzezko agerraldia egin ahal izatea, eta abokatu eta prokuradorearen beharra ez edukitzea. Bada, bi-biek ahalbidetuko dute bidegabeko luzapenak saihestea eta herritar guztiek «Habeas Corpusa» erabiltzea, kontuan hartu gabe herritar horiek euren eskubideen berri duten eta herritar horien ahalbide ekonomikoa zer-nolakoa den.

Hirugarrenik, orokortasuna da lege honek ezarritako prozeduraren ezaugarri; izan ere, pertsonak atxilotzearen legezkotasunaren gainean, kontrol judiziala ezarri behar da, eta kontrol horretatik kanpo ezin da geratu subjektu pribatu edo agintaritzaren agente bat ere; horren inguruan ez dago inolako salbuespenik, ezta agintari militarrari dagokionez ere. Orokortasun horren ondorio da, berebat, pertsona askok izatea prozedura hori eskatzeko legitimazioa. Horren inguruan nabarmendu behar da Fiskaltzari eta Herri Defendatzaileari aitortutako legitimazioa, hurrenez hurren, legezkotasuna eta herritarren eskubideen defentsa bermatu behar dituzten ginoan.

Amaitzeko, legeak asmo unibertsala du. Hori dela eta, lege honek arautu duen «Habeas Corpus» prozedurara biltzen dira legearen aurkako atxiloketak —atxiloketa egiten delako legeak ezarritakoaren aurka edo babes juridikorik gabe—, bai eta, jatorrian legearekin bat datozen atxiloketak izanda, legearen aurka irauten dutenak edo luzatzen direnak, nahiz legearen aurkako baldintzetan egiten direnak ere.

Duda-mudarik gabe, ezaugarri horiek dituen prozedura arautzea oso garrantzitsua da, pertsonen askatasuna babesteko. Duda-mudarik gabe, orobat, arauketa horrek ahalbidetu bide du kate-begi berri garrantzitsua gehitzea, Konstituzioak pertsonaren askatasunaren inguruan antolamenduari ezarri dizkion bermeen katean.

Prozedura hori dela eta, Espainiak bat egin du atxiloketen edo horien baldintzen kontrol- sistema azkarra ezarri duten herrialde apurrekin.

1. artikulua

Lege honetan araututako «Habeas Corpus» prozeduraren bidez lortu ahal izango da legearen aurka atxilotutako pertsona oro berehala jartzea agintari judizial eskudunaren esku.

Lege honen ondoreetarako legearen aurka atxilotutako pertsonak dira:

a) Agintariren batek, horren agenteren batek, funtzionario publikoren batek edo subjektu pribaturen batek atxilotutakoak, lege-egoeretatik kanpo, edo legeek jasotako formalitateak eta ezarritako betekizunak bete gabe.

b) Edozein establezimendu edo tokitan modu ez zilegian barneratuta daudenak.

c) Legeetan zein epe ezarri eta epe hori baino denbora gehiagoz atxilotuta daudenak, baldin eta, legeek ezarritako epe hori igarota, pertsona horiek askatzen ez badira, edo atxiloketa-lekutik gertuen dagoen epailearen esku uzten ez badira.

d) Askatasunaz gabetuak, baldin eta horiei errespetatu ez bazaizkie atxilotutako pertsona guztiei Konstituzioak eta prozesu-legeek bermatzen dizkieten eskubideak.

2. artikulua

«Habeas Corpus» eskabidearen gaineko eskumena du instrukzioko epaileak. Epaile hori izango da askatasunaz gabetutako pertsona zein tokitan izan eta toki horretakoa; toki horren berririk ez bada, atxiloketa zein tokitan egin eta toki horretakoa; eta, aurreko zehaztasun horiek izan ezean, azkenekoz atxilotuaren berri zein tokitan izan eta toki horretakoa.

Atxiloketaren arrazoia Konstituzioaren 55.2 artikuluko egoerak garatzen dituen lege organikoaren aplikazioa izanez gero, prozedura gauzatu beharko da kasuan kasuko instrukzio-epaile zentralaren aurrean.

Jurisdikzio militarraren esparruan, «Habeas Corpus» eskabidearen gaineko eskumena izango du atxiloketa zein jurisdikzio-mugapetan egin eta jurisdikzio- mugape horretan eratutako epaile militar togadunak.

3. artikulua

Lege honek ezarritako «Habeas Corpus » prozedura eskatu ahal izango dute:

a) Askatasunaz gabetuak, horren ezkontideak edo ezkontidearen antzeko maitasun-harremanen bidez lotutako pertsonak, ondorengoek, aurrekoek, neba-arrebek eta, hala denean, adingabeei eta ezgaitutako pertsonei dagokienez, horien legezko ordezkariek.

b) Fiskaltzak.

c) Herri Defendatzaileak.

Era berean, prozedura ofizioz hasi ahal izango du aurreko artikuluko epaile eskudunak.

4. artikulua

Prozedura idazki edo agerraldi bidez hasiko da, salbu eta ofizioz hasten denean; ez da nahitaezkoa abokatuak esku hartzea, ezta prokuradoreak ere.

Idazki edo agerraldi horretan jaso beharko dira:

a) Eskatzailearen eta lege honek araututako babes judiziala zein pertsonari aplikatzea eskatu eta pertsona horren izena eta inguruabar pertsonalak.

b) Askatasunaz gabetua zein tokitan dagoen, zein agintari edo pertsonaren zainpean dagoen, horiek ezagunak badira, eta garrantzitsuak izan daitezkeen beste inguruabar guztiak.

c) «Habeas Corpusa» eskatzeko arrazoi zehatza.

5. artikulua

Gobernu-agintariak, horren agenteek edo funtzionario publikoek berehala eman behar diote epaile eskudunari «Habeas Corpus» eskabidearen berri, eskabide hori egiten duenean askatasunaz gabetuta euren zainpean dagoen pertsonak.

Betebehar hori bete ezean, epaileak ohartarazpena egingo die haiei, eurek izan ditzaketen zigor- eta diziplina- -erantzukizunak gorabehera.

6. artikulua

«Habeas Corpusaren» eskabidea sustatuta, epaileak aztertuko du horren izapidetza egiteko betekizunak dauden, eta eskabidea Fiskaltzari bidaliko dio.

Jarraian, auto bidez, prozedura hastea erabakiko du, edo, hala denean, eskabidea ukatuko du, hori bidegabea izateagatik.

Edozein kasutan ere, auto hori Fiskaltzari jakinaraziko zaio.

Kasu batean zein bestean emandako ebazpenaren aurka ez da errekurtsorik izango.

7. artikulua

Prozedura hasteko autoan, epaileak askatasunaz gabetutako pertsona zein agintari edo subjekturen esku izan eta agintari edo subjektu horri aginduko dio, askatasunaz gabetua beraren aurrera eraman ezean, aitzakia eta atzerapenik gabe, askatasunaz gabetutako pertsona dagoen tokira joango dela.

Ebazpena eman aurretik, epaileak entzungo du askatasunaz gabetutako pertsonak, edo, hala denean, horren lege-ordezkariak eta abokatuak, halakoa izendatuz gero, eta Fiskaltzak esan beharrekoa; jarraian, epaileak, bere jarrera justifika dezan, entzungo du atxiloketa edo barnealdia agindu edo egin duen agintariak, agenteek, funtzionario publikoak edo erakundearen ordezkariak nahiz pertsonak esan beharrekoa, eta, edozein kasutan, askatasunaz gabetutako pertsona zein subjekturen zainpean izan eta subjektu horrek esan beharrekoa; epaileak horiei guztiei emango die askatasunaz gabetuak egindako adierazpenen berri.

Epaileak onartu egingo ditu, egokitzat jotzen baditu, aurreko lerrokadako pertsonek ekarritako frogak, eta pertsona horiek proposatuta berehala gauza daitezkeenak.

Hogeita lau orduko epean, prozedura hasteko autoa eman denetik zenbatzen hasita, epaileek artikulu honen jarduera guztiak gauzatuko dituzte, eta bidezkoa den ebazpena emango dute.

8. artikulua

Aurreko artikuluko jarduerak gauzatuta, epaileak, auto ziodunaren bidez, berehala emango du ebazpen hauetako bat:

1. Lege honen lehenengo artikuluko inguruabarrak ez daudela ulertuz gero, epaileak jarduna artxibatzea erabaki eta adieraziko du zuzenbidearekin bat datozela askatasunaz gabetzea eta askatasun gabetze horri eusteko inguruabarrak.

2. Lege honen lehenengo artikuluko inguruabarren bat dagoela ulertuz gero, berehala hartuko da neurri hauetatik bat:

a) Askatasunaz gabetutakoa askatzea, gabetze hori legearen aurkakoa izan bazen.

b) Askatasunaz gabetzeari eustea, kasuan-kasuan aplikatu beharreko lege- -xedapenekin bat etorrita, baina, beharrezkotzat joz gero, beste establezimendu batean, edo beste pertsona batzuen zainpean, ordu artekoen ordez.

c) Askatasunaz gabetutako pertsona berehala epailearen esku jartzea, baldin eta igaro bada legeak pertsona hori atxilotzeko ezarri epea.

9. artikulua

Epaileak lekukotzak jasoko ditu, egokitzat jotako subjektu pribatuengandik, atxiloketa nork agindu edo askatasunaz gabetutako pertsona zainpean nork izan eta horiek egin ahal izan dituzten delituak pertsegitu eta zigortzeko.

Salaketa faltsuaren delitua edo delituaren itxura-egitea dagoenean, berebat, epaileak lekukotzak jasoko ditu, egokitzat jotako subjektu pribatuengandik, kasuan kasuko zigor-erantzukizunak zehazteko.

Edozein kasutan ere, ausarkeria edo gaitzustea atzemanez gero, prozeduraren kostuak ordaintzeko kondena ezarriko zaio eskabidea egin duenari; halakorik ez bada atzematen, ofizioz adieraziko dira prozeduraren kostuak.

AZKEN XEDAPENA

AZKEN XEDAPENA

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra