Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

4/2019 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, Balear Uharteetako Araubide Bereziarena.

2019-02-22

Erakundea: ESTATUKO BURUZAGITZA

Argitalpena: EAO, 2019/02/23 ZK47

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

2550     4/2019 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, Balear Uharteetako Araubide

Bereziarena.

I

Lurralde baten uhartetasunak hainbat desoreka sortzen ditu; honetara laburbildu daitezke: bizimodua garestiagoa da; tarteko inputak behar dituzten enpresen ekoizpen-gastuak handiagoak dira; produktu energetikoak garestiagoak dira; ekipo-ondasunen inbertsio-kostuak handiagoak dira; administrazioei kostu handiagoak sortzen dizkie ondasun publikoen hornidurak; eskalako ekonomien aprobetxamendua txikiagoa da; merkatuetan lehiaren kontrako jokabideak ugaltzen dira; portu eta aireportuekiko mendekotasuna handia da; kanpoko koiunturek eragin handia dute.

Horren ildotik, Espainiako Konstituzioak 138.1 artikuluan ezartzen du uhartetasunari arreta berezia eman behar zaiola eta aintzat hartu behar dela Espainiako lurraldeen artean oreka ekonomiko egoki eta zuzena ezartzeko, solidaritate-printzipioa benetan gauza dadin, behar den bezala.

Konstituzioak ezartzen duen formulazioak zuzeneko bi ondorio dauzka: uhartetasuna badago, eta horren inguruabar bereziak Estatuak zehaztu behar ditu; uhartetasuna kontuan eduki behar da politika zehatzak ezartzean, Estatuaren helburua lurraldeen arteko oreka ekonomikoa izan behar da eta.

Uhartetasunak berekin dakartzan ondorio txarrak Estatuak zuzendu behar ditu bere jardunaz, Espainiako lurraldeen artean oreka ekonomiko egoki eta zuzena ezarri behar baitu. Horren ildotik doa Balear Uharteetako Estatutuaren seigarren xedapen gehigarria, erkidegoaren uhartetasunaren izate berezi eta bereizgarria onartzen duen uharte-araubide bereziari buruzkoa.

Seigarren xedapen gehigarri horretan ezartzen den aginduaren ondorioz errege lege-dekretu honetan ezartzen diren arauak ikusita, ezinbestekoa da finkatzen den erregulazioa berehala indarrean jartzea, eragile ekonomikoek jakin ahal izan dezaten zer esparru juridiko aplikatuko zaien Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko jarduerei eta inbertsioei, eta horrela beren enpresa-erabakiak egoera berria kontuan hartuz hartzeko gauza izan daitezen. Beraz, Konstituzioak ezartzen duena betetzen da, hau da, errege lege-dekretuaren beharrizana apartekoa eta presazkoa da, eta, horregatik, Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, Gobernuak errege lege-dekretu hau eman dezake, Estatuaren politika zuzentzeko organoa den heinean (Konstituzio Auzitegia: 142/2014 epaia, 3. oinarri juridikoa; 61/2018 epaia, 4. eta 7. oinarri juridikoak).

Halaber, inguruabarrak kontuan hartuz, araudia berehala onartu behar da, ohiko bidea erabiliz (hau da, araua Parlamentuan ohiko prozeduran zein presakoan izapidetuz) baino azkarrago, batez ere presa handi hori ez dagoelako ekimena proposatzen duenaren esku (Konstituzio Auzitegia: 68/2007 epaia, 10. oinarri juridikoa; 137/2011 epaia, 7. oinarri juridikoa).

Azkenik, erabat atzeratuta dago Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren seigarren xedapen gehigarriak agintzen duena betetzeko zeregina, Balear Uharteen Araubide Bereziaren uztailaren 29ko 30/1998 Legeak indarrean jarritako araubide berezia aldatzeko lege-proiektu eta lege-proposamen batzuen izapideak hainbat arrazoirengatik iraungi ondoren. Eta egoera bat horrenbeste luzatzea ez da arrazoi nahikoa arazoa presako legegintzaren bidez ez konpontzeko (Konstituzio Auzitegia: 11/2002 epaia, 7. oinarri juridikoa). Egoera estrukturala izatea ez da eragozpena gaur egungo inguruabarren arabera hura konpondu beharra aparteko eta presakotzat jotzeko (Konstituzio Auzitegia: 137/2011 epaia, 6. oinarri juridikoa; 183/2014 epaia, 5. oinarri juridikoa; 47/2015 epaia, 5. oinarri juridikoa; 139/2016 epaia, 3. oinarri juridikoa; 61/2018, 4. oinarri juridikoa).

II

Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren lurraldea hainbat uhartetan banatuta dago; horregatik, erkidegoaren inguruabarrak bereziak dira. Uhartetasunak erabateko eragina dauka Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren ekoizpen-egituran: alde batetik, ekonomiaren dinamismoaren eragilea da, baina, beste alde batetik, hainbat eragozpen ezartzen dizkio. Adostasun orokorra dago uhartetasuna babesteko, bai Estatuan, bai Europar Batasunean.

Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren 1983ko Estatutuan eta, batez ere, horren 2007ko aldaketan erkidegoaren uhartetasuna eta horren inguruabar bereziak onartzen dira, erkidegoa babesteko eta horiek sortzen dituzten desorekak murrizteko edo ezabatzeko jarduketak sustatzeko.

Jarduketarik garrantzitsuena uztailaren 29ko 30/1998 Legea onartzea izan da. Izan ere, lege horretan, hainbat arlotan aplikatu beharreko neurri batzuk ezartzen dira; nolanahi ere, garraioaren arlokoak ez beste guztiak ez dira zehazten, eta legeak ezartzen du Estatuko Administrazio Orokorraren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariek eratu beharreko batzorde mistoen bidez garatu behar direla neurri horiei buruzko araudiak.

Balear Uharteen izate bereziak berariazko tratamendua behar du, eta hori estatutuaren seigarren xedapen gehigarrian islatzen da, Balear Uharteen araubide berezia arautzen baitu.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, aztertutako errege lege-dekretuaren proiektua bat dator erregulazio onaren printzipioekin, bai eta, batez ere, premiaren eta eraginkortasunaren printzipioekin ere, eta interes orokorreko arrazoi sendoak daude onartzeko, kontuan hartuta zenbat luzatu den Balear Uharteen Araubide Bereziaren uztailaren 29ko 30/1998 Legeak erkidegoaren uhartetasuna onartzeko ezartzen duen araubide berezia zehazteko eta arau bidez garatzeko prozesua.

Gainera, agerikoa da proportzionaltasunaren printzipioa betetzen dela, zeren eta arauan ezartzen diren energiaren eta garraioen arloetako neurriak eta erkidegoaren uhartetasuna onartzea guztiz bat baitatoz lortu nahi duen xedearekin, hots, Balear Uharteen tratamendua penintsulako erkidegoena bezalakoa izatea. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen da, errege lege-dekretua bat baitator Estatuko eta Europar Batasuneko ordenamendu juridikoarekin; beraz, ondo eta modu egokian txertatzen da indarreko erregulazioan. Gainerakoan, araua bat dator gardentasunaren printzipioarekin, zorrotz bete baitira lege-dekretua izapidetzeko eskatzen diren prozedurak.

Azkenik, errege lege-dekretu honetako neurriak egokiak eta neurrizkoak dira onartu beharra ekarri duten beharrizanak betetzeko. Egoera honetan, ez dago murrizketa gutxiago ekarriko lukeen edo jasotzaileei betebehar gutxiago ezarriko liekeen alternatibarik; aitzitik, bestela gertatzen da: lege-mailako arau honen bitartez erabat hobetuko dira energiaren eta garraioen arloak, bai eta uhartetasunaren onarpena ere.

III

Errege lege-dekretu honek hogeita bat artikulu dauzka, lau titulutan bilduta, eta, horrez gainera, hiru xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

Atariko tituluan xedapen orokorrak biltzen dira. Lehenbizi, errege lege-dekretuaren xedea, helburua eta aplikazio-eremua aipatzen dira, eta Estatuko Administrazio Orokorraren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko lankidetzaren mekanismoak; lankidetza hori autonomia estatuaren 125. artikuluan arautzen den Ekonomia eta Ogasun Batzorde Mistoak bideratuko du, funtsean.

  • I. tituluan energiaren sektoreko neurriak ezartzen dira. Abenduaren 26ko 24/2013 Legeak, sektore elektrikoarenak, penintsulatik kanpoko lurraldeetako arauetan garatu beharreko mekanismoak ezartzen ditu; hain zuzen ere, berariaz ezartzen du legea garatzen duen araudian kontuan eduki behar dela energia berriztagarrien sustapena baldin eta teknikaren aldetik bideragarriak badira eta sistemaren kostuak murrizten badituzte.

Halaber, abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du energiaren horniduran irizpide teknikoak eta merkatu-irizpideak aplikatuko direla sistema horiek penintsulako merkatuan integratu arte, baldin eta Balear Uharteen eta penintsularen artean merkataritza-ahalbide nahikoa daukan lotura bat badago —bai eta sistemako operadorearentzako pizgarri ekonomikoak ere- gutxika-gutxika energia-sorkuntzaren kostua murrizteko segurtasuna bermatuta. Gainera, legea garatzen duen araudian prezio eraginkorren seinaleak ezarriko dira, kontsumitzaileek beren kontsumoak sistemaren karga-kurbara moldatu ahal izan ditzaten.

Aurreko paragrafoetan azaldu diren irizpideak kontuan hartu ziren uztailaren 31ko 738/2015 Errege Dekretua (energia elektrikoa ekoizteko jarduera eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoen aduana-izapidearen prozedura arautzen dituena) onartu zenean. Errege-dekretu horretan, penintsulaz kanpoko lurraldeetako energia elektrikoa sortzeko instalazioen araubide administratiboa ezarri zen. Gainera, eskumen administratiboak zehaztu ziren eta energia sortzeko instalazioei eragiten dieten prozedura administratiboen antolamendua aldatu zen, honako bereizketa hau egiteko: batetik, araubide ekonomikoa esleitzeko edo ekoizpen-salmenta kudeatzeko prozedurak, zeinak Estatuaren eskumenekoak baitira; bestetik, instalazioak abian ipintzeko behar direnak, zeinak autonomia-erkidegoen eskumenekoak baitira gehienak.

Uztailaren 31ko 738/2015 Errege Dekretuaren 3. artikuluan, penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektriko bereiziak zer diren azaltzen da, eta ezartzen da ezen, sare elektrikoen bitartez bi sare elektriko bereizi edo gehiago sistema bakar batean batzen badira, sistema elektriko bereizien definizioa berrikusiko dela Industria, Energia eta Turismoko ministroaren agindu baten bidez.

Horren ildotik, azaroaren 5eko TEC/1172/2018 Aginduaren bidez berriz definitzen dira Balearretako edo penintsulaz kanpoko lurralde horretako sistema elektriko bereiziak, eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako energiaren ekoizpen-salmentan eskariaren erosketa-prezioa eta salmenta-prezioa kalkulatzeko metodologia aldatzen da.

Arau honen bidez, Balear Uharteetako araubide bereziaren barruan beharrezkoak diren energiaren arloko gai batzuei heldu nahi zaie. Lehenbizi, Balear Uharteetako energia-plangintzan kontuan eduki behar dira erkidegoaren uhartetasunaren ondorioak; plangintza hori adierazgarria izango da, garraio-sareari dagokion atala izan ezik, hori loteslea izango baita. Energia-plangintza Estatuko Administrazio Orokorrak egingo du, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren laguntzarekin; nolanahi ere, autonomia-erkidegoak eskumenak dauzka lurraldearen antolamenduaren eta ingurumenaren arloetan.

Halaber, Gobernuak uharteen arteko konexio elektrikoak sustatuko ditu, sistema elektriko bereiziak (Mallorca-Menorcakoa eta Eivissa-Formenterakoa) Balear Uharteetako sistema elektriko bakarrean biltzeko haien arteko konexio elektrikoak sendotuz. Horren ildotik, Balear Uharteetako sistema elektrikoa penintsulako sistema elektrikoan txertatzeko, penintsularen eta Balear Uharteetan arteko bigarren konexio elektrikoa antolatu eta sustatuko da.

Administrazio publikoek berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea sustatuko dute, bai eta airearen kutsadura murriztea ere, eta energia elektrikoaren hornidura segurua eta ona izatea bermatuko dute.

Beste alde batetik, ekonomiaren arloan ezartzen da Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan prezio arautuei heldu dieten kontsumitzaileek energia elektrikoagatik ordaindu beharreko prezioak penintsulan indarrean dauden prezio arautu berak izango direla. Prezio arautuei heldutako kontsumitzaileek gas naturalagatik ordaindu beharreko prezioak eta Gobernuak gehieneko salmenta-prezioa ezartzen dien petrolio-gas likidotuen prezioak penintsulan ezartzen direnak berak izango dira.

Klausula batean ezartzen da ordainketa-kontzeptu osagarria aplikatu ahal izango dela honako kopuru hau estaltzeko, abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen duen bezala: Balear Uharteetako sistema elektrikoetan energia ekoizteko jardueran egin beharreko inbertsio-kostuen eta ustiapen-kostuen eta jarduerak ematen dituen sarreren arteko diferentzia.

Trantsizio energetikoari dagokionez, administrazio publiko eskudunek Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan energia-iturri berriztagarriak instalatzea sustatuko dute; gainera, arauak aukera ematen du noizbait ordainketa-araubide berezia ezartzeko norgehiagoka-prozeduren bidez Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko energia berriztagarriko instalazio berrietarako.

Horrez gainera, eskaria kudeatzeko neurriak eta efizientzia energetikoaren aldeko neurriak sustatzeko moduekin zerikusia duten beste alderdi batzuei ere heltzen zaie.

Azkenik, arauak ezartzen du Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko portuen elektrifikazioa sustatuko dela, ontziek konexio elektrikoa eduki dezaten portuan dauden artean.

  • II. tituluan garraioen arloa arautzen da. Erkidegoaren lurraldea uharteetan sakabanatuta egoteak garraio-kostuak handitzen ditu, eta, horren ondorioz, bertan bizi diren herritarrek gainerako guztiek baino gastu handiagoak dituzte eta bertako enpresek eragozpenak dauzkate gainerakoekin lehiatzeko. Egoera horrek eraginda, behinola konpentsazio-sistema bat ezarri zen, eta orain hobetu nahi da, egoera berri batera moldatzeko: lortu nahi da konpentsazioen zenbatekoa ahalik eta gertuena egotea Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko herritarrek dituzten kostu gehigarrien zenbatekotik.

Horrek isla dauka, lehenik, pertsonen itsasoko eta aireko garraioan: besteak beste, hobari-araubide bat ezartzen da, eta, kasu batzuetan, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren eta gainerako lurralde nazionalaren arteko joaneko zein joan-etorriko zuzeneko bidaien tarifen ehuneko 75 estaliko da, eta araubide bat ezartzen da erkidegoko uharteen arteko bidaietarako. Bigarrenik, erkidegoak beti itsasoko eta aireko garraio-zerbitzu onak edukiko dituelako berme ezinbestekoan islatzen da; zerbitzu horiek zerbitzu publikoko betebeharrak jarrita eta kontratu publikoak eginez ziurtatuko dira. Horrela, ziurtatzen da beti egongo direla gutxieneko garraio-zerbitzu erregularrak, gutxieneko maiztasun, prezio eta plaza-kopuruekin, uharteen arteko kohesioa eta haien eta penintsularen artekoa sendotzeko.

Beste alde batetik, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko salgaien aireko eta itsasoko garraiorako ezarritako konpentsazio-sistema eguneratzen da, Estatuko aurrekontu orokorretako urteko kontsignazioen bitartez. Batzorde misto bat eratuko da sistema horren jarraipenerako, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariek osatua.

Laguntza horietan kontuan eduki da ingurumena; hain zuzen ere, konpentsazioak ezartzen dira hondakinen garraiorako, horien kudeaketa zuzenagoa izan dadin.

Garraioaren erregulazioa osatu nahian, portuen eta aireportuen arloko hainbat neurri ezartzen dira, kontuan harturik ezen Balear Uharteetako Estatuaren titulartasuneko portuak eta aireportuak, indarreko legerian interes orokorrekotzat jotzen direnak, ezinbestekoak direla erkidegoaren integrazio ekonomiko eta sozialerako, funtsezkoak baitira uharteak konektatzeko eta egituratzeko, bertako gizartea bateratzeko eta ekonomia garatzeko.

Lurreko garraio publiko erregularra oinarrizko zerbitzu publikotzat hartzen da, eta hark ere Estatuko aurrekontu orokorretan finantzaketa-iturri bat izango du betiere, aintzat hartuko dituena uharteetan eragina duten faktore nabarmenak (turismoaren emana, esaterako).

Azkenik, daukan garrantzia aintzat hartuta, Balear Uharteetako sektore nautikoaz arduratuko den batzorde misto bat eratuko da, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariek osatua; sektore horrek uharteetan dituen aukerak aztertzea izango da haren helburua.

  • III. tituluan biltzen dira legearen azken artikuluak, Balear Uharteen uhartetasun-faktoreari buruzkoak. Faktore hori uhartetasunak berekin dakarren lurralde-sakabanaketaren ondorio ekonomikoak (batez ere, inbertsio publikoen arlokoak) behar bezala konpentsatzeko finantza-tresna da.

Horiez gainera, errege lege-dekretu hau hiru xedapen gehigarrik osatzen dute; lehen bietan, uhartetasun-faktorearekin lotutako kontu batzuk arautzen dira, edukiaren aldetik arauaren artikuluen artean ondo egokitzen ez direnak, eta hirugarrenean adierazten da indargabetzen den 30/1998 Legearen aipamen guztiak errege lege-dekretu honetako xedapenei buruzkotzat hartu behar direla.

Lehen xedapen iragankorrak ezartzen du Gobernuak konpromisoa hartzen duela 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aldaketa sustatzeko (erregelamendu hori, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da); aldaketaren xedea da salgaiak garraiatzen dituen enpresa batek hiru urteko aldian jaso ditzakeen laguntzen guztirako muga gehitzea uharteetarako (gaur egun, 200.000 euro da).

Bigarren xedapen iragankorrak ezartzen du uhartetasun-faktoreaz xedatzen denak ez duela eraginik edukiko errege lege-dekretu hau indarrean ipini aurretik Estatuko Administrazio Orokorrak eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioak Balear Uharteetako Autonomia Estatutuaren bederatzigarren xedapen iragankorraren itzalpean sinatutako hitzarmenetan.

Beste alde batetik, xedapen indargabetzaile bakarrean uztailaren 29ko 30/1998 Legea indargabetzen da, Balear Uharteetako Araubide Bereziarena, eta, horri jarraikiz, xedatzen da indarreko arautegian agertzen diren lege indargabetuaren aipamen guztiak errege lege-dekretu honi buruzkotzat jo behar direla.

Azkenik, azken xedapenetan, araua emateko baliatzen den eskumen-titulua aipatzen da, Gobernuari ahalmena ematen zaio erregelamendua garatzeko, eta araua indarrean noiz jarriko den finkatzen da.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioak 86. artikuluan ezartzen duen baimenaz baliatuz, Ogasuneko ministroak, Sustapeneko ministroak, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak eta Trantsizio Ekologikorako ministroak batera egindako proposamenari jarraikiz, eta Ministroen Kontseiluak 2019ko otsailaren 22ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

  • 1. artikulua. Xedea.

Errege lege-dekretu honen xedea Balear Uharteetako araubide berezia arautzea da, ekonomiaren eta zergen arloko neurriak ezarriz (sektore eta eremu batzuei arreta berezia emanez); araubide hori otsailaren 28ko 1/2007 Lege Organikoak ezartzen du, Balear Uharteetako Autonomia Estatutua aldatzen duenak, seigarren xedapen iragankorrean, Erkidegoaren uhartetasunaren izate berezi eta bereizgarria onarturik.

  • 2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Errege lege-dekretu hau Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan aplikatuko da; lurralde-eremu hori autonomia-estatutuaren 2. artikuluan zehazten da.

  • 3. artikulua. Administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa.

  • 1. Balear Uharteetako araubide bereziaren aplikazioaren jarraipena Estatuaren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren arteko Ekonomia eta Ogasun Batzorde Mistoaren ardura izango da (batzorde hori Balear Uharteetako Autonomia Estatutuaren 125. artikuluan arautzen da).

Gainera, Batzorde Mistoak errege lege-dekretu honen itzalpean eratzen diren administrazioen arteko batzordeak koordinatuko ditu.

  • 2. Aurrekoa gorabehera, Batzorde Mistoan akordioa eginez gero, bi administrazioek Balear Uharteetako araubide berezia abian jartzeko, aplikatzeko eta garatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten lankidetzarako eta koordinaziorako batzorde edo mekanismo sektorialak ezarriko dituzte.

Hain zuzen ere, datu estatistikoak trukatzeko eta aztertzeko batzordea eratuko da; Estatuko Administrazio Orokorrak, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haien erakunde publiko eskudunek uhartetasunaren ondoriozko kostuak aztertzeko eta ebaluatzeko dauzkaten datuak aztertuko ditu batzorde horrek.

Batzorde horren osaera eta jardun-araubidea Ekonomia eta Ogasun Batzorde Mistoak ezarriko ditu, artikulu honen 1. apartatuan aipatuak.

  • I. TITULUA

Energia.

  • 4. artikulua. Energia-plangintza.

  • 1.  Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren energia-plangintzan kontuan hartu behar da erkidegoaren uhartetasuna. Estatuko Administrazio Orokorrak egingo du plangintza, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren laguntzarekin; nolanahi ere, autonomia-erkidegoak eskumenak dauzka lurraldearen antolamenduaren eta ingurumenaren arloetan.

  • 2.  Gobernuak uharteen arteko konexio elektrikoak sustatuko ditu, sistema elektriko bereiziak (Mallorca-Menorcakoa eta Eivissa-Formenterakoa) Balear Uharteetako sistema elektriko bakarrean biltzeko haien arteko konexio elektrikoak sendotuz.

  • 3.  Balear Uharteetako sistema elektrikoa penintsulako sistema elektrikoan txertatzeko, penintsularen eta Balear Uharteen arteko bigarren konexio elektrikoa antolatu eta sustatuko du Gobernuak.

  • 4.  Berotegi-efektuko gasen isurketak eta airearen kutsadura erabat murriztu behar direnez ahalik azkarrena, Gobernuak, energia elektrikoaren hornidura bermatuta, elektrizitatea sortzeko teknologia ordeztea eta energia-iturri berriztagarriak eta isurketa urrikoak erabiltzea sustatuko du Balear Uharteetan.

  • 5.  Uharteetan elektrizitatearen garraioak berez dakartzan arriskuak murrizteko eta horietan konexioetako matxurak konpontzea askoz zailagoa ez izateko, horniduraren segurtasuna eta kalitatea penintsulako sistemakoen parekoak izatea izan behar da Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko energia-hornidurako sarearen plangintzaren helburuetako bat.

  • 5. artikulua. Energia elektrikoaren, gas erregaien eta hidrokarburoen prezioak.

  • 1.  Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan prezio arautuei heldu dieten kontsumitzaileek energia elektrikoagatik ordaindu beharreko prezioak penintsulan indarrean dauden berak izango dira.

  • 2.  Prezio arautuei heldutako kontsumitzaileek gas naturalagatik ordaindu beharreko prezioak eta Gobernuak gehieneko salmenta-prezioa ezartzen dien petrolio-gas likidotuen prezioak penintsulan ezartzen diren berak izango dira.

  • 6. artikulua. Energia elektrikoa ekoizteko jardueraren ordainsariak.

  • 1. Abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen duen bezala, Gobernuak ordainketa-kontzeptu osagarria ezarri ahal izango du honako kopuru hau estaltzeko: Balear Uharteetako sistema elektrikoetan energia ekoizteko jardueran egin beharreko inbertsio-kostuen eta ustiapen-kostuen eta jarduerak ematen dituen sarreren arteko diferentzia.

  • 2.  Balear Uharteetako sistema elektrikoaren hornidura-kostuak murrizteko, Gobernuak energia elektrikoa sortzeko eta merkaturatzeko jardueren garapena eta lehia sustatuko ditu.

  • 7. artikulua. Trantsizio energetikoa.

  • 1.  Gobernuak Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan energia-iturri berriztagarriak instalatzea sustatuko du.

  • 2.  Aurreko apartatuan ezartzen dena betetzeko, Gobernuak ordainketa-araubide berezia ezarri ahal izango du Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko energia berriztagarriko instalazio berrietarako.

  • 3.  Estatuak eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoak, berariaz, batzorde bat eratuko dute helburu hauek betetzeko:

  • a)  Autonomia-erkidegoko trantsizio energetikoa sustatzea, kanpoko energiarekiko eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko.

  • b)  Balear Uharteetan energia berriztagarriak sustatzeko neurriak ezartzea.

  • c)  Energiaren eskaria kudeatzeko neurriak eta efizientzia energetikoa hobetzeko neurriak sustatzea, eta energia-sektorearen desarauketak eta liberalizazioak kontsumitzaile guztiei ekartzen dizkieten onurak bultzatzea Balear Uharteetan.

  • d)  Uharteetako biomasa eraldatzeko, kudeatzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko neurriak sustatzea, kanpoko energiarekiko mendekotasuna murrizteko eta baliabide hori autonomia-erkidegoan modu jasangarrian kudeatu ahal izateko.

  • e)  Erregai fosilen ordez alternatiba garbiagoak erabiltzeko neurriak sustatzea.

  • f)  Trantsizio bidezkoa bultzatzea trantsizio energetikoak gehien eragiten dien sektoreetan.

  • 8. artikulua. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko portuen elektrifikazioa.

Gobernuak Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko portuen elektrifikazioa sustatuko du, ontziek konexio elektrikoa eduki dezaten portuan dauden artean.

  • II. TITULUA

Garraioa

  • I. KAPITULUA

Bidaiarien aireko eta itsasoko garraioa

  • 9. artikulua. Hobaria bidaiarien aireko eta itsasoko garraioan.

  • 1. Hobari hauek aplikatuko zaizkie Espainiako eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako herritarrei, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten beste estatuetako herritarrei eta Suitzakoei, horien bizileku-eskubidearen edo bizileku iraunkorreko eskubidearen onura jasotzen duten beste herrialde batzuetako ahaideei eta iraupen luzeko egoiliar diren hirugarren herrialdeetako herritarrei, baldin eta bizilekua Balear Uharteetan dutela frogatzen badute:

  • a)  Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako gainerako lurraldeen arteko itsas garraioko zuzeneko bidaietan, joanekoetan zein joan-etorrikoetan, zerbitzu erregularraren tarifaren ehuneko 75; uharteen arteko bidaietan, berriz, hobaria tarifa horren ehuneko 50 izango da. Hobari honen indarraldiak ez dauka mugaegunik.

  • b)  Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako gainerako lurraldeen arteko bidaiarien aireko garraioko zerbitzu erregularren tarifetan, joanekoetan zein joan-etorrikoetan, zerbitzu erregularraren tarifaren ehuneko 75; uharteen arteko bidaietan ere, hobaria tarifa horren ehuneko 75 izango da. Hobari honen indarraldiak ez dauka mugaegunik.

Hori gorabehera, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoak hobari gehiago ezar ditzake uharteen arteko itsas garraioaren arloan dituen eskumenez baliatuz.

  • 2.  Hobaria aplikatzeko, Aireko Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003 Legeak 68.2 artikuluaren d), e) eta f) letretan aipatzen dituen ondare-prestazio publikoen zenbatekoa kenduko da zerbitzu erregularraren tarifaren zenbatekotik, bidaiariari ordainarazi zaizkion ala ez kontuan eduki gabe. Horretarako, ondare-prestazio horiek banakatuta agertuko dira hegaldi-kupoiak justifikatzeko dokumentazioan.

  • 3.  Estatuko hobari horiek bateragarriak izan daitezke, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako mugekin, kolektibo jakin batzuei aplikatzen zaizkien arau berezietan ezartzen diren laguntzekin; batez ere, autonomia-erkidegoetako edo Estatuko kirol-lehiaketetan parte hartzen duten Balear Uharteetako taldeentzat ezartzen direnekin eta uharteen arteko edo uharteen eta Estatuko gainerako lurraldeen arteko joan-etorriak eragiten dituzten kultura zabaltzeko eta trukatzeko jardueretan parte hartzen duten Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko elkarte eta entitate kulturalentzat ezartzen direnekin.

  • 4.  Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseilua entzun ondoren, eta errege lege-dekretu honen 3. artikuluan arautzen den Ekonomia eta Ogasun Batzorde Mistoak txostena egin ondoren, aldatu ahal izango dira, Ministroen Kontseiluaren errege-dekretu baten bidez, artikulu honetan arautzen den hobariaren araubidea eta zenbatekoa, edo, bestela, beste konpentsazio-sistema bat ezarri horien ordez. Aldaketaren emaitza ezin da izan ematen den laguntza murriztea, ez zerbitzuaren kalitatea narriatzea, ez hobariaren zenbatekoa Kanarietan aplikatzen dena baino gutxiago izatea.

  • 10. artikulua. Bidaiarien aireko eta itsasoko garraioa zerbitzu publikoko edo kontratazio publikoko betebehar deklaratzea.

  • 1.  Uharteen arteko eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko gainerako lurraldeen arteko aire-komunikazioak bermatzeko, Gobernuak, bere eskumenen esparruan, zerbitzu publikoko betebeharrak ezarri ahal izango ditu, Europar Batasuneko zuzenbidearekin bat etorriz betiere.

  • 2.  Nolanahi ere, aurreko apartatuak aipatzen dituen zerbitzu publikoko betebeharraren deklarazioek edo kontratuek bermatu beharko dute gutxieneko zerbitzu erregularrak eta gutxieneko maiztasunak eskaintzen direla, uharteen arteko kohesioa eta horien eta penintsularen arteko kohesioa indartzeko, eta aireko garraioan bermatu beharko da jarraitutasunari, prezioen erregulartasunari edo gutxieneko garraio-gaitasunari dagokienez betekizun batzuk betetzen direla, hots, hegazkin-konpainiek merkataritza-interesak soilik kontuan hartuz gero beren gain hartuko ez lituzketenak.

  • 3.  Aireko garraioan zerbitzu publikoko betebeharrak deklaratuta, batzorde misto bat eratuko da. Sustapen Ministerioaren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren ordezkariek parte hartuko dute batzorde horretan, eta ibilbideetan jarduteko baldintzak aztertuko dituzte aldian-aldian.

  • II. KAPITULUA

Salgaien eta hondakinen aireko eta itsasoko garraioa

  • 11. artikulua. Konpentsazioak salgaien aireko eta itsasoko garraioan.

  • 1. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren uhartetasunaren ondorioak zuzentzeko, urtero Estatuko aurrekontu orokorretan kontsignazio bat ezarriko da, urte naturalari dagokiona, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko uharteen artean eta uharteen eta penintsularen artean salgaiak airez eta itsasoz garraiatzeko benetako kostua murrizten duen konpentsazio-sistema bat finantzatzeko.

Laguntza horien artean, behintzat, ehuneko 65eko konpentsazioa aplikatuko zaie Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko bertako produktuak esportatzeko garraio-pleitaren batez besteko kostuari eta erregelamendu bidez ezartzen diren lehentasunezko sektoreetako enpresek uharteetan eraldatutako eta balioa erantsitako produktuak esportatzeko garraio-pleitaren batez besteko kostuari. Sektore horiek ekoizteko behar dituzten eta uharte bakoitzaren barne-merkatuan ekoizpen nahikorik ez duten lehengai ez-energetikoak inportatzeko ere emango dira laguntzak. Halakoetan, garraio horren pleitaren batez besteko kostuaren ehuneko 60 konpentsatuko da, gutxienez.

  • 2.  Erregelamendu bidez zehaztuko dira konpentsazioak emateko sistema (modalitate eta kontzeptu guztietan), onuradunak, aplikatuko zaien produkzio-sektoreak eta laguntza horiek jaso ahal izango dituzten salgaien tipologiak.

Nolanahi ere, konpentsazio-sistemak bermatu behar du zuzeneko eragina daukala garraioaren kostuan, eta kontuan hartu behar du penintsularekiko lurralde-jarraitasunaren printzipioa.

  • 3.  Batzorde misto bat eratuko da, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariek osatua, artikulu honetan arautzen den konpentsazio-sistemaren jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratzeko. Eta, laguntza horiek jaso ditzaketen sektore ekonomikoak eta salgaiak proposatzeko eta eguneratzeko prozeduran, entzun egingo zaio batzordeari.

  • 12. artikulua. Konpentsazioak hondakinen itsasoko garraioan.

  • 1.  Gobernuak neurriak ezarriko ditu Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan sortutako hondakinen uharte arteko itsas garraioa finantzatzeko, eskalako ekonomiako arrazoiak edo hondakinak ingurumenari dagokionez zuzen kudeatzeko arrazoiak kontuan hartuz.

  • 2.  Horretarako, garraiatutako hondakinen tona kopuruaren araberako konpentsazio-mekanismo bat ezarriko da erregelamendu bidez; haren jarraipena eta ebaluazioa aurreko artikuluan aurreikusten den batzorde mistoak egingo ditu.

  • III. KAPITULUA

Portuen eta aireportuen arloko neurri osagarriak

  • 13. artikulua. Portuetako eta aireportuetako tasak eta tarifak.

Interes orokorra aintzat hartuta, Balearretako artxipelagoan aireko eta itsasoko trafikoaren eskaria hobetzeko eta indartzeko, portuetako eta aireportuetako tasetan murrizketak edo hobariak ezarri ahal izango dira, erreferentziatzat Estatuan indarrean dauden tasak hartuta; hori eginez gero, erabat errespetatuko da Europar Batasunaren araudi aplikagarrian ezartzen dena. Arreta berezia jarriko zaie kontainerren trafikoari lotutako tasei.

  • 14. artikulua. Portuen eta aireportuen kudeaketa.

Estatuko Administrazioak, aplikatu beharreko araudiaren barruan, bermatu egingo du portuek eta aireportuek interes orokorreko kalifikazioari eusten diotela eta, halaber, haietan behar diren inbertsioak egiten direla, erabiltzeko, ustiatzeko eta jarduteko moduan mantenduko direla eta trafiko-fluxu berrien sorrerak eskatzen dituen operatibitate-baldintzetara egokituko direla. Arreta berezia jarriko da Menorcako eta Eivissako interes orokorreko portuen eta aireportuen operatibitatea eta egokitzapena egokiak izan daitezen.

  • IV. KAPITULUA

Lurreko garraioa

  • 15. artikulua. Lurreko garraio publikoa.

  • 1.  Bidaiarien lurreko garraio publiko erregularra funtsezko zerbitzu publikoa da.

  • 2.  Garraio mota hori modu integratuan planifikatu eta kudeatuko da, uhartetasuna kontuan hartuz, eta Estatuko aurrekontu orokorren bidez finantzatuko dela bermatuko da, betebehar hori bere gain hartzen duen ministerioaren aurrekontu-baliabideen kontura. Finantzaketa horretan, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren inguruabarrak eduki behar dira kontuan, eta, batez ere, turisten joan-etorria.

  • V. KAPITULUA

Sektore nautikoa

  • 16. artikulua. Sektore nautikoa.

Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren sektore nautikoaren ahalbideak aztertzeko, berariaz batzorde misto bat eratuko da, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariek osatua. Batzorde horrek garapen-neurrien plan bat garatuko du, sektore hori jarduera eta enplegua suspertzen dituen sektore bat delakoan.

  • III. TITULUA

Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren uhartetasun-faktorea

  • 17. artikulua. Uhartetasun-faktorea.

Estatuko aurrekontu orokorretan, ekitaldi bakoitzeko, kopuru bat ezarriko da Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren uhartetasun-faktorerako, ondoko artikuluetan azaldutako izaera eta arauen arabera gauzatuko dena.

  • 18. artikulua. Uhartetasun-faktorearen hasierako zuzkidura eta bilakaera dinamikoa.

  • 1.  Lehen ekitaldiko hasierako zuzkidura Ekonomia eta Ogasuneko Batzorde Mistoan adostuko den metodologia baten arabera finkatuko da, kontuan hartuz uhartetasunaren eta uharte anitzeko egitatearen berezko lurralde-jarraitutasunik ezak eragiten dituen desorekak, batez ere inbertsioen arloan.

Hain zuzen ere, hasierako zuzkidura horretarako kontuan hartu beharreko inbertsio-beharren abiaburua Estatuak estatu-lurralde osoan helburu horretarako zehazten den denbora-tartean egiten duen batez besteko inbertsioa izango da; nolanahi ere, zuzkidura horren zenbatekoa finkatzeko behar diren gainerako magnitude eta aldagai guztiak hartu ahal izango dira kontuan.

  • 2.  Hurrengo ekitaldietan, «t» urteko zuzkidura kalkulatzeko, eguneratze-indizea aplikatuko zaio hasierako zuzkidurari. Eguneratze-indizea hau da: Estatuko sektore publiko osoak «t-2» ekitaldian abiadura handiko tren-azpiegituretan eta interes orokorreko errepideetan egindako inbertsio guztien baturaren eta oinarrizko urtetzat hartzen den aurrekontu-ekitaldian kontzeptu horietan egindako inbertsioen guztirako zenbatekoaren arteko zatidura.

  • 19. artikulua. Uhartetasun-faktorearen xedea.

Aurrekontuko zuzkidura horrek balioko du uhartetasunak eragin handia daukan esparruetako jarduna finantzatzeko Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren lurraldean; batez ere, honako arlo hauek finantzatzeko:

  • a)  Ur-baliabideak, itsasertzeko baliabideak, kostaldekoak eta hondartzetakoak garraiatzeko, kudeatzeko, saneatzeko edota berrerabiltzeko azpiegiturak eta sistemak sortzea, garatzea edo berrezartzea.

  • b)  Energia ekoizteko, banatzeko, garraiatzeko eta biltegiratzeko azpiegiturak eta sare adimendunak sortzea, garatzea edo hedatzea, autokontsumorako instalazioak barne, arreta berezia jarrita energia berriztagarrien sustapenean eta energia alternatiboekin dabiltzan ibilgailuak erabiltzeko eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ezartzeko sustapenean.

  • c)  Garraio-azpiegiturak eta mugikortasun-sistemak.

  • d)  Hezkuntza-sistemako gradu guztietako bekak (ikasteko eta ikertzeko bekak), batez ere mugikortasunerako laguntzen tartean.

  • e)  Turismoaren sektoreko azpiegiturak modernizatzea, berregituratzea eta dibertsifikatzea.

  • f)  Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzea, bai eta informazioaren eta telekomunikazioen teknologiak ere, arreta berezia jarriz sortzen ari diren gaikuntza-teknologiei eta abiadura oso handiko sareei.

  • g)  Hondakinen prebentzioa, berrerabilera, bilketa, tratamendua, birziklapena eta garraioa.

  • h)  Balear Uharteetako kultura-ondarean, ondare etnologikoan, ondare arkeologikoan, ondare arkitektonikoan eta paisaia-ondarean esku hartzea.

  • 20. artikulua. Uhartetasun-faktorearen banaketa.

  • 1.  Urtero, urteko lehen lauhilekoan, Ogasun Ministerioak uhartetasun-faktorea jarduera-ildoetan banatuko du ebazpen baten bidez, errege lege-dekretu honen 18. artikuluan aipatzen den Ekonomia eta Ogasun Batzorde Mistoak apartatu honetan ezartzen denari jarraituz hautatzen dituen proiektuei buruz erabakitzen duenaren arabera.

Horretarako, batzorde hori urtean bi aldiz bilduko da, gutxienez; lehenengoan, lehenengo lauhilekoaren barruan, proiektuak hautatzeko eta bakoitzaren esleipena erabakitzeko, eta, bigarrenean, urteko bigarren seihilekoaren barruan, hurrengo urterako uhartetasun-faktorearen zenbatekoa proposatzeko, errege lege-dekretu honen 18. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz. Halaber, lantaldeak eratu ahal izango dira batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen prestakuntza-lanak egiteko.

Horretarako, lehia-tankerako ebaluazio-mekanismoak sustatuko dira, bereziki kontuan hartuko dutenak txerta daitezkeen proiektu, estrategia edo jarduketek Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko ekonomiaren hazkunde ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna hobetzeko egiten duten ekarpena, haien finantza-iraunkortasuna eta haietan uhartetasunak duen eragina. Gainera, ebaluazio horretan lehentasuna emango zaie ukitutako administrazio publiko guztien babesa duten proiektuei edo jarduketei.

  • 2.  Hala zehazten diren zenbatekoak Estatuak Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan egindako inbertsiotzat joko dira.

  • 3.  Nolanahi ere, aurreko apartatuetan aipatzen diren proiektuak birprogramatu ahal izango dira, hau da, hasieran ezarritako inbertsioak edo jarduketak beste era batera antolatu ahal izango dira, funtsezko helburua -uhartetasunak Uharteetako Autonomia Erkidegoko hazkunde ekonomikoan, enpleguaren hobekuntzan eta ekonomiaren lehiakortasunean daukan eragina arintzea- hobeto eta osoago lortzeko uhartetasun-faktorearen urteko zuzkidura guzti-guztiak erabat gauzatuz.

  • 21. artikulua. Kontuak ematea eta gardentasuna.

  • 1.  Urtero Ogasun Ministerioak memoria bat egingo du jarduketa horietarako zuzkiduraz, aplikazioaz, emaitzez eta egoeraz.

  • 2.  Baliabide horiekin finantzatzen diren jarduketa, proiektu edo estrategien arduradunek finantzaketa horren berri zabaldu behar dute.

Lehen xedapen gehigarria. Uhartetasun-faktorea berrikustea.

Funtzionamenduaren lehen bosturtekoa amaitutakoan, seigarren urteko lehen seihilekoan, jarduketak eta emaitzak ebaluatzeko prozesu bat egingo da Ekonomia eta Ogasun Batzorde Mistoaren barruan, eta, horren emaitzaren arabera, faktorea luzatzea edo eguneratzea proposatuko da, kasuan kasukoa, Estatuko aurrekontu orokorren legeak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Bigarren xedapen gehigarria. Uhartetasun-faktorearen araubide juridikoa.

Errege lege-dekretu honen III. tituluan arautzen ez den guztiari Estatuko aurrekontuen legeriako arau orokorrak aplikatuko zaizkio; baina Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikulua ez da aplikatuko, ez eta azaroaren 17ko 38/2003 Legea ere.

Hirugarren xedapen gehigarria. Arau-erreferentziak eguneratzea.

Indargabetzen diren 30/1998 Legearen xedapenei indarrean dauden arauetan egiten zaizkien aipamenak errege lege-dekretu honen xedapenei egiten zaizkiela ulertu behar da.

Lehenengo xedapen iragankorra. Konpentsazioa salgaien eta hondakinen aireko eta itsasoko garraioan.

  • 1.  Gobernuak Europako Batzordeari eskatuko dio alda dezala 1407/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa, salgaiak garraiatzen dituen enpresa batek hiru urteko aldian jaso ditzakeen laguntzen guztirako muga gehitzeko uharteetarako (gaur egun, 200.000 euro da muga).

  • 2.  Gobernuak baimena eskatuko dio Europako Batzordeari errege lege-dekretu honen 11. artikuluan aipatzen diren laguntzak 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren mendean ez geratzeko (Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua). Horrenbestez, Batzordeak baimena emanez gero, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua ez zaie aplikatuko laguntza horiei.

Bigarren xedapen iragankorra. Lankidetza-hitzarmenak.

  • III. tituluan xedatzen denak ez du eraginik edukiko errege lege-dekretu hau indarrean ipini aurretik Estatuko Administrazio Orokorrak eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Administrazioak Balear Uharteetako Autonomia Estatutuaren bederatzigarren xedapen iragankorraren itzalpean sinatutako hitzarmenetan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetuta geratzen dira Balear Uharteetako Araubide Bereziaren uztailaren 29ko 30/1998 Legearen xedapen guztiak, errege lege-dekretu honetan xedatzen denaren kontra badaude.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioak 149.1 artikuluaren 13. eta 14. zenbakietan xedatzen duenaren babesean ematen da. Zenbaki horietan Konstituzioak Espainiako Estatuari esleitzen dizkio honako gai hauen gaineko eskumen esklusiboak: jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, eta ogasun publikoa eta zor publikoa.

Azken xedapenetako bigarrena. Garatzea eta betearaztea.

Gobernuak errege lege-dekretu honetan xedatzen dena garatzeko behar diren xedapen guztiak emango ditu.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madril, 2019ko otsailaren 22a.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea, PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra