Ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoa, Alderdi politikoei buruzkoa
2002-06-27Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2002/6/28, 154. zk.
I
Konstituzioaren aurreko Alderdi Politikoen 54/1978 Legeak, artikulu eta eduki laburrekoak, balio izan du, batez ere, prozedura erraza ezartzeko, alderdi politikoak askatasunez era daitezen. Xede hori garrantzitsua izan zen, legea aldarrikatu zen unean ere.
Gaur egun, Espainian alderdi politikoen estatutu juridikoa osatzen duten osterantzeko xedapenak dira Konstituzioak ezarritakoaren ondorio, bai eta beste arau batzuek ezarritakoaren ondorio ere; arau horien artean daude, bada, parlamentuetako araudiak nahiz Hauteskundeei buruzko Legea. Arau horiexek zehaztu dute alderdi politikoek sistema demokratikoan duten eginkizuna eta oinarrizko zeregina. Era berean, arau horiek gerogarrenean egindako legeria-eraldaketen ondorio ere badira; eraldaketok izan dira, besteak beste, Zigor Kodean egindakoak, elkarte jakin batzuen lege-aurkakotasunaren gainean, edota alderdi politikoak finantzatzearekin zerikusia dutenak. Gainera, xedapen horien oinarri da Botere Judizialaren eta Konstituzio Auzitegiaren interpretazio-lan eskerga.
Ia-ia hogeita bost urte igaro dira, Alderdi Politikoen Lege hau, oraindik indarrean dagoena, onetsi zenetik, eta igarri-igarrian dago, alderdien estatutu osatugabe eta zatikakoa ez dela nahikoa demokrazia heldu eta guztiz egonkor batean; izan ere, areagotu egin dira alderdi politikoen konstituzio-protagonismoa eta -garrantzia.
Hori dela eta, bidezkoa da lege hori eraldatzea; halaber, izan bada horren aldeko makina bat arrazoi.
Hasteko, argiro eta sistema gisa jaso behar da urte hauetan izandako esperientzia.
Orobat, berritu behar dira iraganeko kezka nagusietan errotutako arauak, halakoak ezegokiak eta eskasak baitira egungo errealitate berriak arautzeko.
Kontuan hartu behar da, bereziki, gizarteak egun duen indarra, erakundeen ekintza osatzeko; bada, gizarteak bideak ireki ditu partaidetzarako edo erakundeekin harremanak izateko, elkarte, fundazio edo alderdi politikoen antzeko tresnak erabilita. Ildo horretatik, arian-arian, eguneratzen doa tresna horien guztien legeria.
Bestalde, alderdi politikoak ez dira konstituzio-organoak, ezpada elkarketa oinarri duten erakunde pribatuak. Alabaina, alderdi politikoak funtsezkoak dira konstituzio-eraketan: berebiziko konstituzio-garrantzia duten eginkizunak gauzatzen dituzte, eta bigarren izaera ere badute, doktrinak sarritan aipatu duena, alderdiek Konstituzioan duten pisua eta erakunde-bermea gogoraraziz.
Edonondik begira dakiola ere, egungo egoeran premiazkoa da alderdi politikoen estatutu juridikoa indartzea eta hobetzea, araubide zehatz, bermatzaile eta osatuagoa ezarriz.
Halaxe bada elkarte guztientzat, arrazoi gehiagorekin izango da elkarte politikoentzat; arean ere, alderdi politikoen xedea da pentsaerak eta esfortzuak batzea, gai publikoak demokrazian oinarrituta gidatzeko, erakundeen jardunbidea laguntzeko eta, botere politikoa gauzatuz, aldaketak eta hobekuntzak eragiteko.
Halaber, alderdi politikoak estatu- ekintzaren funtsezko tresnak dira, zuzenbideko estatu aurreratu eta zorrotz batean; egin-eginean ere, zuzenbideko estatu horrek mugak ipini eta berme eta kontrolak ezartzen dizkio edozein subjekturi, nahiz eta subjektu horrek konstituzio-egituran garrantzia izan.
Hurrean ere, zenbatenaz subjektuak eta horren eginkizunak garrantzi handiago izan sisteman, hainbatenaz interes gehiago du zuzenbideko estatuak horren araubidea egokitzeko.
Azken buruan, hori guztiori aintzat hartuta, Espainian, orokorrean, uste da egungo legeriak gabeziak dituela konstituzio- betekizunak zehazteko, antolaketa eta jardunbide demokratikoaren inguruan, eta Konstituzioaren eta legeen arabera jardutearen inguruan.
Hori berori atzeman daiteke, hala barne-antolaketan nahiz kanpoko jardueran errespetatu behar diren printzipio demokratikoak eta konstituzio-balioak ulertzeari dagokionez, nola horiek eragingarri egiteko prozedurei dagokienez ere.
Gabezia horrek dakar, hain zuzen, ahalegin berezia egin beharra, indarrean dauden xedapenak osatzeko.
Hartara, helburua da sistema demokratikoaren jardunbidea eta herritarren oinarrizko askatasunak bermatzea. Esangura horretan, saihestu behar da alderdi politiko batek, etengabe eta modu larrian, askatasunak biltzen dituen erregimen demokratiko baten aurka egin ahal izatea, arrazakeria eta xenofobia justifikatzea, edota politikaren bidez indarkeriaren eta talde terroristen jardueren alde egitea.
Zinez, terrorismo-jarduera dela bide, nahitaezkoa da bi erakunde-mota identifikatzea eta argi-argi bereiztea. Batetik, metodo eta printzipio demokratikoak zehatz-mehatz errespetatuta, euren ideia eta programak defendatu eta sustatzen dituzten erakundeak daude, baita erakunde-esparrua berrikusi nahi dutenak ere. Bestetik, badira erakundeak, euren politika-ekintzaren sostengua indarkeria, ikara, bereizkeria, bazterketa eta eskubide eta betebeharrak urratzea dutenak eta horiekin ados datozenak.
Ondore horietarako, alderdi politikoak legez kanpo uzteko prozedura judiziala ezarri da, politikaren bidez indarkeriaren edo terrorismoaren alde egitearren, modu argi eta eragingarrian. Hala ere, ez datoz bat prozedura hori eta Zigor Kodean jaso dena, 51.5 eta 520. artikuluetako arrazoien ondorioz zilegi ez diren elkarteak desegiteko.
II
Xede horiek eragingarriak izan daitezen, Alderdi Politikoen Lege Organiko honek, Espainiako Konstituzioaren 1, 6, 22 eta 23. artikuluetako xedapen garrantzitsuak garatu dituenak, hamahiru artikulu ditu, lau kapitulutara bildu direnak, eta hiru xedapen gehigarri —Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren bi artikulu eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 61. artikulua eraldatu dituztenak—, xedapen iragankor bakarra, xedapen indargabetzaile bakarra eta bi azken xedapen.
III
I. kapituluak askatasun-printzipioa sendotu du, horrek dituen hiru aldeetan sendotu ere: sortzeko askatasun positiboa, afiliatzeko askatasun positiboa eta alderdikide izateko edo parte hartzeko askatasun negatiboa. Halaber, I. kapituluak alderdi politikoak sortzeko prozedurak hobetu ditu, egun dauden xedapenak osatuz, zalantza batzuk argituz eta hutsune batzuk betez.
Hortaz, arlo honetan, legeak ez du aldarazpen gehiegirik egin, edukiari dagokionez behinik behin; egin-eginean ere, errespetatu egin du Konstituzioak ondorioztatzen duen esku-hartze gutxienaren printzipioa.
Alderdi Politikoen Erregistroan sortze-aktaren eta estatutuen inguruan egindako inskripzioak nortasun juridikoa aitortzen dio alderdi politikoari, jendaurreko egiten ditu alderdiaren eraketa eta horren estatutuak, botere publikoak lotzen ditu eta bermea dakar alderdiarekin harremanak dituzten hirugarrenentzat zein alderdikideentzat.
Inskripzio hori egin behar du Erregistroko arduradunak, epe mugatu eta laburrean; behin epe hori igarota, inskripzioa egin dela ulertu behar da.
Berrikuntza nabarmenen artean daude: 2. artikuluak delitu jakin batzuk egin dituenari ezarritako muga, alderdien sustatzaile izan dadin; 3. artikuluaren 1. paragrafoak jaso alderdien izenaren inguruko debekuak; 4. artikuluaren 1. paragrafoak ezarri sustatzaileen erantzukizuna; formazko akatsak ongitzeko izapidea jasotzea edota inskripzioa egiteko epea etetea, 5. artikuluak zehaztutako inguruabarren bat dagoenean.
Azken artikulu horretan, eutsi egin zaio aurreko legeak jasotako xedapen bati. Xedapen horren arabera, alderdi politiko baten inguruan ez-zilegitasun penalaren zantzuak daudenean, alderdi hori eratu eta Erregistroan inskribatzeko unean, zigor-arloko epaileak adieraz dezake, Fiskaltzak hala eskatuta, eta horretarako aldez aurretik Barne Arazoetarako Ministerioak komunikazioa eginda, alderdi hori legearen aurkakoa dela eta, beraz, inskripzioa bidegabea.
IV
Legearen berrikuntza nagusiak II. kapituluan jaso dira. Horren ondorio dira, berebat, III. kapituluko manu berriak.
II. kapituluan oinarrizko irizpideak zehaztu dira, Konstituzio-aginduak bermatzeko. Konstituzio-agindu horien arabera, alderdi politikoen antolaketa, jardunbidea eta jarduera demokratikoak izan behar dira, eta Konstituzioak eta legeek ezarritakoaren araberakoak, 9. artikuluak ezarritakoaren ildotik, «Konstituzioak eratxiki dizkien eginkizunak modu demokratikoan eta aniztasuna erabat errespetatuz» gauzatzeko.
Alde batetik, 7 eta 8. artikuluekin, lege organiko honek bateratu nahi ditu alderdi politikoek euren estatutuen bidez antolatzeko eta jarduteko duten gaitasuna errespetatzea, eta oinarrizko osagai batzuk ezartzea, alderdien barne- -antolaketan eta jardunbidean printzipio demokratikoak aplikatzea ziurtatu behar dutenak.
Horrekin, lehenengo eta behin, kontuan hartzen dira alderdiko afiliatuen eskubideak. Horrez gain, erdietsi nahi da «Konstituzioak eta legeek alderdiei eratxiki dizkieten eginkizunak benetan bete daitezen ziurtatzea eta, azken buruan, estatuaren jardunbide demokratikoa bermatu dadin laguntzea » (martxoaren 6ko 56/1995 KAE).
Ikuspegi bikoitz hori aintzat hartuta, partaidetza orokorreko biltzar-organoa arautu da, alderdiaren eskumen garrantzitsuenak dituena; sufragio aske eta sekretua ezarri da, zuzendaritza-postuak betetzeko ohiko bide gisa; zuzendaritza- postu horien zentsura demokratikoa arautu da; edozein elkartetan oinarrizkoak izan eta berdintasunez egikaritu behar diren eskubideak aitortu dira, hala nola, hautaketan parte hartzea eta organoetan hautagai izatea, edota jardueren, egoera ekonomikoaren eta zuzendaritza-organoak osatzen dituzten pertsonen gain informatzea; eta kide anitzeko organoen bileren jardunbiderako eta araubiderako erregela batzuk zehaztu dira.
Beste alde batetik, 9. artikuluaren xedea da alderdi politikoek printzipio demokratikoak eta giza eskubideak errespeta ditzaten ziurtatzea.
Horretarako, orain indargabetu den legearen enuntziatu orokorraren aldean, lege organiko honek zehaztasun nahikoarekin zerrendatu ditu printzipio horiek modu nabarian hausteko jokabideak; hurrean ere, legeak bi oinarri izan ditu abiapuntu, labur bada ere, jorratu behar direnak.
Legeak, lehendabizi, alderdi baten izaera demokratikoa eta alderdi horrek konstituzio-balioak errespetatzen dituen egiaztatzearen aldeko apustua egin du; horretarako, legeak aintzat hartu du alderdiaren jarduera orokorra, eta ez alderdi horrek aldarrikatutako ideia eta helburuak.
Edu horretan, beren beregi debekatutako xede bakarrak dira zuzenean ez-zilegitasun penala dakartenak.
Jakina denez, hori ez da zuzenbide konparatuko ereduek eskaintzen duten aukera bakarra.
Bada, beharrizanak daude, demokrazia babesteko xede higuingarri batzuetatik edota metodo jakin batzuetatik, eta demokraziaren klausula eratzaileak eta zuzenbideko estatuaren funtsezko osagaiak zaintzeko. Gainera, botere publikoek betebeharra dute, herritarren oinarrizko eskubideak errespetatzeko; eta, alderdi politikoak hartzen dira konstituzio- -eginkizun jakin batzuk gauzatzeko betebeharra duten subjektu gisa, horretarako estatutu berezia aitortu zaien ginoan. Hori guztia dela eta, antolamendu juridiko batzuetan modu kategorikoan azaldu da men egiteko eginbehar zehatza, lotura estuagoa ezarri da konstituzio-ordenari begira eta, areago, eginbehar positiboa agindu da, demokraziaren gauzatze, defentsa aktibo eta pedagogiari dagokionez.
Eginbeharrok ez betetzeak antolamendu juridikotik eta sistema demokratikotik baztertzen ditu alderdiak.
Lege honek, ordea, beste antolamendu juridiko batzuetan ez bezala, ulertu du edozein proiektu edo xede bat datorrela Konstituzioarekin, betiere, horiek defendatzen ez badira printzipio demokratikoak edo herritarren oinarrizko eskubideak hausten dituen jarduera baten bidez.
Abenduaren 22ko 7/2000 Lege Organikoaren zioen azalpenean esandakoaren ildotik, argi dago xedea ez dela ideien edo doktrinen defentsa galaraztea, nahiz eta halakoak konstituzio-esparrutik aldendu edo halakoek konstituzio- -esparrua zalantzan jarri.
Labur-zurrean esanda, beste eredu batzuk ere izan arren, arauketa hau orekatsua da, kontu handiz bateratzen baititu aniztasunik zabalenari datxekion askatasuna eta giza eskubideak errespetatzea, eta demokrazia babestea.
Joera hori baieztatzen du, hain justu ere, aintzat hartutako printzipioetatik bigarrenak. Printzipio horren arabera, saihestu behar da, lantzean behingo jokabideen ondorioz alderdi politiko bat legez kanpo uztea, salbu eta, berriro ere, jokabideok zigor- izaerakoak direnean. Haatik, alderdi politiko bat legez kanpo uzteko behar da alderdi horrek behin eta berriro edo ezari-ezarian ekintza batzuk gauzatzea, eta ekintza horiek agerian uztea, modu zalantzagabean, izan badela demokrazia haustea, eta konstituzio- -balioen, metodo demokratikoaren eta herritarren eskubideen aurka joatea dakarren ibilbidea.
Horren guztiaren adibide dira 9. artikuluaren 2. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatiak. Idatz-zati horietan argiro ezarri da bi erakunde-motaren arteko muga. Bateko, erakundeak daude, euren ideia eta programak, horiek edozein izanda ere, metodo eta printzipio demokratikoak zehatz-mehatz errespetatuz defendatzen dituztenak. Besteko, erakundeak daude, euren politika-ekintzaren sostengua ikara, indarkeria edo herritarren eskubideak nahiz metodo eta printzipio demokratikoak urratzea dutenak eta horiekin ados datozenak.
V
Horrenbestez, legeak ezarri du alderdi politikoek eginbeharra dutela, printzipio demokratikoak eta konstituzio- balioak errespetatzeko. Halaber, legeak jaso ditu aintzat hartu beharreko osagaiak, jakiteko alderdi bat noiz ez datorren bat printzipio eta balio horiekin, eta, ondorenez, noiz adierazi behar den alderdia legearen aurkakoa dela. Hurrengo kapituluak, zerrendan III.ak, jurisdikzio-bermeak ezarri ditu konstituzio- eskubide eta -printzipioak alderdien jardunetik babesteko.
Ezbairik gabe, abiapuntua Konstituzioak ezarritakoa da: soil-soilik agintari judizialari dagokio alderdien jardunak legearen aurkakoak diren kontrolatzea edo, behin eta berriro gertatu eta larriak diren urratzeen ondorioz, alderdi politikoa desegitea nahiz horren jarduna etetea.
Esanguratsu da, berebat, jurisprudentziak argitzea zein egoeratan jo daitekeen arlo zibileko jurisdikziora, alderdi politikoek trafiko juridiko pribatuan izan ditzaketen uzien gainean edo afiliatuek alderdiaren barne-jardunbidearen inguruan azaldutako uzien gainean, eta zein egoeratan administrazioarekiko auzibideen jurisdikzio-arlora, legearen ondoriozko administrazio- -prozeduretan izan daitezkeen arazoen gainean.
Era berean, gaur egun, Zigor Kodeak eta Prozedura Kriminalaren Legeak argitu dute zigor-jurisdikzioaren arloak zein egoeratan desegin edo eten dezakeen alderdi politiko bat, eta zein prozedurari jarraitu behar zaion, erabaki garrantzitsu horrek berme guztiak izan ditzan.
Hartara, berrikuntza nagusia da printzipio demokratikoak eta giza eskubideak ez errespetatzeagatik alderdi politiko bat epaiketa bidez desegiteko eskumena eta prozedura arautzea. Indargabetu berri den legeak ezarri zuen prozedura hori, baina inoiz ere ez zen halakorik gauzatu.
Lege Organikoak egoera larri hori konpondu du, alderdi politikoen jardunbidearen konstituzio-esparruan nagusi den irizpide orokorrarekin. Bestela esanda, lege organikoak ezarri du alderdi politiko bat ebazpen judizial bidez bakarrik desegin daitekeela.
Otsailaren 2ko 3/1981 KAEk esandakoaren haritik, «Konstituzioak eta legeria arruntak Botere Judizialari bakarrik eratxiki diote alderdi politiko baten legezkotasunaren inguruan erabakitzeko eginkizuna.
Hain justu ere, Botere Judizialera jotzea da estatuaren baliabidea, alderdiren batek estatuari erasotzen dionean, alderdi horren estatutuen edukia edo alderdi horrek estatutuez landa duen jarduna estatuaren segurtasunaren aurkakoa izateagatik; hurrean ere, ikusi berri den bezala, Botere Judizialak agin dezake alderdi politikoen behin-behineko etetea eta, azken buruan, alderdiak desegitea».
Testuak ezarri du Botere Judizialaren Legearen 61. artikuluan jasotako Auzitegi Gorenaren sala bereziak izan behar duela alderdi politiko bat desegiteko eskumena, alderdi horrek Konstituzioaren aurkako jokabide larriak gauzatzen dituenean. Horretarako, aintzat hartu da Konstituzioarentzat garrantzitsuak direla alderdi politikoak, eta, ondorenez, horien legearen aurkakotasuna adierazten duten erabakiak edo alderdi horiek desegitea justifikatzeko erabakiak.
Sala berezi horrek 1999ko uztailaren 9an emandako autoan adierazi zuen «beraren osaera dela eta, Auzitegi Gorenaren osoko bilkuraren sinbolo dela berau.
Nolabait esatearren, osoko bilkura da hori, baina, paradoxa badirudi ere, osoko bilkura «murriztua»; bada, osoko bilkura hori osatzen dute Auzitegi Gorenaren lehendakariak eta BJLOren 55. artikuluan zerrendatu eta Auzitegi Gorenera biltzen diren sala guztiek. Sala horien ordezkari dira sala bakoitzeko lehendakaria eta bi magistratu, denbora gehien daramana eta denbora gutxien daramana.
Horrek badu garrantzia, BJLOren 61. artikuluko salak, beraren osaera berezia dela bide, osterantzeko sala arrunten ondoan nagusitasun «estatusa» duela nabarmentzeko; izan ere, nagusitasuna dago, sala horren eskumenak zehazteko orduan, berari dagozkionak nahiz sala horrek enparauei begira dituenak...».
Sala horrek aztertu ahal izateko kasuan kasuko alderdi politikoaren jardunbidea eta jarduera printzipio demokratikoekin bat ote datozen, prozesu judizial berezia ezarri da; prozesu horrek lehentasuna du, auzialdi bakarra du, eta Fiskaltzak eta Gobernuak bakarrik hasi ahal izango dute, ofizioz, edota Diputatuen Kongresuak edo Senatuak hala eskatuta.
Prozedura horren osaera klasikoa da. Idatzizko izaera oinarrian dago, eta izapide konbentzional batzuk ditu (alegazioak, froga, alegazio berriak eta epaia); izapide horien epeak eta izapideok artikulatzeko modua kontuan hartuta, segurtasun juridikoaren eta defentsa-eskubidearen printzipioak arintasun-printzipioarekin uztartu dira, ahaleginak egin baitira, izapideak luzatzearen ondorioz, prozedura hasteak eragin dezakeen ziurtasunik eza ez areagotzeko.
Sala bereziak emandako epaiaren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri, Konstituzio Auzitegian jar daitekeen babes- -errekurtsoa gorabehera; epai hori betearazlea izango da jakinarazten den une beretik.
Azkenik, 12. artikuluak zehaztu ditu alderdi politiko bat epaiketa bidez desegitearen ondoreak.
Behin epaia jakinarazita, berehala geldiaraziko da kasuan kasuko alderdi politikoaren jarduera oro. Gainera, iruzurrean egindakotzat joko da legearen aurkakoa dela adierazi edo desegindako alderdi politikoaren jarraipena, edo horren ondorengo den alderdiaren eraketa. Hortaz, alderdi horrek ez du aurrera egingo.
Halaber, alderdia desegitearen ondorioz, alderdiaren ondarea likidatzeko prozedura hasiko da; lortutako ondare garbia gizarte-intereseko edo giza intereseko jardueretarako izango da.
VI
Lege organiko honetan jasotako arauketa osatzen da beste lege batzuetara egindako igorpenekin, alderdi politikoak finantzatzeari buruzko gaietan (IV. kapitulua), eta xedapen gehigarri batzuekin. Xedapen gehigarri horiek ahalbidetu dute, besteak beste, lege berriarekin bat etortzea Botere Judizialaren Lege Organikoaren xedapenak (lehenengo xedapen gehigarria, Auzitegi Gorenaren sala bereziak kasu horien gaineko eskumena izan dezan), eta Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren Lege Organikoaren xedapenak (bigarren xedapen gehigarria, alderdi politiko bat desegin edo eten eta horren egitezko jarraipen diren hautesle- taldeak hauteskunde-garaian eratzearen inguruko iruzurrik ere ez dela onartzen zehazteko).
Finantzazioari dagokionez, nabarmendu behar da igorpena egin dela Alderdi Politikoen Finantzazioari buruzko Legera, baina baita egiaztatze eta erantzukizunei buruzko araubidera ere; araubide hori jaso da Kontuen Auzitegiaren maiatzaren 12ko 2/1982 Lege Organikoan eta Kontuen Auzitegiaren Jardunbideari buruzko apirilaren 5eko 7/1988 Legean.
Amaitzeko, sala bereziaren eskumenari helduz, legeak berme bat gehitu du. Berme horren arabera, sala bereziak du eskumena, iruzurra dakarten kasuen gainean, eta eskumen horretara biltzen da kasu horiek ebaztea ere. Sala bereziak eskumen hori du berak eman behar duelako epaia (12. artikuluko 2 eta 3. paragrafoak). Orobat, hauteskundeei buruzko legerian, orain esanbidez ezarri da sala horretara jotzea, hautesle-taldeak aldarrikatzearen ala ez aldarrikatzearen aurkako errekurtsoak ebazteari dagokionez (bigarren xedapen gehigarria). Bestalde, sala bereziaren eskumena ondorioztatzen du xedapen iragankor bakarraren 2. paragrafoak xedatutakoak, alderdi politikoen ondorengotzaren inguruan, ondorengotza horrek berarekin dakarrenean lege honen ondoreak saihestea.
1. artikulua. Alderdi politikoak sortu eta horietan afiliatzeko askatasuna
1. Espainiarrek askatasunez sor ditzakete alderdi politikoak, Konstituzioan eta lege organiko honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
2. Alderdi politiko batean afiliatzea askea eta borondatezkoa da.
Inor ezin daiteke behartu alderdi bat eratzera nahiz alderdi batean sartzera edo alderdi batean egotera.
3. Alderdi politikoek federazioak, konfederazioak eta alderdien arteko batasunak eratu eta inskribatu ahal izango dituzte, kapitulu honetan ezarritakoa beteta, eta aldez aurretik alderdi horien organo eskudunek esanbidez hori erabakita.
2. artikulua. Alderdi politikoak eratzeko Gaitasuna
1. Alderdi politiko baten sustatzaileak izan behar dira pertsona fisikoak, adin nagusikoak, euren eskubideak bete- betean egikaritzeko ahalmena dutenak, eskubideok egikaritzeko inolako lege-baldintzarik bete beharrik ez dutenak eta zigor-kondenarik ez dutenak elkartze ez-zilegiaren ondorioz, edo Zigor Kodearen XXI. titulutik XXIV.erakoetan jasotako zigor astun baten ondorioz.
Azken ezgaitasun-arrazoi horrek ez ditu ukituko epaiketa bidez birgaitu direnak.
2. Eratuta dauden alderdi politikoek euren estatutuetan ezarri ahal izango dituzte gazte-erakundeen sorrera eta aitorpena.
3. artikulua. Eraketa eta nortasun juridikoa
1. Alderdi politikoa eratzeko akordioa sortze-akta bidez gauzatu beharko da; sortze-akta agiri publikoan jasoko da, eta horretara bildu beharko dira, kasu guztietan, sustatzaileen identifikazio pertsonala, eratu nahi den alderdiaren izena, behin-behineko zuzendaritza- organoak osatzen dituzten pertsonak, alderdiaren egoitza eta eratu nahi den alderdia arautzeko estatutuak.
Alderdi politikoen izenera ezin izango dira bildu horien nortasunari begira errakuntza edo nahasmendua eragiten duten terminoak edo esapideak, edota legeen edo pertsonen oinarrizko eskubideen aurkakoak direnak.
Era berean, alderdi politikoen izena ezin izango da izan, ezta fonetikaren arabera ere, aurretiaz Erregistroan inskribatutako edo erabaki judizial bidez legearen aurkako gisa adierazi, desegin edo etendako beste alderdi batena, pertsona fisikoena, edo aurretiaz diren erakundeena nahiz erregistratuta dauden markena, horien guztien antzekoa edo horiekin guztiekin identifikatzeko modukoa.
2. Alderdi politikoek nortasun juridikoa lortzen dute Alderdi Politikoen Erregistroan inskrizpioa eginez; ondore horietarako, erregistro hori egongo da Barne Arazoetarako Ministerioan. Aldez aurretik, sustatzaileek sinatutako sortze-akta aurkeztuko da Erregistroan, eta sortze-aktarekin batera ekarriko dira lege organiko honen betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.
4. artikulua. Erregistroan inskribatzea
1. Alderdi politikoen sustatzaileek behar besteko jardunak egingo dituzte euren alderdia inskribatzeko.
Inskribatu gabeko alderdien sustatzaileek modu pertsonalean eta solidarioan erantzungo dute hirugarrenei begira hartutako betebeharren gainean, sustatzaile horiek adierazi dutenean alderdiaren izenean jardun dutela.
2. Alderdi Politikoen Erregistroan agiri guztiak aurkeztu eta hurrengo hogei egunetan, Barne Arazoetarako Ministerioak alderdia inskribatuko du.
Aitzitik, epe hori eten egingo da, beharrezkotzat jotzen bada hurrengo artikuluan jaso prozeduretako bat hastea.
3. Aurreko paragrafoko epea eteteko kasuetan izan ezik, Barne Arazoetarako Ministerioak dituen hogei egunak igaro ostean, ulertuko da inskripzioa egin dela. Inskripzioak nortasun juridikoa ematen du, alderdi politikoaren eraketa eta estatutuak agerikotzat jotzen ditu, botere publikoak lotzen ditu eta bermea dakar alderdiarekin harremanak dituzten hirugarrenentzat zein alderdikideentzat.
4. Erregistroan egindako inskripzioak etengabe sortuko ditu ondoreak, Erregistroan inskripzioa etetearen edo desegitearen idatzoharra jasotzen ez den bitartean, alderdi politikoak bere estatutuen edukiaren arabera hartutako erabakia jakinarazteagatik, edo epaiketa bidez alderdia legearen aurkakoa dela adierazi eta desegin edo eteteagatik.
Hori guztia da lege honen 10. artikuluaren 6. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, eta, etetearen norainokoari eta ondoreei dagokienez, 11. artikuluaren 8. paragrafoan xedatutakoa gorabehera.
5. artikulua. Inskripzioa egiteko betekizunak Aztertzea
1. Sortze-aktan edo horrekin batera doazen agirietan formazko akatsak atzematen direnean, edo proposamen- -egileek gaitasunik ez dutenean, Barne Arazoetarako Ministerioak interesdunei emango die horren berri, atzemandako akatsak ongi ditzaten.
Halakoetan, inskripzio- epea eten egingo da, jakinarazpena egiten den unetik, eta berriro hasiko da akatsak behar bezala zuzendu ondoren.
2. Aurkeztutako agiriek ondorioztatzen dituztenean alderdi politikoaren inguruko ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak, Barne Arazoetarako Ministerioak Fiskaltzari emango dio horren berri, aurreko artikuluak aipatu hogei eguneko epean, ebazpen oinarridun baten bidez; ebazpen horrekin batera joan behar dira zantzu horiek atzemateko dauden froga-osagaiak.
3. Fiskaltzak erabakiko du, aurreko paragrafoko komunikazioa jaso eta hogei eguneko epean, zigor-jurisdikzioan kasuan kasuko akzioak egikaritzea ala komunikazioa Barne Arazoetarako Ministerioari itzultzea, inskripzioa osa dadin. Fiskaltzak erabaki hori hartuko du, ez-zilegitasun penalaren zantzuak behar bestekoak diren ala ez kontuan hartuta.
4. Fiskaltzari komunikazioa igortzearen ondorioz, aurreko artikuluaren 2. paragrafoan jaso epea eten egingo da. Epea etenda egongo da, Fiskaltzak Barne Arazoetarako Ministerioari ez- -zilegitasun penalaren behar besteko arrazoiak ez atzematea oinarri duen komunikazioa itzuli arte, edo zigor-arloko epaileak ebazpena eman arte, inskripzioaren bidezkotasunaren inguruan edo, hala denean, kautela-neurri gisa, inskripzioa egiteko epea behin-behineko izaerarekin hastearen inguruan.
Igorpen hori eta inskripzioa egiteko epea etetea berehala jakinaraziko zaizkie sustatzaile interesdunei.
5. Alderdi politikoa inskribatzearekin zerikusia duten administrazio-jardunei errekurtsoa jarri ahal izango zaie administrazioarekiko auzibideen jurisdikzioan, Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioaren Legeak ezarri xedapenen arabera.
6. Alderdi politiko bat legearen aurkakoa dela adierazi eta desegin, eta alderdi horren jarduera jarraitu edo horren ondorengo izan nahi duen alderdia Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatzearen aurka egiten denean, lege organiko honen 12. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.
6. artikulua. Demokrazia- eta legezkotasun- Printzipioak
Alderdi politikoen antolaketa, jardunbidea eta jarduera bat etorriko dira printzipio demokratikoekin eta Konstituzioan nahiz legeetan xedatutakoarekin.
7. artikulua. Antolaketa eta jardunbidea
1. Alderdi politikoen barne-egitura eta jardunbidea demokratikoak izan beharko dira.
2. Barne-antolaketarako gaitasuna gorabehera, alderdi politikoek euren kide guztien biltzar orokorra izan beharko dute. Alderdikideek zuzenean edo konpromisarioen bidez jardun ahal izango dute, eta biltzar orokorraren ardura izango da, kasu guztietan, alderdiaren gobernuko organo nagusia den ginoan, alderdiaren erabaki garrantzitsuenak hartzea, alderdia desegitea barne.
3. Alderdi politikoen zuzendaritza- -organoak estatutuetan zehaztuko dira, eta sufragio aske eta sekretu bidez eratu beharko dira.
4. Estatutuek edo horiek garatzen dituzten barne-araudiek kide anitzeko organoentzat zehaztu beharko dituzte: bileren deialdiak egiteko behar besteko epea, eztabaidatu beharreko autuak presta daitezen; eguneko aztergaien zerrendan gaiak jasotzeko behar diren kideen kopurua; iritzi desberdinak alderatzea ahalbidetzen duten eztabaida- -erregela batzuk; eta erabakiak hartzeko behar den gehiengoa.
Azken hori, orokorrean, izango da bertan dauden kideen edo ordezkarien gehiengo soila.
5. Estatutuek jaso beharko dituzte, berebat, hautatutako zuzendarien kontrol demokratikorako prozedurak.
8. artikulua. Afiliatuen eskubide eta Eginbeharrak
1. Alderdi politikoen kideak izan behar dira pertsona fisikoak, adin nagusikoak, eta jarduteko gaitasuna mugaturik edo murrizturik ez dutenak.
Kide guztiek izango dituzte eskubide eta eginbehar berberak.
2. Estatutuek jasoko dute afiliatuen eskubideen zerrenda zehaztua; zerrenda horretara honako eskubideak bilduko dira beti:
a) Alderdiaren jardueretan eta gobernu- eta ordezkaritza-organoetan parte hartzea, boto-eskubidea egikaritzea, bai eta biltzar orokorrera joatea ere, estatutuekin bat etorriz.
b) Alderdiko karguetarako hautesle eta hautagai izatea.
c) Informazioa jasotzea, zuzendaritza- eta administrazio-organoen osaeraren inguruan edo zuzendaritza-organoek hartutako erabakien gainean, gauzatu diren jardueren gainean eta egoera ekonomikoaren gainean.
d) Alderdiko organoen erabakiak aurkaratzea, horiek legearen edo estatutuen aurkakotzat jotzeagatik.
3. Kanporatzea eta afiliatuak eskubideez gabetzen dituzten gainerako neurri zehatzaileak aurkakotasun-prozeduren bidez bakarrik ezarri ahal izango dira. Prozedura horietan ukituei bermatu behar zaizkie neurri horiek oinarritzen dituzten egitateen gaineko informazioa jasotzeko eskubidea, neurriok hartu aurretik eurek esan beharrekoak entzunarazteko eskubidea, zehapena ezartzen duen erabakia zioduna izateko eskubidea, eta, hala denean, barne-errekurtsoa jartzeko eskubidea.
4. Alderdi politikoetako afiliatuek beteko dituzte estatutuetako xedapenek ezarri betebeharrak, eta ondoko betebeharrak beti:
a) Alderdiaren xedeekin bat etortzea eta xede horiek bete daitezen laguntzea.
b) Estatutuetan eta legeetan xedatutakoa errespetatzea.
c) Alderdiko zuzendaritza-organoek baliozkotasunez hartutako erabakiak ontzat hartu eta betetzea.
d) Kuotak eta estatutuen arabera afiliatu bakoitzak egin beharreko beste ekarpen batzuk ordaintzea.
9. artikulua. Jarduera
1. Alderdi politikoek askatasunez gauzatuko dituzte euren jarduerak.
Jarduerok gauzatzean, alderdi politikoek errespetatu beharko dituzte printzipio demokratikoetan eta giza eskubideetan azaldutako konstituzio-balioak.
Alderdi politikoek Konstituzioak eratxiki dizkien eginkizunak gauzatuko dituzte, modu demokratikoan eta aniztasuna bete-betean errespetatuz.
2. Alderdi politiko bat legearen aurkakoa dela adieraziko da, horren jarduerak printzipio demokratikoak urratzen dituenean, bereziki, jarduera horrekin alderdi politikoak nahi duenean askatasunen araubidea urratu edo hautsi, edota sistema demokratikoa eragotzi nahiz ezabatu, horretarako, behin eta berriro hurrengo jokabide larri hauetako bat izanez:
a) Behin eta berriz oinarrizko askatasun eta eskubideak urratzea, bizitzaren edo pertsonen osotasun fisikoaren aurkako atentatuak, edota ideologia, erlijio, iritzi, naziotasun, arraza, sexu edo sexu- -joeraren araberako arrazoien ondorioz pertsonen bazterketa edo pertsekuzioa sustatu, justifikatu edo errugabetuz.
b) Indarkeria suspertu, eragin edo legitimatzea, helburu politikoak lortzeko edo demokrazia, aniztasuna eta askatasun politikoak gauzatzeko behar diren baldintzak desagerrarazteko metodo gisa.
c) Erakunde terroristen ekintza osatu eta laguntzea, halakoek konstituzio- -ordena asaldatu edo bake publikoa modu larrian hausteko dituzten xedeak lor ditzaten, botere publikoak, pertsona nahiz gizarteko talde jakin batzuk edo biztanleria orokorrean ikaratu nahian, edota indarkeria terroristaren eta horrek eragindako beldurraren nahiz larderiaren ondoreak ugaritzen laguntzea.
3. Ulertuko da alderdi politiko batean izan badirela aurreko paragrafoko inguruabarrak ondoko jokabide hauetako bat errepikatzen denean, edo horietako batzuk pilatzen direnean:
a) Terrorismoari laguntza politikoa ematea, esanbidez nahiz isilbidez, ekintza terroristak legitimatuz, bide baketsu eta demokratikoez landa helburu politikoak lortzeko, edota terrorismoa edo horren ondorio diren oinarrizko eskubideen urratzeak errugabetuz eta batari zein besteei garrantzia kenduz.
b) Indarkeria-ekintzak laguntzea, programa eta jarduera jakin batzuekin. Programa eta jarduera horiek xede dute, terroristen jarduerarekin bat datorren liskar eta borroka zibilaren kultura suspertzea, edo indarkeriaren aurka egiten dutenak ikaratzea, atzera egitera behartzea, neutralizatzea edo gizartean isolatzea. Aurrekoaren ondorioz, lortu nahi da indarkeriaren aurka egiten dutenak egunero bizitzea derrigorturik, izuturik, bazterturik edo askatasunez oinarrian gabeturik, eta, bereziki, gai publikoen inguruan iritzia emateko eta modu aske eta demokratikoan parte hartzeko askatasunik gabe.
c) Ohikotasunez alderdiaren zuzendaritza- organoetan edo hausteskunde- -zerrendetan sartzea terrorismo-delituen ondorioz kondenatuak izan eta jendaurrean xede eta bide terroristak ezetsi ez dituzten pertsonak, edo afiliatu askok bigarren militantzia izatea talde terrorista edo indarkeriazko talde bati lotutako erakundeetan, salbu eta alderdiak afiliatu horien aurka diziplina-neurriak hartu dituenean, horiek alderditik kanporatzeko.
d) Alderdiaren jardueraren tresna gisa erabiltzea, alderdiaren tresnekin batera edo horien ordez, terrorismoaren edo indarkeriaren eta horren inguruko jokabideen irudi diren edo horiekin identifikatzen diren ikur, mezu edo osagaiak.
e) Terroristei edo horiei laguntzen dietenei lagatzea antolamendu juridikoak, eta zehatzago hauteskunde-legeriak, alderdi politikoei eratxikitako eskubide eta onurabideak.
f) Ohikotasunez elkarlanean aritzea, behin eta berriro erakunde terrorista edo indarkeriazko erakunde batekin bat etorriz jarduten duten erakunde edo taldeekin, edo terrorismoa nahiz terroristak babestu edo laguntzen dituztenekin.
g) Gobernu-erakundeetatik aurreko idatz-zatiko erakundeak laguntzea, neurri administratibo, ekonomiko edo beste edozein motatakoen bidez.
h) Ekintza terroristak edo indarkeriazkoak edo halakoak egiten dituztenak nahiz laguntzaile direnak saritu, omendu edo goraipatzeko jarduerak sustatzea, babestea edo jarduera horietan parte hartzea.
i) Gizarte-izaerako desordena-, larderia- edo derrigortze-ekintzak babestea, ekintza horiek terrorismoari edo indarkeriari lotutakoak badira.
4. Artikulu honetan aipatu jarduerak, eta alderdi politiko baten ibilbidean, nahiz eta alderdi horrek izena aldatu, jarduera horiek irauten dutela edo errepikatzen direla atzeman eta balioesteko, kontuan hartuko dira alderdiaren eta horren organoen eta parlamentuko nahiz udalerrietako taldeen ebazpenak, agiriak eta komunikatuak; alderdiaren ekitaldi publikoen eta herritarrei egindako deialdien nondik norakoak; alderdiko zuzendarien eta alderdiaren parlamentuko nahiz udalerrietako taldekideen adierazpen, jardun eta konpromiso publikoak; erakundeetan edo erakundeetatik kanpo aurkeztutako proposamenak; eta alderdiko afiliatu nahiz hautagaien jarrerak, modu esanguratsuan errepikatutakoak.
Halaber, aintzat hartuko dira alderdi politikoari edo horren kideei ezarritako administrazio-zehapenak, eta Zigor Kodeko XXI. titulutik XXIV.erakoetan tipifikatutako delituen ondorioz, alderdiko agintariei, hautagaiei, kargu hautetsiei edo afiliatuei ezarritako zigor- kondenak, horien aurkako diziplina- neurriak hartu ez badira, alderditik kanporatzeko.
10. artikulua. Epaiketa bidezko desegitea edo etetea
1. Alderdi politiko bat soilik desegin ahal izango da edo, hala denean, eten, horren kideek halaxe erabaki dutelako, alderdiko estatutuetan ezarri arrazoiak eta prozedurak kontuan hartuta, eta agintari judizial eskudunak halaxe erabaki duelako, artikulu honen 2 eta 3. paragrafoetan jasotakoaren arabera.
Desegiteak ondoreak sortuko ditu Alderdi Politikoen Erregistroan horren gaineko idatzoharra egiten denetik, aurretiaz alderdi politikoak edo desegitea agindu duen organo judizialak hori jakinarazita.
2. Jurisdikzio-organo eskudunak ondoko kasuetan erabakiko du alderdi politiko bat desegitea:
a) Zigor Kodean zein egoera tipifikatu zilegi ez den elkarte gisa eta alderdi politikoa egoera horretan dagoenean.
b) Alderdiak etengabe, behin eta berriro eta modu larrian urratzen duenean barne-egitura eta jardunbide demokratikoa izateko betekizuna, lege organiko honen 7 eta 8. artikuluek ezarritakoaren arabera.
c) Alderdiaren jarduerak behin eta berriro eta modu larrian printzipio demokratikoak urratzen dituenean edota jarduera horrek xedetzat duenean askatasunen araubidea urratzea edo haustea, edota sistema demokratikoa eragotzi edo ezabatzea, 9. artikuluak jaso jokabideen bidez.
3. Alderdi politiko bat epaiketa bidez eten dadin, Zigor Kodeak xedatu behar du hori.
Halaber, kautela-neurri gisa erabaki ahal izango da alderdi politikoa etetea, Prozedura Kriminalaren Legeak xedatutakoaren arabera, edo lege organiko honen 11. artikuluko 8. paragrafoak ezarritakoaren arabera.
4. Zigor-jurisdikzioaren arloko epaile eskudunak ebatziko du artikulu honen 2. paragrafoko a) idatz-zatian jasotako egoera, Botere Judizialaren Lege Organikoak, Prozedura Kriminalaren Legeak eta Zigor Kodeak xedatutakoarekin bat etorriz.
5. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluak araututako Auzitegi Gorenaren sala bereziak ebatziko ditu artikulu honen 2. paragrafoko b) eta c) idatz-zatietako egoerak, lege organiko honen hurrengo artikuluak ezarri prozeduraren arabera; prozedura horrek lehentasuna izango du.
6. Alderdi politiko baten inguruan artikulu honetan, aurreko 4 eta 5. paragrafoetan, jaso prozedurak aldi berean izateak ez du eragotziko bi prozedura horiek amaiera arte jarraitzea, eta prozedura bakoitzak kasuan kasuko ondoreak sortzea.
Aitzitik, ezin izango da erabaki alderdi politiko bat borondatez desegitea, paragrafo horietako baten edo bietan oinarrituta, epaiketa bidez alderdi hori legearen aurkakoa dela adierazteko prozedura hasi denean.
11. artikulua. Prozedura
1. Alderdi politiko bat legearen aurkakoa dela adierazteko eta, ondorenez, alderdi hori desegitea eskatzeko legitimazioa dute Gobernuak eta Fiskaltzak, lege organiko honen 10. artikuluko 2. paragrafoko b) eta c) idatz-zatietan xedatutakoaren ondorioz.
Diputatuen Kongresuak edo Senatuak Gobernuari eska diezaiokete alderdi politiko baten lege-aurkakotasunaren inguruko eskabidea egitea. Gobernuak nahitaez egin beharko du lege- -aurkakotasunaren inguruko eskabidea, Ministroen Kontseiluak aurretik hala erabakita, lege organiko honen 9. artikuluan jasotako arrazoien ondorioz.
Erabaki horren izapidetza bat etorriko da, hurrenez hurren, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko mahaiek ezarri prozedurarekin.
2. Aurreko paragrafoko adierazpena lortzeko ekintza hasiko da Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluak ezarri Auzitegi Gorenaren sala berezian demanda aurkeztuta. Demandari erantsiko zaizkio lege-aurkakotasunaren arrazoiak badirela egiaztatzen duten agiriak.
3. Salak berehala epatuko du ukitutako alderdi politikoa. Horretarako, demanda bidaliko dio alderdiari, sala horren aurrean zortzi eguneko epean ager dadin.
Behin salaren aurrean forma egokian agertuta, edo, salaren aurrean agertu gabe, zortzi eguneko epea igarota, salak demanda hasieran onartzea aztertuko du, baina auto bidez demanda ez onartzea erabaki dezake, ondoko arrazoi hauetariko bat izanez gero:
a) Demanda jartzea legitimaturik ez dagoen pertsonak, edo behar bezala ordezkatuta ez dagoen pertsonak.
b) Demanda onartzeko betekizun substantiboak edo formazkoak modu nabarmenean ez betetzea.
c) Demandak modu nabarmenean oinarririk ez izatea.
Aipatu arrazoietarik bat dagoela atzemanez gero, horren berri emango zaie alderdiei, arrazoi horren inguruko alegazioak egiteko aukera izan dezaten hamar eguneko epe arruntean.
4. Behin demanda onartuta, demandatua agertu bada, epatu egingo da, hogei eguneko epean demanda erantzun dezan.
5. Alderdiek demanda- edo erantzun- idazkietan hala proposatu, edo salak beharrezkoa dela ulertuz gero, frogaldia hasiko da. Frogaldi horren epeak eta frogaldia bera gauzatzea arautuko dute horien inguruan Prozedura Zibilaren Legeko II. liburuko I. tituluko V eta VI. kapituluetan jasotako erregelek.
6. Gauzatutako froga-multzoa ikusgai jarriko da alderdientzat. Alderdiek froga horien gaineko alegazioak egin ahal izango dituzte ondoz ondoko hogei eguneko epean. Hogei egun horiek igarota, alegazioak egin ala ez, prozesua epairako prest izango da. Epaia hogei egunean eman beharko da.
7. Auzitegi Gorenaren sala bereziak emandako epaiak alderdi politikoaren desegitea adierazi ahal izango du edo demandari gaitziritzia eman ahal izango dio. Epai horren aurka ezin izango da jarri inolako errekurtsorik, Konstituzio Auzitegian jar daitekeen babes- -errekurtsoa gorabehera; epaia betearazlea izango da jakinarazten den unetik.
Alderdia desegitea ezarriz gero, salak aginduko du kasuan kasuko erregistroko inskripzioa ezereztea, eta epaitzak izango ditu lege organiko honen hurrengo artikuluak ezarritako ondoreak.
Demandari gaitziritzia emanez gero, demanda berriro jar dadin, Auzitegi Gorenean aurkeztu behar dira egitezko osagai berriak; osagai berri horiek izan beharko dira epaian jasotakoen aldean desberdinak, eta alderdi politiko baten legearen aurkako jarduera balioesteko behar bestekoak.
8. Salak hartu ahal izango du, prozesuaren izapidetzak iraun bitartean, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta, Prozedura Zibilaren Legean ezarritako kautela-neurrietarik edozein, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
Bereziki, salak erabaki ahal izango du epaia eman arte alderdi politikoaren jarduerak kautelaz etetea, interes orokorra babesteko egokitzat jotzen dituen norainoko eta ondoreekin.
Halakoetan, salak aginduko du Alderdi Politikoen Erregistroan kasuan kasuko aurreneurrizko idatzoharra egitea.
12. artikulua. Epaiketa bidezko desegitearen Ondoreak
1. Alderdi politiko bat desegiteak izango ditu legeetan jasotako ondoreak, eta, bereziki, hurrengo ondoreak:
a) Desegitea erabaki duen epaia jakinarazi ondoren, berehala bertan behera utziko dira desegindako alderdi politikoaren jarduera guztiak.
Xedapen hori ez betetzeak erantzukizunak eratorriko ditu, Zigor Kodean ezarritakoaren arabera.
b) Lege-iruzurrean gauzatutako egintzek edo nortasun juridikoaz abusatuta gauzatutakoek ez dute eragotziko epaiketa bidezko desegitea behar bezala betetzea.
Iruzurrean egindakotzat jo eta ezin izango da alderdi politiko berririk eratu, edo aurretiaz Erregistroan inskribatutako beste alderdi bat erabili, baldin eta horrek berarekin badakar legearen aurkakoa dela adierazi eta desegindako alderdi politiko baten jarraipena edo haren ondorengotza.
c) Desegiteak eragingo du ondarea likidatzeko prozesua hastea; prozesu hori gauzatuko dute hiru likidatzailek, eta epaia eman duen salak izendatuko ditu horiek.
Prozesu horren bidez lortutako ondare garbia Altxorrak destinatuko du gizarte-intereseko edo giza intereseko jardueretara.
2. Epaia eman duen salari dagokio, epaia betearazteko izapidetzan, legeek ezarri ondore guztiak errespeta eta betearaz daitezen ziurtatzea, alderdi politiko bat desegiten denean.
3. Bereziki, epaia eman duen salaren ardura izango da, aurretik interesdunak entzunda, 1. paragrafoko b) idatz-zatiaren ildotik desegindako alderdi politiko baten jarraipena edo ondorengotza bidegabea dela adieraztea. Lotura hori zehazteko, salak aintzat hartuko du bi alderdi politikoen artean dagoen oinarrizko antzekotasuna. Antzekotasun hori izan daiteke, alderdi horien egituran, antolaketa eta jardunbidean; alderdi horiek osatu, zuzendu, ordezkatu edo administratzen dituzten pertsonen eretzean; finantzaketa-bide nahiz bide materialetan; edo, lege-aurkakotasuna eta desegitea zein prozesutan adierazi eta prozesu horretako datu eta agirien arabera, indarkeria nahiz terrorismoari babesa emateko asmo gisa, jarraipen edo ondorengotza hori dagoela uste izatea ahalbidetzen duen beste edozein inguruabar nabarmenetan.
Prozesu horretako alderdiez gain, epaia eman behar duen salaren adierazpena eskatu ahal izango dute Barne Arazoetarako Ministerioak eta Fiskaltzak, alderdi politiko hori aurkeztu bada inskripzioa egiteko lege organiko honen 4 eta 5. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
4. Epaia eman behar duen salak egoki oinarrituta ezetsiko ditu eskubideaz abusatuta azaldutako eskari, intzidente eta salbuespenak, edo nortasun juridikoaz abusatzea, lege-iruzurra edo iruzur prozesala dakartenak.
13. artikulua. Finantzaketa
1. Alderdi politikoak finantzatuko dira uztailaren 2ko 3/1987 Lege Organikoak, Alderdi Politikoak Finantzatzeari buruzkoak, ezarritakoarekin bat etorriz.
3. Lege organiko horrekin, eta maiatzaren 12ko 2/1982 Lege Organikoak, Kontuen Auzitegiari buruzkoak, eta apirilaren 5eko 7/1988 Legeak, Kontuen Auzitegiaren Jardunbideari buruzkoak, xedatutakoarekin bat etorriz, alderdi politikoek euren gain hartzen dituzte betebehar formalak eta pertsonalak, arautegi horretan jasotako helburuak eta betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, eurek jasotzen dituzten diru publikoen kontrolari dagokionez.
Lehenengoa. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa Aldaraztea
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 61. artikuluko lehenengo paragrafoari 6. idatz- -zatia gehituko zaio, ondoko edukia duena:
«6. Alderdi politikoen lege-aurkakotasuna eta horren ondoriozko desegitea adierazteko prozesuen gainean, Alderdi Politikoen ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoak xedatutakoarekin bat etorriz».
Bigarrena. Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren
19ko 5/1985 Lege Organikoa aldaraztea 1. Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 44. artikuluari 4. paragrafoa gehituko zaio, ondoko edukia duena:
«4. Hautesle-taldeek ezin izango dituzte aurkeztu hautagai-zerrendak, baldin eta hautesle-talde horiek badira epaiketa bidez legearen aurkakoa dela adierazi eta desegin edo etendako alderdi politiko baten jarraipena edo ondorengo.
Ondore horietarako, aintzat hartuko dira alderdi horien artean dagoen oinarrizko antzekotasuna. Antzekotasun hori izan daiteke, alderdi horien egituran, antolaketa eta jardunbidean; alderdi horiek osatu, zuzendu, ordezkatu edo administratzen dituzten pertsonen eretzean; finantzaketa-bide nahiz bide materialetan; edo, indarkeria nahiz terrorismoari babesa emateko asmo gisa, jarraipen edo ondorengotza hori dagoela uste izatea ahalbidetzen duen beste edozein inguruabar nabarmenetan».
2. Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 49. artikuluari 5. paragrafoa gehituko zaio, ondoko edukia duena:
«5. Artikulu honetan ezarritako errekurtsoak aplikatuko zaizkie lege organiko honen 44. artikuluaren 4. paragrafoko hautesle-taldeek aurkeztutako hautagai- -zerrenden aldarrikatze nahiz bazterketei, hurrengo salbuespenekin:
a) Artikulu honen lehenengo paragrafoko errekurtsoa jarriko da Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluak araututako Auzitegi Gorenaren sala berezian.
b) Errekurtsoa jartzeko legitimazioa izango dute, orobat, alderdi politiko baten lege-aurkakotasunaren inguruko adierazpena eskatzeko legitimazioa dutenek, Alderdi Politikoen Lege Organikoaren 11. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.
Hirugarrena. Ordeztailetasuna
III. kapituluan arautu alderdi politikoak inskribatzeko prozeduran ere aplikatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, lege organiko honek eta beronen garapenerako arauek jaso gabeko gai guztietan.
Bakarra
1. Lege organiko hau indarrean jartzean Barne Arazoetarako Ministerioko Erregistroan inskribatuta dauden alderdi politikoei lege organiko hau aplikatuko zaie; alderdi politiko horiek euren nortasun juridikoari eta erabateko gaitasunari eutsiko diete, baina, hala behar izanez gero, urtebeteko epea izango dute estatutuak moldatzeko.
2. Lege organiko hau indarrean jarri ostean gauzatutako jarduerei 9. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoa aplikatzeko, lege-iruzur gisa hartuko da, lege organiko hau indarrean jarri baino lehenagoxeago edo geroagoxeago, beste alderdi politiko baten jardueraren jarraipena edo ondorengo den alderdia eratzea, alderdi horri lege honetako xedapenen aplikazioa saihesteko asmoarekin.
Horrek ez du eragotziko aplikazio hori, eta alderdi politiko horren aurka jardun ahal izango da lege organiko honen 10 eta 11. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Auzitegi Gorenaren sala bereziari dagokio jarraipen edo ondorengotza hori izan eta iruzurra egiteko asmoa badagoela iriztea.
Bakarra
Indarrik gabe geratzen dira lege organiko honen aurkako diren arau guztiak eta, bereziki, Alderdi Politikoen abenduaren 4ko 54/1978 Legea, eta ekainaren 14ko 21/1976 Legearen indarreko artikuluak.
Lehenengoa. Erregelamendu bidezko Garatzea
Gobernuak baimena du, lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren beste xedapen emateko, bereziki I. kapituluan ezarritako sortze-akta eta horren agiri osagarriei, eta Alderdi Politikoen Erregistroari dagokienez.
Bigarrena. Indarrean jartzea
Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean » argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.