Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

3/2019 Lege Organikoa, martxoaren 12koa, Valentziako Erkidegoaren Autonomia Estatutua erreformatzekoa Estatuak Valentziako Erkidegoan egiten dituen inbertsioekiko erabakietan Valentziako Generalitateak duen partehartzeari dagokionez.

2019-03-12

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/13/2019, 62. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3562    3/2019 Lege Organikoa, martxoaren 12koa, Valentziako Erkidegoaren

Autonomia Estatutua erreformatzekoa Estatuak Valentziako Erkidegoan egiten dituen inbertsioekiko erabakietan Valentziako Generalitateak duen parte-hartzeari dagokionez.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Indarrean egon den lau eta gehiago urtean, apirilaren 10eko 1/2006 Lege Organikoaren bidez autonomia-estatutuan egindako erreformak oso jauzi kualitatibo handia ekarri du Valentziako Erkidegoarentzat eskumen-mailarik handiena izateko orduan, Estatuaren eskumenak errespetatuz eta lurraldeen arteko berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako eredu autonomikoa auzitan eta arriskuan jarri gabe betiere.

Erreforma hori guztia izapidetzeko orduan, ordezkaritza handieneko indar politikoen artean adostasuna lortzeko nahia gailendu zen, bai Valentziako Gorteetan, bai gero, Gorte Nagusietan, eta erakundeen artean leialtasunez jokatu zen, halako eran non ondoren aitortu eta goraipatu izan baitute prozesuan aktiboki parte hartu zutenek eta parte hartu ez zuten baina negoziazio haiek eta haien emaitzak aztertu eta analizatu dituztenek. Valentziako Erkidegoak, besterik gabe, ahaleginak egin zituen Valentziako herriaren nortasuna gordetzen eta indartzen zuen guztia haren arau instituzionalera ekartzen, aldi berean Estatuarekiko loturak indartzen zirela eta autonomia-erkidego guztiek tratu bera eta errespetu bera izan behar zuten harreman-sistema multilateral baten alde egiten zela.

Hala, Valentziako Erkidegoak erreforma-prozesu bati ekin zion. 2006an eta 2007an, beste bost erkidego-autonomok ere heldu zioten horri -Andaluziak, Aragoik, Kataluniak, Gaztela eta Leonek eta Balear Uharteek-, eta luze jotzen ari da prozesua, estatutuak erreformatzeko beste ekimen batzuk sortu baitira oraindik (horra hor Nafarroakoa, urriaren 27ko 7/2010 Lege Organikoaren bidez).

Bi urtean baino gutxiagoan, sei estatutu-erreformari heldu zitzaien, baina haietako guztietan ez zuten agindu Valentziako kasuan arestian aipatutako printzipio berek.

Estatutua erreformatzeko lanari heltzeko eta burutzeko bateko eta besteko moduak berehala islatu dira Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian. Valentziako Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren 17.1 artikulua apirilaren 10eko 1/2006 Lege Organikoan idatzita dagoen bezala arau gorenera egokitzen ote zen adierazi zuen Konstituzioaren interpretatzaile gorenak abenduaren 12ko 247/2007 epaian eta abenduaren 13ko 249/2007 epaian, eta, haren iritziz, arau hori guztiz bat zetorren Konstituzioarekin, eta ez zegoen, beraz, arau-hausterik konstituzionaltasunaren aldetik, ez eta Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-banaketan ere.

Kataluniako Autonomia Estatutua erreformatzeko uztailaren 19ko 6/2006 Lege Organikoa onartu eta indarrean sartu orduko, berriz, zazpi konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso aurkeztu ziren Kataluniako oinarrizko lege instituzional berriaren hainbat aginduren kontra. Errekurtso horiek, luze eztabaidatu ondoren eta zalaparta handiarekin izapidetu ondoren, Konstituzio Auzitegiak zenbait epai eman behar izatea ekarri zuten 2010. urtearen bigarren erdian. Epai horietan, deusez jo zituen estatutuaren zenbait artikulu eta tarteki, eta Konstituzioaren araberako interpretazioaren teknika erabili behar izan zuen beste agindu asko Konstituzioaren barrukotzat hartzeko.

Konstituzio Auzitegiak, ekainaren 28ko 31/2010 epaian, irailaren 8ko 48/2010 eta 47/2010 epaietan, irailaren 9ko 48/2010 epaian eta irailaren 29ko 49/2010 epaian, Kataluniako Autonomia Estatutuaren kontra aurkeztutako zenbait konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso ebatzi zituen, eta ontzat jo zituen kontu eztabaidagarri horietako asko, Konstituzioaren araberako interpretazioaren teknika hori behin baino gehiagotan aplikatuz. Hala, aukera eman du estatutuaren aurreikuspen horiek garatuz Estatuko legegileak eta autonomia-erkidegokoak arau-esparru oso bat sor dezaten, erreformatutako estatutuak ezarritako arautegian oinarrituta egoera hori finkatuko duena.

2006an, ezin asma zitekeen hori izango zela oraingo egoera, eta, hori horrela, Valentziako Erkidegoa ezin geldi daiteke gora begira. Izan ere, ez du, ez, egon nahi beste inongo lurralderen gainetik Espainiaren barruan, baina, era berean, ez du onartuko autonomia-erkidego batzuek beste autonomia-erkidego batzuen kaltean eskumen gehiago, finantzaketa handiagoa, inbertsio gehiago edo azpiegitura gehiago izateko modua dakarren eredu asimetriko batek bere helburu bidezkoak zapuztea.

Eta, Estatuak lurralde bakoitzean egiten duen inbertsio kopuruari dagokionez, hori funtsezko kontua baita herritarrek hezkuntzan, osasun-arloan, gizarte-zerbitzuetan eta azpiegituretan dituzten beharrei erantzuteko moduko politikak garatzeko, oso nabarmenak dira autonomia-estatutuen arteko alde horiek. Bai Andaluziako eta bai Kataluniako oinarrizko arau instituzional berrietan, xedapen gehigarri bat sartu dute lurralde horietan Estatuaren inbertsioen kopuru iraunkor eta egonkor bat izango dutela bermatzeko. Katalunian, Estatuak inbertsio hau egingo du azpiegituretan, Lurralde arteko Konpentsazio Funtsa kontuan izan gabe: autonomia-erkidego horren barne-produktu gordinak Estatuaren barne-produktu gordinean duen parte-hartze erlatiboaren parekoa, zazpi urterako; Andaluzian, berriz, autonomia-erkidego horren biztanleriak estatu osoaren biztanlerian duen pisuaren parekoa izango da Estatuaren inbertsioa, zazpi urterako hori ere.

Valentziako Erkidegoak, bere garaian, autonomia-estatutu berrian ez zuen klausularik edo aurreikuspenik sartu nahi izan bere eskumenen erabileran Estatua behar ez bezala baldintzatuko zuenik eta horrexegatik zalantza sortuko zuenik Konstituzioaren araberakoa ote zen. Baina Konstituzio Auzitegiak, ekainaren 28ko 31/2010 epaiaren 138 oinarri juridikoan, hau ezarri du Kataluniako Autonomia Estatutuaren hirugarren xedapen gehigarriaz iritzia ematean: arestian aipatutako tartekiaren modukoek ez dituztela lotzen Gorte Nagusiak Estatuaren Aurrekontu Orokorrak aztertzeko, zuzentzeko eta onartzeko beren eginkizunak betetzeko orduan; izan ere, autonomia-estatutuetan formalizatutako finantza-konpromisoak ez dira Estatuak ekitaldi ekonomiko bakoitzean nahitaez Aurrekontu Orokorretan sartu behar dituen baliabide bat.

Goi-auzitegiaren arabera, Estatuak berak erabaki behar du, tartean diren aldagai guztiak kontuan hartuz, kasuan kasuko esleipenak diruz hornitu behar dituen eta zenbatean hornitu. Beraz, arau gorenaren interpretatzaile gorenak hartutako erabakiaren arabera, Kataluniako Estatutuaren hirugarren xedapen gehigarria ez da Konstituzioaren kontrakoa, baldin eta interpretatzen bada ez duela lotzen Estatua bere inbertsio-politika zehazteko orduan eta ez duela murrizten Gorte Nagusiek inbertsio horien existentziaren eta zenbatekoen gainean erabakitzeko duten askatasun erabatekoa.

Valentziako herriak Estatuaren aldetik Kataluniako edo Andaluziako herriaren tratu bera jaso nahi duenez eta hala nahi izatea bidezkoa denez, Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuaren erreforma honek ikusarazi nahi du zer-nolako ondorio ekonomiko dakartzan dagoeneko bost milioi biztanle dituen eta azken urteetako hazkunde demografiko handiaren beharrak betetzeko ondorioz inbertsio kopuru egokia behar duen populazio hori onartzeak. Konstituzio Auzitegiak beste autonomia-erkidego batzuentzat zilegitzat jo duena Valentziako Erkidegoarentzat eskatzen da, ez besterik; Valentziaren kasuan, are zilegizkoagoa da, gainera, inbertsioetan lehendik ere defizit handia baitu, biztanleria handitu delako eta hazkunde hori ez delako aitortu.

Hori guztia dela eta, Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 52. artikuluaren laugarren apartatu edo apartatu berriak dio Estatuak Valentziako Erkidegoan egiten duen inbertsioari buruzko erabakietan parte hartuko duela Generalitateak, eta inbertsio hori, Lurralde arteko Konpentsazio Funtsa kontuan hartu gabe, Valentziako Erkidegoaren biztanleriak estatu osokoan duen pisuaren parekoa izango dela zazpi urterako, Konstituzioak 138. artikuluan xedatzen duena betetzeko. Horretarako, batzorde bat eratuko da, Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazioek osatua, eta batzorde hori arduratuko da banaketa-irizpide horri jarraitzen zaiola zaintzeaz. Espainiako Konstituzioaren 147.3 artikuluak ezartzen du autonomia-estatutuak erreformatzeko beraietan ezarritako prozedura bete beharko dela, eta betiere Gorte Nagusiek onetsi beharko dutela erreforma, lege organiko baten bidez. Hori bera dio Diputatuen Kongresuaren Erregelamenduak ere 145. artikuluan. Konstituzioaren arauak adierazitakoaren haritik, Valentziako Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren X. tituluaren artikulu bakarrak, 81. artikuluak, estatutua erreformatzeko prozedura zehazten du, eta Valentziako Kontseiluari, Valentziako Gorteetako kideen herenei, bi talde parlamentariori eta Gorte Nagusiei esleitzen die horretarako ekimena. Arau horrekin lotuta, Valentziako Gorteetako Erregelamenduaren 129. eta 170. artikuluek erreformarako ekimena nola izapidetu behar den arautzen dute, eta Valentziako Kontseiluaren Legearen 18. artikuluaren a) letrak, berriz, Valentziako Gorteei autonomia-estatutua erreformatzeko proposamena egiteko zeregina ematen dio Kontseiluari berari, arau-izaerako beste zeregin batzuen artean. Azkenik, Generalitatearen abenduaren 19ko 10/1994 Legeak, Valentziako Erkidegoko Kontseilu Juridiko Aholkularia Sortzekoak, 10.1 artikuluan adierazten du erakunde horrek nahitaez irizpena egin behar duela «autonomia-estatutua erreformatzeko aurreproiektuez».

Artikulu bakarra. Valentziako Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren erreforma, Estatuak Valentziako Erkidegoan egiten dituen inbertsioekiko erabakietan Valentziako Generalitateak duen parte-hartzeari dagokionez eskumenak gehitzekoa.

Apartatu bat eransten zaio, 4. apartatua, Valentziako Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren IV. tituluari («Eskumenak») 52. artikuluan; honela erantsi ere:

«4. Generalitateak parte hartuko du Estatuak Valentziako Erkidegoan egiten duen inbertsioari buruzko erabakietan; inbertsio hori, Lurralde arteko Konpentsazio Funtsa kontuan hartu gabe, Valentziako Erkidegoko biztanleriak estatu osokoan duen pisuaren parekoa izango da zazpi urterako, Konstituzioak 138. artikuluan xedatzen duena betetzeko. Horretarako, Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazioek osatutako batzorde bat eratuko da».

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, lege organiko honetan ezarritakoaren aurkakoak diren neurrian.

Azken xedapenetako lehenengoa. Eskumen-gaikuntza.

Espainiako Konstituzioaren 147.3 artikuluan eta Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 81. artikuluan xedatzen denaren babesean onesten da erreforma hau.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2019ko martxoaren 12an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra