Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

36/2015 Legea, irailaren 28koa, Segurtasun Nazionalarena

2015-09-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/09/29, 233. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10389

36/2015 Legea, irailaren 28koa, Segurtasun Nazionalarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala:

Aurkibidea

Hitzaurrea.

Atariko titulua. Xedapen orokorrak.

I. titulua. Segurtasun Nazionalaren organo eskudunak.

II. titulua. Segurtasun Nazionalaren Sistema.

III.titulua. Krisiaren kudeaketa Segurtasun Nazionalaren Sistemaren esparruan.

IV. titulua. Segurtasun Nazionalerako baliabideen ekarpena.

HITZAURREA

I

Segurtasuna da gizarteari garatzeko, bere askatasunari eta herritarren oparotasunari eusteko eta bere erakundeen egonkortasuna eta jardun egokia bermatzeko aukera ematen dion oinarria.

Espainiako legeriak hala aintzatesten eta interpretatzen du, eta arauzko tresna batzuk ditu, Konstituzioak diseinatutako esparrua abiapuntutzat harturik, botere publikoei alor horretan dituzten betebeharrak betetzeko aukera eman izan dieten funtsezko alderdiak erregulatzeko.

Horrenbestez, alarma-, salbuespen- eta setio-egoerei, Defentsa Nazionalari, Segurtasun Indar eta Kidegoei, herritarren segurtasunaren babesari, funtsezko azpiegiturei, babes zibilari, Estatuaren kanpo-ekintzari eta -zerbitzuari nahiz segurtasun pribatuari aplikatu behar zaizkion arauek, zigor-legeriarekin eta Espainiak bat egindako nazioarteko tratatu eta konpromisoekin batera, segurtasunaren hainbat alderdi erregulatzen dute.

Erregulazioa agintari eta administrazio publikoen eskuordetzean oinarritzen da, eta eredu tradizional baten moduan eratu da. Eredu bat, inguruko herrialdeetako ereduekin homologatu daitekeena, orain arte baliagarritzat frogatu dena, eta Espainiakoaren moduko gizarte ireki, libre eta demokratiko baten segurtasun-premiei aurre egiteko aukera eman duena.

Hala ere, gaurko munduan, eta etorkizunerako nagusitzen diren aurreikuspenetan, etengabe aldatzen dira segurtasun-mailak arriskuan jartzen dituzten aktore eta inguruabarrak, eta botere publikoen erantzukizuna da segurtasun-arloko erronka horiei eraginkortasunez erantzuteko aukera emango duten arau, prozedura eta baliabideak ezartzea.

Testuinguru honetan, jardun publikoko eremu berri gisa agertzen da Segurtasun Nazionala: segurtasunaren arloan jada ezarritako helburuak, baliabideak eta politikak bateratzeari begirako eremu berri gisa.

Ildo horretan, honela ulertzen da Segurtasun Nazionala: herritarren askatasuna eta ongizatea babestera, Espainiaren eta Konstituzioak ezarritako balio eta printzipioen defentsa bermatzera eta, hartutako konpromisoak betez, gure erkide eta aliatuekin batera

nazioarteko segurtasunaren arloan laguntzera bideratutako Estatu-ekintza moduan. Kontzeptu hori, orain artean, ez da inoiz izan arauzko erregulazio integral baten xede.

Integratzeko saio hau are garrantzitsuagoa da aintzat hartuz gero Segurtasun Nazionala partekatutako helburutzat jo behar dela; hau da, administrazio guztiek –Estatukoak, autonomikoek eta tokikoek– konstituzio-organoek (bereziki Gorte Nagusiek), sektore pribatuak eta gizarte zibilak elkarrekin duten helburu bat, partaide gaituzten nazioarteko erakundeen egitasmoen barruan.

Bestalde, errealitateak agerian utzi du zenbaitetan konplexutasun handikoak direla gizarteari eragiten dioten Segurtasun Nazionaleko arazoak, eta defentsaren, segurtasun publikoaren, kanpo-ekintzaren eta inteligentziaren gisako ohiko kategorien mugak ez ezik, segurtasunari buruzko kezkan oraintsuago sartu diren beste kategoria batzuk ere gainditzen dituela; kasurako, ingurumena, energia, garraioak, ziberespazioa eta egonkortasun ekonomikoa.

Zenbait arrisku eta mehatxuren hedadura, horien zeharkakotasun nabarmena eta ezaugarri horien eta arrisku-mehatxuen izaera ireki eta lausoaren arteko nahasketa (lege honetan Segurtasun Nazionalerako interesgarritzat definitutako egoeretan gertatzen den moduan): faktore horiek guztiek argi eta garbi erakusten dute koordinazioz egiten bada indartsuagoa eta eraginkorragoa izango dela Segurtasun Nazionaleko agente eta tresnak baliatzea eskatzen duen ekintza oro.

Interes nazional gorenak ezinbestean eskatzen du administrazio publikoen arteko koordinazioa hobetzea, jardun partekatuak sortzen dituen arazoak konpontzen lagunduko duten prebentzio- eta erantzun-esparruak bilatuz, Segurtasun Nazionalaren zerbitzurako eragile eta tresnen ekintza koordinatua antolatuz, hainbat mailatan eta modu integralean.

Lege hau ematen dugu, bada, administrazio publikoetan integratutako Segurtasun Nazionaleko agenteek, sektore pribatuak eta gizarteak, oro har, adierazitako eskaera horri erantzuteko asmoz. Ez du eraginik dagoeneko arau sektorial espezifikoen xede diren agente eta tresnen erregulazioaren gain; aitzitik, lege honi esker, errazago txertatuko dira antolamendu orokorraren eskemaren barruan. Eskema hori Segurtasun Nazionaleko Estrategiak ezarri zuen, 2013ko maiatzaren 31n, Segurtasun Nazionalaren Sistema izenburupean eta Gobernuko presidentearen burutzapean.

II

Lege hau lau titulutan dago egituratuta.

Atariko tituluan, legeak, bere helburuari eta eremuari buruzko xedapenez gain, Segurtasun Nazionalaren kontzeptua oinarritzen duten definizio eta printzipio orokorrak ezartzen ditu: esate baterako, Estatu-politika, Segurtasun Nazionalaren kultura, autonomia- erkidegoekin lankidetza, lankidetza pribatua, funtsezko osagaiak, interes bereziko esparruak eta horietan ezarritako betebeharrak.

I. tituluan zehazten da zein diren Segurtasun Nazionaleko organo eskudunak eta zer eskumen esleitzen zaizkien arlo horretan.

Bestalde, II. titulua Segurtasun Nazionalaren Sistemaren sorrerari, definizioari, funtzioei eta antolamenduari eskaini zaie.

III.tituluak krisiaren kudeaketa erregulatzen du, Segurtasun Nazionaleko Sistemak jarduteko esparru orokor moduan, eta arlo horretarako definizioak eta eskumenak zehazten ditu. Segurtasun Nazionalerako interesekoa den egoera erregulatzean aurreikusi denez, ez dira ildo horretan baliatuko alarma- eta salbuespen-egoerei dagozkien ahalmenak, halako moldez non, beharrezko bada, egoera horiek deklaratu beharko baitira, eta beren araudi espezifikoaren mende jarri.

Azkenik, IV. tituluak Segurtasun Nazionalerako baliabideen ekarpena arautzen du, eta garatu beharreko beste lege batera igortzen.

Legearen azken zatiak lau xedapen gehigarri ditu, krisia kudeatzeko nazioarteko tresnekin koordinatzeari, krisia kudeatzeko tresnen homologazioari eta komunikazio publikoari buruzkoak, hurrenez hurren; xedapen iragankor bat du lege hau indarrean jartzen denean existitzen diren Komite Espezializatuen jarduerari buruz, eta lau azken xedapen, eskumen- tituluak, arauzko garapena, legegintzako mandatua eta indarrean jartzea erregulatzeko.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honek hauek erregulatzea du xede:

a)Segurtasun Nazionalaren oinarrizko printzipioak, organo gorenak eta agintariak, eta funtsezko osagaiak.

b)Segurtasun Nazionalaren Sistema, zuzendaritza, antolaketa eta koordinazioa.

c)Krisiaren kudeaketa.

d)Segurtasun Nazionalerako baliabideen ekarpena.

2.artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Lege hau Administrazio publiko guztiei aplikatuko zaie, hala pertsona fisikoei nola juridikoei, legean bertan ezarritako baldintzetan.

2.Alarma- eta salbuespen-egoerak berariazko araudi batek eraentzen ditu.

3.artikulua. Segurtasun Nazionala.

Lege honen ondoreetarako, Segurtasun Nazionaltzat ulertuko da Estatuak, herritarren askatasuna eta ongizatea babesteko, Espainiaren eta Konstituzioak ezarritako balio eta printzipioen defentsa bermatzeko eta, hartutako konpromisoak betearaziz, gure erkide eta aliatuekin batera nazioarteko segurtasunaren arloan laguntzeko gauzatzen duen ekintza oro.

4.artikulua. Segurtasun Nazionaleko politika.

1.Segurtasun Nazionaleko politika publikoa da. Administrazio publiko guztiek parte hartzen dute politika horretan –bakoitza bere eskumenen arabera, Gobernuko presidentearen zuzendaritzapean eta Gobernuaren ardurapean–, baita gizarteak ere, oro har. Helburua da Segurtasun Nazionalaren premiei erantzuna ematea.

2.Hauek dira Segurtasun Nazionaleko politika gidatuko duten oinarrizko printzipioak: ekintza-batasuna, aurre-hartzea, prebentzioa, efizientzia, baliabideen erabilera jasangarria, erresistentzia eta berroneratzeko gaitasuna, koordinazioa eta lankidetza.

3.Segurtasun Nazionaleko politikaren erreferentziako esparru politiko estrategikoa Segurtasun Nazionaleko Estrategia da. Bertan ingurune estrategikoa aztertzen da, Espainiako segurtasunari eragiten dioten arrisku eta mehatxuak zehazten dira, jardute- esparru bakoitzerako ekintza-ildo estrategikoak definitzen dira, eta eskuarteko baliabideen optimizazioa sustatzen da. Gobernuko presidentearen ekimenez prestatuko da, eta hark Ministro Kontseiluaren onarpenpean jarriko du. Ondoren, bost urtero berrikusi behar da, bai eta ingurune estrategikoaren inguruabar betiere aldakorrek hala gomendatzen dutenean ere. Behin onartuta, Gorte Nagusietan aurkeztuko da, lege honetan ezarritako baldintzetan.

5.artikulua. Segurtasun Nazionalaren kultura.

1.Gobernuak Segurtasun Nazionalaren kultura sustatuko du, gizarteari segurtasun nazionalaren babes eta bermean aktiboki engaiatzen laguntzeko, askatasunaz, justiziaz, ongizateaz, aurrerabideaz eta herritarren eskubideez gozatzeko ezinbesteko eskakizun moduan.

2.Hori lortzeko, Gobernuak gizartean gai hauei buruzko kontzientziazioa eta sentikortzea areagotzeko ekintza eta planak abiaraziko ditu: batetik, Segurtasun Nazionalaren eskakizunei buruzkoa; horrez gainera, baita segurtasun nazionala galzorian jar dezaketen arrisku eta mehatxuei buruzkoa, horren arduradun diren aktore eta organismoen ahaleginei buruzkoa, eta arrisku eta mehatxuak aztertzeko, horiei aurrea

hartzeko, erantzuteko eta buru egiteko, eta horietaz berroneratzeko neurriei dagokionez guztiona den erantzunkidetasunari buruzkoa.

6.artikulua. Autonomia-erkidegoekin lankidetza.

1.Lege honi berezkoak zaizkion arloetan, Segurtasun Nazionaleko gaietarako Konferentzia Sektorialaren bitartez gauzatuko da Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetza, hartara eragotzi gabe Segurtasun Nazionalaren Batzordeari esleitutako funtzioak.

2.Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetza-organoa den heinean, zehazki Konferentziari dagokio Segurtasun Nazionalarekin lotutako interes komuneko gaiak tratatzea eta ebaztea, lankidetza-printzipioaren arabera. Adibidez, honelakoak:

a)Autonomia-erkidegoek Segurtasun Nazionalari buruzko informazioa jasotzen dutela ziurtatzeko prozedura teknikoak, eta erkidegoek Estatuari eman beharreko informazioa antolatzekoak.

b)Segurtasun Nazionalari buruzko arauen garapenean parte hartzeko formulak, Segurtasun Nazionaleko politikan jasotako jarduketen aplikazioa erraztuko duten barne- prozedura batzuen bitartez; orobat, erabiltzeko aurreikusten diren plangintza-tresnak lantzen parte-hartzeko formulak.

c)Segurtasun Nazionaleko politika gauzatzean agertzen diren arazoak eta autonomia bakoitzari dagozkion estatutu-eskumenen esparrua.

3.Konferentzian antolatuko da Ceuta eta Melilla hiri autonomia-estatutudunen parte- hartzea Segurtasun Nazionalari lotutako gaietan. Horretarako, hiriok ordezkari bana izango dute Konferentzian.

4.Egoki jarduteko, Konferentziak barne-erregelamendu bat prestatuko du. Konferentziak, bere erabakiak hartzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 5. artikuluan xedatutakoari jarraituko dio (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio prozedura Erkidearen Legea).

7.artikulua. Lankidetza pribatua.

1.Inguruabarrek gomendagarri egiten dutenean, eta betiere Segurtasun Nazionalari eragin diezaioketen funtsezko zerbitzu eta azpiegituren operadore direnean, erakunde pribatuek Administrazio publikoekin elkarlanean jardun beharko dute. Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko ditu elkarlan horren mekanismo eta moldeak.

2.Gobernuak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, bide batzuk ezarriko ditu sektore pribatuak Segurtasun Nazionalaren politika formulatzen eta gauzatzen parte har dezala sustatzeko.

8.artikulua. Herritarren parte-hartzea Segurtasun Nazionalean.

Gobernuak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, mekanismo batzuk ezarriko ditu gizarte zibilak eta elkarteek Segurtasun Nazionaleko politika formulatzen eta gauzatzen parte har dezatela errazteko.

9.artikulua. Segurtasun Nazionalaren funtsezko osagaiak.

1.Lege honen ondoreetarako, Segurtasun Nazionalaren funtsezko osagai dira Defentsa Nazionala, Segurtasun Publikoa eta Kanpo Ekintza, bakoitza bere araudi espezifikoaren bitartez erregulatua.

2.Estatuaren Inteligentzia- eta Informazio Zerbitzuek, beren eskumen-esparruaren arabera, uneoro babestuko dute Segurtasun Nazionalaren Sistema, arrisku eta mehatxuak prebenitzeko eta hautemateko eta horiek neutralizatzeko behar diren iritzi, informazio, analisi, azterketa eta proposamenak eskainiz.

10.artikulua. Segurtasun Nazionalerako interes berezia duten esparruak.

Honako hauek jotzen dira Segurtasun Nazionalerako interes berezia duten esparrutzat: herritarren eskubideak, askatasunak eta ongizatea babesteko eta funtsezko zerbitzu eta baliabideen hornidura bermatzeko oinarrizkoak direnez arreta berezia eskatzen dutenak. Lege honen ondoreetarako, besteak beste: zibersegurtasuna, segurtasun ekonomiko eta finantzarioa, itsas segurtasuna, aireko espazioaren eta lurraz haraindikoaren segurtasuna, segurtasun energetikoa, segurtasun sanitarioa eta ingurumenaren zaintza.

11.artikulua. Administrazio publikoen betebeharrak interes berezia duten esparruetan.

1.Segurtasun Nazionalaren Sistemaren barruan, Segurtasun Nazionalerako bereziki interesgarriak diren esparruetan eskumenak dituzten Administrazio publikoek nahitaez ezarri behar dituzte elkarrekin koordinatzeko eta informazioa trukatzeko mekanismoak; bereziki, gerta daitezkeen arrisku eta mehatxuei aurre egiteko zaintza- eta alerta-sistemei dagokienez.

2.Halaber, funtsezko azpiegituren babesa erregulatzeko araudian ezarritakoa eragotzi gabe, aurrez aipatutako Administrazio publikoek bermatu egin behar dute funtsezko zerbitzuak eskuragarri daudela; horrez gain, bermatu egin behar dute baliabide energetikoen, uraren, elikagaien, botika eta osasun-produktuen eta behar-beharrezko beste edozein zerbitzu eta baliabideen hornidura ere.

I. TITULUA

Segurtasun Nazionalaren organo eskudunak

12.artikulua. Segurtasun Nazionalaren arloan eskudundutako organoak.

1.Segurtasun Nazionalaren arloan eskudundutako organoak dira:

a)Gorte Nagusiak.

b)Gobernua.

c)Gobernuko presidentea.

d)Ministroak.

e)Segurtasun Nazionaleko Batzordea.

f)Autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hirietako gobernu-ordezkariak.

2.Lege honen ondoreetarako, autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hiri autonomia-estatutudunetako organo eskuduntzat hartuko dira autonomia-estatutu bakoitzean xedatutakoaren arabera dagozkionak, kasuan-kasuan Segurtasun Nazionalarekin zerikusia duten eskumenekin lotuta.

3.Tokiko agintariek lege honen, toki-araubideko legerian xedatutakoaren eta aplikagarri diren gainerako legeen arabera dagozkien eskumenak baliatuko dituzte.

13.artikulua. Gorte Nagusiak.

1.Konstituzioak eta gainerako lege-xedapenek Gorte Nagusiei esleitutako eginkizunak gorabehera, beraiei dagokie Segurtasun Nazionaleko politikaren ildo orokorrak eztabaidatzea. Horretarako, Gobernuak Segurtasun Nazionalaren Estrategia eta dagozkion ekimen eta planak aurkeztuko dizkie Gorte Nagusiei, ezagutu eta eztabaidatu ditzaten.

2.Gorte Nagusietan Segurtasun Nazionaleko Batzorde Misto bat (Kongresua- Senatua) izendatuko da; horretarako, Ganberen erregelamenduetan xedatutakoari jarraituko zaio, Ganberek parte-hartze aproposa izan dezaten Segurtasun Nazionalaren esparruetan, baita ahalik eta informazio zabalena ere Segurtasun Nazionaleko politikaren esparruko ekimenen inguruan. Gobernua urtero agertuko da Batzorde Mistoaren aurrean, izendatutako ordezkariaren bitartez, Segurtasun Nazionalak erreferentzia-aldian izandako bilakaeraren berri emateko. Era berean, Batzorde Misto horretan aurkeztuko dira Segurtasun Nazionaleko Estrategia eta haren berrikusketak.

14.artikulua. Gobernua.

Honako hauek dagozkio Gobernuari:

a)Segurtasun Nazionaleko politika ezartzea, zuzentzea eta betetzen dela ziurtatzea.

b)Segurtasun nazionalaren Estrategia eta haren berrikusketak onartzea, errege- dekretu bidez, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.

c)Segurtasun Nazionalerako interesekoak diren baliabideen deklarazioa egitea, autonomia-erkidegoekin koordinatuta.

15.artikulua. Gobernuko presidentea.

Honako hauek dagozkio Gobernuko presidenteari:

a)Segurtasun Nazionaleko politika eta Segurtasun Nazionalaren Sistema zuzentzea.

b)Segurtasun Nazionalaren Estrategia eta horren berrikusketak proposatzea.

c)Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera deklaratzea.

d)Lege honek, eta aplikatu beharreko gainerako lege eta erregelamendu-mailako arauek, esleitzen dizkion gainerako eskumenak baliatzea.

16.artikulua. Ministroak.

Ministroei, berezko dituzten arloetan Gobernuaren ekintza gauzatzeko arduradun diren heinean, Segurtasun Nazionaleko politika garatzea eta betearaztea dagokie, bakoitzari bere ministerio-sailean.

17.artikulua. Segurtasun Nazionaleko Batzordea.

Segurtasun Nazionalaren Batzordeak, Gobernuak Segurtasun Nazionalerako izendatutako batzorde ordezkari gisa, Segurtasun Nazionaleko politika eta Segurtasun Nazionalaren Sistema zuzentzen lagundu behar dio Gobernuko presidenteari. Horrez gain, lege honetan eta bere erregelamenduaren arabera esleitzen zaizkion eginkizunak bete behar ditu.

II. TITULUA

Segurtasun Nazionalaren Sistema

18.artikulua. Segurtasun Nazionalaren Sistema.

1.Segurtasun Nazionalaren Sistema da lege honen 20. artikuluan aurreikusitako egituran sartzen den organo, erakunde, baliabide eta prozedura multzoa, Segurtasun Nazionalaren arloan eskudundutako organoei beren eginkizunak betetzeko aukera ematen diena.

2.Funtsezko osagaiak Segurtasun Nazionalaren Sisteman txertatzen dira, Segurtasun Nazionaleko Batzordeak, bere egituraren eta prozeduren mende jardunez, zehaztutako lotura eta koordinazio-tresnei jarraikiz. Premiak zeintzuk diren, titulartasun publiko nahiz pribatuko beste zenbait erakunde eta entitateri ere eslei dakizkieke eginkizun batzuk.

19.artikulua. Eginkizunak.

Segurtasun Nazionalaren Sistemari honako hauek dagozkio: Segurtasun Nazionalean eragina izan lezaketen faktore eta egoerak ebaluatzea, lege honetan aurreikusitako krisi- egoerei eman beharreko erantzuna zuzendu eta koordinatzeko hartu beharreko erabakiak hartzeko aukera emango duen informazioa bildu eta aztertzea, premiak hautematea eta plangintza egiteko eta Administrazio publikoen multzo osoarekin koordinatzeko neurriak proposatzea, Sistemaren baliabide guztiak eskuragarri daudela eta ondo funtzionatzen dutela bermatzeko.

20.artikulua. Segurtasun Nazionalaren Sistemaren egitura.

1.Gobernuko presidenteak zuzentzen du Sistema, Segurtasun Nazionaleko Batzordearen laguntzaz.

2.Segurtasun Nazionaleko Sailak eginkizun hauek bete behar ditu: Idazkaritza Teknikoaren eginkizunak, Segurtasun Nazionaleko Batzordearen eta haren laguntza- organoen lanerako organo iraunkorrarenak, eta aplikagarri duen araudian aurreikusitako gainerako eginkizunak.

3.Segurtasun Nazionaleko Batzordearen laguntza-organoek, dela Komite Espezializatu izendapenarekin, dela erabakitzen den beste izendapen batekin, Segurtasun Nazionaleko Batzordeak esleitzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte, Segurtasun Nazionalaren Estrategian aurreikusitako jardun-esparruetan, bai eta krisiaren kudeaketari dagozkion inguruabarrak hala eskatzen dutenean ere.

4.Segurtasun Nazionaleko Sailaren koordinazio- eta laguntza-organoen erregulazioa arauz garatuko da, eraginpeko administrazio publikoekin koordinatuta; halaber, Segurtasun Nazionalaren Sistemaren eginkizunak eta helburuak bete ahal izateko beharrezko badira, arauz garatu behar dira Estatuko administrazio guztietako erakundeekin bitartekaritza egiteko eta koordinatzeko tresna iraunkorrak ere; hori guztiori, III. tituluan krisi- kudeaketaren arlorako ezarritako aurreikuspenak eragotzi gabe.

21.artikulua. Segurtasun Nazionaleko Batzordearen eginkizunak eta osaera.

1.Segurtasun Nazionaleko Batzordeak honako eginkizun hauek bete behar ditu:

a)Segurtasun Nazionaleko politika planifikatu eta koordinatzeko beharrezko diren gidalerroak ematea.

b)Krisi-egoerak kudeatzeko jarduketak zuzentzea eta koordinatzea, III. tituluan aurreikusitako baldintzetan.

c)Segurtasun Nazionalaren Sistema gainbegiratzea eta koordinatzea.

d)Segurtasun Nazionalaren Estrategiaren betetze-maila egiaztatzea, eta horren berrikusketak sustatu eta bultzatzea.

e)Bigarren mailako estrategiak prestatu behar badira, horien prestaketa sustatu eta bultzatzea eta, hala behar bada, estrategia horiek onartzea, baita horien aldizkako berrikusketak ere.

f)Segurtasun Nazionalerako baliabideen ekarpena antolatzea, lege honetan ezarritakoari jarraikiz.

g)Segurtasun Nazionalari buruzko urteko txostena onartzea, Gorte Nagusiei aurkeztu aurretik.

h)Bere eginkizunak betetzeko behar dituen laguntza-organoak sortzeko eta indartzeko erabakiak hartzea.

i)Segurtasun Nazionalaren Sistema indartzeko behar diren arau-proposamenak sustatzea.

j)Aplikagarri dituen legezko eta erregelamenduzko gainerako xedapenek esleitzen dizkioten beste eginkizunak betetzea.

2.Gobernuko presidentearen proposamenez, Segurtasun Nazionaleko Batzordeak, gutxienez urtean behin, Erregea jakinaren gainean jarriko du. Erregea Batzordearen bileretara joaten denean, bera izango da batzordeburu.

3.Segurtasun Nazionaleko Batzordearen osaera artikulu honen 8. zenbakian aurreikusitakoaren arabera zehaztuko da. Nolanahi ere, honako hauek batzordekide izango dira:

a)Gobernuko presidentea, batzordeburu lanetan.

b)Gobernuko presidenteordeak, halakorik bada.

c)Ministro hauek: Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarakoa; Justiziakoa; Defentsakoa; Ogasun eta Herri Administraziokoa; Barne Arazoetakoa; Sustapenekoa; Industria, Energia

eta Turismokoa; Presidentziakoa; Ekonomia eta Lehiakortasunekoa eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunekoa.

d)Gobernuko Presidentziaren Kabinete-zuzendaria, Kanpo Gaietarako Estatu- idazkaria, Defentsako estatu nagusiko burua, Segurtasuneko Estatu-idazkaria eta Estatuko idazkaria-Inteligentzia Zentro Nazionaleko zuzendaria.

4.Segurtasun Nazionaleko Batzordearen bileretara deituko dute, halaber, Segurtasun Nazionaleko Sailaren zuzendaria.

5.Halaber, Batzordean parte hartu dezakete, jorratu beharreko gaiak direla-eta deitzen dituztenean, gainerako ministerio-sailetako titularrek eta Batzordeak hartu beharreko erabakien eta gauzatu beharreko jarduketen eraginpean dauden agintari autonomikoek.

6.3. eta 4. zenbakietan ezarritakoak gorabehera, bileretara deituko dira Estatuko Administrazio Orokorraren organo gorenen eta zuzendaritza-organoen titularrak, erakunde publikoenak, autonomia-erkidegoenak eta Autonomia Estatutua duten hirienak, bai eta toki- administrazioko agintariak ere, haien ekarpena beharrezkotzat jotzen denean, eta betiere jorratuko diren gaiak beraien eskumenekoak direnean.

7.Era berean, bilerara deitu daitezke pertsona fisiko nahiz juridikoak, gai-zerrendan jorratu beharreko gaiei begira horien ekarpena garrantzizkotzat jotzen bada.

8.Segurtasun Nazionaleko Batzordearen osaera, antolaera eta eginkizunak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bitartez eta Gobernuko presidentearen proposamenez garatuko dira, lege honetan xedatutakoaren esparruan.

III. TITULUA

Krisiaren kudeaketa Segurtasun Nazionalaren Sistemaren esparruan

22.artikulua. Krisiaren kudeaketa.

1.Krisiaren kudeaketa da Segurtasun Nazionalerako arrisku eta mehatxu zehatzak hautematera eta ebaluatzera, erabakiak hartzeko prozesua erraztera eta behar diren Estatu-baliabideak ezin hobeki eta koordinatuki erantzuten dutela ziurtatzera bideratutako jarduketen ohiko multzoa.

2.Krisiaren kudeaketa tresna hauen bitartez gauzatuko da: prebentziokoak, detekziokoak, erantzutekoak, normaltasunera itzultzekoak eta ebaluatzekoak. Modu mailakatuan gauzatuko da, eta tartean sartuko dira Segurtasun Nazionalaren Sistemaren egitura osatzen duten organoak, zer eskumen dituzten eta zer-nolako krisi-egoera sortu den kontuan hartuta. Krisiaren kudeaketan parte hartuko dute, halaber, krisiaren eraginpeko autonomia-erkidegoko agintariek, kasuan-kasuan.

23.artikulua. Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera.

1.Segurtasun Nazionalerako intereseko egoeran gauzatuko da krisi-kudeaketa, egoeraren inguruabar espezifikoetara egokituta, titulu honetan xedatutakoaren arabera.

2.Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera zera da: ekartzen dituen ondorio larriak eta berori konpontzeko hartu beharreko neurrien munta, premia eta zeharkakotasuna direla-eta, agintari eskudunei, beren ohiko atribuzioak betetzeko, koordinazioa indartzea eskatzen diena, Gobernuaren zuzendaritzapean, Segurtasun Nazionalaren Sistemaren esparruan, eskurako baliabide guztien funtzionamendu ezin hobea, integratua eta malgua bermatuz, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.

3.Segurtasun Nazionalerako intereseko egoerari administrazio publikoen ohiko botere eta bitartekoen bidez helduko zaio; horrek ezingo du inongo kasutan eragin herritarren oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoen etendura.

24.artikulua. Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera deklaratzea.

1.Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera Gobernuko presidenteak deklaratuko du, errege-dekretu bidez. Deklarazioak, gutxienez, honako hauek eduki behar ditu:

a)Krisiaren definizioa.

b)Eraginpeko lurraldearen eremu geografikoa.

c)Iraupena eta, hala behar balitz, luzapen posiblea.

d)Hala behar denean, agintari funtzional baten izendapena, eta jarduketa aproposak zuzentzeko eta koordinatzeko dituen eskumenen zehaztapena.

e)Segurtasun Nazionalerako interesekoa den egoerari aurre egiteko behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen zehaztapena; hala baliabideak prestatzeko eta antolatzeko planetan aurreikusitakoena, nola kasuan-kasuan behar diren baliabide gehigarriena, IV. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

2.Segurtasun Nazionalerako intereseko egoera deklaratzeak beren mendeko giza baliabide eta baliabide material guztiak jartzera behartzen ditu agintari eskudunak, jardute- mekanismoak eraginkorki aplikatzeko beharrezkoak badira.

3.Gobernuak berehala jakinarazi behar dio Diputatuen Kongresuari zer neurri hartu diren eta zer bilakaera duen Segurtasun Nazionalerako intereseko egoerak.

25.artikulua. Segurtasun Nazionaleko Batzordearen eginkizunak krisiaren kudeaketan.

1.Segurtasun Nazionaleko Batzordeak zehaztuko du zer bitartekaritza- eta koordinazio-tresna behar diren Segurtasun Nazionalaren Sistema prebentzioz aktibatzeko eta Segurtasun Nazionalerako interesekoa den egoera bat lekarketen kasuen jarraipena egiteko.

2.Segurtasun Nazionalerako interesekoa den egoeran, Gobernuko presidenteak Segurtasun Nazionaleko Batzordea deituko du, egoera horren kudeaketa zuzentzeko eta koordinatzeko eginkizunak bete ditzan, hartara eragotzi gabe Defentsa Nazionalaren arloko legeriaren aplikazioa eta Ministro Kontseiluari dagozkion eskumenak. Gobernu presidenteak jarduketak sustatzeko eta modu koordinatuan kudeatzeko agintari funtzional bat izendatzea erabakitzen duenean, Segurtasun Nazionaleko Batzordeak agintari horren izendapenari buruz aholkatuko du.

3.Segurtasun Nazionaleko Batzordeak, halaber, Gobernuko presidenteari aholku emango dio egoerak Espainia kide duten nazioarteko erakundeen krisi-kudeaketako tresnetan aurreikusitako salbuespen-neurriak aplikatzea eskatzen duenean, hartara eragotzi gabe Ministro Kontseiluari dagozkion ahalmenak eta Defentsa Nazionalaren arloko legerian aurreikusitakoak.

26.artikulua. Krisiaren kudeaketaren arloan Segurtasun Nazionaleko Batzordeari laguntzeko eta koordinatzeko organoak.

1.Krisiaren kudeaketaren arloan, Segurtasun Nazionaleko Batzordeari Komite Espezializatu batek (bakarra Segurtasun Nazionalaren Sistema osorako) lagunduko dio. Horretarako, Segurtasun Nazionaleko Sailaren babesa jasoko du. Komite Espezializatuari, beste eginkizun batzuen artean, gidalerro politiko-estrategikoak proposatzea eta Segurtasun Nazionalerako intereseko egoerak zuzentzeko gomendioak egitea dagokio. Gobernuko presidenteak izendatutako Segurtasun Nazionaleko Batzordeko kidea edo, hala badagokio, agintari funtzionala izango da buru.

2.Segurtasun Nazionaleko Batzordearen laguntza- eta koordinazio-organoen prebentzio-tresnak aldez aurretik aktibatu daitezke, Segurtasun Nazionalerako interesekoa den egoera bat lekarketen kasuen analisia eta jarraipena egiteko. Ondorio horietarako, administrazio eta erakunde publiko guztiek izango dute lege honetan aurreikusitakoaren arabera laguntzeko betebeharra.

IV. TITULUA

Segurtasun Nazionalerako baliabideen ekarpena

27.artikulua. Segurtasun Nazionalerako baliabideen ekarpena Segurtasun Nazionalaren Sisteman.

1.Bi printzipio hauetan oinarrituko da Segurtasun Nazionaleko sisteman iraunkorki atxikita ez dauden giza baliabide eta baliabide materialen ekarpena: aurre egin beharreko egoeraren proportziozko ekarpen mailakatuaren printzipioa eta kaltegabetasun-printzipioa.

2.Segurtasun Nazionalerako emandako baliabideak Segurtasun Nazionaleko Batzordeak antolatuko ditu, autonomia-erkidegoekin koordinatuta, lege honetan eta aplikagarri diren gainerako legeetan ezarritako baldintzetan.

3.Administrazio publikoek, beren organo eskudunen bitartez, beren eskumen- esparruari dagozkien bitarteko eta baliabideak identifikatzeko, ebaluatzeko eta planifikatzeko sistema bat izango dute, Segurtasun Nazionalerako arrisku eta mehatxu posibleei aurre egiteko.

4.Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek lagundu egingo dute lege honetan aurreikusitako krisi egoerei aurre egiteko behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen plangintzak egiten.

5.Sektore pribatuak Segurtasun Nazionalerako baliabideen ekarpenean parte hartuko du.

6.Segurtasun Nazionalerako ekarritako baliabideen funtzionamendua eta antolamendua erregelamenduz ezarriko da, eta lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

28.artikulua. Segurtasun Nazionalerako baliabideen katalogoa.

1.Gobernuak, Ministro Kontseiluaren erabaki baten bitartez eta Segurtasun Nazionaleko Batzordearen proposamenez, Segurtasun Nazionalerako interesekoa den egoera batean agintari eskudunen eskura jar daitezkeen giza baliabide eta baliabide materialen katalogo bat onartuko du; bertan, Nazioko sektore estrategikoen baliabideak jasoko ditu. Administrazio publikoen multzoan jada existitzen diren sektore-katalogoetan aurreikusitakoarekin koordinatuta prestatuko da. Ondorio horietarako, autonomia- erkidegoek dagozkien baliabide-katalogoak prestatuko dituzte, bereak dituzten eskumenetan eta Gobernuak emandako informazioan oinarrituta, eta aipatutako katalogoan txertatuko dira.

2.Katalogo hori Gobernuak hala ezartzen duenean eguneratuko da, eta betiere Segurtasun Nazionaleko Estrategia berrikusten den bakoitzean, arrisku eta mehatxu berrien arabera.

3.Behin katalogoa onartuta, Segurtasun Nazionalaren Sistemako osagaiek gidalerro eta prozedura batzuk ezarriko dituzte pertsonak gaitzeko eta, behar denean, bitarteko eta instalazioak egokitzeko. Horretarako, Segurtasun Nazionalerako baliabideak prestatzeko eta antolatzeko plangintzak egin behar dira.

29.artikulua. Segurtasun Nazionalerako baliabideen deklarazioa.

1.Gobernuak errege-dekretu bidez onartuko du lege honetan jasotako Segurtasun Nazionalerako intereseko egoeratan erabil daitezkeen baliabideen deklarazioa. Errege Dekretu horretan, zerrenda batean jasoko dira dagozkion giza baliabide eta baliabide material publiko nahiz pribatuak.

2.Baliabideak antolatzean, langileak, instalazioak eta bitartekoak Segurtasun Sistemari atxikiz antolatuko dira, lege honetan jasotako Segurtasun Nazionalerako interesekoa den egoerarako zer plan aktibatu diren kontuan hartuta. Baliabideak erregelamenduan ezartzen den moduan atxikiko dira, autonomia-erkidegoekin koordinatuta.

3.Segurtasun Nazionalerako baliabideen deklarazioaren ondorioz eragindako kalte orok dagokion kalte-ordaina ekarriko du, aplikagarri diren lege-arauetan xedatutakoaren

arabera eta, zehazki, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 139. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Lehenengo xedapen gehigarria.

Krisia kudeatzeko eta Segurtasun Nazionalaren Sistemari baliabideak ekartzeko tresnek babesa emango dute alarma- eta salbuespen-egoeretan, beren erregulazio espezifikoari jarraikiz, Gobernuak hala erabakitzen duenean, eta Defentsa Nazionalari buruzko legerian xedatutakoa eragotzi gabe.

Bigarren xedapen gehigarria. Krisia kudeatzeko nazioarteko beste tresna batzuekin koordinatzea.

Segurtasun Nazionalaren Sistemaren krisi-kudeaketako arauek eta prozedurek Espainia kide den nazioarteko erakundeetako krisi-kudeaketako tresnekin bateragarriak izan behar dute.

Hirugarren xedapen gehigarria. Krisia kudeatzeko tresnen homologazioa.

Administrazio publikoetako organo eskudunek lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean berrikusiko dituzte bertan jasotako jardute-arau eta -prozedurak, Segurtasun Nazionalaren Sisteman horien funtzionamendua egokitzeko eta koordinatzeko.

Laugarren xedapen gehigarria. Komunikazio publikoa.

Segurtasun Nazionalaren Sistemak krisi egoeretan informatzeko politika bat izan behar du. Gobernu bozeramaile moduan diharduen agintariaren ardura izango da hori koordinatzea.

Xedapen iragankor bakarra. Lege hau indarrean jartzen denean existitzen diren Komite Espezializatuen jarduera eta jarduteko prozedurak.

1.Lege hau indarrean jartzen denean dagoeneko existitzen diren Segurtasun Nazionaleko Batzordearen komite espezializatuek beren funtzioak betetzen jarraituko dute, bakoitza bere osaera-akordioaren arabera, harik eta lege honetan xedatutakoari egokitzen zaizkion arte. Egokitzapena lege hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean gauzatu behar da.

2.Aurreko zenbakian aipatutako Komite Espezializatuen osaera-akordioak egokitzeko prozesuan, beharrezko prozeduren egokitzapena eta prestaketa bultzatuko da, komite horien jarduna eta krisiaren kudeaketan harekin bat egiten duten kide anitzeko organoena nahiz haien mendeko talde guztiena koordinatzeko, 18.2 eta 22. artikuluetan aurreikusitakoaren esparruan.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-tituluak.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.4 eta 149.1.29 artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da; artikulu horietan, Estatuari ematen zaio Defentsa eta Indar Armatuen eta Segurtasun Publikoaren inguruko eskumen esklusiboa.

Azken xedapenetatik bigarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuari eta ministerio-sail guztietako titularrei, bakoitzari bere eskumen-eremuan, ahalmena eman zaie lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman eta neurriak hartzeko.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Legegintzako mandatua.

Gobernuak, lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epearen barruan, Segurtasun Nazionalari ekarritako baliabideen prestaketa eta antolaketa erregulatzeko lege-proiektu bat bidali beharko du Diputatuen Kongresura.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko irailaren 28an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra