Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoa Sindikatu-askatasunari buruzkoa

1985-08-02

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1985/8/8, 189. zk.

Abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoa Sindikatu-askatasunari buruzkoa

EAO, 189. zk., abuztuaren 8koa

LEHENENGO TITULUA - SINDIKATU-ASKATASUNA

1. artikulua

1. Langile guztiek dute askatasunez sindikatuko kide egiteko eskubidea, euron ekonomiaeta gizarte-interesak sustatu eta babesteko.

2. Lege honen ondoreetarako, langileak izango dira, hala lan-harremanak dituztenak nola administrazio publikoen zerbitzupean administrazioedo estatutu-izaerako harremanak dituztenak.

3. Ezin dute eskubide hori egikaritu Indar eta Erakunde armatuetako kideek.

4. Konstituzioaren 127.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, epaileek, magistratuek eta fiskalek ezin izango dute sindikatuetan parte hartu, jardunean dauden bitartean.

5. Izaera militarrik gabeko segurtasun-kidego eta -indarren kideek sindikatuetako kide egiteko eskubidea egikaritzen dutenean, egikaritza hori arautuko du haien arautegi bereziak, erakunde horien izaera armatua eta antolaketa hierarkikoa dela-eta.

2. artikulua

1. Sindikatu-askatasunera biltzen dira:

a) Aurretiazko baimenik gabe, sindikatuak sortzeko eskubidea, bai eta horiek eten zein azkentzeko ere, prozedura demokratikoak erabilita.

b) Langileak duen eskubidea berak aukeratutako sindikatuan afiliatzeko, sindikatu horren estatutuetan ezarritakoa betez gero, edo afiliatuta dagoen sindikatua uzteko, inor ezin baita behartu sindikatu batean afiliatzera.

c) Afiliatuen eskubidea euren ordezkariak askatasunez hautatzeko, sindikatu bakoitzaren barruan.

d) Sindikatu-jarduerarako eskubidea.

2. Sindikatu-erakundeek sindikatu-askatasuna egikaritzean eskubidea dute:

a) Euren estatutuak eta erregelamenduak idatzi, barne-administrazioa eta jarduerak antolatu eta ekintzen egitaraua azaltzeko.

b) Federazioak, konfederazioak eta nazioarteko erakundeak eratzeko, eta eurotan afiliatu zein eurok uzteko.

c) Etendurarik ez jasateko edo deseginak ez izateko, ez bada agintari judizialak emandako ebazpen irmoaren bidez, legeen ez-betetze larrian oinarrituta.

d) Sindikatu-jarduera gauzatzeko enpresan zein enpresatik kanpo; edozein kasutan, sindikatu-jarduerara bilduko dira negoziazio kolektiborako eskubidea, greba-eskubidea egikaritzeko eskubidea, gatazka kolektiboak zein banakako gatazkak hasteko eskubidea, eta, enpresa-batzordeak eta langileen eskuordeak zein administrazio publikoen organoak hautatu behar direnean, hautagaiak aurkezteko eskubidea, kasuan kasuko arauetan jasotakoaren arabera.

3. artikulua

1. Aurreko 1.2 artikuluan xedatutakoa gorabehera, lege honek ezarritakoaren arabera eratutako sindikatu-erakundeetan afilia daitezke alokairuko langileak ez dituzten beregaineko langileak, langabezian dauden langileak eta, ezgaitasunaren edo jubilazioa hartzearen ondorioz, lan-jarduera utzi duten langileak. Alabaina, legeria bereziaren babesean elkarteak eratzeko duten gaitasunari kalterik egin gabe, langile horiek ezin izango dituzte sindikatuak sortu, euren interes bereziak defendatzeko.

2. Sindikatu batean afiliatuta egon eta sindikatu horretan zuzendaritzaedo ordezkaritza-karguak dituztenek ezin dezakete, aldi berean, administrazio publikoetan izendapen askeko kargurik izan, kargu horiek zuzendari nagusi edo horrekin berdinetsitako kategoriakoak badira, ezta goragoko kargurik ere.

II. TITULUA

SINDIKATUAREN ARAUBIDEA

4. artikulua

1. Lege honen babesean eratutako sindikatuek, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izateko, euren sustatzaileen edo agintarien bidez, sindikatuaren estatutuak gordailutu beharko dituzte, ondore horietarako ezarri bulego publikoan.

2. Estatutu-arauek gutxienez honakoak jasoko dituzte:

a) Erakundearen izena. Izen hori ezin da izan aurretiaz legearen arabera erregistratutako beste sindikatu batek duena, ezta sindikatu horren izenarekin nahasmendua sor dezakeena ere.

b) Sindikatuaren egoitza eta sindikatuaren jardunak duen lurralde-esparrua eta esparru funtzionala.

c) Ordezkaritza-, gobernueta administrazio-organoak, eta horien jardunbidea zein halakoen karguak hautatzeko araubidea, printzipio demokratikoen araberakoak izan beharko direnak.

d) Afiliatu-izaera lortu eta galtzeko betekizun eta prozedurak; halaber, estatutuak aldarazteko araubidea, sindikatuak beste batekin bat egiteko araubidea eta sindikatua desegiteko araubidea.

e) Erakundearen araubide ekonomikoa, erakundeak dituen baliabideen izaera, jatorria eta xedea jaso behar dituena, eta afiliatuek egoera ekonomikoaren berri izateko modua.

3. Bulego publikoak hamar eguneko epean erabakiko du, gordailutzearen berri ematea, edo gordailutzearen sustatzaileei agindeia behingoz egitea, horiek, gehienez beste hamar eguneko epean, antzemandako akatsak ongi ditzaten.

Epe hori igaro ondoren, bulego publikoak gordailutzearen berri ematea erabaki edo gordailutzea ezetsiko du; bulego publikoak gordailutzea ezetsiz gero, ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori soil-soilik oinarri daiteke aurreko artikuluak aipatu gutxieneko betekizunen bat ez izatean.

4. Bulego publikoak gordailutzearen berri emango du bere iragarki-oholean, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta, hala denean, kasuan kasuko «aldizkari ofizialean», gutxienez, sindikatuaren izena, lurralde-esparrua eta esparru funtzionala, sustatzaileen identifikazioa eta eratze-akta sinatu dutenen identifikazioa jasoz.

Kasuan kasuko «aldizkarietan» gordailutzearen berri ematea bulego publikoak erabakiko du hamar eguneko epean; berriemate hori doakoa izango da.

5. Edonork azter ditzake gordailututako estatutuak; bulegoak, gainera, estatutuen kopia kautoa eman behar dio hala eskatzen duenari.

6. Agintaritza publikoak edota interes zuzeneko, pertsonal eta legitimoa egiaztatzen duen edonork agintari judizialari eska diezaiokete gordailutu eta argitaratutako edozein estatutu zuzenbidearekin bat ez datorrela adieraztea.

7. Sindikatuak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa eskuratuko ditu, estatutuak gordailutu direnetik hogei egun baliodun igaro ondoren.

8. Eratuta dauden sindikatu-erakundeen estatutuak aldarazteko artikulu honetan arautu gordailutzeeta argitaratze-prozedura beteko da.

5. artikulua

1. Lege honen babesean eratutako sindikatuek erantzukizuna izango dute euren estatutu-organoek euron eskumenen esparruan onartutako egintza edo hartutako erabakien ondorioz.

2. Sindikatuak ez du erantzukizunik izango bere afiliatuen banakako egintzen ondorioz, salbu eta egintza horiek ohiko ordezkaritza-eginkizunak egikaritzean gauzatzen direnean edo afiliatu horiek sindikatuaren aginduz jardun zutela frogatzen denean.

3. Sindikatu-kuotak ezin izango dira enbargatu.

4. Lege honen babesean eratutako sindikatuak balia daitezke legeak ezarritako zerga-salbuespenez eta -hobariez.

III. TITULUA

SINDIKATU-ORDEZKARITZA

6. artikulua

1. Sindikatu batzuei aitortutako sindikatu-ordezkaritza handienak egoera juridiko berezia dakar, instituzio-partaidetzari zein sindikatu-ekintzari dagokienez.

2. Estatuan ordezkaritza handieneko sindikatu-izaera izango dute:

a) Esparru horretan euren oihartzuna egiaztatzen duten sindikatuek; oihartzun hori izango dute esparru horretan langileen eskuorde, enpresa-batzordeetako kide eta administrazio publikoen organoetako kide guztien 100eko 10 edo gehiago lortu duten sindikatuek.

b) Estatuko sindikatu-erakunde batean afiliatu, federatu edo konfederatutako sindikatuek edo sindikatu-entitateek; estatuko sindikatu-erakunde hori ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundea izan behar da a) letran ezarritakoaren arabera.

3. Aurreko zenbakiaren arabera, ordezkaritza handieneko sindikatu-izaera aitortua duten erakundeek ordezkaritza-gaitasuna izango dute lurralde-esparru zein esparru funtzional guztietan, ondoko xedeetarako.

a) Administrazio publikoetan edo estatuko zein autonomia-erkidegoetako beste erakunde eta organismo batzuetan ordezkaritza izatea, halakoa onartzen bada.

b) Negoziazio kolektiboa, Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera.

c) Funtzionario publikoen lan-baldintzak zehaztean, kasuan kasuko kon tsulta- nahiz negoziazio-prozeduren bidez, solaskide gisa parte hartzea.

d) Lan-gatazkak epaiketaz kanpo konpontzeko sistemetan parte hartzea.

e) Langileen eskuordeen zein enpresa-batzordeen eta administrazio publikoetako organoen hauteskundeak sustatzea.

f) Ondasun higiezin publikoen erabileraren gainean aldi baterako lagapenak lortzea, legeak ezarritakoaren arabera.

g) Ezar daitekeen beste edozein ordezkaritza-eginkizun.

7. artikulua

1. Autonomia-erkidegoetan ordezkaritza handieneko sindikatu-izaera izango dute:

a) Esparru horretan euren oihartzuna egiaztatzen duten sindikatuek; oihartzun hori izango dute esparru horretan, gutxienez, langileen eskuordeen eta enpresa-batzordeetan zein administrazio publikoetako organoetan langileen ordezkarien 100eko 15 lortu dituzten sindikatuek, baldin eta gutxienez 1 500 ordezkari badituzte, eta estatuko ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeetan federatuta edo konfederatuta ez badaude.

b) Autonomia-erkidegoko sindikatu-erakunde batean afiliatu, federatu edo konfederatutako sindikatuek edo sindikatu-entitateek; autonomia-erkidegoko sindikatu-erakunde hori ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundea izan behar da a) letran ezarritakoaren arabera.

Erakunde horiek ordezkaritza-gaitasuna izango dute autonomia-erkidegoaren esparruan aurreko artikuluaren 3. zenbakian zerrendatutako eginkizun eta ahalmenak egikaritzeko; halaber, gaitasuna izango dute administrazio publikoetan edo estatuko beste erakunde nahiz organoetan parte hartzeko.

2. Ordezkaritza handieneko izaera ez duten sindikatu-erakundeek, lurralde-esparru eta esparru funtzional batean, langileen eskuordeen eta enpresa-batzordeetako zein administrazio publikoen organoetako kideen 100eko 10 edo gehiago lortu badute, legitimazioa izango dute lurralde-esparru eta esparru funtzional horretan 6. artikuluko 3. zenbakiaren b), c), d), e) eta g) idatz-zatiek jaso eginkizun eta ahalmenak egikaritzeko, kasu bakoitzari aplikatu beharreko arautegia aintzat hartuta.

IV. TITULUA

SINDIKATU-EKINTZA

8. artikulua

1. Sindikatu batean afiliatutako langileek enpresa zein lantokiaren esparruan ondokoak egin ditzakete.

a) Sindikatu-atalak eratu, sindikatu-estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Bilerak egin, aurretiaz enpresaburua jakinaren gainean jarrita, kuotak bildu eta sindikatu-informazioa banatu, lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jarduerari kalterik egin gabe.

c) Euren sindikatuek emandako informazioa jaso.

2. Hitzarmen kolektibo bidez ezarritakoa gorabehera, ordezkaritza handieneko sindikatuen atalek eta enpresa-batzordeetan zein administrazio publikoetako organoetan ordezkaritza duten edo langileen eskuordeak dituzten atalek hurrengo eskubideak izango dituzte.

a) Sindikatuan afiliatutako langileei, eta langileei, orokorrean, interesa dakizkiekeen abisuen zabalkundea errazteko xedearekin, enpresak iragarki-ohola jarriko du horien esku; iragarki-ohol hori lantokian ezarri beharko da, eta langileek hori erraz ikustea bermatzen duen lekuan kokatu beharko da.

b) Negoziazio kolektiborako eskubidea, horren legeriak ezarritakoaren arabera.

c) Lokal egokia erabil dezakete, 250 langile baino gehiago dituzten enpresa edo lantokietan, euren jarduerak gauzatzeko.

9. artikulua

1. Probintzietan, autonomia-erkidegoetan edo estatuan, ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeetan hautespen-kargua dutenek ondoko eskubideak izango dituzte:

a) Euren karguko sindikatu-eginkizunak gauzatzeko beharrezkoak diren baimenaldi ordaindugabeak izatea; hala ere, akordioa lortuz gero, baimen horri mugak ezar dakizkioke, ekoizpen-prozesua dela-eta.

b) Derrigorreko eszedentzia izatea, edo horren egoera baliokidea funtzio publikoaren esparruan, lanpostua erreserbatzeko eskubidearekin eta euren ordezkaritza-karguak iraun bitartean antzinatasuna zenbatzeko eskubidearekin. Kargua utzi eta hurrengo hilabetean euren lanpostuan hasiko dira lanean.

c) Lantokietan izatea eta lantokietan sartu ahal izatea, euren sindikatuko zein langile guztien jardueretan parte hartzeko. Horretarako, enpresaburua jakinaren gainean jarri beharko dute, eta eskubide hori egikaritzearen ondorioz ezin izango da geldiarazi ohiko ekoizpen-prozesua.

2. Hitzarmen kolektiboen negoziazio-batzordeetan parte hartzen duten sindikatu-ordezkariek enpresako langile aktiboen izaera izango dute, eta eskubidea izango dute beharrezkoak diren baimenaldi ordainduak izateko, negoziatzaile gisa dituzten zereginak modu egokian bete ditzaten, betiere, negoziazio horrek enpresa ukitzen badu.

10. artikulua

1. 250 langile baino gehiago dituzten enpresetan edo, hala denean, lantokietan, langile horien kontratu-mota edozein dela, enpresa-batzordeetan edo administrazio publikoetan ezarritako ordezkaritza-organoetan sindikatuak izan eta sindikatu horietan afiliatutako langileek era ditzaketen sindikatu-atalen ordezkari izango dira, ondore guztietarako, enpresan edo lantokian sindikatu horien afiliatuek euren artean hautatutako sindikatu-eskuordeak.

2. Nahiz akordio nahiz negoziazio kolektiboaren bidez, idatz-zati honetako mailaketan ezarri eskuordeen kopurua gehi daiteke, enpresako edo, hala denean, lantokiko plantillaren arabera enpresa edo lantokiari dagokion eskuordeen kopurua kontuan hartuta.

Horren inguruko akordio zehatzik izan ezean, enpresa-batzordeen edo administrazio publikoetako ordezkaritza-organoen hauteskundeetan botoen 100eko 10 lortu dituzten sindikatuen zenbat sindikatu-atal izan eta atal horietako bakoitzak izan beharreko eskuordeen zenbatekoa hurrengo mailaketaren arabera zehaztuko da:

250 langiletik 750era: bat.

751 langiletik 2 000ra: bi.

2 001 langiletik 5 000ra: hiru.

5 001 langiletik aurrera: lau.

Botoen 100eko 10 lortu ez dituzten sindikatuen atalek eskuorde bakarra izango dute ordezkari.

3. Sindikatu-eskuordeek, enpresa-batzordean izaterik ez badute, legeak enpresa-batzordeen edo administrazio publikoetan ezarritako ordezkaritza-organoen kideentzat jasotako berme berberak izango dituzte, bai eta ondoko eskubideak ere, hitzarmen kolektibo bidez xeda daitekeena gorabehera:

1) Eskura izatea enpresak enpresa-batzordearen esku jartzen dituen informazio eta agiri berberak; sindikatu-eskuordeek lanbide-isilpekoa izateko betebeharra dute, legeak ezarritako gaietan.

2) Enpresa-batzordeen eta segurtasun zein higieneaz arduratzen diren enpresako barne-erakundeen edo administrazio publikoetan ezarritako ordezkaritza-organoen batzarretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin, baina botorik gabe.

3) Enpresak euren iritzia entzutea, izaera kolektiboko neurriak hartu baino lehenago, neurri horiek ukitzen badituzte langileak orokorrean eta euron sindikatuetan afiliatutako langileak bereziki, eta modu berezian afiliatu horiek kaleratu edo zehatzen direnean.

11. artikulua

1. Hitzarmen kolektiboetan klausulak ezar daitezke, hitzarmenaren aplikazio-esparruko langileek negoziazio-batzordean ordezkatutako sindikatuen kudeaketari ekonomikoki laguntzeko; horretarako, ekonomia-kanona ezarri eta horren ordainketa-modalitateak arautuko dira.

Edozein kasutan ere, langilearen banakako borondatea errespetatuko da, idatziz eta negoziazio kolektiboan zehaztutako forma eta epeetan adierazi beharko dena.

2. Enpresaburuak alokairuetatik sindikatu-kuota deskontatu eta transferitu egingo du langile afiliatuaren sindikatuak hala eskatuta, eta langile horren aldez aurreko adostasunarekin beti.

V. TITULUA

SINDIKATU-ASKATASUNAREN BABESA ETA SINDIKATUEN AURKAKO JOKABIDEAK ZIGORTZEA

12. artikulua

Deusezak eta ondorerik gabekoak izango dira enpleguari edo lan-baldintzei begira, aldekoak zein aurkakoak izan, edozein motatako bereizkeria dakarten erregelamenduen manuak, hitzarmen kolektiboen klausulak, banakako itunak eta enpresaburuen alde bakarreko erabakiak, sindikatu bati, sindikatu horren erabakiei nahiz sindikatu-jarduerei orokorrean atxikitzeagatik edo ez atxikitzeagatik.

13. artikulua

Edozein langilek edo sindikatuk babesa eska dezake jurisdikzio eskudunean, uste badu sindikatu-askatasunerako eskubideak urratu zaizkiola enpresaburuaren, ugazaben elkartearen, administrazio publikoen edo beste edozein pertsonaren, erakunderen eta izaera publikoko zein pribatuko edozein korporazioren jokabidearen ondorioz. Babes hori eskatzeko, gizakiaren oinarrizko eskubideen gaineko jurisdikzio-babesaren prozedura erabiliko da.

Esanbidez hartuko dira, sindikatu-askatasunaren urratze gisa, esku-sartzea dakarten egintzak. Horrelako egintzak dira enplegatzaile batek edo enpresaburuen elkarte batek menderatutako zein kontrolatutako sindikatuen eraketa sustatzea, edo sindikatuei sostengu ekonomikoa edo beste era batekoa ematea, horiek kontrolatzeko asmo berarekin.

14. artikulua

Ustez sindikatu-askatasuna urratua duen langilearen sindikatua, eta ordezkaritza handieneko izaera duen edozein sindikatu, langileak hasitako prozesura bertara daiteke laguntzailekide gisa.

15. artikulua

Organo judizialak ulertzen badu sindikatu-askatasuna urratu dela, sindikatuaren aurkako jokabidea gelditzea aginduko du, bai eta jokabide horren ondore ez-zilegiak konpontzea ere, eta jardunak Fiskaltzari igorriko dizkio, izan daitezkeen delitu-izaerako jokabideak argi ditzan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa

1. Lege honen 6 eta 7. artikuluek, eta Langileen Estatutuaren 75.7 artikuluak ezarritakoaren arabera, sindikatu baten ordezkaritza handieneko izaeraren berri edo ordezkaritza-izaeraren berri emango da, kasuan kasuko eginkizun edo ahalmenak egikaritzeko unean. Sindikatu interesdunak horren gaineko ziurtagiria ekarriko du, kasuan kasuko bulego publikoak luzatu beharko duena, sindikatuak hala eskatuta.

Instituzio-partaidetzari dagokionez, ulertuko da kasuan kasuko eginkizun edo ahalmenak egikaritzen direla organoa eratzen denean, eta, hala denean, organoaren osaketa berritzen denean.

Kasuan kasuko organoak bere sindikatu-ordezkariak aldizkakotasunez berritzen ez dituenean, sindikatu interesdunak organo horretan parte hartzea eska dezake, urtarrilean, eta data horretatik zenbatzen hasita hiru urterik behin, horretarako ordezkaritza-gaitasuna baduela frogatzen duen ziurtagiria ekarriz.

2. Gobernuak beharrezko xedapenak emango ditu, lege honen 6.3 artikuluko a) idatz-zatia eta 7.1 artikulua, eta Langileen Estatutuko seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatzeko; ordezkaritza-gaitasunari dagokionez, aurreko zenbakiaren bigarren lerrokadan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena

1. Langileen eskuordeen, enpresa-batzordeetako kideen eta administrazio publikoetako organoak osatzen dituztenen agintaldia lau urtekoa izango da, baina horiek guztiak berriro hauta daitezke jarraikako hauteskundeetan.

2. Urtebeteko epean eta Konstituzioaren 103.3 artikuluak xedatutakoa garatzeko, Gobernuak Gorte Nagusiei bidaliko die administrazio publikoetako funtzionarioen ordezkaritza-organoak arautzen dituen lege-proiektua.

Hirugarrena

Lege honen 2. artikuluko 1. zenbakiaren d) idatz-zatian aitortutako eskubidea ezin izango da egikaritu establezimendu militarren barruan.

Ondore horretarako, erregelamendu bidez zehaztuko da establezimendu militar gisa ulertu behar dena.

Laugarrena

Agintaldia luzatua duten langileen eskuordeak eta enpresa-batzordeko kideak ez dira zenbatuko lege honen 6 eta 7. artikuluek aipatu ordezkaritza-gaitasuna zehazteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira apirilaren 1eko 19/1977 Legea eta apirilaren 22ko 873/1977 Errege-dekretua, lege honen aurkako diren guztian. Indarrean iraungo du, ordea, lanbide-elkarteen eta, bereziki, enpresaburuen elkarteen inguruan arau horiek jasotakoak; enpresaburuen elkarteei sindikatuetako kide egiteko askatasuna aitortzen zaie, Espainiako Konstituzioaren 28.1 artikuluaren eta Espainiak sinatutako nazioarteko hitzarmenen ondoreetarako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

1. Apirilaren 1eko 19/1977 Legearen arabera eratutako sindikatu-erakundeek nortasun juridikoa badute, lege hau indarrean jartzeko datan, eutsi egingo diote lehenengo izena izateko eskubideari, eta euren nortasunak ez du inola ere etenik izango; sindikatu-erakunde horiek berehala baliozkotuko dira.

2. Lege honen 4. artikuluak aipatu bulego publikoa dago Bitartekaritza, Tartekaritza eta Adiskidetze Institutuan, eta, autonomia-erkidegoei eskumen hori eratxiki zaienean, horien kasuan kasuko organoetan, autonomia-erkidego bakoitzaren lurralde-esparrura begira.

Edozein kasutan ere, autonomia-erkidegoek Bitartekaritza, Tartekaritza eta Adiskidetze Institutuari bidali beharko dizkiote gordailututako agirien aleak, 4.4 artikuluan ezarritako epean.

Bigarrena

Lehenengo eta bigarren xedapen gehigarrietan, xedapen iragankorrean eta azken xedapenetatik lehenengoan jasotako manuek ez dute lege organikoaren izaerarik.

Hirugarrena

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra