Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarena

1979-12-18

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EKNAO, 1980/1/12, 32. zk.; EAO, 1979/12/22, 306. zk.

Abenduaren 18ko 3/1979 LEGE ORGANIKOA, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarena

EKNAOren 32 zb., 1980ko urtarrilaren 12koa

JUAN CARLOS I.a, ESPAINIAKO ERREGEK,

honako hau ikusi eta aditu dezan orori diotsat:

Gorte Nagusiek Lege Organiko gisa onartu dutela eta nik neuk sendetsi egin dudala honako Lege hau.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua

Euskal herriak, bere naziotasunaren adierazgarri eta autogobernua iristeko, Autonomia Erkidego gisa eratzen du bere burua Espainiako Estatuaren barruan, Euskadi zein Euskal Herria izenez, Konstituzioarekin eta oinarrizko erakunde-arau duen Estatutu honekin bat.

2.artikulua

1.-Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dute, Nafarroak bezala, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa osatzeko eskubidea.

2.-Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek, gaur egungo probintzien muga berberetan, osatuko dute Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurraldea; baita Nafarroakoak ere, baldin eta Konstituzioaren Aldibaterako Laugarren Xedapenean finkatutako jardunbideari jarraituz partaide izatea erabakitzen badu.

3.artikulua

Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoetarik bakoitzak ahal izango du, Erkidegoaren baitan, bere antolakuntza eta bere autogobernu-erakunde propioak gorde edota, hala dagokionean, biziberritu eta eguneratu.

4. artikulua

Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez finkatuko da Euskal Herriko Autonomia Erkidego osorako erakundeen egoitza Autonomia Erkidegoaren lurralde barruan.

5. artikulua

1.-Euskal Herriko ikurrina gurutzebikoa da, hondo gorrian zeharkako gurutze berdea eta gainean gurutze zuria dituena.

2.-Orobat onartzen dira Autonomia Erkidegoa osatzen duten herrialdeen bandera ta ezaugarri bereziak.

6. artikulua

1.-Euskara, Euskal herriaren hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2.-Autonomia Erkidego osorako erakundeek, Euskal Herriaren aniztasun sozio-linguisikoa kontutan hartuz, hizkuntza bion erabilera bermatuko dute eta bion ofizialtasuna arautuko, eta beren ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu eta arautuko dituzte.

3.-Inor ezin izango da hizkuntza dela-eta diskriminatu.

4.-Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofizial da.

5.-Euskara beste euskal lurralde eta gizatalderen ondare den aldetik eta erakunde akademiko eta kulturazkoak izan ditzaten harreman eta loturez gain, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskatu ahal izango dio Espainiako Gobernuari lurralde eta gizatalde horiek kokaturik dauden edota bizi diren Estatuekin kulturazko harremanak bideratzeko itun-hitzarmenak izenpetu eta, hala badagokio, Gorte Nagusien aurrean, baimentzeko, aurkeztu ditzala, euskara zaindu eta bultzatze aldera.

7. artikulua

1.-Euskal herritar izaera politikoa izango dute, Estatutu honen ondorioetarako, Estatuko lege orokorren arabera Autonomia Erkidegoaren lurralde barruko edozein udalerritan administrazio-herrikidetasuna dutenek.

2.-Atzerrian bizi direnek, hala nola beren ondorengoek, hala eskatzen badute, Euskal Herriko biztanleen eskubide politiko berberak izango dituzte baldin eta Euskadin izan badute azken administrazio-herrikidetasuna, Espainiako herritartasunari eutsi badiote, beti ere.

8. artikulua

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari atxiki ahal izango zaizkio guztiz bere lurralde barruan kokaturiko beste lurralde eta udalerriak, honako baldintza hauek betez:

a)Doakion Udalak edota udalen gehiengoak atxikimendua eskatu dezala eta entzun dakiola lurralde edo udalerri hori kokaturik dagoen Erkidego edo Probintziari.

b)Delako udalerri edo lurralde horretako biztanleek hala erabaki dezatela, dagokionaren baimena lortu ondoren horretarako bereziki deitutako erreferendum bidez eta emandako baliozko botoen gehiengoz onartuta.

c)Eusko Legebiltzarrak eta, ondoren, Estatuko Gorte Nagusiek Lege Organiko bidez onartu dezatela.

9. artikulua

1.-Euskal Herriko herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak Konstituzioan finkatutakoak dira.

2.-Euskal herri-aginteek, beren eskumenen esparruan,

a)Herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaindu eta bermatuko dute.

b)Bizi- eta lan-baldintzen hobekuntzaren aldeko politika bultzatuko dute bereziki.

c)Enplegua gehitzea eta ekonomiaren oreka sustatzeko neurri lagungarriak hartuko dituzte.

d)Gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagertaraztera bideratutako neurri oro hartuko dute.

e)Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-alorretako bizitzan herritar guztien partaidetza bideratuko dute.

TITULUA

(Euskal Herriaren eskumenak)

10. artikulua

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak bakarreko eskumena du honako gai hauetan:

1.-Udalbarrutien mugak, Estatutu honen 37. artikuluan xedatutakoaren arabera lurralde historikoei dagozkien ahalmenei kalterik eragin gabe.

2.- Bere autogobernu-erakundeen antolaketa, araubidea eta jarduera, Estatutu honetako arauen esparruan.

3.- Eusko Legebiltzarrari, Batzar Nagusiei eta foru-aldundiei eragiten dien barruko hauteskunde-legeria, Estatutu honetan aurreikusitako moduan eta Estatutu honen 37. artikuluan xedatutakoaren arabera lurralde historikoei dagozkien ahalmenei kalterik eragin gabe.

4.- Toki-araubidea eta Euskal Herriko zein toki-administrazioko funtzionarioen estatutua, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan finkatutakoari kalterik egin gabe.

5.- Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoetako foru-zuzenbide zibil eta berezia, dela idatzia ala ohiturazkoa, gorde, aldatu nahiz garatzea, eta indar izango duen lurraldea finkatzea.

6.- Euskal Herriak emandako zuzenbidearen berezitasunen eta bere antolaketa bereziaren haritik datozen prozesu-arauak eta administrazio-jardunbideari zein ekonomia-administraziokoari dagozkion arauak.

7.- Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko jabetza publikoko eta ondareko ondasunak eta bere eskumeneko gaietako zorgune publikoak.

8.- Mendi-basoak, oihan-erabilera eta -zerbitzuak, abelbide eta larreak, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

9.- Nekazaritza eta abelzaintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

10.- Barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta arrain-hazkuntza, ehiza eta ibai eta aintziretako arrantza

11.- Ur-erabilerak, ubideak eta ureztatzeak, urok Euskal Herrian zehar soilik igarotzen badira; energia ekoiztu, banatu eta garraiatzeko instalazioak, garraioa lurraldetik ateratzen ez bada eta ustiapenak beste probintziari edo Autonomia Erkidegori eragiten ez badio; metalurak, ur beroak eta lurpeko urak. Hori guztiori, Konstituzioaren 149.1.25 artikuluan erabakitakoari kalterik eragin gabe.

12.- Gizarte-laguntza.

13.- Irakaskuntza-, kultura-, arte-, ongintza-, eta sorospen-izaerako nahiz antzeko fundazio eta elkarteak, beren egitekoak nagusiki Euskal Herrian betetzen dituzten bitartean.

14.- Adingabekoen babes-kuradoretzako, espetxetako eta gizarteratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, araubidea eta jarduera, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat.

15.- Farmazia-antolamendua, Konstituzioaren 149.1.16 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta higienea, Estatutu honen 18. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz.

16.- Zientzia- eta teknika-ikerketa, Estatuarekin koordinaturik.

17.- Kultura, Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

18.- Arte Ederren sustapenari eta irakaskuntzari lotutako erakundeak. Eskulangintza.

19.- Historia-, arte-, monumentu-, arkeologia- eta zientzia-ondarea, Autonomia Erkidegoak bere gain harturik ondare hori espropiazioaren eta lapurretaren aurka babesteko Estatuak ezar ditzan arau eta betebeharrak betetzea.

20.- Estatuaren izenean ez dauden artxibategi, liburutegi eta museoak.

21.- Nekazaritzako eta jabetzako ganberak, arrantzale-kofradiak eta merkataritza-, industria eta itsasketa-ganberak, Estatuaren kanpo-merkataritzaren alorreko eskumenari kalterik egin gabe.

22.- Lanbide-elkargoak eta lanbide tituludunen jarduera, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoari kalterik eragin gabe. Estatuaren legeekin bat notarioak izendatzea.

23.- Kooperatibak, Gizarte-segurantzan sartu gabeko lagunaroak eta elkarlaguntzako elkarteak, merkataritza-arloko legeria orokorrarekin bat.

24.- Euskal Herriaren beraren sektore publikoa, Estatutu honetako beste arauk eragiten ez dion bitartean.

25.- Euskal Herriko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

26.- Kreditu-erakunde korporatiboak, publikoak eta lurraldekoak, eta aurrezki-kutxak, Estatuak kredituaren eta banketxeen antolamenduaz ezar ditzan oinarrien eta diru-politika orokorraren esparruan.

27.- Barne-merkataritza, baina prezio-politika orokorrari, Estatuko lurraldean ondasunen joan-etorri askeari eta lehiaren babeserako legeriari kalterik egin gabe. Barruko feria eta azokak. Jatorrizko deiturak eta publizitatea, Estatuarekin elkarlanean.

28.- Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babestea, aurreko paragrafoko mugapen berarekin.

29.- Burtsa eta gainerako merkatalgai- eta balore-salerosketarako guneak sortu eta arautzea, merkataritza-legeriarekin bat.

30.-Industria, salbu eta arau berezien peko industriak ezartzea, handitzea eta lekualdatzea, dela segurtasunagatik, armadaren eta osasunaren interesagatik edota eginkizunotarako legeria berezia behar dutenak eta atzerriko teknologia eskuratzeko aurretiazko kontratuak behar dituztenak. Industria-sektoreen berregituraketan, Euskal Herriari dagokio Estatuak erabakitako planak garatu eta gauzatzea.

31.- Lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendua, hirigintza eta etxebizitza.

32.- Trenbideak, lehorreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioa, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologia Zerbitzua, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoari kalterik eragin gabe. Garraio-gaietan, zama-kontrataguneak eta ¿terminalak.

33.- Herri-lanak, legez interes orokorrekotzat izendatu gabekoak edota egiterakoan beste lurralderi eragiten ez diotenak.

34.- Bide eta errepide arloan, lurralde historikoetako foru-aldundiek oso-osorik gordeko dituzte orain dituzten lege-araubidea eta eskumenak ala, hala dagokionean, Estatutu honen 3. artikuluaren arabera berreskuratzeko dituztenak, Konstituzioaren 148. artikuluko 1. zenbakiko 5. paragrafoan jasotako eskumenez gain.

35.- Kasino, joko eta apustuak, Kirol eta Ongintzako Elkarrekiko Apustuak izan ezik.

36.- Turismoa eta kirolak. Aisia eta olgeta.

37.- Euskal Herriko estatistika, bere helburu eta eskumenetarako.

38.- Ikuskizunak.

39.- Komunitatearen garapena .Emakumeen egoera. Haur, gazte eta adinekoen aldeko politika.

11.artikulua

1.-Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskumena du Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatu eta bere lurraldean betearazteko, honako gaiotan:

a) Ingurumena eta ekologia.

b) Derrigorrezko jabego-gabetzea, administrazio-kontratu eta -emakidak, bere eskumenen esparruan, eta Euskal Herriko administrazioaren erantzukizun-sistema.

c) Euskal Herriko arrantza-sektorearen antolamendua.

2.- Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskumena ere du oinarri-arauak legez garatzeko, arauok finka dezaten moduan, eta bere lurraldean betearazteko, honako gaiotan.

a) Kredituaren antolamendua, bankuak eta aseguruak.

b) Funtsezko baliabide eta zerbitzuak sektore publikorako gordetzea, monopolio-bidezkoak bereziki, eta interes orokorrak hala eskatzen duenean enpresak eskupean jartzea.

c) Meategien eta energiaren araubidea. Baliabide geotermikoak.

12. artikulua

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuaren legeria betearaztea honako gai hauetan:

1.- Espetxe-legeria.

2.- Lan-legeria, gaur egun Estatuak arlo honetan dituen lan-harremanei buruzko ahalmen eta eskumenak bereganaturik. Halaber, Estatuak lan-legeria betearazteko dituen zerbitzuak antolatzeko, zuzentzeko eta gainbegiratzeko ahalmena, Estatuaren Goi-ikuskaritzaz bat, lan-baldintzak gizartearen garapen- eta aurrerapen-mailari egokitzen saiatuz eta langileen koalifikazioa eta prestakuntza osoa bultzatuz

3.- Jabetza-lerrokatzaileak, Kanbio eta Burtsako agenteak eta Merkataritza-artekariak izendatzea. Dagozkien barrutiak finkatzen parte hartzea, hala dagokionean.

4.- Jabetza intelektuala eta industria-jabetza.

5.- Pisu eta neurriak. Metalen kontrastea.

6.- Euskal Herrian egindako nazioarteko azokak.

7.- Estatuaren sektore publikoa Autonomia Erkidegoaren lurralde-barrutian, non eta esku hartzerik izango duen egoki den kasu eta jardueretan.

8.- Interes orokorrekotzat jotako portu eta aireportuak, Estatuak zuzeneko kudeaketa beretzat gordetzen ez duenean.

9.- Abiaburua eta helmuga Autonomia Erkidegoaren lurralde barruan dituen salgai- zein bidaiari-garraioaren antolamendua, nahiz eta Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. zenbakiaren 21. paragrafoak aipatzen dituen Estatuaren izeneko azpiegituretan zehar egin garraioa, eta Estatuak beretzat gorde dezan zuzeneko betearazteari kalterik egin gabe.

10.- Itsas-salbamendua eta isuri industriazko nahiz kutsakorrak, euskal itsas-bazterrari dagozkion Estatuaren uretan.

13. artikulua

1.- Justizia Administrazioari dagokionez, justizia militarra kanpo utzirik, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak gauzatuko ditu bere lurraldean Aginte Judizialaren eta Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoetan Gobernuari aitortu, gorde eta eman dakizkion ahalmenak.

2.- Estatuari dagozkio, oso-osorik, lege orokorrekin bat, barkazio-eskubidea eta fiskaltzaren antolaketa eta jarduera.

14. Artikulua

1.- Euskal Herrian diren jurisdikzio-organoen eskumena honako hauetara hedatzen da:

a) Arlo zibilean, auzialdi eta gradu guztietara, Euskal Herriko foru-zuzenbide zibil bereziko gaietako kasazio- eta berrikusteko errekurtsoak barne

b) Zigor- eta lan-arloetan, auzialdi eta gradu guztietara, kasazio- eta berrikusteko errekurtsoak izan ezik.

c) Administrazioarekiko auzien arloan, auzialdi eta gradu guztietara, Euskal Herriko administrazioak emandako egintzak baldin badira, Autonomia Erkidegoak legegintzarako bakarreko eskumena duen gaietan; eta lehen auzialdira, berriz, Estatuko administrazioak emandako egintzak direnean.

d) Euskal Herriko organo judizialen arteko eskumen-gatazketara.

e) Jabetza-erregistroetan lerrokatu beharreko Euskal zuzenbide bereziko dokumentuen kalifikazioari buruzko errekurtsoetara.

2.- Gainerako gaietan, Auzitegi Gorenean jarri ahal izango dira legeen arabera egoki diren errekurtsoak. Auzitegi Gorenak ebatziko ditu, baita ere, Euskal Herriko eta Estatuko gainerako organo judizialen arteko eskumen- eta jurisdikzio-gatazkak.

15. artikulua

Euskal Herriari dagokio, Legebiltzarraren lege bidez eta Konstituzioaren 54. artikuluak sortutako erakundea errespetatuz, haren antzeko organo bat sortu eta antolatzea, berarekin koordinaturik artikulu hartan aipatutako egitekoak eta Eusko Legebiltzarrak egotzi diezaizkion gainerakoak bete ditzan.

16. artikulua

Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe.

17. artikulua

1.- Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako foru-araubidearen eguneratze-prozesuaren haritik, Euskal Herriko erakundeei egokituko zaie, Estatutu honetan zehazten den eran, autonomia-lurraldean gizakien eta ondasunen babeserako eta herri-bakea zaintzeko Autonomia Erkidegoko poliziaren araubidea, Estatuaren segurtasun-indar eta ¿kidegoentzat gorderik gelditzen direla, nolanahi ere, erkidegoz kanpoko edo erkidegoz gaindiko polizia-zerbitzuak, hala nola portu, aireportu, itsasertz eta mugak zaintzea, aduanak eta espainiarrak eta atzerritarrak nazio-lurraldean sartu eta ateratzea kontrolatzea, atzerritarren araubide orokorra, estradizioa eta kanporatzea, emigrazioa eta inmigrazioa, pasaporteak, nortasun-agiri nazionala, arma eta lehergaiak, Estatuaren zergabidearen babesa, kontrabandoa eta Estatuari egindako zerga-iruzurra.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren aginte gorena Euskal Herriko Jaurlaritzari dagokio, foru-aldundiek eta udalek izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe.

3.- Polizia judiziala eta egiteko horietan jardun dezan kidegoa justizia-administrazioaren zerbitzuan eta bere zaintzapean antolatuko dira, lege prozesalek xeda dezaten moduan.

4.- Autonomia Erkidegoko poliziaren eta Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoen arteko koordinaziorako Segurtasun-batzorde bat izango da, Estatuaren eta Autonomia Erkidegoaren ordezkari-kopuru berdinez osatua.

5.- Hasiera batean, honako hauek osatuko dituzte Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko poliziak:

a)Arabako Foru Aldundiaren gaur eguneko Miñoigoak

b)Bizkai-Gipuzkoetako foru-aldundien menpe agindu honen bidez sortzen diren Mikelete- eta Miñoi-kidegoek.

Aurrerantzean, Euskal Herriko erakundeek aurreko paragrafoetan aipatutako kidegoak bakar batean biltzea erabaki dezakete edota bereganatutako eskumenak betetzeko beharrezko izan dadin berrantolaketari ekitea.

Hori guztiori, Miñoi- eta Mikelete-kidegoak ordezkaritzako eta tradiziozko zereginetarako badiraute ere.

6.- Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gora-behera, Estatuko segurtasun-indar eta kidegoak esku hartu ahal izango dute Autonomia Erkidegoan ordena publikoa babesten, honako kasuetan:

a) Euskal Herriko Jaurlaritzak eskatuta, esku hartzea bere eskariz amaituko dela.

b) Beren kabuz, Estatuaren interes orokorra arrisku larrian dagoela eritzi dezatenean, beharrezko izanik artikulu honen 4. paragrafoan aipatzen den Segurtasun-batzordearen onarpena. Larritasun bereziko kasuetan eta Konstituzioak zuzenean egozten dizkien egitekoak betetzeko, Estatuko segurtasun-indar eta ¿kidegoek Gobernuaren erantzukizun bakarrarekin esku hartu ahal izango dute, Gobernuak Gorte Nagusiei berri emanez. Gorte Nagusiek, Konstituzioan jasotako prozeduren bidez, dagozkien eskumenak bete ahal izango dituzte.

7.- Alarma-, salbuespen- edota setio-egoerak aldarrikatzen badira, Euskal Herriko polizia-indar guztiak kasu bakoitzean dagokion agintaritza zibil ala militarraren agindu zuzenetara geldituko dira, gaiok arautzen dituen legeriarekin bat.

18. artikulua

1.- Euskal Herriari dagokio, barne-osasun arloan, Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea.

2.- Euskal Herriari dagokio, Gizarte-segurantzaren arloan:

a) Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak izan ezik.

b) Gizarte-segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa.

3.-Euskal Herriari dagokio, orobat, produktu farmazeutikoei buruzko Estatuko legeria betearaztea.

4.- Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta osasun eta gizarte-segurantza arloko erakunde, entitate eta fundazioen gainbegiratzea egingo du, artikulu honetan jasotako egiteko eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza Estatuak beretzat gordetzen duela.

5.- Osasun eta gizarte-segurantza arloan beregana ditzaten eskumenak erabiltzerakoan, euskal herri-aginteak interesdun guztien partaidetza demokratikoaren irizpideari lotuko zaizkie eta baita langile-sindikatuen eta enpresario-elkarteeneri ere, legeak finka dezan moduan.

19. artikulua

1.- Euskal Herriari dagokio gizarte-hedabideen arloan Estatuaren oinarrizko arauen lege-garapena, beti ere Konstituzioaren 20. artikuluak xedatzen duena errespetatuz.

2.- Aurreko paragrafoak aipatzen dituen gaiotan betearaztea Estatuarenarekin koordinatuko da, Estatuaren titulartasuneko hedabideei ezargarri zaien arauteria bereziari dagokionez.

3.- Artikulu honen lehen paragrafoan xedatutakoarekin bat, Euskal Herriak bere telebista, irratia eta prentsa arautu, sortu eta mantendu ahal izango ditu eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen gizarte-hedabide guztiak.

20. artikulua

1.- Euskal Herriak legegintzarako eta betearazteko eskumena izango du, Eusko Legebiltzarrak hala eskaturik, Estatuak, Konstituzioaren arabera eta lege organiko bidez eskualdatu ala eskuordetu diezaizkion gainerako gaietan.

2.- Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak Konstituzioaren 150.1 artikuluaren araberako legeria egokia eman ahal izango du, agindu horretan aipatutako esparru-legeak Gorte Nagusiek onar ditzatenean.

3.- Euskal Herriak betearaziko ditu itun eta hitzarmenak, Estatutu honetan bere eskumeneko aitortutako gaiei eragiten dioten orotan. Inongo itun edo hitzarmenek ezingo die eragin Euskal Herriaren ahalmen eta eskumenei, Konstituzioaren 152.2 artikuluan jasotako prozeduraren bidez ez bada, 93. artikuluan aurreikusitakoa salbu.

4.- Bakarreko eskumena izan gabeko gaietan Estatutu honek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkion betearazte-egitekoek administratzeko ahalmena hartzen dute eta baita, hala dagokionean, zerbitzuak antolatzeko barne-araudiak ematekoa ere.

5.- Itun eta hitzarmenak egiterakoan, eta baita muga-zergei buruzko lege-egitasmoak ere, Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko zaio, Euskal Herriarentzako berariazko intereseko gaiak ukitzen dituztenetan.

6.- Besterik esan ezean, aurreko artikuluetan eta Estatutu honetako gainerakoetan aipatzen diren eskumen guztiak Euskal Herriko lurralde-esparruari dagozkiola jo behar da.

21. artikulua

Bakarreko eskumenen gaietan Euskal Herriak emandako zuzenbidea lehentasunez da erabilgarri beste edozeinen aurretik eta horren ezean besterik ez da erabiliko, osagarri, Estatuaren zuzenbidea.

22. artikulua

1.- Autonomia Erkidegoak hitzarmenak egin ditzake beste autonomia-erkidegoekin beren bakarreko eskumeneko zerbitzu propioak kudeatu eta emateko. Esandako hitzarmen horiek egiteko, Gorte Nagusiei jakinarazi behar zaie indarrean sartu aurretik. Gorte Nagusiek, ala Ganberaren batek, jakinarazpena hartu eta hogeita hamar egunen barruan eragozpenik azalduko balu, hitzarmenak artikulu honetako hirugarren paragrafoan aurreikusitako izapideak jarraitu beharko lituzke. Epe hori igaro eta gero, hitzarmenari eragozpenik azaldu ez bazaio, indarrean jarriko da.

2.- Autonomia Erkidegoak hitzarmenak egin ditzake beste foru-lurralde historiko batekin beren eskumeneko gaiei buruzko zerbitzu propioak kudeatu eta emateko, Gorte Nagusiei jakinarazi behar zaiela. Jakinarazpena egin eta hogeigarren egunean sartuko dira indarrean hitzarmenok.

3.- Autonomia Erkidegoak lankidetza-akordioak ere egin ditzake beste autonomia-erkidegoekin Gorte Nagusien aldez aurreko baimenarekin.

23. artikulua

1.- Euskal lurraldean den Estatuaren administrazio zibila Autonomia Erkidegoaren lur-esparrura egokituko da.

2.- Gobernuak izendatutako Ordezkari batek zuzenduko du eta, egoki denean, Autonomia Erkidegoaren administrazioarekin koordinakuko, Konstituzioaren 154. artikuluarekin bat.

II. TITULUA

(Euskal Herriaren aginteak)

ATARIKO KAPITULUA

24. artikulua

1.- Euskal Herriaren aginteak Legebiltzarraren, Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren bidez gauzatuko dira.

2.- Lurralde historikoek beren foru-erakundeak gorde eta antolatuko dituzte, Estatutu honen 3. artikuluan xedatutakoarekin bat.

I. KAPITULUA

(Eusko Legebiltzarra)

25. artikulua

1.- Eusko Legebiltzarrak legegintza-agintea du, aurrekontuak onartu eta Eusko Jaurlaritzaren ekintza bultzatu eta kontrolatzen du, beti ere Estatutu honen 37. artikuluan aipatutako erakundeen eskumenei kalterik eragin gabe.

2.-Eusko Legebiltzarra ukiezina da.

26. artikulua

1.- Lurralde historiko bakoitzeko ordezkari-kopuru berdinak osatuko du Eusko Legebiltzarra, bozketa orokor, aske, zuzen eta isilpeko bidez hautatuak.

2.- Lurralde historikoa da hautes-barruti.

3.- Proportziozko ordezkaritzaren irizpideari jarraituz egingo da hautaketa lurralde historiko bakoitzaren baitan.

4.- Eusko Legebiltzarra lau urterako hautatuko da.

5.- Eusko Legebiltzarraren lege batek arautuko du bere kideen hautaketa, eta bere lur-esparruan betetako postu eta karguei eragin diezaieten hautaezintasun- eta bateraezintasun-arrazoiak finkatuko.

6.- Eusko Legebiltzarkideak ukiezinak izango dira beren kargualdian emandako boto zein iritziengatik.

Beren kargualdian ezin izango dira atxilotu ez atxiki Autonomia Erkidegoaren lur-esparruan egindako delituengatik, delitu gori-goria izan ezik eta, betiere, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio erru-egozte, espetxeratze, auziperatze eta epaitzeari buruz erabakitzea.

Euskal Herriko lurraldetik kanpo, Auzitegi Gorenaren Zigor-arloko salan argitu ahal izango da erantzukizun penala, modu berean.

27. artikulua

1.- Legebiltzarrak legebiltzarburua, Mahaia eta Batzorde Iraunkorra hautatuko ditu bere kideen artean. Osoko Bilkuratan eta Batzordetan jardungo du.

Legebiltzarrak bere barne-araudia finkatuko du, legebiltzarkideen gehiengo osoz onartu beharko dela.

Legebiltzarrak bere aurrekontua eta bere langileen estatutua onartuko ditu.

2.- Bilkuraldi arrunta urtean zortzi hilabetekoa izango da gutxienez.

3.- Biltzarrak bilkura bereziak egin ahal izango ditu Jaurlaritzaren, Batzorde Iraunkorraren nahiz legebiltzarkideen herenaren eskariz. Bilkura bereziak gai-zerrenda itxiaz deitu beharko dira eta gai-zerrenda hori amaitutakoan bukatutzat emango dira.

4.- Legegintzarako ekimena legebiltzarkideei dagokie, Jaurlaritzari eta Estatutu honen 37. artikuluan aipatzen diren ordezkaritza-erakundeei, legeek finkatutako moduan.

Legebiltzarkideek eskariak, galderak, itaunak eta adierazpenak aurkeztu ahal izango dituzte, bai Osoko Bilkuran bai Batzordeetan, araudi bidez finka daitezen modutan.

Eusko Legebiltzarrak izapidetu beharreko lege-proposamenak aurkezteko herritarren ekimena lege baten bidez arautuko du Legebiltzarrak, Konstituzioaren 83. artikuluan aurreeikusitako Lege Organikoak finkatu dezanarekin bat.

5.- Eusko Jaurlaritzarko lehendakariak aldarrikatuko ditu Legebiltzarraren legeak eta, onartu eta hamabost eguneko epean, ¿Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian¿ argitararaziko, eta baita ¿Estatuko Aldizkari Ofizialean¿ ere. Indarrean noiz sartuko den jakiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako egunak aginduko du.

28. artikulua

Eusko Legebiltzarrari dagokio, gainera:

a) Euskal Herriaren ordezkari izango diren senadoreak izendatzea, Konstituzioaren 69.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Eusko Legebiltzarraren beraren lege batek finka dezan jardunbidearen bitartez, proportziozko ordezkaritza egokia ziurtatuko duena.

b) Estatuko Gobernuari lege-egitasmo bat onar dezan eskatzea edota Kongresuko Mahaiari lege-proposamen bat helaraztea, Biltzar horretan aldeztuko duten legebiltzarkideak ordezkari izendatuta.

c) Konstituzio-kalteko errekurtsoa jartzea

KAPITULUA

(Eusko Jaurlaritza eta Lehendakaria)

29. artikulua

Eusko Jaurlaritza Euskal Herriko betearazte- eta administrazio-egitekoak dituen kide anitzeko organoa da.

30. artikulua

Jaurlaritzaren eginkizunak eta bere antolaketa, lehendakari bat eta zenbait sailburu izango dituena, eta baita Jaurlaritzako kideen estatutua Legebiltzarrak arautuko ditu.

31. artikulua

1.- Eusko Jaurlaritza bertan behera geldituko da Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ondoren, Legebiltzarraren babesa galdu ezkero edota lehendakariak kargua utzi nahiz hiltzen bada.

2.- Bertan behera gelditutako Jaurlaritzak jardunean jarraituko du Jaurlaritza berria jabetu arte.

32. artikulua

1.-Jaurlaritzak Legebiltzarraren aurrean erantzuten du politikoki bere osoan, kide bakoitzak bere kudeaketaren erantzukizun zuzena gorabehera.

2.- Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak beren kargualdian ezin izango dira atxilotu ez atxiki Autonomia Erkidegoaren lur-esparruan egindako delituengatik, delitu gori-goria izan ezik eta, betiere, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio erru-egozte, espetxeratze, auziperatze eta epaitzeari buruz erabakitzea. Euskal Herriko lurraldetik kanpo, Auzitegi Gorenaren Zigor-arloko salan argitu ahal izango da erantzukizun penala, modu berean.

33. artikulua

1.-Jaurlaritzako lehendakaria Eusko Legebiltzarrak hautatuko du bere kideen artetik eta Erregek izendatuko du.

2.- Lehendakariak Jaurlaritzako sailburuak izendatu eta bereizten ditu, Jaurlaritzaren lanjarduna zuzentzen du eta bera da, batera, Euskal Herriaren ordezkari gorena eta Estatuaren ordezkari arrunta lurralde honetan.

3.- Eusko Legebiltzarrak lege baten bidez finkatuko ditu lehendakaria hautatzeko modua, bere ahalmenak eta baita Jaurlaritzaren Legebiltzarrarekiko harremanak.

III. KAPITULUA

(Justizia Administrazioa Euskal Herrian)

34. artikulua

1.- Euskal Herriko Justizia Administrazioaren antolakuntza Aginte Judizialaren Lege Organikoan aurreikusitakoarekin bat egituratuko da eta Auzitegi Nagusi bat izango du guztien gaineko, Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eskumena izango duena eta prozesu-auzialdi guztiak agortuko dituena.

Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 152. artikuluan agindutakoarekin bat, probintziaz azpiko epai-barrutien antolaketan eta beren egoitza-hiria finkatzen parte hartuko du eta, betiere, beren mugak finkatuko ditu.

2.- Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko lehendakaria Erregek izendatuko du.

3.- Justizia Administrazioan herritarren egintza eta partaidetza bideratuko da Autonomia Erkidegoan, zinpeko epaimahaia delako erakundearen bidez, lege prozesalek finka dezaten modu eta zigor-auzibideetan

35. artikulua

1.- Magistratu, epaile eta idazkariak Aginte Judizialaren eta Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoetan aurreikusitako moduan izendatuko dira, Euskal Foru Zuzenbidea eta euskara jakitea lehentasunezko meritu izango direla eta sorlekua edo herritasuna dela-eta salbuespenik egin gabe.

2.- Autonomia Erkidegoak eskatuz gero, Euskal Herriko magistratu, epaile eta idazkari lanpostu hutsak betetzeko lehiaketa eta oposiziotarako deia egin beharko du organo eskumendunak, Aginte Judizialaren Lege Organikoak xeda dezanarekin bat. Lehiaketa eta oposizio horietan bete gabe gelditu daitezen lanpostuak Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak beteko ditu, Aginte Judizialaren Lege Organikoak kasu horretarako jasotzen dituen arauak erabiliz.

3.- Autonomia Erkidegoari egokituko zaio, bere lurralde barruan, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileria eta bere jardunerako baliabide material eta ekonomikoz hornitzea, Aginte Judizialaren Lege Organikoan ahalmen hori Gobernuarentzat gorde dadin neurri berean eta langileria hornitzeko sistemetan Euskal Foru Zuzenbidea eta euskara jakitea lehentasunez balioetsiz.

4.- Autonomia Erkidegoak eta Justizia Ministerioak Euskal Herriak bereganatutako eskumena zuzen kudeatzeko behar besteko lankidetza izango dute

36. artikulua

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak, epai-polizia gisa diharduenean, Justizia Administrazioaren zerbitzuan eta bere mende izango da, lege prozesalek xedatu dezaten moduan.

IV. KAPITULUA

(Lurralde Historikoetako erakundeak)

37. artikulua

1.- Lurralde historikoetako foru-erakundeek bakoitzak berea duen lege-araubideari jarraituko diote.

2.- Estatutu honetan xedatutakoak ez du ekarriko lurralde historiko bakoitzak bereak dituen foru-araubidearen izaeraren zein bakoitzak bereziak dituen araubidearen eskumenen aldaketarik.

3.- Nolanahi ere, bakarreko eskumena izango du bakoitzak bere lurralde barruan honako gaiotan:

a) Beren erakunde propioen antolaketa, araubidea eta jarduera.

b) Beren aurrekontuak prestatu eta onartzea.

c) Probintzia-mugak gainditzen ez dituzten udalaz gaindiko lurralde-barrutiak.

d) Probintziaren eta udalen ondasunen araubidea, bai jabetza publikokoak zein ondarekoak eta herri-lurrak.

e) Udal-hauteskundeen araubidea.

f) Estatutu honetan zehatu daitezen edota eskuordetu dakizkien guztiak.

4.- Eusko Legebiltzarrak zehaztu ditzan gaietan, arau bidez garatu eta beren lurraldean betearaztea ere egokituko zaie.

5.- Lurralde historikoetako ordezkaritza-organoak hautatzerakoan bozketa orokor, aske, zuzen, isilpeko eta proportziozkoaren irizpideari jarraituko zaio, lurralde bakoitzeko eskualde guztiei ordezkaritza egokia bideratuko dien hautes-barrutiekin.

V. KAPITULUA

(Euskal Herriko aginteen kontrola)

38. artikulua

1.- Eusko Legebiltzarraren legeak Konstituzio Auzitegiaren konstituziozkotasunaren kontrolaren menpe egongo dira bakarrik.

2.- Konstituzioaren 150.1 artikuluan aurreikusitakoetarako, bertan xedatzen denari jarraituko zaio.

3.- Euskal Herriko betearazte- eta administrazio-organoek emandako egintza, erabaki eta araudi-arauen aurka Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean jarri daitezke errekurtsoak.

39. artikulua

Autonomia Erkidegoko erakundeen eta lurralde historiko bakoitzekoen artean sor litezken eskumen-gatazkak Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko lehendakariaren lehendakaritzapean Eusko Jaurlaritzak eta doakion lurraldeko Foru Aldundiak askatasunez izendatutako kide berdinez osatutako bitartekaritza-batzorde batek ebatziko ditu, Eusko Legebiltzarraren lege batek finkatu dezan prozedurari jarraituz.

TITULUA

(Ogasuna eta ondarea)

40. artikulua

Euskal Herriak autonomia-ogasuna izango du bere eskumenak egoki gauzatu eta finantzatzeko.

41. artikulua

1.- Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko zerga-alorreko harremanak tradiziozko foruetako ekonomia-itun edo ¿hitzarmenen bidez bideratuko dira.

2.- Ekonomia-itunaren araubidearen edukiak honako irizpide eta oinarri hauek errespetatuko ditu eta horiei lotuko zaie:

a) Lurralde historikoetako erakunde eskumendunek zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dute beren lurraldean, Estatuko zerga-egitura orokorrari, koordinaziorako, zerga-armonizaziorako eta Estatuarekiko lankidetzarako ekonomia-itunak berak jaso ditzan arauei eta Autonomia Erkidegoaren baitan helburu horiexetarako Eusko Legebiltzarrak eman ditzanei loturik. Ekonomia-ituna lege bidez onartuko da.

b) Foru-aldundi bakoitzak ordainaraziko, kudeatuko, kitatuko, bilduko eta ikuskatuko ditu zerga guztiak nork bere lurralde historikoaren barruan, muga-zergari dagozkionak eta gaur egun zerga-monopolioen bidez biltzen direnak ezik, beti ere Estatuarekiko lankidetzari eta bere goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe.

c) Lurralde historikoetako erakunde eskumendunek behar bezalako erabakiak hartuko dituzte Estatuak lurralde arruntean ezartzea erabaki dezan salbuespenezko eta unean uneko zerga-arauak zeinek bere lurraldean ezartzeko, arauok izan dezaten indarraldi berbera izango dutela.

d) Euskal Herriak Estatuari egingo dion ekarpena guztizko kupo bat izango da, lurralde bakoitzari dagokionaz osatuta, Autonomia Erkidegoak bereganatu gabeko Estatuaren betebehar guztietarako ekarpen gisa.

e) Aipatutako guztizko kupoa osatzen duten lurralde historiko bakoitzari dagokion kupoa finkatzeko, Bitariko batzorde bat sortuko da, alde batetik, Foru Aldundi bakoitzaren ordezkari bana eta Eusko Jaurlaritzaren beste horrenbestez osatuta eta, beste aldetik, Estatuaren administrazioaren ordezkari-kopuru beraz. Horrela adostutako kupoa lege bidez onartuko da Itunean zehaztuko den aldizkotasunez, Itunean bertan finkatu dadin jardunbideaz urtero eguneratzea gora behera.

f) Konstituzioaren 138. eta 156. artikuluetan aipatzen den elkartasun-irizpidearekin bat aplikatuko da Itun-araubidea.

42. artikulua

Euskal Herriko ogasun orokorraren sarrerak honako hauek izango dira:

a) Foru-aldundiek egin ditzaten ekarpenak, lurralde historikoek Euskal Herriaren aurrekontu-gastuetarako emandako laguntza direnak. Eusko Legebiltzarraren lege batek finkatuko ditu banaketa zuzenerako irizpideak eta, irizpideon arabera, lurralde historiko bakoitzaren ekarpenak adostu eta gauzatzeko erabiliko den prozedura.

b) Eusko Legebiltzarrak ezarri ditzan Euskal Herriko zerga propioen emaitza, Konstituzioaren 157. artikuluan eta Autonomia-erkidegoen Finantzaketarako Lege Organikoan agindutakoarekin bat.

c) Lurraldearteko Berdinketa-funtsetik jasotako eskuraketak eta Estatuko aurrekontu orokorraren konturako gainerako emaitzak.

d) Bere ondarearen etekinak eta zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.

e) Kreditu-eragiketen eta zor-jaulkipenen emaitza.

f) Konstituzioan eta Estatutu honetan erabakitakoaren arabera finkatu litezken beste diru-sarrerak.

43. artikulua

1. Euskal Autonomia Erkidegoak bereganatutako zerbitzu eta eskumenei lotutako Estatuaren zein beste herri-erakunderen ondasun eta eskubideak Erkidegoaren ondarean sartuko dira.

2. Eusko Legebiltzarrak erabakiko du Euskal Herriko zein organoren esku jarri ondasun eta eskubideon jabetza edo erabilera.

3. Eusko Legebiltzarraren lege batek arautuko du Euskal Herriaren ondarearen administrazioa, babesa eta iraunaraztea.

44.·artikulua

Euskal Herriko aurrekontu orokorrek jarduera publiko orokorraren diru-sarrera eta gastuak hartuko dituzte eta Eusko Jaurlaritzak prestatuko ditu eta Eusko Legebiltzarrak onartuko, berak finkatuko dituen arauekin bat.

45. artikulua

1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak herri-zorra jaulki ahal izango du inbertsio-gastuak finantzatzeko.

2. Jaulkipenen zenbatekoak eta zer-nolakoak kreditu-politikaren antolamendu orokorraren arabera finkatuko dira eta Estatuarekiko koordinazioan.

3. Jaulkitako titulu-agiriak herri-dirutzat joko dira ondorio guztietarako.

IV. TITULUA

(Estatutuaren erreforma)

46. artikulua

1. Honako prozedura honi lotuko zaio Estatutuaren erreforma:

a) Eusko Legebiltzarrari dagokio ekimena, legebiltzarkideen bostenaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzari ala Espainiako Estatuko Gorte Nagusiei.

b) Proposamena Eusko Legebiltzarrak onartu beharko du, gehiengo osoz.

c) Estatuko Gorte Nagusien onarpena beharko du, nolanahi ere, lege organiko bidez.

d) Azkenik, hautesleen onarpena beharko du, erreferendum bidez.

Estatuak esku eman ahal izango dio Eusko Jaurlaritzari, esanbidezko eskuordetza emanez, artikulu honetan aipatzen diren erreferendumetarako deia egiteko.

47. artikulua

1. Aurreko artikuluan agindutakoa gorabehera, erreformaren xedea Euskal Herriaren aginteen antolaketaren aldaketa besterik ez balitz eta Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko harremanak edota lurralde historikoen foru-araubide berezia ukituko ez balituk, honela jokatu ahal izango da:

a) Eusko Legebiltzarrak erreforma-egitasmoa prestatuko du.

b) Gorte Nagusiei eta Batzar Nagusiei galdetuko zaie.

c) Galdera jaso dutenetik hogeita hamar eguneko epean ukiturik dagoela adieraziko ez balu galdetutako organorik, proposatutako testuari buruzko erreferendumerako deia egingo da, behar bezalako baimena lortu ondoren.

d) Azkenik, Gorte Nagusien onarpena beharko da, lege organiko bidez.

e) Galdetutako organoren batek erreformak ukitzen duela adieraziko balu c) paragrafoan finkatutako epean, 46. artikuluan aurreikusitako prozedura jarraitu beharko du erreformak, artikulu horretako 1. zenbakiko a) eta b) paragrafoetako izapideak betetzat joaz.

2. Konstituzioaren aldibaterako laugarren xedapenean aurreikusitako hipotesia gertatuko balitz, Kongresuak eta Senatuak, elkarrekin bilduta eta adostu dezaten araudi-prozedurari jarraituz, gehiengo osoz erabakiko dute 46. artikuluan finkatutako betekizunetatik zeintzuk aplikatuko diren Estatutuaren erreformarako, beti ere foru-erakunde eskumendunaren onarpena, Gorte Nagusien lege organiko bidezko onarpena eta ukitutako lurraldeetako baterako erreferenduma horien artean izan beharko dutela.

3. Estatutuaren 17. artikuluaren 6. zenbakiaren b) paragrafoko bigarren ahapaldia Kongresuaren eta Senatuaren hiru bosten gehiengoz eta Eusko Legebiltzarraren onarpenez ezabatu ahal izango da, ondoren horretarakoxe behar bezala baimendutako erreferenduma eginez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatutu honetan finkatutako autonomia-araubidea onartu izanak ez dakar Euskal herriak bere historiaren haritik herri gisa dagozkiokeen eskubideei uko egiten dienik, legediak agintzen duenarekin bat gaurkotu ahal izango dituenak.

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Estatutu hau behin betiko onartu eta gero, Eusko Kontseilu Nagusiak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deituko ditu hirurogei eguneko epea baino lehen, deia egin eta lau hilabeteko epe barruan egin beharko direnak.

Hauteskundeotarako, Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetarik bakoitza hautes-barruti bat izango da.

Alderdi politiko, alderdi-koalizio eta hauteskunde-elkarteek hautes-barruti bakoitzean aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak, zerrenda itxi eta aldaezinetan.

Proportziozko sistemaren bidez banatuko dira aulkiak.

Hogei legebiltzarkide izango da hautes-barruti bakoitzeko.

Hauteskundeak egin eta gero, Euskal Herriko Kontseilu Nagusiak hogeita hamar eguneko epean Legebiltzar hautatu berriari dei egingo dio Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatu dezan.

Lehendakaria hautatzeko, Biltzarraren gehiengo osoa beharko da lehen bozketan eta, lortuko ez balitz, gehiengo soila hurrengoan edo hurrengoetan.

Legebiltzarra osatu zenetik hirurogeigarren egunean Jaurlaritzako lehendakaririk hautatu ez balitz, Biltzarra desegin eta hauteskundeak berriz deituko dira.

1977ko ekainaren 15eko hauteskunde orokorretarako emandako arauak eta, baita, indarrean dagoen Diputatuen Kongresuko Araudia, izango dira erabilgarri modu osagarrian.

Bigarrena.- Eusko Jaurlaritza osatu eta hilabeteko gehienezko epean bilduko den Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Gobernuaren ordezkari-kopuru berdinez osatutako Bitariko Transferentzia-batzorde batek finkatuko ditu Estatutu honen arabera Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak zein arauri jarraituta eskuratuko zaizkion eta baita eskumenok bete-betean gauzatzeko behar diren baliabide pertsonal eta materialak, eta transferentziok gauzatuko ditu.

Estatutu hau indarrean sartzerakoan, behin betiko eskuratuta geratuko dira ordurako Eusko Kontseilu Nagusiari eskuratutako eskumen eta baliabideak.

Transferentzia horiek ukitutako Estatuaren edo beste herri-erakunderen zerbitzuei atxikitako funtzionarioek eta langileek transferentzia orduan izan ditzaten mota eta izaera guztietako eskubide irabazi guztiak errespetatuko dira.

Hirugarrena.-

1. Irakaskuntzaren alorrean egin beharreko transferentziak, Estatuak Euskal Herrian dituen zerbitzuak betetzeko gaur egun erabiltzen dituen ondare- nahiz pertsona-baliabideena, aldibaterako bigarren xedapenean sortutako Bitariko Transferentzia-batzordeak finka ditzan egitarau eta egutegien arabera gauzatuko dira.

2. Irakaskuntza-zerbitzuak Autonomia Erkidegoari eskuratuko zaizkio ala, hala badagokio, foru-aldundiei.

Laugarrena. - 17. artikuluan aurreikusitakoaren indarrez sortzen den Segurtasun-batzordeak finkatuko ditu Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen estatutua, araudia, zenbatekoak, osaera, egitura eta osatze-modua; buruzagiak, Indar Armatuetako eta Estatuko Segurtasun-kidegoetako buruzagi eta izardunen artetik izendatuko dira eta kidegootan zerbitzu egiten duten bitartean Autonomia Erkidegoetako Polizia Legeak aurreikusi dezan ala Defentsa edo Barne ministerioek erabaki dezaten egoera administratibora igaroko dira, foru militarretik kanpo gelditzen direla.

Arma-baimena, beti ere, Estatuari dagokio.

Bostgarrena.- Estatutu honen aplikaziorako sortzen den Bitariko Transferentzia-batzordeak finkatuko ditu Autonomia Erkidegoak Gizarte-segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa bereganatu dezan hitzarmen aproposak, beti ere haren batasunaren eta elkartasun-printzipioarekiko errespetuaren barruan, eta zuzen kudeatzeko hitzarmenotan jaso daitezen prozedura, epe eta konpromisoen arabera.

Seigarrena.- Estatuak bere titulartasuneko telebista-kate berriren baten erabilera, propio Euskal Herriko lur-esparruan emititzeko sortua, Euskal Autonomia Erkidegoari emakida bidez eskuratuko balio izango da erabilgarri 19.2 artikuluan aurreikusitako betearaztearen koordinazioa, emakidak berak aurreikusi dezan moduan.

Zazpigarrena.-

1. Gorte Nagusiek onartu ez ditzaten bitartean Estatutu honetan aipatzen diren oinarrizko lege eta lege orokorrak edota Eusko Legebiltzarrak bere eskumeneko gaietan legerik eman ez dezan artean, indarrean jarraituko dute gaiok ukitzen dituzten Estatuaren gaur eguneko legeak, horiek betearaztea Autonomia Erkidegoak egingo badu ere Estatutu honetan horrela aurreikusten den kasuetan.

Estatutu honen 23.1 artikuluan aurreikusitakoa, Estatuaren Administrazio Zibileko zenbait zerbitzugintzak bere izaeragatik eskatu dezakeen lur-esparruaren berezitasunari kalterik eragin gabe ulertuko da.

Zortzigarrena.- Estatutu hau onartu ondoren egingo de lehen Ekonomia Itunak, gaur egun indarrean dagoen Estatuaren eta Arabako probintziaren arteko Ekonomia Itunaren eduki materialari jarraituko dio, probintziarentzat inolako kalte-galerarik ekarri gabe, eta bertan ez da itunduko Estatuaren alkoholen gaineko zerga.

Bederatzigarrena.- Behin Estatutu hau onartzen duen Lege Organikoa aldarrikatu ondoren, Eusko Kontseilu Nagusiak ¿Euskal Herriko Bitarteko Jaurlaritza¿ izena hartzea erabaki dezake, nolanahi ere, aldibaterako lehen xedapenean aurreikusitakoa bete dadin arte gaur egunean dituen egiteko eta lege-araubideari lotuko zaizkiola.

Ondorioz, espainiar guztiei agintzen diet, herritar nahiz agintari, Lege Organiko hau bete eta betearazi dezatela.

Madrileko Errege Jauregian, mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretziko abenduaren hamazortzian.

JUAN CARLOS, ERREGE

Gobernuko lehendakaria,

ADOLFO SUAREZ GONZALEZ

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra