Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

2/1979 Lege Organikoa, 1979ko urriaren 3koa, Konstituzio Auzitegiari buruzkoa

1979-10-03

Itzulpena nork: Ugartemendia Ezeizbarrena,Juan Inazio; Zelaia Garagarza,Maite; Aldasoro Katarain, Irene; Petrirena Altzuguren, Patxi; Elosegi Aldasoro, Antton; Garzia Garmendia, Juan; Tamayo Errazquin;José Ángel

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1979/10/5, 239. zk.

Eguneratua: 2007-05-24

2/1979 LEGE ORGANIKOA, 1979KO URRIAREN 3KOA, KONSTITUZIO AUZITEGIARI BURUZKOA

8/1984, 4/1985, 6/1988, 7/1999, 1/2000 eta 6/2007 lege organikoek aldatua.

I. TITULUA KONSTITUZIO AUZITEGIA

I. KAPITULUA Konstituzio Auzitegia, haren antolamendua eta eskudantziak

1. artikulua

1. Konstituzio Auzitegia, Konstituzioaren interpretatzaile gorena den aldetik, independentea da beste konstituzio-organoetatik, eta ez dago menderaturik Konstituzioari eta lege organiko honi baino.

2. Bakarra da bere ordenan, eta nazio-lurralde osoan du jurisdikzioa.

2. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiaren ardura izango dira, lege honek ezarritako kasuetan eta moduan:

a) Legeen eta lege-indarreko arau-xedapenen edo egintzen aurkako konstituziokontrakotasun- errekurtsoa eta -arazoa.

b) Konstituzioaren 53.2 artikuluan zerrendaturiko eskubide eta askatasun publikoak urratzeagatik jarritako babes-errekurtsoa.

c) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean edo autonomia-erkidegoen artean sorturiko konstituzio-arloko eskumen-gatazkak.

d) Estatuaren konstituzio-organoen arteko gatazkak.

d) bis. Toki-autonomiaren defentsan sorturiko gatazkak.

e) Nazioarteko tratatuen konstituzionaltasunari buruzko deklarazioa.

f ) Konstituzioaren 161. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako aurkarapenak.

g) Konstituzio Auzitegiko magistratuen izendapenak aztertzea, Konstituzioan eta lege honetan eskatutako betekizunak betetzen dituzten epaitzeko.

h) Konstituzioak eta lege organikoek esleitzen dizkioten gainerako gaiak.

2. Konstituzio Auzitegiak erregelamenduak eman ahal izango ditu bere funtzionamendu eta antolamenduaz, eta orobat bere pertsonalaren eta zerbitzuen araubideaz, lege honen eremuaren barruan. Erregelamenduok osoko bilkuran onetsi beharko ditu Auzitegiak, eta, presidenteak eskuetsirik, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko dira.

3. artikulua

Konstituzio Auzitegiaren eskumen da, halaber, konstituzio-ordenakoak ez diren baina aztertzen ari den gaiarekin zuzeneko erlazioa duten judizio aurreko arazoez eta intzidente-arazoez arduratzea eta haiek erabakitzea, gaiaren konstituzionaltasunari ez besteri dagokionez.

4. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiari ezin abiaraziko zaio inoiz jurisdikzio- edo eskumen- arazorik. Konstituzio auzitegiak zedarrituko du bere jurisdikzio-eremua, eta hura babesteko behar diren neurriak hartuko; besteak beste, jurisdikzio horri erasaten dioten egintza edo ebazpenak deusez deklaratzea. Orobat balioetsi ahal izango du bere eskumena edo eskumenik eza, ofizioz edo alderdi-eskariz.

2. Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak ezin epaituko ditu estatuko ezein jurisdikzio-organok.

3. Konstituzio Auzitegiak, aurreko bi zenbakietan ezarritakoa hausten duen egintza edo ebazpen bat deuseztatzen duenean, zioak eman beharko ditu, eta aurrez entzuera eman Fiskaltzari eta egintza edo ebazpena eman duen organoari.

5. artikulua

Hamabi kidek osatuko dute Konstituzio Auzitegia, eta Konstituzio Auzitegiko magistratu titulua izango dute kideok.

6. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiak osoko bilkuran, salan edo atalean jarduten du.

2. Auzitegiko magistratu guztiek osatzen dute osoko bilkura. Auzitegiko presidentea da osoko bilkuraren buru; hura egon ezean, presidenteordea; biak falta badira, karguan denbora gehien daraman magistratua, eta, antzinatasun berekoen artean, adin handienekoa.

7. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiak bi sala ditu. Auzitegiak osoko bilkuran izendatutako sei magistratuk osatzen dute sala bakoitza.

2. Auzitegiko presidentea izango da Lehenengo Salako presidente ere; hura egon ezean, antzinatasun handieneko magistratua izango da Lehenengo Salako buru, eta, antzinatasun berekoen artean, adin handienekoa.

3. Auzitegiko presidenteordea izango da Bigarren Salako buru; hura egon ezean, antzinatasun handieneko magistratua, eta, antzinatasun berekoen artean, adin handienekoa.

8. artikulua

1. Jarduera arrunterako eta konstituzio-prozesuak onartzeari edo ez onartzeari buruzko erabakia hartzeko edo, hala badagokio, hartarako proposamena egiteko, atalak eratuko dituzte osoko bilkurak eta salek; atal bakoitzak bere presidentea edo haren ordezkoa eta bi magistratu izango ditu.

2. Bere eskumeneko diren auziak onartzeko edo ez onartzeko proposamenen kontu emango zaio osoko bilkurari. Auzia onartzen den kasuan, osoko bilkurak dagokion salaren esku utzi ahal izango du hartaz arduratzea, lege honetan aurreikusitako moduan.

3. Orobat egokitu dakieke atalei dagokion salak haien esku uzten dituen babes-auziez arduratzea eta haiei buruzko ebazpena ematea, lege honetan aurreikusitako moduan.

9. artikulua

1. Auzitegiak osoko bilkuran eta bozketa sekretuan aukeratuko du presidentea kideen artetik, eta Erregeari proposatuko dio haren izendapena.

2. Lehenengo bozketan, gehiengo absolutua beharko da. Lortu ezean, bigarren bozketa egingo da, eta boto gehien lortu duena aukeratuko. Berdinketa gertatuz gero, azken bozketa egingo da; berriro berdinketa gertatuz gero, karguan denbora gehien daramana proposatuko da, eta horretan berdintasuna izanez gero, adin handienekoa.

3. Hautatuaren izena Erregeari igorriko zaio, hiru urterako izendatua izan dadin; epe hori amaitzean, beste behin bakarrik aukeratu ahal izango da berriro.

4. Auzitegiak, osoko bilkuran, presidenteorde bat aukeratuko du bere kideen artetik, artikulu honen 2. zenbakian adierazitako prozeduraren bidez eta hiru urterako hura ere; presidenteordeari dagokio presidentearen ordezko izatea presidentetza hutsik dagoenean, presidentea ez dagoenean edo legezko beste zioren bat denean, eta orobat Bigarren Salaren buru izatea.

10. artikulua

1. Auzitegiaren osoko bilkura gai hauetaz arduratuko da:

a) Nazioarteko tratatuen konstituzionaltasuna eta konstituziokontrakotasuna.

b) Legeen eta lege-balioko gainerako xedapenen kontrako konstituziokontrakotasun- errekurtsoak, doktrina aplikatze hutsekoak salbu; horien ardura salei esleitu ahal izango zaie onartze-izapidean. Errekurtsoaren ardura salari esleitzean, zer konstituzio-doktrina aplikatzea dagokion zehaztu beharko du osoko bilkurak.

c) Beretzat erreserbatzen dituen konstituzionaltasun-arazoak; gainerakoak salei utzi beharko zaizkie, txanda objektibo bati jarraituz.

d) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko konstituzio-arloko eskumen- gatazkak edo autonomia-erkidegoen artekoak.

e) Konstituzioaren 161. artikuluko 2. zenbakian aurreikusitako aurkarapenak.

f ) Toki-autonomiaren defentsan sorturiko gatazkak.

g) Estatuaren konstituzio-organoen arteko gatazkak.

h) Auzitegiaren jurisdikzioaren defentsako deuseztapenak, 4.3 artikuluan aurreikusiak.

i) Konstituzio Auzitegiko magistratu izendatzeko betekizunak betetzen diren egiaztatzea.

j) Sala bakoitza osatzeko magistratuen izendapena.

k) Konstituzio Auzitegiko magistratuen errekusazioa.

l) Lege honen 23. artikuluan aurreikusitako kasuetan, Konstituzio Auzitegiko magistratuen kargu-uzteak.

m) Auzitegiaren erregelamenduak onestea eta aldatzea.

n) Auzitegiaren eskumeneko beste edozein auzi, presidenteak edo hiru magistratuk proposaturik osoko bilkurak beretzat hartu badu, eta orobat lege organiko batek espresuki esleituriko gainerako auziak.

2. Aurreko zenbakiko d), e) eta f ) letretan aurreikusitako kasuetan, txanda objektibo baten arabera dagokion salari esleitu ahal izango zaio, onartze-izapidean, edukiaz erabakitzea, eta alderdiei jakinaraziko zaie hori.

3. Auzitegiaren osoko bilkurak, konstituzio-organo den aldetik duen autonomiaz diharduelarik, bere aurrekontua lantzen du; aurrekontu hori atal bereizi moduan sartzen da Estatuaren Aurrekontu Orokorren barruan.

11. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiko salen ardura izango dira konstituzio-arloko justiziari esleituak zaizkion eta osoko bilkuraren eskumeneko ez diren auziak.

2. Hasiera batean atalei esleituriko auziez ere arduratuko dira salak, duten garrantziagatik berek ebatzi beharrekoak direla irizten badiote.

12. artikulua

Auzitegiko salen artean auziak banatzeko, txanda bat ezarriko du osoko bilkurak, presidentearen proposamenez.

13. artikulua

Sala batek beharrezko ikusten badu Auzitegiak ezarritako aurreko konstituzio- doktrinatik aldentzea punturen batean, osoko bilkurak erabaki beharko du horren gainean.

14 artikulua

Auzitegiaren osoko bilkurak erabakiak hartu ahal izateko, bertan egon beharko dute, gutxienez, une horretan osoko bilkura osatzen duten kideen bi herenek.

Salen erabakietarako ere, une horretan sala osatzen duten kideen bi herenek elkartu beharko dute. Ataletan, bi kide beharko dira, baina, desadostasunik izanez gero, hiru kideek elkartu beharko dute.

15. artikulua

Konstituzio Auzitegiko presidenteari dagokio Konstituzio Auzitegiaren ordezkari izatea, Auzitegiaren osoko bilkurara deitzea eta haren buru egitea, eta orobat salen bilkuretara deitzea; Auzitegiaren, salen eta atalen funtzionamendurako behar diren neurriak hartzea; Ganberei, Gobernuari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, kasuan-kasuan, kargu-hutsaldien berri ematea; letraduak izendatzea, funtzionario-plazak eta lan-kontratudun langileen postuak betetzeko lehiaketetarako deialdia egitea, eta Auzitegiko pertsonalarekiko administrazio-ahalak baliatzea.

II. KAPITULUA Konstituzio Auzitegiko magistratuak

16. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiko magistratuak Erregeak izendatuko ditu, Ganberek, Gobernuak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposaturik, Konstituzioaren 159.1 artikuluak ezartzen duen moduan.

Autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek aurkezturiko hautagaien artetik hautatuko dira Senatuak proposaturiko magistratuak, ganberaren erregelamenduak ezartzen duen moduan.

2. Kongresuak eta Senatuak proposaturiko hautagaiek dagokion ganberaren Batzordearen aurrean agertu beharko dute aurrez, ganbera bakoitzaren erregelamenduak xedatzen duen moduan.

3) Bederatzi urterako izendatuko dira Konstituzio Auzitegiko magistratuak, eta hiru urtez behin herenka berrituko da Auzitegia. Une horretatik aurrera aukeratuko dira presidentea eta presidenteordea, 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Presidenteari eta presidenteordeari emandako hiru urteko agintaldia eta Konstituzio Auzitegiaren berritze-aldia batera ez badatoz, luzatu egingo da haien agintaldia, aipaturiko berritzea gertatzearekin eta magistratu berrien kargu-hartzearekin batera amai dadin.

4. Magistraturik ezin proposatuko zaio Erregeari berehalako beste aldi baterako, non eta karguan hiru urte baino gutxiago egona ez den.

17. artikulua

1. Magistratu-aldiak amaitu aurreko lau hilabeteak baino lehen, magistratu berriak izendatzeko prozedura abian jar dezatela eskatuko die Auzitegiko presidenteak horretarako proposamenak egin behar dituzten organoetako presidenteei.

2. Konstituzio Auzitegiko magistratuek beren funtzioak betetzen jarraituko dute haien ondorengoek kargua hartu arte.

18. artikulua

Magistratu, fiskal, unibertsitateko irakasle, funtzionario publiko edo abokatu diren herritar espainiarren artetik izendatu beharko dira Konstituzio Auzitegiko kideak; denek ere gaitasun-sonaren jabe diren juristak izan beharko dute, hamabost urte baino gehiago daramatenak jardun profesionalean edo dagokien funtzioan aktibo.

19. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiko magistratu-karguarekin bateraezina da: lehenik, Herriaren Defendatzaile izatea; bigarrenik, diputatu edo senatari izatea; hirugarrenik, Estatuko, autonomia-erkidegoetako, probintzietako edo beste toki-entitate batzuetako kargu politiko edo administratiboren bat izatea; laugarrenik, karrera judizial edo fiskalari dagokion jurisdikzio edo jardueraren batean aritzea; bosgarrenik, edozein jurisdikzio-ordenatako auzitegi edo epaitegietan enpleguren bat izatea; seigarrenik, alderdi politiko, sindikatu, elkarte, fundazio eta elkargo profesionaletako zuzendaritza-lanetan jardutea eta haien zerbitzuko enpleguren bat izatea; zazpigarrenik, jarduera profesionaletan edo merkataritzan aritzea. Gainerakoan, Botere Judizialeko kideen bateraezintasun berak izango dituzte Konstituzio Auzitegiko kideek.

2. Auzitegiko magistratutarako proposatua izan denak, bateraezintasunkausaren bat badu, utzi egin beharko du, magistratu-kargua hartu aurretik, harekin bateraezina den kargu edo jarduera. Proposatua izan ondorengo hamar egunen epean uzten ez badu, ulertuko da ez duela onartzen Konstituzio Auzitegiko magistratu-kargua. Erregela bera aplikatuko da kargua hartu eta gero gertatzen bada bateraezintasuna.

20. artikulua

Auzitegiko magistratu edo letradu izendaturiko karrera judizial eta fiskaleko kideak, eta oro har gainerako funtzionario publikoak, zerbitzu bereziko egoeran geratuko dira jatorriko karreran.

21. artikulua

Konstituzio Auzitegiko presidenteak eta gainerako magistratuek honako zin edo promes hau egingo dute Erregearen aurrean kargua hartzean:

«Zin dagit (edo promes egiten dut) zintzoki gordeko eta gordearaziko dudala beti Espainiako Konstituzioa, leial izango natzaiola Koroari eta beteko ditudala konstituzio-magistratu gisa ditudan betebeharrak.»

22. artikulua

Konstituzio Auzitegiko magistratutzari berezko zaizkion inpartzialtasun eta duintasun printzipioen arabera jardungo dute Konstituzio Auzitegiko magistratuek beren funtzioan; ezin jazarriko zaie beren funtzioan dihardutela adierazitako iritziengatik; mugiezinak izango dira, eta ezin kenduko dira kargutik, ez aldi baterako ahalgabetu, ez bada lege honek ezarritako arrazoiren batengatik.

23. artikulua

1. Hauetariko arrazoiren bat behar da Konstituzio Auzitegiko magistratuek kargua uzteko: lehenik, uko egitea, eta Auzitegiko presidenteak ukoa onartzea; bigarrenik, magistratu-aldia amaitzea; hirugarrenik, Botere Judizialeko kideen ezgaitasunerako aurreikusiriko arrazoiren bat gertatzea; laugarrenik, kargua hartu ondoren bateraezintasuna gertatzea; bosgarrenik, karguari dagozkion betebeharrak prestutasunez betetzeari uztea; seigarrenik, funtzioak eskatzen duen diskrezioa haustea; zazpigarrenik, doloagatik erantzule zibil deklaratua izatea edo dolozko delituagatik edo erru larriagatik kondenatua izatea.

2. Konstituzio Auzitegiko magistratuaren kargu-uztea edo kargu-hutsaldia presidenteak erabakiko du lehenengo eta bigarren kasuetan, eta orobat heriotzakoan. Gainerako kasuetan, Auzitegiaren osoko bilkurak erabakiko du: gehiengo soilez, hirugarren eta laugarren kasuetan, eta kideen hiru laurdenen gehiengoz, besteetan.

24. artikulua

Konstituzio Auzitegiko magistratuak aldi baterako ahalgabetu ahal izango ditu Auzitegiak, aurretiazko neurri gisa, auzipetze-kasuan edo aurreko artikuluan kargua uzteko ezarritako arrazoietarikoren bat baden erabakitzeko behar den denbora doirako. Aldi baterako ahalgabetzeko, aldeko botoa eman beharko dute Auzitegiaren osoko bilkuraren hiru laurdenek.

25. artikulua

1. Gutxienez hiru urtez karguan jardun duten Auzitegiko magistratuek eskubidea izango dute urtebetez trantsizioko ordainsaria jasotzeko, kargua uztean jasotzen zutenaren balio berekoa.

2. Erretiroa jasotzeko eskubidea duen funtzionario-kidego batekoa bada Auzitegiko magistratua, konstituzio-funtzioetan jardundako denbora kontatu egingo zaio hartzeko pasiboa zehazteko, eta Konstituzio Auzitegiko magistratuari azkeneko urtean egokitu zaizkion ordainsari guztiak kontuan hartuta kalkulatuko da hartzeko pasibo hori.

26. artikulua

Konstituzio Auzitegiko magistratuen erantzukizun kriminala Auzitegi Goreneko Arlo Penaleko Salaren aurrean bakarrik galdatu ahal izango da.

II. TITULUA KONSTITUZIOKONTRAKOTASUNA DEKLARATZEKO PROZEDURAK

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

27. artikulua

1. Titulu honetan konstituziokontrakotasuna deklaratzeko arauturiko prozeduren bidez, Konstituzioaren nagusitasuna bermatzen du Konstituzio Auzitegiak, eta aurkaraturiko lege, xedapen eta egintzak Konstituzioarekin bat datozen edo ez epaitzen du.

2. Konstituzioaren kontrako deklara daitezke:

a) Autonomia-estatutuak eta gainerako lege organikoak.

b) Estatuaren gainerako lege eta lege-indarreko arau-xedapen eta egintzak. Legegintza-dekretuen kasuan, Auzitegiaren eskumen horrek ez du eragotziko Konstituzioaren 82. artikuluaren 6. zenbakian aurreikusitakoa.

c) Nazioarteko tratatuak.

d) Ganberen eta Gorte Nagusien erregelamenduak.

e) Autonomia-erkidegoetako lege eta lege-indarreko egintza eta arau-xedapenak, b) letran egin den salbuespen bera eginez legegintza eskuordetzen den kasuetarako.

f ) Autonomia-erkidegoetako legebiltzarren erregelamenduak.

28. artikulua

1. Estatuko edo autonomia-erkidegoetako lege edo lege-indarreko xedapen edo egintza bat Konstituzioarekin bat datorren edo ez balioesteko, kontuan izango ditu Auzitegiak, konstituzio-manuez gainera, Konstituzioaren esparruan emandako beste lege hauek: Estatuaren eta autonomia-erkidegoen eskumenak zedarritzekoak, eta autonomia-erkidegoen eskumenen erabilera arautu edo harmonizatzekoak.

2. Halaber, Konstituzioaren 81. artikulua urratzeagatik Konstituzioaren kontrako deklaratu ahal izango ditu Auzitegiak lege-dekretu baten manuak, legegintza-dekretu batenak, organiko-izaerarik gabe onetsi den lege batenak edo autonomia-erkidego baten legegintza-arau batenak, baldin eta lege organiko bati dagozkion gaiak arautu badituzte aipaturiko xedapenek, edo lege organiko bat aldatzea edo derogatzea badakarte, edozein dela ere haren edukia.

29. artikulua

1. Hauen bidez abiarazi ahal izango da konstituziokontrakotasun-deklarazioa:

a) Konstituziokontrakotasun-errekurtsoa.

b) Epaile edo auzitegiek abiarazitako konstituziokontrakotasun-arazoa.

2. Lege baten edo lege-indarreko xedapen edo egintza baten aurkako konstituziokontrakotasun- errekurtso bat forma-arrazoiengatik ezetsi izanak ez du eragotziko konstituziokontrakotasun-arazoa planteatzea hura beste prozesu batean aplikatzerakoan.

30. artikulua

Konstituziokontrakotasun-errekurtso edo -arazo bat onartzeak ez du geldieran utziko legea edo lege-indarreko arau-xedapen edo egintza, ez haren aplikazioa, non eta Gobernuak ez dituen aurkaratzen, Konstituzioaren 161.2 artikuluan xedaturikoan oinarriturik eta bere Presidentearen bidez, autonomia-erkidegoetako lege, lege-indarreko arau-xedapen edo egintzak.

II. KAPITULUA Konstituziokontrakotasun-errekurtsoa

31. artikulua

Lege edo lege-indarreko arau-xedapen edo egintzak ofizialki argitaratutakoan abiarazi ahal izango da haien aurkako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa.

32. artikulua

1. Honako hauek daude legitimaturik konstituziokontrakotasun-errekurtsoa baliatzeko, auzigai badira autonomia-estatutuak eta Estatuaren gainerako legeak, organikoak zein beste edozein eratakoak, eta Estatuaren edo autonomia- erkidegoen lege-indarreko arau-xedapen eta egintzak, nazioarteko tratatuak eta Ganberen eta Gorte Nagusien erregelamenduak:

a) Gobernuko Presidentea.

b) Herriaren Defendatzailea.

c) Berrogeita hamar diputatu.

d) Berrogeita hamar senatari.

2. Autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo exekutiboak eta biltzarrak ere legitimaturik daude, erabakia aldez aurretik harturik, beren autonomia- eremuari eragin diezaioketen Estatuaren lege, lege-indarreko xedapen edo egintzen aurka konstituziokontrakotasun-errekurtsoa baliatzeko.

33. artikulua

1. Aurkaraturiko lege edo lege-indarreko xedapen edo egintza argitaratu eta hiru hilabeteren epean jarriko da konstituziokontrakotasun-errekurtsoa, Konstituzio Auzitegian demanda aurkezturik; demanda horretan, akzioa baliatzen duten pertsona edo organoen identifikazio-datuak adierazi beharko dira, eta haien komisiodunenak, halakorik bada; orobat adierazi beharko da zer lege, xedapen edo egintza aurkaratzen den, guztiz edo partez, eta zein den urratutzat jotzen den konstituzio-manua.

2. Aurreko zenbakian xedaturikoa gorabehera, Gobernuko Presidenteak eta autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo exekutiboek bederatzi hilabeteren epean jarri ahal izango dute konstituziokontrakotasun-errekurtsoa lege, lege-indarreko xedapen edo egintzen aurka, honako betekizun hauek betetzen badira lege, xedapen edo egintzon inguruan, errekurtsoa jartzea eragozteko xedez.

a) Estatuko administrazio orokorraren eta autonomia-erkidegoaren arteko bitariko lankidetza-batzordea biltzea; bi administrazioetariko edozeinek eskatu ahal izango du bilerara deitzeko.

b) Desadostasunak ebazteko negoziazio bat hasteko erabakia hartzea bitariko lankidetza-batzordeak, arau-testua aldatzeko eskaera egiteko aukerarekin. Errekurtsoa zenbaki honetan aurreikusitako epean aurkeztuz gero araua geldieran uztea eskatuko den edo ez adieraz daiteke erabakian.

c) Goian aipaturiko organoek Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea erabakia, lege edo lege-indarreko xedapen edo egintza argitaratu eta hiru hilabeteren barruan, eta «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean eta dagokion autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean jasotzea erabakia.

3. Aurreko zenbakian adierazitakoak ez du eragozten lege honen 32. artikuluan aipaturiko gainerako organo eta pertsonek konstituziokontrakotasunerrekurtsoa jartzeko duten ahalmena.

34. artikulua

1. Izapidetzeko onartutakoan, demanda Diputatuen Kongresuari eta Senatuari helaraziko die Konstituzio Auzitegiak, haietako presidenteen bitartez; Gobernuari, Justizia Ministerioaren bitartez, eta, autonomia-erkidego batek emandako lege edo lege-indarreko xedapen bat baldin bada errekurritutakoa, autonomia-erkidegoaren legegintza-organoari eta organo exekutiboari, prozeduran pertsonatu ahal izan daitezen eta egoki deritzoten alegazioak egin ahal izan ditzaten.

2. Hamabost egunen epea izango da pertsonatzeko eta alegazioak egiteko; epe hori igarotakoan, epaia emango du Auzitegiak hamar egunen epean, non eta Auzitegiak berak ez dion irizten, ebazpen ziodun baten bidez, epe luzeagoa behar dela; epe hori, ezein kasutan, ez da hogeita hamar egun baino gehiago izango.

III. KAPITULUA Epaileek edo auzitegiek abiarazitako konstituziokontrakotasun-arazoa

35. artikulua

1. Epaile edo auzitegi batek, ofizioz edo alderdi-eskariz, irizten badio Konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela kasuan aplikagarria den lege-mailako arau bat, arau hori baliozko izatearen baitan dagoelarik epaitza, Konstituzio Auzitegian planteatuko du arazoa, lege honetan ezarritakoaren arabera.

2. Prozedura amaitutakoan eta epaia edo dagokion jurisdikzio-ebazpena emateko epearen barruan bakarrik planteatu ahal izango du organo judizialak arazoa; horretarako, zehaztu beharko du zein lege edo lege-indarreko arauren konstituzionaltasuna jartzen duen zalantzan, zein konstituzio-manu jotzen den urratutzat, eta adierazi edo justifikatu beharko du zenbateraino dagoen prozesuaren erabakia arau horren baliozkotasunaren baitan. Organo judizialak, auto bidez behin-betiko erabakia eman baino lehen, entzuera emango die alderdiei eta Fiskaltzari, konstituziokontrakotasun-arazoa planteatzearen egokitasunari buruz, edo arazoaren edukiari buruz, esateko dutena alega dezaten 10 egunen epe erkide eta luzaezinean; horren ondoren, beste izapiderik gabe ebatziko du epaileak hiru egunen epean. Auto horri ezin jarriko zaio inolako errekurtsorik. Hala ere, hurrengo instantzia edo graduetan saia daiteke berriro konstituziokontrakotasun- arazoa, epai irmorik ez den bitartean.

3. Konstituzionaltasun-arazoa planteatzeak behin-behineko geldieran utziko ditu prozesu judizialeko jarduketak, harik eta Konstituzio Auzitegiak konstituzionaltasun- arazoa onartzen duen erabaki arte. Arazoa onartutakoan, prozesu judiziala geldieran egongo da Konstituzio Auzitegiak arazoari buruzko behin betiko ebazpena eman arte.

36. artikulua

Organo judizialak Konstituzio Auzitegiari igorriko dio konstituziokontrakotasun- arazoa eta, harekin batera, auto nagusien testigantza eta aurreko artikuluan aurreikusiriko alegazioena, alegaziorik izan bada.

37. artikulua

1. Jarduketak Konstituzio Auzitegian jaso eta gero, artikulu honen 2. zenbakiaren arabera bideratuko da prozedura. Hala ere, prozesu-baldintzak betetzen ez direnean edo abiarazitako arazoa oinarririk gabea dela ageri denean, Auzitegiak atzera bota ahal izango du konstituziokontrakotasun-arazoa, onartze-izapideetan dagoela, auto bidez eta Estatuko Fiskal Nagusiari besteri entzun gabe. Erabaki horrek zioduna izan beharko du.

2. Konstituziokontrakotasun-arazoa izapidetzeko onarpena «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hurrengo 15 egunen barruan, Konstituzio Auzitegiaren aurrean pertsonatu ahal izango dira prozedura judizialean alderdi direnek alegazioak egiteko; beste 15 egun izango dituzte horretarako.

3. Konstituzio Auzitegiak Diputatuen Kongresuari eta Senatuari helaraziko die arazoa, haietako presidenteen bitartez; Estatuko Fiskal Nagusiari; Gobernuari, Justizia Ministerioaren bitartez; eta, autonomia-erkidego batek emandako lege edo lege-indarreko arau-xedapen bati dagokiona bada arazoa, haren legegintza-organoari eta organo exekutiboari; guztiek ere hamabost egunen epe erkide eta luzaezina izango dute pertsonatzeko eta planteaturiko arazoari buruz alegazioak egiteko. Epe hori amaitutakoan, Auzitegiak epaia emango du hamabost egunen epean, non eta ez duen beharrezko jotzen, ebazpen ziodun baten bidez, epe luzeagoa; hogeita hamar egunekoa, gehienez ere.

IV. KAPITULUA Konstituziokontrakotasun-prozeduretako epaia eta haren efektuak

38. artikulua

1. Konstituziokontrakotasun-prozeduretan emandako epaiek gauza epaituaren balioa izango dute; botere publiko guztiak lotuko dituzte, eta efektu orokorrak izango dituzte «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzen diren egunetik.

2. Konstituziokontrakotasun-errekurtsoetan eta toki-autonomiaren defentsaren inguruko gatazketan ezespen-epaia emanez gero, arazoa ezin planteatuko da berriro bide horietatik, konstituzio-manu beraren urraketa berean funtsaturik.

3. Konstituziokontrakotasun-arazoetako epaien kasuan, Konstituzio Auzitegiak haien berri emango dio berehala prozesua erabakitzeko eskumena duen organo judizialari, eta organo horrek alderdiei jakinaraziko die. Konstituzio Auzitegiaren epaiaren berri izan duenetik geratuko da harekiko loturik epailea edo auzitegia, eta jakinarazpena egin zaien unetik, berriz, alderdiak.

39. artikulua

1. Epaiak, aurkaraturiko manuak konstituziokontrako deklaratzean, deusez ere deklaratuko ditu manuok, eta orobat konexioz edo ondorioz deuseztapenaren barruan sartu beharreko lege, lege-indarreko xedapen edo egintza beraren gainerako manuak, halakorik bada.

2. Edozein konstituzio-manuren urraketan funtsatu ahal izango du Konstituzio Auzitegiak konstituziokontrakotasun-deklarazioa, manu hori prozesuan alegatua izan zein ez.

40. artikulua

1. Lege, lege-indarreko xedapen edo egintzak Konstituzioaren kontrako deklaratzen dituzten epaiak direla-eta ezin berrikusiko dira Konstituzioaren kontrako lege, xedapen edo egintza horiek aplikatu diren eta gauza epaituaren indarreko epai baten bidez amaituak diren prozesuak. Salbuespen dira, horri dagokionez, prozesu penalak edo zehapen-prozedura bati dagozkion administrazioarekiko auziak, baldin eta aplikaturiko araua deusez izatearen ondorioz zigorra edo zehapena murrizten edo erantzukizuna ezeztatzen, saihesten edo mugatzen bada.

2. Edozein kasutan, Konstituzio Auzitegiaren epai eta autoetatik eratorritako doktrinak zuzendu egingo du konstituzio-prozesu horietan epaituriko lege, xedapen edo egintzei buruz justizia-auzitegiek emana duten jurisprudentzia.

III. TITULUA KONSTITUZIO-BABESERAKO ERREKURTSOA

I. KAPITULUA Konstituzio-babeserako errekurtsoa bidezko izatea eta hura jartzea

41. artikulua

1. Konstituzio-babesa izan dezakete Konstituzioaren 14. artikulutik 29.era bitartekoetan aitortzen diren eskubide eta askatasunek, legeak ezarritako kasu eta moduetan, hargatik eragotzi gabe justizia-auzitegiek haiek babesteko duten ardura orokorra. Geriza bera aplikatu ahal izango zaio Konstituzioaren 30. artikuluan aitorturiko kontzientzia-eragozpenari.

2. Konstituzio-babeserako errekurtsoak babesa ematen du, lege honek ezartzen duen moduan, aurreko zenbakian aipaturiko eskubide eta askatasunen urraketen aurrean, baldin eta urraketok eragin dituzten xedapenak, egintza juridikoak, ez-egiteak edo egitate-bidea Estatuko botere publikoenak, autonomia-erkidegoenak eta gainerako lurralde-, korporazio- edo instituzio-izaerako ente publikoenak badira, edo haien funtzionario edo agenteenak.

3. Errekurtsoa jartzeko arrazoi izan ziren eskubide edo askatasunak berreskuratzea edo babestea xede duten uziak baino ezin dira aurkeztu konstituziobabeserako errekurtsoan.

42. artikulua

Gorteek edo haien edozein organok edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek edo haien organoek emandako lege-baliorik gabeko erabaki edo egintzei errekurtsoa jarri ahal izango zaie, konstituzio-babesa izan dezaketen eskubide eta askatasunak urratzen badituzte, ganbera edo biltzarren barne-araudiaren arabera irmo geratu eta hiru hilabeteren epean.

43. artikulua

1. Lehen aipaturiko eskubide eta askatasunen urraketa eragin duten Gobernuaren edo haren agintari edo funtzionarioen, edo autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo exekutiboen edo haien agintari, funtzionario edo agenteen xedapen, egintza juridiko, ez-egite edo egitate-bideen kontra, babes-errekurtsoa jarri ahal izango da dagokion bide judiziala agortu eta gero.

2. Hogei egunen epea izango da konstituzio-babeserako errekurtsoa jartzeko, aurretiazko prozesu judizialean emandako ebazpena jakinarazten denetik hasita.

3. Errekurtsoa funtsatzeko, ezin argudiatuko da konstituzio-babesa izan dezaketen eskubide eta askatasunak aitortzen dituzten konstituzio-manuak ebazpen irmoren batean urratu izana besterik.

44. artikulua

1. Organo judizial baten egite edo ez-egite baten arartegabeko eta zuzeneko ondorio badira konstituzio-babesa izan dezaketen eskubide eta askatasunen urraketak, babes-errekurtsoa jarri ahal izango da, betekizun hauek betez gero:

a) Arau prozesalek bide judizialaren barruan kasu konkreturako aurreikusitako aurkaratze-bide guztiak agortzea.

b) Organo judizialaren egite edo ez-egite bati ararterik gabe eta zuzenean egotz dakiokeena izatea eskubide- edo askatasun-urraketa, edozein direla ere urraketak gertatutako prozesua eragin zuten egitateak, egitate horietaz ez baita inoiz arduratuko Konstituzio Auzitegia.

c) Konstituzio-eskubidearen urraketa prozesuan formalki salatu izana, aukerarik izan bada, urraketaren berri izandakoan, salatzeko aukera izan orduko.

2. Babes-errekurtsoa jartzeko epea 30 egun izango da, prozesu judizialean emandako ebazpena jakinarazten denetik hasita.

45. artikulua

1984ko abenduaren 26ko 8/1984 Lege Organikoak derogatua.

46. artikulua

1. Konstituzio-babeserako errekurtsoa jartzeko legitimaturik daude:

a) Zuzeneko eragina jasan duen pertsona, Herriaren Defendatzailea eta Fiskaltza, 42. eta 45. artikuluetako kasuetan.

b) Prozesu judizialean alderdi izan direnak, Herriaren Defendatzailea eta Fiskaltza, 43. eta 44. artikuluetako kasuetan.

2. Herriaren Defendatzaileak edo Fiskaltzak abiarazten badu errekurtsoa, ezagutzen diren kaltedun posibleei komunikatuko die hura konstituzio-babesaz arduratzeko eskumena duen salak, eta errekurtsoa «Estatuko Aldizkari Ofizial »ean iragartzeko aginduko du, beste interesdun batzuk agertu ahal izan daitezen. Iragarpen hori argitaratzeak lehentasuna izango du.

47. artikulua

1. Konstituzio-babeserako prozesuan agertu ahal izango dira, demandatu gisa edo laguntzaile gisa, errekurtsoa jartzeko arrazoi izan den erabaki, egintza edo egitateak mesede egin dien pertsonak, edo errekurtsoan interes legitimoa dutenak.

2. Fiskaltzak babes-prozesu guztietan hartuko du parte, legezkotasunaren, herritarren eskubideen eta legeak babesten duen interes publikoaren defentsan.

II. KAPITULUA Konstituzio-babeserako errekurtsoak izapidetzea

48. artikulua

Konstituzio-babeserako errekurtsoen ardura Konstituzio Auzitegiaren salek izango dute, eta, hala badagokio, atalek.

49. artikulua

1. Demanda bidez hasiko da konstituzio-babeserako errekurtsoa; demandan, hura oinarritzen duten egitateak azaldu beharko dira argi eta zehatz, urratutzat jotzen diren konstituzio-manuak aipatu, eta kaltetutzat jotzen den eskubide edo askatasuna babesteko edo berreskuratzeko zer babes eskatzen den zehazki finkatu. Edozein kasutan, errekurtsoak konstituzio-arloan duen garrantzi berezia justifikatuko da demandan.

2. Demandarekin batera aurkeztuko dira:

a) Babes-eskatzailearen ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.

b) Hala badagokio, prozedura judizial edo administratiboan emandako ebazpenaren kopia, helarazpena edo ziurtagiria.

3. Demandaren eta aurkezturiko agirien kopia literalak ere aurkeztu beharko dira: aurretiazko prozesuan izandako alderdiak adinbat, prozesurik izan bada, eta beste bat Fiskaltzarentzat.

4. Aurreko zenbakietan ezarritako betekizunen bat bete ezean, justiziaidazkaritzek hala jakinaraziko diote interesatuari 10 egunen epean, eta ohartaraziko ezen, akatsa zuzentzen ez bada, errekurtsoa ez onartzea erabakiko dela.

50. artikulua

1. Babes-errekurtsoa izapidetzea onartzeari buruzko erabaki bat hartu beharko da. Atalak, aho batez, eta probidentzia bidez, errekurtsoa osorik edo partez onartzea erabakiko du honako betekizun hauek guztiak betetzen badira, ez bestela:

a) 41. artikulutik 46. artikulura artekoetan eta 49. artikuluan xedaturikoa betetzea demandak.

b) Errekurtsoaren edukia Konstituzio Auzitegiak haren funtsaz erabaki bat hartzeko adinakoa izatea, konstituzio-arloan duen garrantzi bereziagatik; hori balioesteko, kontuan hartuko da zer garrantzi duen Konstituzioa interpretatzeko, aplikatzeko edo orokorrean eraginkorra izateko, eta orobat oinarrizko eskubideen edukia eta helmena zehazteko.

2. Izapidetzea onartzeko ahobatekotasunik ez bada, nahiz eta gehiengoaren adostasuna lortu, dagokion salaren esku utziko du atalak erabakia, hark ebatz dezan.

3. Atalek edo salek emandako ez-onartze probidentzietan, bete gabeko betekizuna zein den zehaztuko da, eta demandatzaileari eta Fiskaltzari jakinaraziko zaizkio probidentziok. Probidentzioi Fiskaltzaren erregu-errekurtsoa baino ezin jarriko zaie, hiru egunen epean. Errekurtso hori auto bidez ebatziko da, eta auto horri ezin jarriko zaio inolako aurkarapenik.

4. Zuzentzeko moduko akats bat edo gehiago dituenean babes-demandak, 49.4 artikuluan aurreikusi bezala jokatuko da; manu horretan ezarritako epean akatsa zuzendu ezean, demanda ez onartzea erabakiko du atalak, probidentzia bidez, eta probidentzia horren aurka ezin jarriko da errekurtsorik.

51. artikulua

1. Babes-demanda onartutakoan, presazko errekerimendua egingo dio salak erabaki, egintza edo egitatea eman duen organo edo aginteari, edo aurreko prozeduraz arduratu zen epaile edo auzitegiari, gehienez ere hamar egunen epean igor ditzan jarduketak edo haien testigantza.

2. Errekerimendua hartu izanaren agiria emango du berehala organo, aginte, epaile edo auzitegiak; adierazitako epean igorpena egin eta aurreko prozeduran alderdi izan zirenak epatuko ditu, konstituzio-prozesuan agertu ahal izan daitezen hamar egunen epean.

52. artikulua

1. Jarduketak jaso eta epatze-denbora iragandakoan, jarduketok ikustera emango dizkie salak babes-errekurtsoa abiarazi zuenari, prozesuan pertsonatutakoei, Estatuaren Abokatuari, baldin Administrazio Publikoa interesdun bada, eta Fiskaltzari. Jarduketak ikusteko epea erkidea izango da, gehienez ere hogei egunekoa, eta epe horretan aurkeztu ahal izango dira alegazioak.

2. Alegazioak aurkeztutakoan edo alegazioetarako emandako epea igarotakoan, salak bere ataletariko baten esku utzi ahal izango du errekurtsoa ebaztea, Konstituzio Auzitegiaren doktrina finkaturik baldin bada horretan aplikatzeko; bestela, eguna jarriko du ikustaldirako, hala badagokio, edo deliberatze-saiorako eta bozketarako.

3. Salak, edo, hala badagokio, atalak, ikustaldirako edo deliberatze-saiorako jarritako egunetik hasi eta 10 egunen epean emango du dagokion epaia.

III. KAPITULUA Konstituzio-babeserako errekurtsoen ebazpena eta haren efektuak

53. artikulua

Salak, edo, hala badagokio, atalak, auziaren edukiaz arduratzean, epaitza hauetariko bat emango du epaian:

a) Babesa ematea.

b) Babesa ukatzea.

54. artikulua

Salak, edo, hala badagokio, atalak, epaile eta auzitegien erabakiei buruzko babes-errekurtsoaz arduratzen denean, ez du beste eginkizunik hartuko eskatzailearen eskubide eta askatasunak urratu diren zehaztea eta eskubide edo askatasun horiek babestea edo berrezartzea baino, eta ez du beste ezer adieraziko jurisdikzio-organoen jokabideaz.

55. artikulua

1. Babesa ematen duen epaiak erabaki hauetariko bat edo batzuk izan beharko ditu:

a) Deusez deklaratzea babespeko eskubide edo askatasunak osotara baliatzea eragotzi duen erabaki, egintza edo ebazpena; hala badagokio, deuseztapenaren efektuak noraino heltzen diren zehaztuko da.

b) Eskubide edo askatasun publikoa aitortzea, Konstituzioan deklaratua zaion edukiarekin ados.

c) Errekurritzaileari bere eskubide edo askatasun osoa itzultzea, eta, hala badagokio, hura babesteko neurriak hartzea.

2. Babes-errekurtsoa baietsi behar dela irizten badio salak, edo hala badagokio atalak, aplikaturiko legeak oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak kaltetzen dituelako, osoko bilkurari igorriko zaio arazoa, geldieran utzirik epaia emateko epea, 35. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoaren arabera.

56. artikulua

1. Babes-errekurtsoa jartzeak ez ditu geldieran utziko aurkaraturiko egintzaren edo epaiaren efektuak.

2. Hala ere, aurkaturiko egintzaren edo epaiaren exekuzioak kalte bat eragiten badio errekurritzaileari, babesaren xedea galaraz lezakeena, salak, edo 52.2 artikuluaren kasuan atalak, ofizioz edo errekurritzailearen eskariz, geldieran utzi ahal izango ditu exekuzioaren efektuak, guztiz edo partez, betiere geldierak kalte larririk eragiten ez badie Konstituzioak babesturiko interes bati edo beste norbaiten oinarrizko eskubide eta askatasunei.

3. Halaber, ordenamenduan aurreikusitako edozein kautela-neurri eta behin-behineko ebazpen hartu ahal izango du salak edo atalak, izaeraz babesprozesuan aplika daitekeena eta errekurtsoak bere xedea ez galtzeko lagungarria bada.

4. Edonoiz eskatu ahal izango da exekuzioa geldieran uzteko edo beste kautela-neurri bat hartzeko, epaia eman aurretik edo babesa beste nolabait erabaki aurretik. Geldiera-intzidentea bideratzeko, entzuera eman beharko zaie alderdiei eta Fiskaltzari, gehienez ere hiru egunen epe erkidean, eta, salak edo atalak beharrezko irizten badio, exekuzioaren erantzule diren agintarien txostena ere beharko da. Hirugarren baten eskubideak larriki kaltetzea ekar badezake geldierak, sor daitezkeen kalte edo galerei erantzuteko adinako kauzioa eratzearen baldintza jar dezake salak edo atalak geldiera ukatzeko.

5. Interesdunak fidantza bat ordaintzeko baldintza ezar dezake salak edo atalak exekuzioa geldieran uzteko eta kautela-neurriak hartzeko; sor daitezkeen kalte edo galerei erantzuteko adinakoa izango da fidantza, eta instantziako jurisdikzio- organoari eskuordetu ahal izango zaio hura finkatzeko eta zehazteko eginkizuna.

6. Ezohiko presazko kasuetan, izapidetzea onartzeko ebazpenean onartu ahal izango dira geldiera eta kautela-neurriak. Fiskaltzak eta gainerako alderdi pertsonatuek bost egunen epea izango dute onarpen hori aurkaratzeko, jakinarazten denetik kontatzen hasita. Inolako errekurtsorik onartzen ez duen auto baten bidez ebatziko du salak edo atalak intzidentea.

57. artikulua

Konstituzio-babeserako epaiketaren denboran, aldatu ahal izango da hura geldieran uzteko edo ez uzteko erabakia, ofizioz edo alderdi-eskariz, baldin eta epaiketa hasi ondoren bestelako inguruabarren bat gertatu bada edo geldieraintzidentea bideratu zenean ezin jakin zen inguruabarren baten berri izan bada.

58. artikulua

1. Exekuzioaren geldiera onartzearen edo ukatzearen ondoriozko kalteak ordaintzeko eskaeren kasuan, epaileek edo auzitegiek izango dute ebazteko eskumena, eta haien esku jarriko dira eraturiko fidantzak.

2. Konstituzio Auzitegiaren epaia argitaratu eta urtebeteren epean aurkeztu beharko dira kalte-ordain eskaerak, eta intzidenteen izapideaz bideratuko dira.

IV. TITULUA KONSTITUZIO-ARLOKO GATAZKAK

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

59. artikulua

1. Konstituzio Auzitegia arduratuko da Konstituzioak, autonomia-estatutuek edo Estatuari eta autonomia-erkidegoei dagozkien eremuak zedarritzeko emandako lege organikoek edo arruntek zuzenean esleituriko eskumen edo eskudantzien inguruko gatazkez, gatazkotan elkarren aurka gertatzen badira:

a) Estatua eta autonomia-erkidego bat edo gehiago.

b) Bi autonomia-erkidego edo gehiago.

c) Gobernua eta Diputatuen Kongresua, Senatua edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia; edo konstituzio-organo horiek beren artean.

2. Orobat arduratuko da Konstituzio Auzitegia toki-autonomiaren defentsan udalerriek eta probintziek Estatuaren edo autonomia-erkidego baten aurka planteatzen dituzten gatazkez.

II. KAPITULUA Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko gatazkak eta autonomia-erkidegoen artekoak

60. artikulua

Gobernuak edo autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo exekutiboek abiarazi ahal izango dituzte Estatua autonomia-erkidego baten aurka edo autonomia-erkidegoak elkarren aurka jartzen dituzten eskumen-gatazkak, hurrengo artikuluetan ezarritako moduan. Gatazka negatiboei dagokienez, pertsona fisiko edo juridiko interesdunek ere abiarazi ahal izango dituzte.

61. artikulua

1. Eskumen-gatazka planteatzeko bide eman dezakete Estatuaren organoek edo autonomia-erkidegoen organoek emaniko xedapen, ebazpen edo egintzek, eta orobat xedapen, ebazpen edo egintza horiek ez emateak.

2. Aurreko artikuluan aipaturiko gatazketariko bat planteatzeko bide eman duen xedapen, ebazpen edo egintza aurkaratua auzitegiren batean ebazkizun badago, auzitegi horrek gelditu egingo du prozesua konstituzio-arloko gatazka erabaki arte.

3. Konstituzio Auzitegiaren erabakiak lotura-indarra izango du botere publiko guztientzat, eta efektu betekoa izango da guztien aurrean.

1. ATALAGatazka positiboak

62. artikulua

Gobernuak irizten badio autonomia-erkidego bateko xedapen edo ebazpen batek ez duela errespetatzen Konstituzioan, autonomia-estatutuetan edo dagozkion lege organikoetan ezarritako eskumen-hurrenkera, zuzenean formalizatu ahal izango du eskumen-gatazka Konstituzio Auzitegiaren aurrean, bi hilabeteren epean, edo hurrengo artikuluan arauturiko aurretiazko errekerimendua baliatu, epe berean; horrek guztiak ez du eragozten Gobernuak 161.2 artikulua alegatu ahal izatea, dagozkion efektu guztiekin.

63. artikulua

1. Autonomia-erkidego bateko organo exekutibo nagusiak irizten badio beste autonomia-erkidego baten edo Estatuaren agintetik etorritako xedapen, ebazpen edo egintza batek ez duela errespetatzen Konstituzioan, autonomiaestatutuetan edo dagozkion legeetan ezarritako eskumen-hurrenkera, eta horrek berari dagokion eremua ukitzen badu, xedapena derogatzeko edo ebazpena edo egintza deuseztatzeko errekerimendua egingo dio beste autonomia-erkidegoari edo Estatuari.

2. Eskumengabetasun-errekerimendua egiteko epea bi hilabete izango da, eskumengabetasun-akatsa duela uste den xedapen, ebazpen edo egintza argitaratu edo komunikatzen den egunetik hasita, edo aplikazio-egintza baten ondotik; zuzenean Gobernuari edo beste autonomia-erkidegoaren organo exekutibo nagusiari zuzenduko zaio errekerimendua; azken kasu horretan, Gobernuari ere kontu emango zaio.

3. Errekerimenduan, argi eta garbi zehaztuko dira zein diren eskumengabetasun- akatsa duten xedapenaren manuak edo ebazpen edo egintzaren puntu konkretuak, eta orobat akatsaren sorburu diren lege-xedapenak edo Konstituzioaren xedapenak.

4. Errekerimendua egin zaion organoak, errekerimendua oinarritua dagoela irizten badio, gehienera ere hilabeteren epea izango du, jaso duenetik, hari erantzuteko, eta hala adieraziko dio errekerimendugileari eta, errekerimendugilea Gobernua ez bada, Gobernuari. Oinarririk ez dela irizten badio, epe berean bota beharko du atzera errekerimendua; epea amaitzean, atzera botatakotzat joko dira erantzun gabeko errekerimenduak.

5. Atzera bota dela jakinarazi edo aurreko zenbakian aipaturiko epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, errekerimendua egin duen organoak, eskatutakoa lortu ez badu, Konstituzio Auzitegiaren aurrean planteatu ahal izango du gatazka, errekerimendu-izapidea emaitzarik gabea izan dela ziurtatuz eta errekerimenduari eusten dioten oinarri juridikoak alegatuz.

64. artikulua

1. Hamar egunen epean, gatazkari hasiera eman zaiola jakinaraziko dio Auzitegiak Gobernuari edo dagokion autonomia-organoari, eta epe bat jarriko dio, gehienez ere hogei egunekoa, egoki deritzon agiri eta alegazioak aurkez ditzan.

2. Autonomia-erkidegoak erabakia hartu ondoren eta Konstituzioaren 161.2 artikulua alegaturik Gobernuak abiarazitakoa bada gatazka, hura formalizatu eta Auzitegiak formalizazioa jakinarazi orduko geldieran utziko da gatazka eragin duen xedapen, ebazpen edo egintzaren indarraldia.

3. Gainerako kasuetan, gatazka eragin duen xedapen, ebazpen edo egintza geldieran uzteko eskatu ahal izango dio gatazka formalizatzen duen organoak Auzitegiari, kalte konponezinak edo konpongaitzak argudiotzat harturik. Auzitegia libre izango da eskaturiko geldiera onartzeko edo ukatzeko.

4. Auzitegiak berak jakinaraziko die interesatuei Gobernuak abiarazitako gatazka planteatu dela, eta dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko du; gauza bera egingo du, hala badagokio, gatazka eragin duen xedapen, ebazpen edo egintza geldieran uztea onartzen duen Auzitegiaren autoarekin.

65. artikulua

1. Auzitegiak bere erabakia hartzeko beharrezko jotzen dituen informazio, argitasun edo zehaztapenak eskatu ahal izango dizkie alderdiei, eta alegazioepea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan ebatziko du, edo, hala badagokio, lehen aipaturiko informazio, argitasun edo zehaztapenetarako jarritako epea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan.

2. Aurreko artikuluaren bi zenbakian aurreikusitako kasuan, gatazka hasi eta bost hilabetera epaia eman ez bada, Auzitegiak epe horretan ebatzi beharko du, auto ziodun baten bidez, ea mantendu egin behar den, edo kendu, Gobernuak eskumengabetasunagatik aurkaraturiko egintza, ebazpen edo xedapenaren geldiera.

66. artikulua

Eskumen eztabaidatuaren titulartasuna zeinek duen deklaratuko du epaiak eta, hala badagokio, gatazka eragin zuten xedapen, ebazpen edo egintzak deuseztatzea erabakiko du, eskumengabetasun-akatsa badute; haren babesean sorturiko egitatezko edo zuzenbidezko egoerei buruz, dagokiona erabaki ahal izango du.

67. artikulua

Lege batek edo lege-mailako arau batek esleiturikoa bada eskumen eztabaidatua, konstituziokontrakotasun-errekurtsorako aurreikusitako moduan izapidetuko da eskumen-gatazka, hasieratik, edo, baliaturiko eskumenaren defentsan horretarako gaitzen duen legezko araua alegatzen bada, hura alegatzen den unetik.

2. ATALAGatazka negatiboak

68. artikulua

1. Estatuaren Administrazioko organoren batek bere burua eskumengabe jotzen badu pertsona fisiko edo juridiko batek haren aurrean aurkezturiko uzia ebazteko, eskumena autonomia-erkidego bati dagokiola irizten diolako, interesdunak, dagokion ministerioaren aurrean errekurtsoa jarrita administrazio-bidea agortu eta gero, berriro aurkeztu ahal izango du uzia, ebazpenak eskudun deklaratu duen autonomia-erkidegoaren kide anitzeko organo exekutiboaren aurrean. Modu berean jokatuko da autonomia-erkidegoaren aurrean egiten bada eskaera eta autonomia-erkidego hori inhibitzen bada, eskuduna Estatua edo beste autonomia-erkidego bat dela irizten diolako.

2. Eskaera bigarrenik egin zaion administrazioak, hilabeteren epean, eskumena onartu edo eskumenik ez duela deklaratu beharko du. Onartzen badu, egin zaion eskaera izapidetzen hasiko da. Inhibitzen bada, eskatzaileari jakinarazi beharko dio, ebazpena zein manutan oinarritzen duen adierazirik.

3. Aurreko zenbakian aipaturiko administrazioak eskumenik ez duela deklaratzen badu edo ezarritako epean baiezko erabakirik ematen ez badu, Konstituzio Auzitegira jo ahal izango du interesdunak. Horretarako, eskumen-gatazka negatiboa izapidetzeko eta ebazteko demanda aurkeztuko du, deklinatoria jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan edo artikulu honen bi zenbakian ezarritako epea ebazpen espresurik gabe igarotakoan.

69. artikulua

1. Gatazka planteatzeko eskaera idazki bidez egingo da, eta, idazkiarekin batera, aurreko artikuluan aipaturiko izapidea agortu izana egiaztatzen duten agiriak eta izapidean zehar emandako ebazpenak aurkeztu beharko dira.

2. Auzitegiak irizten badio inplikaturiko administrazioen ezezkoaren oinarrian interpretazio-desberdintasun bat dagoela konstituzio-manuei edo autonomia- estatutuei edo Estatuaren eta autonomia-erkidegoen eskumenak zedarritzen dituzten lege organiko edo arruntei dagokienez, planteatutzat deklaratuko du gatazka, auto bidez; idazkia aurkeztu eta hurrengo hamar egunen barruan eman beharko da auto hori. Eskatzaileari, administrazio inplikatuei eta eskudun jotzen duen beste edozein administraziori helaraziko die berehala autoa, eta azken horiei, gainera, gatazka planteatzeko eskaeraren eta harekin batera aurkezturiko agirien kopia bidaliko die; hilabeteko epe erkidea jarriko die denei, planteaturiko gatazka konpontzeko baliagarriak iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten.

70. artikulua

1. Aurreko artikuluan adierazitako epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan emango da administrazio eskuduna zein den deklaratzen duen epaia; Auzitegiak beste epe bat jarri badu argitasun-, osagarri- edo zehaztapen-eskaerei erantzuteko, hura amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan.

2. Agorturiko administrazio-epeak berriro irekitzat joko dira, ohiko iraupenez, epaia argitaratu ondoren.

71. artikulua

1. Gobernuak ere planteatu ahal izango du eskumen-gatazka negatiboa, baldin eta, autonomia-erkidego baten organo exekutibo nagusiari errekerimenduz eskatu diolarik balia ditzala erkidegoari estatutuak edo eskuordetze- edo eskualdatze-lege organiko batek ematen dizkioten eskumenei dagozkien eskudantziak, hark errekerimenduari erantzun ez badio, bere burua eskumengabe deklaraturik.

2. Errekerimendua egin zaion organoa inplizituki eskumengabe deklaratutzat joko da bere eskudantziak baliatzeko jarduerarik izan ez badu Gobernuak emandako epearen barruan; epe hori inoiz ez da izango hilabete baino gutxiago.

72. artikulua

1. Aurreko artikuluan aipaturiko errekerimendua espresuki edo isilbidez ukatutzat jo behar den egunetik hasi eta hurrengo hilabetearen barruan, Gobernuak gatazka negatiboa planteatu ahal izango du Konstituzio Auzitegiaren aurrean, idazki bidez, idazkian adierazirik, nahitaez, zein diren Gobernuaren iritziz autonomia-erkidegoa bere eskudantziak baliatzera behartzen duten konstituzio-, estatutu- edo lege-manuak.

2. Autonomia-erkidegoaren organo exekutibo nagusiari helaraziko dio Auzitegiak idazkia, eta hilabeteko epea ezarriko dio egoki deritzon alegazioak aurkezteko.

3. Epe hori amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, edo Estatuari edo autonomia-erkidegoari argitasun-, osagarri- eta zehaztapen-eskaerei erantzuteko eman dien epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, epaia emango du Auzitegiak, erabaki hauetako batekin:

a) Errekerimendua bidezko deklaratzea; kasu horretan, epe bat ezarriko da autonomia-erkidegoak eskudantzia balia dezan.

b) Errekerimendua bidegabe deklaratzea.

III. KAPITULUA Estatuaren konstituzio-organoen arteko gatazkak

73. artikulua

1. Baldin eta lege honen 59.3 artikuluan aipaturiko konstituzio-organoetariko batek, osoko bilkuraren erabakiz, irizten badio organo horietariko beste batek Konstituzioak edo lege organikoek ematen dizkioten eskudantziez jabetuta hartu dituela erabakiak, hala jakinaraziko dio besteari, eskudantziak bidegabeki hartu direla ondorioztatzera daraman erabakiaren berri jakin eta hurrengo hilabetearen barruan, eta erabaki hura errebokatzeko eskatuko dio.

2. Baldin eta jakinarazpena bidali zaion organoak esaten badu eskudantziak Konstituzioaren eta legearen arabera baliatuz diharduela, edo jakinarazpena jaso eta hilabetera jarduera zuzentzen ez badu eskatu zaion moduan, eskudantziak bidegabeki hartu zaizkiola irizten dion organoak Konstituzio Auzitegiaren aurrean planteatuko du gatazka hurrengo hilabetearen barruan. Horretarako, idazki bat aurkeztuko du, eta hartan zehaztuko du zer manu jotzen dituen urratutzat eta egoki deritzon alegazioak egingo ditu. Idazki horrekin batera, beharrezko jotzen dituen aurrekarien ziurtagiri bat aurkeztuko du, eta, orobat, artikulu honen aurreko zenbakiak agintzen duen jakinarazpenarena.

74. artikulua

Idazki hori, jaso eta hurrengo hamar egunen barruan, errekerimendua egin zaion organoari helaraziko dio Auzitegiak, eta hilabeteko epea ezarriko dio egoki deritzon alegazioak egin ditzan. Helarazpen eta epatze berberak egingo zaizkie gatazka mota hauek planteatzeko legitimaturik dauden gainerako organo guztiei, eta haiek ere prozeduran agertu ahal izango dira, demandatzailearen edo demandatuaren alde, baldin eta irizten badiote planteaturiko gatazkaren konponbideak nolabaiteko eragina duela beren eskudantzietan.

75. artikulua

1. Auzitegiak bere erabakia hartzeko beharrezko jotzen dituen informazio, argitasun edo zehaztapenak eskatu ahal izango dizkie alderdiei, eta aurreko artikuluan aipaturiko alegazio-epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan ebatziko du, edo, beste epe bat eman bada informazio, argitasun edo zehaztapenetarako —hogeita hamar egun, gehienez ere—, hura amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan.

2. Konstituzio-eskudantzia eztabaidatuak zein organori dagozkion erabakiko du Auzitegiaren epaiak, eta deusez deklaratuko ditu besteren eskudantzietan sartuz gauzaturiko egintzak; egintzon ondorioz sorturiko egoera juridikoei buruz, dagokiona ebatziko du epaiak.

IV. KAPITULUA Toki-autonomiaren defentsako gatazkak

75 bis artikulua

1. Toki-autonomiaren defentsan gatazkak planteatzeko bide eman dezakete Konstituzioak bermaturiko toki-autonomia urratzen duten Estatuaren legemailako arauek edo autonomia-erkidegoetako lege-mailako xedapenek.

2. Konstituzio Auzitegiaren erabakiak lotura-indarra izango du botere publiko guztientzat eta efektu betekoa izango da guztien aurrean.

75 ter artikulua

1. Gatazkok planteatzeko legitimaturik daude:

a) Legearen xedeko bakar den udalerria edo probintzia.

b) Udalerri multzo bat, gutxienez lege-mailako xedapenaren aplikazio-eremuko lurraldean diren udalerrien zazpirenak osatua, eta gutxienez lurralde-eremu horretako biztanleria ofizialaren seirena hartzen duena.

c) Probintzia multzo bat, gutxienez lege-mailako xedapenaren aplikazioeremuko lurraldean diren probintzien erdiek osatua, eta gutxienez biztanleria ofizialaren erdia hartzen duena.

2. Toki-autonomiaren defentsako gatazkak izapidetzen hasteko, tokikorporazioen osoko bilkurak hartu beharko du erabakia, legezko korporaziokidekopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin.

3. Aurreko zenbakian ezarritako betekizuna betetakoan, eta gatazka formalizatu aurretik, Estatu Kontseiluaren irizpena eskatu beharko da, nahitaezkoa baina ez lotura-indarrekoa, toki-korporazioen lurralde-eremua autonomia-erkidego bati baino gehiagori badagokio, edo dagokion autonomia-erkidegoaren kontsulta- organoarena, toki-korporazioen lurralde-eremua autonomia-erkidego bati badagokio. Kontsulta-organorik ez duten autonomia-erkidegoetan, Estatu Kontseiluari dagokio irizpena.

4. Toki-entitateen elkarteek laguntza eman ahal izango diete toki-entitate legitimatuei, errazago bete ditzaten gatazka hau izapidetzeko prozeduran ezarritako betekizunak.

75 quater artikulua

1. Aurreko artikuluan aipaturiko irizpenak eskatzeko, hiru hilabete izango dira, toki-autonomia urratzen duela jotzen den legearen argitaratze-egunetik hasita.

2. Estatu Kontseiluaren edo dagokion autonomia-erkidegoaren kontsultaorganoaren irizpena jaso ondorengo hilabetean, udalerri edo probintzia legitimatuek gatazka planteatu ahal izango dute Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Horretarako, aurreko artikuluan galdaturiko betekizunak bete direla egiaztatu beharko dute, eta gatazka planteatzeko oinarri juridikoak alegatu.

75 quinquies artikulua

1. Gatazka planteatu eta gero, Auzitegiak, auto ziodun baten bidez, hura ez onartzea erabaki ahal izango du, legitimazioa edo beste betekizun galdagarri eta ezin zuzenduzko batzuk falta direnean, edo sorturiko eztabaida nabarmenki oinarririk gabea denean.

2. Gatazka izapidetzeko onartutakoan, Auzitegiak, hamar egunen buruan, legea eman duen autonomia-erkidegoaren legegintza-organoari eta organo exekutiboari helaraziko die hura, eta kasu guztietan Estatuaren legegintza-organoari eta organo exekutiboari. Hogei egunen epea izango da pertsonatzeko eta alegazioak egiteko.

3. Auzitegiak berak jakinaraziko die interesdunei Gobernuak abiarazitako gatazka planteatu dela, eta dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko du.

4. Auzitegiak bere erabakia hartzeko beharrezko jotzen dituen informazio, argitasun edo zehaztapenak eskatu ahal izango dizkie alderdiei, eta alegazioepea amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan ebatziko du, edo, beste epe bat jarri bada lehen aipaturiko informazio, argitasun edo zehaztapenetarako, hura amaitu eta hurrengo hamabost egunen barruan.

5. Konstituzioak bermaturiko toki-autonomia urratu den ala ez deklaratuko du epaiak, eta, dagokionaren arabera, eskumen eztabaidatuaren titulartasuna edo eskudantzia zeinek duen zehaztuko; toki-autonomia urratuz sorturiko egitatezko edo zuzenbidezko egoerei buruz, dagokiona ebatziko du epaiak.

6. Gatazkarako bide eman duen legearen konstituziokontrakotasuna beste epai baten bidez deklaratu beharko da, baldin eta osoko bilkurak arazoa planteatzea erabakitzen badu, toki-autonomia urratu dela deklaratuz gatazka ebatzi ondoren. Lege honen 37. artikuluan eta harekin komunztadura dutenetan ezarritako prozedurari jarraituz bideratuko da arazoa, eta 38. artikuluan eta ondorengoetan aurreikusitako efektu arruntak izango ditu.

V. TITULUA AUTONOMIA-ERKIDEGOEN LEGE-INDARRIK GABEKO XEDAPENEN ETA EBAZPENEN AURKARAPENA, KONSTITUZIOAREN 161.2 ARTIKULUAN AURREIKUSIA

76. artikulua

Autonomia-erkidegoen edozein organok emandako lege-indarrik gabeko arau-xedapenak eta ebazpenak aurkaratu ahal izango ditu Gobernuak Konstituzio Auzitegiaren aurrean, argitaratzen diren egunaren ondorengo bi hilabeteen barruan edo, argitaratu ezean, Gobernuak haien berri jakiten duenetik aurrerako bi hilabeteen barruan.

77. artikulua

Lege honen 62. artikulutik 67.era bitartekoetan aurreikusitako prozeduraren bidez jarriko eta bideratuko da titulu honetan arauturiko aurkarapena, edozein zio duela ere oinarri. Aurkarapena jarri eta Auzitegiak komunikatutakoan, aurkaraturiko xedapena edo ebazpena geldieran utziko da, harik eta Auzitegiak, gehienera ere bost hilabeteren epean, geldiera berrestea edo kentzea ebazten duen arte, aurretik epaia eman ez badu.

VI. TITULUA NAZIOARTEKO TRATATUEN KONSTITUZIONALTASUNARI BURUZKO DEKLARAZIOA

78. artikulua

1. Konstituzioaren eta nazioarteko tratatu baten xedapenen artean kontraesanik dagoen edo ez erabakitzeko errekerimendua egin ahal izango diote Gobernuak edo bi Ganberetako edozeinek Konstituzio Auzitegiari, tratatuaren testua behin betiko finkaturik baina Estatuaren adostasunik jaso gabe dagoen bitartean.

2. Errekerimendua jaso eta gero, eskatzailea eta gainerako organo legitimatuak epatuko ditu Konstituzio Auzitegiak, aurreko zenbakian aurreikusitakoaren arabera, gaiaren inguruan duten iritzi funtsatua adieraz dezaten hilabeteren epean. Epe hori igaro ondorengo hilabetearen barruan, hurrengo zenbakian xedaturiko kasua salbu, Konstituzio Auzitegiak bere deklarazioa emango du, eta deklarazio hori, Konstituzioaren 95. artikuluan ezarritakoaren arabera, loturaindarrekoa izango da.

3. Konstituzio Auzitegiak, edozein unetan, beharrezko jotzen dituen argitasun, informazio osagarri edo zehaztapen guztiak eskatu ahal izango dizkie aurreko zenbakian aipaturiko organoei edo beste pertsona fisiko edo juridiko batzuei edo Estatuaren edo autonomia-erkidegoen beste organo batzuei. Halakoetan, luzatu egingo du lehen aipaturiko hilabeteren epea, kontsultei erantzuteko emandako denbora erantsita: hogeita hamar egun, gehienez ere.

79. artikulua

1985eko ekainaren 7ko 4/1985 Lege Organikoak derogatua.

VII. TITULUA PROZEDURARI BURUZKO XEDAPEN ERKIDEAK

80. artikulua

Botere Judizialaren Lege Organikoaren eta Prozedura Zibilaren Legearen manuak aplikatuko dira, lege honen ordeztaile gisa, gai hauei dagokienez: epaiketan agertzea, errekusazioa eta abstentzioa, egintzen publikotasuna eta forma, komunikazioak eta jurisdikzio-laguntzazko egintzak, egun eta ordu baliodunak, epe-zenbaketa, deliberatzea eta bozketa, iraungitzea, uko egitea eta utziestea, hizkuntza ofiziala eta auzi-gelako polizia.

81. artikulua

1. Konstituzio-prozesuetan demandatzaile edo laguntzaile gisa agertzeko interes legitimoa duten pertsona fisiko edo juridikoek prokuradore bati eman beharko diote ordezkaritza, eta abokatuaren zuzendaritzapean jardun. Zuzenbideko lizentziadun titulua duten pertsonak, nahiz prokuradore- edo abokatulanbidean ez jardun, beren kabuz agertu ahal izango dira beren eskubide edo interesen defentsan.

2. Konstituzio Auzitegiaren aurrean abokatu gisa jardun ahal izateko, beharrezko izango da Espainiako abokatuen elkargoetariko batean jardule gisa sarturik egotea.

3. Konstituzio Auzitegiaren aurrean abokatu gisa jarduteko ezgaiturik egongo dira Konstituzio Auzitegiko magistratu edo letradu izandakoak.

82. artikulua

1. Konstituzioaren eta lege honen arabera konstituzio-prozesuak abiarazteko legitimazioa duten organoek edo diputatu edo senatariek, prozesuotan jarduteko, ordezkaritza emango diote berek aukeraturiko kideari edo kideei edo horretarako izendaturiko komisiodun bati.

2. Organo exekutiboak, nola Estatukoak hala autonomia-erkidegoetakoak, beren abokatuek ordezkatuko eta defendatuko dituzte. Estatuko organo exekutiboen izenean, Estatuaren Abokatuak jardungo du.

83. artikulua

Auzitegiak, alderdi-eskariz edo ofizioz, eta konstituzio-prozesuan agerturikoei aurrez entzuera emanik, prozesuak metatzea erabaki ahal izango du edozein unetan, baldin eta batera izapidetzea eta erabakitzea justifikatzen duten objektu konexiodunak badituzte prozesuok. Entzunaldia hamar egunen epean egingo da, gehienez ere.

84. artikulua

Alegatuez beste ziorik baldin bada konstituzio-uzia onartzea edo ez onartzea eta, hala badagokio, baiestea edo ezestea erabakitzeko garrantzia duenik, konstituzio-prozesuan agerturikoei komunikatu ahal izango die Auzitegiak hori, erabakia hartu baino lehenagoko edozein unetan. Horretarako entzunaldia erkidea izango da, gehienez ere hamar egunekoa; bitarte horretan, geldieran utziko da ebazpena emateko epea.

85. artikulua

1. Idazki funtsatu batez eman beharko zaie hasiera konstituzio-prozesuei, zer eskatzen den zehatz eta garbi adierazirik idazkian.

2. Prozesu-hasieraren idazkiak Konstituzio Auzitegiaren egoitzan aurkeztuko dira legez ezarritako epean. Babes-errekurtsoen kasuan, epea amaitzen den egunaren hurrengo egun balioduneko 15:00ak arte izango da aurkezteko aukera, Konstituzio Auzitegiaren erregistroan edo edozein herritako auzitegi zibilen erregistro nagusiko bulegoan edo zerbitzuan, Prozedura Zibilaren 2000ko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 135.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horretarako zeinahi baliabide tekniko, elektroniko, informatiko edo telematiko erabiltzeko baldintzak erregelamenduz zehaztuko ditu Auzitegiak.

3. Osoko bilkurak edo salek ahozko ikustaldia egitea erabaki ahal izango dute.

86. artikulua

1. Konstituzio-prozesuaren erabakia epai moduan emango da.

Auto moduan emango dira, ordea, hasierako ez-onartze erabakiak, utziespen-erabakiak eta iraungitzeari buruzkoak, non eta lege honek beste modu bat xedatzen ez duen espresuki. Gainerako ebazpenak auto moduan emango dira, ziodunak badira, edo probidentzia moduan, ziodunak ez badira, edukiaren arabera.

2. VI. tituluan adierazitako epaiak eta deklarazioak «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuko dira epaitza-egunaren hurrengo 30 egunen barruan. Auzitegiak bere autoak ere modu berean argitaratzeko agindu ahal izango du egoki irizten dionean.

3. Aurreko zenbakian xedaturikoaren kalterik gabe, epaiak eta gainerako ebazpenak beste bide batzuetatik argitaratzea erabaki ahal izango du Auzitegiak eta, hala badagokio, Konstituzioaren 18.4 artikuluan aitorturiko eskubideak babesteko egoki jotzen dituen neurriak hartuko.

87. artikulua

1. Botere publiko guztiak beharturik daude Konstituzio Auzitegiak ebazten duena betetzera.

2. Epaitegi eta auzitegiek lehentasunez eta presaz emango diote Konstituzio Auzitegiari hark eskaturiko jurisdikzio-laguntza.

88. artikulua

1. Konstituzio-prozesuaren sorburu izandako xedapen edo egintzari buruzko espedientea eta txosten eta agiriak bidaltzeko eskatu ahal izango die Konstituzio Auzitegiak botere publikoei eta edozein administrazio publikoren organoei. Errekurtsoa ordurako onartua bada, Auzitegiak epe bat emango du alderdiek espedientea, informazioa edo agiriak ezagutu ahal izan ditzaten, eskubidez komeni zaiena alegatzeko.

2. Auzitegiak neurriak hartuko ditu behar bezala gorde dadin dokumentazio jakin bati legez ezarritako isilpea eta orobat jarduketa batzuetarako Auzitegiak berak erabaki ziodunez ezarritakoa.

89. artikulua

1. Auzitegiak, ofizioz edo alderdi-eskariz, froga egitea erabaki ahal izango du beharrezko irizten dionean, eta berak erabakiko du noiz eta nola; hogeita hamar egunen barruan, betiere.

2. Auzitegiak zitaturiko lekuko batek goragoko baimena behar badu agertzeko, eta eskudun den agintariak baimen hori ukatzen badio, ukoaren arrazoiak azaldu beharko dizkio agintari horrek Auzitegiari. Azalpena entzun ondoren, behin betiko ebazpena emango du Auzitegiak.

90. artikulua

1. Lege honek beste betekizun batzuk ezartzen dituen kasuetan izan ezik, deliberatze-saioetan parte hartzen duten kideen gehiengoz hartuko ditu erabakiak osoko bilkurak, salak edo atalak. Berdinketa gertatuz gero, presidentearen botoak erabakiko du.

2. Auzitegiko presidenteak eta magistratuek boto partikularrez adierazi ahal izango dute bat ez datozelako iritzia, betiere deliberatze-saioan aldezturiko iritzia bada, hala erabakiari nola hura funtsatzeko arrazoiei dagokienez. Boto partikularrak ebazpenari erantsiko zaizkio eta, epai, auto edo deklarazioen kasuan, haiekin batera argitaratuko dira «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean.

91. artikulua

Auzitegiak esku izango du bere aurrean abiarazitako prozedura geldieran uzteko, ordena penaleko epaitegi edo auzitegi batean ebazkizun dagoen prozesu bat ebatzi arte.

92. artikulua

Epaia nork exekutatu behar duen xedatu ahal izango du Auzitegiak epaian bertan, edo ebazpenean, edo ondorengo egintzetan, eta, hala badagokio, exekuzioko intzidenteak ebatzi.

Halaber, bere jurisdikzioan diharduelarik emandako ebazpenak urratzen dituzten ebazpen guztiak deusez deklaratu ahal izango ditu, bere ebazpenak exekutatzeko unean, aurrez entzuera emanik Fiskaltzari eta eman zituen organoari.

93. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiaren epaien aurka ezin jarriko da errekurtsorik, baina, epaia jakinarazi eta bi egunen epean, haren gaineko argitasunak eskatu ahal izango dituzte alderdiek.

2. Konstituzio Auzitegiak emandako probidentzien eta autoen aurka erregu- errekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da, hala badagokio, eta betiere geldiera- efekturik gabekoa.

Hiru egun izango dira errekurtsoa jartzeko, eta, beste hiru egunen epean alderdiei entzuera erkidea emanik, hurrengo bietan ebatziko da.

94. artikulua

Auzitegiak, alderdi-eskariz edo ofizioz, prozeduran sorturiko akatsak zuzendu edo baliozkotu beharko ditu epaia eman baino lehen.

95. artikulua

1. Doan izango da Konstituzio Auzitegiko prozedura.

2. Oinarririk gabeko jarrerei eutsi dien alderdiari edo alderdiei ezarri ahal izango dizkie Auzitegiak prozesua izapidetzearen kostuak, ausarkeria edo fede gaiztoa hautematen badu.

3. Auzitegiak 600 eurotik 3.000 eurora bitarteko diru-zehapena ezarri ahal izango dio konstituziokontrakotasun-errekurtsoak edo babes-errekurtsoak ausarkeriaz edo eskubide-abusuz jartzen dituenari.

4. Auzitegiak 600 eurotik 3.000 eurora bitarteko hertsapen-isunak jarri ahal izango dizkio berak ezarritako epean errekerimenduak bete ez dituen edozein pertsonari, dela botere publikoa duena edo gabea, eta berriro jarri ahal izango ditu isunok harik eta interesdunek bete beharreko guztia bete arte, izan daitekeen beste edozein erantzukizunen kalterik gabe.

5. Zehapen edo isun horien zenbatekoen mugak lege arruntaren bidez berrikusi ahal izango dira, edozein unetan.

VIII. TITULUA KONSTITUZIO AUZITEGIAREN ZERBITZUKO PERTSONALA

96. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiaren zerbitzuko funtzionario dira:

a) Idazkari nagusia.

b) Letraduak.

c) Justizia-idazkariak.

d) Konstituzio Auzitegiari atxikiriko gainerako funtzionarioak.

2. Pertsonal horri dagokionez, lege honetan eta lege hau garatzeko emandako erregelamenduan ezarritakoak agintzen du, eta, ordeztaile gisa, aplikatzekoa denean, Justizia Administrazioaren zerbitzuko pertsonalarentzat indarrean dagoen legeriak.

3. Artikulu honetan zerrendaturiko karguak eta funtzioak bateraezinak dira beste edozein funtzio, destino edo kargurekin, eta orobat lan profesionalean jardutearekin eta industria-, merkataritza- edo lanbide-jardueretan parte hartzearekin, nahiz izan kontsulta- edo aholkularitza-jarduerak. Karguok betetzen dituztenek, hala ere, Auzitegiaren iritziz beraren zerbitzu onenarekin bateraezinak ez diren irakaskuntza- eta ikerketa-funtzioetan jardun ahal izango dute.

97. artikulua

1. Letraduen laguntza izango du Konstituzio Auzitegiak; oposizio-lehiaketa bidez aukeratu ahal izango dira letraduok, zuzenbidean lizentziadun izanik A taldeko kidego edo mailara iritsi diren funtzionario publikoen artetik, Auzitegiaren erregelamenduak ezarritakoaren arabera, edo Auzitegiak berak libreki izendatu ahal izango ditu aldi baterako atxikipenez, erregelamenduak ezarritako baldintzetan, abokatu, unibertsitateko irakasle, magistratu, fiskal edo zuzenbidean lizentziadun izanik A taldeko kidego edo mailara iritsi diren funtzionario publikoen artetik.

Izendaturikoak zerbitzu berezien egoeran geratuko dira beren jatorriko karreretan, Konstituzio Auzitegiaren zerbitzura dauden denbora guztian.

2. Letraduek, beren funtzioetan jarduteari utzi eta hurrengo hiru urteetan, 81.3 artikuluan aipaturiko bateraezintasuna izango dute.

98. artikulua

Konstituzio Auzitegiak idazkari nagusi bat izango du, letraduen artetik osoko bilkurak aukeratua eta presidenteak izendatua; idazkari nagusia letraduen buruzagi izango da, presidenteari, Auzitegiari eta salei dagozkien ahalmenen kalterik gabe.

99. artikulua

1. Idazkari nagusiari dagokio, orobat, presidentearen agintearen eta aginduen pean:

a) Auzitegiko zerbitzuak zuzentzea eta koordinatzea eta haren pertsonalaren buru izatea.

b) Auzitegiaren konstituzio-doktrina biltzea, sailkatzea eta argitaratzea.

c) Aurrekontua prestatu, gauzatu eta likidatzea, pertsonal teknikoak lagundurik.

d) Auzitegiaren erregelamenduak esleitzen dizkion gainerako funtzioak.

2. Auzitegiaren berariazko arauetan aurreikusi ahal izango da presidenteak idazkari nagusiari administrazio-ahalmenak zein kasutan eskuordetu. Orobat aurreikusi ahal izango da idazkari nagusiari dagozkion ahalmenen eskuordetzea.

3. Idazkari nagusiak emandako ebazpenen aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal izango da presidentearen aurrean, eta presidentearen erabakiak agortuko du administrazio-bidea. Erabaki horri administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango zaio gero.

100. artikulua

Auzitegiaren plantillak erabakitzen duen adina justizia-idazkari izango ditu Auzitegiak. Justizia-idazkariak idazkari judizialen kidegokoak izango dira, eta Auzitegi Gorenean plaza izan dezaketenen artean merezimendu-lehiaketa eginez beteko dira plaza hutsak.

101. artikulua

Justizia-idazkariek fede publiko judiziala emango dute Auzitegian edo saletan, eta, berak atxikirik dauden Auzitegiari edo salari dagokienez, epaitegi eta auzitegietako legeria organikoak eta prozesalak idazkariei esleitzen dizkieten funtzioak beteko dituzte.

102. artikulua

Bere erregelamenduak ezartzen dituen baldintzetan atxikiko ditu Konstituzio Auzitegiak bere zerbitzura Justizia Administrazioko pertsonala eta gainerako funtzionarioak.

Lan-kontratupean ere hartu ahal izango du pertsonala, Konstituzio Auzitegiaren eskudantzietan parte-hartze zuzen edo zeharkakorik eskatzen ez duten postuetarako, lanbideei, izaera instrumentaleko laguntzaileei edo laguntzaile administratiboei dagozkien funtzioak betetzeko denean.

Lan-kontratudun pertsonal hori kontratatzeko, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen araberako hautaketa-prozesuak erabiliko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena

1. Lege hau indarrean sartzen den egunetik hasi eta hurrengo hiru hilabeteen barruan, Konstituzio Auzitegiko magistratuen izendapen-proposamenak Erregeari igorriko dizkiote Diputatuen Kongresuak, Senatuak, Gobernuak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Epe hori eten egingo da Ganberentzat batzar-garaien arteko denboran.

2. Azken izendapenak argitaratu diren egunaren hurrengo hamabost egunen barruan eratuko da Auzitegia, baldin eta proposamen guztiak batzar-garai berean igorri badira. Bestela, lehen zortzi izendapenak egin diren batzar-garaia amaitu ondorengo hamabost egunen barruan eratu eta hasiko da Auzitegia bere eskumenak baliatzen, edozein dela ere lege honen bosgarren artikuluan aurreikusitako magistratu guztiak ez izendatzeko dagoen arrazoia.

3. Lehenengo oposizio-lehiaketan, Auzitegiaren osoko bilkurak izendatu duen eta Auzitegiko presidentea buru duen Auzitegiaren beraren batzorde batek aukeratuko ditu Konstituzio Auzitegiko letraduak.

Bigarrena

1. Aurreko xedapen iragankorraren arabera Auzitegia eraturik geratzen den egunetik hasiko dira kontatzen konstituziokontrakotasun- edo babeserrekurtsoa jartzeko edo konstituzio-gatazka abiarazteko lege honetan aurreikusitako epeak, data hura baino lehenagokoak badira errekurtsoa edo gatazka sortu duten lege, xedapen, ebazpen edo egintzak, eta agortu gabe badituzte efektuak.

2. Konstituzioaren 53.2 artikuluan oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko prozedura judiziala eratzeko aurreikuspenak garatzen ez diren bitartean, ulertuko da babes-errekurtsoa jarri aurretiko bide judiziala izango dela administrazioarekiko auzien bide arrunta, edo 1978ko abenduaren 26ko oinarrizko eskubideen jurisdikzio-babesari buruzko 62/1978 Legearen bigarren Atalean eraturikoa, lege horren eremua lehen adierazitako Konstituzioaren 53.2 artikuluan aipaturiko eskubide eta askatasun guztietara zabaltzen dela ulertzen baita horretarako.

Hirugarrena

1. Konstituzio Auzitegiko magistratuen lehen izendapena egin zenetik hiru edo sei urte —kasuaren arabera— betetzen diren dataren aurreko laugarren hilabetearen barruan egingo dira Konstituzioaren bederatzigarren xedapen iragankorrean aipaturiko zozketak.

2. Lege honen 16.2 artikuluan ezarritako mugapena ez zaie aplikatuko izendatuak izan eta, Konstituzioaren bederatzigarren xedapen iragankorraren arabera, hiru urtera karguak uzten dituzten Auzitegiko magistratuei.

Laugarrena

Gobernuak bideratuko ditu Konstituzio Auzitegiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren kredituak, harik eta Auzitegiak bere aurrekontua izan arte.

Bosgarrena

Nafarroaren kasuan, non eta ez duen baliatzen Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorraren arabera Euskal Kontseilu Nagusian edo hura ordezkatzen duen euskal autonomia-erregimenean sartzeko eskubidea, Nafarroako Foru Diputazioak eta Parlamentuak izango dute legitimazioa 2.1.c) artikuluan aurreikusitako gatazkak abiarazteko eta 32. artikuluak autonomia-erkidegoen organoei ematen dien konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

1. Gehienez ere 16 letradu aukeratuko dira 97.1 artikuluan aipaturiko oposizio-lehiaketa bidez.

2. Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legearen bidez baino ezin aldatu ahal izango da Konstituzio Auzitegiko pertsonalaren plantilla.

Bigarrena

1. Auzitegiaren aurrekontua Auzitegiak berak egingo du, eta atal moduan agertuko da Estatuaren Aurrekontu Orokorren barruan.

2. Idazkari nagusiak prestatu, gauzatu eta likidatuko du aurrekontua, pertsonal teknikoak lagundurik.

Hirugarrena

1. Lege honek probintzia dioen lekuan uharte dioela ulertuko da Balear Uharteetako eta Kanariar Uharteetako autonomia-erkidegoetan.

2. Autonomia-erkidegoko lege eta lege-mailako arau-xedapenei dagokienez, legitimaturik egongo dira, 75 ter bat artikuluaren arabera legitimaturik dauden subjektuez gain, Kanarietako hiru kabildo ere, eta Balear Uharteen kasuan, bi uharte-kontseilu, nahiz eta, bi kasuetan, aipaturiko artikuluan galdatzen den biztanleen ehunekoa iritsi ez.

Laugarrena

1. Euskal Autonomia Erkidegoaren erakundeen eta haren lurralde historikoetako erakundeen artean eskumen-gatazkarik sortzen bada, erkidegoaren autonomia-estatutuak 39. artikuluan ezarritakoak aginduko du.

2. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, 75 ter bat artikuluan aipaturiko subjektu legitimatuez gain, legitimaturik egongo dira, lege honen 75 bis artikuluan arauturiko gatazketarako, Batzar Nagusiak eta lurralde historiko bakoitzeko foru-diputazioa, legearen aplikazio-eremuak autonomia-erkidego horri zuzenean eragiten dionean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra