Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

2/2016 Lege Organikoa, urriaren 31koa, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa aldatzekoa, hauteskundeetara automatikoki deitzeko Konstituzioaren 99. artikuluaren 5. zenbakiak jasotzen duen kasurako

2016-10-31

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/11/01, 264. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10026 2/2016 Lege Organikoa, urriaren 31koa, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa aldatzekoa, hauteskundeetara automatikoki deitzeko Konstituzioaren 99. artikuluaren 5. zenbakiak jasotzen duen kasurako.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoak (ekainaren 19ko 5/1985) ez du berezitasunik jasotzen hauteskundeak Konstituzioak 99. artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoa aplikatzearen ondorioz egin behar direnerako; hau da, ganberak desegiten direnerako lehen inbestidura-bozketatik bi hilabete pasa ondoren Kongresuak konfiantza aitortu ez duelako.

Egoera hori ematen delako hauteskundeak deitzen direnean, gure konstituzio-sisteman egoera berezia gertatu dela ulertu behar da, eta araubide espezifikoa izan behar da horretarako hauteskunde-araubidean, aurreko hauteskunde-prozesuan baliatu diren izapideak baliatu ahal izateko eta prozeduraren hainbat epe sinplifikatu eta murriztu ahal izateko. Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoa aldatzearen helburua da berezitasun hori arautzea.

Hasteko, hauteskunde-prozesuaren iraupena murriztu egiten da, beraz, motzagoa izango da lau urteko agintaldia amaitu izanaren ondorioz deitutako hauteskundeena edo Konstituzioak Gobernuko Lehendakariari aitortzen dion ganbarak desegiteko ahalmena egikaritzearen ondorioz deitutakoena baino. Bi arrazoi horien ondoriozko hauteskunde- prozesuak berrogeita hamalau eguneko iraupena izaten du, deialdia egiten den egunetik kontatua; Konstituzioak 99. artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoaren ondorioz deitutako hauteskunde-prozesuaren iraupena, berriz, astebetez murrizten da, hau da, berrogeita zazpi eguneko prozesua izango da. Iraupen hori bat dator Konstituzioak 68. artikuluaren 6. zenbakian Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako ezarritako gutxieneko eta gehieneko iraupenekin.

Hauteskunde-prozesuaren iraupena murrizteko, hauteskunde-kanpainarako aurreikusitako denbora murriztea erabaki da, hau da, zortzi egunekoa izango da prozesu arruntetarako ezarritako hamabostekoa izan beharrean. Horren ondorioz, ordezkariak eta administratzaileak izendatzeko, koalizioen berri emateko eta hautagai-zerrenden aurkezpena egiteko epeak ere aurreratu behar dira.

Kanpainarako denboraren murrizketa justifikatzeko kontuan hartu da Konstituzioaren

99.artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoarekin bat automatikoki deitzen diren hauteskundeetan hautagaiek ez dutela hainbeste denbora behar botoak lortzeko jarduketak burutzeko.

Gainera, hauteskunde-prozesu berria erraztuko duten hainbat neurri ezartzen da, besteak beste, aukera egongo baita aurreko hauteskunde-batzordeak mantentzeko eta alderdien, federazioen eta koalizioen ordezkari eta administratzaileak aurreko hauteskunde- orokorretako berdinak izango direla jakinarazteko. Era berean, parlamentuz kanpoko taldeek aurkeztutako abalek, hau da, aurreko hauteskundeetan hautagai-zerrendak

aurkeztu ahal izateko baliatutakoek, hauteskunde berrietarako ere balio izango dute eta ez dira berriro aurkeztu beharko. Halaber, atzerrian bizi diren eta aurreko hauteskundeetan botoa eskatu zuten hautesleek ez dute eskaera berria aurkeztu beharko.

Hauteskunde-kanpainaren murrizketarekiko koherentzia gordetzeko xedez, parlamentuan ordezkariak dituzten talde politikoek lortutako boto edo jarleku bakoitzeko hauteskunde-gastuetarako jasotzen dituzten diru-laguntzen zenbatekoak ere nabarmen murrizten dira, bai eta hauteskunde hauetarako hauteskunde-taldeek egin ditzaketen hauteskunde-gastuetarako muga ere.

Azken finean, honako lege organiko honek Konstituzioak 99. artikuluaren 5. zenbakian aurreikusitako ganbaren desegitearen ondorioz deituko diren Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan jarraitu beharreko prozedura-berezitasunak arautzen ditu, eta horretarako, Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985) beste xedapen gehigarri bat eransten du.

Artikulu bakarra. Hauteskunde Araubide Orokorraren Legea (ekainaren 19ko 5/1985) aldatzea.

Zazpigarren xedapen gehigarria eransten zaio Hauteskunde Araubide Orokorraren Legeari (ekainaren 19ko 5/1985); hona nola gelditzen den idatzita:

«Zazpigarren xedapen gehigarria.

1.Konstituzioak 99. artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoaren ondorioz deitzen diren Gorte Nagusietarako hauteskundeen kasurako, lehen inbestidura-bozketatik kontatua bi hilabeteko epea amaitzen den egunaren ondorengoan emango da deialdirako errege-dekretua. Ematen den egun berean argitaratuko da errege- dekretu hori, eta argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean. Deialdia egiten duen errege-dekretuak hauteskunde-eguna zein izango den jasoko du, hau da, deialdiaren ondorengo berrogeita zazpigarren eguna.

2.Deialdi honen ondoriozko hauteskunde-prozedurarako, lege organiko honetan xedatutakoa aplikatuko da, honako espezifikazio hauek aintzat harturik:

a)Probintziako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeak deialdiaren ondorengo egunean eratuko dira eta agintaldia amaitzean zuten osaera bera izango dute. Agintaldia amaiturik egon ezean, luzatu dela ulertuko da eta luzapen hori izendapen berria izango da ondore guztietarako.

b)Alderdi politikoek, federazioek eta koalizioek ordezkari orokor bat izendatuko dute, idatziz, Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean, deialdiaren ondorengo bost egunetan.

Ordezkari orokorrek eta hautagai-zerrendetako ordezkariek zereginak betetzen jarraituko dute dagozkien hauteskunde-barrutietan, hau da, horietako bakoitzak Gorte Nagusietarako aurreko hauteskundeetarako, lege organiko honen 168. artikuluarekin bat, ordezkari izatea onartu zuen hauteskude-barrutian. Horretarako, deialdiaren ondorengo bost eguneko epean, alderdiek, federazioek eta koalizioek idazkia aurkeztuko dute Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean, eta horren bidez, izendapenak mantentzen dituztela jakinaraziko dute.

Deialdiaren ondorengo bost eguneko epe horretan bertan, alderdiek, federazioek eta koalizioek Hauteskunde Batzorde Zentralari jakinaraziko dizkiote ordezkari orokorren eta hauteskunde-barruti bakoitzeko hautagai-zerrendetako ordezkarien izendapenetan izandako aldaketak.

Bi eguneko epean, Hauteskunde Batzorde Zentralak hautagai-zerrendetako ordezkariak mantentzen diren, aldaketak izan diren edo, kasua denean, izendapen berriak egin diren jakinaraziko die probintziako hauteskunde-batzordeei. Ordezkari berriek izendapena onartu beharko dute lege organiko honen 168. artikuluak dioenarekin bat.

c)Parlamentuko ordezkaritzarik —ganbaretako batean ere ez — lortu ez duten hautesle-taldeek eta alderdiek, federazioek edo koalizioek ez dituzte hautagai-

zerrendak aurkezteko sinadurak — lege organiko honek 169. artikuluaren 3. zenbakian xedatuak— berriro bildu beharko Gorte Nagusietarako aurreko hauteskundeetarako aurkeztu bazituzten eta sinadura baliodunen kopurua eskatzen dena baino handiagoa izan bazen.

d)Deialdiaren ondorengo bost egunetan, hauteskundetara elkarrekin aurkezteko koalizio-ituna sinatzen duten alderdiek eta federazioek Hauteskunde Batzorde Zentralari jakinarazi beharko diote, edo dagokion probintziako hauteskunde-batzordeari koalizioaren eremua hauteskunde-barrutira mugatzen bada. Aurreko hauteskunde orokorretarako koalizio-ituna dagoen bezala mantendu nahi izanez gero, nahikoa izango da horrela dela berariaz adieraztea, Hauteskunde Batzorde Zentralari edo dagokion probintziako hauteskunde-batzordeari, bere eremua hauteskunde-barrutira mugatzen bada, erabakia jasotzen duen idazkia bidalita.

e)Alderdi, federazio eta koalizioetako ordezkariek edo hautesle-elkarteen sustatzaileek izenpetutako hautagai-zerrendak dagokien probintziako hauteskunde- batzordearen aurrean aurkeztuko dira, deialdiaren ondorengo zortzigarren egunetik hamahirugarrenera bitartean.

Epe horretan bertan, ordezkariek eta sustatzaileek jakinarazi ahalko dute Gorte Nagusietarako aurreko hauteskundeetan aurkeztu zituzten hautagai-zerrenda berdinak mantendu nahi dituztela, dagokion probintziako hauteskunde-batzordeari zuzendutako idazkiaren bidez. Hautagai-zerrendak mantenduko direla jasotzen duen idazkiarekin batera zerrenda horiek onartu izanaren deklarazioa eta hautagarritasun-baldintzak betetzen direla ziurtatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dira.

Hautagai-zerrenda berriak aurkeztu edo Gorte Nagusietarako aurreko hauteskundeetan aurkeztutakoak aldatzen badira, ordezkariek hautagai-zerrenda bakoitzaren aurkezpen-idazkia aurkeztu beharko dute, lege organiko honen 46. artikuluak xedatu bezala eta letra honen lehen paragrafoan horretarako xedatutako epean.

Lege organiko honen 162. artikuluan xedatutakoarekin bat, hauteskunde- barrutiren batean Gorte Nagusietarako aurreko hauteskundeetan hautatu behar zen diputatuen kopurua aldatu bada, hautagai-zerrendetako ordezkariek ezingo dute aurkeztu hautagai-zerrenda mantentzeko idazkia, eta hautagai-zerrenda bakoitzaren aurkezpen-idazkia aurkeztu beharko dute, lege organiko honen 46. artikuluak xedatu bezala eta letra honen lehen paragrafoan horretarako xedatutako epean.

f)Aurkeztutako hautagai-zerrendak eta aurreko letran xedatutakoarekin bat berariaz mantendu direnak, deialdiaren ondorengo hamabosgarren egunean argitaratu beharko dira.

g)Probintziako hauteskunde-batzordeek hautagaiak aldarrikatuko dituzte deialdiaren ondorengo hogeigarren egunean.

h)Aldarrikatutako hautagai-zerrendak deialdiaren ondorengo hogeita batgarren egunean argitaratu beharko dira.

i)Hauteskunde-kanpaina deialdiaren ondorengo hogeita hamazortzigarren egunean hasi eta zortzi egunez luzatuko da. Deialdiaren ondorengo hogeita hamaikagarren egunetik boto-paperen eta -gutunen edo hauteskunde- propagandaren eta -publizitatearen bidalketa zuzena eta pertsonala egin ahalko zaie hautesleei.

j)Hauteskunde-kanpaina bozketa egunaren aurrekoaren 00:00etan amaitzen da.

k)Behin posta bidezko botoa eskatu dela, Hautesle Erroldaren Bulegoak boto- paperak eta gutunak bidaliko dizkie hautesleei gutun ziurtatuaren bidez, lege organiko honen 73. artikuluaren 2. zenbakiak jasotzen duen dokumentazioarekin batera, deialdiaren ondorengo hogeita zazpigarren egunetik bozketa egunaren aurreko seigarren egunera bitartean.

l)Honako lege organiko honen 75. artikuluak xedatutakoarekin bat, atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan izena emanda dauden espainiarrek dagokion Hautesle Erroldaren probintzia-ordezkaritzara bidali ahalko dute boto-eskabidea, inprimaki ofiziala baliatuta, deialdiaren ondorengo hogeita bosgarren egunera arte.

m)Onartutzat joko da atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan izena emanda dauden espainiarren boto-eskabidea —Gorte Nagusietarako aurreko hauteskundeetarako Hautesle Erroldaren Bulegoan onartu zena—, eta ez da berriro aurkeztu beharko hautesle horiek indarrean den hautesle-erroldan izena emanda jarraitzen badute hauteskunde-prozesu berria izaten denean.

n)Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzek lege organiko honen 75. artikuluak 2. zenbakian xedatzen duen bidalketa egingo dute deialdiaren ondorengo hogeita zazpigarren eguna baino lehen, hautagaien aldarrikapena aurkaratu ez den probintzietan, besteetan, berriz, deialdiaren ondorengo hogeita hamabosgarrena baino lehen.

ñ) l) eta n) letretan araututako epeak aldi baterako atzerrian dauden espainiarrei ere aplikatuko zaizkie; Atzerrian aldi baterako dauden espainiar herritarren botoa emateko prozedura arautzen duen abenduaren 7ko 1621/2007 Errege Dekretuak arautzen du hautesle horiek nola emango duten botoa.

o)Honako lege organiko honen 49. artikuluak 5. zenbakian aurreikusten duen hautagai-zerrenden eta hautagaien aldarrikapenaren aurkako errekurtsoa deialdiaren ondorengo berrogeigarren egunera arte aurkeztu ahalko da. Auzitegi Gorenaren Sala Bereziak errekurtsoa aurkeztu ondorengo bi egunetan ebatzi beharko du. Konstituzio Auzitegiaren Babesa hurrengo egunean eskatu beharko da eta Konstituzio Auzitegiak hurrengo bi egunetan ebatzi beharko du.

p)Lege organiko honen 71. artikuluak 2. zenbakian aurreikusitakoa ez da aplikatuko eta, ondorioz, ez da atzeratuko dagokion hauteskunde-barrutian aurkaratutako hautagai-zerrendaren boto-paperak egiteko prozesua.

q)Hauteskunde Batzorde Zentralak xedapen gehigarri honen 2. zenbakian aipatzen diren epeen luzapena edo murriztea erabaki ahalko du, salbuespenez eta arrazoitutako erabakiaren bidez, horrek sufragio-eskubidea berme osoarekin gauzatzea ahalbidetzen badu.

r)Espainiako egoiliarren erroldaren kopia emango zaie hautagai-zerrendetako ordezkariei deialdiaren ondorengo hogeita hamazortzigarren egunetik hogeita hemeretzigarrenera bitartean, eta atzerrian bizi diren hautesleen errolda, berriz, hogeita hamabosgarren egunetik hogeita hamaseigarrenera bitartean, eta horrekin batera, deialdiaren ondorengo hogeita hamalaugarren egunera arte izan diren boto- eskabideen inguruko informazioa.

s)Titulartasun publikoko hedabide bakoitzean eta horien programazio eremuetan hauteskunde-propaganda dohainik egiteko denboraren banaketa lege organiko honen 64. artikuluak xedatutako baremoan aurreikusitakoaren erdira murrizten da.

t)Lege organiko honen 174. artikuluak xedatutakoarekin bat, alderdi politikoen, federazioen eta koalizioen ordezkari orokorrek administratzaile orokor bat izendatuko dute, idatziz, Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean, deialdiaren ondorengo zazpigarren eguna baino lehen. Halaber, ordezkari horiek hautagai-zerrendetako administratzaileak izendatuko dituzte, idatziz, probintziako hauteskunde-batzordeen aurrean, hauteskunde-zerrendak aurkezten dituzten ekitaldian bertan. Probintziako hauteskunde-batzordeek haien hauteskunde-barrutietan izendatutako administratzaileak zeintzuk diren jakinaraziko diote Hauteskunde Batzorde Zentralari.

Administratzaile orokorrek eta hautagai-zerrendetako administratzaileek zereginak betetzen jarraituko dute dagozkien hauteskunde-barrutietan, hau da, horietako bakoitzak Gorte Nagusietarako aurreko hauteskundeetarako, lege organiko honen 174. artikuluarekin bat, administratzaile izatea onartu zuen hauteskunde-barrutian. Horretarako, deialdiaren ondorengo hamar eguneko epean,

alderdiek, federazioek eta koalizioek idazkia aurkeztuko dute Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean, eta horren bidez, izendapenak mantentzen dituztela jakinaraziko dute.

Deialdiaren ondorengo hamar eguneko epe horretan bertan, alderdiek, federazioek eta koalizioek Hauteskunde Batzorde Zentralari jakinaraziko diote administratzaile orokorren izendapenetan eta hauteskunde-barruti bakoitzeko hautagai-zerrendetako izendapenetan izandako aldaketak. Ondoren, hautagai- zerrendetako administratzaileak mantentzen direla, aldaketak izan direla edo, kasua denean, izendapen berriak egin direla jakinaraziko die Hauteskunde Batzorde Zentralak probintziako hauteskunde-batzordeei.

u)Hauteskunde-gastuak eta hauteskundeetarako diru-laguntzak zehazteko, lege organiko honen 175. artikuluak xedatutakoari jarraitu beharko zaio, honako aldaketak kontuan hartuta:

1.a Hauteskunde-jardueren ondoriozko gastuak diruz laguntzeko 1. zenbakian aurreikusitako zenbatekoak ehuneko hogeita hamar murriztuko dira, hautagai- zerrenda bakoitzak lortutako boto eta jarlekuak aintzat hartuta.

2.a Hauteskunde-gastuetarako 2. zenbakian aurreikusitako muga ehuneko berrogeita hamar murriztuko da. Eta 55. artikuluaren 3. zenbakian eta 58. artikuluaren 1. zenbakian aurreikusitako gastuen ehunekoa murriztutako muga horri dagokiola ulertuko da.

3.Gorte Nagusietarako hauteskundeekin loturik egin beharreko kontratuak — gaian eskumena duten Estatuaren Administrazio Orokorraren kontratazio-organoek eginak— presakoak deklaratuko dira, edozein dela haien zenbatekoa, Konstituzioak

99.artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoaren ondorioz deitutako hauteskundeak badira. Kontratu horiei azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 113. artikuluan xedatutako salbuespenezko araubidea aplikatuko zaie.

Xedapen gehigarri bakarra.

Hautagai-zerrendak sustatzen dituzten alderdi, federazio eta koalizioek akordioa bultzatuko dute merkataritza izaerako kanpo-publizitatearen ondoriozko hauteskunde- gastuak ahalik eta gehien murrizteko, Konstituzioak 99. artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoaren ondoriozko hauteskunde-deialdia bada.

Azken xedapenetatik bakarra. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2016ko urriaren 31n.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra