2/1984 Lege Organikoa, Zuzenketa-eskubidea arautzekoaz
1984-03-261. artikulua
Pertsona fisiko zein juridiko orok eskubidea du edozein gizarte-komunikabidek hedatutako informazioa zuzentzeko, baldin eta informazio horretara bildu badira pertsona horri buruzko egitateak, beraren ustez zuzenak ez direnak, eta, halakoak zabaltzeagatik, hari kalteak eragin diezazkioketenak.
Zuzenketa-eskubidea egikaritu ahal izango dute informazioan aipatutako kaltedunak edo horren ordezkariak, eta, kalteduna hil bada, horren jaraunsleek edo horien ordezkariek.
2. artikulua
Eskubidea egikarituko da komunikabidearen zuzendariari zuzenketa-idazkia igorrita. Idazki hori igorri beharko da zuzendu nahi den informazioa argitaratu edo hedatu eta egutegiko hurrengo zazpi egunetan. Halaber, egiaztatzeko modukoak izan beharko dira idazkiaren data eta idazki hori jaso izana.
Zuzenketak ukituko ditu, bakarrik, kasuan-kasuan zuzendu nahi den informazioaren egitateak.
Zuzenketaren hedadurak ez du gaindituko zuzendu nahi den informazioaren hedadura, salbu eta hori erabat beharrezkoa denean.
3. artikulua
Eskubidea aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egikaritzen denean, gizarte-komunikabidearen zuzendariak oso-osoan argitaratu edo hedatu beharko du zuzenketa, zuzenketa- idazkia jaso eta hurrengo hiru egunetan. Zuzenketa argitaratu edo hedatuko da zuzendu beharreko informazioa argitaratu edo hedatu zen garrantzi berberarekin, azalpenik eta oharrik gabe.
Zuzendu beharreko informazioa aldizkariren batean hedatu bazen, eta aldizkari horren aldizkakotasunak ez badu ahalbidetzen zuzenketa aipatu epean zabaltzea, zuzenketa argitaratuko da aldizkariaren hurrengo zenbakian.
Zuzendu beharreko albistea edo informazioa irrati- edo telebista-saioren batean hedatu bazen, eta, emanaldiaren elkarrekikotasunarengatik, irrati- edo telebista-saio horretan ezin bada zuzenketa zabaldu hiru eguneko epean, zuzenketa- eskatzaileak galdatu ahal izango du hiru eguneko epe horretan zuzenketa hedatzea antzeko ikus-entzule kopurua eta garrantzia dituen saioan.
Zuzenketa argitaratzea edo hedatzea doakoa izango da beti.
4. artikulua
Aurreko artikuluko epeetan zuzenketa ez bada argitaratu edo hedatu, edo gizarte-komunikabidearen zuzendariak nahiz arduradunak esanbidez jakinarazi badu zuzenketa ez dela hedatuko, edo zuzenketa argitaratu edo hedatu bada aurreko artikuluan xedatutakoa errespetatu gabe, kaltedunak zuzenketa- akzioa egikaritu ahal izango du, egutegiko hurrengo zazpi egunetan, bere egoitzari dagokion lehen auzialdiko epailearen aurrean edo komunikabidearen zuzendaritza zein tokitan izan eta toki horretako lehen auzialdiko epailearen aurrean.
5. artikulua
Akzioa idazki bidez egikarituko da, eta ez da behar izango abokaturik, ezta prokuradorerik ere. Idazki horrekin batera aurkeztu beharko dira zuzenketa bera eta zuzenketa-eskaria aipatu epean igorri izanaren justifikazioa; orobat, zuzendu beharreko informazioa aurkeztuko da, informazio hori idatziz hedatu bazen; eta, osterantzeko kasuetan, aurkeztuko da informazio horren erreprodukzio edo deskripzioa, ahalik zehatzena.
Epaileak, ofizioz eta demandatuak esan beharrekoa entzun gabe, autoa emango du demandaren izapidetza ez onartzeko, baldin eta uste badu ez duela eskumenik, edo zuzenketa bidegabekoa dela ageri-agerian.
Osterantzean, epaileak hitzezko epaiketara deituko die zuzenketa-eskatzaileari, komunikabidearen zuzendariari edo horien ordezkariei; hitzezko epaiketa egingo da eskaria egin eta hurrengo zazpi egunetan.
Deialdia telegrama bidez egingo da. Hori gorabehera, beste edozein bide erabilita, presaz igor dakioke demandaren kopia alderdi demandatuari.
Lehen auzialdiko epaileak eskumenik ez duela adierazten duenean, kaltedunak organo eskudunera jo ahal izango du, kasuan kasuko ebazpena eman eta hurrengo zazpi egun baliodunetan. Ebazpen horretan adierazi beharko da zein organok duen gaiaren gaineko eskumena.
6. artikulua
Epaiketaren izapideak egingo dira hitzezko epaiketetarako Prozedura Zibilari buruzko Legean ezarritakoaren arabera, baina hurrengo aldarazpenekin:
a) Epaileak ofizioz erreklamatu ahal izango dio demandatuari epaitutako informazioa, horren grabazioa edo idatzizko erreprodukzioa igorri edo aurkeztea.
b) Egokiak izan eta berehala gauza daitezkeen frogak bakarrik onartuko dira.
c) Epaia emango da epaiketa-egunean bertan edo hurrengo egunean.
Epaitzak zuzenketa ukatuko du, edo, osterantzean, zuzenketa lege honen 3. artikuluan ezarri moduan eta epeetan argitaratzea edo hedatzea aginduko du; besterik ez. Lege honen 3. artikuluko epe horiek zenbatuko dira epaia jakinarazten denetik; epai horretan, zein alderdiren eskaerak oso-osoan ezetsi eta horri ezarriko dio epaileak kostuen ordainketa.
Zuzenketa-eskariaren aldeko epaia bete beharko da epaian bertan ezarritakoaren arabera.
Prozesu honen xedea bateragarria da kaltedunak, hedatutako egitateak direla eta, beste izaera batekin izan ditzakeen akzio penal eta zibilekin.
7. artikulua
Ez da behar izango aurretiazko gobernu- erreklamaziorik, zuzendu nahi den informazioa titulartasun publikoko komunikabideren batean argitaratu edo hedatu denean.
8. artikulua
Prozesu horretan epaileak emandako ebazpenen aurkako errekurtsorik ez da onartuko. Salbuespenez, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaie 5. artikuluko 2. lerrokadak aipatu autoari, bi ondoreei dagokienez, eta epaiari, ondore bakar bati dagokionez. Hiru eta bost egun izango dira, hurrenez hurren, autoaren eta epaiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzeko, horiek jakinarazi direnetik. Autoaren eta epaiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarriko da, Prozedura Zibilari buruzko Legeren II. liburuko seigarren tituluko lehenengo eta hirugarren ataletan xedatutakoarekin bat etorriz.
Lege honen 5. artikuluko autoaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa gauzatuko da, demandatuak esan beharrekoa entzun gabe.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratuko dira martxoaren 18ko 14/1966 Legearen 58. artikulutik 62.erakoak; Irrati eta Telebistaren Estatutuari buruzko urtarrilaren 10eko 4/1980 Legearen 25. artikulua; martxoaren 31ko 745/1966 Errege Dekretua eta data bereko 746/1966 Errege Dekretua, eta Zigor Kodearen 566. artikuluko 1. paragrafoa, bai eta lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak ere.